5/2003 Legea, abenduaren 15koa, Euskadiko Garraio Agintaritzarena
2003-12-15Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2003/12/24, 251. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.
§ 255. 5/2003
LEGEA, ABENDUAREN 15EKOA, EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZARENA
ZIOEN ADIERAZPENA
"Garraio
Jasangarriaren Gidaplana-Garraio-politika erkidea Euskadin, 2002-2012"
delakoak, Eusko Jaurlaritzak 2002ko azaroaren 19an onartutakoak, bost helburu
ditu, argi-argiak, Europako Batasunaren Garraioaren Liburu Zuriarekin bat
datozenak: 1.
Ekonomia-garapenaren eta garraio-eskaeraren hazkundearen arteko lotura etetea;
2. Irisgarritasun unibertsala eta jasangarria erdiestea; 3. Garraiobideen
arteko oreka berria sustatzea; 4. Euskadik Europan duen kokaleku estrategikoa
indartzea 5. Garraio jasangarrirako bidean aurrera egitea.
Helburu horiek lortuko badira,
jasangarritasunaren kultura sustatu behar da, eta garraioaren planifikazioa eta
antolamendua horretan zerikusia duten herri-administrazio guztien arteko
koordinazioaren bidez egin. Helburu horiek erdiestearren, estrategia eta
ekintza-ildo batzuk ezarri dira garraioaren arlorako, gure Autonomia Erkidego
honetan 10 urteko epean gauzatzeko.
Gidaplan hori garatzeko oinarrietako bat
da Garraio Agintaritza eratzea; antolamendu-, planifikazio- eta koordinazio-organoa
izango da bera, eta aipatutako gidaplan horretan ezarritako helburu eta
estrategiak gauzatzeko langintza hartuko du bere gain. Euskadiko Garraio
Agintaritza tresna ezinbestekoa izango da gidaplanak eragingo duen egoera
berria koordinatu eta koherentziaz hornitzeko; izan ere, ezarri beharreko
aldaketa horiek ezartzeko beharrezkoa da administrazio guztiek zuzen-zuzenean
parte hartzea.
Euskadiren
errealitate geografikoa zaila da: orografia gaitza du, demografia-dentsitate
handia eta administrazio-antolaketako sistema berezia, eta horrek, denboraren
joanean, hiri-sistema gune anitzekoa deritzona ekarri du -horrela deitzen diote
Lurraldearen Antolamenduko Artezpideek-; sistema horrek, mugikortasunaren
halabeharrarengatik, garraio-eskari handiko joan-etorri bizi-biziak eragiten
ditu, udalerri eta eskualde-egiturez gaindikoak, eta are lurralde historikoez
gaindikoak ere; horri, gainera, Euskadiren kokaleku geoestrategikoaren ondorio,
mugaz gaindiko joan-etorriak gehitu behar zaizkio.
Historian
zehar, garraiobide bakoitzean, era bateko eta besteko konponbideak eman izan
zaizkie kontu batzuetan eta besteetan sortu izan diren arazoei, direla
eskumenen inguruko arazoak, titulartasunaren ingurukoak, eginkizunei
dagozkienak -eskaintzak elkarren gainera pilatzea, garraioen arteko loturarik
eza- edo tarifen ingurukoak, eta komeni da horiek guztiak bateratu eta
arrazionalizatzea; batez ere, norberaren ibilgailua erabiltzeko joera goraka
doan honetan, azpiegiturak itoaraziz eta sistema jasangaitz bihurraraziz.
Garraio-sistema bateratua ezartzeko kezka
hori engoitik bazen 1975 urtean Bizkaiko Garraioen Partzuergoa Sortzeko Legea
egin zenean; lege horretan aurreikusten zenez, erakunde horrek lurreko garraioa
koordinatu zezakeen lurralde historiko guztian.
Lege horretako aurreikuspen hori
gorabehera, zail da garraio guztien antolaketa-, koordinazio- eta
planifikazio-erakunde bat eratzea, gai horretako eskumenak administrazio
askoren artean baitaude barreiatuta, eta zerbitzu publiko horren kudeaketa era
bateko eta besteko enpresen artean -publiko zein pribatu- egiten baita.
Eskua duten administrazioak eurak, horren
zailtasunaz jabetuta, hainbat urtean ahaleginetan ibili dira zerbitzua
eraginkortasun handiagoz emateko elkarren arteko estrategia bat ezarri nahian,
legediak administrazioen arteko lankidetza eta koordinaziorako eskaintzen
dituen tresnak baliatuz (tresna horiexek dira lege honen beronen oinarri).
Horrela bada, Autonomia Erkidegoko
Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen Arteko Harremanen
gaineko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 2. artikuluan ezartzen denez,
Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako
foru-erakundeen arteko harremanak lankidetza- eta elkartasun-printzipioetan
oinarrituko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren baitako era bateko eta
besteko administrazioek, nork bere eskumenak darabiltzalarik, eraginkortasun-
eta koordinazio-printzipioen arabera jokatuko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia
Estatuko 10. artikuluko 32. eta 34. paragrafoetan oinarrituta sortzen da
Euskadiko Garraio Agintaritza; izan ere, paragrafo horien arabera, Euskal
Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gai hauetan: trenbideak, lurreko
garraioa, itsasokoa, ibaietakoa eta kable bidezkoa, portuak, heliportuak,
aireportuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Meteorologia Zerbitzua
-Konstituzioko 149.1.20.ean ezarritakoaren kalterik gabe-, garraioaren arloko
kontratazio-zentroak eta kargalekuak. Era berean, Autonomia Estatutuko 12.9
artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena
izango da salgaien eta bidaiarien garraioaren antolamenduaren arloko Estatuaren
legeria betearaztea, garraio hori Autonomia Erkidegoaren lurraldearen baitan
hasi eta amaitzen denean, nahiz eta garraio hori Konstituzioko 149. artikuluko
1. paragrafoko 21 zenbakian aipatutako Estatuaren titularitateko azpiegiturak
erabiliz egin; hala ere, horrek ez dio kalterik eragingo Estatuak beretzat
gorde dezakeen zuzeneko betearazpenari.
Bestalde,
Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru
Erakundeen arteko Harremanen gaineko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.
artikuluan ezarritakoaren arabera, foru-erakundeek eskumen esklusiboa dute bide
eta errepideen planifikazio, egitasmo, eraikuntza, artatze, aldaketa,
finantzaketa, erabilera eta ustiapenaren arloetan; eskumen hori Autonomia
Erkidegoko erakunde erkideek onartutako Errepide Plan Nagusiaren baitan
erabiliko dute, eta guztia Autonomia Estatuko 10.34 artikuluan xedatutakoaren
kalterik gabe. Horrez gain, lege horretako 10. artikuluan ezartzen denez,
Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagozkie errepideko garraiobide
mekanikoen arloko legegintza, erregelamendu bidezko garapena, goi-mailako
ikuskaritza, plangintza eta koordinazioa, eta lurralde historikoek, aldiz, lege
hura onartu zenean indarrean ziren Estatuarekiko hitzarmenen ondorioz Arabak
bere lurraldean zituen ahalmenak erabiliko dituzte beren lurraldeetan, ahalmen
berberak eta izaera berekoak.
Gai
honetan eskumena hainbat administraziok dutela eta horiek elkarren artean
koordinatu behar dutela jabetuta, hortixe sortzen da lege-mailako arau baten
beharra, haren bidez Euskal Autonomia Erkidego osorako garraio-sistema bateratu
bat eratu ahal izateko tresna eta mekanismoak sortzeari ekiteko. Lege honen
helburua da garraioaren gure antolaketa instituzionala harmonizatu eta
orekatzea. Euskadiko garraio-politikaren eraginkortasunak eta eragimenak
-beharrizanen araberakoek- eskatzen dute hori, eta Europar Batasunaren
garraioaren arloko politika erkidearen paradigmetara doitu beharrak ere bai.
Oinarri
horien gainean sortzen da Euskadiko Garraio Agintaritza, garraioaren
antolamenduaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren
aholku- eta koordinazio-organo goren gisa, Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta
Herri Lan Sailari atxikia.
Legearen I. kapituluak Euskadiko Garraio
Agintaritzaren xedea eta eremua arautzen ditu, eta herri-administrazioen arteko
lankidetza-printzipioa jasotzen du.
II.
kapituluak Euskadiko Garraio Agintaritzaren helburuak, eginkizunak, antolaketa
eta jarduteko modua arautzen ditu. Eginkizunak honela banatzen dira:
antolaketakoak, koordinaziokoak, plangintzakoak, goi-mailako ikuskaritzakoak
eta aholkularitzakoak.
III.
kapituluan zehazten denez, Euskadiko Garraio Agintaritzak, eskumena duten
instituzioen eta erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenen bitartez, garraioaren
lurralde-agintaritzak sortzea sustatuko du.
I. KAPITULUA
XEDEA ETA EREMUA
1. Artikulua - Xedea
1.- Lege honen xedea da
Euskadiko Garraio Agintaritza sortzea; agintaritza hori izango da garraioaren
antolamenduaren eta garraio-azpiegituren gaietan Euskal Autonomia Erkidegoaren
koordinazio- eta aholku-erakunde gorena, eta lege honetan esleitutako eskumenak
eta eginkizunak izango ditu, bai eta beste edozein lege- edo
erregelamendu-xedapenek eslei diezazkiokeenak ere. Garraio-sistema bateratu bat
benetan ezartzeko bidea irekitzearren eratzen da erakunde berri hau.
2.- Euskadiko Garraio
Agintaritza garraio-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita
egongo da, eta sail horrek haren eskura jarriko ditu esleituta dituen
eginkizunak betetzeko behar dituen langileak eta bitarteko materialak.
2. Artikulua - Eremua
Euskadiko
Garraio Agintaritzak arlo hauetan beteko ditu bere eginkizunak, Euskal
Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren heinean: trenbide, errepide, itsaso,
ibai eta kable bidezko garraioa; portu, heliportu eta aireportuak, eta
garraioaren jarduera lagungarri eta osagarriak, arlo honetan beste
administrazioek dituzten eskumenei kalterik egin gabe.
3. Artikulua - Herri-administrazioen
arteko lankidetzaren printzipioa
Euskadiko Garraio Agintaritzan parte hartzen duten herri-administrazioek betebehar hauek izango dituzte euren arteko harremanetan: elkarri informazioa ematea, elkarren arteko lankidetza eta koordinazioa eta elkarrenganako begirunea.
II. KAPITULUA
EUSKADIKO GARRAIO
AGINTARITZA
4. Artikulua -
Helburuak
Hauek dira Euskadiko Garraio Agintaritzaren
helburuak:
a) Zeregin hauetan lagundu behar du: garraioa antolatzeko politikak
zehazten, garraio-politika erkidea koordinatzen, era bateko eta besteko
garraiobideak planifikatzen, garraio-politikak lurralde-orekaren arabera
doitzen, eta, oro har, garapen jasangarria lortzen eta garraioaren arloko
politika erkideak gauzatzen eta betearazten.
b) Garraioaren arloan eskumena duten erakunde guztiek beren ahalmen
publikoak koordinatuki erabil ditzaten sustatzea eta erraztea; administrazioen arteko
lankidetza bere gain hartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan
garraio-politikei buruz biltzen diren interes askotarikoak batzea.
c) Zerbitzu, sare eta tarifen arteko koordinazioa sustatu eta
laguntzea, eta erabiltzailearen eskura eskaintza hobea jartzea, azken xedea
garraio kolektiboaren erabilera indartu eta eragitea izanik.
d) Garraio sare bakar eta osoa sustatzea.
e) Garraio arrazionalago eta eraginkorragoa erdiets dadin saiatzea,
garapen jasangarriaren gizarte, ingurumen, eta ekonomiaren alderdiak aintzat
hartu eta erabat bateratuta.
f) Baliabide publiko eta pribatuak ahalik eta ondoen erabiltzea,
era bateko eta besteko garraiobideak elkarren artean lotzeko gaitasuna
indartzearren eta Europako garraio-sisteman sartzearren.
5. Artikulua -
Eginkizunak
1.- Euskadiko Garraio
Agintaritzak eginkizun hauek izango ditu:
1.1. Antolatzekoak.
a) Garraioa antolatzeko politikaren irizpide oinarrizkoak lantzea,
Autonomia Estatutuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoaren arabera.
b) Garraioren antolamenduaren arloan arauak egin edo aldatzeko
proposamenak egitea.
1.2. Plangintzakoak.
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garraio-zerbitzu eta
-azpiegituren plangintza koordinatua egiten laguntzea.
b) Autonomia Erkidegoaz gaindiko eta mugaz gaindiko garraioaren
plangintzan laguntzea esparru horietako agintariekin batera.
1.3. Koordinaziokoak.
a) Beharrezko diren neurriak proposatzea garraioaren arloan eragina
duten lurralde-plangintzako ekintzak koordinatzeko nahiz Jaurlaritzako sailek
eta garraioaren arloan eskumena duten administrazioek ekintza horiek gauza
ditzaten.
b) Garraioaz besteko gai batzuetan eskumenak dituzten organismo eta
erakundeekin koordinatzeko mekanismoak proposatzea garraioaren arloan eragin
dezaketen ekinbideak gauzatzen dituztenerako.
c) Garraioari eragiten dioten jardueretan ari diren zernahi gisatako
erakundeekiko lankidetza proposatzea akordio, hitzarmen eta programa-kontratuen
bitartez; orobat beste herri-administrazio batzuekin, Garraio Agintaritzaren
eginkizun-eremuari dagozkion gaien inguruan.
d) Garraioaren lurralde-agintaritzei -eratutakoan- beren lurralde
historikoetako edo jardute-eremuetako garraioaren egoerari buruzko informazioa
eskatzea.
e) Garraio-zerbitzu publikoen gaineko informazioa sustatzea.
f) Urtero txosten bat ematea Euskal Autonomia Erkidegoko garraioaren
egoeraren gainean.
1.4. Goi-mailako ikuskaritzakoak.
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren baitako goi-mailako
ikuskaritza-eginkizunak bateratzea bermatzeko oinarrizko irizpideak
proposatzea.
b) Ikuskaritzako urteroko planetarako irizpideak ezartzea
ikuskaritzaren arloan eskumena duten erakundeekin koordinatuta.
c) Ikuskaritzako ekinaldi orokor eta zehatzak egitea proposatzea.
1.5. Kontsultakoak.
Gai hauen inguruko txostenak
ematea dagokio Euskadiko Garraio Agintaritzari:
a) Errepide-planen gaineko txostenak egitea, hala plan orokorren
gainekoak nola lurraldearen arloko planen gainekoak.
b) Trenbide, portu, aireportu, heliportu, gune logistiko eta askotariko
garraiobideen guneen gaineko lurraldearen arloko planen gainean txostenak
egitea.
c) Eratzen diren Garraioaren lurralde-agintaritzen estatutuen gaineko
txostenak egitea.
d) Lurralde-antolamenduko tresnen gainean txostenak egitea, garraioan
eragina izan dezaketen alderdiei buruz.
e) Zerbitzuak ustiatzeko administrazio-emakiden esleipen, aldaketa edo
amaitzeei buruzko espedienteen gainean txostenak egitea, baldin eta zerbitzu
horiek lurralde historiko batean baino gehiagotan badute eragina edo beste
garraio-modu batzuek ematen dituztenekin bat badatoz.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta garraioen
arloan garrantzi berezia duten beste administrazio batzuen arteko
lankidetzarako proposamen eta akordioen gainean txostenak egitea.
g) Indarrean dagoen legeriaren arabera aginduzkoak diren txostenak
egitea, eta, bereziki, Lurreko Garraioen Antolamenduaren gaineko Legeak eta
hura garatzeko arauek Lurreko Garraioen Estatuko Kontseiluari esleitzen
dizkioten eginkizunak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion
eskumenetan.
2.- Horiez gain,
Euskadiko Garraio Agintaritzak lege- edo erregelamendu-xedapenen bidez berari
esleitutako beste edozein eginkizun beteko du.
6. Artikulua - Txostenak
1.- Garraio
Agintaritzak gehienez hiru hilabeteko epea izango du, eskabidea jasotzen
duenetik kontatzen hasita, lege honen arabera ematea dagozkion txostenak
emateko.
2.- Aurreko
artikuluko 1.5 paragrafoan aipatutako txostenak aginduzkoak dira.
7. Artikulua - Euskadiko Garraio
Agintaritzaren antolamenduaz
1.- Euskadiko Garraio
Agintaritza Osoko Bilkuraren, atalen eta txosten-batzordeen bidez jardun ahal
izango da.
2.- Osoko Bilkura
hiru hilabeterik behin bilduko da gutxienez, aldez aurretik Osoko Bilkurako buruak
deituta edo Osoko Bilkurako kideen laurdenek eskatuta.
8. Artikulua - Osoko Bilkuraren
osaera
1.- Euskadiko Garraio
Agintaritzaren Osoko Bilkura honela osatuko da:
- Burua: Garraio eta Herri Lan sailburua.
- Buruordea: Garraio eta Herri Lan sailburuordea.
- Kideak:
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren 8 ordezkari.
- Foru-aldundien 6 ordezkari:
- Arabako Foru Aldundiaren 2 ordezkari.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren 2 ordezkari.
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2 ordezkari.
- Udalen 4 ordezkari:
- Bilboko Udalaren ordezkari 1.
- Donostiako Udalaren ordezkari
1.
- Gasteizko Udalaren ordezkari 1.
- Euskal Autonomia Erkidegoko udal gehien ordezkatzen dituen udalen
elkarteak aukeraturiko ordezkari 1.
2.- Buruak beste pertsona
batzuk edo beste erakunde batzuetako ordezkariak gonbidatu ahal izango ditu
Agintaritzaren osoko bilkuretara etor daitezen, hitzarekin eta botorik gabe
parte hartzera, aztertu beharreko gaiaren inguruan jakintza handia dutelako edo
gai horretan nabarmendu egiten direlako.
3.- Euskadiko Garraio
Agintaritzaren Osoko Bilkurak idazkari bat izango du, eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorreko kideetako batek beteko du kargu hori.
9. Artikulua - Idazkaritza Teknikoa
1.- Euskadiko Garraio
Agintaritzaren Idazkaritza Teknikoa Garraio eta Herri Lan Sailean gai horren
inguruko eskumena duen zuzendaritzari dagokio.
2.- Idazkaritza horri
dagokio gaiak prestatzea eta, hala behar balitz, lege honetako 5. artikuluan
aipatutako txosten-proposamenak egitea, non eta eginkizun hori ez den berariaz
txosten-batzorde baten edo beste organo baten gain utzi, gaiaren berezitasuna
dela-eta.
10. Artikulua
- Osoko Bilkuraren eginkizunak
Osoko Bilkurari dagokio:
a) Euskadiko Garraio Agintaritzari esleitutako eginkizunak
garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzea.
b) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez esleitzen zaizkion
gainerako eskumenak.
11. Artikulua - Osoko Bilkurako
buruaren eginkizunak
1.- Osoko Bilkurako buruari dagokio:
a) Euskadiko Garraio Agintaritzaren ordezkari izatea.
b) Osoko bilkuretarako deialdia egitea, bilkuretan buru izatea eta
gai-zerrenda ezartzea; baita kide anitzeko organo bateko buruari dagozkion
eginkizunak betetzea ere, hala nola bozetan berdinketa gertatzen bada
kalitateko bozarekin ebaztea.
c) Garraioaren lurralde-agintaritzekiko harremanak zuzentzea, bai
eta, Garraio Agintaritzaren eginkizunen eremuko gaietan, herri-administrazioetako
organo betearazleekiko harremanak ere.
d) Garraio Agintaritzaren administrazio-jarduera eta jarduera
teknikoa zuzendu eta gainbegiratzea.
e) Osoko Bilkurari Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolaketaren eta
jarduteko moduaren erregelamendua proposatzea, onar dezan.
f) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez esleitzen zaizkion
gainerako eskumenak.
2.- Burua ez
dagoenean, buruordeak beteko ditu haren eginkizunak.
12. Artikulua - Jarduteko modua
1.- Euskadiko Garraio
Agintaritzak erregelamendu bat landu eta onartuko du bere antolaketaren eta
jarduteko moduaren araubidea ezartzeko, eta Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratuko da.
2.- Osoko bilkuran
eztabaidak egin eta erabakiak hartzeko, hauek egon beharko dute bertan: buruak
edo haren ordezkoak, Osoko Bilkurako kideen erdiek eta idazkariak edo haren
ordezkoak.
3.- Bertaratutakoen
botoen erabateko gehiengoa beharko da erabakiak hartzeko.
13. Artikulua - Atalak eta
txosten-batzordeak
Osoko Bilkurak egoki deritzen atalak eta
txosten-batzordeak sortu ahal izango ditu, Euskadiko Garraio Agintaritzak
eraginkortasunez jardun dezan.
III. KAPITULUA
GARRAIOAREN LURRALDE
AGINTARITZAK
14. Artikulua - Garraioaren
lurralde-agintaritzak sortzea
Euskadiko
Garraio Agintaritzak, bere ekimenez edo interesa duten foru- eta
toki-erakundeek eskatuta, garraioaren lurralde-agintaritzak sortzea sustatuko
du, eskumena duten erakunde eta entitateen artean lankidetza-hitzarmenak
eginez; garraioaren lurralde-agintaritza horiek kasuan kasuko erabide juridikoa
izango dute.
15. Artikulua - Garraioaren
lurralde-agintaritzen araubidea
Garraioaren
lurralde-agintaritzen izaera, helburuak, eginkizunak, egitura, antolaketa eta
finantzaketa haien sorrera-agirian egongo dira ezarrita.
16. Artikulua - Jarduteko irizpideak
Garraioaren
lurralde-agintaritzek Euskadiko Garraio Agintaritzak emandako oinarrizko
irizpideen arabera beteko dituzte euren eginkizunak.
XEDAPEN
INDARGABETZAILEA
Indargabe geratzen da lege honetan
xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko xedapen oro.
AZKEN
XEDAPENAK
Baimena
ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari lege hau garatu eta ezartzeko
beharrezko diren xedapenak eman ditzan.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarra izaten.