5/1998 Legea, martxoaren 6koa, lurraren araubide eta hiri antolaketaren arloko presako neurriak zehazteari buruzkoa.
1998-03-06Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/3/30, 60. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.
Indargabetua: 2006-09-20
§
211. 5/1998 LEGEA, MARTXOAREN 6KOA, LURRAREN ARAUBIDE ETA HIRI ANTOLAKETAREN ARLOKO
PRESAKO NEURRIAK ZEHAZTEARI BURUZKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Auzitegi Konstituzionalaren 61/1997
Epaiaren bidez, Lurraren Araubide eta Hiri Antolaketari buruzko Legearen
Bateratutako Testua Onesten duen ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege
Dekretuaren hainbat atal baliogabetu direnez, beharrezko egin da hirigintza
arloan aginpidedun diren administrazioen egintzek segurtasun juridikoa izan
dezaten beharrezko den arautzeari lehenbailehen ekitea, eta beste gai zehatz
batzuk ere arautzea, gaur egun duten arautegia dela eta gatazka sortzen
baitute. Ataletako testuaren koherentzia dela-eta, errepikatu egin dira Lurrari
buruzko 1992ko Legearen Bateratutako Testuan indarrean dauden zenbait atal.
Lege honek, Hirigintza Ekintzak Sortutako
Gainbalioetan Elkarteak izan behar duen Partaidetza Zehazten duen apirilaren
25eko 3/1997 Legeak bezalaxe, zubi-izaera du harik eta Legebiltzarrean aurkeztu
arte lurraren araubide eta hiri-antolaketaren arloko araupetze osoa jasotzen
duen testu orokorra. Testuak lurra hirigintzaren funtsezko elementutzat
sailkatu eta kalifikatzeari dagozkionak arautuko ditu, hain zuzen, Auzitegi
Konstituzionalaren 61/1997 Epaiak autonomi elkarteen aginpidetza gisa berretsi
dituena.
Gaur egun indarrean dagoen lurraren
sailkapena, 1976ko Bateratutako Testuan jasoa, gure hirigintzan lurrean izan
ohi diren hiru motak mantentzen ditu: hirikoa, hirigarria eta ez hirigarria.
Azken lur-mota horretan debekua arautzen da, alegia, nekazaritza eta abeltzaintzako
erabilpenei atxikita ez dagoen familia bakarreko eraikuntzarena. Era berean,
baserri aldeak edo ohiko afinkamenduak ere arautzen ditu, baserri-eremuko
berariazko erregimen, tipologia eta ezaugarriak mantentzen dituztenak, eta
udal-planeamenduan dagoeneko jasotzen zirenak, eremu bereizitzat, orain arte
horien gaineko legezko araupetzerik ez bazegoen ere.
Lurrari buruzko 1992ko Legearen
Bateratutako Testuak hirigintza-planeamenduari babes publikoko etxebizitzak
egiteko lurra sailkatzeko ematen zion aukera berriz ezartzen da, egiterapide
erabilgarri eta beharrezkoa baita herri-administrazioek etxebizitza-politika
buru dezaten.
Bestetik, komenigarritzat jo da honako
arau-multzo hauetan sakabanatuta zegoen garapenerako planeamendua onesteko
aginpidetza testu legal bakarrean bateratzea: Lurrari buruzko 1992ko Legearen
Bateratutako Testua eta uztailaren 16ko 5/1993 Legea, Autonomi Elkarte Osorako
Erakundeen eta Bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Ihardutze Erakundeen
arteko Harremanei buruzko Legea aldatzekoa, bai eta hirigintza arloan erakunde
komunen zerbitzuak foru-organoetara aldatzeari buruzko dekretuak ere.
Azkenik, legeak diziplina eta
hirigintza-kudeaketaren zenbait alde arautzen ditu, eta indarrean dauden
hirigintza-planek egoki jardun dezaten ezinbesteko jotzen da indarrean jartzea
horiek.
1. Atala - Hirigarri ez den lurra
1.- Hiru
maila bereizten dira hirigarri ez den lurrean:
a) Babespeko
lur ez hirigarria, planeamenduak kalifikazio hori ematen dion lurra izango
dena, nekazaritza, basogintza edo abeltzaintza aldetik berebiziko balioa
duelako, bertako baliabide naturalak ustiatzeko dituen aukerak direla-eta,
paisaia, historia edo kultura aldetik balioak dituelako, edo fauna, landaretza
edo oreka ekologikoa zaintzeko.
b) Baserri
aldeko lur ez hirigarria, planeamenduak kalifikazio hori ematen dion lurra
izango dena, espazio publiko baten inguruan biltzen diren sei baserri edo
gehiagoko multzoak direlako, bildu eta bere izaera ematen dien espazioan, hain
zuzen.
c) Lur ez
hirigarri arrunta, aurreko mailetan sartzen ez den lurra izango da,
hiri-garapenetik gordetzen dena eta nekazaritzarako eta abeltzaintzarako edo
horiekin zerikusia duten aprobetxamenduetarako baino izan ez daitezkeena.
2.- Babespeko
lur ez hirigarria eta lur ez hirigarri arrunta direlako mailetan, debekatuta
dago eraikuntza berriak eraikitzea, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenei
atxikita ez dauden etxebizitzetarako. Dena den, lur-maila hauetan baimendu egin
ahal izango dira obra publikoen burutzapen eta entretenimenduari atxikitako
eraikuntzak edo instalazioak, bai eta egiteko lur ez hirigarria beharrezko
betekizun duten erabilera publiko edo interes sozialerako eraikuntza edo
instalazioak ere.
3.- Baserri
aldeko lur ez hirigarrian:
a) Partzelazioetarako
eta hirigintza-zerbitzuen hornidura lortzeko hiri-lurrean ezarritako arau
berberek arautuko dute. Jabari publikoa babesteko mugak eta zorpeko aldeak ere
izango zaizkio ezargarri lur-maila honi.
b) Mugatzen
direneko planeamendu orokorreko egiterapideek honako hauek ezarri beharko
dituzte: eraikuntzari atxikitako lurzatien kokapena; eraiki daitezkeen
lurzatiak, bide publiko batetiko sarbide zuzena izan beharko dutenak;
gutxienezko lurzatiaren azalera; eraikigarritasuna; eraikuntzak gehienez ere
izan ditzakeen solairuak eta inguruko onibar eta bideetatik bereizteko
parametroak.
c) Baserri
aldeko lur ez hirigarriko eremu bakoitzean, planeamenduak ezin izango du
hirigintza-aprobetxamenduaren gehikuntzarik sortu, ez eta lehendik dagoen
etxebizitza-kopurua bikoiztea baino gehikuntza handiagorik ere. Era berean,
badauden eta aurreikusita dauden etxebizitzen kopurua ezin izango da hogeita
hamar unitate baino gehiago izan.
d) Ezin izango
da ekipamendu edo zabalgune berririk definitu, ezta trazadura berriko bide
publikorik ere, ahalbideratuko den bakarra badaudenen mugak eta alineazioak
erregularizatzea izanik.
2. Atala - Lurraren kalifikazioa. Babes publikoko etxebizitzetarako
kalifikazioa
Udal hirigintza-planeamenduak lurrak
kalifikatu ahal izango ditu babes publikoaren erregimenetako bati atxikitako
etxebizitzak eraikitzeko.
3. Atala - Planeamendu orokorraren ekimena
1.- Udalek
egingo dituzte hiri-antolaketarako udal-plan orokorrak, udal-esparruko arau
osagarriak eta subsidiarioak eta hiri-lurra mugatzeko proiektuak eta
hirigintzaren aldetik jarduteko egitarauak, bai eta horien aldaketak ere.
2.- Udalak
ez balu inolako planeamendu orokorrerako egiterapiderik aurkeztuko kasuan
kasuko foru-aldundiak finkatutako epearen barruan, aldundi horrek egokitzat
jotzen duena gauzatzea ebatz dezake, idazkerari dagokionez bidezko dena
erabakiz.
4. Atala - Planeamendua garatzen duten zatiko planak eta plan
bereziak onesteko aginpidetza
1.- Planeamendu
orokorraren zehaztapenak garatzen dituzten zatiko planak eta plan bereziak
hasieran eta behin-behingoz onesteko aginpidetza udalei dagokie, atal honetako
2 eta 3 zenbakietan ohartemandako kasuetan izan ezik.
2.- Zatiko
planak eta plan bereziak udalez kanpoko esparrukoak badira, hasierako eta
behin-behineko onespena emateko aginpidetza kasuan kasuko foru-aldundiari
dagokio, eraginpeko udalerrien arteko akordiorik ez bada, lurralde historiko
desberdinetako udalerriei eragin ezean, kasu honetan Eusko Jaurlaritzari
egokituko zaiola aginpidetza. Behin betiko onespena, lurralde historiko bati
edo gehiagori eragiten dien arabera, kasuan kasuko foru-aldundiari edo Eusko
Jaurlaritzari egokituko zaie, hurrenez hurren.
3.- Planeamendu
orokorraren zehaztapenak garatzen dituzten eta foru-aldundiei edo Eusko
Jaurlaritzari arloan eskumentzen zaizkien aginpidetzak burutuz aurkezten diren
plan bereziak hasieran, behin-behingoz eta behin betiko onesteko aginpidetza
horiei dagokie, hurrenez hurren.
4.- Lurralde
historikoetako hiriburuetako eta berrogeita hamar mila biztanletik gorako
udalerrietako udalek aginpidetza izango dute planeamendu orokorraren
zehaztapenak garatu eta horiei egokitzen zaizkien zatiko planak eta plan
bereziak behin betiko onesteko.
5. Atala - Jarduera burutzapen-unitateen bidez. Jarduteko sistemak
1.- Hirigintza-planeamendua
burutzapen-unitateen bidez garatu beharko da, hiri-lurrean jarduera
asistematikoen kasuan edo sistema orokorrak edo horietako elementuren bat
zuzenean burutzeko denean izan ezik.
2.- Burutzapen-unitateak
mugatu egingo dira, euren azalera osoaren emakidako, banaketa berdineko eta
urbanizazioko betebeharrak batera betetzea ahalbideratzeko eran.
3.- Burutzapen-unitateak
aldizkakoak izan daitezke hiri-lurrean.
4.- Apirilaren
9ko 1.346/1976 Errege Dekretuz onartutako Lurrari buruzko Legearen Bateratutako
Testuan ohartemandakoaren arabera mugatu diren poligonoak edo
jardute-unitateak, ondorengo legediko burutzapen-unitateen baliokide izango
dira ondorio guztietarako.
5.- Burutzapen-unitateak
Administrazioak kasu bakoitzean aukeratzen duen jardute-sistemaz garatuko dira,
konpentsazio, lankidetza zein desjabetza hauta dezakeela.
6. Atala - Jarduera asistematikoak hiri-lurrean
Hiri-lurrean ez dagoenean
hirigintza-betekizunak batera betetzea ahalbideratzen duten
burutzapen-unitaterik mugatzerik, mugaketa horretatik kanpo atera ahal izango
dira irabazizko xedea duen aprobetxamenduko edo toki-izaerako hornidura
publikorako diren lurrak, justifikatu ondoren.
7. Atala - Desjabetza-kasuak
Honako hauetan ezarriko da desjabetza:
a) Sistema
hori ezarri denean kasuan kasuko burutzapen-unitaterako.
b) Atxikitako
edo hiri-lurreko sistema orokorrak burutzeko, bai eta horretan sartutako eta
burutzapen-unitatetik kanpo dauden toki-hornidurak ere, aprobetxamenduen
transferentziaz lortu ez direnak.
c) Atxikitako
edo lur hirigarriko sistema orokorretarako den lurra aldez aurretik
eskuratzeko.
d) Udalaren
lur-ondarea edo beste lur ondare publiko batzuk eratu edo handitzeko.
e) Planeamenduan
babes ofizialeko edo babes publikoko beste erregimenpeko etxebizitzak
eraikitzeko diren lurrak eskuratzeko, bai eta berariaz interes sozialekotzat
deklaratutako beste erabilpenetarakoak ere.
f) Jabetzaren
funtzio soziala ez betetzeagatik.
g) Legean ohartemandako gainerako kasuetan.
8. Atala - Planeamenduaren garapena eta burutzapena. Epeak
1.- Garapenerako
planeamendua planeamendu orokorrean ohartemandako epeetan gauzatu eta izapidetu
beharko da.
2.- Planeamenduak
onura eta zorpideen banaketa berdineko, lurren eta aprobetxamenduen emakidako
eta urbanizazioa burutzeko betebeharrak betetzeko epeak finkatuko ditu.
Planeamenduak ezarritako eperik egon
ezean, onurabide eta zorpideen banaketa berdineko, lurren eta aprobetxamenduen
emakida eta urbanizazioa burutzeko betebeharrak lau urteko epearen barruan bete
beharko dira, lur-mota bakoitzerako beharrezko den planeamendua behin betiko
onesten denetik hasita.
3.- Epe
horiek betetzen ez badira, Administrazioak lurrak nahitaez desjabetu edo
saltzeko eskubidea izango du, bai eta planeamendua aldatzeko ere
kalte-ordainketarik jasotzeko eskubiderik gabe.
9. Atala - Lizentziak. Eskabideak aurkezteko eta burutzeko epea
1.- Eraikitzeko
lizentziak gehienez ere bi urteko epearen barruan eskatu beharko dira,
lurzatiak orube-izaera hartzen duenetik edo, burutzapen-unitateen kasuan,
onurabide eta zorpideak banatzeko betebeharrak betetzen direnetik. Kasu
honetan, urbanizazioa aurretik edo aldi berean burutu dela bermatu beharko da.
2.- Lizentzia
emateak obrei hasiera emateko, gehienez ere etenda egoteko eta amaiera emateko
epeak finkatuko ditu.
3.- Lizentziak
egitea baimentzen duen obren burutzapena bertan ezarritako epeen barruan
gauzatu beharko da.
4.- Lizentzia
eskatu edo epearen barruan burutzeko betebeharra ez betetzeak eskubidea emango
dio Administrazioari kasuan kasuko lurzatiak nahitaez desjabetu edo saltzeko;
halere burutu ez den lizentzia iraungi egin daiteke.
10. Atala - Hirigintza-diziplina. Arau-hauste eta zigorren
preskripzioa
1.- Arau-hauste
larriek lau urtera preskribituko dute eta arau-hauste arinek bi urtera, egin
direnetik hasita. Arau-hauste larriak direla-eta ezarritako zigorrek bi urtera
preskribituko dute eta arau-hauste arinak direla-eta ezarritakoek urte batera.
2.- Arau-hausteak
preskribitzeko epea arau-haustea egin den egunetik aurrera hasiko da edo, hala
badagokio, prozedura ireki behar zen egunetik aurrera.
Zigor-prozedura ireki behar dela joko da,
arau-haustea sortu duten egintzak ezagutzea ahalbidera dezaketen kanpoko
seinaleak agertzen direnean.
3.- Etengabeko
jardunetik sortutako arau-hausteetan, jarduerari amaiera ematen zaionetik edo
arau-haustea egiten deneko azken egintzatik hasiko da kontatzen.
11. Atala - Zigor-espedienteak. Organo aginpidedunak
1.- Alkateak
dira hirigintza arloko hausteak direla-eta zigor-espedienteak ebazteko organo
aginpideduna, bai eta indarreango legedian ohartemandako isunak ezartzeko ere,
diru-zenbatekoa kontutan hartu gabe.
2.- Kasuan
kasuko foru-aldundiak hirigintza arloko haustea egin dela jakiten badu,
dagokion zigor-espedientea izapidetzeko eskatuko die alkateei, eta, kasurik
egiten ez badute, berak izapidetu eta ebatzi ahalko du.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Burutzapen unitateen bidezko jarduera
I.- Benetako aprobetxamenduaren neurriz gainekoak
eta behekoak dituzten burutzapen-unitateak.
Aprobetxamendu-tipoaren aldean, aprobetxamenduaren
neurriz gainekoak eta behekoak dituzten burutzapen-unitateak xedapen gehigarri
honetan xedatutakoak arautuko ditu.
II.- Benetako
aprobetxamenduaren neurriz gainekoak dituzten burutzapen-unitateak.
1.- Planeamenduak burutzapen-unitate batean
ahalbideratzen dituen aprobetxamenduak bertan sartutako jabeek eskura
ditzaketenak baino handiagoak direnean, jarduten duen Administrazioari
egokituko zaizkio gaindikinak.
2.- Gaindikin horiek lurren jabeei ordaintzeko
erabili ahal izango dira, toki-hornidura edo sistema orokorrei atxikitako
burutzapen-unitateetan sartuta ez dauden lurrak direnean. Kokatuta daudeneko
banakuntza-eremuan eskuragarri dena baino benetako aprobetxamendu txikiagoa
duten jabeei ordaintzeko ere erabili ahal izango dira gaindikin horiek.
3.- Administrazioak edo aurreko zenbakian
adierazitako jabeek parte hartuko dute kasuan kasuko burutzapen-unitatearen
urbanizatze-kostuetan, bakoitzari dagozkion aprobetxamenduen arabera.
4.- 2. zenbakian xedatutakoaz gain,
burutzapen-unitatearen jabe guztiak bat badatoz eta unitate horretako lurren
erabilera udalaren lur-ondarearen xedeei egokitzen ez bazaie, hona jarduten
duen Administrazioak zer egin ahal izango duen:
a) Jardunerako sistema orokor eta lehentasunezko
gisa, benetako aprobetxamenduaren gaindikina eskuz aldatu lehen esandako xede
publikoetara egokitzen den erabilera duten eta burutzapen-unitatetik kanpo
dauden lurrekin trukatuz.
b) Subsidiarioki, trukaketa egitea fisikoki
ezinezkoa eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, jarduten duen
Administrazioak eskuz aldatu ahal izango die benetako aprobetxamenduaren
gaindikina hirigintzan duen balioaren prezioan.
III.- Eskuragarri
dena baino benetako aprobetxamendu txikiagoa duten burutzapen-unitateak.
1.- Planeamenduak ahalbideratzen dituen
aprobetxamenduak jabeek eskura ditzaketenak baino txikiagoak direnean,
urbanizatze-zorpidea murriztu egingo da gauzagarri ez den aprobetxamenduaren
balioaren zenbateko berean, aprobetxamendua gauzatzeko beharrezko den eta
burutu gabeko urbanizatzearen kostua kenduz, jarduten duen Administrazioak
ondoriozten den aldea bere gain hartuta.
2.- Gauzagarri ez diren aprobetxamenduen balioa
murrizpen horren bidez ordaintzerik ez balego, aldea beste burutzapen-unitate
batzuetan gauzatuko da, alderantzizko egoeran egon eta banakuntza-eremu berean
sartutakoetan, edo duen hirigintza-balioa dirutan ordainduz, jarduten duen
Administrazioak hautatzen duenaren arabera.
IV.- Onurabide eta zorpideen banaketa.
1.- Burutzapenari
atxikigarri zaizkion betebehar eta zorpideak eraginpeko jabeen artean
zuzentasunez banatzeko gai izango dira, planeamendutik sortzen diren
onurabideekin batera.
2.- Burutzapen-unitatean
dohain jaso ez diren jabari eta erabilera publikoko ondasunak badaude, bere
azalerari dagokion hirigintza-aprobetxamendua haien titular den
Administrazioarenak izango dira.
Doako emakidaz eskuratu badira, lehendik
ere bazegoen jabari eta erabilera publikoko ondasunen azalerak plana burutzetik
sortutakoen parekoak edo horiek baino txikiagoak badira, elkar ordeztutzat joko
dira. Azalera horiek handiagoak badira, Administrazioak lur eraikigarrietan
jasoko du gaindikina, dagokionaren arabera.
Bigarrena - Jarduera asistematikoak hiri lurrean. Aprobetxamenduen
transferentziak
I.- Aprobetxamenduen doiketa.
Eskuragarri diren aprobetxamenduen eta
planeamenduak ahalbideratzen dituen benetakoen arteko doiketa, xedapen
gehigarri honetan araututako eran gauzatuko da.
II.- Modalitateak.
Lurzatiaren gainean baimentzen den
aprobetxamendua bere titularrak eskuratu dezakeena baino handiagoa bada, honako
jardunbide hauetako baten bidez baino ezin izango da gauzatu gaindikin hori:
a) Titularrak,
emakida-akordioaren bidez, eskuratu ahal izango ditu beste jabe baten
beharrezko aprobetxamenduak, eskuragarri den aprobetxamendua
burutzapen-unitatean sartuta ez dagoen lurzatiari dagokion benetako
aprobetxamendua baino handiagoa bada. Toki-hornidura publikorako erabilerari
atxikita eta burutzapen-unitatean sartuta ez dagoen lurra duen beste jabe
batengandik ere eskuratu ahal izango ditu aprobetxamenduok.
Era
berean, bi jabeek akordioa lortu ahal izango dute aprobetxamenduaren gaindikina
duen lurzatian aprobetxamenduak banatzeko.
b) Titularrak
beharrezko diren aprobetxamenduak zuzenean erosi ahal izango dizkio
Administrazioari.
c) Titularrak
sistema orokorrei edo toki-hornidurari atxikita eta burutzapen-unitatean
sartuta ez dauden bere jabetzako lurrak utzi ahal izango dizkio
Administrazioari.
III.- Irabazizko aprobetxamendu hutsa edo ondare
bihur daitekeena baino txikiagoa duten lurzatiak.
1.- Lurzatiaren
benetako irabazizko aprobetxamendua hutsa bada, hornidura publikorako
erabilpenari atxikita dagoelako, eskura daitekeen aprobetxamendua emakida edo
banaketa-akordioaren gai izan ahalko da, alderantzizko egoeran dagoen
jabearekin, edo jarduten duen Administrazioari zuzenean saltzeko gai.
2.- Lurzatiaren
benetako irabazizko aprobetxamendua eskura daitekeen aprobetxamendua baino
txikiagoa bada, bien arteko aldea emakida-, banaketa- edo salmenta-akordioen
gai izan ahalko da. Horrelako akordiorik ez badago, eskura daitekeen
aprobetxamendu ez gauzagarria desjabetu egin beharko du Administrazioak, plan
orokorreko jardute-egitarauaren hurrengo berrazterketa egin aurretik, betiere,
momentu horretan, plan hori burutzean, lurzatia eraikita edo eraikitzeko
arauzko lizentzia lortuta egonez gero ordurako.
3.- Jardute-egitaraua
berriro aztertutakoan ez bada desjabetza gauzatu, ondasunen titularrak edo
horrekin batera titularrak direnek balioespena ezartzeko espedienteari hasiera
emateko asmoa ohartarazi beharko diote Administrazio aginpidedunari, hain
zuzen, Legearen aginduz burutu ahal izango dena, oharpena egiten denetik beste
bi urte igarotzen badira.
Horretarako, kasuan kasuko haztapen-orria
aurkeztu ahal izango du jabeak, eta hiru hilabete igaro badira Administrazioak
onartu gabe, jabeak dagokion Desjabetzako Lurralde Epaimahaira jo ahal izango
du, eta horrek balioespena ezarriko du.
IV.- Ondare bihur daitekeena baino aprobetxamendu
handiagoa duen proiektua.
1.- Eraikuntzarako
lizentzia eskatzeko aurkezten den proiektua hirigintza-antolamenduaren
araberakoa bada, eskari-egileak bertan ahalbideratutako aprobetxamendua
agortzeko beharrezkoak diren aprobetxamenduak ez baditu ere, Administrazioak,
emakidaz ebazteko epea bertan behera utzita, interesatuari jakinarazi eta sei
hileko epea emango dio, beharrezkoak diren aprobetxamenduak emakida, banaketa
edo zuzeneko erosketako akordioz lortu dituela egiazta dezan.
2.- Epe
hori bukatutakoan egoera hori egiaztatu ez bada, eskari-egileak beste proiektu
bat aurkeztu beharko du, eskubidea duen aprobetxamenduaren araberakoa, sei
hileko epearen barruan.
3.- Aurreko
zenbakietan xedatutakoak ez du xedapen gehigarri honetako VI. azpiatalean
ohartemandako kasuetan arautuko.
V.- Benetako aprobetxamendua agortzen ez duen
proiektua.
1.- Eraikuntzarako
lizentzia eskatutakoan, proiektua eskura daitekeen aprobetxamenduaren
araberakoa dela egiaztatzen denean, lurzatiaren benetako
hirigintza-aprobetxamendua agortzen ez badu ere, Administrazioak interesatuari
jakinarazi eta sei hileko epea emango dio, aprobetxamenduen emakidako,
banaketako edo zuzeneko erosketako akordioak aurretik eginda, aprobetxamendu
hori agortzen duen proiektua aurkez dezan.
2.- Proiektua
aurkezteari berariaz egiten bazaio uko, edo epe hori bukatutakoan proiektua
aurkeztu gabe, bidezko izango da lizentzia ematea hasieran aurkeztutako proiektuaren
arabera.
3.- Aurreko
zenbakietan xedatutakoak ez du hurrengo azpiatalean ohartemandako kasuetan
arautuko.
VI.- Doiketa gutxienezko altuera- edo
bolumen-baldintzen kasuan.
1.- Planeamenduak
alde zehatz baterako gutxieneko izaeraz bolumen eta altuerako
hirigintza-baldintzak ezartzen dituenean eta lizentzia lortzeko aurkeztutako
proiektua horietara iristen ez bada edo, iritsita ere, eskari-egilearen
lurzatiari egokitu dakiokeen aprobetxamendua baino handiagoa bada, xedapen
gehigarri honen II. azpiatalaren arabera eskuratutakoak gehituta hala
badagokio, Administrazioak, lehenengo kasuan, horiei egokitutako beste proiektu
bat aurkezteko eskatuko du, eskari-egileak eskuratu behar dituen
hirigintza-aprobetxamenduak adierazita, eta bigarren kasuan azken hori
bakarrik.
2.- Aurreko
zenbakian xedatutakoa berdin ezarriko da, udalak, benetako aprobetxamenduen eta
lizentzia-eskatzaileek gauzatutakoen artean doitasun falta nabarmena dagoela
egiaztatuta, hala erabakitzen duen aldeetan. Erabaki hori hartzeko, burutzapen-unitateak
mugatzeko jardunbideari atxiki beharko zaio.
VII.- Transferentzia beharrez agintzea.
1.- Horretarako
egiten den eskaritik hurrengo hamabi hilabeteetan zehar egiaztatzen ez bada
beharrezko diren aprobetxamenduak eskuratu direla edo finkatutako
diru-zenbatekoa sartu edo bermatu dela eta, hala badagokio, lizentzia lortzeko
beste proiektu bat aurkezten bada, Administrazioak aprobetxamenduaren
transferentzia edo lurzatiaren desjabetza agindu ahal izango du beharrez bere
titularrak eskura dezakeen aprobetxamenduari dagokion hirigintza-balioaren
truke.
2.- Eskuratu
beharreko aprobetxamenduen zenbatekoaz edo horien balorazioaz ezadostasuna
sortzen denean izango da bidezkoa bermatzea egitea.
VIII.- Transferentziak eta lurzatien kokapena.
1.- Administrazioak
parte hartzen dueneko aprobetxamenduen transferentzietan, kontutan hartu
beharko da kasuan kasuko lurzatiaren kokapenari dagokion hirigintza-balioa.
2.- Transferentzia
lurzati desberdinen artean egiten denean, kontutan hartu beharko da jatorrizko
eta xederako lurzatien hirigintza-balioa, kokapenaren arabera, elkarrekikotasun
egokia ezartzeko.
Azken Xedapena
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean lege hau.