5/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, gastu bereizietarako kredituak nola erabili eta kontrolatu arautzen duena.
1997-05-30Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1997/6/24, 119. zk.; EAO, 2012/1/11, 9. zk.
§
190. 5/1997 LEGEA, MAIATZAREN 30EKOA, GASTU BEREIZIETARAKO KREDITUAK NOLA
ERABILI ETA KONTROLATU ARAUTZEN DUENA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Herritarren segurtasuna zaindu eta
herritar horien eta erakunde demokratikoen eskubide eta askatasunak
defendatzeko, batez ere gaur egungo kriminalitate-modu antolatuen aurka
borrokan egin ahal izateko, beharrezkoa da segurtasunaz arduratzen diren
administrazioko atalen iharduera batzuk isilpean gordetzea eta, beraz, iharduera
horiek aurrera eraman eta ordaintzeko aurrekontuko kredituak ere bereiziak
izatea. Hori horrela izanik, aurrekontuei buruzko legerian gastua betearazi eta
kontrolatzeko modu orokorrean jarrita dauden bide arruntek ez dute balio, ez
baitira eraginkorrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu
orokorretan betidanik egon izan dira era horretako fondoak, gastu bereiziak
izena zutela, baina, betidanik egonda ere, horri buruzko araudi juridikoa osotasunik
gabea izan da, zatikakoa, eta zenbait muga baino ez zituen jartzen, nola eta
zertan erabili kontuan izanda. Baina muga horiek ez dira behar bestekoak,
aurrekontuko kontzeptua ez delako xehetasunez zehazten eta zein errejimen
ezarri ere ez.
Aipatu ditugun hutsuneak direla eta,
beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan gastu bereiziak zeintzuk
diren eta zein errejimen juridiko dagokien zehaztea. Horrekin batera,
aurrekontuko zein partida berezi dauden eta ekonomiako eta kontularitzako kontrola
egiteko zein bide erabili ere jakin beharko da, baina azkenengo horiek kontuan
izan beharko dute ekintza jakin batzuen eta horietan diharduten pertsonen
isilpekotasuna eta segurtasuna bermatu beharko dituztela.
Gastu bereizietarako erabiliko diren
kredituek ezaugarri hauek dituzte: gastu horiek sekretupekoak dira eta horiekin
ezin dira erabili gastua kontrolatzeko dauden bide arruntak. Bide arrunt horiek
ekainaren 30eko 14/1994 Legean, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari
eta Kontabilitateari buruzkoan, eta otsailaren 5eko 1/1988 Legean,
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoan, jarritakoak dira. Kontrolmodu
horien ordez, oraingo lege honetan adieraziko den moduan erabili eta
kontrolatuko dira gastu bereiziak.
Gastu bereizietarako erabiliko diren
kredituak bereziak direla kontuan izanda, legeak muga batzuk jartzen ditu
gastuen errejimenean, hau da, batez ere kredituak zehazterakoan, benetan
bereziak izan beharko dute kreditu horiek ezaugarriei eta kopuruari dagokienez;
printzipio hori bete beharko da, eta, beraz, kredituak zerbaiti erabat lotuta
egon beharko du. Gainera, Eusko Legebiltzarrak hasiera batean baimendutako
kredituak ezin izango dira handitu, aldez aurretik Legebiltzarrak horri buruzko
iritzia ematen ez badu behintzat.
Helburu horiek lortzeko, legeak bide hauek
aukeratu ditu:
a) gastu bereiziak izeneko kontzeptua zehaztu
egin du, duten helburu edo jomuga kontuan izanda. Hori horrela izanda, gastuak
bi modutan daude zehaztuta. Batetik, aurrekontuan aipatzen dira (alegia,
Aurrekontuen Legean izen hori dutenak izango dira gastu bereizi) eta, bestetik,
gastu horien helburu diren iharduerek ere adierazten dute zeintzuk diren gastu
bereiziak (segurtasunaz arduratzen diren administrazioko atalek isilpean burutu
beharreko iharduerak ordainduko dituztenak);
b) fondo horiek Herrizaingo Sailak baino ezin
izango ditu eskuratu, beti ere finantzatu behar izango dituen ihardueren
arabera;
c) gastu bereizietarako kreditu horiek mugatuak
eta lotesle edo binkulanteak dira, gastuen egoera-orrian zatituta agertzen
diren moduan agertuta. Ondorioz, aurrekontuetan aldaketaren bat egin nahi bada,
legeetan jarritako bideak bete beharko dira horretarako baimena emateko;
d) aurrekontuetan aldaketaren bat egin
eta horrek gastu bereizietarako kredituak handiagoak izatea baldin badakar,
Eusko Legebiltzarraren baimena behar izango da aldaketa egiteko.
Kontrol-moduari dagokionez, Euskadiko
Autonomi Estatutuaren 33.3 atalean esaten denaz bat, hau da, Gobernuaren eta
Legebiltzarraren arteko harremanak legeetan zehaztuko direla esaten duenez
Estatutuak, lege honetan Legebiltzarrari gastu bereizietarako kredituen
kudeaketa zuzenean kontrolatzeko aukera ematen zaio, Legebiltzarreko organo
berezi baten bidez. Organo horrek, sei hilean behin gutxienez, Herrizaingo Saileko
sailburuak emandako informazioa jasoko du, legean aipatzen den ondareari
buruzko aitorpen bereziaren berri ere izango du, eta, gainera, kredituak
handitzea eragingo duten aurrekontuko aldaketei buruzko irizpena ere eman ahal
izango du.
1.
Atala - Legearen helburua eta esparrua
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu
orokorretan, gastuen egoera-orrietan gastu bereizietan erabiltzeko dauden
kredituak zer diren eta zein erabilera-, aurrekontu- eta kontrol-errejimen
izango duten zehaztea da lege honen helburua.
2.
Atala - Kontzeptua
1.- Gastu
bereiziak izango dira Euskadiko aurrekontu orokorretan gastuen egoera-orrietan
halakotzat hartuta daudenak. Gastu horiek kriminalitateari aurre hartu eta
erreprimitzearekin eta delituak ikertzearekin zerikusia duten isilpeko
iharduerak edo ekintzak aurrera eramatea ordaintzeko izango dira.
2.- Gainontzeko
gastu publikoekin alderatuta, gastu horiek ezaugarri bereziak dituzte: ez dira
denen ezagueran jartzen eta justifikatzeko eta kontrolatzeko sistema berezia
dute, lege honetan jasota dagoenez.
3.- Gastu
bereizietarako erabiliko diren kredituen inguruko informazio guztia, baita
horien erabilerari dagokion guztia ere, isilpekoa edo sekretua izango da. Hori
dela eta, autonomia erkidegoko administrazioan lanean iharduteagatik gai horien
inguruko informazioa izan dezaketen langileek gaiaren inguruan ezertxo ere ez
esateko betebeharra dute.
3.
Atala - Kredituak nola erabili
1.- Herrizaingo
Saileko sailburuaren eginkizuna izango da, eta harena baino ez, gastu bereizietarako
kredituetatik eskuratutako fondoak lege honetako 2.1 atalean aipatutako
iharduerak burutzeko baino erabil ez daitezen, beharrezko iruditzen zaizkion
barne-arauak finkatzea. Horrekin batera, erabaki horiek aurrera eramateko
aginpidea izango duten agintari edo erakundeak ere izendatuko ditu.
2.- Barne-arau
horiek lege honetako 2.1 artikuluan sartzen diren ihardueren eta eragiketen
barruko kategoriak zehaztuko dituzte, baita kontrolerako barne-ihardunbideak
ere.
4.
Atala - Aurrekontu-errejimena
Gastu bereizietarako diren kredituei
irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuan orokorrean ezarritako
aurrekontu-errejimena ezarriko zaie. Legegintza-dekretu horretan, Euskadiko
aurrekontu-errejimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina
onartu zen. Dena den, berezitasun hauek izango dituzte:
a) Gastu bereizietarako kredituak Herrizaingo
Sailaren aurrekontuen sekzioko gastuen egoera-orrian baino ezin izango dira
jaso.
b) Gastu bereizietarako izango diren kredituak
zehazki finkatuko dira ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia
Erkidegoko aurrekontu orokorretan, eta lotesle edo binkulanteak izango dira,
aurrekontuko gastuen egoera-orrian zatituta agertzen diren moduan agertuta,
irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuaren 66.4 atalean erabakitakoaz bat.
Legegintza-dekretu horretan Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruz indarrean
dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zen.
c) Aurrekontuetan aldaketaren bat egin
eta kredituetan gastuak areagotu egin nahi badira, herrizaingoaren arloko
aginpideak dituen Eusko Legebiltzarreko batzordeak horretarako baimena eman
beharko du. Beraz, aldez aurretik, lege honetako 7. atalean aipatzen diren
batzordekideek txostena aurkeztu beharko dute. Kasu horretan ez dira beteko
irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuaren V. idazpuruan jasota dauden
ihardunbideak. Legegintza-dekretu horretan Euskadiko aurrekontu-errejimenari
buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zen.
Azken idazati horretan jasota
daudenetarako, kasuan kasuko aldaketari buruzko proposamena Eusko
Legebiltzarrera bidaliko du Gobernu-Kontseiluak.
d) Euskadiko aurrekontu-errejimenari
buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zuen irailaren 27ko
1/1994 Legegintza-Dekretuak. Bada, legegintza-dekretu horretako 112. atalean
aurrekontua betearazteari buruz aurreikusita dauden printzipioak ere ez dira
ezarriko.
5.
Atala - Ekonomi kontrolaren errejimena
1.- Gastu
bereizien kontura burututako ekintzei ez zaie ezarriko ekainaren 30eko 14/1994 Legean,
Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoan,
aurreikusitako ekonomi kontrolaren eta kontularitzaren errejimena; ezta
otsailaren 5eko 1/1988 Legean, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoan,
kanpoko kontrolari buruz aurreikusitako errejimena ere. Esandakoa dela eta,
gastua baimendu edo erabili ahal izateak, obligazioa hartu ahal izateak edo
horiei dagokien ordaintzeko proposamena egin ahal izateak ez du agiri bidezko
justifikaziorik behar izango.
2.- Kontularitzako
inputazioa egokia izan dadin, oinarriko agiri gisa, eskatutako zenbatekoaren
berri emango duen agiria erabiliko da. Fondo horiek Euskadiko Diruzaintza
Orokorretik ateratzeko aukera zein funtzionariok duen eta benetan atera dituela
egiaztatuko dute agiri horiek. Dena den, kasu guztietan hartzekoduna
Herrizaingo Saila izango da.
6.
Atala - Ondarearen aitorpen berezia
1.- Herrizaingo
Saileko sailburuak eta 3. atalaren arabera kreditu horien kontura diren fondoak
erabiltzeko aukera duten agintari guztiek beren ondarearen egoerari buruzko
aitorpen berezia egin beharko dute derrigorrez. Aitorpen hori karguaz jabetzean
eta, gero, urtean behin egin beharko dute, ekainaren 15aren eta uztailaren
15aren artean.
2.- Aitorpen
horrekin batera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kopia eta
ondarearen gaineko zergaren kopia aurkeztu beharko dira urtealdi bakoitzean,
eta horiek guztiak ondare-ondasunen eta ondare-eskubideen errolda batean jasoko
dira.
7.
Atala - Legebiltzarrak egindako kontrola
1.- Gastu
bereiziak zertan erabiltzen diren jakiteko, Legebiltzarrak egingo duen kontrola
herrizaingoaren arloko aginpideak dituen batzordearen eskuetan egongo da.
Batzorde horretako buruak eta horretarako mandatua eman zaien bost
legebiltzarkidek izango dute eginkizun hori. Pertsona horiek batzordeak berak
aukeratuko ditu, berekideen artean, batzordekideen hiru bostenen bidez.
2.- Sei
hilabetean behin eta mandatua eman zaienek horretarako eskea egiten diotenean,
Herrizaingo Saileko sailburuak aurrekontuko fondo horiek zertan erabili diren
jakinaraziko du, lege honetan aurreikusitakoarekin bat.
3.- Mandatua
eman zaienek eskuratzen duten informazioa isilpean gorde beharko dute.
Xedapen
Gehigarria
Lege honetan aipatzen diren
aurrekontu-kredituen kudeaketari nahiz erabilerari buruzko gaiei dagokienez,
agintari judizialak beren eskumenean aritzean agintari horiekin izango den
lankidetzak Estatuan indarrean dauden legeetan xedatzen dena izango du
araubide.
Indargabetzeko
Xedapena
Indarrik gabe geratzen da otsailaren 5eko
1/1988 Legearen, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoaren, xedapen
gehigarri bakarra.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
Gobernuak baimena izango
du lege hau garatzeko beharrezko erabaki guztiak har ditzan.
Bigarrena
Gobernuaren dekretu bidez
erabakiko da administrazioko zein organoren ardura izango den ondareei buruzko
aitorpenak jaso eta erregistratzea. Justizi auzitegiek eta 7. atalean
erabakitakoaren arabera aukeratutako legebiltzarkideek informazio horren berri
jasotzeko eskubidea izango dute.
Hirugarrena
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.