5/1996 Legea, urriaren 18koa, Gizarte Zerbitzuena.
1996-10-18Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1996/11/12, 218. zk.; EAO, 2012/1/20, 17. zk.
Indargabetua: 2008-12-25
§ 180. 5/1996 LEGEA, URRIAREN 18KOA, GIZARTE
ZERBITZUENA
ZIOEN AZALPENA
Gizarte Zerbitzuei
buruzko 1982ko Euskal Legea izan zen Espainiako Konstituzioan eta Euskal
Herriko Autonomi Estatutuan jasotako mandatuak eta printzipioak garatu zituen
lehenengoa. Lehenengotik, 9, 14, 40 eta 50. ataletan esandakoa garatu zuen, eta
bigarrenetik, 9.1 eta 2-d) ataletakoa. Lege horrek, bada, berrikuntzak ekarri
zituen eremu juridikoan, eta berak zabaldutako ildotik etorri ziren beste
autonomi elkarteetan gaur indarrean dauden arlo horretako arauak.
Goian aipatutako lege
horrek, indarrean egon den denboran, antolamendu koherentea eman die
gizarte-zerbitzuei, lehen ez zuten halakorik eta. Aldi berean,
gizarte-zerbitzuon kudeaketa politikoa eta administratiboa ulertzeko era
moderno bat ere ekarri du legeak. Ondorioz, herritarren eskubide bihurtu dira
gizarte-zerbitzuak, eta nabaria da baztertuta gelditu dela lehen zahartuxe
zegoen iritzia, halako prestazioak erakunde ongileen esku zeudela uste zuen
iritzia alegia.
Hala ere, Gizarte
Zerbitzuei buruzko 1982ko Legea indarrean sartu zenetik igarotako denbora eta
egungo egoera kontuan hartuta, arau hori aztertzea komeni da. Eta, gainera,
alde batera utzi ezinekoa da. Kontua ez da sakontasun gehiago edo gutxiagorekin
aldatu behar dela, baizik eta, arlo horretan, goitik beherako berrikuntza
juridikoa lortu behar dela.
Gizarte Zerbitzuei buruzko
maiatzaren 20ko 6/1982 Legeko zioen adierazpenean azaltzen denez, legea idatzi
zutenak "legegintzarako zuhurtasunez" aritu ziren, baina "geroan
aterabide gogobetegarriagotaruntz aurrera egitearen kaltetan gabe".
Hala, Euskadiko
gizarte-zerbitzuak arautu nahi izan ziren 6/1982 Legearekin, nahiz eta
"gizarte-zerbitzuak" kontzeptuaren definizioa behar adina zehaztuta
egon ez. Izan ere, ez zen ondo bereizten beste prestazio batzuetatik;
esaterako, "gizarte"-prestazioetatik edo "laguntza"-prestazioetatik.
Horrez gain, ia egon ere ez zegoen halako zerbitzuak eman behar zituen sarerik.
Esan beharra dago,
alabaina, legegileek orduan borondate onez ekin arren, euskal gizartearen
bilakaera ez zela oraindik iritsi gaur egun eguneroko kontua diren
gizarte-zerbitzu zabal guztiak eskatzera. Hobeto edo txartoxeago beteko dira
zerbitzuok gaur egun, baina euskal herritarren kulturaren muinean sartu dira
benetan ere.
Gizartean izandako
aldaketek, berebiziko garrantzia duten gertakizun ezberdinak azaleratu direla,
denbora gehiagoz luza ezineko egiten dute 1982ko legearen testua aldatu
beharra.
Gizartean eta ekonomian
dute eragina gertakizun horietako bik. Bata, Euskal Herrian langabeziak izan
duen hazkundea. Inoiz lehenago bizi izan ez den moduko krisia jasan du
industriak, eta birmoldaketak etorri dira hortik, ondorioz, Autonomi Elkartean
langabeziaren arazoa larriagotu duela. Hau da gizarte-babesik ezaren arrazoi
nagusia. Bigarren egoerari erreparatzen badiogu, Euskadiko hazkunde bejetatiboa
hutsa dela ikusiko dugu. Horrekin batera, zahartzaroa gehiago luzatu dela
kontuan hartzen badugu, biztanleria arian-arian gero eta gehiago zahartzen ari
da. Beraz, hirugarren adinean aurkitzen direnen prestazio tekniko bereziak gora
eta gora doaz.
Ekonomi eta
gizarte-bizitzako eremu guztietan gero eta handiagoa den emakumeen
protagonismoa, hauek lan-merkatura sartu izana ere, garrantzi handiko
gertakizuna da, eta beharrezko egiten du gizarte eta erkidego-zerbitzuen
sistema aurreratua.
Era berean,
garrantzizkoak dira gure Autonomi Elkartean gizarte-alorrean dagoen
elkarte-sare zabala eta bolondres-erakundeek gizarte-laguntzen eremuan gero eta
biziagoa duten parte-hartzea.
Azkenik, bada beste
gertakizun bat ere, hau juridikoa: lurralde historikoei buruz 1983an
argitaratutako legearen ondorioz sortutako egoera, alegia. Euskal erakundeen
sarea arautzen da hor, bai antolaketari dagokionez, bai garrantzi txikiagokoa
ez den finantzaketari dagokionez ere.
Lege horren zioen
adierazpenean eta I. idazpuruan mugatutako eremuak, izan ere, higadura sakonak
jasan behar izan ditu gizartearen bilakaerak eraginda. Eta eragin horri
gehitzekoak dira, halaber, zerbitzu publikoen sare nagusitik bereiziak eta
berezkoak diren gizarte-zerbitzuak, gero eta zehatzagoak dira eta.
Orain aldatzen den
legearen gorputz-enborra II, III eta IV. idazpuruak ziren; hau da, eskumenak
agintzen zituena, zuzendaritza, aholkularitza eta partaidetza organoak zehazten
zituena eta finantzaketari buruzkoa, hurrenez hurren. Baina, LHL aldarrikatu
ondoren, egoki tu eta eratu egin behar ziren.
Lege honekin, bada, LHLk
lurraldeetako erakunde bakoitzari egotzitako eskumenak zedarritu nahi dira,
eskumenen banaketa zehaztuz. Eta, beste ezer baino gehiago, berariaz esleitu
gabe dauden jarduketak aitortu nahi dira.
Hartara, "plangintza,
programazioa, kontrola, eta abar" esaten denean, muga zehaztu gabeko
kontzeptuak direnez, ezinbestekoa da gero arau berriak sortzea, LHLren
legegileak onartutako konponbidea argitzeko.
Autonomia-Elkarte Osorako
Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen
Arteko Harremanei buruzko Legeak 7c) ataleko lehenengo eta bigarren idazatietan
dioenez, foru-erakundeei dagozkie Autonomi Elkarte osorako erakundeen legeak
gauzatzeko eskumenak, eta bakoitzari bere lurralde barruan. Zerrenda honetako
arloetakoak dira beren eskumenak: gizarte-laguntzak, erkidegoaren garapena,
emakume, haur, gazte eta hirugarren adinekoekiko politika, aisia eta
atsedenaldia. Hala ere, Autonomi Elkarte osorako erakundeek ez dute eragozpenik
izango zuzenean jardun behar dutenean.
Toki-Jaurbidearen
Oinarriak Arautzen dituen 1985eko Legea ere gizarte-zerbitzuen gaineko
eskumenak banatzeaz arduratu zen. Hain zuzen, 25.2 ataleko k) idazatian, udalek
bete behar dituzten eskumenen artean hauxe sartzen du: "gizarte-zerbitzuak
eta sustapenerako eta berriro gizarteratzeko zerbitzuak betetzea". Lege
horretako 26.1 ataleko c) idazatian, bestalde, 20.000 biztanle baino gehiagoko
udaletan gizartezerbitzuak bete behar direla dio.
Ideia eta printzipio
horiek islatu nahirik egin da egin ere oraingo lege hau. Zazpi idazpuru, hiru
xedapen gehigarri, indargabetzeko xedapen bat eta hiru azken xedapen ditu.
Lege honen helburua ez da
prestazio batzuk emango direla bermatzea. Hori 6/1982 Legean aipatzen zen.
Orain, aldiz, herri-erantzukizuneko sistema bat oinarri dela, eskubide bat
antolatu, egituratu, sustatu eta bermatu nahi da, herritarrek
gizarte-zerbitzuak jasotzeko duten eskubidea hain zuzen.
Gizarte-zerbitzuak esaten
denean adierazitako kontzeptuaren barruan baliabide, jarduera, prestazio eta
ekipamendu multzo bat sartzen da, baina guztiak ere antolatuta. Hau da,
babes-sistema berezi bat dira gizarte-zerbitzuak, Gizarte Segurantzak ematen
duen sistematik diferentea, baina hori ere herri-erantzukizunekoa da, bermatuta
dago eta mundu guztiarentzako da, norbanakoak eta giza taldeak babesteaz
gainera, Euskal Autonomi Elkartean ekonomia eta enplegua, batik bat
lan-merkatuan sartzeko zailtasunik handienak dituzten giza taldeena, garatzen
lagunduko duena.
Sistema horrek,
antolatuta egonik, bi helburu ditu. Batetik, "ongizate-estatuan" lortutako mailari eutsi eta maila
hori hobetzea nahi du. Horretarako, gogor zaindu behar dira ongizate-estatuaren
zutabeak, eta oraindik ere gabezia larriak dituzten biztanle-taldeentzako
babesa lortu behar da herri-erantzukizunpean. Bigarren helburua, bestalde,
premiarik larrienei laguntza eta babesa emango zaiela bermatzea da, eta,
hartara, bereizkeria positiboa egin behar da txartoen aurkitzen direnekin eta
gizarteak baztertuta dituenekin.
Legearen
I. idazpuruan, hasteko, xedapen orokorrak jaso eta legearen xedea zehazten
dira. Xedea, hain zuzen, herritar guztiek gizarte-zerbitzuak jasotzeko duten
eskubidea sustatu eta bermatzea da, eta horretarako, herri-erantzukizuneko
sistema bat antolatu eta egituratuko da. Gainera, gizarte-zerbitzuetako
sistemak gidari izango dituen printzipio nagusiak ere hortxe zehazten dira:
herri-agintarien erantzukizuna, elkartasuna, berdintasuna, unibertsaltasuna,
aurrezaintza, integrazioa, normalizazioa, herritarren partaidetza, plangintza,
koordinazioa, lankidetza eta deszentralizazioa.
Legearen
II. idazpuruan, bestalde, gizarte-zerbitzuetako sistemaren antolamendua lantzen
da, eta, bai teorian eta bai praktikan, eraginkortasunik gehien izan duen
sailkapenari eman zaio behin-betiko indarra: alde batetik, gizarte-zerbitzu
bereziak jarri dira, eta bestetik, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, eta zehaztuta
utzi dira talde bakoitzari dagozkion egitekoak. Hurrengo, III. idazpuruan,
udalei eta lurralde historikoetako foru-erakundeei beren eskumenak egotzi
zaizkie.
Legean
jasotako zehaztasun horiekin, ahal denik eta argien banatu dira erakunde
bakoitzari dagozkion eskumenak. Eta egintza horrek berebiziko berrikuntza dakar
bai administrazioan eta bai arlo juridikoan, hain zuzen ere, ez 6/1982 Legeak,
ez LHLk, ez Toki-Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen Legeak, batek ere ez
baititu zehazten erakunde bakoitzari dagozkion zeregin konkretuak, eskumenetan
parte hartzeko duten maila baino besterik.
Legeak,
III. idazpuruko hurrengo ataletan, administrazio bakoitzaren eskumenak mugatzen
ditu zehatz-mehatz. Eta 12, 13 eta 14. atalak erabiltzen ditu udalerriek bete
beharreko zerbitzuak konkretu azaltzeko; horrela, Toki-Jaurbidearen Oinarriak
Arautzen dituen Legearen 25. atalean zabal jasotako mandatua gauzatzen da.
Legearen
IV. idazpuruan, ondoren, herritarrek gizarte-zerbitzuetan parte hartzeko bideak
antolatzeko modua arautzen da, baita horietaz kontsulta egiteko ere. Hartara, zabaldu egiten da partaidetza demokratikorako bermea.
Horixe da, izan ere, aurreko legetik bertatik, gizarte-zerbitzuen euskal
sistemak oinarrian duen printzipioa, halaxe agertzen baitu gizarte ongizaterako
kontseiluen, partaidetza-organoen eta zerbitzuak betetzen dituzten pertsonen
zuzeneko partaidetzak.
1982ko testuan oharteman
ez zirenez, berrikuntzak sartzen ditu V. idazpuruak, baimenak, homologazioa,
itunak eta ikuskapena arautzen dituelako. Hartara, orain sortutako sistema
irekiagoa izango da, ekimen pribatuak ere gizarte-zerbitzuak ematen parte har
dezakeelako, maila egokiari eutsiko zaiola bermatuz.
V. idazpuru horretan
beste berrikuntza bat ere jasotzen da, gizarte-bolondresak eta irabazteko
xederik gabeko erakundeak sustatu behar direla azpimarratzen baita, bai eta
arautzen ere ekimen pribatuaren parte-hartzea gizarte-zerbitzugintzan.
Guztiarekin ere, gai horri buruz, arau zehatzagoak ezarri ahal izango dira
beste lege batzuetan.
VI. idazpuruan hiru puntu
jasotzen dira: administrazio-maila bakoitzaren eskumenak finantzatzeko
irizpideak eta bideak, finantzaketarako lankidetza eta erabiltzaileek
finantzaketan duten partea.
Sistema horretan,
halaber, galduan emandako dirulaguntzen ordez, kontraprestazio-itunak egingo
dira arian-arian, kudeaketan parte hartzen duten eragileen artean.
Amaitzeko, VII.
idazpurua. Zigor-jarduketa guztiak legearen barruan bete behar direnez
nahitaez, arau-hausteen eta zigorren zerrenda finkatzen da bertan, segurtasun
juridikorik estuena zainduz, ikuskatzailetzaren lana benetan eraginkorra izan
dadin.
I IDAZPURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Atala - Legearen xedea
Lege
honen xedea, izan ere, herritar guztiek gizarte-zerbitzuak jasotzeko duten
eskubidea Euskal Autonomi Elkartean sustatu eta bermatzea da. Horretarako,
herrierantzukizuneko gizarte-zerbitzuak emateko sistema osatu bat antolatu eta
egituratuko da. Azken batean,
- gizarteko bazterketa eta desberdintasunak
sortarazten dituzten arrazoiei aurrea hartu eta erauzi egin nahi dira
arrazoiok,
- norbanakoak
eta taldeak gizarteratzea lortu, eta
- norbanakoak
eta taldeak oso-osorik eta askatasunez garatzeko bideak zabaldu, horretarako
oraingo gizarte-ereduari egokituz.
2. Atala - Gizarte-zerbitzuetako sistema
1.- Aurreko atalean finkatutako helburuak
lortzeko da gizarte-zerbitzuetako sistema. Sistema hori, bidenabar, jabetza
publikoko edo itundutako jabetza pribatuko baliabide, jarduera, prestazio eta
ekipamendu guztiek osatzen dute.
2.- Gizarte-ongizaterako politika orokorraren
baitan sartzen da gizartezerbitzuetako sistema, eta norbanakoen edo
gizartearen bizitzaren kalitate-maila handiagotzeko helburua edo norbanakoak
edo gizartea sustatzeko helburua duten beste zerbitzuekin koordinatuta eta
lankidetzan arituko da, administrazioari lotutakoak eta beste arlo batzuei
atxikitakoak badira zerbitzuok, hala nola kultura, hezkuntza, hirigintza eta
ekologi zerbitzuak.
Ildo honetan,
gizarte-zerbitzuen sistemak osasun-zerbitzuekin berariaz koordinatuta jokatuko
du, gizarte eta osasun-gunea zedarritzen eta garatzen ahalegindu ahal izateko.
3. Atala - Printzipio nagusiak
Hauek dira gizarte-zerbitzuetako sistema arautuko duten
printzipioak:
1.- Herri-agintarien
erantzukizuna.
Herri-agintarien erantzukizunekoa da gizarte-zerbitzuetako sistema.
Erantzukizun hori da, hain zuzen, herritarrek halako zerbitzuak jasotzeko duten
eskubidearen bermea.
Herri-agintariek eman beharko dituzte, eman, gizarte-zerbitzuak
sustatu eta zerbitzuok eraginkor jarduteko finantza-baliabideak, baliabide
teknikoak eta giza baliabideak, beti ere lehentasunez premiarik larrienei
babesa emanez.
Gizarte-zerbitzuak betetzeko, ekimen pribatuaren laguntza izango
dute herri-agintariek, ekimen publikoaren lagungarri gisa, lege honetan
ohartemandako moduan. Herri-agintarien ardura da, bestalde, irabazteko xederik
gabeko ekimen pribatuaren partaidetza sustatzea gizarte-zerbitzuak emateko.
2.- Elkartasuna.
Herri-agintariek elkartasuna sustatuko dute norbanakoen eta giza
taldeen harremanetan, bazterketa sortarazten duten arrazoiak gaindi daitezen.
Aparteko laguntza emango diete, bada, bolondresei eta erkidegoaren aldeko
ekintzei.
3.- Berdintasuna eta unibertsaltasuna.
Herritar guztiek dute gizarte-zerbitzuak jasotzeko eskubidea, eta
gizarteko premiei osotasunean erantzun beharko zaie. Ez da bereizketarik egingo
arraza, sexua, sexu-joera, egoera zibila, adina, ideologia edo sinesmena
arrazoitzat hartuta. Gure gizartearen baitan diren bereizketei aurrea hartu eta
gainditzeko asmoz ekintza positiboko neurriak hartu eta aukera eta
tratu-berdintasunerako politikak garatuko dira.
4.- Aurrezaintza, integrazioa eta
normalizazioa.
Gizarte-zerbitzuak aplikatzerakoan, lehentasuna izango dute
bazterketa sortarazten duten arrazoiei aurrea hartzeko direnak, edo bakoitzak
bere bizitza autonomiaz garatzeko mugak jartzen dituzten arrazoiei aurrea
hartzeko direnak. Era berean, herritarrak gizarteratzeko erabiliko dira
gizarte-zerbitzuak; bakoitza bere lagun-inguruan, familian eta gizartean
txertatu ahala gertatuko da hori. Horrez gain, ahaleginak egingo dira gizarte-zerbitzuak
jaso behar dituztenek laguntza-bazterketarik jasan ez dezaten, eta zerbitzu
publiko guztien ekintza normalizatuetan txertatuko dira.
5.- Gizartearen partaidetza.
Herritarrek gizarte-zerbitzuetan partaidetza demokratikoa izan
dezaten ahaleginduko dira herri-agintariak, lege honetan finkatutako bideak
erabiliz.
6.- Plangintza.
Herri-agintariek beren eskumenei atxikita dituzten baliabideen
programazio eta lehentasun-irizpideen arabera jardungo dute. Premiak, baita
gizartearen arazoak eta hauen arrazoiak ere, aztertu eta gero, erabilgarri
dituzten baliabideen arabera egin beharreko jarduerak eta zerbitzuak zehaztuko
ditu.
7.- Koordinazioa eta lankidetza.
Gizarte-zerbitzuetan diharduten herri-administrazioek
kooperazio-printzipioa erabiliko dute beren artean, eta itundutako ekimen
pribatuarekin lankidetzan arituko dira, gizartearen premiei eskabideen arabera
erantzuteko. Herri-erantzukizuneko entitateen eta entitate pribatuen arteko
lankidetza sustatuko dute, halaber, herri-agintariek.
8.- Deszentralizazioa.
Hurbiltasun-printzipioa kontuan hartuta, biztanleengandik ahalik eta
hurren dauden organo eta erakundeen esku utziko da gizarte-zerbitzuak ematea.
Deszentralizaziorik handiena lortzeko izango da, zerbitzuok, diren modukoak
direla, hala egiteko aukerarik uzten badute.
9.- Arreta pertsonalizatua.
Biztanleei laguntzarik onena emateko xedez, ahalegina egingo da,
ahal den guztietan, lege honetan jasotako zerbitzuak laguntza-unitate txikien
bidez ematen.
4. Atala - Eskubidea dutenak
1.- Europako Batasuneko herritartasuna duten
guztiek dute lege honetan araututako gizartezerbitzuak jasotzeko eskubidea,
nahiz Euskal Autonomi Elkartean bizi, nahiz igarobidean izan. Araudi bidez
finkatuko dira horretarako baldintzak.
2.- Zerbitzu horien onurak jaso ditzakete,
halaber, Europako Batasuneko herritartasunik izan ez eta Euskal Autonomi
Elkartean aurkitzen direnek, horretaz nazioarteko itunetan xedatutakoarekin bat
etorriz. Halakorik ez badago, elkarrekikotasun-printzipioa bete beharko da.
Dena dela, gizarte-zerbitzu
horien onurak jaso ditzakete Euskal Autonomi Elkartean aurkitzen diren
errefuxiatuek eta aberrigabeek.
5. Atala - Gizarte-zerbitzuetako sistemaren prestazio orokorrak
1.- Gizarte-zerbitzuetako
sisteman, gutxienez, honako prestazio hauek sartzen dira:
a) Gizarteak
dituen eskubide eta baliabideei buruz, herritarrei informazioa, balioespena eta
argibideak ematea.
b) Elkarbizitza-zerbitzuak
edo programak, dagokionari bere etxean laguntza emanez, edo beste era bateko
bizilekuak eskainiz.
c) Gizarteratzeko neurriak. Beste ezer baino
lehenago, bazterketa sortarazten duten arrazoiei aurrea hartuko zaie eta erauzi
egingo dira arrazoiok, arrisku-egoeran aurkitzen diren pertsona eta giza
taldeentzako programa egokiak erabiliz.
d) Elkartasuna
eta partaidetza sustatzeko neurriak.
2.- Gizarte-zerbitzuetako sistemaren
diru-prestazioak arau berezi aproposen bidez arautuko dira.
II IDAZPURUA
GIZARTE ZERBITZUETAKO SISTEMAREN ANTOLAKETA
6. Atala - Gizarte-zerbitzuetako sistemaren egitura
Gizarte-zerbitzuetako sistema honako maila
hauetan egituratzen da:
a) Oinarrizko
gizarte-zerbitzuak.
b) Gizarte-zerbitzu bereziak.
7. Atala - Oinarrizko gizarte-zerbitzua
1.- Gizarte-zerbitzuetako sistemaren oinarrizko
unitatea da oinarrizko gizartezerbitzua. Inolako bereizkeriarik egin gabe,
biztanle guztientzat da.
2.- Jarduketarako unitate balioanitzak eta
disziplina anitzekoak dira oinarrizko gizarte-zerbitzuak. Erkidegoaren aldeko
ekintzak garatzea da beren helburu nagusia. Horretarako, beren eraginpeko
eremuetan, gizarte-zerbitzuetako sistemako maila guztietara iristeko modua
koordinatu eta kudeatu behar dute.
3.- Hauek
dira oinarrizko gizarte-zerbitzuek dituzten egitekoak:
a) Gure
gizartean ditugun eskubide eta baliabideei buruz biztanleei informazioa,
balioespena eta argibideak emateko zentroak dira.
b) Elkarbizitza-zerbitzuak
edo programak beteko dituzte, dagokionari bere etxean laguntza emanez.
c) Norbanakoak,
familiak eta taldeak gizarteratzeko baliabideak eta bitartekoak ematera
zuzendutako esku-hartze programak beteko dituzte, lehentasun osoz
bazterketa-egoerei aurrea hartzeari arreta jarriaz.
d) Gizarteak
dituen premiei buruzko sentsibilizazio-programak egingo dituzte, eta
gizartearen partaidetza sustatuko dute erkidegoaren bizitza garatzeko.
e) Dagozkien
prestazioen izapideak kudeatuko dituzte.
f) Informazioa
prestatuko dute, homogeneizazioa, koordinazioa eta sistematizazioa irizpide
direla.
g) Gizartearen
baliabideak eraginkor erabiltzeko plangintzarako eta arrazionalizaziorako
oinarri izango dira gizarte-zerbitzuak, beren lurralde-eremuan gizarteak dituen
premiei antzemanez eta premiei erantzuterakoan sortutako akatsei antzemanez.
h) Gara
dezaketen antzerako beste edozein egiteko bete dezakete, berariaz halakorik
agintzen bazaie.
8. Atala - Gizarte-zerbitzu bereziak
1.- Gizarte-zerbitzu bereziak oinarrizko
gizarte-zerbitzuei manatu gabeko beste jardueren programazioa, ezarpena eta
kudeaketa egiteko berariazko laguntza-modua dira.
2.- Hauek
dira gizarte-zerbitzu bereziek dituzten egitekoak:
a) Zenbait
giza talde berezirentzat prestazioak ematen dituzten zentro eta zerbitzuak
kudeatu eta hornituko dituzte.
b) Gizarteak
emandako babes-sistema arruntak normaltasunez erabiltzeko zailtasun fisiko,
psikiko edo sozial larriak dituzten pertsonei prestazio teknikoak eman behar
dizkiete; ez, ordea, osasun arlokoak.
c) Baztertuta
bizitzeko arrisku larria duten giza taldeen bizitzako baldintzak
normalizatzeko, gizarteratzeko neurriak sustatu behar dituzte.
3.- Gizarte-zerbitzu berezietara iristeko,
aurrez oinarrizko gizarte-zerbitzuan hartu behar da sorospena.
III IDAZPURUA
ESKUMENAK AITORTZEA
9. Atala - Xedapen orokorrak
1.- Eusko Legebiltzarrari dagokio
gizarte-zerbitzuen legegintza-funtzioa.
2.- Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da arauak
garatzea eta zuzeneko ekintza burutzea, lege honek gizarte-zerbitzuei buruz
agintzen dizkion arloetan.
Lege honetan zuzeneko
ekintza esaten denean hauxe da esanahia: interes orokorrekoak direlako edo
baldintza ekonomikoak eta sozialak bereziak direlako, Euskal Autonomi Elkarteko
lurralde osoan bateratuta bete behar diren programak, zentroak edo zerbitzuei
buruz betearazte-eskumena duela.
Programa, zentro edo
zerbitzuren bat zuzeneko ekintzaren kontzeptuan sartzen dela onartzeko, Eusko
Jaurlaritzaren dekretuz deklaratu behar da baldintza horiek betetzen direla,
Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluak aldeko txostena egin eta gero.
3.- Lurralde historikoetako foru-aldundiei,
udalei eta bestelako toki-erakundeei dagokie gizarte-zerbitzuekiko arauak
betetzea, lege honetan eta legearen garapeneko arauetan xedatutakoarekin bat
etorriz.
10. Atala - Eusko Jaurlaritza
Gizarte-zerbitzuen
gaietan legegintza-ekimena eta araudiak egiteko ahalmena ditu Eusko
Jaurlaritzak, bere eskumena zabaltzen den eremuan. Eta, gainera, honako
egitekoak:
1.- Euskal Autonomi Elkarteko lurraldeko
gizarte-zerbitzuen plangintza orokorra egin behar du, lehentasunak zehazteko,
lurraldeen arteko desorekak baztertzeko eta, lege honen 3. atalean finkatutako
printzipioekin bat etorriz, gutxieneko babes-mailak bermatzeko, beti ere
foru-aldundiekin eta udalekin koordinatuta.
2.- Berak koordinatu behar ditu, bai
gizarte-zerbitzuei buruzko gaietan eskumenak dituzten administrazioen organo
guztien jarduerak, bai itundutako ekimen pribatuko sektoreen jarduerak,
gizarte-zerbitzuetako politika homogeneoa izango dela bermatzeko.
3.- Gizarte-zerbitzuak antolatu behar ditu.
Horretarako araututa utziko ditu, batetik, zentroak eta zerbitzuak ireki,
aldatu, jardunean jarri eta ixteko baldintzak, eta bestetik, langileen
trebakuntza; orobat, baimenak eman, itunak egin, homologazioa lortu eta
ikuskapena egiteko arauak ezarriko ditu.
4.- Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzaren
eskumenean sartzen diren programa, zentro edo zerbitzuak sortu behar ditu eta
horien mantenimendua eta kudeaketa egin.
5.- Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzaren
eskumeneko entitateen ikuskapena egin behar du.
6.- Gizarte-zerbitzuen estatistiken plangintza,
koordinazioa eta taxuketa burutu behar ditu, baita estatistikak egin eta
egunean zaindu ere, Euskadiko Autonomia-Elkartearen Estatistikari buruzko
apirilaren 23ko 4/1986 Legearen arabera. Udalek, foru-aldundiek eta beste
erakundeek emandako datuetan oinarrituta egin ahal izango ditu estatistikak. Aipatu estatistiketan datuak generoka
bereizirik emango dira.
7.- Gizarte Zerbitzuen
Erregistro Nagusia sortu eta horren mantenimendua egin behar du. Eusko
Jaurlaritzak zuzeneko ekintzarako dituen eskumenen indarrez sortutako zentro
eta zerbitzuen sorrera, aldaketak, zigorrak eta itxierak jasoko dira bertan,
gutxienez. Horrez gain, foru-aldundi bakoitzaren erregistroan egindako
inskripzioak ere erregistro nagusian jaso eta gehituko dira, informaziorako
balio dezaten.
8.- Iraskundeen tutoretza bete behar du eta
ongintza eta laguntzako beste erakundeekiko administrazio-harremanak lotu behar
ditu, Euskal Autonomi Elkarteko lurralde-eremuan gizarte-zerbi-tzuak betetzen
dituzten iraskunde eta erakundeekin; berentzako arau berezien arabera garatuko
dira.
9.- Gizartearen arazoen arrazoiak eta horiei
aurre egiteko baliabideak aztertu eta ikertu behar ditu, arlo horretan
diharduten erakundeei aholku teknikoak eta informazioa emateko.
10.- Eusko Jaurlaritzak zigortzeko ahalmena izango
du, bere zuzeneko ekintzaren eskumenekoak diren erakundeekiko, lege honetako
VII. idazpuruan eta legearen garapeneko beste arauetan jasotako moduan.
11. Atala - Foru-aldundiak
Gizarte-zerbitzuak
emateko, honakoak izango dira foru-aldundien eskumeneko egitekoak, beti ere,
bakoitzaren lurralde-eremuan:
1.- Araudiak egin behar dituzte,
gizarte-zerbitzuak emateko bere zerbitzuak antolatzeko.
2.- Beren lurralde-eremuetako
gizarte-zerbitzuak programatu behar dituzte, Eusko Jaurlaritzak ezarritako
plangintza orokorrarekin eta lurralde bakoitzeko udalek ohartemandako
programazioarekin bat etorriz.
3.- Gizarte-zerbitzu bereziak sortu, kudeatu
eta horien mantenimendua egin behar dute, legeak halakoen kudeaketa Eusko
Jaurlaritzari edo udalei egotzi ez badie.
4.- Beren titularitateko programa, zentro eta
zerbitzuen ikuskapena eta kontrola egin behar dute, baita foru-aldundien
diru-ekarpen bereziak jasotzen dituzten udalerrietakoenak eta beren
lurraldeetan kokatuta dauden pribatuenenak ere.
5.- Lurralde bakoitzean bete behar diren
premiak aztertu eta zehaztu behar dituzte, baita premiei erantzuteko beharrezko
baliabideen mailaz mailako programazioa egin ere, udalekin koordinatuta.
6.- Udalei, beste toki-erakundeei eta
gizarte-zerbitzuetako itundutako ekimen pribatuari laguntza teknikoa eta
aholkularitza eman behar diete.
7.- Beren eskumenen eremuan gizarte-zerbitzuak
kudeatu eta garatzeko, udalen, baliatzaileen, baliatzaile-erakundeen eta
profesionalen partaidetza sustatu behar dute.
8.- Udaletako gizarte-zerbitzu mankomunatuak
sustatu eta indartu behar dituzte.
9.- Beren lurraldeetan kokatutako zerbitzu eta
zentro pribatuei baimenak eman eta homologatu egin behar dituzte.
10.- Gizarte Zerbitzuen Foru Erregistroa sortu eta
horren mantenimendua egin behar dute. Beren eskumenetako eremuan eratutako
zentro eta zerbitzuen sorrera, aldaketak eta itxierak jasoko dira bertan,
gutxienez. Horrez gain, haien baimenak, itunak eta homologazioak jasoko dira,
ezarritako isunekin batera, baita araudiz ezar daitekeen beste edozein gorabehera
ere. Euskal Autonomi Elkarteko erregistro nagusiari bidali beharko zaio
inskripzio horien kopia bat; beste bat, udalari edo dagokion udal-erakundeari.
11.- Gizarte-zerbitzuen premia eta zerbitzuei
buruzko estatistikak egunean eduki behar dituzte beren lurralde-eremuetan. Hala
ere, lege honen 10.7 atalean xedatutakoa bete beharko da, Euskadiko
Autonomia-Elkarteko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen
arabera.
12.- Zigortzeko ahalmena izango dute, beren
eskumenetako eremuan, lege honetako VII. idazpuruan eta legearen garapeneko
beste arauetan jasotako moduan.
12. Atala - Udalak
Hauek dira udalek bete
behar dituzten zerbitzuak, edo bakoitzak bakarrik edo beste batzuekin
elkartuta:
1.- Udalerri guztietan egongo da oinarrizko
gizarte-zerbitzua.
2.- 20.000 biztanletik gorako udalerri
guztietan, oinarrizko gizarte-zerbitzuaz gain, kasu larrietan jendea hartzeko
zerbitzuak egongo dira, loiamendurik ezak edo elkarrekin bizi izateko gatazka
latzek sortutako zenbait egoera larriri erantzuteko; herritarren elkartasuna
eta elkarbizitza errraztuko duten zentroak ere egongo dira.
13. Atala - Udalen eskumenak
Gizarte-zerbitzuak
emateko, honakoak izango dira udalen eskumeneko egitekoak, beti ere,
bakoitzaren lurralde-eremuan:
1.- Aurreko atalean zehaztutako
gizarte-zerbitzuak sortu, antolatu , kudeatu eta arautu behar dituzte.
Antzemandako premien arabera ezarri eta kokatuko dira, deszentralizazioa,
malgutasuna eta herritarrenganako hurbiltasuna irizpide direla.
2.- Gizarte-zerbitzuetako programazioa egin
behar du udal bakoitzak, Eusko Juarlaritzaren plangintza nagusian eta
foru-aldundi bakoitzaren programazioan finkatutakoaren arabera.
3.- Herritarren elkartasuna eta partaidetza
sustatu behar dute udalaren gizartezerbitzuen programekiko.
4.- Gizarteak udalerri bakoitzean dituen
premiei antzeman behar diete, lege honetako 10.6 eta 11.11 ataletan
ohartemandakoarekin bat etorriz estatistikak egiteko laguntza emanez.
5.- Udalerrian nabaritzen diren gizartearen
arazoei buruzko ikerketak eta azterlanak sustatu eta egin behar dituzte, baita
egon dauden premia eta baliabideei buruzkoak ere.
6.- Lege honetako 12. atalean zehaztutako beren
eskumeneko gizartezerbitzuen ikuskapena eta kontrola egin behar dute.
7.- Zigortzeko ahalmena izango dute lege honetako
12. atalean zehaztutako beren eskumeneko gizarte-zerbitzuei buruz, hain zuzen,
lege honetako VII. idazpuruan eta legearen garapeneko beste arauetan jasotako
moduan.
14. Atala - Eskuordetza edo mandatua
Herri-erakundeen
kudeaketa eta gizarte-zerbitzuen baliatzaileekiko arreta eraginkorra izan
dadin, herri-administrazioek eskuordetzan utzi ahal izango dizkiote elkarri
bakoitzak dituen eskumenak, edo, bestela, elkarri manatu ahal izango diote
beren zerbitzuak betetzea, beti ere, zuzenbide-antolamenduan aurreikusitako
bideak erabiliz.
IV IDAZPURUA
ORGANO AHOLKU EMAILEAK ETA PARTAIDETZAKO ORGANOAK
15. Atala - Parte hartzeko bermea
Herritarrek
gizarte-zerbitzuen plangintza eta ebaluazioa egiten parte hartuko dutela
bermatuko dute Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, hurrengo
ataletan ezarritakoaren arabera.
16. Atala - Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseilua
1.- Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseilua aholkularitza-organo
bat da Eusko Jaurlaritzaren barruan, gai horretan eskumenak dituen sailari
atxikia. Kontseilu horretan ordezkariak izango dituzte bai Eusko Jaurlaritzak,
foru-aldundiek eta udalek, zein sindikatuek eta erabiltzaileen,
gizarte-bolondresen eta gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten profesionalen
erakundeek.
2.- Kontseilua, bestalde, hainbanan osatuko
dute, alde batetik, herriadministrazioen ordezkariek, eta bestetik, lehen
aipatutako gainerako antolakundeek. Araudi bidez ezarriko ditu Eusko
Jaurlaritzak kontseiluaren osaera, araubidea eta jarduera.
3.- Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluak,
bere egitekoak hobeto betetzeko, egoki irizten dien pertsonen, instituzioen eta
elkarteen partaidetza eska lezake.
17. Atala - Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren egitekoak
Hauek dira Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren egitekoak:
1.- Derrigorrez
egin behar du txostena, eskatzen zaionetik hamabost eguneko epean, honako
kasuetan:
a) Gizarte-zerbitzuei
buruzko lege-egitas-moetarako.
b) Gizarte-zerbitzuei
buruzko dekretu eta araudiak prestatzeko egitasmoetarako.
c) EAEko
lurralde-eremuko programa eta plan orokorrak edo arlokakoak egiteko.
2.- Gizarte-zerbitzuen gaineko edozein gairi
buruz, Eusko Jaurlaritzari proposamenak eta ekimenak aurkeztu behar dizkio, eta
aholkua eman.
3.- Eusko
Jaurlaritzak, bestalde, informazioa eman behar dio kontseiluari honako gaiei
buruz:
a) Gizarte-zerbitzuen
aurrekontu-programei buruz, onartu baino lehen.
b) Orokorrean,
arloka edo lurraldeka dauden programak eta planak bete direnentz jakiteko
egindako jarraipen eta ebaluazioari buruz.
c) Lege
hau ez betetzeagatik Euskal Autonomi Elkartean ezarritako zigorrei buruz,
aldiro.
d) Erakunde
pribatuei emandako dirulaguntzen eta laguntzei buruz, aldiro.
4.- Urtero egingo du txosten bat, eta gero
Eusko Jaurlaritzari bidali, gizarte-zerbitzuek Euskal Autonomi Elkartean duten
egoerari buruz. Horren jakitun jarriko du Eusko Jaurlaritzak Eusko
Legebiltzarra.
5.- Lege hau garatzeko araudietan edo indarrean
dauden arauetan egotz dakiokeen beste edozein egiteko.
18. Atala - Gizarte-ongizaterako lurralde-kontseiluak
Lurralde historiko
bakoitzean gizarte-ongizaterako lurralde-kontseilu bana ezar daiteke.
Foru-aldundi bakoitzak ezarriko ditu bere kontseiluaren egitekoa, osaera,
araubidea eta jarduera.
19. Atala - Gizarte-ongizaterako udal-kontseiluak
1.- Udalerrietan edo udalaz gaineko
erakundeetan gizarte-ongizaterako kontseiluak eratu ahal izango dira,
udalerriko edo udalaz gaineko erakundeetako gizartezerbitzuen antolamendu,
plangintza eta jarduerari buruz kontsultak jaso eta aholkuak emateko.
2.- Gizarte-zerbitzuak nolakoak izan behar
diren zehazteko, herritarren partaidetza sustatu beharko dute
gizarte-ongizaterako udal-kontseiluek, eskumenak dituzten erakundeei jarduteko
proposamenak egin eta eztabaidak bideratuz.
20. Atala - Erabiltzaileen partaidetza
Gizarte-zerbitzuak betetzen dituzten
zentro eta zerbitzu publikoen eta itundutako zentro pribatuen kudeaketan
partaidetza izango dela bermatuko dute Euskal Autonomi Elkarteko
herri-agintariek honako hauen bidez:
a) Partaidetzarako
organoak. Horietan parte hartuko dute sindikatuek eta erabiltzaileen,
gizarte-bolondresen eta gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten profesionalen
erakundeek. Eskumenak dituen administrazioak arautuko ditu horien osaera eta
egitekoak.
b) Erabiltzaileak.
Horiek zuzenean hartuko dute parte zerbitzuak betetzeko garaian.
V IDAZPURUA
HERRI ERAKUNDEEN ESKU HARTZEA ETA EKIMEN PRIBATUAREN PARTAIDETZA
21. Atala - Zentro eta zerbitzu publikoen sorrera
Titularitate publikoko
zentro eta gizarte-zerbitzuak sortzeko, lege honetan eta legearen garapenerako
araudietan ezarritako baldintzak eta eskakizunak bete behar dira, prestazioen
kalitateari eta bermeari dagokienez.
22. Atala - Administrazioaren baimenak
1.- Gizarte-zerbitzuak betetzeko, gutxieneko
kalitate-maila bat bermatu behar da. Horretarako, Euskal Autonomi Elkartean
diharduten titularitate pribatuko zentro eta zerbitzuek administrazioaren
baimena behar dute instalatu eta jarduteko, baita hasierako egitura eta
araubideari aldaketak ezarri ahal izateko ere. Zentro eta zerbitzu horiek itxiz
gero, baimena eman dien administrazioari jakinaraziko beharko zaio.
2.- Baimen horiek, hala ere, iraungi egingo
dira, jakinarazpenetik urtebete igaro arren baimendutako jarduerei ekin ez
bazaie, edo jarduerok urtebetez etenda egoten badira.
23. Atala - Ikuskapena
1.- Puntu hauetan gauzatzen da administrazioak
ikuskapena egiteko duen ahalmena: gizarte-zerbitzuei buruzko lege-xedapenak
betetzen diren edo betetzen ez diren zaindu, kontrolatu eta egiaztatzean.
2.- Lege honen ondorioetarako, administrazio
bakoitzean ikuskapena egiten duten langileak agintaritzaren agente izango dira.
3.- Ikuskapena
egiteko, ondorengo irizpide nagusiak bete beharko dira. Irizpideok araudiz
garatuko dira, eta hauek dira:
a) Gizarte-zerbitzuak
erabiltzen dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen direla zaindu behar da.
b) Ebaluazioa
egiten denean, kantitatea eta kalitatea, biak neurtu behar dira, zerbitzuei eta
zentroei baimena eman eta homologazioa onartu zitzaienean agindutakoa betetzen
dutela egiaztatzeko. Berebiziko arreta jarriko zaie, bestalde, erabiltzaileek
edo beren familiek aurkeztutako arrangurei.
c) Ebaluazioa
eta pedagogi lana egin beharrekoak dira, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.
4.- Zentroen eta gizarte-zerbitzuen
erantzukizuna duten pertsonek eta bertako ordezkariek eta enplegatuek erraztu
egin beharko dituzte ikuskapena egiteko bideak. Horretarako, dependentzia, obra
eta instalazioetara iristen utziko diete ikuskatzaileei, baita liburuak eta
erregistroak eskuratu ere, eta, orokorrean, egintzak hobeto ezagutu eta
ikuskapena lortzeko bide guztiak irekiko dituzte.
24. Atala - Zuhurtasunezko neurriak
Zentro edo zerbitzuren baten erabiltzaileen osasun edo
segurtasunerako arriskuren bat egon badago edo susmoak agertzen badira,
arrisku-egoera horretarako egokiak diren neurriak hartuko ditu eskumenak dituen
administrazioak. Erabakia hartzeko izandako arrazoiak azaldu beharko ditu, eta
neurriok ez dira zigortzaileak izango.
Neurri horien ondorioz
mugapenik sortzen bada, lortu nahi diren helburuen araberakoak izan beharko
dira.
25. Atala - Ekimen pribatuarekin egindako itunak
1.- Herri-administrazioek, bakoitzak bere
eskumenen eremuan, itunak, hitzarmenak edo lankidetza-formulak ezar ditzakete,
beste batzuen baliabideekin gizarte-zerbitzuak betetzeko.
Horretarako, eta aldez
aurretik, herri-administrazioek ahal denik eta ondoen erabili beharko dituzte
beren baliabideak.
2.- Herri-administrazio bakoitzak, ituna egin
aurretik, gizarte-zerbitzuak betetzen dituzten zentro eta zerbitzu pribatuak
homologatu beharko ditu.
3.- Eusko Jaurlaritzak finkatuko ditu, araudi
bidez, aurreko ataletan aipatutako homologazioa eta itunak egiteko eskakizunak
eta gutxienezko oinarrizko baldintza komunak. Edozelan ere, zerbitzuaren
kalitatea, eraginkortasuna eta kostu ekonomiko eta soziala izango dira irizpide
nagusiak.
4.- Itunak egin behar direnean,
eraginkortasuna, kalitatea eta kostua berdintsuak badira, irabazteko xederik
gabeko erakundeek betetako gizarte-zerbitzuei emango diete lehentasuna
herri-administrazioek, batez ere gizartean eta diruari dagokionez baldintza
txarretan aurkitzen diren erabiltzaileei jaramon egiten badiete.
26. Atala - Irabazteko xederik gabeko erakundeak
1.- Gizarte-zerbitzuak betetzen dituzten
irabazteko xederik gabeko erakundeak herrionurakotzat aitortu ahal izango
dira, beren egitura juridikoko lege berezietan aurreikusitako moduan.
2.- Gizarte-zerbitzuak betetzen dituzten
irabazteko xederik gabeko erakundeek lehentasuna izango dute dirulaguntzak eta
laguntzak hartzeko garaian, helburu horiek betetzeko bada. Nolanahi ere, aldez
aurretik homologatuta egon behar dira.
27. Atala - Gizarte-bolondresak
Gizarte-zerbitzuen arloan
eskumenak dituzten herri-administrazioek elkartasuna sustatuko dute bolondresen
lanaren bidez, lege honetan araututako jardueretan.
VI IDAZPURUA
GIZARTE ZERBITZUEN FINANTZAKETA
28. Atala - Finantzaketa-iturriak
Herri-erantzukizuneko
gizarte-zerbitzuetako sistemaren finantzaketa honela egingo da:
a) Euskal
Autonomi Elkarteko Aurrekontu Nagusiekin.
b) Lurralde
historikoetako aurrekontu nagusiekin.
c) Udalen
aurrekontuekin.
d) Erabiltzaileen
ekarpenekin.
e) Egin
dadin beste edozein ekarpenekin.
29. Atala - Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzak urtero izendatuko ditu
kopuru batzuk Aurrekontu Nagusietan, lege honetan berari egotzitako eskumenak
betetzetik sortutako gastuei aurre egiteko.
30. Atala - Foru-aldundiak
1.- Foru-aldundiek urtero izendatuko dituzte
kopuru batzuk beren aurrekontuetan, lege honetan egotzitako eskumenak betetzeko
sortutako gastuak finantzatzeko behar diren bestean.
2.- Aldundi bakoitzak beste diru-kopuru batzuk
ere izendatuko ditu onartutako programa edo zerbitzu osagarriak finantzatzeko,
udalen edo udalaz gaineko erakundeen jarduerak bermatzeko ezinbestekoak diren
neurrian.
31. Atala - Udalak
Udalek
diru-izendapen bereziak egingo dituzte beren aurrekontuetan, dagozkien
gizarte-zerbitzuak sortu eta kudeatzeko eta zerbitzuon mantenimendua egiteko.
32. Atala - Finantzaketarako lankidetza
1.- Finantzaketarako lankidetza erabiliko dute
herri-administrazioek beren artean eta beste erakunde batzuekin. Galduan eta
aukeran emandako dirulaguntzen ordez, arianarian formula baldintzatuak
ezartzeari ekingo zaio, arloaren plangintzan aipatutako helburuak betetzeko
izan daitezen.
2.- Lankidetzarako
hitzarmenen edo kontratu-programen bidez gauzatuko da herri-administrazioen arteko
lankidetza. Edo, bestela, indarrean dauden legeetan araututako beste edozein
formula erabili ahal izango da, zehaztutako helburuak bete eta finantzen
kontrola estu egingo dela bermatzeko.
33. Atala - Erabiltzaileen partaidetza
1.- Titularitate publikoko zentro eta
zerbitzuak edo titularitate pribatuko itundutako zentro eta zerbitzuak
finantzatzeko, erabiltzaileek parte hartu behar dutela erabaki dezakete
eskumena duten Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek. Lege honetan
ezarri eta araudiz garatuko diren irizpide orokorren arabera egingo da hori.
2.- Erabiltzaileek
finantzaketan izan behar duten partaidetza zehazteko, honako irizpide hauek
neurtuko dira beti:
a) Zerbitzuaren kostuak.
b) Erabiltzailea zenbateraino
baliatzen den zerbitzuaz.
c) Erabiltzailearen
diru-sarrerak edo ondasunak edo, hala dagokionean, horri laguntzera legez
behartuta daudenenak, kontuan izanik azken hauen famili, gizarte eta ekonomi
egoera.
Legez behartuta daudenen
partaidetza soilik izango da exijigarri, horien famili unitatea kide batek edo
bik osatutakoa izanik, famili unitate horren diru-sarrerak profesioarteko
gutxienezko lansariaren bi halakotik gorakoak direnean. Muga horrek, esandako
famili unitatea osatzera sartzen den kide bakoitzeko, profesioarteko gutxienezko
lansariaren erdiaren pareko gehikuntza izango du.
Idazati honetan
aurreikusitakoaren ondorioetarako, baliatzailea ez da famili unitatearen
osakidetzat joko.
Baliatzaileei beti
bermatuko zaie diru-kopuru bat eurek nahi dutenerako.
3.- Erabiltzaile bat ere ez da zerbitzurik gabe
geldituko, nahiko diru-baliabiderik ez duelako.
4.- Erabiltzaile bakoitzak zerbitzuaren kostua
kitatzeko egindako ekarpenak inola ere ezingo du baldintzatu emandako
zerbitzuaren kalitatea.
VII IDAZPURUA
ARAU HAUSTEAK ETA ZIGORRAK
34. Atala - Arau-hausteak
1.- Gizarte-zerbitzuen eremuko
administra-zioarekiko arau-hausteen sailkapenean sartzen dira lege honetan
zehaztutako ekintza eta omisioak. Hala eta guztiz ere, izan daitezke beste era
bateko erantzukizunak ere, esaterako, zibilak eta penalak.
2.- Arau-hausteak arinak, larriak eta oso
larriak izan daitezke.
35. Atala - Arau-hauste arinak
Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Lokalak,
instalazioak, altzariak edo tresnak akatsez zaindu edo erabiltzea, beti ere
erabiltzaileei kalte larririk eragin gabe.
b) Titularrak
edo langileen zerrendak aldatu arren, ezarritako epeetan ez iragartzea.
c) Erabiltzaileei
egokia ez den sorospena ematea, beti ere kalte larririk eragiten ez bazaie.
d) Gizarte-zerbitzuei
buruz lege honetan larri edo oso larritzat hartzen ez den beste edozein arau
bete gabe uztea.
36. Atala - Arau-hauste larriak
Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Gizarte-zerbitzuetako jarduerak
gauzatzerakoan, ezarritako arauak funtsean ez betetzea.
b) Eraikinetako edo bertako dependentzietako
egitura fisikoan funtsezko aldaketak egitea, baimena mantendu edo ezabatzeari
dagokionez aldaketa horiek eraginik izan badezakete.
c) Zentroetako plazak baimenik gabe gehitzea.
d) Indarrean dauden arauek zerbitzu bakoitzerako
izendatutako dependentziak, lokalak, altzariak edo ibilgailuak barik, hagitz
beste batzuk erabiltzea.
e) Egin beharreko zuzenketei buruz
ikuskatzaileak emandako aginduak bete gabe uztea.
f) Gizarte-zerbitzuetako zentro edo
establezimenduei baimena eta homologazioa emateko funtsezkoak diren alderdiak
doloz aldatzea.
g) Egokia
ez den sorospena ematea, erabiltzaileari kalte handiak eraginez.
h) Baimenik
izan gabe, emandako zerbitzuen prezioak aldatzea.
i) Legeak
edo araudiak onartutako eskubideen gozamena zaildu edo eragoztea zerbitzuon
erabiltzaileei.
j) Administrazioari
eta gizarteari aurkeztutako jardueretan irabaziak izateko asmoak ezkutatzea,
horrelako asmorik gabekotzat aurkeztuz.
k) Laguntza
publikoak emandakoan, jarritako helburuetarako barik, beste batzuetarako
erabiltzea.
l) Ikuskatzailetza
publikoaren zerbitzuen jarduera eragotzi edo guztiz ukatzea.
m) Administrazioak
eskatutako agiriak eta zehaztasunak aizuntzea.
n) Erabiltzaileen
nortasunari eta beren osasunari buruzko zehaztasunei zor zaien zuhurtzia eta
isilpekotasuna ez betetzea.
ñ) Erabiltzaileek
beren intimitatea gordetzeko duten eskubidea ez errespetatzea.
o) Zentroa
edo zerbitzua erabiltzen duten pertsonen ondasun eta diruak administratu, jagon
eta erabiltzerakoan argi eta gardentasunez ez jokatzea.
p) Arau-hauste
arinetan behin eta berriz erortzea.
37. Atala - Oso arau-hauste larriak
Aurreko atalean
zehaztutako arau-hausteak oso larritzat kalifikatuko dira gizarte-gainbeherako
oso arrisku larria sortzen badute edo erabiltzaileei halako kalteak eragiten
badizkiete. Oso larritzat hartuko dira, halaber, behin eta berriz egindako
arau-hauste larriak.
38. Atala - Behin eta berriz erortzea
Lege honen
ondorioetarako, norbait behin eta berriz erori dela ulertuko da arauhausteak
egin dituztenek bi urtean zehar izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago
egin badute, eta erabaki irmoz hala deklaratu bada.
39. Atala - Erantzukizuna
Gizarte-zerbitzuetan
egindako arau-hausteen administrazioarekiko erantzukizuna arau-haustea egin
dezan pertsona fisiko edo pertsona juridikoari egotziko zaio, eta berarekin
batera, solidario, zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisiko edo
juridikoari, zaintza-betebeharrak hausteagatik erantzule den heinean.
Administrazioarekiko
erantzukizunekoak diren egintzak Kode Penalean delitu edo hutsegitetzat
tipifikatu badaitezke, eten egin beharko da zigor-espedientea harik eta
epaileek erabakia eman arte. Hala ere, lege honen 43. atalaren indarrez
onartutako aldibaterako neurriek indarrean jarraituko dute, neurriok hartzeko
izandako arrazoiak oraindik ere lehengoan badira.
40. Atala - Zigor-motak
Gizarte-zerbitzuetako arau-hausteei
ezarriko zaizkien zigorrak hauek dira:
a) Ohartarazpena.
b) Isuna.
c) Dirulaguntza
etetea edo ituna ezeztatzea.
d) Euskal
Autonomi Elkarteko edozein laguntza publiko hartzeko debekua, urtebete eta bost
urte bitarteko aldian.
e) Zentroa
edo zerbitzua aldibaterako ixtea, guztiz edo zati batean. Hamabi hilabetera
arte egon daiteke itxita.
f) Zentroa
edo zerbitzua behin-betiko ixtea, guztiz edo zati batean.
g) Zentro
edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldibaterako
gaitasungabetzea, hiru eta bost urte bitarterako, gizarte-zerbitzuak ematen
dituzten zentro edo zerbitzuen titular izateko.
41. Atala - Zigorren mailak
1.- Isunen
zenbatekoa zehazteko eta bestelako zigorrak ezartzeko, eskumenak dituen
organoak honako irizpideok erabiliko ditu mailak zehazteko:
a) Eragindako
kalte fisiko, moral eta materialak.
b) Sortutako arriskua.
c) Erruduntasun-maila
eta asmo makurra.
d) Arau-hauslea
lehen ere arau-hauste bera egina izatea.
e) Zerbitzu-mota.
2.- Jardunbidea hasiarazi zuten akatsak guztiz
zuzenduta daudela egiaztatzen bada, kontuan hartzeko modukoa izango da hori
zigorra balioetsi eta mailakatzeko orduan. Zuzenbidean balio duen edozein bide
erabil daiteke egiaztapena egiteko, baina instantziaren erabakia eman aurretik
egin behar da.
42. Atala - Zigorrak ezartzea
Honela ezarriko dira zigorrak:
a) Arau-hauste
arinak zigortzeko, ohartarazpena eta/edo 100.000 PTArainoko isuna ezarriko da.
b) Arau-hauste
larriak zigortzeko, 1.000.000 PTArainoko isuna ezarriko da.
Zigortzeko
eskumenak dituzten agintariek honako erabakiak har ditzakete:
- Dirulaguntzak
eten edo ituna ezeztatzea.
- Euskal Autonomi
Elkarteko edozein laguntza publiko hartzeko debekua, urtebete eta bost urte
bitarteko aldian.
c) Oso
arau-hauste larriak zigortzeko, 10.000.000 PTArainoko isunak ezarriko dira.
Zigortzeko eskumenak
dituzten agintariek honako erabakiak ere har ditzakete:
- Zentroa edo zerbitzua
aldibaterako ixtea, guztiz edo zati batean. Hamabi hilabetera arte egon daiteke
itxita.
- Zentroa edo zerbitzua
behin-betiko ixtea, guztiz edo zati batean. Hala erabaki dezakete, egindako
arau-hausteak inondik inora zuzendu ezinekoak direnan edo, zuzentzeko moduak
izan arren, agindutako epean egin ez badira.
- Arau-haustea gertatu den
zentro edo zerbitzuaren titularra, pertsona fisikoa edo juridikoa izanda ere,
gizarte-zerbitzuak ematen dituzten zentro edo zerbitzuen titular izateko
gaitasungabetu daiteke aldibaterako, hiru eta bost urte bitarterako.
43. Atala - Behin-behineko neurriak
Zigor-jardunbidea
hasi eta gero, ezar daitekeen erabakiaren eraginkortasuna bermatzeko egoki
iritzitako behin-behineko neurriak har ditzake erabakitzeko eskumenak dituen
administrazioko organoak, neurri horiek hartzeko dauden arrazoiak azalduz.
Ezingo
da interesatuei kalte konpongaitzak edo konponezinak sortu ahal dizkien
behin-behineko neurririk hartu.
44. Atala - Iraungipenak
Lege
honetan ohartemandako gaietan egindako administrazioarekiko arauhausteak
honela iraungiko dira: oso larriak direnak, urte bira; larriak, hamabi
hilabetera, eta arinak, sei hilabetera. Kasu guztietan,
arau-haustea egin zen eguna izango da epea kontatzeko hasierako eguna.
Lege honen arabera
ezarritako zigorrak iraungitzeko epeak hauek dira: oso larrietan, urtebete;
larrietan, sei hilabete; arinetan, azkenik, hiru hilabete. Kasu guztietan,
zigorra ezartzen duen erabakia irmo bilakatzen den egunaren biharamunetik
kontutako dira epeak.
45. Atala - Zigortzeko jardunbidea
Araudi bidez finkatuko da
zigortzeko jardunbidea, Herri Administrazioen Araubidearen eta Guztientzako
Administrazio Jardunbidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako
printzipioen arabera.
46. Atala - Zigorrak erregistroan jaso eta argitaratzea
1.- Lege honetan araututako erregistro
guztietan zigorretarako sail bat egongo da. Era guztietako arau-hausteak direla
eta hartutako erabaki irmoak idatziko dira bertan.
2.- Arau-hausteak larriak edo oso larriak
direnean, zigorrak irmoak badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta
bakoitzaren lurralde historikoko aldizkarian argitaratu beharko dira.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa
Euskal Autonomi Elkarteko
herri-administrazioek, diru-baliabideekin eta baliabide teknikoekin,
laguntasuna eman ahal izango diete ekimen esperimentalei, konponbide
berritzaileak ekartzeko modukoak badira eta lege honetan aurreikusitako
helburuekin bat badatoz.
Bigarrena
Eusko Jaurlaritzari
baimena ematen zaio lege honetako 40. atalean aurreikusitako zigorren
zenbatekoa eguneratzeko.
Hirugarrena
Eusko Jaurlaritzak,
urtebeteko epean, gutun bat egin eta onartuko du, Euskal Autonomi Elkarteko
eremuko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta
betebeharrak jasotzeko.
Laugarrena
Lege honetan eskumenak
banatuta dauden moduan daudelako, erakunde guztien artean egin beharko da
finantzaketaren banaketa ere.
Bosgarrena
Foru-aldundiek
gizarte-zerbitzuen gida egingo dute, eta bertan lurralde historikoan ematen
diren zerbitzuak oro bilduko dira.
Indargabetzeko Xedapena
Berariaz indargabetzen da
Gizarte-Zerbitzuei buruzko maiatzaren 20ko 6/1982 Legea, eta lege honen kontra egon
edo lege hau hausten duten beste xedapen guztiak.
Azken Xedapenak
Lehenengoa
Eusko Jaurlaritzaren
Kontseiluari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko araudiak eman ditzan.
Bigarrena
Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da
indarrean lege hau.