Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/2017 Legea, azaroaren 2koa, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua Sorrarazteari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legea aldatzen duena

2017-11-02

Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa

Argitalpena: EHAA, 2017/11/08, 213. zk. eta EAO, 2017/11/30, 291. zk.

EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA

2017ko azaroaren 8a, 213. zenbakia

 

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA

5329

4/2017 LEGEA, azaroaren 2koa, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua Sorrarazteari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legea aldatzen duena.

Eusko Legebiltzarrak 4/2017 Legea, azaroaren 2koa, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua Sorrarazteari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legea aldatzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, 2010eko urriaren 15ean, onetsi egin zuen mugimendu kooperatibistak euskal ekonomiaren aholkatzeko eta parte hartzeko organoetan parte hartzeari buruzko legez besteko proposamena, zeinak 1. apartatuan honela dioen:

«1.– Eusko Legebiltzarrak, oso positiboki baloratzen duelarik euskal kooperatibismoak Euskadiren ehundura produktibo eta sozioekonomikoari egiten dion ekarpena, euskal erakunde publikoei eskatzen die sakondu dezatela euskal mugimendu kooperatibistaren eta, oro har, gizarte-ekonomiaren aintzatespenean, eta eman ditzatela eman beharreko pausoak mugimendu horrek Euskadiko politika sozial eta ekonomikoak artikulatzen dituzten organo eta erakundeetan presentzia izan dezan».

Eztabaidaezinak dira gizarte-ekonomiaren ezarpena, eragina eta inplikazioa euskal ehundura industrialean. Horren bandera-ontzia, Mondragón korporazioa, ehun kooperatiba autonomo eta independentek baino gehiagok osatzen dute eta euskal enpresa-taldeetan lehena da eta hamargarrena Espainian. Kooperatibei dagokie EAEko BPGaren % 6, eta bertako enplegu guztiaren % 3,5, industriako enplegura mugatuz gero, % 7,8.

Arrazoizkoa da, beraz, Eusko Jaurlaritzak gizarte-ekonomiako ordezkari bat izenda dezala Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen Administrazio Kontseilurako, zeinaren helburu eta eginkizunek eragin zuzena baitute euskal industriaren sustapen, promozio eta hedapenean.

Artikulu bakarra.– Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua sorrarazteari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legearen 6. artikulua honela idatzita geratzen da:

«Administrazio Kontseiluan, beste enpresa-elkarte batzuen ordezkariez gain, gizarte-ekonomiako ordezkari bat egongo da. Ordezkari hori gizarte-ekonomiako arloan eskumena duen Jaurlaritzako saileko titularrak proposatuko dio industria arloan eskumena duen Jaurlaritzako saileko titularrari.

Jaurlaritzak izendatu eta, hala badagokio, kenduko ditu, industria arloan eskumena duen saileko titularraren proposamenari jarraiki, sozietate kudeatzailearen Administrazio Kontseiluan Autonomia Erkidegoak harpidetutako kapital sozialaren zatiari dagozkion kideak, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko dagokion batzordeari.

Bere helburuak hobeki betetzeko, sozietateak aholku-batzorde bat izendatuko du, fidagarritasuna eta lanbide-gaitasuna aitortzen zaizkien pertsonek osatua, Eusko Legebiltzarrari jakinarazi ondoren.

Jaurlaritzak, bestalde, sozietateko Administrazio Kontseiluko izendapenen berri emango dio batzorde parlamentarioari».

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 6a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

 
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra