4/2016 Legea, apirilaren 7koa, 1/2007 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena, aldatzekoa
2016-04-07Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa
Argitalpena: EHAA, 2016/04/15, 71. zk. eta EAO, 2016/05/02, 105. zk.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
2016ko apirilaren 15a, 71. zenbakia
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
1561
4/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, 1/2007 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena, aldatzekoa.
Eusko Legebiltzarrak 4/2016 Legea, apirilaren 7koa, 1/2007 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena, aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei
ZIOEN AZALPENA
1/2007 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko denak, administrazio-zerbitzuak emateagatiko tasak araupetzen ditu II. kapituluan.
40. artikuluan deskribatzen da Administrazio Orokorreko sail eta organismo autonomoek erregistro eta errolda ofizialetan inskripzioa egiteko administrazio-zerbitzua emateagatiko tasaren zerga-egitatea; bestalde, 41. artikuluan subjektu pasibo gisa definitzen dira zerbitzu horiek eskatzen edo hartzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak.
Erregistro eta errolda ofizialetan egiten den inskripzio bakoitzeko 3,60 euroko kuota ezarri da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen 44. artikuluak, halaber, zenbait salbuespen ezartzen ditu, administrazio-zerbitzu horiek emateagatiko tasari dagokionez.
Beste alde batetik, ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Etxebizitzarenak, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren mende dauden hainbat administrazio-erregistro sortu ditu, edo jarraipena eman die, doako izaera beren-beregi eman barik.
Horrek dakar aipatutako erregistroetan egindako inskripzioei aplika dakiekeela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 40.1.c) artikuluan zehaztutako tasa.
Uste da, emandako zerbitzu publikoa eta gure bezeroen karakterizazio sozioekonomikoa direla eta, ez dela egokia tasa hori kobratzea administrazio-zerbitzuen truke; halaber, uste da, erregulazioaren helburua sektorearen gardentasuna hobetzea denez, ez dela egokia administrazio-kostu gehigarriak ezartzea erregistro publikoen berezko administrazio-kargari. Horregatik, bidezko da pertsona hauek tasa ordaindu beharrik ez izatea eta salbuespenen zerrendan sartzea.
Artikulu bakarra.– Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko Legegintza Dekretuaren 44. artikulua, administrazio-zerbitzuak emateagatiko tasaren salbuespenei buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren 44. artikuluan i) letra berria gehitzen da, administrazio-zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasaren salbuespenen ingurukoa. Honako eduki hau du:
«i) Ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Etxebizitzarenak, arautzen dituen erregistroetan inskripzioa egin behar dituzten pertsonak».
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 7a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net