4/2012 Legea, otsailaren 23koa, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa
2012-02-23Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/3/5, 46. zk.; EAO, 2012/3/16, 65. zk.
§ 335. 4/2012 LEGEA,
otsailaREN 23KOA, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoA
ZIOEN
AZALPENA
Lan
Harremanen Kontseiluak oso esperientzia positiboa izan du kontsulta-organo gisa
eta sindikatu-erakunde eta -konfederazioen eta enpresari-konfederazioen arteko
etengabeko elkarrizketarako organo gisa, ekainaren 27ko 11/1997 Legearen pean.
Bereziki, garrantzitsua izan da Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren
aholku-erakunde gisa lan-esparruan egindako lana. Organo horrek jarrai dezan da
lege honen xedea, eta, orobat, haren eginkizunak zehazteko eta funtzionamendua
hobetzeko beharrezkoak diren zenbait erreforma egitea.
Hala
bada, funtsezko aldaketen arteko bat da, hain zuzen, kontseilu horrek
kontsulta-eginkizunak zein gairi buruz bete behar dituen zehaztasunez
zedarritzea, lan-harremanen esparrua argi zehaztuz. Bestalde, zabaldu egiten da
kontsultagai izango diren arau eta xedapenen maila.
Halaber,
erakunde horren organoak berrosatzeko aukera emango duen araudi bat ezartzen
da, erakundearen funtzionamendua ziurtatze aldera, eta indarrean dagoen esparru
juridikoak bermatzen duen parte-hartze instituzionalerako organo izateko
funtzio garrantzitsua sindikatzeko eta elkartzeko askatasunaren adierazpide
baita beteko duela ziurtatze aldera. Hala, kontuan hartuko da parte hartzeko
legitimatuta dauden subjektuek hasiera batean bederen legitimatuta daudenek
aukeran dutela organo horietan sartzea edo ez erabakitzea. Alde horretatik,
beharrezkotzat jo da, orobat, erabakiak hartzeko araudia gaien arabera
bereiztea eta lehendakariak Kontseiluko burua izendatu aurretik Kontseiluari
aldez aurreko kontsulta egin beharra ezartzea.
Azken
batean, aldaketa hauen xedea da Kontseilua lan-harremanen eremuko agente
sozialen arteko topaketarako eta elkarrizketarako eta lan-harremanen eremuko
kontsultarako organo goren gisa finkatzen laguntzea, orain arte ere frogatua
baitu harreman horiek Euskal Autonomia Erkidegoan behar bezala eratzen laguntzeko
egindako ekarpena.
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
artikulua. Izaera juridikoa
1. Kontseilua sindikatu-erakunde eta
-konfederazioen eta enpresari-konfederazioen arteko topaketarako eta etengabeko
elkarrizketarako organo bat da. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko
Legebiltzarrak lan-harremanen inguruan egin beharreko kontsultetarako erakunde
bat da.
2. Kontseiluak berezko nortasun juridikoa du,
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenaz bestelakoa, bai eta gaitasun
osoa ere bere eginkizunak betetzeko, lege honetan ezarritakoaren arabera.
3. Kontseilua zuzenbide publikoko erakundea da
eta erabateko autonomia eta beregaintasunez betetzen ditu bere eginkizunak,
Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren mende egon gabe.
4. Kontseiluaren jarduera-eremutik kanpo daude
kooperatiba-sozietateen eta langile autonomoei buruzko kontuak,
lan-harremanekin zerikusirik ez badute kontu horiek.
2.
artikulua. Izena eta egoitza
1. Kontseiluak Bilbon du egoitza.
2. Hala ere, Kontseiluaren Osoko Bilkurak
aukeran du Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lurraldetan bilerak egitea.
3.
artikulua. Eginkizunak
Beraren
izaeraren arabera, lege honetako 1. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako bere
eskumenen esparruan, honako eginkizun hauek dagozkio Kontseiluari:
a) Eusko
Jaurlaritzak lan-harremanen gaineko politikari buruz prestatzen dituen
lege-proiektuen gainean nahitaez txostenak egitea. Ez dago nahitaez txostena
egin beharrik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuen
gainean, ez eta lege hori aldatzeko edo osatzeko lege-arauen gainean ere.
b) Eusko
Jaurlaritzak lan-harremanen gaineko politikari buruz prestatzen dituen
dekretu-proiektuen gainean nahitaez txostenak egitea. Ez dago nahitaez txostena
egin beharrik dekretu-proiektu horiek aurreko ekitaldietan onartutakoen
jarraipen badira eta funtsezko aldaketarik edo berrikuntzarik ez badakarte.
Hala ere, Jaurlaritzak aukeran du horiei buruz ere txostena eskatzea.
c) Eusko
Jaurlaritzak lan-harremanen gaineko politikari buruz onartzen duen beste
edozein administrazio-ebazpenen gainean eta esku hartzen duen beste gai batzuen
gainean nahitaez txostena egitea, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren iritziz
ebazpen eta gai horiek garrantzi berezia badute.
d) Eusko
Jaurlaritzari edo haren sailei lan-harremanen gaineko politikari buruzko
proposamenak egitea.
e) Lan-harremanen
gaineko irizpenak, ebazpenak, txostenak edo azterlanak egitea bere kabuz edo
Jaurlaritzak edo Legebiltzarrak eskatuta, betiere lege honetako 1. artikuluan
Kontseiluaren jardun-eremutzat ezarritakoaren barruan.
f) Negoziazio
kolektiboa sustatzea eta esparrutzat Euskal Autonomia Erkidegoa, lurraldea edo
sektorea duten hitzarmen kolektiboek egitura egokia izan dezaten bultzatzea.
g) Lan-gatazketan
bitartekaritza- eta arbitraje-eginkizunak sustatzea, bere kabuz edo zerikusia
duten alderdiek eskatuta.
h) Enpresen
edo Euskal Autonomia Erkidegoaren mailan batzorde paritarioak sor daitezen
sustatzea, bai sektorekoak, bai orokorrak.
i) Gai
jakinen inguruan lanbide arteko akordioak lor daitezen laguntzea.
j) Negoziazio-batzordeak
eratzeko zailtasun bereziak dauden sektoreetan, era daitezen laguntzea.
k) Eskumena
duten Administrazio orokorreko organoei eta Autonomia Erkidegoko edozein
erakunderi bere eginkizunak betetzeko behar duen informazio guztia eskatzea eta
haiengandik informazio hori jasotzea
l) Memoria
bat onartzea, urtean behin bederen, Kontseiluaren jardueren eta Euskal
Autonomia Erkidegoko lan-egoeraren berri emateko, betiere lege honetako 1.1
artikuluan ezarritako gaien esparruan; memoria hori Kontseiluaren Osoko
Bilkurari aurkeztuko zaio, onar dezan, eta ondoren Eusko Legebiltzarrari eta
Eusko Jaurlaritzari, urte bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan.
4.
artikulua. Osaera
1. Kontseilua
paritarioa izango da; zazpi kide efektibo izango ditu sindikatu-erakunde eta
-konfederazioen ordezkari eta beste zazpi kide enpresari-konfederazioen
ordezkari. Gainera, Kontseiluko kide izango dira Kontseiluko burua eta idazkari
nagusia, baina ez dute boto-eskubiderik izango.
2. Kide efektibo adina ordezko izendatuko dira.
3. Kontseilua osatzeko eta berritzeko orduan,
bermatu beharko da une horretan Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza
handiena duten sindikatu-erakunde eta -konfederazioek izendatutako ordezkariak
izango direla bertan, bai eta enpresa-batzordeetan eta herri-administrazioetako
dagokien organoetan langileen ordezkarien % 10 edo gehiago lortu dutenek
izendatutakoak ere, betiere Eusko Jaurlaritzak egindako zenbaketa eta
homologazioaren arabera eta bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioan. Betiere,
sindikatu-erakunde eta -konfederazio horiek ordezkariak izango dituzte
Kontseiluan.
Kontseiluan
ordezkariak izateko eskubidea duten sindikatu-erakunde eta -konfederazioetakoren
batek ez badu eskubide hori baliatzen ezarritako epearen barruan, Kontseiluan
ordezkaritza duten gainerako sindikatu-erakundeek eskubidea izango dute hutsik
geratutako leku horiek betetzeko, harik eta Kontseilua berritu arte, betiere
bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioan, hartara osa dadin lege honek
ezarritako Kontseiluko kideen guztizko kopurua.
Halaber,
sindikatu-erakunde eta -konfederazioetakoren batek edo batzuek, agintaldian
zehar, erabakitzen badute ordezkaritzari uko egitea, edo Kontseiluaren bilerak
behin eta berriz huts egiten badituzte haren ohiko funtzionamendu normalari
kalte eginez, Kontseiluko buruak kalte egiten ari direla ohartaraziko die
sindikatu-erakunde edo -konfederazio horri edo horiei. Ordezkaritzari uko
egiten edo Kontseiluaren bilerak huts egiten jarraituz gero, Kontseiluko
buruak, dagokion sindikatu-erakunde edo -konfederazioari entzun ondoren, eta
Kontseiluko beste kideei kontsulta egin ondoren, Kontseilua osatzen duten
pertsonak berritzeko prozedura bati ekingo dio. Prozedura horren bitartez,
zeina erregelamendu bidez garatuko baita, gainerako sindikatu-erakunde eta
-konfederazioetako kideek beteko dituzte hutsik geratutako lekuak, bakoitzaren
ordezkaritzaren arabera, paragrafo honetako lehen lerrokadan adierazitakoari
jarraituz.
4. Kontseiluaren barruan sortutako organo
bakoitzean, sindikatu-erakunde eta -konfederazioen ordezkariak izan beharko
dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.
5. Enpresari-konfederazioen
ordezkariei dagokienez, aplikatzekoa den araudi orokorraren arabera Euskal
Autonomia Erkidegoaren esparruan enpresarien ordezkaritza instituzionala duten
sektore arteko enpresari-konfederazioek izendatuko dituzte ordezkariok. Hala
balegokio, artikulu honetako 3. paragrafoaren bigarren eta hirugarren
lerrokadetan leku hutsak betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko zaie. Leku huts horiek enpresari-konfederazio horietako kideek bete beharko
dituzte.
5. artikulua. Hautatzea eta izendatzea
Kontseiluan sindikatu-erakunde eta
-konfederazioak eta enpresari-konfederazioak ordezkatuko dituzten kideak
erakunde eta konfederazio horiek hautatuko dituzte, eta lehendakariak
izendatuko.
6. artikulua. Agintaldia
1. Kontseiluko
kideen agintaldia bi urtekoa izango da, eta ez da eragozpenik izango kide
horiek berriro hautatu eta izendatzeko.
2. Epe
hori gorabehera, sindikatu-erakunde eta -konfederazioek eta
enpresari-konfederazioek aukera dute eurek hautatutako kide efektiboak eta
ordezkoak aldatzeko.
7. artikulua. Bateraezintasunak eta betebeharrak
1. Bateraezinak
dira Kontseiluko kide, buru eta idazkari nagusi izatea eta, aldi berean, kargu
horiei dagozkien eginkizunak betetzeko eragozpen edo kaltegarri den edozein
kargu edo jardunetan aritzea.
2. Bereziki,
ondoko kargu edo jardunak izango dira bateraezinak Kontseiluko kide, buru edo
idazkari nagusi izatearekin:
a) Jaurlaritzako
lehendakaria, lehendakariordea, sailburua eta goi-karguak.
b) Gorte
Nagusietako, Eusko Legebiltzarreko edo Europako Parlamentuko kideak.
c) Diputatu
nagusiak, foru-diputatuak eta foru-aldundietako goi-karguak.
d) Lurralde
historikoetako batzar nagusietako kideak.
e) Herri
Dirubideen Euskal Kontseiluko kideak.
3. Kontseiluaren Osoko Bilkurak aztertuko du ea
bateraezintasunik baden edo ez.
4. Kontseiluko kideek isilean gorde beharko
dituzte Kontseiluaren jardunak baldin eta haren organoek isilpean gordetzekoak
direla erabaki badute.
8.
artikulua. Kontseiluko kideen kargu-uztea
Kontseiluko
kideek ondorengo arrazoiengatik utziko dute kargua:
a) Haien
agintaldia amaitu delako, lege honetan xedatutakoak bere hartan dirauela.
b) Haien
izendapena bultzatu zuten erakundeek proposatu dutelako.
c) Haiek
uko egin eta Kontseiluko buruak onartu duelako, eta buruak uko egin eta
lehendakariak onartu duelako.
d) Beren
eginkizunari dagokion isilpekotasuna hautsi dutelako, Kontseiluaren Osoko
Bilkuraren iritziz; kasu honetan, gutxienez Osoko Bilkurako kideen bi herenek
onartu beharko dute, horretarako egingo den botazioan.
e) Dolozko
delituagatik zigorra ezarri zaielako epai irmoz.
f) Heriotzagatik,
edo kargu publikoa betetzeko ezgaitasuna edo ezgaitzea deklaratu delako epai
irmoz.
II.
KAPITULUA
ORGANOAK
ETA FUNTZIONAMENDUA
9.
artikulua. Funtzionamendua
1. Kontseiluak Osoko Bilkura eta lan-batzordeak
izango ditu jarduteko.
2. Kontseiluak kideen gehiengo soilez onartuko
ditu akordioak eta erabakiak. Nolanahi ere, lege honetako 3.1 artikuluko f),
g), h), i) eta j) idatz-zatietan deskribatzen diren eskumenak baliatzean,
akordioak onartzeko, sindikatuen ordezkarien gehiengo soilaren aldeko botoa
beharko da, bai eta enpresarien ordezkarien gehiengo soilaren aldeko botoa ere.
3. Izendatutako kide bakoitzak boto bat izango
du.
4. Kontseiluak osoko bilkuran edo batzordeetan
onartutako akordioekin bat ez datozen kideek boto partikularra eman ahal izango
dute, eta zeinek bere iritzia adierazi auziari buruz. Nolanahi ere, akordioari
erantsi beharko zaio boto hori.
5. Kontseiluko kideek euskaraz nahiz
gaztelaniaz hitz egin dezakete bileretan. Era berean, Euskal Autonomia
Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da deialdietan,
gai-zerrendetan, aktetan eta bestelako dokumentuetan.
10.
artikulua. Osoko Bilkura
1. Osoko
Bilkura Kontseiluko kide guztiek osatzen dute, eta honako eskumen hauek izango
ditu:
a) Lan-harremanen
esparruko gai espezifikoen gaineko gidalerroak onartzea, sindikatu-erakunde eta
-konfederazioek eta enpresari-konfederazioek aintzat har ditzaten.
b) Lege
honetako 3. artikuluan aipatzen diren eginkizunei buruzko akordioak onartzea.
c) Kontseiluaren
zerbitzuen jardunari buruzko informazioa jasotzea aldian-aldian, eta Kontseilua
bere jardunean eraginkorragoa izan dadin iradokizunak egitea.
d) Lan-harremanen
esparruan aitortzen zaien gaitasunagatik eta inpartzialtasunagatik
bitartekaritza- eta arbitraje-eginkizunak beteko dituzten pertsonak izendatzea.
e) Bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren
akordioak formalizatzea.
f) Langileen arloan dagozkion eginkizunak
betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzupeko langileak antolatzeko
maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen arabera edo lege horren ordezko araudi
espezifikoaren arabera dagozkionak, hain zuzen.
g) Legearen arabera edo aplikatzekoak zaizkion
beste arau batzuen arabera dagokiokeen beste edozein eginkizun.
2. Bilerak
ez dira jendaurrean egingo, non eta Osoko Bilkurak, bilera hastean, ez duen
berariaz hala erabakitzen. Edonola ere, gutxienez hiru hilean behin ohiko osoko
bilkura egingo da. Ohiz kanpoko osoko bilkura Kontseiluko buruaren ekimenez
egingo da, edo boto-eskubidea duten kideen herenek, gutxienez, eskatzen
dutenean.
3. Osoko
Bilkurak eskura izango ditu bere eginkizunak betetzeko behar dituen zerbitzu
tekniko eta administratiboak, bai eta, hala badagokio, egoki iritzitako adituen
aholkularitza ere. Gainera, Jaurlaritzaren sailei ere eskatu ahal izango dizkie
beharrezkotzat jotzen dituen argibideak.
4. Ohiko
osoko bilkuren deialdia, gutxienez, bilkura baino bost egun baliodun lehenago
jakinaraziko zaie kideei, eta ohiz kanpoko osoko bilkuren deialdia, berrogeita
zortzi ordu lehenago. Deialdian
gai-zerrenda ere sartuko da.
5. Gai-zerrendan dauden gaiei buruzko
informazioa epe beretan izango dute eskuragarri kideek.
11.
artikulua. Batzordeak
1. Lan-batzordeak Osoko Bilkuraren erabakiz
sortzen diren azterlan-taldeak dira, eta txostenak egin edo irizpenak ematen
dituzte Kontseiluaren eskumenekoak diren gaien gainean. Lan-batzordeetan
landutako gaien emaitza Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, eztabaidatu eta bere
iritzia eman dezan.
2. Kontseiluaren Osoko Bilkurak, halaber,
batzorde bereziak sortu ahal ditu gai jakin batzuetarako, beharrezko irizten
dionean.
3. Kontseiluaren Osoko Bilkurak erregelamendu
bidez ezarriko du aurreko bi paragrafoetan aipatutako batzordeek zenbat kide
izango dituzten eta nola osatuko diren, betiere lege honetako 4. artikuluan
ezarritakoa errespetatuz.
12.
artikulua. Kontseiluko burua
1. Lehendakariak izendatuko eta kenduko du
kargutik Kontseiluko burua, Kontseiluko kideei entzun ondoren. Kontseiluko
buruak bost urte egingo ditu karguan, eta gehienez beste agintaldi baterako
hautatua izan daiteke berriro.
2. Honako hauek dira Kontseiluko buruaren
eginkizunak:
a) Kontseiluaren
ordezkari izatea.
b) Osoko
bilkuretara deitzea, bilkura horietan buru izatea eta eztabaidak moderatzea.
c) Kontseiluaren
bileretako gai-zerrenda erabakitzea. Gai-zerrenda horretan, ezinbestean sartu
behar dira Osoko Bilkurako kideek eskatutako proposamenak, erregelamenduz
ezarriko den moduan.
d) Bere
eskumeneko gaiak eta auziak aurkeztea Kontseiluari, azter ditzan.
e) Aktei
oniritzia ematea, Kontseiluaren akordioak argitaratzea eta horiek bete
daitezela xedatzea.
f) Langileen
arloan dagozkion eginkizunak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren
zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen arabera edo
lege horren ordezko araudi espezifikoaren arabera dagozkionak, hain zuzen.
13.
artikulua. Idazkari nagusia
1. Idazkari nagusia izango da Kontseiluaren
Osoko Bilkurako idazkaria, eta lehendakariak izendatuko eta kenduko du
kargutik, Kontseiluko kideei entzun ondoren. Idazkari nagusiak bost urte egingo
ditu karguan, eta gehienez beste agintaldi baterako hautatua izan daiteke
berriro.
2. Idazkari nagusiaren eginkizunak dira:
a) Kontseiluaren
Osoko Bilkurari laguntzea karguari dagozkion eginkizunak betez.
b) Kontseiluaren
zerbitzuen koordinazio tekniko-administratiboa gauzatzea, eta haien
eraginkortasuna eta funtzionamendua zaintzea.
c) Kontseiluaren
bulegoen funtzionamendua ikuskatzea.
d) Onartutako
akordioak aktan jaso eta akta sinatzea, eta akordio horiek bideratzea,
Kontseiluko buruaren oniritziarekin.
e) Kontseiluaren
egintzak edo hark onartutako akordioak ziurtatzea.
f) Gai
arruntak eta Kontseiluko buruak agintzen dizkionak bideratzea, harekin batera.
g) Langileen
arloan dagozkion eginkizunak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren
zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen arabera edo
lege horren ordezko araudi espezifikoaren arabera dagozkionak, hain zuzen.
h) Memoria
bat idaztea, urtean behin bederen, Kontseiluaren jardueren eta Euskal Autonomia
Erkidegoko lan-egoeraren berri emateko, betiere lege honetako 1.2 artikuluan
ezarritako gaien esparruan; memoria hori Kontseiluaren Osoko Bilkurari
aurkeztuko zaio, onar dezan, eta ondoren Eusko Legebiltzarrari eta Eusko
Jaurlaritzari urte bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan.
i) Kontseiluaren
dokumentazioa jagotea.
j) Kontseiluko
buruaren ordez jardutea hura gaixo dagoenean, haren kargua bete gabe dagoenean
edo Osoko Bilkuraren iritziz nahiko arrazoi badenean.
III.
KAPITULUA
KONTSEILUAREN
FINANTZA ETA EKONOMIA ARAUBIDEA ETA BITARTEKOAK
14.
artikulua. Finantzaketa eta ekonomia- eta kontrol-araubidea
1. Kontseiluak, ekonomia- eta
finantza-autonomiaren printzipioaren pean, bere aurrekontua onartu eta gauzatuko
du; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitzen zaizkion
diru-kopuruekin finantzatuko da aurrekontu hori.
2. Kontseiluak, urteko lehen seihilekoaren
barruan, aurreko ekitaldiaren amaieran berak zuen aurrekontu- eta
finantza-egoerari buruzko informazio auditatua igorriko dio Euskal Autonomia
Erkidegoko Aurrekontuen jarraipena eta kontrola egiteko eskumena duen sailari,
eta sail horrek agindutako ekonomia- eta finantza-egiaztapenak egin ahal izango
dira.
15.
artikulua. Ondare- eta kontratazio-araubidea
1. Kontseiluak eskuratzen dituen ondasunak eta
eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko ondarean sartuko dira.
2. Kontseiluak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ondarearen gainean
eskumena duen sailari zuzenean eskatuko dio atxiki diezazkiola bere helburuak
betetzeko behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren
ondareko ondasunak eta eskubideak; hala, ondorio horietarako soilik, ondare eta
eskubide horien gainean izango dituen ahalmenak eta betebeharrak Euskadiko
Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007
Legegintzako Dekretuan zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat
aurreikusitakoak izango dira.
3. Kontseiluaren kontratazioari dagokionez,
sektore publikoko kontratuen arloan herri-administraziotzat jotzen diren
entitateentzat indarrean den araudiaren pean egongo da.
16.
artikulua. Ordainsarien araubidea
1. Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezarritako
ordainsariak jasoko ditu Kontseiluko buruak; nolanahi ere, ordainsari horiek,
kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako
sailburuorde-karguarentzat ezarritakoak baino handiagoak.
2. Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezarritako
ordainsariak jasoko ditu Kontseiluko idazkari nagusiak; nolanahi ere,
ordainsari horiek, kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko
Jaurlaritzako zuzendari-karguarentzat ezarritakoak baino handiagoak.
3. Kontseiluko buruak eta idazkari nagusiak
eskubidea izango dute beren jarduera dela-eta egin behar izaten dituzten
gastuen ordaina jasotzeko, Kontseiluaren funtzionamendu-araudiak ezarritako
baldintzen arabera.
4. Lege honetako 4.1 artikuluak aipatzen dituen
konfederazioetako eta erakundeetako pertsonek eskubidea dute diru-sariak
jasotzeko; Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartuko ditu diru-sari horien
zenbatekoak.
17.
artikulua. Kontseiluko langileen araubidea
Kontseiluaren
zerbitzuko langileen araubideari dagokionez, Lan Harremanen Kontseiluaren
zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legean edo lege horren
ordezko araudi espezifikoan ezarritakoa izango da.
Xedapen Gehigarria
Jaurlaritzak,
sei hilean behin, txosten bat igorriko du Euskal Autonomia Erkidegoko
lan-egoerari buruz eta Kontseiluari berari dagozkion gaiei buruz.
Xedapen Iragankorra
Lege
hau indarrean sartzean Kontseiluan legez izendatuta dauden kideek Kontseiluko
kide izaten jarraituko dute, izendatzean jarritako aldian.
Xedapen Indargabetzailea
Indarrik
gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo
apalagoko arau guztiak, eta, beren-beregi, ekainaren 27ko 11/1997 Legea, Lan
Harremanen Kontseiluari buruzkoa.
Azken Xedapenak
Lehenengoa.
Erregelamendu bidezko garapena
Arau
hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, aldatu egingo da Kontseiluaren
egungo funtzionamendu-araudia, horko xedapenak lege honi egokitzearren.
Bigarrena.
Kontseiluko ordezkariak izendatzeko epea
Lege
hau indarrean sartu eta gehienez ere bi hilabeteko epean izendatu beharko dira
Kontseiluko kideak.
Hirugarrena.
Indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean
sartuko da indarrean.