4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
§ 272. 4/2005
LEGEA, OTSAILAREN 18KOA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
I
Emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa, baita sexuaren ziozko edozein bereizkeria-mota beren beregi debekatzea ere, arau juridiko batzuetan daude jasota.
Emakumearen aurkako bereizkeria-era
guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioak (NBEren Biltzar Nagusiak 1979ko
abenduan onetsi zuen, eta Espainiar Estatuak 1984ko otsailean berretsi)
emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aldarrikatu zuen. Konbentzio horren
2. artikuluan, ondoko konpromisoa hartu zuten KBEko kideek: "printzipio
hori legeen bidez edo beste bitarteko egoki batzuk erabiliz benetan betearazten
dela bermatzea".
Beste alde batetik, 1999ko maiatzaren
1ean Amsterdamgo Ituna indarrean jarri zenetik, emakumeen eta gizonen
berdintasuna Europar Batasunaren funtsezko printzipio bilakatu da. Europar
Batasunaren Ituneko 3.2. artikuluarekin bat, Batasuneko eta kide diren
estatuetako politika eta ekintza guztietan integratu behar da emakumeen eta gizonen
arteko ezberdintasunak ezabatu eta horien berdintasuna sustatzeko helburua.
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.1
artikuluak, Espainiako Konstituzioan xedatutakoari aipamen bat eginez,
berdintasunerako eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik eza aldarrikatzen
da. Horrez gainera, Estatutuaren 9.2d) artikuluan zera adierazten da:
herri-aginteek pertsonen eta taldeen berdintasunerako baldintzak sustatzeko eta
hori lortzeko oztopoak ezabatzeko betebeharra dutela, berdintasun hori benetan
eta modu eraginkorrean gauzatu dadin.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak,
otsailaren 5eko 2/1988 Legea onartuta (Emakumearen Euskal Erakundea
sortarazteari buruzkoa da lege hori), lege horren zioen adierazpenean jasotzen
den bezala, lehen mailako gaitzat jo zuen emakumeekin bereizkeriaz jokatzeko
era guztiak benetan ezabatzea eta emakumeek gure Erkidegoko alor guztietan esku
hartzeari bultza egiteko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartzea;
halaber, bere gain hartu zuen arlo horretan ekintza bateratuari indar egiteko
lana ere.
2/1988 Legea garatze aldera, Eusko
Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeentzako ekintza Positiboko hiru
plan onetsi ditu. Plan horietan euskal herri-administrazioen esku-hartzearen
oinarrizko gidalerroak jasotzen dira, emakumeen eta gizonen berdintasuna
bizitzako eremu guztietan bultzatzeari dagokionez.
II
Emakumeek eta gizonek bete izan ohi
dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Emakumeek lan-merkatuan
daukaten partaidetza handiagoa, hezkuntzako maila guztietan egoteko aukera,
prestakuntza eta kulturara sarbide handiagoa izatea, eta, hein txikiago batean,
erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea, bada, horiek
guztiak emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egin ahal izateko
aldaketa onuragarriak ari dira eragiten gizartean. Aldaketok ez lirateke
posible izango mugimendu feministen funtsezko ekarpenik gabe, ezta anonimatuan
emakumeen eskubideen alde lan egin duten emakume horien guztien ahaleginik gabe
ere.
Haatik, lan-merkatuari, partaidetza
politikoari, etxeko lanak egiteari, emakumeen aurkako bortizkeriari,
pobreziari, eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute
hierarkizazioa dagoela gizonek eta emakumeek gizartean dituzten harremanetan
eta gizarte horretan betetzen duten lekuan. Hierarkizazio horren jatorria, hain
zuzen, sexuaren araberako jokaera-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuk
dira, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura
izendatzen baitiete, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta
sozial oso ezberdina eginez. Bestalde, emakume askok anitz bereizkeria jasaten
dute, sexuaren ziozko bereizkeriaz gain, beste batzuk ere pairatzen baitituzte,
arraza, jatorri etnikoa, hizkuntza, adina, ezintasuna, ondarea, orientazio
sexuala eta beste hainbat faktore direla eta. Horrek guztiak, hainbat kasutan,
baldintzatu egiten du emakumeek benetan balia ditzaten herritarrek berez
dituzten eskubideak.
Apustua, une honetan, zera da,
berdintasunerako eskubide hori lege-testuetan formalki aitortua ez ezik,
praktikan benetan aplikatua izatea bermatzea. Horretarako, lege honek mekanismo
eta neurri zehatz batzuk planteatzen ditu, euskal herri-administrazioek eragin
handiagoko politikak eta jarduketak abiarazi ditzaten lortzeko, halako moldez
non emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren fenomenoa -egiturazkoa eta
unibertsala- gizartetik desagerrarazi dadin.
Beste alde batetik, gero eta herritar
gehiagok onartzen dute emakumeek enpleguaren arloan, partaidetza
soziopolitikoan, autonomia ekonomikoan, astialdia gozatzeari dagokionean eta
abarretan duten berdintasunerako eskubidea; halaber, gure gizarteak gero eta
begi hobeagoz ikusten du gizonek etxeko eginbeharretan gehiago esku hartu behar
dutela eta erantzukizunak banatu behar direla; are, hori guztia beharrezkotzat,
komenigarritzat eta zuzentzat jotzen da. Arlo publikoan zein pribatuan
emakumeen eta gizonen berdintasunezko partaidetza duen gizartea, non emakumeen
eta gizonen artean eta ugalketaren eta ustiaketaren artean hierarkiarik gabeko
harremana eratuko den, non lanaren balioa ez den lan hori emakumeek edo gizonek
egin izanaren menpe egongo, eta gizarte bat non pertsonek eta taldeek dauzkaten
gaitasunak hobeto erabiliko diren, hori da, gaur egun, teoriak nahiz emakumeen
eta gizonen berdintasun erreal eta benetakoaren alde lanean diharduten talde
feministek eta erakundeek desiragarritzat aurkeztu duten eredua, eta
norbanakoen nahiz taldeen diskurtsoan agertuz doana. Beraz, horrek guztiak
aukera ederra ematen digu genero-ikuspegia politika publikoetan txertatzeko
xedea duen legea taxutzeko.
Halaber, hamar urte baino gehiagotan
ekintza positiboko planak garatu izanak eskarmentua eta aurrerakada
garrantzitsuak ere ekarri dizkio administrazioari berari. Plan horiek ondokoak
bideratu dituzte: euskal herri-administrazioaren hiru mailetan
berdintasun-politikak garatzea eta ezartzea; politika horiek abian jartzeko
egiturak sortzea; erakundeen barneko eta erakunde arteko koordinazio eta
lankidetzarako mekanismo iraunkorrak ezartzea; pertsonak trebatzea politika
horietan aurrera egiteko; eta emakumeen eta gizonen berdintasuna gaur egungo
agenda politikoan agerraraztea. Alabaina, egia da orobat lan handia geratzen
dela oraindik egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu estrategikoa
eta lehentasunezkoa izan dezaten euskal herri-aginteek eta
herri-administrazioek. Eta lege honek kontu horretan ere esku hartu nahi du.
Horrez gain, lege honek
berdintasun-politiken garapenean planteatzen duen aurrerakada zeharo
beharrezkoa da, baldin eta erantzun egokia eman nahi bazaie genero-ikuspegia
eta sexuen berdintasunari doakion helburua administrazioen politika eta
jarduketa guztietan integratzeari buruz Europar Batasunaren araudiak
planteatzen dituen eskakizunei.
Ildo horri jarraiki, honakoa da lege
honen xede nagusia: orain arte berdintasun-politiken garapenerako egin den
lanean sakontzeko oinarriak ezartzea, halako moldez non Euskal Autonomia
Erkidegoa gai horretan aurreratuen dauden herrien mailan kokatu ahal izango
baita. Hori guztia erdieste aldera, argi eduki behar da emakumeen eta gizonen
berdintasuna, giza eskubidea ez ezik, beharrizan estrategikoa ere badela
demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte zuzenagoa, bilduagoa eta alor sozial
eta ekonomikoan garatuagoa eraikitzeko.
III
Atariko tituluan ezarritakoarekin bat,
lege honen xede nagusia berdintasunezko gizartea lortzea da, non pertsona oro
libre izango den, hala eremu publikoan nola pribatuan, bere gaitasun
pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, ohiko rolek sexuaren arabera
ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu,
baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga
eta beharrizanak. Horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan
herri-aginteen jarduna zuzendu behar duten printzipio orokorrak ezartzen ditu
legeak, eta zenbait neurri ere arautzen ditu. Neurrion xedea da emakumeek eta
gizonek bizitzaren arlo guztietan aukera eta tratu berdinak izan ditzaten
bultzatzea eta bermatzea, eta, bereziki, emakumeen autonomia sustatzea, eta
horiek, bereizkeria jasaten duten taldea direnez gero, gizarte, ekonomia zein
politikan duten posizioa sendotzea.
Titulu horretan jasotzen diren printzipio
orokorren ondorio gisa, lege honetan bultzatzen den berdintasuna berdintasun
zabala da; izan ere, berdintasun horrek, eskubideak, agintea eta baliabide eta
onura sozial eta ekonomikoak eskuratzeko abiapuntu diren baldintzak ez ezik,
horiek guztiak gauzatu eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzak ere
ukitzen ditu. Halaber, berdintasun horrek emakumeen eta gizonen aniztasuna
errespetatzen du, eta horien berezitasunak integratzen ditu, gaur egun gizonen
eredua ezarri eta orokortzeko zabaldu den joera zuzentze aldera. Horrenbestez,
ondokoa da helburua: emakumeak eta gizonak, ezberdinak izaki ere, berdinak
izatea. Horixe da, hain justu ere, legearen izenburuan "emakumeen eta
gizonen arteko berdintasuna" barik "emakumeen eta gizonen
berdintasuna" jarri izanaren zioa. Horrela, itzuri egiten zaio emakumeen
eta gizonen egoeren arteko konparazio hutsa egiteari, zeren egoerok besterik
gabe erkatzeak sarri askotan hierarkia bat islatzen baitu berez; izan ere,
hierarkia horren arabera, gizonen egoera da xedetzat hartzen dena, eta
emakumeek horretara moldatu behar dute, beren balio, gurari eta jomugei uko
eginez.
Era berean, emakumeen eta gizonen
berdintasuna erdiesteko gaur egun nazioartean egokientzat jotzen diren bi
printzipio edo estrategia osagarriak zehazten dira atariko tituluan: ekintza
positiboaren eta genero-ikuspegiaren integrazioa. Hain zuzen ere, lege
honen asmoa da estrategia horiek gure herrian modu eraginkorrean aplikatzeko
oinarriak ezartzea, estrategiok berdintasuna lortzeko bidetzat hartzen
direlako. Halaber, titulu horretan legearen aplikazio-eremua ere ezartzen da.
Aplikazio-eremua Euskadiko Autonomia Erkidegora mugatuta duen arren, legeak
zera ere planteatzen du: beharrezkoa dela Euskal Herriko eta Euskal Herritik
kanpoko beste instituzio eta erakunde batzuekin elkarlana eta lankidetza
sustatzea, euskal herritar guztiei bermatu ahal izateko gizonen eta emakumeen
berdintasuna.
IV
Lehen tituluak definitzen ditu zein
diren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, administrazio-maila
bakoitzak dituen eginkizunak, Autonomia Estatutuko 10.39 artikuluan, Lurralde
Historikoen Legeko 6 eta 7 c) 2. artikuluetan, zein Estatutuan (9.2 artikulua)
eta Erkidegoko arauetan (Europar Batasunaren Ituneko 3.2 artikulua)
ezarritakoak dakartzan eskumenetatik abiatuta; izan ere, aipatutako lege eta
arauek betebehar bi ezartzen dizkiete herri‑aginteei: bata, emakumeen eta
gizonen berdintasuna benetakoa eta erreala izateko baldintzak bultzatu eta
oztopoak eraistea, eta, bestea, berdintasuna sustatzea herri-aginteen politika
eta ekintza guztietan. Halaber, erakundeen oinarri-oinarrizko erakunde‑antolamendua
eta hori koordinatzeko mekanismoak zein izango diren ezartzen du, eta legean
jasotako neurriak finantzatzeko irizpideak arautzen ditu.
V
Bigarren tituluak neurri-multzo bat
arautzen du, genero-ikuspegia euskal aginte eta herri-administrazioen jardunean
integratzeko: plangintza egitea; estatistikak eta azterketak hobetzea;
langileen gaikuntza; eta berdintasun-printzipioa administrazioaren araudian eta
jardunean txertatzeko prozedura ezartzea. Neurriok, eta, horiez gain, emakumeek
erabakiak hartzerakoan parte hartzea -III. tituluan dago jasota-, eta ekonomi
baliabide nahikoak zein pertsona eta egitura egokiak eta koordinatuak ezartzea
ere bai -I. tituluan dago jasota-, bada, genero-ikuspegia administrazioaren
jardunean integratzeko aurretiazko beharkizuntzat edo beharrezko baldintza
egokitzat jo ditu Europako Kontseiluak horiek guztiak,
"Genero-zeharkakotasuna. Kontzeptu nagusiak, metodologia eta
eginera egokien aurkezpena. Estrasburgo, 1998" izeneko txostenean.
VI
Hirugarren tituluak, bestalde, Autonomia
Estatutuak Erkidegoari hainbat gaitan esleitzen dizkion eskumenetan
oinarrituta, zenbait neurri arautzen ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna
erreala eta benetakoa izan dadin esku-hartzeko arlo hauek oinarri direla:
partaidetza soziopolitikoa; kultura eta komunikabideak; hezkuntza; lana;
oinarrizko beste gizarte-eskubide batzuk; bizitza pertsonala, familia eta lana
uztartzea; eta emakumeen aurkako indarkeria.
VII
Laugarren tituluan, Emakumeen eta Gizonen
Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortzen eta arautzen da. Erakunde hori
organo berria eta independentea da, ondoko xedea duena: Euskal Autonomia
Erkidegoan tratu berdinaren printzipioa betetzen den behatzea, eta sektore
pribatuan sexuaren zioz gerta litezkeen balizko egoera edo eginera
baztertzaileetatik herritarrak babestea. Horrenbestez, Arartekoa arlo honetan
eta euskal sektore publikoan egiten ari den lana osatzen da, eta Europar
Batasunak emakume eta gizonentzako tratu berdinaren printzipioaren defentsa
sustatzen duten erakunde independenteak sortu beharrari buruz eman dituen
aginduak betetzen dira; erakunde independente horien eginkizunak honako hauek
izango lirateke: sexuaren ziozko bereizkeriarengatik jartzen diren
erreklamazioak tramitatzerakoan biktima bakoitzari laguntza berezia ematea,
horri buruz azterlan eta txosten independenteak egitea, eta bereizkeria
horrekin loturik dagoen gai ororen gaineko gomendioak formulatzea.
VIII
Azkenik, V. tituluak emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan egongo diren arau-hausteak eta zehapenak zein izango
diren ezartzen du.
ATARIKO TITULUA
1. Artikulua -
Xedea
Lege honen xedea da emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan herri-aginteen jarduna zuzendu behar duten printzipio
orokorrak ezartzea, bai eta zenbait neurri arautzea ere bizitzaren arlo
guztietan emakumeek eta gizonek aukera eta tratu berdinak izan ditzaten
sustatzeko eta bermatzeko, eta, bereziki, emakumeen autonomia bultzatzeko eta
emakumeek gizartean, ekonomian zein politikan duten posizioa sendotzeko. Horrek
guztiak azken finean bilatzen duena da berdintasunezko gizartea lortzea, non
pertsona oro libre izango den bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak
hartzeko, hala eremu publikoan nola pribatuan, ohiko rolek sexuaren arabera
ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu,
baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga
eta beharrizanak.
2. Artikulua -
Aplikazio-eremua
1. Lege
hau euskal herri-administrazio guztiei aplikatuko zaie, testuan zehar ezarriko
diren salbuespenak salbuespen.
2. Lege
honen ondoreetarako, honako hau da euskal herri-administrazioa:
a) Autonomia Erkidegoko Administrazioa, haren
erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.
b) Foru-administrazioa, haren erakunde autonomoak
eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.
c) Tokiko administrazioa, haren
erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.
3. Lege
honetako 3. artikuluko eta 16, 18.4 eta 23. artikuluetako printzipio orokorrak
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiei aplikatuko zaizkie. Erakunde
pribatuei ere aplikatuko zaie, baldin eta Erkidegoko herri aginteetako batekin
kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen badituzte, edo herri-aginte
horiek emandako laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak badira.
4. Halaber,
lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan eta sektore pribatuan
ere aplikatu behar da, testu honetan zehar ezartzen denaren arabera.
3. Artikulua -
Printzipio orokorrak
Ondokoak dira emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan euskal herri-aginteen jarduketa gidatu eta bideratuko duten
printzipio orokorrak: tratu berdina; aukera-berdintasuna; dibertsitatea eta
ezberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza
positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea, eta
koordinazioa eta lankidetza.
1. Tratu
berdina
Debeku da pertsonen sexuan oinarritzen
den bereizkeria oro, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein delarik ere hartarako
erabilitako era.
Lege honen ondoreetarako:
a) Zuzeneko bereizkeria dago pertsona bat
sexuaren zioz edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta
-haurdun egonda edo ama izanda, esaterako- beste pertsona bat baino modu
txarragoan tratatzen denean. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu
gabe, laneko sexu-jazarpena sexuaren ziozko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da.
b) Zeharkako bereizkeria dago egintza juridiko,
irizpide edo eginera batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski
handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide
edo eginera hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez
dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean.
c) Ez dira sexuaren ziozko
bereizkeria kontsideratuko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten
neurriak, emakumeei eta gizonei tratamendu ezberdina ematea badakarte ere.
Neurri horien artean helburu hauek dituztenak sartu behar dira: emakumeentzako
ekintza positiboa, sexuei arrazoi biologikoengatik babes berezia eman beharra,
edo gizonek etxeko lanetan eta pertsonen zainketan parte har dezaten sustatzea.
Euskal aginte publikoek ezin izango dute
inolako diru-laguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten
duen edonolako jardueratarako. Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta
administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo
juridikoak ere egoera berean geratuko dira, dena delako zehapen edo zigorrak
dirauen denboran.
Euskal herri-aginteek bermatu behar dute
ezen bereizkeria-egoerak eragin ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean
direla-eta bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek nahiz emakume-taldeek
benetan baliatzen dituztela beren oinarrizko eskubideak. Inguruabarrok honako
hauek izan daitezke: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa,
politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional baten kide
izatea, ondarea, jaioterria, ezintasuna, adina, sexu-joera, edo beste edozein
baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial.
2. Aukera-berdintasuna
Euskal herri-aginteek neurri egokiak
hartu behar dituzte emakumeek eta gizonek eskubide politikoak, zibilak,
ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta arauetan aitortu lekizkiekeen
gainerako oinarrizko eskubideak, aukera berdinekin baliatzen dituztela
bermatzeko, boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu
eta kontrolatzea barne. Lege honen ondoreetarako, aukera-berdintasunaz ari
garela, zera esan nahi da: agintea eta baliabide eta onura sozial eta
ekonomikoak eskuratzeko abiagune edo hasierako baldintzak ez ezik, horiek
guztiak gauzatzeko eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzez ere ari
garela.
Era berean, euskal herri-aginteek bermatu
egin beharko dute ez dela oztoporik egongo lege honetan aipatzen diren
eskubideak gauzatzeko eta arautzen diren baliabideak eskuratzeko; izan ere, abenduaren
4ko 20/1997 Legean oztopo horiek bertan behera uztea zehazten baita
(Irisgarritasuna Sustatzen du lege horrek).
3. Aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea
Herri-aginteek beharrezko diren neurri
guztiak abiarazi behar dituzte sexuen berdintasunerako prozesuan errespetatu
daitezen bai gizonen eta emakumeen artean biologiari, bizi-baldintzei, jomugei
eta beharrizanei dagozkienez dauden ezberdintasunak eta aniztasuna, bai
emakumeen eta gizonen kolektiboen euren barruan dauden ezberdintasunak eta
aniztasuna ere.
4. Genero-ikuspegiaren
integrazioa
Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia
txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non
horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen
berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.
Lege honen ondoreetarako, honakoa da
genero-ikuspegiaren integrazioa: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza,
jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta,
horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien
plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak
ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa
zehatzak txertatzea.
5. Ekintza
positiboa
Emakumeen eta gizonen benetako
berdintasun eraginkorra lortzea sustatze aldera, herri-aginteek denboran ondo
mugatutako berariazko neurri zehatzak abiarazi behar dituzte, bizitzaren eremu
guztietan sexuaren zioz gertatzen diren egitatezko ezberdintasunak ezabatzeko
edo murrizteko.
6. Sexuaren
araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea
Euskal aginte publikoek, inola ere,
sexuaren araberako rol sozial eta estereotipo batzuk desagerraraztea sustatu
behar dute, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren oinarri baitira eta
horien arabera emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren
ardura izendatzen baitzaizkie, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen
ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez.
7. Ordezkaritza
orekatua
Euskal aginte publikoek neurri egokiak
hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin
erabakiak hartzeko eremu guztietan.
Lege honen ondoreetarako, pertsona
anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat, hain zuzen, sexu
biek %40ko ordezkaritza, gutxienez, dutenean joko da.
8. Lankidetza
eta koordinazioa
Euskal herri-aginteek, emakumeen eta
gizonen berdintasunari dagokionez, elkarrekin lankidetzan aritzeko eta beren jarduketak
koordinatzeko betebeharra dute, esku-hartze eraginkorragoak eta baliabideen
erabilera arrazionalarekin bat datozenak egin ahal izan daitezen.
Bestalde, elkarlana eta lankidetza
sustatu behar dute Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste instituzio
eta erakunde batzuekin, euskal herritar guztiei bermatu ahal izateko gizonen
eta emakumeen berdintasuna.
I. TITULUA
ESKUMENAK, EGINKIZUNAK, ANTOLAKETA ETA FINANTZAKETA
I. KAPITULUA
ESKUMENAK ETA EGINKIZUNAK
4. Artikulua -
Xedapen orokorrak
1. Euskal
Autonomia Erkidegoko osorako erakundeei dagokie, emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan, bai legegintzako eskumena, bai arauak garatzeko
eskumena, bai eta zuzeneko ekintza ere.
2. Lege
honen ondoreetarako, honakoa da zuzeneko ekintza: interes orokorra dela-eta edo
baldintza tekniko, ekonomiko edo sozial bereziak direla-eta, Euskal Autonomia
Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan bete behar diren eginkizunak,
programak edo zerbitzuak eskaintzeko eskumena.
3. Euskal
Autonomia Erkidegoko osorako erakundeek zuzeneko ekintzak abiarazi baditzakete
ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arauak betearaztea lurralde
historikoetako foru-organoei eta tokiko administrazioari dagokie, lege honetan
eta hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat.
5. Artikulua -
Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eginkizunak
Osorako erakundeek emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan duten eskumena, Autonomia Erkidegoko Administrazioari
dagokionez, ondoko eginkizunetan gauzatuko da:
a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, bere
administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.
b) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko plangintza orokorra
taxutzea, eta arau eta jarraibide orokorrak egitea.
c) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan egin
behar diren ekintza positiboko neurriak, programa eta zerbitzuak diseinatzea
eta egikaritzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren
berdintasun-politikak aztertzea eta lege hau zein neurritan betetzen den
ebaluatzea.
e) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, euskal
herri-administrazio guztien jarduketen arteko lankidetza bultzatzea.
f) Emakumeen eta gizonen berdintasunean eskudunak diren entitate,
organo eta unitateetako langileen eginkizunei eta gaikuntzari dagokienez,
oinarrizkoak eta komunak diren neurriak ezartzea.
g) Estatistikak berdintasun-printzipioari egokitzeko metodologia
diseinatzea eta horri buruzko plangintza egitea, bai eta estatistikak egokitu
eta eguneratzea ere, horien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioak esku hartzen duen eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi
duten egoeraren ezberdintasunak ezagutu ahal izateko.
h) Emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea,
azterlan eta ikerketok Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal
Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.
i) Emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta
berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz
sentsibilizazio-jarduerak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan
eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.
j) Autonomia Erkidegoko araudia nolakoa den eta nola aplikatzen den
begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.
k) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei,
gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko
espezializatua ematea.
l) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi
dituzten entitateak homologatzerakoan erabili beharko diren oinarrizko
betekizun eta baldintza orokorrak ezartzea.
m) Sustapen-neurriak ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko
materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta
gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako planak, programak eta jarduerak
garatu ahal izateko.
n) Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko
gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea,
zerbitzuon izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eman beharrekoak
direnean.
ñ) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana
uztartzen laguntzea helburu duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak
ezartzea, beren izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eskaini
beharrekoak direnean.
o) Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herri enparauko elkarte,
ekimen pribatu eta erakundeekin, eta orobat beste autonomia-erkidego
batzuetako, Estatuko eta nazioarteko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin
ere, harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea.
p) Sexuaren ziozko bereizkeria-egoerak ikertu eta antzematea, eta
egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.
q) Zehatzeko ahala egikaritzea.
r) Lege honetan jasotako beste edozein eginkizun, edo bere
eskumen-arloaren baitan esleitzen zaion beste edozein.
6. Artikulua -
Foru-administrazioen eginkizunak
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren
arloan, bakoitzak bere lurralde historikoaren eremuan diharduela, ondokoak dira
foru-administrazioei dagozkien eginkizunak:
a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, bere
administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.
b) Bakoitzak bere lurralde-eremuan ekintza positiboko neurriak
egikaritzea.
c) Bakoitzak bere lurralde-eremuan programak egitea, Euskal Autonomia
Erkidegoko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan.
d) Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien bitartez
foru-eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten
ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.
e) Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakume eta gizonen egoerari
buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.
f) Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari
buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz
sentsibilizazio-jarduerak burutzea.
g) Foru-legeria nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea,
emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.
h) Sustapen-neurriak ezartzea, udalek eta gainerako toki-entitateek
bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen
eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako programak eta jarduerak
garatu ahal izateko.
i) Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko
gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea,
zerbitzuon izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.
j) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen
laguntzeko helburua duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea,
beren izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.
k) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta
partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek
edo eginkizunek lurralde-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten
laguntzen badute.
l) Bakoitzaren lurralde-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren
bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak
hartzea.
m) Bakoitzari bere eskumenen eremuan agindu dakiokeen beste edozein
eginkizun betetzea.
7. Artikulua -
Tokiko administrazioaren eginkizunak
1. Emakumeen
eta gizonen berdintasunaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie,
bai banaka, bai partaide diren udal-mankomunitateen bidez edo lege honetako
xedeetarako eratzen dituzten mankomunitateen bidez, ondoko eginkizunak
betetzea:
a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu
eta sortzea, genero-ikuspegia beren administrazioan integratze aldera.
b) Toki-eremuan ekintza positiboko neurriak
egikaritzea.
c) Toki-eremuan programak egitea,
Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek
egiten dituzten programen esparruaren barruan.
d) Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien
bitartez toki-erakundeen eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta
gizonek bizi dituzten ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.
e) Toki-eremuan, emakume eta gizonen egoerari
buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.
f) Toki-eremuan, emakumeen eta gizonen
ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren
neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea.
g) Toki-araudia nolakoa den eta nola aplikatzen
den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.
h) Herritarrei, eta batez ere emakumeei,
informazioa eta orientabidea ematea emakumeen eta gizonen berdintasunarekin
zerikusia duten baliabideei eta programei buruz, bai eta bereizkeria anizkoitza
jasaten duten emakumeei oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea bermatzeko
zuzendurik dauden programa eta zerbitzuei buruz ere.
i) Bereizkeria anizkoitza jasaten duten
emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programak
osatzea edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta udal mailan eman
beharrekoak direnean.
j) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala,
familia eta lana uztartzea helburu duten baliabide eta zerbitzu
soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta udal-mailan eskaini
beharrekoak direnean.
k) Erakunde publiko zein
pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak
ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek toki-eremuan emakumeen
eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.
l) Toki-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren
bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak
hartzea.
m) Bakoitzari bere eskumenen eremuan agindu
dakiokeen beste edozein eginkizun betetzea.
2. Toki-administrazioek
aurreko paragrafoan aipatzen diren eginkizunak benetan bete ditzaten
laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lankidetza teknikoa
eskainiko die, eta foru-administrazioek ere beharrezkoak diren
sustapen-neurriak hartuko dituzte.
8. Artikulua -
Erakundeak homologatzea
1. Beharrezkoa
denean euskal herri-administrazioek ekimen pribatuarekin hitzarmenak egitea
emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eskaintzeko, kasuan
kasuko herri-administrazioak homologatu behar ditu zerbitzu horiek eskainiko
dituzten aholkularitza-enpresak eta -erakundeak, hitzarmenak izenpetu aurretik.
2. Eusko
Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren
arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitate pribatuak homologatzerakoan
erabili beharko diren gutxieneko oinarrizko betekizunak eta baldintza
orokorrak; dena den, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna kontuan duten
irizpideak erabiliko dira.
II. KAPITULUA
EUSKAL HERRI ADMINISTRAZIOEN ARTEKO ERAKUNDE
ANTOLAKETA ETA KOORDINAZIOA
1. ATALA
BERDINTASUNERAKO ERAKUNDEAK
9. Artikulua -
Autonomia Erkidegoko Administrazioa
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea da Euskal
Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu,
taxutu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak emateko ardura duena, eta erakunde
hori sortu duen legean ezarritakoa da bere araubide juridikoa.
10. Artikulua - Foru- eta toki-administrazioak
1. Foru- eta toki-administrazioek,
bakoitzak bere burua antolatzeko dituen eskumenen eremuan, beren egiturak
egokitu behar dituzte, halako moduz non administrazio bakoitzak emakumeen eta
gizonen berdintasun-politikak bultzatu, programatu, ebaluatu eta horiei buruzko
aholkuak ematen jardungo duen erakunde, organo edo administrazio-unitate bat
izango baitu, gutxienez, dagokion jarduera-eremuan.
2. Erakunde, organo edo administrazio-unitate horiek, bakoitzak bere
lurralde-eremuan, gutxienez ondoko eginkizunak beteko dituzte:
a) Berdintasunaren alorrean programak
eta plangintzak diseinatzea, bai eta horiei dagozkien jarraipen- eta
ebaluazio-mekanismoak ere.
b) Ekintza positiboko berariazko neurriak
diseinatu eta sustatzea.
c) Bakoitzak bere
administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan genero-ikuspegia
txertatzeko sustapen-lana bultzatzea, maila guztietan eta fase guztietan.
d) Bakoitzak bere administrazioko sailei eta
beren mendean dauden gainerako erakunde eta organoei emakumeen eta gizonen
berdintasunari buruz aholkularitza ematea eta lankidetzan aritzea.
e) Bakoitzari dagokion lurralde-eremuan bizi
diren herritarrentzat sentsibilizazio-jarduerak egitea emakumeen eta gizonen
ezberdintasun-egoeraz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren
neurriez, bereizkeria anitzeko egoerak aintzat hartuta.
f) Bakoitzak bere administrazioan berariazko
programak edo zerbitzuak egokitzeko eta sortzeko proposamenak eta sustapen-lana
egitea, bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko
gizarte-eskubideak izango dituztela bermatzeko.
g) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala,
familia eta lana uztartzen laguntzeko gizarte-baliabide eta zerbitzuak sortu
eta egokitu daitezen proposamenak eta sustapen-lana egitea.
h) Bakoitzaren lurralde-eremuan gertatzen diren
bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak
diseinatzea eta sustatzea.
i) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak
finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta
erakundeon xedeek edo eginkizunek emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten
laguntzen badute.
j) Bakoitzaren administrazioari atxikitako
langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituzten
prestakuntza-beharrizanak diagnostikatzea, eta kasu bakoitzean behar den
prestakuntza-mota eta prestakuntza hori jasotzeko irizpideak eta lehentasunak
proposatzea.
k) Emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan eskumenak dituzten erakunde, organo eta unitateekin,
eta, bereziki, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, solaskidetza izatea.
l) Lege honetan jasotzen den edo beren
eskumen-eremuan agindu dakizkiekeen beste edozein eginkizun burutzea.
2. ATALA
BERDINTASUNERAKO UNITATEAK
11. Artikulua -
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako unitateak
1. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak bere egiturak egokitu beharko ditu, eta horren
bidez, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean administrazio-unitate bat egongo da,
eginkizun hauek betetzeko: saileko zuzendaritza eta arloak eta horri atxikitako
erakunde autonomo, ente publiko eta organoak sustatzea, koordinatzea eta
horiekin elkarlanean aritzea, horrela lege honetan eta Eusko Jaurlaritzak
onetsitako berdintasun-planean xedatutakoa betetzeko. Unitateok posizio
organiko eta harreman funtzional egokia izan behar dute, bai eta beren
helburuak bete ahal izateko aurrekontu-zuzkidura nahikoa ere.
2. Erregelamenduz
zehaztuko dira aurreko paragrafoan aipatutako administrazio-unitateen
gutxieneko eginkizunak.
3. Erregelamenduz
zehaztuko dira, era berean, zein erakunde autonomok eta gainerako zein ente
publikok izan behar dituzten lege honetan eta 15. artikuluko 1. paragrafoan
zehaztutako berdintasun-planean jasotzen diren neurriak bultzatzeko eta
koordinatzeko unitateak. Bestela, saileko unitateek berek hartuko dituzte
eginkizunok, bai eta erakunde autonomoei eta sailari atxikitako gainerako
enteei dagokienez ere.
3. ATALA
KOORDINAZIO-ORGANOAK
12. Artikulua -
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea
1. Honen
bidez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea sortu
da; Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-eta toki-administrazioek
emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta
programak koordinatzea izango da organo horren eginkizuna. Emakunderen
zuzendaria izango da batzordearen burua.
2. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal
Erakundeari atxiki zaio.
3. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen osaera, eginkizunak,
antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira.
Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek ordezkari-kopuru bera izango dute
batzordean.
13. Artikulua -
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea
1. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzak emakumeen
eta gizonen berdintasunaren arloan burutzen dituen jarduketak koordinatzeko
organoa da; batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikiko zaio.
2. Batzordearen
eginkizunak, osaera, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz
ezartzen direnak izango dira.
III. KAPITULUA
FINANTZAKETA
14. Artikulua -
Xedapen orokorra
Administrazio autonomiko, foral eta
lokalek, urtero, lege honetan jasotzen diren eginkizunak betetzeko eta neurriak
egikaritzeko behar dituzten ekonomia-baliabideak izendatuko eta zehaztuko
dituzte bakoitzaren aurrekontuetan.
II. TITULUA
EUSKAL HERRI ADMINISTRAZIOEN ETA AGINTEEN JARDUKETAN
GENERO IKUSPEGIA INTEGRATZEKO NEURRIAK
I. KAPITULUA
PLANGINTZA
15. Artikulua -
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak
1. Legegintzaldi
bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du. Plan horretan,
hain zuzen, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan
izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak modu
koordinatu eta orokorrean jasoko dira. Plan hori egiteko orduan, euskal
herri-administrazio enparauei parte hartzeko aukera eman behar die Eusko
Jaurlaritzak.
2. Aurreko
paragrafoan aipatutako plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari
dagokionez, Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak
egingo ditu.
3. Foru-aldundiek
eta udalek berdintasunerako planak eta programak onetsiko dituzte, Eusko
Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta
gidalerroekin bat; halaber, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide
materialekin eta ekonomi eta giza baliabideak eskainita, beren sail, erakunde
autonomo eta menpean edo lotuta dituzten gainerako ente publikoetan aipatutako
planek eta lege honek jasotzen dituzten neurriak benetan eta modu koordinatuan
betetzen direla bermatuko dute. Udalek banaka zein kide diren edo ondore
horietarako osa ditzaketen mankomunitateen bidez egin ditzakete jarduketa
horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza teknikoa eta dagokion
foru-aldundiaren laguntza ekonomikoa izango dituzte, batez ere ahalmen
ekonomiko eta kudeaketa-ahalmen txikia dutenek.
4. Aurreko
bi paragrafoetan aipatutako planak eta programak onetsi aurretik, horiei
buruzko txostena eman behar du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak,
zehazteko, hain zuzen, plan eta programon edukiak bat datozen legegintzaldi
bakoitzaren hasieran Eusko Jaurlaritzak, 1. paragrafoan xedatutakoari jarraiki,
onetsi behar dituen jarraibideekin eta gidalerroekin.
II. KAPITULUA
ESTATISTIKAK ETA AZTERLANAK
16. Artikulua -
Estatistiken eta azterlanen egokitzapena
Lege honetan zehazten diren xedapenak
betetzeko eta genero-ikuspegia eguneroko jardueran benetan integratzen dela
bermatzeko, euskal herri-aginteek beren azterlanak eta estatistikak egiterakoan
honakoak egin behar dituzte:
a) Egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan
sexu-aldagaia sistematikoki sartu.
b) Estatistikako eragiketetan adierazle berriak ezarri eta sartu, hain
zuzen ere emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta
beharretan dauden aldeak, horien guztien adierazpena eta aztertuko den
errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea posible egiteko.
c) Beste aldagai batzuen eragina ezagutzea posible egiteko
beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatu eta sartu, aldagaiok
agertzeak bereizkeria anizkoitzeko egoerak sorrarazten baditu esku hartzeko
eremuetan.
d) Sartutako aldagaiak sexu-aldagaia oinarri hartuta ustiatu eta
aztertzeko adinako lagin zabalak aurkeztu.
e) Dauden datuak ustiatu; horrela, esku-hartzearen eremu ezberdinetan
emakumeek eta gizonek bizi dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premia
ezberdinen berri eduki ahal izango da.
f) Gaur egun dauden estatistika-definizioak berrikusi eta, hala
badagokio egokitu, emakumeen lana aintzatetsi eta baloratzen laguntzeko eta
emakumeen zenbait kolektiboren estereotipazio negatiboa saihesteko.
Ohiz kanpoko kasuetan soilik justifikatu
ahal izango da gorago aipatutako beharkizunetako bat ez betetzea. Horretarako,
gainera, txosten arrazoitua eta organo eskudunak onetsia aurkeztu beharko da.
III. KAPITULUA
LANGILEEN GAIKUNTZA
17. Artikulua -
Euskal herri-administrazioetako langileen gaikuntza
1. Euskal herri-administrazioek neurri egokiak hartu behar dituzte
beren langileei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan oinarrizko
prestakuntza mailakatu eta iraunkorra eskaintzeko. Izan ere, horrela, lege
honetan biltzen diren xedapenak beteko dira eta, gainera, genero-ikuspegia
administrazio-jardunean benetan integratzen dela bermatuko.
2. Aurreko
paragrafoan ezarritakoa betetzearren, euskal herri-administrazioek beren
langileak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan trebatzeko planak
gertatu eta egikaritu behar dituzte, bai eta erantzukizun politikoa duten
pertsonak sentsibilizatzeko jarduketak egin ere.
3. Halaber,
euskal herri-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko
programak sustatu eta diseinatzeaz eta aholkularitza teknikoa eskaintzeaz
arduratzea dakarten plazak okupatzen dituen pertsonal teknikoak esperientzia
edota gaitasun zehatza baduela bermatuko dute. Xede horrekin, ezagutzei buruzko
berariazko betekizunak ezarriko dituzte plaza horietara sartu ahal izateko.
4. Enplegu
publikora sartzeko hautapen-prozesuen gaien artean, euskal
herri-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioari eta horrek
administrazio-jardueran duen aplikazioari dagozkion edukiak sartuko dituzte.
IV. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOAREN ARAUDIAN ETA JARDUERAN
BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK
18. Artikulua -
Xedapen orokorrak
1. Arauak
garatu eta aplikatzerakoan, bai eta planak, programak eta politika publikoak,
diru-laguntzen programak eta administrazio-egintzak formulatzeko beste tresna
batzuk garatu eta aplikatzerakoan ere, euskal herri-aginteek modu aktiboan
izango dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzearen helburua.
2. Artikulu
honetako lehen paragrafoan xedatutakoa betetzeko, euskal herri-administrazioen
mende dauden sail, erakunde autonomo edo ente publikoek lege honetako 19.
artikulutik 22.era bitartean ezarritakoari jarraitu behar diote. Nolanahi ere,
foru- eta toki-erakundeek, beren eskumenez baliatuz eta beren arauetan dauden
berezitasun formal eta materialak aplikatuz, artikuluotan ezarritakoa
erakundeok dauzkaten antolakuntza- eta eginkizun-beharretara egokitu ahal
izango dute.
3. Generoaren
araberako eragina aurretiaz ebaluatzerakoan -legeko 19. Artikulua - eta
ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzerakoan
-legeko 20. Artikulua -, kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko
ezberdintasunetan 3. artikuluko 1. paragrafoko azken tartekian adierazitako
faktoreek daukaten eragina.
4. Euskal
herri-aginteek ez dute hizkera sexista erabiliko, ez zuzenean, ez beste
pertsona edo erakunde batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta
euskarrietan.
19. artikulua -
Generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzea
1. Administrazio-arau
edo -egintza bat egiten hasi aurretik, hori sustatzen duen administrazio-organoak
ebaluatu egin behar du zein den proposamen horrek emakumeek eta gizonek
kolektibo gisa bizi duten egoeran izan lezakeen eragina. Horretarako, aztertu
behar du administrazio-arau edo -egintzan proiektatu den jarduketak ondoren
positiboak edo kontrakoak izan litzakeen emakumeen eta gizonen arteko
ezberdintasunak ezabatzeko eta horien arteko berdintasuna sustatzeko helburu
orokorrean.
2. Eusko
Jaurlaritzak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak proposatuta, arauak edo
gidalerroak onetsi behar ditu, non adieraziko diren, batetik, zein izan behar
diren aurreko paragrafoetan aipatzen den generoaren araberako eraginaren
aurretiazko ebaluazioa egiteko erregelak, eta bestetik, zein administrazio-arau
edo -egintza dauden aurretiazko ebaluazio hori eta ondoko artikuluetan jasotzen
diren gainerako izapideak egin behar izatetik salbuetsita.
20. Artikulua -
Ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak
1. Eraginaren
ebaluazioa kontuan hartuta, administrazio-arau edo -egintzaren proiektuan
neurriak sartuko dira, emakumeek eta gizonek kolektibo modura hartuta bizi
duten egoeran neurriok izan dezaketen eragin negatiboa ahalik eta gehien
neutralizatzeko, antzemandako ezberdintasunak gutxitu edo ezabatzeko eta
sexu-berdintasuna sustatzeko.
2. Egoki
irizten zaien beste neurri batzuk ere hartu ahal diren arren, euskal
herri-administrazioek, beren diru-laguntzak arautzen dituen araudian eta legeei
buruzko kontratuetan horrela baimentzen duen kasuetan, aurkeztutako proiektu
edo eskaintzan genero-ikuspegiak duen integrazioa baloratuko duen irizpide bat
sartuko dute esleipenerako irizpideen artean. Kasu horietan beretan, hautagaien
edo lizitatzaileen gaitasun teknikoa baloratzeko irizpideen artean eta, hala
badagokio, diru-laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintzen artean,
pertsona horiek emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken edo jarduketen
garapenean izan duten ibilbidea baloratuko da.
Orobat, kontratuen legediari eta hurrengo
paragrafoan jasotakoari men eginez, kontratua betetzeko baldintzen artean
esleipendunak izango duen betebehar bat jasoko da: obra egin edo zerbitzua
ematerakoan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak aplikatzea.
3. Jaurlaritzaren
Kontseiluak Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean, eta horren baliokide
diren organoek gainerako herri-administrazioetan, eta, horrelakorik egon ezean,
kontratuen espedienteei dagokienez kontratazio-organoek, horiek finkatuko dute
aurreko paragrafoko neurriak aplikatu behar zaizkien kontratazioek edo
diru-laguntzek zein mota edo ezaugarri izango dituzten, ondokoak kontuan
hartuta: ezargarria zaien araudia, kontratuen ezaugarriak eta kontratazio nahiz
diru-laguntzetan beste politika publiko batzuk aplikatzearekin uztargarria edo
bateragarria den eta zein koordinazio duen. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz
ezarriko ditu aurreko paragrafoan aipatutako irizpideak edo klausulak betetzen
diren baloratu ahal izatea erraztuko duten adierazleak. Horien artean egon
beharko dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan eta programak
egin eta betearaztea, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunerako erakunde
laguntzaile gisa aitortuta egotea (41. artikuluan aipatzen den moduan).
4. Egoki
ikusten diren beste neurri batzuk ere hartu ahal diren areen, enplegu publikoko
lanpostuak eskuratu, bete eta sustatzeko hautapen-prozesuak erregulatzen
dituzten arauek honakoak izan beharko dituzte:
a) Klausula bat, administrazioaren jardueraren
kidego, eskala, maila eta kategorietan emakumeei lehentasuna ematen diena,
baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun
bera badago, eta kidego, maila, eskala eta kategoria horietan emakumeak %40
baino gutxiago badira. Salbuespena izango lanposturako beste hautagaiak neurri
hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean -nolanahi ere,
ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik-; kasurako,
laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo
batzuetako kide izatea.
Dagokion herri-administrazioaren barruan
funtzio publikoaren arloan eskumena duten organoek estatistika egoki eta
eguneratuak izan behar dituzte, a) idatz-zatian xedatzen dena aplikatzea
posible egiteko.
b) Klausula bat, hautaketa-epaimahaietan
trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen
ordezkaritza orekatua izango dela bermatzeko.
5. Egoki
ikusten diren beste neurri batzuk ere hartu ahal diren arren, administrazioak
sustatutako edo diruz lagundutako edozein sari-mota emateko sortzen diren
epaimahaiak erregulatuko dituzten arauek, eta kultura- edota arte-funtsak
eskuratzeko gaitutako antzeko organoak erregulatzen dituztenek, klausula bat
izango dute, hautaketa-epaimahaietan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza
egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela
bermatzeko.
6. Aurreko
bi paragrafoetan adierazitakoaren ondoreetarako, ordezkaritza orekatua izango
da lau kide baino gehiago dituzten epaimahaietan edo antzeko organoetan sexu
bakoitzak gutxienez %40ko ordezkaritza baldin badu. Gainerako kasuetan, bi
sexuak ordezkatuta daudenean izango da orekatua.
7. Araua
edo administrazio-xedapena sustatzen duen administrazioko organoak,
ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko
helburua lortzearren, adierazleak ezarri behar ditu, aurreko paragrafoetan
aipatzen diren neurriak zenbateraino betetzen diren eta zein eraginkortasun
duten ebaluatu ahal izateko.
8. Ohiz
kanpoko kasuetan soilik justifikatu ahal izango da 2, 4 eta 5. paragrafoetan
xedatukoa ez betetzea. Horretarako, gainera, txosten arrazoitua eta eta organo
eskudunak onetsia aurkeztu beharko da.
21. Artikulua -
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen txostena
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak
Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan prestatzen diren
arau-proiektuei buruzko txostena eman behar du, lege honetako 19.etik 20.erako
artikuluetan xedatzen dena egoki aplikatzen dela egiaztatzeko eta, hala
badagokio, artikuluon edukiarekin lotuta dauden hobetzeko proposamenak egiteko.
22. Artikulua -
Azalpen-memoria eta arauaren edo egintzaren onespena
1. Arau-
edo xedapen-proiektuarekin batera, memoria aurkeztuko da, 19.etik 21.era arteko
artikuluek diotenari jarraiki egindako izapideak zehatz azaltzeko eta horren
emaitzak biltzeko.
2. Dagokion
administrazio-araua edo -egintza onetsi edo izenpetzean, aurreko paragrafoan
aipatutako izapideak egin direla adierazi behar da, labur-labur bada ere.
III. TITULUA
ZENBAIT ESKU HARTZE ARLOTAN BERDINTASUNA SUSTATZEKO
NEURRIAK
I. KAPITULUA
PARTAIDETZA SOZIOPOLITIKOA
23. Artikulua -
Xedapen orokorra
Euskal herri-aginte guztiek, beren
zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak
izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza
egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu
behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo
bestelakoak hartuko dituzte.
24. Artikulua -
Elkarteak eta erakundeak
1. Euskal
herri-administrazioek sustatu behar dute emakumeen eta gizonen presentzia
orekatua izan dadila profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren,
sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta
erakundeen zuzendaritzako organoetan. Horretarako, gehitu edo egokitu ahal
izango dituzte elkarte eta erakundeoi adierazitako helburua betetzearen arabera
dagozkien diru-laguntzak.
2. Euskal
herri-administrazioek ezin izango diete inolako laguntzarik eman kideak
aukeratzeko prozesuan edo lan-jardunean sexuaren zioozko bereizkeria eragiten
duten elkarte edo erakundeei.
3. Lege
honetan aipatzen diren helburuak lortzeko asmoz eratutako elkarteak bultzatuko
dituzte euskal herri-administrazioek.
4. Emakumeen
eta gizonen berdintasuna lortzea helburu duten zerbitzuak eskaintzen dituzten
irabazi asmorik gabeko erakundeak onura publikokotzat deklaratu ahal izango
dira, erakunde bakoitzaren forma juridikoari dagokion legedia berezian
ezarritakoari jarraiki.
5. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak beharrezkoak diren baliabideak bultzatu eta jarriko
ditu entitate bat sortzeko, emakumeek eta herritarren elkarteek politika
sozial, ekonomiko eta kulturalen garapenean benetan eta modu askean parte
hartzeko bidea eskainiko duena, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren
arloan euskal herri-administrazioekin hitz egiteko solaskide onargarria izango
dena.
II. KAPITULUA
KULTURA ETA KOMUNIKABIDEAK
25. Artikulua -
Kultura-jarduerak
1. Euskal
herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkoak diren neurriak
hartu behar dituzte, bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko
emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan
dezatela Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera
guztietan.
Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko
berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten
kultura-jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan.
2. Kultura-jardueraren
batean -hor sartuta jai kutsukoak, artistikoak, kirolekoak, eta euskararen
normalkuntzaren arlokoak- sexuaren ziozko bereizkeria egiten bada, euskal
herri-administrazioek ezin izango diote jarduera horri inolako laguntzarik
eman, edo administrazio horien ordezkariek ezin izango dute jarduerotan
administrazioaren ordezkari gisa parte hartu.
3. Euskal
herri-administrazioek neurri egokiak hartu behar dituzte kirol-modalitate
guztietan emakumeek eta gizonek tratu- eta aukera-berdintasuna izango dutela
bermatzeko.
4. Euskal
herri-administrazioek emakumeen nahiz gizonen kirol-jarduerei laguntzea
sustatuko dute, bietako edozein gutxiengoa den modalitateetan. Halaber, gehitu
egingo dira emakumeak gehiengoa diren kirol-modalitateentzako laguntza
publikoak.
26. Artikulua -
Gizarte-komunikabideak eta publizitatea
1. Hedabideetako
batek ere ezin izango du adierazi, bere jarduna Euskal Autonomia Erkidegoaren
baitakoa baldin bada, pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza
duintasun gutxiago edo gehiago dutela, ez eta objektu sexual soilak direla ere.
Orobat, ezingo zaie zabalkundea eman emakumeen aurkako indarkeria justifikatu,
horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duten edukiei.
2. Debeku
da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago
edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen
publizitate-iragarki oro egin, eman edo erakustea, eta baita emakumeen aurkako
indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen
oro ere.
3. Gizarte-komunikabideek,
beren programazioak egiteko orduan, ez dute hizkera sexistarik erabili behar,
eta emakumeen parte-hartze aktiboa eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi
anitza bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako
arloetan betetzen dituen eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik aparte,
eta bereziki zaindu behar dituzte ume zein gazteentzako edukiak. Bestalde,
emakumeek sustatutako edo emakumeek zuzendutako jarduera politiko, sozial eta
kulturalen zabalkundea bermatu behar dute, gizonekiko berdintasunean, eta
orobat emakumeak ahalduntzeko lagungarri diren jarduerak ere.
4. Euskal
Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko komunikabideek bultzatu egingo
dituzte, eta beren publizitate-espazioetan lehentasunezko tratua eskaini,
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeak,
ezberdintasunak ezabatu eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko
helburuarekin, sustatzen dituen erakunde arteko kanpainei. Horretarako,
beharrezkoak diren mekanismoak edo erakundeen arteko lankidetzarako itunak
ezarriko dira.
5. Euskal
herri-administrazioek, erakunde autonomoek eta haien mende edo haiei lotuta
dauden gainerako entitate publikoek, beren eskumen-eremuan, aurreko paragrafoan
aipatutako erakunde arteko kanpainak hedatzen lagunduko dute. Horretarako,
publizitatea jartzeko barruan nahiz kanpoan dituzten gune edo lekuak lagako
dituzte erakunde arteko kanpaina horietarako.
27. Artikulua -
Publizitatea kontrolatzeko organoa
Eusko Jaurlaritzan organo bat eratuko da,
komunikabideen eta publizitate-euskarrien bitartez hedatzen den publizitatearen
inguruan aholku eman eta hori aztertzeaz arduratuko dena; horrela, sexuan
oinarritzen den pertsonen bereizkeria-mota oro erauzterik izango da. Aldi
berean, komunikabide publikoek zabaldutako edukiek beren kode etikoak izan
ditzaten zainduko da.
III. KAPITULUA
HEZKUNTZA
1. ATALA
UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZA
28. Artikulua -
Xedapen orokorra
Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria-mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.
29. Artikulua -
Curriculuma
1. Hezkuntza
Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta jarraian aipatzen
diren hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako
jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean:
a) Emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien
portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako
aurreiritzi, estereotipo eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei
beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera.
b) Emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren
garapenari egin dioten ekarpen sozial eta historikoa integratzea; horretarako,
eta irakasten diren edukiak berrikusiko dira eta, hala dagokionean, zuzendu.
c) Beharrezko ezagutzak sartzea,
neska-mutil ikasleek, etxeko lanak eta pertsonak zaintzea direla eta, gaur egun
dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizan eta erantzukizunen ardura
har dezaten.
d) Ikasleak trebatzea, aukera akademikoak egiten
dituztenean ez ditzaten aintzat hartu generoan oinarritutako baldintzapenak.
e) Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea;
horretarako, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak erakutsiko dira,
bai eta aniztasunean eta emakumeek eta gizonek eskubide eta aukeren aldetik
duten berdintasunaren errespetuan oinarritzen diren bizikidetza-ereduak ere.
2. Era
berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du
hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, eta eguneroko
bizitzari buruzko eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila
guztietan. Eduki eta aldiotan, honakoekin zerikusia duten alderdi eta edukiak
integratuko dira: etxearekin, pertsonen zainketarekin, harreman pertsonalen
funtzionamendua ezagutzearekin, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko
metodoak eta sexuen berdintasunaren eta aniztasunaren errespetuan oinarritzen
diren bizikidetza-ereduak ikastearekin.
30. Artikulua -
Irakaskuntzako materialak
1. Debeku
da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago
edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu
edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko
ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri
garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.
2. Euskal
Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzen diren testu-liburuek eta
irakaskuntzako beste material guztiek, inola ere, aurreko artikuluko 1.
paragrafoan adierazi diren hezkidetzako helburuak barneratuta izan behar
dituzte. Bestalde, ez dute hizkuntza modu sexistan erabili behar, eta irudietan
emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua bermatu behar
dute.
31. Artikulua -
Pertsonak eta egiturak
1. Beren
zereginetan genero-ikuspegia integratzeko, hezkidetzan trebakuntza zehatza jaso
duten langileak izango dira hezkuntzaren arloa ebaluatu, ikertu eta berritzeaz
arduratzen diren organoetan eta irakasleen laguntzarako zerbitzuetan.
2. Hezkuntza
Administrazioak zera bultzatuko du: emakume zein gizon irakasleek presentzia
orekatua izan dezatela jakintza-arlo eta hezkuntzako etapa ezberdinetan, eta
halaber ikastetxeen zuzendaritza-organoetan.
3. Irakasleek
ikastetxeen zuzendaritza-organoei jakitera eman behar diete emakumeen eta
neskato-mutikoen aurka nabaritzen duten indarkeria-zantzu oro.
32. Artikulua -
Prestakuntza
1. Hezkuntza
Administrazioak hezkidetzari buruzko prestakuntza-planak jarriko ditu abian;
plan horiek irakaskuntzako profesionalei zuzenduta egongo dira, eta
unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiak hartuko dituzte beren baitan.
2. Ikastetxe
bakoitzak prestakuntza-plan horiek abian jartzerakoan neurri egokiak ezar
ditzan, Hezkuntza Administrazioak beharrezko egokitzapenak egingo ditu
ordutegian eta antolaketan. Gainera, mekanismoak ezarriko dira plan horietan
aurreikusi diren egutegi eta ordutegiek afektatutako ikasleei erantzuteko.
3. Irakaskuntzako
profesionalei -banaka zein ikastetxeen bidez- zuzentzen zaien etengabeko
prestakuntzarako eskaintzak, bere edukietan, zeharka, hezkidetzako filosofia
barneratu behar du, eta, horrezaz gain, hezkidetzari buruzko ikastaro zehatzak
jaso behar ditu.
2. ATALA
UNIBERTSITATEKO HEZKUNTZA
33. Artikulua -
Xedapen orokorrak
1. Euskal
unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateek, betiere, emakumeek eta gizonek
aukera berdinak izatea bultzatuko dute, bai irakasle-karreran, bai erabakiak
hartzen diren eremuetara sartzeko; eta, horrekin batera, ikasleek, sexuaren
arabera, diziplina eta jakintza-arlo guztietan partaidetza orekatua izan
dezatela sustatuko dute.
2. Orobat,
jakintza-arlo guztietako irakas-lanean eta ikerketa-lanetan genero-ikuspegia
txerta dadin, hizkera ez-sexista erabil dadin, eta emakumeen jakintza eta
emakumeek gizadiaren garapenari egindako garapen sozial eta historikoa jaso
dadin bermatuko dute.
3. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak zera bultzatuko du: euskal unibertsitateek modu
egonkorrean eskaini dezatela emakumeen eta gizonen berdintasunerako agente
izateko prestakuntza berezia, eta genero-ikuspegia txertatu dezatela beren
diziplina eta jakintza-arlo guztietan.
4. Prestakuntza
eta ikerketaren aldeko deialdietan, Hezkuntza Administrazioak batik bat honako
ezaugarriak betetzen dituzten proiektuak baloratuko ditu:
a) Proiektuen buru emakumeak izatea, emakumeen
ordezkaritza txikia den ikerketa-eremuetakoak badira.
b) Ikerketa-taldean emakumeen eta gizonen
ordezkaritza orekatua izatea.
c) Emakumeen eta gizonen
ezberdintasunarekin eta sexuen arteko hierarkia-harremanarekin zerikusia duten
arazoak ulertzen laguntzea.
d) Ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta
gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak proposatzea.
5. Hezkuntza
Administrazioak diru-laguntzak ezarriko ditu, euskal unibertsitate-sistemaren
eremuan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko proiektuak egitea bultzatzeko.
IV. KAPITULUA
LANA
1. ATALA
ETXEKO LANAK
34. Artikulua -
Xedapen orokorra
Euskal herri-administrazioek
aldian-aldian egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoan egindako etxeko lanen balio
ekonomikoaren kalkulua -hartan sartuta pertsonak zaintzeak dakarren lana-, eta
kalkulu hori euskal gizarteari jakinaraziko diote, etxeko lanen garrantzi
ekonomiko eta soziala ezagutu dezan. Halaber, etxeko lanen balioa aintzat
hartuko dute politika ekonomikoak eta sozialak diseinatzerakoan.
35. Artikulua -
Erantzunkidetasuna
Euskal herri-administrazioek, hain zuzen,
gizonek etxeko lanetan ere -pertsonak zaintzea barne- erantzukizunak har
ditzatela sustatuko dute. Orobat, egokiak diren neurriak hartuko dituzte 49.
artikuluan jasotakoa garatzeko arauetan gizonek ere arlo horretan
erantzukizunak hartzea bultzatuko duten neurriak jaso daitezen.
2. ATALA
ENPLEGUA
36. Artikulua -
Xedapen orokorrak
Euskal herri-administrazioek, beren
eskumen-eremuan, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna erreala
eta benetakoa izateko behar diren baldintzak sustatu behar dituzte, hala
norbere konturako zein inoren konturako lana lortzean, nola lan-,
prestakuntza-, sustapen-, ordainketa- eta kontratuen amaiera-baldintzetan.
37. Artikulua -
Enplegu-zerbitzuak
1. Laneratzeari
laguntzeko prozesuan parte hartzen duten enplegu-zerbitzuek ezin dute sexuaren
zioz bereizkeriarik sortzen duen lan-kontraturik izapidetu.
2. Enplegu-zerbitzuak
emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipiora egokitu daitezen, euskal
herri-administrazioek honakoak egin behar dituzte:
a) Laneratzen laguntzeko prozesu integraleko fase
bakoitzean genero ikuspegia nola txertatu erakutsiko diete, hain zuzen, beren enplegu-zerbitzuetako
langileei eta erakunde laguntzaileetakoei. Laguntza-faseok hauek dira:
informazioa eta orientazioa, prestakuntza, bitartekotza, laneratzeko laguntza
eta laneratzearen jarraipena, eta sustapen enpresariala eta autoenpleguaren
sustapena.
b) Enplegu-zerbitzuek emakume gutxi dagoen
lanpostuetan emakume gehiago kontratatu daitezen lortzea helburu duten neurriak
har ditzatela sustatuko dute.
38. Artikulua -
Enplegua lortzea
Emakumeei enplegua lortzen laguntzeko
asmoz, arlo horretan eskumenak dituzten euskal herri-administrazioak honakoak
egingo dituzte:
a) Kontratazioa sustatzeko neurriak aurreikusten dituzten enpresei
zuzendutako laguntzei dagokienez, emakumeak eta gizonak kontratatzeko
portzentajeak ezarriko dituzte, enpresaren tamainaren, jardunaren sektorearen
eta bete behar diren lanpostuetarako lortu daitezkeen emakumeen eta gizonen
kopuruen arabera.
b) Emakumeek enplegu finkoa eta kalitatekoa lor dezaten sustatzeko eta
haien kontratazioaren alde egiteko proiektuak garatuko dituzte; horien
bitartez, alde batetik, kontratazio-modalitate ezberdinetan emakumeek duten
partaidetza gehitu nahi da, eta bestetik, gaur egun emakumeen artean nagusi
diren kolokako enplegua eta aldi baterako enplegua desagerrarazi nahi dira.
c) Emakume gutxi dagoen sektore eta lanbideetan, lehentasuna emango
diete emakumeek sustatuko ekimenei eratze-gastuak, aktiboetan egindako
inbertsioak eta funtzionamendu-gastu orokorrak finantzatzeko diru-laguntzen
deialdietan.
d) Laguntza publikoak hartzen dituzten elkarren bermerako sozietateek
sustatzaileen artean emakumeak gehiengoa diren enpresa-ekimenak eratzen edota
finkatzen laguntzeko fondo bereziak izatea sustatuko dute.
39. Artikulua -
Prestakuntza-planak
1. Enpresen
prestakuntza-planei laguntzak emateko deialdi publikoetan, lehentasuna emango
zaie erakundearen barruan emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu duten
prestakuntza-ekintzei, bai eta emakumeei praktikak egiten lagunduko dietenei
ere, bereziki emakumeek gutxi ordezkatuta dauden lanbideetan.
2. Halaber,
emakumeek prestakuntza-ekintzetan parte har dezaten bermatzeko beharrezkoak
diren laguntza-mekanismoak eta -zerbitzuak eratu behar dira, bai inoren
konturako lanaren esparruan -bereziki emakumeak gutxiengoa diren lanpostuetara
eta mailetara sartzeko gaitzen dituzten prestakuntza-ekintzak-, bai
autoenpleguaren eta enpresen sorreraren arloan.
40. Artikulua -
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak eta politikak
1. Partaidetza
nagusia kapital publikoarena duten enpresak beti, bai eta enplegatutako
pertsona-kopuruaren edo beste irizpide batzuen arabera erregelamenduz zehaztuko
diren enpresa pribatuek ere, hala enpresa barruan nola kanpoko jardunean,
emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak
biltzen dituzten planak edo programak egin behar dituzte.
2. Erregelamenduz
ezarriko dira berdintasunerako plan edo programa horietan jaso behar diren
gutxieneko edukiak, eta plan edo programa horien jarraipena eta ebaluazioa
egiteko mekanismoak. Derrigorrezko gutxieneko eduki horiek ezingo dira izan
lan-harremanen esparrukoak.
3. Emakunde-Emakumearen
Euskal Erakundeak laguntzak ezarri behar ditu emakumeen eta gizonen
berdintasunerako planak egiteko eta enpresek arlo horretan adituak diren pertsonak
kontratatzeko. Laguntzak eskuratzeko, laguntzak izango duen eraginari buruzko
txostena aurkeztu behar du erakunde onuradunak.
41. Artikulua -
Erakunde laguntzaileak
Lan eta gizarte arloan
aukera-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenei bultzada emateko asmoz,
Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko erakunde
laguntzailetzat hartu ahal izango ditu erakundean bertan berdintasunerako
politikak garatzen dituzten erakundeak, betiere erregelamenduz ezarritako
baldintzetan. Baldintza horien artean, gutxienez, berdintasunari buruz
diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea egongo da, bai eta plan hori
egikaritzeko konpromisoa hartzea ere. Planak, beste neurri batzuen artean,
lan-baldintzetan eta enpleguaren kalitatean emakumeen eta gizonen
tratu-berdintasuna bermatzeko neurriak jaso beharko ditu.
42. Artikulua -
Negoziazio kolektiboa
1. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak, bere langileekin hitzarmen kolektiboak negoziatzeko
orduan, enplegu publikoaren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna
sustatzeko neurriak planteatu behar ditu. Era berean, elkarrizketa sustatu
behar du lan-munduko ordezkarien artean, eremu pribatuko hitzarmen kolektiboen
negoziazioan era honetako neurriak ere sar daitezen, batik bat ordainsari-bereizkeria
desagerraraztera zuzendutakoak.
2. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak, hitzarmen kolektiboen erregistroaren bitartez,
hitzarmenotan emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aurkako
klausularik ez egotea, hizkera ez-sexista erabiltzea eta jazarpen sexistaren
aurka berariazko neurriak jasotzea zaindu beharko du. Horrekin batera, sexuaren
ziozko bereizkeria kontrolatzeko eta erauzteko ikuskatzailetza bultzatuko du
Administrazioak.
43. Artikulua -
Jazarpen sexista
1. Delitu
modura izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, lege honen ondoreetarako,
jazarpen sexista hau izango da: lanean, nahi ez duen pertsona batekin eta
horren sexua dela-eta, hitzez, hitzik gabe edo fisikoki edozein jokabide
izatea, eta horren helburua edo ondorioa pertsona horren duintasunari erasotzea
edo kikilduta, etsai, makurrarazita, irainduta edo laidoztatua sentiarazteko
giroa sortzea bada. Jokabide horrek sexuarekin zerikusia duenean, jazarpen
sexista izango da.
2. Jazarpen
sexista diziplinako hutsegite oso larria izango da euskal
herri-administrazioetako langileen kasuan, lege honetako 2.1 artikuluak, Euskal
Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 83.b) artikuluari
dagokionez, ezartzen duenarekin bat.
3. Euskal
herri-administrazioek ofizioz jardungo dute jazarpen sexista salatzen denean.
Era berean, lanean jazarpen sexista prebenitzeko eta erauzteko politikak jarri
behar dituzte abian, beren langileei zuzenduta. Politika horiek, beste neurri
batzuen artean, jarduketa-protokolo batzuk prestatzea eta aplikatzea aurreikusi
beharko dute.
4. Euskal
herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, laguntza juridiko eta psikologiko
urgentea, doanekoa, espezializatua, deszentralizatua eta eskuerakoa bermatu
behar diete jazarpen sexistaren biktima direnei.
V. KAPITULUA
BESTE GIZARTE ESKUBIDE OINARRIZKO BATZUK
44. Artikulua -
Osasuna
1. Euskal
herri-administrazioek emakumeei osasuna hobetzen lagundu behar diete beren bizitza
osoan; arreta berezia eskainiko diete, orobat, emakumeengan eragin handiena
duten osasun-arazoei.
2. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna
behartu behar du osasunarekin zerikusia duen ikerkuntzan eta arretan.
Horretarako, aintzat hartuko du gizonek eta emakumeek dituzten egoerak,
baldintzak eta beharrizanak desberdinak direla, eta, ondorioz, politika
espezifikoak garatuko ditu beharrezkoa denean. Bestalde, azterketa, eztabaida
eta kontzientziazioa suspertu behar du profesionalen, erabiltzaileen eta
osasun-sistemarekin zerikusia duten eragile artean eremu horretan emakumeek eta
gizonek dituzten desberdintasunei buruz.
3. Asistentzia-prozesuen
diseinua egiterakoan, Osasun Administrazioak neurriak hartu behar ditu
osasun-arazoak dituzten pertsonak zaindu beharrak -ordaindu gabe eta gehienbat
emakumeek zaindu ere- etxeetan eragiten duen karga arintzeko.
4. Euskal
herri-administrazioek bete egin behar dituzte sexu- eta ugalketa-eskubideak
baliatzeak dakartzan beharrizanak. Horretarako, prebentzio- eta
asistentzia-programak prestatuko dituzte; horien artean egongo dira
planifikazio sexuala erraztera eta nahigabeko haurduntzeak eta sexu bidez
transmititutako gaixotasunak saihestera bideratutakoak.
45. Artikulua -
Gizarteratzea
1. Euskal
herri-administrazioek beharrezko neurriak hartuko dituzte pobreziak eta
gizarte-bazterkeriak emakumeengan eragin handiagoa izatearen ondorioei aurre
egiteko. Horretarako, alde batetik, genero-ikuspegia txertatuko da pertsona
guztiek oinarrizko giza eskubideak erabili ahal izango dituztela bermatzea
helburu duten sektore-programetan, eta bestetik, bereizkeria anizkoitza jasaten
duten emakumeen kolektiboei zuzendutako programa zehatzak diseinatuko dituzte.
2. Euskal
herri-administrazioek beharrezko neurri juridikoak eta ekonomikoak bultzatuko
dituzte gertakari batzuen ondorioz baliabide ekonomiko urriak dituzten
pertsonen baldintzak hobetzeko. Gertakari horiek bi izango dira: batetik,
alargun gelditzea, eta bestetik, hitzarmen judizialki onartuan edo ebazpen
judizialean ezarritako pentsio osagarriak eta mantenu-pentsioak ez jasotzea.
Bigarren hori gertatzeko egoerak hauek izan ohi dira: ezkontza-deuseztasuna,
legezko ezkontza-banaketa, dibortzioa, izatezko bikotea hausturaz iraungitzea
edo filiazio- edo mantenu-prozesua. Gorago aipatutako helbururako, berme-funts
bat sortuko dute pentsioak ordaintzen ez direnerako, eta osagarriak eratuko
dituzte alarguntasun-pentsio apalenetarako.
3. Euskal
herri-administrazioek adineko emakumeen ongizatea eta gizarte-basesa zainduko
dute, eta adineko emakumeek bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta
kulturalean parte har dezaten sustatuko.
4. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak plan bat prestatuko du prostituzioaren arloan jarduteko,
administrazio enparauekin eta eremu horretan lanean ari diren gizarte-taldeekin
batera.
46. Artikulua -
Ingurumena eta etxebizitza
1. Euskal
herri-aginteek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte beren ingurumen,
etxebizitza, hirigintza eta garraioko politiketan zein programetan
genero-ikuspegia txertatuta dagoela bermatzeko, eta, besteak beste, ondokoak
hartuko dituzte kontuan: pertsonen segurtasuna; etxeko lanak egitea eta
pertsonak zaintzea erraztea; bizitza pertsonala familia eta lanarekin uztartu
ahal izatea erraztea; bai eta politika eta programa horiek diseinatu eta
betetzerakoan emakumeek partaidetza handiagoa izan dezatela bultzatzea ere.
2. Etxebizitzak
esleitzeko orduan, euskal herri-administrazioek lehentasunezko tratua emango diete
bazterkerian edo legeak aurreikusitako beharrizan-egoeran dauden emakumeei.
Erregelamenduz zehaztuko dira horretarako baldintzak.
VI. KAPITULUA
BIZITZA PERTSONALA, FAMILIA ETA LANA UZTARTZEA
47. Artikulua -
Xedapen orokorra
Euskal herri-administrazioek bizitza
pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztuko dute. Horretarako, honako
alderdiak sustatuko dituzte: etxeko lanetan gizonek erantzukidetasuna
edukitzea; enpleguaren egiturak bizitza pertsonalaren eta familiaren beharrei
egokitzea; zerbitzu soziosanitarioak sortzea eta egokitzea; laguntza
ekonomikoak eta neurri fiskalak eratzea; eta delako helbururako egoki
iritzitako beste edozein neurri.
48. Artikulua -
Enplegu-baldintzak
1. Euskal
herri-administrazioetako langileen lan-baldintzak erregulatzen dituzten
arauetan, zehazki, lan-denbora malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak jaso
behar dira -neurri horiek ez dute kalterik ekarri behar enpleguaren kalitatean
eta langileen eskubideetan-, bai eta beste zenbait neurri ere, emakumeei eta
gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea errazteko.
2. Euskal
herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, enpresentzako laguntzak bideratu
behar dituzte, enpresok lan-denbora malgutu eta berrantolatu dezaten, bai eta
emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztea
helburu duten beste zenbait neurri har ditzaten ere.
3. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak laguntzak emango dizkie etxeko beharrizanei
erantzuteko mendeko pertsonak zaintzeko eszedentziak, baimenak eta
lanaldi-murrizketak hartzen dituzten langileei. Laguntzok erregulatzen dituzten
arauetan jasota egon behar dira aukera horiek baliatzen dituztenak lanera
itzultzea errazteko neurriak, bai eta beren lanbide-sustapenean kalterik izan
dezaten saihestekoak ere.
49. Artikulua
.- Erkidegoarentzako gizarte-zerbitzuak
1. Euskal
herri-administrazioek zerbitzu eskuragarriak, malguak, kalitatekoak eta erraz
lortzekoak ezarri behar dituzte, hain zuzen ere, autonomia funtzional nahikoa
ez izatearen ondorioz eguneroko bizitzako jardunerako beren kabuz baliatu ezin
diren pertsonen arreta-beharrizanei erantzuteko.
2. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak, eskudunak diren gainerako administrazioekin
lankidetzan, beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar ditu haurrei
hezkuntzaren zein laguntzaren aldetik arreta eskaintzeko zerbitzuak daudela
bermatzeko. Zerbitzuok ondo entzun behar diete eremu edo eskualde bakoitzean
eskolatze-adina baino lehenagoko haurrek dituzten beharrizan guztiei, eta
ordutegi eta egutegi zabal eta malguak eskaini behar dituzte.
3. Haurrei
hezkuntzaren eta laguntzaren aldetik arreta eskaintzeko zerbitzuei, eguneko
zentroei, egoitzei eta mendeko pertsonei arreta eskaintzeko gainerako zentro
eta programei zuzenduta dauden laguntzen deialdietan, euskal
herri-administrazioek lehentasuna emango diete gainerako kalitate-irizpideak
betetzeaz gain ordutegi eta egutegi zabal eta malguak dituzten zentro eta
programei.
4. Hezkuntza
Administrazioak, eskudunak diren gainerako administrazioekin lankidetzan,
jantoki-zerbitzu osoa egongo dela bermatu behar du hezkuntzaren maila guztietan
eta eskariaren arabera.
5. Euskal
herri-administrazioek beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar dituzte haur
eta lehen hezkuntzan zehar, curriculumetik kanpo, arreta osagarria eskaini
dakien haurrei, ezarrita dagoen eskola-ordutegia eta -egutegia zabalduta, horri
esker, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztu dakien emakumeei
eta gizonei.
6. Euskal
herri-administrazioek laguntzak emango dituzte, hain zuzen ere, emakumeek eta
gizonek bizitza pertsonala, familia eta lana uztartu ahal izateko zerbitzuak
eskaintzea helburu duten enpresak sortu eta mantendu daitezen.
7. Euskal
herri-administrazioek atsedena eskaintzeko programak eta laguntza ekonomiko,
tekniko eta psikosoziala emateko beste neurri eta zerbitzu batzuk ezarriko
dituzte zaintza-lanak betetzen dituzten pertsonentzat; eta aztertu eta, hala
badagokio, bultzatu egingo dituzte norbanakoen artean pertsonak zaintzen
elkarri laguntzeko sor daitezkeen ekimenak eta formulak.
VII. KAPITULUA
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
50. Artikulua -
Definizioa
Lege honen ondoreetarako, sexuaren ziozko
edozein ekintza bortitz joko da emakumeen aurkako indarkeriatzat, baldin eta
ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua
ekartzen badio edo ekar badiezaioke. Jokaera horien artean sartuko dira
emakumea ekintza horiek egitearekin mehatxatzea, hertsapenak egitea edo
askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan.
1. ATALA
IKERKETA, PREBENTZIOA ETA PRESTAKUNTZA
51. Artikulua -
Ikerketa
1. Euskal
herri-administrazioek emakumeen aurkako indarkeria-mota ezberdinen arrazoiak,
ezaugarriak, arazoa identifikatzeko zailtasunak eta ondorioak iker daitezen
sustatuko dute. Era berean, indarkeria horiek erauzteko eta horien ondorioak
konpontzeko aplikatzen diren neurrien eraginkortasuna iker dadin ere bultzatuko
dute.
2. Emakunde-Emakumearen
Euskal Erakundeak aldian-aldian ebaluatu egingo du zein den Euskal Autonomia
Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeriaren arloan dauden baliabideen eta
programen eraginkortasuna eta irismena. Horretarako, inplikatuta dauden
gainerako euskal herri-administrazioek informazioa emango diote beren ardurapean
dituzten baliabideei eta programei buruz.
3. Emakunde-Emakumearen
Euskal Erakundeak aurreko paragrafoan aipatutako ebaluazioaren berri emango dio
Eusko Legebiltzarrari.
52. Artikulua -
Prebentzioa
Lege honetan jasota dauden gainerako neurri
prebentiboak kontuan izan behar badira ere, euskal herri-administrazioek, beren
eskumen-eremuan eta modu koordinatuan, sentsibilizazio-kanpainak egin behar
dituzte emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta ezabatzeko.
53. Artikulua -
Prestakuntza
1. Euskal
herri-administrazioetan langileak prestatzeko eskumena duten erakundeek,
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan, emakumearen aurkako
indarkeria kasuetan esku hartzen duten langileek prestakuntzaren arloan
dituzten beharrizanen diagnosia egin behar dute, eta aldian-aldian eguneratu;
eta diagnosi horren arabera profesional-taldeek dituzten beharrizanei
egokitzeko prestakuntzaprogramak jarriko dira abian.
2. Euskal
herri-administrazioek, betiere, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta
ezabatzen eta biktimak zaintzen eta haiei laguntzen diharduten erakunde
pribatuetako langileek prestakuntza jaso dezaten lagunduko dute.
2. ATALA
ETXEKO TRATU TXARREN ETA SEXU-ERASOEN BIKTIMENTZAKO
ARRETA ETA BABESA
54. Artikulua -
Poliziaren babesa
Euskal herri-administrazio eskudunek
prestakuntza espezializatua eman behar diete emakumeen aurkako indarkeriaren
biktimei laguntzeko eta babesa emateko dauden poliziako kideei. Era berean, beharrezko
prestakuntza eta baliabideak emango dizkiete euskal poliziei emakumeen aurkako
indarkeria-egoeretan esku hartzerakoan eraginkortasunik handiena lortze aldera,
eta, bereziki, etxeko tratu txarren biktima direnen babeserako onartzen diren
neurri judizialen betearazteari eta kontrolari dagokionez. Horren guztiorren
helburua, hain zuzen, biktimen segurtasuna bermatzea eta biktima horiek, beren
borondatearen aurka, beren etxebizitzak utzi behar izatea saihestea da.
55. Artikulua -
Laguntza juridikoa
Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek beharrezko neurriak jarri behar dituzte etxeko tratu
txarrak eta sexu-erasoak jasan dituztenek laguntza juridiko espezializatua,
doanekoa, berehalakoa, integrala eta eskuerakoa izan dezaten. Laguntza horren
barruan sartuko da prozesu penaletan akusazioa aurrera eramatea, eta,
banaketa-, deuseztasun- eta dibortzio-kasuetan demanda zibilaren aurretik
behin-behineko neurriak hartzeko eskatzea, edo izatezko elkarteen kasuan
kautelazko neurriak hartzeko eskatzea.
56. Artikulua -
Laguntza psikologikoa
1. Euskal
herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, laguntza juridiko eta psikologiko
urgentea, doakoa, espezializatua eta deszentralizatua bermatu behar diete
etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktima direnei.
2. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak beharrezko bitarteko pertsonalak eta materialak
ezarri behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan eta auzitegietan
peritu bidezko froga psikologikoak egin ahal izan daitezen, froga horiek
beharrezkotzat jotzen badira etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen existentzia
eta larritasuna egiaztatzeko.
57. Artikulua -
Harrera-pisuak eta larrialdietarako zerbitzuak
1. Foru-
eta toki-administrazioek, beren eskumenen eremuan, etxeko tratu txarren
biktimek dituzten aldi baterako babes- eta bizileku-premiei erantzuteko
harrera-baliabide nahikoak izango direla bermatuko dute.
2. 20.000
biztanletik gorako udalerri guztiek eta kopuru hori gainditzen duten
mankomunitateek (eratuta daudenek edo sortuko direnek) harrera-pisuak izan
behar dituzte, etxeko tratu txarren biktimek dituzten aldi baterako babes- eta
bizileku-premia larriei erantzuteko.
3. Euskal
herri-administrazio eskudunek hau bermatuko dute: lurralde historiko bakoitzean
harrera berehala egiteko gizarte-zerbitzu bana egongo dela gutxienez. Zerbitzu
horrek urte osoan eguneko 24 orduetan lan egingo du, eta gutxienez ondoko
ezaugarriak beteko ditu:
a) Etxeko tratu txarren edozein biktimaren eskura
egotea, biktima horiek urgentziaz eta aldi baterako babesa eta bizilekua behar
badute, beren egoera pertsonala, juridikoa edo soziala edozein dela ere.
b) Pertsonal espezializatu nahikoa izatea
lehenengo arreta psikosoziala eskaintzeko, eta biktimei osasun-zentroetara,
polizia-bulegoetara edo lehen momentuan beharrezkotzat jotzen diren beste
zenbait lekutara laguntzeko.
c) Biktimen nahiz zerbitzuko
langileen osotasun fisikoa babesteko beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak
izatea.
d) Zubi-lana egitea existitzen diren beste
gizarte- eta harrera-baliabideetara iritsi ahal izateko.
4. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak erregelamenduz ezarriko ditu aurreko hiru
paragrafoetan aipatutako harrera-baliabideek, kalitateari eta funtzionamenduari
dagokionez, bete beharreko gutxieneko irizpide eta baldintzak. Erregelamendu
horrek, betiere, ondokoa bermatzeko neurriak jaso behar ditu:
a) Aldi baterako babes- eta bizileku-premia
larria duten biktimek, beste edonora ezin badute jo, harrera-baliabideetara jo
ahal izatea, biktima horien egoera pertsonal eta soziala edozein dela ere.
b) Harrera-baliabideen ardura duten erakundeen
artean koordinazioa egotea, bai eta erakunde horien eta etxeko tratu txarren
biktimentzat dauden gainerako zerbitzuen eta baliabideen artean ere.
c) Mugikortasun geografikoa:
horrela, segurtasun-arrazoiak direla-eta beren udalerria utzi behar duten eta
utzi nahi duten emakumeek beste udalerri batzuetan dauden harrera-pisuetara jo
ahal izan dezaten.
d) Segurtasun-neurriak eta biktimei laguntzeko
eta sostengua eskaintzeko zerbitzuak egotea, emakume horiek harrera-etxeetan
dauden bitartean.
58. Artikulua -
Prestazio ekonomikoak
1. Lege
honetako seigarren azken xedapenean ezarritakoarekin bat, batetik, etxeko tratu
txarren biktimak salbuetsita daude oinarrizko errenta jasotzeko legez ezarrita
dagoen gutxieneko adin-muga aplikatzetik, eta bestetik, etxeko tratu txar
egoera bat dela-eta ohiko etxebizitza utzi behar duten eta beste pertsona
batzuenean integratzen diren pertsonek, inola ere, oinarrizko errenta jasotzeko
eskubidea daukate, harrera egin dietenak senitartekoak izan ala ez, baldin eta
errenta hori jasotzeko exijitzen diren beste betekizunak betetzen badituzte.
2. Halaber,
eta pertsona horiek ekonomikoki autonomoak izatea eta bizitza normalizatura
itzultzea bultzatzearren, aldi baterako harrerako pisuetan edo zentroetan
babestuta dauden etxeko tratu txarren biktimek; inola ere, oinarrizko errenta
jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta errenta hori jasotzeko exijitzen
diren beste betekizunak betetzen badituzte, nahiz eta pertsona horien
oinarrizko mantenua pisu edo zentro horiek bete.
3. Gizarte-zerbitzuek
aurrekontu-partida bat izango dute urgentziako prestazio ekonomikoetarako.
Prestazio horien helburua, hain zuzen ere, etxeko tratu txarren biktimek
bizirik irauteko dituzten oinarrizko beharrizanei berehala erantzutea da,
biktima horiek eskubide osoz jaso ditzaketen gainerako prestazio ekonomikoak
ematea izapidetzen den bitartean.
4. Erregelamenduz
ezartzen diren baldintzetan, Eusko Jaurlaritzak ezohiko laguntzak eman
diezazkieke etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktimei, ebaluatu eta
egiaztatu daitezkeen beharrizan pertsonalak arintzeko, baldin eta organo
eskudunek ziurtatu badute ez dutela ohiko laguntzarik jasotzen, edo horiek jaso
arren laguntzon kopurua ez dela nahikoa egoera horiei aurre egiteko.
59. Artikulua -
Etxebizitza
1. Funts
publikoekin finantzatutako etxeen esleipenean, euskal herri-administrazio
eskudunek lehentasuna emango diete etxeko tratu txarrak jasotzearen ondorioz
beren etxebizitzak utzi behar izan dituztenei. Horretarako, pertsona horien
egoera soziekonomikoa eta erregelamenduz ezartzen diren gainerako baldintzak
hartuko dira kontuan.
2. Euskal
herri-administrazioak elkarren artean koordinatuko dira etxeko tratu txarren
biktima direnei beharrezko etxebizitza-baliabideak bermatzeko, bai babeseko
etxebizitzak, bai aldi baterako harrerako pisuak. Autonomia Erkidegoko
Administrazioak erreserbak eta bestelako neurriak ezarriko ditu aurreko helburu
hori betetzeko.
60. Artikulua -
Laneratzea
1. Erregelamenduz
ezartzen diren baldintzetan, etxeko tratu txarren biktimek lehentasunezko
eskubidea izango dute beren profiletara egokitzen diren eta erabat edo zati
batean euskal herri-administrazioetako funtsekin finantzatuta dauden
enplegurako prestakuntza-ikastaroak egiteko. Horretarako, kupoak edo bestelako
neurriak ezarriko dira.
2. Arauz
ezartzen diren baldintzetan, etxeko tratu txarren biktimak lanerako
kontratatzea eta langile autonomo edo kooperatibako bazkide gisa eratzea
sustatuko du Eusko Jaurlaritzak.
61. Artikulua -
Hezkuntza
Erregelamenduz ezartzen diren
baldintzetan eta beren egoera sozioekonomikoaren arabera, etxeko tratu txarren
biktimek lehentasunezko tratua izango dute erabat edo zati batean euskal
herri-administrazioetako funtsekin finantzatuta dauden haur-eskoletara
sartzeari dagokionez, bai eta hezkuntza-arloan dauden beka eta bestelako
laguntza eta zerbitzuetarako ere.
62. Artikulua -
Erakundeen arteko koordinazioa
1. Autonomia
Erkidegoko Administrazioak gai honetan eskumenak dituzten gainerako euskal
herri-administrazioekin erakunde arteko lankidetza-akordioak egin daitezen
sustatuko du; horrela, etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak gertatzen diren
kasuetan, erantzuna koordinatua eta eraginkorra izango da, eta biktimei
laguntza integrala eta kalitatezkoa bermatuko zaie. Era berean, gai honetan
eskumenak dituzten gainerako erakundeekin ere lankidetzarako bideak bilatu
beharko dira.
2. Lankidetza-akordio
horietan, Autonomia Erkidego osorako homogeneoak izango diren
jarduketa-irizpideak edo -protokoloak finkatuko dira, era horretako kasuetan
dihardutenei zuzenduak. Gainera, mekanismo batzuk ezarriko dira akordiotan,
aldeek konpromisoak betetzen dituzten jarraipena egiteko eta ebaluatzeko.
3. Foru-
eta toki-administrazioek zera bultzatuko dute: aurreko bi paragrafoetan
aipatutako akordioak eta protokoloak garatu, zehaztu eta administrazio
bakoitzaren errealitatera egokituko dituzten lankidetza-akordioak eta
protokoloak har daitezela beren lurralde-eremuan.
IV. TITULUA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO
DEFENTSA ERAKUNDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
63. Artikulua
- Izaera juridikoa eta atxikipena
1. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortzen da. Organo honen
ardura, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan sexuaren ziozko
diskriminazio-kasuetan biztanleak defenditzea eta emakumeen eta gizonen
berdintasun-printzipioaren betetzea sustatzea izango da.
2. Defentsa-erakundeak
erabateko autonomia izango du Administrazioaren beste atalekiko, bere
eginkizunak betetzeko, eta Emakunde-Emakumenaren Euskal Erakundeari atxikita
egongo da, Administrazioaren egitura hierarkikoan txertatu gabe.
64. Artikulua - Eginkizunak
1. Defentsa-erakundeak
objektibotasun eta inpartzialtasun osoz beteko ditu bere eginkizunak eta ez da
egongo inolako hierarkia- edo jarraibide-motaren menpe.
2. Bere
eginkizunak honakoak izango dira:
a) Ikerketak egitea, ofizioz nahiz alderen batek
eskatuta. Ikerketon helburua sektore pribatuan gerta daitezkeen sexuaren ziozko
zuzeneko edo zeharkako bereizkeria-egoerak argitzea izango da.
b) Pertsona fisikoei eta juridikoei
negoziazio-bideak eskaintzea eta gomendioak ematea, sektore pribatuan sexuaren
zioz sortutako bereizkeria-egoerak edo -praktikak konpontzeko, eta gomendio
horiek betetzearen jarraipena egitea.
c) Arlo pribatuan sexuaren zioz
sortutako bereizkeria-egoeretan aholkularitza eta laguntza ematea herritarrei.
d) Jazarpen sexistako kasuak errazago konpontzeko
bidea izatea.
e) Emakumeen eta gizonen berdintasunari
dagokionez, bereizkeriaren aurkako arauak zenbateraino betetzen diren aztertu
eta ebaluatzea.
f) Bereizkeriaren aurkako legeria eta
jurisprudentzia aztertzea, eta lege berriak egitea eta legeria aldatzeko
proposamenak aurkeztea.
g) Egiten dituen jarduerak eta ikerketak
jendaurrera zabaltzea, eta lege honetan xedatutakoaren araberako txostenak eta
irizpenak ematea.
h) Mekanismoak proposatzea Arartekoarekin,
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin eta giza eskubideen arloan eta
emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumenak dituzten beste organo
eta erakunde batzuekin koordinatzeko.
i) Lan-administrazioko agintariekin elkarlanean
aritzea, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez bereizkeriaren aurkako
lan-araudia betetzearen jarraipena egiteko.
j) Lege honetan jasotako edo Legearen helburuak
betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun.
65.
Artikulua - Mugak
1. Defendatzaileak
ez ditu banan-banan aztertuko pertsonen intimitateari dagozkion kexak, ez eta
jada epai irmo bidez erabaki direnak edo epaileak oraindik ebazteke dituenak
ere. Era berean, edozein ikerketa bertan behera geldituko da interesatuak
auzitegi arruntetan edo Konstituzio Auzitegian salaketa edo errekurtsoa
aurkezten badu.
2. Defentsa-erakundeak
aurrera eramandako ikerketa-lanak, betiere, ustez bereizkeria eragin duten
jarrera edo gertakariei zuzenean lotuta egongo dira, eta gertatutakoa argitzeko
balio izan dezaketen lanak baino ez dira egingo.
3. Nolanahi
ere, defentsa-erakundeak egiten dituen ikerketak zuhurtzia zorrotzenez
egiaztatuko dira. Hala ere, egokitzat jotzen dituen ohar guztiak jaso ahal
izango ditu bere txostenetan.
4. Ez
dagokio defentsa-erakundeari bereizkeria-egintzak ezeztatzea, bertan behera
uztea edo zigortzea.
66.
Artikulua - Laguntza emateko betebeharra
Defentsa-erakundeak ikertzen dituen pertsona
fisiko eta juridiko guztien betebeharra izango da erakunde horren lana
erraztea. Horretarako, gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren datu, agiri,
txosten eta azalpenak emango dituzte, zentzuzko epe baten barruan, eta aldez
aurretik eskatu ostean, beren egoitzetan sartzen ere utziko dute, non eta ez
den bizilekua. Kasu horretan, berariazko baimena lortu beharko da.
II. KAPITULUA
ANTOLAKETA
67.
Artikulua - Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea
1. Defentsa-erakundearen
titularra Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea da.
2. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea lehendakariaren dekretu bidez
izendatuko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Batzordeko
kideen gehiengoak proposatuta. Karguak bost urte irauten du, baina berritu egin
daiteke, iraupen bera duten ondoko aldietarako. Dekretu hori Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3. Defendatzaile
izatea honako karguekin ez da bateragarria:
a) Herri-hauteskunde bidez hautatzen
diren mandatu ordezkatzaile guztiekin.
b) Izendapen libreko kargu politiko
guztiekin.
c) Alderdi politiko,
sindikatu edo enpresa-elkarte bateko kide izatearekin.
d) Erakunde edo fundazioren bateko
zuzendaritza-eginkizunak betetzearekin.
e) Edozein herri-administraziotan
zerbitzu aktiboan aritzearekin.
f) Karrera judiziala edo fiskala
egitean aritzearekin.
g) Edozein jarduera profesional, liberal,
merkantil edo laboralean jardutearekin.
4. Defendatzaileak
kargua uzteko arrazoia hauetako edozein izan daiteke:
a) Uko egitea.
b) Izan duen izendapenerako aldia amaitzea.
c) Heriotza edo gertatutako
ezintasuna.
d) Karguari dagozkion zereginetan ez-betetze
larria egitea.
e) Doluzko delituagatik, emandako epai irmo bidez
kondenatua izatea.
f) Gertatutako bateraezintasuna.
5. Defendatzaile
izendatutakoa euskal herri-administrazio bateko funtzionario publikoa baldin
bada, zerbitzu berezietako administrazio-egoera deklaratu beharko zaio.
6. Defendatzailearen
ordainsaria ekitaldi bakoitzean ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko
Aurrekontu Orokorretan.
7. Kargu-uztea,
hain zuzen, eragiten duen inguruabarra izaten denean edo eragiten duen egintzak
ondorioak dituenean gertatzen da. Lehendakariaren dekretu bidez formalizatuko
da, eta kargua uzteko arrazoia eta noiz gertatuko den adieraziko dira dekretu
horretan. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
8. Kargua
b) idatz‑zatian ezarritako arrazoiagatik uzten bada, defendatzaileak bere
eginkizunak betetzen jarraituko du, defendatzaile berria izendatzen den arte.
68.
Artikulua - Defentsa-erakundea osatzen duten gainerako pertsonak
1. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako defendatzaileak aholkulariak eta konfiantzako
langileak izendatu ahal izango ditu bere eginkizunak betetzeko,
defentsa-erakundeko erregelamenduaren arabera eta Aurrekontuko mugen barruan.
Aholkulari eta langile horiek Eusko Jaurlaritzako behin-behineko langileek
duten araubide bera izango dute.
2. Gainerako
langileei, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan diharduten
funtzionarioen araubide juridikoa aplikatuko zaie.
69.
Artikulua - Aurrekontua
Defentsa-erakundea finantzatzeko beharrezko
baliabide ekonomikoen diru-izendapena egin behar da, urtero, Euskal Autonomia
Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
III. KAPITULUA
FUNTZIONAMENDUA
1. ATALA
IKERKETARAKO PROZEDURA
70.
Artikulua - Hasiera
1. Sexuaren
ziozko bereizkeria jasaten duela uste duen edozein pertsonak edo
pertsona-taldek, edo horiek modu legitimoan ordezkatzen dituztenek, kexa aurkez
dezakete Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundean.
2. Beren
helburuen artean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa
betetzen dela zaintzea duten elkarte, erakunde eta beste pertsona juridikoak
legitimatuta daude prozedura hasi edo bertan parte hartzeko, bere burua
diskriminatutzat hartzen duen pertsonaren izenean edo hari lagunduz, pertsona
horren baimena baldin badute.
3. Defentsa-erakundera
jo ahal izateko ez dira oztopo izango pertsonaren nazionalitatea, bizilekua,
adina eta legezko ezintasuna.
4. Kexa
idazki bidez edo hitzez aurkez daiteke eta, kasu guztietan, arrazoiak eman
behar dira.
5. Kexa,
betiere, aurretik baloratu behar da, onar daitekeen ikusteko. Ez da kexarik
onartuko, honako inguruabarretako bat gertatzen bada:
a) Legitimazio aktiborik ez izatea, artikulu
honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.
b) Urtebeteko epea igaro izatea kexa eragin zuten
jokabidea edo gertakariak amaitu zirenetik.
c) Kexa adierazi duenak bere
datuak ez ematea.
d) Fede txarrez jokatzen bada edo prozedura
gehiegi erabiltzen bada. Kasu horietan, kriminalitate-zantzuak antzematen
badira, agintaritza judizial eskudunari jakinaraziko zaizkio.
e) Kexa argi eta garbi funsgabea izatea, edo
eskatzen diren datuak ez ematea.
f) Jada defentsa-erakundeak aztertu duen gairen
bati buruzkoa izatea.
g) Defendatzailearen
eskumen-eremuarekin zerikusirik ez izatea. Arartekoari igorri behar zaizkio
haien eskumen-eremuekin zerikusia duten kexak.
6. Defentsa-erakundeak kexa izapidetzea
beharrezkoa ez dela ikusten badu, interesatuari jakinarazi behar dio, idazki
arrazoitu bidez; eta, hala badagokio, bere kasuan eskumenak dituzten erakundeen
berri emango dio.
71. Artikulua - Instrukzioa
1. Kexa izapidetzea onartu ondoren, gertakariak
argitzeko beharrezko ikerketa-eginbideak egiteari ekin beharko zaio.
2. Prozeduraren fase honetan, kexa kontra izan
duen pertsonari entzungo zaio.
72.
Artikulua - Amaiera
1. Prozedura
amaitzen duen ebazpenak ikerketen emaitzen berri emango du. Hartan,
bereizkeria-egoera edo -praktikak edo emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna
oztopa dezaketenak ezabatzeko egoki ikusten diren adiskidetze-neurriak proposa
dakizkieke bi aldeei. Horretarako, kexa kontra izan duen pertsonari gomendioak
ere eman dakizkioke.
2. Kexa
kontra izan duen pertsonak defentsa-erakundeak emandako gomendioak betetzen ez
dituenean, erakunde horrek laguntza teknikoa emango dio afektatuari, hark beste
administrazio-instantzia edo instantzia judizial batzuetan izapidetu ditzan
bereizkeriagatiko erreklamazioak.
3. Defentsa-erakundearen
egintzek administrazio-bidea agortuko dute, auzitegietan horien aurka egitearen
ondorioetarako.
4. Ikerketek
dirauten bitartean arrazoizko kriminalitate-zantzuak antzemango balira,
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Fiskaltzari
jakinaraziko dizkio.
2. ATALA
TXOSTENAK ETA IRIZPENAK
73. Artikulua
- Urteko txostena
1. Defentsa-erakundeak
urteko txostena egingo du, egindako jarduketak biltzeko.
2. Txostenean,
gutxienez, honakoak bilduko dira:
a) Ofizioz edo aldeek eskatuta egindako ikerketen
zerrenda eta horien emaitza; horien barruan, egindako adiskidetze-proposamenak
eta emandako gomendioak ere adieraziko dira, bai eta onartu diren ala ez.
b) Ezetsitako kexen zerrenda eta ezesteko
arrazoiak.
c) 75. artikuluan ezarritakoaren
arabera emandako irizpenen zerrenda.
d) Interesgarritzat jotako beste edozein gai.
3. Txostena
Eusko Legebiltzarrean aurkeztu beharko da.
74. Artikulua - Txosten bereziak
Gertaeren larritasunak eta
urgentziak eskatzen duenean, defendatzaileak txosten berezia aurkeztu ahal izango
du Legebiltzarrean, edozein unetan eta bere ekimenez.
75. Artikulua - Irizpenak
Defentsa-erakundea erakunde
eskuduna da Lan Prozedurari buruzko Legeko 95. artikuluko 3. paragrafoan
ezarritako irizpenak emateko.
V. TITULUA
ARAU HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
76. Artikulua -
Erantzukizuna
Emakumeen eta gizonen arloan egin diren
arau-hausteengatiko erantzukizun administratiboa, hain zuzen, kapitulu honetan
tipifikatutako ekintzen eta ez-egiteen errudun den pertsona fisikoari edo juridikoari
dagokio. Horrez gain, erantzukizun zibil, penal eta bestelakoak ere izan
daitezke halako kasuetan.
77. Artikulua -
Arau-hausteak
1. Arau-hausteak
arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
2. Arau-hauste
arina izango da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak egin
beharreko ikerlana oztopatzea edo horri zati batean uko egitea.
3. Honakoak
dira arau-hauste larriak:
a) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako
Defentsa Erakundeak egin beharreko ikerlana oztopatzea edo lan horri guztiz uko
egitea.
b) Lege honetako 26.1, 26.2, 30.1 eta 40.1
artikuluetan ezarritako eginbeharrak eta debekuak ez betetzea.
c) Gutxienez bi arau-hauste larri
berriro egitea.
4. Oso
arau-hauste larria izango da gutxienez bi arau-hauste larri berriro egitea.
78. Artikulua -
Berriro egitea
Lege honen ondoreetarako, arau-haustea
berriro egin dela ulertuko da arau-hausteen erantzuleak diren pertsonek bi
urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin badute, eta
horrela adierazi bada ebazpen irmo bidez.
79. Artikulua k
- Zehapenak
Zehapenak honela aplikatuko dira:
a) Arau-hauste arinak ohartarazpenarekin edota 900 eurorainoko
isunarekin zehatuko dira.
b) Arau-hauste larrien zehapena 9.000 eurorainoko isuna izango da
edota bat eta hiru urte arteko epean euskal herri-administrazioen ezein
laguntza publiko eskuratzeko debekua, edota pertsona fisiko edo juridiko
erantzulea aldi baterako, aurreko epe bererako, gaitasunik gabe uztea zerbitzu
publikoak eskaintzen dituzten zentroen edo zerbitzuen titulartasuna izateko.
c) Arau-hauste oso larrien zehapena 45.000 eurorainoko isuna izango da
edota hiru eta bost urte arteko epean euskal herri-administrazioen ezein
laguntza publiko eskuratzeko debekua, edota pertsona fisiko edo juridiko
erantzulea aldi baterako, aurreko epe bererako, gaitasunik gabe uztea zerbitzu
publikoak eskaintzen dituzten zentroen edo zerbitzuen titulartasuna izateko.
80. Artikulua -
Zehapenak mailakatzea
Isunen zenbatekoa zehazteko eta gainerako
zehapenak aplikatzeko, organo eskudunak honako mailakatze-irizpideak hartu
behar ditu kontuan:
a) Eragindako kalteen izaera.
b) Nahita egin den edo behin baino gehiagotan egin den.
c) Prozedura hastea ekarri zuten akatsak instantziaren ebazpena eman
baino lehen zuzendu ote dituen arau-hausleak.
81. Artikulua -
Preskripzioen araubidea
1. Lege
honetan ezartzen diren gaietako arau-hauste administratiboak honako epeen
barruan preskribituko dira: arau-hauste oso larriak, bi urtean; larriak, hamabi
hilabetean; eta arinak, berriz, sei hilabetean. Epe horiek guztiak arau-haustea
gertatzen den egunetik aurrera zenbatuko dira.
2. Lege
honen babesean ezarritako zehapenen preskripzio-epea honakoa izango da: oso
larrien kasuan, urtebetekoa; larrien kasuan, sei hilabetekoa; eta arinen
kasuan, hiru hilabete. Epe horiek guztiak zehapena jartzen duen ebazpena irmo
egiten den egunaren biharamunetik hasiko dira zenbatzen.
82. Artikulua -
Eskumena
Lege honetan zehazten diren
arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eskumena duten agintariak honakoak
izango dira:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, arau-hauste
arinengatiko zehapenak ezartzeko.
b) Jaurlaritzaren Kontseilua, arau-hauste larri eta oso larriengatiko
zehapenak ezartzeko.
83. Artikulua -
Zehatzeko prozedura
Zehatzeko prozedura, hain zuzen, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri
Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean
ezartzen diren printzipioei egokitu behar zaie.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde
arteko Batzordeak, lege honen 12. artikuluan esleitzen zaizkion eginkizunen
arabera, bost urterik behin lege honen betetze, garapen eta aplikazioaren eta,
hala badagokio, berrikusteko egokitasunaren jarraipena egingo du. Horri buruzko
txostena Eusko Legebiltzarrari igorriko dio.
Lege hau indarrean jartzen den egunaren
osteko hamabi hileko epealdian, lehendakariak Emakumeen eta Gizonen
Berdintasunerako defendatzailea izendatuko du.
1. Eusko
Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, beren sailen egitura
organikoari buruzko dekretuak aldatzeko behar diren administrazio prozedurak
hasiko dituzte, sail bakoitzean administrazio-unitate bat guxienez izan dadin.
Unitate horiek, hain zuzen, lege honetan eta Jaurlaritzak onetsitako
berdintasun-planean jasotzen diren neurriak sailean egikaritu daitezen
sustatuko eta koordinatuko dute.
2. Eusko
Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, lanpostu zerrendak aldatzeko
behar diren administrazio-prozedurak hasiko dituzte. Aldaketa horren xedea hau
da: emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko programak bultzatu eta
diseinatzea eta gai horri buruzko aholkularitza teknikoa ematea eginkizuntzat
duten plazak beteko dituen pertsonal teknikoaren eskarmentua edota gaikuntza
berezia bermatzea.
3. Eusko
Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, Emakunde-Emakumearen Euskal
Erakundearen lanpostu-zerrenda aldatzeko behar diren administrazio-prozedurak
hasiko dituzte. Aldaketa horren xedea hau da: Emakundek lege honetan
eratxikitzen zaizkion eginkizunak burutu ahal izatea, bai eta lanpostu zerrenda
hori legearen aplikazioak eragiten dituen beharrizanei egokitzea ere.
4. Eusko
Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, hezkuntza ebaluatu, ikertu
eta berriztatzeko ardura duten organoen eta irakasleei laguntzeko zerbitzuen
lanpostu zerrenda aldatzeko behar diren administrazio-prozedurak hasiko
dituzte; horretarako, hezkidetzaren arloko gaikuntza behar duten plazetarako
beharkizun bereziak txertatuko dira.
Zenbait arauren
indarraldia
Ondoko xedapen hauek indarrean egongo
dira, lege honen aurkako atalak izan ezik, harik eta lege hau garatzeko arauak
eman arte, arau horiek beren beregi indargabetuko baitituzte dekretuok:
a) Abenduaren 13ko 301/1988 Dekretua, Emakumearen Euskal Erakundea
antolaketa eta jardute-egitura ezartzen duena.
b) Apirilaren 27ko 78/1998 Dekretua, Begira/Berdintasuna Garatzeko
Iragarkien Aholkularitza eratzeko dena.
c) Ekainaren 9ko 103/1998 Dekretua, Emakumearen Euskal Erakundearen
Aholku Batzordea sortzen duena.
d) Azaroaren 8ko 424/1994 Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Aukera
Berdintasunerako Lankidetza Erakundea izeneko figura sortzen duena.
e) Ekainaren 15eko 251/1999 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko
Emakumeentzako Ekintza Positiboko Planaren exekuzioa koordinatzeko Sailarteko
Batzordea arautzeko dena.
Indargabetzea
Maila bereko edo apalagoko arauak
indargabeturik geratuko dira lege honetan xedatutakoaren aurka dauden
puntuetan.
Lehenengoa -
Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1998 Legea aldatzea
1. Aldatu
egiten da Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzko otsailaren 5eko
2/1988 Legearen izenburua: gaztelaniazko bertsioan "Ley 2/1988, de 5 de
febrero, sobre creación de Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer" izango
da, eta euskarazko bertsioan, berriz, "2/1988 Legea, otsailaren 5ekoa,
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzkoa".
2. Aldatu
egiten da Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzko otsailaren
5eko 2/1988 Legearen 3. artikulua; aurrerantzean, ondokoa izango da artikulu
horren idazkuntza:
"3.
Artikulua - Eginkizunak
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari
dagokio ondoko eginkizunak betetzea:
a) Arestian proposatu diren xedeak erdiesteko gidalerroak
gertutzea eta Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiek aplika ditzaten
bultzatzea.
b) Berdintasunerako politiken eta Autonomia
Erkidegoko legeriaren jarraipena egitea, emakumeen eta gizonen
berdintasun-printzipioarekin egokitzeari dagokionez; alde batera utziko da
bereizkeriaren aurkako araudia.
c) Legegintzako
eraldaketa-proposamenak gertatzea, bi sexuen arteko benetako berdintasun
iraunkorra trabatzen edo galarazten duten oztopoak ezabatzeko; eta lege hau
garatzeko araudia proposatzea.
d) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagozkion
txostenak egitea eta irizpenak ematea, Autonomia Erkidegoko Administrazioak
proposatzen dituen xedapen orokorrak gertatzeko prozedurak irauten duen artean.
e) Genero-ikuspegia arlo politiko guztietan
integratzeko metodoak diseinatzea.
f) Emakumeen eta gizonen berdintasunean
eskudunak diren entitate, organo eta unitateetako langileen eginkizunei eta
gaikuntzari dagokionez, oinarrizkoak eta komunak diren baldintzak proposatzea
euskal herri-administrazioetan horretarako ardura dutenei.
g) Euskal herri-administrazioei emakumeen eta
gizonen berdintasunaren alorrean prestakuntza-planak diseinatzen eta
proposatutako helburuak lortzen laguntzea, eta horri buruzko aholkuak ematea.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail
arteko Batzordearen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko
Batzordearen zereginak bultzatu eta koordinatzea; halaber, emakumeen egoeran
eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina duten programei dagokienez
Autonomia Erkidegoko herri-aginteen artean izan beharreko koordinazio-neurriak
bultzatzea.
i) Emakumeen eta gizonen baldintza, beharrizan
eta interesak aztertzea, bai eta horren guztiaren ondorioz bizitza politiko,
ekonomiko, kultural eta sozialean gertatzen diren ezberdintasunak ere.
Horretarako, jarduketa-arlo guztietan egin beharreko politikak taxutzeko
azterlanak egitea bultzatuko da.
j) Aholkua ematea eta sustapen-neurriak
ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko materialak eta ekonomikoak eta giza
baliabideak eduki ditzaten emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko
diseinatzen diren programak eta jarduerak garatu ahal izateko.
k) Emakumeen eta gizonen
berdintasunaren arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateak homologatzeari
aplikatuko zaizkion betekizunak eta baldintza oinarrizkoak eta komunak
proposatzea, hain zuzen, eskumena duen organoari.
l) Bereizkeria anizkoitza jasaten duten
emakumeei oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten bermatzeko
zerbitzuak eskaintzea bultzatu eta proposatzea.
m) Emakumeek eta gizonek bizitza pertsonala,
familia eta lana uztartzea erraztuko dituzten zerbitzu soziokomunitarioak
eskaini eta egoki daitezela bultzatu eta proposatzea.
n) Herritarrak sentsibilizatzea. Horretarako,
emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanguraren eta garrantziaren gainean eta
berdintasun hori lortzeko lan egin beharraren eta emakumeen jabekuntzaren
gainean bidezkotzat jotzen diren sentsibilizazio, sustapen eta
zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak egingo dira.
ñ) Elkarte, fundazio eta beste ente eta erakunde
batzuekin harremanak eta parte-hartze bideak ezartzea, baldin eta erakundeon
xedeak edo eginkizunak Emakunderen helburuak lortzeko lagungarri badira.
o) Beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko
eta nazioarteko antzeko erakundeekin harremanak eta parte-hartze bideak
ezartzea.
p) Beraren xedeen arloan agintzen
zaion beste edozein eginkizun betetzea".
3. 2/1998 Legean Emakumearen Euskal Erakundeari egindako aipamen
guztietan ondokoa ulertu behar da: Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer
gaztelaniazko bertsioan, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea euskarazko
bertsioan.
1. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean,
paragrafo bat gehitzen da 27. artikuluan. Paragrafo hori 2.a izango
da, eta lehengo testua,1.a. Hala esango du paragrafo horrek:
"2. Baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik
emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie
lehentasuna, administrazioko dena delako kidego edo eskalan emakumeak %40 baino
gutxiago direnean. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri
hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu; kasurako,
laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide
denean".
2. Euskal
Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, paragrafo bat gehitzen
da 31. artikuluan. Paragrafo hori 3.a izango da, eta lehengo 3.a, 4.a. Hala
esango du paragrafo horrek:
"3. Trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia
duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da
hautaketa-epaimahaietan edo organo teknikoetan, salbu eta hori egokia ez dela
behar bezala justifikatzen bada. Ordezkaritza orekatua egongo da lau kide baino
gehiagoko organoetan sexu bakoitzak, gutxienez, %40ko ordezkaritza duenean, eta
gainerako organoetan, berriz, sexu biak ordezkatuta daudenean".
3. Euskal
Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, paragrafo bat gehitzen
da 46. artikuluan. Paragrafo hori 2.a izango da, eta lehengo 2.a eta 3.a, 3.a
eta 4.a izango dira aurrerantzean. Hala esango du paragrafo horrek:
"2. Lehiaketa bidez bete beharreko lanpostuen
kasuan, baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean
gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie lehentasuna, administrazioko dena
delako kidego edo eskalan emakumeak %40 baino gutxiago direnean. Salbuespena
izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen
duten ezaugarriak betetzen baditu; kasurako, laneratzeko arazo bereziak
dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean".
1. Jaurlaritzaren
ekainaren 30eko 7/1981 Legean, paragrafo bat gehitzen da 17. artikuluan.
Paragrafo hori 2.a izango da eta hala esango du:
"2. Jaurlaritzan bi sexuek %40ko ordezkaritza
izango dute, gutxienez".
2. Jaurlaritzaren
ekainaren 30eko 7/1981 Legean, aldatu egiten da 57.1 artikulua. Hala esango du
aurrerantzean:
"Eusko
Legebiltzarrari aurkezten zaizkion lege-proiektuei dagokienez, testuarekin
batera, zioen azalpen bat eta zio horiei buruz iritzia emateko beharrezko
aurrerakinak bidaliko dira; horrez gainera, proiektuak generoaren ikuspegitik
duen inpaktuaren eta ondorioz hartu beharreko neurri zuzentzaileen aurretiazko
ebaluazioa ere bai".
Laugarrena -
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legea
aldatzea
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko
ekainaren 15eko 5/1990 Legean, pafragrafo bat gehitzen da. Paragrafo hori 4.a
izango da eta hala esango du:
"4. Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek
edo hautesleen elkarteek aurkezten dituzten hautagai-zerrendetan, %50,
gutxienez, emakumeak izango dira. Proportzio hori hautagai-zerrenda osoan eta
sei izeneko tarte bakoitzean mantenduko da. Lurralde historikoko hauteskunde
batzorde eskudunek, inola ere, artikulu honetan hautagien nahiz ordezkoen
kasuan ezartzen dena betetzen duten hautagai-zerrendak baino ez dituzte
onartuko".
Bosgarrena -
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako
Hauteskundeei buruzko martxoaren 27koa 1/1987 Legea aldatzea
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde
Historikoetako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzko 1/1987 Legean, 6 bis
artikulua honela erredaktatuta geratuko da:
"1. Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek
edo hautesleen elkarteek aurkezten dituzten hautagai-zerrendetan, %50,
gutxienez, emakumeak izango dira. Proportzio hori hautagai-zerrenda osoan eta
sei izeneko tarte bakoitzean mantenduko da. Eskualdeko hauteskunde-batzorde
eskudunek, hain zuzen, artikulu honetan hautagaien nahiz ordezkoen kasuan
ezartzen dena betetzen duten hautagai-zerrendak baino ez dituzte
onartuko".
Seigarrena -
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina
onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aldatzea
1. Euskadiko
Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen
azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, paragrafo bat gehitzen da 50.
artikuluan. Hala esango du:
"5. Titulu honetan erregulatutako diru-laguntzen
eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko
zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor
administratibo edo penala jasotako persona fisikoak edo juridikoak, ez eta
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin
zigortutakoak ere".
2. Euskadiko
Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen
azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, tarteki bat gehitzen da 51.
artikuluaren 1. paragrafoaren c) idatz-zatiaren azkenean. Hala esango du:
"c) (...)
Halaber, eta legez
ezarritakoaren arabera bidezkoa dela ikusten baldin bada, laguntza edo
diru-laguntza esleitzeko irizpide objektiboen artean zera txertatu behar da:
proiektuan genero-ikuspegia integratu beharra, bai eta eskaera egiten duen
pertsonak edo erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken
edo jarduketen garapenean izan duen ibilbidea ere".
1. Gizarte
Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean, paragrafo bat gehitzen
da 3. artikuluan. Paragrafo hori 3.a izango da, eta lehengo 3.a, 4.a. Hala
esango du:
"3. Halaber, unitate ekonomiko independentea
izango dira etxeko tratu txar egoera bat dela-eta ohiko etxebizitza utzi behar
duten eta beste pertsona batzuenean integratzen diren pertsonak, harrera egiten
dietenak senitartekoak izan ala ez".
2. Gizarte
bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean, aldatu egiten da 18.
artikuluaren 1. paragrafoko d) idatz-zatia. Ondokoa esango du:
"d) 23 urte baino gehiago izatea.
Salbuespena
izango dira 23 urtetik beherakoak, baldintza hauetan: gainerako baldintza
guztiak beteta, ekonomikoki beren ardurapean baldin badituzte adin txikikoak
nahiz ezintasunen bat duten pertsonak, edo aitarik edo amarik gabeko umezurtzak
badira. Halaber, salbuetsitzat joko dira 23 urtetik beherakoak, gainerako
baldintza guztiak betetzen badituzte eta etxeko tratu txarren biktima izan
badira, bai eta beste pertsona batekin ezkontzaz edo ezkontzaren antzeko
harremanez loturik badaude, sei hilabete lehenagotik gutxienez".
Zortzigarrena -
Generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzeko arauak eta jarraibideak.
Ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurrietarako arauak eta
jarraibideak
Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean,
generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzeko jarraitu behar diren arauak
edo jarraibideak onetsiko ditu, bai eta izapide hori egitetik salbuetsita
dauden xedapenak ere, 19. artikuluko 2. paragrafoan aipatzen direnak. Halaber,
epe horretan, laguntza-irizpidea edo kontratu-klausula ebaluatzeko adierazleak
ezarriko ditu -20. artikuluko 3. paragrafoan dago aurreikusitako ebaluazio
hori-.
40. artikuluko lehenengo bi paragrafoetan
ezarritakoa garatzeko, Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean, zera ezarriko du:
zein enpresa pribatuk egin eta exekutatu behar dituzten emakumeen eta gizonen
berdintasun-planak edo programak, bai eta horien gutxieneko edukiak eta
programen jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak ere.
Eusko Jaurlaritzak, sei hilabeteko epean,
zera onetsiko du: etxeko tratu txarren biktima direnentzako harrera-baliabideek
bete beharreko gutxieneko kalitate- eta funtzionamendu-irizpide eta baldintzen
araudia (lege honetako 57. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen da), bai eta
biktima horiei laguntzeko programa bat ere, lege honetako VII. kapituluko 2.
atalean xedatutakoa garatzeko.
Hamaikagarrena
- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura ezartzen duen dekretu berria
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen
antolaketa eta jardute-egiturari buruzko arauak hainbat testutan bananduta
egotea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean, egitura-dekretu berria
onetsiko du, irailaren 13ko 301/1988 Dekretua ordezkatzeko.
Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio
lege honetako arauak garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean, salbu
eta 19.etik 22.erainoko artikuluak, artikulu horiek urtebetegarrenean jarriko
baitira indarrean.