4/2004 Legea, martxoaren 18koa, Errepideko Bidaiari Garraioarena.
2004-03-18Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2004/3/29, 60. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.
§
262. 4/2004 LEGEA,
MARTXOAREN 18KOA, ERREPIDEKO BIDAIARI GARRAIOARENA
ZIOEN AZALPENA
Lege honek
errepideko bidaiari-garraioari erabateko erregulazio bat emateko premiari
erantzuten dio, komunikabideena bezalako sektore estrategiko batean, sektore
horren bilakaera guztiz lotuta baitago garapen ekonomikoarekin eta
sozialarekin.
Hori dela eta,
bidaiari-garraio publikoaren funtsezko izaera aintzatesten da, Euskal Autonomia
Erkidegoko gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen garapen eta kohesiorako
sektore estrategiko eta oinarrizkoa baita, biztanleriaren mugikortasun-premia
orokorrari erantzutera bideratua; hori guztia garapen jasangarriaren
ikuspegitik. Zerbitzuaren
segurtasuna eta kalitatea lehentasunezko elementuak dira bidaiarien garraio
publikoaren antolamenduan.
Lege
honek Autonomia Estatutuko 10.32 artikuluan ezarritako eskumen esklusiboan du
jatorria eta oinarria, betiere arlo horretako boterearen lurralde-banaketari
buruzko konstituzionaltasun-multzoko agindu horri eta beste agindu batzuei
buruz Konstituzio Auzitegiak (batez ere ekainaren 27ko 118/1996 epaian) egin
duen interpretazio-ildoan.
Gogorarazi
behar da, gainera, uztailaren 30eko 16/1987 Legeak orokorrean heldu ziola
estatu-eremuko lurreko garraioen antolaketari, legeria sakabanatu eta zatikatu
-eta, neurri handi batean, zaharkitu- bat berritzeko asmoz. Bereziki adierazi
behar da aipatutako lege horrek berariaz jorratu zituela garraioaren arloko
eskumen-banaketa (Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoen arteko
banaketa) itxuratzen duten konstituzio-printzipio batzuk. Horren ondorioz,
Konstituzio Auzitegiak, aipatutako epai horretan (ekainaren 27ko 118/1996),
konstituziokontrakotzat -eta, ondorioz, deuseztzat- jo zituen legeko 2.
artikuluko 1. paragrafoko 2. tartekia eta 2. paragrafoa, aplikazio-eremuari
buruzkoak, bai eta 113. artikulutik 118. artikulura bitarteko artikuluak eta
hamargarren xedapen iragankorra ere, azken horiek herri barruko garraioari
buruzkoak.
Aipatutako
epai horretan adierazten dena aplikatuz, eta kontuan izanik egokia dela Euskal Autonomia
Erkidegoko autobuseko bidaiari-garraioaren sektoreari erregulazio berezko bat
ematea, lege hau egitea erabaki da. Hona hemen zein diren legearen irizpide
orokorrak:
- Xedea, definizioak, printzipio
orokorrak eta eskumen-araubidea zehazten ditu.
- Esku hartzeko ahalak
zedarritzen ditu, intentsitate askotakoak, eta legeak erregulatzen duen
garraioan, hau da, garraio-zerbitzu publikoan eta garraio-jardueren
administrazio-antolaketan, esku hartzeko tituluak zedarritzen ditu.
- Arau-esparru bat ezartzen du,
bai terminologiari eta bai mamiari dagokionez, Estatuan dagoenarekin eta
Europar Batasunetik datorrenarekin uztartua; horrela, beharrezkoak ez diren
berrikuntzak saihesten ditu, eragile publikoen eta pribatuen jardunarentzat
nahasbide -eta, beraz, kaltegarri- gerta baitaitezke.
- Gai honen funtsari buruzko
erregulazio osoa eta sakona egiten du, eta erregelamendu-garapenerako uzten
ditu alderdi instrumentalak, bigarren mailakoak edo periferikoak.
Legearen
xedapen orokorrak xedeari, definizioei eta printzipio orokorrei buruzkoak dira.
Legearen xedea da errepideko bidaiari-garraioa, herri barrukoa zein herri
artekoa, erregulatzea. Garraio hori bidaiariak -eta, zenbait kasutan, fardelak
edo mandatuak- garraiatzeko bereziki egokitutako ibilgailuetan egiten da,
bederatzi jarlekutik gorako edukiera duten ibilgailuetan, gidaria barne dela.
Jakina, legearen eremua oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik
igarotzen den garraiora mugatzen da. Era berean, jarduera lagungarri eta
osagarri gisa, bidaiari-geltokiak ere erregulatzen dira.
Legeak
erregulatzen dituen garraioak, bestalde, duten izaeraren, eragin-esparruaren
eta aldizkakotasunaren arabera definitzen dira. Definizio horien artean,
berariazko aipamena jasotzen dute bidaiari-garraio publiko erregularrek eta
turismo-garraioek.
Legearen
xede den gaian herri-agenteen jarduna zein printzipio orokorretara egokituko
den ezartzen da, uztailaren 30eko 16/1987 Legean agertzen diren oinarrizko
printzipioei dagokienez; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio
Jasangarriaren Gidaplanean aipatzen diren jarraibideak jasotzen dira (plan hori
2002ko azaroaren 19an egin zuen bilkuran) onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren
Kontseiluak.
Eskumen-araubideari
dagokionez, legeak II. kapitulua eskaintzen dio araubide hori zehazteari, eta
errespetu osoz agerrarazten du eskumen-banaketa. Banaketa hori azaroaren 25eko
27/1983 Legetik (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde
Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkotik) dator,
bai eta gai horretan funtzioen eta zerbitzuen eskualdaketa arloan egin diren
garapenetatik zein jatorria toki-erregimeneko legerian duten garapenetatik ere.
III.
kapitulua plangintzari eta koordinazioari eskaintzen zaie, eta aipamen berezia
egiten zaie garraio-planei eta beste garraio-modalitate batzuekiko
koordinazioari.
"Erabiltzaileak"
deitzen da IV. kapitulua. Kapitulu horretan, zabaltasunez eta zehaztasunez
definitzen dira legean erregulatutako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen
dituztenen eskubideak zein debekuak.
V.
kapituluak, berriz, jarduera horren araubide juridikoa erregulatzen du.
Lanbide-prestakuntzaren eskakizunak bat datoz Europako Batasunaren
garraio-politikaren printzipioekin, batez ere merkatuaren saneamenduari eta
eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeari dagokienez, betiere
erabiltzaileen eta garraiolarien mesedetan.
Administrazioaren
esku-hartzea, berriz, jarduera egikaritzea ahalbidetzen duen titulu juridiko
bat lortu beharrarekin osatzen da. Titulu hori modu arautuan esleitzen zaie,
lanbidea egikaritzeko baldintza pertsonalak edukitzeaz gain, zerga, lan edo
gizarte arloko eginbeharren jakitun daudenei.
Titulu
gaitzaileek administrazio-baimenen forma juridikoa daukate, zerbitzu
publifikatuetan izan ezik, horiek zerbitzu publikorako administrazio-emakidaren
bidez gauzatu ahal izango baitituzte partikularrek. Bikoiztasun horrek araubide
juridiko desberdina dakar, zeren Administrazioaren ahalek izaera desberdina
baitute zerbitzuaren titulartasunean oinarritzen direnean.
Ildo
horretatik, VI. eta VII. kapituluak bidaiari-garraioko herri arteko zerbitzu
publikoari eta herri-intereseko garraio-zerbitzuei buruzko garraio-baimenei
eskaintzen zaizkie. Lehenengo kasuan, zeharkako kudeaketaren aldeko lehentasuna
sendesten da, bereziki zerbitzu publikoaren administrazio-emakidaren aldekoa,
nahiz eta, salbuespen gisa, eskaintza publikoa eta zuzenekoa ere aurreikusita
egon. VI. kapitulu horretan, uztailaren 30eko 16/1987 Legean biltzen diren
emakiden araubideari buruzko oinarrizko alderdi batzuk jaso dira, proposatzen
den erregulazioa hobeto uler dadin.
Garraio-baimenei
dagokienez, legeak baimen bereziak (erabilera txikiko zerbitzu publikoak, aldi
baterako garraio erregularrak, erabilera bereziko garraio erregularrak) eta beste
baimen batzuk bereizten ditu; azken horien artean, eskatu ahalako garraioa,
turismo-garraioak eta garraio pribatu osagarriak sartzen dira.
VIII.
kapituluak herri barruko garraioa erregulatzen du, garraio horren araubide
juridikoa ezartzen du, eta arreta berezia eskaintzen dio herri barruko eta
herri arteko zerbitzu erregularren arteko beharrezko koordinazioari.
IX.
kapitulua bidaiari-geltokiei eskaintzen zaie, errepideko bidaiari-garraioaren
jarduera lagungarria eta osagarria denez, eta arreta berezia eskaintzen zaie
geltokien ezarpenari, ezartzeko ekimenari eta ustiapenari, kokalekuari eta
erabilera-araubideari.
Tarifa-araubidea
X. kapituluan dago erregulatuta, eta aipatu behar da legeak arau batzuk
ezartzeko ahalmena ematen diola Administrazioari. Tarifen berrikustea arau
horietara egokitu beharko da, eta, erabilera orokorreko zerbitzu publiko
erregularrak direnean, faktore objektiboekin batera, emakida bakoitzaren
produktibitatea uztartuko dute.
XI.
kapitulua ikuskapen eta kontrol araubideari eskaintzen zaio, eta XII.
kapitulua, zehatzeko araubideari; arau-hausteengatiko
administrazio-erantzukizuna, arau-hausteen definizioa eta sailkapena, eta
aplikatu beharreko zehapenak ezartzen dira, bai eta neurri osagarriak,
preskripzioa, eta eskumena eta prozedura ere.
Legeak,
puntu horretan, erregulazio neurrikoa eta uztailaren 30eko 16/1987 Legeak
ezartzen duenarekin arrazionalki lotua bilatu du, arau-hausteen eta zehapenen
araubidearen behar ez bezalako zatikapena saihesteko. Hori guztia, gainera, zehapenak
ezartzeko prozedurarekin uztartuko da, eta hori otsailaren 20ko 2/1998 Legean
(Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari
buruzkoan) xedatutakora egokitu beharko da.
Legea
hiru xedapen gehigarrirekin, bi xedapen iragankorrekin, xedapen indargabetzaile
batekin eta azken xedapen batekin osatzen da.
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1. Artikulua - Legearen xedea
1.- Lege honen xedea da errepideko bidaiari-garraioa erregulatzea, hala
herri barrukoa nola herri artekoa; hain zuzen ere, bidaiariak -eta, zenbait
kasutan, fardelak edo mandatuak- garraiatzeko bereziki egokitutako
automobiletan, gidaria barne bederatzi jarlekutik gorako edukiera dutenetan,
egiten den garraioa, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik igarotzen
dena.
2.- Era berean, aurreko paragrafoan definitu den garraioaren jarduera
lagungarri eta osagarri gisa, bidaiari-geltokiak erregulatzen dira.
2. Artikulua - Definizioak
1.- Duten izaeraren arabera, lege honetan aipatzen diren garraioak publikoak
edo pribatuak izan daitezke.
a) Publikoak dira besteren
kontura egiten direnak, ordainsari ekonomikoaren bitartez.
b) Garraio pribatuak dira
norberaren kontura egiten direnak. Garraio pribatuak bi modalitatetakoak izan
daitezke:
- Garraio pribatu partikularrak:
garraio-mota horretakoak dira ibilgailuaren titularraren eta haren senideen
izaera pertsonaleko edo partikularreko lekualdatze-premiak asetzeko egiten
direnak. Horrelako garraioetarako erabiltzen diren ibilgailuek ez dute izango
erregelamenduz ezarrita dagoen baino jarleku gehiago.
- Garraio pribatu osagarriak:
mota horretakoak dira enpresek edo establezimenduek, xede nagusitzat garraioa
ez dutenek, beren jarduera nagusiaren barruan, jarduera nagusi horiek behar
bezala garatzeko osagarri beharrezko edo egoki gisa egiten dituzten garraioak.
2.- Duten eragin-esparruari jarraiki, errepideko bidaiari-garraio
publikoa herri barrukoa edo herri artekoa izan daiteke.
Herri barrukoak dira
oso-osorik udalerri beraren barruan egiten diren garraioak; gainerako
garraioak, berriz, herri arteko garraiotzat jotzen dira.
3.- Eskainitako zerbitzuen aldizkakotasunaren arabera, lege honetan
erregulatzen diren garraioak erregularrak edo eskatu ahalakoak izan daitezke.
a) Erregularrak dira aurretik
ezarritako ibilbideen barruan eta aurretik finkatutako egutegiei eta ordutegiei
atxikita egiten direnak.
b) Eskatu ahalakoak dira
aurretik ezarritako ibilbide, egutegi edo ordutegi bati atxiki gabe egiten
direnak.
4.- Bidaiari-garraio publiko erregularrak honelakoak izan daitezke:
a) Jarraikortasunaren arabera,
iraunkorrak edo aldi baterakoak:
- Iraunkorrak dira, baldin eta,
izaera egonkorreko premiei erantzuteko, modu jarraituan egiten badira.
- Aldi baterakoak dira, baldin eta
salbuespenezko edo unean uneko eta iraupen mugatuko izaera duten trafikoei
erantzuteko badira, nahiz eta aldizka izan.
b) Erabileraren arabera,
erabilera orokorrekoak edo berezikoak dira:
- Erabilera orokorrekoak dira,
baldin eta eskari orokorrari erantzutera zuzentzen badira eta edozeinek erabili
ahal baditu.
- Erabilera berezikoak dira,
baldin eta erabiltzaile-talde berariazko bat (hala nola ikasleak, eskola-umeak,
langileak eta antzeko taldeak) eta ez besterik zerbitzatzeko bideratuta
badaude.
5.- Turismo-garraioak dira, aldizkakoak izan edo ez, bidaia-agentzien
bidez eskaintzen direnak, beste zerbitzu osagarri batzuekin batera, hala nola
ostatua, mantenua, turismo-gidaritza, etabar. Garraio horiek jolaseko,
kulturako eta aisiako jarduerei edo unean uneko beste arrazoi batzuei lotutako
joan-etorriak egin behar dituzten pertsonen premiak oro har asetzeko egiten
dira.
6.- Erabiltzaileak dira lege honetan erregulatutako zerbitzuak edo
garraio-jarduerak baliatzen dituzten pertsona fisikoak nahiz juridikoak.
7.- Intermodalitatetzat hartuko da garraio-modu desberdinen arteko
lotura, baldin eta modu batetik bestera aldatzean zirkulazio-fluxua eteten ez
bada.
3. Artikulua - Printzipio orokorrak
1.- Bidaiarien garraio publikoaren politikaren oinarria hau izango da:
garraio-mota hori funtsezkoa dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen,
ekonomiaren eta lurraldearen garapen eta kohesiorako sektore estrategiko eta
oinarrizkoa dela aitortzea; eta politika horren helburua izango da erkidegoaren
beraren mugikortasun-premia orokorrak eta garraioaren erabiltzaileen premia
partikularrak asetzea.
2.- Hemen arautzen den gai honetan, herri-aginteen jarduna ondorengo
helburu eta printzipio orokor hauei egokituko zaie:
a) Dauden mugikortasun-premiei
erantzutea, ahalik eta eraginkortasun-maila handienarekin eta gizarte-kostu
txikienarekin.
b) Erabiltzaileen eskubideak eta
eginbeharrak aintzatestea, kalitatezko garraio-zerbitzuak izateko duten
eskubideaz baliatu ahal izan daitezen.
c) Intermodalitatea sustatzea.
d) Herri barruko eta herri
arteko garraio kalitatezkoak garatzea.
e) Teknologiaren garapena sustatzea, garraio
garbi eta eraginkor baten alde.
f) Garraio-sistema jasangarri
bat sustatzea, ingurumenaren printzipio eta helburuekin bat etorriz.
II.
KAPITULUA
ESKUMEN
ARAUBIDEA
4. Artikulua - Eskumen-araubidea
1.- Eusko Jaurlaritzari dagozkio lanbide-trebakuntzaren aintzatesteari
buruzko eskumenez baliatzea, legearen arau-garapena, bai eta koordinazioa eta
goi-ikuskaritza ere. Ikuskaritza hori egiaztatze edo fiskalizazio jardueren
bidez gauzatuko da, bai eta ikuskaritza-planak landuz eta koordinatuz ere.
Eusko Jaurlaritzak, era
berean, plangintza orokorra egingo du eta herri arteko garraioaren tarifak
ezarriko ditu.
2.- Foru-aldundien eskumena da, ordea, aipatutako plangintzaren
garapena, IX. kapituluan bidaiari-geltokien inguruan aurreikusten diren
ahalmenez baliatzea, eta lege honetan araututako herri arteko garraioaren
jardueran aritzeko administrazio-titulu gaitzaileak ematea.
Zerbitzu publikorako
administrazio-emakidetan, foru-aldundiek eskumena izango dute, kasu hauetan,
zerbitzuak sortu, esleitu, bateratu, aldatu, ezabatu eta berreskuratzeko:
a) Bidaiarien garraio-zerbitzua
lurralde historikoaren barruan gauzatzen denean oso-osorik.
b) Lurralde historikoaz
gaindikoak izan arren, handik kanpora igarotzeko debekua dutenean.
c) Euskal Autonomia
Erkidegoaren eskumeneko zerbitzuak izanik, eta aurreko kasuetan sartzen ez
direlarik, ibilbide-zatirik handiena lurralde historikoaren barruan dutenean.
Foru-aldundiek, era berean,
herri arteko garraiorako administrazio-baimenak esleituko dizkiete
garraio-zerbitzuei, baimen horiek aginduzkoak direnean, nork bere lurralde
historikoan egoitza duen garraio-zerbitzuari.
Foru-aldundiek egingo dute herri
arteko garraioaren zuzeneko ikuskapena, eta lurralde historikoaren barruan
egindako arau-hausteengatik hasitako zehapen-espedienteak izapidetu eta
ebatziko dituzte.
3.- Udalek eskumena izango dute, herri barruko garraioaren arloan,
bidaiari-garraio publikoaren zerbitzuak antolatu, kudeatu eta ikuskatzeko eta
dagozkion zehapenak ezartzeko; orobat, dagozkion titulu gaitzaileak esleitzeko
eta tarifa-araubidea finkatzeko, gai horri buruzko legeria aplikagarrian
xedatutakoari jarraituz. Era berean, bidaiari-geltokien inguruan IX. kapituluan
ezartzen diren eskumenez ere baliatuko dira.
III.
KAPITULUA
PLANGINTZA
ETA KOORDINAZIOA
5. Artikulua - Plangintza
1.- Administrazioek, indarrean dagoen legeriak ematen dizkien eskumenak
baliatuz, lege honetan araututako garraioaren bilakaera eta garapena
planifikatu ahal izango dituzte, garraio-sistemaren multzoarekin uztartuz
garapen harmoniko eta orekatu bat bultzatzeko.
2.- Garraio-planek gai hauen inguruko aurreikuspenak edukiko dituzte:
a) Zuzeneko kudeatze publikoko
zerbitzu edo jarduerak.
b) Garraio erregularren sarearen
edo horren oinarrizko ardatzen diseinu orokorra eta beste garraio-sistema
batzuekiko integrazioa.
c) Zona jakin baterako edo
batzuetarako garraio debeku edo murrizketak, hala behar izanez gero.
d) Garraioa edo garraio-mota
batzuk sustatu eta laguntzeko neurriak, hala behar izanez gero.
3.- Planak lantzeko eta onartzeko prozedura erregelamendu bidez
zehaztuko da.
6. Artikulua - Koordinazioa
1.- Lege honen xede diren errepideko bidaiari-garraioak beste
garraio-modalitate batzuei dagozkien zerbitzuekin koordinatuko dira, horri
buruz aplikagarria den legeriak xedatzen duenarekin bat etorriz.
2.- Eusko Jaurlaritzak, bere eskumen-eremuaren barruan, lege honek
aipatzen dituen errepideko bidaiari-garraioak beste garraio-modalitate batzuei
dagozkien zerbitzuekin koordinatuko ditu, bai eta garraioarekin lotutako
Administrazioaren beste jarduera-eremu batzuekin ere, erregelamendu bidez
zehazten den eran.
IV.
KAPITULUA
ERABILTZAILEAK
7. Artikulua -
Administrazio-jardunaren printzipio orokorrak
1.- Herri-administrazioek, lege honetan eta kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen legerian xedatutakoarekin bat etorriz, erabiltzaileen
parte-hartzea ziurtatzen duten mekanismoak egituratuko dituzte; horrela,
erabiltzaileek, beren ordezkaritza-antolakundeen bidez, garraioari buruzko
Administrazioaren xedapenak eta ebazpenak (eurei dagozkienak) lantzeko eta
aldatzeko prozeduran parte hartuko dute. Era berean, ordezkaritza-antolakunde
horiek garraio-sistemaren plangintzan eta kudeaketan izango duten parte-hartzea
sustatu eta bideratuko dute.
2.- Herri-administrazioek jakinaren gainean edukiko dituzte
erabiltzaileak, eskueran dituzten garraio-sistemaren eskaintzei buruz, bai eta
zerbitzu horien aldaketei buruz ere. Era berean, jakinaren gainean eduki
beharko dituzte lege honen xede diren garraio-zerbitzuak eskaintzeko baldintzei
buruz.
8. Artikulua - Eskubideak
Lege
honetan araututako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen dituztenek
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legerian jasotako eskubideak edukiko
dituzte, eta, nolanahi ere, ondorengo hauek:
a) Enpresetako langileengandik
tratu zuzena jasotzeko eskubidea. Langile horiek erabiltzaileek eskatzen
dizkieten laguntza eta informazio eskaerei erantzun beharko diete,
zerbitzuarekin zerikusia duten gaietan.
b) Ibilgailu eta ezarritako
geltoki guztietan, erreklamazioen liburua eta/edo orria eskatzeko eta lortzeko
eskubidea. Liburu edo orri horretan, zerbitzuaren eskaintzari buruzko edozein
erreklamazio azaldu ahal izango dute.
c) Ibilgailuak erosotasun,
higiene eta segurtasun baldintzetan -eta, hala balegokio, behar bezalako
irisgarritasun-baldintzetan- erabiltzeko eskubidea, bai eta zerbitzu
erregularra eta puntuala lortzekoa ere.
d) Zerbitzua bertan behera
uzten bada, ordaindutakoa berriro jasotzeko eskubidea.
e) Eskuko gauzakiak edo
fardelak eramateko eskubidea, beste bidaiari batzuei enbarazurik edo arriskurik
ez eragitekotan.
f) Txartela edo ordainagiria jasotzeko
eskubidea.
9. Artikulua - Debekuak
Lege
honetan araututako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen dituztenek ondorengo
debeku hauek begiratu beharko dituzte:
a) Ibilgailuetara edo
ibilgailuetako edozein konpartimentutara sartzeko ateak irekitzeko edo ixteko
mekanismoetan ibiltzea, edo mekanismo horien funtzionamendua eragoztea edo
bortxatzea, garraio-enpresako langileek soilik eragitekoak direnean.
b) Ibilgailuan larrialdietarako
ezarrita dauden segurtasun edo sorospen mekanismoetako edozein bidezko
arrazoirik gabe erabiltzea.
c) Ibilgailua uztea edo
ibilgailura sartzea horretarako ezarritako geltokietatik kanpo, edo ibilgailua
mugitzen ari dela, bidezko arrazoirik egon ezean.
d) Ibilgailua abian dela,
gidariaren arreta galeraz dezakeen edo gidariaren lana oztopa dezakeen edozein
ekintza egitea, bidezko arrazoirik gabe.
e) Erabiltzaileentzat
prestatuta ez dauden lekuetan bidaiatzea.
f) Ibilgailuetan erretzea,
edota garraio-geltokietan horretarako prestatuta dauden tokietatik kanpo ere,
gai horren gaineko berariazko araudian ezarritako baldintzen arabera.
g) Garraio-txartelik gabe
bidaiatzea, edo bidaiaren ezaugarrien eta dagokion emakidan edo baimenean
ezarritako erabilera-baldintzen arabera nahikoa ez den txartel batekin
bidaiatzea, edota eskuratutako txartela behar bezala ez erabiltzea.
h) Gainerako erabiltzaileen
osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen jokabide oro, edota erabiltzaile
horientzat edo garraio-enpresako langileentzat, bai eta bere zerbitzuak
terminal edo bidaiari-geltokian eskaintzen dituen enpresako langileentzat ere,
gogaikarria edo iraingarria gerta daitekeena.
i) Ibilgailuak edo
garraio-geltokiak hondatzea edo zikintzea eragin dezakeen ekintza oro.
j) Zerbitzua behar bezala
eskaintzearen inguruan eta zerbitzua eskaintzerakoan zaindu beharreko
segurtasun-baldintzen inguruan dagokion emakidaren edo baimenaren titular den
enpresako langileek egindako oharrei kasurik ez egitea, edota ibilgailuetan eta
garraio-geltokietan horretarako agerian jarritako horma-irudietan
ohartarazitakoari kasurik ez egitea.
k) Herri-bidea hondatu edo
zikindu ahal duten gauzak edota beste pertsona batzuei lesiorik eragin
diezaieketenak ibilgailutik kanpora botatzea.
V. KAPITULUA
GARRAIO PUBLIKOKO JARDUERAREN
ARAUBIDE JURIDIKOA
LEHENENGO ATALA
LANBIDEAN JARDUTEKO BALDINTZAK
10. Artikulua- Baldintza orokorrak
1.- Ondorengo paragrafoetan ezartzen diren baldintza subjektiboak eta
objektiboak betetzen dituzten pertsonek egin ahal izango dute lege honetan
erregulatzen den garraio publikoa.
2.- Baldintza subjektiboak honako hauek dira:
a) Europar Batasuneko edozein
estatutako nazionalitatea izatea, edota nazioarteko itunetan edo tratatuetan
xedatutakoaren arabera baldintza hori eskatzerik ez dagoen estatu batekoa; edo,
bestela, indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren baimenak
edukitzea, lanerakoak eta bestelakoak.
b) Lanbide-trebakuntza egokia
egiaztatzea, hau da, garraiolaritzan jarduteko beharrezkoa den jakite-mailaren
jabe dela egiaztatzea.
Beharrezkoa den gutxieneko jakite-maila, jakite-maila hori eskuratzeko
modua, maila horren jabe dela egiaztatzeko Administrazioak erabiliko duen
sistema, bai eta trebakuntza hori egiaztatzen duten dokumentuak ematea ere,
horiek guztiak indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzen arabera eskatuko
dira.
Taldekako enpresa edo erakundeetan, nahikoa izango da enpresa benetan
eta jarraitasunez zuzentzen duten pertsonetako baten batek
lanbide-trebakuntzaren eskakizuna betetzea.
Banakako enpresetan, titularrak lanbide-trebakuntzaren eskakizun hori betetzen
ez badu, nahikoa izango da enpresa benetan eta jarraitasunez zuzentzen duen
beste norbaitek eskakizun hori betetzea.
Eskakizun hori bete izan duen pertsona hilko balitz edo ezintasun
fisikoren edo legezkoren batek joko balu, Administrazioak, erregelamendu bidez
zehaztutako eran, jardueran jarraitzeko baimena eman dezake, gehienez ere
hamabi hilabeteko aldi baterako (aldi hori beste sei hilabetez luza daiteke
behar bezala justifikatutako kasu partikularretan), nahiz eta
lanbide-trebakuntzaren eskakizuna bete ez.
c) Ohoragarritasunaren baldintza
betetzea, hau da, ondorengo egoera hauetako ezeinetan ez egotea:
1) Doluzko delituengatik epai
irmo baten bidez espetxe-zigorrarekin kondenatua izan izana, zigorraren
ezereztatzea lortua ez duen bitartean.
2) Epai irmo baten bidez
ezgaitze edo etete zigorretara kondenatua izan izana, non eta zigor horiek ez
ziren zigor erantsi gisa ezarri eta garraiolari-lanbideak egindako delituarekin
zuzeneko loturarik ez zuen.
3) Garraio arloko arau-hauste
oso larriengatik, ebazpen irmo baten bidez, zehapena jaso izana behin baino
gehiagotan, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.
Taldekako enpresa edo erakundeetan, enpresa jarraitasunez eta benetan
zuzentzen duten pertsona guzti-guztiek bete beharko dute ohoragarritasun-baldintza.
3.- Gaitasun ekonomikoa da garraiolariaren lanbidean jarduteko
baldintza objektiboa. Baldintza hori honetan datza: kasuan kasuko jarduera
abian jartzeko eta behar bezala kudeatzeko beharrezkoak diren finantza-baliabideak
eta bitarteko materialak edukitzean, erregelamendu bidez xedatzen den eran.
4.- Ez dira eskatuko baldintza horiek, lege honetako IX. kapituluan
erregulatzen den jarduera (bidaiari-geltokiak) gauzatzeko.
11. Artikulua - Salbuespenak eta
irizpideen modulazioa
1.- Jarduera nagusitzat garraiolariarena ez duten pertsona eta enpresek
egiten dituzten garraioei dagokienez, edo izaera komertzialik izan ez eta
garraioen merkatuan eragin txikia dutenei dagokienez, Administrazioak salbuetsi
egin ditzake garraio horiek aurreko artikuluan aipatutako baldintzak edo
baldintza horietakoren bat betetzetik, edota betetze hori egiaztatzeko
prozedura laburtuak edo erraztuak ezarri ahal izango ditu kasu horietan.
2.- Gaitasun ekonomikoaren eta lanbide-trebakuntzaren baldintzak
modulatu egin ahal izango dira, kasuan kasuko garraioaren berariazko izaeraren
arabera, batez ere gauzatu nahi diren zerbitzuen edo jardueren izaerari,
motari, intentsitateari, bolumenari eta eragin-esparruari jarraiki.
BIGARREN ATALA
ADMINISTRAZIO-TITULU GAITZAILEAK
12. Artikulua - Araubide juridikoa
1.- Lege honetan arautzen den jardueran aritzeko titulu gaitzaile bat
beharko da. Titulu horrek administrazio-baimenaren edo zerbitzu publikorako
administrazio-emakidaren forma juridikoa izango du.
Titulu gaitzaileak
esleitzea izaera arautuko administrazio-egintza izango da.
2.- Aurreko puntuak aipatzen duen titulua lortzeko, honako hauek bete
beharko dira: kapitulu honetako lehenengo atalean ezarritako baldintzak, indarrean
dagoen legeriak eskatzen dituen zerga, lan eta gizarte arloko eginbeharrak, eta
zerbitzua behar bezala eskaintzeko edo jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren
berariazko baldintza guztiak.
3.- Arestian aipatutako lehenbiziko atal horretako baldintzetako
edozein galduz gero -10.2.b) artikuluan zehaztutako salbuespena alde batera
utzita-, edo aurreko puntuan zehaztutako gainerako eginbeharretakoren bat behin
eta berriz bete gabe utziz gero, Administrazioak ezeztatu egingo ditu titulu
gaitzaileak.
13. Artikulua - Lehia askea
1.- Arau orokor gisa, garraio-eskaintzak lehia askeko sistemari
jarraituko dio.
2.- Zerbitzu batzuen kasuan baino ez da emango esklusibotasunez
jarduteko baimena; hau da, zerbitzuen izaeragatik edo ezaugarriengatik lehiazko
araubidea baztertu egin behar denean, erkidegoaren beharrizanei era egokian
erantzungo bazaie.
14. Artikulua - Neurri mugatzaileak
1.- Administrazioak, salbuespen gisa, Lege honetan araututako
jardueretan hasi ahal izateko sistema murriztu edo baldintzatu egin ahal izango
du, ondorengo kasu hauetan:
a) Eskaintzaren eta eskariaren
arteko desorekak eragindako merkatu-baldintzen ondorioz jarduerak edo
zerbitzuak behar bezala eskainiko direla ziurtatu ezin denean.
b) Merkatu orekatuko egoera
batean eskaintza gehitzeak aurreko idatz-zatian azaldu diren desorekak eta
disfuntzioak eragin ditzakeenean.
c) Garraio-sistemaren
funtzionamendu egokiak enpresen ahalmenaren neurri egokia eskatzen duenean.
d) Garraio-sistemaren
funtzionamendua, oro har, kaltetua gerta daitekeenean.
2.- Aurreko puntuan aipatutako neurri mugatzaileak orokorrak edo
partzialak izan daitezke, zenbait zerbitzu edo jarduera motari dagokionez, edo
eremu geografiko jakin batzuetara mugatutakoak. Hona hemen nola har daitezkeen
neurri horiek:
a) Tituluak baldintza, betebehar
modal edo zirkulazio-murrizketa jakin batzuekin esleitzea.
b) Zehaztutako epeetan emango
diren era bateko eta besteko titulu gaitzaileen gehienezko kupo edo
kontingenteak ezartzea.
c) Titulu berrien esleipena aldi
batez bertan behera uztea edo mugatzea.
3.- Aurreko puntuetan aurreikusten diren mugak ezartzen direnean,
kupoen edo kontingenteen banaketa, edo baldintzak, eginbeharrak edo murrizketak
finkatzea, modalitate bakoitzaren arabera, aldez aurretik ezarritako izaera
objektiboko irizpideen arabera egingo da.
15. Artikulua - Eskuz aldatzea
1.- Titulu gaitzaileak eskuz aldatu ahal izango dira, ondorengo
baldintza hauek betetzen direnean:
a) Lege honetako 10. artikuluan
eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonen alde egitea.
b) Titulu gaitzaileen mota
bakoitza eskuz aldatzeko aukeraren inguruan Administrazioak ezartzen dituen
berariazko baldintzak betetzea.
c) Garraio-modalitatearen
izaeragatik eskuz aldatu ezinezko titulu gaitzailetzat ezarritakoetakoa ez
izatea.
2.- Administrazioak, betiere, onetsi egin beharko du aldez aurretik
dena delako eskualdaketa hori, eta, titulu gaitzailearen berritze subjektiboa
egingo bada, aurreko puntuan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.
HIRUGARREN ATALA
JARDUERAK BETE BEHARREKO ESKAKIZUNAK
16. Artikulua - Erregistroa
1.- Administrazio-titulu gaitzaileak lortzen dituzten pertsonek
dagokien foru-aldundiko garraiolarien erregistroan eman beharko dute izena.
Izena ematea ezinbesteko
baldintza izango da garraiolaritzan jarduteko.
2.- Erregistroa publikoa izango da, eta haren antolamendu eta
funtzionamendua, bai eta hara sartzeko modua, izena ematerakoan jaso beharreko
datuak zein izen-ematearen beraren gorabeherak, erregelamendu bidez ezarriko
dira.
3.- Koordinazioari begira, erregistro horretan jasotzen den informazio
guztia garraio arloan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari igorriko zaio.
17. Artikulua - Fiantza
Administrazioak,
eskatu ahalako garraio-zerbitzuak eta garraio horren jarduera lagungarriak eta
osagarriak egiteko titulu gaitzaileak esleitu aurreko baldintza gisa, betebehar
hau ezarri ahal izango die titulu horiek esleitu zaizkien pertsonei,
erregelamenduak hala aurreikusten duen kasuetan: zerbitzu eta jarduera horiei
dagozkien administrazio betebehar eta erantzukizunak betetzea berma dezatela,
fiantza bat jarriz edo beste moduren baten bidez.
18. Artikulua - Ibilgailuak
1.- Garraiatzaile gisa kontratua egin duten pertsonen zuzendaritzaren
eta erantzukizunaren pean gauzatuko da garraio publikoa. Jarduera hori,
indarrean dagoen legerian aurreikusitako lankidetza-kasuetan izan ezik
(garraiolarien arteko lankidetza-kasuetan izan ezik), beren
enpresa-antolakundearen bidez gauzatuko dute.
2.- Aurreko puntuan xedatutakoari dagokionez, ibilgailuak
garraiolariaren enpresa-antolakundean sartuta egongo badira, edo garraiolariak
bere jabetzakoak izan behar ditu, edo legez edo erregelamenduz ezartzen diren
baldintzen arabera errentan hartuak izan behar ditu, edota juridikoki baliozkoa
den beste edozein eskubidez ibilgailu horietaz baliatu ahal izan beharko du,
Administrazioak zehaztutakoaren arabera garraioa egokiro antolatzeko besteko
erabilera utziko dion eskubidez, alegia.
3.- Lege honetan araututako garraioak egiteko erabiltzen diren ibilgailuek
indarrean dagoen legerian ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dituzte,
eta, betiere, irisgarritasuna sustatzeko legerian xedatutakoa errespetatu
beharko dute.
Era berean, instalatuta eta
ibili dabiltzala eraman behar dituzte gidaldiak eta atsedenaldiak kontrolatzeko
aparatuak eta gainerako kontrol-tresna guztiak, indarrean dagoen legerian
ezarritakoaren arabera, erregelamenduz salbuesten diren kasuetan izan ezik.
VI. KAPITULUA
BIDAIARIEN HERRI ARTEKO GARRAIO
ZERBITZU PUBLIKOA
19. Artikulua - Irizpide orokorrak
1.- Erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregular iraunkorrek
Administrazioa titular duten zerbitzu publikoen izaera dute, 34. artikuluan
aurreikusitako kasuan izan ezik.
2.- Aurreko puntuan aipatzen diren zerbitzu horien kudeaketa, lege
honetan eta lege hau garatzeko xedapenetan berariaz horri buruz aurreikusitako
hartan izan ezik, administrazio-kontratazioa arautzen duten arau orokorren pean
egongo da.
20.- Artikulua - Zerbitzua ezartzeko
erabakia
1.- Erabilera orokorreko bidaiari-garraioko zerbitzu erregular
iraunkorrak eskaintzen hasi aurretik, zerbitzu horiek ezartzeari eta sortzeari
buruzko ebazpen oinarritua eman beharko du Administrazioak. Ebazpen horri,
gainera, zerbitzuak eskaintzeko dagokion proiektuaren onespena erantsi beharko
zaio.
2.- Administrazioak erabakiko du zerbitzua ezartzea edo sortzea, bere
kabuz edo interesdunak eskatuta, eta horretarako kontuan izango ditu
garraio-eskariak, une horretan daudenak eta aurrerantzean egon daitezkeenak,
eskari horiei erantzuteko dauden bitartekoak, zerbitzu hori garraio-sarean
sartzeak izango dituen eraginak, bai eta zerbitzua ezartze horri eragin
diezaioketen gizarte-egoeraren gorabeherak zein ezartze horrek berak eragin
ditzakeenak.
3.- Zerbitzu berriak sortzerakoan errespetatu egin beharko dira
garraio-planetan ezarrita daudekeen aurreikuspenak.
21. Artikulua - Arau orokorra:
administrazio-emakida
1.- Arau orokorra izango da bidaiarien garraio-zerbitzu publikoa
administrazio-emakida baten bitartez gauzatzea.
2.- Ustiapena zerbitzu publikoak kudeatzeko aurreikusita dauden
gainerako prozeduretako edozeinen bidez egin behar dela erabaki dezake
Administrazioak, baldin eta horretarako nahikoa arrazoi badago;
administrazio-kontratazioa arautzen duen legerian aurreikusitako prozeduretako
edozeinen bidez, esan nahi da.
22. Artikulua - Zerbitzuaren
eskaintza publiko eta zuzenekoa
1.- Aurreko artikuluan aurreikusitako araubide orokorraren salbuespen
gisa, bidezkoa da, ondoko kasu hauetan, zerbitzuaren kudeaketa publiko eta
zuzenekoa egitea, lehiaketarik egin gabe: zerbitzuaren izaera dela-eta
zeharkako kudeaketa desegokia denean; haren bidez ezin direnean bete iritsi
nahi diren helburu ekonomiko edo sozialak, edo interes publiko konkretuek edo
izaera ekonomiko edo sozialeko arrazoiek hala eskatzen dutenean.
2.- Aurreko puntuan aurreikusitako gorabehera horiek agertzen direnean,
Administrazioak zuzenean eskaini ahal izango ditu erabilera orokorreko garraio
publikoen zerbitzu iraunkorrak, eta kudeaketarako, indarrean dagoen legeriak
enpresa-kudeaketa publikoaren arloan onartzen dituen erabideetatik edozein
erabiliko du.
23. Artikulua - Esklusibotasuna
1.- Bidaiarien errepideko garraio-zerbitzu publikoaren emakidak izaera esklusiboz
esleitzen direla ulertuko da, eta, indarrean dauden bitartean, ezin izango dira
ezarri linea bereko garraio-zerbitzuak betetzen dituzten beste emakida batzuk,
interes publikoko arrazoi oinarrituengatik erregelamendu bidez salbuesten diren
kasuak izan ezik.
Berebat, erregelamenduz
zehaztuko dira bi zerbitzuk linea bera erabiltzea noiz gertatzen den
antzemateko zantzuak, eta arreta berezia eskainiko zaie zerbitzuen izaerari eta
zerbitzuen eskaintzen antzekotasunari, eta, betiere, hirigune handien
eragin-aldea, erregelamendu horretan ezarritako distantzien arabera
zehaztutakoa, salbuetsi egingo da.
2.- Bi herriren arteko garraioa ibilbide batetik baino gehiagotatik
egin daitekeenean, edo, errepide-sarean aldaketaren bat egin ondoren, lehendik
dauden emakidek zerbitzatutako puntuen artean komunikazioa gertatzen denean,
erregelamendu bidez zehaztuko dira, hala badagokie, linea bereko
garraio-zerbitzua gertatzen den antzemateko baldintzak. Era berean, linea
bereko garraio-zerbitzurik gertatzen denik antzeman ezean, ezarri beharko diren
zerbitzu berrien inguruan araubide berri bat egin ahal izango da, kontuan
hartuz berariaz lehendik zeuden emakiden titularren egoera.
24. Artikulua - Iraupena
1.- Emakiden iraupena emakida-tituluan ezarriko da, zerbitzuaren
ezaugarriei eta premiei jarraiki, hartara erkidegoaren premiei behar bezala
erantzuten zaiela ziurtatzeko, eta ibilgailuen eta instalazioen
amortizazio-epeak kontuan hartuz. Iraupen hori ezin izango da izan bost urtetik
beherakoa, ez eta hamar urtetik gorakoa ere.
2.- Emakidaren epea amaitzen bada eta artean zerbitzuaren hurrengo
eskaintza zehazteko prozedura ebatzi gabe badago, emakidadun enpresak prozedura
hori amaitu arte luzatuko du zerbitzuaren kudeaketa; dena dela, enpresa hori ez
da behartuta egongo kudeaketa hori hamabi hilabete baino luzaroagoan
jarraitzera.
25. Artikulua - Esleipena
1.- Dagokion emakida esleitzeko, lehiaketa-prozedurari jarraituko zaio.
2.- Aipatutako lehiaketa horretan, Administrazioak onartutako proiektua
baliatuko da betebehar teknikoen eta klausula juridiko-administratiboen
pleguaren oinarri gisa, eta hor zehaztuko dira hauek guztiak: zerbitzu
oinarrizkoak eta osagarriak; ibilbideak; egin daitezkeen trafikoak; geltokiak;
tarifa-araubidea; ibilgailuen gutxieneko kopurua, baldintzak eta
amortizazio-epea; beharrezkoak diren instalazio finkoak, hala badagokio, eta
zerbitzua zedarritzen duten eta zerbitzuaren eskaintza itxuratzen duten
gainerako xedapenak.
3.- Aurreko puntuan aipatutako baldintzak eta zertzeladak gutxieneko
baldintza gisa ezarri ahal izango dira baldintza-pleguetan, edo, bestela,
jarraibide gisa. Lehiaketan parte hartzen duten enpresek, menturaz ezarrita
leudekeen mugen barruan, dagokion pleguko baldintzei buruzko zehaztapen,
hedapen edo aldaketak aurkeztu ahal izango dituzte euren eskaintzetan, betiere
zerbitzuaren edo haren eskaintzaren funtsezko baldintzak aldatzen ez badituzte.
4.- Lehiaketa ebazterakoan, kontuan hartuko dira hala eskaintza
bakoitzean nola aurkezten dituzten enpresetan ageri diren era guztietako
zertzeladak; hori dela eta, orokorrean edo baldintza-pleguetan,
balioespen-irizpide berariazkoak ezarri behar dira, eta arretaz begiratuko zaie
kutsadurarik txikiena eragiten duten ibilgailu-ezaugarriei.
5.- Betiere, ezetsi egin behar dira baldintza ekonomiko ausartegiak edo
teknikoki desegokiak ezartzen dituzten eskaintzak, edo zerbitzua baldintza
egokietan eskaintzea eta zerbitzuaren jarraipena behar bezala ziurtatzen ez
dutenak.
6.- Lege honetan ezarritakoaren ondorioz, ordu arte zerbitzua ustiatu
duena ez den beste enpresa bat ateratzen bada emakidaren esleipendun, enpresa
horrek aurrekoaren langileekiko harremanetan balizko subrogazioaren bidez har
dezakeen lekuari dagokionez, lan-legerian ezarritako arauei jarraituko zaie.
7.- Enpresa emakidadun berriak ez du erantzungo zerbitzuak egiaz bere
gain hartu aurretik sortu diren soldata-eskubideei buruz, ez eta Gizarte
Segurantzarekiko zorrei, zerga-zorrei edo aurreko enpresaburuak bere gain
hartuak zituen bestelako zorrei buruz ere.
26. Artikulua - Aldaketak
1.- Zerbitzua emakida-tituluan finkatutako baldintzetan eskaini beharko
da. Titulu horrek baldintza-pleguan ezarritako baldintzak jasoko ditu, bai eta
esleipendunak eskaini eta Administrazioak onartutako zehaztapen edo aldaketak
ere.
2.- Erregelamendu bidez edo emakida-tituluan zehaztuko dira emakida
duen enpresak, kudeaketa hobearen alde, zerbitzuaren eskaintzan askatasunez
alda ditzakeen zertzeladak -titulu horretan bertan aipatzen direnen artekoak-;
aldaketarik eginez gero, Administrazioari emango zaio horren berri, eta,
herri-interesaren kontrakoak badira, debekatu egin ahal izango ditu hark, edo
aldaketa horiek gauzatzeko muga zehatzak ezarri.
3.- Administrazioak, bere kabuz edo emakidadunek nahiz erabiltzaileek
eskatuta, emakida-tituluan aurreikusita ez dauden aldaketak egin ahal izango
ditu zerbitzua eskaintzeko baldintzetan, bai eta, zerbitzua hobeto eskaintzeko
beharrezkoa edo komenigarria bada, tituluetako ibilbideak zabaldu, murriztu edo
ordezkatu ere; baina, betiere, emakidaren oreka ekonomikoa errespetatu beharko
du.
4.- Aldaketa horiek zabalkuntzak edo eranskinak badira,
ustiapen-unitate gisa eskaini behar den zerbitzu nagusiaren luzakin huts
direnean izango dira bidezko, edo ustiapen ekonomiko bereizia izateko nahiko
muntarik ez dutenean, beste inoiz ez.
27. Artikulua - Trafikoaren
areagotzeak
1.- Emakidari atxikitako ibilgailuek zerbitzatu ezin ditzaketen
trafiko-areagotzeei aurre egiteko, ezaugarri baliokideak dituzten beste ibilgailu
batzuk erabili ahal izango dira, bai enpresa emakidadunarenak, bai beste
garraiolari batzuek edozein formula juridiko baliozkoren bidez lagatakoak
(gidariarekin edo gidaririk gabe).
Ibilgailu horiek, betiere,
bidaiarien eskatu ahalako garraiorako baimen gaitzaileak (kasuan kasuko garraio
mota eta eremurako baimen gaitzaileak) babestuta egongo dira eta
emakida-titulua sorrarazi zuen baldintza-pleguan eskatutako xehetasun guztiak
bete beharko dituzte.
2.- Zerbitzu horiek, betiere -bai harreman juridiko pribatuen
ondorioetarako, bai administrazio-mailako eginbeharren eta erantzukizunen
ondorioetarako-, zerbitzu erregularraren enpresa emakidadunak eskaintzen
dituela joko da, eta beste garraiolari batzuek lagatako ibilgailuak haren
antolakundean sartuta daudela joko da.
3.- Zerbitzu erregularren emakidei atxikitako ibilgailuek, era berean,
eskatu ahalako zerbitzuak egin ahal izango dituzte, baldin eta zerbitzu
horietarako baimen gaitzaileak badituzte eta zerbitzu erregularra zuzen
eskaintzen dutela behar bezala ziurtatzen bada.
4.- Administrazioak, erregelamendu bidez erabakitzen denari jarraiki,
ibilgailu bera hainbat zerbitzu erregularretarako erabiltzeko baimena eman ahal
izango du, baldin eta zerbitzu horiek guztiak eskaintzea titular bati badagokio.
5.- Era berean, ibilgailuak titular ezberdinen bi emakida edo
gehiagoren ibilbide-sarea zerbitzatzen erabiltzeko baimena eman ahal izango da,
baldin eta ibilbide horiek elkar ukitzen badute gune batzuetan eta zerbitzua
ibilbidean etenik egin gabe eskaintzen bada.
28. Artikulua - Emakidak bateratzea
1.- Hori justifikatzen duten herri-intereseko arrazoi objektiborik
badago eta aurretik dauden zerbitzuak alde batera utzirik zerbitzu berri bat
ezartzea bideragarria edo egokia ez denean, Administrazioak, bere kabuz edo
interesdunak eskatuta, emakiden oreka ekonomikoa errespetatuz, emakida
bereizietan esleitu diren zerbitzuak bateratzea erabaki ahal izango du,
zerbitzu horien eskaintza enpresa-batasunaren bidez egin dadin. Zerbitzuak
hainbat enpresari esleitutako emakidei dagozkienean, erregelamendu bidez
ezarriko da kudeaketa-araubidea zehazteko erabili beharko den sistema.
2.- Zerbitzu bateratuak emakida berri baten babesean eskaintzen direla
joko da eta haren iraupen-epea erregelamendu bidez zehaztutako irizpideen
arabera finkatuko da. Batez ere kontuan hartuko dira bateratutako zerbitzuei
dagozkien emakidei gelditzen zaizkien iraupen-epeak, baita emakiden trafikoak
eta bateratzeak dakarren garraio-sistemaren hobekuntza ere.
3.- Emakiden bateratzeak egiten direnean, Administrazioak aldaketak
egin ahal izango ditu ustiapenaren baldintzetan, hau da, zerbitzua egokiago
eskaintzeko beharrezkoak diren aldaketak egin ahal izango ditu, emakida
bateratuaren ezaugarrien arabera.
29.- Artikulua - Eskualdeko emakidak
1.- Arau orokor gisa, aurretik zehaztutako linea-zerbitzuetarako baino
ez dira esleituko emakidak. Dena dela, Administrazioak eskualdeko emakidak ere
esleitu ahal izango ditu. Emakida horien barruan eskualde jakin batean eskaini
beharreko zerbitzu erregular iraunkor zein aldi baterako guztiak eta erabilera
orokorreko nahiz bereziko guztiak sartuko dira, berariaz kanpoan uzten direnak
izan ezik.
2.- Eskualdeko emakidetan linea-emakidetarako ezarritako araubide
juridikoa aplikatuko da, haien izaera berariazkoarekin bateragarria den
heinean.
3.- Administrazioak kasuan kasuko eskualderako onartutako ustiapen-plan
bateko zehaztapenei egokitu beharko zaizkie eskualdeko emakidak; bere kabuz edo
partikularrek eskatuta onartuko du plan hori Administrazioak; erregelamendu
bidez adierazitako aurreikuspenak bilduko ditu, eta emakida-klausuletako osagai
izango da.
4.- Herri-intereseko arrazoiak direla medio, Administrazioak
garraio-eskualdeak eratu edo aldatu ahal izango ditu, eta ustiapen-planak ere
aldatu ahal izango ditu, baina betiere aurretik dauden emakiden oreka
ekonomikoa atxiki beharko du.
5.- Eskualdeko emakidak esleitzekotan, eskualde horretako lurraldean
zehar -osoki edo zati batean- igarotzen diren lineako zerbitzu erregularren
titularren eskubide ekonomikoak begiratu beharko dira, diren zerbitzuok
iraunkorrak zein aldi baterakoak, erabilera orokorrekoak nahiz berezikoak.
6.- Lineako zerbitzu baten ibilbidea ehuneko berrogeita hamarretik
gorako neurrian garraio eskualde edo gune batetik igarotzen bada, dagokion
emakida edo baimen bereziaren iraupen-epea igarotakoan edo lehenago, eta
besterik gabe, eskualde edo gune horretan sarraraziko da, ordain ekonomiko
egoki baten bidez, betiere interes orokorrak hala eskatzen badu.
7.- Eskualdeko emakidetan, esleipen-araubideari eta berariaz aurreikusi
gabeko gainerako gorabeherei dagokienez, kapitulu honetan ezarritako araubide
orokorra aplikatuko da. Dena dela, garraio-sistemaren arrazoizko taxuerak hala
eskatzen duenean, emakida horiek zuzenean esleitu ahal izango zaizkie artikulu
honetako bosgarren puntuak aipatzen dituen zerbitzuen titularrei.
30. Artikulua - Emakidak iraungitzea
Emakidak
ondorengo arrazoi hauengatik iraungiko dira:
a) Esleitu zirenean jarritako
epea igaro denean.
b) Lege honetako 58. artikuluan
aurreikusitakoari jarraituz iraungitzat jo direnean.
c) Banakako enpresaburua
hiltzen denean edo zerbitzua kudeatzen duen enpresa desegiten denean, non eta
ez den enpresa eskuz aldatzen, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.
Forma juridikoa aldatu besterik egin ez denean, enpresaren ekonomia eta lan
ezaugarriei bere horretan eutsiz, ez da joko enpresaren desegitea gertatu
denik.
d) Enpresa emakidadunaren
porrotagatik, edo zerbitzua eskaintzea eragozten duen ordainketa-etenduragatik.
e) Herri-intereseko arrazoiak
direla eta, Administrazioak zerbitzua ezabatzen duenean edo berreskuratzen
duenean.
f) Enpresa emakidadunak, lege
edo erregelamendu bidez aurreikusitako kasuetan, uko egiten duenean.
g) Administrazioa eta enpresa
emakidaduna horretarako ados jartzen direnean.
h) 12.3 artikuluan
aurreikusitako arrazoiengatik eta kontratuan berariaz ezarritakoengatik.
i) Emakidak bateratzeagatik.
31. Artikulua - Berreskuratzea eta
uko egitea
1.- Zerbitzua ezabatzea erabakitzen denean edo hori justifikatzen duten
herri-intereseko arrazoiak daudenean, Administrazioak emakidak berreskuratu
ahal izango ditu haien epea bete baino lehenago, edozein unetan, erregelamendu
bidez zehaztutako eran.
Berreskuratze horrek
dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea emango du, non eta emakidadunak ez
duen zehapen gisa iraungipena dakarren ez-betetzeren bat egin, lege honetako
58. artikuluan araututako moduan.
2.- Emakidadunak uko egin diezaioke zerbitzua ematen jarraitzeari, hamabi
hilabeteko aurrerapenaz dagokion abisua emanez eta Administrazioak baimena eman
ondoren.
32. Artikulua - Zerbitzuan esku
hartzea
1.- Emakidadunaren kaudimen-gabeziako kasuren bat gertatzen bada
zerbitzua behar bezala eskaintzeari eragiten diona, zerbitzua bertan behera
uzten bada edo haren eskaintza eteten, edo zerbitzuak funtzionamendu txar
nabarmena badu, Administrazioak zerbitzuaren eskaintzan esku hartu ahal izango
du, eta zerbitzuaren zuzendaritza eta ustiapena bere gain hartu ahal izango ditu,
gehienez ere sei hileko epe batean, eta ustiapen horretarako enpresa
emakidadunaren bitarteko pertsonalak eta materialak erabili ahal izango ditu.
Hala ere, horren ondoren ere, emaitza ekonomikoak enpresa horri egozten
jarraituko da.
2.- Esku-hartzearen araubidea eta eragin ekonomikoak bertan behera
geldituko dira, emakidadunak, 31. artikuluko 2. paragrafoan
aurreikusitakoarekin bat etorriz, uko egiten badio zerbitzua ematen
jarraitzeari, edo emakida iraungitzat jotzen bada.
33. Artikulua - Bahikuntza
Bidaiarien
errepideko garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorren
administrazio-emakidak eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuak eta
instalazioak ezin izango dira bahitu, nahiz eta epaileek zerbitzu horien
ustiapenean esku hartu ahal izango duten eta diru-bilketaren zati bat zorra
amortizatzeko erabili ahal izango den. Horretarako, hartzekodunaren gain eta
galordean, kontu-hartzaile bat izendatu ahal izango da, lortzen den
diru-bilketa egiazta dezan eta izendatutako zatiaz arduratu dadin; zati horrek
ezin izango du gainditu erregelamendu bidez zehaztutako ehunekoa edo
zenbatekoa.
VII. KAPITULUA
HERRI INTERESEKO GARRAIO ZERBITZU
PUBLIKOEN ARAUBIDE JURIDIKOA: GARRAIO BAIMENAK
LEHENENGO ATALA
BAIMEN BEREZIAK
34. Artikulua - Erabilera txikiko zerbitzu
publikoak
1.- Erabilera orokorreko garraio publiko erregular iraunkorrak,
erabilera-indize txikikoak badira, baldintza malguagotan eskaini ahal izango
dituzte zerbitzu horiek eskaintzeko gaitzen dituen beharrezko
administrazio-baimen berezia lortzen dutenek. Izan ere, garraio horietan,
errentagarritasun-eza dela eta, ez da posible izaten zerbitzua ezartzea edo ez
da egoten ziurtatuta zerbitzua behar bezala egingo dela eta jarraipena izango
duela, administrazio-emakidei dagozkien eskakizunak mantenduz.
2.- Arestian aurreikusitako baimen berezi horiek esleitzeko,
ezinbesteko baldintza izango da aldez aurretik justifikatzea zerbitzuaren
ustiapena ez dela bideragarria administrazio-emakiden inguruan ezarrita dauden
baldintza orokorren arabera.
3.- Baimen berezi horiek lineako edo eskualdeko zerbitzuetarako izan
ahal izango dira, eta gehienez ere bost urteko epe baterako emango dira (epea
berritu ahal izango da).
4.- Erregelamendu bidez, baimen berezi horiek esleitzeko berariazko
araubide bat ezarri ahal izango da, bai eta zerbitzuaren ustiapenerako
baldintza bereziak ere. Espresuki aurreikusita ez dauden gauza guztietan,
administrazio-emakiden araubide orokorra aplikatu beharko da.
35. Artikulua - Aldi baterako garraio
erregularrak
1.- Administrazioak aldi baterako garraio erregularrak eskaintzea
erabaki ahal izango du, garraio-eskaria aldi baterakoa edo ohiz kanpokoa
delako, erabilera orokorreko garraio-zerbitzu bat ezartzeko premia
justifikatuta dagoenean. Horrelako garraioak ezarriko dira, betiere kasuan
kasuko garraio-premiak behar bezala zerbitzatu ahal izateko linea bereko
erabilera orokorreko zerbitzu erregular iraunkorrik ez badago, edo, horrelako
zerbitzuren bat egon arren, erantzun behar zaien garraio-premietara egokitzeak
linea bereko zerbitzuaren ustiapen-baldintzen (dagokion emakidan ezarritako
baldintzen) funtsezko aldaketa bat ekartzen badu. Era berean, erantzun
beharreko garraio-premien berariazkotasuna dela-eta zerbitzu bereizi bat
ezartzea komeni bada, horrelako garraioa ezarriko da.
2.- Aldi baterako garraio erregularrak zerbitzu horiek egiteko gaitzen
dituen administrazio-baimen berezia lortzen duten pertsonek soilik eskaini ahal
izango dituzte. Baimen horiek esleitzeko prozedura (publikoa eta objektiboa
izango baita), bai eta zerbitzua eskaintzeko baldintzak eta zerbitzuaren
iraupena ere, erregelamendu bidez ezarriko dira.
3.- Artikulu honetan erregulatzen diren zerbitzuak eskaintzeko,
enpresaren ibilgailuak nahikoak ez direnean, eskatu ahalako garraiorako
beharrezko baimena daukaten beste garraiolari batzuen ibilgailuak erabili ahal
izango dira, erregelamendu bidez ezartzen den araubidearekin bat etorriz.
36. Artikulua - Erabilera bereziko
garraio erregularrak
1.- Erabilera bereziko bidaiari-garraio erregularrak zerbitzu horietarako
behar den baimen berezia dagoenean soilik eskaini ahal izango dira. Baimen
berezi horiek Administrazioak esleitzen ditu.
2.- Erregelamendu bidez
honako hauek erregulatuko dira:
- Zeintzuk diren garraio horiei dagozkien baimenen esleipen-sistema,
iraupena eta iraungipena.
- Zein kasutan ez den baimendu behar erabilera bereziko zerbitzurik
ezartzea, sortutako premiei behar bezala erantzun diezaiekeen linea bereko
erabilera orokorreko beste zerbitzu bat egoteagatik.
- Hala badagokio, zein baldintzatan egingo duen zerbitzuak kasuan
kasuko taldeen berariazko garraioa.
3.- Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuak eskaintzeko, enpresaren
ibilgailuak nahikoak ez direnean, eskatu ahalako garraiorako beharrezko baimena
daukaten beste garraiolari batzuen ibilgailuak erabili ahal izango dira,
erregelamendu bidez ezartzen den araubidearekin bat etorriz.
BIGARREN ATALA
BESTE BAIMEN BATZUK
37. Artikulua - Eskatu ahalako
garraio publikoa
1.- Baimenek honetarako gaituko dute: bederatzi jarlekutik gora dituzten
ibilgailuetan (gidaria barne) bidaiarien eskatu ahalako garraio publikoa
egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.
2.- Artikulu honetan aipatzen diren baimenek, edozein kasutan,
baimentzen den eragin-esparrua zehaztu beharko dute, esparru horren arabera
mota ezberdinak egon baitaitezke.
3.- Baimenak, espresuki kontrakoa ezartzen ez bada behintzat,
baliozkotasun-epearen berariazko mugarik gabe esleituko dira; dena dela, aldian
behin bisatu egin beharko dira, erregelamendu bidez ezartzen den eran.
Herri-onurako edo
gizarte-intereseko arrazoiengatik, dena dela, Administrazioak edozein unetan
ezeztatu edo baldintzatu ahal izango ditu aurretik esleitu dituen baimenak.
Ezeztapen hori baimenak erregelamendu bidez zehazten den antzinatasuna iritsi
baino lehenago gauzatzen bada, Administrazioak dagokion kalte-ordaina ordaindu
beharko dio titularrari.
4.- Bidaiarien eskatu ahalako garraioak, arau orokor gisa, kontratazio
orokorraren bidez egin beharko dira, hau da, garraio-enpresak ibilgailuaren guztizko
edukiera kontratatu beharko du. Erregelamendu bidez salbuespenezko kasu batzuk
zehaztu ahal izango dira. Kasu horietan, garraio-sistema behar bezala
antolatzeko arrazoiak direla eta, jarlekukako kontratazioa (banakako
ordainketaz) onartuko da.
5.- Baimenek garraio-enpresa identifikatzeko beharrezkoak diren datuak
adierazi beharko dituzte, bai eta gauzatu daitekeen garraio-zerbitzua zedarritu
dezaketen gainerako baldintzak ere.
6.- Aurreko puntuetan erregulatzen den garraio-modalitatea gauzatzeko
baimentzen diren enpresek unean-unean beren edukiera gainditzen duten
garraio-eskariak ere zerbitzatu ahal izango dituzte, beharrezko bitartekoak
dauzkaten beste garraiolari batzuen laguntza erabiliz, erregelamendu bidez
ezartzen diren irizpideen arabera.
7.- Bidaiarien eskatu ahalako garraioak ezin izango dira egin aurrez
ezarritako ibilbidea, egutegia eta ordutegia errepikatuz.
38. Artikulua - Turismo-garraioak
1.- Turismo-garraioak ibilbidea, egutegia eta ordutegia errepikatuz edo
errepikatu gabe egin ahal izango dira. Behar bezala baimendutako
bidaia-agentziarekiko kontratazioa banaka edo ibilgailuaren guztizko
edukieragatik egin ahal izango da.
2.- Zerbitzuaren eskaintza bidaiarien eskatu ahalako garraiorako baimen
gaitzaileak babestutako ibilgailu batekin egin beharko da.
3.- Administrazioak agindu ahal izango du turismo-garraio horiek beste
zerbitzu osagarri batzuekin (gutxieneko izaerako zerbitzu konkretuekin) batera
eskain daitezela, bai eta garraioaren prezioak ez dezala gainditu gauzatzen
diren zerbitzuen multzoaren guztizko preziotik zehazten den ehunekoa.
4.- Turismo-garraioak, funtsean, erabilera orokorreko
bidaiari-garraioko zerbitzu erregularrekin bat datozenean, garraio horien eta
garraio horiei dagozkien zerbitzu osagarrien prezioa, erregelamendu bidez
ezartzen den ehunekoan, kasuan kasuko linea erregularrean egiten den
garraioarena baino handiagoa izango da. Hori alde batera utzita, baldintza hori
betetzetik salbuetsi ahal izango ditu Administrazioak zenbait turismo-garraio;
turismo-garraio horietan, bidaiarien homogeneotasuna, garraioaren izaera unean
unekoa edo aldian behingoa eta berariazko beste zertzelada batzuk direla eta,
nahikoa frogatuta geratu behar da ez dela egiten justifikaziorik gabeko lehiarik,
eta lehia hori ez dela kaltegarria linea erregularraren interesentzat.
5.- Honako erregulazio hau erabiltzaileen eskubideak erregulatzen
dituzten turismoko eta kontsumoko arauak aplikatzearen kalterik gabe ulertzen
da.
39. Artikulua - Garraio pribatu
osagarriak
1.- Lege honen ondorioetarako, 2. artikuluko 1. paragrafoan osagarri
gisa definituta dauden garraioek soilik beharko dute administrazio-baimena, 40.
artikuluan xedatutakoa salbuetsita.
2.- Lege hau garatzeko ematen diren xedapenek garraio pribatu
osagarriei buruzko baimenak esleitzeko eskatzen diren baldintzak zehaztuko
dituzte, eta zehaztuko dute zein kasutan hartuko den garraioa beste jarduera
nagusiago baten (zuzeneko lotura duen beste jarduera baten) jarduera
lagungarritzat edo osagarritzat. Bi jarduerek batera ondorengo baldintza hauek
bete beharko dituzte:
a) Erabiltzaileek dagokien
lantokiko langileak edo lantoki horietako laguntzaileak izan beharko dute,
erregelamendu bideaz ezartzen diren baldintzetan.
b) Enpresek erabiltzen dituzten
ibilgailuek, arau orokor gisa, enpresaren jabetzakoak izan beharko dute; era
berean, errentan hartuak ere izan daitezke, erabakitzen denaren arabera.
c) Ibilgailuek, edozein kasutan,
enpresaren edo establezimenduaren beraren langileek gidatuta joan behar dute.
d) Garraioa ezin izango da
beregain kontratu. Beregain fakturatu ahal izango da, prezioak garraioaren
kostu doia gainditzen ez badu.
3.- Administrazioko organoek egiten dituzten garraio ofizialak, organo
horien barne-funtzionamenduan sartuta dauden jarduerak direnez, garraio pribatu
osagarritzat hartuko dira baldin eta organo horien jarduerak eragin dituen
pertsonen joan-etorri premiak konpontzera zuzenduta badaude.
HIRUGARREN ATALA
JARDUERA SALBUETSIAK
40.
Artikulua - Jarduera salbuetsiak
1.- Ez dute beharko administrazio-baimenik ondoren adierazten diren
bidaiari-garraio hauek:
a) Garraio pribatu
partikularrek, hau da, ibilgailuaren titularraren eta haren senideen izaera
pertsonaleko edo partikularreko joan-etorri premiak asetzera bideratzen
direnek.
b) Aurreko artikuluko 3.
paragrafoan aipatzen diren garraio ofizialek.
2.- Administrazio-baimenetik salbuetsi ahal izango dira, dituzten
ezaugarriengatik edo eragin-esparruengatik, garraio-sisteman eragin txikia
duten garraio pribatu osagarriak, erregelamendu bidez zehazten den eran.
VIII. KAPITULUA
HERRI BARRUKO GARRAIOA
41. Artikulua - Araubide juridikoa
1.- Lege honetako aginduak aplikagarriak izango dira herri barruko
garraiorako, lege honetako 2. artikuluan zehazten den bezala. Erregelamendu
bidez, legearen edukiaren egokitzapenak egin ahal izango dira, beharrezkoak
badira, herri barruko garraioaren izaera bereziaren arabera.
2.- Bidaiari-garraioko herri barruko zerbitzuek udalerri mailakoak
soilik diren interesak gainditzen dituztenean, kasuan kasuko udalaren eskumenak
modu koordinatuan egikarituko dira, udalez gainetiko eremuko erakundeen
eskumenekin koordinatuta, hain zuzen.
3.- Hiri alde edo aglomerazio batzuetan, udalerri bat baino gehiago
-eta batzuetan, beste erakunde publiko batzuk- egoten dira, printzipioz
eskumenak dituztenak. Duten biztanleria-kopuruagatik,
hirigintza-antolaketagatik, edo maila fisikoko edo ekonomiko-sozialeko
zertzelada bereziengatik, koordinazio-arazo larriak dauzkate beren
garraio-sareetan; hori dela eta, alde horietan, berariazko araubide bat ezarri
ahal izango da, eta araubide horrek, antolaketa bateratu baten bidez, sistema
harmoniko eta koordinatu bat egongo dela ziurtatuko du.
4.- Aurreko puntuan aurreikusten den xedeari begira, udalerri edo erakunde
eskumendunek hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, bai eta kasuan kasuko
inguruan dauden garraio-zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa bateratua egiten
duen erakunde publiko bat sortu ere, edota antolaketa hori aurretik dagoen
erakunde publikoren bati gomendatu.
42. Artikulua - Linea bereko
trafikoak
1.- Zerbitzu erregular iraunkor edo aldi baterako batzuek aldez
aurretik herri arteko beste zerbitzu erregular batzuek baimenduta dituzten linea
bereko trafikoak eduki ditzakete. Udalerriek horrelako zerbitzuak ezartzeko,
beharrezko izango da justifikatzea aurretik dagoen zerbitzua ez dela nahikoa
erabiltzaileen premiak behar bezala asetzeko, eta, era berean, beharrezkoa
izango da foru-aldundiak aldez aurretik onespena ematea; onespen hori, dena
dela, aurretik bi zerbitzuen ustiapenaren koordinazio-plan bat onartzearen
baldintzapean eman daiteke (plan hori lantzerakoan, herri arteko zerbitzu
erregularrerako emakidaren enpresa titularraren iritzia ere entzun beharko da).
2.- Linea bereko trafikotzat hartuko dira geltokien (herri arteko
zerbitzuak bidaiariak hartu edo uzteko baimena duen geltokien) edo
geltokietatik hurbil dauden guneen artean egiten direnak, nahiz eta udalerri
ezberdinetan egon.
IX. KAPITULUA
JARDUERA LAGUNGARRIAK ETA
OSAGARRIAK:BIDAIARIENTZAKO GELTOKIAK
43. Artikulua - Bidaiarientzako
geltokiak
1.- Garraio publikoko zerbitzuen irteerak, iritsierak eta joan-etorriak
biltzeko zentroak dira bidaiarientzako geltokiak.
2.- Garajetarako edo ibilgailuak aparkatzeko bestetarako ez diren
lurrak eta instalazioak ez dira geltokitzat hartuko.
3.- Leku bat bidaiarientzako geltokia izango bada, baldintza eta
eskakizun batzuk bete behar ditu: bidaiarien garraioa behar bezala garatu ahal
izateko eta erabiltzaileek zerbitzu hori erabili ahal izateko beharrezkoak
direnak eta erregelamenduz ezarriko direnak, alegia.
44. Artikulua - Geltokia jartzea
1.- Dagokion foru-aldundiaren aldez aurreko onespena beharko da inon
geltokiak jartzeko.
Baimen hori lortzeko,
udalak, ofizioz edo partikularren eskariz, erregelamendu bidez ezarritako
aginduen arabera egindako egitasmo bat aurkeztu beharko du.
2.- Geltokia jartzea onartzeko, erabakigarriak izango dira irizpide hauek:
garraioaren baldintzak hobetzeko komenigarria eta beharrezkoa izatea; kasuan
kasuko inguruan dauden zirkulazio eta trafikoa; beste operadore eta garraiobide
batzuekiko lotura, eta gizarteari ekarriko dion onura, baldin eta geltokiaren
eraikuntza edo ustiapena diru publikoarekin ordaindu behar bada, zati batean
bada ere.
45. Artikulua - Ekimena eta ustiatzea
1.- Geltokiak jartzeko ekimena tokian tokiko udalari dagokio. Ofizioz
edo interesatuek eskaturik helduko dio ekimen horri, betiere aurreko artikuluan
araututako aldez aurreko baimena lortu ondoren.
2.- Gehienetan, udalek eraikiko eta ustiatuko dituzte geltokiak,
zeharkako kudeaketa erabilita, hau da, erregelamenduz ezarritako irizpide eta
arauei jarraituz administrazio-emakida erakunde edo enpresa interesatuei
lehiaketaren bidez esleituta. Ekimena sustatu duen eskari-egile partikularraren
aldeko lehentasunezko baldintzak ere jar daitezke, batez ere geltokia bere gain
eta galordean eta inolako diru-laguntza publikorik gabe eraikitzeko eta ustiatzeko
hitza ematen badu.
3.- Arrazoi ekonomiko edo sozialak direla medio, ez bada aurreko
puntuan aurreikusitako zeharkako kudeaketaren prozedura hori erabiltzen, edo
lehiaketa hutsik geratu bada, udalek zuzenean eraiki edo ustiatu ahal izango
dituzte geltokiak.
Eusko Jaurlaritzak eta, hala badagokio, beste administrazio
batzuek autobus-geltokiak eraikitzeko eta/edo ustiatzeko finantza-ekarpenak
egin ahal izango dituzte. Hori horrela bada, ekarpenak egiten dituzten
erakundeek geltokiaren administrazio-kudeaketan parte hartu ahal izango dute
erregelamendu bidez zehazten den eran.
46. Artikulua - Geltokien kokalekua
1.- Geltokiak non egin erabakitzeko, geltoki horietaz baliatu behar
duten zerbitzuak ustiatzeko zer komeni den begiratzeaz gain, beste garraiobideekiko
koordinazioa ere kontuan hartuko da, diren lurrekoak, airekoak nahiz
itsasokoak, bai eta dena delako herriaren barruko garraiobideekikoa ere. Non
egin erabakitzeko, herriko hirigintzan, trafikoan, segurtasunean eta
ingurumenean zein eragin duen ere hartu beharko da kontuan.
2.- Geltoki guztiek egon behar dute herri barruko garraioekin
koordinaturik, baina herri handietako aldirietako zerbitzuak biltzen dituzten
geltokiek beti egon beharko dute hiri-komunikazioetako guneetatik hurbil,
ibilgailuz aldatzea eta trafiko-transferentziak errazago egite aldera.
47. Artikulua - Geltokiak erabiltzeko
araubidea
1.- Geltokiek izan behar dituzten ezaugarriak eta zerbitzu nagusiak
zein osagarriak erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta, betiere, legeetan ezarritako
segurtasun-baldintzak bete beharko dira, bai eta irisgarritasuna sustatzeko
arauak ere.
2.- Orobat, geltokiak erabiltzeko araubidea arautuko da, eta
garraio-mota baterako edo besterako nahitaez erabili beharrekoak ote diren ere
bai.
3.- Geltoki publikoak edo enpresa jakin baten instalazioak
erabiltzeagatik prezio edo tarifarik eskuratu behar bada, garraiolari eta
erabiltzaileei benetan ematen dizkieten zerbitzuen araberakoak izan beharko
dute prezio eta tarifa horiek.
X. KAPITULUA
TARIFEN ARAUBIDEA
48. Artikulua - Tarifak
1.- Lege honetan arauturik dauden garraio publikoko zerbitzuak eta
jarduera lagungarriak eta osagarriak eskaintzen dituzten enpresek erabateko
finantza-autonomiaz ustiatuko dituzte zerbitzu horiek, eta bere gain eta
galordean kudeatuko dituzte, eta administrazio-emakidaren bitartez eskaintzen
diren garraio publikoko zerbitzuetan, administrazio-kontratazioetarako
xedapenak aplikatuko dira.
2.- Eskumena duen administrazioak, 4. artikuluan xedatutakoaren
arabera, garraio publikoetarako eta jarduera lagungarri eta osagarrietarako
tarifak ezarri ahal izango ditu, nahitaezkoak nahiz erreferentziakoak.
3.- Aurreko paragrafoan aipatutako nahitaezko tarifa horiek
jartzekotan, garraioa ondo antolatzeko behar du izan, hau da, beharrizan hauei
erantzuteko: erabiltzaileak eta/edo garraiolariak babesteko,
garraio-zerbitzuari edo garraio-jarduerei eutsi eta jarraitasuna emateko edo
zerbitzu edo lan horiek baldintza egokietan egin ahal izateko.
4.- Tarifak batzuetan kopuru bakar bat izango dira, edo gehienezko
kopuru bat, edo gutxieneko bat, edo bietako kopuruak. Tarifarik ez baldin
badago, betiko prezioetan edo merkatuko prezioetan egingo da kontratazioa.
5.- Zerbitzuaren kostu guztiak ordaintzeko eta arrazoizko hainbesteko
bat irabazteko adinakoa izango da tarifa. Segurtasuna eta kalitatea sustatzeari
begira taxutuko da haren egitura.
6.- Administrazioak berrikusiko ditu tarifak, banan-banan nahiz
orokorki. Batzuetan bere kabuz berrikusiko ditu, beste batzuetan emakida edo
baimena jaso dutenen edo, halakorik baldin badago, profesionalen edo
erabiltzaileen elkarteen eskariz, eta kostuen aldaketek zerbitzu edo
jardueraren oreka ekonomikoa aldarazi dutenean izango da berrikuste hori egin
beharrekoa.
Erabilera orokorreko zerbitzu
publiko erregular iraunkorretan, tarifak berrikusteko arauak ezar ditzake
Administrazioak, eta faktore objektiboak ez ezik emakida bakoitzaren
produktibitatea ere kontuan hartuko dituzte arau horiek.
7.- Baldin eta garraioen prezioa, politika ekonomikoko arrazoiengatik,
prezioen araudi orokorrean zehaztutako esku-hartze moduren baten barruan
badago, tarifak finkatzeko eskumena duen organoak prezio-kontrolerako eskumena
duten organoei aurkeztu beharko die tarifak ezarri edo aldatzeko asmoa.
49. Artikulua - Araubide berezia
1.- Administrazioak zerbitzu publikoko hainbat betebehar ezar diezaieke
bidaiari-zerbitzu erregularren enpresa titularrei, horretarako arrazoi sozialik
egonez gero; zerbitzu publikoko betebeharrak dira enpresak merkataritzako
interes soilari begiratuz gero bere gain hartuko ez lituzkeenak, edo neurri eta
baldintza beretan hartuko ez lituzkeenak.
2.- Enpresei zerbitzu publikoko betebeharrak ezarriz gero, den tarifak
jaitsaraztea edo tarifetan hobariak sarraraztea, den ekonomiaren aldetik
arrazoizkoak ez diren zerbitzuak emanarazi edo jarduerak eginaraztea,
Administrazioak betebehar horien kostuarengatik ordain bat eman beharko die
enpresei, non eta titulu gaitzailean bertan ez den berariaz ezartzen betebehar
hori ezingo dela tarifez besteko diru-ekarpenekin ordaindu.
XI.
KAPITULUA
IKUSKAPEN
ETA KONTROL ARAUBIDEA
50. Artikulua - Ikuskapen-araubidea
1.- Eskumena duten administrazio-organoek ikuskatuko dituzte lege
honetan araututako zerbitzuak, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ikuskatze-lanak egiten dituzten funtzionarioak, ikuskatze-lan horietan ari
direla, agintari publiko izango dira ondorio guztietarako, eta erabateko
beregaintasuna izango dute beren jardunean.
2.- Ikuskatze-lanak egiteko ardura dutenek agiri bat eramango dute
ardura hori egiaztatzeko. Lanean ari direla, inork agiri hori erakusteko
eskatuz gero, erakutsi egin behar dute.
3.- Garraiolari eta gidariek, errepideko bidaiari-garraioan edo
horrekin zerikusia duten jardueretan dabiltzan enpresen titularrek,
erabiltzaileek eta, oro har, lege honetan araututako zerbitzuak eskaintzen
parte hartzen dutenek edo legeko aginduen eraginpean daudenek ikuskaritza-lana
egin behar dutenei ibilgailuak eta instalazioak eta nahitaezkoak diren agiriak
ikusten uzteko betebeharra daukate.
Betebehar hori, dena den, kudeaketa, kontrol edo estatistika liburu eta dokumentu guztiekin litzateke bete beharrekoa, liburu eta dokumentu horiek lehen aipatutako subjektuei aplikatu beharreko araubide ekonomiko, fiskal, sozial eta laboralak zein ingurumenekoak hala aginduta nahitaez bete edo eraman beharrekoak direnean.
Hartarako,
ikuskatze-lana egin behar duenak bere lana ondoen egiteko beharrezko
dokumentazioa enpresan bertan eskatu ahal izango du; bestela, dokumentazio hori
dagozkion bulego publikoetan aurkezteko eskatzea izango du, baita, kasua hori
bada, enpresaburua edo haren ordezkaria bulego publikoetara ager dadila ere,
administrazio-prozedurako legeetan ezarria dagoen eran agertu ere, hori egiteko
eskatzen zaionean.
Eta erabiltzaileak, berriz,
nor diren adierazteko betebeharra daukate, ikuskatzaileek hala egiteko eskatuz
gero.
4.- Garraioa zaintzeko ardura duten organoen laguntza ere izango dute ikuskatzaileek.
Ikuskaritza-lana eta zaintza-lana koordinatu egin beharko dira.
5.- Ikuskaritzako zerbitzuen aktetan eta txostenetan jasotako egitateek
froga-balioa izango dute. Horrek ez du esan nahi administratuek, beren eskubide
eta interesak babeste aldera, beste frogarik erakutsi edo aurkeztu ezin
dutenik.
51. Artikulua - Kontroleko agiriak
1.- Lege honetan jasota dauden zerbitzu eta jardueretan aritzen direnek
erregelamenduz zehaztutako administrazio-kontroleko agiriak bete beharko
dituzte eta, hala balegokio, lanean ari direla ibilgailuan eraman beharko
dituzte. Eta zehaztuko diren administrazio eta estatistika agiriak bete beharko
dituzte eta enpresaren egoitzan gorde; alegia, eskainitako zerbitzu, bildutako
tarifa, garraiatutako bidaiari-kopuru, jasotako erreklamazio-kopuru eta
segurtasunarekin zerikusia duen arazo edo gorabehera ororen gaineko datuak
biltzen dituzten administrazio edo estatistika agiriak.
2.- Kontabilitatearen ondorioetarako, berriz, erabilera orokorreko
bidaiari-garraio publiko erregularreko emakida edo baimenen titular diren
enpresek jarduera bereizi gisa tratatu beharko du emakida edo baimen horietako
bakoitza, kontabilitateko atal berezi modura kudeatuz, dabiltzan beste edozein
jardueratatik bereiz, den bidaiarien garraioarekin zerikusia duen jarduera edo
ez.
XII. KAPITULUA
ERREPIDEKO GARRAIOEN ETA HAIEN
JARDUERA LAGUNGARRI ETA OSAGARRIEN ZEHAPEN ETA KONTROL ARAUBIDEA
52. Artikulua - Erantzukizuna
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko
Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoarekin bat, hona
hemen, lege honetan zehazturik, nork duen arau-hausteen
administrazio-erantzukizuna:
a) Administrazioaren emakida edo
baimenaren pean dauden garraio edo jardueretan egindako arau-hausteetan,
emakidaren edo baimenaren titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa izango
da erantzule.
b) Aginduzko
administrazio-titulu gaitzailerik gabe egindako garraio edo jardueretan
egindako arau-hausteetan, edo halako titulurik behar ez duten garraio edo jardueretan
egindakoetan, ibilgailuaren jabe den pertsona fisiko edo juridikoa, edo
ibilgailua errentan hartu duena, edo jarduera lagungarri edo osagarriaren
titularra dena izango da erantzule.
Idatz-zati honetan aurreikusitako ondorioetarako, dena delako garraio
edo jarduera ezkutukoaren titular direla joko da: garraio edo jarduera hori
gauzatzen duen -bere izenean, gauzatu ere- pertsona fisiko edo juridikoa,
garraio edo jarduera hori antolatzen duena edo dagokion enpresa-erantzukizuna
bere gain hartzen duena, eta, soldatapeko edo menpeko langile izan gabe,
garraio edo jarduera horretan laguntzen duen edonor.
c) Erabiltzaileek eta,
orokorrean, aurreko idatz-zatietan sartuta egon gabe, lege honen eraginpean dauden
jardueretan aritzen diren beste batzuek egindako arau-hausteetan, hautsitako
agindua bete behar zuen pertsona fisikoa edo juridikoa, edo, kasuan kasuko
arauek erantzukizun hori nori egozten dioten, huraxe izango da erantzule.
2.- Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako pertsona fisiko edo
juridikoei eskatuko zaie administrazio-erantzukizuna, eta berdin dio
erantzukizun hori dakarten dena delako egite edo ez-egiteak eurek edo enpresako
langileek egin dituzten. Hala ere, arau-hauste diren egite edo ez-egite horien
gauzatzea nortzuei egotz dakiekeen, bidezko deritzeten akzioak erabili ahal
izango dituzte haien aurka.
3.- Hautsitako aginduak berberak edo antzekoak izanagatik ere,
arau-hausteak bidaldi ezberdinetan egin badira, bakoitza arau-hauste bat dela
joko da.
Hala ere, baldin eta
erabilera orokorreko nahiz bereziko garraio-zerbitzu erregular bateko bidaldi
batean egindako arau-haustearen egitateek zerikusi zuzena badute enpresaren
bulegoetako administrazio-jarduerekin edo erabilitako ibilgailuarekin, eta
frogatuta gelditzen bada egitate horiek ezin zirela zuzendu ibilgailua abiatu
zen enpresa-egoitzara iritsi arte, egitate horiek arau-hauste bakarra osatzen
dutela joko da, nahiz eta bitarte horretan egindako gainerako bidaldi
partzialetan egitate horiek gertatzen jarraitu izan.
53. Artikulua - Arau-hausteen
definizioa eta sailkapena
Arau-hauste
administratibo izango dira erantzuleen egite eta ez-egite lege honen arabera
tipifikatu eta zehatutakoak.
Errepideko
bidaiari-garraioa arautzen duten arauen hausteak honela daude sailkatuta: oso
larriak, larriak eta arinak.
54. Artikulua - Arau-hauste oso
larriak
Arau-hauste
oso larriak dira:
1.- Emakida edo baimena beharrezkoa izanik, garraio publikoak edo lan horietarako
jarduera lagungarri edo osagarrietakoren bat emakida edo baimen hori gabe
egitea.
Lege honetan arauturiko
emakida edo baimen berezietakoren bat eta, aldi berean, eskatu ahalako
garraio-lanetarako baimena ere behar izanez gero zerbitzuren bat eskaintzeko,
eta bi horietako edozein eduki ezean, halako zerbitzu-eskaintza ere paragrafo
honetan tipifikatutako arau-hausteen artean egongo da.
Kalifikazioa zuzen egite
aldera, egitate hauek paragrafo honetan sartzen direla joko da:
a) Berariaz baimenduta duten
baino urrunago doazen garraio publikoko zerbitzuak eskaintzea; Euskal Autonomia
Erkidego barruan behar du izan.
b) Erregelamenduak agindutako
bisatua egin ez duela-eta, baimenik gabe egitea garraio publikoak edo horien
jarduera lagungarri eta osagarrietakoren bat, non eta ez den arau-hauste
arintzat jo behar, 56.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.
c) Bidaiarien garraio-zerbitzu
erregularrak antolatzea, ezartzea edo egitea, dagokion emakida edo baimen
bereziaren titular izan gabe. Berdin dio zerbitzu horiek norberaren edo beste
inoren baliabideak erabilita eskaintzen diren eta berdin dio eskatu ahalako
garraioetarako baimena edukita ere.
d) Bidaiarien garraio-zerbitzu
erregularrak ematea, dagokion aginduzko emakida edo baimen berezirik izan gabe.
Berdin dio dena delako enpresa horrek berak erabiltzaileekin kontraturik egiten
ez badu ere eta garraioa antolatzen duenaren zuzendaritzapean jardun besterik
egiten ez badu ere.
e) Erabilera bereziko garraio
erregular batean, baimenean berariaz zehazten direnez bestelako pertsona edo
taldeak garraiatzea.
f) Garraio pribatu osagarriko
baimenen babesean, 2.1 eta 39. artikuluetan berariaz arauturiko
baldintzetakoren bat bete gabe ematea zerbitzuak.
g) Eskatu ahalako
garraioetarako baimenen babes soilarekin, eta berariaz baimendutako kasuetatik
at edo agindutako baldintzak bete gabe, banakakoei kobratzen zaizkien
zerbitzuak, ibilbide errepikatua duten zerbitzuak edo zerbitzu turistikoak
egitea.
h) Ibilgailuan baimenaren
jatorrizko kopia ziurtatua eraman gabe egitea garraio publikoa, edo garraioa
legezkoa den kontrolatzeko beharrezkoak diren ziurtagiriak eraman gabe egitea,
baimena ematerakoan garraioa zein ibilgailutan egin behar den zehaztu ez bazen
i) Garraio publikoak baimenik
gabe egitea, nahiz eta ibilgailuan hauetakoren bat eraman: iraungitako baimena
edo haren kopia, edo ezeztatutako baimena, edo beste edozein arrazoirengatik
balioa galdua duena, edo Administrazioari itzulita egon behar zuena legez nahiz
erregelamenduz ezarritako arauei jarraiki.
j) Garraio publiko bat egitea,
garraio horretarako ez beste era bateko garraio batzuetarako gaitasuna ematen
duen baimenarekin.
Paragrafo honetan
zehaztutako arau-haustea ez da aintzakotzat hartuko artikulu honetako 2 eta 3.
paragrafoetan zehaztutako arau-hausteekin batera gertatzen bada.
2.- Lege honetako 10. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat bete
gabe egitea garraio publikoa edo haren jarduera lagungarri edo osagarrietakoren
bat.
3.- Lege honetako 12.2 artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat bete
gabe egitea garraio publikoa edo haren jarduera lagungarri edo osagarrietakoren
bat.
4.- Titularrek titulu gaitzaileak beste norbaiti lagatzea edo beste
inoren alde baimentzea, esanda nahiz esan gabe.
5.- Erregelamenduz zehaztutako aldi batez, bidaiari-garraio
erregularreko emakidak bertan behera uztea edo emakida horietako zerbitzuak
geldirik uztea arrazoirik gabe eta Administrazioak oniritzia eman gabe.
6.- Ikuskatzaileen lanari ezezkoa erantzutea edo trabak jartzea, eta,
horrenbestez, legez edo erregelamendu bidez agindu zaizkien zereginak osorik
edo zatiren batean bete ezinik uztea ikuskatzaile horiek, eta garraioko
ikuskatzaileek edo garraioa zaintzeko ardura legez emana dutenek adierazitako
jarraibideei edo egindako eskariei batere kasurik ez egitea edo neurri batean
bakarrik egitea.
7.- Ibilgailuak gerarazteko edo ibilgailuak eta lokalak zigilatzeko
aginduak urratzea edo 58.9 artikuluan zehaztutako eran Administrazioak egindako
errekerimenduei kasurik ez egitea.
8.- Garraioak edo haien jarduera lagungarri edo osagarriren bat egiteko
gaitzen duten administrazio-tituluak faltsifikatzea, edo titulu horietan agertu
behar duten datuetakoren bat faltsifikatzea.
Erantzukizuna, halakoetan,
hauena izango da: bai titulua faltsifikatu edo faltsifikatzen nahiz
merkaturatzen lagundu dutenena bai baimenik gabeko garraio edo jarduerak
zuritzeko erabili dutenena.
9.- Administrazioak eskari-egileari eman beharreko edozein titulu,
egiaztagiri edo agiritarako aurkeztu behar diren agiriak faltsifikatzea, edo
agiri horietan agertu behar duten datuetako edozein faltsifikatzea.
10.- Gidatzen emandako denbora eta atsedenean emandako denbora
kontrolatzeko tresnan edo tresna horren osagaietakoren batean, edo abiadura-mugatzailean
edo ibilgailuan nahitaez instalaturik eraman behar diren kontroleko beste
tresna edo baliabide batzuetan eskua sartzea, horien ohiko funtzionamendua
aldatzeko, edo, dena delako kontroleko tresna behar bezala ibil ez dadin edo
haren neurketak aldatzearren, elementu mekaniko, elektroniko edo beste
edonolakoren bat instalatzea; berdin izango dio ikuskapena egiten den unean
batzuk eta besteak martxan dauden edo ez.
Erantzukizuna, halakoetan,
hauena izango da: hala dena delako tresna horretan eskua sartu dutenena edo
esku-sartze horretan, instalatzen edo merkaturatzen lagundu dutenena nola bere
ibilgailuetan instalaturik daramatzan garraio-enpresarena.
11.- Ondoren aipatzen diren hauetakoren bat ez edukitzea: gidatzen
emandako denbora eta atsedenean emandako denbora kontrolatzeko tresna,
abiadura-mugatzailea, tresna horien osagaietakoren bat edo ibilgailuan
instalaturik nahitaez eraman beharreko kontroleko beste tresna edo baliabide
batzuk.
12.- Erregistroko orriak, gidari-txartelak edo ibilgailuan nahitaez
eraman beharreko kontroleko beste elementu edo baliabide batzuk faltsifikatzea;
orobat, halakoen edukietan gezurra jartzea edo erregistroko orrian edo
gidari-txartelean nahitaez aipatu beharrekoak aldatzea.
Erantzukizuna, halakoetan, hauena
izango da: hala faltsifikazioa egin dutenena edo faltsifikazioa egiten, gezurra
jartzen edo merkaturatzen lagundu dutenena nola ibilgailuan erabili dituen
garraiolariarena.
13.- Enpresak nahitaez eraman behar duen kontularitzako, estatistikako
edo kontroleko edozein agiri faltsifikatzea edo agiri horietako datuak
faltsifikatzea.
14.- Erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularra egitea,
honako gorabeheraren bat tartean dela:
a) Emakida jaso zuen enpresak
berak ez ematea zerbitzua, berariaz baimendutako lankidetza-kasuetan izan ezik.
b) Ezarritako trafiko,
ibilbide, bidaldi edo geralekuak ez errespetatzea, non eta hori ez den emakida
bertan behera uztea, artikulu honetako 5. zenbakian zehaztutako moduan.
c) Baten bati txartelik saldu nahi
ez izatea edo erosita duenari ibilgailuan sartzen ez uztea, batez ere
mugikortasun urria duten pertsonei, baldin eta horretarako legez edo
erregelamenduz ezarritako arrazoirik ez badago.
d) Zerbitzua egitea bidaian
zehar bidaiariak ibilgailu batetik bestera igaroaraziz arrazoirik gabe.
e) Tarifa-araubidea ez
betetzea.
15.- Erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrak egitea,
honako gorabeheraren bat tartean dela:
a) Eskola-ume eta adingabeen
erabilera bereziko garraioetan, adindun pertsona egoki bat ez izatea -eta ezin
da gidariak izan-, adingabeak zaintzeko, eskola-umeen eta adingabeen
garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko arauetan xedatutakoaren arabera.
b) Eskola-ume eta adingabeen
erabilera bereziko garraioetan, adingabe bakoitzak bere lekua edo eserlekua ez
izatea, eta ateen ondoan behar beste eserleku ez gordetzea mugikortasun urriko
pertsonentzat.
c) Errepideko bidaiari-garraio
erregular eta erabilera berezikoa egitea dagokion baimenean ezinbestekotzat
jotako baldintzetako edozein bete gabe, non eta arau-hauste hori ez dagoen
berariaz beste era batera tipifikaturik lege honetan.
16.- Eskatu ahalako garraioak egitea, honako baldintza hauek bete gabe:
a) Zerbitzuak ustiatzeko
orduan, baimenaren titularrak beregaintasuna izatea, hala ekonomikoa nola
zuzendaritzakoa, eta garraioa arriskua bere gain eta galordean kudeatu behar
du, bere enpresa-antolakundeko bertako langile eta baliabideak erabiliz.
b) Garraio-baimenaren
titularrak garraiatzaile-zeregina bere gain hartu beharra baimen horren
babespean egiten dituen garraio-kontratu guztietan.
17.- Gidatzeko gehienezko denbora-muga edo etenik gabe gidatzeko
gehienezko denbora-muga gainditzea, ehuneko berrogeita hamar baino hein handiagoz,
edo atsedenetarako gutxieneko denbora-muga ehuneko hori baino gehiago
laburtzea.
18.- Dagokion erregistro-orria edo gidari-txartela ez eramatea
gidatze-denbora eta atseden-denbora kontrolatzeko tresnan sartuta, hori
nahitaezkoa denean; erregistro-orria gidariaren izen-abizenak zehaztu gabe
eramatea, edo beste gidari bati dagozkion erregistro-orriak edo txartelak
eramatea sarturik.
19.- Arloko legeriaren arabera aginduzkoak diren aseguruak ez
hitzartzea.
20.- Gidatze-denbora eta atseden-denbora kontrolatzeko tresnako
erregistro-orriak, ibilgailuan nahitaez eraman beharrekoak, ez edukitzea.
Arau-hauste honetan egongo
da sartuta, orobat, takografoa apurtuta dagoenean gidariak eskuz sartu behar
dituen bere jardueraren gaineko datuak ez sartzea.
55. Artikulua - Arau-hauste larriak
Arau-hauste
larriak dira:
1.- Errepideko bidaiari-garraio publiko erregular eta erabilera
orokorrekoa egitea, tartean gorabehera hauetakoren bat dela:
a) Eskura eduki beharreko
gutxieneko ibilgailu-kopurua ez edukitzea, edo ibilgailu horiek ez betetzea
emakida-tituluan eskatzen diren baldintzak.
b) Emakida lortu duenak ez
betetzea emakidako tituluan jasota dauden eta hitzeman ere berak hitzeman
zituen zerbitzu osagarriak.
c) Nahitaezkoa den kasuetan eta
ezarritako mugen barruan bidaiarien fardelak doan eramateko betebeharra ez
betetzea.
d) Emakida-tituluan
baimendutakoa baino eserleku gehiago saltzea ibilgailu bakoitzeko.
e) Errepideko bidaiari-garraio publiko
erregular eta erabilera orokorrekoa egitea emakidan edo baimen berezian
ezinbestekotzat zehazturiko baldintzetako edozein bete gabe, non eta
arau-hauste hori ez den berariaz beste era batera tipifikatu lege honetan
bertan.
2.- Garraio-baimen bat iraungitzen denean, ezeztatzen denean, edo legez
edo erregelamenduz ezarritako beste arrazoiren bat gertatzen denean, baimen
hori berori edo haren kopia bat edo guztiak Administrazioari itzultzeko
betebeharra ez betetzea; betiere, dena delako agiri horrek baliozkoa den itxura
eduki behar du.
3.- Gidaldiak eta atsedenaldiak kontrolatzeko aparatua,
abiadura-mugatzailea nahiz horien osagaiak edo ibilgailuan nahitaez eraman
beharreko beste kontrol tresna edo bitarteko batzuk ez ibiltzea behar bezala
eta hori garraio-enpresari egoztekoa izatea, non eta arau-hauste hori ez den
oso larritzat kalifikatu behar 54.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.- Gidatzen edo etenik gabe gidatzen eman daitezkeen gehienezko
denborak gainditzea ehuneko hogei baino hein handiagoan, eta ezarritako
atsedenaldien denbora ehuneko hori baino hein handiagoan laburtzea, non eta
gainditze eta laburtze horiek ez diren jo behar arau-hauste oso larritzat 54.18
artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.- Lanaldi baten baino gehiagotan erregistro-orri berbera
erabiltzeagatik erregistroak elkarren gainean pilatzea eta, horren ondorioz,
datuak irakurtzeko modurik ez egotea.
6.- Gidariak gidaldien eta atsedenaldien denborak kontrolatzeko
orrietan edo erregistro-orrietan hainbat datu eskuz sartzeko betebeharra ez
betetzea, betebehar hori legez edo erregelamenduz ezarrita dagoen kasuetan,
betiere ez baldin bada arau-hauste hori oso larritzat jo behar lege honetako
54. artikuluko 19 eta 21. paragrafoetan ezarritakoaren arabera, edo arintzat
56.4 artikuluan aurreikusitako gorabeherak tartean direlako.
7.- Lanaldi bakar batean pertsona berak erregistro-orri bat baino
gehiago erabili izana atsedenaldiak eta gidaldiak kontrolatzeko aparatuan,
ibilgailua aldatu eta lehenbiziko ibilgailuaren aparatuan erabilitako
erregistro-orria bigarren ibilgailuan erabiltzeko homologatuta ez dagoenean
izan ezik.
8.- Ikuskaritza-zerbitzuen lana era larrian oztopatzea, non eta
arau-hauste hori ez den oso larritzat kalifikatu behar 54.6 artikuluan
ezarritakoaren arabera.
9.- Gidaldiak eta atsedenaldiak kontrolatzeko aparatuko
erregistro-orriak, enpresaren egoitzan Administrazioaren eskura gorde
beharrekoak, ez edukitzea.
10.- Garraio pribatu bat baimenik gabe egitea, lege honen arabera
baimena aginduzkoa denean, non eta arau-hauste hori ez den arintzat kalifikatu
behar 56.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Baimenik ez duela joko da
erregelamenduak agintzen duen bisatua egin ez bada, are 60.4 artikuluan
araututakoagatik gertatzen bada ere.
11.- Garraio-zerbitzu publikoak bitartekaritzan aritzeko baimenik ez
duten pertsona fisiko edo juridikoen bitartez egitea. Zernahi gisaz ere,
horrela jarduten den bitartekariari zehapena ezarri ahal izango zaio 54.1
artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
12.- Baimenik gabeko bitartekaritza-jardueretarako elkar hartzea edo
lokal edo establezimendu publikoetan -dena dela leku horien helburua- baimenik
gabeko bidaiarien garraio-zerbitzuetarako txartelak saltzeko elkar hartzea.
Lokal hori atxikita dagoen industria edo zerbitzuaren titularrarena izango da
erantzukizuna.
13.- Baimenik gabeko bidaiarien garraio-zerbitzuetarako bidaia-txartelak
saltzea eta, oro har, baimenik gabeko zerbitzu edo jardueren inguruan
bitartekaritzan aritzea; zernahi gisaz ere, arau-hauste hori oso larritzat jo
ahal izango da 54.1 artikuluaren arabera, arau-hausleak
bitartekaritza-jardueretarako titulu gaitzailerik ez badauka.
14.- Ezarritako egutegia bete gabe jardutea errepideko bidaiari-garraio
publiko erregular eta erabilera orokorrekoan.
15.- Erregelamenduz ezarritako tarifa-araubidea ez betetzea, non eta ez
den arau-hauste oso larritzat kalifikatu behar 54.15.e) artikuluan
ezarritakoaren arabera, erabilera orokorreko garraio publiko erregular bat
izateagatik.
16.- Bidaiarien garraio-zerbitzu publiko erregular eta erabilera
orokorrekoen linea-buruetan hamabost minutu baino gehiagoko atzerapenak
gertatzea behin eta berriro, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.
17.- Nahitaez bete behar diren kontrol, estatistika edo kontabilitate
agirietan, ezinbestekoak diren datuak edo tramiteak falta izatea, agiri horiek
ezkutatzea edo behar bezala ez gordetzea, edota horien edukia Administrazioari
jakinarazteko betebeharra ez betetzea nahiz eginbehar horretan atzeratzea,
erregelamenduak horren inguruan xedatutakoa bete gabe; betiere, arau-hauste
hori ez bada oso larritzat jo behar 54. artikuluko 6, 14, 19 edo 21.
paragrafoetan xedatutakoaren arabera.
Betiere, paragrafo honetan
egongo da sartuta erreklamazio-orriak ez edukitzea, edo erabiltzaileari horiek
ez ematea edo erabiltzeko trabak jartzea, edota Administrazioari erreklamazioak
ezkutatzea.
18.- Garraioa kontratatzea behar bezalako baimenik ez duten garraiolari
edo bitartekariekin.
19.- Autobus-geltokien emakida-titulu, baimen edo
ustiapen-erregelamenduetan ezarritako baldintzak ez betetzea.
20.- Irisgarritasuna sustatzeari eta oztopoak kentzeari buruz aplikatu
beharreko xedapenak betetzen ez dituzten ibilgailuetan ematea bidaiari-garraio
publikoko zerbitzuak mugikortasun urria duten pertsonei.
21.- Aurreko artikuluan aurreikusitako arau-hausteetako edozein, bere
izaera, gertatzeko era edo gorabeherengatik oso larritzat kalifikatu behar ez
denean; gorabehera horiek gertatu izana justifikatu egin beharko da, eta
dagokion ebazpena arrazoitu.
56. Artikulua - Arau-hauste arinak
Arau-hauste
arintzat joko dira:
1.- Lege honetako 16. artikuluan aipatutako erregistroan agertu
beharreko datu edo zehaztasunen bat jakinarazi ez izana, orobat datu edo zehaztasun
horiek beste arrazoiren batengatik jakinarazi behar bazaizkio Administrazioari,
erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
2.- Gidatzen edo etenik gabe gidatzen eman daitekeen gehienezko aldia
gainditzea, orobat ezarritako atsedenaldien denbora laburragotzea, non eta hori
ez den arau-hauste larri edo oso larritzat jo behar.
3.- Homologatu gabeko erregistro-orriak baliatzea, edo erabilitako
kontrol-tresnarako egoki ez direnak erabiltzea; orobat, epez igarotako
gidari-txartela erabiltzea.
4.- Gidatzen emandako denbora eta atsedenaldia kontrolatzeko tresnetan
edo erregistro-orrietan gidariak berak eskuz sartu beharreko datu edo oharrak
ez sartzea, betiere betebehar hori erregelamenduz ezarrita badago, eta,
dagozkion ohar eta datu horiek eskuz sartu ez arren, takografotik bertatik edo
aurreko eta ondoko erregistro-orrietatik datu eta ohar horiek nolakoak behar
zuten ateratzerik badago.
5.- Arauak aginduta erabiltzaileen aurrean nahitaez ikusgai jarri
beharrekoak diren errotulu edo ohartarazpenak ez edukitzea.
6.- Banaka ordaindutako jarlekua kontratatu duten bidaiarien herri
arteko garraioetan, bidaia-txartela emateko betebeharra ez betetzea,
bidaia-txartela nahitaezkoak diren datuak gabe ematea edota hura emateko edo
itzultzeko ezarritako arauak ez betetzea.
7.- Garraio publiko edo pribatuetan edo horien lagungarri edo osagarri
diren jardueretan aritzea horretarako aginduzko baimenik gabe; arau-hauste
arina izango da baldin eta zehapen-espedientearen hasiera jakinarazi eta
gehienez hamabost eguneko epearen barruan eskatu bada baimen hori, hura
eskuratzeko beharrezkoak diren eskakizun guztiak betetzen direla egiaztatuta.
8.- Garraio publikoan edo pribatuan jardutea, jarduera horretarako
legezko gaitasuna egiaztatzeko eta garraio-mota zehazteko eskatzen diren agiri
formalak ibilgailuan eraman gabe; betiere, arau-hauste hori larritzat edo oso
larritzat jotzekoa ez bada, lege honetako 54.1 eta 55.10 artikuluetan
xedatutakoaren arabera.
9.- Erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrean jardutea,
ezarritako ibilbideari jarraitu gabe edo ezarritako egutegi, ordutegi, bidaldi,
geraleku nahiz erabilera berezirako baimenean ezarritako eskakizunen bat
begiratu gabe.
10.- Bidaiarien garraioan, enpresako langileek garraioak erabiltzen dituzten
pertsonei begirunerik ez gordetzea, hitzez nahiz egitez.
11.- Eskola-garraioan nahiz adingabekoen garraioan, garraio-enpresa
kontratatu duen erakundeak ez eskatzea hari garraioen segurtasuna arautzen duten
arauei jarraituz eskatu beharrekoak diren agiri eta egiaztagiriak. Halaber,
ibilgailuak ikastetxean nola gelditu behar duten eta ikasleek ibilgailuetara
nola sartu eta horietatik nola irten behar duten ezartzen duten berariazko
betebeharrak ez betetzea, aplikatzekoa den araudian ezarritako eran. Garraioa
kontratatu duen erakundeak izango du horren erantzukizuna, edo
garraio-enpresak, baldin eta berak kontratatu badu bidaian laguntzeko pertsona.
12.- Errepideko bidaiari-garraio erregularrean jardutea, erabilera
orokor nahiz berezikoan, emakidaren tituluan edo baimen berezian nahitaezko ez
diren baldintzetako edozein bete gabe, betiere lege honek ez badu ez-betetze
hori beste nolabait tipifikatzen berariaz.
13.- Emandako baimenaren arabera ibilgailuak egin ahal dituen garraioen
izaera edo moten adierazgarri diren ezaugarri edo errotuluak, indarrean den
araudiak eskatutakoak, ez edukitzea, edo ibilgailuan ikusteko moduko lekuan ez
eramatea, edota nekez ikusteko eran eramatea; ezaugarri horiek era ezegokian
erabiltzea, edo baimenik gabeko lurralde-eremuari edo garraio-motari dagokion
ezaugarria eramatea ibilgailuan ikusgai.
14.- Garraio-erabiltzaileari, erregelamenduz zehaztutako kopuruaren
barruan, txanpon edo bileteen kanbiorik ez ematea.
15.- Erabiltzaileek ez betetzea zerbitzuaren erabileraren gainean 9.
artikuluan ezarritako arauak, betiere betebehar horiek aipatzen dituzten arauek
ez badituzte berariaz larritzat jotzen arau-hauste horiek.
16.- Garraioa inoren ibilgailuekin egitea, ibilgailu horiek erabili ahal
izateko legeak eskatzen dituen betekizunak bete gabe; edo, legeak horretarako
ezarritako kasuetatik kanpo edo legez ezarritako betekizunak bete gabe, beste
garraiolari batzuei errentan hartutako ibilgailua erabiltzea, edo haien
lankidetzaz baliatzea garraioa egiteko; betiere, arau-hauste hori, 54.
artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, oso larritzat jo behar ez
baldin bada. Berei dagozkien betebeharrak bete gabe lankidetza eskaintzen duten
enpresek ere arau-hauste berbera egingo dute.
17.- Aurreko artikuluetan aipatzen diren arau-hausteak, beren izaera,
jazotzeko era edo ezaugarriengatik larritzat jo behar ez direnean;
arau-hausteak ezaugarri horiek izan baditu, frogatu egin beharko da, eta
dagokion ebazpena arrazoitu egin beharko da.
57. Artikulua - Zehapenak
1.- Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteengatik ezarri
beharreko zehapenak mailakatu egingo dira ezaugarri hauen arabera:
arau-hausteak gizartean duen eragina, nahita egin den edo ez, eragindako
kalteen izaera, legez kontra ateratako onura zenbatekoa den eta arau-haustea
ohikoa den edo behin baino gehiagotan egin den. Arau eta kopuru-muga hauen
arabera ezarriko dira zehapenak:
a) Lege honetako 56. artikuluko
13, 14, 15 eta 16. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak ohartarazpenaren bidez
edo/eta 200 eurorainoko isunen bidez zehatuko dira.
b) Lege honetako 56. artikuluko
7, 8, 9, 10, 11 eta 12. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 201 eta 300 euro
arteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko a) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik
lege honetan zehaztutako oso larrien artekoa.
c) Lege honetako 56. artikuluko
1, 2, 3, 4, 5 eta 6. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 301 eta 400 euro
arteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko b) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunarekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik
lege honetan zehaztutako oso larrien artekoa.
d) Lege honetako 55. artikuluko
18, 19 eta 20. zenbakietan ezarritako arau-hausteak 401 eta 1.000 euro
bitarteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko c) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik
lege honetan zehaztutako oso larrien artekoa.
e) Lege honetako 55. artikuluko
9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16 eta 17. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak
1.001 eta 1.500 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko d) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik,
idatz-zati berean tipifikatutako larrietakoa edo lege honetan zehaztutako oso
larrietakoa.
f) Lege honetako 55. artikuluko
1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 1.501 eta
2.000 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko e) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik,
idatz-zati berean tipifikatutako larrietakoa edo lege honetan zehaztutako oso
larrietakoa.
g) Lege honetako 54. artikuluko
20. zenbakian zehaztutako arau-hausteak 2.001 eta 3.300 euro bitarteko isunen
bidez zehatuko dira.
Aurreko f) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteen barruan beste arau-hauste bat egin izateagatik,
idatz-zati berean tipifikatutako larrietakoa edo lege honetan zehaztutako oso
larrietakoa.
h) Lege honetako 54. artikuluko
14, 15, 16, 17, 18 eta 19. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 3.301 eta
4.600 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko g) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik,
lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.
i) Lege honetako 54. artikuluko
1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12 eta 13. zenbakietan zehaztutako
arau-hausteak 4.601 eta 6.000 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.
Aurreko h) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako
isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari,
administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio
lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik
lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.
j) Aurreko i) letran
adierazitako arau-hausteak 6.001 eta 18.000 euro arteko isunekin zehatuko dira,
baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen
ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi
hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik lege honetan zehaztutako
oso larrietakoa.
k) Lege honetako 55.21 eta 56.17
artikuluak aplikatu behar direnean, dagozkiekeen isunen zenbatekoak d), e) eta
f) eta a), b) eta c) idatz-zatietan ezarritako mugen artean izango dira,
hurrenez hurren.
2.- Dagozkion zehapenak ezartzeak ez du kenduko eragindako kalte eta
galerak ordaintzeko izan daitekeen obligazioa.
58. Artikulua - Neurri osagarriak
1.- Lege honetako 54. artikuluko 2. zenbakian ezarritako arau-haustea
eginez gero, arau-hausleari, dagokion isuna ezartzeaz gain, baliogabetu egingo
zaizkio eskuratuak zituen baimenak, bete ez dituen betekizun horiek betetzea
eskatzen zutenak.
2.- Lege honetako 54. artikuluaren 3. zenbakian ezarritako arau-haustea
eginez gero -12.2 artikuluan ezarritako betekizunak bete ezean egiten da
arau-hauste hori-, arau-hausleari, isuna ezartzeaz gain, baliogabetu egingo
zaizkio titular gisa dituen baimen eta kopia ziurtatuak; behar adina baimen
baliogabetuko zaizkio, hain zuzen ere, horiek eskuratu eta atxiki ahal izateko
betekizunak betetzearen eta baimenen kopuruaren artean erregelamenduak eskatuta
egon behar duen oreka berrezartzeko behar adina. Alabaina, dena delako
betekizuna ez betetze horren mailak arau-hauslearen garraio-jarduera osoaren
zati handi bati eragiten badio, bete gabe utzitako betekizun hori betetzea
eskatzen zuten baimen guzti-guztiak, titular gisa dituenak, baliogabetu egin
ahal izango zaizkio. Dena den, arau-hauste hori hamabi hilabetean bi aldiz
egiten bada, arau-hausleari, isuna ezartzeaz gain, baliogabetu egingo zaizkio
titular gisa dituen baimen guzti-guztiak.
3.- Lege honetako 54. artikuluaren 4. zenbakian ezarritako arau-haustea
eginez gero, dagokion isuna ezartzeaz gain, garraio-enpresari baliogabetu
egingo zaizkio Administrazioak emanda titular gisa dituen baimen eta kopia
ziurtatuak, erabilitako baimenaren mota berekoak diren kopia guzti-guztiak.
4.- Lege honetako 54. artikuluko 5. zenbakian ezarritako arau-haustea
eginez gero, dagokion isuna ezartzeaz gain, dena delako emakida iraungitzat
joko da, eta erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularrerako
emakida edo baimenen titular izateko gaitasunaz bost urterako gabetua izatea
ekarriko dio arau-hausleari. Horrez gain, gaitasunez gabetutako enpresak ezin
izango du eduki era horretako emakida edo baimenak eskuratu nahi dituen beste
enpresa batzuen kapitalean zatirik handiena.
5.- Lege honetako 54. artikuluaren 1 eta 8. zenbakietan zehaztutako
arau-hausteak eginez gero, dagokion isuna ezartzeaz gainera, garraiorako
erabilitako ibilgailuak zigilatu egin ahal izango dira, edo jarduera egin izan
den lokala itxi, kasu bietan ere gehienez urtebeterako; hala ere, soldatak edo bidezko
izan litezkeen kalte-ordainak ordaindu egin beharko dira, eta hori bermatzeko
neurriak hartu.
6.- Baldin eta lege honetako 54. artikuluko 10. zenbakian zehaztutako
arau-haustean baimena duten tailerrek esku hartu badute, dagokion isuna
ezartzeaz gain, eskumena duen erakundeari baimen horiek kentzeko eskatuko zaio.
7.- Baldin eta zehapen-ebazpenean irizten bazaio 54. artikuluaren 14
eta 15. zenbakietan zehaztutako betekizunak behin eta berriro utzi direla bete
gabe, ebazpen horretan, lege honen arabera dagozkiokeen isunak ezartzeaz gain,
beste hau ere erabaki daiteke: dena delako emakida edo baimen berezia
iraungitzat jotzea, eta fiantza galdutzat ematea; hala ere, soldatak ordaindu
egin beharko dira, bai eta dagozkiokeen kalte-ordainak ere. Era berean,
zehapen-ebazpen batean irizten bazaio 54. artikuluaren 16. zenbakian
zehaztutako betekizunak behin eta berriro utzi direla bete gabe, arau-hausleari
baliogabetu egingo zaizkio titular gisa dituen baimen guztiak.
Paragrafo honetan
zehaztutako ondorioetarako, honako kasuetan joko da ezbetetzea behin eta
berriro gertatu dela: administrazio-bidea amaitzen duten ebazpenen bidez, dena
delako garraio-enpresari, urtebeteko epearen barruan, zehapenak ezarri
zaizkionean, 54. artikuluko 14, 15 eta 16. zenbakietan ezarritakoa hautsiz hiru
arau-hauste oso larri edo gehiago egin izateagatik.
8.- Baldin eta inork, urtebeteko epearen barruan, 54. artikuluko 1, 2,
3, 4 eta 5. zenbakietan zehaztutako arau-hausteen arteko bi edo gehiago egiten
baditu, garraio-jarduerarako edo garraioaren jarduera osagarri eta
lagungarrietarako baimen edo emakida ororen titular izateko gaitasunaz gabetua
izango da, eta orobat horrelako baimen eta emakiden titular diren enpresen
administrazio-kontseilu edo pareko organoetan parte hartzeko gaitasunaz.
Gaitasunez gabetuta egongo den aldi horretan, gaitasunez gabetuak ezingo dio
bere lanbide-jakitatea eskaini garraioan edo garraioaren jarduera lagungarri
edo osagarrietan aritzen den ezein enpresari.
Gaitasun-gabetze horren
ondorioz, iraungi egingo dira araua hautsi duen enpresak titular gisa dituen
emakidak, eta baimenak baliorik gabe geldituko, betiko.
Artikulu honetan aipatutako
berrerortze hori gertatzekotan, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez
ezarriak behar dute izan berortzeari buruz aintzat hartutako zehapenek.
Gaitasunez gabetua egoteko aldia ebazpen irmo horietako azkena eman eta
hurrengo egunetik hasiko da neurtzen.
9.- Baldin eta 54. artikuluko 10 eta 11. zenbakietan edo 55. artikuluko
1.a), 1.b) eta 3. zenbakietan tipifikatutako arau-hausteetakoren bat egin dela
jakiten bada, zehapen-espedientearen jakinarazpenarekin batera errekerimendu
bat egingo zaio jarduera horretan titular gisa ari denari, hilabeteko epearen
barruan dena delako arau-haustea eragin duen akatsa zuzen dezan; zuzentzen ez
badu, beste zehapen-espediente bati ekingo zaio 54. artikuluaren 7. zenbakian
tipifikatutako arau-haustea egiteagatik, eta aurreko espedientetik bereiz
izapidetuko da.
59. Artikulua - Preskripzioa
1.- Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan dute preskripzioa,
larriek bi urteren buruan eta arinek urtebeteren buruan.
2.- Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urteren
buruan dute preskripzioa, arau-hauste larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan,
eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebeteren buruan.
3.- Hala arau-hausteen nola ezarritako zehapenen preskripzio-epea
neurtzeari dagokionez, bai eta epea eten eta berriz hasteari dagokionez ere,
otsailaren 20ko 2/1998 Legeak agindutakoari jarraituko zaio.
60. Artikulua - Eskumena eta
prozedura
1.- Lege honetan zehaztutako
zehapenak horretarako eskumena duten administrazio-organoek ezarriko dituzte,
4. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Edozelan ere, baimena eman
zuen Administrazioak berak ezarriko du baimena kentzeko zehapena.
2.- Lege honetan aipatutako zehapenak ezarri eta betearazteko prozedura
otsailaren 28ko 2/1998 Legean xedatutakoaren araberakoa izango da.
Baldin eta 54. artikuluko
1, 4, 6, 8 eta 10. paragrafoetan ezarritakoaren arabera salatu beharreko
arau-hausteetakoren bat antzematen bada errepidean gertatzen ari delarik,
edota, gidaldiaren muga 54. artikuluko 17. paragrafoan, 55. artikuluko 4.
paragrafoan edo 56. artikuluko 2. paragrafoan tipifikatutako eran gainditu dela
antzematen bada, hiru horietako azken kasuan ibilgailua helburura iristeko 30
kilometro baino bide luzeagoa gelditzen delarik, kasu horietan, berehala
gerarazi egin beharko da ibilgailua arau-haustea eragin duten arrazoiak ezabatu
bitartean, segurtasunagatik komeni ez denean izan ezik. Horretarako, lurreko
garraioko ikuskatzaileek edo garraio hori zaintzeko eginkizuna legez emana
duten eta esku hartzen duten indarretako agenteek ibilgailuaren agiriak eta
dagokion baimena hartu eta atxiki egingo dituzte, ibilgailua gerarazi beharra
eragin zuten hutsegiteak zuzendu bitartean; dena dela, garraio-enpresarena
berarena izango da ibilgailua eta ibilgailuaren gauzak zaintzeko erantzukizuna.
Berdin jokatuko da esku
hartzen duen ikuskaritzak garraioaldian gidaldien eta atsedenaldien denbora
kontrolatzeko tresnan erabilitako erregistro-orria hartu eta enpresak haren
ordezko bat ibilgailuan eramateko betebeharra bete ez badu.
Era berean, errepidean
arau-hauste diren jokabideak antzematen direnean eta jokabide horiek
segurtasunerako arriskua eragin dezaketenean, gerarazi egin ahal izango da
ibilgailua.
Ibilgailua gerarazten
denean, Administrazioak bidaiariei ahalik eta eragozpen gutxien jasanarazteko
beharrezkoak diren neurriak har ditzake, baldin eta gerarazitako ibilgailuaren
jabe den garraio-enpresak hartu ez baditu. Neurri horiek eragindako gastuak
garraio-enpresaren kontura izango dira beti.
3.- Arau-hausteetan kapitulu honetan aipatutako berrerortze eta
ohikotasun kasuak gertatzen direnetz egiaztatze aldera, lege honetan
tipifikatutako arau-hausteengatik hasitako zehapen-prozedura orotan,
Garraiolarien Erregistroan galdetu beharko da, lehenago bererrortzea edo
ohikotasuna eragin dezakeen zehapenik ezarri denetz jakiteko.
Lege honetan ezarritako arau-hausteak
zehatzeko eskumena duten herri-administrazioetako organoek 16. artikuluan
aipatutako Garraiolarien Erregistroari jakinarazi beharko dizkiote ezarritako
zehapenak, zehapen-ebazpen irmoa ematen denetik kontatzen hasi eta 30 eguneko
epearen barruan, dagokion idatzoharra egin dadin.
4.- Lege honetan zehaztutako isunak, administrazio-bideko ebazpen
irmoaren bidez ezarritakoak, ordaindu egin beharko dira, nahitaez, edozein
eratako garraiorako edo garraioaren jarduera lagungarri edo osagarrietarako
behar diren bisatu eta titulu gaitzaileak esleituko badira; orobat,
arau-hausleak titular gisa dituen bisatu eta titulu gaitzaileak eskualdatzeko
edo horietan aldaketak egin ahal izateko.
Jatorria
eta helburua Euskal Autonomia Erkidegoan duten garraio-zerbitzu erregularrei,
beste autonomia-erkidego baten lurraldean zehar igaro behar dutenean,
autonomia-erkidego horretan trafikoa debekatuta dagoela, lege honetako arauak
aplikatuko zaizkie.
Autonomia
Erkidegoaren lurralde-eremua gainditzen duten garraio emakida edo zerbitzuei
dagokienez, horien gainean Estatuko Administrazioarekin egin diren edo egingo
diren hitzarmenetan esleitzen zaizkien eskumenak izango dituzte foru-aldundiek.
Eusko
Jaurlaritzaren Kontseiluari baimena ematen zaio isunen zenbatekoa kontsumoko
prezioen indizearen bilakaeraren arabera doitu dezan.
Lege
honetan aurreikusitako erregelamendu bidezko garapena egiten ez den artean,
arlo honetan indarrean diren arauak aplikatuko dira, legearen kontra ez doazen
neurrian.
Bidaiarien
garraio erregularreko zerbitzu publikoko emakidek, lege hau onartu aurretik
esleitutakoek, indarrean jarraituko dute esleitu zirenean ezarritako epea bete
arte, eta bitartean lege honetan ezarritako araubidearen pean izango dira.
Indarrik
gabe uzten dira lege honen aurka doazen maila bereko edo apalagoko legezko xedapen
guztiak.
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean
hasiko da indarra izaten.