4/2003 Legea, ekainaren 25ekoa, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea aldatzen duena.
2003-06-25Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2003/7/14, 137. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.
Indargabetua: 2009-01-01
§ 254. 4/2003 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA,
GIZARTE BAZTERKERIAREN AURKAKO LEGEA ALDATZEN DUENA
Gizarte
Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak honako helburu hau du:
pertsona gizartean eta lanean baztertua izateko arriskuari aurrea hartzeko eta,
halaber, mendekotasunik gabe bizitzeko behar besteko baliabiderik (norberaren
edo gizarteko edo diruzko baliabiderik) ez dutenei gizarteratzen laguntzeko
beharrezkoak diren gizarte-mailako baliabideak eta diru-laguntzak arautzea,
Euskal Autonomia Erkidegorako. Halaber, beharrezko den erakunde-antolamendua,
plana eta programak eratuko ditu bazterkeriari aurrea hartzeko eta pertsona
horiek gizarteratzeko ahaleginei eusteko.
Bazterkeriaren
aurka jarduteko tresnetako bat gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera da eta
honela dago definituta: aldian aldiko diru-laguntza da, bizitzeko oinarrizko
gastuei aurre egiteko behar besteko dirurik ez duten pertsonen premiak
betetzeko.
Gizarte
Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legeak oinarrizko errentarekin
gauzatzen du eskubide hori. Oinarrizko errentak gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera ordezkatzen du, baina ez ditu aldatzen laguntza horren izaera
juridiko eta oinarria. Diru-laguntza hori izan izango dela bermatzen du lege
horrek, batetik, eta, bestetik, pertsona guztiek eskubidea dutela halako
diru-sarrera batzuk eskuratzeko, aukera izan behar baitute herritar-eskubideak
edo oinarrizko gizarte-eskubideak erabiltzeko eta arrazoi ekonomikoek
eragindako gizarteko bazterkeria ekiditeko (pobrezia-egoerak desagerraraziz).
Gizarte
Eskubideen Agiriak ez zuen aldatu oinarrizko errentaren diru-laguntza eskuratu
ahal izateko gutxieneko adinaren baldintza eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako
maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak ezarritakoa da oraindik ere gutxieneko adina.
Lege
honetako 18. artikuluan pertsonek laguntza hori eskuratu ahal izateko bete
behar dituzten baldintzak arautzen dira, eta horien artean 25 urte baino
gehiago izan beharra aipatzen da 1. d) paragrafoan. Hala ere, muga horren
ezarpenerako salbuespena izango diren egoerak ere azaltzen dira.
25
urte baino gehiago izan beharrak oinarrizko errentarako eskubidetik kanpo uzten
du gazteriaren zati garrantzitsu bat, ikasketak dagoeneko amaituta dauzkaten
edo lan-merkatuan sartu nahian dabiltzan eta une horretan beren kabuz
duintasunez bizitzeko ekonomi baliabide nahikorik ez duten eta, horrenbestez,
gurasoen etxean bizitzera behartuta dauden gazteak, hain zuzen. Horregatik
beharrezkotzat jo da oinarrizko errenta eskuratu ahal izateko gutxieneko adina
23 urtera jaistea, muga hori hobeto egokitzen baita gazteriaren eta, oro har,
gure gizartearen helburutara.
Euskal
Herriko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak I.
tituluaren barruan ("Euskal Herriari dagozkion eskumenak"), 10.
artikuluko 12. eta 39. paragrafoetan Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio
eskumen esklusiboa gai hauetarako: gizarte-laguntza eta erkidego-garapena,
emakume izaera eta haurrentzako, gazteentzako eta hirugarren adinekoentzako
politika.
Ondorioz,
lege honen bitartez aldatu egiten da maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 18.1d)
artikulua.
Honela
geratu da idatzita Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998
Legearen "Eskubidedunak" izeneko 18. artikuluko 1. d) paragrafoa:
"d) 23 urte baino gehiago izatea.
Salbuespena izango dira 23 urtetik beherakoak, baldintza hauetan:
gainerako baldintza guztiak beteta, ekonomikoki beren ardurapean baldin
badituzte adin txikikoak nahiz ezintasunen bat duten pertsonak, edo aitarik edo
amarik gabeko umezurtzak badira. Halaber, salbuetsitzat joko dira 23 urtetik
beherakoak, gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte eta beste pertsona
batekin ezkontzaz edo ezkontzaren antzeko harremanez loturik badaude sei
hilabete lehenagotik gutxienez".
Bera
indarrean sartu aurretik hasita dauden oinarrizko errenta aitortzeko,
berrikusteko, aldatzeko, indargabetzeko eta amaitzeko prozedurei aplikatuko
zaie lege hau.
Lehendabizikoa - Araudi bidezko garapena
Eusko
Jaurlaritzari baimena eman zaio lege hau garatu eta ezartzeko beharrezko
xedapenak eman ditzan.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
eta biharamunean sartuko da indarrean.