Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, Mondragon Unibertsitatea aitortzen duena.

1997-05-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/6/19, 116. zk.; EAO, 2012/1/11, 9. zk.

 

§ 189. 4/1997 LEGEA, MAIATZAREN 30EKOA, MONDRAGON UNIBERTSITATEA AITORTZEN DUENA

 

ZIOEN AZALPENA

Deba Garaian kokatzen diren unibertsitate-eskoletako erakunde titularrek, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita daudenek, unibertsitate bat sortzeko egitasmoa osatzen jardun dute eta xede horrekin "Mondragon Unibertsitatea, Kooperatiba Elkartea" bigarren graduko kooperatiba eratu dute. Unibertsitate-ikastegietako titularrez gain, honako bazkide-laguntzaileek osatuta dago Mondragon Unibertsitatea, Kooperatiba Elkartea: Ikerlan Kooperatiba Elkarteak eta Ideko EIE ikerketa-elkarteak, Mondragon Korporazio Kooperatiboak eta "Grupo ULMA, S. Coop." taldeak eta Gizabidea Fundazioa erakundeak.

Mondragon Unibertsitatea, Kooperatiba Elkarteko Errektore Batzordeak, 1996ko abenduaren 18an egindako bileran, "Mondragon Unibertsitatea" sortzea eta unibertsitate pribatutzat ofizialki aitor dadin eskatzea erabaki zuen.

Aitormen hori lortzeko aurkeztutako txostenaren arabera, unibertsitate berria orain dauden ikastegietatik abiatzen da, ikastegi horien jardun akademiko eta zientifikoak finkotu eta sustatu nahian. Unibertsitatearen jardunean ikerketa- eta hezkuntza-jardunen arteko lankidetza eta baterabiltzea du xedea Ikerlan eta Ideko ikerketa-zentroek ikerketa-zentro bazkideturiko gisa parte hartzeak.

"Arrasateko kooperatiba-entsegua" deritzonaren beste ondorio bat da Mondragon Unibertsitatea. Unibertsitatearen jarduna arautuko duten estatutuetan, Unibertsitateak kooperatiben filosofia duela eta ondorengo xede hauek dituela ezartzen da: ikasleak lanbide-jardunak betetzeko trebatzea; euskal gizartearen garapen sozialaren, kulturalaren eta ekonomikoaren alde lan egitea, eta unibertsitate-komunitateko taldeen garapen pertsonala lortzea.

Unibertsitate honek bere zentruen kooperatiba-, hezkuntza- eta enpresa-filosofia bultzatuko du. Eta, bestalde, bere irakaskuntza- eta ikerketa-jardunak gauzatzerakoan, arreta berezia jarriko die enpresarentzako -euskal enpresarentzako bereziki- interesgarriak diren gaiei, bai teknologia-alderdietan, baita alderdi ekonomikoan eta humanistikoan ere.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 16. atalak hurrengo hau ezartzen du: Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dagoela, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten lege organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke.

Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren VIII. idazpuruan, ikastetxeak sortzeko askatasuna jasotzen da, Konstituzioaren 27. atalaren 6. azpiatalean bermatzen dena. Horretan datza unibertsitateak eta titulartasun pribatuko goimailako irakaskuntzako ikastetxeak sortzeko askatasuna, idazpuru horretan ezarritakoaren arabera. Unibertsitate pribatuak dira beren lurralde-eremuko lege-biltzarrak lege bitartez unibertsitate pribatutzat aitortzen dituenak, 58. atalaren arabera. Atal berean esaten da lege horren geroko garapenean ezarriko dela unibertsitate pribatuek, halakotzat aitortuak izateko, zenbat ikastegi eta gutxienez zer material eta pertsonal behar duten, era orokorrean. Apirilaren 12ko 557/1991 Errege Dekretuak unibertsitateak eta unibertsitate-ikastegiak aitortzeari buruzkoak, apirilaren 7ko 485/1995 Errege Dekretuak zabalduak, garatzen du agindu hori.

Testuinguru horretan, bigarren graduko kooperatiba den Mondragon Unibertsitatea, Kooperatiba Elkarteak, unibertsitate pribatuak sortzeko askatasun-eskubidea erabili nahian, indarrean dauden arauek eskatutako espedientea aurkeztu du. Erakunde sustatzaileak betebeharrak bete ditu eta unibertsitate pribatuei dagokien zuzenbide-antolamenduaren araberako betebeharrak beteko dituela ere hitz eman du.

"Mondragon Unibertsitatea" aitortzeko espedientea, goi-mailako irakaskuntzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorretara egokitzen da.

1. Atala - Unibertsitate aitortzea

1.- "Mondragon Unibertsitatea" unibertsitate pribatu dela aitortzen da.

2.- Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoak, lege honek eta Mondragon Unibertsitatearen berariazko antolatzeko eta jarduteko arauek arautuko dute Mondragon Unibertsitatearen jarduna.

3.- Mondragon Unibertsitatearen antolaketa eta jarduteko arauek Konstituzioaren printzipioen araberakoak izan beharko dute eta, era betean eta eraginkortasunez, errespetatu eta bermatu beharko dute katedra-, ikerketa- eta ikasketa-askatasunean isladatzen den askatasun akademikoaren printzipioa.

2. Atala - Antolaketa-egitura

1.- Mondragon Unibertsitatea hainbat egitura-unitatetan antolatua dago eta, antolaketa horren barruan, hasiera batean ikastegi hauek izango ditu:

Goi Eskola Politeknikoa

Enpresa Zientzietako Fakultatea

Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea

2.- Ikastegi horiek kudeaketa administratiboaz eta ondoren aipatzen diren titulu ofizialak lortzeko irakaskuntza antolatzeaz arduratuko dira:

Goi Eskola Politeknikoa

Industri Diseinuko injineru teknikoa

Industri injineru teknikoa, Industri Elektronika espezialitatea

Industri injineru teknikoa, Mekanika espezialitatea

Sistemen Informatikako injineru teknikoa

Industri Automatika eta Elektronikako injinerua (bigarren ziklokoa soilik)

Industri Antolamenduko injinerua (bigarren ziklokoa soilik)

Enpresa Zientzietako Fakultatea

Enpresa Zientzietan diplomatua

Kudeaketa Informatikako injineru teknikoa

Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziatua

Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea

Maisu-maistra: Hezkuntza Bereziko espezialitatea

Maisu-maistra: Haur Hezkuntzako espezialitatea

Maisu-maistra: Atzerriko Hizkuntzako espezialitatea

Humanitateetan lizentziatua

3.- Ikastegi berriak onartzeko, titulu ofizialetako ikasketa berriak ezartzeko eta baita titulu horiek homologatu ahal izateko ere, Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 58. ataleko betebeharrak eta atal hori garatzen duten arauetakoak bete beharko ditu Unibertsitateak.

3. Atala - Unibertsitatea jardunean jartzeko baimena

1.- 11/1983 Lege Organikoaren 58.4 atalaren jardunbideari jarraiki, luzatuko dituen tituluak homologatzea eskatuko du Unibertsitateak.

2.- Erakunde titularrak eskaturik eta hartutako konpromisoak bete dituela egiaztatu ondoren, homologatuko dira tituluak eta, horren ostean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposaturik, sei hilabeteko epean gehienez ere, Unibertsitatea jardunean jartzea onartuko du Jaurlaritzak dekretu bidez.

4. Atala - Ikasleak Unibertsitatera sartzea eta bertan egotea

1.- Unibertsitate-irakaskuntzara sartzeko indarrean dauden arauak betetzen dituzten ikasleak sartu ahal izango dira Mondragon Unibertsitatera.

2.- Unibertsitateak askatasunez arautuko du bertara sartzeko erregimena eta ikasleen egonaldia bere ikastegietan. Dena den, eskatzaileek aurkez ditzaketen meritu guztien artean, meritu akademikoei eman beharko zaie lehentasuna.

3.- Unibertsitatean sartzeko eta egoteko eskubidea bereizkeriarik gabe onartuko dela bere gain hartuko du Unibertsitateak, hau da, ez arauetan ez egitatezko egoeretan bereizkeriarik ez dela izango, jaiotze, arraza, sexu, sexu-joera, erlijio, iritzi edo ezaugarri edo edonolako baldintza pertsonala edo soziala dela-eta.

5. Atala - Unibertsitatea eta bere ikastegiak jardunean jartzeko epea

Mondragon Unibertsitateko ikasketak hasten dituzten ikasleek, ikasketak ohiko aprobetxamenduz amaitu bitartean, gutxienez, iraun beharko dute Mondragon Unibertsitateak eta bere ikastegi guztiek.

6. Atala - Ikuskapena

1.- Konstituzioaren 27.8 atalean ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikuskatuko du Unibertsitateari dagozkion arauak eta Unibertsitateak hartutako konpromisoak betetzen diren.

2.- Unibertsitatea Sailaren organo aginpidedunekin arituko da lankidetzan ikuskaritza-lanean. Horretarakoxe, eta ez beste ezertarako, eskatzen dizkioten dokumentazioa eta instalazioak utziko ditu.

3.- Unibertsitateak bere antolatzeko eta jarduteko arauetan, ondare-egoeran eta bai beken bai ikasketa- eta ikerketa-laguntzen arautzean izandako aldaketak jakinarazi egingo dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari. Aldaketak gertatzen direnetik hasita bi hilabeteko epean egingo da jakinarazpen hori.

4.- Unibertsitatearen jarduerak hasi ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antzematen badu Unibertsitateak ez dituela betetzen zuzenbidezko antolamenduak eskatzen dituen betebeharrak edo aitormena eskatu zuenean bere gain hartutako konpromisoak, Sailak egoera epe jakin batean arauetara egokitzeko eskatuko dio Unibertsitateari. Epea amaitu ondoren Unibertsitateak ez badu betetzen eskatutakoa, Jaurlaritzak, Unibertsitateari eta Unibertsitate Kontseiluari entzun ondoren, egoeraren berri emango dio Eusko Legebiltzarrari, unibertsitatearen izaeraren aitormena ezeztatzea ala ez erabakitzeko.

7. Atala - Jarduera-txostena

Mondragon Unibertsitateak urtero egingo du ikasketa- eta ikerketa-jardueren txostena, eta Legebiltzarrari, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Unibertsitate Kontseiluari bidali beharko die.

Aldi Baterako Xedapenetatik

Lehenengoa - Dauden ikastegiak baterabiltzea

"Mondragoiko Industri Injinerutza Teknikoko Unibertsitate Eskola", "Oñatiko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola", "Eskoriatzako Irakasle Eskola" ikastegiak, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitako unibertsitate-eskolak direnak, Mondragon Unibertsitateko egitura-unitate bihurtzen dira, ikastegi baterabildu gisa, eta honako izenekin: "Goi Eskola Politeknikoa", "Enpresa Zientzietako Fakultatea" eta "Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea", hurrenez hurren.

Lege hau indarrean jartzean "Mondragoiko Industri Injinerutza Teknikoko Unibertsitate Eskola", "Oñatiko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola" eta "Eskoriatzako Irakasle Eskola" unibertsitate-eskoletan ikasten dabiltzan ikasleek Unibertsitate berrian edo Euskal Herriko Unibertsitateko dagokien ikastegian jarraitu ahal izango dituzte beren ikasketak.

Bigarrena - Ikasle-egoitza nagusia baterabiltzea

"Pedro Biteri Arana" Ikasle Egoitza Nagusia, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita dagoena, aurrerantzean Mondragon Unibertsitatekoa izango da.

Xedapen Gehigarri Bakarra - Legezko aitormenaren iraungipena

Unibertsitatearen aitormena iraungi egingo da baldin eta lege hau indarrean jarri eta hiru urtetara erakunde titularrak jardunean jartzeko baimena eskatzen ez badu, lege honen hirugarren atalean jasotakoaren arabera. Halaber, seigarren atalean aipatzen den ez betetzearen ondoriozko ezeztatzea gertatzen bada ere.

Azken Xedapenak

Lehena - Arau bidezko garapena

Jaurlaritzari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari ahalmena ematen zaie, dituzten aginpideen barruan, lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezko xedapenak erabaki ditzaten.

Bigarrena - Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra