Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1995 Legea, azaroaren 10ekoa, jendaurreko ikuskizunak eta jolas iharduerak arautzekoa.

1995-11-10

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1995/12/1, 230. zk.; EAO, 2012/1/27, 23. zk.

§ 173. 4/1995 LEGEA, AZAROAREN 10EKOA, JENDAURREKO IKUSKIZUNAK ETA JOLAS IHARDUERAK ARAUTZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      Agintariek betidanik izan dute jendaurreko ikuskizunen eta jolas-ihardueren, horien garapenaren eta horiek egiteko barrupe eta instalazioetako segurtasun-baldintzen ardura; are gehiago, herri-administrazio aginpidedunek, lizentzia eta baimenez baliatuz, zorrotz ikuskatzen dituzten gizarteko ihardueren artean ezartzen dituzte.

      Egia da agintarien aldeko esku-hartze hori aldatuz joan dela denbora iragan ahala eta erregimen politiko ezberdinetan zehar; horrela, garai batean ikuskizun eta ihardueren edukia kontrolatu eta zentsuratzeko ardura azpimarratzen zen bezala, gizarte moderno eta demokratikoetan, batetik, askatasun printzipioa era honetako barrupe, esparru eta instalazioetan hartu beharreko segurtasun-neurriekin bateratzeari, eta, bestetik, ikusentzule eta erabiltzaileen eskubideak babesteari ematen zaio garrantzia. Ildo horretatik, eraikinetako osagaietan segurtasuna bilatzen etengabe urratsak ematen ari badira ere, aldizka, mota horretako barrupe eta saltegietan gertatutako istripu eta ezbeharren berri ematen dute idatzizko komunikabideek lehen orrietan, eta horrek, herritarrengan alarma sortarazteaz gain, zenbaitetan pertsonengan kalte handiak eta heriotzak ere badakartza. Bestalde, gazte-talde jakin batzuen artean denok ezagutzen ditugun ohitura arriskugarriak, oraintsu agertutakoak, nabarmendu beharra dago, eta horiek zaindu eta tratatu nahi ditugu arlo honetako kudeatzaileok, administrazioaren beste zenbait arlorekin batera.

      Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek arlo honetan eta gaur egunera arte egin diotenari begiratuz gero, arlo honetako legedi bereziari dagokionean, abuztuaren 27ko 2816/1982 E.D.k onartutako Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Polizi Arautegi Orokorrean oinarritu da, eta horretan jasotako arauak zaharkituak gelditu dira alderdi jakin batzuetan; gainera, zigorbide arloan ere gorengo auzitegiek adierazi izan dituzten gabezia nabariak antzeman zaizkio. Bestalde, arautegi horretan jasotako arauak ez datoz bat Euskal Herriko Estatutuak eratutako erakunde- eta administrazio-sistemaren ezaugarriekin.

      Arlo honetan aurkitutako arazoek eta ezartzen ari zen legedi bereziaren akats eta gabeziek guztiz komenigarri eta egoki egiten dute Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 10.38 atalean izendatutako aginpideaz baliatzea, Eusko Legebiltzarraren legeei dagokien goi-mailako arau berriak emanez gai honetan.

      Agintarien zereginean hain sentikorra den arlo honetan Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen iharduna hobetzeko arauak eman nahi ditu lege honek, eta horretarako lizentzia berri bat sortzen du, saltegirako lizentzia deritzona; horrela, bateragarri egiten dira, alde batetik, beharrezko lizentziak bideratu edo izapidetzeko agintegune bakarrak herritarrari eskaintzen dion merketasuna eta administrazio-mailako zentzuzkotasuna, eta, bestetik, zigorbide ezargarriaren maila egokiko araubide eguneratua eta arlo honetan esku hartu behar duten administrazioen arteko harremanen antolaketa zorrotza, beti ere bakoitzaren autonomia errespetatuz horien artean behar den konpromezu eta koordinaketa bilatzen duena. Ildo horretatik, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseiluak bere eginkizunak zuzen egiteko izan beharreko jokabidearen garrantziaz ohartaraztea dagokigu. Arlo honen kudeaketan administrazioko bi maila, toki-administrazioa eta Autonomi Elkarte mailakoa, agertzen direnez behar-beharrez tartean hartuta, koordinazio edo elkarlotura eraginkorra antolatu behar da, bai araugintzarako bai izaera derrigorra duten iharduera garrantzizkoenetarako. Legeak helburu horri aurre egiteko eratzen du kontseilua, tartean hartutako administrazio bakoitzaren autonomiari zor zaion begirunearen kalterik gabe.

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. Atala - Xedea

      Euskal Autonomi Elkartean egiten diren ikuskizun eta jolas-iharduerak arautzea da lege honen xedea, jabe edo antolatzaileak erakunde publiko zein pribatu, pertsona fisiko zein zuzenbidezkoak izan, eta irabaziak eskuratzeko helburua izan ala ez, edo ohituraz ala noizean behin egiten diren kontuan izan gabe.

2. Atala - Definizioak

      Jendaurreko ikuskizuntzat joko dira, lege honen ondorioetarako, antolatzaileek edo horien kontura diharduten artista, kirolari edo egileek eskainitako antzezpen, erakusketa, iharduera edo emanaldiak ikusteko jendea biltzen dutenak.

      Jolas-ihardueratzat joko dira, lege honen ondorioetarako, erakunde antolatzaile batek denborapasarako edo jostaketarako bere barrupe edo zerbitzuak eskainiz edota berak antolatutako ihardueretan parte hartzea eskainiz jendea biltzen dutenak.

3. Atala - Kanpoan gelditzen diren iharduerak

      Lege honen ezarpen-eremutik kanpo gelditzen dira familiarteko bilerak edo hertsiki pribatuak diren ospakizunak, baita lan, erlijio, politika, sindikatugintza edo irakaskuntza arloko oinarrizko eskubideez baliatzekoak ere. Hala ere, iharduera horiek egiten diren barrupeek lege honetan eskatzen diren segurtasun-baldintzak bete beharko dituzte".

4. Atala - Katalogoa

      Araudi bidez finkatuko da lege honen menpe gelditzen diren barrupeen, instalazioen, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-ihardueren katalogoa, bakoitzak dituen berezitasunen arabera sailkatuta. Katalogo horrek lege honen eraskinean behin-behineko jasota datorrena ordezkatuko du.

5. Atala - Arauketa

      Eusko Jaurlaritzak arau bereziak eman ditzake katalogoko jendaurreko ikuskizunetarako edo jolas-ihardueretarako, gizartean, kulturan edo bestelako arloetan duten eraginagatik komenigarri denean. Arau horietan lege honetan xedatutakoa garatzeko berezitasunak jasoko dituzte, honako hauek izanik araugai:

a)   Baimena lortzeko eskakizunak eta ihardunbidea.

b)   Ikuskizun edo iharduera horiek egiteko barrupe edo esparruetako baldintza fisikoak eta segurtasunekoak.

c)   Ikuskizuna edo iharduera egiteko modua eta baldintzak.

d)   Ikuskizunak egiteko eta barrupeak irekitzeko eta ixteko ordutegia.

e)   Lege honetan ezarritako arau-hauste eta zigorbidearekiko berezitasun eta mailakaketak.

6. Atala - Kalifikazioa

      1.-     Eragindako sailek proposatuta Eusko Jaurlaritzak arautu ahal izango du ikuskizun eta ihardueren kalifikazioa. Kalifikazio horrek jendearen argibiderako balioko du, eta euskal erakundeek gara dezaketen sustapen-ekintzekiko ondorioak izan ditzake.

      2.-     Araudi bidez debekatu ere egin ahal izango dira zenbait ikuskizun eta iharduera, edo horietan parte hartzea mugatu, haur eta gazteak babesteko helburuarekin eta beti ere Konstituzioaren 20. atalean aldarrikatutako eskubideak mugatzen ez badira.

7. Atala - Bestelako arauak

      Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-ihardueren inguruan hemen arautzen ez diren alderdiak zehazten dituen araubidearen kalterik gabe ezarriko da lege honetan xedatutakoa.

II ATALBURUA

JENDAURREKO IKUSKIZUNETARAKO ETA JOLAS IHARDUERETARAKO BARRUPE ETA INSTALAZIOAK

8. Atala - Barrupeetako segurtasuna

      1.-     Ikuskizun eta jolas-ihardueretarako eraikin, barrupe eta gainontzeko instalazioek pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko beharrezko baldintza teknikoak bete beharko dituzte, eta, oro har, ikusentzuleen babesa ziurtatu eta besteei eragozpenik ez sortu, kasu bakoitzean bete beharreko arauak betez eta, bereziki, egituren sendotasuneko eta haien instalazioen erabilerako baldintzei, suteei eta beste talde-arrisku batzuei aurre egiteko eta horietatik babesteko neurriak, eta osasungarritasuna eta garbitasuna.

      2.-     Erabiltzen jarraitzen diren bitartean, ikuskizun eta jolas-ihardueretarako barrupe eta instalazio horiek aseguru-agiria izan beharko dute barrupe, instalazio eta zerbitzuetako egoera objetiboaren edo bertako langileek egindako lanaren ondorioz bertaratuei egindako kalteengatik, jabeen erantzukizun zibilari aurre egiteko.

      Aseguruek ziurtatu beharreko gutxieneko kapitalak araudiz zehaztuko dira, ihardunaren ezaugarrien eta barrupeak duen edukieraren arabera.

      3.-     300 pertsonatik gorako baimendutako gehienezko edukiera duten barrupe eta instalazioek eta araudiz behartuta gelditzen direnek larrialdietarako plana izan beharko dute, norbere babeserako indarrean dauden arauek xedatzen dutenari jarraituz.

      4.-     Udalek, ordenantza edo hirigintzako plangintza bidez, osatu egin dezakete lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan xedatzen dena, legearen menpe dauden barrupe eta instalazioak jarri eta irekitzeko baldintza edo mugak ezarriz.

9. Atala - Lizentziaren ezinbestekotasuna

      1.-     Ikuskizun eta jolas-ihardueretarako barrupe eta instalazioak ireki aurretik, lege honetan aurrikusitako administrazio-lizentzia edo -baimenak beharko dira.

      Horrez gain, ikuskizun- edo iharduera-mota aldatzeko, instalazioak berriztatzeko edo tokiz aldatzeko, aurretik lizentzia beharko da.

      2.-     Lege honetan jasotako lizentzia edo baimenak, jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-ihardueretarako arau bereziez bestelako arau orokorretan edo arlo honi dagozkionetan beharrezko direnen kalterik gabe eskatuko dira.

10. Atala - Saltegirako lizentzia

      1.-     Saltegirako udal-lizentzia emateko beharrezkoa izango da lege honetako 8. atalean aipatutako baldintza teknikoak eta, hala badagokio, arau berezien, hirigintzakoen edo segurtasun-arauen arabera barrupea irekitzeko eska daitezkeenak bete izana aurrez egiaztatzea. Horretarako, behar izan daitezen udal-lizentzia guztiak instantzia bakarrean bideratuko dira eta, egoki gertatzen denean, sailkatutako ihardunei buruzko arauekin bat etorriz espedientea irekiko da.

      2.-     700 pertsonatik gorako edukiera duten barrupeak, zezenplazak eta araudiz ezar daitezen gainontzekoak direla eta, irekitako espedientearen zati baten edo osoaren kopia eskuratzeko ahalmena izango du Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak saltegirako lizentzia eman aurretik. Hori dela eta, udalek, hamar eguneko epean, barrupe horien inguruko lizentziak emateko espedienteak irekitzen direnean, horren berri eman beharko diote zuzendaritza horri.

      3.-     Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, espedientea ikusi ondoren, hogeita hamar eguneko epean, erabakia hartuko du, eta arlo honetan indarrean dagoen legedia ezartzeko egoki deritzen neurri zuzentzaile edo baldintzatzaileen berri eman beharko dio udalari, hala badagokio. Neurri eta baldintza horiek derrigorrez ezarri beharko dira saltegirako udal-lizentzian.

11. Atala - Lizentziaren edukia

      1.-     Saltegirako lizentzian, gutxienez, barrupearen izena eta kokalekua adieraziko dira, baita jabea, katalogoaren arabera zein ihardunetarako baimena duen, baimendutako gehienezko edukiera eta bete beharreko neurri zuzentzaileak edo baldintzak ere.

      2.-     Barrupeen jabeek agerian jarri beharko dute baimena eman duen administrazioak emandako agiria; bertan lizentziari dagozkion datuak eta araudiz zehaztuko diren beste batzuk jasoko dira.

12. Atala - Lizentziaren izaera

      1.-     Lizentzia aldagarria eta ezeztagarria izango da.

      2.-     Lizentzia emateko beharkizun eta baldintzak ez betetzeak, eta bereziki, pertsonen segurtasuna edo jendearentzako osasungarritasuna arriskuan jarriz, barrupeetako ezaugarri, baldintza, zerbitzu edo instalazioak funtsean aldatzeak, lizentzia hori ezeztatzea ekarriko du, espediente laburra bideratu eta doakionari entzun ondoren.

      3.-     Arauen aldaketak direla eta, lizentzia emateko izan ziren beharkizun eta baldintzak aldatuko balira, hori ezeztatu ahal izango da baldin eta gerta daitezen hutsuneak zuzentzen ez badira. Horretarako, arau berrietan adieraziko da beharrezko egokitzeak zein epetan egin beharko diren.

      4.-     Lege honen 5. atalean aipatzen diren arau berezietan, batetik, lizentziak aldibaterakoak edo berriztagarriak diren aurrikusi ahal izango da eta, bestetik, eskualdagarriak izateko, indarrean dagoen legedian eskatzen diren segurtasun-baldintzak betetzea eskatu ahal izango da.

      5.-     Edozein arrazoirengatik barrupea sei hilabetez, etengabe, itxita badago, lizentziak indarra galduko du, barrupeari eska dakizkiokeen baldintzek bere horretan jarraitzen duten jakiteko administrazio-egiaztapena egin arte.

13. Atala - Administrazio-egiaztapena

      1.-     Ezingo da ikuskizun eta jolas-ihardueretarako barruperik ireki, harik eta administrazioak proiektuan jasota dauden zehaztapenak eta, hala badagokio, ezarri diren neurri zuzentzaileak bete direla egiaztatu arte.

      2.-     Aurreko azpiatalean aipatzen den egiaztapena agintaritza aginpidedunaren berariazko erabaki batean jasoko da. Lizentzia eman behar duen administrazioak horretarako izendatutako funtzionario edo beste pertsona edo erakundeen txostena ikusi ondoren emango du erabakia, eta horretarako doakienek administrazio horri proiektuan jasotako lanak burutu direla edo neurri zuzentzaileak hartu direla jakinarazten dioten unetik hasi eta gehienez hilabeteko epea izango du.

      3.-     Aurreko azpiatalean aipatzen den egiaztapena egiterakoan, barrupearen jabeek aseguru-agiria kontratatu izana egiaztatu beharko dute edo, beharrezkoa bada, 8. atalean aipatutako larrialdietarako plana prestatu izana.

14. Atala - Behin-behineko lizentziak

      1.-     Udalek barrupeak irekitzeko behin-behineko lizentziak eman ahal izango dituzte, sei hilabeteko luza ezineko eperako, ofizioz edo doakionak eskatu, aurreko atalean aipaturiko egiaztapena kontrakoa atera bada, beti ere horrek pertsona edo ondasunen segurtasunerako arriskurik ez badakar. Azken hori teknikari adituak luzatutako egiaztagiri bidez egiaztatu beharko da espedientean.

      2.-     Behin-behineko lizentzia hori eman ahal izateko aurrez lege honen 8.2 atalean ezarritako asegurua egin beharko da.

15. Atala - Aldibaterako instalazioak

      1.-     Ikuskizun edo jolas-ihardueretarako erabili nahi diren aldibaterako instalazio edo egiturak zein instalazio edo egitura mugikor edo desmuntagarriak erabili ahal izateko, aurrez udalak ihardunbide berezi eta laburraren bidez emandako lizentzia beharko da.

      2.-     Instalazio finkoek ikusentzule eta egileentzat bete behar izaten dituzten segurtasun-, garbitasun- eta erosotasun-baldintza berberak bete behar izango dituzte aldibaterako instalazio edo egiturek, eta hori teknikari adituak luzatutako egiaztagiri bidez egiaztatu beharko da espedientean behar bezala.

      3.-     Ez da instalaziorako baimenik emango antolatzaileak erantzukizun zibileko arriskuari aurre egiteko asegurua hitzartuta daukala egiaztatzen ez badu edo, lege honen 8. atalean ezarritakoaren arabera beharrezkoa bada, larrialdietarako plana prestatu gabe, eta ezta indarrean dauden legeetan aurrikusitako gainontzeko beharrak bete gabe ere.

III ATALBURUA

JENDAURREKO IKUSKIZUNAK ETA JOLAS IHARDUERAK

16. Atala - Derrigorrezko baimenak

      1.-     Lizentzia duten barrupe edo instalazioetan egiten diren ikuskizun eta jolas-ihardueretarako ez da beharko beste saltegi-baimenik.

      2.-     Administrazio-baimena beharko dutenak honako ikuskizun edo jolas-iharduera hauek dira:

a)   Saltegirako udal-lizentzian zehazten ez direnak.

b)   Herri-bidean edo jendearentzako erabilera duten eremu zabaletan egiten direnak, egitura desmuntagarriak erabiliz edo erabili gabe.

c)   Suziriak bota edo erretzeko ikuskizunak, Espainiako Konstituzioaren 149.1.26 atalean aurrikusitakoaren mendean.

d)   Zezen-ikuskizunak.

e)   Ezaugarri bereziak dituztelako edo lege honetan aipatzen den katalogotik kanpo daudenak.

      3.-     Aurreko azpiataleko baimenak emateko aginpidedunak honako hauek dira:

a)   Oso-osorik egiten diren udalerriko organo aginpidedunak, a) eta b) kasuetan, eta hurrengo ataletan ezarritakoaren salbuespenaz.

b)   Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza, c) kasuan, d) kasuan, egiten diren tokian egiten direla, e) kasuan eta, barrupearen edo ikuskizunaren edukiera 700 lagunetik gorakoa bada, a) kasuan.

c)   Eusko Jaurlaritzaren Bidezaingo eta Ibilgailu Zuzendaritza, zati batean edo osorik herriarteko bideetan zehar egiten diren kirol-probetarako baimena emateko.

17. Atala - Baimena emateko eskakizunak

      1.-     Aurreko atalean aipatutako ikuskizun eta jolas-ihardueretarako baimena emango da, administrazio aginpidedunaren iritziz, batetik, ikuskizun edo ihardueraren ezaugarriak indarrean dagoen legediaren aurkakoak ez badira eta, bestetik, erakunde antolatzaileak jendearentzako barrupe edo instalazioaren erabilgarritasuna eta, barrupe-mota eta ihardunaren arabera, bete beharreko segurtasun- eta garbitasun-baldintzak bete izana behar bezala egiaztatu badu.

      2.-     Arau bereziek behartu egin ditzakete ikuskizun edo jolas-ihardueren antolatzaileak ikuskizun eta jolas-iharduera horien ezaugarriengatik sor daitezkeen arriskuei aurre egiteko asegurua egitera, eta baita, hala badagokio, zaintza- eta segurtasun-zerbitzuak izatera ere.

      3.-     Atal honetan aipatutako eskaerak ikuskizun edo iharduera egiteko aurrikusitako eguna baino gutxienez hamar egun aurretik aurkeztu beharko dira, arau bereziek beste epe batzuk eman ditzatenean izan ezik. Ikuskizun edo iharduera baino hirurogeita hamabi ordu lehenago horren inguruko erabakirik eman ez bada, baimena eman dela ulertuko da.

18. Atala - Debekatutako ikuskizun eta iharduerak

      Ikuskizun edo iharduerak debekatu egingo dira, honako gorabeheraren bat gertatzen bada:

a)   Pertsonei irainezko tratua ematen badiete edo eman badiezaiekete, edo pertsonen oinarrizko eskubideak hausten badituzte.

b)   Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legean xedatutakoa hausten badute.

c)   Ikuskizun edo iharduerak kalifikatzeko arauei jarraitzen ez zaielako, haur edo gazteentzat kaltegarri badira.

d)   Arau-hauste penalak direnean.

19. Atala - Erakunde antolatzaileak

      1.-     Lege honen ondorioetarako, ikuskizun eta/edo jolas-ihardueren erakunde antolatzailetzat hartuko dira administrazioaren edo ikusentzuleen aurrean haiek egitearen ardura hartzen duten pertsona fisiko zein zuzenbidezko pertsona publiko zein pribatuak.

      2.-     Antolatzaileak bere gain hartzen du ikuskizun edo iharduera egitearen erantzukizuna, bere arduragabekeriaz edo aurrikuspenik ezagatik ikuskizun edo iharduera horren ondorioz eragin daitezkeen kalteei erantzunez.

      3.-     Aurreko azpiatalean jasotako agindua hobeto bete ahal izateko, antolatzaileak:

a)   Indarrean dauden arauen arabera bete beharreko segurtasun- eta garbitasun-neurriak hartuko ditu, eta baita lizentzia edo baimenean zehazten direnak ere, zehazten badira.

b)   Ikusentzule edo erabiltzaileei atal honetako a) puntuan aipatutako neurriak betetzeko eskatuko die.

c)   Sartzen uzteko baldintzak ezarri ahal izango ditu, lege honen 21.1 d) atalean ezarritakoarekin bat etorriz, eta baita ikuskizuna edo iharduera arazorik gabe egiteko agindu eta arau bereziak ere, toki egokian argitaratuko direnak. Betekizun horiek bereziki indarkeriazko jarrerak azaldu, beste ikusentzule edo erabiltzaileei gogait eragin edo iharduera arazorik gabe egitea oztopatzen duten pertsonei sartzen ez uzteko jarriko dira.

d)   Indarrean dauden arauen arabera barrupean sarrera debekatuta duten pertsona edo gauzen sarrera eragozteko neurriak hartuko ditu.

20. Atala - Ordutegiak

      1.-     Eusko Jaurlaritzak araudi bidez finkatuko du ikuskizun eta jolas-ihardueretarako ordutegi orokorra; horretarako, kontuan hartuko du ikuskizun- edo iharduera-mota, urtaro edo urteko garaia, eta laneguna, jaiegun-bezpera edo jaieguna den.

      2.-     Udalek, herriko jaiak, jaiegun orokorrak edo turismorako interesa direla medio, ordutegi bereziak zein kasutan eta zein ihardunbideren arabera onartu ahal izango dituzten ere araudian jasoko da.

21. Atala - Erabiltzaile eta kontsumitzailearen babesa

      1.-     Erabiltzaile eta kontsumitzaileen babeserako, honako betebehar hauek ezartzen dira:

a)   Jendaurreko ikuskizunetako publizitatean argi azaldu beharko dira horien edukiak eta zein baldintzatan egingo diren, aukeratzeko ahalmena ziurtatzeko moduan.

b)   Erabiltzaileeen esku, erreklamazio-liburuak izango dira barrupe, instalazio edo erakunde antolatzaileetan, zortzigarren xedapen gehigarrian erabakitako eran. Liburu horiek badirela agerian iragarriko da.

c)   Erabiltzaileek ikuskizuna ikusi edo jolas-ihardueran parte hartzeko eskubidea izango dute, eta horiek bete-betean jasotzekoa, iragarri diren eran eta baldintzetan. Beraz, sarreren truke ordaindutako zenbateko osoa edo zati bat berreskuratzeko eskubidea izango dute, ikuskizuna bertan behera utzi edo funtsean aldatzen bada, non eta bertan behera uztea edo aldaketa hori ikuskizuna hasi eta gero eta ezinbestekotasunez gertatu ez den, eta legedi zibilaren eta merkataritzakoaren arabera egoki gertatzen diren erreklamazioen kalterik gabe.

d)   Barrupeen jabeek eta ikuskizun eta jolas-ihardueren antolatzaileek nahiz horiek esku ematen dioten pertsonak, bereizkeriarik ezaren irizpideari jarraituz jarriko dituzte beti sartzen uzteko baldintzak, eta baldintza horien irainezko edo bidegabeko erabilera ere onartezina izango da. Ikuskizunen kalifikaziorako arauetan ezer ezartzen denean, hori ere bete beharko da.

e)   Sarreren eta abonoen salmenta eta bigarren salmenta Eusko Jaurlaritzaren araudiz arautuko dira. Debekatu egiten dira kalean eta era ibiltarian saltzea eta bigarrenez saltzea. Komisio truke egiten den salmenta eta bigarren salmenta egiteko Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena beharko da aurretik; horrek, erakunde antolatzaileak baimena ematen duenean bakarrik emango du berea, eta, batetik, mota bakoitzeko sarreren gehienezko portzentaiaren eta, bestetik, zuzeneko salmentaren prezioarekiko gorakadaren gehienezko portzentaiaren barruan egingo da. Portzentaia horiek araudiz ezarriko dira.

      2.-     Eusko Jaurlaritzak araudiz garatuko ditu aurreko azpiatalean jasotako aurrikuspenak, bertan ezartzen diren eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko, eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideak babesteko beharrezko beste edozein neurri ere hartuko du.

IV ATALBURUA

JENDAURREKO IKUSKIZUNEN ETA JOLAS IHARDUEREN ZAINTZA

22. Atala - Erroldak

      1.-     Udaletxe bakoitzean jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-ihardueretarako erakunde antolatzaileen eta barrupeen errolda izango da, eta bertan jasoko dira:

a)   Lizentzia jaso duten barrupe edo saltegiak, gutxienez jabeak, izena, kokalekua, iharduera eta edukiera adieraziz, baita lizentzia edo lizentziak noiz eman zaizkien ere.

b)   Jendaurreko ikuskizunak nahiz jolas-iharduerak antolatzen dituzten erakundeak, administrazioaren aurrean dituzten ordezkariak adieraziz.

Udalek derrigorrez emango diote Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari hamar eguneko epean erroldetan egiten dituzten idazpenen berri.

      2.-     Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpe jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-ihardueretarako erakunde antolatzaileen eta barrupeen errolda nagusia egongo da, alde batetik udalek emandako informazioarekin eta bestetik Eusko Jaurlaritzak berak jasotakoarekin osatuko dena.

23. Atala - Administrazioaren ahalmenak

      1.-     Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko eta udaletako organo aginpidedunak arduratuko dira ikuskizun eta jolas-iharduera arloko legedia betetzen dela zaintzeaz. Horretarako, honako ahalmen hauek izango dituzte:

a)   Barrupe eta instalazioak ikuskatzea.

b)   Ikuskizun eta jolas-iharduerak kontrolatzea.

c)   Lege honetan aurrikusitako gainontzeko neurriak hartu, bertan behera utzi eta debekatzea.

d)   Lege honetan jasotako arau-hausteak zigortzea.

24. Atala - Ikuskapen eta kontrolerako aginpidea

      1.-     Lizentzia edo baimenak emateko administrazio aginpideduna bera izango da barrupe eta instalazioak ikuskatu eta ikuskizun eta jolas-iharduerak kontrolatuko dituena.

      2.-     Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak egin dezake ikuskapena udalen ordez, udal-organo aginpidedunak hartutako erabakiaren bidez, hauek itzuri egiten badiote. Ikuskapen horiek udalen pentzutan egingo dira, haiek, ikuskapen-lana egiteko baliabide eta langile teknikari nahikoa izan arren, ikuskapenari itzuri egin badiote.

      3.-     Edonola ere, 700 lagunetik gorako edukiera duten barrupeetan, Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza izango da ikuskapen eta kontrolerako aginpideduna, eta, horretarako, gutxienez urtean behin egingo ditu ikuskapenak, udalek egin ditzaketen ikuskapenen kaltetan gabe.

25. Atala - Ikuskapen- eta kontrol-lana

      1.-     Barrupe eta instalazioen ikuskapena, eta ikuskizun eta jolas-ihardueren kontrola, Udaltzaingoko edo Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Ataleko kideek burutuko dute, edo baita ikuskapena egiteko aginpideduna den administrazioak izendatutako kasuan kasurako aditu teknikoak diren funtzionario edo beste pertsona edo erakundeek ere. Horrela izendatuak agintaritzaren agentetzat joko dira.

      2.-     Barrupe eta instalazioen jabeak eta ikuskizun eta jolas-ihardueren antolatzaileak behartuta daude ikuskapen eta kontrolerako izendatutako lagunei edozein unetan sartzen uztera, baita ikuskapen-lanetan laguntzera ere.

      3.-     Administrazioek edozein unetan eska diezaiekete barrupe eta instalazioen jabeei edo ikuskizun eta jolas-ihardueren antolatzaileei bete beharreko segurtasun-baldintzak betetzen jarraitzen direla ziurtatzeko egiaztagiriak aurkez ditzatela. Teknikari adituek sinatutakoak beharko dute izan agiri horiek.

      4.-     Ikuskapenen agiri bana jasoko da, eta doakionak bertan jasotako ondorioekiko ezadostasuna adierazteko aukera izango du. Agiri hori interesatuari jakitera eman eta administrazioko organo aginpidedunari helaraziko zaio, horrek, behar izanez gero, neurri zuzentzaile egokiak hartzeko agindu dezan, segurtasun-neurriak har ditzan edo zigor-espedientea irekitzeko erabakia har dezan.

26. Atala - Polizi zaintza

      1.-     Euskal Herriko polizi kidegoetako zaintza-zerbitzu arruntek arreta berezia jarriko dute egiten diren ikuskizunetan eta jolas-ihardueretan, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak izendatzen dizkien aginpideekin bat etorriz.

      2.-     Ikuskizun edo jolas-iharduerek biltzen duten jendetza handiagatik, edo beste arrazoiren bategatik, poliziaren aldetik segurtasun-neurri bereziak beharrezko egiten direnean, horien koordinazioa Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean xedatutakoaren arabera burutuko da.

27. Atala - Ikuskizunak debekatu eta bertan behera uztea

      1.-     Administrazio-agintari aginpidedunek ikuskizun eta jolas-iharduerak debekatu edo, egiten ari direnean, bertan behera utz ditzakete:

a)   Duten izaeragatik, eta lege honen 18. atalarekin bat etorriz, debekatuta daudenean.

b)   Lizentziarik gabeko edo eskatzen den segurtasun-baldintzarik gabeko barrupe edo instalazioetan egiten direnean.

c)   Derrigorrezko baimenik ez dutenean edo emandako baimenean jasotako eskakizunak aldatzen direnean.

d)   Pertsona eta ondasunentzako benetako arriskua dagoenean.

e)   Pertsonak eta ondasunak arriskuan jartzen dituzten desordena larriak gertatu edo aurrikusten direnean.

      2.-     Ikuskizun eta jolas-ihardueretan diren agintaritzaren ordezkariek bertan behera utz dezakete ikuskizun edo iharduera a), d) eta e) puntuetan jasotako kasuetan, larrialdi handia somatzen badute eta antolatzaileei jakinarazi ondoren.

28. Atala - Barrupe eta instalazioak itxi eta prezintatzea

      1.-     Agintari aginpidedunek itxi eta prezintatu ere egin ditzakete lizentziarik gabeko barrupe eta instalazioak, doakienei entzun ondoren.

      2.-     Lizentzia izan arren, pertsonen eta ondasunen segurtasuna edo jendearentzako osasungarritasuna arrisku larrian jartzen duten gabeziak dituzten barrupe eta instalazioei dagokienean ere hartu ahal izango dituzte neurri horiek.

      3.-     Arriskua berehalakoa denean, ez da beharrezkoa izango neurriak hartu aurretik inori entzutea.

      4.-     Neurri horiek indarrean jarrai dezakete, harrarazi zituzten arrazoiek indarrean jarraitzen duten bitartean.

29. Atala - Konfiskatzea

      Segurtasun-neurriak eraginkorrak izango direla bermatzeko, agintari aginpidedunek konfiskatu ahal izango dituzte, behar besteko denboran zehar, debekatu edo bertan behera utzi den iharduerarekin zerikusirik duten ondasunak.

30. Atala - Agintari aginpidedunak

      Lege honen 27, 28 eta 29. ataletan aurrikusitako segurtasun-neurriak hartzeko aginpidedunak lizentzia edo baimenak emateko aginpidedunak diren berberak izango dira. Hala ere, toki-erakundeek, esku hartzeko eskatu zaielarik, itzuri egiten badiote neurri horiek hartzeari, edo presatasun-arrazoirik baldin bada, edozein kasutan hartu ahal izango dituzte neurriok Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko organo aginpidedunek. Nolanahi ere, premia izanez gero, udal-agintari aginpidedunek ere ihardun ahal izango dute.

V ATALBURUA

ZIGORBIDEA

31. Atala - Irizpide nagusiak

      1.-     Lege honen esparruan herri-administrazioek duten zigor-ahalmena azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. idazpuruan, lege honetan bertan eta lege hau garatzen duten arauetan xedaturik dago.

      2.-     Administrazioak ikuskizunen eta jolas-ihardueren arloan ezarritako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izango dira.

32. Atala - Arau-hauste oso larriak

      Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a)   Barrupeak edo instalazioak irekitzea, barrupe edo instalazioen funtsezko aldaketa egitea, iharduera aldatzea eta behin-behineko instalazioak muntatzea, behar den lizentziarik gabe, baldin eta horren bidez pertsonak edo ondasunak arrisku larrian jartzen badira.

b)   Lege honen bidez araututako ikuskizunak edo jolas-iharduerak behar den administrazio-baimenik gabe egitea, baldin eta horren bidez pertsonak edo ondasunak arrisku larrian jartzen badira.

c)   Indarrean dagoen araubidean eta kasuan kasuko administrazio-lizentzia edo -baimenetan ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzea eta eska daitekeen gutxieneko segurtasun-maila barrupeen edo instalazioen egoerak larriki murriztea.

d)   Baimendutako gehienezko edukiera gainditzea, baldin eta horren bidez pertsonak edo ondasunak arrisku larrian jartzen badira.

e)   Ikuskizunak edo iharduerak debekatu edo bertan behera uzten dituzten erabakiak zein lege honen 28 eta 29. ataletan ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzea.

f)    Lege honen bidez debekatutako ikuskizunak eta jolas-iharduerak egitea.

g)   Barrupeak edo instalazioak berriz ere irekitzea, baldin eta barrupeon iharduera itxi edo bertan behera uzteagatiko behin-betiko zigorra, administrazio-bidekoa, burutze-bidean badago.

h)   Zigorrak dirauen bitartean, ikuskizun edo iharduera batzuk egiteko ezgaituta dagoen barrupean ikuskizun edo iharduera horiek egitea.

i)    Beren eginkizunak betetzen ari diren bitartean agintaritzaren agenteei sarrera debekatzea behin eta berriro, edota ikuskatze-lanak galarazi zein oztopatzea.

j)    Urtean bi arau-hauste larri baino gehiago egitea.

33. Atala - Arau-hauste larriak

      Hauek dira arau-hauste larriak:

a)   Aurreko atalaren a), b), c) eta d) puntuetako arau-hausteak egitea, baldin eta horren bidez pertsonak edo ondasunak arriskuan jartzen direla ikusten bada.

b)   Barrupeen edo instalazioen egoera txarra izatea edo osasungarritasunerako eta garbitasunerako beharrezkoak diren baldintzak ez betetzea, baldin eta horren bidez arrisku-egoerak sortzen badira pertsona edo ondasunentzat.

c)   Indarrean dagoen legediak eskatzen dituen segurtasun-neurriak betetzen ez direla jakinda ere, barrupeak edo instalazioak, lege honetako 3. artikuluan zehaztutakoak barne, errentan ematea edo lagatzea ikuskizunak edo iharduerak egiteko.

d)   Adin txikikoak ezin egon daitezkeen barrupe edo ikuskizunetan horrelakoen onartzea edo parte-hartzea.

e)   Adin txikikoei alkoholdun edariak saldu edo eskuratzea, edo halako edariak hartzen uztea hori berariaz debekatuta dagoen barrupe edo instalazioetan.

f)    Jendearen aukeratze-ahalmena oker dezakeen iruzurkeriazko publizitatea egitea.

g)   Sartzen uzteko eskubidea bereizkeriaz edo bidegabekeriaz erabiltzea.

h)   Sarrerak eta abonoak saldu eta bigarrenez saltzeko baldintzak ez betetzea.

i)    Erreklamazio-orriak ez izatea edo bezero nahiz erabiltzaileen esku ez jartzea.

j)    Ikuskizuna bertan behera uztea edo prestatutako egitarauaren funtsezko aldaketa egitea, ezinbestean ez bada.

k)   Hitzartutako lana ez egitea, prestatutako iharduera aldatzea edo ikuskizuna burutzeko ezarritako arauak ez betetzea, ezinbestean ez bada.

l)    Ikuskizunaren oinarrizko ataletan iruzur egitea.

m)  Ezin erre daitekeen tokietan erretzea edo erretzen uztea, baldin eta horrek segurtasunerako arrisku larria ekar badezake.

n)   Urte baten buruan bi arau-hauste arin baino gehiago egitea.

ñ)   Aurreko atalean ezarritako edozein arau haustea, baldin eta dagokion izaera, unea edo egoera dela eta oso larritzat jotzen ez bada.

34. Atala - Arau-hauste arinak

      Hauek dira arau-hauste arinak:

a)   Barrupeen barruan edozein salmenta-postu edo iharduera jarri edo egitea, horretarako behar den aurretiazko administrazio-baimena lortu gabe.

b)   Komun edo bainugeletan garbitasunik ez izatea.

c)   Agintariei ez jakinaraztea antolatzaileak, enpresak edo beren ordezkariak ezagutzeko izenak eta helbideak edo beste xehetasun batzuk, edo barrupeen baimenaren edukinen aldaketak.

d)   Erreklamazio-orriak ez izatea administrazioak eskatutako moduan.

e)   Ikuskizuna egitea aurretiazko adin-sailkapenik gabe, edo ikuskizuna gauzatzean sailkapen horretatik nabarmen urruntzea.

f)    Ikusentzuleek, bertaratuek edo erabiltzaileek begirunerik ez izatea artistekin, kirolariekin eta edozein parte-hartzailerekin zein jendearekin, edo alderantziz.

g)   Ikuskizunak hasi edo bukatzeko ordua atzeratzea, edo ikuskizun eta jolas-ihardueretarako barrupeak ireki eta ixteko ordutegia ez betetzea.

h)   Ikusentzuleak agertoki, zelai edo antzeztokietara sartzea ikuskizuna hasita dagoela, ez bada aldez aurretik horrela ezarrita dagoelako edo ihardueraren izaerak hala eskatzen duelako.

i)    Barrupeen egoera txarra izatea, horren ondorioz guztiz ezerosoa gertatzen bada.

j)    Aurreko atalean ezarritako edozein arau haustea, baldin eta dagokion izaera, unea edo egoera dela eta larritzat jotzen ez bada.

k)   Lege honetan ezarritako beste edozein arau haustea, alegia, ordutegiak, administrazio-izapideak, epeak, iharduera egiteko arauak edo antzekoak haustea, baldin eta oso larritzat edo larritzat jotzen ez bada.

35. Atala - Zigorrak

      1.-     Arau-hauste oso larriek honelako zigorrak eragin ditzakete banaka edo batera:

a)   Isuna: gutxienez, 5.000.001 PTA, eta, gehienez, 25.000.000 PTA.

b)   Iharduera edo iharduerak bertan behera uztea edo egiteko debekua: gutxienez, urte bat eta egun bat, eta, gehienez, hiru urte.

c)   Barrupea ixtea: gutxienez urte bat, eta egun bat, eta, gehienez, hiru urte.

d)   Iharduera bera egiteko ezgaitzea: gutxienez, sei hilabete eta egun bat, eta, gehienez, urte bat eta sei hilabete.

      2.-     Arau-hauste larriek honelako zigorrak eragin ditzakete banaka edo batera:

a)   Isuna: gutxienez, 200.001 PTA, eta, gehienez, 5.000.000 PTA.

b)   Iharduera edo iharduerak bertan behera uztea edo egiteko debekua: gehienez, urte bat.

c)   Barrupea ixtea: gehienez, urte bat.

d)   Iharduera bera egiteko ezgaitzea: gehienez, sei hilabete.

      3.-     Arau-hauste arinek, gehienez ere, 200.000 PTAko zigorra eragin dezakete.

      4.-     Iharduera bertan behera uzteko zigorrek edo barrupea ixtekoek, sei hilabetekoak baino handiagoak direnean, ikuskizunen eta jolas-ihardueren legediaren babesean emandako lizentziak bertan behera uztea ekarriko dute, beti ere lege honen 12. atalaren 3. azpiatalarekin bat.

36. Atala - Zigorrak zehazteko modua

      1.-     Zigorrak zehaztu eta ezartzeko kontuan hartuko dira, batetik, arau-hauslearen erruduntasuna eta, bestetik, administraziozko arau-haustea gertatu denean bildutako gainerako inguruabarrak. Hala ere, honako hauek bereziki begiratuko dira:

a)   Norbanakoei eragindako kalteen izaera eta zenbatekoa.

b)   Arau-hausteak gizartean duen eragina.

c)   Iharduerak eragindako arriskua.

d)   Nahita edo berriz egin ote den.

e)   Legez kontra lortutako etekina.

f)    Zigor-espedientea bukatu aurretik eska daitezkeen ordain-neurriak hartu ote diren.

g)   Arau-haustearen egozte-mailan eragin dezakeen beste edozein, bai errua arintzeko bai astunagotzeko.

      2.-     Arauak haustea betetzea baino komenigarriagoa gerta ez dakion arau-hausleari, kasu bakoitzean ezar daitekeen diruzko zigorrari legez kontra lorturiko zenbatekoa ere gehitu ahal izango zaio.

37. Atala - Erantzuleak

      1.-     Lege honetan zehaztutako ekintzetan edo ez-egiteetan maltzurkeriaz, erruz edo arduragabekeria hutsez ihardun duten pertsona fisikoak edo zuzenbidezko pertsonak erantzuleak izango dira, eta zehazki honako hauek:

a)   Ikuskizun edo jolas-ihardueretarako barrupeen, instalazioen edo lizentzien jabeak.

b)   Ikuskizunen eta jolas-ihardueren antolatzaileak.

c)   Antolatzaileon ardurapeko langileak eta beharrezko lankideak.

d)   Artistak, kirolariak edo parte-hartzaileak.

e)   Ikusentzuleak edo erabiltzaileak.

      2.-     Aurreko azpiataleko c), d) eta e) puntuetan aipatutako pertsonek egindako arau-hausteen erantzuleak barrupeen jabeak edo antolatzaileak izango dira, baldin eta jabeok edo antolatzaileok arau-haustea aurrikusteko beharra bete ez badute, eta, edonola ere, bidezkoak diratekeen kalteordainak emateko egintzen kalterik gabe.

      3.-     Halaber, lege honen gai den administrazio-arloaren berezitasunak eskatzen dituen ñabardurak eta egokitzapenak aintzat hartuta, zuzenbide-aurkakotasuna eta erruduntasuna baztertzeari buruzko arau penalak analogiaz ezarriko dira ahal den neurrian, beti ere, ondorio beretarako, arlo horretan garrantzitsuak diren inguruabarrei so egitearen kalterik gabe.

38. Atala - Organo aginpidedunak

      1.-     Arau-hauste oso larriengatiko zigor-espedienteak ireki, izapidetu eta erabakitzeko organo aginpidedun Eusko Jaurlaritzan horretarako aginpidea dutenak izango dira.

      2.-     Arau-hauste arin eta larriengatiko zigor-espedienteak ireki, izapidetu eta erabakitzeko organo aginpidedun udal bakoitzean edo Eusko Jaurlaritzan horretarako aginpidea dutenak izango dira, kontuan izanik nahitaez behar diren lizentziak eta baimenak emateko ahalmena zein administraziok duen bere gain. Dena dela, Eusko Jaurlaritzan aginpidea duten organoak izango dira, era berean, 700 lagun baino gehiago sartzeko moduko barrupeen gaineko arau-hauste larriengatiko zigor-espedienteak izapidetzeko aginpidedun.

      3.-     Zigorrak jartzeko Eusko Jaurlaritzak duen ahalmena Herrizaingo Sailak gauzatuko du, ondorengo eskurantzei jarraiki:

a)   Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza izango da Eusko Jaurlaritzak erabaki beharreko zigor-espedienteak irekitzeko edo izapidetzeko organo aginpideduna.

b)   Joko eta Ikuskizun zuzendariari egokituko zaio arau-hauste arin eta larriengatiko zigorrak ezartzea.

c)   Herrizaingo sailburuordeari egokituko zaio 10.000.000 PTA arteko arau-hauste oso larriengatiko isunak eta urtebete eta sei hilabete arteko gainerako zigorrak ezartzea.

d)   Herrizaingo sailburuari egokituko zaio arau-hauste oso larriengatiko gainerako zigorrak ezartzea.

      4.-     Espedientea izapidetu bitartean, izendatutako espedientegileak uste badu bere administrazioari ez dagokiola zigortzeko aginpidea, orduan, aginpide hori duen administrazioari igorriko dizkio iharduketa guztiak. Azken horrek, jarraian, iharduketok dauden ihardunbide-alditik bertatik aurrera jarraituko du.

      5.-     Aurreko azpiataletan aurrikusitakoaren kalterik gabe, Eusko Jaurlaritzako organo aginpidedunek beren gain hartuko dute udalei dagokien aginpideko zigor-espedienteak ireki, izapidetu eta erabakitzeko aginpidea, baldin eta udalek arau-hausteak zigortzeko ahalmenari itzuri egiten badiote. Eusko Jaurlaritzak, nolanahi ere, aldez aurretik eskatu beharko die udal interesdunei ahalmen hori erabil dezatela.

      6.-     Eusko Jaurlaritzako eta toki-administrazioetako organo aginpidedunek, espedientea irekitzeko erabakia hartzen den egunetik hamar eguneko epearen barruan, elkarri emango diote izapidetzen ari diren espedienteen berri.

39. Atala - Preskripzioa

      1.-     Arau-hauste oso larriek hiru urteko epean preskribituko dute, larriek urtebetean eta arinek sei hilabetetan.

      2.-     Arau-hauste oso larriengatiko zigorrek hiru urteko epean preskribituko dute, larriengatiko zigorrek urtebetean eta arinengatikoek sei hilabetetan.

40. Atala - Ihardunbidea

      Eusko Jaurlaritzak emandako araudiz edo, bestela, horren ordez ezarri beharko diren arauen bidez zehaztuko da zein ihardunbide erabili beharko den, lege honetan aurrikusitako arau-hausteak direla eta, ireki eta erabakitzen diren zigor-espedienteak izapidetzeko.

41. Atala - Behin-behineko neurriak

      1.-     Zigor-espedientea irekitzeko aginpidea duten organoek, edozein unetan, zenbait behin-behineko neurri har ditzakete, arrazoiak eskainiz, baldin eta neurri horiek beharrezkoak eta egokiak badira balizko erabakiaren eraginkortasuna ziurtatzeko, arau-hausteen ondorioek bere hartan jarraitzea eragozteko eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko.

      2.-     Hona hemen har daitezkeen neurriak:

a)   Fidantzak ematea.

b)   Segurtasun-, garbitasun- edo erosotasun-arrazoiak direla eta, zerbitzuak, iharduerak edo lizentziak aldibaterako bertan behera uztea.

c)   Jabeen ardurapeko pertsona, saltegi edo instalazioetarako behin-behineko segurtasun-neurriak hartzea.

VI ATALBURUA

JENDAURREKO IKUSKIZUNEN ETA JOLAS IHARDUEREN EUSKAL KONTSEILUA

42. Atala - Sorrera

      Lege honen bidez Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseilua sortuko da Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen arlo honetako koordinazio, lankidetza, kontsulta eta aholkularitzarako. Kontseilu hau Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari atxikita geratuko da.

43. Atala - Eginkizunak

      Hona hemen Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseiluari dagozkion eginkizunak:

a)   Lege hau garatu eta ezartzeko egingo diren xedapen-proiektuei buruzko txostena ematea derrigorrez. Halaber, barrupe edo instalazioen irekiera mugatu, lizentziak emateko baldintzak arautu eta barrupeak ireki zein ixteko ordutegietan eragiten duten udal-plangintzako xedapenei eta tresnei buruzko txostena eman beharko du kontseilu honek.

b)   Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek ikuskizunen eta jolas-ihardueren arloan garatu behar dituzten iharduketak bateratzen ahalegintzea.

c)   Kontseiluan ordezkatuta dauden organo eta erakundeek eskatutako irizpenak eta txostenak egitea, kontsultak argitzea eta aholkularitza ematea lege honen ezarpen-eremuan sartzen diren arloetan.

d)   Lege honek ezarritako helburuak lortzeko egokitzat jotzen dituen azterlanak eta proposamenak egitea.

e)   Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, urtero, arloaren egoeraz eta bilakaeraz egingo duen ekitaldi-txostena eztabaidatu eta, hala badagokio, onartzea.

44. Atala - Osakera

      1.-     Honako hauek izango dira Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseiluko kide:

-  Kontseiluburua: Herrizaingo sailburuordea, edo, honen ordez, kontseiluburuordea.

-  Kontseiluburuordea: Joko eta Ikuskizun zuzendaria.

-  Kontseilukideak:

.  Herrizaingo Saileko ordezkari bat, sailburuak izendatuta.

.  Eusko Jaurlaritzan industria, turismo, kultura, kirol eta osasun arloan aginpideak dituzten sailetako lau ordezkari.

.  Euskal Autonomi Elkarteko udaletako zazpi ordezkari, ordezkari gehien dituen udal-elkarteak izendatuta.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako funtzionario batek idazkari ihardungo du, hizpidearekin baina botorik gabe.

      2.-     Kontseiluak, kontseiluburuaren bitartez, eskatu ahal izango du kasuan kasuko arlo edo azpiarlo interesdunetako ordezkariak bere bilkuretara etor daitezela. Agerpen horren helburua, hain zuzen ere, bilkuraren gaiari hobeto heltzea izango da, bai eta dauden interesak eta ikuspegiak zuzenago ezagutzea ere.

      Kontseiluak, halaber, bere buruaren bitartez, beharrezkotzat jotako adituen laguntza eskatu ahal izango du. Adituek eskatu zaien arloko aholkularitza besterik ez dute egingo.

45. Atala - Antolaketa eta iharduteko modua

      1.-     Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseiluak ahalmena izango du bere eginkizunak garatzeko barne-antolaketa egokiena aukeratzeko eta lege honetan xedatzen denaren araberako ihardute-arauak ezartzeko. Bestalde, bost kidek osatutako Batzorde Iraunkorra izango du: batetik, hiru kide Eusko Jaurlaritzaren izenean eta horien arteko bat kontseiluburuordea; bestetik, udaletako bi ordezkari. Batzordeko idazkari-lanak kontseiluko idazkariak beteko ditu.

      2.-     Kontseiluaren osoko bilkura sei hilabetetan behin bilduko da, gutxienez. Horrez gain, kontseiluburuak, bere kabuz edo kontseilukideen heren baten edo gehiagoren eskariz, deitzen duen bakoitzean ere egingo da.

      Eginkizun duten lanaren garapenak eskatzen duen guztietan bilduko da Batzorde Iraunkorra, beti ere batzordeburuak deituta.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa

      Herrizaingo Saileko eta udaletako organo aginpidedunek egoki diren hitzarmenak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomi Elkarteko lanbide-elkargoekin edo beste erakunde batzuekin. Era berean, lege honetan ezarritako helburuak egokiro betetzeko behar diren kontratazioak egin ahal izango dituzte erakunde zein pertsonekin.

Bigarrena

      Zerbitzu egokiak ez dituzten udalek laguntza teknikoa eskatu ahal izango diete foru-aldundiei, hain zuzen ere, lege honek egiaztatu eta ikuskatzeko ematen dizkien ahalmenak garatzeko laguntza.

Hirugarrena

      8.2 atalean aurrikusten diren ondorioetarako, beharkizun hori betetzat joko da, baldin eta lege hau ez den beste arauren batekin bat etorrita derrigorrezko beste edozein aseguru-agiri aurkezten badute, beti ere, lege honek eta bere garapen-araubideak aurrikusitako arriskuak eta zenbatekoak edo gehiago estaltzen baditu aseguru horrek.

Laugarrena

      Autonomi Elkarte osorako organoei legeak izendatzen dizkien interes orokorrak eraginkortasunez babestuko direla bermatzeko, ahalmenak ematen zaizkio Eusko Jaurlaritzari lege honek jasotzen dituen ikuskizun eta jolas-ihardueren zaintza-arloan herri-administrazioek dituzten eginkizunak bateratzeko.

      Horretarako, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseiluak eztabaidatu eta txostena eman ondoren, legea indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, Jaurlaritzak lege honen ezarpen-eremupeko barrupeak eta instalazioak ikuskatu eta egiaztatzeko plan orokorra onartu beharko du. Hona hemen planaren xedea: administrazioen ekintzaren helburu orokorrak eta lehentasunak finkatzea barrupeen eta instalazioen izaera, iharduera, edukiera eta antzinatasunaren arabera; eskatzekoa den segurtasun-estandarrari buruzko irizpideak ematea, bai eta ikuskapenen edo egiaztapenen kronologiari buruzkoak ere. Toki-administrazioak, beren programazioak prestatu eta burutzeko, jarraibide horiei lotu beharko zaizkie.

      Plan orokorrak zehaztu beharko ditu, bestalde, Eusko Jaurlaritzak plana burutzeko izendatuko dituen dirulaguntzak. Horrez gain, lurralde historikoek ere borondatezko ekarpenak egin ahal izango dituzte.

      Udalek plana betetzeko prestatuko dituzten programazioak igorri beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzari, bai eta aldian-aldian planaren betetze-mailari buruzko argibideak bidali ere.

      Ikuskapenen eta Egiaztapenen Plan Orokorrean bildutako jarraibideak betetzean araugabekeriaren bat somatuz gero, Eusko Jaurlaritzak horretarako diru-izendapenak eta dirulaguntzak emateari utzi ahal izango dio edo, hala badagokio, emandakoa itzultzeko eskatu. Halaber, Jaurlaritzak, udalen ordez eta haien pentzutan, behar diren ikuskapenak edo egiaztapenak egin ahal izango ditu, hala dagokionean, plan orokorra bete dadin ziurtatzeko.

      Jaurlaritzak Ikuskapenen eta Egiaztapenen Plan Orokorra igorriko dio Eusko Legebiltzarrari. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, aurreko lerroaldian xedatutakoaren arabera egindako iharduketak jakinaraziko dizkio Legebiltzarrari eta Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseiluari; halaber, planaren betetze-mailaren eta eraginkortasunaren berri emango die.

Bosgarrena

      Lege honen aginduak, berariazko araubidea duten alderdiei dagokienez, ez zaizkie jokorako barrupe eta iharduerei ezarriko.

Seigarrena

      Eusko Jaurlaritzak barrupe eta instalazioei buruz emango duen araudiak bere baitan aldibaterako jaurbidea gorde ahal izango du burutu behar diren egokitzapenak egin daitezen.

Zazpigarrena

      Herri-bideetan kirol-probak egin ahal izateko, lege honetan, bere garapen-arauetan eta bide-segurtasunari buruzko legedian xedatutakoa derrigorrezkoa izango da.

Zortzigarrena

      Arlo honetan aginpidea duten sailek proposatuta, bezero edo erabiltzaileen esku egon beharreko erreklamazio-orrien ezaugarriak zehaztuko dira araudi bidez; halaber, bertan jaso beharko da barrupe edo instalazioaren jabeak jaso diren erreklamazioak administrazioari igorri beharra. Erreklamazio-orriek hiru alekoak izan beharko dute eta, hirurak beterik daudela, honela banatuko dira: bat aginpidea duen administrazioari igorri beharko zaio, beste bat errekla-maziogilearen esku geratuko da eta hirugarrena barrupe edo instalazioaren jabearentzat izango da.

Bederatzigarrena

      Legearen 22. atalean aipatzen den beharkizuna, alegia, erroldan egindako idazpenak garaiz jakinaraztearena, behin eta berriro betetzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko organo aginpidedunek, udalari betetzeko eskatu ondoren, ihardunean dauden barrupeetan eta instalazioetan behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egin ahal izango dituzte udalen ordez eta horien pentzutan. Ekimen horien helburua hauxe da, alegia, barrupeek eta instalazioek izena emanda eta egunean jarrita izatea ikuskizun eta jolas-ihardueretarako barrupeen eta erakunde antolatzaileen udal-erroldan eta errolda orokorrean, beti ere, indarrean dagoen legediak jasotzen dituen egintzak edo neurriak hartzearen kalterik gabe.

Hamargarrena

      Eusko Jaurlaritzak egunean jarri ahal izango du lege honetan ezarritako zigorren diru-zenbatekoa.

Hamaikagarrena

      Lege hau indarrean sartzen denetik sei hileko epean sortuko da Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Ihardueren Euskal Kontseilua.

Aldibaterako Xedapenak

Lehenengoa

      Lege honetan aurrikusitako araudi bidezko garapena egiten ez den bitartean, eta lege honen aurkakoak ez badira, barrupeen eta eraikinen segurtasunaren arloan indarrean dauden arauak ezarriko dira, eta, bereziki, eraikitzeko oinarrizko arauetan eta abuztuaren 27ko 2.816/1982 Errege Dekretuan jasotakoak.

      Halaber, honako hauek ere, lege honen aurkakoak ez direnetan, indarrean daude: zezen-ikuskizunei buruzko estatuko araubidea; usadiozko zezen-ikuskizunak arautzen dituen 215/1993 Dekretua, uztailaren 20koa, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-ihardueren ordutegi orokorra arautzeko Herrizaingo sailburuak eman dituen aginduak, eta azaroaren 5eko 1.942/1993 Errege Dekretua.

Bigarrena

      1.-     Lege honen 8.2 atalean aurrikusitako araudia ematen ez den bitartean, ustiapenetik datozkeen arriskuei aurre egiteko aseguru-agiriek estali behar dituzten gutxieneko kapitalek honako zenbateko hauek izango dituzte baimendutako edukieraren arabera, inolako frankiziarik gabe:

Gehienez ere 100 pertsona:            5.000.000 PTA.

Gehienez ere 300 pertsona:         10.000.000 PTA.

Gehienez ere 700 pertsona:         25.000.000 PTA.

Gehienez ere 1.500 pertsona:      40.000.000 PTA.

Gehienez ere 5.000 pertsona:      70.000.000 PTA.

      Gainerako barrupe eta instalazioetarako, gutxieneko kapitalak 10.000.000 Pta gehituko dira edukieraren handitzea 5.000 pertsonakoa edo kopuru honen zati batekoa den bakoitzean.

      Suziriak bota edo erretzeko ikuskizunetarako, gutxieneko kopurua 25.000.000 PTAkoa izango da, pirotekni baltzuari dagokion aseguru-agiriaren kalterik gabe.

      2.-     Lege honen 17.2 atalak aipatzen dituen araudiak onartzen ez diren bitartean, ikuskizun edo jolas-iharduera zehatzak egiteko baimena emateko, beharrezkoa izango da, batetik, zaintzako edo segurtasuneko zerbitzuak bertan izatea jendetza handia aurrikusten denetan eta, bestetik, aurreko lerroaldian aurrikusitako zenbateko eta irizpide berberen aseguru-agiriak izatea.

Hirugarrena

      Norbere babeserako derrigorrezko araua onartzen ez den bitartean, teknikari adituek prestatu beharko dituzte lege honen 8.3 atalean aipatzen diren larrialdi-planak. Plan horiek honako gutxieneko edukiak jaso beharko dituzte:

a)   Arrisku-eragileen azterketa eta ebaluazioa; larrialdi sumagarrien sailkapena.

b)   Larrialdien kasuetarako erabil daitezkeen giza eta gauza-baliabideak.

c)   Larrialdi bakoitzean pertsona bakoitzak dituen eginkizunen zehaztapena.

d)   Larrialdia izanez gero deitu behar diren zerbitzuen helbideak, alegia, larrialdiei aurre egiteko eta herri-babeseko zerbitzuenak.

e)   Erabiltzaileen eta, oro har, jendearen esku ipini behar diren gomendioak eta izango duten kokalekua; alarma gertatutakoan, horren berri jendeari jakinarazteko moduak.

f)    Barrupearen eta bere zatien kokalekuaren planoak; norbere babeserako interesa duten barruko edo kanpoko instalazioen kokalekuaren planoak.

g)   Plana ezartzeko programa: barrupeko langileen prestakuntza eta, hala badagokio, aldian-aldian istripu-itxurako saioak egitea.

Laugarrena

      Lege hau indarrean sartu baino lehenago irekitako zigor-espedienteak aurreko arau-bideari jarraiki izapidetuko dira, beti ere, lege honetan jasotako aurrikuspenak, hobeak direnean, ezartzearen kalterik gabe.

Indargabetzeko xedapena

      Lege honetan xedatutakoaren aurkako arau guztiak, maila berekoak zein beheragokoak, indargabeturik geratzen dira.

Azken-xedapenetakoak

Lehenengoa

      Eusko Jaurlaritzak ahalmena du lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei eguneko epean sartuko da indarrean.

BARRUPEEN, INSTALAZIOEN, JENDAURREKO IKUSKIZUNEN ETA JOLAS IHARDUEREN KATALOGOA

I.-  JENDAURREKO IKUSKIZUNAK

-  Zinea.

-  Antzerkia.

-  Kontzertuak eta jaialdiak.

-  Zezen-ikuskizunak.

-  Zirkua.

-  Kaleko ikuskizunak eta ikuskizun ibiltariak.

-  Mota guztietako kirol-lehiaketak.

-  Dantza.

-  Arte eta kulturako antzezpen edo agerraldiak; folklore-emanaldiak.

-  Herri-bidean egiten diren desfileak.

-  Ikuskizun komikoak.

-  "Variétés" estiloko ikuskizunak.

-  Zenbait ikuskizun, antolatzaileek edo horien kontura diharduten artista, kirolari edo egileek eskainitako antzezpen, erakusketa, iharduera edo emanaldiak ikusteko jendea biltzen dutenak.

II.- JOLAS IHARDUERAK

-  Dantza.

-  Dantzaldiak eta antzekoak.

-  Jolas- eta zori-jokoak.

-  Maila ezberdinetako ostalaritza.

-  Barrakak.

-  Animalia bizien erakusketak.

-  Hitzaldiak eta biltzarrak.

-  Arte edo kulturako erakusketak.

-  Mota guztietako kirol-iharduerak, jolas-helburuak badituzte.

-  Zenbait jolas-iharduera, erakunde antolatzaile batek denborapasarako edo jostaketarako bere barrupe edo zerbitzuak eskainiz edota berak antolatutako ihardueretan parte hartzea eskainiz jendea biltzen dutenak.

III.-       BARRUPEAK ETA INSTALAZIOAK

1.   Jendaurreko ikuskizunak:

-  Mota guztietako kirol-lehiaketetarako barrupeak.

-  Kontzertu-aretoak.

-  Zezenplaza finkoak.

-  Zirku finkoak.

-  Dantzalekuak, ikuskizunekin edo ikuskizunik gabe.

-  Diskotekak.

-  Gazteentzako dantzalekuak.

-  Bestelako barrupe edo instalazio parekagarriak.

2.   Ostalaritza eta janarigintza:

-  Tabernak eta ardandegiak.

-  Kafetegiak, edaritegiak, kafetxeak eta dastalekuak.

-  Jatetxeak, erretegiak, autozerbitzuak, jateko etxeak.

-  Txokolatetegiak, txurrotegiak, izozkitegiak.

-  Taberna bereziak, whiskitegiak, klubak, taberna amerikanoak, pubak, disko-pubak, karaokeak.

-  Antzoki-kafetxeak.

-  Txokoak eta gastronomi elkarteak.

-  Bestelako barrupe edo instalazio parekagarriak.

3.   Jolas eta kirol-ihardueretarako barrupeak:

-  Kirolak eta jolasak egiteko herri-erabilerako esparruak, edozein mota dela ere (igeritokiak, kiroldegiak eta abar).

-  Gimnasialekuak.

-  Bolatokiak.

-  Bestelako barrupe edo instalazio parekagarriak.

4.   Kulturako barrupeak:

-  Erakusketa eta hitzaldi-aretoak.

-  Museoak eta liburutegiak.

-  Biltzar-etxeak.

-  Zineak.

-  Antzokiak.

-  Entzutegiak.

-  Bestelako barrupe edo instalazio parekagarriak.

5.   Jolas- eta zori-jokoetarako barrupeak:

-  Kasinoak.

-  Bingoak.

-  Joko-aretoak.

-  Jolas-aretoak.

-  Bestelako barrupe edo instalazio parekagarriak.

6.   Esparru irekiak edo erdi-irekiak:

-  Herri-bideetako zirkuituak, edo kirol-lehiakete-tarako nahiz kirola egiteko herri-erabilerako gune irekiak.

-  Feria-esparruak.

-  Jolasparkeak.

-  Zooparkeak.

-  Bestelako barrupe edo instalazio parekagarriak.

7.   Instalazio desmuntagarriak:

-  Zirkuak.

-  Zezenplazak.

-  Feria-etxolak.

-  Txosnak.

-  Bestelako instalazio desmuntagarriak, atal honetakoekin parekagarriak direnak.

8.   Bestelako barrupe eta instalazioak:

-  Bestelako tokiak, hain zuzen ere aurreko multzoetan sartzen ez diren jendaurreko ikuskizunak eta jolas-iharduerak beren baitan hartzen dituztenak.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra