Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1993 Legea, ekainaren 24koa, Euskadiko Kooperatibena.

1993-06-24

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1993/7/19, 135. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.

§ 147. 4/1993 LEGEA, EKAINAREN 24KOA, EUSKADIKO KOOPERATIBENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       1982ko otsailaren 11ko Koperatibei buruzko Legea Euskal Autonomi Elkarteak lortu berria zuen legegintzarako gaitasunaren lehen fruituetako bat izan zen eta garai hartan ahalik eta azkarren konpondu beharrean zeuden beharrizanei egoki egin zien aurre: ordurako gaindituta zeuden politika eta sozio-ekonomiaren arloko aurreiritzien ondorioz sortutako legedia eraberritzea, sortutako araudia Nazioarteko Koperatiben Elkarteak zabaldutako koperatiba-oinarriekin bete-betean bat zetorrena izatea eta Euskadiko koperatiba-zaletasuna sustatu eta defendatzea. Hori guzti hori koperatiben autonomia bultzatu eta koperatiben inguruan eman behar zen gero eta konplexutasun handiagoak ziur asko eskatuko zituen formulei, baita saia-kuntzazkoei, bideak irekita uzten saiatzen zen araudi baten bidez.

 

       Aurreko legea sortu zenetik urte asko igaro ez badira ere, bere edukia berriz aztertzea eskatzen duten gertakariak izan dira. Hasteko, koperatibei buruzko legedia berritzeko bideari amaiera eman zaio neurri handi batean, bai Estatuan eta baita arlo horretan aginpideak dituzten autonomi elkarteetan ere, eta horrek, zalantzarik gabe, hobekuntza garrantzitsuak ekarri ditu. Bestetik, eraberritze sakona burutu da Merkataritza Zuzenbidean orokorrean eta Elkarteen Zuzenbidean bereziki, EEEko arteztarauekin egokitzeko. EEE ezinbesteko erreferentzia da koperatiba-elkarteak teknikoki eta gaurkotasunez arautu ahal izateko. Bukatzeko, gure koperatiba-zaletasuna, bere barne-bilakaerari nahiz gero eta gehiago lehiatu eta eskatzen duen merkatuaren eskariei behar bezala aurre egin ahal izateko, etengabe aberastu da. Hori guzti hori kontuan izan eta tajuz bildu beharko du hogeita batgarren mendearen atarian koperatiba-elkarteak arautu eta haien garapena bultzatu nahi duen arauak, Legebiltzarrak berak 1992ko ekainaren 9an izandako bileran gomendatu zuenez.

 

       Lege honen bidez, beraz, euskal koperatiben inguruko lege-esparruan gaur egun dauden hutsuneak bete eta, era berean, araudi berria Europako Ekonomi Elkarteko arteztarauetara hurbildu nahi da, Estatuko Zuzenbidean eta Zuzenbide Konparatuan azken urteetan garatu diren aurrerakuntza eta lege-baliabideak jasota.

 

       1993. urtean Europako Ekonomi Elkartean bete-betean sartzeak are gehiago indartuko du, beharrezkoa izanez gero, legeen egokitzapen hau, era horretan euskal koperatibek, legedi berri eta malguaren bidez, enpresen arloko erronkari aurre egin ahal izateko. Izan ere, urte horretatik aurrera, gure koperatibek merkatu askoz ere exijente eta lehiakorragoan jardun beharko dute eta erabakiak hartzean azkar ibiltzeak berebiziko garrantzia izango du. Horri guzti horri aurre egin ahal izateko, beharrezkoa izango da koperatibek beren diru-baliabideak indartu, ekonomiako edozein alorretan jardun eta bateratze egokiak egin ahal izatea. Baina horrekin batera, administrazio-organo gero eta azkarrago eta profesionalagoez baliatu eta dagoeneko finkatuta dauden beste egitura batzuekin lehiatzeko moduko egitura handiak sortzeko aukera izan beharko dute.

 

       Hori guzti hori dela eta, gure koperatibak behar bezala garatzeko dauden oztopoak baztertu nahi ditu lege berriak, koperatibok merkatuan lehian izango dituzten gainontzeko enpresek dituzten aukera berdinekin jardun ahal izateko.

 

       Lege honek 145 atal, 3 erabaki gehigarri, 7 behin-behineko erabaki, 5 azken erabaki eta indargabetze-erabaki bat ditu, eta guztiak 4 idazpuru, 15 atalburu eta 18 sailetan daude bilduta.

 

I.-  ERABAKI OROKORRAK

 

       Legearen hasieran erabaki orokor batzuk daude jasota, eta horietan gaur egun indarrean dagoen lege-jaurpideaz alderatuta aldaketa sakonak egin direnez, azalpenen bat eman beharra dago, labur bada ere.

 

       Zuzenbide Konparatuko osagaiak gure koperatibazko lege-usadioaren ezaugarriekin bateratzen dituen koperatiba-elkarte kontzeptua zehaztean, ez da koperatiben oinarrien zerrendarik egin, eta harrigarria gerta daiteke, baina aipatu gabe uzte hori ez da ustegabekoa, eta horren aldeko argudio irmoak daude. Batetik, ez da ahaztu behar Nazioarteko Koperatiben Elkarteak koperatiben oinarriak berriz zehaztu behar dituela laister batean, eta beraz, ez litzateke egokia izango 1966an Vienako Kongresuan onartutako testuan oinarritutako arau haiek berriz errepikatzea. Bestetik, legegileak nolabaiteko doktrina kutsuko argudioak eman ordez -oso erakusgarriak izanda ere-, araututako erakundearen oinarrizko ezaugarriak benetan gauzatzeko legezko bermea eman behar duela uste izan da. Hori izan da lege berriaren asmoa eta hori da bertako agindu askok iritsi nahi dutena, bene-benetazko koperazioaren baloreak zaindu eta indartzeko helburua baitute.

 

       Gainerantzekoan, lehen mailako koperatibetan boto parekidean legez izan daitekeen salbuespen bakarrak, harrigarria badirudi ere, oinarrian koperatibizatutako jarduera eta interkoperazio-oinarria ditu, balio eta benetakotasun handiko irizpideak, gaur egun berebiziko garrantzia dutenak. Zehaztapen hau egin ondoren, lege osoa koperatibismo eraginkor, demokratiko eta gardenean hezurmamitzen dela azpimarratu behar da, eta egiazko koperazioaren helburu eta exijentziak arau zehatzetan gauzatzeko orduan, hobekuntza nabarmenak ekarri ditu.

 

       Sailen arloan indarrean zegoen legedia ere sakonki aldatu da lege honetan, orain arteko araudia neurri batean zehaztasun gabea eta okerrekoa baitzen. Ondorio horiek izan ez daitezen, araudi berriak elkarteak erantzukizuna berak osotasunean izango duela azpimarratzen du, eta baita Batzar Orokorra sail bakoitzari atxikita dauden bazkideen biltzarren gainetik egongo dela, bai guneari eta baita erabakiak hartzeari dagokionean.

 

       Beste batzuekin egin beharreko eragiketei dagokienean ere, era honetako lege batek, Europako esparru berriari begira, ezin zuen koperazioa eta elkarlaguntza nahasten zuten iragandako ikuspuntuez jarraitu. Baina, bestalde, ez da ahaztu behar koperatiba batek koperatiba izaten jarraituko badu, ondasunak edo zerbitzuak eskaini beharko dituela batez ere bertako bazkideen artean. Elkarte mailako egiteko gehigarriren batek -esate baterako kontsumo-koperatibek kontsumitzaileei ematen dieten eragiketa-babesa, eta ez informazioari dagokiona bakarrik- baino ezin izango du aipatutako oinarrian salbuespena sortu, Estatuko legeak onartzen duen moduan. Oinarri horren arabera, koperatibak ekonomi ekitaldi bakoitzean egindako eragiketa gehienak erakundeko bazkideekin egin beharko ditu, eta estatutuetako ohartemateak horrekin bat ez badatoz, baliogabeak izango dira.

 

       Azkenean, arauaren sarrerako zatia edo orokorragoa denak berez edozein koperatibari gutxieneko baltzu-kapitala legez eskatu ahal izatea ezarri du, Estatu osoan lehenbiziko aldiz. Horren bidez, elkarteei buruzko Zuzenbide Konparatuaren azken joerez bat egiteaz gainera, koperatiben enpresa-izaera nabarmendu nahi da, erakundea sortzen denetik hasita, besteen aurrean ekonomikoki serioa eta lege aldetik ziurra dela erakusteaz gainera. Bestelakoan, proposatutako diru-kopuruak (milioi bat pezeta jarri beharra) edozein koperatibak lortzeko modukoa dirudi, bere izaera bereziak hasieran kapital handiagoa izatea eskatzen ez badio behintzat, batez ere maileguen, aseguruen edo garraioaren arloan dihardutenekin gertatzen denez.

 

II.- KOPERATIBAK ERATZEA

 

       Koperatibak eratzean bazkideen, besteren edo baita herri-administrazioaren bermeak finkatu eta indartu nahi dira, eta horretarako, koperatiba sortzeko beharrezkoa dena legelari-agirian jaso beharra ezarri da, lege aldetik ziurtasuna izan ahal izateko. Hori guzti hori sustatzaileen borondatearen autonomia errespetatzearen kaltetan gabe.

 

       Araugabeko koperatiba nahiz koperatibaren baliogabetasuna eta horien ondorioak ere jaso dira.

 

       Estatutuetan gutxienez agertu beharrekoen artean, nabarmendu beharrekoa da gutxieneko baltzu-kapitala eta bazkideek koperatibaren jardueran gutxieneko partehartzea izango dutela zehaztea gehitu direla.

 

III.- EUSKADIKO KOPERATIBEN ERROLDA

 

       Arau honek Euskadiko Koperatiben Errolda ere egoki arautzen du, beharrezkoa duen eraginkortasuna eman diolarik gaiari eta moduari buruzko zabalkunde, legezkotasun, eskubide emate, lehentasun eta traktu jarraiaren oinarrien bidez, bereziki koperatiben arloan iharduten legezko erroldetan ohizkoa den moduan.

 

       Bestalde, errolden antolaketa eta oinarrizko egitekoak arautu dira, eta antolaketa eta jarduera-jaurpidea arau bidez garatu beharra dagoela erabaki da.

 

IV.- BAZKIDEAK

 

       Bazkideen lege-egoera arautzean, koperatiben gizarte eta enpresa-jardueran beharrezkotzat hartu diren aldaketa ugari gehitu dira.

 

       Lehen mailako koperatiba bat sortzeko gutxieneko bazkide-kopurua bostera igo da eta hala, Estatuan nahiz autonomi elkarteetan koperatiben inguruan dauden legeekin bateratu da.

 

       Bazkideak onartzeari dagokionez, onarpena ukatzeagatik bazkidegaiak jar dezakeen errekurtsoa, koperatibakide berri bat onartu ez dadin bazkideek egin ahal izango duten erreklamazioa eta aurkatze horrek izango dituen indargabetze-ondorioak ere garatu dira.

 

       Lan-bazkideek parte hartzeko irizpideak derrigorrez zehaztu beharko dituzte estatutuek, eta berauen proba-aldia zenbatekoa den berariaz arautu da.

 

       Elkartearen interesei kalterik ez egiteko, bazkide guztiek isilpekoa gordetzeko betebeharra zehaztu da, eta baita proposamenak egiteko eskubidea ere.

 

       Bazkideek informazioa jasotzeko duten eskubidea modu zabal eta osatuagoan arautu da, eta beste batzuen artean, elkarteko agiririk aipagarrienetara jotzeko aukera ere ezarri da. Dena den, informazio-eskubideari gaindiezinezko muga batzuk ezarri zaizkio, koperatibaren interesentzat kalte larriak sor daitezkeelako edo bazkideen erabilera gehiegizkoa izan daitekeela ikusten delako. Baina administratzaileek informazioa ukatzeko beti arrazoiren bat beharko da eta dena dela ere, azken erabakia Batzar Orokorrak emango du bilera itxian.

 

       Bazkide izateari uztea dela eta, pertsona juridikoei aldez aurretik berri emateko epea luzatu egin da, eta baita gutxieneko egonaldia ere, eta banandutako bazkideari aldez aurretik zuen zenbait betebehar bete dezala eskatzeko koperatibak duen eskubidea arautu da. Gainera, borondatezko kanporatzea dela eta dauden aukera guztiak osotasunean landu dira, bazkidea banatzeko legez ohartemandako eskubideen ondoriozkoak barne direla, eta arrazoitu eta arrazoitu gabeko kanporatzeen arteko legezko bereizketa ere gehitu da.

 

       Bazkideak koperatibarekiko zuen zehaztu gabeko loturaren salbuespen gisa, elkartearekin iraupen jakineko harremanak izatea ahalbidetu da eta horrek, praktikan ikusitako beharrizanei aurre egiteaz gainera, enpresako jardueretan dihardutenen arteko lege-antzekotasuna gordetzen lagunduko du eta koperatibaz kanpoko aldi baterako eta elkartze-asmorik gabeko loturen ondorioz sortutakoa baino koerentzia ideologiko handiagoa erakutsiko du.

 

       Euskadin lehenbiziko aldiz, zigorbidezko arrazoirik izan gabe ere erakundean bazkide izaten jarraitzerik ez dutenen derrigorrezko kanporatzea arautu da.

 

       Koperatiben zigor-jaurpidea osoago eta zehatzago garatu da zigor-mota, hutsegiteak agindu eta prozedura-arauei dagokienean, eta bazkideek eskubideak galtzeari dagokionean, malguago jokatu da, azken hau kontu handiz landu beharreko gaia eta beste lege batzuetan behar beste arautu gabekoa dela kontuan izanik.

 

       Jardunik gabeko bazkideen edo erabiltzaile ez direnen gehieneko boto-kopurua mugatu egin da, eta elkarteko boto guztien bostena izango dute.

 

       Bukatzeko, iraizpenei dagokienez, erabakia emateko epe bat jarri da eta horretaz jarduteko Batzar Orokorreko zehaztu gabeko une bat hartu beharko da.

 

V.-  KOPERATIBAKO ORGANOAK

 

       Elkarteko organoei dagokienez, berrikuntza ugari sartu dira, soilik Batzar Orokorraren egitekoak direnak garbi asko zehaztu eta administrazio-organoaren esku utzi baitira enpresa aurrera eramateko beharrezko diren egitekoak. Hori guzti hori gogoeta sakon baten ondorioa da, eta Elkarteen Zuzenbideak gaur egun dituen joerak nahiz enpresak arintasunez, eraginkortasunez eta besteen aurrean lege-babes ahalik eta handienaz kudeatu beharrak eragin du. Hala, Batzar Orokorrak ezin izango ditu legeak elkarteko beste organo baten esku uzten dituen aginpideak bere egin.

 

       Zehazki azaltzeko, Batzar Orokorrari dagokionez, indarrean duen lege-jaurpidea neurri handi batean hobetu da, eta hala, auzibidera jotzeko eskaria egiteko aukera zehaztasun handiz arautu da; bazkide-kopuru handia duten koperatibetan batzarrerako deia egiten denean, jendaurrean horren berri nabarmenago eman beharra finkatu da; bigarren deialdia egiten denerako, bertaratzen direnen gutxieneko kopurua ezarri da; bi herenetako gehiengo indartua eskatzen duten egoerak gutxiago izango dira; bakoitzak boto bat baino gehiago izateko aukera ere ezarri da, baita lehen mailako koperatibetan ere, zenbait lege-pertsonari dagokionez, modu horretan koperatiba berriak sortu eta daudenak sendotzeko. Koperatibako jardunean bete-betean ez diharduten bazkideen boto-kopurua mugatu egin da, jardunean bete-betean dihardutenek izan dezaten koperatiba kontrolatzeko gehiengoa. Interesen auzia eta horren ondorioak, bilera-agiriak nola egin nahiz nola onartu eta Ordezkarien Batzarrak arautu dira, eta bukatzeko, akordioen aurka jotzeko sistema zehatz bat oharteman da, eta baliogabea izatea eta baliogabegarritasuna bereiztu dira, eskubide emate eta epeen ondorioetarako. Bestalde, ekintzen desegiteko epe bat ezarri da, koperatiba-salerosketen segurtasunaren onerako, akziokako elkarteei buruzko legedia berritu eta gero berauekin gertatzen den bezalatsu.

 

       Koperatibaren administrazio eta ordezkatzeari dagokionez, administratzaileena baino ez den egiteko multzo bat zehaztu da, eta berauen ahalmenei ezin izango zaie inolako mugarik jarri, elkartearen xedeen artean bildutakoak baldin badira. "Ultra vires" burututako ekintzak izanik ere, uste ona dela eta besteren babesa finkatu da. Bazkide gutxi dituzten koperatiben kasuan administratzaile bakarra izateko aukera onartu da. Artezkaritza-kontseiluko kideetako batzuk bazkideak ez direnen artean hautatuak izateko aukera sartu da, elkarteko organo hori profesionalagoa izan dadin, eta bigarren mailako edo geroagoko koperatiben kasuan, barrutik aukeratu ahal izango dituzte. Ezintasun edo debekuren bat duten administratzaileen kasuan, kargua uzten ez badute, aldi batez lanpostua kentzea oharteman da. Garrantzi berezia duten akordioak hartzerakoan, gehiengo indartua eskatu beharra ezarri da. Artezkaritza-kontseiluaren Egiterapen-batzordeak edo kontseilari ordezkariak izendatzea ahalbidetzen da. Administratzaileek erantzukizun handiagoa izango dute, era guztietako erruetara zabaldu baita, baina zuhurtasuna eskatzean kargua doanekoa edo ordaindutakoa den bereiztuko da, eta bestalde, administrazio-organoaren akordioak aurkatzeko modua aldatu egin da, baliogabea izatea eta baliogabegarritasuna bereiztu direlako, eskubide emate eta epeen ondorioetarako.

 

       Zaintza-batzordeari dagokionez, lege honetan sartzea beharrezkoa zela uste izan da, demokraziaren erakusle garbia izateagatik batetik -eta, beraz, oso egokia koperatiba batean- eta bestetik, organo administratzailearen eta langileen batzarren arteko lokarria izan daitekeelako. Batzar Orokorrak dituen aginpideen antolaketa berria -egungoagoa eta trinkoagoa-, ondorioz kide bakar edo anitzeko organo administratzaileak indartzea, Europako zenbait antolaketatan bitan banatutako eredua izatea eta gaur egungo ikuskatzaileek dituzten muga eta akatsak dira, beste batzuen artean, lege honetan Zaintza-batzordea proposatzeko arrazoiak. Dena den, kontu handiz ihardun da batzordearen osaketari nahiz aginpideei dagokienean, koperatiba gobernatu eta kudeatzeko oztoporik jarri ez dezan.

 

       Handi samarrak diren koperatiben kasuan, Elkarte-kontseilua aginpidedun organoa izango da, eta hala, gure autonomi elkarteko koperatibetan historikoki garatutako jarduera aberats bat onartu da.

 

       Errekurtso-batzordeari dagokionez, lege honetan berraztertzeko arrazoia barne-erreklamazioez erabakitzerakoan eraginkortasunez eta azkartasunez ihardun beharra eta, beste batzuetan bezala, nahi eta ez demokratikoki antolatu beharra izan dira, bazkideen esku koperatiban parte hartu eta kontrolatzeko gune berri bat jarri baita. Araudi berriarekin, bestalde, Errekurtso-batzordeak beste arlo batzuetan ere berraztertze-lanak egiteko gaitasuna izatea bultzatu da estatutuen bidez, eta beraz ez du zigorbidezkoak diren erabakiei buruzko erreklamazioak argitzera mugatu beharrik izango.

 

VI.- DIRU JAURPIDEA

 

       Diru-jaurpideari dagokionez, oinarri orokor bezala, iharduteko esparru malgu bat finkatzen saiatu dela azpimarratu behar da, baltzu-kapitalari ematen zaion erabilera hobetuz koperatibek beren aldetiko dirubide egokiak izatea ahalbidetzeko eta dirubidetze-modu berriak lortzeko.

 

       Bazkideen erantzukizunaren mugari dagokionez, estatutuetan ezin izango da ez aldaketarik ez salbuespenik sartu.

 

       Baltzu-kapitala dela eta legean esaten denari dagokionez, diruzkoak ez diren ekarpenak balioesteko arauak oharteman dira, laguntza-bidezko bazkideek ez dute inongo mugarik izango kapital horretan parte hartu ahal izateko, bazkide koperatzaileek beren ekarpenak koperatibak finkatutako gutxieneko zenbatekoan mantendu beharko dituzte eta baltzu-kapitalean ordaingarriak diren ordainsarien gehieneko muga handitu egin da, legezko korritua gehi sei puntutan ezarri delarik.

 

       Kitapenen arauzkotzearen ondoriozko emaitzen erabileraren jaurpidean, malgutasun handiagoa ezarri da, eta Zuzenbide Orokorreko elkarteentzat finkatutako lege-esparruan burutu beharko dira. Salbuespen bakarra koperatibak berdindu gabeko galerak izateak eragingo luke.

 

       Hitzartutako egonaldia betetzen ez duten bazkideen ekarpenak eskuratzean, estatutuetan kenketa-ehunekoak ehuneko hamar puntutan jasotzeko aukera izatea oharteman da.

 

       Baltzu-kapitalean egiten diren ekarpenez bestelakoak diren dirubidetze-moduei dagokienez, lehendik ere ohartemandako aukerez gainera -esate baterako zor agirien jaulkipena edo kapitalean gehitu gabeko ekarpenak- zehazki beste hauek ere jaso dira: ekarpen bereziak, hau da, bazkide edo bestelakoek bost urte baino gutxiagokoa ez den mugaegunaz egindakoak eta, kredituen lehenespenaren ondorioetarako, hartzekodun arrunt guztien atzean kokatzen direnak, eta gainera ordainsaria legean aurrez finkatzen ez zaienak; eta partaidetza-tituluak, bitariko ordainketa ezaugarri dutenak, hots, interes finkoa gehi koperatibaren emaitzen arabera ezar dadin zati aldagarria; eta partaidetzako kontu-hitzarmenetan oinarritutako emariak.

 

       Derrigorrezko fondoetan, gaindikin positiboen ehuneko hogeitamarreko zuzkidura orokorrari eutsi zaio, eta baltzua eratzen denetik Heziketa eta Koperatiba Sustapeneko Fondorako gutxieneko diru-sailari eutsi egin behar zaio.

 

       Galerei aurre egiteko arauek, borondatezko erreserben pentzutan, baita galera guztiak ere, ordaintzeko aukera emateaz gain, Derrigorrezko Erreserba Fondora egotzi ahal izatea onartzen dute, derrigorrezko fondoak (hau da, Heziketa eta Sustapenekoa barne) zuzkitzeko koperatibak ohituraz ematen duenaren heinean, gaindikin garbi positiborik badago.

 

       Azkenik, Heziketa eta Koperatiba Sustapeneko Fondoaren zertarakoak izan litezkeenei buruzko oinarrizko irizpideak zehaztu dira, eta Derrigorrezko Erreserba Fondoa banatzeko aukera ezarri da, bitariko koperatibak ezereztu eta kitatzean salbuespenezko kasu arautu batzuetan baino ez bada ere.

 

VII.-  ELKARTE AGIRIAK ETA KONTULARITZA

 

       Koperatibaren liburuen eta kontularitzaren araubideak aurreko legediaren mendean jarraitzen du, zer berririk ere badagoen arren, esaterako liburuen jardunbidea ezberdina da eta lehengo zaharra baino egokiagoa, eta erabili ondoren horiek bidezkotzeko ardura zeukan erakundea aurrerantzean Koperatiben Errolda izango dela.

 

       Era berean, koperatibak bere kontuak kanpoko auditoretzaren menpe noiz jarri beharko dituen eta kasu horietan kudeaketa-txostena egin beharko dela jasota daude.

 

       Halaber, azpimarratzekoa da letradu aholkulariaren figura berria sartu izana, merkataritza-legediarekin eta koperatiba-legedi orokorrarekin bat.

 

VIII.- ELKARTEAREN ESTATUTUAK ALDATZEA; KOPERATIBEN BATEGITEA, BANATZEA ETA ERALDATZEA

 

       Araudiaren aldaketaz lege berriak zabalkunde zorrotz eta xeheagoa ezarri du; bazkideek aldaketari dagozkion agiriak aztertu eta lortzeko duten eskubidea eta jendearentzat garrantzi berezia duten erabakien zabalkunde berezia azpimarra daitezke. Aldaketak koperatibaren helburuari funtsean eragiten dionean bazkideei baja arrazoitua hartzeko eskubidea aitortu zaie.

 

       Bategiteari buruz, bat egingo duten koperatiben artean aurre-erabaki bat hartu beharra ezarri da eta epe eta babesak jarri dira batasuna burutzeko. Bategitearen egitasmoaren zabalkunde handiagoa behar da, bazkideek eta hartzekodunek jakitun egoteko duten eskubideari dagokionean bereziki eragonaz. Bat egiteko erabakiak ere zabalkunde berezia behar du eta eskritura publikoaren bidez izenematea ezarri da, baita tarteko diren koperatibentzako ondorioak ere.

 

       Zatitzeari dagokionez, zein kasutan gerta litekeen arautu da, parte hartzen duten koperatiben administratzaileek izenpetutako egitasmoaren beharra erantsi da eta zatitzearen onuradun diren baltzuen elkartasunezko eta mugatutako erantzukizuna ezarri da.

 

IX.- ERALDAKETA

 

       Baltzu-berregituraketek aldaketarako jardunbideetan dute beren adierazpiderik nabarmenenetarikoa. Horregatik, eta indarrean dagoen araubideak horretaz hutsune ugari dituelako, lege berriak koperatibak bestetariko baltzu bihurtzea eta alderantzizkoa arautu du.

 

       Baltzu-motak birmoldatzeko bide horiek arautzeko hatsapen nagusi bi hartu dira kontuan, hain zuzen: koperatiba-aldaketak koperatibaren funtsa nahastu edota itxuragabetzea saihestea eta gaur egungo Baltzu Zuzenbidearen arautzeko teknikez baliatzea.

 

X.-  KOPERATIBA MOTAK

 

       Koperatiba-moten arauen oinarriak azpimarratzeak merezi du, nahiz eta batzuk aurrekoan jasota egon, Hortaz, lehenengo eta behin, koperatiba-moten araubidezko sailkapenak izaera irekia zeukan eta hala izaten jarraitzen du; gainera, ez da guztiz bateraezina mailaz goragoko erakundeak eratzeko ahalbidearekin; azkenik, koperatiba-mota bakoitzaren arau bereziek arau orokorrekiko duten prebalentziak ezin ahaztaraz dezake koperatiba-zaletasunaren funtsezko oinarriekiko lehentasunezko lotura, dena dela ere tasun hori gauzatzen den baltzu-modu zehatza.

 

       Bestalde, eta federazio-proiekzioan daukan garrantzia ikusita, komeni da sail arautzaileen eta araututako koperatiba-moten artean bete-beteko baliokidetasunik beti egoten ez dela adieraztea, behin baino gehiagotan hartzen baitu maila sistematiko hark koperatiba-mota edo -eredu bat baino gehiago, adibidez finantza- edo zerbitzu-koperatibetara zuzendutako sailekin gertatzen den bezala.

 

       Koperatiba-tipologiari buruzko lege-araubidearen aldaketa egiterakoan lege berriak koperatiba-mota bakoitzerako lortu gura dituen helburuak ondoren adieraziko direnak dira.

 

       Lankide-koperatiben araubidean, helburu eta berrikuntza hauek nabari dira: bazkide ez diren edo hartaz baliatzerik ez duten soldatakoek koperatibaren emaitzetan parte hartzea ezarri da; jarduera nagusia ondasun ekoizpena duten koperatibetarako, lantegiak estatutuen lurralde-eremuan izateko betebeharra ere ezarri da; laneko gutxieneko aurrerakin kontzeptua sarrarazi da; bazkide izateko probaldia luzatzeko aukera eman da, bete beharreko eginkizunek lanbideko ezaugarri bereziak eskatzen dituztenean, muga bazkide guztien ehuneko hogei izanik, eta aldi horretako eskubide eta betebeharrak argi eta garbi arautu dira; lan-sistema eta zigorbidea ezartzeko beregaintasuna errespetatu zaio koperatibari, bazkide langileak bere koperatibarekin daukan lotura -baltzu-harreman autokudeatua eta lan-legepekoa ez dena- bereziaren arabera; iraizpen-erabakiak aurreko araubidean zeukan berehalako betebeharrekotasuna galdu egin du, lantegietan elkarbizitza jagoteko behar diren babesak ezartzen diren arren; azkenik, diruzko, teknologiazko edo ezinbesteko arrazoiakatiko bazkide langileen etenaldi eta derrigorrezko baja berariaz arautu da, horrela sarritan koperatibei ere eragiten dieten berregituraketa- eta krisi-egoeren ondorio diren beharrizanei erantzunaz.

 

       Koperatibak inoren konturako langileak akuratzeko lan-legepeko hitzarmen guztietarako ehuneko hogeita hamarreko muga jarri da, koperatibaren izaera bera desitxura dezaten gehiegikeriak ekidin guraz.

 

       Kontsumo-koperatibetan, alde batetik, baltzu horietan parte nortzuk har dezaketen argitu da, gizarte izaera sakoneko arazoak konponduaz, eta, beste aldetik, bazkide ez direnekin jokatzeko modua zehazteko behar diren nondik norakoak dauzka, bai lurralde-eremuari dagozkionak bai koperatibakide ez diren erabiltzaileek izan behar duten azken hartzaile izaerari dagozkionak.

 

       Etxebizitza-koperatiben arloan, arauaren helburua, alde batetik, sustapen bakoitzeko bazkide-biltzarrari zentzuzko protagonismoa ematea da eta, bestetik, beti ere auditoretzaren menpe egon behar duten kontuen zorroztasuna eta koperatibak laguntza publikorik jasotzen ez duenean zain dauden bazkideei eskainitako babes-sistema autoarautzailea konbinatzea.

 

       Lege berriak sail berean, finantza-koperatibenean, bildu ditu kreditu-lanean eta asegurugintzan diharduten koperatiba-arlo edo -adar biak. Kreditu-koperatibei buruzko araubideak kontuan hartu ditu erakunde horiek direla eta azken urteotan gertatu diren lege-aldaketa garrantzitsuak, haien lege-araubidea oinarri-oinarrian malgutu eta eguneratu egin dutenak. Era berean, aseguru-koperatiben arautegi zaharra dexente eguneratu da, egon dagoen oinarrizko arau-gorputza gure elkartean garatzea Euskadiko agintaritzei dagokiela gogoratu da eta erakunde horien iharduteko eskema hiru eratakoa izan litekeela adierazten da, hau da, sari finkokoa, sari aldagarrikoa edo lan kidekoa.

 

       Irakaskuntza-koperatibek, Euskadin tasunez garrantzi handia dutenek, aldaketa sakon ugari dauzkate legean. Hortaz, batipat, hezkuntza-koperatiba antolatzeko hiru moduak argitu dira, kasu bakoitzean hartu beharreko baltzuerak zehaztuaz; hezkuntza-munduan tarteko nagusi diren pertsona-talde biak biltzen dituzten osotasuneko edo arloanitzeko koperatibei bide malgua eskaini zaie; eta koperatiba-modu berezi hori beren egitura-berezitasun nabariek behar zuten malgutasun- eta berritasun-neurri egokiaz arautu da. Azkenik, herri izaerako edo gizarte-erabilgarritasuneko bazkideen puntua jorratu da, irakaskuntza-koperatibetan txertatzeak gora handiko erak har baititzake, arauketa errealista eta eguneratua egin gura bada behar bezala jaso behar dira eta.

 

       Zerbitzu-koperatibetarako, orain arte gutxiegi araututa egon direnez, koperatiba-arlo horretako agerpide guztien arau-esparrua, nekazaritza-koperatibarena izan ezik, sail batean bateratu nahi izan da, beren berezitasunakatik eta ohituraz bereizita arautu izan direlako. Horregatik, zerbitzu-koperatibek tipologi berrausnarketa sakona dute koperatiba-aukera horren moduak argitzeko ezeze beren aplikazio-eremua zabaltzeko, aurreko legedian Zuzenbide Konparatuarentzat guztiz bakana bezain arrazoi objetiboz defendagaitza den arau-murriztasuna jasan zuen eta. Lege berriak argi eta garbi finkatu du profesionalek ezeze edozein helburu, neurri eta izaeratako enpresek ere, bai eta enpresaz bestekoak izanik diruz neur daitezkeen arazo eta premiak dituzten eta beraz antolaketa baltzu-gune bateratu batetik koordinatzerik baduten beste erakunde-agente batzuek ere, zerbitzu-koperatibak eratzeko ahalbidea.

 

       Legeak berariaz arautu ditu nekazaritza-koperatibak, aurreko araubideak ahaztuta zeuzkanak, eta hori egitean jarduerak zerrendatzeko lege-ohiturari ihes egin dio, gaur eguneko lege zehatz bati ez dagokiolako eta beharrezkoa ez delako, sarritan nahasgarria baizik, baltzu-helburuaren azalpenak eta helburu hori garatzeko bitarteko soilak diren ekintzabide hutsak nahastu egiten dira eta. Bestalde, lege berriak baltzuaz haragoko eta elkartezko zertzat jotzen du nekazaritza-koperatiba baserritarren munduaren zerbitzupeko erakunde denez, baina, aldi berean, ekoizpen-tradizio oro (adib., eskulangintza) edo nekazaritzako ustiakuntzetako elementu bakartu oro (adib., baserri-etxea) koperatiba-ekintzaren (hots, baserri-turismoa) oinarri izateko aukera ematen du. Gainera, merkaturatzen edota hornitzen diharduten nekazaritza-koperatibek besterekin egiten dituzten eragiketak arautu dira, baina bazkideen ahalegin koperatibazalearen muina galdu gabe eta, koperatibok, bai doktrinaren analisietan bai Zuzenbide Konparatuan eta ekinaren premien ondorioz honez gero argi eta garbi gaindituta dagoen tarama-zaletasunak eragingo lukeen eragiketa-zurruntasunera ere bultzatu gabe.

 

       Auzolanean ustiatzeko koperatiben baltzu-eraren egitura-zailtasun itzuriezina ikusita bestelako lege-arauek eskainitako oraintsuko berrikuntzak kontuan hartuta arautu dira.

 

       Osasun-koperatibak oraintsu hartu ditu Koperatiben Nazioarteko Batasunak bere baitan eta horiek ere orain arte Euskadin ez zeukaten araubidez hornitu ditu legeak eta bereiztu egiten ditu osasun-laguntzarako aseguru-erakundeak eta laguntza hori emateko toki egokiak eraikitzeko erakundeak.

 

       Tipologiaren araubidea osotzeko gehiengoa duten bazkideen berezitasunakatik elkartetasun berezia duen erakunde-mota erantsi da (gizarteratzeko koperatibak).

 

XI.- KOPERATIBAK ELKARTZEA ETA BATZEA

 

       Lege honen berrikuntzarik bereizgarrienetarikoa koperatiben ekonomi enpresa elkartze eta batzea jorratzeko eran datza.

 

       Legeak bigarren edo geroagoko mailako koperatibak arautu ditu, koperatibarteko elkarketei araubide errealista eskaintzeko helburuarekin, gaur egun bai legebidez bai benetako enpresa-lankidetzaren premiei, kasu horietan tarteko diren erakundeen nortasuna babestuta, erantzun beharra kontuan izango duen esparruaren aldetik hankamotz baitabiltza. Horretarako, lankidetza baltzuek nahi duten bezain sakona izan daiteke beren taldeak autoarautu egingo dituzte eta, elkartutako koperatiba bakoitzaren itxura deuseztu edo galdu gabe bada ere.

 

       Araubide honek dakartzan aldaketa berrien artean, besteak beste, endogamia gainditzea dago, hau da, maila honetako edo goragoko erakundea koperatibek beren artean baino ezin eratu izatea; bestetik, zenbait apalgarri edo babes, pertsona juridiko diren bazkideek baja hartuz gero multzoari kalte konponezinak saihesteko, eta koperatiba-taldeen ezaugarri eta berezitasunak kontuan hartzen dituen organo-egituraren araubidea ezarri dira. Azkenik, eta beste lurralde-esparru batzuetan gertatu diren arazoak baztertzeko, lehen mailako koperatibei buruzko araubidearen ordezko aplikazio zurrun eta berehalakorik ez da erabaki; izan ere, legeak batez ere baltzuaren autoarauketara jo du eta, bigarren mailan, jarduera-araudi edo barne-arautegiak ezer adierazi ezean, lehen- edo oinarrizko mailako erakundeetarako soilik pentsatutako arauak mekanikoki ezarri baino lehen bigarren mailako koperatiben eginkizun eta izaerari jaramon egin beharko zaiola ohartarazi du.

 

       Baliabide-izaera handiagoko beste ekonomia-lankidetza modu batzuk ere jaso dira, oso irizpide zabalarekin jokatuz. Koperatiben partaidetza duten beste lankidetzaera horiek arautzerakoan, edozein motatakoak izanda ere, gaitasun osoa aitortu zaie bai hitzarmen edo pertsona bidezko tresna eta loturak eratzeko bai eratuta daudenetan txertatzeko. Horrekin lege berriak lege- eta ekonomia-eragileen duda-muda guztiak kendu gura ditu, baina batez ere koperatiba-metodoaren ezaugarriak enpresaritzako sail batzuei azaltzerakoan izan den jokabide ahazkor eta baita aurkakoari aurre egin nahi dio, ustezko lege-eragozpenakatik ia aplikaezina dela eta bigarren mailako hautabidea dela maiz esan baita.

 

       Lege honen arabera, koperatibek edonolako lankidetza-gune izan dezakete, beren artean nahiz beste pertsona edo erakundeekin, beti ere erakundearen oinarrizko helburua salbatuz gero; horrek esan nahi du oso gutxitan egongo direla lege-eragozpenak koperatibak baterako egitasmoetan parte hartzeko.

 

       Hortaz, koperatiba-korporazioa berariaz arautu da, administrazio-sistema bikoitzari lotua, honelako koperatiba-elkarteek beren helburuak lortzeko egokiagoa izan liteke eta.

 

       Azkenik, legearen aldaketarik erabatekoenen artean bitariko koperatiben araubidea dago; komandita-koperatiba gisa ihardun eta bazkide-talde bi izango dituzte, beren eskubide bai politiko bai ekonomiazkoekin; eskubide horiek jatorri eta helmen ezberdina izango dute, baina hertsiki koperatibarena den osagaia baltzuan benetan nagusi izanik.

 

       Euskadiko koperatiba-arlo batzuek eskatutako arauketa berri honekin, koperatiba-metodoarekin lotutako enpresa-antolaketarako bide berria eskaini nahi da, baina bai baliabideak bilatzeko bai ondasun eta zerbitzuak ekoitzi eta banatzeko gero eta latzago eta lehiakorragoak diren merkatuen erronka eta eskakizun berriei ere jaramon eginaz.

 

XII.-  DESEGITEA ETA KITAPENA EGITEA

 

       Koperatibak desegin eta kitatzeaz araudian gutxienez jarritako baltzu-domua baino baltzu-kapital txikiagoa izatea hartarako arrazoi gisa jarri da eta desegin beharra egokitu baina desegiten ez den kasuak teknikokiago eta xeheago arautu dira. Koperatiba berrindartzeko ahalbidea ezarri da. Desegiteko erabakia hartzen denetik kitatzaileak izendatu bitarteko igaro-aldiko hutsunea bete da, abagune horretan behar diren ahalmenak administratzaileei emanaz. Kitatzaileei erantzukizuna ezartzen zaie eta administratzaileen parekoa dela finaktzen da. Kontuhartzea izan liteke kitapenean, bai pribatua bai publikoa. Baltzu-eukariaren esleipenaren arauketa aldatu egin da, borondatezko ekarpenek itzultzeko lehentasuna daukatelarik jaurpidearekin bat etorriaz. Batzar Orokorrak azken balantzea eta baltzu-eukariaren banaketa-egitasmoa onartzeaz zabalkunde hobea eskatzen da. Gainera, kitatzaileek azken balantzea eta kitapen-eragiketak eskritura publiko egin beharko dituzte eta Koperatiben Erroldan idazkunak baliogabetzeko eskatu.

 

XIII.- KOPERATIBAK ETA ADMINISTRAZIOA

 

       Koperatibak eta administrazioa direla eta erabilgarritasun publikoaren kontzeptua sartu da Euskadiren interes orokorrari laguntzen dioten koperatiben izaerari atxikitzeko.

 

       Arlo horretan Lan eta Gizarte Segurantzako Sailari dagokio aginpide orokorra koperatiba-zaletasunaren eremuan, ikuskapen-lanak -batez ere aurrea hartzekoak- federakunde nagusiekin eta Euskadiko Koperatiben Elkartearekin batera egin daitezkeelarik, Nazioarteko Lan Erakundearen (ILO-OIT) aholkuen eta Zuzenbide Konparatu aurrerakoienaren orientabidearen arabera.

 

       Zigor-araubideari dagokionez, zigorrak ezartzeko aginpidea duten agintaritzak zehaztu dira eta administrazio-zigorra jaso dezaketen arau-hausteak sailkatu dira.

 

       Era berean, koperatibaren deskalifikazioa arautu egin da; horretarako Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak irizpena eman behar du, eta zer berri gisa administrazioak koperatibetan aldi baterako esku har dezakeela gehitu da, baina salbuespenezko gorabeherak dauden kasuetan eta bazkideen edo besteren interesei kalte larria saihestearren baino ez.

 

XIV.- KOPERATIBEN ELKARTZEA

 

       Koperatibak elkartzeari dagokionez, koperatibak elkartzeko askatasun osoa hartu da oinarritzat eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko herri-aginteei koperatiba-elkarketa bultzatu eta koperatibarteko harremanak sustatzeko behar diren neurriak har ditzaten eskatzen zaie.

 

       "Euskadiko" izenlaguna izan nahi duten koperatiba-federakundeek barne hartzen duten koperatiba-kopuruaren edo koperatibakide-kopuruaren arabera ordezkaritza-nagusitasuna erakutsi beharko dute eta Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusian ziurtatuta izango dute tokia.

 

       Kontseilu horren araubideaz, koperatiba-federakundeen oraingo antolaketa kontuan hartu eta kontseiluan ordezkaritza nagusia eman zaie. Beharrezkotzat jo da Eusko Jaurlaritza eta, zientzi ekarpenakatik, Euskal Herriko unibertsitateak organo horretan aurkez egotea; hori guzti hori araudi bidez garatuko da ordezkaritza nagusirik gabeko federakunde eta batasunetako ordezkariei ere sarbidea eman dakiekeelarik.

 

       Gainera kontseiluak lege-organo publiko denez dituen eginkizunak koperatiba-mugimenduaren elkarte-egiturei dagozkienetatik bereiztu nahi izan dira, batez ere ordezkaritza-eginkizuna, kasuon eta azken finean Euskadiko Koperatiba Elkarteari egotziko bailitzaioke.

 

XV.-  ERABAKI GEHIGARRIAK, ALDI BATERAKOAK, INDARGABETZEKOA ETA AZKENAK

 

       Legearen atalak osabetetzeko amaierako erabakiak daude; hona hemen azpimarragarrienak:

 

a)  Araudiak lege berriari egokitzeko arrazoizko epea jarri da eta, epea amaitu eta egin-behar hori bete gabe izanez gero, koperatiba legez deseginda geratuko da eta Koperatiben Erroldak bere kabuz baliogabetuko ditu dagozkion idazkunak.

b)  Lege honen ezarpen-eremua finkatu da, honen menpeko koperatibei dagokienez arau egokiak ezarririk.

c)  Gaindikin garbiak xedatzeko erabili beharreko urau eta irizpideak zein diren zermugatzea.

 

I IDAZPURUA

KOPERATIBA ELKARTEA

I ATALBURUA

ERABAKI OROKORRAK

 

Lehenengo Atala - Kontzeptua

 

       1.-   Lehen helburutzat kideen ekonomi eta gizarte-jarduerak sustatzea eta, kideon parte-hartze zuzenaren bidez, beren beharrizanak betetzea duen enpresa garatzen duen elkartea da koperatiba, beti ere, koperatiba-zaletasunaren oinarriak bete eta bere inguruko gizarteari kasu egiten diolarik.

 

       2.-   Koperatibak bere egitura eta jarduera koperatiben irizpideetara egokitu beharko ditu eta lege honek sortutako esparruan ezarriko dira irizpide horiek. Lege honen baitan egonik, bestelako edozein erakunde publiko edo pribaturekiko autonomia eta askatasun osoa izango du.

 

       3.-   Koperatibek ekonomi edo gizarte arloko edozein jarduera eraman dezakete aurrera, koperatiba-zaletasunaren oinarrizko eskakizun eta hatsapenekin bat ez etortzeagatik legean berariaz bestelakorik adierazten ez den artean.

 

2. Atala - Izena

 

       1.-   Koperatibek beren izenean derrigorrez "Koperatiba Elkartea" hitzak edo "Kop. Elk." laburdura gehitu beharko dute.

 

       2.-   Ezin izango da dagoeneko baden beste elkarte batek duen izen bera hartu. Elkartearentzat balio izango duen izena aukeratzeko, arau bidez beste baldintza batzuk jarri ahal izango dira.

 

       3.-   Beste inolako erakundek, edonolakoa delarik ere, publikoa zein pribatua, ezin izango du "Koperatiba" hitza edo "Kop." laburdura erabili, erabakiren batek berariaz hartara behartu edo hartarako baimena ematen dion kasuetan izan ezik.

 

3. Atala - Elkartearen egoitza

 

       Koperatibak bere egoitza, Euskal Autonomi Elkartearen lurraldearen barruan bere bazkideekiko jarduerak neurri handienean burutzen dituen lekuan edo administrazio-kudeaketa eta enpresa-zuzendaritza biltzen dituen lekuan izango du.

 

4. Atala - Gutxieneko baltzu-kapitala

 

       Gutxieneko baltzu-kapitala ezin da milioi bat pezeta baino gutxiagokoa izan, eta pezetatan neurtuko da. Gutxieneko baltzu-kapital horri dagokion kopurua koperatiba eratzen den unetik egon beharko da oso-osoan ordainduta.

 

5. Atala - Besteekiko eragiketak

 

       1.-   Koperatibek beren koperatiba-jarduera beste batzuekin ere eraman ahal izango dute aurrera, baldin eta, legeak eta estatutuek berariaz galerazten ez dutela, bazkideekiko jardueraren lagungarri izan edo horren menpe badago.

 

       Lagungarria edo bazkideekiko jardueraren menpekoa dela pentsatzeko, besteekiko eragiketentzat legean jarritako baldintzak eta mugak bete beharko ditu koperatibak.

 

       2.-   Koperatibaren erantzukizun ez diren arrazoiak direla eta, legeak jarritako baldintza edo mugen barruan bazkideekin eta beste batzuekin egindako eragiketen ondorioz koperatibaren ekonomi bideragarritasuna arriskuan jartzeko moduan jeisten edo okertzen bada enpresaren jarduera, koperatibari beste batzuekin jarduera eta zerbitzuak hasteko edo dituenak handitzeko baimena eman ahal izango zaio. Horretarako epe eta muga batzuk izango ditu, egoera bakoitzaren arabera. Koperatibak eskaria egin eta hilabete batean Lan eta Gizarte Segurantza Sailak erantzunik ematen ez badu, eskatutako baimena eman dela pentsatu beharko da.

 

       3.-   Dena den, mailegu- eta aseguru-koperatibek besteekiko dituzten eragiketetan, beren diru-jarduerari dagokion araudia dela eta ezarri beharreko baldintza eta mugak bete beharko dituzte.

 

6. Atala - Sailak

 

       1.-   Elkartearen helburuak betez ekonomi edo gizarte arloko jarduera bereziak garatuko dituzten sailak izatea eta nola ihardungo duten arautu ahal izango da estatutuetan. Sailok kudeaketarako autonomia izango dute, koperatibak orokorrean eta dena bat izanik duen erantzukizunaren kaltetan gabe. Dena den, sailok beren kontuak beren aldetik eramango dituzte aurrera, koperatibak izan beharko duen kontularitza orokorraren kaltetan gabe.

 

       2.-   Batzar Orokorrak sail bateko bazkideen batzarrak hartutako erabakiak berehala indarrik gabe uztea erabaki ahal izango du, baina lege edo estatutuetan esaten denaren aurkakoak edo koperatibaren interes orokorren aurkakoak zergatik diren zehaztu beharko du. Hori hala bada ere, Batzar Orokorraren erabakiak ere lege honetako 39. atalean ohartemandakoaren arabera aurkatu ahal izango dira.

 

       Sail bat edo beste izateak ez du berez administratzaileenak diren aginpideen jaurpidean aldaketarik eragiten, baina sailaren zuzendari edo arduradunak izendatu ahal izango dira, bertako gorabeheren ardura izan dezaten.

 

       Estatutuek edo Barne Jaurpideko Araudiak araupetuko dute sail bateko bazkide-biltzarraren eta koperatibako administratzaileen arteko harremana.

 

       3.-   Mailegu edo bestelakoetarako saila duten koperatibei kontuen ikuskaritza izatea eskatuko zaie, eurekin hitzarmenak egiten dituztenen babeserako.

 

II ATALBURUA

KOPERATIBA ERATZEA

 

7. Atala - Batzar eratzailea

 

       1.-   Batzar eratzailea sustatzaileek osatuta egongo da, eta koperatibaren estatutuak onartuko ditu eta berau sortzeko beharrezko diren gainontzeko akordioak hartuko.

 

       Sustatzaileek kasuan kasuko koperatibako bazkide izateko beharrezko baldintzak bete beharko dituzte.

 

       2.-   Batzar eratzaileko burua eta idazkaria batzarrera joandako sustatzaileen artetik aukeratuko dituzte.

 

       3.-   Batzar eratzailearen bilera-agirian gutxienez honakook agertu beharko dute: bilera non eta noiz izan den, nortzuk bertaratu diren, eztabaiden laburpena, bozketen emaitzak eta hartutako akordioen testua.

 

       4.-   Bilera-agiria batzar eratzailean idazkari lanetan ari den sustatzaileak egiaztatuko du eta batzarburuaren oniritzia behar izango du.

 

8. Atala - Eratze-bidean dagoen koperatiba

 

       1.-   Eratze-bidean dagoen koperatibako sustatzaileek edo horien artean batzar eratzailean izendatutako kudeatzaileek, elkartearen izenean, koperatiba sortzeko ezinbestekoak diren egintza edo hitzarmenetan parte hartuko dute, eta baita batzar eratzaileak berariaz eskatutako gainontzekoetan ere. Aldi horretan koperatibaren izenean iharduteko ahalbidea izango dute zehazki horretarako izendatutako eta aginpidea duten pertsonek ere.

 

       2.-   Koperatiben erroldan izena eman aurretik elkartearen izenean izandako egintza eta hitzarmenen erantzule, horiek burutu dituztenak, denak batera, izango dira. Baina erantzukizun horretatik at geratuko dira, egintza eta hitzarmen horien eraginkortasuna erroldan izen ematearen menpe izateko utziz gero, baita koperatibak ondorenean bere gain hartzen baditu ere.

 

       3.-   Atal honetako lehen zenbakian aipatutako egintza eta hitzarmenen erantzule eratzebidean dagoen elkartea izango da, bazkideen ekarpenek osatzen duten ondarearen bidez. Bazkide bakoitzak izango duen erantzukizuna ordaindu behar izan duen ekarpen osoa izango da.

 

       4.-   Behin izena eman ondoren, koperatibak aurreko atalean aipatzen diren egintza eta hitzarmenei aurre egin beharko die. Izena eman eta hurrengo hiru hilabeteetan onartzen dituen egintza eta hitzarmenei ere aurre egin beharko die. Sustatzaile, kudeatzaile edo agintariek denek batera zuten erantzukizunik ez dute izango aipatutako bi kasuotan.

 

       5.-   Koperatibaren izena ematea dela eta sortutako beharrezko gastuen zenbatekoa gehitu ondoren, elkartearen ondarearen balioa, baltzu-kapitalari dagokion kopurua baino txikiagokoa balitz, agertutako diru-aldea bete beharko lukete bazkideek.

 

       6.-   Elkarteak Koperatiben Erroldan izena ematen ez duen artean, bere izenean "eratzebidean" hitzak gehitu beharko ditu.

 

9. Atala - Estatutu-egitasmoaren aldez aurretiko kalifikazioa

 

       1.-   Kudeatzaileek, batzar eratzailearen bestelako erabakirik izan ezean, Koperatiben Erroldari, eratze-agiria eman baino lehen, aldez aurretik estatutu-egitasmoa azter dezatela eskatu ahal izango diote. Azterketa egiteko hogeita hamar eguneko epea izango dute.

 

       2.-   Konpontzeko moduko akatsak aurkitzen baditu Koperatiben Erroldak, kudeatzaileei jakinaraziko die, eta hauek akats horiek hilabeteko epearen barruan konpontzeko baimena izango dute, batzar eratzaileak besterik erabakitzen ez badu behintzat.

 

10. Atala - Arauz kanpoko koperatiba

 

       1.-   Elkartea erroldaratzeko asmorik ez dagoela egiaztatzen bada edo, nolanahi ere, eratze-agiria eman zenetik urtebete igaro eta erroldaratzerik eskatu ez bada, eratze-bidean dagoen koperatiba desegiteko eta, elkartearen ondarea kitatu ondoren, ekarpenak itzultzeko eskatu ahal izango du edozein bazkidek.

 

       2.-   Egoera horretan, koperatibak bere eragiketekin hasi edo aurrera jarraitzen badu, elkarte kolektiboei buruzko arauak edo, hala behar badu, elkarte zibilei buruzkoak ezarriko dira. 8. ataleko 4 zenbakia ezin izango da koperatibak izena eman eta gero ezarri.

 

11. Atala - Eratzea

 

       1.-   Koperatiba eskribau-agiri bidez eratuko da eta agiri hori batzar eratzailea izan denetik edo, bestela, aldez aurretik elkartearen estatutu-egitasmoaren kalifikazioa egiten denetik bi hilabete igaro baino lehen eman beharko da. Ondoren, Koperatiben Erroldan izena eman eta une horretatik hasita nortasun juridikoa izango du.

 

       2.-   Eratze-agiriaren nahiz koperatibari buruzko gainontzeko egintzen berri erroldan ematea, erroldara daitekeen egintzari dagozkion zergak kitatzea eskatu dela edo kitatu direla egiaztatu baino lehen egin ahal izango da.

 

12. Atala - Eratze-agiria

 

       1.-   Eratze-agiri publikoa, sustatzaile guztien izenean egiten ez bada, batzar eratzailean izendatutakoen izenean egin beharko da, batzar horretan hartutako erabakiak beteaz.

 

       2.-   Eratze-agiri publikoan, hala behar duen kasuetan batzar eratzailearen bilera-agiria azaltzeaz gainera, honakook jaso beharko dira:

 

a)  Eratze-agiria egin dutenen eta sustatzaileen izen-abizenak, adina, lanbidea eta bizi egoera, pertsona fisikoen kasuan, eta deitura edo elkartearen izena, pertsona juridikoen kasuan. Bata zein bestea izan, herritasuna, helbidea eta bazkide-motaren berri eman beharko da.

b)  Mota bateko zein besteko koperatiba sortzeko borondatea.

c)  Sustatzaile guztiek, bazkide izateko, estatutuetan finkatutako derrigorrezko gutxieneko ekarpenaren ehuneko hogeita bost gutxienez ordaindu dutela, edo laugarren atalean finkatutako gutxieneko kapitala betetzeko beharrezko goragoko kopurua ordaindu dutela adierazten duen agiria, eratzaileek egina. Bestalde, ekarpenaren zati bat ordaintzea atzeratu bada, nola eta noizko ordainduko den ere zehaztu beharko da.

d)  Elkartearen estatutuak.

e)  Elkarteko beharrezko organoetako karguak betetzeko izendatu dituzten pertsona fisikoen izen-abizenak, lanbidea eta adina, eta pertsona juridikoen kasuan, deitura edo elkartearen izena. Bata zein bestea izan, herritasuna eta helbidearen berri eman beharko da, eta hala behar duenetan, baita kontu-ikuskatzaileei dagozkien datuak ere.

f)   Izen bereko beste koperatibarik ez dela aitortzen duen adierazpena. Horretarako, eskribau-agiri publikoari gehitzeko, izen bereko beste koperatibarik ez dela egiaztatzen duen Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioko Koperatiben Erroldak eta Euskadiko Koperatiben Erroldak emandako jatorrizko agiriak behar izango dira.

g)  Diruzkoak ez diren ekarpenei emandako balioa, halakorik balego behintzat, berauen ezaugarriei buruzko deskribapen argia eta sustatzaileetako bakoitzak egindakoen edo egitera beren buruak behartutakoen zerrenda.

h)  Koperatiba eratzeko izango diren gastuen gutxi gorabeherako zenbatekoa, dagoeneko eginda daudenak nahiz erroldaratuta izan artean egin asmo direnak barne direla.

 

       3.-   Eratze-agiri publikoan, bestalde, sustatzaileek batzar eratzailean egindako hitzarmen edo jarritako baldintza guztiak jaso ahal izango dira, legearen aurkakoak ez baldin badira edo koperatiba-elkarteak egituratzeko hatsapenekin kontraesanean jartzen ez badira.

 

13. Atala - Estatutuen gutxieneko edukinak

 

       1.-   Koperatibaren jarduera arautuko duten estatutuetan, honakoak agertuko dira, gutxienez:

 

a)  Horren izena.

b)  Elkartearen egoitza.

c)  Elkartearen jarduera zein xedetarako den.

d)  Horren iraupena.

e)  Koperatibaren jarduera nagusiaren lurralde-eremua.

f)   Bazkideei onarpena eta baja emateko baldintzak.

g)  Bazkideen eskubide eta betebeharrak. Bazkideok koperatibako jardueretan izango duten konpromezua edo gutxieneko partehartzea zehaztu beharko da.

h)  Elkarteko jokamodu-arauak, hutsegite eta zigorrak zein diren, zigortze-jardunbidea eta errekurtsoak.

i)   Koperatibaren gutxieneko baltzu-kapitala eta elkarteak dituen bazkideek hasieran egin beharreko derrigorrezko ekarpena zein izango den.

j)   Bazkideek ekarpenak berreskuratzeko duten eskubidea eta ekarpenok eskuz aldatzeko jaurpidea.

k)  Gaindikinak banatzeko irizpideak; elkartearen derrigorrezko fondoetan utzi beharreko gutxieneko ehunekoak zein diren ere zehaztu beharko da.

l)   Ohizko eta ohiz kanpoko Batzar Orokorrerako deia jendaurrean nola jarri eta epeak zehazteko modua, lehen nahiz bigarren deialdian izanik ere. Baita akordioak hartzeko jaurpidea zein izango den ere.

m) Koperatibaren administrazioaz arduratuko den organoaren egitura, eta izango duen jarduera-jaurpidea.

n)  Zaintza-batzordearen eta, baldin badaude, Errekurtso-batzordearen eta Elkarte-kontseiluaren osaketa eta egitekoak.

ñ)  Koperatiba desegiteko arrazoiak.

 

       2.-   Elkartearen estatutuak barne-jaurpideko araudi bidez garatu ahal izango dira.

 

14. Atala - Koperatiba baliogabetzea

 

       Koperatibak izena eman ondoren, baliogabetze egintza Akziokako Elkarteei buruzko Legean finkatutako arrazoi eta ondorioekin baino ezin izango da aurrera eraman. Salbuespen bezala, baliogabetze-egintza aurrera eramateko bi bazkide sortzaileren borondatea nahikoa izan ordez, lege honetan finkatutako bazkideen gutxieneko kopurua bete beharko da.

 

III ATALBURUA

EUSKADIKO KOPERATIBEN ERROLDA

 

15. Atala - Antolaketa

 

       Euskadiko Koperatiben Errolda Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikitako legezko errolda da eta organo-egitura bateratua du.

 

16. Atala - Erroldaren eraginkortasuna

 

       1.-   Erroldaren eraginkortasuna gaiari eta moduari buruzko zabalkunde, legezkotasun, eskubide emate, lehentasun eta traktu jarraiaren oinarrien bidez dago zehaztuta.

 

       2.-   Koperatiba eratu, beste batekin batu, banatu, desegin eta berrindartzea dela eta izena emateko ekintzak, bai eta koperatiba bihurtzen direnen izena ematekoak ere, eratzezko balioa izango du. Gainontzeko kasuetan, berriz, adierazpenezko balioa.

 

17. Atala - Egitekoak

 

       Euskadiko Koperatiben Erroldak honako egitekook izango ditu:

 

a)  Indarrean dagoen legediaren arabera, errolda horretan jaso beharreko egintzak sailkatu, erroldaratu eta egiaztatzea. Egintzok lehenengo, bigarren edo geroagoko mailako koperatibei buruzkoak, koperatiben batasun eta federazioei buruzkoak, edo lege honetan araututako koperatibak gehiengoz biltzen dituzten legezko beste erakunde batzuei buruzkoak izango dira.

b)  Derrigorrez izan beharreko liburuak baliostatu eta legeztatzea.

c)  Goiko a) azpiatalean aipatzen diren koperatiben urteko kontuen eta akordioen egiaztapenen gordailua izatea. Bere ardura bakarra aurkezten zaizkion agiriak legeak eskatzen dituenak diren, Batzar Orokorrak behar bezala onartuta dauden eta izenpetu behar dutenek izenpetu dituzten zaintzea izango da.

d)  Koperatiben izenei buruzko egiaztagiriak ematea.

e)  Egiten zaizkien galderei erantzutea, beren aginpidekoak baldin badira.

f)   Lege honen edo berau garatuko duten arauen bidez emandako beste edozein.

 

18. Atala - Ordezko arauak

 

       1.-   Euskadiko Koperatiben Errolda dela eta, epeak, espedientean agertu beharra, ordezkotzak eta abarrei dagokienez, lege honetan edo berau garatuko duten arauetan berariaz ezer aipatzen ez bada, administrazio-jardunbideko arauek diotena bete beharko da.

 

       2.-   Goian aipatutako legeak dioena betez, epaibidean jarri baino lehenagoko erreklamazioa Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuari jarriko zaio. Auziari hasiera ematekotan, arlo zibileko epaitegi eta auzitegiei jarri beharko zaie erreklamazioa, Botere Judizialaren Lege Organikoaz eta ezar daitekeen auzibidezko araubideaz bat.

 

IV ATALBURUA

BAZKIDEAK

 

19. Atala - Bazkide izan daitezkeen pertsonak

 

       1.-   Lehen mailako koperatibetako bazkide, pertsona fisiko zein juridikoak, publiko nahiz pribatuak izan daitezke, beti ere lege honetako II. idazpuruan ezarritako salbuespenak kontuan izanda.

 

       Bigarren edo geroagoko mailaren bateko koperatibei dagokienez, 128.1 atalean erabakitakoa beteko da.

 

       Sortzen diren unean, lehen mailako koperatibetan gutxienez bost bazkide izan beharko dira. Bigarren edo geroagoko mailaren bateko koperatibek beren bazkide sortzaileen artean gutxienez bi koperatiba-elkarte izan beharko dituzte.

 

       2.-   Pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, elkartearen koperatiba-xedea bete-betean aurrera eramaterik izan gabe ere, xede horri laguntzea nahi badute, bazkide izateko aukera izango dute, eta laguntza-bidezko bazkide deituko zaie. Beren eskubide eta bete-beharrak elkartearen estatutuetan erabakitakoaren arabera arautuko dira, eta, hor oharteman gabekoetan, aldeen artean hitzartutakoaren bidez. Bazkide hauek, koperatiba-elkarteak ez badira behintzat, ezin izango dute, guztira, botoen herena baino gehiago izan ez Batzar Orokorrean ez Artezkaritza-kontseiluan.

 

       3.-   Lege-nortasuna duten herri-erakundeek ere bazkide izateko aukera izango dute, koperatibaren helburuak herri-erakunde horienak diren zerbitzu-eskaintza edo jarduerekin zerikusia dutenak baldin badira. Dena den, eginkizun horiek herri-agintarien agintea erabili beharra eskatzen ez dutenak izan beharko dute.

 

20. Atala - Bazkideak onartzea

 

       1.-   Bazkide izateko beharrezko baldintzak zein diren estatutuetan finkatuko da, lege honetan erabakitakoaz bat.

 

       2.-   Bazkideak onartu edo baztertzeko ezin izango da elkartearen xedearekin arrazoi gabeko edo bidegabekoa den bereizkeriaz baliatu.

 

       3.-   Onartzeko eskaria idatziz egin beharko zaie administratzaileei eta hauek, eskaria jaso dutenetik hasita, hirurogei egunetik gorakoa gabeko epea izango dute erantzuna emateko. Ez onartzeko, arrazoiak eman beharko dira. Aipatutako epea igaro ondoren erabaki adierazirik eman ez bada, onartu egin dela pentsatu beharko da.

 

       4.-   Eskariari ezetza ematen bazaio, eskarigileak Errekurtso-batzordeari edo, hori ezean, Batzar Orokorrari jarri ahal izango dio errekurtsoa, ezezko erabakia jakinarazi zaionetik hasita hogei egun igaro baino lehen.

 

       Errekurtsoari Errekurtso-batzordeak eman beharko dio irtenbidea hogeita hamar egun igaro baino lehen. Hala badagokio, berriz, izango den lehenengo Batzar Orokorrean erabakiko da, isilpeko bozketa bidez. Bi kasuotan derrigorrezkoa izango da interesatuak dioena aldez aurretik entzutea.

 

       5.-   Onartzeko akordioa Errekurtso-batzordeari edo, hori ezean, izango den lehenengo Batzar Orokorrari jarri ahal izango zaio errekurtsoa, estatutuek finkatutako bazkide-kopuruak hala eskatzen badu. Errekurtsoa jartzeko epea estatutuetan zehaztu beharko da eta ezin izango da onartzeko akordioa jakitera eman zenetik hogei egun baino gehiagokoa izan.

 

       Bazkide izatea ez da indarrean sartuko onartzearen aurkako errekurtsoak jartzeko epea igaro arte, edo, errekurtsorik jarrita balego, Errekurtso-batzordeak nahiz, hala dagokionetan, Batzar Orokorrak erabaki arte. Errekurtso-batzordeak hogeita hamar eguneko epea izango du erabakitzeko eta Batzar Orokorrak, berriz, izango duen lehenengo bileran erabaki beharko du, isilpeko bozketa bidez. Bi kasuotan derrigorrezkoa izango da interesatuak dioena aldez aurretik entzutea.

 

21. Atala - Lan-bazkideak

 

       1.-   Lankide-koperatibak ez diren lehen mailako koperatiben nahiz bigarren edo geroagoko mailako batekoen estatutuetan, langileek lan-bazkide izatera iristeko bete beharreko baldintzak zein diren oharteman ahal izango da. Lan-bazkideon koperatiba-jarduera beren lana koperatiban egitea izango da.

 

       2.-   Lan-bazkideek legean lankide-koperatibetako lankide-bazkideentzat ezarritako arauak bete beharko dituzte, atal honetan finkatutako salbuespenak kontuan hartu beharko badira ere.

 

       3.-   Lan-bazkideek koperatiban bidezkotasunez eta neurri batzuen barruan parte hartzeko irizpideak finkatu beharko dira estatutuetan.

 

       4.-   Estatutuetan lan-bazkideentzat proba-aldiren bat ezartzen bada, horrek ez die eragingo inoren kontura koperatiban lanean ari eta proba-aldiari dagokion beste denbora daramaten kide berriei. Proba-aldi hori izatea bidezkoa balitz eta bazkide lez duen harremana bi aldeetako edozeinek bere kontura etengo balu, kide horren legezko lan-harremana, aipatutako proba-aldiaren hasieran zituen baldintzetan luzatuko dela ulertu beharko litzateke, baldin eta lan-harreman honen epealdia igaro delako, bazkide izateko jarri dioten proba-aldia baino lehen bukatu ez bada.

 

22. Atala - Bazkideen betebeharrak

 

       Bazkideek honako betebeharrok izango dituzte:

 

a)  Batzar Orokorraren eta deitzen dieten gainontzeko organoen bileretara joatea.

b)  Karguren baterako izendatu badute, hori onartzea, ez onartzeko arrazoi egokia dagoen kasuetan izan ezik.

c)  Koperatibaren helburua diren jardueretan parte hartzea. Egoera hauetarako, estatutuetan ezarriko dira parte hartzeko eredu edo gutxieneko arauak. Hala ere, administratzaileek bazkideren bat ahal den neurrian egiteko horretatik aske uzteko ahalbidea izango dute, horretarako arrazoiren bat baldin badago.

d)  Koperatibak garatzen duen xedearekin lehian dagoen jarduerarik ez burutzea, ez eta burutzen dituztenekin lankidetzan aritzea, administratzaileek berariaz horretarako baimena ematen duten kasuetan izan ezik.

e)  Koperatibaren jarduera eta datuak isilpean gordetzea, horien berri zabaltzeak koperatibaren interesei kalte egin baldin badiezaieke.

f)   Baltzu-kapitalean egin behar dituzten ekarpenak ohartemandako baldintzetan egitea.

g)  Galeren egozketan Batzar Orokorrak erabakitako kopuruarekin parte hartzea.

h)  Legeen eta estatutuen ondorioz sortuko diren gainontzeko betebeharrak betetzea, koperatibako organoek balio osoz hartutako akordioen ondorioz sortutakoak betetzeaz gainera.

 

23. Atala - Bazkideen eskubideak

 

       1.-   Bazkideek honako eskubideok izango dituzte:

 

a)  Koperatibako organoetako karguetarako hautagaiak hautatzea edo horietarako hautatua izatea.

b)  Batzar Orokorrean edo batzarkide diren gainontzeko organoetan hartuko diren akordio guztietan proposamenak egitea eta hitz eginez eta botoa emanez parte hartzea.

c)  Koperatibako jarduera guztietan bereizkeriarik gabe parte hartzea.

d)  Beren eskubideez baliatu eta bere betebeharrak burutzeko beharrezko informazioa jasotzea.

e)  Bidezkoa bada, baltzu-kapitalean egindako ekarpenak eguneratu eta itzultzea, eta baita, hala behar balu, horiengatiko interesak jasotzea.

f)   Bana daitezen etekinak jasotzea, hala erabakitzen bada.

g)  Lege eta estatutuen ondoriozko gainontzekoak.

 

       2.-   Bazkideek, beren eskubideez baliatzean, legeek eta estatutuek nahiz koperatibako organoek balio osoz hartutako akordioek diotena izan beharko dute kontuan.

 

24. Atala - Informazioa jasotzeko eskubidea

 

       1.-   Bazkideek informazioa jasotzeko eskubidea lege honetan, estatutuetan edo Batzar Orokorraren akordioetan ohartemandakoaz baliatuz erabili ahal izango dute; horietan guztietan, egoki iritzitako bideak jarri ahal izango dira bazkideen eskubide hau bideratzea erraztu eta gauzatzeko.

 

       2.-   Bazkide guztiek honako eskubideok izango dituzte:

 

a)  Koperatibaren estatutuen kopia bat eta, hala behar badu, barne-jaurpideko araudiarena eskatzekoa.

b)  Koperatibako bazkideen errolda-liburua eta Batzar Orokorraren bilera-agirien liburua aztertzeko eskubidea. Hala eskatzen badu, administratzaileek Batzar Orokorreko bilera-agiriaren eta bertan hartutako akordioen egiaztatutako kopia eta, zio eta guztiko eskariaren ondoren, emandako izenak bazkide erroldako liburuan egindako izen-emateen egiaztapena eman beharko dizkiote.

c)  Administratzaileek hartutako erabakien egiaztatutako kopia eskatzeko eskubidea, erabakiok bazkideari eragiten badiote.

d)  Koperatibarekiko duen ekonomiazko egoeraren berri jasotzeko eskubidea. Informazio hori administratzaileek eman beharko diote eskatu eta hilabete igaro baino lehen.

 

       3.-   Edozein bazkidek koperatibaren jardueren edo emaitzen berri izateko, beharrezko argibide edo txostenak eskatu ahal izango die administratzaileei idatziz. Informazio hori idatzizko eskaria egin eta hamabost egun igaro ondorengo Batzar Orokorraren lehenengo bileran eman beharko zaio eskaria egin duenari.

 

       4.-   Batzar Orokorraren gai-zerrendarekin bat, ekitaldiko kontuez edo ekonomiazko edonolako proposameni buruz eztabaidatu behar bada, bazkideen eskura egongo dira urteko kontuen berri ematen duten agiriak, emaitzak ezartzeko proposamenak eta, hala dagokionean, Zaintza-batzordeak egindako kudeaketa-txostena edo kontuen kanpoko kontu-ikuskatzailearen txostena koperatibaren egoitzan, deialdiak dirauen artean, bazkideek aztertu ahal izan ditzaten.

 

       Epe horretan zehar bazkideek idatziz eta Batzar Orokorra izan baino bost egun lehenago gutxienez, ekonomiazko agiriei buruzko azalpenak eta argibideak eskatu ahal izango dituzte, eta batzarrean emango zaie erantzuna.

 

       5.-   Aurreko azpiatalean ezarritako eskubidearen kaltetan gabe, elkarteko boto guztien ehuneko hamar gutxienez ordezkatzen duten bazkideek beharrezko iruditzen zaien informazioa eskatu ahal izango dute idatziz edozein momentutan. Administratzaileek eskatu zaien informazioa idatziz eman beharko dute eskatu zaienetik hogeita hamar egun igaro baino lehen.

 

       6.-   Dena den, administratzaileek, hiru hilean behin gutxienez, bazkideei edo hauen ordezkariei koperatibako ekonomi eta enpresa arloko gorabehera nagusienen berri eman beharko diete, egokiena iruditzen zaien bideaz baliatuta.

 

25. Atala - Informazioa jasotzeko eskubidearen muga eta bermeak

 

       1.-   Administratzaileek informazioa emateari uko egin ahal izango diote, baina eskaria gehiegizkoa edo oztopogarria baldin bada edo informazioa ematea koperatibaren zilegizko interesentzako arriskutsua baldin bada bakarrik. Ez da halako salbuespenik posible izango, ukatutako informazioa Batzar Orokorrean eman beharrekoa izanda, bertaratutako eta ordezkatutako boto guztien erdia baino gehiago informazio-eskariaren aldekoa baldin bada. Beste kasu guztietan, ez da halako salbuespenik posible izango eskaria egin duten bazkideek errekurtsoa ezarri, eta Errekurtso-batzordeak edo, halakorik ez badago, batzarrak arrazoi dutela erabakiz gero.

 

       Dena den, administratzaileen ezetza aurkatu egin ahal izango dute eskari-egileek, lege honen 49. atalean ezarritako jardunbidearen arabera. Eta, atal honen 2. azpiataleko kasuetan, Herri-Legezko Epaibide Legeko 2.166. atalean zehaztutako bidetik egin ahal izango dute.

 

       2.-   Informaziorako eskarian eta horri baiezkoa nahiz ezezkoa ematerakoan bidegabekeriarik izan ez dadin eta inor kaltetua gerta ez dadin, koperatibaren berezitasunak eta koperatiba -jarduerari eta eskubide eta betebeharrei dagokienean bazkidearen egiazko egoera kontuan izango dituen halako berme-sistema bat eratu ahal izango da estatutuetan.

 

26. Atala - Borondatez koperatiba uztea

 

       1.-   Bazkideak nahi duenean utzi ahal izango du koperatiba bere borondatez, aurrez, estatutuetan zehaztutako epean, administratzaileei idatziz abisu emanez gero. Epe hori sei hilabetekoa izango da gehienez ere pertsona fisikoentzat eta urtebetekoa pertsona juridikoentzat.

 

       2.-   Bazkidea epe jakinik gabe izango da koperatiban.

 

       Halere, estatutuetan horretarako aukera ageri bada eta langilea onartzean hala zehaztu bazen, enpresarekiko harremana iraupen jakinekoa izan liteke. Halako loturen berezko eskubide eta betebeharrak gainerako bazkideenen baliokide izan eta estatutuetan edo barne-jaurpideko araudian arautuko dira. Halako bazkideak ez dira inola ere behin-betiko bazkideen, edozein motatakoak izanda ere, eta Batzar Orokorrean dituzten botoen bostena baino gehiago izango.

 

       3.-   Goiko 1. puntuan erabakitakoaren kaltetan gabe, bazkideari ekonomi urtealdia bukatu arte edo gutxieneko egonaldi bat eskatu ahal izango zaio estatutuetan. Gutxieneko egonaldi hori bost urtekoa izango da gehienez ere.

 

       4.-   Aurrez abisu emateko epea ez betetzea, edo gutxieneko egonaldian gertatutako bajak, arrazoitu gabeko bajatzat hartuko dira, koperatibaren administratzaileek, kasuaren zergatiak aztertuta, bestelakorik erabaki ezean. Guzti horretaz gainera, bazkideari koperatiban egin beharreko lan eta zerbitzu guztiak betearazteko aukera ere bada, eta baita kalte-ordainak eskatzeko aukera ere.

 

       5.-   Aurreko azpiatalean erabakitakoaz gain, borondatezko bajak arrazoitu gabeak izango dira honako kasuetan:

 

a)  bazkideak koperatibarenarekin lehian diren jardueretan aritu nahi badu.

b)  estatutuetan jasotako beste kasuetan.

 

       6.-   Koperatibaren jarduera luzatuz gero, bateratze edo banatzerik gertatuz gero, motaz aldatu edo koperatibaren xedea oso aldatuz gero, baltzu-domurako ekarketa berriak egin beharra izanez gero, akordio horien aurka botoa eman zuen edo, akordio hori erabaki zen Batzar Orokorrera azaldu ez arren, horrekin ados ez dagoela adieraz dezan edozeinen baja arrazoitutzat hartuko da. Eraldatze-kasuetan 85. atalean jasotakoa bete beharko da.

 

27. Atala - Derrigorrez koperatiba uztea

 

       1.-   Derrigorrez baja hartu beharko dute lege honen edo koperatibako estatutuen arabera bazkide izateko bete behar diren baldintzak galdu dituzten bazkideek.

 

       2.-   Administratzaileek erabakiko dute, kaltetuarekin hitz eginda gero, derrigorrezko baja, beren kabuz, beste edozein bazkidek hala eskatuz gero edo lana utzi beharko duenak berak hala eskatuz gero.

 

       3.-   Administratzaileen akordioa bete egin beharko da behin Errekurtso-batzordea edo, halakorik ezean, Batzar Orokorra ados dela jakinaraziz gero, edo horiei errekurtsoa aurkezteko epea bukatuz gero. Halere, estatutuek horretarako aukera ematen badute, berehalakoan utzi ahal izango da bazkide hori eskubide eta betebeharrik gabe behin-behingoz, akordioa derrigorrez bete beharrekoa izan arte. Estatutuek zehaztu beharko dute zenbateraino utz daitekeen eskubide eta betebeharrik gabe. Akordioa derrigorrez bete behar ez den bitartean bazkideak Batzar Orokorrean botoa emateko eskubidea izango du.

 

       4.-   Bazkide izateko baldintzak galtzen direnean derrigorrezko baja arrazoizkotzat hartuko da, baina ez baldintza horrek koperatibarekiko betebeharrak bete nahi ez direlako edo derrigorrezko bajaz behar ez bezala baliatu nahi delako galdu badira.

 

       Arrazoitu gabeko derrigorrezko baja kasuetan aurreko ataleko 3 eta 4. puntuetan erabakitakoa ezarriko da.

 

       5.-   Bazkideren bat bere borondatezko bajaren nahiz derrigorrezko bajaren kalifikazio edo ondorioei buruz administratzaileek erabakitakoarekin konforme ez badago, errekurtsoa jartzeko aukera izango du. Halako kasuetan, hurrengo ataleko 2. eta 4. puntuetan erabakitakoa ezarri beharko da.

 

28. Atala - Iraizpena

 

       1.-   Bazkide bat iraiztea estatutuetan jasotako hutsegite oso larriagatik baino ezin izango dute erabaki administratzaileek, horretarako izapidetutako espedientearen bidez eta kaltetuarekin hitz egin ondoren.

 

       2.-   Bazkideak iraizte-akordioaren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango dio Errekurtso-batzordeari edo, bestela, Batzar Orokorrari, jakinarazpena jaso eta hogeita hamar egun igaro baino lehen.

 

       Errekurtso-batzordeari jarritako errekurtsoa berau aurkeztu eta hiru hilabete baino lehen erabaki beharko da, kaltetuarekin hitz eginda. Epe hori igaro eta ezer erabaki edo jakinarazi ez bada, errekurtsoa onartu dela pentsatu beharko da.

 

       Batzar Orokorrari jarritako errekurtsoa, izango duen lehenengo bilerako gai-zerrendan jaso beharko da eta isilpeko bozketa bidez erabakiko da, aldez aurretik kaltetuarekin hitz egin ondoren.

 

       3.-   Errekurtso-batzordearen edo, hori ezean, Batzar Orokorraren berrespenaren jakinarazpena jasotzen denetik edo errekurtsoa jartzeko epea amaitzen denetik aurrera izango da eraginkorra iraizpen-akordioa.

 

       4.-   Errekurtso-batzordeak edo Batzar Orokorrak berretsitako iraizpen-akordioaren aurka jotzeko, jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epea izango da eta 39. atalean aipatzen den auzibidea jarraitu beharko da.

 

29. Atala - Elkartearen zigorbidezko arauak

 

       1.-   Koperatiba bakoitzaren estatutuetan elkartearen zigorbidezko arauak finkatuko dira. Bazkideek zigorren bat jasotzekotan, estatutuetan jasotako hutsegiteengatik izan beharko du, eta hutsegite txikiei dagokionez, barne-jaurpideko araudian jasotakoengatik. Bazkideek dena delako hutsegiteak direla eta jaso ditzaketen zigorrak estatutuetan finkatuko dira. Mota hauetakoak izan daitezke: ohartarazpena, ekonomiazkoa, elkarteko eskubideak galtzea edo elkartetik iraiztea.

 

       2.-   Hutsegite txikiak hilabetera geratuko dira indarrik gabe, larriak bi hilabetetara eta oso larriak hiru hilabetetara.

 

       Indargabetze-epea administratzaileek hutsegitea izan dela jakiten duten egunetik aurrera hasiko da, edo bestela, izan denetik hamabi hilabetetara. Epea eten egingo da zigorbidezko jardunbideari hasiera ematean eta berriz ere jarraituko du lau hilabetean erabakirik ematen eta jakinarazten ez bada.

 

       3.-   Zigorbidezko jardunbideak eta dagozkien errekurtsoak zein diren estatutuetan finkatuko da, baina beti ere jarraian datozen arauok errespetatu beharko dira:

 

a)  Zigorrak ezartzeko aginpidea administratzaileek izango dute eta ezingo dute eskualdatu.

b)  Derrigorrezkoa izango da aldez aurretik interesatuarekin hitz egitea.

c)  Hutsegite larriak eta oso larriak direla eta jasotako zigorren aurka Errekurtso-batzordeari edo, halakorik ez balego, Batzar Orokorrari jarri ahal izango zaizkio errekurtsoak, zigorraren jakinarazpena egiten denetik hasita hogeita hamar egun igaro baino lehen.

d)  Norbait zigortzeko hartutako akordioa 49. atalean ezarritako bideaz aurkatu ahal izango da. Hala behar izanez gero, Errekurtso-batzordearen edo Batzar Orokorraren berrespena jakinarazpena egiten denetik hilabete igaro baino lehen aurkatu ahal izango da, 39. atalean ezarritako aurkaketa-bideaz baliatuta.

 

       4.-   Elkartearen estatutuek nahitanahiez zehaztu beharko dute bazkideei eskubideak zein neurritaraino kenduko zaizkien.

 

30. Atala - Jardunik gabeko bazkideak edo erabiltzaile ez direnak

 

       1.-   Bidezko arrazoiren bat izan eta estatutuetan ezarritako gutxieneko antzinatasuna izanik, koperatibak eskaintzen dituen zerbitzuez baliatzeari utzi edo koperatibako jarduerarik burutzen ez duten bazkideek bazkide izaten jarrai dezatela baimentzea oharteman ahal izango da koperatibaren estatutuetan.

 

       2.-   Bazkideok estatutuetan ezarritakoaren ondoriozko eskubide eta betebeharrak izango dituzte, baina haien botoak ezin izango dira elkarteko boto guztien bostena baino gehiago izan.

 

       3.-   Jarduerarik ez burutzea bazkidea erretiratuta egotearen ondorioa balitz, beronek baltzu-kapitalean egindako ekarpenari dagokion interesa lanean diharduten bazkideei dagokiena baino handiagoa izan ahalko da, baina 60. atalean ezarritako muga errespetatu beharko da.

 

V ATALBURUA

KOPERATIBAKO ORGANOAK

I SAILA

BATZAR OROKORRA

 

31. Atala - Batzar Orokorra: kontzeptua eta aginpideak

 

       1.-   Koperatibako Batzar Orokorra bazkideen bilkura da eta bere aginpidekoak diren arloez eztabaidatu eta akordioak hartuko ditu.

 

       2.-   Batzar Orokorrak hartutako akordioak bazkide guztiek bete beharko dituzte.

 

       3.-   Jarraian datozen arloetan akordioak hartzea Batzar Orokorraren ardura izango da soil-soilik:

 

a)  Administratzaileak, Zaintza-batzordeko kideak, kitatzaileak eta, hala badagokio, Errekurtso-batzordeko kideak eta Elkarte-kontseiluko kideak, isilpeko boto-emanketa bidez, izendatu eta kargutik kentzea eta horiei erantzukizunak eskatzea.

b)  Kontu-ikuskatzaileak izendatu eta kargutik kentzea. Hau bidezko arrazoiren bat dagoenean baino ezin izango da egin.

c)  Elkartearen kudeaketa aztertu, urteko kontuak onartu eta gaindikinak nola banatu eta galerak nola egotzi erabakitzea.

d)  Derrigorrezko ekarpen berriak, kapitalean egindako ekarpenen interesak eta sarrerako edo aldikako ordainkizunak zenbatekoak izango diren finkatzea.

e)  Zorragiriak, partehartze-agiriak edo partehartze agiri bereziak jaulkitzea.

f)   Elkartearen estatutuak aldatzea.

g)  Bigarren mailako koperatibak, koperatiba-bazkunak eta antzeko erakundeak eratzea, eta bai horiek elkarri eratxikitzea eta elkarrengandik banatzea ere.

h)  Elkartea beste batzuekin bateratu, banatu, eraldatu edo desegitea.

i)   Estatutuen arabera koperatibaren ekonomia, antolaketa eta egitekoen egituretan oinarrizko aldaketak eragin ditzaketen beste erabaki guztiak hartzea.

j)   Koperatibaren barne-araudia onartu edo aldatzea.

k)  Legeak hala ezartzen duen gainontzekoetan, akordioak hartzea.

 

       4.-   Bestalde, Batzar Orokorrak koperatibarentzat interesgarriak diren gai guztiez eztabaidatu ahal izango du, baina behartze-indarreko akordioak lege honen arabera soilik elkarteko beste organo baten aginpidekoak ez diren arloetan bakarrik hartu ahal izango ditu.

 

       5.-   Batzar Orokorraren aginpideak eskuz aldaezinak izango dira, legearen arabera akordioa derrigorrezkoa duten ekintzetan, atal honen 3. puntuko g) idazatian adierazten den koperatibak bateratzeko prozesuetarako ohartemandakoan izan ezik.

 

32. Atala - Batzar Orokor motak

 

       Batzar Orokorrak ohizkoak eta ohiz kanpokoak izan daitezke. Ohizko Batzar Orokorraren helburu nagusia elkartearen kudeaketa aztertu, bidezkoa bada urteko kontuak onartu eta, hala behar badu, gaindikinak nola banatu eta galerak nola egotzi erabakitzea da. Bestalde, gai-zerrendan batzarraren aginpidekoa den beste edozein gai gehitu ahal izango du. Gainontzeko batzar guztiak ohiz kanpokoak izango dira.

 

33. Atala - Deialdia

 

       1.-   Batzar Orokorrerako deia administratzaileek egingo dute.

 

       2.-   Ohizko Batzar Orokorrerako deia elkartearen ekitaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteak igaro baino lehen egin beharko da. Epe hori igaro eta deialdirik izaten ez bada, edozein bazkidek eskribauaren bidez, edo beste edozein bide sineskarri erabiliz, deia egin dezatela eskatu ahal izango die administratzaileei. Galdapena jaso dezaten egunetik hamabost egun igaro eta deirik egiten ez badute, bazkideak batzarrerako deia egin dezala eskatu ahal izango dio elkartearen egoitza dagoen lekuko lehen auzialdiko epaileari. Honek deia egin eta batzarreko burua nor izango den erabakiko du. Batzar Orokor hau, epez kanpo deitutakoa izanda ere, ohizkoa izango da.

 

       3.-   Ohiz kanpoko Batzar Orokorra edozein unetan bilduko da, administratzaileek beren aldetik eskatuta, Zaintza-batzordeak eskatuta edo boto guztien ehuneko hogei gutxienez ordezkatzen duten bazkideek eskatuta. Horretarako, administratzaileei agiri sinesgarri baten bidez egin beharko zaie eskaria eta bertan eztabaidarako gaien eta saloen gai-zerrenda gehitu beharko da. Eskaria jasotzen denetik hogeita hamar egun igarota Batzar Orokorra biltzeko deirik egiten ez bada, epailearen bidez egin ahal izango da eskaria, aurreko zenbakian erabakitako moduan.

 

       4.-   Boto guztien ehuneko hamar baino gehiago ordezkatzen duten bazkideek, deialdia egin eta hurrengo bost egunak igaro baino lehen, gai-zerrendan gai bat edo gehiago sartzeko eskatu ahal izango dute, administratzaileei zuzendutako idatzi baten bidez. Administratzaileek gai horiek kontuan hartu eta gai-zerrenda berria legeak eskatzen duen bezala argitaratu beharko dute, Batzar Orokorra izan baino lau egun lehenago gutxienez. Batzarraren bilera-eguna ezin izango da inola ere atzeratu.

 

       5.-   Batzar Orokorra biltzeko deialdia, elkartearen egoitzan eta koperatibak bere jarduera aurrera eramaten duen leku guztietan jendaurrean jarriko da modu nabarmenean, eta gainera, estatutuetan hala jasotzen bada, beste iragarpenbide batzuk ere erabili ahal izango dira, bazkide guztiek horren berri izatea errazteko.

 

       Koperatibak bostehun bazkide baino gehiago baldin baditu edo estatutuek hala eskatzen badute, elkartearen egoitzaren lurralde historikoan hedapen handia duten egunkarietan ere iragarriko da deialdia.

 

       6.-   Deialdia bilera egin baino hamar egun lehenago gutxienez eta hirurogei egun lehenago gehienez jarriko da jendaurrean.

 

       7.-   Deialdian bilera zein egunetan, zein ordutan eta non izango den zehaztu beharko da gutxienez, bai lehenengo eta baita bigarren deialdian ere, eta bion artean orduerdiko tartea behintzat izan beharko da. Deialdian bertan, bestalde, garbi asko, zehaztasunez eta behar bezala sailkatuta gai-zerrenda osatzen duten gaiak jaso beharko dira.

 

       8.-   Atal honetako aurreko zenbakietan erabakitakoaren kaltetan gabe, deialdi gabeko batzarra osatu ahal izango da, bazkide guztiak bilduta edo ordezkatuta egonik, aho batez batzar unibertsala eratzea erabakitzen baldin badute. Denek onartu eta izenpetu beharko lukete gai-zerrenda eta bertaratutakoena, baina gero ez lukete guztiek bertan geratu beharrik izango.

 

34. Atala - Jarduera

 

       1.-   Batzar Orokorra, unibertsala ez bada behintzat, elkartearen egoitza dagoen herrian burutu beharko da. Estatutuetan, hala egitea eskatzen duten egoeretarako, biltzeko beste leku batzuk izatea edo administratzaileek bilera zein lekutan egin erabakitzeko erabili behar dituzten irizpideak finkatu ahal izango dira orokorrean.

 

       2.-   Batzar Orokorra balioz osatuta egoteko, lehenengo deialdian botoen gehiengoa izan beharko da bertan edo ordezkatuta, eta bigarren deialdian, gutxienez botoen ehuneko hamar osatzen duten bazkideak, bertan izanik edo ordezkatuta, edo bestela, ehun boto. Estatutuetan bestelakorik esaten ez bada, nahikoa izango da quorum hori bileraren hasieran lortzea.

 

       3.-   Batzarrera joateko eskubidea Batzar Orokorrerako deialdia egin zenerako bazkide zirenek izango dute.

 

       4.-   Estatutuetan norberak joan beharra eskatzen den kasuetan izan ezik, bazkide batzuek beste batzuei eman ahal izango diete ordezkotza, batzar bakoitzerako berezia izango den idatzi baten bidez. Batzar unibertsalaren kasuan, ordezkotza ematen den idatzian, ohartemandako gai-zerrenda ere jaso beharko da.

 

       Bazkideek ezin izango dute, bakoitzak bereaz gainera, bi ordezkotza baino gehiago izan. Ordezkotza ezeztatu egin daiteke. Ordezkatutakoa Batzar Orokorrera joaten bada, balioa kenduko dio ordezkotzari.

 

       5.-   Estatutuetan hala jasotzen bada, kontsumo, etxebizitza, nekazaritza edo familiako beharrizanei aurre egitera zuzendutako koperatibetan, bazkideek Batzar Orokorrerako ordezkotza ezkontidearen edo familiako besteren baten eskuetan utzi ahal izango dute, estatutuetan onartzen den ahaidetasun-mailaraino aritzeko gaitasun osoa baldin badute. Batzar bakoitzerako baimen berezia behar izango den edo ordezkotza ematen duen idatziak bazkideak zehaztutako eperako balio izango duen ere zehaztu beharko da estatutuetan.

 

       6.-   Batzar Orokorreko buru estatutuetan izendatutakoa izango da. Horrek ezingo balu, administrazio-organoko burua, eta horrek ere izaterik ez balu, batzarrak hautatutako bazkidea izango litzateke. Batzarreko buruaren egitekoak eztabaidak bideratu, batzarra behar bezala burutu dadin zaindu eta legezko izapideak betearaztea izango dira.

 

       7.-   Buruak bera bezala estatutuetan edo batzarreratutako bazkideek izendatutako idazkari baten laguntza izango du.

 

       8.-   Lege honetan edo estatutuetan ohartemandako kasuetan bozketa isilpekoa izango da, eta baita bertaratutako eta ordezkotza duten bazkideen ehuneko hamarrek hala izan dadila eskatzen duten kasuetan.

 

       9.-   Gai-zerrendan jaso gabeko gaiei buruzko erabakiak baliorik gabekoak izango dira, lege honetan berariaz dena delako akordioa hartzea baimentzen den kasuetan izan ezik.

 

       10.- Administratzaileek Batzar Orokorretara joan beharra izango dute. Zuzendari, jerente, teknikari eta enpresak behar bezala iharduteko zerikusia duten gainontzeko pertsonak batzarrera joatea baimendu edo derrigorrez eskatu ahal izango da estatutuetan. Batzar Orokorrak, bertan beste edozein pertsona egoteko baimena eman ahal izango du.

 

35. Atala - Boto-eskubidea

 

       1.-   Koperatibetan bazkide bakoitzak boto bana izango du.

 

       2.-   Dena den, lehen mailako koperatibetan, hau da, koperatiba, koperatibok kontrolatutako elkarte eta herri-erakunde diren bazkideen boto-eskubidea, koperatibarekin duten jarduera-mailaren edo koperatibon arteko harremanetan osagarriak diren eskaintzen neurriaren araberakoa izatea oharteman ahal izango da estatutuetan.

 

       Halakorik baldin badago, estatutuetan garbi asko zehaztu beharko da boto-eskubidea neurtzeko irizpideak zein diren.

 

       Koperatiba-elkartea ez den bazkide batek izan dezakeen boto-kopurua ezin izango da koperatibako boto guztien herena baino handiagoa izan.

 

       3.-   Bigarren edo geroagoko mailaren bateko koperatibetan, 131. atalean erabakitakoa beteko da.

 

       Mailegu-koperatibetan erakunde horiei dagokien araubide berezian erabakitakoa bete beharko da.

 

       4.-   Laguntza-bidezko bazkideen, jarduerarik gabeko edo erabiltzaile ez direnen edo iraupen jakinekoen boto-kopurua, guztira, ezin izango da inoiz ere koperatibako boto guztien erdia izatera iritsi.

 

       5.-   Bakoitzaren interesak direla-eta gatazkak sortzen badira, bazkideak bozketarik egin gabe noiz geratu beharko diren zehaztu beharko da estatutuetan.

 

36. Atala - Gehiengokoen jaurpidea

 

       1.-   Batzar Orokorrean erabakiak hartzeko, baliozko botoen erdia baino gehiago behar izango da. Horretarako, ez dira kontuan hartuko boto zuriak, ez eta eman gabe utzitako botoak. Dena den, salbuespenak izango dira lege honetan edo estatutuetan gehiengo indartuak eskatzen diren kasuetan.

 

       2.-   Koperatiba eraldatu, bateratu, banatu edo desegin behar den erabakitzeko, batzarrean daudenen edo ordezkatutakoen botoen bi herenak behar izango dira, bertaratu eta ordezkatutakoen boto-kopurua koperatibako boto guztien ehuneko hirurogeita hamabost baino txikiagoa baldin bada.

 

37. Atala - Batzar Orokorreko bilera-agiria

 

       1.-   Batzar Orokorrean hartutako erabakiak bilera agirian jasoko dira. Idazkariak idatziko du eta, ondoren, bilera-agirien liburuan jasoko du. Honako datuok jaso beharko dira bilera-agirian:

 

a)  Noiz eta non izan den bilera.

b)  Deialdia noiz eta zein modutan egin den, batzar orokor unibertsalak direnetan izan ezik.

c)  Deialdiaren testu osoa.

d)  Bertaratutako bazkide-kopurua, beren izenean edo besteren baten ordez etorri direnak zehaztuta, eta batzarra lehenengo deialdian edo bigarrenean burutu den.

e)  Eztabaidatutako gaien eta bilera-agirian jaso daitezela eskatutako iritzien laburpena.

f)   Hartutako erabakien edukina.

g)  Bozketen emaitzak, erabaki bakoitza zenbateko gehiengoarekin hartu den zehaztuta. Aurkako botoa eman duenak hala eskatzen badu, aurkako boto horren berri emango da.

h)  Bilera-agiriaren onespena, bilera bukatu ondoren hala gertatzen bada.

 

       2.-   Bertaratutakoen zerrenda bilera-agiriaren hasieran edo beronekin batera jasoko da, bileraburuak oniritzia eman eta idazkariak izenpetutako eranskin batean. Bertaratutakoen zerrenda fitxategi bidez osatu edo euskarri informatikoan jaso ahal izango da, beti ere ezaugarri horietako elkarteentzako Merkataritza Erroldako Araudian finkatutako baldintzak betetzen direla.

 

       3.-   Bilera-agiria batzarrak onartu ahal izango du, berau izan ondoren, edo hala ez bada, nahitanahiez hamabost egun igaro baino lehen, eta batzarburuak eta batzarrean aukeratutako bi bazkidek onartuko dute. Hiru hauek eta idazkariak izenpetuko dute.

 

       4.-   Batzar orokorrera bertaratutako edozeinek bilera-agiriaren edo hartutako erabakien testu osoaren egiaztapenak eskatzeko eskubidea izango du. Egiaztapena egiten den garaian idazkari denak emango ditu egiaztapenok, batzarburuaren oniritziarekin.

 

       5.-   Erabakietan esaten direnak onartzen diren unetik jarriko dira indarrean.

 

       6.-   Erroldara daitezkeen erabakiak bilera-agiria onartu eta hurrengo hogeita hamar egun igaro baino lehen aurkeztu beharko dira Koperatiben Erroldan.

 

38. Atala - Ordezkarien Batzarra

 

       1.-   Koperatibak bostehun bazkide baino gehiago baldin baditu edo batzar orokorrean bazkide guztiak egoteko behin eta berriz oztopo larriak eragiten dituzten egoerak gertatzen badira, batzar orokorra, prestatzeko biltzarretan aukeratutako bazkideen ordezkariez osatzea jaso ahal izango da estatutuetan.

 

       2.-   Estatutuetan berariaz arautu beharko da prestatzeko biltzar bakoitzari bazkideak atxikitzeko dauden irizpideak, biltzarron deialdia egin eta horiek sortzeko jaurpidea, ordezkariak -bazkideak izan beharko dute- hautatzeko arauak, bakoitzak batzarrean izan ahal izango duen boto-kopurua eta ematen zaien agintearen ezaugarriak eta zenbat iraungo duen.

 

       3.-   Prestatzeko biltzar bakoitzean zenbat ordezkari hautatuko den eta ordezkariok Batzar Orokorrean zenbat boto izango duten arautzeko, estatutuetan proportzionaltasuna kontuan hartuko da derrigorrez.

 

       4.-   Atal honetan nahiz estatutuetan, prestatzeko biltzarrei buruz oharteman gabe daudenetan, Batzar Orokorrarentzako ezarritako arauak bete beharko dira, ezargarriak baldin badira behintzat.

 

39. Atala - Batzar Orokorrak hartutako erabakiak aurkatzea

 

       1.-   Batzar Orokorraren erabakiak legearen nahiz estatutuen aurkakoak edo bazkide baten, batzuen nahiz beste pertsona batzuen mesedetan, koperatibaren xedeen aurkakoak baldin badira, aurkatu egin ahal izango dira.

 

       2.-   Legearen aurkako erabakiak baliorik gabeak izango dira. Aurreko zenbakian aipatzen diren besteak, berriz, baliogabegarriak.

 

       3.-   Balio gabe utzitako edo baliozko beste baten bidez ordezkatutako erabakiak ezin izango dira aurkatu. Aurkatzea eragin duen arrazoia kentzerik baldin balego, epaileak bidezko epe bat utziko du akatsa konpontzeko.

 

       4.-   Baliorik gabeko erabakiak edozein bazkidek, administratzailek, Zaintza-batzordeko kidek edo legezko interesa duen beste edozeinek aurkatu ahal izango ditu, eta urtebete izango da horretarako, beren ondorioak edo edukiak herri-bakearen aurkakoak dituzten erabakien kasuan izan ezik.

 

       5.-   Batzar Orokorreko bilera-agirian erabakiarekin bat ez zetozela adierazi zuten bertaratutako bazkideek, bertaratu gabekoek, bidezko arrazoirik gabe botoa ematen utzi ez zitzaienek, administratzaileek eta Zaintza-batzordeko kideek aurkatu ahal izango dituzte. Horretarako berrogei egun izango dituzte baliogabegarriak diren erabakiak.

 

       6.-   Atal honetan aurkatzeak egiteko ohartemandako epemugak erabakia hartzen denetik hasita edo, erroldan izen-ematekoa baldin bada, Koperatiben Erroldan izena ematen denetik hasita zenbatuko dira.

 

       7.-   Aurkatzeek Akziokako Elkarteen Lege Jaurpideari buruzko Legearen 118. ataletik 121.erakoetan ezarritako arauak bete beharko dituzte, salbuespen bat badago ere: eskaria egiten den idatzian, aurkatutako erabakia indarrik gabe uztea eskatzen bada, eskarigileak Zaintza-batzordea edo gutxienez botoen ehuneko hogei ordezkatzen duten bazkideek izan beharko dute.

 

       8.-   Aurkatzea kontuan hartu duen epaiak bazkide guztiengan izango du eragina, baina ez die eragingo aurkatutako erabakiaren ondorioz eta asmo txarrik gabe, beste batzuek lortutako eskubideei. Aurkatutako erabakia Koperatiben Erroldan jasota balego, indarrik gabe utz dadila erabakiko luke epaiak.

 

II SAILA

KOPERATIBA ADMINISTRATZEA ETA ORDEZKATZEA

 

40. Atala - Administratzaileak. Izaera eta aginpideak

 

       1.-   Koperatiba kudeatzea eta ordezkatzea soil-soilik administratzaileen egitekoa izango da eta, bestalde, legeek edo estatutuek elkarteko beste organo baten esku berariaz uzten ez dituzten beste aginpide guztiak ere eurenak izango dira.

 

       2.-   Administratzaileen esku utzitako ordezkotza zein modutan eramango den aurrera estatutuetan zehaztu beharko da. Ordezkapen hori elkartearen xedeen barruan dauden ekintza guztietarako izango da, bai epaiketetan eta baita epaiketaz kanpokoetarako ere. Administratzaileek ordezkapenerako dituzten gaitasunei estatutuetan jarritako edozein muga indarrik gabekoa izango da koperatibakoak ez diren besteen aurrean. Asmo txarrik eta erru larririk gabe jardun duten koperatibaz besteekiko erantzukizuna izango du koperatibak, nahiz eta estatutuen arabera ekintza elkartearen xedeen barruan egon ez.

 

41. Atala - Administratzaileak hautatzea

 

       1.-   Administratzaileek kide anitzeko organoa osatuko dute eta organo horri Artezkaritza-kontseilua deituko zaio. Dena den, koperatiban hamar bazkide baino gehiago ez baldin badira, administratzaile bakarra izatea oharteman ahal izango da estatutuetan.

 

       2.-   Administratzailea bakarra baldin bada, bazkidea izan beharko du. Artezkaritza-kontseiluan, berriz, kideen laurdena bazkide ez direnen artean hautatu ahal izango da, estatutuetan berariaz galerazten ez bada behintzat.

 

       3.-   Administratzaileak batzar orokorrean hautatuko dira, isilpeko bozketan emandako baliozko botoen kopururik handiena lortzearen bidez.

 

       4.-   Administratzaile-lanetarako pertsona juridiko bat izendatuz gero, kargu horri dagozkion egitekoak aurrera eramateko pertsona fisiko bat izendatu beharko du pertsona juridikoak.

 

       5.-   Administratzaileen izendapena berauek onartzen dutenetik jarriko da indarrean, eta Koperatiben Erroldan izena emateko, kargua onartzen denetik hogeita hamar egun igaro baino lehen aurkeztu beharko da.

 

       6.-   Artezkaritza-kontseiluak zuzendari-jerente bati edo batzuei eskumen orokorrak eman ahal izango dizkie, eta berauen gaitasunak aginpideak ematen dituen idatzian ageri direnak izango dira, hain zuzen koperatibaren ohizko trafikoari buruzkoak soilik. Bai izendapena eta baita eskumenak ematea ere Koperatiben Erroldan jaso beharko dira. Artezkaritza-kontseiluak, bestalde, edozein pertsonaren esku utzi ahal izango ditu eskumen bereziak.

 

42. Atala - Ezintasunak eta debekuak

 

       1.-   Honakook ezin izango dira administratzaile izan:

 

a)  Berriz gaitu gabeko porrot egindakoek eta konkurtsatutakoek, adin txikikoek eta ezinduek, kargu publikoetan jardutea galerazten duten zigorrak betetzen ari direnek, lege edo gizarteko arauak modu larrian ez betetzeagatik zigorren bat jaso dutenek eta beren kargua dela eta, irabaziak ematen dituzten diru-jarduerak burutzerik ez dutenek.

b)  Funtzionariek eta administrazioarentzat lanean dihardutenek, kasuan kasuko koperatibaren berezko jarduerekin zerikusia duten egitekoak baldin badituzte.

c)  Beren edo inoren kontura arituz, koperatibarekin lehian dauden jarduerak burutzen dituztenek, edo modu batera edo bestera koperatibaren interesen aurkakoak dituztenek.

d)  Zaintza-batzordeko eta Errekurtso-batzordeko kideek eta zuzendari-jerenteek.

e)  Estatutuetan ohartemandako egoeretakoren batekoak direnek.

 

       2.-   Atal honetan aipatzen den ezintasun edo debekuren batek eragingo balio administratzaileren bati, berehala utzi beharko luke bere kargua. Dena den, bere kargua aldi batez uztera behartu ahal izango du Zaintza-batzordeak edo, halakorik ez balego, Artezkaritza-kontseiluak, hurrengo Batzar Orokorra burutu arte. Badaezpada kargua utzi edo edozein bazkidek eskatuta utzi bada, Batzar Orokorrak administratzailea kargutik kenduko du, c) azpiatalean ohartemandako kasuan izan ezik, honetan kargutik kendu edo jarraitu egin behar duen bere kabuz erabakiko baitu Batzar Orokorrak.

 

43. Atala- Ordainsaria

 

       Estatutuetan edo, bestela, Batzar Orokorrak erabakita, administratzaileek ordainsariak jaso ahal izango dituzte.

 

       Edozertara ere, karguaren ondoriozko gastuak ordainduko zaizkie.

 

44. Atala - Iraupena eta kargutik kentzea

 

       1.-   Administratzaileak estatutuetan finkatuko den eperako hautatuko dituzte, bi eta bost urte arteko epea beti ere. Berriz ere hautatu ahal izango dituzte, denbora tarte bererako, estatutuetan kontrakoa esaten ez bada behintzat. Izendapenari zegokion denbora tartea igaro ondoren ere, beren karguan jarraituko dute administratzaileek behin-behingoz, hurrengo batzar orokorra izan arte.

 

       2.-   Batzar orokorrean, gai-zerrendan jasota egon gabe ere, administratzaileak kargutik kentzea erabaki ahal izango da. Gai-zerrendan jaso gabe dagoenetan, kargutik kentzearen alde, bertaratutako eta ordezkatutakoen botoen bi herenak behar izango dira.

 

       3.-   Administratzaileren bat kargutik kentzen baldin badute, administratzaile berriak hautatu beharko dira batzar orokorraren saio berean, gai-zerrendan halakorik ageri ez bada ere.

 

       4.-   Edozer dela ere administratzaileren bat kargutik kentzen dutenetan, besteekiko eragina Koperatiben Erroldan izena eman ondoren baino ez du izango.

 

45. Atala - Artezkaritza-kontseilua osatzea eta berritzea

 

       1.-   Artezkaritza-kontseilua nola osatu behar den estatutuetan finkatuko da, baina beti ere ezin izango dira hiru kide baino gutxiago izan. Behin-betiko hutsuneak direla eta titularrak ordezkatzeko ordezkoak jartzea arautuko balitz, zenbat izango liratekeen, nola hautatu eta nola ordezkatu ere erabaki beharko litzateke.

 

       2.-   Artezkaritza-kontseiluak bertako kideen artean hautatuko ditu burua eta idazkaria, estatutuetan batzar orokorrak hautatu behar dituela ohartematen ez bada behintzat.

 

       3.-   Artezkaritza-kontseilua zatika berrituko da, estatutuetan dena batera berritu behar dela esaten ez bada behintzat.

 

       Kontseilariak behin eta berriz hautatu ahal izango dira, estatutuetan kontrakorik esaten ez bada behintzat.

 

       4.-   Artezkaritza-kontseilua osatzean, beste egoera batzuen artean, geografiari dagokion banaketa, koperatibak aurrera eramaten dituen arlo guztiak, bazkide-motak eta berauen arteko heinezko kopuruak kontuan hartzea oharteman ahal izango da estatutuetan, eta hala, dagozkien postuak gorde egingo dira.

 

46. Atala - Artezkaritza-kontseiluaren jarduera

 

       1.-   Estatutuetan Artezkaritza-kontseiluaren barne-jarduera arautuko da. Estatutuetan arautu gabeko gaietan, Artezkaritza-kontseiluak berak arautu ahal izango du bere jarduera.

 

       2.-   Artezkaritza-kontseilua biltzeko deia buruak egingo du eta bilera baliozkoa izateko, kideetako erdiak baino gehiagok egon beharko du bertan. Kontseilu honetako bileretara bakoitzak aurkeztu beharko du, ordezkotzarik eman gabe.

 

       3.-   Erabakiak hartzeko, bertaratutakoen erdiak baino gehiagoren botoak behar izango dira, legean edo estatutuetan besterik agintzen ez bada behintzat, eta kontseilariek boto bana izango dute.

 

       Artezkaritza-kontseilura bertaratutakoen bi herenen aldeko botoak behar izango dira gutxienez, jarraian datozen erabakiak hartzeko:

 

a)  Jarduera-zentru nagusi bat edo beronen zati garrantzitsu bat itxi edo lekuz aldatzeko.

b)  Koperatibaren jardueran murrizketa, hedapen edo berrikuntza nabarmenak eragiteko.

c)  Koperatibaren antolaketan garrantzi handiko aldaketak sortzeko.

d)  Beste erakunde batzuekin, koperatiba edo bestelakoekin, koperatibarentzat etengabeko eta balio handiko elkarlana ekarriko duten harremanak sortzeko edo desegiteko.

 

       Buruaren botoa izango da berdinketetan erabakiko duena.

 

       4.-   Kontseiluak hartutako erabakiak bilera-agirien liburu batean jasoko dira. Bilera-agiria buruak eta idazkariak izenpetu eta eztabaiden laburpenaz, erabakien testuez eta bozketen emaitzez egongo da osatuta.

 

       5.-   Koperatibaren estatutuetan besterik esaten ez bada, Artezkaritza-kontseiluaren baitan Egiterapen-batzorde bat edo kontseilari ordezkari bat edo gehiago izendatu ahal izango ditu kontseiluak berak.

 

       Batzar Orokorrean kontuen berri ematea eta kitapenak aurkeztea, nahiz batzar orokorrak Artezkaritza-kontseiluari emandako aginpideak, ezin izango dira inoiz ere ordezkotza emanda besteren esku utzi, Batzar Orokorrak berariaz baimentzen ez badu behintzat.

 

       Artezkaritza-kontseiluaren aginpideren baten etengabeko ordezkotza Egiterapen-batzordeari edo kontseilari ordezkariren bati emateko, eta kargu horiek beteko dituzten kontseilukideak izendatzeko, Artezkaritza-kontseilua osatzen dutenen bi herenen aldeko botoa behar izango da eta ez dute eraginik izango Koperatiben Erroldan izena eman arte.

 

47. Atala - Administratzaileen erantzukizuna

 

       1.-   Administratzaileak enpresari fina eta ordezkari zintzoa bezain zuzen arituko dira beren karguetan, eta legearen nahiz estatutuen aurka edo behar bezain ondo egin ez dituzten egintzen kalteen erantzukizuna izango dute. Beren lana zorroztasun haundiagoz edo txikiagoz neurtzeko, lansaririk jasotzen ote duten edo ez izan beharko da kontuan. Zabaldu behar ez diren datuak isilik gordeko dituzte, baita lana utzita gero ere.

 

       2.-   Solidaritate-legez erantzun beharko dute egintza kaltegarria burutu edo horrelako erabakia hartu zuen organoko kide guztiek, erabakia hartzean edo burutzearekin zerikusirik izan ez eta halakorik bazenik ere ez zekitela argi uzteko moduan direnak izan ezik, edo, nahiz eta ezagutu, kalterik izan ez zedin ahalegin guztiak egin zituztenak edo, gutxienik, horien aurka argi agertu zirenak izan ezik.

 

       3.-   Erantzukizuna berbera izango da ekintza edo erabaki kaltegarria Batzar Orokorrak hartu, baimendu edo berretsi bazuen ere.

 

48. Atala - Administratzaileei erantzukizunak eskatzeko ekintzak

 

       1.-   Administratzaileei erantzukizunak eskatzeko elkartearen ekintza koperatibaren esku izango da; aurrez Batzar Orokorrak gehiengo soilez erabaki beharko du, nahiz eta eguneko gai zerrendan halakorik agertu ez. Batzar Orokorrak edonoiz emango dio baiezkoa nahiz ezezkoa ekintza aurrera eramateari.

 

       2.-   Batzar Orokorrak ekintza bultzatzea edo aurrera eramateari baiezkoa ematea erabakiz gero, kaltetutako administratzaileak kargutik kanpo geratuko dira berez eta besterik gabe.

 

       3.-   Erabakia hartu ondoko hiru hilabeteetan koperatibak berak erantzukizunak eskatzeko ekintzarik hasiko ez balu, edozein bazkidek egin ahal izango luke.

 

       4.-   Kaltea egin eta sei hilabeteetara batzarrak edo bazkideek ez badute ekintzara jo, elkarteko edozein hartzekodunek hasi ahal izango du erantzukizunak eskatzeko ekintza, koperatibaren ondarea berriro osatzeko helburuarekin bakar-bakarrik.

 

       5.-   Dena den, ekintza iraungita geratuko da erantzukizuna eskatzeko arrazoi diren egintzak gertatu edo ezagutu ondoren bi urte pasa eta gero.

 

       6.-   Aurreko puntuetan erabakitakoa kontuan izan behar bada ere, guzti horretatik kanpo dira zuzenean bazkideen edo beste inoren kaltetan zuzenean administratzaileek egindakoengatik batzuek edo besteek egin litzaketen norbanako ekintzak.

 

49. Atala - Administratzaileen erabakiak aurkatzea

 

       1.-   Aurkatu egin ahal izango dira Artezkaritza-kontseiluaren, edo bestela, Egiterapen-batzordearen erabakiak, legearen edo estatutuen aurkakoak baldin badira edo, bazkide bat edo besteren mesedetan, edo beste batzuen mesedetan, eta koperatibaren kaltetan hartu badira.

 

       2.-   Administratzaileek eta Zaintza-batzordeak aurkatu egin ahal izango dituzte erabaki baliogabe eta baliogabegarriak, hartu ondorengo hirurogei eguneko epean.

 

       3.-   Erabaki baliogabeak edozein bazkidek ere aurkatu ahal izango ditu, eta erabaki baliogabegarriak elkarteko botoen ehuneko hamar ordezkatuko duten bazkideek, erabakiaren berri izan ondoko hirurogei eguneko epean, erabakia hartu zela urtebete ez bada.

 

       4.-   Aurkatzeak zehaztuta dauden ondorioak izango ditu, eta Batzar Orokorraren erabakiak aurkatzeko erabakitako bidetik izapidetuko da.

 

III SAILA

ZAINTZA-BATZORDEA

 

50. Atala - Osaketa, agintaldia eta izendapena

 

       1.-   Estatutuetan zehaztuko da zenbat kide titular izan behar dituen Zaintza-batzordeak, baina gutxienez hiru izan beharko ditu, baita zenbat ordezko kide izan behar dituen eta agintaldiaren iraupena ere; hau ez da administratzaileen agintaldiaren berbera izango.

 

       Batzorde hori ez da derrigorrezkoa izango ehun bazkide baino gutxiago baldin baditu koperatibak.

 

       2.-   Bazkide izan beharko da Zaintza-batzordeko kide izateko, estatutuetan bestelakorik onartzeko aukera jaso ez bazen. Bestelakorik onartzekotan, zuzentasuna, lan-prestakuntza eta teknika eta enpresazko esperientzia eskatuko zaizkio organo horren betebeharren arabera. Bazkide ez diren kide horiek ez dira batzordeko kide guztien erdia baino gehiago izango, erditik azpirantz jota neurtuta.

 

       Koperatiban berrogeita hamar lan-hitzarmendun langile baino gehiago ari badira, ordezkari bat izango dute Zaintza-batzordeko kide. Ordezkari hori soldatapeko guztiek aukeratuko dute epe-mugarik gabeko hitzarmena dutenen artetik.

 

       3.-   Batzordeko kideak aukeratu edo kanporatzeko, Batzar Orokorrean emandako baliozko boto guztien zatirik handiena beharko da, eta isilpeko bozketa egin beharko da beti ere; berriz ere aukeratu ahal izango dira, estatutuetan oztoporik ageri ez bada, eta erantzukizun, lansari, ezintasun, debeku eta erroldan izenemateei buruz administratzaileentzat lege honek dituen arauak bete beharko dituzte.

 

51. Atala - Informazioa jasotzeko ahalmenak

 

       1.-   Administratzaileek Zaintza-batzordeari koperatibaren jardueren eta ustez izango duen bilakaeraren berri eman beharko diote hiru hilabetetik behin, gutxienez.

 

       2.-   Batzordeak bere lana burutzeko behar beste egiaztapen egiteko eskubidea du, eta hori egiteko agindua bere kideetako bati edo batzuei eman edo, bestela, adituen laguntza eskatu ahal izango du, kideen artean halakorik ez badago.

 

       3.-   Batzordeko kide guztiek izango dute emandako edo jasotako informazio guztia ezagutzeko aukera, baina ez dute ikerketa-lanen edo jasotako informazioaren emaitzen berri ematerik izango estatutuetan zehaztutako eremuetatik kanpo, ez eta koperatibako kideen aurrean ere.

 

52. Atala - Jarduera-eremua

 

       Zaintza-batzordeak lege honetan zehaztutako eginkizunak beteko ditu, baina, ezin du koperatibaren kudeaketan zuzenean parte hartu, eta ezin da koperatibaren ordezkari izan beste inoren aurrean; hala eta guztiz ere, koperatibaren ordezkari izango da koperatiba beraren administrazio-organoaren edo bere kideetako edozeinen aurrean, organo hori auzitara eraman behar bada, edo organo horren kideekiko hitzarmenak bukatu egin badira.

 

53. Atala - Aginpideak eta jarduera

 

       1.-   Zaintza-batzordeak honako eginkizun hauek betetzeko ahalmena du:

 

a)  Urteko kontuak aztertzea eta kontu horiei eta gaindikinak banatzeko edo galerak egozteko proposamenari buruz derrigorrezko txostena egitea, Batzar Orokorrean azaldu ditzaten aurretik, baldin eta koperatibak bere finantza-egoera kontu-ikuskaritzaren baten aurrean aurkeztu behar ez badu.

b)  Koperatibako liburuak aztertzea.

c)  Batzar Orokorra biltzeko dei egitea, koperatibaren onerako beharrezkotzat jotzen duenean, eta administratzaileek, erabakita dauden epeetan, 33. ataleko 2. eta 3. puntuetan zehaztutakoaz bat bazkideek egindako eskariari kasu egin ez badiote.

d)  Ordezkaritza-idazkiak zenbateraino diren egokiak ikuskatu eta kalifikatzea, eta, oro har, batzarretara joateko eskubidearen inguruko zalantza eta gorabeherak konpontzea.

e)  Lege honetan zehaztutako kasuetan, elkartearen erabakiak aurkatzea.

f)   Batzar Orokorrari ebazpena emateko aurkeztu dizkion egoera edo arazo zehatzei buruz argipideak ematea.

g)  Batzar Orokorrak egin behar dituen gainerako organoetako kideen aukeraketa eta izendapena zaintzea.

h)  Administratzaileen eginbeharrak etetea 42. ataleko ezintasun- edo debeku-egoeraren batean badaude, eta hala gertatuz gero, beharrezko neurriak hartzea Batzar Orokorra bildu arte.

i)   Lege honek berariaz agindutako gainerako eginkizun guztiak.

 

       2.-   Zaintza-batzordearen jardute-jaurpidea estatutuetan, edo bestela, barne-araubidean erabakitakoaren araberakoa izango da. Halere, edozein administratzailek edo batzordeko edozein kidek eska diezaioke idatziz bertako lehendakariari organo hori biltzeko deia egin dezala, eskabidea egiteko dituen arrazoiak azaltzen baditu. Eskari hori Artezkaritza-kontseiluaren edo Zaintza-batzordearen beraren herenak egin baldin badu gutxienez, eta hilabeteko epean osatzeko deirik egingo ez balitz, eskatu duten taldeetako edozeinek egin ahal izango luke deia.

 

       3.-   Kitapen-garaian, atal honetan zehaztu zaizkion eginkizunen artetik garai horretan bidezkoak direnak bakarrik beteko ditu Zaintza-batzordeak.

 

IV SAILA

BESTE ORGANO BATZUK

 

54. Atala - Elkarte-kontseilua. Izaera eta egitekoak

 

       1.-   Berrogeita hamar langile bazkide edo lan-bazkide baino gehiagoko lankide-koperatibetan, Elkarte-kontseilu bat eratzeko aukera jaso ahal izango dute estatutuek, eta kontseilu horrek, koperatibako bazkideen ordezkotza duen organo denez, lan-harremanari doazkion alderdi guztiei buruz administratzaileei argipideak, aholkuak eta iritziak ematea izango ditu oinarrizko egitekoak, eta horiei buruz arauzko txostenak eman beharko ditu, eta bereziki, 101.2 eta 103. ataletan adierazitakoei buruzkoak.

 

       2.-   Halaber, beren estatutuetan hori jaso dadineko koperatibetan, bazkide ez diren lansaridunekiko lan-harremanari doazkion alderdi guztiei buruzkoan, Elkarte-kontseiluari iritzia eskatzea nahitaezkoa izango da.

 

       3.-   Elkarte-kontseilua langile bazkideek edo lan-bazkideek osatuko dute. Elkarteko estatutuetan zehaztuko da bere osaketa, iraupena, desegitea eta jarduera-modua, eta administratzaileek bertako bileretan parte hartzeko aukerarik ba ote duten.

 

55. Atala - Errekurtso-batzordea. Osaketa eta egitekoak

 

       1.-   Koperatibako estatutuetan Errekurtso-batzorde bat arautu ahal izango da, bazkideen arau-hauste larriak edo oso larriak zigortzeko enpresan lehen auzialdian hartutako erabaki zigortzaileak berriro aztertzeko, baina bakarrik kaltetuak hala eskatzen badu. Zigortzaileak ez diren erabakiengatik ere errekurtsoa jarri ahal izango zaio batzorde honi, aukera hori lege honetan edo estatutuetan ageri bada.

 

       2.-   Organo honetako kide izateko, eskubide osoko bazkide izan eta estatutuetan eskatutako antzinatasuna, koperatiba-esperientzia eta egokitasuna izan beharko dira. Kide titularrak eta ordezko kideak, estatutuetan agindu beste izango direnak, Batzar Orokorrak aukeratuko ditu isilpeko bozketan, beste eskakizunak betetzeaz gain elkartean ardurazko kargurik izan ez eta koperatibako lansaridun ere ez diren bazkideen artetik. Beren agintaldia ez da hiru urtetik beherakoa izango eta berriztatu egin ahal izango da.

 

       3.-   Errekurtso-batzordearen erabakia baliozkoa izango da kideen erdia baino gehiago bertaratuz gero, eta ezin da ordezko botorik eman. Erabakiak hartzeko, estatutuetan zehaztutako gehiengoa beharko da. Zigorbidezko gaien inguruan ezer erabakitzeko, isilpeko bozketa egin beharko da beti, eta ez da boto ebazlerik izango.

 

       4.-   Batzordeko kideek, kaltetutako bazkidearekin bigarren mailako gueskidetasun edo kidetasun harremanak badituzte, edo zigortutakoaren menpekoak, lagun minak edo etsai nabariak baldin badira, ezingo dute errekurtsoak izapidetzen eta erabakitzen parte hartu.

 

       Errekurtso-batzordearen erabakiak berehalakoan bete beharko dira eta behin-betikoak izango dira, enpresaren nahiaren adierazpen direnez gero. Aurkatu egin daitezke, Batzar Orokorrak hartu izan balitu bezala, 39. atalak dioenaren arabera.

 

       5.-   Atal honetako aurreko puntuetan jaso ez den ezertan, koperatibaren estatutuek agindu dezatena bete beharko da.

 

VI ATALBURUA

DIRU JAURPIDEA

 

56. Atala - Erantzukizuna

 

       1.-   Bazkideek ez dute enpresaren zorren norbanako erantzukizunik izango. Baltzu-kapitalean dituzten ekarpenek mugatuko dute beren erantzukizuna zor horiei buruz.

 

       2.-   Berreskuratu beharreko ekarpenen zenbatekoa zehaztu ondoren, baja hartzen duten langileek ez dute inolako erantzukizunik izango baja hartu aurretik koperatibak egin zituen zorrengatik.

 

57. Atala - Baltzu-kapitala

 

       1.-   Koperatibako baltzu-kapitala bazkideek horretarako emandako ondare-ekarpenek osatuko dute, derrigorrezkoak izan edo borondatezkoak izanda ere.

 

       2.-   Baltzu-kapitalari egindako ekarpenak egiaztatzeko, izenezko agiriak erabiliko dira, baina ez dira diru-baliozko agiritzat hartuko, edo, bestela, izendun partaidetza-libretak, non egindako ekarpen eta gaurkotze guztiak eta bazkideari egotzitako galerengatik egindako kenketak azalduko baitira.

 

       3.-   Ekarpenak egiteko legez kurritzen duen dirua erabili beharko da. Elkarteko estatutuetan baimena ematen bada edo Batzar Orokorrak hala erabakiz gero, ondasunak edo eskubideak ere erabili ahal izango dira ekarpenetarako. Halako kasuetan administratzaileek zehaztuko dute balioa, baina beraiek izendatutako aditu independiente batek edo batzuek ekarpenaren ezaugarriei eta balioari buruz eta hori neurtzeko erabili dituzten irizpideei buruz adituen erantzukizunez egindako txostena aztertu beharko dute lehenengo eta behin. Halere, estatutuetan hala jasota balego, administratzaileek egindako baloraketa Batzar Orokorrak onartu beharko luke.

 

       4.-   Bazkide bakoitzaren ekarpenen zenbateko osoa, lehen mailako koperatibetan, koperatibak edo bazkide laguntzaileak ez badira behintzat, ez da baltzu-kapitalaren herena baino gehiago izango. Ez dute halako mugarik izango bazkide laguntzaileek.

 

       5.-   Atal honetako 1. puntutik 4.erainokoan erabakitakoa mailegu-koperatibei eta aseguru-koperatibei ere ezarri ahal izango zaie, baina batzuen nola besteen araudiek horretarako eragozpenik jartzen ez dutenean bakarrik.

 

58. Atala - Baltzu-kapitalerako derrigorrezko ekarpenak

 

       1.-   Estatutuetan zehaztuko da bazkide izateko hasiera batean derrigorrez egin beharreko ekarpena. Ekarpen hori desberdina izan daiteke lege honetan ageri den bazkide-mota bakoitzarentzat, bere izaera fisiko edo juridikoaren arabera. Eta desberdina izan daiteke bazkide bakoitzarentzat ere, koperatibaren jarduerarekiko bakoitzak duen konpromezuaren edo erabileraren arabera.

 

       2.-   Bazkide izateko hasierako derrigorrezko ekarpenaren ehuneko hogeita bost gutxienik izenpetzearekin batera ordaindu beharko da, eta gainerako guztia enpresaren estatutuetan edo Batzar Orokorrak erabakitako epean, baina gehienez ere lau urtekoa izango da.

 

       3.-   Bazkideei koperatibaren galerak egotzi zaizkielako edo estatutuetan jasotako diru-zigorra ordaindu behar dutelako, horietako bazkideren baten edo batzuen baltzu-kapitalerako ekarpena estatutuek edo bestela Batzar Orokorrak halakoetarako erabakitako gutxieneko ordaina osatzeko hainbatekoa ez bada, falta den besteko ekarpena egin beharko dute, eta berehala emango zaie ordaintzeko agindua. Ekarpen hori estatutuek edo, bestela, Batzar Orokorrak zehaztutako epean ordaindu beharko da, agindua eman ondoko urtebeteko epean, gehienez ere.

 

       4.-   Batzar Orokorrak urtero erabakiko du bazkide berrien hasierako derrigorrezko ekarpena, eta derrigorrezko ekarpen berriak ere erabaki ahal izango ditu, zenbatekoa eta ordaintzeko epeak eta baldintzak zehaztu beharko dituelarik. Zenbateko hori desberdina izan liteke bazkide batentzat edo beste batentzat, 1. puntuan erabilitako irizpideen arabera. Derrigorrezko kapital-zabalkuntzarekin konforme ez den bazkideak baja hartu ahal izango du. Baja hori arrazoitutzat hartuko da.

 

       Aurrez egindako borondatezko ekarpenak derrigorrezko ekarpen berriak ordaintzeko erabili ahal izango dira.

 

       5.-   Eskatutako ekarpenak ordaintzeko berandutzarik balego bazkideren baten aldetik, aurreko azpiataletan erabakitakoaren arabera, legezko interesa ordaindu beharko dio koperatibari eta berandutzaren ondorioz egindako kalteen ordaina eman. Bere egoera zuzentzeko agindua jaso ondoko hirurogei eguneko epean zuzendu ez dezan bazkidea:

 

a)  derrigorrezko baja-egoeran jarri ahal izango dute, bazkide izateko hasierako derrigorrezko ekarpena edo 3. idazatian aipatu den gutxieneko kopurua ordaintzeko ibili bada berandu.

b)  beste kasuetan, koperatibatik iraitzi egin ahal izango dute.

 

59. Atala - Baltzu-kapitalerako borondatezko ekarpenak

 

       1.-   Batzar Orokorraren esku da bazkideek baltzu-kapitalari borondatez egindako ekarpenak onartzeko akordioa hartzea ala ez. Beti ere, ekarpen horien baldintzak zehaztu beharko ditu.

 

       2.-   Administratzaileek edozein unetan onartu ahal izango dituzte bazkideek baltzu-kapitalari borondatez egindako ekarpenak, baina, horien ordainketa ez da Batzar Orokorrak kapitalarentzako erabakitako azken borondatezko ekarpenetarakoa edo, halakorik ezean, derrigorrezko ekarpenetarakoa baino handiagoa izango.

 

60. Atala - Ekarpenen interesak

 

       1.-   Kapitalari egindako ekarpenek interesa eman dezakete, aurrez Batzar Orokorrak erabakitako beste, eta aurreko ataleko 2. puntuan erabakitakoaren kaltetan gabe.

 

       2.-   Interes hori, gehienez ere, ez da legezko interesa baino sei puntu gehiagokoa izango.

 

       3.-   Kapitalari egindako ekarpenen ordainketa, hori egiteko behar hainbat emaitza garbi edo aukeran erabili ahal izateko aski emendio izatearen menpe egongo da.

 

61. Atala - Ekarpenak eguneratzea

 

       1.-   Koperatibaren kitapena burutzeko, Zuzenbide Orokorreko baltzuentzat ohartemandako modu eta onura berberen arabera arautuko da, lege honek kitapenaren ondorioz lortuko den gainbalioari emango dion erabilpenaren kaltetan gabe.

 

       2.-   Gainbalio hori koperatibak kapitala gaurkotzeko edo diru-gordailuak, derrigorrezkoak zein borondatezkoak, handitzeko erabiliko du, urtealdi batean edo gehiagotan eta egokitzat duen neurrian. Baina, koperatibak berdindu gabeko galerak baldin baditu, gainbalioa galera horiek berdintzeko erabili behar da lehenik, eta gainerako guztia lehenago aipatutako helburuekin.

 

62. Atala - Ekarpenak eskuz aldatzea

 

       Ekarpenak eskuz aldatu ahal izango dira:

 

       1.-   Bizien arteko egintzen bidez, bazkideen artean eta hiru hilabeteko epean bazkide egiteko hitza eman dutenen artean, estatutuetan erabakitako moduan.

 

       2.-   Heriotzagatiko oinordetzagatik, eskubidedunentzat izango dira bazkide izan eta horrela eskatzen badute. Bestela, lehenik eta behin bazkide egin beharko dute 20. atalak dioenaren arabera. Bazkide izateko onarpena heriotza gertatu ondoko hiru hilabeteko epean eskatu beharko da.

 

       Bestela, elkarteari egindako ekarpenari dagokion diru-kopurua jasotzeko eskubidea izango dute, hurrengo atalean ohartemandako esate-modu eta neurritan.

 

63. Atala - Ekarpenak berreskuratzea

 

       1.-   Estatutuetan araupetuko da bazkideek baltzu-kapitalari egindako ekarpenak baja-kasuetan berriro jasotzeko duten eskubidea. Oso-osorik itzuli beharko dira, baina derrigorrezko ekarpenak osorik ez itzultzeko aukera ere bada: iraitzi badute, ehuneko hogeita hamar gutxiago gehienez ere, eta arrazoitu gabeko baja gertatu bada, ehuneko hogei gutxiago gehienez ere.

 

       Estatutuetan jaso ahal izango denez, itundu zen gutxieneko egonaldia betetzen ez bada, arrazoitu gabeko baja-kasuetan ehuneko hamar gehitu ahal izango zaio bestela ere kendu beharrekoari.

 

       2.-   Administratzaileen esku da diru gutxiago itzuli behar den bakoitzean zenbateko ehunekoa ezarriko den erabakitzea.

 

       3.-   Lehenago aipatutako murrizpenak daudenean utzita, baja gertatu den urtealdia amaitzean egin beharreko kitapenean agertuko diren galera guztiak, urtealdi horretakoak edo lehenagokoak izan nahiz berdindu gabe egon, zenbatu egin beharko dira beti eta baja hartu duen bazkideari itzuli beharreko ekarpenetik dagokion moduan murriztuko zaizkio.

 

       4.-   Ekarpena berreskuratzeko epea, behin baja hartuz gero, ez da bost urtekoa baino luzeagoa izango. Bazkidea hilez gero, eragile izandako gertakaria izatetik gehienez ere urtebeteko epean itzuli beharko zaie eskubidedunei diru-zenbateko hori.

 

       Berreskuratzeko dituzten diru-kopuru horiek ez dira gaurkotuko, diruaren legezko interesak jasotzeko eskubidea izango bada ere.

 

64. Atala - Partaidetza bereziak

 

       1.-   Partaidetza berezitzat hartuko dira bazkideek edo beste edonork egindako ondare-ekarpenak, baina gutxienez bost urte pasa arte berriro eskuratzen ez badituzte eta, maileguen lehentasunen hurrenkeran, hartzekodun guztien ondoren jartzen badituzte. Partaidetza horien mugaeguna koperatibaren kitapena erabaki baino lehenago ez bada, eta hartzekodunek lehenago jasotzeko baimena ematen ez badie, baltzu-kapitaltzat hartzeko aukera izango da.

 

       2.-   Partaidetza berezien erakusgarri, tituluak edo kontuetan egindako oharterazpenak erabiliko dira. Balore higigaitzat hartu ahal izango dira, jaulkipen-akordioan aukera hori jasotzen bada. Baina balore higigaitzat hartuz gero, dirubidezko aktibo horien araudiaren araberakoa izango dute beren legezko jaurpidea.

 

       3.-   Partaidetza berezi hauen jaurpide zehatza jaulkitzen direnean erabakiko da askatasun osoz, baina inola ere ez dituzte emango bazkide izateak dituen eskubideetatik.

 

       4.-   Atal honetan erabakitakoa mailegu- eta aseguru-koperatibei bakarrik ezarri ahal izango zaie, batzuen nola besteen araudiek horretarako eragozpenik jartzen ez badute.

 

65. Atala - Beste dirubide batzuk

 

       1.-   Estatutuek edo, bestela, Batzar Orokorrak baltzu-kapitala osatzeko izango ez diren eta itzuliko ez diren sarrerako nahiz aldizkako ordainkizunak erabakitzeko aukera dute. Ordainkizun horiek desberdinak izan daitezke lege honetan ageri den bazkide-mota bakoitzarentzat, bere izaera fisiko edo juridikoaren arabera. Eta desberdinak izan daitezke bazkide bakoitzarentzat ere, koperatibaren jarduerarekiko bakoitzak duen konpromezuaren edo erabileraren arabera.

 

       2.-   Sarrerako ordainkizunak ez dira une horretan bazkide izateko baltzu-kapitalarentzat derrigorrez egin beharreko gutxieneko ekarpenaren ehuneko hogeita bost baino gehiago izango.

 

       3.-   Koperatibaren kudeaketarako, bazkideek emandako edozein motatako ondasunek edo eskainitako zerbitzuek, eta orohar, koperatiba-zerbitzuak lortzeko egindako ordainketek ez dute baltzu-kapitala osatu behar, eta koperatibarekin batera erabakitako eta hitzarmendutako baldintzak bete beharko dituzte. Emandako ondasun horiek ez dute koperatibaren ondarea osatuko eta, beraz, enpresako hartzekodunek ezingo dituzte bahitu.

 

       4.-   Koperatibek, Batzar Orokorraren erabakiz, zorragiriak jaulki ditzakete, baina bat etorri beharko dute indarrean dauden legeekin. Era berean, eta sailkako jaulkipenak direnean, edozein lege-modalitate erabiliz eta ezartzen diren epe eta baldintzak kontuan hartuz, bazkideek edo beste batzuek borondatez egindako finantzaketa onartzea erabaki dezake Batzar Orokorrak.

 

       5.-   Batzar Orokorrak, bestalde, partehartze-tituluak ere jaulki ditzake. Horien bidez bi eratako korrituak jasoko lirateke: batetik, koperatibaren emaitzak ikusi ondoren eta jaulkipena egiterakoan ezartzen diren interes aldakorrak eta, bestetik, finkoak.

 

       Jaulkipen-erabakian kitapen-epea eta aintzat hartu beharreko gainerako arauak ere zehaztuko dira. Era berean, partaideak Batzar Orokorrera joan ahal izateko eskubidea arautu daiteke, hizpidea bai baina botorik ez dutela.

 

       6.-   Partehartze-kontuak ere hitzarmendu daitezke, eta Merkataritzarako Arau Bilduman ezarritakora egokituko dira.

 

66. Atala - Gaindikin garbiak zehaztea

 

       1.-   Gaindikin garbiak zein diren zehazteko, merkataritzako baltzuetarako ezarritako arau eta irizpideak hartuko dira kontuan.

 

       2.-   Dena dela, gaindikin garbiak zehaztekoan honako hauek hartuko dira dirusail kengarritzat:

 

a)  Koperatibaren kudeaketarako emandako ondasunen diru-kopurua, balorazioa merkatu-prezioetatik gora egin ez bada, eta bazkide langileen eta lan-bazkideen lan-aurrerakinen diru-kopurua, dagokion jardueran bere eskualdean ordaindu ohi den mailatik gorakoa ez izanik.

b)  Baltzu-kapitalari egindako ekarpenengatik, partehartze bereziengatik eta baltzu-kapitalarekin batu ez diren laguntza eta finantzaketengatik zordunduriko korrituak.

 

67. Atala - Gaindikinak banatzea

 

       1.-   Gaindikin garbiak, behin aurreko ekitaldietatik zetozen galerak konpentsatzeko erabiltzen diren zenbatekoak kenduta eta bidezko zergak ordainduta, gaindikin erabilgarriak izango dira.

 

       2.-   Honela banatuko dira urtero gaindikin erabilgarriak:

 

a)  Ehuneko hogeita hamarrekoa gutxienez Derrigorrezko Erreserba Fondora eta Heziketa eta Koperatiba-Sustapenerako Fondora bideratuko da, hortik ehuneko hogei lehenengorako izango da eta ehuneko hamar gutxienez bigarrenerako.

b)  Gainerakoa Batzar Orokorraren esku egongo da eta honela bana dezake: bazkideei itzuli beharrekoa; borondatezko erreserba fondoetan sartu beharrekoa, banatuezina edo berriro banatzeko aukera izango dena estatutuek edo, horien ezean, Batzar Orokorrak agindutakoaren arabera; eta, hala balegokie, soldatapeko langileei koperatibaren emaitzen horrenbesteko bat ematea.

 

       3.-   Derrigorrezko Erreserba Fondoa baltzu-kapitalaren erdiaren pareko izatera iristen ez den artean, Heziketa eta Koperatiba-Sustapeneko Fondorako ezarritako gutxieneko diru-kopurua erdira murriztu daiteke.

 

       4.-   Itzulketak bazkideei atxikiko zaizkie, haietako bakoitzak koperatibarekin burutu dituen eragiketa, zerbitzu edo ekintzak kontuan hartuz.

 

       5.-   Koperatibak aitortu eta zehaztu dezake estatutuetan, edo Batzar Orokorraren akordio bidez, bertako soldatapeko langileek irabazietan parte hartzeko eskubidea. Partehartze horrek soldata-izaera izango du eta dagozkion lan-arauetan ezarrita dagoen antzerako osagarriaren ordezkotzat hartuko da, osagarria baino txikiagoa ez bada, hala izanez gero, osagarria aplikatuko baita.

 

68. Atala - Derrigorrezko elkarte-fondoak

 

       1.-   Derrigorrezko Erreserba Fondoa koperatiba finkatu, garatu eta bermatzeko da eta ezin da banatu bazkideen artean, lege honetan berariaz ohartemandako kasuetan izan ezik.

 

       2.-   Honako diru-kopuru hauek sartuko dira nahitaez Derrigorrezko Erreserba Fondoan:

 

a)  Gaindikin erabilgarrietatik Batzar Orokorrak zehazten duen portzentaia, aurreko atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

b)  Zenbait bazkideren baja gertatuz gero, baltzu-kapitalari egin beharreko ekarpenetatik ateratako kenketak.

c)  Sarrera-kuotak.

 

       3.-   Heziketa eta Koperatiba-Sustapeneko Fondoa honako helburu hauetariko bat duten ekintzetan erabiliko da, estatutuetan edo Batzar Orokorrean ezarritako oinarrizko jarraibideak aintzat hartuz:

 

a)  Bertako bazkide eta langileak koperatibaren funts eta balioetan hezitzea eta elkar-lanetan gaitzea.

b)  Koperatiben arteko harremanak sustatzea, bigarren mailako koperatibetan edo bateratze-koperatibetan parte hartzeagatik sorturiko gastuak eta koperatiben arteko laguntza, sustapen, zuzendaritza bateratu edo lankidetza-ekintzetarako sortutako erakundeetan parte hartzeagatiko gastuak barne.

c)  Koperatibak diharduen gizarte-ingurunean eta gizartean orokorrean, kultura, lanbide eta laguntzabideak bultzatzea eta koperatiben ezaugarriak zabaltzea.

 

       4.-   Hurrengo diru-kopuru hauek sartuko dira nahitaez Heziketa eta Koperatiba-Sustapeneko Fondoan:

 

a)  Gaindikin erabilgarrietatik estatutuetan edo Batzar Orokorraren erabakietan ezarritako portzentaia.

b)  Koperatibak bazkideei ezarritako diru-zigorrak.

 

       5.-   Heziketa eta Koperatiba-Sustapeneko Fondoa ezin da bahitu eta haren diru-kopuruak beste edozein diru-kopurutatik aparte agertuko dira balantzearen pasiboan.

 

       Fondo horretatik aplikatu ez den diru-kopurua, dirusaila zuzkitu zenaren hurrengo ekitaldian zertuko da, Euskal Autonomi Elkarteko Herri Zorraren titulutan, eta haien atarramendua xede berbererako erabiliko da. Titulu horiek ezin dira pignoratu, ezta atxiki ere mailegu edota kreditu-kontuetara.

 

69. Atala - Galeren egozpena

 

       1.-   Estatutuetan galerei aurre egiteko irizpideak finkatuko dira, kontu berezi batera egotz litezkeelarik geroko emaitza onen pentzutan eta luzeenik bost urteko epearen barruan.

 

       2.-   Galeren konpentsazioari dagokionez, koperatiba honako arau hauetara lotuko da:

 

a)  Borondatezko erreserba-fondorik baldin badago, bertara egotz daitezke galera guztiak.

b)  Gaindikin positiboak izandako azkenengo bost urteetan edo, koperatiba bost urte horiek baino berriagoa bada, eratze-unetik beretik legez derrigorrezkoak diren fondoetara bideratu direnen bataz bestekoa egotz daiteke gehienez Derrigorrezko Erreserba Fondora.

c)  Derrigorrezko eta borondatezko fondoekin konpentsatu ez den diru-kopurua bazkideei egotziko zaie, haietako bakoitzak koperatibarekin burutu dituen eragiketa, zerbitzu edo jarduerak kontuan hartuz. Bazkideei egotzitako galerak honela eskuratuko dira:

1.  Zuzenean edo bazkideak baltzu-kapitalari ematen dionetik kenduta edo bazkideak koperatiban egin lezakeen edozein diru-inbertsiotatik kenduta, galerak gertatu ziren ekitaldiaren hurrengoaren barruan.

2.  Bazkideari hurrengo bost urteetan legozkiokeen itzulketen pentzutan. Konpentsatu gabeko galerak geratuko balira, horiek bazkideak gehienez hilabetekoa izango den epearen barruan ordaindu beharko ditu.

 

VII ATALBURUA

ELKARTE AGIRIAK ETA KONTULARITZA

 

70. Atala - Elkartearen agiriak

 

       1.-   Koperatibek honako liburu hauek eramango dituzte, behar bezala eta egunean jarrita:

 

a)  Bazkideen errolda.

b)  Baltzu-kapitalerako ekarpenen errolda.

c)  Batzar Orokorraren, Artezkaritza-kontseiluaren eta, baleude, Zaintza-batzordearen, Errekurtso-batzordearen eta prestatzeko biltzarren bilera-agirien liburua.

d)  Inbentario-balantzeen liburua eta egunkari-liburua.

e)  Beste edozein, legeek hala eskatuko balute.

 

       2.-   Liburuak eta gainerako kontularitza-erroldak azaleztatu eta folioztatuak izango dira eta, erabili baino lehen, Koperatiben Erroldak egokituko ditu.

 

       3.-   Informatikaren bitartez edo beste edozein era egoki erabiliz egindako idazpenak ere onartuko dira, baldin eta jarraian orriz orri jarri eta azaleztatzen badira, derrigorrezko liburuak osatzeko eta Koperatiben Erroldak, ekitaldia amaitu eta sei hilabeteren epean, legezta ditzan.

 

       1 zenbakiko c) letran zehazturiko liburuak legeztatzen ez diren bitartean, onartzen den bilera-agiri bakoitzaren kopia egiaztatua bidali beharko da Koperatiben Erroldara, bi hilabeteren epean onartzen denez geroztik.

 

71. Atala - Kontularitza

 

       1.-   Koperatibek erazko kontularitza eraman behar dute, beren jardunerako egokia, Merkataritzako Bildumarekin bat etorriz eta koperatibaren diru-jaurpidearen ezaugarriak kontuan hartuz.

 

       2.-   Ekitaldia ixterakoan, koperatibaren urteko kontuak aurkeztuko dira, hots, kitapena, galera-irabazien kontua eta txostena.

 

       Ondorengo atalean ezarritakoaren arabera, koperatiba urteko kontuen ikuskaritza egitearen menpean balego, gainera, legokiokeen kudeaketa-txostena ere egin beharko luke.

 

       3.-   Kudeatzaileek urteko kontuak, onartu zirenetik hilabete igaro baino lehen aurkeztuko dituzte Koperatiben Erroldan, eta baita hori egiteko beharra balego, kudeaketa-txostena eta kontu-ikuskariena. Aipaturiko kontuak eta kudeaketa-txostena kudeatzaile guztiek sinatu behar dituzte eta haietako baten batek hala egingo ez balu, berariaz adierazi beharko luke arrazoia.

 

72. Atala - Kontuen ikuskaritza

 

       1.-   Kontuen Ikuskaritzei buruzko Legean eta hori garatzen duten arauetan ezartzen den bezala, koperatibek urteko kontuak eta kudeaketa-txostena aurkeztu beharko dituzte kanpoko kontu-ikuskaritzara, ondorengo kasuotan:

 

a)  Aipaturiko legeak berak edo haren garatze-arauek hala agintzen dutenean.

b)  Batzar Orokorrerako deia egiteko ezartzen den gutxieneko bazkide-kopuruak hala eskatzen duenean.

c)  Estatutuetan oharteman edo Batzar Orokorrak edo Zaintza-batzordeak hala erabakitzen dutenean.

 

       2.-   Batzar Orokorrak izendatuko ditu kontu-ikuskatzaileak. Hala eta guztiz ere, Batzar Orokorrak egokiro egin ez badu izendapena edo izendatuek ezin badituzte bete beren eginkizunak, kudeatzaileek egingo dute izendapena, handik osatzen den lehenengo Batzar Orokorrari haren berri emanez.

 

73. Atala - Legelari aholkularia

 

       1.-   Kontu Ikuskaritzaren Legeak edo haren garapenerako arauek zehaztutakoaren arabera, urteko kontuak kanpoko ikuskaritzaren menpe jartzera behartuta dauden koperatibek, administratzaileen erabakiz, legelari aholkulari bat izendatu beharko dute.

 

       2.-   Batzar Orokor edo Artezkaritza-kontseiluak onartu eta Koperatiben Erroldan sar daitezkeen erabakiak izenpetuko ditu legelari aholkulariak, zuzenbidera egokitzen direnentz ebatziz.

 

       Erabaki horien egiaztagiriek erasota utziko dute legelari aholkulariak ebatzitako erabaki horiek bilera-agirien liburuan agertzen direla.

 

       3.-   Legelari aholkulariak, zabarkeriaz jokatuz gero, erantzunbehar zibila izango du koperatibaren, haren bazkideen eta besteen aurrean.

 

       4.-   Eginkizun horren egiterapena elkartezina da zuzendari-kudeatzaile, administratzaile edo Errekurtso-batzordeko kide edo Zaintza-batzordeko kide izatearekin.

 

       5.-   Koperatiba eta legelari aholkulariaren arteko harremana, karrerako lanbidedun gisa egindako zerbitzu-akurapenaren menpekoa izan daiteke, baita lan-legepeko hitzarmenaren bidezko harremana, zein harreman sozietarioa, koperatibako lan-bazkide edo bazkide langile gisa.

 

       Koperatiben batasunek edo federazioek, bai eta beste koperatiba batzuek, zerbitzu hori egin dezakete abokatuak baldin badituzte, eta azken hauen ardura izango da, hain zuzen, ebazpenaren egiterapena eta erantzukizun profesionala. Abokatu horiek eta aipaturiko bazkunen arteko harremanak karrerako lanbidedun gisa egindako zerbitzu-akurapenaren menpekoak ez badira, bazkun horiek, abokatuarekin batera, legelari aholkulari karguaren jardueran koperatibari sortutako kalteez erantzunbehar zibila izango dute.

 

VIII ATALBURUA

ELKARTEAREN ESTATUTUAK ALDATZEA

 

74. Atala - Estatutuak aldatzea

 

       1.-   Elkartearen estatutuetan edozein aldaketa egitea Batzar Orokorrak erabakiko du, eta horrekin batera honako baldintza hauek ere bete beharko dira:

 

a)  Proposamenaren egileek txosten idatzi bat aurkeztea, haren beharraren arrazoiak adieraziz.

b)  Deialdian behar bezain argiro azaltzea aldatzeko dauden puntuak.

c)  Deialdian berariaz azaltzea bazkideek proposaturiko aldakuntzaren testu osoa eta proposamenaren beharraren arrazoiak biltzen dituen txostena baltzu-egoitzan aztertzeko duten eskubidea, eta baita aipaturiko agiriak eskatu edo etxean dohainik jasotzeko duten eskubidea.

 

       2.-   Aipaturiko akordioa agiri publikoan idatzi eta Koperatiben Erroldan jasoko da.

 

       3.-   Horrez gain, proposamena izenaz, egoitzaz edo baltzu-xedeaz aldatzeko baldin bada, baltzu-egoitzari dagokion herrialde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean iragarriko da, erroldan jaso baino lehen.

 

       4.-   Proposamena koperatiba-motaz edo baltzu-xedeaz nabarmen aldatzekoa baldin bada, ezetza eman duten bazkideek koperatibatik aldegiteko eskubidea izango dute; era berean, batzarrera bertaratu ez badira ere ados ez daudenek, hala adierazten badiete idazki bidez kudeatzaileei, Koperatiben Erroldan akordioa jasotzen denetik berrogei egunen epean, bereizte-eskubidea izango dute. Horrelakoetan, baja bidezkotzat hartuko da.

 

75. Atala - Elkartearen egoitza aldatzea

 

       Estatutuek besterik erabakitzen ez badute, udalerri berean egoitzaz aldatzeko, Batzar Orokorraren akordioaren beharrik ez dago, kudeatzaileek beraiek erabaki dezakete, baina agiri publiko bihurtu eta Koperatiben Erroldan jaso beharko dute.

 

IX ATALBURUA

KOPERATIBEN BATEGITEA EDO BANATZEA

 

76. Atala - Bategite-motak eta -ondorioak

 

       1.-   Koperatibek bat egin dezakete, dela koperatiba batzuk elkartu eta beste berri bat sortuz, dela eraturik dagoen batek beste bat edo batzuk bereganatuz.

 

       2.-   Koperatiba berri bat sortzen dutenak edo bereganatuak izan direnak desagertu egingo dira, deuseztatzen ez badira ere, haien baltzu-ondareak osoki aldatuko baitira eskuz eta koperatiba berria edo bereganatzailea jabetuko da desagertu direnen eskubide eta betebeharrez. Era berean, bategitearen ondorioz desagertzen diren koperatiben bazkideak koperatiba berrian edo bereganatzailean sartuko dira.

 

       3.-   Bategitearen ondorioz desagertzen diren koperatiben derrigorrezko baltzu-fondo guztiak koperatiba berri edo bereganatzailearen baitara sartuko dira.

 

77. Atala - Bategite-egitasmoa

 

       1.-   Bat egitekotan dauden koperatiben kudeatzaileek bategite-egitasmo bat idatzi eta aurretiazko hitzarmen gisa sinatu behar dute.

 

       2.-   Bategite-egitasmoak gutxienez honako xehetasun hauek jasoko ditu:

 

a)  Bat egiten duten koperatiben izen, mota eta helbidea, baita koperatiba berriarenak ere, baldin balego behintzat, eta Koperatiben Erroldako inskribapen-datuak.

b)  Desagertzen diren koperatibetako bazkide bakoitzari dagokion partaidetza-zatia zehazteko modua, koperatiba berri edo bereganatzailearen kapitalari egin beharreko ekarpen gisa, horretarako kontuan hartuz, baleude, banatzeko moduko borondatezko erreserbak.

c)  Desagerturiko koperatibako bazkideei koperatiba berrian edo bereganatzailean aitortzen zaizkien eskubide eta betebeharrak.

d)  Desagertze-zoriko koperatiben eragiketak zein egunetatik aurrera joko diren koperatiba berriak edo bereganatzaileak egindakotzat, kontularitza arloko ondorioetarako.

e)  Desagertzen diren koperatiben partehartze berezien, partaidetza-tituluen eta bestelako antzerako tituluen jabeei legozkiekeen eskubideak koperatiba berrian edo bereganatzailean.

 

       3.-   Behin bateratze-proiektua onartu ondoren, elkartzen diren koperatiben kudeatzaileek ez diote eragotziko, kontratuak sinatuz etabar, proiektuaren onartzeari edo desagerturiko koperatiben bazkideek berrian edo bereganatzailean duten partaidetza-zatia nabarmen aldatzeari.

 

       4.-   Elkartzen diren koperatiba guztiek proiektua onartzen ez badute sei hilabeteren epean, bertan behera geratuko da.

 

78. Atala - Bateratzeari buruzko argibideak

 

       Bategitea onartzeko den Batzar Orokorrerako deialdia egiterakoan, bazkideen aurrean aztergai jarriko dira baltzu-egoitzan honako agiri hauek:

 

a)  Bateratze-proiektua.

b)  Txostenak, koperatiba bakoitzaren kudeatzaileek idatzitakoak, egin nahi den bateratzearen onurak eta ondorioak azalduz.

c)  Elkartzen diren koperatiben azken hiru ekitaldien balantzea, galera-irabazien kontua eta txosten berriemailea eta, beharrezkoa izanez gero, kudeaketa-txostenak eta kontu-ikuskarienak ere bai.

d)  Koperatiba bakoitzaren bateratze-balantzea, onartu den azken urteko balantzeaz bestelakoa baldin bada. Onartutako urteko azken balantzea jo ahal izango da bateratze-balantzetzat, beti ere, bateratzeari buruzko erabakia hartu behar deneko batzarra egin aurreko sei hilabeteren barruan bukatua izan bada.

e)  Koperatiba berriaren estatutu-proiektua edo koperatiba bereganatzailearen estatutuetan sartu beharreko aldaketen testu osoa.

f)   Bat egiten duten koperatiba guztien indarrean dauden estatutuak.

g)  Elkartzen diren koperatiben kudeatzaileen izen, deitura eta adina, pertsona fisikoak izanez gero, edo baltzu-izena, pertsona juridikoak izanez gero, eta kasu bietan nazionalitatea eta helbidea, zein egunetatik dauden lanean, eta bategitearen ondoren beste pertsona batzuk proposatuko badira kudeatzaile izateko, beraien xehetasun berberak.

 

79. Atala - Bateratze-akordioa

 

       1.-   Bateratze-akordioa, elkartzen diren koperatiba bakoitzaren Batzar Orokorrek hartu beharko dute, bateratze-proiektuarekin bat etorriz.

 

       2.-   Estatutuak aldatzeko legeetan eta estatutuetan bertan ezarrita dauden arauak aintzat harturik, Batzar Orokorrerako deialdian legez eskaturiko gutxieneko aipamenak, bateratze-proiektuari buruz, azalduko dira; halaber, bazkideei aurreko atalean adierazitako agiriak baltzu -egoitzan aztertzeko dagokien eskubidea jasoko da bertan, baita agirien testu osoa eskatzeko eta norberak eskuan edo etxean dohainik jasotzekoa ere.

 

       3.-   Bateratze-akordioa, 36. atalaren 2. puntuan ohartemandako gehiengoak onartu beharko du eta ezin izango du hitzarturiko bateratze-proiektua aldatu.

 

       4.-   Bateratze-akordioan koperatiba berri bat eratzeko, legez eskatzen diren xehetasunak jasoko dira eta, koperatiba bereganatzailerik izanez gero, estatutuen beharrezko aldaketak onartuko dira.

 

       5.-   Parte hartzen duten koperatiben Batzar Orokorrek proiektua onartzen duten unetik beretik beharturik geratzen dira bateratze-prozedurari jarraipena ematera.

 

       6.-   Behin bateratze-akordioa hartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baita argitaratu ere elkartzen diren koperatiba bakoitzaren baltzu-egoitzari dagokion herrialde historikoan zabalkunde handiko bi egunkaritan.

 

80. Atala - Bazkideak banatzeko duen eskubidea

 

       1.-   Elkartzen diren koperatiben bazkideek, bateratzearen aurkako botoa eman dutenek, edo, Batzarrera bertaratu ez diren arren, bat ez datozenek, hala adierazten badiete kudeatzaileei, idazki bidez bateratze-akordioaren azken iragarkia agertu eta berrogei eguneko epean, koperatibatik banatzeko eskubidea izango dute.

 

       2.-   Eskubide hori erabiliz gero, bazkidearen baja bidezkotzat joko da. Bateratzearen ondorioz koperatiba desagertzen bada, koperatiba berria edo bereganatzailea arduratuko da bazkideari bere ekarpena itzultzen.

 

81. Atala - Akordioei aurka egiteko eskubidea

 

       1.-   Bategitea ezin da gauzatu, 79. atalaren 6 zenbakian ohartemandako iragarkietarik azkena argitaratzen denetik hilabetea iragan arte. Epealdi horretan zehar, elkartzen diren koperatiben zenbait hartzekodunek uko egingo balio bategiteari, ezin izango da gauzatu bateratzea harekiko kredituak kitatu arte edo elkarte zordunak edo bategitearen ondoko koperatibak nahiko bermea eskaini arte.

 

       2.-   Hartzekodunek, beren aldetik, jaso beharko dute ordainketa, epez aurretik egiten bada ere.

 

       3.-   Bat egiteko akordioaren iragarkian, berariaz aipatu behar da hartzekodunek duten eskubide hori.

 

82. Atala - Bategitearen agiria eta izen-ematea

 

       1.-   Bateratze-akordioak eskritura publiko bakar batean eratuko dira, eta bertan, elkartzen diren koperatiben Batzar Orokorrek harturiko bateratze-akordioa eta desagertzen diren koperatiben bateratze-balantzeak azalduko dira.

 

       2.-   Bateratzearen ondorioz koperatiba berri bat eratuz gero, legez erakuntzagatik eskatzen diren xehetasunak ere jaso beharko dira eskrituran. Koperatiba batek beste bat bereganatuz gero, bereganatzaileak erabaki dituen estatutu-aldaketak bilduko dituzte eskriturek.

 

       3.-   Bategiteak indarra izan dezan, ezinbestekoa izango da koperatiba berria inskribatzea edo, hala behar izanez gero, bereganatzearen inskribapena. Behin bateratze- edo bereganatze-eskritura Koperatiben Erroldan inskribatu ondoren, desagerturiko koperatiben errolda-idazpenak deuseztatuko dira.

 

83. Atala - Bategite bereziak

 

       1.-   Lege-aginduren batek berariaz debekatzen ez badu, akziokako lan baltzuek bat egin dezakete elkarlan-koperatibekin, dela azkenengo hauek akziokako baltzuak bereganatuz, dela elkarlan-koperatiba berri bat eratuz.

 

       Horrelako bategiteetan, elkartzen diren baltzuen arauak izango dira aplikagarri.

 

       2.-   Nekazaritza-koperatiben eta eraldaketako nekazaritza-baltzuen arteko bategiteei dagokienez, aurreko atalean ezarritakoa beteko da.

 

84. Atala - Koperatiben bereizketa

 

       1.-   Honako bide hauek erabiliz banan daitezke koperatibak:

 

a)  Desegitea, aurretiazko kitapenik gabe, duen ondarea bi edo zati gehiagotan bereizi eta eratu berria den edo lehenagotik eratuta zegoen beste koperatiba baten edo batzuen baitara bideratuko delarik, bazkideak ere aipaturiko koperatibetara lotuz.

b)  Koperatibaren bazkide-kopuru bat eta ondarearen zati bat edo batzuk bereiztea, koperatiba bera desegin gabe, eta eratu berria den edo lehenagotik eratuta zegoen beste koperatiba batera edo batzuetara igorriz bereizitakoa.

 

       2.-   Parte hartzen duten koperatiben kudeatzaileek hitzarturiko bereizte-proiektuan proposamen bat jasoko da, ondorengo koperatibetara edo bereganatzailera zein ondare-zati eta zenbat bazkide igorriko diren zehazteko.

 

       3.-   Koperatiba batek harturiko betebeharra ez bete ezik, gainerako koperatibek bereganatuko dute betebeharra solidarioki, bereizterakoan bakoitzari eman zitzaion aktibo garbiko diru-kopururaino. Bereizketaren ondorioz bereizitako baltzuak bere nortasuna galdu ez badu, bereizitako baltzua bera izango da betebehar guztiaren erantzukizundun.

 

       4.-   Koperatiben bereizketa, bat egiteko dauden arauei lotuko zaie aplikagarri diren guztietan, aurreko ataletan dauden salbuespenak izan ezik; bestalde, parte hartzen duten koperatiben bazkide eta hartzekodunek koperatibak bat egiteko dituzten eskubide berak izango dituzte oraingo honetan ere.

 

X ATALBURUA

ERALDAKETA

 

85. Atala - Koperatiba izateari uztea

 

       1.-   Koperatibek beren itxura galdu eta edonolako baltzu zibil edo merkataritza-baltzuaren itxura har dezakete, beti ere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

 

a)  Enpresak koperatibei buruzko legerian aurkitzen ez diren irtenbideak behar dituenean, orduantxe soilik egin daiteke eraldaketa. Kudeatzaileek ebatziko dute egoera nolakoa den eta, balego, koperatibako Zaintza-batzordeak ere iritziko dio; azkenik, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak onartu beharko du.

b)  Batzar Orokorrak akordioa, berarizko eta aldezkoa, hartu beharko du, estatutuak aldatzeko dauden baldintzak berak betez.

c)  Batzarraren akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baita argitara eman ere koperatibaren egoitzari dagokion herrialde historikoan hedapen handia duten bi egunkaritan.

d)  Eraldaketaren eskritura publikoak, hautatu den baltzu-mota eratzeko, legez eta arauz eskatzen diren xehetasun guztiak bilduko ditu, lege honetan ezarritakoari men eginez. Merkatalgo legeetan ohartematen den enpresaz kanpoko adituen txostena, diruzkoa ez den balzu-ondareari buruzkoa, balego, eskriturarekin batera atxikiko da.

e)  Eskritura publikoa Koperatiben Erroldan aurkeztuko da, baja inskribatzeko, eta, hala balegokio, Merkatalgo Erroldan eratu berria den baltzuaren lehenengo idazpena egiteko. Eskriturarekin batera, eraldaketa-akordioa hartu zeneko egunaren bezperan itxitako balantzea atxikiko da edo, bestela, azken ekitaldia amaitzerakoan itxitako balantzea, baldin eta azken ekitaldia bukatuz geroztik sei hilabete baino gehiago iragan ez eta baltzu-egoitzan bazkideentzat aztergai jarri bada Batzar Orokorrerako deialdia egin zeneko egunetik beretik.

 

       Halaber, bereizketa-eskubidea erabili duten bazkideen izenak zerrendatuko dira, bazkide horiek ordezkatzen duten kapitala eta kudeatzaileek egindako azkenengo balantzea, eskritura egiten deneko egunaren bezperan itxitakoa.

 

       2.-   Eraldaturiko koperatibaren nortasun juridikoak bere hartan jarraitu eta lege-itxura berriaren bitartez iraungo du.

 

       3.-   Biltzarrean ezezko botoa eman duten bazkideek eta, batzarrera azaldu ez diren arren, bat ez datozenek, hala adierazten badiete kudeatzaileei, idazki bidez akordioaren azken iragarkia argitaratu eta berrogei eguneko epean, koperatibatik banantzeko eskubidea izango dute. Halako bazkideek, ordurarte kapitalari egindako ekarpenak berreskuratzeko eskubidea izango dute, 63. atalean ezarritako epea luzatu gabe, estatutuetan ezarritako edo Batzarrak erabakitzen duen epearen barruan eraldaketa-akordioa hartu zenetik hasita, zorraren muinari diruaren lege-korrituak gehituz atzeraturiko ordainketengatik.

 

       4.-   Derrigorrezko Erreserba Fondoaren diru-kopuruen eta borondatezko erreserba bananduezinen diru-kopuruen balio nominala Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiari aurkeztuko zaio, eraldaketa ondorengo baltzuari dagozkion partaidetza-kontuen titulu gisa.

 

       Heziketa eta Koperatiba-Sustapeneko Fondoa estatutuetan esaten den xedeetan erabiliko da; osterantzean, lege honen 94. atalaren 2 zenbakiko a) idazatian ezartzen denerako, koperatiba kitatuz gero.

 

       5.-   Eraldaketa onartzerakoan, Batzar Orokorrak elkarte berriaren partaidetza-agiriak banatzerakoan aukeran izango ditu, edo bazkide bakoitzak koperatiban inbertitu duen kapitalaren arabera, edo koperatiban zuen boto-eskubidearen arabera, edo irizpide biak kontuan harturik, partaidetza-agirien banaketa egin.

 

86. Atala - Koperatiba bihurtzea

 

       1.-   Koperatiba izaera ez duten baltzu zein elkarteak eralda daitezke eta lege honetan arauturiko edozein koperatibaren itxura hartu, baldin eta inolako lege-aginduk berariaz debekatzen ez badu.

 

       2.-   Batzar Orokorrak erabakiko du eraldaketaz, edo bestela, baltzuaren borondatea adierazteko beste antzeko moduaren bidez, legeek ezarritako gehiengoa aldeko izanik. Eraldaturiko koperatibaren nortasun juridikoak bere hartan jarraituko du eta hala adieraziko da eskritura publikoan; bertan jasoko dira ezinbestez baita ere lege honek koperatiba bat eratzeko eskatzen dituen xehetasun guztiak.

 

       3.-   Eraldaketaren eskritura publikoa, eta horrekin batera, hala balegokio, enpresaz kanpoko adituen txostena, diruzkoa ez den ondareari buruzkoa, Merkatalgo Erroldan eta bidezko diren gainerakoetan, baina beti Koperatiben Erroldan aurkeztuko dira, baita aurkeztu ere, eraldaketa-akordioaren egunaren bezperan itxitako balantzea.

 

       4.-   Koperatiba izatera pasatzeak ez du aldatzen, hala ere, aurreko baltzuaren bazkideek zuten erantzukizun-egoera, eraldaketaren aurretik harturiko zorrengatik, hartzekodunek berariaz bidea eman ez badiote eraldaketari.

 

XI ATALBURUA

DESEGITEA ETA KITAPENA EGITEA

 

87. Atala - Desegitearen arrazoiak

 

       Honako hauek izango dira koperatiba desegiteko zioak:

 

       1.-   Estatutuetan ezarritako epealdia betetzea.

 

       2.-   Xedea betetzea edo beteezina dela argi eta garbi ikustea.

 

       3.-   Baltzuaren sailak geldi egotea edo koperatibaren jarduna, arrazoirik gabe, etetea, batean zein bestean elkarren segidako bi urtetan.

 

       4.-   Bazkide-kopurua murriztea, koperatiba eratzeko legez eskatzen den gutxienekotik behera, murrizpenak hamabi hilabete baino gehiagotan irauten badu.

 

       5.-   Baltzu-kapitala murriztea, estatutuetan ezartzen den gutxienekotik behera, hamabi hilabetetan gainditzen ez bada gutxieneko diru-kopuru hori.

 

       6.-   Bateratzea edo guztizko bereizketa.

 

       7.-   Koperatibaren porrota aldarrikatzen duen epailari-ebazpenaren ondorioz, desegitea berariaz erabakitzen denean.

 

       8.-   Batzar Orokorraren akordioa, 36. atalaren 2 zenbakian ezarritako gehiengoak harturik.

 

       9.-   Lege edo estatutuetan ezarritako beste edozein arrazoi.

 

88. Atala - Desegitearen arrazoien eraginkortasuna

 

       1.-   Finkaturiko aldia amaitzea eskubide osokoa izango da, aldez aurretik Batzar Orokorrak, 36. atalaren 2 zenbakiko gehiengoaren bidez, luzatzeko akordioa berariaz hartu ez badu eta luzapena Koperatiben Erroldan inskribatu ez bada. Epealdia akordio bidez luzatzen bada eta bereizketa eginez gero, bazkidearen baja bidezkotzat joko da, 74. atalean ezarrita dagoen moduan.

 

       2.-   Gainontzeko zioei dagokienez, ezinbestekoa izango da Batzar Orokorraren akordioa, ohizko gehiengoak harturik, aurreko atalaren 6. eta 8. puntuetan ohartemandako kasuak izan ezik. Holakoetan, kudeatzaileek Batzar Orokorrerako deialdia egingo dute bi hilabeteren epean. Zaintza-batzordeak edo beste edozein bazkidek eska diezaiekete kudeatzaileei deialdia egin dezaten.

 

       3.-   Batzar-deialdirik zabaltzen ez bada, estatutuetan ezarritako epean biltzen ez bada edo, bildu arren, desegiteko akordioa ezin hartu edo desegitea aldarrikatzearen aurkako akordioa hartzen bada, kudeatzaileek, edo haien ordez interesdunek, epailari bidezko desegitea eskatuko dute. Hori horrela, jardun ahal izateko interesduntzat ondorengo erakunde hauek joko dira beti: Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Saila, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusia, eta itzal handiko federakundeak, kidetu dituzten koperatibekiko.

 

       4.-   Desegiteko akordioa edo desegitea aldarrikatzen duen epailari-ebazpena Koperatiben Erroldan inskribatu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta baltzu-egoitzari dagokion herrialde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean iragarri beharko da.

 

       5.-   Desegindako koperatiba berriro jardunean jarri ahal izango da, desegiteko zioa desagertzen baldin bada eta bazkideei ekarpen-itzulketak banatzen hasi ez bada.

 

       Horretarako, Batzar Orokorrak 36. atalaren 2 zenbakian ezarritako gehiengoaren bitartez akordioa hartzea beharrezkoa izango da. Akordio horrek, hala ere, ez du ondoriorik sortuko, Koperatiben Erroldan inskribatu arte.

 

       Porrot eginez gero, hitzarmen bat sinatu behar da hartzekodunekin, koperatiba berriro jardunean jarri nahi bada.

 

89. Atala - Kitapeneko prozesua

 

       1.-   Behin koperatiba desegin ondoren, kitapen-aldia irekitzen da, bateratze edo guztizko bereizketa kasuetan izan ezik. Koperatibak bere nortasun juridikoa gordeko du, baina bitarte horretan zehar "kitapen-aldian" esaldia gehituko dio bere deiturari.

 

       2.-   Kitapen-aldiak dirauen artean, Batzar Orokorrez diren lege- nahiz estatutu-arauak beteko dira. Kitatzaileek egingo dituzte Batzar Orokorretarako deialdiak, berak izango dira horietako buru eta bertan adieraziko dute kitapena nola doan, denon onerako erabakiak har daitezen.

 

90. Atala - Kitatzaileak izendatzea

 

       1.-   Batzar Orokorrak kitatzaile bat edo bat baino gehiago hautatuko ditu, koperatibaren bazkideen artetik, baina beti bakoiti den kopurua. Kitatzaileei ordain dakieke.

 

       Izendapenak ez ditu ondoriorik sortuko beste inorengan, Koperatiben Erroldan inskribatu arte.

 

       2.-   Deseginaz geroztik bi hilabete iragan badira izendapena eta ondorengo onarpena gertatu gabe, kudeatzaileek kitatzaileak izendatzeko eskatu beharko diote lehen auzialdiko epailariari, eta horrek koperatibaren bazkide ez direnak izenda ditzake.

 

       Doakionak ere aurkez dezake horrelako eskaera, 88. atalaren 3. puntuan esaten dena aintzat hartuz.

 

91. Atala - Egitekoak eskuz aldatzea

 

       Behin koperatiba desegin eta gero, kudeatzaileek ordezkapen- eta kudeaketa-lanetan jarraituko dute, kalterik ez ekartzearren soilik, baina kitatzaileak izendatu orduko, koperatibaren inbentarioa eta balantzea sinatuko dituzte, kitapen-aldiaren hasiera-egunean jarrita eta kitatzaileak jardunean hasi baino lehen, eta beren lanei utziko diete.

 

       Horrez gain eta kitapen-bidea urratzeari begira, kitatzaileek argibide edo xehetasunen bat eskatuz gero, kudeatzaileek eman beharko dute.

 

92. Atala - Kitatzaileen egitekoak

 

       1.-   Kitatzaile bat baino gehiago dagoenean, haietako bakoitzak taldekide moduan jardun beharko du.

 

       2.-   Kitatzaileek kitapena burutzearren behar adina egiteko ahalmena izango dute. Izendatzen zaizkien eginkizunak betetzeko, koperatibaren izenean jardungo dute, bai auzitegietan, bai beste edonon, eta baltzua lehengo administrazio-sailak egiten zuen hein berean behartzen dute beraz besteekikoan.

 

       Hona hemen eginkizunik nagusienak:

 

a)  Inbentaria eta hasierako balantzea sinatzea, aurreko atalean aipaturikoa.

b)  Koperatibaren liburu eta gutunak bete eta jagon eta ondareak bere onean jarrai dezan zaintzea.

c)  Zain zeuden egitekoak eta koperatiba kitatzeko beharrezko edo egoki direnak ere burutzea.

d)  Baltzu-ondasunak inorentzea.

e)  Zain zeuden kredituak eskatu eta jasotzea, bai bazkideengandik bai beste edonorengandik.

f)   Salerosketa eta arbitraiak hitzartzea, baltzuaren beharrizanek hala eskatzen dutenean.

g)  Hartzekodunei eta bazkideei ordaindu eta koperatibaren gerakinak eskualdatzea, 94. atalean ezarritakoaren arabera.

 

       3.-   Koperatiba kaudimen-gabezian egonez gero, kitatzaileek ordainketa-etendura ala porrota, bietan bidezkoena, joko dute, hamar eguneko epean, kaudimen-gabezia egoera nabaritzen denez geroztik.

 

       4.-   Kitatzaileek honako hiru kasuotan amaituko dituzte beren lanak: kitapena erabat burutzen denean, Batzar Orokorrak izendapena deuseztatzen badu edo botoen ehuneko hogei duen bazkide-talde batek bidezko arrazoiengatik eskatuta, epailari-ebazpen bidez. Kitatzaileen erantzukizuna kudeatzaileena adinakoa izango da.

 

93. Atala - Kitapenean kontuhartzea

 

       1.-   Bazkideen ehuneko hogeik kontuhartzaile bat edo bat baino gehiago izendatzeko eskatu ahal izango dio koperatibaren egoitzako lehen auzialdiko epailariari, kitapen-urratsak begira ditzaten.

 

       2.-   Ondarea ugaria denean, bazkide asko dagoenean edo kitapena, beste edozein arrazoirengatik, garrantzizkoa denean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, bere kabuz edo doakionaren eskariz, gizalagun bat edo bat baino gehiago izenda ditzake, kitapenean kontu hartzeko eta legeak nahiz baltzu-estatutuak betearazteko.

 

       3.-   Kitatzaileen egintzek, kontuhartzaileak tartean sartu gabe egindakoek, ez dute indarrik izango.

 

94. Atala - Elkartearen ondasunen banaketa

 

       1.-   Baltzu-ondasunak ezin dira esleitu, ezta banatu ere, baltzu-zorrak erabat kitatu edo haiei dagokien diru-kopurua gordailuan utzi arte eta mugaegunera iritsi ez diren kredituen ordainketa ziurtatu arte.

 

       2.-   Zor horiek kitatu ondoren, geratzen diren ondasunak honela banatuko dira:

 

a)  Koperatiba Heziketa eta Sustapen Fondoa Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiaren eskutan jarriko da.

b)  Kapitalari egindako ekarpenak, eguneratuak ahal bada, itzuliko zaizkie bazkideei, borondatezko ekarpenetatik hasi eta derrigorrezkoetatik jarraituz.

c)  Bazkideek borondatezko erreserba-fondoetan duten partehartzea banatuko da haien artean, zilegi bada estatutuetan edo Batzar Orokorrean erabakitakoaren arabera, bateko edo besteko arauei jarraiki, eta haien ezean, bazkide bakoitzak azken bost urteetan koperatibarekin burutu dituen eragiketa, zerbitzu edo jardueren arabera, edo koperatibak oraindik bost urte bete ez baditu, haren erakuntzatik hasita.

d)  Gera daitezkeen enparauak, bai Derrigorrezko Erreserba Fondoarenak, bai koperatibaren ondasun likidoenak, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiaren eskutan jarriko dira, 132. atalean bigarren edo geroagoko mailako koperatibetarako ezarritakoa izan ezik.

 

95. Atala - Azken kitapena

 

       1.-   Baltzuaren zor guztiak kitatu ondoren, kitatzaileek baltzuaren ondare-egoerari buruzko azkenengo balantzea osatu eta baltzu-ondasunak banatzeko egitasmoa idatziko dute, aurreko atalean ohartemandakoa aintzat hartuz eginda.

 

       2.-   Azkenengo balantzea eta baltzu-ondasunak banatzeko egitasmoa Batzar Orokorrera aurkeztuko da, onartua izan dadin, baina beharrezkoa izango da baita ere, Zaintza-batzordearen edo, hala dagokionean, kontu-ikuskarien eta kontuhartzaileen aurretiazko irizpena. Onarpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta baltzu-egoitzari dagokion herri-alde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean iragarriko da, iragarkian bide batez aipatuz akordioei dagozkien agiriak baltzu-egoitzan daudela jendeak ikusi ahal ditzan.

 

96. Atala - Erroldan egoteari amaiera ematea

 

       Kitapen-aldia amaiturik eta baltzu-ondasunak banatuta, aurreko ataletan ezarritakoaren arabera, kitatzaileek koperatibari dagozkion idazpenak deuseztatzeko eskatuko diete Koperatiben Erroldako arduradunei, azkenengo balantzea eta kitapen-urratsak biltzen dituen eskrituraren bidez, eta koperatibari dagozkion liburu zein agiriak bertan utziko dituzte gordailuan sei urtetan.

 

97. Atala - Ordainketak etetea eta porrota

 

       Koperatibak loturik daude ordainketa-etendurari eta porrotei buruzko legeetara.

 

       Ordainketa-etendura edo porrota eskatutzat ematen duen epailari-adierazpena Koperatiben Erroldan inskribatuko da.

 

II IDAZPURUA

ERABAKI BEREZIAK

I ATALBURUA

KOPERATIBA MOTAK

I SAILA

GUZTIENTZAKO ARAUAK

 

98. Atala - Sailkapena eta ezar daitekeen araubidea

 

       1.-   Atalburu honen araberako motak oinarri hartuta era daitezke koperatibak. Dena dela, bestelako koperatibak ere antola daitezke, baldin eta baltzuaren jarduera eta bazkideen lege-jokabideak argi eta garbi zehazten badira; hala eginez gero, Errolda eta doakiona antzerako koperatiben arauez baliatuko dira.

 

       2.-   Legez ezarritako mugak koperatiba-mota desberdinen artetik, ez da eragozpen izango mota bakoitzaren bigarren mailako baltzuak eratzeko baino, bazkide gehienek nahitaez pertsona fisikoak izan behar dutenean.

 

       3.-   Koperatiba bakoitza, lege honetan ezartzen diren koperatiba-oinarrietan finkatzeaz gain, mota bakoitzaren xedapenei ere lotuko zaie eta dagokion sailean ezarrita ez den guztietan, arau orokorrei.

 

II SAILA

LANKIDE-KOPERATIBAK

 

99. Atala - Helburua eta arau orokorrak

 

       1.-   Jendeari ondasun nahiz zerbitzuak eskaintzeko, edozein ekintza ekonomiko edo lanbide-jarduera elkarlanean egiten duten pertsonak batipat elkartzen dituztenak dira lankide-koperatibak.

 

       2.-   Bazkide langileak, legeen arabera beren lana kontratatzeko ahalmena dutenak izan daitezke. Atzerritarrak ere bazkide langile izan daitezke, beti ere Estatu espainolean lanari buruz diren berarizko legeak betez gero.

 

       3.-   Bazkide langile izaera galtzeak koperatiban lanik egin ahal ez izatea dakar.

 

       4.-   Inoren konturako lan-kontratupeko langileek egindako legezko lanorduek ez dute bazkide langileek egindako legezko lanordu guztien ehuneko hogeita hamar baino gorago jotzerik izango. Enpresaren beharrizanak direla eta, portzentaia gainditu behar izanez gero, handitze hori hiru hilabetetarako izango da gehienez ere; luzarogorako, arrazoiak eman eta baimena eskatu beharko zaio Lan eta Gizarte Segurantza Sailari; hamabost eguneko epean erantzuten ez badu, baimena emandakotzat joko da. Menpeko edo osagarri diren lantegietan egindako lanorduak ez dira sartuko portzentaia horretan, lerroaldi honetan jasotakoaren ondorioetarako. Lankide-koperatiba batek enpresaren bat edo gehiago edo horren atal autonomoak, edo languneak erosten baditu eta, legedian xedatutakoa betez, aurreko titularraren lan-eskubideak eta betebeharrak bereganatu behar baditu, inoren konturako langileek egindako lanorduen portzentaia koperatibako bazkide langileek egindako legezko lanordu guztien ehuneko berrogeirainokoa izateko baimena eman diezaioke Lan eta Gizarte Segurantza Sailak. Egoera hori egokitzeko baldintzak ere jar ditzake horrek.

 

       5.-   Estatutuetan arautu daiteke soldatapeko langileak bazkide izatera iristeko jardunbidea. Epemugarik gabeko kontratua izan eta koperatiban urtebete baino gehiagoko antzinatasuna duen langilea, bazkide langile lez onartu beharko da, proba-aldirik gabe, gainerako baldintzak betetzen baditu eta eskubide horretaz baliatzerik izan zuenetik hasi eta ondorengo hamabi hilabeteren barruan horrela eskatzen badu.

 

       Bazkide izateko aukerarik ez duten soldatapekoek, edo horretaz baliatu ezin diren artean, koperatibaren mozkinen horrenbesteko bat irabazteko eskubidea izango dute, estatutuetan esaten den neurrian, baina inolaz ere ez lanbide-maila bereko edo antzeko bazkideei ematen zaienaren ehuneko hogeita bostetik behera. Partehartze horrek lege honetako 67.5 atalean adierazitako izaera izango du.

 

       6.-   Bazkide langileek lan-aurrerakinak aldizka jasotzeko eskubidea izango dute, aldia hilabetekoa baino luzeagoa ez eta diru-kopurua urtean lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izango ez dela.

 

       7.-   Koperatiben lantegi eta bazkideak laneko segurtasun- eta higiene- arauei lotuko zaizkie.

 

       Halaber, hamazortzi urte bete ez dituzten bazkide langileek lanari buruzko legeen araberako mugak izango dituzte, gaueko lanak edo osasungaitz, gogaikarri, kaltegarri edo arriskutsu diren lanak egiteko.

 

       8.-   Gizarte Segurantzari dagokionez, bazkide langileak inoren konturako langileen ala langile autonomoen sailean sar daitezke. Estatutuek aukeratuko dute jaurpide bat ala bestea.

 

       9.-   Bazkideek lan egin ohi duten lanleku finkoa koperatibaren esparruaren barruan egongo da, estatutuetan mugaturik agertzen den horretantxe. Batez ere ondasunak ekoizten aritzen diren koperatibek aipaturiko esparruan izan beharko dituzte beren ekoizpen-lantegi guztiak, menpeko edo osagarri izaerako beste lantegi batzuetan gutxiengoko bazkideak egoteko aukera salbu, salmenta-ordezkaritzak, biltokiak eta bestelako zerbitzu laguntzaileak adibidez.

 

100. Atala - Proba-aldia

 

       1.-   Estatutuek proba-aldia ezar dezakete, bazkide gisa hartu baino lehen.

 

       Proba-aldia ez da sei hilabete baino luzeagoa izango. Hala eta guztiz ere, kudeatzaileek edo Batzar Orokorrak, estatutuetan ahalmen hori beroni ematen bazaio berariaz, zehatz ditzaten lanpostuetarako, lanbide-eskakizun bereziak dituztelako, hamazortzi hilabete arteraino luza daiteke proba-aldia; dena dela, horrelako lanpostuen kopuruak ezin du gainditu koperatibako guztien ehuneko hogei.

 

       2.-   Proba-aldian dauden izangaiek, bazkideek dituzten eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, ondorengo xehetasun hauek kontuan harturik:

 

a)  Harremana hauts dezakete beren aldetik, koperatibako administratzaileek egin dezaketen bezala.

b)  Ezin izango dira hautagai izan, baltzuaren organoetako karguetarako.

c)  Ez dituzte behartuko, eta ez dute ahalmenik izango, baltzu-kapitalari ekarpenik egiteko, ezta sarrera-kuota ordaintzeko ere.

d)  Proba-aldian zehar koperatibak izan ditzakeen galerak ez dira banatuko haien artean, eta ez dute eskubiderik izango koperatiba-itzulketak jasotzeko ere; mozkinen horrenbesteko bat kobratuko dute, ordea, soldatapekoei ordaintzen zaien neurri berean.

 

101. Atala - Lan-jaurpidea

 

       1.-   Estatutuek edo, horien ezean, Batzar Orokorrak bazkide langileen lan-jardunbidearen oinarriak finkatuko dituzte.

 

       2.-   Besteak beste, honako gai hauek arautu daitezke jardunbide horretarako: lanaren antolamendua, lanaldiak, asteko atsedenaldia, jaiegunak, oporrak, baimenak, lanpostuen sailkapena, zereginetatik eta lekuz aldatzeko aukera, lan-utzialdiak, koperatibako lanari buruzko harremana eten edo desegiteko dagoen beste edozein arrazoi eta, orokorrean, bazkide langileak egiten duen lanarekin zerikusia duten eskubide nahiz betebeharrei dagokien beste edozein gai.

 

102. Atala - Zigor-jaurpidea

 

       1.-   Estatutuek, barne-jaurpideko araudiak edo, horien ezean, Batzar Orokorrak finkatuko dituzte bazkide langileen zigor-jaurpidearen oinarriak.

 

       2.-   Lana egiterakoan egin daitezkeen arau-hausteak, zehapenak, zigortzeko ahalmena duten organo eta gizalagunak eta zigor-jardunbideak -izapide, errekurtso eta epeak adieraziz- arautuko dira zigor-jaurpidean.

 

       3.-   Administratzaileek, soil-soilik, hartu ahal izango du bazkide langileak kanpora bidaltzeko erabakia; bazkideak, erabaki horren aurka, errekurtsoa aurkez diezaioke Errekurtso-batzordeari edo, horren ezean, Batzar Orokorrari, hamabost eguneko epean erabakia jakinaraziz geroztik hasita. Dagokion organoak berretsi artean edo errekurtsoa aurkezteko epea amaitu artean, bidaltzeko erabakiak indarrik ez badu ere, koperatibak lanpostutik kanpo utz dezake bazkide langilea, baina azken honek dagozkion lan-aurrerakinak jasotzeko eskubidea gordetzen du behin-behinean, lanean jarraituko bailuen.

 

103. Atala - Ekonomia, teknologia edo ezinbesteko arrazoiak direla eta, aldi batez lan gabe gelditzea edo derrigorrezko baja

 

       1.-   Ekonomia, teknologia edo ezinbesteko arrazoiak direla eta derrigorrezkoa bada, lankide-koperatibetan, lana egiteko betebehar eta eskubidea aldi baterako ken dakioke bazkide langileari, lanarekin batera doazen diru-eskubide zein betebeharrak galduz, baina bazkide bati dagozkion gainerako eskubideak eta betebeharrak gordez.

 

       Horretarako, Batzar Orokorraren ardura da, aipatu arrazoiren batengatik, bazkide langile guztiek edo haietako batzuek lana utzi behar duten esatea, baita utzialdiaren iraupena zehaztea eta egoera horretan egongo diren bazkideen izenak ematea ere.

 

       Lana uzteko arrazoiak desagertzen direnean, bazkide langileak bete-betean berreskuratuko ditu bere eskubideak eta betebeharrak.

 

       2.-   Ekonomia, teknologia edo ezinbesteko arrazoiak larriak direnean eta koperatibaren bideragarritasun ekonomikoari eusteko, lanpostu-kopuru osoa, edo lanbide talde jakin batzuen kopurua behin betiko murriztu behar bada, Batzar Orokorrak zehaztu beharko ditu koperatibatik kanpo geldituko diren bazkideen izenak eta kopurua. Horrelakoetan, derrigorrezko eta bidezkotzat hartuko da baja, eta kanpoan gelditu diren bazkideek baltzu-kapitalari egindako ekarpenak berehala berreskuratzeko eskubidea izango dute eta bajaren hurrengo bi urteetan berriro sartzeko lehentasun-eskubidea gordeko dute, antzeko lanpostuak sortuz gero.

 

104. Atala - Auzigaiak

 

       Gizarte arloko gaietako organo jurisdikzionalek ebatziko dituzte lankide-koperatiben eta hauen bazkide langileen arteko liskarrak, bertoko kide direlako sortutakoak badira. Lan-lotura berezi horrekin zerikusirik ez duten auziak, beraz, arlo zibileko epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren menpe geratzen dira, beste edozein koperatibaren eta bertako bazkideen arteko liskarren antzera.

 

       Ondorio horietarako, lankide-koperatibaren eta horren bazkide langileen arteko harremanei beraiei bakarrik dagozkien gaiak hauexek izango dira: lan-aurrerakinak edo haien osagarrizko edo ordezko emariak jasotzea, horiek eskatzea bidezko den neurrian; elkarte eta lanari buruzko zigor-arauak hausteagatik ezarritako zehapenen aurkako errekurtsoak eta arrazoi berberagatik jarritako iraizte-zigorraren aurkako errekurtsoa; lanetik kentzea eta lan-utzialdiak; Gizarte Segurantzaren gaiak; soldatapeko langilea izatetik bazkide langile izatera pasatzea eta, orokorrean, koperatibaren lan-jaurpidearen barne-arauetan jatorria duten eskubide eta betebeharrak.

 

       Edonola ere, horrelako auzigaiak ebazterakoan, honako lege hau ezarriko da lehenengo eta behin; gero, koperatibaren estatutuak eta gainerako akordioak, eta, orokorrean, koperatibismoaren hatsapenak. Horien ezean, lanari buruzko legeria analogiaz erabiliko da.

 

III SAILA

KONTSUMO-KOPERATIBAK

 

105. Atala - Elkartearen helburua eta egitekoak

 

       1.-   Kontsumo-koperatiben xedea ondasun nahiz zerbitzuak eskaintzea da bazkideei eta beraiekin bizi direnei, baita kontsumitzaile eta erabiltzaileen bidezko eskubide eta interesen alde agertzea ere. Pertsona fisikoak eta azkenengo hartzaile izaeradun erakundeak edo antolakundeak izan daitezke horrelako koperatiben bazkide.

 

       2.-   Kontsumo-koperatibek bazkide ez diren gizalagun edo erakundeei eskain diezazkiete ondasun edo zerbitzuak, berea duten lurralde-esparruaren barruan eta estatutuetan hori onartzen denean.

 

IV SAILA

IRAKASKUNTZAKO-KOPERATIBAK

 

106. Atala - Helburua eta motak

 

       1.-   Irakaskuntzako koperatibak, jakite edo hezkuntzaren edozein arloren maila, urrats, aldi, gradu eta mota desberdinetan irakaste-lanak egiten dituztenak dira. Eskolaz kanpoko ekintzak eta haiekin zerikusia dutenak burutu ditzakete, baita irakaskuntza osatu eta errazteko balio duten zerbitzuak ere.

 

       2.-   Ikasleen gurasoak, ikasleen lege-ordezkariak edo ikasleak berak biltzen dituztenean, lege honetan kontsumo-koperatibetarako ezarritako arauak aplikatuko zaizkie. Irakasleak eta ikastetxearen gainerako langileak sar daitezke koperatiban, bai lan-bazkide, bai bazkide laguntzaile; beste interesdunen artean, ikasle ohiak ere izan daitezke bazkide laguntzaile.

 

       3.-   Irakaskuntza-koperatibak irakasleak, pertsonal ez-irakaslea eta zerbitzu-langileak biltzen dituenean, lege honetan lankide-koperatibetarako ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, eta, besteak beste, ikasleak, haien gurasoak edo legezko ordezkariak eta ikasle-ohiak bazkide laguntzaile izan daitezke.

 

       4.-   Irakaskuntzako koperatiba, hala ohartematen bada estatutuetan, izaera bateratzailekoa izan daiteke, irakasle eta pertsonal ez-irakasle gehienak biltzen baditu, batetik, edo ikasle edo beraien ordezkari gehienak biltzen baditu, bestetik; baliteke, halarik ere, horrelako koperatiba eratzeko, estatutuetan eskatzen den kopurua bi taldeetako kideez osatzea, gehiengo horietara jo beharrean aurkitu gabe.

 

107. Atala - Irakaskuntzako koperatiba bateratzaileen berezitasunak

 

       1.-   Aurreko atalaren 4. puntuan aipaturiko koperatibei dagokienez, honako hauek ezar daitezke estatutuetan:

 

a)  Proba-aldiak jartzea, koperatibaren baitan dauden bi taldeetako bazkideentzat, luzaroen ezar daitekeen aldia ikasturte batekoa delarik.

b)  Koperatibaren organo bakoitzaren jarduna gehiengo berezien bidez izan dadila ohartematea, baina haietako bakoitzak eratzeko duen quorum osoaren hiru laurdenetatik gorakoak izan gabe.

c)  Akordioak hartzeko eskatzen den gehiengo berezia lortzen ez bada, edo lortzea ala ez berdin diola, bazkide erabiltzaileen taldeari zenbat kontseilari eta Batzar Orokorrerako zenbat boto dagokion finkatzea, lan-bazkideekin gorde beharreko oreka gal ez dadin.

d)  Batzarretara joateko eta bertan hitz egiteko eskubideak arautzea, oreka zaintzeko neurriak jarrita edo jarri gabe; bazkide erabiltzaileek biltzar berezi bat edo gehiago egin ditzakete aurrez, hurrengo Batzar Orokorrean edo ondorengoetan izango dituzten ordezkariak hautatzeko; estatutuetan zehaztuko da batzar horiek zein epetan egingo diren ere.

e)  Aldiroko batzarburuak jartzea, koperatibaren talde bietako bazkideak, txandaka eta iraupen berdineko aldietan, organo kolegiatuen lehendakaritzatik iragan daitezen.

f)   Batzorde ebazle bat antolatzea, osakera parekidea izango duena eta adituen parte hartzea onartuko duena, beharrezko organoetan batzuetan gertatzen diren hainbanaketak erabakitzeko; hori dela eta, bozketaren batean hainbanaketa eten ezin duen organoak ahalmena eman diezaioke halako batzordeari ebatz dezan, gaia zeri buruzkoa den berdin diolarik.

 

       2.-   Aurreko atalean aipaturiko neurriak aukeran edo denak batera jaso daitezke, beti ere estatutuek hori egiteko bidea ematen badute. Era berean, bazkide laguntzaileek behar bezala parte har dezaten, berarizko neurriak ere jaso daitezke.

 

       3.-   Bazkide-talde bat bestearen menpean jartzeko joera dagoelako, baltzuaren organoak sarri-askotan trabatzen direlako edo bestelako funtsezko arrazoiak direla-eta, delako koperatiba hori aurreko atalaren 2. eta 3. puntuetan ezarritako motetariko batera bideratzeko oinarrizko irizpide eta jarraibideak finka daitezke estatutuetan, artean elkartea desegin nahiz ez desegin.

 

108. Atala - Herri-izaera edo herri-onurakoak diren bazkideak

 

       1.-   Herri-erakundeak eta herri-onurako erakunde pribatuak ere, ongintzakoak barne, agian bazkide laguntzaile lez onartzeaz gain, bazkide erabiltzaile ere izan daitezke aldi berean, adingabeko edo ezindutako ikasleen lege-babesa eta zaintza dutenean edo gorago aipaturiko erakundeen menpeko etxe, egoitza edo establezimenduetan lekua duten adin nagusiko ikasleek beren ordezkaritza berariaz eman badiete.

 

       Bazkide laguntzaile eta bazkide erabiltzaile batera izateak bere baitan dakartzan ondorioak estatutuetan arautuko dira berariaz, lege honen eta hezkuntzaz indarrean dauden xedapenen esparruaren barruan.

 

       2.-   Halako erakunde eta instituzioek, zuzenbidezko edozein tituluren bitartez, mota guztietako ondare-ekarpenak egin ditzakete, koperatiba eratu edo egoki garatzeko, besteak beste, lursail, etxe eta bestelako ondasun higiezinak, tresneriaz hornituak ala ez.

 

       3.-   Estatutuek hala onartzen badu, erakunde mailako bazkideek lekua izango dute Artezkaritza-kontseiluan eta, bazkide erabiltzaile diren aldetik, ordezkatzen dituzten ikasleen araberako boto-kopurua izango dute Batzar Orokorretan, 35. atalaren 2. puntuko eragozpenak izan gabe.

 

V SAILA

NEKAZARITZAKO KOPERATIBAK

 

109. Atala - Helburua eta jarduerak

 

       1.-   Nekazaritzako koperatibak, nekazaritza, basogintza, abelazkuntza edo ustiakuntza horietako bat baino gehiagoko titularrak elkartzen dituztenak dira, helburuak honako hauek dituztelarik: merkatalbideak erraztu, hornidurak, ekoizpen-baliabideak eta zerbitzuak eskaini eta, ekonomi eta gizarte mailako edozein arlotan, bazkideen ustiategiak -beraien atalak barne-, koperatiba bera eta baserrialdeetako bizimodua hobetzea.

 

       Bazkide izatera iritsi eta hala jarraitu ahal izateko, baltzuaren helburuari dagokion jardueran soil-soilik aritzeko hitza ematea eska daiteke koperatibako estatutuetan.

 

       2.-   Elkartearen helburua betetzeko, nekazaritzako koperatibek, estatutuetan zehaztutakoaren arabera bereak dituzten jarduerez gain, beste edozein ere egin dezakete, koperatiba, bazkideen ustiategia, beraietako atalak edo baserrialdeetako bizimodua hobetzeko aurrebal-dintza, ondorio, osagarri edo baliabide badira, ekonomia, teknika, lan, ekologia eta gizartearen onerako diren neurrian.

 

110. Atala - Besteekiko eragiketak

 

       1.-   Nekazaritzako koperatibak, bai anitz arlotakoak, bai espezialduak, merkatalgoan aritzen badira, jarduera horren eta berorrekin loturik dauden besteen bidez, kontsumitzailearenganaino heldu daitezke zuzenean, ondoren zehazten diren kasuetan koperatiban edo bazkideen ustiategietan jatorria ez duten produktuekin:

 

a)  Ekonomi ekitaldi bakoitzean, ehuneko bosteraino; koperatibaz kanpokoen nekazaritzako produktuak erabiltzen diren jarduera bakoitzari aplikatuko zaio esandako portzentaia.

b)  Hala onartzen badute estatutuek, gehieneko muga ehuneko berrogeian ezar daiteke, ekonomi ekitaldi bakoitzeko.

c)  Koperatibari egotz ez dakizkiokeen arrazoiengatik, aurreko mugak gainditzeko baimena lortu badu, lege honen 5. atalaren arabera.

 

       2.-   Beren edo bazkideen ustiategiak hornitzen aritzen diren nekazaritzako koperatibek, egiteko hori jarduera bakarra edo bereizia izatea berdin diola, produktu eta zerbitzuak eskain diezazkiekete bazkide ez direnei, aurreko zenbakiaren a) eta b) letretan ezarritako mugen barruan eta antzerako kasuetan; dena dela, koperatibaren egitekoaren ohizko gaindizkoak izanez gero, koperatibaz kanpoko edonori eskain dakioke inolako mugarik gabe.

 

VI SAILA

ELKARLANEAN USTIATZEKO KOPERATIBAK

 

111. Atala - Helburua eta lan-eremua

 

       1.-   Nekazaritzan ustiatzeko izan daitezen ondasunak erabili eta horietaz baliatzeko eskubideen titularrak elkartzen dira koperatiba-mota hauetan; hori dela eta, titular horiek berek dituzten eskubideak eskaintzen dizkiote baltzuari, bertan lanik egin gabe edo lan eginez; era berean, gozamen-eskubiderik baltzura ekarri ez arren, lan egitera doazenak ere bildu daitezke koperatiba horietan. Lursailak eta bestelako ekoizpen-baliabideak baltzuan jartzea dute helburu, nekazaritzako enpresa edo ustiategi bat sortu eta kudeatzeko, eta koperatibak edozein tituluren bidez eskuraturiko ondasunak ere sar daitezke ustiategi berrian.

 

       Elkartearen helburua lortzera zuzendutako edozein jarduerari ekin diezaiokete koperatiba hauek, bai artez nekazaritzako produktuak ateratzekoak direnei, bai ustiategia bere atal, eginkizun eta prezesu guztietan eratu eta hobetzeko prestakuntza-lanei, baita ere bilketa- eta banaketa-lanei eta horiekin zerikusia dutenei eta osagarrizkoei eta, orokorrean, berez nekazaritzako jarduerakoak edo hauen aurretiko, osagarrizko edo ondokoak direnei.

 

       2.-   Koperatibaz kanpokoengandik jasoriko produktuak merkaturatzeak lege honek nekazaritzako koperatibetarako ezarritakoa hartuko da aintzat. Lan-kontratua duen langile-kopuruak ezin izango du gainditu koperatibaren lan-bazkide guztien ehuneko hogeita hamar.

 

       3.-   Koperatiba hauen estatutuek beren lurralde-esparrua mugatuko dute, izan ere, ohiz horren barruan arituko baitira lan-bazkideak koperatibaren zereginak betetzen eta bertan kokatu beharko baitituzte ustiategiaren ondasun higiezin gehienak.

 

112. Atala - Bazkideen jaurpidea

 

       1.-   Baliteke, aldi berean, lan-bazkide eta ondasunak erabili eta horietaz baliatzeko eskubideen bazkide emaile izatea, baina halako egoeran bazkideak ez du horregatik boto bat baino gehiago izango.

 

       2.-   Lege honek lankide-koperatibetako lan-bazkideentzat ezarri dituen arauak, hemengo lan-bazkideentzat ere izango dira baliagarri, sail honen salbuespenak salbuespen.

 

       3.-   Bazkideek, ondasunak erabili eta horietaz baliatzeko eskubideen emaile diren aldetik, koperatiban iraun behar duten gutxieneko aldia ezarriko da estatutuetan, ezin izango duela hamabost urtetik gorakoa izan; bestalde, titularren eskubideak koperatibaren alde eskualdatzeko arauak ere ezarriko dira bertan.

 

       4.-   Maizterrek eta gozamen-eskubideren baten gainerako titularrek ondasunen erabilera eta baliamendua eskualda dezakete, kontratuak edo lege-tituluak dirauen artean gehienez ere, eta hori ez da maizterra botatzeko edo kontratua desegiteko arrazoitzat hartuko.

 

       Horrelakoetan, estatutuen arabera ezarrita dagoen gutxieneko iraunaldiaz salbuetsi dezake titularra koperatibak, baldin eta erabilera- eta baliamendu-eskubideen titularrak dagokion lotura juridikoaren indarraldia amaitu arte eskualdatzeko hitza ematen badu.

 

113. Atala - Ekonomiazko egitura

 

       1.-   Bereizketa bat egingo da: alde batetik, benetazko ondare-ekarpenak, diruzkoak ala ez, hartuko dira, eta hauek baltzu-kapitalean sartuko dira; eta bestetik, lana, zerbitzuak edo laguntza teknikoa ematean dautzan ekarpenak, eta hauek ez dira baltzu-kapitalean sartuko.

 

       2.-   Ondasunen erabilera uzteagatik sorturiko mozkinak eta laneko alokairu-aurrerakinak tokian tokiko errenta eta lansarien mailaren antzerakoak izango dira.

 

       Itzulketak, bazkide bakoitzak koperatibarekin duen jardueraren arabera aitortuko dira, hain zuzen ondasunak erabiltzeko uzteagatik koperatibak ordaindu behar dituen errentekiko eta laneko alokairu-aurrerakinekiko proportzioan.

 

       3.-   Itzulketak aitortzerakoan erabili diren irizpide berak erabiliko dira galeren egozpena egiteko ere, baina dena dela estatutuek eta Batzar Orokorrak zehaztuko dute beharrezkoa dena lan-bazkideei gutxieneko lansaria ziurtatzeko, inguruko lurraldean pareko lanaren trukean ordaintzen denaren ehuneko hirurogeita hamar, behetik jota, eta inolaz ere ez lanbidearteko gutxieneko soldatatik behera.

 

       4.-   Elkarlanean ustiatzeko koperatibetako lan-bazkideak, Gizarte Segurantzaren ondorioetarako, inoren konturako langiletzat hartuko dira.

 

       5.-   Estatutuetan ezarriko da baltzuan ustiatzeko diren ondasunak baloratzeko prozedura, eta gozamenerako utzi diren ondasunei eragin diezaieketen eta baltzuan ustiatzeko egitamuaren ondorioz egin daitezkeen lan, hobekuntza eta zortasunak ere bertan arautu daitezke. Gainera, lehenago ondasunen erabilera eta baliamendua koperatibari utzi badiote, araubidez eragotzi dakieke bazkideei ondasun horien eskubideak inorenganatzea, koperatiban derrigorrez iraun behar duten artean, eskubideak galtzeak ondasunen erabilera eta baliamendua eragozten badizkio koperatibari.

 

VII SAILA

ETXEBIZITZEN KOPERATIBAK

 

114. Atala - Helburua, eragiketak eta lan-eremua

 

       1.-   Etxebizitzen koperatiben helburuak hauexek dira: bazkideei etxebizitzak, lokalak, eraikuntzak eta osagarrizko eraikuntzak eta instalakuntzak eskaintzea; aipaturiko higiezinak eta erabilera amankomuneko atal, zati edo eraikuntzak hobetu, zaindu eta kudeatzea; behar diren zerbitzuak antolatu eta ematea; etxebizitzak, lokalak eta eraikuntzak eta beraien instalakuntzak birgaitzea. Horrelako koperatibek gehienbat pertsona fisikoak eta koperatibak elkartuko dituzte.

 

       2.-   Lursailak erosi, zatika banatu eta hiritartu eta, orokorrean, elkartearen helburua iristeko behar bezainbat jarduera eta lan egin ahal izango dute; bestalde, koperatibaren beraren beharrizanak ase ondoren, bere jabetzakoak izan eta libre gelditutako merkataldegi eta lur-sailak eta osagarrizko instalakuntzak eta eraikuntzak bazkide ez direnei akura edo inorengana diezazkieke. Batzar Orokorrak, edo eraikuntza-sail bakoitzeko bazkideen biltzarrak, aipaturiko higiezinak inorenganatzeagatik edo akuratzeagatik eskuratu diren etekinak zertarako erabili erabakiko du.

 

       3.-   Etxebizitza eta lokalen jabetza edo erabilera eta gozamena, ohiz erabiltzeko edo denboraldirako izan, zuzenbidez onarturiko edozein tituluren bidez esleitu edo utzi dakizkieke bazkideei.

 

       Etxebizitzen edo lokalen jabetza koperatibak gordetzen duenean, eraikuntza-sail bakoitzaren estatutuek edo araudiak arautuko dituzte bazkideek egin behar duten erabilera eta gozamena, baita bazkideen eta koperatibaren beraren beste eskubideak eta betebeharrak ere; era berean, etxebizitza edo lokal baten erabilera eta gozamenerako eskubidea, baldintza-mota bera duten beste etxebizitzen koperatiba batzuen bazkideei utzi edo hauekin trukatzeko aukera ere kontuan hartu eta onartu daiteke.

 

       4.-   Etxebizitzen koperatibek berea duten lan-eremuaren barruan soil-soilik eraiki dezakete, eta hori estatutuetan ezarrita egongo da; eremu horretan bizi behar dute ohizko eran bazkide gehienek, koperatiba gehienbat edo soil-soilik bazkide adintsuentzakoa bada izan ezik, edo bigarren egoitzarako etxeak eraikitzekoa bada salbu.

 

       Horrelako kasu berezietan, Batzar Orokorretarako edo eraikin-saileko biltzarretarako deiak bazkideek esandako helbideetara bidaliko dira, hartu izanaren adierazpena beharko duen egiaztatutako postaren bidez.

 

115. Atala - Bazkideen jaurpidea

 

       1.-   Bazkideren batek baja hartuz gero, eta hala onartzen badute estatutuek, etxebizitzak eta lokalak ordaintzeko ordurarte emandako diru-kopuruei 63. atalaren 1 zenbakian finkaturiko kenketak egingo zaizkie, gehiengoa bertan ezarritako portzentaien ehuneko berrogeita hamar izanik.

 

       Aurreko idazatian aipaturiko diru-kopuruak, baltzu-kapitalari bazkideak egin dizkion ekarpenekin batera, bazkide horri itzuli beharko zaizkio beste bazkide batek eskubide-betebeharretan ordezkatzen duen unean.

 

       2.-   Ezin du inork aldi berean jardun administratzaile etxebizitzen koperatiba batean baino gehiagotan, estatutuek berariaz besterik onartzen ez badute.

 

       Esandako karguen titularrek ezin izango dute inolaz jaso inongo ordainsaririk beren eginkizuna betetzeagatik, lan horretan izandako gastuen kalteordaina jasotzeko duten eskubidearen kaltetan joan gabe.

 

       3.-   Pertsona fisiko batek ezin izango du bi etxebizitza baino gehiago eskuratu koperatiben bidez, senide ugariko familiei aitorturiko eskubideduna izan ezik.

 

116. Atala - Eraikuntza-aldiak edo-sailak

 

       Etxebizitzen koperatibak eraikuntza-aldi edo -sail bat baino gehiago egiten dituenean, horietako bakoitzeko kontaduritza bat eraman beharko du, koperatibari berari dagokion orokorraz gain. Bestalde, eraikuntza-aldi edo -sail bakoitzarentzat bazkide-biltzar berezi bana antolatu behar da; haietako bakoitzaren estatutu edo barne jaurpideko araudietan ezarriko dira bakoitzaren ahalmenak, beti ere Batzar Orokorrak koperatiba osoaren eragiketa eta betekizunez dituen eskurantzak errespetatuz.

 

117. Atala - Kontuak ikuskaritzaren esku jarri beharra

 

       Etxebizitzen koperatibek, urteko kontuak aztertu eta onartzeko ohizko Batzar Orokorrari aurkeztu baino lehen, kontu-ikuskaritzaren esku jarri behar dituzte. Lege-agindu horrek bazkideei etxeak edo lokalak eman arte izango du indarra.

 

118. Atala - Eskubideak eskualdatzea

 

       Etxebizitzen koperatibak, duen helburua dela eta, herri-erakundeen dirulaguntzak jaso baditu, bazkideen etxebizitza edo lokala "inter vivos" eskualdatzerakoan, administrazioaren sustapen-jaurpidean ohartemandako mugapen eta lehentasunezko eskuratze-eskubideen menpe egongo da eta, horien ezean, mota horretako koperatibei buruzko ordezko arauteria orokorra ezarriko da.

 

       Aurreko pasartean ukitu ez diren koperatibei dagokienez, eraikin-sail bakoitzaren estatutuetan edo araudian zehaztuko dira bazkideen etxebizitza edo lokalak inorenganatu edo akuratzeko baldintza eta mugapenak, baita zehaztu ere bazkidegaien eskubideak.

 

VIII SAILA

FINANTZA-KOPERATIBAK

 

119. Atala - Mailegu-koperatibak

 

       1.-   Beraien bazkideen finantza-beharrizanak, aktibo zein pasiboak, betetzea dute helburu mailegu-koperatibek, horretarako, eragiketa eremu orokorrean diharduen beste edozein kreditu-etxeri berez dagozkion jarduerak eta zerbitzuak eginez; bazkide ez direnekin ere jardun dezakete.

 

       2.-   Gehienbat baserrialdeetan lan egin eta bertakoei zerbitzua emateko sorturiko mailegu-koperatibek, hala estatutuetan nola lan egiteko moduan helburu hori dutelako, Baserritarren Kutxa deitura erabil dezakete.

 

       3.-   Atal honetan arauturiko erakundeak mailegu-koperatibei buruzko arauteriari eta arlo horretaz den legeriari lotuko zaizkie, eraketa, egitura, jarduera eta eginkizunei dagokienez.

 

       4.-   Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak, indarrean dauden legeekin bat etorriz, mailegu-koperatibez dagozkion eginkizunak beteko ditu, hots, proposamenak egitea, araubidea finkatzea, informazioa ematea, estatistika eta ikuskaritza egitea eta zigorbidea ezartzea.

 

120. Atala - Aseguru-koperatibak

 

       1.-   Aseguru inguruko edozein arlotako jarduerak egitea helburutzat dutenak dira aseguru-koperatibak eta hiru mota desberdinen arabera antolatu eta jardun dezakete: ordainsari finkoko erakunde, ordainsari aldakorreko erakunde edo lankide erakunde gisa.

 

       2.-   Horrelako koperatibak, aseguru-erakunde diren aldetik, oinarrizko izaera duen aseguru pribatuari buruzko arauteriari eta Euskal Autonomi Elkarteak onar ditzan garapen-arauei lotuko zaizkie, honako lege hau ordezko gisan hartzen delarik.

 

IX SAILA

OSASUN-KOPERATIBAK

 

121. Atala - Osasun-sorospenerako koperatibak

 

       1.-   Bazkideen, asegurudunen edo horien onuradunen osasun arloko arriskuak babesten dituzten enpresak dira aseguru-koperatibak.

 

       2.-   Beren bazkideen eta berauen onuradunen osasun arloko arriskuak babestea bada koperatiba hauen xedea, ordainsari finkoko aseguru-koperatibetarako ezarritako arauak hartuko dira aintzat.

 

       3.-   Koperatibaren baitan osasun arloko profesionalak eta osasunketakoak ez diren langileak biltzen direnean, eta sorospena beste aseguratu batzuei emateko bada, aseguruetako lankide-koperatiben arauak hartuko dira kontuan.

 

122. Atala - Osasun arloko instalakuntzen koperatibak

 

       Lege honen ondorioetarako, osasun-koperatibatzat joko dira, baita ere, pertsona fisiko eta juridikoez osatu eta bazkideei, berauen senideei eta bertako langileei, hala balegokie, osasun-sorospena emateko eta, horri begira, ospitale, klinika eta antzerakoak sustatu, tresneriaz hornitu, administratu, jagon eta kudeatzeko direnak. Honelako koperatibak ospitaleetako legeriari lotzeaz gain, kontsumo-Koperatibez diren arauetara ere lotuko dira; guztiarekin ere, zenbait moldapen sar daiteke araudi bidez, ematen duten zerbitzuaren berezitasuna ikusita eta jorratzen duten arloa kontuan harturik.

 

X SAILA

ZERBITZU-KOPERATIBAK

 

123. Atala - Profesionalen zerbitzu-koperatibak

 

       1.-   Profesionalen zerbitzu-koperatiba, beren kontura lan egiten duten artisau, profesional edo artistez osaturiko koperatibak dira, helburuak hauexek dituztela: hornidurak, zerbitzuak edo lanak eskaintzea edo bazkideen jarduerak edo hauen emaitzak erraztu, ziurtatu edo osatzeko eragiketak burutzea, ekonomia, teknika, lan, ekologia, antolamendu eta jarduneko arloetan.

 

       2.-   Bazkideak profesional liberalak edo artistak direnean, atal honen araberako koperatiba bat eratzeak ez du inolako eraginik izango dagozkien proiektu eta lanak gauzatzeko edo horiekiko erantzukizuneko jaurpidean, doakion lanbidearen arauak aplikatuko baitira kasuan kasuko.

 

124. Atala - Enpresarien zerbitzu-koperatibak

 

       1.-   Helburua aurreko atalaren 1 zenbakian adierazitakoaren antzerakoa izanik, arrantza-, industri, merkataritza- edo zerbitzu-arloetako enpresari banakoak edo baltzukoak elkartzen dituzten koperatibak dira enpresarien zerbitzu-koperatiba, hauetako bakoitzak duen lege-itxura edonolakoa izanda ere, enpresarien eginkizunak edo bazkideen jarduera eta emaitzak erraztu, ziurtatu edo osatzeko diren neurrian.

 

       2.-   Ondasun- edo eskubide-erkidegoak, eta nortasun juridikorik gabeko bestelako erakundeak ere bai, aurreko zenbakian ezarritakora bil daitezke, baldin eta eskubideak eta betebeharrak bereganatzeko gaitasuna badute eta haietako bakoitzaren kideen ordezkaria izendatu badute koperatiban jardun dezan.

 

       3.-   Lege honetan lankide-koperatibez ohartemandakoaren kaltetan joan gabe, bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko zerbitzuak betetzeko gaituriko gizalagunek garraiolarien koperatibak era ditzakete, atal honi atxikiz, garraioaren arloari buruzko legerian horrelako enpresei aitortzen zaizkien eginkizun guztiak beregana ditzaten.

 

125. Atala - Erakundeen zerbitzu-koperatibak

 

       Batzak, herri-erakundeak, iraskundeak, sindikatuak eta bestelako elkarteak dira mota honetako koperatibak era ditzaketenak; koperatiba horien bidez, denen berdintasunean eta kide bakoitzaren burujabetasuna eta erakunde lez dituen ezaugarriak ukitu gabe, edozein arazo edo antolamendu edo jarduneko beharrizani irtenbidea eman dakioke.

 

126. Atala - Arau osagarriak

 

       1.-   Ezin dira zerbitzu-koperatibak eratu, lege honen arabera bestelako koperatibek bereak dituzten arloetan jardun edo haien ekonomi xedeak lortzeko.

 

       2.-   Bazkideei eska dakiekeen lankidetza zein neurritakoa den eta koperatibari aitortzen zaizkion ahalmen bateragileak noraino heltzen diren eta zelako indarra duten estatutuetan zehaztuko da; halaber koperatibak bazkideen jardueretan, enpresetan edo ustiategietan finantza-partaidetza izan dezakeen ere bertan zehaztuko da.

 

       3.-   Sail honetan arauturiko koperatiba-motei dagozkien koperatibek izena hautatzerakoan, bazkideen izaerarekin edo hauek jorratzen duten arlo, lanbide-jarduera edo ekonomi sailarekin zerikusia duten deiturak har ditzakete.

 

XI SAILA

EZINDUAK GIZARTERATZEKO KOPERATIBAK

 

127. Atala - Kideak eta motak

 

       1.-   Ezinduak gizarteratzeko koperatibak ezindu fisikoez eta psikikoez osatuko dira gehienbat, eta elkarlanean oinarritu daitezke, bazkideek egindako produktu eta zerbitzuak antolatu, bideratu eta merkaturatzeko edo, bestela, denon edo bakan batzuen kontsumorako diren ondasun eta zerbitzuak eskaintzeko.

 

       2.-   Ezinduak gizarteratzeko koperatibetan, gizarte-zerbitzuak emateko ardura duen edozein herri-erakunde izan daiteke bazkide, horretarako, dagokion ekarpena egin eta herri-erakundeetako ordezkari bat izendatuz. Ordezkari horrek, koperatibako gainerako bazkideekin batera, teknika, lanbide eta gizarte arloetako laguntza emanez lan egingo du eta baltzuaren organo guztien bilkuretara joango da, hizpidea duelarik.

 

II ATALBURUA

KOPERATIBAK BATERATU ETA BILTZEA

I SAILA

BIGARREN EDO GEROAGOKO MAILAKO KOPERATIBAK

 

128. Atala - Helburua eta ezaugarriak

 

       1.-   Kide diren elkarteen eta kidetasunaren ondoren sor dadin taldearen ekonomi jarduera osatu, sustatu, koordinatu, indartu edo bateratzea dute helburu bigarren edo geroagoko mailako koperatibek, haien estatutuetan esaten den zabalera edo neurrian.

 

       Goian esandako helburua garatzeko beharrezko izateagatik, koperatiba horri ematen zaizkion funtsezko ahalmenak estatutuetan zerrendatu beharko dira. Baltzu-helburuak dirauen artean indarrean jarraituko dute ahalmen horiek; bestalde, bat egindako elkarteen organoek ez dute eskurik izango ahalmen horien erabilera aztertzeko, bidezko gerta daitekeen epaitegi-babesaren kaltetan joan gabe.

 

       Koperatiba enpresariak bateratzeko denean, estatutuetan zehaztuko da zein diren enpresa-jardueraren bat egindako arloak, zein diren taldeko zuzendaritza bateratua egiteko oinarriak eta zein, azkenik, taldearen ezaugarriak.

 

       2.-   Gainera, estatutuetan arautuko da, elkarturiko erakundeek egindako proposamenak, zein gai edo arlotan izango diren aholku soilak, eta ez behartze-indarrekoak, bigarren edo geroagoko mailako koperatibentzat. Arlo honetan ezbairik egotekotan, baltzu-helburuarekin zuzeneko zerikusia duten ahalmen guztiak goreneko koperatibak bere gain hartuta izango bailituen joko da, eta berak harturiko erabaki eta emandako jarraibideek lehentasuna izango dute, elkarturiko erakunde bakoitzaren erabakiekiko.

 

129. Atala - Bazkideen ahalbidea, elkartean sartu edo hori uzteko

 

       1.-   Maila beheragoko koperatibak eta lan-bazkideak izan daitezke honelako baltzuen bazkide, baina horiez gain, beste edozein erakunde eta pertsona juridiko ere, publiko nahiz pribatu, elkar daiteke eskubide guztiekin, baldin eta interes edo beharrizan berdinak badituzte eta zilegi bada estatutuen arabera. Azken erakunde horiek, guztira, ezin izango dute bigarren edo geroagoko mailako koperatibaren boto guztien erditik gorakoa bildu; hala ere estatutuetan muga estuagoak ezar daitezke.

 

       Aurreko idazatian ezarritakoaren kaltetan joan gabe, halako koperatibek bazkide laguntzaileak onar ditzakete, lege honen 19.2 atalarekin bat etorriz.

 

       2.-   Bazkide izan nahi duten pertsona juridikoak onartu ahal izateko, gutxienez Artezkaritza-kontseiluaren bi hereneko aldeko gehiengoa, bertaratuen eta ordezkari bidez emandako botoen bi herenak hain zuzen, eskatuko da ezinbestez, estatutuetan bestelako gehiengorik jasotzen ez bada; behin-behingo lotura-aldiak edo bi urtera arteko proba-aldiak arautu daitezke estatutuetan.

 

       3.-   Bazkidegoa utzi nahi duen pertsona juridikoak hala jakinarazi behar du urtebete aurretik gutxienez, eta bertatik aldendu baino lehenengo, bigarren edo geroagoko mailako koperatibarekin hitzartutako betebeharrak beteko ditu nahitaez edo, Artezkaritza-kontseiluak hala erabakitzen badu, dagokion kalteordaina eman beharko du dirutan. Gainera, eta estatutuetan kontrakorik ohartematen ez bada, bereizitako elkarteak bajaren aurretik hartu zituen ardurak beregain izaten jarraituko du gutxienez hurrengo bi urteetan.

 

130. Atala - Diru-jaurpidea

 

       1.-   Bigarren edo geroagoko mailako koperatibaren baltzu-kapitalari egin beharreko ekarpenak, bazkide bakoitzak berarekin hitzartu duen elkarlanaren arabera egingo dira.

 

       2.-   Emaitzen banaketa, dela irabaziena dela galerena, estatutuetan finkaturiko elkarlanaren arabera erabakiko da, erreserba-fondoei eta, hala balegokio, Heziketa eta Sustapen Fondoari egozpena egin ondoren.

 

       3.-   Elkarlana zedarriztatzen duten irizpide edo moduloak estatutuetan finkatuko dira.

 

131. Atala - Egitura organikoa eta botoa emateko eskubidea

 

       1.-   Elkarturiko erakunde bakoitzak duen boto-eskubidearen araberako ordezkari-kopuruaz eta, egon baleude, lan-bazkideen ordezkariez osatuko da Batzar Orokorra. Era berean, erakunde bakoitzaren boto-eskubidea, elkarlanean duen partehartzearen edo bazkide-kopuruaren araberakoa izango da. Koperatiba-baltzua ez den erakunde baten botoak ezin dira baltzuaren boto guztien herena baino gehiago izan, lau bazkide baino gutxiagokoa denean izan ezik.

 

       2.-   Bigarren edo geroagoko mailako koperatibek Artezkaritza-kontseilu bana izango dute, bere baitan hamabost kidek jardungo dute eta elkarturiko erakunde guztiek zuzeneko edo zeharkako ordezkaritza izango dute bertan. Bazkide diren erakunde horiek hamabost baino gehiago izango balira, boto gutxien dutenek elkarrekin batu beharko lukete beren ordezkariak izendatzeko, horren inguruan dauden barruko estatutu- edo araudi-xedapenak kontuan hartuz.

 

       Kontseiluan izango den boto-eskubidea, kontseilukideek ordezkaturiko erakundearen edo erakundeen elkarlanaren edo bazkide-kopuruaren araberakoa izango da, Batzar Orokorrerako ezarritako mugapenak hemen ere balio duelarik.

 

       Hautaturiko artezkariek, estatutuetan zilegi bada, Artezkaritza-kontseiluaren kideen herena, gehienez, izenda dezakete gizalagun adituen artetik, taldeko koperatibetako kide izan ala ez berdin diolarik.

 

132. Atala - Kitapena

 

       Bigarren edo geroagoko mailako koperatiba bat kitapena eginez desegiten bada, aktibo-gaindikina bazkideen artean banatuko da, azken bost urteetan jasoriko itzulketen arabera edo, bizitza laburragoa izan duten koperatibetan, erakuntzatik hasita jasoriko itzulketen arabera. Osterantzean, bazkide bakoitzak elkarlanean izan duen partehartzearen arabera banatuko da edo, bestela, koperatibaren baitan dagoen erakunde bakoitzeko kide-kopuruaren arabera.

 

133. Atala - Ordezko araudia

 

       Sail honetako aurreko ataletan jasotzen ez den guztietan, estatutuetan eta barne jaurpideko araudian ezarritakoari lotuko zaio; eta, horien ezean, bigarren edo geroagoko mailako koperatibek dituzten berezitasunak kontuan harturik, lege honetan lehen mailako koperatibez ezarritakoari jarraituko zaio.

 

II SAILA

EKONOMI LANKIDETZAKO BESTE MODU BATZUK

 

134. Atala - Enpresa-elkarteak

 

       1.-   Aurreko sailean arautu diren bateratze-erak alde batera utzita, koperatibak, edonolako mota eta maila dutela ere, edozein motatako enpresen baltzu, elkarte, batza, partzuergo eta batasunetan eratu daitezke, beren artean elkarturik edo bestelako pertsona juridiko -publiko zein pribatu- edo fisikoekin.

 

       2.-   Halaber, koperatibek aurreko zenbakian aipaturiko edozein erakunderekin partaidetza izan dezakete, baltzu-helburua hobeki bete, garatu edo bermatzeko.

 

       3.-   Mailegu- eta aseguru-koperatibek, atal honetan ohartemandako eragiketak gauzatzeko, denen gainetik, beraiei ezar dakiekeen arauteria gordeko dute.

 

135. Atala - Koperatiba-bazkunak

 

       1.-   Enpresa-politikak taiutu, jarduera edo baliabide amankomunak kudeatu eta, batzuetan, bazkideen jardueren estrategiazko plangintza, horien kontrola gauzatzea helburu duten enpresen elkarketak dira koperatiba-bazkunak, gehienbat lehenengo eta bigarren edo geroagoko mailako koperatibez osatuko direlarik.

 

       2.-   Administrazio-ardura Kontrol-kontseilu baten eta zuzendaritza-organo baten artean banatuko da koperatiba-bazkunaren estatutuetan. Zuzendaritza-organoa kidebakarra edo kideanitza izan daiteke, baina ezin du inork aldi berean organo bietan jardun.

 

       3.-   Zuzendaritzak bere gain hartutako kudeaketaren ikuskapena egingo du Kontrol-kontseiluak, eta horrez gain, bazkideen onarpen eta, bajari dagozkionetan arduratuko da eta zigor-jaurpidea ezarriko du; halaber, aparteko administrazio-egintzak, estatutuen oinarrizko irizpideen arabera hala zehazten direnak, baimentzea ere aipaturiko kontseiluaren menpean dago.

 

       4.-   Zuzendaritzak koperatiba-bazkunaren kudeaketa- eta zuzendaritza-ardurak bereganatuko ditu eta haren izenean jardungo beste inoren aurrean. Kontrol-kontseiluak izendatu eta kargutik kenduko ditu bertako kideak.

 

       5.-   Atal honetan berariaz arautu ez diren guztietan, bigarren edo geroagoko mailako koperatibez xedatutakoa ezarriko da.

 

136. Atala - Bitariko koperatibak

 

       1.-   Bitariko koperatibak gutxiengoko bazkideak dituztenak dira. Azken horiek Batzar Orokorrean izango duten boto-eskubidea, esklusiboki edo batez ere, emandako kapitalaren arabera zehaztu ahal izango da. Balore-merkatua arautzen duten legeen menpe dauden titulu edo kontu-idazpenetan agertuko da kapitala.

 

       2.-   Horrelako koperatibetan, Batzar Orokorrerako boto-eskubidea honako banaketa honen araberakoa izango da:

 

a)  Boto guztien ehuneko berrogeita hamaika gutxienez bazkide koperatzaileei emango zaie, estatutuek zehaztu dezaten heinean.

b)  Boto guztien ehuneko berrogeita bederatzi gehienez, eta hori estatutuetan zehaztuko da, botoa emateko eskubidea duten alderdien artean banatuko da, eta estatutuek hala onartzen badute, botoak merkatuan negoziatzeko modukoak izango dira.

 

       3.-   Botoa emateko eskubidea duten alderdien kasuan, bai titularren eskubideak eta betebeharrak, bai ekarpenen jaurpidea, estatutuetan arautuko dira eta, ordezko gisan, akziokako baltzuei buruzko legeetan akzioetarako ezarritakoan.

 

       4.-   Bazkide-talde bietako bakoitzak urteko mozkin edo galeretan duen partehartzea, talde bietako bakoitzak 2 zenbakian esandakoarekin bat etorriz duen boto-kopuruaren arabera zehaztuko da.

 

       Botodun baltzu-alderdien titularrei dagozkien gaindikinak, emandako kapitalaren arabera banatuko dira haien artean. Gainerako bazkideei dagozkien gaindikinak ordea, lege honetan ohizko jaurpideko koperatibetarako finkaturiko irizpide orokorren arabera banatuko dira haien artean.

 

       5.-   Bazkide-talde bietako batek zen173bait aldaketa egin nahi izanez gero, taldearen beraren eskubideak eta betebeharrak beste era batera arautzeko, dagokion taldearen gehiengoaren adostasuna eskatuko da; Batzar Orokorrean bereizi egindako bozketaren bidez edo aparteko eta horretarako biltzarra eginez lor daiteke.

 

       6.-   Honelako koperatibak sortzen direnean, bai eratzen direlako edo bai aldatzen direlako, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak Derrigorrezko Erreserba Fondoa kitapena eginez gero banatzeko dagoen aukera estatutuen arabera baimendu dezake, aurreko 4 zenbakian azalduriko irizpideak kontuan hartuz eta, baltzuaren ondasunak banatzeko, 94. atalean dauden gainerako arauei men eginez.

 

III IDAZPURUA

KOPERATIBAK ETA ADMINISTRAZIOA

 

137. Atala - Gizartearen onurakoa

 

       1.-   Euskal Autonomi Elkarteko aginte publikoek gizartearen onurako eginkizuntzat hartzen dute koperatiba-azkunak eta hauek dituzten enpresak eta ordezkaritzak bateratzeko egiturak sustatzea, bultzatzea eta garatzea.

 

       Aipaturiko aginteek, herri-zerbitzuak garatu eta hobetzeko xedez, helburu hori duten koperatibak sortzea bultzatuko dute.

 

       Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiaren laguntza honetarako eskatuz, koperatiba-sistemaren ahalbide erabilgarriei buruzko informazioa ematea sustatuko du, batez ere beste lanpostu batzuk sortzeko eta Euskadiko enpresa txiki eta ertainen arazoei aurre egiteko, eta zabalkunde, prestakuntza eta orientabiderako egitarauak prestatzea bultzatuko du, gizarteko partaide guztien artean informazio haren hedapena erraztu ahal izateko.

 

       2.-   Euskadiren onuraren sustapenari laguntzen dioten koperatibak herri-onurakotzat joko ditu Eusko Jaurlaritzak arauz ezarritako jardunbide, jaurpide eta eskakizunen arabera.

 

       3.-   Eusko Jaurlaritzak Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez jardungo du koperatiba alorrean, ezarri behar duten legedi zehatza betetzeko beste sail batzuei emandako ahalmenen kaltetan gabe.

 

138. Atala - Sustapenerako neurri bereziak

 

       1.-   Koperatibek, zergabidetzan non dauden sailkatuta kontuan hartu gabe, askokari-izakera izango dute, eta beraz doazkien prezio edo sari-taulak ezarriko zaizkie, eta gutxikari gisa aritzerik izango dute banaketa edo salmentak egiterakoan.

 

       2.-   Ez dira salmentatzat joko koperatibek bere bazkideei emandako ondasunak eta zerbitzuak, bai koperatibek berek sortzen dituztenean bai eta besteei erosten dizkietenean ere, beren helburuak betetzeko badira.

 

       3.-   Legez onartutako edozein sailkapen-motaren bitartez beren enpresak biltzen dituzten koperatibek enpresa-elkarteei eta enpresa-kontzentrazioei buruzko legedian emandako onurak izango dituzte.

 

       4.-   Lankide-koperatibek eta horiek biltzen dituzten bigarren edo geroagoko mailakoek lehentasun-eskubidea izango dute parte hartzen duten norgehiagoka eta enkanteei dagozkien eskaintzetan berdinketa ager dadin kasuetan, baldin eta Euskadiko herri-administrazioek eta horien menpe dauden erakundeen obra, zerbitzu eta hornikuntzak burutzeko deialdietakoak badira.

 

       5.-   Kontsumo-koperatibak, atal honetako 1 zenbakian zehaztutako askokari-izakeraren kaltetan gabe, kontsumitzaile zuzentzat joko dira ondorio guztietarako, berauen eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren produktu edo zerbitzuak besteek zuzkitu edo hornitzen dizkietenean.

 

       6.-   Nekazaritzako koperatibek eta horiek biltzen dituzten bigarren edo geroagoko mailakoek produktu edo gaien bitartez burututako eragiketak, beste batzuek zuzkitutakoak badira ere, ondorio guztietarako koperatibako ekintzatzat joko dira lehen eraldaketako eragiketen izakerarekin, beti ere beren bazkideen ustiakuntzetarako baino erabiltzen ez badira.

 

       7.-   Etxebizitzen koperatibek, beren elkarteko helburuak betetzeko, herri-kudeaketako lursailak erosi ahal izango dituzte zuzeneko esleipenen bidez.

 

139. Atala - Ikuskaritza eta arau-hausteak

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Segurantzako Sailari dagokio ikuskatzailetzaren jatorrizko ahalmena, lege hau betetzeari dagokionean. Nolanahi ere, araudi bidez araupetu daiteke zein kasutan eta zein baldintza eta mugarekin burutuko duten ikuskatzailetza beren barnean dituzten erakundeei dagokienez, 144.2 ataleko bigarren idazatian aipatutako federazioek eta Euskadiko Koperatiben Konfederazioak.

 

       Ikuskatzailetzaren egitekoa bereziki aurrezaintzea eta lege hau hobeto betetzen laguntzea izango da, eta ikuskatzaileek aholkuak eman beharko dizkiete koperatibei arau-hausterik egin ez dezaten.

 

       2.-   Administratzaileek, zuzendariek, Zaintza-batzordeko kideek eta kitatzaileek, bai eta, hala egokituz gero, koperatibek daukate lege hau eta honen ezarpen- eta garapen-arauak haustea dakarten ekintzen eta hutsen ardura, beraiei pertsonalki eratxikigarria zaien neurrian.

 

       3.-   Oso hauste larriak dira:

 

a)  Derrigorrezko Erreserba Fondoari eta Koperatiba Heziketa eta Sustapenerako Fondoari lege honetan zehaztutako eskuerango gaindikinen gutxieneko hainbatekoak ez ematea edo, legean ezarritakoa hautsiz, galerak egoztea.

b)  Koperatiba Heziketa eta Sustapenerako Fondoa lege honetan zehaztutako helburuetarako ez erabiltzea.

c)  Elkartearen nahitaezko fondoak edo kitapenaren ondorioz gera dadin ondasun garbia bazkideen artean banatzea, horrela legean ohartemandakoa hautsiz.

d)  Lege honetan aitortutako koperatiba-hatsapenak haustea, edo koperatiben egituraz baliatzea, hauekin zerikusirik ez duten helburuak ezkutatzeko.

e)  Lege honek ezarritako mugak gaindituz, inoren konturako langileak akuratzea, bai eta legean besteekiko eragiketetarako ohartemandako gehieneko ehunekoak gainditzea.

f)   Urteko kontuak koperatibaz kanpoko kontu-ikuskaritzaren menpe ez jartzea, lege honetan zehaztutako kasuetan.

 

       4.-   Hauste larriak dira:

 

a)  Merkataritza Erroldan nahitaez izena eman behar duten enpresari, baltzu eta erakundeentzat Merkataritzarako Arau Bildumaren 24. ataleko 1. zatian ezarritako betebeharrak haustea.

b)  Urteko kontuen onarpenari eta emaitzen ezarpenari buruzko Batzar Orokorraren erabakien egiaztagiria, edo 71. ataleko 3. puntuan zehaztutako agiriak Koperatiben Erroldan ez uztea.

c)  Karguen izendapenak eta berriztapenak, eta lege honen arabera erroldaratu behar den beste edozein ekintza aipaturiko erroldan ez sartzea.

d)  Koperatibaren baltzu-egoitza Euskadiko Koperatiben Erroldan sartu eta gero beste leku batera aldatzea, erroldari bi hilabeteko epean aldaketa horren berririk eman gabe.

e)  Lege honen arabera nahitaezkoak diren elkartearen agiriak eta kontaduritza-agiriak eraz ez eramatea eta azken idazpenetik hiru hilabete baino gehiagoko denboraz egin gabe izatea.

f)   Egiaztatutako ikuskaritzari aurre eman edo uko egitea, doakion oztopatze-agiriaren bitartez hori egiaztatuz.

 

       5.-   Atal honetako 3. eta 4. puntuetan sartuta ez dauden lege honen aurkako gainontzeko hauste guztiak hauste arintzat jotzen dira.

 

140. Atala - Zigorrak

 

       1.-   Hauste arinak 50.000 eta 100.000 pezeta bitarteko isunez zigortuko dira; hauste larriak 100.001 eta 500.000 pezeta bitarteko isunez, oso hauste larriak 500.001 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isunez edo koperatibari kalifikazioa kentzeaz, ondorengo atalarekin bat etorriz.

 

       2.-   Hausteak, arinak, larriak zein oso larriak, zigorra egoki ezartzeko, mailaka sailkatuko dira gutxieneko, erdiko edo gehieneko gradutan, kontuan izanik haien garrantzia eta ondorio ekonomiko eta sozialak, hausleen asmo txarrik, faltsukeriarik edo birrauspenik izan denentz, eta koperatibaren diru-ahalmena edo eragiketa-kopurua.

 

       3.-   Birrauspen-kasuetan haustea goragoko mailakotzat joko da. Aurrez zigortze-espedientea izan duen haustearen parekoa edo larritasun haundiagoko haustea egitea birrauspentzat joko da baldin eta haren ebazpenak administrazio-bidea agortu badu, eta beti ere hauste berria momentu horretatik bi urteko epe barruan burutu izan bada.

 

       Arau-hauspen horretan jarraitzen baldin badu, hauspeneko jarduera hori alde batera uzteko mehatxua egin dakioke zigorra ezartzen dion ebazpenaren bidez, gehigarrizko isuna ezarriko zaiola ohartaraziz, hain zuzen zigor nagusi lez ezarri zaion isunari egunero ehuneko hogeirainoko kopurua gehituta.

 

       4.-   Lege honetan araupeturiko hausteengatik administrazioak duen erantzukizuna herri-administrazioak hausteen berri jaso eta sei hilabetetara amaitzen da, epe horretan administrazioak zigortze-espedientea hastea agintzen ez badu eta, nolanahi ere, hausteak burutu eta hiru urtetara, bi urtetara edo urtebetera, hurrenez hurren, hausteak oso larriak, larriak edo arinak diren neurrian.

 

       5.-   Zigorrak ezartzeko eskudun dira:

 

a)  Lan eta Gizarte Segurantzako Saileko Gizarte Ekonomiako zuzendaria, 250.000 pezetarainoko isunetarako.

b)  Lan sailburuordea, 250.001 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isunetarako.

c)  Lan eta Gizarte Segurantzako sailburua, 1.000.001 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isunetarako.

 

       6.-   Zigortze-jardunbideak errudunaren zuribide, egiaztapen eta hitz egiteko eskubideak bermatuko ditu, eta Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez Eusko Jaurlaritzak erabakitako arauez araupetuko da, indarreango legediarekin bat etorriz.

 

       Ustezko oso hauste larriengatik sortutako zigortze-espedienteak ebazteko, derrigorrezkoa izango da Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiaren aurretiazko txostena. Eskabidea aurkeztu eta hirurogei eguneko epean aurkeztu beharko du, baina epe horretan egiten ez badu emandakotzat joko da.

 

141. Atala - Koperatibari kalifikazioa kentzea

 

       1.-   Koperatiba bati kalifikazioa kentzeko arrazoiak honakook izan daitezke:

 

a)  Aurreko atalean oso larritzat jotako edozein hauste egiteak kalte ekonomiko edo sozial haundiak sortzen edo sortu ahal dituenean, edo bere baitan koperatiba-hatsapenak behin eta berriz haustea dakarrenean.

b)  Orokorrean, elkartea koperatibatzat kalifikatu ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak galdu edo ez betetzea, koperatiba hori baliorik gabe uzteko arrazoia ez bada behintzat.

 

       2.-   Lan eta Gizarte Segurantzako Sailak koperatibaren bat kalifikazioa kentzeko auzian sartuta dagoela jakin eta gero, hori konpontzeko eskatuko dio koperatibari, galdakizun hori jakinarazi edo argitaratu eta, gehienez, sei hilabeteko epean. Galdatutakoa ez betetzeak kalifikazioa kentzeko espedientea hastea ekarriko du.

 

       3.-   Kalifikazioa kentzeko jardunbidea agizko administrazio-jardunbidearen arauen araberakoa izango da honako berezitasunokin:

 

a)  Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak kalifikazioa kentzea erabakitzeko ahalmena izango du, eta zio eta guztiko erabakiz egingo du. Hala ere, eragindako koperatibekin aurrez hitz egingo da eta Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiari txostena eskatuko zaio; honek hirurogei eguneko epean egin beharko du, baina epe horretan egiten ez badu emandakotzat joko da.

b)  Koperatibaren entzunaldira administratzaileak aurkeztuko dira edo, horien ezean, hiru bazkide gutxienez. Azken agerraldi hori egiterik ez balego edo egin gabe geldituko balitz, izapidetzea betetakotzat joko litzateke, eta doakion gaztigua bi aldiz argitaratuko litzateke Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta beste hainbeste aldiz koperatibak baltzu-egoitza daukan herrian zabalkunde haundia duen egunkari batean.

c)  Kalifikazioa kentzeko administrazioaren ebazpena epaibidean berraztertu ahal izango da, eta errekurtsoa aurkeztuz gero, ez da beterazlea izango epai irmoa eman arte.

 

       4.-   Kalifikazioa kentzea irmoa izan ondoren, erroldarako ondorioak izango ditu berez eta, beraz, koperatiba, administrazio-erabakia agintzezkoa izatetik hasi ondorengo sei hilabeteren barruan, berez desegin edo aldatu beharra ekarriko du.

 

       Epe hori amaitu eta gero, kalifikazioa kentzeak koperatibaren nahitaezko deuseztapena ekarriko du. Une horretatik aurrera administratzaileak, zuzendari-kudeatzaileak eta, hala egokituz gero, kitatzaileak baltzu-zorrez arduratuko dira bakoitza bera bakarrik eta denak batera eta elkartearekin batera.

 

142. Atala - Koperatiban aldi batez kontu hartzea

 

       1.-   Araugabekerien ondorioz koperatiba batean bazkideen edo besteen interesak larriki kaltetuak izan ez daitezen presazko neurriak hartzeko bide ematen duten egoerak gertatzen direnean, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bere kabuz edo edozein interesatuk aurkeztutako arrazoitutako eskabidez, eta Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, honako aldi baterako kontuhartze-neurri hauek onartu ahal izango ditu:

 

a)  Kontuhartzaile bat edo gehiago izendatzea Batzar Orokorrerako deia egiteko, horren gai-zerrenda egin eta batzarburua izateko ahalmenaz.

b)  Kontuhartzaile bat edo gehiago izendatzea koperatibako organoak kontrolatzeko; koperatibaren erabakiek ez dute baliorik izango eta erabat eta berez baliogabe izango dira kontuhartzaile hauen onarpenik barik.

c)  Koperatibako administratzaileen jarduera aldi baterako indargabetzea, horien eginkizunak bete ditzaten behin-behingo administratzaile bat edo gehiago izendatuz.

 

       2.-   Koperatiben Kontseilu Nagusiaren nahitaezko txostena hamabost eguneko epean egin beharko da, eta hori amaitu ondoren emandakotzat joko da.

 

       3.-   Aurreko puntuan zehaztutako neurriak hartzeko eskudunak izango dira: Gizarte Ekonomiako zuzendaria, a) idazatian ezarritakorako, eta Lan eta Gizarte Segurantzako sailburua, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren proposamenez, b) eta c) idazatietan zehaztutakoetarako. Neurriak hartzen dituen erabakia egiterapen-indarrezkoa izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik.

 

       4.-   Atal honetan araututako aldi baterako kontuhartzea zigortze-espedientea hastearekin bat edo horretaz kanpo gauzatu daiteke.

 

IV IDAZPURUA

KOPERATIBEN ELKARTZEA

I ATALBURUA

KOPERATIBA ELKARTEAK

 

143. Atala - Hatsapen orokorrak

 

       1.-   Koperatiba-elkarteek, beren zuduak babesteko eta sustatzeko, askatasunez eta nahi bezalako bazkunak egin ditzakete, koperatiben batasunak, federazioak edo konfederazioak eratuz, elkartzeko beste edozein eratze-moduri heltzearen kaltetan gabe, elkartze-eskubidea arautzen duen legedi orokorraren arabera.

 

       2.-   Koperatibek, beren batasunek, federazioek, eta konfederazioek, bai eta Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak ere, Euskal Autonomi Elkarteko koperatiba-mugimendua osatzen dute.

 

       Euskal Autonomi Elkarteko aginte publikoek, koperatiben arteko batasunak eta horien arteko lankidetza-harremanak sustatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko eta Euskal Autonomi Elkarteko Koperatiben Errolden berrraztertze, eguneratze eta doitze teknikorako egitarauak eragingo dituzte.

 

144. Atala - Koperatiben batasun, federazio eta konfederazioak

 

       1.-   Ekonomi jarduerako arlo bereko bi koperatibak edo gehiagok koperatiben batasun bat osa dezakete.

 

       2.-   Euskal Autonomi Elkartean erroldaratuta egon edo bertan egoitza duten mota bereko koperatiba-elkarteek federazioak osa ditzakete beren artean edo koperatiben batasunekin.

 

       Koperatiben Erroldan sartutako koperatiben ehuneko berrogei gutxienez elkartzen dituztenean, beren jarduera bertan egiaztatuta dagoela, edo federatutako bazkunen bazkide-kopurua aipatu erroldan sartuta egon eta jardun diharduten koperatibetako bazkidego osoa lehen aipatutako ehunekoa baino goragokoa bada, "Euskadiko" hitza erantsi beharko diote bere baltzu-izenari.

 

       Nolanahi ere, federazio horiek Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusian egongo dira ordezkatuta, legez ezarritako eran eta kopuruz.

 

       3.-   Koperatiben federazioek konfederazioak era ditzakete.

 

       Konfederazio batek erroldaraturiko Euskadiko koperatiben federazioen ehuneko hirurogei gutxienez biltzen badu, Euskadiko Koperatiben Konfederazio izena izango du.

 

       4.-   Koperatiben batasun, federazio eta konfederazioei honakook dagozkie:

 

a)  Estatutuetan zehaztutakoaren arabera, elkartutako bazkideak ordezkatzea.

b)  Elkartutako bazkunen artean edo horiek eta beren bazkideen artean sortutako auzietan adiskidetze-lanak egitea.

c)  Laguntza juridikorako, kontularitza- eta teknika-laguntzarako eta aholkularitzarako zerbitzuak eta bazkideen zuduetarako egokiak diren guztiak antolatzea.

d)  Koperatiben sustapena eta prestakuntza bultzatzea

e)  Koperatiben Erroldarekin, honetan izena emandako baltzuen errolda eguneratzeko eta garbitzeko lanetan elkarlanean aritzea.

f)   Antzeko izaerako beste edozein jarduera egitea.

 

       5.-   Lege honen babesean eratutako koperatiben batasun, federazio eta konfederazioek legezko nortasuna eta jarduteko ahalmen osoa izateko, eratze-agiria utzi beharko dute Koperatiben Erroldan beren sustatzaileen bidez, eta bertan honakook jaso beharko dira:

 

a)  Bazkun sustatzaileen zerrenda.

b)  Elkartze-erabakiaren egiaztagiria.

c)  Bazkunaren ordezkaritza- eta gobernu-organoen osakera.

d)  Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioko Koperatiben Erroldaren Sekzio Nagusiak eta Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Euskadiko Koperatiben Erroldak egindako egiaztagiriak, izen bera duen beste elkarterik ez dagoela ziurtatuz.

e)  Elkartze-estatutuak, eta bertan:

1.  Bazkunaren izena.

2.  Bazkunaren helbidea eta lurralde- eta jardute-eremua.

3.  Ordezkaritza- eta administraritza-organoak eta horien jarduera, bai eta horien kargudunak hautatzeko jaurpidea.

4.  Elkartutako bazkun-izakera eskuratu eta galtzeko baldintzak eta moduak, bai eta Estatutuak aldatzeko, eta bazkuna bat egiteko eta desegiteko jaurpidea.

5.  Bazkunaren ekonomi jaurpidea, haren baliabideen izakera, nondikakoa eta norakoa ezarriz, bai eta elkartutakoei ekonomi egoera ezagutzeko bidea ematen dieten neurriak ere.

 

       6.-   Atal honetan araututako bazkunei dagokienez Koperatiben Erroldaren jarduerek ez dute eratze-izakerarik izango eta elkarteei buruzko errolda-jaurpideari egokituko zaizkio.

 

II ATALBURUA

EUSKADIKO KOPERATIBEN KONTSEILU NAGUSIA

 

145. Atala - Izaera, osaketa eta egitekoak

 

       1.-   Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusia, koperatiben sustapen eta zabalkunderako goren organo lez eratuta, koperatiben arloari dagozkion gai guztietan euskal herri-administrazioen kontsulta eta aholkularitzarako herri-erakunde lez eratzen da. Kontseilu nagusi horrek berariazko nortasun juridikoa eta bere eginkizunak betetzen aritzeko gaitasun osoa izango ditu.

 

       2.-   Honako eginkizun hauek dagozkio Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiari:

 

a)  Koperatiba-mugimenduaren hatsapenak zabaltzea, koperatibak garatu eta sustatzeko egitamuen ikerlaritzarako, egitamuketarako eta egiterapenerako erraztasunak ematea eta lankidetza eskaintzea, eta koperatibei buruzko heziketa eta prestakuntza bultzatzea.

b)  Koperatibei edo horien elkarteei artez dagozkien lege edo arau mailako erabakien egitasmoei buruzko irizpenak ematea, nahitaez, bai eta bere ardurapeko gaiei buruz ikerketak egitea eta proposamenak eta irizpenak ematea.

c)  Administrazioarekin lankidea izatea lege honetan ohartemandakoa eta, batez ere, koperatiben hatsapenak bete eta ezagutzera emateko.

d)  Koperatiben federazioen eta, behar izanez gero, koperatiben zuduzko zerbitzuak antolatzea.

e)  Euskal Autonomi Elkarteko gizarte-ekonomiazko antolaketarako lege eta erakunde mailetako jaurpideak hobetzeko laguntza ematea, eta hori lortzeko egon dauden erakunde eta jardute-sailetan esku hartzea.

f)   Koperatiben artean, koperatiben eta beren bazkideen artean, edo koperatiben baitan bazkideen artean sor daitezen auziak ebaztea, bi aldeetakoek ebazpen hori eskatu edo beren estatutu, barne-araudi edo bete beharreko klausularen ariora nahitaezko izan dezatenean. Nolanahi ere, alderdiek askatasun osoz eta zuzenbidearen arabera erabakitako gaiez izan beharko du auzigaiak eta batez ere koperatiba alorreko hatsapen, arau, ohitura eta jokabideen ulerkeraren eta ezarpenaren gainean izango du eragina auzigai horrek.

g)  Lege honek ematen dizkion gainontzekoak.

 

       3.-   Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusia koperatiben, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitateen ordezkariz osatu beharko da eta bakoitzari dagokion kopurua araubidez zehaztuko da.

 

       Koperatiben ordezkaritza gehiengoaren jabe izango da kontseiluan eta haien federazioen bitartez burutuko da, aurreko atalaren 2 zenbakiko bigarren lerroaldian zehaztutako baldintzak betetzen dituztenei lehentasuna emanez.

 

       4.-   Kontseiluko organoen egitura, osakera eta eginkizunak, kontseiluburuaren eta Idazkaritza Tekniko Nagusiaren hautaketa-modua eta ahalmenak, eta langileentzako lan-jaurpidea ere, araubidez zehaztuko dira.

 

       5.-   Ekonomiazko eta dirubidezko burujabetza-hatsapenaren arabera, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak berak onartu eta burutzen du bere aurrekontua, eta honakoak ditu finantzaketarako diru-iturriak:

 

a)  Euskal Autonomi Elkartearen aurrekontu orokorretan izendatutako diru-kopuruak,

b)  94.2 ataleko a) eta e) lerroaldietan zehaztutako diru-kopuruak,

c)  koperatibek egindako ekarpenak,

d)  bere jardueren eta ondasunen ondoriozkoak,

e)  araubidez onartuta duen edo kostu-bidez edo irabazte-xedez jaso dezan beste edozein dirusarrera, publikoa zein pribatua izan.

 

Erabaki Gehigarriak

 

Lehenengoa - Epeak neurtzea

 

       Lege honetan zehaztutako epeetan astegunak joko dira eguntzat, jaiegunak kanpoan utziz, eta hilabeteka edo urteka zehaztutakoak data-egunetik data-egunera neurtuko dira. Delako epemuga-eguna hileko azkena denean eta horrek neurketa hasi zen egunak bezalako zenbakidun egunik ez badauka, hilaren azken egunean amaituko da epea.

 

       Epearen azken eguna jaieguna denean, hurrengo astegunera arte luzatuko da.

 

Bigarrena - Administrazio publikoan sartzen diren irakaskuntzako koperatibak

 

       Baldin eta irakaskuntza-koperatiba bat, lege honen menpekoa beraz, bere aktibo eta pasibo guztia eskualdaturik administrazio publikoetako batera biltzen bada, biltze hori koperatibaren desegite-arrazoitzat hartuko da eta Koperatiben Erroldan jasota dauden errolda-izendapenak baliogabetuak izango dira ofizioz, lege honen I. idazpuruko XI. atalburuan zehaztu den kitapen-jardunbidea bete beharrik gabe.

 

Hirugarrena - Kontaduritzako arau osagarriak

 

       Bere-bere ezarketa egiteari darizkion kasuetan, fiskal, zerga, finantza aldetikako edo koperatibari ezargarri zaion beste edozein izaeratako beharkunak betetzeko, koperatibaren kontaduritzan bereizirik azalduko dira bazkide ez diren besteekin izandako egiketetatikako gaindikinak eta baltzuko osagaiak saltzetik sortutakoak.

 

Aldi Baterako Erabakiak

 

Lehenengoa - Izapidetzen ari diren espedienteak

 

       Lege hau indarrean jarri baino lehen hasitako koperatiben alorreko espedienteak orain arte indarrean egon diren erabakien arabera izapidetu eta erabakiko dira, aldi baterako hirugarren erabakiko 2. puntuan zehaztutakoaren kaltetan gabe.

 

Bigarrena - Indarrean dauden estatutuak ezartzea

 

       Koperatiben estatutuen edukina ezin izango da ezarri lege honetan zehaztutakoaren kontra badoa. Eta lege honetako agintza- edo debeku-arau guztiez aldatu eta osatu beharko dira estatutuok.

 

Hirugarrena - Estatutuak egokitzea

 

       1.-   Lege honetan ezarritakoari egokitu beharko dizkiote beren estatutuak koperatibek, berau indarrean sartu eta bi urteko epean.

 

       2.-   Aipaturiko epean Koperatiben Erroldari lege honekiko estatutuen egokitzapena sartzea eska ez diezaioten koperatibak legearen indarrez desegin eta kitapenaldian sartuko dira. Delako koperatiba legez erabat desegin bezain laster, Koperatiben Erroldak ofizio bidez baliogabetuko ditu desegindako elkarteari buruzko idazpenak, baina administratzaileek, zuzendari-kudeatzaileek eta kitatzaileek koperatibaren izenean egindako zorren erantzukizunak, bakoitzak berea duena eta denak batera dutena, bere hartan iraungo du.

 

       Koperatibei buruzko otsailaren 11ko 1/1982 Legera beren estatutuak ez egokitzeagatik legearen indarrez desegindako koperatibei, sei hilabeteko epean ez badituzte egokitzen lege honetara beren estatutuak, errolda-idazpenen ofizio bidezko baliogabetzeaz eta erantzukizunaren larriagotzeaz aurreko lerroaldi adierazitakoa ezarriko zaie.

 

       3.-   Lege honetara estatutuak egokitzea, estatutuen aukerako aldaketak barne, legean estatutuak aldatzeko zehaztutakoaren arabera egingo da.

 

Laugarrena - Koperatibak elkartzearen aldi baterako jaurpidea

 

       1.-   Euskadiko Koperatiben Konfederazioa eratu artean, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusia izango da koperatiben eta hauen bazkunen goreneko ordezkaria.

 

       2.-   Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren proposamenez, 145. ataleko 3. eta 4. zatietan aipatutako arauak emango ditu, gehienez ere sei hilabeteko epean.

 

Bostgarrena - Koperatiben Errolda arautzen duten arauak aldi batez ezartzea

 

       Harik eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Koperatiben Erroldaren antolaketa eta jardute-jaurpidea araupetzeko arauak eman eta argitaratu arte, ordura arte arlo horri buruz indarrean egon daitezen erabakiak ezarriko dira.

 

Seigarrena - Baltzu-izena

 

       Estatu osoko baltzu-izenei buruzko araubidea koordinatu eta bateratzen ez den artean, lege honen 2.2 atalak aurretik dagoen beste baltzu bati buruz egiten duen aipamena, aurretik sortutako beste koperatiba bati buruzkoa dela ulertuko da.

 

Zazpigarrena - Erroldaratze-betebeharrak ez betetzeagatik zigortzeko ahalmenen geroko uztea

 

       Lege honek ezarritako erroldaratze-betebeharren aginduzkotasunaren, eta haiek agian bete ez izanetik datozen berenezko ondorioen eta herri-legeko erantzukizunaren kaltetan gabe, lege honen indarraldiko lehenbiziko sei hilabeteetan baliorik gabe egongo da betebehar horiek hautsi direla eta Administrazioak zigorrak ezartzeko duen ahalmena.

 

Indargabetzeko Erabakia Bakarra - Aurretik zeuden legeak indargabetzea

 

       Koperatibei buruzko otsailaren 11ko 1/1982 Legea eta lege honetan ezarritakoaren aurka dauden maila berdin edo apalagoko arau guztiak indargabe geratzen dira, aldi baterako bostgarren erabakian zehaztutakoaren kaltetan gabe.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa - Indarrean jartzea

 

       Lege hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera jarriko da indarrean.

 

Bigarrena - Ezarpen-eremua

 

       Lege hau Euskal Autonomi Elkartean egoitza duten koperatiba guztiei ezarriko zaie, koperatibaren helburua zehazten duten koperatibaren barne-eremuko harremanak, hau da, koperatibaren eta haren bazkideen arteko harremanak benetan Euskal Autonomi Elkartetik kanpo burutzen dituzten koperatibei izan ezik, lurralde horretatik kanpo, besteekiko harreman juridikoak edo aipatu baltzu-helburuaren jardute mailako edo norberekiko osatzezko izakerako ekintzak izatearen kaltetan gabe.

 

Hirugarrena - Beste koperatiba-mota batzuk

 

       Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak arauzko txostena egin ondoren, koperatiba-mota berriak araupetu eta koperatiba horiek izan ditzaten berezitasun sozioekonomikoen eraginez sortutako arau bereziak ezarri ahal izango ditu, lege honetan ezarritako hatsapenak eta ezaugarriak errespetatuz.

 

Laugarrena - Lege honetako zenbatekoak eguneratzea

 

       Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposatuta, zigorren eta lege honetan ezarritako gainontzeko zenbatekoen kopuruak aldatu ahal izango ditu.

 

Bostgarrena - Legea ezarri eta garatzea

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposatuta, lege hau ezarri eta garatzeko arauak eman ditzake. Legea indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Euskadiko Koperatiben Erroldaren antolaketa eta jardueretarako jaurpidearen arauak emango ditu.

 

       2.-   Halaber, Eusko Jaurlaritzak, aurreko puntuan zehaztutako epean, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiari ezar dakizkiokeen berezitasunak eta, hala badagokio, salbuespenak zehaztuko ditu, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauen gainean Indarrean dauden Manuei Dekretuaren 1.2 atalean jasotako gaiei dagokienez.

 

       3.-   Euskal administrazioaren organo aginpidedunek, estatistikak egiteko, koperatibei zehaztapenak eskatzeari buruzko arauak erabaki ahal izango dituzte, Koperatiben Erroldarekin eta Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiarekin elkarkidetu ondoren, estatistika alorrean legediak ezarritakoarekin bat etorriz.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra