4/1991 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Herriko Autonomi Elkartean jokoa arautzekoa.
1991-11-08Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1991/11/25, 237. zk.; EAO, 2012/2/24, 47. zk.
§ 134. 4/1991 LEGEA, AZAROAREN
8KOA, EUSKAL HERRIKO AUTONOMI ELKARTEAN JOKOA ARAUTZEKOA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Honako
Lege hau Gernikako Estatutuaren 10.35 atalak dioenaren arabera Euskal Autonomi
Elkartearen ardurapean osorik jarria den jokoari buruzko aginpidea garatzeko
asmoz ematen da.
Arau
hauek, osoko eta orokor izan nahirik, lege mailan arautzen dute joko-iharduketa,
eta jokoaren inguruan gertatzen diren alderdiak, pertsonei zein gauzei
dagozkienak, zehazki ohartematen dituen araudi bat ezartzen dute.
Jokoaren
alorra euskal egitura ekonomikoaren zati gisa hartzen da, Administrazioari
jokoaren plangintza eta kontrolean parte hartzeko ahalmena eskuratzen
zaizkiola. Jokoaren eskaintza joko moeta desberdinen artean orekaturik egotea
da finkatu den diseinuaren oinarria; horretarako azpialorren kontrolgabeko
garapenari mugak jartzen zaizkio, baina bezeroen lehentasunek osatzen duten
gizarte errealitateari behar zaion begirunea gordez.
Hurrengo adierazpen hauetan biltzen dira Legearen erizpide nagusiak: administrazioaren baimena bereganatua izatea baldintza da jokoaren ustiaketa egin ahal izateko; legezkotasunaz bestalde uzten da legez kontrako edo baimenik gabeko jokoa, bi kontzeptu horiek, legez kontrako eta baimenik gabeko izatea, berdintzen direlarik; hemezortzi urtetik beherakoen eta erabakitzeko ahalmena murrizturik duten pertsonen eskubideak babesteko xedez, saririk jasotzekoak diren jokoetan esku hartzea eragozten zaie eta arau hori hausten dutenak adorez zigortuak izango dira; araugintza esparru bat eratzen da, ez jokoa bultzatzeko edo galerazteko gogoz, baizik eta, arau orokor batzuen bitartez, herritarrei lege segurantza bermatu eta Jaurlaritzari jokoaren alorreko jokaera-eredu batzu, gizarte errealitatearekin egokituak, finkatzeko bidea eman nahian. Legeak, era berean, eta oinarri nagusi diren enpresa eta gizabanakoaren askatasunari zor zaien begirunez, bideak eskaintzen dizkio Administrazioari orekatzeko eta zuzentzeko lana egin dezan, herritar guztiak, jokoak ustiatzeko baimenaren jabe izan nahi badute, legearen aldetik berdinak izango direla bermatzen duelarik.
Legeak,
orohar, jokoaren eta apostuen iharduera guztiak ohartematen ditu, baita Euskal
Herriko herri kirol tradizionalen ingurukoak ere; denbora-erizpidea zehazten du
joko-baimenen eta ustiaketa-haizugoen jabe izateko; jokoan aritzen den lekuetan
gehienez zenbat pertsona sar daitezkeen ezartzen du; baimena duten jokoen
Zerrenda egitea Gobernu Batzarrari doakiola esaten du; Jokoaren Errolda Nagusia
sortarazten du jokoaren alderdi administratiboak kontrolatu eta biltzeko;
Euskal Joko Batzordea eratzen du jokoa elkarkidetzeko eta aztertzeko erakunde
gisa. Batzorde horretan Autonomi Elkartearen Administrazioen ordezkotza izango
da eta, aldian-aldian, jokoarekin harremana duten alor profesionalenan ere.
Legeak,
azkenik, arau hausteak eta zigor administratiboak sailkatzen dituen zigorbidea ezartzen
du, oinarri gisa hartzen dituen legezkotasun, sailkatze, erantzukizun eta
heintasunaren arabera; zigortzeko ahalmena Herrizaingo Sailak eta Gobernu
Batzarrak osatzen duten ardatzaren inguruko zenbait erakunderen ardurapean
jartzen du, ezarri diren arauak hausten dituzten ekintza edo utzierak
legezkotasunaren bidera eramatea helburu harturik.
I ATALBURUA
ERABAKI OROKORRAK
Lehenengo
Atala - Xedea
1.- Euskal Autonomi Elkarteko lurralde eremuan
jokoarekin zerikusia duten iharduera guztiak arautzea da honako lege honen
xedea, Autonomi Estatutuaren 10.35 atalak dioenaren arabera.
2.- Denborapasa edo atsegingarri hutseko jolas
edo lehiaketak, tradizio, senitarte edo lagunarte mailako gizarte-ohitura direnak,
lege honen esparrutik kanpo gelditzen dira, baldin eta ekintza horietatik landa
dauden beste jokalari edo pertsonak haietaz irabazte-xedezko ustiaketa egiteko
baliatzen ez badira.
2.
Atala - Esparrua
1.- Hurrengo alderdi hauek Lege honen esparruaren
barnean sartzen dira:
a) Euskal
Autonomi Elkartearen Joko Zerrendaren barnean agertzen diren joko guztiak.
Zori-joko, apostu, zozketa, tonbola, zortezko elkarketa guzti-guztiak, eta,
orohar emaitzen esku dirua edo balio neurgarria duten gauzak arriskatzen diren
iharduera guztiak jasoko dira Zerrenda horretan, alde batera utzirik jokoan
partaideen trebetasun, antze edo iaiotasuna garrantzitsuena izatea nahiz guztiz
gain edo soil-soilean apostu, zori edo zortezkoak izatea, eta berdin delarik
makina automatikoak erabiliz zein giza ekintzak burutuz egitea.
b) Joko
ustiaketa, joko-gaien ekoizpen, banaketa eta merkataritzan edo jokoarekin
zerikusia duten beste ekintzetan diharduten enpresak.
c) Atal
honetako a) azpiatalean aipaturiko ekintzak egiten diren tokiak.
d) Arestian
aipaturiko ekintza eta enpresetan parte hartzen duten pertsonak, eta jokoen
bezero eta baliatzaileak.
2.- Lege honen ondorioetarako, apostu hitza
erabiltzen da aldez aurretik ondo zehazturiko gertaera baten emaitzen esku
diru-zenbateko bat arriskatzen den joko-iharduera izendatzeko, emaitza ezin
jakinezkoa eta apostuan parte hartzen dutenengandik kanpokoa delarik.
3.
Atala - Joko Zerrenda
1.- Gobernu Batzarrari dagokio Joko Zerrenda onartzea;
Zerrendan jokoen izenak eta jokatzeko modu desberdinak, behar diren elementu
eta pertsonak eta funtsezko arauak zehazki adieraziko dira.
2.- Zerrenda gertatzea gidatuko duten erizpide
nagusiak hauek dira:
a) Jokoen
egiketa argia eta gardena izatea.
b) Azpikeriarik
gertatuko ez dela bermatzea.
c) Jokotik
kanpoko inork kalterik izateko posibilitatea baztertzea.
d) Administrazioak
eskuhartzeko eta kontrolatzeko ahalmena edukitzea.
3.- Euskal Autonomi Elkartearen baimendun Joko
Zerrendan gutxienez honako joko hauek sartuko dira:
a) Bingoa,
dituen moeta guztiekin.
b) Jolas
makinak, jolas makina saridunak eta zori makinak erabiliz burutzen direnak.
c) Kirol edo
norgehiagokako ihardueretan, baita herri kirolarenetan ere, oinarrituriko
apostuak.
d) Boletu-joko
eta loteria zortezko elkarketak.
e) Zozketak,
tonbolak eta horien inguruko jokaera-moduak.
f) Kasinoetan
aspalditik burutu izan diren jokoak.
4.- Euskal Autonomi Elkartearen Joko Zerrendan agertzen ez diren jokoak debekaturik daude, eta, baita ere, zerrendan agertu arren, behar duten baimena ez dutenak edo jokoak egiteko modu, leku edo pertsonei buruz baimenetan eta dagozkien lege-arauetan zehazten dena betetzen ez dutenak.
4.
Atala - Jokoari buruzko plangintzako irizpideak
Jokoari
buruzko plangintza onartzea ere Gobernu Batzarrari doakio, honako erizpide
hauei jarraiki:
1.- Sektorea enpresa baten edo gutxi batzuen
menpe egon dadin galeraztea.
2.- Joko-iharduerak sortarazten dituen eragin
ekonomiko eta zerga-ondorioak aztertzea.
3.- Joko zaletasuna ez sustatzea eta horren
eragin ezezkoiak gutxitu ere, bereziki hemezortzi urtetik beherakoen artean,
eta, orokorrean, erabakitzeko ahalmena murrizturik duten pertsonen artean.
5.
Atala - Baimenak
1.- Herrizaingo Sailari dagokio Lege honetan
araupetzen diren iharduerak burutzeko baimenak arauzkotasunez ematea, eta baita
iharduera horien alde guztiak arautzen dituzten aginduak beteko direla
ziurtatzen dituzten beharrezko bermeak eskatzea.
2.- Lege honetako 3. atalaren 3 zenbakiaren d)
eta e) azpiataletan araupeturik dauden jokoak ustiatzeko baimenak emateko
orduan, ongintza edo sorozpide xede duten erakunde, bazkun edo elkarteen
eskaerak hartuko dira kontutan bereziki, baldin eta ustiaketa zuzenean baimena
duen bazkunak eta arauetan zehazten den moduan kudeatzen badu.
Aipatutako
joko moeten ustiapenean baimendun bazkunarekin batean Administrazioak eskuhar
dezake, bazkuna bilatzen diren heburuei egokitzen zaiola bermatzeko. Esku
hartze hori nolakoa izango den Gobernu Batzarrak zehaztuko du.
3.- Lege honen 3. atalean
ohartemanda dauden joko moetak kudeatzeko baimenak eskuz aldatu ezinak dira,
iraunaldi mugatukoak eta, hala badagokio, berritu daitezkeenak, baldin eta
berritzeko eskaera egiten denean baldintza guztiak betetzen badira.
4.- Baimenak, indarrean dauden bitartean, kendu
nahiz indargabetu ahal izango dira, baldin eta baimen horiek lortzeko bete
beharreko baldintza guztiak edo baten bat galtzen badira, Lege honetako IV.
Atalburuan ezarritakoaren arabera jar daitezkeen zigorren kaltetan izan gabe.
6.
Atala - Iragarkuntza
1.- Lokalen kanpokaldean eta komunikabideetan
okoaren iragarkiak nolakoak izan daitezkeen Gobernu Batzarrak arautuko du.
2.- Araubidez zehaztuko dira:
a) Lokalen
barruko iragarkiak nolakoak izango diren.
b) Bezero eta
baliatzaileek joko bakoitzaren erregela eta baldintzak zein diren ondo dakitela
bermatzeko arau egokiak ezartzea.
7.
Atala - Berarizko araudiak
Joko
Zerrendan dauden jokoen berarizko araudiak Herrizaingo Sailak onartuko ditu,
gutxienez honako puntu hauek zehazten dituela:
1.- Ezarpen esparrua.
2.- Joko zehatz bat ustiatzeko baimena izan
dezaketen pertsona fisiko edo juridikoek nahiz bazkunek bete beharreko
balditzak.
3.- Dagokion Erroldan izena emateko baldintzak.
4.- Beharrezko baimenak izapidatzeko, emateko,
aldatzeko, berritzeko, iraungitzeko, kentzeko eta, hala badagokio, uzteko
errejimena.
5.- Jokatu ahal izateko edo emaitza
baldintzagarriak gertatzeko moduko tokiak zein diren, bai eta, hala badagokio,
tokien arau teknikoak, zenbat pertsona sar daitezkeen eta tokien arteko
gutxienezko distantziak.
6.- Apostuen gehienezko zenbatekoa, irabaziaren
gehienezko balioa apostu-unitateko eta, hala badagokio, jokatzeko abiada.
7.- Joko lokalak irekitzeko eta isteko
ordutegiak.
8.- Jokoak ustiatzeko dituzten enpresa edo
bazkunetan lan egiten duten pertsonek bete beharrekoak.
9.- Jokoaren osagarri edo elementuak
balioztatzeko arau teknikoak.
10.- Kudeatzeko eta ustiatzeko errejimena.
11.- Ikerketa eta kontrol administratiboaren
xederako eskatu beharreko agirisorta.
12.- Iragarkuntza-errejimen berarizkoa.
13.- Arau hauste eta zigorren errejimena, lege honek
ohartematen duenaren arabera.
8.
Atala - Jokoaren Errolda Nagusia
1.- Herrizaingo Sailaren Joko eta Ikuskizun
Zuzendaritzaren menpe dagoelarik Euskal Autonomi Elkartearen Jokoaren Errolda
Nagusiak, jasoko ditu hala badagokio, onartuko diren erroldaratze-agirien
bidez, jokoaren ustiaketa ekonomikoan aritzen diren pertsona fisiko edo
juridikoei buruzko xehetasunak, eta ekoizkigileei buruzkoak, jokoan aritzeko
baimendun lokalei eta joko makinei dagozkienak, ustiatzeko eta antolatzeko
baimenei buruzkoak eta joko-iharduerarekin zerikusia duten beste argibide
interesgarriak, bai eta xehetasun eta argibide horietan gertatzen diren
jabe-aldakuntza eta bestelako aldaketa guztiak ere.
2.- Jokoaren Errolda Nagusian erroldaturik egotea
ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomi Elkartean joko-iharduerak
burutu ahal izateko.
9.
Atala - Balioztapena
Joko
eta Ikuskizun Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomi Elkartean baimendurik
dauden jokoaren materiale, osagarri, tresna edo elementuak zehaztea, berdintzea
eta ikuskatzea.
II ATALBURUA
JOKO LEKUAK, JOKO MOETAK ETA JOKOEN ELEMENTUAK
10.
Atala - Baimena duten joko lekuak
1.- Lege honetan aipatzen diren jokoak honako
leku hauetan burutu daitezke:
a)
Joko kasinoetan.
b)
Bingo lekuetan.
c)
Joko aretoetan.
d)
Jolas aretoetan.
e)
Hipodromoetan,
zaldi-lasterketarako pistetan, pilotalekuetan edo apostuak egiteko gai izan
daitezkeen ihardunak burutzen diren beste lekuetan.
2.- Ezarriko diren mugapenekin, ostalaritza
alorreko establezimenduetan joko makinak ustiatzeko, txartelen salmentarako
hala nola baimendutako apostuak egiteko baiespena eman daiteke.
3.- Administrazioak
baimendu ondoren jolas makinak atsedenerako lekuetan jartzeko baimena eman
daiteke.
11.
Atala - Joko Kasinoak
1.- Legearen aldetik kasinotzat joko dira
jarraian aipatuko diren jokoetatik guztiak edo zenbait burutzeko baimena duten
lekuak:
-
Frantziar erruleta.
-
Amerikar erruleta.
-
Bola edo
"boule"a.
-
Hogeitabatekoa
edo "Black Jack"a.
-
Hogeitamar eta
berrogeikoa.
-
Puntu eta Zuria.
-
Trenbidea,
"Baccare" edo "Chemin de Fer"a.
-
"Baccare"a bi
oihaletan.
-
Dadoak.
Berariz
baimendu ondoren, bingo leku eta joko aretoetan egiteko baimena duten jokoak ere
burutu daitezke kasinoetan, eta C moetako makinak jarri daitezke.
2.- Lege honen ondorioetarako, era berean joko
dira kasinotzat legearen aldetik aurreko zenbakian ohartemanda dauden jokoak
antolatzeko eta ustiatzeko Euskal Herriko Autonomi Elkarteak emandako baimena
duten itsasuntziak.
3.- Joko kasionoak, baimena duten joko guztiak
barruan daudela, gutxienez hirurehun eta gehienez seirehun jokalari sar
daitezen proiektatuko dira.
4.- Euskal Autonomi Elkartean egon daitezkeen
kasinoen kopurua zehaztuko du Gobernu Batzarrak, eta baita zein izango den
kasinoen lurralde-banaketa ere. Baimenak lehiaketa publikoren bidez emango
dira, eragileen ordaintzeko gaitasun eta diru-ezarpenen egitarauari, beste
alderdiren artean, balioa emango zaielarik.
5.- Zerbitzu hauek edukiko dituzte kasinoek
gutxienez:
a)
Taberna.
b)
Jantokia.
c)
Egongela.
6.- Joko kasinoak ustiatzeko baimenak 10 urteko
eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.
12.
Atala - Bingoak
1.- Bingo jokoan aritzeko bereziki baimendurik
dauden lekuak dira bingo aretoak. Bingoan aritzeko txartelek balio ofizialekoak
izan behar dute, eta jokoa burutzen den aretoaren barruan soilik sal
daitezkeenak.
2.- Euskal Autonomi Elkarteko bingo areto guztietan
batera ezin izango dira hamar mila pertsona baino gehiago sartu.
3.- B moetako saridun jolas makinak jar daitezke
bingo aretoetan, aretoek hartzen duten pertsona kopuruaren arabera.
4.- Bingo aretoak ustiatzeko
baimenak bost urteko eperako emango dira, eta berritu ahal izango dira.
13.
Atala - Joko makinak eta ustiatzeko baimenak
1.- Lege honen ondorioetarako, txanponez edo
ordaintzeko beste antzeko zerbaiten bidez eragiten diren joko-tresnak hartzen
dira joko makinatzat, baldin eta ondoren aipaturik dauden moetetako batean
sailka badaitezke:
A MOETA.- Jolas
makinak: Denborapasa hutsekoak dira, jokaldiaren prezioaren truke erabiltzeko
aldi zehatz bat besterik eskaintzen ez dutenak. Ezin dute saririk eman, ez
dirutan, ez gauzatan, ez alda daitezkeen puntuen bidez. Makina horiek eskain
dezaketen pozgarri bakarra egindako jokaldiaren zenbatekoa itzultzea edo
hasierako zenbatekoaren bidez jokoan irauteko aukera da.
B MOETA.- Saridun
jolas makinak: Baliatzaileari jokaldiaren prezioaren truke erabiltzeko aldi
zehatz bat eta, aldian-aldian, diru-saria eskaintzen dizkiotenak dira.
C MOETA.- Zori
makinak: Baliatzaileari sari baten truke erabiltzeko edo jokatzeko aldi zehatz
bat eta, aldian-aldian, zoriaren araberako diru-saria eskaintzen dizkiotenak
dira.
Lege
honetan arauturik dauden jokoen moeta, elementu edo mekanikak nahasiz sariak
eskuratu ditzaketen makinak eskuzko zein automatikoak, aurreko moetetan
ohartemanda ez baldin badaude, moeta berezitzat jo daitezke eta haien
errejimena eta ezarpen eremua berarizko araudiak zehaztuko ditu.
2.- Zenbat diren jokatutako jokaldiak eta zein
den bildutako edo sartutako diruaren zenbatekoa adierazten duten kontrol
elementuak araubidez finkatuko dira joko makina bakoitzerako.
3.- a) Ustiatu nahi den joko makina bakoitzerako
ustiatzeko baimena izeneko haizugoa lortu beharko da; baimenek bi urterako
iraupena izango dute eta berritu ahal izango dira.
b) Ustiatzeko baimenaren jabe-aldakuntza
Herrizaingo Sailak baimendu behar du.
c) Saridun makinak ustiatzeko baimenen jabe den
batek gehienez zenbat baimen izan ditzakeen araubidez mugatuko da, eta ezin
izango du ezarritako mugapena gainditu ez gizabanako gisa, ezta tarteko baten
bidez ere.
14.
Atala - Joko aretoak
1.- C moetako makinak kenduta saridun makinak soilik
ustiatzea xede duten establezimenduak dira Joko aretoak.
2.- Euskal Autonomi Elkarteko joko areto guztien
artean ezin izango dira 1.000 makina baino gehiago izan.
3.- Joko aretoak
ustiatzeko baimenak hiru urteko eperako emango dira eta berritu ahal izango
dira.
15.
Atala - Jolas aretoak
1.- A moetako makinak soilik ustiatzea xede duten
establezimenduak dira jolas aretoak.
2.- Jolas aretoak ustiatzeko baimenak hiru urteko
eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.
16.
Atala - Ostalaritza alorreko establezimenduak
1.- Ostalaritza alorreko establezimenduetan
gehienez A moetako bi makina eta B moetako bat jartzea baimendu daiteke.
2.- Lege honetan araututako iharduketen inguruko
apostuak egitea ere baimendu ahal izango da.
3.- Hemezortzi urtetik beherakoek B moetako
makinak erabiltzeko hala nola aurreko zenbakian zehaztutako apostuak egiteko
debekuek agerian adierazita egon beharko dute ostalaritza alorreko
establezimenduetan.
17.
Atala - Apostu lekuak
10.
Atalaren 1. zenbakiko e) letran ohartemanda dagoenaz gain, apostuen gai den
iharduna gertatzen den lekuen kanpokaldean dauden baimendutako idazgu edo
bulego apostu-eratzaileak apostu lekutzat joko dira. Era berean, baimendun
apostuak egiteko berariz onarturik dauden beste lokaletan ere egin ahalko dira.
18.
Atala Boletoak
1.- Boletoen bidezko jokorik egitea baimendu
daiteke, araubidez zehaztuko diren ezaugarri eta moeten arabera.
2.- Boleto-jokoaren joko moetan, horretarako
prestaturik dauden establezimendu publiko edo pribatuetan prezio finkatu baten truke
erosten diren baimendun boletoen bidez, aldez aurretik boletoan ezarritako
saria irabaz daiteke, hala egokituz gero.
3.- Baimenak beti ere lehiaketa publikoaren bidez
emango dira, bost urteko iraupena izango dute eta berritu ahal izango dira.
III ATALBURUA
JOKOAN PARTE HARTZEN DUTEN PERTSONAK
19.
Atala - Jokoaren alorreko enpresen baimenak
1.- Berarizko baimena duten, eta dagokien gisan zehaztuko diren erroldetan izena ematen duten pertsona fisiko eta juridikoek jokoak antolatu eta ustiatu ditzaketen bakarrak izango dira.
2.- Jokoaren alorrean aritzen diren enpresak
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak kontrolatzeko, elkarkidetzeko eta
estadistika egiteko funtzioak betetzeko asmoz eskatzen diren informazio guztia
ematera behartuta daude.
3.- Lege honetan arauturik dagoen joko moetaren
bat antolatu eta ustiatzeko behin behingo baimena dutenei ere aplikatuko zaie
aurreko zenbakian ezarritakoa.
4.- Jarraian aipatuko diren egoeratan dauden
pertsona fisikoak edo horien diruaz baliatzen diren baltzuak ezin izango dira
inolaz ere lege honetan araututako joko moetarik antolatu edo ustiatzeko behar
diren baimenen jabe izan:
a) Baimena
eskatu aurretiko bost urteetan faltsukeriazko lege hausteagatik jabegoaren
kontrako lege hausteagatik edo Herri Ogasunaren aurkako lege hausteagatik
sendetsitako epai bidez zigorpeturik egon izana.
b) Legezko
ordainketa-geldialdia edo hartzekodun-lehiaketa agertu ondoren ordaindu ezin
dutela aldarrikatu edo hartutako eginbeharrak bete ez izana, eta porrot egin
ondoren onbideratu ez izana.
c) Jokoari
buruzko zerga-arauak bi aldiz edo gehiagoz larriki hausteagatik sendetsitako
erabaki bidez azkeneko bost urteetan zigorpetua izana.
d) Jokoari
buruz Euskal Autonomi Elkarteak emandako arauak nahiz Estatuko gainerako
lurraldeetan indarrean daudenak larriki edo oso larriki hausteagatik
sendetsitako erabakiak azkeneko bost urteetan zigorpetua izana.
5.- Era berean, zerbitzua dela eta Eusko
Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari edo edozein eremutako beste Administrazioen
antzeko beste erakundeei atxikirik dauden pertsonak edo horiekin zerikusia
dutenak eta pertsona horien senar, emazte, aita, aima, seme eta alabak ezin
izango dira joko eta apostuak antolatzeko eta ustiatzeko behar diren baimenen
jabe izan.
6.- Baimen administratiboa lortu ondoren baltzu
baten jabe edo partaide diren pertsona fisikoak atal honetako 4. zenbakiaren
a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren egoeretan gertatzen badira, aipatu
baimena besterik gabe baliogabetuko da.
7.- Lege honetan arauturiko ihardunak burutzeko
baimena duten baltzuen akzio edo partizipazioen jabe-aldakuntza egiteko
Herrizaingo Sailaren aurretiko baimena behar da.
8.- Lege honetan baimenduriko jokoak ustiatzeko
xede duten enpresa edo bazkunetan pertsona fisiko edo juridikoek parte
hartzeari mugapenak jarriko zaizkio araubidez.
20.
Atala - Kasino eta bingoen jabe diren enpresak
Pertsona
fisikoak eta zuzenbidean onartutako elkarte moetak kasino eta bingoak ustiatzeko
baimenaren jabe izan ahalko dira, baldin eta baimen horiek ustiatzea xede
bakarra badute eta Lege honetako 11.1 atalak dioenaren kaltetan ez badoaz.
Jabea pertsona juridikoa den kasuan, haren kapitalak araubidez finkatzen diren
kopuru eta moduaz banaturik eta jabe-izendun akzio edo partizipazioetan
zatiturik egon beharko du.
21.
Atala - Joko makinen enpresa eragileak
1.- Joko makinak enpresa eragileek soilik ustiatu
ditzakete baimendun lekuetan.
2.- Aldez aurretik baimendurik daudela dagokien
erroldan izena emana duten pertsona fisiko edo juridikoak joko dira enpresa
eragiletzat.
3.- Elkarte gisa eratutako bazkun juridikoen
kasuan, haien kapitalak partizipazio edo jabe-izendun tituluetan banaturik egon
beharko du.
4.- Enpresa eragilea izateko
baimenak bost urteko eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.
5.- Makina dagoen establezimenduaren jabearen eta
eragilearen erlazioa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak onartutako agiri arautu
batean zehaztuko da.
22.
Atala - Akuratutako lanariak
1.- Lege honek arautzen dituen jokoen ustiaketan
diharduten enpresetan dagozkien funtzioak betetzeko lanbide-agiriaren jabe izan
behar duten pertsonak zeintzu diren araubidez zehaztuko da. Herrizaingo-Sailak
emango du agiri hori, berritzerik izango den hiru urteko gehieneko eperako.
2.- Lege honetan arauturiko jokoak ustiatzeko xedea
duten enpresetan lan egiteko lanbide-agiria behar dutenek honako baldintza
hauek bete beharko dituzte:
a) Lege
honetako 20. atalaren 4. zenbakiaren a) letrak ohartematen dituen egoeretan
egoteagatik zigorpide-oharrik ez izatea.
b) Jokoari
buruz Euskal Autonomi Elkarteak emandako arauetan nahiz Estatuko gainerako
lurraldeetan indarrean daudenetan larri edo oso larri gisa sailkaturiko arau
hausteren batengatik sendetsitako erabakiaren bitartez azkeneko bi urtetan
administrazio aldetik zigorpeturik ez izatea.
3.- Joko enpresek haietan lan egiten duten
pertsonei buruz araubidez ezarriko diren xehetasunen berri Herrizaingo Sailari
eman beharko diote.
23.
Atala - Joko debekuak
1.- Hemezortzi urtetik beherakoak, legearen
aldetik ezindurik daudenak, debekuen zerrendan daudenak, eta baita jokoen
burubide, lasaitasun eta iharduerari kalte egiten diotenak ere, ezin izango
dira ez jokoan aritu, ez saridun makinarik erabili, ez inolako apostu moetatan
parte hartu. Joko moeta bakoitzarentzako araudi berarizkoak joko lekuetara
sartzeko eta jokoan aritzeko baldintza zorrotzagoak finka ditzake.
2.- Lege honetako 10. atalaren 1 zenbakiaren a),
b) eta c) letretan adierazitako establezimenduetara hemezortzi urtetik
beherakoak sartzea berariz debekatua dago.
3.- Baimenduriko jokoetan ezin izango dute parte
hartu ez akziodunek, partizipaziodunek, ez enpresa beraren jabeek, lanariek,
zuzendaritzako kideek eta enplegatuek, ez eta horien senar-emazte, aita-ama eta
seme-alabek ere.
4.- Herrizaingo Sailak honako pertsona hauei
debekatuko die joko lekuetara sartzea:
a) Lege honetako edo lege honen garapenean emango diren araudietako
arauak larriki edo oso larriki hausteagatik zigorpetuak izan diren pertsonei.
b) Norbere gogoz eskatzen dutenei.
c) Horretarako espedientea izapidetu ondoren debekatuen zerrendan
sartzen direnei. Erabaki administratiboren bidez izango dira sartuak eta
erabaki horrek zehazten duen eperako, urte betekoa baino luzeago ezin izan
delarik.
5.- Auzibidezko erabaki baten indarrez debekatua
dutenak Debekatuen zerrendan sartuak izango dira.
6.- Baimena duten establezimenduetan pertsonak ez
onartzeko kontrol sistemak ezar daitezke, bai baliatzaileen esku, bai
Administrazioaren esku, Kexa Liburua izan beharko delarik.
IV ATALBURUA
ARAUBIDE ZIGORTZAILEA
24.
Atala - Arau hauste administratiboak
1.- Jokoaren alorreko arau administratiboak dira
Lege honetan eta berau garatu eta burutzeko emango diren xedapenetan
sailkatutako ekintza eta utzierak.
2.- Egindako iharduketen bidez ikusten bada
ekintzak lege penaletan sailkatutako lege edo arau hausteren bat izan
daitezkeela, gai den barrutiko ordenari pasako dio administrazioak erru
adierazpena, eta auzibidezko erabakia sendetsia ez den bitartean ez zaio
zigorbideari ekingo.
3.- Jokoaren alorreko arau hauste
administratiboak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
25.
Atala - Arau hauste oso larriak
Arau
hauste oso larriak honako hauek dira.
1.- Administrazioaren baimenik gabe jokoak
antolatu, egin nahiz ustiatzea eta jokoan aritzea, hala nola baimenik ez duten
lokal edo tegietatik kanpo edo baimenik ez duten pertsonen bidez jokatzea.
2.- Joko enpresetako baltzuen kapitala arauz
ezarrita dauden mugen azpitik murriztea.
3.- Administrazioaren baimenik gabe edozein akzio
nahiz partizipazio eskuz aldatzea.
4.- Ustiaketarako baimenak ematea
administrazioaren baiespenik gabe.
5.- Baimendutakoak ez diren makinak edo joko
nahiz aposturako bestelako elementuak banatu edo saltzeko jartzea, hala nola
balioztatu gabeko jokorako osagai edo elementuak erabiltzea eta materiale hori
iruzurkeriaz ordezkatu edo manipulatzea.
6.- Jokoaren kudeaketaz, antolakuntzaz eta
ustiaketaz arduratzen diren enpresetako langile edo zuzendaritzako kideek,
akziodunek, partizipaziodunek nahiz jabeek hala nola beraien senar-emazte,
aita-ama edo seme-alabek enpresa horiek kudeatu eta ustiatzen dituzten jokoetan
parte hartzea.
7.- Jokoak eta apostuaren oinarri diren sariketak
manipulatzea sari eta ehunekoen banaketa aldatzeko helburuarekin.
8.- Lege honen 23. ataleko 3. zenbakian aipatzen
diren joko-enpresen esanetara lan egiten duten pertsonek joko lekuetan diru
maileguak ematea.
9.- Baimenak lortzeko gezurrezko datuak edo
manipulatutako agirisortak ematea eta baimen horiek eskuratzeko bete behar izan
ziren arauak haustea.
10.- Baimenetan eskatutako baldintzak ez betetzea.
11.- Apostulari nahiz jokalariei irabazitako diru
kopuru osoa edo horren zati bat ez ordaintzea, hori egitea arau hauste larria ez
bada.
12.- Baimenik gabeko lekuetan eta baimenik ez duten
pertsonen bidez jokoan aritzea utzi eta onartzea, hala nola behar den baimena
ez daukaten joko elementuak jarri eta ustiatzea.
13.- Jartzeko baimena duten baino makina saridun
gehiago jartzea.
14.- Hemezortzi urtetik beherakoek joka dezaten utzi
eta onartzea.
15.- Jokoen iragarkuntzari buruzko arauak haustea.
16.- Urtebeteren buruan bi arau hauste larri egitea.
26.
Atala - Arau hauste larriak
Arau
hauste larriak honako hauek dira:
1.- Lege honek dioenaren arabera joko lekuetara
joatea debekatua daukaten pertsonei bertaratzen uztea, hala nola bisitarien
zerrenda nahiz sarrera-kontrolaren zerrenda oker eta osatu gabe eroatea.
2.- Gai diren organuei jokoa behar bezala
kontrolatzeko beharrezkoa den informazioa ukatzea eta lege honen garapenean
emango diren arauen arabera lokalean gorde beharreko agiriak bertan ez
edukitzea.
3.- Agintaritza agenteei hala nola berariz
ikuskaritzaz arduratzen diren funtzionariei kontrola eta zainketarako
ikuskaritza lan horiek burutzen ez uztea edo oztopoak jartzea.
4.- Lege honetan ezarritako baimenaren
egiaztagiria hala nola arau honen garapenean bertan agertu beharrezkotzat
ematen direnak joko lekuan nahiz baimendutako makinetan ez agertzea.
5.- Lokaletan segurtasun neurririk ez egotea edo
neurri horien funtzionamendua txarra izatea.
6.- Apostulari nahiz jokalariei irabazitako
500.000 pezeta edo gutxiagoko zenbatekotik diru kopuru osoa edo horren zati bat
ez ordaintzea, hori egitea arau hauste larria ez bada.
7.- Lokalean, bertan sartzeko baimendua dagoen
gehienezko pertsona kopurua baino gehiago egon dadin onartzea.
8.- Jokalari edo apostulariekiko jokaera
begirunegabea izatea bai jokoan ari direnean eta bai kexak edo murtziloak
egiten dituztenean ere.
9.- Jartzeko baimena
daukaten baino A moetako makina gehiago jartzea.
10.- Baimenik gabe eta
Jokoen Zerrendan sartuta daudenen antzeko iharduketen bidez salmentarako
promozioak egitea.
11.- Joko lekuentzat ezarrita dagoen ordutegia
gainditzea.
12.- Ostalaritza alorreko establezimenduetan joko
makinak pizturik mantentzea lokal horiei dagokien ordutegietatik kanpo.
13.- Urtebeteren
buruan hiru arau hauste arin egitea.
14.- Aurreko
atalean aipatutako edozein arau hauste egitea, beren izaera, gertaldi nahiz
inguramena dela eta oso larritzat jo ez daitezkeenean.
27. Atala - Arau hauste arinak
Arau hauste arinak honako hauek dira:
Lege honetan ezarrita dauden eta oso
larri edo larritzat jotzen ez diren ezein moetatako baldintza nahiz debekurik
ez betetzea, hala nola joko bakoitzeko Araudietan ezarritako arauak ez betetzea
eta aurreko atalean aipatutako edozein arau hauste egitea, beren izaera,
gertaldi nahiz inguramena dela eta oso larritzat jo ez daitezkeenak.
28.
Atala - Arau hausteen indargabetzea eta balio-galtzea
1.- Arau hauste arinak ekintzak gertatu eta bi
hilabetetara indargabetuko dira, eta larri eta oso larriak berriz handik bi
urtetara.
2.- Administraziopekoari egozterik ez den
arrazoiagatik sei hilabete baino gehiagoz etenda gelditzen denean ere galduko
du balioa zigortze-bideak.
29.
Atala - Arau hausteak baliogabetzea
Arau
hausteak egiteagatiko oharrak ofizioz baliogabetuko dira baldin eta honako
betekizun hauek betetzen badira:
1.- Lege honen edo bere garapenean emango den
araudiaren xedapenak atal honen 3. azpiatalean adierazitako epeetan hautsi ez
izana.
2.- Aurretik ezarritako behin betiko zigorrekiko
zehapen eta diru erantzukizunak ordaindu izana.
3.- Zigor erabakia behin betiko ebatzi zenetik
arau hauste arinentzat sei hilabeteko epea eta larri eta oso larrientzat bi
urteko epea bukatua izatea.
30.
Atala - Erantzukizuna
1.- Lege honetan nahiz garapenerako araudian sailkatutako
arau hausteren erantzuleak dira arau hauste horiek egiten dituzten pertsona
fisiko eta juridikoak.
2.- Joko leku edo makinak dauden lokaletan
zuzendaritzako kideek eta langileek orohar egin ditzaten arau hausteen
erantzule lagunkide izango dira pertsona horien nagusiak edo lan egiten duten
erakundeak ere.
31.
Atala - Zigorrak eta neurri bermezko eta osagarriak
1.- Aurreko ataletan sailkatutako arau hausteak
egiteagatik honako zenbateko hauek ordaindu beharko dira zigor gisa.
a) Oso larriengatik, hamar miloi eta pezeta batetik ehun miloi
pezetara. 100 miloi pezetatik gorako legezkontrako irabazia egiaztatzen den
kasuetan, zigorra irabazi hori hiru halako izango da.
b) Larriengatik, miloi bat eta pezeta batetik hamar miloi pezetara.
c) Arinengatik, hamar mila pezetatik ehun mila pezetara.
2.- Gobernu Batzarrak isunen zenbatekoak urtero
berraztertu ahal izango ditu aldian aldiko egoera ekonomikoari egokitzeko.
3.- Arau hauste larri eta oso larriak egiten
diren kasuetan honako zigor hauek ere jarri ahal izango dira:
a) Jokoarekin zerikusia duten iharduketak ustiatzeko baimena bi
urtetako gehinezko denboraldi baterako baliogabetzea, edo behin betiko kentzea.
b) Jokorako makinak ustiatzeko baimena urte beteko gehienezko
denboraldi baterako baliogabetzea, edo behin betiko kentzea, hala nola
ostalaritza alorreko establezimenduetan joko makinak ustiatzeko baimena kentzea
urtebeteko gehienezko eperako.
c) Jokoan aritzeko lokala behin behingo istea gehienez bi urte iraun
dezakeen denboraldi baterako, edo behin betiko istea.
d) Jokorako eduki behar den baimenaren titularra izateko
gaitasungabetzea, eta hala egokituz gero, joko enpresa eta lekuetan jokoan
aritzeko behin behingo edo behin betirako gaitasungabetzea. Behin behingo
gaitasungabetzea bi urtetako gehienezko denboraldi baterako izango da.
e) Arau haustearekin zerikusia duten jokorako osagai, makina edo
elementuak bahitu, suntsitu nahiz baliogabetzea.
4.- Zigorra jartzerako orduan, dauden gorabeherak
neurtuko dira, lurralde eta gizarte eremuan daukaten eragina kontutan hartuz
eta beti ere heintasun erizpideak erabiliz eta zigorra inoiz ez da behar ez
denez lortutako irabazien hiru-halakotik beherakoa izango.
32.
Atala - Organu zigortzailea
1.- Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun
Zuzendariari dagokio arau hauste larri eta arinentzako zigorrak jartzea, hala
nola, 31. ataleko 3 zenbakiko b) letran adierazten diren baimenak
indargabetzea.
2.- Herrizaingo Sailburuordeari dagokio Joko eta
Ikuskizun Zuzendariaren eskariz arau hauste oso larrientzako zigorrak jartzea,
hala nola makinak ustiatzeko baimenak aldi baterako indargabetzea, joko lokalak
behin behingoz istea, ustiaketa haizugoak behin betiko kentzea eta behin
behingo gaitasungabetzea.
3.- Berrogeitamar miloi pezetatik gorako zigorrak
jartzea Herrizaingo Sailburuari dagokio.
4.- Istea, gaitasungabetzea edo behin betiko
kentzea dakarten zigorrak jartzea Gobernu Batzarrari dagokio Herrizaingo
Sailburuaren eskariz.
33.
Atala - Zigorbidea
1.- Arau hauste larri edo oso larriak
egiteagatiko espedienteak izapidetzeko, Administrazioak jokoari dagokionean
daukan ahalmen zigortzaileari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako
ihardunbidea jarraituko da, eta ordezkotasunez, Administrazioaren Jardunbideari
buruzko Legean ezarritakoa.
Joko
eta Ikuskizun Zuzendaria izango da zigorbidea hasteko organu gaitua, zigorra
jartzeko organu gaituaz gainera.
2.- Arau hauste arinak egiteagatiko zigorrak
orokortasunez ezarritako ihardunbideari atxikiko zaizkio honako berezitasun
hauek izango dituela:
a) Proposatutako froga egiteko epea, hala egokituz gero, 15 egunekoa
izango da.
b) Espedientearekin bukatzen duen erabakia, espedientea hasi zen eguna
baino gehienez 2 hilabete igaro aurretik eman beharko da.
3.- Zigor espedienteetan emandako erabakiak,
doakionari jakinarazi ondoren, administrazio bidean egoera sortzen dutenean
izango dira derrigorrezkoak.
4.- Zigor espedienteetan emandako erabakien aurka
ohizko errekurtsoak egin ahal izango dira.
5.- a) Arau hauste larri edo oso larriak egin
izanaren aztarnak daudenean, jokoan aritzeko lokalak istea erabaki ahal izango
da bermezko neurri gisa, hala nola leku horiek zigilatzea eta jokoan aritzeko
elementuak gorde nahiz bahitzea.
b) Horretan parte hartzen duten agintaritza agenteek berek hartu ahal
izango dute presazko neurri bermatzaile gisa joko elementuak edo jokoan
aritzeko bestelako materiale baimenik gabekoak edo bidegabeki lortutako dirua
bahitu nahiz gordetzeko erabakia.
Neurri hori Joko eta Ikuskizun Zuzendariak sendetsi edo
baliogabetu beharko du gehienez 72 ordu igaro aurretik.
V ATALBURUA
34.
Atala - Ikuskapena eta kontrola
1.- Lege honetan eta berau osatzen duten
xedapenetan ezarritakoa betetzea bermatzeko helburuarekin, Herrizaingo Sailari
dagokio Joko eta Ikuzkizun Zuzendaritzaren bitartez jokoaren alderdi
administratibo eta teknikoak eta iharduketa horrekin zerikusia duten enpresa
eta lokalak ikuskatu eta kontrolatzea.
2.- Aurreko zenbakian adierazitakoa bete asmoz,
Joko eta Ikuskizun Atala Euskal Autonomi Elkarteko lurralde eremu osoan
aritzeko aginpidea duen Ertzaintzaren zerbitzu espezializatu gisa, ihardunez
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpe eta organikoki Herrizaingo Saileko
Segurtasun Sailordetzaren menpe egongo da.
35.
Atala - Joko eta Ikuskizun Atala
Honako
hauek dira Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Atalaren zereginak:
1.- Jokoari dagokionean indarrean dagoen araudia
zaindu eta ikuskatzea.
2.- Zeregin horiek betetzerakoan egindako aktak Joko
eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinaraztea.
3.- Lege eta arau hausteak egin baldin badira,
egoki diren eginbideak izapidetuko ditu atxilotutakoekin eta behar diren gauza
edo tresnekin batera gai diren epai agintariei bidaltzeko.
4.- Elementuak zigilatu eta bahitzea edo joko
lokalak istea, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako artezpideak jarraituz
eta Lege honetan ezarritakoaren arabera.
5.- Indarrean dagoen arautegian oinarrituta egotz
dakizkiokeen beste zeinahi.
VI ATALBURUA
EUSKAL JOKO BATZORDEA
36.
Atala - Eraketa
1.- Euskal Joko Batzordea, Euskal Autonomi
Elkartearen eremuan jokoarekin zerikusia duten iharduketak aztertu, bateratu
eta haietaz aholku emateko organua da.
2.- Euskal Joko Batzordea honela eratuko da:
- Lehendakaria:
Herrizaingo Sailburuordea.
-
Bokalak:
- Joko eta
Ikuskizun Zuzendaria, zeinak lehendakari gisa jokatuko duen titularra ez egotea
gertatuz gero.
- Herrizaingo
Saileko ordezkari bat.
- Herriogasun,
Osasuntza, Kultura eta Industria, lau arlo hauetan aginpidea duten sailek
proposatutakoen artean Jaurlaritzak izendatutako lau ordezkari, gutxienez
Zuzendari maila izan dezatenak.
- Lurralde
Historikoetako Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari bat.
- Euskal Herriko
Udalen Elkarteko ordezkari bat.
Jokoarekin
harremanak dituzten alorretako profesionalek ere Batzorde honetan parte hartu
ahal izango dute, Batzordeko Lehendakariak hala eskatzen badu, zeinak
hizketarako eskubidea bai baina botoa emateko eskubiderik ez duten izango.
Batzordeak,
bere erabakiak hartzeko, beharrezko erizten dien aditu guztiei languntzeko eta
aholku emateko eskatu ahal izango die.
Batzordearen
idazkaria Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari atxikitako funtzionari bat izango
da, zeinak hizketarako eskubidea bai baina botoa emateko eskubiderik ez duen
izango.
3.- Euskal Joko Batzordea seihilabetean behin
elkartuko da gutxienez.
37.
Atala - Lehendakaria
Euskal
Joko Batzordeko Lehendakariak honako zeregin hauek ditu:
1.- Batzordearen bilkuretarako deia egitea.
2.- Bilkuretako gaizerrenda zehaztea.
3.- Bilkurak eta Batzordearen eztabaidak
zuzentzea.
38.
Atala - Zereginak
1.- Euskal Joko Batzordeak honako zeregin hauek
izango ditu:
a) Lege honetan ezarritakoaren arauera, Gobernu Batzordeak onartu
beharreko erabaki orokorrei buruz legez argipidea ematea.
b) Erizpenak eta txostenak egitea, galderak argitzea, eta Herrizaingo
Sailak nahiz Euskal Administrazio Publikoko bestelako organuek jokoari buruz
eskatzen dioten aholkularitza ematea.
c) Jokoak Euskal Autonomi Elkarteko eremuan duen garapenari buruz Joko
eta Ikuskizun Zuzendaritzak egingo duen urteroko memoria onartzea.
d) Batzorde honetan ordezkatuta dauden Administrazio ezberdinek burutuko
dituzten iharduketa guztien koordinazioa bultzatzea, jokoarekin zerikusia duten
iharduketena.
e) Lege honetan ezarritako helburuak lortzeko egoki erizten zaien
ikerketa eta proposamenak egitea.
f) Euskal Autonomi Elkarteko Jokoaren Errolda Nagusian eta Batzorde
horretan ordezkatuta dauden Administrazioetan, eta hala badagokio, Estatuan
sortutako beste batzuk elkarren berri izan dezaten beharrezko baliabideak
jartzea.
2.- Euskal Joko Batzordeari, era berean, jokoak
antolatu eta ustiatzeko ematen diren baimenen berri, kentzen diren
lanbide-txartelen berri, Jokoaren Errolda Nagusian izena ematen duten
baimendutako enpresen berri, hala nola bertan gertatzen diren aldaketen eta
dagokion zerbitzuak egindako joko materialearen balioztapenaren berri emango zaio.
VII ATALBURUA
JOKO ZERBITZUAREN ZERGA-SARIA
39.
Atala - Jokoaren zerga-saria
Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako zerbitzuen zerga-saria indarrean dagoen Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Ariel eta Herri-prezioei buruzko Legeak ezarritakoa izango da.
Aldi
Baterako Xedapenak
Lehenengoa
Lege
honetan aipatzen diren Araudiak Eusko Jaurlaritzak onartuko ditu bi urteko
epean hura indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.
Bigarrena
Eusko
Jaurlaritza Lege honek ematen dizkion arauzko ahalmenez baliatzen ez den
bitartean, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak emandako xedapen orokorrak
aplikatuko dira Lege honek dioenaren aurkakoa ez den guztirako, eta horiek
ezean, Estatuaren Administrazioaren xedapen orokorrak.
Hirugarrena
Lege
hau indarrean jarri aurretik emandako aldi baterako baimenek baliagarri izaten
jarraituko dute bertan adierazitako indarraldiko epearen barruan. Baimen horiek
Lege honen xedapenek diotenari jarraiki, eta hala egokituz gero, osagarri diren
arauzko xedapenei jarraiki berrituko dira.
Laugarrena
Baimen
batzuk indarraldi epea adierazi gabea izatea gertatuz gero, baimen horiek
berritzeko urtebeteko epea egongo da Lege hau indarrean jartzen denetik
kontatzen hasita.
Boskarrena
Lege
honetan adierazten den baino joko makina gehiago dituzten establezimendu edo
enpresa eragileek, bertan ezarritakoari egokitzeko bi urteko epea izango dute
indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.
Seigarrena
Lege
hau indarrean jartzen den unean dauden jolas areto mistoak, bertan
xedatutakoaren arabera birmoldatu beharko dira, indarrean jartzen denetik
kontatzen hasita bi urteko epean.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
Euskal
Autonomi Elkarteko Jaurlaritzari Lege honetan ezarritakoa garatu eta burutu
ahal izateko xedapenak emateko ahalmena ematen zaio, eta baita bere organuen
artean Lege honen bidez eskuratzen dituen botereak banatzeko ere.
Bigarrena
Gobernu
Batzarrak, Lege honek ematen dion jokoaren plangintzari buruzko aginpideaz
baliatuz eta egoera ekonomiko eta sozialari begira, hiru urtean behin aztertu
ahal izango ditu baimenei, joko elementuei, baimendutako lokalei eta horietan
sar daitezkeen pertsonei buruz ezarrita dauden gehinezko kopuruaren mugak.
Hirugarrena
Lege
honetan xedatutakoaren kontra doazen arau guztiak ezeztatuak gelditzen dira.
Laugarrena
Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunean hartuko du
indarra Lege honek.