Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1990 Legea, maiatzaren 31koa, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzari buruzkoa.

1990-05-31

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1990/7/3, 131. zk.; EAO, 2012/2/29, 51. zk.

§ 127. 4/1990 LEGEA, MAIATZAREN 31KOA, EUSKAL HERRIKO LURRALDE -ANTOLAKUNTZARI BURUZKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      I.-      1978.eko abenduaren 27ko Espainiako Konstituzioaren 148.1.3. atalak eta Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 10.31.ak, eta halaber, Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta horko Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeaz eratutako eskuduntza-egiturarekin bat etorriz, oso-osoan dagokio Euskal Autonomi Elkarteari Lurraldearen Antolakuntzaren eta Hirigintzaren arloko legegintza-ahalmena.

      II.-     Lurraldearen Antolakuntza kontzeptuaren barruan, lurraren eta baliabideen erabilpenik arrazoizkoena lortzeko bidean taiutu eta egiteratu daitezkeen ekintzen multzoa sartzen da, eta honako hau ere bai, lurraldeetan eragina izango duten aginte-maila ezberdinen artean ezarri behar diren harremanen zehaztapena, alegia.

      Lurralde-Antolakuntzarako politikaren bidez lur mota bakoitzaren eretzean erabilpen onargarri eta bultzagarriak zehaztea lortu behar da lehenik eta behin, eta zehazketa horren bidez, beharrezko azpiegiturak lortzea, herritarrei osasun, irakaskuntza eta merkatal antolamendu ezberdinetarako zein beste zenbaitetarako bideak zabaltzea, berezko baliabideak arduraz kudeatzea eta ingurugiroa zaintzea.

      Lurralde-Antolakuntzarako politikaren azken helburuak, aurrez zehaztutako ihardunek horietara jo beharko baitute, ez dira honako hauek baino, hots, eskualdeen garapen sozio ekonomiko orekatua eta bizitza-kalitatearen hobekuntza, biztanle-sail ezberdinen artean dauden alde handiak horrela deuseztuz.

      Lurralde-Antolakuntzarako eskuduntzak, horren ondorioz, erabilpen ezberdinek lurraldearen gainean izango duten kokagunea zehazteko beharrezko diren ahalmen guztiak hartu beharko ditu bere barnean, zehazketa hori kidetasunezko erizpidean oinarriturik zertu beharko delarik, dela tokian bertan eragina duten alorkako politiken ikuspuntutik, dela lurralde-mailako Erakunde ezberdinen eskuduntzak aintzat hartzeari dagokionez.

      III.-    Euskal Autonomi Elkarteak, Lurralde-Antolakuntzari buruzko gaietan, bertako administrazio-erakuntza izango denaren nondik-norako nagusiak ezar ditzan, berezko legezko esparrua eratu beharra dauka, luzapenetan ibili gabe.

      Eta hori bi arrazoi mota ezberdin direla eta. Lehenik eta behin, Euskal Autonomi Elkarteak, batez ere mende honen bigarren erdian, jasan duen hiri eta industri hazkunde kontrolgabeak ekarri dituen eraginei aurre egiteko, izan ere lurralde horretan kokatutako biztanlegoaren bizitza-mailaren andeapen garrantzitsurako bide eman baitu horrek. Eta bigarrenik, Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren garapenak honako hau ahalbidetu duelako, hots, lurraldean eragina duten gaiei dagozkien eskuduntzen zati handi bat Euskal Autonomi Elkartearen barruan bertakotuta geratu ahal izatea; bestalde, Kondaira-Lurraldeei buruzko 27/1983 Legean ezartzen den eskuduntzari buruzko banaketa-eredua onartua izanak zera sortu du Euskal Autonomi Elkarte barruan, hau da, Lurralde edo alor-mailan gaitasuna izanezko aginte-maila ezberdinek agintea izatea, ondorioz, Lurralde beraren gain batek baino gehiagok agintea izatearen egoera zaila sortu dela.

      IV.-    Azalduu diren zio eta helburuei erantzuten die Lege honek; berau onartzea ez da Euskal Autonomi Elkartearen lurraldearen erakuntza zehatza, aukeratutako eredutik abiatuz garatu beharko duen antolabide sail bat mailaz-maila egiten joateko gauzatze-oinarria baino.

      Ildo horretatik, Legetik bertatik, nahita jo da bertan ohartematen diren lurralde antolabide ezberdinen erakuntzan funtsezko xumetasuna bilatzera, antolabide horien egikortasuna bultzatzearren, esperientziak azaldu duenez Lurraren Jaurpideari eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legearen 1976.eko Idazki Bateratuan ohartemandako antolakuntza irudietan -Antolakuntzako Nazio-mailako Egitamua eta Gidatarako Lurralde-Egitamuak- egiten ziren huts egiteak saihestuz.

      V.-     Euskal Autonomi Elkarteko Lurraldea antolatzeko xedez, Legean zehazten diren antolabideak honako hauek dira:

a)   Lurraldearen Antolakuntzarako Artezpideak.

b)   Lurraldearekiko Zatikako Planak.

c)   Lurraldearekiko Sektorekako Planak.

      Euskal Autonomi Elkarteko Lurralde-Antolakuntzako Artezpideek izan behar dute gainerako lurralde eta hiri-antolabideak egiteko abiapuntu orokor. Horiek, beren zernolakoen eta egoeraren kariaz antolakuntza zehatzagoa eskatzen duten esparru jakinetarako egin beharko diren Lurraldearekiko Zatikako Egitamuen bidez gara litezkeela ohartematen du Legeak; Eusko Jaurlaritzari dagokio alderdi horiek ematen direnentz ikustea.

      Horren ondorioz, Lurraldearekiko Zatikako Egitamuen xede den esparrua administrazio-banaketekin nahitaez bat etorri beharrik ez duten parametroen bidez zehaztuko da, toki jakin horretan ematen diren zernolako ezberdinak aintzat hartu beharko direlarik.

      Eusko Jaurlaritzakako Sailek eta Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Sailek gauzatu eta lurraldean eragina duten alorkako antolabide ezberdinak arautzen dira Lurraldearekiko Alorkako Egitamuen pean, horien eraketan, eta halaber Estatuko Administrazioari eta horien menpeko diren izaiki eta erakundeei Euskal Autonomi Elkarteko lurraldean bultzatzea dagokien egitamu eta egitasmoetan ere, lurralde-antolakuntzaren izaera bateratzaileak gailendu beharko du, eta Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideekiko begiruneak.

      Lege honetan galdatzen diren lurralde-antolabideen garapena bertan ezarritako mugen barruan gauzatu beharra agintzen da, Lurraren Jaurpideari eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legean, 1976.eko Idazki Bateratuan, ohartemandako egitamuketa orokor eta berezi-mailako irudien bidez gauzatu ere, irudi horiek lurralde-antolabideei egokitu beharko zaizkielarik.

      VI.-    Zehaztasun bereziz araupetzen dira Lege honetan, doakien aginte-maila ezberdinek lurraldearen antolabideen gauzaketan eskuhartzeari buruzko alderdiak, alde batetik, eta garapenerako egitamuketaren gain antolabide horiek duten behartze-indarreko eraginkortasuna bestetik, beti ere lehentasuna administraritza-eraginkortasun eta elkarlaneko oinarri-irizpideek izango dutela.

      Lurraldearen antolabideak lantzeko bidean eragina (lurraldekakoa zein alorkakoa) izan duten Izaiki ezberdinei dagozkien zuduen aldezpena bermatu nahiz geratu da errepika eginezkoa, hala nahita, Legearen atalketa, izan ere, horien eginkortasuna­a, baita Legearena berarena ere, behin-betiko onarpenak emango dien bapateko behartze-indarrean bait datza, arauketaren gai den tokian bertan biltzen diren interes guztiak "ex ante" baliarazi beharko direlarik.

      VII.-   Era berean, lurralde-antolakuntzako artekaritza eta artarako zenbait neurri ezartzen dira, horien helburua Legean ohartemandako lurralde-antolabideen balioa eta eraginkortasuna bermatzea bait da, bertan erdietsi nahi diren eta Zioen Adierazpen honetako bigarren idazatian aipatu diren helburuak lortze bidean.

      VIII.-  Azkenik, Euskal Autonomi Elkarteko lurralde-antolakuntzarako erakunde-arteko ihardutze-sailei buruz ari da azken izenburua. Alde batetik, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzarako Batzordeak izan beharko duen zereginaren garrantzia baiezten da, horren barnean Herri-Administraritza guztiek beren ordezkariak izanik; eta Autonomiez osatutako Estadu korapilatsuari darizkion konstituzioko oinarri-arauak gai honetan behar bezala betetzeko nahitaezkoa den guzti horien arteko elkarlana eta lankidetza ahalbidetuko du Batzorde hori izateak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Politikarako Kontseilu Aholku-emailea sortzeak berekin dakar Lege honek sortzen dituen lurralde-antolabideak eratu eta onartzekoan ihardune eta administraritzako harreman egokiak izatea.

I IZENBURUA

ERABAKI NAGUSIAK

1. Atala

      Lege honek Euskal Autonomi Elkarterako lurralde-antolabideak zehaztea eta araupetzea du xede, eta halaber lurraldean eragina duten eta Herri-Administraritza ezberdinek, beren eskuduntzez baliatuz, garatu beharrekoak diren ekintzen kidetasuna ziurtatzeko beharrezko diren irizpide eta ihardunbideak ezartzea.

2. Atala

      1.-     Euskal Autonomi Elkartearen lurralde-antolakuntza honako antolabide hauetaz baliatuz egingo da:

a)   Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideak.

b)   Lurraldearekiko Zati-Egitamuak.

c)   Lurraldearekiko Alor-Egitamuak.

      2.-     Aurreko idazatian aipatzen diren lurralde-antolabideak lur-jaurpideari buruzko legeetan ohartemandako egitamuketa nagusi eta berezien bidez garatuko dira hala behar dadinetan, Lege honek ezartzen dituen mugen barruan, horiek haiei egokitu beharko zaizkielarik.

3. Atala

      1.-     Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailburuaren saloz edo, hala badagokio, horren eta doakien Sailetako arduradunaren edo arduradunen saloz, eta Lurralde-Antolakuntzarako Batzordeak txostena egin ondoren eta eraginpeko Foru Aldundi eta Udalei entzuteko hilabeteko aldia igaro ondoren, lur-jaurpideei buruzko legeetan ohartemandako Antolakuntza-Egitamuak eta lege honetan araupetutako Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideak eta Lurraldearekiko Zati eta Alor-Egitamuak indarrik gabe uztea erabaki ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, lurralde-antolabideen eraketa edo berrikusketari ekin ahal izateko.

      2.-     Foru-Aldundiek, aurreko zenbakian esaten den erabakia hartzeko eskatu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzari, helburu berberak izanik bere eskuduntzapeko lurralderako antolabideei buruz.

      3.-     Eusko Jaurlaritzaren erabakiak, indargabetzeak hartzen dituen lurralde-esparru zehatza, arauak eta xedapenak finkatuko ditu, eta erari, epeei eta eraginei dagokienez, Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legeko (1976.eko Idazki Bateratua) 27. atalak edo lur eta hiri-antolakuntzari buruz indarrean dauden manuek, haiekin bat datozenek alegia, biltzen dituzten lege-arauetan agindutakoei egokitu beharko zaie.

      4.-     Aurreko idazatietan esaten den indargabetzeko erabakia argitara ematen denetik hasi eta sei hilabeteko epearen barruan, Eusko Jaurlaritzak, dagozkion Ordezkatze-Arauak emango ditu, eta eraginpeko lurraldean izango dira horiek ezargarri delako antolabide edo egitamua onartzen ez den bitartean, hori gertatu ahal izateko hartu zen erabaki hura eta.

      5.-     Aurreko idazatian esandako sei hilabeteko epearen barruan, Ordezkatze-Arauen aintzin-adierazpena Jaurlaritzak onartuko ez balu, indargabetzearen gai izandako egitamua berez eta besterik gabe berriro indarrean jarriko da.

II IZENBURUA

EUSKAL HERRIKO LURRALDE-ANTOLABIDEEZ

I ATALBURUA

LURRALDE-ANTOLAKUNTZARAKO ARTEZPIDEEZ

4. Atala

      Euskal Autonomi Elkarteko Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideak izango dira Lege honetan araupetzen diren gainerako antolabideak aurkezteko abiapuntu nagusi, eta halaber lur-jaurpideei buruzko legeetan ohartemandako antolakuntza-egitamu entzat ere, lege horiei egokitu beharko bait zaizkie beti ere Herri-Administraritza ezberdinek, direla autonomiazko, foruzko zein toki-mailakoak, bakoitza bere eskuduntzez baliatuz, gara ditzaten eta lurraldean eragina izan dezaten egitamu, egitarau eta ekintzak.

5. Atala

      Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideen egitekoak honako hauek izango dira:

a)   Dena delako lurraldean diharduten herri zein norbanako-alorreko sailen ekonomi eta gizarte-aldetikako ekintza ezberdinak lurralde horretan kokatzeko aldiak bideratu eta araupetuko dituzten irizpide eta arau guztiak orohartzeko kutsuz eta elkarri atxikizko izanez eta Euskal Autonomi Elkarteko politika eta/edo ekonomi egitamuekin bat etorriz egitea, horrela Euskadi osoaren onerako beharrezko den lurralde-oreka bermatu eta ekonomi iharduna lurralde egokietara erakartzeko bidezko diren baldintzak sortu ahal izateko.

b)   Tokien eta lurraldearen antolakuntzari eta erabilpenari dagokienetan abiapuntu izanezko esparrua gauzatzea, Autonomi Elkarteko lurraldean lan egi duten Herri-Administraritza ezberdinen alor-politikak aurkeztu eta egiteratzeko, eta halaber Foru Aldundi eta Udalen hirigintza-lanerako, guzti horien arteko antolakideketa egokia eta elkargarritasuna bermatzeko.

c)   Estaduarekin edo beste Autonomi Elkarte batzurekin batera ihardutea eskatzen duten ekintzak ohartematea, beharrezko gertatzen diren hitzarmen edo ituneak egiteko aski oinarri eskainiz.

6. Atala

      Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideak, Euskal Autonomi Elkarteko lurralde osoaren antolakuntzarako bide direnez, aurreko atalean adierazitako egitekoei egokituko zaizkie eta honako xedapen hauek gutxienez izango dituzte beren barne:

      1.-     Euskal Herriko lurraldearen azterketa zehatza, honek bertan diren arazoen zehazketa zehatza eta horiei eman dakizkiekeen erabilera ezberdinen balio-neurketa barne izango dituela.

      2.-     Herri-Administraritza ezberdinen ekintzak egokitu beharko direneko irizpide orokorrak adieraztea, somatutako arazoei aurre egin ahal izateko.

      3.-     Horietako ekologiaren, kulturaren edo ekonomiaren aldetikako balioak zaindu ahal izateko, babes bereziaren gai izan behar duten alor edo aldeen mugaketa eta zehaztapen zehatza egitea eta, hala dagokionean, horietako berezko baliabideen arrazoizko ustiaketa segurtatzea, kasuan kasu ezargarri izan daitezen berarizko legeen arauera.

      4.-     Nekazaritza-ustiakuntzarako duten edo izan dezaketen egokitasunagatik babesaren edo haunditzearen gai izan beharreko lurren zehaztaketa, horrela hauen eta etorkizuneko hiri-garakuntzakoen artean heintasun egokia bermatuz.

      5.-     Egungo kokagune eta egoera eta beren ezaugarri bereziak kontutan izanik, Lurraldearekiko Zatikako Egitamuen bidezko antolakuntza zehatzaren gai izan behar duten alor edo aldeen zehaztaketa, eta bai antolakuntza hori egokitu beharko zaieneko berarizko irizpideak ere.

      6.-     Lurraldea taiutzeko beharrezko diren azpiegitura eta antolapide haundien, eta inguru-giroaren arloko arazo ezberdinei irtenbidea ematearekin zer ikusirik dutenen kokaleku gisa baliatzeko egokien diren alorren zehaztaketa.

      7.-     Lurraldeko alor edo alde ezberdinetan behar diren etxebizitzen, agintaritza-babespekoena batipat, zenbatekoa ematea eta horien nongoa finkatzeko irizpideak eta hirigintza-antolakuntzarako egiterapideek kontutan izan beharreko parametroak jartzea eta, hori, helburu horretarako lurra eskuera izatea segurtatzeko.

      8.-     Lurraldeko alor ezberdinetako antolapide-mentsaren haztaketa.

      9.-     Lurraldeko alor edo alde ezberdinetan dauden izaera bereko ondare mugiezinak eta kondaira eta arte aldetikakoak birgaitzeko beharren haztaketa orokorra.

      10.-  herri-administraritza eta ihardutze-erakunde ezberdinen artean, beren alor-egitamuak eta egitarauak behar bezala gertatzeko eta Artezpideek ezartzen duten abiapuntutarako lurralde-esparruarekiko barne-egokitasuna segurtatzeko beharrezko diren xehetasunak batzuei zein besteei eskaintzeko gai izanezko elkarrekiko informazioa izateko erapidetzak jartzea.

      11.-  Artezpideen egokiketa edo aldaketa finkatuko duten arrazoiak eta agiazkoak izendatzea, Artezpide horiek gorabeheren bilakaerari eta bilakaera horrek itxuratu dezan lurraldearen benetako egoerari etengabe egokitzea bermatu ahal izateko.

7. Atala

      1.-     Honako Agiri hauek osatuko dituzte Lurralde-Antolakuntzako Artezpideak:

1.-  Argipide-txostenak.

2.-  Argipide eta antolakuntzako launirudi eta guztiko dituen irudibidezko agiriak.

3.-  Horietako xedapenen erabilerarako arauak.

      2.-     Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideek dituzten helburu eta nolakpa lortzeko beharrezkotzat eta egokitzat jo daitezen bestelako agiriak ere jaso ahal izango dira beroietan.

8. Atala

      1.-     Lurralde-Antolakuntzarako Artezpideak, bai Herri-Administraritzentzat eta bai norbanakoentzat ere, beti behartze-indarrekoak izango dira.

      2.-     Artezpideak, beren nolakoa dela eta, euskal lurralde osoari doazkion bideen garapenerako arauak jartzea eta bideratzea helburu izanezko eta guztiei ezarri beharreko arau zehatzetan eman daitezenean, horien behartze-indarra artezkoa izango da .

      3.-     Artezpideak duten behartze-indarra zeharbidezkoa izango da honako kasu hauetan: lurralde eta hirigintzari buruzko egitamuketarako gai diren Herri-Administraritza ezberdinentzako berariz egindakoak direnean eta lur-jaurpideei buruzko legeetan eta Lege honetan ohartematen diren irudi eta baliapideez garatu behar direnean.

      4.-     Artezpideen behartze-indarra honako hauen bidez eman ahal izango da aditzera:

a)   Tokia antolatzeko eta horretzaz baliatzeko irizpideak ezarriz.

b)   Artezpideetan jasotzen diren haztaketa eta balio-neurketekin elkartu ezinezkotzat jo daitezen irizpideak baztertuz.

c)   Onargarritzat jotako hainbat irizpideren arteko aukera zehaztuz.

d)   Ihardunbiderako aholkuak emanez. Gai izanezko Administraritzak bide hori alde batera utziz gero, hartu duen erabakia eta erabaki horrek, dagokion gomendioaren erizpena ematen dueneko helburu bakoitzarekiko duen elkargarritasuna berariz zuritu beharko ditu.

      Aurreko idazatietako ondoritarako, Artezpideek, horietan jaso daitezen xedapen guztiek eta bakoitzak izan beharko duten jokabidea zehatz-mehatz eta zalantzapiderik gabe adierazi beharko dute.

9. Atala

      1.-     Egitamu Nagusi eta Bereziak eta Egitamuketa Osatzezko eta Ordezkatzezko Arauak Artezpideei aurreko ataletan ezartzen denez egokitu beharko zaizkie.

      2.-     Horretarako, aurreko idazatian esandako lehendikako Egitamu eta Arauak Artezpideei egokitu beharko zaizkieneko epeak ezarriko dira Artezpideetan.

      Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legeko 41. atalean, (1976. urtean Bateratutako Idazkia) edo lur eta hiri-antolakuntzari buruz indarrean dauden manuetan jasotako lege-arauekin bat datozenetan ezartzen den ihardunbidez bideratuko dira Egitamu eta Arau horiek egokitzeko saloak. Hauei buruzko erizpena Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak eman beharko du, horretarako gai den agintariak behin-betiko onarpena eman baino lehen.

      Batzordearen informeak behartze-indarra izango du, Egitamu edo Arauetako Artezpideek ezartzen dutenarekin irizkidetasunik eza eman dadin guztietan, eta horrelakoetan, behin-betiko onarpena eman baino lehen, txostenean ezarri dadin eran, zuzenketak egin beharko dira.

      3.-     Egitamuak eta Arauak Artezpideei, horietan finkatutako epearen barruan arauz egokitu ez edo Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak emandako txostena behartze-indarrekoa izanik, hor esaten dena bete gabe behin-betiko onarpena ematea gerta dadinean, Eusko Jaurlaritza, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailburuaren saloz, Lege honetako 3. atalean ematen zaion ahalmenaz baliatu ahal izango da.

      4.-     Nolanahi ere, Lege honetako 8.2 atalean ohartemandako esate-modu eta neurritan artez ezarri beharrekoak diren, edo antolakuntzari, nongoa finkatzeari, erabilpenari edo taiuketari buruzko erizpide zehatzak ezarrizko edo bazter utzizko Artezpideetako xedapenek, argitaratu daitezen une beretik, Udal Egitamu eta Arauetako xedapenekiko lehentasuna izango dute, hauek haiei arauz egokituta egon nahiz ez egon.

10. Atala

      Honako ihardunbide honi egokituko zaizkio Artezpideen aurkezpen eta onarpenak:

      1.-     Eusko Jaurlaritzari dagokio Lurralde-Antolakuntzako Artezpideak emateko egokitasunari edo horiek aldatzeari buruzko erabakia hartzea.

      Artezpideak lantzen hasteko agindua emanez Eusko Jaurlaritzak har dezan erabakia zio eta guztikoa izango da, horren bidezkotasun-arrazoiak adieraziz eta Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailak dagokion Aintzin-adierazpena gertatu beharko dueneko epea ere zehatz emango da.

      Erabaki hori Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian eta Autonomi Elkartean hedapenik handieneko diren egunkarietatik bitan gutxienez argitaratu beharko da.

      Erabaki horren berri, Udal Elkarteen bidez Udalei, Foru-Diputazioei eta Jaurlaritzak Euskal Herriko Autonomi Elkartean duen Ordezkariari ere emango zaie.

      2.-     Artezpideen Aintzin-adierazpenaren gidaritza eta hori gertatzeko ardura, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailari dagokio.

      Lurralde-mailako aginpideak izanezko Eusko Jaurlaritzako Sailek, seigarren atalean ematen diren Artezpideetako alor-mailako edukiei buruz dagozkien aintzin-uste eta xedapenak aurkeztuko dituzte, horiek Aintzin adierazpenean sartu ahal izateko. Ihardunbidearen gidari den Sailari hori eskatu dakion egunetik hasi eta hiru hilabeteko epearen barruan egin beharko da aurkezpen hori.

      Helburu bererako, Estaduko eta Foru Aldundietako Administraritzei, beren agintepeko arloetarako dituzten aintzin-asmoak jakitera eman ditzatela eskatuko zaie, eta hori aurreko atalean aipatutako aldi berean gauzatu beharko dute.

      3.-     Nolanahi ere, Artezpideen Aintzin-adierazpena gertatzeko, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailak, agiri hori ahalik eta egokien idazteko beharrezko diren xehetasunak eta argibideak eskatuko dizkie Eusko Jaurlaritzako gainontzeko Sailei, Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Sailei eta, hala behar izan dadinean, Udalei Udal Elkarteen bidez.

      Eskabide horri erantzuna dagokion herri-erakunde edo ihardutze-sailak eskabidea egin dadin egunetik hasi eta 2 hilabeteko epearen barruan eman beharko dio.

      Hala ere, esandako herri-erakunde eta ihardutze-sail horiek, helburu horiek lortzeko komenigarritzat jo ditzaten argipide eta iradokizunak bidali ahal izango dituzte, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailera.

      4.-     Artezpideen Aintzin-adierazpenari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolakuntzako Aholku-Batzordearen eta Euskal Autonomi Elkarteko Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen txostena egin beharko zaio.

      5.-     Aurreko idazatietan esandako Administraritzetara eta horretan interes dutentzat jotako herri eta norbanako-alorreko erakundeetara bidaliko da Artezpideen Aintzin-adierazpena, jaso diren txosten eta guzti, egokitzat jo ditzaten oharrak, saloak eta ordezko aukerak 3 hilabeteren barruan bidal ditzaten.

      6.-     Egindako oharrak eta iradokizunak aztertu ondoren, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailak egokitzat jo ditzan aldaketak egingo dizkio Aintzin-adierazpenari edo, hala badagokio, idazki berria idatziko du, hau Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolakuntzako Aholku-Batzordearen eta Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen txostenpean jarri beharko dela. Horiek kontutan hartuz, Artezpideei hasierako onarpena emango die bidezko baderitzo.

      7.-     Artezpideei hasierako onarpena emateko erabakia Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian, Estaduko "Boletín Oficial"ean eta Autonomi Elkartean kaleratzen diren egunkarietatik hedapenik handieneko bitan argitaratuko da eta, idazki oso-osoa, Jaurlaritzak Autonomi Elkartean duen Ordezkaritzara, Foru-Aldundietara eta, Udal Elkarteen bidez, Udaletara bidaliko.

      Hasierako onarpena emateko akordioa Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratzen den unean emango zaio bi hilabeteko entzutealdiari; aldi horretan, Administraritza eta Herri nahiz Norbanako-alorreko Erakunde ezberdinek egokitzat jotako oharrak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte, eta Artezpideei buruzko agirisorta Kondaira-Lurraldeetako bakoitzean horretarako jarriko den lekuan agerian eukiko da.

      8.-     Aurreko zenbakian esandako aldia amaitu eta entzutealdian jasotako emaitzak aztertu ondoren, hala behar izanez gero, bidezko izan daitezen aldaketak egingo dira eta ondoren, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailburuak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolakuntzako Aholku-Batzordeak eta Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak txostena egin ondoren, aldi baterako onarpena emango die Artezpideei eta Jaurlaritza-Batzarrari bidaliko dio, honek behin-betiko onarpena eman diezaien.

      9.-     Dekretu bidez emango da behin-betiko onarpena eta hori Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratuko, Artezpideetako xedapenen ezarketarako arauekin batera. Halaber, Artezpideen behin-betiko onarpena ematezko akordioa Estaduko "Boletín Oficial"ean eta Euskal Autonomi Elkartean kaleratzen diren egunkarietatik hedapen handieneko bitan gutxienez argitaratuko da.

      10.-  Lurralde-Antolakuntza Artezpideen aldaketak egiterapide hori erabat edo funtsean aldatzezkoak ez badira, Eusko Jaurlaritzak horretarako jarri dezan ihardunbidez egingo dira.

      Ihardunbide horretan, hala behar izanez gero, hasierako eta behin-betiko onarpenerako jarritako biderapenei eutsi beharko zaie, horietako jarritako epeak murriztu ahal iuzango direla.

      11.-  Bi urtez behin Jaurlaritzak egoera eta Lurralde-Antolakuntzako Artezpideen erabilera aztertuzko Argipide-Txostena egingo du.

II ATALBURUA

LURRALDEAREKIKO ZATI-EGITAMUA

11. Atala

      Lurraldearekiko Zati-Egitamuek Lurralde-Antolakuntzako Artezpideak osabideratuko dituzte hauek mugatzen dituzten eta udal batenak baino gehiagorenak diren alor edo aldeei dagozkienetan, horietako bakoitza antolatzeko Artezpideek ezartzen dituzten berarizko erizpideak zehaztuko dituztela.

12. Atala

      1.-     Honako xedapen hauek jasoko dira Lurraldearekiko Zati-Egitamuetan:

a)   Antolakuntzako helburuen zehaztapena, lurraldearen oraingo egoera, gizarte eta ekonomiaren aldetikako egoera eta horiek nolako aurrera-bidea izan dezaketen aztertzetik abiatuz.

b)   Azpiegitura handientzako irozkai izateko gai diren tokien zehaztapena, horien zernolakoen arabera.

c)   Egitamuaren gai den alor edo aldetarako guztien onerakoak izanezko antolapideen kokaleku-zehaztapena.

d)   Hiri-antolakuntza haiei atxikibeharko zaieneko irizpide, sortarau eta arau nagusiak.

e)   Birregokiketaren, birroneratzearen edo birgaitzearen gai izan beharreko tokien zehaztapena, horien andeapena eragozteko edo erabat edo bere baten bestelakoak izanezko erabileretarako birreskuratu ahal izateko. Baita horretarako garatu beharreko egitarauena eta horiek gauzatzeko bultzabide izan daitezen laguntza-neurriena ere.

f)    Dena dela, honako helburu hauetakoren batetarako gorde beharreko lurren luze-zabalaren zenbaketa:

-  agintaritza-babespeko etxebizitzak (herri nahiz norbanako-alorrak suztatuzkoak), edo etorkizunean beren azken prezioa berarizko araupeketaz mugatu dakiekeen beste edozein eratakoak egiteko.

-  Hirigintza-lanak egindako lur-eremuak eratzeko bide egin ahal izateko, industri lurraren herri-suztapena egiteko.

g)   Artezpideetan jasotzen diren xedapenak osabideratzeko beharrezkoak diren irizpide, arau eta sortarauak.

      2.-     Aurreko idazatian esandako xedapenak aurkeztu, beti ere, Toki-Erakundeei bermatzen zaien aginte-eremuari begirune izanez aurkeztuko dira.

      3.-     Honako agiri hauetan zehaztuko dituzte Lurraldearekiko Zati-Egitamuek beren xedapenak:

a)   Argipidetarako azterlanak eta launirudietan.

b)   Egitamuari buruzko azalpen-txostenean.

c)   Ekonomi eta Dirubideen azterketan.

d)   Egiteratze-egitarauan, lau urtekako alditan zatikatuz.

e)   Antolakuntzarako launirudi eta arauetan.

      4.-     Beren helburu eta nolakorako beharrezko eta egokitzat jotako beste agiriak ere jaso ahal izango dira Lurraldearekiko Zati-Egitamuan.

13. Atala

      Honako ihardunbide honen arabera egin eta onartuko dira Lurraldearekiko Zati-Egitamuak:

      1.-     Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailak nahiz Foru Aldundiek aukeran aurkeztu ahal izango dituzte, Egitamu hori Kondaira-Lurralde ezberdinetako Udal bati baino gehiagori doakiena bada salbu; horrelakoetan, aipatutako Saila baliatuko da arioaz, bere aginduz, nahiz Foru-Aldundiek eskatuta.

      Lurralde-Antolakuntzako Artezpideek horretarako mugatzen dituzten alor edo aldeetan sartzen diren Udalek, zio eta guztiko erabakiz, ario hori erabili dadin akio ekin ahal izango dute. Erabaki hori doakien eta biztanlegoaren erdia behintzat izanezko udalerrien hirutik bik hartutakoa izan dadinean, horretarako gai diren Administraritzentzat behartze-indarrekoa izango da.

      2.-     Arioa izan dezan autonomi nahiz foru-mailako Administraritzak, Egitamua idazteko beharrezko eritzitako informazio orokorra eta eraginpeko aldeari buruzkoan dituen asmo baita ekintza-egitarauei buruzko berarizkoa ere eskatuko dio besteari.

      Halaber, eraginpeko Udalei ere, ondorio horietarako beharrezko eritzitako argipideak eskatu ahal izango dizkiete.

      Estaduko Administraritzak ekintzarako eta diruezarketarako dituen aintzin-asmo eta egitarauei buruzko argipideak, Jaurlaritzak Autonomi Elkartean duen Ordezkaritzari eskatuko zaizkio, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailaren bidez.

      3.-     Egitamua egiteko arioa har dezan ihardutze-saila gai izango da ihardunbidea bideratzeko eta bai hari hasierako eta aldi baterako onarpena emateko ere.

      4.-     Hasierako onarpena eman aurretik Aintzin-adierazpena gertatuko da eta lurralde-mailako Herri-Administraritza guztiei bidaliko zaie, hauek bi hilabeteko aldian oharrak, iradokizunak, ordezko aukerak eta saloak egin ditzaten.

      5.-     Egitamuari hasierako onarpena emateko erabaki-saloak nahitaez Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen txosten eta guztikoa izan beharko du.

      6.-     Hasierako onarpena izan duen Egitamua, erabakia Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitara dadin egunetik hasi eta bi hilabetez herri-argipideketara aterako da. Era berean, Estaduko "Boletín Oficial"ean, dagokion Kondaira-Lurraldeko Aldizkari Ofizialean eta Autonomi Elkarteankaleratzen diren egunkarietatik hedapen handieneko bitan gutxienez ere argitaratu beharko da.

      7.-     Herri-argipideketara aterako aldi berean, horretan interesa duten Herri-Administraritza guztiei entzungo zaie, bidaliko zaien Egitamuari buruzko oharrak eta iradokizunak hilabeteren barruan egin ditzaten.

      8.-     Aurreko biderapen horien emaitza ikusi ondoren, aldi baterako onartzeko erabakia hartuko da eta hori, zehaztapidetzarekin batera, Lurralde-Antolakuntzako Batzordeari bidaliko zaio, honek arauz ezarrita dagoen txostena egin dezan.

      9.-     Hori egin ondoren, Batzordeak zehaztapidetza, bere txosten eta guzti, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailari bidaliko dio eta honek dagokion saloa Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dio, Egitamuari behin-betiko onarpena emateko.

      10.-  Eusko Jaurlaritzaren Dekretu bidezko onarpena, Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian Antolakuntzako Arauekin batera argitaratuko da. Era berean, Estaduko "Boletín Oficial"ean eta dagokion Kondaira-Lurraldeko Aldizkari Ofizialean eta Autonomia Elkartean kaleratzen diren egunkarietatik hedapen handieneko bitan gutxienez ere argitaratuko da.

14. Atala

      Lurraldearekiko Zati-Egitamuetako aldaketak Lege honen 10. ataleko 10 idazatian agindutakoari atxikiko zaizkio.

15. Atala

      1.-     Lurraldearekiko Zati-Egitamuek, Lurraren Legean arautzen diren Hirigintza-Egitamuak esate-modu eta neurri beretan lotzeko indarra izango dute.

      2.-     Lurraldearekiko Zati-Egitamuek lehendik dauden hirigintza-egitamuetan eragina izan dezatenean, une horretatik aurrera hauetan aldatuta gelditzen diren puntu zehatzak zehaztuko dira haien behin-betiko onarpena emateko erabakian, doakien Udalek xedapen horiek sartzeko beharrezko izan daitezen ihardunbideei ekin diezaienaren kaltetan gabe.

III ATALBURUA

LURRALDEAREKIKO ALOR-EGITAMUEI BURUZ.

16. Atala

      1.-     Eusko Jaurlaritzako Sailek gertatu eta lurraldean eragina izan dezaten egitamuak, Lurraldearekiko Alor-Egitamutzat hartuko dira eta Eusko Jaurlaritzak erabaki dezanean aurkeztuko dira.

      2.-     Lege honen ondorioetarako, Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Sailek gertatu eta onartu ditzatenegitamuak ere izaera berekoak izango dira.

17. Atala

      1.-     Lurraldearekiko Alor-Egitamuak Antolakuntza-Artezpideek zein horien garapenerako egin daitezen Lurraldearekiko Zati-Egitamuek zehaztutako lurralde-esparruan, hasiera-hasieratik, ahalik eta egokien sartzea bermatu ahal izateko, gaia dela-eta hori gertatzeko gaitasuna duten autonomiazko nahiz foruzko Administrazioko ihardutze-sailek aurrez iritzia eskatu beharko diote Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailari, alor-egitamuketaren helburu diren lan, ekintza edo zerbitzuen kokatzeko indarrean dagoen lurralde-antolakuntzak eskaintzen dituen aukera, konponbide eta ahalbide ezberdinei buruz.

      2.-     Kasu bakoitzean aukera dadin aukera indarrean dagoen lurralde-antolakuntzarekin baterakoa dela egiaztatu beharko da.

      3.-     Salbuespenez, Alor-Egitamua gertatzeko gaitasuna duen ihardutze-sailak aztertutako aukera eta konponbideetatik bat bera ere indarrean dagoen lurralde-antolakuntzan kokatzea ezinezko izan eta horren edukia berarizko herri-zuduzkoa izan dadinean, ihardutze-sail horrek Eusko Jaurlaritzari, lurralde-antolabideetan ezinbestekoak izan daitezkeen zuzenketak egiteko saloa egin ahal izango dio.

      Eusko Jaurlaritzak, Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen eta doakien Administraritzen eritzia jaso ondoren, bakoitzean bidezko izan dadin erabakia hartuko du.

      4.-     Lur-Jaurpideei buruzko Legeetan araupetutako hirigintza-egitamuak lurralde-antolabideetan egindako zuzenketei egokitu beharko zaizkie, horietan finkatutako epeen barruan, Lege honetako 9. atalean adierazitako ihardunbidearen arauera.

      5.-     Lurraldearekiko Alor-Egutamuek eta Lurralde-Antolakuntzako Artezpideekin eta, hala egokituz gero, Lurraldearekiko Zati-Egitamuekin izan ditzaten aurkakotasunak, horiek berebaitan izan ditzaten Alor-Egitamuen zatia edo zatiak indargabetzeko zio izango dira.

18. Atala

      1.-     Eusko Jaurlaritzako Sail ezberdinek aurkez ditzaten Lurraldearekiko Alor-Egitamuei buruzko erizpena nahitaez eman beharko dute Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailak eta Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak, eta txostenarekin batera Jaurlaritza-Batzarrari bidali beharko zaizkio, honek, hori doakion Saileko buruaren eta Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailburuaren saloz, behin-betiko onarpena emateko.

      2.-     Behin-betiko onarpen-erabakia Dekretuzkoa izango da eta Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratuko.

19. Atala

      17. ataleko 3 zenbakian ohartemandako agiangoan, Eusko Jaurlaritzako Sail ezberdinek gertatutako Lurraldearekiko Alor-Egitamuen behin-betiko onarpena, Eusko Jaurlaritzak lurralde-antolabideetan egin beharreko zuzenketak onartzearen menpe geratuko da, eta ordurarte ez du indarrik izango.

      Eusko Jaurlaritzak presazko arrazoiak daudela ikusiko balu, lurralde-antolabideen zuzenketa-bideraketan Aintzin-adierazpenik ez egiteko eta beste gabe hasierako onarpena emateko erabakia hartu ahal izango du, Lege honen 10. eta 13. ataletan esaten den herri-argipideketarako eta iritziak entzuteko aldiak erdira murriztuz.

20. Atala

      1.-     Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Sailek beren aginpideez baliatuz aurkez ditzaten Lurraldearekiko Alor-Egitamuak, Ihardutze-Sailok behin-betiko onartu baino lehen, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak arauzko txostena egin beharko du.

      2.-     17. ataleko 3 zenbakian ohartemandako agizkoan, Egitamuekin elkartu ezinezko diren lurralde-antolabideetan egin beharreko zuzenketak Eusko Jaurlaritzak behin-betiko onartu artean, ez da Egitamu horiek balioz egiteratzen inola ere hasterik izango.

      Honelakoetan, aurreko ataleko bigarren idazatian agindutakoak ere erabiltzekoa izaterik izango du.

21. Atala

      Lege honetako 17. atalean agindutakoa, Estaduko Administraritzak eta horren menpeko izaiki eta erakundeek, beren aginpideez baliatuz, suztatu behar ditzaten egitamu eta egitasmoekin ere erabili beharrekoa izango da.

      Eusko Jaurlaritzak lurralde-antolabideak zuzentzeko erabakia hartuko balu, 19. ataleko bigarren idazatian ohartemandako presazko ihardunbidez egingo da hori.

22. Atala

      Aurreko atalean esandako Lurraldearekiko Alor-Egitamuek eta, duten izaerarengatik udal eremu edo interesgarritasun hutsetik gorakoak izan eta, hala badagokio, horiek garatzen dituzten Antolakuntza-Artezpideetan eta Lurraldearekiko Zati-Egitamuetan zehaztutako lurralde-eremuan behar-bezala sartuta egon daitezen egitamu eta egitasmoek, horietako xedapenen bidez, lur-jaurpideei buruzko legeetan araututako hirigintza-egitamuak lotu egingo dituzte, 15.2 atalean ezartzen diren ondorioetarako.

23. Atala

      Lurralde eta Alor-Egitamuak elkarrekin gertatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak Herri-Administraritza ezberdinekin ituneak egin ahal izango ditu.

      Horretarako izenpetu daitezen ituneetan, Administrazioen arteko lankidetza-modua eta nolakoa zehaztuko da eta egitamu horiek lurralde eta hiri-antolabideekin, lege honetan ezarritako esate-modu eta neurritan, baterako direla bermatzeko behar diren moduak ezarriko dituzte.

III IZENBURUA

LURRALDE-ANTOLAKUNTZAREN ARTARAKO BESTELAKO HERRI-EKINTZEI BURUZ

24. Atala

      Euskal Herriko LurraldeAntolakuntzako Batzordeak, Lur-Jaurpidei buruzko legeetan araupetutako Hiri-Antolakuntzako Egitamu Nagusiak, Egitamu Bereziak eta Egitamuketa Osatzezko eta Ordezkatzezko Arauak behin betiko onartu baino lehen, gehienez hiru hilabeteko epearen barruan, horiei buruzko txostena nahitaez prestatu beharko du, horiek Lege honetan ohartemandako Lurralde-Antolabideei egokitzen zaizkiela egiaztatzeko.

      Txostenaren gai diren Egitamu eta Arauen eta antolabide horien artean aurkakotasunak edo bat ez etortzeak daudela ikusten bada, Batzordearen txostena behartze-indarrezkoa izango da.

25. Atala

      1.-     Lege honetan araupetutako lurralde-antolabideetako xedapenen edo Estaduko Administraritzak zein horren menpeko Herrilege-Alorreko Erakundeek eta Ihardutze-Erakundeek suztatutako lur-jaurpideei buruzko legeetan ohartemandako lan, ekintza edo zerbitzu-egitasmotarako hirigintza-egitamuenen aurkako izateagatik auzirik sortuko balitz, horiek Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legeko 180. atalak dioenaren arabera erabakiko dira.

      2.-     Egitasmoari baimena eman ondoren, Eusko Jaurlaritzak, horrek lurrean izan ditzakeen ondorioak aldez aurretik neurtuz, doakien lurralde-antolabide eta hirigintza-egitamuetan beharrezko izan daitezen aldaketak egiteko agindua emango du.

26. Atala

      1.-     Honako hauek dagozkio Eusko Jaurlaritzari:

a)   Lege honetan esaten diren lurralde-antolabideak behin-betiko onartzea, Lurraldearekiko Alor-Egitamuei buruz Foruzko Ihardutze-Sailek duten gaitasunaren kaltetan gabe.

b)   Lege honetako 3. atalak esaten den erabakia hartzea eta, behar izanez gero, horren arauera gertatu beharreko Egitamuketaren Ordezkatzezko Arauak onartzea.

c)   Salbuespenezko kasuetan, eta Lurrralde-Antolakuntzako Batzordeak aldez-aurre txostena eginik, hektareako 100 etxebizitza eraikitzeko baimena ematea. Aintzin-neurri hori, beti ere, dagozkion hiri-antolabideetan jaso beharko da.

d)   Egoerak komenigarri egin dezanean eta Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak aldez aurre txostena eginik, Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legearen (1976.eko Bateratutako Idazkia) azken erabakietako hirugarrenean, edo lurrarri edo hiri-antolakuntzari buruz indarrean dauden manuetan jasotako lege-arauetan horrekin baterakoetan esaten diren emendio eta aintzin-asmoen kopurua aurkeztea; Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailburuaren eta, behar izanez gero, Sail horretako buruaren eta gaiaren eretzean gaitasunaren jabe izanezko Sailburuaren saloz, beste emendio eta aintzin-asmo batzuk ezartzea.

e)   Euskal Herriko Elkarte Osorako edo Kondaira-Lurraldeetako Erakundeen menpeko herrilege-alorreko ihardutze-sail edo erakundeek suztatutakoak izanik, lege honetan araututako Hiri-Antolakuntzako edo Lurralde-Antolakuntzako Egitamuekin bat etorrizkoak ez badira, Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legearen 180.2 atalean esaten diren egitasmoak egiteratzea egoki den ala ez erabakitzea.

f)    Lur-eremu edo ihardutze-banako osoetan nahitaezko jabegokenketa egin izanaren eraginpeko ondasun eta eskubideez ahalik eta azkarren jabetu behar dela aldarrikatzea, lurraldeko edo horren osagaietakoren bateko edo hiri-lurrean ekintza bakanak egiteko oro-erapidetza erabakitzea.

      2.-     Aurreko zenbakian adierazitako gaiei buruzko saloak Jaurlaritza-Batzarrari egitea Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailburuari dagokio, 18. atalean agindutakoaren kaltetan gabe.

27. Atala

      Lege honetan eta hemen bertan araupetutako lurralde-antolabideetan agindutakoa bete dadila nornahik eskatu ahal izango du.

IV IZENBURUA

ELKAR HARTZEAZ ETA AHOLKU EMATEAZ

28. Atala

      Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordea da Lurralde eta Hiri-Antolakuntzari buruzkoan Euskal Herriko Autonomi Elkarteko elkar hartzeko aholku emateko ihardutze-saila, eta Lege honek, beste edozein legezko manuk eta araudiz finka daitezenek izenda diezazkioten aginpide eta egitekoak izango ditu.

29. Atala

      Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailburua izango da Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordeko buru eta horretan, araudiz finkatu dadin eran, Herri-Administraritza guztietako ordezkariak izango dira kide. Batzorde horretako Administrazio-Idazkaritza, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailean, gaiaren eretzean, horretazko gaitasuna duen Zuzendaritzari atxikiko zaio.

30. Atala

      Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolakuntzako Aholku-Batzordea Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailari atxikitako eskuharmenetarako saila da, eta Eusko Jaurlaritzaren lurralde-politikak izan behar duen kidekaketa eta Autonomi Elkarteko lurralde-antolakuntzan gizarteak partaidetza izatea bermatuko du. Eusko Jaurlaritzako Sail bakoitzeko ordezkari banak eta, beren lanbideagatik edo lurralde-antolakuntzarekin zerikusirik izanezko arazoetan duten ordezkotzagatik egokitzat jotako herritarren artetik aukeratutako beste hainbeste kidek osatuko dute.

      Eusko Jaurlaritzako Sailen eta Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen hurrenez-hurreneko saloz, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailburuak izendatuko ditu.

      Egitekoak, osakera eta ihardunbidea araudiz ezarriko dira.

31. Atala

      Lurralde-antolakuntzan eraginik izango duten aginpideak izanezko Herri-Administraritzek beren arteko harremanak, elkarri argipideak eta laguntza eman, elkar hartu eta elkarri begirune izan beharrari egokitu beharko zaizkie.

Erabaki Gehigarrietakoak

Lehenengoa

      Lege honetako hirugarren atalburuan agindutakoaren kaltetan gabe, Lurraldearekiko Alor-Egitamuak gaitasunaren jabe diren ihardutze-sailek aurkeztuko eta gertatuko dituzte, ezarri beharreko alor-legeetan ezarritako ihardunbideari eta, horren ezean, Lurraldearekiko Zati-Egitamuetarako Lege honetan ezarritakoari jarraiki.

Bigarrena

      Estaduko Administraritzak, aginpideez baliatuz, Lurraldearekiko Alor-Egitamuak aurkeztu eta gertatu ahal izango ditu, erabili beharreko alor-legeen arabera. Egitamu horiek behin-betiko onartzeko Lege honetako 20.1 atalean agindutakoa bete beharko da beti.

Hirugarrena

      Lurralde-antolabideetan edo hirigintza-egitamuetan ezarritako xedapenak alde batera utziz, izadiko ondamendiei edo larrialdiko egoerei aurre egiteko edo horiek onbideratzeko xedezko lan-egitasmoak egiteratzeko baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, horren berri doakien Udalei ematearen kaltetan gabe.

Laugarrena

      Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia Araupetzeko maiatzaren 30eko 2/1989 Legeko Gehigarrizko Erabakietatik Bigarrenaren 1 eta 3 zenbakietan agindutakoaren arabera, Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia onartzeak, honako hau dakar: lurraldearekiko zati eta alor-egitamuak eta eraginpeko udal edo hirigintza-eremuetako hirigintza-egitamuketari buruzko antolabideak Egitamuaren garapen-proiektuak egiteratzearekin elkartuezinak izan daitezenean, Errepideen Egitamuari egokitzea. Egitasmo horiek onartzen baldin badira, horietan ohartemandako lanak berehala egiteratzeko ahalmena emango dute.

Boskarrena

      Lurraldearekiko Alor-Egitamuetan ohartemandakoak eta nabarmenki lurralde-mailakoak izan, eta Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak Egitamua gertatzeko aldian horrelakoetan zermugatu dituen herri-lanak ez dira Toki-Jaurpideei buruzko Oinarri-Arauak araupetzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.1b) atalean esaten den udalaren aurre hartzezko kontrolpekoak izango.

      Hala ere, gaitasunaren jabe den Administraritzak herri-lanetarako egitasmoen berri doakien Udalei horiek onartzeko unean bertan emango die.

Seigarrena

      Udalek, Lege honetako 6.7, 6.8 eta 12.1 f) ataletan ezarritako xedapenak betetzeko, hiri-lurren, egitarau eta guztiko hirigintza-lanetarako gai izanezko lurren alor eta sailak, herri-suztapeneko, Babes Ofizialeko nahiz Industri-Lurretako ezein jaurpidepetako etxebizitzei buruzkoan, Lurralde-Antolakuntzako Artezpideetan eta Lurraldearekiko Zati-Egitamuetan jarritako aintzin-usteak bete behar direneko Hiri-Antolakuntzako Udal Egitamu Nagusian edo Udal Egitamuketako Ordezkatzezko Arauetan finkatuko dituzte; horretarako, beharrezko izanezko lurra sailkatu eta zermugatuko dute.

      Egitamuketan urreko idazatian ohartemandako helbururako izendatutako lurrak Hirigintza-Administraritzak kasu bakoitzerako egoki deritzon ihardutzeeraren bidez lortuko dira, Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko legeetan agindutakoaren arabera.

Aldi Baterako Erabakietakoak

Lehenengoa

      Lurralde-Antolakuntzako Artezpideak behin-betirako onartu artean, Lurraldearekiko Alor-Egitamuak gertatu eta bideratu ahal izango dituzte gaitasunaren jabe diren Herri-Administraritzek, Egitamuok, Lege honetan eta hasierako onarpena emana duten Lurralde-Antolakuntzako Artezpideetan jasotako helburuen aurkakoak izan ez izatearen baldintzapean.

Bigarrena

      Lege honetako 26. atalean ezarritako aginpideez gainera, honako hauek dagozkio Eusko Jaurlaritzari: ihardutze-eremua eta gehieneko eta gutxieneko prezioen taula onartzea eta etxe-bizitza eta hirigintza-egitamuak egiteratuz jabego-kenketa egin behar zaieneko lurren balio-neurketari buruzkoan, uztailaren 21eko 52/1962 Legearen babespean aurrera eramateko ihardunen presazkotasuna aldarrikatzea, lege hori Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko (1976.eko Bateratutako Idazkia) Legearen aldi baterako erabakietako laugarrenean ezarritakoaren arauera erabili beharreko izan dadinetan.

Hirugarrena

      Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen egitekoak, osakera eta ihardunbidea, Lege honetan agindutakoen aurkako izan ez dadinetan, araudiz araupetu ez daitezen bitartean, uztailaren 30eko 278/1985 Dekretuak erabili beharreko izaten jarraituko du.

Laugarrena

      Lurralde-Antolakuntzako Artezpideak eta Lurraldearekiko Zati-Egitamuak behin-betiko onar ez daitezen artean, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak, Erabaki Gehigarrietako Seigarrenean esandakoetarako, behar diren babes ofizialeko edo azken salneurria mugatua izanezko etxebizitzen kopurua zehaztu ahal izango du.

Azken Erabakietakoak

Lehenengoa

      Lege hau indarrean jartzetik hasi eta urtebeteko epearen barruan, Eusko Jaurlaritzak, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiru-Sailburuaren saloz, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde-Antolakuntzako Aholku-Batzordearen egitekoei, osakerari eta ihardunbideari buruzko Araudia onartuko du.

Bigarrena

      Lege hau garatzeko eta erabiltzeko beharrezkoak diren manuak emateko baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

Hirugarrena

      Euskal Herriko Autonomi Elkarteko lurraldean kendu egiten dira Lur-Jaurpideei eta Hiri-Antolakuntzari buruzko Legeko (apirilaren 9ko 1346/1976 Errege Dekretuz onartutako bateratutako idazkia) 6. atalean ohartemandako Antolakideketarako Lurraldekako Artezte-Egitamuak.

Laugarrena

      Lege honetan agindutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko manuak indarrik gabe gelditzen dira Euskal Herriko eremuan.

Boskarrena

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratutako egunaren biharamonean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra