3/2016 Legea, apirilaren 7koa, Zenbait Klausula Sozial Kontratazio Publikoan Sartzekoa
2016-04-07Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa
Argitalpena: EHAA, 2016/04/15, 71. zk. eta EAO, 2016/05/02, 105. zk.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
2016ko apirilaren 15a, 71. zenbakia
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
1560
3/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Zenbait Klausula Sozial Kontratazio Publikoan Sartzekoa.
Eusko Legebiltzarrak 3/2016 Legea, apirilaren 7koa, zenbait klausula sozial kontratazio publikoan sartzekoa onartu duela jakinarazten zaie euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginean ezartzen dira, kontratuak gauzatzeari dagokionez, izaera sozialeko zenbait kontsideraziori buruzko baldintza bereziak sartzeko aukera ematen duten mekanismoak. Era horretako aurreikuspenek Estatuko oinarrizko legeria osatzen dute kontratuen eremuan, zeinaren lege-garapena Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion.
Kontratazio publikoa jarduera ekonomiko esanguratsua da eta haren mende dago kontratu publikoak esleituta dauzkaten enpresa pribatuetan lan egiten duen pertsona asko; horregatik, botere publikoek egiaztatu behar dute laneko betebeharrak betetzen direla, eta helburu horrekin onartzen da lege hau.
Legea hiru kapitulutan egituratzen da, guztira zazpi artikulu jasoz, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen.
I. kapituluan, «Xedapen orokorrak» izenekoan, legearen xedea zehazten da, bai eta aplikazio-eremu objektiboa eta subjektiboa ere.
II. kapituluan, «Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratuetako klausula sozialak» izenekoan, klausula horiek ezartzeko habilitazio orokorra xedatzen da eta kontratazio-agirietan jaso beharreko klausula sozialak arautzen dira. Klausula horiek bi motatakoak izan daitezke: lehenengoa, enpresa kontratistaren lan-baldintzei dagokiena, eta bigarrena, aurreko kontratu baten xede den jardueran jarraitzen duen kontratu-esleipendunak lan-kontratuak subrogatzeari dagokiona.
III. kapituluan, «Klausula sozialak ez betetzea» izenekoan, aurreikuspen orokor bat gehitzen da zehapen-araubidea ezartzearen inguruan, klausula sozialetan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez direnerako.
Xedapen iragankorrak legearen aplikaziotik at uzten ditu dagoeneko esleitutako kontratazioak edo legea indarrean sartzen den unean hasitakoak. Bestalde, bi azken xedapenek legea indarrean sartzeko epea zehazten dute eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateei habilitazioa ematea lege honetan jasotako gutxieneko aurreikuspenak beren kontratazio-prozeduretan sartzeko beharrezko instrumentu juridikoak har ditzaten.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Lege honen xedea da kontratazioari buruzko Estatuko oinarrizko legeria garatzea izaera sozialeko klausulak sartzearen inguruan. Horretarako, gutxieneko aurreikuspen batzuk ezartzen dira, euskal sektore publikoa osatzen duten entitateetako kontratazio-organoek kontratazio-prozesuetan derrigorrez gehitu beharrekoak.
2. artikulua.– Aplikazio-eremu objektiboa.
Lege honetako xedapenak aplikatuko zaizkie euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek egindako obra-kontratuei, herri-lanak emateko kontratuei, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei eta zerbitzu-kontratuei, baldin eta kontratu horiek Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 6, 7, 8 eta 10. artikuluetan araututakoak badira.
3. artikulua.– Aplikazio-eremu subjektiboa.
1.– Lege hau aplikatuko zaie euskal sektore publikoa osatzen duten entitateetako kontratazio-organo guztiei.
2.– Lege honen ondorioetarako, euskal sektore publikotzat jotzen da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa.
b) Lurralde historikoetako foru-aldundiak eta horien mendeko erakunde instituzionalak eta sozietate publikoak.
c) Toki-erakundeak eta horien mendeko erakunde instituzionalak eta sozietate publikoak.
II. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO KONTRATUETAKO KLAUSULA SOZIALAK
4. artikulua.– Klausula sozialak kontratazio publikoan.
1.– Administrazio-klausula berezien agirietan sartu ahal izango dira, kontratua gauzatzeko moduari dagokionez, kontratuaren ezaugarriekin bat datozen izaera sozialeko eskakizun xehatuak, hala nola luzaroko langabeei lana emateko betebeharra, kontratistak bere ardurapean izatea gazte eta langabeentzako prestakuntza-jarduerak antolatzea, genero-berdintasuna sustatzeko neurriak edo immigranteak integratzeko neurriak hartzea, kontratua egite aldera pertsona desgaituak kontratatzea legeak ezartzen duen kopuruaren gainetik, eta antzeko beste eskakizun batzuk.
2.– Eskakizun horiek ezin daitezke izan ezkutuko espezifikazio teknikoak, hautaketa-irizpideak edo esleipen-irizpideak, eta, halaber, ezin izango dira diskriminatzaileak izan, kontratua gauzatzeko kaudimen tekniko nahikorik duen edozein lizitatzailek eskakizun horiek bete ahal izan ditzan.
5. artikulua.– Enpresa kontratisten gutxieneko lan-baldintzei buruzko klausula soziala.
1.– Administrazio-klausula berezien agirietan ohartaraziko da kontratuak bete egin beharko dituela indarrean dauden legezko, erregelamenduzko eta hitzarmenezko hainbat xedapen, betiere lan-arloan, Gizarte Segurantzaren arloan eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan aplikatzekoak badira.
2.– Administrazio-klausula berezien agirietan jasoko da lizitatzaileek adierazi beharko dutela, esleipena jaso ezkero, kontratuaren xede den jardueran arituko diren langileei aplikatuko zaien hitzarmen kolektiboa eta, halaber, eskatzen den informazio guztia eman beharko dela, behin kontratua esleitu eta gero, langileei benetan aplikatuko zaizkien lan-baldintzei buruz.
3.– Administrazio-klausula berezien agirietan adieraziko da esleipendunak hitzarmen kolektiboan jasotako soldata ordaindu beharko duela, kontratua gauzatzen den denbora guztian, betiere langileari dagokion lanbide-kategoriaren arabera, eta ordaintzekoa den soldata ezin izango da, inola ere, soldata hura baino txikiagoa izan.
4.– Hitzarmen kolektiboari buruzko informazioa esleipen-ebazpenean jasoko da eta, halaber, kontratatzailearen profilean argitaratuko da, enpresa esleipendunak adierazita badauka kontratuaren xede den jardueran arituko diren langileei aplikagarri zaiela halako hitzarmen kolektiboa.
5.– Lizitazio- eta kontratazio-prozesuetako administrazio-klausulen agiriek jaso beharko dute prozesu horietan lehiatzen direnek borondatez onesten dutela gardentasun instituzionala ematea lizitazio-, esleitze- eta gauzatze-prozesuen ondorioz sortzen diren datu guztiei, prozesu horiek bukatu arte.
6. artikulua.– Subrogazioari buruzko klausula soziala.
1.– Kontratazio-prozeduretan, dagokion hitzarmen kolektiboak esleipendunari zenbait lan-harremanetan enplegatzaile gisa subrogatzeko betebeharra ezartzen badio, kontratazio-organoaren mendeko zerbitzuek beharrezko informazioa eman beharko diete lizitatzaileei, agirian bertan edo dokumentazio osagarrian, subrogazioak eragindako langileen kontratuen baldintzei buruz, neurri horrek berekin ekarriko dituen lan-kostuak zehazki kalkulatzea ahalbidetzeko. Eta, aldi berean, adierazi beharko da informazio hori ematen dela artikulu honetan xedatutakoa betetzeko.
Ondorio horietarako, kontratuaren xede den prestazioa ematen ari den enpresak, eragindako langileen enplegatzailea bada, kontratazio-organoari eman beharko dio aipatutako informazioa, organo horrek hala eskatzen dionean.
2.– Prozedura hauetako lizitazio-iragarkietan eta administrazio-klausula berezien agirien azaletan ohartarazi beharko da halako kontratazioak berekin dakarrela langile guztien lan-kontratuen subrogazioa –hala badagokio, betebeharra ezartzen duen arauan jasotako gutxieneko antzinatasunarekin–, langile horiek beste kontrata batekoak izan arren kontratuaren xede den jarduera egiten ari baldin badira; horren ondorioz, enpresaburu berriari subrogatu egingo zaizkio aurrekoak zituen laneko eta Gizarte Segurantzako eskubideak eta betebeharrak.
3.– Aurreikusten bada enpresa esleipendunak hirugarrenekin kontratatu ahal duela kontratuaren zati bat egitea, aukera hori arautuko duen klausula bat sartuko da administrazio-klausula berezien agirietan, eta berariaz jasoko da kontratista nagusiak bere gain hartuko duela kontratua gauzatzeko erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean, administrazio-klausula berezien agirietan jasotakoari eta kontratuaren nondik norakoei zorrozki lotuz, barne hartuta arlo sozialeko eta laboraleko betebeharrak betetzea.
III. KAPITULUA
KLAUSULA SOZIALAK EZ BETETZEA
7. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharrak kontratuak gauzatzeko baldintza berezi gisa ezarri behar dira, eta betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da kontratuak gauzatzen diren bitartean.
2.– Kontratazio-organoek lege honetan xedatutako betebeharrak betetzen direla zaindu beharko dute. Horretarako, agirietan jasoko dituzte ez-betetzearen ondorioak, hala nola zigorrak ezartzea, enpresaburuei kontratatzeko debekua ezartzea edo kontratua suntsitzea baldin eta ez-betetzea arau-hauste larritzat jotzen bada.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege hau ez zaie aplikatuko legea indarrean sartu aurretik esleitutako kontratuei, ez eta indarrean sartu aurretik hasitako kontratazio-espedienteei ere, eta, ondorio horietarako, kontratazio-espedienteak hasitzat joko dira kontratuaren esleipen-prozedurari dagokion deialdia argitaratu bada. Prozedura negoziatuen kasuan, agirien onartze-data hartuko da kontuan hasierako unea zehazteko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Lege hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena.– 1.– Euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek beharrezko tresna juridikoak hartuko dituzte beren kontratazio-prozeduretan lege honetako aurreikuspenak gehitzeko, kontratazio-arloko klausula sozialen inguruan lege honek jasotzen dituen gutxieneko arauak egoki deritzonetan zabalduz eta zehaztuz.
2.– Halaber, baliozkotasun eta eraginkortasun osoa izango dute euskal sektore publikoko entitateek lege hau indarrean sartu baino lehen onartutako kontratazio publikoaren arloko xedapenek eta jarraibideek, baldin eta aurreko paragrafoko eskakizunak betetzen dituzten klausula sozialak jasotzen badituzte.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 7a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net