Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2012 Legea, otsailaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko Legea aldatzeko dena

2012-02-16

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/2/28, 42. zk.; EAO, 2012/3/16, 65. zk.

§ 334. 3/2012 LEGEA, otsailaREN 16KOA, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortarazteari buruzko Legea aldatzen dituenA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeari ematen dizkion eginkizunak aurretiaz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bete izan ditu, eta eginkizun horiek, aldi berean, erakunde autonomoak izendatuta dituen egitekoekin bat datoz. Ondorioz, eskumen-gatazkak sortzea eta egitekoak gainjartzea saihesteko eta administrazio-egiturak arrazionalizatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legea aldatzeko arau hau onartzen da, xede izanik aipatutako defentsa-erakundea kentzea eta haren gaiak eta eginkizunak Emakunden txertatzea.

 

       Helburu horrekin, lege-aldaketa honen xedea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko VIII. kapitulua sortzea eta lege horren beraren IV. titulua kentzea da eta, halaber, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen zenbait artikulu aldatzea.

 

       Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 31/1979 Lege Organikoaren I. tituluan ("Euskal Herriaren eskumenak"), 10.39 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen zaio emakumeen egoerari buruz.

 

Lehenengo artikulua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen IV. titulua kentzea

 

       Kendu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen IV. titulua.

 

Bigarren artikulua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko VIII. kapitulua sortzea

 

       Sortu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko VIII. kapitulua, honako idazkera honekin:

 

"BERDINTASUNAREN ETA SEXUAGATIKO BEREIZKERIA EZAREN PRINTZIPIOA DEFENDATZEA SEKTORE PRIBATUAN

 

I. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK

 

63. artikulua. Atxikipena

 

       Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio sexuagatiko bereizkeria-egoeretan herritarrak defendatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa bete dadin sustatzea.

 

64. artikulua. Egitekoak

 

       Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ondoko egiteko hauetan jardungo du:

 

a)  Ikerketak egitea, ofizioz edo alderen batek eskatuta, sektore pribatuan sexuagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria gertatu dela uste bada, halako bereizkeria-egoerak argitzeko.

b)  Negoziazio-bideak eta gomendioak ematea pertsona fisiko nahiz juridikoei, sektore pribatuan gertatzen diren sexuagatiko bereizkeria-egoerak edo -ekintzak zuzentzeko, eta emandako gomendioen jarraipena egitea, betetzen diren ikusteko.

c)  Herritarrei aholku ematea, sektore pribatuan sexuagatiko bereizkeria-egoerak gerta daitezkeenean.

d)  Jazarpen sexistaren kasuak errazago konpontzeko bitarteko izatea.

e)  Egiten dituen jarduera eta ikerketen berri ematea, eta lege honetan xedatutakoari jarraiki txostenak eta irizpenak egitea.

f)   Lan Administrazioko agintaritzarekin lankidetzan jardutea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan bereizkeriaren aurkako lan-arauak betetzen diren begiratzeko.

 

65. artikulua. Mugak

 

       1.    Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ez du bana-banako azterketarik egingo pertsonen intimitateari dagozkion kexetan, ez eta jada epai irmo bidez erabaki direnetan edo epaileak oraindik ebazteke dituenetan ere. Era berean, jarduketa bertan behera utzi beharko du, baldin eta, jarduketa hasi ondoren, interesdunak auzitegi arruntetan edo Konstituzio Auzitegian salaketa edo errekurtsoa aurkezten badu.

 

       2.    Ikerketako egintzek ustez bereizkeria eragin duten jokaera edo gertakariei zuzenean lotuta egon behar dute, eta gertatutakoa argitzeko behar direnak baino ez dira egingo.

 

       3.    Nolanahi ere, egiten dituen ikerketak zuhurtzia zorrotzenaz egin beharko dira, egokitzat jotzen dituen oharrak bere txostenetan jaso ahal izango dituen arren.

 

66. artikulua. Laguntza emateko betebeharra

 

       Ikertzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztien betebeharra da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lana erraztea. Horretarako, gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren datu, agiri, txosten eta azalpenak eman beharko dituzte, zentzuzko epe baten barruan, eta, aldez aurreko abisua izanda, pertsona horiek beren egoitzetan sartzen ere utziko dute, bizilekua denean salbu, esanbidezko baimena lortu beharko baita haien bizilekuan sartu ahal izateko.

 

2. ATALA. FUNTZIONAMENDUA

 

IKERKETA PROZEDURA

 

67. artikulua. Hasiera

 

       1.    Sexuagatiko bereizkeria jasaten duela uste duen edozein pertsonak edo pertsona-taldek, edo horiek legitimoki ordezkatzen dituztenek, kexa aurkez dezakete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean.

 

       2.    Beren helburuen artean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zaintzea helburu duten elkarteak, erakundeak eta beste pertsona juridiko batzuk legitimatuta daude prozedura hasteko eta prozeduran parte hartzeko, bere burua diskriminatutzat duen pertsonaren izenean edo hari lagunduz, baldin eta pertsona horren baimena badute.

 

       3.    Eraginpeko pertsonaren nazionalitatea, bizilekua, adina eta legezko ezintasuna ez dira oztopo izango Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundera jotzeko.

 

       4.    Kexa idatziz edo ahoz aurkez daiteke, eta beti arrazoitu beharko da.

 

       5.    Lehenik, kexa balioetsi egin behar da, onar daitekeen ebazteko. Ez da kexarik onartuko inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

 

a)  Legitimazio aktiborik ez izatea, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

b)  Urtebeteko epea igaro izatea kexa eragin zuten jokabidea edo gertakariak amaitu zirenetik.

c)  Kexa nork egiten duen ez adieraztea.

d)  Fede txarrez jokatzea edo prozedura abusuz erabiltzea. Horrelakoetan, kriminalitate-zantzurik egonez gero, agintaritza judizial eskudunari jakinarazi beharko zaio.

e)  Kexa nabarmenki funsgabea izatea, edo eskatzen diren datuak ez ematea.

f) Kexa jada Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aztertu duen gairen bati buruzkoa izatea.

g)  Kexak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eskumen-eremuarekin zerikusirik ez izatea. Ararteko Erakundeari edo Herriaren Defentsariaren Erakundeari igorri behar zaizkio haien eskumen-eremuekin zerikusia duten kexak.

 

       6.    Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak uste badu kexa ez dela izapidetu behar, interesdunari jakinarazi behar dio idazki arrazoitu batez, eta, hala badagokio, kasuan eskudun diren erakundeei buruzko informazioa emango dio.

 

68. artikulua. Instrukzioa

 

       1.    Kexa izapidetzeko onartu ondoren, gertakariak argitzeko behar diren ikerketa-eginbideei ekin beharko zaie.

 

       2.    Prozeduraren fase honetan, beraren kontra kexa jarrita duen pertsonari entzungo zaio.

 

69. artikulua. Amaiera

 

       1.    Prozedura honela amaituko da:

 

a)  Prozedurari amaiera ematen dion ebazpen batez.

b)  Kexa aurkeztu duen pertsonak atzera egiten badu, betiere hirugarrenei kalterik sortzen ez bazaie.

 

       2.    Prozedura amaitzen duen ebazpenak ikerketen emaitzen berri eman behar du. Ebazpenean, egoki ikusten diren adiskidetze-neurriak proposa dakizkieke bi aldeei, bereizkeria-egoerak edo -ekintzak edo emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna oztopa dezaketenak erauzteko. Horretarako, beraren kontra kexa jarrita duen pertsonari gomendioak ere eman dakizkioke. Inoiz ere ezingo du bereizkeria-egintzarik ezeztatu, deuseztatu edo zehatu.

 

       3.    Beraren kontra kexa jarrita duen pertsonak ez baditu betetzen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emandako gomendioak, erakunde horrek informazioa emango dio eraginpeko pertsonari, bereizkeriagatiko erreklamazioak beste instantzia administratibo edo judizial batzuetan izapidetu ahal izateko.

 

       4.    Ikerketaren aldian arrazoizko kriminalitate-zantzurik antzematen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Fiskaltzari jakinarazi beharko dio.

 

III. ATALA. TXOSTENAK ETA IRIZPENAK

 

70. artikulua. Urteko txostena

 

       1.    Emakunde-Euskal Emakumearen Erakundeak txostena egin behar du urtero, honako hauek jasotzeko.

 

a)  Ofizioz edo aldeek eskatuta egindako ikerketen zerrenda eta horien emaitza; egindako adiskidetze-proposamenak eta emandako gomendioak ere adieraziko dira, bai eta onartu diren ala ez.

b)  Ezetsitako kexen zerrenda eta ezesteko arrazoiak.

c)  71. artikuluan xedatuaren arabera egindako irizpenen zerrenda.

d)  Interesgarritzat jotako beste edozein gai.

 

       2.    Txostena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu behar da.

 

71. artikulua. Irizpenak

 

       Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea zerbitzu eskuduna da Lan Prozedurari buruzko Legearen 95. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako irizpenak egiteko".

 

Hirugarren artikulua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 77. artikuluko 2 eta 3 paragrafoak aldatzea

 

       Aldatu egiten dira 77. artikuluko 2 eta 3. paragrafoak. Honela geratuko dira:

 

"2.   Arau-hauste arina da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ikerketa-lana partzialki oztopatzea edo ukatzea.

 

3.    Arau-hauste larriak dira:

 

a)  Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bereizkeria arloko ikerketa-lana guztiz oztopatzea edo ukatzea.

b)  Lege honetako 26.1, 26.2, 30.1 eta 40.1 artikuluetan ezarritako betebehar eta debekuak ez betetzea.

c)  Gutxienez bi arau-hauste arin errepikatzea".

 

Laugarren artikulua. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3. artikuluko b) eta c) idatz-zatiak aldatzea

 

       Aldatu egiten dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3. artikuluko b) eta c) idatz-zatiak. Honela geratuko dira:

 

"b) Berdintasunerako politiken eta Erkidegoko legediaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioarekin bat ote datozen eta bereizkeriaren aurkako araudia zenbateraino betetzen ote den ikusteko.

c)  Legegintzako proposamenak eta legedia aldatzekoak egitea, sexu bien arteko berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izatea oztopatzen edo eragozten duten trabak kentzeko; eta lege hau garatzeko araudia proposatzea".

 

Bosgarren artikulua. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3. artikuluko p) idatz-zatia kentzea

 

       Kendu egiten da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sortaraztari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3. artikuluko p) idatz-zatia.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Beren-beregi indargabeturik geratzen da ekainaren 13ko 119/2006 Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearen antolakuntza eta funtzionamendurako Araudia onartzekoa.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organiko eta funtzionalaren dekretua aldatzea

 

       Sei hileko epean, Eusko Jaurlaritzak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organiko eta funtzionalari buruzko Dekretua aldatuko du, lege honetako xedapenak betetze aldera beharrezko aldaketak egiteko.

 

Bigarrena. Indarrean sartzea

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra