3/2011 Legea, urriaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa
2011-10-13Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2011/11/2, 207. zk.; EAO, 2011/11/11, 207. zk.
§ 328. 3/2011 LEGEA,
URRIAREN 13KOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoA
ZIOEN
AZALPENA
Enplegua
sortzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea da Europar Batasuneko nahiz Batasuna
osatzen duten estatuetako aginte publikoen helburu nagusietako bat.
Amsterdamgo
Hitzarmena indarrean jarri zenean, enplegua sustatzea Batasunaren helburuen
artean sartu zen eta, era horretara, "interes orokorreko gai" bihurtu
zen. Lisboa, Niza eta Bartzelonako Europar Kontseiluetan enplegu betea lortzera
bideratutako politika aktiboak "lanpostu gehiago eta hobeak"
bultzada berezia eskatzen duten hiru sektoreetako bat zirela adierazi zuten.
Helburu
hori lortzen laguntzeko, Europar Kontseiluak estatu kideetako enplegu-politiken
arteko koordinazioaren alde egin du, eta koordinazio hori, edonola ere,
Enpleguari buruzko Luxemburgeko Ezohiko Gailurrean Batasunerako adostutako jarraibideetara
egokituko da eta lanaren eta enpleguaren arloan eskumenak dituzten
lurralde-mailako erakunde guztietara hedatuko da.
Estatu
espainiarraren esparruan Espainiako Konstituzioaren 40. eta 41. artikuluetan
(RCL 1978, 2836; ApNDL 2875) aginte publikoei agintzen zaie enplegu betea
jomuga izango duten politikak egin ditzatela eta langabezia-kasuan behar
besteko laguntza eta prestazioak ziurta ditzatela. Agindu hori kontuan hartuta,
Espainiako Konstituzioaren 148.1.13. artikuluak ahalbidetzen du autonomia-erkidegoek
ekonomiaren garapena bultzatzearen esparruan eskumenak bere gain hartzea,
nazio-politika ekonomikorako jarritako helburuen baitan. Konstituzioaren
149.1.13. artikuluak Estatuari uzten dio ekonomia-jarduera oro har
planifikatzeko oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumen esklusiboa, eta
149.1.7 artikulu berean ezartzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela
lan-legerian, autonomia-erkidegoetako organoek hura gauzatzeari kalterik egin
gabe.
EAEn
enplegu-plan instituzionaletan aurkitzen dugu enplegu-politikei eta enpleguaren
hazkundeari buruzko erreferentzia. Plan horietan jarritako azken helburuen
artean daude lan-jardueraren mailak igotzea eta langabezia murriztea, Europar
Batasunean dauden mailen batezbestekora eta Europako Enplegu Estrategiak ezarri
dituen helburuetara hurbiltze aldera. Legeak, azpimarratu beharra dago,
lidergoa Eusko Jaurlaritzari ematen dio enplegu-politiketan eskumena duten
organoekin eta tresnekin informazioa trukatzeko, elkarlanean aritzeko eta
koordinatzeko prozedurak ezartzeko, bere plan integralak, sailenak eta sailen
artekoak, definitu eta beteko dituenean. Horrez gain, Lege hau garatzerakoan
onetsiko diren plan, programa eta neurrien erreferentzia izango dira Europako
Enplegu Estrategia eta lan arloko legedia betetzearen ondorioz emango diren
gainerako xedapenak. Bikoiztasunak ekiditeko eta sistema eraginkorra, globala
eta bateratua bermatzeko helburuarekin, koordinazio-, kooperazio- eta
kolaborazio-eredu bat ezartzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua foru-aldundiekin
eta enplegu-politika aktiboen arloan ekintzak garatzen dituzten
toki-erakundeekin aritu dadin.
Euskal
Herriko Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez
onetsi zenak, 12.2 artikuluan ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoari
dagokiola lan-legeriaren arloko Estatuko legeria betearaztea, esparru horretan
lan-harremanei dagokienez gaur egun Estatuak dituen ahalmenak eta eskumenak
bere gain hartuta. Estatutuan ezartzen da, halaber, Autonomia Erkidegoari
dagokiola, Estatuko goi-ikuskapenarekin batera, honek lan-legeria betearazteko
dituen zerbitzuak antolatu, zuzendu eta babesteko ahalmena, eta langileen
kualifikazioa eta prestakuntza osoa bultza daitezen lan-baldintzak gizartearen
aurrerabide eta garapenera egokitzen saiatuz.
Bestalde,
Autonomia Estatutuaren 10.25 artikuluan ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoak
eskumen esklusiboa duela Euskadiko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta
planifikatzeko ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera.
Euskal
Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen
abenduaren 23ko 2/2009 Legearen xedapen gehigarrietako bigarrenak
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eratzen du zuzenbide pribatuko ente publiko
gisa.
Autonomia-erkidego
guzti-guztiek onartu dute enplegu-zerbitzu publikoak erakunde autonomo gisa
eratzea.
Azaroaren
5eko 1441/2010 Errege Dekretuak jasotzen du Transferentzien Batzorde Mistoaren
erabakia Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko lanaren, enpleguaren eta
enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloan lan-legedia exekutatzeari dagokionez
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten dituen funtzioak eta zerbitzuak.
Kasu
honetan, erdozein enplegu-zerbitzu publikoren balizko gune funtzionala, eta,
bereziki, araudi honetan jasota dagoena, erakunde autonomo gisa uztartzen da
bere izaera naturalean zein juridikoan, eta, beraz, zuzenbide publikoari eta
bere kontrolei lotuta behar du egon.
Eragin
horietarako, lege honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde
autonomo gisa eratzen da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko
Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997
legegintza-dekretuaren 7.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Legea
lau kapitulutan dago antolatuta.
I.
kapituluan erakundearen izaera, helburuak eta eginkizunak arautzen dira.
Hirugarren artikuluan laugarren atal bat sartu da enplegu-politika aktiboen
transferentzia berehala egitekoa denez.
II.
kapituluan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organoak arautzen dira.
III.
kapitulua langileei eta baliabide ekonomikoei buruzkoa da.
IV.
kapituluan araubide juridikoa jaso da.
I.
KAPITULUA
IZAERA,
HELBURUAK, EGINKIZUNAK, ETA DESEGITEA
1.
Artikulua - Eratzea eta izaera
1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eratzen da
administrazio-erakunde autonomo gisa, eta nortasun juridiko propioa eta
jarduteko erabateko ahalmena izango ditu.
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua gidatuko da
egungo legeak ezarritakoaren, Euskadiko Autonomia Erkidegoan administrazio-erakunde
autonomoei aplika dakiekeen araudiaren eta euren estatutuen arabera, estatutuok
Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko baitira, lanaren arloan eskuduna
den sailak proposatuta.
3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua enpleguaren
arloan eskuduna den sailari atxikita geratuko da.
2.
Artikulua - Helburuak
1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak helburu
gisa du laguntzea egonkorra eta kalitatezkoa den enplegua izateko eskubidea
erabat gara dadin eta laguntzea lan-merkatua osa dadin eraginkortasunez
langileen enpleagarritasuna bermatzeko, eta enpresen eskaerei egokitutako
langileen beharrei erantzuteko, eta kohesio soziala eta lurralde-kohesioa
laguntzeko, agintzen zaizkion enplegu-politikak eta lan-legedia egikaritzeko
politikak kudeatuz.
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
jardunbideak irizpide zehatz batzuk beteko ditu, hala nola, gardentasuna,
aukera-berdintasuna eta bere ekintzan inor ez diskriminatzea; beste politika
publikoekin koherentzia eta arrazionalizazioa bilatuko ditu beti eta bere
funtzionamenduan efikazia eta efizientzia etengabe lortzen saiatuko da; tokian
tokiko errealitatera egokituko da; bere zerbitzuetan kalitatea eta arreta
pertsonalizatua eskainiko ditu; bere funtzio publikoak doakoak izango dira eta etengabeko
elkarrizketa izango du gizarte-eragileekin.
3. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu
Zerbitzuaren xedea bere zerbitzuen erabiltzaileak artatzeko sistema
modernizatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzea
da.
3.
Artikulua - Eginkizunak
Euskadiren
eskumen-esparruan, honako hauek dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
eginkizunak:
a) Euskadiko
Autonomia Erkidegoaren eskumeneko enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta
lan-txertatzearen arloko politika publikoen antolamendu eta plangintza
orokorra, sektoriala eta lurraldekoa proposatzea.
b) Enpleguko,
enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen
sustapenerako programak kudeatzea.
c) Enplegu
egonkorra sortzeko gizarte-ekonomiako programak ezartzea.
d) Enplegua
sortzeko tokiko ekimenak babesteko programak diseinatzea, toki erakundeekin
lankidetzan, enpleguaren aldeko tokian tokiko itunak garatzea sustatuz.
e) Europar
Batasunaren Eures Sareari (Europako Enplegu Zerbitzuak) dagozkion eginkizunak
betetzea.
f) Lan-merkatuaren
beharrizanen, okupazio-profilen eboluzioaren, lanbide-eskakizunen eta lan-orientazioaren prospekzio eta informazio
arloan betearazteko eginkizun guztiak betetzea.
g) Lan-bitartekotza
kudeatzea eta enpleguaren eskatzaileen erregistroa eramatea, eta
lan-kontratuen, euren luzapenen, bukaeren eta eginkizun lotuen komunikazioa
jasotzea.
h) Euskal
Autonomia Erkidegoaren esparruan diharduten enplegu-agentziei dagozkien
gainerako eskumenak baimendu eta gauzatzea.
i) Enpleguaren
eta prestakuntzaren arloko lankidetza-hitzarmenak sinatzea.
j) ETEei
(Enpresa Txiki eta Ertainak) prestakuntzan, enpleguan eta garapenean laguntzeko
bulegoak sortzea, Tokiko Administrazioarekin koordinatutako leihatila bakar
gisa.
k) Enplegu-programa
bereziak egitea lan-munduan eta gizartean sartzeko zailtasun bereziak dituzten
gizataldeentzako.
l) Enpresaburuek
lan-kontratuak erregistratzeko edo, hala badagokio, jakinarazteko
betebeharrarekin zerikusia duten eginkizunak, kontratuak erregistratzeko
lan-legerian etarrita daudenak, betetzea eta lan-kontratua amaitzean Enplegu
Bulegoari horren berri ematea.
m) Enplegu-eskatzaileen
izen-ematearekin eta erregistroarekin zerikusia duten eginkizunak betetzea.
n) Enplegu-eskatzaile
gisa langabeziako prestazioen eskatzaileek edo onuradunek dituzten betebeharrak
betetzen direla egiaztatzea, eta ez-betetzeen berri ematea, hala dagokionean,
prestazioen erakunde kudeatzaileari.
ñ) Zehatzeko
ahala betetzea enpleguari eta langabeziari buruzko arloetan, bere legeria
espezifikoan ezarritako baldintzetan.
o) Saiakuntzako
proiektuak diseinatzea, bereziki europar eremukoak, enplegu-arloko zerbitzuen
eskaintzan ikuspegi eta irtenbide berriak garatzea ahalbidetuko dutenak.
p) Enplegurako
Urteko Prestakuntza Plana egitea, onartzea eta ebaluatzea.
q) Tokiko
erakundeen prestakuntza-planetan parte hartzea.
r) Gizarte-eragileekin
parte hartzeko bideak ezartzea.
s) Enplegurako
prestakuntza-jarduerak burutzeko laguntza teknikoa eskaintzea.
t) Lankidetza-zentroak
eta -erakundeak homologatzeko eta errekonozitzeko irizpideak ezartzea, bai eta
euren funtzionamendua gainbegiratu eta kontrolatzea ere.
u) Urteko
Memoria egitea.
v) Arlo
hori erregulatzen duen legeriak ezarritako moduan, diru-sarrerak bermatzeko
prestazio ekonomikoak tramitatzea.
w) Herritarrek,
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak erabiltzen dituztenean, erkidego
honetako gurago duten hizkuntza ofiziala aukeratzea izango dutela segurtatzea.
x) Enplegu
eta lan-merkaturatze politiken arloetan legeek edo Eusko Jaurlaritzak egozten
dizkioten edo Estatuko Gobernuak eskualdatzen, eskuordetzen edo gomendatzen
dizkion beste zernahi eginkizun garatzea.
4.
Artikulua - Koordinazioa eta lankidetza
Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuak elkarlanerako eta lankidetzarako akordioak egin ahal izango
ditu edozein pertsona juridikorekin, publikoa edo pribatua izan, bere helburuak
eta jarduerak Eskualdeko Enplegu Zerbitzuarentzat interesa dutenean lanbide
heziketaren, orientazioaren, lan-bitartekaritzaren eta lan-merkaturatzearen
arloetan, gizarte- eta ekonomia-eragileen lankidetza eta parte hartzea sustatuz
esparru horietan.
5.
Artikulua - Desegitea eta likidatzea
1. Erakunde Autonomoa desegitea Administrazio
Kontseiluak proposatuko du eta Eusko Legebiltzarrak legez onetsiko du.
2. Dagokion arauak ezarriko du zein neurri
izango zaizkien ezargarri erakundeko langileei, langile horiek arautzen dituen
legeriaren esparruan.
3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua desegiten
denean, bere ondarea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuetara pasatuko da.
II.
KAPITULUA
LANBIDE-EUSKAL
ENPLEGU ZERBITZUAREN ORGANOAK
6.
Artikulua - Gobernu-organoak
1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
gobernu-organoak honako hauek dira:
a) Lehendakaritza.
b) Administrazio
Kontseilua.
c) Zuzendaritza
Nagusia.
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
estatutuok erakundearen egitura organiko eta funtzionalari buruzko alderdiak
garatuko dituzte eta, horren arabera, beraren funtzionamendu-erregimena
ezarriko dute, bai eta beraren xedeak hobeto betetzeko beharrezko diren
bestelako alderdi guztiak ere.
7.
Artikulua - Administrazio Kontseilua
1. Administrazio Kontseilua Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organo gorena da eta hamabost kidek osatuko dute.
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio
Kontseilua honako kide hauek osatzen dute:
a) Presidentea,
zeina izango baita enpleguaren alorrean eskuduna den sailaren pertsona
titularra.
b) Presidenteordea,
zeina izango baita enpleguaren alorrean eskuduna den sailburuordetzaren
pertsona titularra.
c) Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
d) Bi
kide, zeinak Eusko Jaurlaritzak izendatuko baititu eta, hala badagokio,
kargutik kendu, enpleguaren arloan eskuduna den sailak proposatuta.
e) Bost
kide, Euskadin ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen ordezkari gisa.
Bost kide, Euskadin ordezkaritzarik
handiena duten sektore arteko enpresa-erakundeen ordezkari gisa
3. Administrazio Kontseiluaren akordioak
bertaratutako kideek emandako botoen gehinego soilez hartzen dira, eta beharrezkoa
da Administrazioa ordezkatzen dutenen aldeko botoa. Lehendakariak kalitatezko
botoa du berdinketak desegiteko.
Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak betetzeko akordiorik hartzea behin eta berriro
ezinezko gertatzen denean eta erabaki horiek atzeratzerik ez dagoenean,
Administrazio Kontseiluko lehendakariak, behin beharra eta presa justifikatu
ondoren, dena delako gaiaz botazio ez ohikoa egitea erabaki ahal izango du
salbuespen gisa, halako moldez non hartu beharreko akordioa hartu ahal izango
den, aski izanik horretarako Administrazioa ordezkatzen duten kideen aldeko
botoa.
8.
Artikulua - Administrazio Kontseluaren eginkizunak
Honako
hauek dira Kontseiluaren eginkizunak
a) Erakundearen
aurrekontu-aurreproiektua, kontuak eta urteko memoria onartzea.
b) Erakundearen
plan orokorrak eta jarduera-programak onartzea.
c) Enplegu
Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.
d) Enplegurako
Prestakuntza Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.
e) Erakunde
publiko eta preibatu, unibertsitate, enpresa edo partikularrekiko
lankidetza-hitzarmenak onartzea enplegu eta prestakuntza alorrean.
f) Enplegu
eta prestakuntza alorreko laguntza-deialdiak egitea.
g) Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren jarduteko irizpideak prestatzea.
h) Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa kontrolatu eta ebaluatzea, bere helburuak hobeto
betetzeko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea.
i) Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko
Erregelamenduaren onarpena proposatzea.
j) Gai
jakinetarako batzorde teknikoak edo lan-taldeak era daitezen onestea, eta bere
osaketa eta zereginak erabakitzea.
k) Zuzendaritza-karguen
izendapenaren eta kargu-uzteen berri ematea.
l) Erakundearen
interes bereziak gobernatu eta administratzeko bestelako ahalmenak,
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko beste organo bati berariaz eman ez
zaizkionean.
ll) Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan ezartzen direnak.
9.
Artikulua - Administrazio Kontseiluaren lehendakaritza
Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren lehendakaritzak ondorengo eginkizunak izango ditu:
a) Erakundearen ordezkaritza bere gain hartzea.
b) Administrazio Kontseiluaren bilerak deitzea
eta bileretako buru izatea.
c) Erakundearen izenean bere eginkizunen arabera
adosten diren lankidetza-hitzarmenak sinatzea.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzen
dizkion edo Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion bestelako
eginkizunak.
10. Artikulua - Zuzendaritza Nagusia
1. Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusia Gobernu Kontseiluaren dekretu-bidez
izendatuko da enpleguaren arloan eskuduna den sailaren titularrak proposatuta.
2. Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Erakundearen aurrekontu-aurreproiektua egitea
eta erakundearen Administrazio Kontseiluari proposatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzentzea eta
Administrazio Kontseiluaren akordioak gauzatu eta betearaztea.
c) Erakundearen eginkizunak garatzeko beharrezko
diren hitzarmenak Kontseiluari proposatzea.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari berez
dagozkion gaietan kontratuak egitea eta administrazio publikoen kontratuei
buruzko legeriak kontratazio-organoei ematen dizkieten ahalmenak eta eskumenak
gauzatzea.
e) Erakunde publikoaren zerbitzuak zuzendu eta
gainbegiratzea bere xedeak betetzeko, eta langile-zuzendaritza egikaritzea.
f) Erakundearen gastu- eta ordainketa-aginduak
ematea, Estatutuetan zehazten diren kasuetan Administrazio Kontseiluak eman
behar duen aldez aurreko baimenari kalterik egin gabe.
g) Erakundearen urteko jarduera-memoria egitea,
bai eta Administrazio Kontseiluak eska diezaiokeen beste edozein txosten ere.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuen estatutuek
agintzen dizkion edo Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion bestelako
eginkizunak.
11. Artikulua - Egituraketa organikoa
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
estatutuek arautuko dituzte, lege honetan aurreikusita ez dagoen guztian,
gobernu-organoen kideen eginkizunak, osaera eta izendapena eta erakundearen
zerbitzuen egitura organikoa eta funtzionala, funtzionamendu-erregimena eta
erakundearen egoitza.
III. KAPITULUA
LANGILEAK ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK
12. Artikulua - Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko
langileak
1. Erakunde
autonomoko langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko
zerbitzura dauden langileak arautzen dituen araudiaren bidez arautuko dira.
2. Lanpostuetara
iristeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lanpostu publikoei
ezartzen zaien berbera izango da, eta publikotasun, berdintasun, merezimendu
eta gaitasun irizpideak bermatuko ditu.
3. Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuko lanpostuetan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko herri
administrazioetako langileak arituko dira, lanpostu bakoitzari esleitutako
eginkizunen izaeraren arabera.
13. Artikulua - Baliabide ekonomikoak
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:
a) Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu
Orokorren kargura urtero ezarriko diren diru-kopuruak.
b) Tasak, prezio publikoak eta ondasunen eta
eskubideen ondoriozko era guztietako produktuak eta errentak, eta bere
jarduerak egikaritzearen ondoriozko diru-sarrera arruntak eta ezohikoak, barne
harturik erakunde autonomoaren aurrekontuaren kargura emandako diru-laguntzen
onuradunek betebeharrak ez betetzeagatik izapidetutako itzulketa-prozedurei
dagozkien diru-sarrera publikoak eta zehapenetatik datozenak.
c) Legeak baimenduta jaso ditzakeen ohiko eta
ezohiko diru-sarrerak.
d) Bere alde emandako diru-laguntzak, ekarpenak
eta dohaintzak.
e) Izendatu
ahal zaizkion bestelako baliabideak.
IV.
KAPITULUA
ARAUBIDE
JURIDIKOA
14.
Artikulua - Araubide juridikoa
Erakundearen
araubide juridikoa Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen
Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren III.
tituluko II. kapituluan ezarritakoa izango da.
15.
Artikulua - Ekonomia- eta aurrekontu-araubidea
1. Aurrekontu-araubidea,
ekonomiko-finantzarioa, kontrol ekonomikokoa, kontabilitatekoa, eta orokorrean,
Euskal Herriko Ogasun Orokorrarenak diren arloei dagokiona, izango da erakunde
autonomoentzako ezarriko dena.
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak urtero
egingo eta onartuko du dagokion aurrekontuaren aurreproiektua eta Eusko
Jaurlaritzari bidaliko dio, bereizita sar dadin Autonomia Erkidegoko Aurrekontu
Orokorretan.
16.
Artikulua - Kontratazio- eta ondare-araubidea
1. Erakundearen titulartasunekoak diren eta
horri esleitzen zaizkion ondasun eta eskubideei aplikatzeko araubideak,
azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ondareari
buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoarekin bat egiten du.
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren
eginkizunak egiteko beharrezko ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko eta
lortzeko araubide orokorra izango da kontratazio publikoari buruzko araudian
ezarriko dena.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
- Legebiltzar-kontrola
Lanbide-Euskal
Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun
Batzordean agerraldia egingo du, urtero, erakunde publikoaren jardueraren
urteko memoriaren berri emateko.
Bigarrena
- Aurrekontu-aldaketak
Legea
indarrean sartzen denetik bi hilabeteko epean, aurrekontuen arloan eskuduna den
Eusko Jaurlaritzako sailak erakunde autonomoaren aurrekontuan
aurrekontu-egokitzapenak eta -aldaketak egingo ditu, erakundearen jardueren
hasieran indarrean zeuden Aurrekontu Orokorren partidetan esleitutako zenbateko
osoa handitzea ekarri gabe, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari
jakinaraziz, hamabost eguneko epean.
Hirugarrena
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren
desegitea
Lege
honen bidez desegiten da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko
erakunde publiko gisa. Administrazio-erakunde autonomo gisa eratutako
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua desegindako ente publikoaren eskubide eta
betebehar guztietan subrogatuta geratuko da. Bere baliabide materialak eta
pertsonalak dagozkien antolaketa-araubideek ezarritakoaren arabera atxikiko
dira.
Xedapen
Iragankor Bakarra
Lanpostuen
zerrendaren arabera funtzionarioentzat sailkatuta dauden lanpostuetan diharduten
lan-kontratuko langile finkoak
Lanbide
erakunde autonomoko lan-kontratuko langile finkoak, hala Egailan sozietate
publikotik nola Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik etorriak, baldin eta
Euskal Autonomia Erkidegora lan-kontratuko langile finko gisa transferituak
izan badira azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren kariaz eta baldin eta
Jaurlaritzak Lanbiderentzat onesten duen lanpostu-zerrendaren arabera
funtzionarientzat kalifikatutako eginkizunak betetzen ari baziren Enplegatu
Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea indarrean
sartzean, edo eginkizun horiek betetzera pasatu badira aipatutako data baino
lehenago deitutako hautaketa- edo sustapen-proben ondorioz, langile horiek
parte ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak
oposizio-lehiaketa sistemaz betetzeko deitzen dituen barne-sustapeneko
hautaketa-prozesuetan, langileok betetzen ari diren eginkizunak edo lanpostuak
atxikita daudeneko kidego edo eskaletan, beti ere beharrezkoa den titulazioa edukiz
gero eta exijitzen diren gainerako eskakizunak betez gero; kasu horietan,
meritu gisa baloratuko dira lan-kontratuko langile gisa egin dituzten
zerbitzuak, bai eta izaera horretara iristeko gainditu dituzten hautaketa
publikoko probak.
Baldin
eta lan-kontratuko langile finko horiek gainditzen ez badituzte aipatutako
hautaketa- edo sustapen-probak, edo haietan parte hartzen ez badute,
lan-kontratuko langile finko gisa jarraituko dute.
Jaurlaritzak
lege hau indarrean sartzen denetik lau hilabeteko epean onetsiko du Lanbide
erakunde autonomoko lanpostuen zerrenda.
Indargabetze
Xedapen Bakarra
Indargabetuta
geratzen da 2010. ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu
Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 1/2009 Legearen bigarren xedapen
gehigarria.
Era
berean, indargabetuta geratzen dira lege honen aurka doazen maila berdineko edo
baxuagoko arau guztiak.
Azken
Xedapena
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta ondorengo egunean
indarrean sartuko da.