3/2008 Legea, ekainaren 13koa, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea bigarrenez aldatzekoa.
2008-06-13Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/6/23, 118. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.
§ 300. 3/2008 LEGEA, EKAINAREN 13KOA, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOARI BURUZKO LEGEA
BIGARRENEZ ALDATZEKOA
ZIOEN AZALPENA
Euskal
Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak euskal eskola publikoko
ikastetxeetako zuzendarien eskumenak arautzen ditu hainbat artikulutan, baita
haiek aukeratzeko, izendatzeko eta kargutik kentzeko baldintzak eta prozedura
ere.
Hamalau
urte baino gehiago igaro dira legea onartu zenetik, eta urte horietan bildutako
esperientziak, gaiari buruzko hainbat foro, mintegi eta lan-taldeetako
ondorioak eta euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendarien elkarteek eta
ikasleen gurasoen elkarteek hezkuntza Administrazioari helarazitako dokumentuek
erakusten dutenez, indarrean dagoen araudia aldatu beharra dago, Hezkuntzari
buruzko Lege Organikoak dioena garatzeko.
Beharrezkotzat
jotzen da zuzendariaren irudia indartzea eta kargu hori betetzeko pertsonarik
egokiena izendatzeko hautaketa-sistema ezartzea. Izan ere, funtsezko garrantzia
duen kargua da euskal eskola publikoko ikastetxeen antolaketa eta
jardunbiderako, haietan emandako irakaskuntzaren kalitaterako eta haien
autonomia behar bezala garatu eta baliatzeko. Hori guztia, ikastetxe bakoitzean
eskuratu nahi diren emaitza akademikoak eta hezkuntzakoak lortzea ahalbidetuko
duen kohesio-, elkarbizitza- eta lan-giroa sortzeko asmoarekin.
Horrela,
bada, Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariak izendatzeko
hautaketa-sistemak berdintasun, publikotasun, meritu eta gaitasun printzipioak
izango ditu oinarri, lanbide mailan egokienak diren eta
hezkuntza-komunitatearen babes handiena lortzen duten hautagaiak aukeratzeko.
Ikastetxeari
esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen
arteko meritu-lehiaketa bidez egingo da hautaketa.
Era
berean, ikastetxeetako zuzendaritza-karguak, eta batez ere zuzendariak, egoki balioesteko
neurriak ezarriko dira. Izan ere, ikastetxe publikoetako kalitatea eta
jardunbide egokia bermatzeko lan hain garrantzitsua behar bezala aitortu eta
balioetsi beharreko lana dela uste da.
Horrela,
bada, zuzendaritza-karguak eta, bereziki, zuzendari kargua betetzeko zeregina
bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta,
Jaurlaritzak ezarritako osagarrietarako finkatzen dituen kopuruei jarraiki.
Era
berean, zuzendaritza-karguak eta, bereziki, zuzendari kargua betetzeko zeregina
bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen
horniduraren ondorioetarako eta, batez ere, Hezkuntzako Ikuskaritzan sartzeko.
Bestalde,
zuzendariak, ikasketa-buruak eta
idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira eta ebaluazio
positiboa lortzen dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko dute,
araudi bidez ezarritako baldintzetan.
Halaber,
euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariek, araudi bidez finkatzen den
denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete dutenean, dagokien
ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden
bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta
betekizunak errespetatuta.
Zuzendarien
eskumenei buruzko artikulua ere aldatu egin da, haien figura indartu eta
bultzatzeko eta duten zeregina behar bezala burutzeko beharrezko ahalmenez
hornitzeko.
Azkenik,
xedapen gehigarri bidez ezartzen da Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea
Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuei ere aplikatuko zaiela, Lanbide
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege
Organikoa aplikagarri gerta daitekeen alderdi zehatzetan izan ezik.
Lehenengo
artikulua. Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoa
aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"30.3 artikulua. Kide
bakarreko organoen agintaldia 33. eta 40. artikuluetan ezarriko du lege honek
kasu bakoitzerako. Hautapenezko kide anitzeko organoak bi urtez behin berrituko
dira, ikastetxearen antolaketa eta jardunbiderako erregelamenduak kasu
bakoitzerako ezarritako aurreikuspenen arabera, epe horretan gerta daitezen
hutsuneak betetzearen kaltetan gabe".
Bigarren
artikulua. Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 31.2 artikuluko e)
idatz-zatia aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"31.2.e)
artikulua. Ikastetxeko zuzendaria hautatzeko prozesuan parte hartzea. Kideen bi
hereneko gehiengoz onartuta, zuzendariaren izendapena ezeztatzea proposatzea,
karguari datxezkion funtzioen ez-betetze larririk balitz".
Hirugarren
artikulua. Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 31.2 artikuluko g) idatz-zatia
aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"31.2.g)
artikulua. Ikastetxeetan bizikidetza arloko neurri zuzentzaileak ezagutzea eta
berrikustea, ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten arauekin
bat etorriz".
Laugarren
artikulua. Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 33. artikulua aldatzen da,
eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"1. Zuzendaria ikastetxearen kudeaketa orokor eta
jardueraren arduraduna da, irakas-jarduerarena bereziki, ordezkaritza-organo
gorenak emandako jarraibideen arabera jokatuz.
2. Hezkuntza-komunitatearen
eta hezkuntza Administrazioaren parte hartzea izango duen prozesu baten bidez
hautatuko da zuzendaria. Prozesu horrek aukera eman behar du lanbide mailan egokienak
diren eta hezkuntza-komunitatearen babes handiena lortzen duten hautagaiak
aukeratzeko.
3. Ikastetxe
publikoetako zuzendariak ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen
duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko meritu-lehiaketa bidez hautatu
eta izendatuko dira. Hautaketak berdintasun, publikotasun, meritu eta gaitasun
printzipioak izango ditu oinarri.
4. Meritu-lehiaketan
parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira:
a) Irakaskuntzako
funtzio publikoan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea karrerako
funtzionario gisa.
b) Iraupen
bereko aldi batean ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean karrerako
funtzionario gisa zuzeneko irakaskuntza eman izana.
c) Euskadiko
Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean, lehiaketaren xede den
ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean lan egitea, gutxienez
ikasturte oso bateko esperientziarekin deialdia argitaratzean.
d) Zuzendaritza-proiektu
bat aurkeztea. Proiektu horrek helburuak, jardun-ildoak eta ebaluazioa jasoko
ditu, besteak beste, baita ikastetxeko kide bakarreko beste organoetan
jarduteko proposatzen diren pertsonen izena ere.
5. Haur
Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe
osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten Bigarren Hezkuntzako
ikastetxeetan, eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak,
hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi
irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza gaietan eskumena duen
sailak aurreko paragrafoan ezarritako baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal
izango du zuzendarigaia, beti ere, araudi bidez ezarritakoaren arabera".
Bosgarren
artikulua. 33 bis
artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993
Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:
"Hautatzeko prozedura
1. Euskal
eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, hezkuntza gaietan
eskumena duen sailak dagozkion meritu-lehiaketak deituko ditu eta
zuzendarigaien merituak eta aurkeztutako proiektuak balioesteko irizpide
objektiboak eta prozedura ezarriko ditu.
2. Hautaketa
ikastetxean bertan egingo du hezkuntza gaietan eskumena duen saileko ordezkariz
eta dena delako ikastetxeko ordezkariz osatutako batzorde batek. Hezkuntza
gaietan eskumena duen sailak batzordekideen guztizko kopurua finkatu beharko
du. Batzordeko kideen herena, gutxienez, klaustroak izendatutako ikastetxeko
irakasleek osatuko dute, eta beste heren bat, gutxienez, irakasle ez diren
ikastetxeko ordezkaritza organo goreneko kideek izendatuko dute euren artean.
3. Zuzendarigaiek
egiaztatutako ikasketa-merituen eta lanbide-merituen balioespen objektiboa eta
zuzendaritza-proiektuaren balioespena hartuko dira kontuan. Hautaketa, nolanahi
ere, demokratikoki erabakiko dute batzordeko kideek, hezkuntza gaietan eskumena
duen sailak ezarritako irizpideei jarraiki.
4. Hautaketa
egiteko, ikastetxeko irakasleen kandidaturak hartuko dira kontuan lehenik,
horiek lehentasuna izango baitute. Ikastetxeko izangairik ez dagoenean edo
ikastetxeko izangaiak hautatzen ez direnean, beste ikastetxe batzuetako
irakasleen kandidaturak balioetsiko ditu batzordeak".
Seigarren
artikulua. 33 ter artikulua
gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari,
ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:
"Izendapena
1. Hezkuntza
gaietan eskumena duen sailak antolatutako hasierako prestakuntzako programa bat
gainditu beharko dute hautatutako zuzendarigaiek. Zuzendaritza-lanean gutxienez
bi urteko esperientzia dutela frogatzen duten zuzendarigai hautatuak
salbuetsita egongo dira hasierako prestakuntzako programa hori egiteaz,
zuzendaritza-lanak betetzeko hezkuntza Administrazioak antolatuko dituen
eguneratze- eta hobekuntza-ikastaroak eta beste jarduera batzuetan parte
hartzeko zuzendaritza-kargu guztiek daukaten betebeharrari kalterik egin gabe.
2. Hezkuntza
gaietan eskumena duen sailak dena delako ikastetxeko zuzendari izendatuko du,
lau urtez, hasierako prestakuntza-programa gainditu duen zuzendarigaia.
3. Zuzendarien
izendapena iraupen bereko aldietarako berritu ahal izango da, betiere, aldi
bakoitza amaitzean egindako lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu. Ebaluazio
horren irizpideak eta prozedurak publikoak izango dira. Horretarako,
zuzendariak berariaz eskatu beharko du eta zuzendaritza programako bidezko
eguneratzeak aurkeztuko ditu.
4. Zuzendariak,
ikastetxeko zuzendaritzan ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren, karguan
jarraitu ahal izateko kandidatura aurkeztu beharko du berriz ere dagokion
meritu-lehiaketan. Berriz ere hautatua izango balitz, agintaldia iraupen bereko
aldietarako berritu ahal izango da, beti ere aldi bakoitza amaitzean egindako
lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu. Prozedura hori mugagabe errepikatu
ahal izango da, eta pertsona berak ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren beti
egin beharko da beste meritu lehiaketa bat.
5. Zuzendarigairik
ez dagoenean, ikastetxe sortu berrien kasuan edo batzordeak ezein zuzendarigai
hautatzen ez duenean edo hautatuak ez badu gainditu hasierako
prestakuntza-programa, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak irakasle bat
izendatuko du zuzendari, lau urteko aldi baterako gehienez".
Zazpigarren
artikulua. 33 quater
artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993
Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:
"Zuzendariak kargua uztea
Zuzendariak honako kasu hauetan utziko du
bere kargua:
a) Izendapenari
dagokion aldia eta, hala badagokio, aldi horren luzapena amaitzen denean.
b) Hezkuntza
gaietan eskumena duen sailak onartutako uko arrazoituaren kasuan.
c) Gerora
sortutako ezintasun fisikoaren edo psikikoaren kasuan.
Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak
bere ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza organo gorenaren proposamen
arrazoitu bidez, kideen bi hereneko gehiengoz onartuta, zuzendari karguari
datxezkion funtzioen ez-betetze larriagatik era arrazoituan kargutik kentzen
duenean. Nolanahi ere, kargutik kentzeari buruzko ebazpena kontraesaneko
espedientea bideratutakoan emango da, interesdunari eta ordezkaritza-organo
gorenari entzun ondoren".
Zortzigarren
artikulua. 33 quinquies
artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993
Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:
"Zuzendariordea
Araudi bidez ezarri ahal izango da zuzendariorde bat
izatea. Kasu hauetan zuzendariordea zuzendaritza-taldeko kide izango da eta,
besteak beste, zuzendaria ordezkatuko du hura gaixotzen edo kanpoan bada,
kargualdian eten edo kargugabetzen badute, legez ezarritako prozedura bidez
ordezkorik izendatu arte, hain zuzen. Zuzendariordearen kargua ez dagoen
ikastetxeetan, ikastetxeko ikasketaburuak ordezkatuko du zuzendaria gorago aipatutako
kasuetan".
Bederatzigarren
artikulua. 33 sexies
artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993
Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:
"Zuzendariaren funtzioaren aitormena
1. Zuzendari kargua betetzeko zeregina bereiz
ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta,
Jaurlaritzak ezarritako osagarrietarako finkatzen dituzten kopuruei jarraiki.
2. Era
berean, zuzendari kargua betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da
irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako
eta, batez ere, hezkuntzako ikuskaritzan sartzeko.
3. Bestalde,
zuzendariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira. Ebaluazio positiboa lortzen
dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko dute, araudi bidez
ezarritako baldintzetan.
4. Euskal eskola publikoko ikastetxeetako
zuzendariek, araudi bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen
positiboarekin bete dutenean, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat
jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez
finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta".
Hamargarren
artikulua. Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 34. artikulua aldatzen da,
eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"34.
artikulua. Zuzendariari dagokio:
a) Ikastetxearen
ordezkaritza izatea, ikastetxean hezkuntza Administrazioa ordezkatzea, eta
Administrazio horri hezkuntza-komunitatearen planteamenduak, asmoak eta premiak
helaraztea.
b) Ikastetxearen
jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, irakasleen klaustroari eta
ordezkaritza-organo gorenari esleitutako eskumenak aparte utzi gabe.
c) Zuzendaritza
pedagogikoa gauzatzea, hezkuntza-berrikuntza sustatzea eta ikastetxearen
heziketa-proiektuaren helburuak lortzeko planak bultzatzea.
d) Legeen
eta indarrean dauden gainerako xedapenen betetzea bermatzea.
Ikastetxeari atxikitako langile guztien
buru izatea.
f) Ikastetxeko
elkarbizitza hobetzea, gatazkak konpontzeko bitartekotza bermatzea eta ikasleei
dagozkien neurri zuzentzaileak ezartzea indarrean dagoen araudia beteta, gai
honetan ordezkaritza-organo gorenari esleitutako eskumenak aparte utzi gabe.
Horretarako, ikastetxeetan gatazkak konpontzeko prozedurak bizkortzea sustatuko
da.
g) Ikastetxearen
eta ingurunearen arteko harremana sendotzeko, familiekin, erakundeekin eta
organismoekin lankidetza bultzatzea, eta eskola-giroa sustatzea, ikasleek
jakintzetan eta balioetan prestakuntza integrala jasotzeko eta
ikasketa-ohiturak sustatzeko lagungarri izan daitezkeen jardun guztiak garatze
aldera.
h) Ikastetxearen
barneko ebaluazioak bultzatzea eta kanpoko ebaluazioetan eta irakasleen
ebaluazioan laguntzea.
i) Ikastetxeko
ordezkaritza-organo gorenaren eta irakasleen klaustroaren egintza
akademikoetarako eta bilkuretarako deialdia egitea, egintza-bilkura horiek
zuzentzea eta aipatutako erakundeek beren eskumenen eremuan hartutako erabakiak
betearaztea eta betetzen diren zaintzea.
j) Lege
honen 63. atalak aipatzen dituen obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioak
egitea, gastuak baimentzea ikastetxearen urteko kudeaketa-programarekin bat
etorriz, ordainketak agintzea eta ikastetxearen ziurtagiriei eta dokumentuei
oniritzia ematea, hori guztia araudi bidez ezarritakoari jarraiki.
k) Hezkuntza
gaietan eskumena duen sailari ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste kideen
izendapena eta kargu-uztea proposatzea, irakasleen klaustroari eta ikastetxeko
ordezkaritza-organo gorenari jakinarazi ondoren.
l) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak
esleitzen dizkion guztiak, beste arau batzuk esleitzen dizkionak eta
ikastetxearen antolaketa eta jardunbiderako erregelamenduak ezartzen
dizkionak".
Hamaikagarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko
otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 36. artikuluari 4. paragrafoa gehitzen zaio,
eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"36.4
artikulua. Zuzendariaren kargua ez diren ikastetxeko
beste zuzendaritza-karguak betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako
erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, Jaurlaritzak ezarritako
osagarrietarako finkatzen dituen kopuruei jarraiki.
Era berean,
zuzendaritza-karguak betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako
funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako eta, batez ere,
Hezkuntzako Ikuskaritzan sartzeko.
Bestalde,
ikasketa-buruak eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira.
Ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko
dute, araudi bidez ezarritako baldintzetan".
Zazpigarren
artikulua. Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 40. artikulua aldatzen da,
eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"40.1 artikulua. Hezkuntza
gaietan eskumena duen sailak, ikastetxeko zuzendariak proposatuta, ikastetxeko
irakasleen artean izendatuko ditu ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste
kideak, proposatu dituen zuzendariaren agintaldi bererako, hain zuzen.
2. Ikastetxeko
zuzendaritza-taldeko kideek, zuzendariak ezik, honako kasu hauetan utziko dute
beren kargua:
a) Izendapenari dagokion aldia amaitzean.
b) Ikastetxeko zuzendariak kargua uzten duenean.
c) Ikastetxeko zuzendariak proposatuta, hezkuntza
gaietan eskumena duen sailak kargutik kentzen dituztenean.
d) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak
onartutako uko arrazoituaren kasuan.
e) Gerora sortutako ezintasun fisikoaren edo
psikikoaren kasuan.
f) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak bere
ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren proposamen arrazoitu
bidez zuzendari karguari datxezkion funtzioen ez-betetze larriagatik era
arrazoituan kargutik kentzen dituztenean. Nolanahi ere, kargutik kentzeari
buruzko ebazpena kontraesaneko espedientea bideratutakoan emango da,
interesdunari, ikastetxeko zuzendariari eta ordezkaritza-organo gorenari entzun
ondoren".
Xedapen
Gehigarriak
Lehena.
Lan-legepeko pertsonala irakasle guztien ehuneko berrogeita hamarra, gutxienez,
den euskal eskola publikoko ikastetxe horietan, aukeratze-prozesu arruntean ez
bada hautagai-zerrendarik aurkezten edo, aurkeztu arren, aukeratzen ez bada,
ikastetxearen titularra den Administrazio publikoaren menpeko lan-legepeko
pertsonal finkoaren artean aukeratu ahal izango da zuzendaria, ohiko prozeduraren
antzeko baten bidez, berdintasun, publizitate, merezimendu eta gaitasun
printzipioen arabera.
Bigarrena.
Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuei
ere aplikatuko zaie, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko
ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa zein lege organiko hori garatuko duten eta
oinarrizko izaera duten arauak aplikagarri gerta daitezkeen alderdi zehatzetan
izan ezik.
Azken
Xedapena
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean
jarriko da indarrean.