Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa

2005-02-18

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2005/3/30, 59. zk.; EAO, 2011/11/14, 274. zk.

§ 271. 3/2005 LEGEA, OTSAILAREN 18KOA, HAURRAK ETA NERABEAK ZAINTZEKO ETA BABESTEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Lege honek lehenbiziko aldiz ezartzen du gai honi buruz erreferentzia-esparru orokor bat Euskal Autonomia Erkidegoan.

 

       Gaur arte, Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeek, haurrak eta nerabeak zaintzeko esparru honetan, gai zehatz batzuk arautu dituzte, beren eskumeneko arloetakoak, hala nola, hezkuntzakoak edo osasunekoak, baina ez dute besterik egin. Beste arlo batzuk, aldiz, oso garrantzitsuak izanik ere haur eta nerabeek osaten duten gizatalde bereziki ahularen eskubideak babesteko eta sustatzeko, ez dira arauen bidez garatu, bi hauek, esaterako: arrisku-egoeran edo babesgabezia-egoeran dauden haur eta nerabeen arloa eta arau-hausle adingabeei eman behar zaien gizarte eta hezkuntza laguntzaren arloa.

 

       Lege honek hutsune juridiko hori bete nahi du, eta, horretarako, gai honetan jarduteko printzipioak eta eskumenen eta erakundeen esparrua zehaztu nahi ditu. Era berean, testu bakar batean bildu nahi ditu haur eta nerabeei ezagutzen zaizkien eskubide oinarrizko guztiak, dagoeneko autonomia-erkidegoetako, Estatuko edo nazioarteko beste arau batzuetan jasota daudenak; batez ere, eskubide horiek benetan eta eraginkortasunez erabili ahal izan daitezen Administrazioak betetzen duen jardunaren printzipioak ezarri nahi ditu, beren beregi ezarri ere.

 

       Azken urteotan haurren errealitate honek gizartean izan duen bilakaerak legedi berria ontzea eskatzen du, haurrek orain duten leku berri horren araberako legedia, alegia. Haurrak, gaurgero, ez dira babestu beharreko izakiak bakarrik, eskubidedun bihurtu dira, eta babestua izatea da, hain zuzen ere, eskubideetako bat. Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak -1989 azaroaren 20koak- eragin zuen, hein handi batean, ikuspegi-aldaketa hori. Nazioarteko komunitateak laster erantzun dio errealitate horri -giza eskubideen bilakaeraren historian ez da inoiz horrelako erantzun lasterrik izan-, eta horrek, aldi berean, bizkortu egin du ikuspegi horren onarpena, hedapena eta sendotzea. Konbentzio hartan aldarrikapen huts ziren edukiak arau bihurtu dira gure gizarte eta kultura ingurunean, eta konbentzioak aldezten zituen printzipioak, babestekoa, baliabideez hornitzekoa eta parte hartzekoa, berariazko eskubide bilakatu; eskubide horiexek bermatzen dute aldarrikapen huts baino ez ziren edukien eraginkortasuna.

 

       Europako eta nazioarteko doktrinarik aurrerazaleenek eta nazioarteko testu berrienek oraintsu egindako beste ekarpen batzuei esker finkatu egin da haurrek eta nerabeek gizartean duten eginkizunari ezagutza juridikoa emateko joera hori. Horien artean, nahitaez aipatu beharrekoak dira honako hauek: Europako Erkidegoan haurrek dituzten arazoei buruzko Ebazpena, Europako Parlamentuak 1991ko abenduaren 13an onartutakoa; haurren zainketari buruz Europako Erkidegoen Kontseiluak 1992ko martxoaren 31n emandako Gomendioa; Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak 1992ko uztailaren 1ean adopzioari buruz emandako Irizpena; Haurren Eskubideen Europar Gutuna, Europako Parlamentuak 1992ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez onartutakoa; eta Adingabeak Babesteari eta Nazioarteko Adopzioaren arloko Lankidetzari buruzko Ituna, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuari buruzko Hagako Konferentzian 1993ko maiatzaren 29an onartutakoa.

 

       Gure zuzenbide-antolamendua geroz eta hurbilago dago aipatutako ideia horietatik, azken urteotan egindako erreforma eta lege-garapenek haurrei eta nerabeei ematen dieten protagonismo geroz eta nabarmenagoak erakusten duen bezala.

 

       Seme-alabatasunari, Guraso Ahalari eta Ezkontzaren Ondasun Eraentzari buruzko arloetan Kode Zibila aldatzeko maiatzaren 13ko 11/1981 Legeak berrikuntzen aroa ekarri zuen. Izan ere, legezko seme-alabatasunaren eta ez-legezkoaren arteko bereizketa ezabatu egin zuen; guraso-ahalaren erabilerari buruz berdindu egin zituen aita eta ama, eta aitatasuna ikertzeko aukera sartu zuen legedian. Tutoretzari buruzko 1983ko Legeak eraman zuen aurrerago prozesu hori, harik eta 21/1987 Legeak (azaroaren 11koa, adopzioaren arloan Kode Zibileko eta Prozedura Zibilaren Legeko zenbait artikulu aldarazi zituen) aldaketa funtsezkoak eragin zituen arte haurren eta nerabeen babesaren arloan. Lege horri zor zaizkio hauek guztiak: adopzioa familia-integraziorako bitartekotzat hartzea; familia-harrera babes-erakunde berritzat hartzea; haurren eta nerabeen interes gorenari, haien eskubideen babesari eta eskubide horien garapenaren bermeari lehentasuna ematea Administrazioak edo epaitegiek haiei buruz hasten dituzten jarduketa guztietan; haurren eta nerabeen babesle den aldetik ministerio fiskalak dituen eskumenak gehitzea; abandonuaren ordez babesgabeziaren figura sartzea, eta babesteko prozedurak arintzea, eskumena duen erakunde publikoak tutoretza bere gain berehala hartzeko aukera sartuta.

 

       Harrezkero, beste xedapen batzuk ere izan dira haurren eta nerabeen eskubideei garrantzi handiagoa aitortzeko: hala nola, 5/1988 Lege Organikoa, ekainaren 9koa, Adingabeen kontrako Erakuts Zalekeria eta Sexu Zirikatzeari buruzkoa; 4/1992 Lege Organikoa, ekainaren 5ekoa, Adingabeen Epaitegien Eskumena eta Prozedura Arautzen duen Legearen erreformari buruzkoa; 25/1994 Legea, uztailaren 12koa, 89/552/EEE Zuzentaraua zuzenbide-antolamenduan sartzekoa (telebista bidezko irrati-hedapeneko jardueren arloan estatu kideek emandako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatzearen inguruko zuzentaraua).

 

       Berrikiago, beste lege hau ere izan da aurrerapen nabarmenaren eragile: 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatzekoa. Izan ere, zenbait erakunde publiko eta pribatuk araudi bat eskatzen zuten, batetik, 21/87 Legea aplikatzerakoan hautemandako hutsune batzuk betetzearren eta, bestetik, gizartean azaltzen ari ziren beharrizan eta eskakizun berriei hobeki egokitutako lege-esparru bat eratzearren. Eta eskaera horri erantzutera etorri zen 1/1996 Lege Organikoa, arlo horretan aurrerantzean emango ziren garapen-arau berrietan eta herri-administrazioen esku-hartzeetan kontuan hartu beharko ziren jarraibideak ezarriz. Lege horren zioen adierazpenean argi azaltzen da zer asmo duen: "Haurren babes sozial eta juridikoa egokien bermatzeko modua haien autonomia sustatzea da, subjektu diren aldetik"; haurren eta nerabeen beharrizanak dira gaurgero haiek dituzten eskubideen eta eman behar zaien babesaren ardatz.

 

       Autonomia hori bermatze aldera, honako eskubide hauek jasotzen ditu lege horrek, eta berariaz garatzen: ohorerako, intimitaterako eta bakoitzaren irudirako eskubidea; informazioa eskuratzeko eskubidea; ideologia-askatasunerako eskubidea; parte hartu, elkartu eta batzarrak egiteko eskubidea; adierazpen-askatasunerako eskubidea eta entzuna izateko eskubidea. Haurrek eta nerabeek iritzia emateko duten eskubidea eta, nahikoa ezagumen izanez gero, iritzi hori kontuan har diezaieten eskubidea ere zuzenbide-antolamendu osora hedatu dira apurka-apurka; horrek baieztatu eta sendotu egiten du Familiaren Nazioarteko Urtean aldarrikatutako demokratizazio-printzipioa, haurrekiko eta nerabeekiko harremanei dagokienez. Eta, orain, familiaz kanpoko beste esparru batzuetara ere hedatu da printzipio hori. Gainera, harremanen demokratizaio hori indartu egiten da, haurren eta nerabeen garapen ebolutiboari ezar dakizkiokeen mugak era murriztatzailean interpretatu behar direlako, eta leundu ere subjektuaren adinaren arabera egokienak diren prozedurak eta interpretazio-bitartekoak erabilita.

 

       Horrela bada, 1/1996 Legeak, Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzkoak, aldarrikatu egiten du ikuspegi-aldaketa hori, eta babes gabetasun-egoeretan jarduteko printzipioak arautzen dituenean, arau-maila ematen dio arrisku-egoeren eta babesgabezia-egoeren arteko bereizketari, babes emateko erakunde eskudunek lehendik aplikatzen zuten bereizketa horri, alegia. Orobat, lehentasuna aitortzen die arintasun eta berehalakotasun printzipioei administrazio eta auzi prozedura guztietan; familia-harreraren hainbat mota antolatzen ditu, babesgabetasunean diren haur eta nerabeek ekarri ohi dituzten beharrizan askotarikoei erantzuna eman nahian, eta, adopzioaren arloan, haur edo nerabea seme edo alabatzat hartu nahi dutenen egokitasunaren eskakizuna sartzen du.

 

       2000. urtearen hasieran, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak osatu egin zuen lege-esparru hori, erantzun egin baitzion 4/1992 Lege Organikoak (ekainaren 5ekoa, Adingabeen Epaitegien Eskumena eta Prozedura Arautzen duen Legearen erreformaren gainekoa) ezarritako beharkizunari eta 10/1995 Lege Organikoak (azaroaren 23koa, egun indarrean dagoen Zigor Kodearena) 19. artikuluan ezarritakoari. Horrez gain, kontuan hartu beharrekoak dira abenduaren 22ko 7/2000 Lege Organikoak (azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, Zigor Kodearena, eta urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duena aldatzeko Legea) terrorismo-delituei buruz egin dituen aldaketak.

 

       Beharrezkoa zen Euskal Autonomia Erkidegoak gai hau arau bidez garatzea, bere eskumenen arabera garatu ere; izan ere, Autonomia Estatutuak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko Legeak eta Gizarte Zerbitzuen Legeak esleitzen dizkiote gai horren gaineko eskumenak. Hor ditu, oinarri, lege-adituen iritzi horiek, nazioarteko eta Estatuko legegintza-joera horiek eta herri-administrazioen praktika horiek, eta, Euskal Autonomia Erkidegoak garapen hori egiten badu, Haurren Eskubideen gaineko Konbentzioaren aplikazioa zaintzerakoan Nazio Batuen erakundeak emandako gomendioei erantzun ahal izango die.

 

       Lege hau bat dator indarrean dagoen eskumen-ereduarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beren eskumenak erabiltzeko orduan begiratu behar dituzten printzipioak ezartzen ditu, hala edukiaren aldetik nola prozeduraren aldetik begiratu beharrekoak, eta, beharrezko eta bidezko denean, beste lege batzuen aipamena egiten du, kontuan hartzekoak diren zigor arloko, prozedura arloko eta zibileko legeena, alegia. Batzuetan egokitu egin da Estatuko araudia lege honen egituraren eta helburuaren arabera, Estatuaren eta Euskal Aautonomia Erkidegoaren arteko eskumen-banaketagatik, Euskal Autonomia Erkidegoarenak eta ez beste inorenak diren beste eskumen batzuen erabilerarekin duen zerikusiagatik eta arrazoi teleologiko eta sistematikoengatik. Dena den, egokituta artikulu horiek, edukian, Estatuak arlo horretan emandako arauari jarraitu behar diote, une bakoitzean indarrean dagoen arauari.

 

       Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako eskumen-arlo hauexek dira lege honen eremuaren osagarri: osasuna, hezkuntza, polizia, barne-merkataritza, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa eta publizitatea.

 

       Gizarte-zerbitzuak dira baliabide, jarduera, prestazio edo ekipamendu multzo bat, eta lagundu egiten dute gizabanakoek eta taldeek komunitatean behar duten ongizatea eta garapena sustatzen, bai eta gizabanakoa eta talde horiek gizarte-ingurunera egokitzen ere. Bada, badira zenbait eskumen gizarte-zerbitzu horien oinarrian, eta horiek dira bereziki kontuan hartzekoak. Hor, haurrak eta nerabeak zaindu eta babestekoa atal funtsezkoa da gizarte-ongizaterako politiketan. Eginkizun horri begira Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumen esklusiboen artean hauek dira nabarmentzekoak: gizarte-laguntza (Euskal Autonomia Estatutuaren 10.12 artikulua); ongintzako eta gizarte-laguntzako fundazio eta elkarteen antolaketa, araubidea eta jardunbidea (10.13 artikulua); adingabeak babestu eta tutoretzapean edukitzeko eta bergizarteratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, araubidea eta jardunbidea (10.14 artikulua); aisialdia eta jolasa (10.36 artikulua), garapen komunitarioa, emakumeen aldeko politikak eta haur, nerabe eta adinduen aldeko politikak (10.39 artikulua).

 

       Lege honek, gure Autonomia Erkidegoaren erakunde-antolaketa berezia kontuan hartuz, eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko Legeari men eginez, errespetatu egiten ditu lurralde historiko bakoitzeko foru-organoek beren lurralde horietan dauzkaten egikaritze-eskumenak, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek gai hauetan ematen duten legedia egikaritzeko eskumenak, esan nahi da, hala nola, gizarte-laguntza, garapen komunitarioa, emakumeen aldeko politikak, haurren eta gazteen aldeko politikak, adinduen aldeko politikak, aisia eta jolasa. Eta, errespetatu ere, Euskal Autonomia Erkidegoak zuzeneko ekintzara jotzeko eskubidea badu ere.

 

       Hain zuzen ere, adingabeak zaindu eta babesteko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen artean banatzeko, Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legeari jarraituz egin da, lege horrek gizarte-zerbitzuetan egiten duen bereizketaren irizpideari (oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta gizarte-zerbitzu espezializatuak) eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Foru Administrazioaren eta Udal Administrazioaren artean egiten duen eskumen-banaketari. Beste alde batetik, adingabeen epaitegiek erabakitako neurriak egikaritzeko eskumena, behingoz, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio lege honek, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa aplikatuz.

 

       Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Lege honek xede hirukoitza du:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egoiliarrak zein pasadizokoak diren haur eta nerabeei bermatzea zuzenbide-antolamenduan ezagutzen zaizkien eskubideak erabili ahal izango dituztela (Konstituzioak, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak, Haurren Eskubideen Europar Gutunak eta zuzenbide-antolamendu osoak ezagutzen dizkieten eskubideak, esan nahi da).

b)  Haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea sustatzeko jarduerak edo haiek zaintzeko eta babesteko esku-hartzeak zein esparrutan egin behar diren zedarritzea, familian eta gizartean behar duten garapena bermatzearren.

c)  Babesgabezia-egoeran edo arrisku-egoeran dauden haur eta nerabeak babesteko eginkizunaren jardute-printzipioak zedarritzea, bai eta eskumenen eta erakundeen esparrua ere; orobat, arau-hausle adingabeekin egin beharreko esku-hartzearen esparrua.

 

       Zortzi titulutan dago egituratuta lege-testua, eta arautzen duen arlo bakoitzean jarduteko esparru orokor bat ezarri nahi du.

 

       Lehenbiziko tituluko xedapen orokorretan legearen joera azaltzen da, izan ere, atzean uzten du "adin txikikoak" terminoa, gurasokeria kutsua baitzerion, eta horren ordez "adingabeko pertsonak", "haur eta nerabeak", edo "haurtzaro eta nerabezaro" aukeratu ditu. Haurren eta nerabeen interes gorena, haien eskubideen babesa eta eskubide horien garapenaren bermea oinarrizko printzipiotzat hartu dira adingabeekin zerikusia duten erabaki eta jarduketa pribatu edo publiko guztietan kontuan har daitezen; era berean, esku-hartzeetan aintzat hartu beharreko printzipio orokorrak ere ezartzen dira. Zehatzago esanda, legeak, haur eta nerabeen eskubideei buruz, hau aldarrikatzen du: eskubidea dute beren eskubideei buruzko argibideak jasotzeko; eskubidea dute beren norbanakoaren eskubideak eta eskubide kolektiboak errespeta ditzaten, batez ere parte hartzekoa; eskubidea dute kalte egin diezaieketen ekintza edo ez-egite guztietatik babestuak izateko, betiere, familiaren ingurunean jarraitzeari lehentasuna emanez; eskubidea dute berentzat hartzen diren neurriak batez ere gizarte eta hezkuntza laguntza emateko izan daitezen. Era berean, lehenbiziko titulu honetan, legeak gizartea sentsibilizatu nahi du haurren bazterketa eta esplotazioa eta haien kontrako abusu eta tratu txarrak saihesteko.

 

       Legeak nabarmendu egin nahi du adingabeko pertsonek eskubidea dutela, nahikoa ezagumen dutenean, beren iritzia entzun dakien; eta onartzen du adingabeek badutela gaitasuna, denborarekin haziz doana, beren eskubideak erabiltzeko. Horregatik, osasunaren babesaren arloan duten eskubideen artean, beren baimena ematekoa edo ukatzekoa aipatzen da: 41/2002 Legeak (azaroaren 14koa, Gaixoaren Autonomia eta Osasunari buruzko Informazioaren eta Dokumentazioaren arloko Eskubideak eta Betebeharrak Arautzen dituen Oinarrizko Legea) hamasei urte bete dituztenei ezagutzen dien eskubide bera, alegia.

 

       Era berean, betebehar irmoa ezartzen zaie organismo eta erakunde publiko eta pribatuei elkarlanean jardun dezaten, legearen aplikazio-esparru guzti-guztietan; hartara, haur eta nerabeak zaintzeko betebeharra modu koherentean eta antolatuan burutu ahal izango dute, eta horrek babesgabetasun-egoerei egokiago erreparatzea ahalbidetuko du, esku-hartzeak eraginkorragoak egingo ditu eta baliabideen erabilera arrazoizkoagoa.

 

       Legearen II. tituluak haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak jasotzen ditu, bai eta arlo hauetan guztietan dituztenak ere: osasunean, hezkuntzan, kulturan, aisialdian, ingurumenean, gizartean parte-hartzean eta gizarte-integrazioan; horrela, lege hau aplikatzeko zereginera biltzen ditugu herri-administrazio guztiak eta arlo horietan jarduten duten erakunde pribatu guztiak.

 

       Ondoren, III. tituluak arrisku edo babesgabezia egoeretan dauden haur eta nerabeei eman beharreko babesaren arloan esku-hartzeko esparrua zedarritzen du.

 

       Administrazioak eman behar duen babesari buruz, jarduteko orduan aintzat hartu beharreko printzipioak azaltzen ditu legeak, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen) filosofiarekin bat datozenak; era berean, prozeduran kontuan hartu behar diren jarraibideak arautzen ditu, arauaren manuak aplikatzean nolabaiteko berdintasuna izan dadin eta berdintasun-printzipioa berma dadin. Administrazioak har ditzakeen neurriak arautzerakoan, familiarengandik bereiztea dakarten neurriak xehe-xehe arautu ditu, hala nola, familia-harrera, egoitza-harrera eta adopzioa; orobat, kalitatea bermatzeko neurriak sartu ditu, hala nola, baimen-prozedurak, erregistroak, homologazioa eta zerbitzuen eta zentroen ikuskaritza eta ebaluaketa; gainera, bitarteko material eta funtzionalen eta giza baliabideen eskakizunak arautzeko erantzukizuna Administrazio autonomoaren gain utzi du; horrez gain, egoitzetan harrera egin zaien haur eta nerabeen eskubide eta betebeharrak aldarrikatu ditu.

 

       Adopzio-kasuei dagokienez, legeak seme-alabatasun biologikoa ezagutzeko eskubidea ematen du, Haurren Eskubideen Konbentzioan ezarritakoarekin eta Haurren Babesari buruzko eta Nazioarteko Adopzioaren arloko Lankidetzari buruzko Hagako 1993ko Itunean ezarritakoarekin bat etorriz.

 

       Arau-hausle adingabeei gizartearen eta heziketaren arloan eskaini beharrekoari dagokionez, IV. tituluak jarduteko printzipioak ezartzen ditu, bai eta adingabeen epaileak emandako neurriak betearazteko moduak ere, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoari jarraituz; gainera, arreta berezia jartzen du barneratze-neurrietan, eta, kasu honetan ere, bermeak ezartzen ditu laguntzaren kalitatearen alde eta arau-hausle adingabearen eskubideen errespetuaren alde. Horretarako, Autonomia Erkidegoko Administrazioak barnetegietako bitarteko material eta funtzionalen eta giza baliabideen eskakizunak arautuko dituela aurreikusten da, eta berariaz aipatzen dira barneratutako nerabeen eskubideak eta betebeharrak.

 

       Erakunde-antolaketa arautzen du V. tituluan, eta Haurren eta Nerabeen defendatzailearen figura sortzea aurreikusten: haren eginkizunen artean legoke haurren eta nerabeen eskubideak sustatzea eta gizartea eskubide horietaz ohartaraztea.

 

       Legeak, gainera, Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzea aurreikusten du; behatoki horrek haurren eta nerabeen bizi-baldintzak aztertzea eta haiek zaintzen dituzten erakundeei aholku ematea izango ditu eginkizun.

 

       Azkenik, legeak indartu egiten du Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren barruan duen eginkizuna, adingabeen zainketa eta babesean dabiltzan erakunde publikoek eta gizarte-eragileek parte hartzeko berariazko forotzat eratzen baitu, bai eta lege honek ukitzen dituen gaietan Eusko Jaurlaritzak eman edo proposatu beharreko lege-egitasmoei, xedapen orokorrei eta erregelamenduei buruzko kontsulta eta aholkularitza organotzat ere.

 

       VI. tituluan haurren eta nerabeen zainketan eta babesean jarduten duten herri-administrazioen artean eskumenak nola banatuko diren zehazten da.

 

       VII. tituluan, herri-administrazioen eta erakunde pribatuen arteko harremana arautzen du, eta gizarte-ekimena sustatzeko printzipioa jasotzen du, Gizarte Zerbitzuen Legean jasotako bera.

 

       Amaitzeko, VIII. tituluan, zehatzeko araubidea zehazten du legeak: arau-hausteak, zehapenak eta aplikatzekoa den prozedura zehazten dira bertan. Sistema honen bitartez, hau da erdietsi beharrekoa: legearen printzipio eta manuak benetan aplikatzea, eta eskubideak ez daitezela urra, eskubide horien aldarrikapen-eduki hutsa gainditu egin behar baita.

 

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Aplikazio-eremua eta helburua

 

       Lege honen helburua da haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea, bermea eskainiz beren eskubideak erabili eta erantzukizunak bete ahal ditzaten. Zehazki esanda, hauek dira helburuak:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egoiliarrak zein pasadizokoak diren haur eta nerabeei hau bermatzea: Konstituzioak, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak, Haurren Eskubideen Europar Gutunak eta zuzenbide-antolamendu osoak ezagutzen dizkieten eskubideak erabili ahal izango dituztela.

b)  Haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea sustatzeko jarduerak edo haiek zaintzeko eta babesteko esku-hartzeak zein esparrutan egin behar diren ezartzea, haurrek eta nerabeek familiaren eta gizartearen inguruneetan behar duten garapena bermatzearren.

c)  Babesgabezia-egoeran edo arrisku-egoeran dauden haur eta nerabeak babesteko arloan eta arau-hausle adingabeekin egin behar diren esku-hartzeen arloan jarduteko printzipioak zehaztea, bai eta eginkizun horretan eskumenen eta erakundeen esparrua mugatzea ere.

 

2. Artikulua - Nori eragiten dion

 

       Lege honen eta bera garatzen duten xedapenen ondorioetarako:

 

a)  Adingabeak izango dira Kode Zibilak ezarritako adin nagusira iritsi ez direnak, baldin eta emantzipatuta ez badaude edo aplikatzekoa zaien legean ezarritakoaren ondorioz adin nagusitasuna eskuratu ez badute. Arau-hausle adingabeei buruzko xedapenetan, Zigor Kodeak ezarritakoa hartuko da adingabetasuna.

b)  Haurtzaroa izango da pertsona jaiotzen denetik hamabi urtera arteko aldia, eta haurrak izango dira bizitzaren aldi horretan dauden pertsonak.

c)  Nerabezaroa izango da hamahiru urtetik legeak ezarritako adin nagusira edo emantzipaziora iritsi arteko aldia, eta nerabeak izango dira bizitzaren aldi horretan dauden pertsonak.

 

3. Artikulua - Zuzeneko ekintza

 

       Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeei dagokie haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteko arloan arauak garatzea eta zuzeneko ekintza gauzatzea.

 

4. Artikulua - Oinarrizko printzipio gidariak

 

       1.-   Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen lege organikoa da hori), haurren eta nerabeen interes gorena, haien eskubideen babesa eta eskubide horien garapenaren bermea izango dira gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek haiei buruz hartzen dituzten erabakien eta gauzatzen dituzten jarduketa guztien oinarrizko printzipio gidariak. Orobat, haur eta nerabeekin zerikusi zuzena duten jarduketa publiko guztietan aintzat hartuko dira printzipio horiek, eta, zehazki, epaileek, herri-administrazioetako agintariek edo haur eta nerabeak zaindu eta babesteko erantzukizuna duten erakunde publiko edo pribatuek hartzen dituzten erabaki guztietan.

 

       Interes goren hori zer den zehazteko, adingabeko pertsonaren beharrizan eta eskubideei begiratuko zaie lehenik, eta hark adierazitako iritzi eta nahiak kontuan hartuko dira, nahikoa ezagumen duenean; orobat, aintzat hartuko da hark familiaren eta gizartearen esparruan duen izaera bakana.

 

       2.-   Haurren eta nerabeen interes gorena, haien eskubideen babesa eta eskubide horien garapenaren bermea beste edozein interes legezkoren gainetik egongo dira.

 

5. Artikulua - Administrazio-jardunaren printzipio gidariak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteko eskumenak erabiliz esku-hartzeren bat egin behar dutenean, printzipio hauek izango dituzte gidari beren jardunean:

 

a)  Indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduak haurrei eta nerabeei ezagutzen dizkien norbanakoaren eskubideak eta eskubide kolektiboak errespetatuko direla bermatuko dute.

b)  Haurrek eta nerabeek beren eskubideei buruz informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatuko dute; informazio hori, idatziz nahiz ahoz, haiek aditzeko moduko hizkuntza batean eman behar zaie, beraien adimenaren mailari eta gaitasunari egokitutako hizkera argi eta errazez, eta, hala behar balitz, beren heziketa-beharrizan bereziei egokituta.

c)  Berdintasun-printzipioa errespetatuko dela bermatuko dute, nekazaritza giroko inguruneetan edo ingurune baztertuetan nahiz andeatuetan bizitzeagatik egon daitekeen muga oro eragotziz eta, behar balitz, ezabatuz; orobat, bereizkeria oro eragotzi eta ezabatuko da, jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo haurren eta nerabeen edo beraien familien egoera edo ezaugarri pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik gerta daitekeen bereizkeria oro, hain zuzen ere.

d)  Haurren eta nerabeen garapen integralari laguntzeko beharrezko diren bitarteko guztiak erabiliko dituzte, batez ere haien nortasunaren garapenari laguntzeko bitartekoak, eboluzio-aldi bakoitzari egokitutako arreta emango zaiela bermatuz.

e)  Haurrek eta nerabeek tolerantzia, elkartasuna, errespetua, berdintasuna, erantzukizuna, parte-hartzea eta, oro har, gizarte-elkarbizitzarako printzipio demokratikoen balioak berengana ditzaten sustatu behar dute.

f)   Haurren eta nerabeen beharrizanetarako baliabideen urria saihestearren, behar beste neurri hartu behar dituzte, haurren eta nerabeen eskubideen funtsezko edukiari kalterik eragin diezaiokeen urritasun hori ez gertatzeko.

g)  Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezabatu beharrekotzat jotako hesi eta oztopoak ezabatu gabe egoteagatik, lege honetan arautzen diren eskubideak zinez erabili ahal izateko oztoporik edo eragozpenik ez dela izango bermatu behar dute.

h)  Aurrea hartu behar diete haurrei eta nerabeei eragin diezaieketen esplotazioari, laguntzarik ezari, babesik ezari, egokitzeko ezintasunari, bazterketari, abandonuari edo babesgabetasunari, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte.

i)   Haurrak eta nerabeak delituen biktima direnean, arreta berezia eskaini behar diete, eta laguntzeko eta babesteko neurri egokienak hartu behar dituzte.

j)   Hartzen diren neurriak oroz gain heziketarako direla bermatu behar dute, haurren eta nerabeen erabateko gizarte-integrazioa ahalbidetzearren.

k)  Haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten gaien inguruan elkartasuna eta sentikortasuna eragin behar dute gizartean, batez ere haurren bazterketa eta esplotazioa eragozteko, bai eta haien aurkako abusu, jazarpen eta tratu txar fisiko, psikiko zein emozionalak eragozteko ere; orobat, haurren eta nerabeen eskubideak eta askatasunak defenditzeko orduan gizarte zibilak duen zeregina sustatu behar dute.

l)   Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko zein haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko, herri-administrazioek abiarazten dituzten plan eta programak ezartzean, gizarte-ekimeneko erakundeen parte-hartzea sustatu behar dute; orobat, adingabekoen epaitegiek Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan ezarritako neurriak ingurune irekian egikaritzean.

m) Belaunaldien arteko harremanak erraztu behar dituzte, nagusiek eta gazteek haurrekiko eta nerabeekiko jardueretan lagun dezaten sustatuz, Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeari jarraiki.

n)  Beste herrialde batzuekiko elkartasuna sustatu behar dute, kultura-harremanei bide emanez, egoera ahulean dauden haur eta nerabeak helburu dituen lankidetza erraztuz eta gatazkan dauden herrialdeetatik zein herrialde txiroetatik datozen haur eta nerabeentzat aldi baterako egonaldiak ahalbidetuz, aplikatu beharreko legediarekin bat etorrita.

ñ)  Administrazio guztien elkarlana eta koordinazioa sustatu behar dute, haurrek eta nerabeek dituzten eskubide guztiak bermatzeko.

 

6. Artikulua - Informazioa isilean edukitzeko betebeharra

 

       Organismo, entitate eta erakunde publiko edo pribatuak isilean arituko dira haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko eginkizunean, eta behar beste neurri hartuko dituzte, intimitaterako eskubidea aplikatuz, beren esku duten informazioa isilean edukitze aldera eta informazio hori gordeta dagoen fitxategi eta erregistroak edozeinen agerian ez erabiltze aldera, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak araututako moduan.

 

       Beren lanbidea edo eginkizuna dela-eta arrisku edo babesgabezia dagoen edo egon daitekeen kasuren bat ezagutzen dutenek isilean eduki beharko dute informazio hori; orobat aurreko lerroaldean aipatutako informazioa helmenean dutenek.

 

7. Artikulua - Erakundeen arteko elkarlana

 

       Organismo, entitate eta erakunde publiko eta pribatuek elkarlanean jardun behar dute, eta koordinatu egin behar dituzte beren jardunak, haurrei eta nerabeei arreta koherente, antolatua eta integrala eskaintzeko; jarduteko modu horrek babesgabetasun-egoerei errazago erreparatzea du helburu, esku-hartze eraginkorragoak ahalbidetzea eta baliabideen erabilera arrazoizkoagoa izatea.

 

8. Artikulua - Aurrekontuetako lehentasuna

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, beren aurrekontuetako lehentasunen artean edukiko dituzte haurrak eta nerabeak sustatzeko, zaintzeko, babesteko eta, prestatzeko jarduerak, bai eta haurren eta nerabeen aisialdirako eta integraziorako jarduerak ere.

 

II. TITULUA

HAURREN ETA NERABEEN ESKUBIDEAK ETA ESKUBIDE HORIEN ERABILERA

 

I. KAPITULUA

OINARRIZKO ESKUBIDEAK

 

9. Artikulua - Haurren eta nerabeen eskubideak

 

       Indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduak ezagutzen dizkien eskubide guztien titular dira haurrak eta nerabeak, eta, eskubide horien artean, gainerako herritarrentzat bezala, bizitzeko eskubidea eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubidea, nortasunaren garapen aske eta osorako eskubidea eta berdintasunerako eskubidea dira haientzat nabarmendu beharrekoak.

 

       Era berean, eskubide hauek izango dituzte: ohorerako, intimitaterako eta bakoitzaren irudirako eskubidea; nortasunerako eskubidea; informazioa jasotzeko eskubidea; ideologia-askatasunerako eskubidea; parte hartu, elkartu eta batzarrak egiteko eskubidea; adierazpen askerako eskubidea; eragiten dieten erabakietan entzunak izateko eskubidea, eta beren eskubideak defenditzeko eskubidea.

 

10. Artikulua - Ohorerako, intimitaterako eta bakoitzaren irudirako eskubidea

 

       Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen) aurreikusitakoaren arabera:

 

a)  Haurrek eta nerabeek ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta bakoitzaren irudirako eskubidea dute, eta eskubide horretan sartzen dira familiaren egoitzaren eta gutunen bortxaezintasuna, bai eta komunikazioen sekretua ere.

b)  Baldin eta aurreko idatz-zatian aipatzen diren eskubideak urratu egiten badira informazioa jendartean hedatuz edo haurren eta nerabeen irudiak edo izenak hedabideetan erabiliz, eta era horretan haien intimitateari, ohoreari edo ospeari kalte egiten bazaio edo haien interesen aurka egiten bada, orduan, ministerio fiskalak legean aurreikusitako zuhurtasunezko eta babesteko neurriak eskatuko ditu berehala eta, hala badagokio, kalte-ordainak ere bai. Eta hala jardutea egokituko da haurrak edo nerabeak edo haren legezko ordezkariek baimena eman behar badute ere.

c)  Horrelako kasuetan, haurren edo nerabeen legezko ordezkariek dituzten lege-akzioak gorabehera, ministerio fiskalak ere jardun ahal izango du, bai bere kabuz, bai haurrak edo nerabeak berak eskatuta nahiz interesa duen beste edozein pertsona fisiko edo juridikok zein erakunde publikok eskatuta.

d)  Gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek eta botere publikoek errespetatu egingo dituzte eskubide horiek, eta babestu ere bai beste batzuek egin ahal dizkieten erasoetatik.

 

11. Artikulua - Nortasunerako eskubidea

 

       1.-   Haur eta nerabe bakoitzak eskubidea du bere nortasuna ezagutzeko eta izen bat eta nazionalitate bat edukitzeko, eta jaiotzen denetik egin behar da haurraren izenaren inskripzioa Erregistroan.

 

       2.-   Botere publikoek eskubide honen erabilera bermatzeko behar beste neurri hartuko dituzte eta, batez ere, betebehar hauek betetzen direla zainduko dute:

 

a)  Medikuak egindako jaiotza-agirian ama nor den zehaztu beharko da.

b)  Amagandiko seme-alabatasunaren inskripzioa egin behar da Erregistro Zibilean, erregistratzeari buruzko araudiak ezarritakoaren arabera.

c)  Adoptatuak izan diren pertsonek edozein herri-administraziok beraien jatorrizko seme-alabatasunaz izan dezakeen informazioa eskuratu ahal izango dutela ziurtatzea, lege honetako 84. artikuluan ezarritako baldintzak betez.

 

       3.-   Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dauden adingabeko atzerritarrek dagozkien agiriak gordetzeko eskubidea eta betebeharra dute, bai beren nortasuna egiaztatzen duten agiriak -jatorrizko herrialdeko agintari eskudunek emandakoak-, eta bai, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan haien egoera egiaztatzen dutenak ere; eta ezingo zaizkie agiri horiek kendu, legeak aurreikusitako kasuetan eta ezarritako eskakizunak beteta izan ezik.

 

       Baldin eta pertsona horiek nortasun-agiririk ez badute, eskubidea izango dute administrazio eskudunak behar bezalako agiriak eman diezazkien.

 

12. Artikulua - Informazioa eskuratzeko eskubidea

 

       1.-   Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen) ezarritakoaren arabera, haurrek eta nerabeek eskubidea dute, beraien adina eta heldutasun-maila kontuan hartuta, beren garapenerako egokia den informazioa bilatu, jaso eta erabiltzeko, eta, aldiz, gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek eta botere publikoek betebeharra dute haurrek eta nerabeek jasotzen duten informazioa benetakoa eta plurala dela eta Konstituzioaren printzipioak errespetatzen dituela zaintzeko.

 

       2.-   Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, arlo horretan eskumena dutenek, sustatu egingo dute haur eta nerabeentzako informazio-materialak ekoitz eta heda daitezen, eta lagundu egingo dute haur eta nerabeek informazio eta dokumentazio zerbitzuak eta liburutegiak zein gainerako kultura-zerbitzuak erabili ahal ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek hau zainduko dute, zehazki: hedabideek adingabeentzat ematen dituzten mezuetan berdintasunaren, elkartasunaren eta errespetuaren balioak susta ditzatela; bortxakeria, pornografia edo giza harremanen esplotazioa erakusten duten irudiak eragotz ditzatela, orobat tratu laidogarria erakusten dutenak, delitu-jarduerak egitera zirikatzen dutenak edo elkartasun-eza edo bereizkeria sustatzen dutenak, jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik; eragotz ditzatela, baita ere, haien garapenari kalte egin diezaiokeen zernahi erakusten dutenak, hori guztia 30, 31 eta 32. artikuluetan adierazitako moduan.

 

       3.-   Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek hedabideetan azaltzen diren edukiei buruzko kode etikoak egin daitezen sustatuko dute.

 

13. Artikulua - Askatasun ideologikorako eskubidea

 

       1.-   Haurrek eta nerabeek ideologia, kontzientzia eta erlijio askatasunerako eskubidea dute, legeak eta besteen oinarrizko eskubideekiko eta askatasunekiko begiruneak ezarritako mugen barruan.

 

       2.-   Gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen eskubide eta betebeharra da adingabeek askatasun hori beren garapen integralaren alde erabil dezaten laguntzea.

 

14. Artikulua - Parte hartzeko, elkartzeko eta batzartzeko eskubidea

 

       1.-   Adingabeek eskubidea dute beren elkarbizitza-gune hurbilenetan erabat parte hartzeko, eta, bidenabar, beren inguruneko bizitzaren arlo hauetan ere: gizartearen, kulturaren, artearen eta jolasaren arloetan; eskubidea dute, orobat, apurka-apurka herritartasun aktiboan sartzeko, nork bere garapen-mailaren arabera.

 

       2.-   Haurrek eta nerabeek elkartzeko eskubidea dute; hor sartzen dira alderdi politikoetako eta sindikatuetako gazteen elkarte eta antolakundeetako kide izateko eskubidea eta haur eta gazteen elkarteen sorrera sustatzeko eta horiek elkarteen erroldetan inskribatzeko eskubidea, guztia ere indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduaren arabera.

 

       3.-   Haur eta nerabeek eskubidea dute jendaurreko batzarretan eta bakezko manifestazioetan parte hartzeko, betiere, horietarako deialdia legeak ezarritako eskakizunak betez egin bada; orobat, eskubidea dute batzar eta manifestazioak sustatu eta horietara dei egiteko, betiere, haien guraso, tutore edo zaintzaileen berariazko baimena badute.

 

       4.-   Adingabeei eragin diezaieketen egitasmo, programa edo erabakiak hartu behar direnean, herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, adingabeek foroetan parte har dezaten sustatuko dute, egitasmo, programa edo erabaki horiei buruz zer iritzi duten jakiteko.

 

15. Artikulua - Adierazpen-askatasunerako eskubidea

 

       1.-   Haurrek eta nerabeek adierazpen-askatasunerako eskubidea dute, Konstituzioak ezarritako baldintzekin; eskubide horren muga dira adingabearen beraren intimitatearen eta irudiaren babesa, lege honetako 10. artikuluan jasotakoa, eta besteen eskubideen errespetua eta segurtasunaren, osasunaren, moralaren edo ordena publikoaren babesa bermatzearren zuzenbide-antolamenduak ezartzen dituen murriztapenak.

 

       2.-   Adierazpen-askatasunerako eskubide honetan, zehazki, honako hauek sartzen dira: iritziak argitaratu eta hedatu ahal izatea, hedabideak editatu eta ekoitzi ahal izatea eta herri-administrazioek horretarako ematen dituzten laguntzak eskuratu ahal izatea.

 

16. Artikulua - Esateko dutena entzun dakien eskubidea

 

       1.-   Haurrek eta nerabeek eskubidea dute, nahikoa ezagumen dutenean, esateko dutena entzun dakien, hala familiaren barruan nola administrazio edo epai prozedura orotan, baldin eta prozedura horiekin zerikusi zuzena badute eta prozedura horietan erabakitzen denak beren egoerari edo beren familia edo gizarte inguruneari eragin badiezaioke. Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, zaindu egingo dute, eskubide hori erabiltzerakoan, beti, diskrezioa, intimitatea, segurtasuna, presiorik ez izatea eta egoeraren araberako egokitasuna errespeta daitezen.

 

       2.-   Bermatu egingo da haurrek eta nerabeek, nahikoa ezagumen dutenean, iritzia beren kabuz edo berek ordezkari izendatutakoen bitartez adierazi ahal izatea; hala ere, ezin denean edo adingabearen intereserako komeni ez denean, haren legezko ordezkarien bitartez jakin ahal izango da haren iritzia -baldin eta legezko ordezkari horiek ez badira alderdi interesatu, eta adingabearen interesen aurka doan interesik ez badute-, edo lanbideagatik edo adingabearekin duten konfiantza bereziarengatik haren iritzia era objektiboan eman dezaketen pertsonen bitartez. Haur eta nerabeen eskubide hau berari buruz legez ezarritako xedapen bereziei kalterik egin gabe ulertuko da, adibidez, 18.2f) artikuluan zehaztutako xedapenei, osasunagatik egin beharreko esku-hartzeetan baimena emateko edo ukatzeko eskubideari buruzkoei.

 

       3.-   Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, adingabeekin zerikusi zuzena duten prozeduretan haiek ulertzeko moduko hizkuntza eta haien adimen-gaitasunaren arabera egokitutako hizkera erabil dadin zainduko dute.

 

17. Artikulua - Nork bere eskubideak defendatzeko eskubidea

 

       1.-   Haur eta nerabe guztiek izango dute, beti, beren eskubideak defendatzeko eskubidea, beren kabuz, legeak uzten badie, edo beren legezko ordezkariaren bitartez, non eta legezko ordezkariak ez diren alderdi interesatu edo ez duten adingabearen interesekin bat ez datorren interesik; beste pertsona batzuen bitartez ere defenda ditzakete, baldin eta pertsona horiek, lanbidea dela-eta edo konfiantzazko harreman berezia dutela-eta, iritzia objektiboki eman badezakete. Bestalde, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza beren gain duten pertsonek babestu eta zaindu egin beharko dituzte eskubide horiek, eta eskumena duten herri-administrazioek behar bezala erabiltzen direla begiratu behar dute eta helburu horiek betetzeko beharrezkoak diren mekanismoak abiarazi.

 

       2.-   Haurrek eta nerabeek, eskubide horiek benetan erabili ahal izateko, eskubidea dute herri-administrazioengandik laguntza egokia jasotzeko. Horretarako, honako hauek egin ahal izango dituzte:

 

a)  Eskumena duen herri-erakundeari babesa eta tutoretza eskatzea.

b)  Haien ustez, beraien eskubideak urratzen dituzten egoerak ministerio fiskalari jakinaraztea, dagozkion akzioak abiaraz ditzan.

c)  Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundeari aurkeztea beren kexak (Lege honetako 96. artikuluaren bitartez sortzen da erakunde hori).

d)  Herri-administrazioei eskura dituzten gizarte-baliabideak eskatzea.

e)  Haur eta nerabeek, zigor-zuzenbidearen urraketaren bat egiteaz akusatuta prozedura judizialen batean parte hartu beharra daukatenean, legelari baten defentsa edukitzea; konfiantzazko abokaturik izendatu ez badu, ofiziozko txandaren bitartez izendatuko zaio bat. Orobat, lege honen esparruan sartzen diren borondatezko jurisdikzioaren prozeduretan doako aholkularitza juridikoa eduki ahal izatea, urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak, Doako Laguntza Juridikoarenak, eta uztailaren 30eko 210/1996 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan doako laguntza juridikoa emateari buruzkoak ezarritako moduan.

 

       3.-   Baldin eta prozedura judizialetan epaiketa egiten den lekuan bertan parte hartzeagatik adingabeak traumaren bat jasan badezake, edo lekukoaren froga galarazi egin badaiteke, epaiketa-aretoan egon beharrik gabe parte hartzeko moduko bitarteko teknikoez parte hartzea bermatuko da, ahal dela, eta, behar izanez gero, baimena eskatuko zaio eskumena duen fiskalari, adingabeak bere nortasuna ezkutuan gordeta prozeduran parte hartu ahal dezan.

 

       4.-   Herri-administrazioen betebeharra da adingabeei laguntza ematea eskubide hori erabili ahal izateko, aholkua emanez eta sartuta dauden prozedura horien tramitazioari buruz orientabideak eskainiz. Horretarako, lege honetako 42. artikuluan araututako informazio-zerbitzuak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren pekoak, laguntza behar dutenak haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko erakunde egokienetara bideratzea izango du eginkizun.

 

       Adingabearen eta haren tutoretza edo zaintza daukan herri-erakundearen artean interes-gatazka dagoenean, adingabeari jakinarazi behar zaio baduela eskubidea, indarrean dagoen legediak ezarritako moduan, epaitegietan defendatzaile bat edukitzeko.

 

       5.-   Herri-administrazioen jarduera lehentasunezkoa izango da mehatxu eta hertsapenik izanez gero; hortaz, eskumena duen herri-administrazioak bere kabuz jardungo du halako egoeraren zantzurik txikiena izan orduko.

 

II. KAPITULUA

OSASUNERAKO ETA OSASUN ZERBITZUAK JASOTZEKO ESKUBIDEA

 

18. Artikulua - Bakoitzaren osasuna sustatua eta babestua izateko eskubidea

 

       1.-   Haur eta nerabe guztiek dute eskubidea beraien osasuna susta dadin eta babes dadin, bai eta osasun-arreta integrala eman dakien, indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera.

 

       2.-   Haurrek eta nerabeek eskubide hauek izango dituzte:

 

a)  Jaiotzen direnean behar bezala identifikatuak izateko eskubidea, identifikazio hori bermatuko duten bitarteko egokien bitartez.

b)  Jaiotzen den unetik bertatik haurraren osasun-txartela edukitzeko eskubidea. Txartel horretan osasuna zaintzeko eta babesteko garrantzitsutzat jotako eginbehar nagusiak azalduko dira.

c)  Osasun-zerbitzuetako agintaritzak proposatutako txertoen egutegian ageri diren gaixotasun infekzioso-kutsakorren aurka immunizatuak izateko eskubidea.

d)  Norberaren historia klinikoa eta, baldin badago, historia soziala ere isilpean edukia izan dadin, bai eta norberaren familia-egoerari eta egoera sozioekonomikoari buruzko beste edozein datu ere.

e)  Beren osasun-egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ematen ari zaizkien tratamendu medikuari buruzkoa ere, betiere, haien adina, heldutasuna eta egoera psikologiko eta afektiboa kontuan hartuta, lege honetako 12. artikuluan ezarritako moduan; gainera, ahalegina egin beharko da informazio garrantzitsu hori haurrak edo nerabeak hobekien ulertzen duen hizkuntzan emateko.

f)   Nork bere baimena emateko edo ukatzeko eskubidea, Gaixoaren Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoari buruzko Eskubide eta Betebeharrak Arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Lege Oinarrizkoak ezarritakoarekin bat etorriz.

g)  Beraien osotasuna eta osasuna arriskuan jar ditzaketen esperimentu zientifikorik edo medikurik egin ez dezaten beraiengan.

h)  Beren osasunaz, orokorrean hartuta, informazioa jasotzeko eskubidea.

i)   Tratu gizalegezkoa, ulerbera eta haien intimitatearen begirunezkoa eman dakien.

j)   Osasun-zerbitzuetan aplikatzekoa den araudian aurreikusitako eskubide oro izango dute.

 

       3.-   Haurren eta nerabeen osasuna sustatu eta babesteari dagokionez, haien guraso, tutore eta legezko zaintzaileek eskubide hauek izango dituzte:

 

a)  Haurren eta nerabeen osasun-egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, adingabeek duten intimitate-eskubideari kalterik egin gabe eta haien adin, egoera afektibo eta adimen-garapenaren arabera.

b)  Haurrari edo nerabeari eritasunen bat antzemateko probak egin behar zaizkionean edo tratamendu bat aplikatu behar zaionean, proba edo tratamendu horien gaineko informazioa jasotzeko eskubidea, eta probak egin aurretik edo tratamendua aplikatu aurretik baimena eska dakien, aurreko paragrafoko f) idatz-zatian aurreikusitako moduan. Baimenik eman ezean, eta, hala badagokio, epailea izango da, medikuaren agindua jaso ondoren, baimen hori eman beharko duena; dena dela, adingabearen bizitzeko eskubideari eta osasunerako eskubideari lehentasuna emango zaie beti.

c)  Osasun-zerbitzuetan aplikatzekoa den araudian ezarritako eskubide oro izango dute.

 

       4.-   Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean osasunaren arloan eskumena duen sailak bermatu egingo ditu eskubide honen legezko arauketatik datozkeen eskubide eta betebeharrak, osagarri eta tresna gisa emandakoak, eta, bermatu ere, haur eta nerabeek osasun-zerbitzuekiko dituzten harremanetan, haien nortasunari, giza duintasunari eta intimitateari zor zaien errespeturik handienarekin. Aurreko hori betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrean osasunaren arloan eskumena duen saila hezkuntzaren arloan eskumena duen sailarekin arituko da elkarlanean, osasunaren gaineko hezkuntza-programak lantzen, osasuna sustatzen eta babesten eta, oro har, une bakoitzean lehentasunezkotzat jotzen diren gaiak jorratzen.

 

19. Artikulua - Osasun-zerbitzuak erabili ahal izatea

 

       Haur eta nerabe guztiek osasun-zerbitzuen sistema publikoa erabiltzeko eskubidea dute, gainerako herritarrek erabiltzen duten baldintza berdinetan.

 

20. Artikulua - Administrazioak osasunaren arloan jarduteko printzipioak

 

       1.-   Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean osasunaren arloan eskumena duen sailak beharrezkoak diren bitarteko guztiak jarriko ditu haur eta nerabeei erietxean sartu beharrik gabeko osasun-arreta eman dakien. Horretarako, erietxeez besteko osasun-zentroetan toki egokiak prestatuko dira haur eta nerabeei beharrezko zainketak eskaintzeko eta haien jolasteko beharrari erantzuteko, zentroek dauzkaten lekuaren eta baliabideen arabera eta, betiere, segurtasun-arau ofizialak betez. Oroz gain, irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela zaindu beharko da.

 

       2.-   Haurrak edo nerabeak erietxean nahitaez egon behar badu, ahalik eta egonaldi laburrena egingo du.

 

       3.-   Haurrek eta nerabeek, egon behar duten erietxea osasun-zentro publikoa nahiz pribatua izan, beste eskubide hauek ere izango dituzte, 18. artikuluan zehaztutako eskubide orokorrez gain:

 

a)  Ematen zaien tratamendu mediko osoari buruz eta tratamendu horrek izan ditzakeen ondorio positiboei buruz informazioa jasotzeko eskubidea; betiere, beren adina, adimen-garapena eta egoera afektibo zein psikologikoa kontuan izanda.

b)  Eskubidea dute osasun-zerbitzuetan banakako arreta eskain dakien bai eta tratamenduaren banakako jarraipena egin dakien ere, ahal dela beti profesional-talde beraren esku.

c)  Erietxean egon beharra dutenean, eskubidea dute beren gurasoek edo horien ordezkoek ahalik eta denbora luzeenean lagun diezaieten, baina ez ikusle pasiboen moduan, baizik eta elementu aktiboen moduan, erietxeko egonaldiak irauten duen bitartean, salbu eta hori eragozpen edo kalte izan badaiteke ezarri beharreko tratamenduetarako.

d)  Urduritasun handiko uneetan gurasoekin edo haien ordezkoekin harremana eduki ahal izateko eskubidea, eta, horretarako, egokiak diren bitartekoak eskura edukiko dituzte.

e)  Eskubidea dute, erietxean sartu behar dituztenean, ahal dela beste ume batzuen ondoan jar ditzaten, eta ez helduen ondoan.

f)   Eskubidea dute zainketarako, hezkuntzarako eta jolaserako beren beharrizanei erantzuteko leku eta gela egokiak edukitzeko, betiere segurtasun-arau ofizialak betez. Oroz gain, irisgarritasunari buruz indarrean dagen araudia betetzen dela zaindu beharko da.

g)  Erietxean dauden bitartean, eskubidea dute eskolako ikasketak egiten jarraitzeko, eta hezkuntzako agintariek beren eskura jartzen dituzten irakasleez eta ikasmaterialez baliatzeko.

h)  Eskubidea dute erietxeko egonaldian, beren adinari ondo datozkien jostailu, liburu eta ikus-entzunezkoak erabiltzeko.

i)   Eskubidea dute jasoko dituzten zainketak doiak izango direlako segurtasuna edukitzeko, nahiz eta, horretarako, justiziak esku hartu behar izan, dela gurasoek zainketa horiek ukatu egiten dizkietelako -erlijioarengatik, kulturarengatik edo beste arrazoi batzuengatik-, dela gurasoek beharrizan horri erantzuteko aukerarik ez dutelako; betiere, adingabearen bizitzeko eskubideari eta osotasun fisikorako eskubideari emango zaie lehentasuna.

 

       4.-   Osasun mentaleko zentroetan, haurrek eta nerabeek behar dituzten zainketa eta tratamendu egokietarako baldintzak ipiniko dira, beharrezkoak direnak; eta osasun mentaleko arazoak dituzten haur eta nerabeak zaintzeko langile kualifikatuz hornitutako unitate espezializatuak sortu eta ekipatzera joko da.

 

       5.-   Atentzio Soziosanitarioko Euskal Kontseilua osatzen duten administrazioen artean beharrezko koordinazioa bermatuko da ahalmen-urritasuna duten haur eta nerabeei laguntza emateko zentroak eta zerbitzuak sor daitezen bultzatzeko.

 

       6.-   Eskumena duten administrazioek osasun-zerbitzuen titularrentzat eta osasun-arloko langileentzat prestakuntza-programak garatuko dituzte haurreenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo arrisku-egoera antzemateko behar beste ezagutza eskura ditzaten.

 

21. Artikulua - Erakundeen arteko elkarlana

 

       Osasun-zerbitzuek eta osasun arloko langileek adingabeen babesaren arloan eskumena duten herri-administrazioei jakinarazi behar dizkiete, edo, beharrezkoa bada, ministerio fiskalari edo epaileari, haurrenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo arrisku-egoera ekar ditzaketen egitateak, eta horrelakoetan behar diren esku-hartzeak eraginkorrak eta kalitatezkoak izango direla bermatzeko behar diren datu guztiak helarazi beharko dizkiete; orobat, elkarlanean aritu beharko dute horrelako egoerak eragozteko eta konpontzeko.

 

III. KAPITULUA

HEZKUNTZARAKO ETA HEZKUNTZA ZERBITZUAK JASOTZEKO ESKUBIDEA

 

22. Artikulua - Hezkuntzarako eta irakaskuntzarako eskubidea

 

       1.-   Haur eta nerabe guztiek heziketa jasotzeko eskubidea dute, heziketa hori batez ere familiaren eta gizartearen inguruneetan eta hezkuntza-zentroetan emango zaie, indarrean dagoen legediak ezarritako moduan.

 

       2.-   Haur eta nerabe guztiek oinarrizko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dute, hau da, lehen hezkuntzaz eta derrigorrezko bigarren hezkuntzaz osatzen dena, indarrean dagoen legediak ezarritako eran.

 

23. Artikulua - Hezkuntza-zerbitzuak erabili ahal izatea

 

       1.-   Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak behar beste plaza eduki beharko ditu hezkuntza-zentroetan, haurrei eta nerabeei irakaskuntzaren ziklo guztietan behar dituzten hezkuntza-zerbitzuak eskaini ahal izazeko.

 

       2.-   Hezkuntza-zentroen diseinuak eta ekipamenduak beharrezko baldintzak izango dituzte, haurren eta nerabeen ahalmenak, gorputzaren eta adimenarenak, modu egokian gara daitezen. Oroz gain, segurtasunari eta irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela zaindu beharko da.

 

       3.-   Botere publikoek, euskal eskola publikoa eratzen duten zentroen bitartez, hiru urtetik gorakoen eskolaratze doakoa bermatuko dute.

 

       4.-   Hezkuntza Administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarte-eragileekin batera lan eginez, zero urtetik ezarriko ditu eskolaratze-zerbitzuak, euskal eskola publikoa arautzen duen araudian aurreikusitako eran. Dena dela, zerbitzu hori ezartzeko prozesuaren barruan lehentasuna emango zaie maila sozioekonomiko apalena duten eskualdeei eta, oro har, hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleei edo hizkuntza-beharrizanak dituztenei.

 

24. Artikulua - Administrazioak hezkuntzaren arloan jarduteko printzipioak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak beharrezkoak diren bitartekoak jarri beharko ditu honako hauek bermatze aldera:

 

       1.-   Haur eta nerabeen hezkuntza-prozesua beraien eboluzio-egoerari egokitzea.

 

       2.-   Irakaskuntza-zentroen hezkuntza eta curriculum proiektuetan honako gai hauek sartzea:

 

a)  Balioen araberako hezkuntza, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduan jasotako printzipio, eskubide eta askatasun funtsezkoekin bat etorriz, bereziki hauekin: aniztasunaren errespetuarekin eta inoren aurka bereizkeriarik ez eragiteko printzipioarekin (dela jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo ezaugarri pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik eragindako bereizkeria).

b)  Hezkuntza ez-sexista, bakearen kultura, gizalegea eta tolerantzia sustatzen dituzten balioetan oinarritua.

c)  Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte eta kultura errealitatearen errespetua, bere aniztasun osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien ikaskuntza.

d)  Gertuko kultura-ingurunea ezagutzea, eta beste kultura-eremu batzuen aurrean jarrera irekia edukitzea.

e)  Ingurumen natural eta orekatuaren errespetua, garapen iraunkorraren oinarrien gainean.

 

       3.-   Aukera-berdintasuna errespetatzea eta sustatzea eskolaratzean eta eskolan egin beharreko ibilbidean. Ildo horretatik, haur eta nerabe guztiei heziketa-aukera berdinak eskaini behar dizkiete, eta, helburu horrekin, bereizketa positiboko ekinbideak xedatuko dituzte, haur eta nerabe guztiak barne hartuta, eta, batez ere, ekonomia, gizarte eta kultura maila apalagoa dutenentzat eta zailtasun pertsonalak dituztenentzat, hezkuntza-prozesuan laguntzeko eta eskola-porrota gertatzeko arriskuari aurrea hartzeko.

 

       4.-   Haurrek eta nerabeek beren hezkuntza-prozesuan eta ikasle-elkarteetan parte har dezaten laguntzea.

 

       5.-   Gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek haurren eta nerabeen eskola-hezkuntzan parte hartzeko eta hezkuntza horren jarraipena egiteko duten eskubidea errespetatu eta sustatzea.

 

       6.-   Derrigorrezko irakaskuntzan absentismoa eragozteko beharrezkoak diren ekintzei heltzea, tokiko administrazioekin, irakaskuntzako langileekin eta familiekin elkarlanean arituz.

 

       7.-   Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleek lehentasuna izan dezaten, pertsona gisa behar duten heziketa eta eskolan eta lanbide baterako behar duten prestakuntza ahalik eta onena izango dela bermatzeko; eskolan hasteko unetik bertatik egingo da ahalegina bakoitzari behar duen bezalako zerbitzua eskaintzeko, eta laguntzeko eginkizuna berariaz prestatuta dauden profesional kualifikatuen esku utziko da.

 

       8.-   Hezkuntza-zentroetan arrisku-egoerak prebenitzeko programak garatzea, bereziki hauek:

 

a)  Osasunari buruzko prebentzio eta hezkuntza programak, batez ere menpekotasuna eragin dezaketen gaiei buruz, haurdun geratzea eragozteko metodoei buruz, sexu-harremanen bidez kutsatzen diren eritasunei buruz eta elikadurari buruz; hori guztia haurrek eta nerabeek beren osasunerako edo beste batzuenerako jokabide eta ohitura kaltegarririk har ez dezaten.

b)  Sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak.

c)  Bide-segurtasunari buruzko prebentzio eta hezkuntza programak.

d)  Haurren eta nerabeen nortasunaren garapen askeari kalte eragin diezaieketen sekten eta bestelako erakunde batzuen eragin kaltegarriez ohartarazteko prebentzio eta informazio programak.

e)  Tratu txarrei eta sexu-abusuei buruzko sentsibilizazio eta prebentzio programak, haurren eta nerabeen eskubideez informazioa emango dutenak. Informazio horretan eskubide horiek urratzea edo arrisku-egoera bat sortzea eragin dezaketen jokamoldeak azalduko dira, bai haurren eta nerabeenak, bai beste pertsona batzuenak; orobat, laguntza eman diezaieketen pertsonak edo erakundeak zeintzuk diren azalduko da. Hori guztia ikasleen ahalmenari eta eboluzio-garapenari egokitutako hizkera erraza eta argia erabiliz egingo da.

f)   Ingurumenaren eta erantzukizunezko kontsumoaren gaineko informazio eta prestakuntza programak.

 

       9.-   Haur eta nerabeen artean gerta litekeen edozein jazarpen eta indarkeria egoera antzemateari eta zuzentzeari lehentasuna ematea.

 

       10.- Eskumena duten administrazioek hezkuntza-zentroetako titularrentzat eta langileentzat prestakuntza-programak garatzea, haurrenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo arrisku-egoera antzemateko behar beste ezagutza eskura ditzaten.

 

25. Artikulua - Erakundeen arteko lankidetza eta norbanakoen lankidetza

 

       1.-   Baldin eta agintariek edo herritarrek jakiten badute derrigorrezko hezkuntza jasotzeko adinean dagoen haur edo neraberen bat eskolaratu gabe dagoela edo, arrazoibiderik eman gabe ez dela eskolara joaten, eskumena duten herri-agintariei jakinarazi beharko diete, batez ere Hezkuntza Administrazioko agintariei, Toki Administrazioko erakundeei eta ministerio fiskalari, haurra edo nerabea eskolaratzeko, edo eskolara joanarazteko, beharrezkoak diren neurriak har ditzaten.

 

       2.-   Halaber, hezkuntza-zentroetako titularrek eta langileek adingabeen babesaren arloan eskumena duten herri-administrazioei edo, beharrezkoa bada, ministerio fiskalari edo epaileari jakinarazi behar dizkiete haurrenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo horien arrisku-egoera ekar dezaketen egitateak, eta halaber adierazi beharko dizkiete horrelakoetan behar diren esku-hartzeak eraginkorrak eta kalitatezkoak izango direla bermatzeko behar diren datu guztiak; orobat, elkarlanean aritu beharko dute horrelako egoerak eragozteko eta konpontzeko, baina betiere adingabeen lehentasunezko interesak edukiko dira kontuan.

 

IV. KAPITULUA

KULTURARAKO ESKUBIDEA, ETA GIZARTEAREN ETA KULTURAREN ARLOAN BABESTUTA EGOTEKO ESKUBIDEA

 

26. Artikulua - Kulturarako eskubidea

 

       1.-   Haurrek eta nerabeek eskubidea dute, eskolan ematen zaien irakaskuntzaren osagarri gisa, kultura-prestakuntza integrala jasotzeko, beren gaitasun intelektual eta artistikoa garatzeko nahiz trebetasun fisikoak eta eskulanetarakoak areagotzeko.

 

       2.-   Haur eta nerabe guztiek dute eskubidea beraien kultura-aukera errespeta dakien, zein ere den haien familiaren kultura.

 

       3.-   Halaber, haur eta nerabe guztiek dute eskubidea beren jatorrizko kultura ezagutu eta garatzeko.

 

27. Artikulua - Administrazioak gizartearen eta kulturaren arloan jarduteko printzipioak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak betebehar hauek izango ditu:

 

a)  Haur eta nerabeentzako kultura eta arte agerkariak prestatzea eta ekimen pribatuen bidez horrelako jarduerak antola daitezen sustatzea.

b)  Haurrek eta nerabeek Euskal Autonomia Erkidegoaren kulturaren arloko ondasunak eta baliabideak berdintasunean erabili ahal izango dituztela eta horietan parte hartu ahal izango dutela bermatzea.

c)  Haurrek eta nerabeek beren gaitasun zein trebetasun intelektual eta artistikoak nahiz kirolerakoak edo eskulanetarakoak garatu ahal izateko, kulturaren arloko bitarteko eta baliabideak sor daitezen sustatzea eta xedatzea.

d)  Haur eta nerabe guztiei kultura-aukera berdinak eskaintzea, eta horretarako bereizketa positiboko ekinbideak xedatzea, haur eta nerabe guztiak barne hartuta, batez ere ekonomia, gizarte edo kultura maila apalagoa dutenentzat eta zailtasun pertsonalak dituztenentzat.

e)  Haur eta nerabeei informazio askotarikoa eta egiazkoa eskuratzeko aukera bermatzea.

f)   Hedabideek haur eta nerabeentzat interesgarria den informazioa eman dezaten sustatzea; orobat, haur eta nerabeentzat argitalpenak argitara ditzaten eta haur eta nerabeek parte hartzeko moduko telebista-saioak presta ditzaten sustatzea, betiere oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuaren balioak aintzat hartuta.

 

28. Artikulua - Gizartearen eta kulturaren arloan babesteko betebeharra

 

       Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, zaindu egingo dute haur eta nerabeak hazten diren inguruneko kultura eta gizarte baldintzak egokiak izan daitezen, era horretan, haien nortasuna osoki gara dadin eta haien integrazioa erabatekoa izan dadin hezkuntzaren, kulturaren eta gizartearen arloetan; egokitasun hori bermatzeko, gainbegiratu, kontrolatu eta ikuskatzeko neurriak hartuko dituzte, kasuan-kasuan beharrezkoak direnak.

 

29. Artikulua - Joko-establezimenduak, ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak

 

       Haur eta nerabeak joko-establezimendu eta lokaletara sartuko badira, Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legeak aurreikusitakoa bete beharko da.

 

       Haurrak eta nerabeak babestu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoan jendearentzako antolatzen eta egiten diren ikuskizun publiko eta jolas-jardueretatik, eta babes hori, Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren azaroaren 10eko 4/1995 Legean eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera emango da.

 

30. Artikulua - Argitalpenak

 

       1.-   Galarazita dago haur eta nerabeei beraien nortasunaren garapenerako kaltegarri izan daitezkeen edukiak dituzten argitalpenak saltzea; betiere, galarazita egongo da haiei bortizkeria, pornografia edo giza harremanetan esplotazioa erakusten duten edukiak dituzten argitalpenak saltzea, edo tratu laidogarria erakusten dutenak, delitu-jarduerak egitera zirikatzen dutenak edo elkartasun-eza edo inoren aurkako bereizkeria sustatzen dutenak honako arrazoi hauetakoren batengatik: jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik.

 

       2.-   Galarazita dago haur eta nerabeei, zuzenean nahiz zeharka, goiko paragrafoan aipatutakoak bezalako argitalpenak eskaintzea, edo horiek erakusgai jartzea haur eta nerabeek libreki hartu ahal izateko moduan.

 

       3.-   Galarazita dago argitalpenetan haurren eta nerabeen izenak, irudiak edo haiei buruzko bestelako datu batzuk hedatzea, Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen) eta 1/1982 Legeak (maiatzaren 5ekoa, Ohorearen, Norberaren eta Familiaren Intimitatearen eta Bakoitzaren Irudiaren Babes Zibilari buruzkoa) eta lege honetako 10. artikuluak ezarritako moduan.

 

       4.-   Galarazita daude, orobat, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduan argitalpenei buruz berariaz galarazita dauden gainerako jarduerak.

 

31. Artikulua - Ikus-entzunezko baliabideak

 

       1.-   Ikus-entzunezko materialari dagokionez, jarduera hauek galarazita egongo dira:

 

a)  Haur eta nerabeei, haien garapenerako kaltegarri izan daitezkeen bideoak, bideojokoak edo beste edozein ikus-entzunezko material saldu edo alokatzea; batez ere ikus-entzunezkoen edukia lege honetako 30.1 artikuluan aipatutakoa bada.

b)  Aurreko idatz-zatian aipatutako ikus-entzunezko materiala proiektatzea haurrak eta nerabeak sartzera haizu diren lokaletan eta ikuskizunetan, eta, oro har, material hori haur eta nerabeen artean hedatzea, edozein bitartekoren bidez.

c)  Galarazita daude, orobat, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduan ikus-entzunezko materialari buruz berariaz galarazita dauden gainerako jarduerak.

 

       2.-   Telebistako eta irratiko programazioaz den bezainbatean:

 

a)  Uztailaren 12ko 25/1994 Legearekin bat etorriz (Europar Batasuneko estatu kideek telebista bidezko irrati-hedapenaren jarduerei buruz emandako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenen koordinazioari buruzko 89/552/CEE Zuzentaraua Espainiako zuzenbide-antolamenduan sartu zen lege horren bitartez), Euskal Autonomia Erkidegoarenak diren telebista-kanalen emanaldiek, bai eta beste telebista-zerbitzu batzuen emanaldiek ere (zerbitzu horiei baimena ematea Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokionean), honako betekizun hauek bete behar dituzte:

- Haurrentzako eta nerabeentzako programak emateko orduan, haien ohituren araberako ordutegia errespetatzea.

- Egunean ordu-tarte bat gordetzea, eta tarte horretan haur eta nerabeen garapenari kalte egin diezaioketen programarik, irudirik edo mezurik ez ematea eta, bereziki, lege honetako 30.1 artikuluan aipatutakoen erakorik.

b)  Telebista-emanaldietan bete beharreko betekizun horiek, aurreko idatz-zatian aipatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren irratiko kanalen eta zerbitzuen bidezko emanaldietan ere bete beharko dira.

 

       3.-   Telekomunikazio eta telematika bidezko beste bitarteko batzuei dagokienez, herri-administrazioek zaindu egin beharko dute haurrak eta nerabeak, sistema horien bidez, ez direla beraien garapenerako kaltegarri izan daitezkeen zerbitzuetara sartu ahal, eta, bereziki, lege honetako 30.1 artikuluan azaldutako edukien antzekoak dituztenetara.

 

       4.-   Galarazita dago hedabideetan haurren eta nerabeen izenak, irudiak edo haiei buruzko bestelako datu batzuk hedatzea, Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen), maiatzaren 5eko 1/1982 Legeak (Ohorearen, Norberaren eta Familiaren Intimitatearen eta Bakoitzaren Irudiaren Babes Zibilari buruzko Legea) eta lege honetako 10. artikuluak ezarritako moduan.

 

32. Artikulua - Publizitatetik babestea

 

       1.-   Haurrentzat eta nerabeentzat egiten den publizitateari dagokionez:

 

a)  Haur eta nerabeentzat egindako publizitateak, Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzen denak, honako betekizun hauek bete beharko ditu, haien eskubideak behar bezala babestearren:

- Iragarkiek ezingo dute bortxakeriarik, pornografiarik edo giza harremanen esplotaziorik erakutsi, ez eta tratu laidogarririk ere; orobat, ezingo dute delitu-jarduerak egitera zirikatu, edo elkartasunik eza edo inoren aurkako bereizkeriarik eragin honako arrazoi hauetako batengatik: jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik.

- Iragarkiek ezingo dute zirikatu osasunerako kaltegarriak diren jokabideetara edo jardueretara.

- Haur eta nerabeentzako produktuen irudiak, prestazioak eta erabilera zuzena era ulergarrian eta egiazkoan erakutsiko dira, eta, horretarako, haur eta nerabeen garapen-mailari egokitutako hizkera erraza erabiliko da.

- Iragarkiek ezin dute bereizketarik ez bereizkeriarik egin iragarritako objektuaren kontsumoaren arabera.

- Iragarkietan ezingo da ondasunak edo zerbitzuak emango direla agindu, baldin eta horiek eskuratzeko argi azaldu ez diren baldintzak bete behar badira.

- Iragarkiek ezingo dituzte haurrak eta nerabeak produktu bat edo zerbitzu bat erostera zirikatu haien esperientziarik ezaz edo sinesberatasunaz baliatuta; orobat, ezingo dituzte haurrak edo nerabeak zirikatu, beren gurasoak, tutoreak, zaintzaileak edo beste edonor limurtzera, dena delako produktua edo zerbitzua eros diezaieten.

- Iragarkiek ezingo dute esplotatu haurrek eta nerabeek beren gurasoengan, tutoreengan edo zaintzaileengan, edo irakasleengan edo beste pertsona batzuengan duten konfiantza, inoiz ere ez.

- Iragarkiek ez dituzte agertu behar egoera arriskutsuetan dauden edo sexu jarduera edo jokabideetan ari diren haur edo nerabeak.

- Iragarkiek ez dituzte sortu behar haur eta nerabeengan helduei dagozkien igurikipenak, adibidez, ekonomia-arrakastarekin zerikusia dutenak.

b)  Galarazita daude haur eta nerabeen nortasunaren garapenerako kaltegarriak izan daitezkeen edukiak dituzten publizitate-mota guztiak, leku hauetan guztietan: 29. artikuluan aipatzen diren jokoetarako lokaletan nahiz ikuskizun publikoetan zein jolas-jardueretan; Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzen diren argitalpenetan, batez ere haurrentzat eta nerabeentzat direnetan; telebistan edo irratian haurrentzako eta nerabeentzako babes bereziko ordu-tarteetan ematen den publizitatean, eta beste edozein telekomunikazio edo telematika bitartekoren bidez, haurrak eta nerabeak sartzera haizu diren zerbitzuetan.

c)  Haur eta nerabeak babestuta egongo dira edari alkoholdunen eta tabakoz egindako produktuen publizitatetik, Droga Menpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak ezarritako moduan.

 

       2.-   Haurrak eta nerabeak protagonista dituen publizitateari dagokionez (Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean zabaltzen den publizitatea, esan nahi da):

 

a)  Haurrak eta nerabeak ageri diren publizitate-irudiek ez dute kontsumo itsua egitera bultzatu behar.

b)  Galarazita dago haurrak eta nerabeak erabiltzea honelakoak iragartzeko: edari alkoholdunak, tabakoa, edo haur eta nerabeentzat debekatuta dauden jarduerak; pornografia-edukia duten jarduerak; giza harremanen esplotazioa eragiten dutenak; tratu laidogarria erakusten dutenak; delitu jarduerak egitera zirikatzen dutenak, edo elkartasunik eza edo inoren aurkako bereizkeria eragiten dutenak arrazoi hauetako batengatik: jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik; edo haien garapenerako kaltegarria izan daitekeen beste edozein eduki agertzen dutenak.

 

       3.-   Ministerio fiskalari eta haurrak eta nerabeak babesteko arloan eskumena duten herri-administrazioei dagokie legez kontrako publizitatea eteteko eta zuzentzeko akzioak erabiltzea -legezkotasuna duten beste subjektu batzuei ere badagokie ere-, Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 5.5. artikuluan ezarritakoaren arabera (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen lege horrek).

 

33. Artikulua - Kontsumoaren aurrean babesa ematea

 

       1.-   Produktuen kontsumoari dagokionez:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kontsumoaren arloan eskumena duen sailak zaindu egin behar du haurren eta nerabeen eskubideek eta interesek defentsa eta babes bereziak izan ditzaten, beharrizan eta ezaugarri bereziak dituzten kontsumitzaileak direnez geroztik.

b)  Haurrek eta nerabeek kontsumitu edo erabili ahal ditzaten, produktuek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

- Ezin dute gai kaltegarririk eduki -indarrean dagoen legediak ezartzen duen bezala-, eta agerian izan behar dute beren osaera, ezaugarriak, erabiltzeko modua eta zein adinetako haur eta nerabeentzat diren jakiteko behar beste informazio.

- Egokiak direla bermatzeko behar diren neurri guztiak bete behar dituzte, egokiak hala beren erabilera izango den horretarako nola gaizki erabiltzeagatik sor daitezkeen ondorio txarrak saihesteko.

c)  Droga Menpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 20 eta 21. artikuluetan ezarritakoaren arabera, galarazita egongo da edari alkoholdunak eta tabakoa zein tabakoz egindako produktuak hamazortzi urtetik beherakoei saltzea.

d)  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, bere eskumenen esparruan, zaindu egin behar du farmazia-produktuen araudia bete dadin; batez ere, sendagaiak egin eta aurkezteko eran istripuak prebenitu behar dira, zentzuzko era batean, haurren eta ahalmen-urritasunen bat duten pertsonen istripuak oroz gain.

e)  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kontsumoaren arloan eskumena duen sailak zaindu egingo du detergenteak eta, oro har, garbiketarako produktuak istripuak prebenitzeko moduan aurkeztuko direla (zentzuzko era batean prebenituko direla), eta, batez ere, irekitzea eragozteko segurtasun-sistemak edukiko dituztela; orobat, ez dela kolore eta zapore deigarririk erabiliko.

 

       2.-   Zerbitzuei dagokienez:

 

a)  Haurrentzako eta nerabeentzako jolas-gune publikoek leku egokietan egon behar dute kokatuta, eta elementu arriskutsuetatik urruti edo babestuta, beti. Segurtasun-neurri egokiak bermatzeko moduan egongo dira prestatuta, eta, ahal dela, haurrak eta nerabeak jagoteko eta, aldi berean, adinaren araberako taldeetan banatzeko aukera eman behar dute, eta lau urtetik beherako haurrentzat bakarrik izango diren lekuak ere eduki behar dituzte.

b)  Ahalmen-urritasunen bat duten haurrek eta nerabeek aurreko idatz-zatian aipatutako jolas-gunetara sartzeko eta horietaz gozatzeko duten eskubidea bermatu behar da, indarrean dagoen legediaren arabera.

c)  Ikuskizun publikoek eta gainerako jolas-jarduerek istripuak eragozteko eta erabiltzaileentzako arriskuak saihesteko behar bezala prestatutako langileak eduki behar dituzte, eta kasuan-kasuan auto-babeserako nahitaezkoak diren neurriak eduki behar dituzte ezarrita, Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean ezarritakoaren arabera.

d)  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak arautu egin behar ditu haurrak eta nerabeak sar daitezkeen jolas-gune publikoetan egiten diren jardueren ezaugarriak, bai eta jolas-gune horiek zaintzeko neurriak ere.

e)  Hamasei urtetik beherako haur eta nerabeek, gurasoen, tutoreen edo legezko zaintzaileen berariazko baimenik gabe, hoteletan edo antzeko lekuetan ostatu eskatzen dutenean, hoteleko edo antzeko leku horretako arduradunak jakinarazi egin behar die guraso, tutore edo legezko zaintzaileei, eta, ezin bada, poliziari, guraso, tutore edo legezko zaintzaile horiek aurki ditzan.

 

       3.-   Haur eta nerabeentzat galarazita egongo da dirua edo balio ekonomikoa duten gauzak jokatzen diren zorte eta dema jokoetan parte hartzea, orobat diru-saria ematen duten jolas-makinak erabiltzea edo apustuetan parte hartzea, Jokoa Arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legeak ezarritakoaren arabera. Galarazita izango dute, orobat, jolas-makinak erabiltzea, baldin eta horien edukia lege honetako 30.1 artikuluan azaldutakoa bada.

 

V. KAPITULUA

AISIALDI AKTIBORAKO ESKUBIDEA

 

34. Artikulua - Jolaserako eta kirolerako eskubidea

 

       1.-   Haur eta nerabe guztiek dute eskubidea atseden hartzeko, jolasteko eta beren adineko jolas-jardueretan parte hartzeko, beraien garapenerako funtsezkoa baita hori. Eskubide hori erabiltzen dela bermatzeko, herri-administrazioek beharrezkoak diren instalazioak eta jolas-eremuak sortzea sustatuko dute.

 

       2.-   Jolasak eta jostailuak haur eta nerabeen beharrizanei egokitu beharko zaizkie eta, adinaren arabera, haien psikomotrizitatearen garapenerako lagungarri izan behar dute, indarrean dagoen araudian eskatzen diren segurtasun-betekizunak aintzat hartuta.

 

       3.-   Haurrek eta nerabeek eskubidea dute kirolak eta jarduera fisikoak egiteko, eta saihestu egin behar da jarduera horietan lehiakortasuna lehenbiziko baliotzat sustatzea. Lehiaketa-kiroletan parte hartzea borondatezkoa izan beharko da, beti, eta entrenamendu plan eta metodoek errespetatu egin beharko dituzte haien egoera fisikoa eta hezkuntza-beharrizanak.

 

       Arloan eskumena duten administrazioek eta federazioek paragrafo honetan ezarritakoa betetzen dela zainduko dute.

 

35. Artikulua - Administrazioak aisialdi aktiboaren arloan jarduteko printzipioak

 

       Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, betebehar hauek izango dituzte:

 

a)  Haur eta nerabe guztiei aisialdi-aukera berdinak eskaintzea, eta, horretarako, bereizketa positiboko ekinbideak xedatzea, haur eta nerabe guztiak barne hartuta, batez ere ekonomia, gizarte edo kultura maila apalagoa dutenentzat eta zailtasun pertsonalak dituztenentzat.

b)  Aisialdiko jardueren antolaketa sustatzea auzoetan eta udalerrietan, hala erakunde publikoetatik arituz nola auzokideen eta elkarteen ekimenei lagunduz.

c)  Kirol eta aisialdi jardueretan parte hartzea sustatzea, hala eskolan nola komunitatean.

d)  Haurren eta nerabeen elkarteak eratzeko ohitura sustatzea aisialdiaren eta kirol eta jolas jardueren arloan.

e)  Kirol eta aisialdi jardueren heziketa-alderdia indartzea.

 

VI. KAPITULUA

INGURUMENERAKO ESKUBIDEA

 

36. Artikulua - Ingurumenerako eskubidea

 

       Haur eta nerabe guztiek dute eskubidea ingurumen osasungarrian bizitzeko eta ingurumen horretan garapena iraunkorra izan dadin; eskubidea dute, orobat, Euskal Herriko ingurumena ezagutzeko eta hartaz gozatzeko.

 

37. Artikulua - Administrazioak ingurumenaren arloan jarduteko printzipioak

 

       Herri-administrazioek, ingurumenari dagokionez:

 

a)  Haur eta nerabe guztiei ingurumenaz eta naturaz gozatzeko aukera berdinak eskaini behar dizkiete, eta, horretarako, bereizketa positiboko ekinbideak xedatuko dituzte, haur eta nerabe guztiak barne hartuko dituztenak, batez ere ekonomia, gizarte edo kultura maila apalagoa dutenentzat eta zailtasun pertsonalak dituztenentzat.

b)  Haurren eta nerabeen artean naturaren ezagutza eta errespetua indartu behar dute, ingurumen osasungarri batek zer-nolako garrantzia duen informatuz.

c)  Bisita eta ibilbide programatuen antolakuntza sustatu behar dute.

d)  Prestakuntzarako, hedapenerako eta kontzientzia sorrarazteko programen antolakuntza sustatu behar dute, honako gai hauen gainean: hondakinen minimizazioa, birziklapena eta tratamendua, baliabide naturalen erabilera arduratsua eta ingurumena zaintzeko ohitura positiboak hartzea.

 

VII. KAPITULUA

INGURUNERAKO ESKUBIDEA

 

38. Artikulua - Ingurunea ezagutzeko eta ingurune horretan parte hartzeko eskubidea

 

       Haurrek eta nerabeek eskubidea dute beren herria edo hiria ezagutzeko eta oro har beren inguruaz eta bereziki haur eta nerabeentzako ekipamenduetarako lekuez gozatzeko.

 

39. Artikulua - Administrazioak ingurunearen arloan jarduteko printzipioak

 

       Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, honako xedeok dituzten ekintzak sustatuko dituzte:

 

a)  Haurren eta nerabeen berezko beharrizanak kontuan hartzea hirietako guneak planifikatzerakoan; beraz, hirigintza-planetan edo arau subsidiarioetan haurrentzako eta nerabeentzako erabilera eta ekipamenduetarako lurzorua gorde beharko dute.

b)  Gune publikoetan haur eta nerabeentzat bereizitako lekuak izango direla ziurtatzea, haien beharrizanei eta indarrean dagoen araudiak eskatutako segurtasun-betekizunei egokitutako hiri-altzariz hornituak, eta, beti, ahalmen-urritasunen bat duten haur eta nerabeak ibiltzeko oztoporik gabekoak. Bide batez, leku irekietan edo aire zabalean egon ezean, kerik gabeko guneak direla bermatuko da.

c)  Hezkuntza-zentroen inguruko lekuetan edo haur edo gazteentzako beste zentro edo guneen ingurukoetan sarbideen segurtasuna bermatzea, eta, ahal dela, sarbide horiek oinezkoentzako esparru bihurtzea.

d)  Haurrei eta nerabeei bide-segurtasunaren gaineko heziketa emango zaiela bermatzea.

e)  Mugitzeko zailtasuna duten haur eta nerabeen parte-hartzea eragotz edo muga dezaketen oztopoak, arkitekturaren edo hirigintzaren aldetik izan daitezkeenak, ezabatu egingo direla bermatzea, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarritako eran.

 

VIII. KAPITULUA

GIZARTERATZEKO ESKUBIDEA

 

40. Artikulua - Gizarte integrazioarako eta babeserako eskubidea

 

       Haur eta nerabe guztiek dute eskubidea erabat gizarteratzeko eta gizarte-zerbitzuen sare publikoak horretarako eskaintzen dituen bitarteko guztiak erabili ahal izateko.

 

41. Artikulua - Administrazioak gizarteratzearen arloan jarduteko printzipioak

 

       1.-   Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legeak ezarritakoari jarraituz, herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, betebehar hauek izango dituzte:

 

a)  Haur eta nerabe guztiei bermatzea banaka eta familian dituzten beharrizanei ondoen egokitzen zaizkien gizarte-zerbitzuez baliatu ahal izango direla, hala oinarrizko gizarte-zerbitzuez nola espezializatuez.

b)  Beren jarduketak koordinatzea eta gizarte-zerbitzuen sare publikoarekin, osasun-zerbitzuen sarearekin eta hezkuntza-sarearekin elkarlanean aritzea, beharrizanak errazago ezagutzeko eta esku-hartze laster eta eraginkorrak bideratu ahal izateko.

c)  Gizarte-zerbitzuak badirela jakinaraztea eta haien funtzionamenduaz informazioa ematea, hizkera erraz eta argiaz idatzitako informazio-orriak -haur eta nerabeentzat nahiz haien familientzat ulerterrazak- zabalduz.

d)  Gizarte-zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendua zerbitzuak jasotzen dituzten haur eta nerabeen nahiz haien familien beharrizanei egokitzea.

 

       2.-   Gizarteratzeari begira gizarte-zerbitzuek haur eta nerabeentzat sustatzen dituzten zentro eta zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legean eta hura garatzeko xedapenetan aurreikusitako baimen, erregistro, homologazio eta ikuskaritza erregimenaren pean egongo dira.

 

42. Artikulua - Haurrei eta nerabeei informazioa emateko zerbitzuak

 

       1.-   Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, gizarteari informazioa emateko zerbitzuak sortuko dituzte, haur eta nerabeei laguntza eskaintzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren bitartez, informazio eta orientazio zerbitzu bat eskainiko du, eta harekin telefono bidez edo posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzeko doako sistema batez hornituko du; adingabe guztiek jo ahal izango dute zerbitzu horretara, edozein arrazoi pertsonal edo sozial dela-eta aholkularitza eta laguntza behar dutenean.

 

       2.-   Zerbitzu hau izango da 17.4 artikuluan ezarritako moduan orientabideak emateko ardura izango duena.

 

       3.-   Zerbitzu hau kudeatzeaz arduratzen den Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak beharrezko neurriak hartuko ditu pertsona guztiek zerbitzu horren berri izan dezaten eta horretara jotzeko modua ezagut dezaten.

 

43. Artikulua - Haurrentzako zerbitzu eta programak familiaren aldeko jardunean

 

       1.-   Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, haurrentzako zerbitzu eta programak sortuko dituzte, familiaren alde, bai eta horien sorrera sustatuko ere.

 

       2.-   Lege honen ondorioetarako, hauek dira familiaren alde haurrentzat prestatzen diren zerbitzu eta programak: haur eta nerabeek eta haien senitartekoek dituzten beharrizan pertsonal, sozial edo hezkuntzakoei erantzuteko eskaintzen zaizkienak, hala haurtzaindegi-zerbitzua eskaintzen duten eguneko zentroen bidez nola familian eta gizartean erabat integratzeko egoki iritzitako beste modu batzuen bidez.

 

44. Artikulua - Helduarora igarotzeko programak

 

       1.-   Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, helduarora igarotzeko programak sortuko dituzte, bai eta horien sorrera sustatuko ere.

 

       2.-   Lege honen ondorioetarako, hauek dira helduarora igarotzeko programak: nerabeei bizimodu heldu eta beregainari dagozkion jarduera eta erantzukizunetarako prestakuntza eskaintzen zaizkienak.

 

IX. KAPITULUA

HAURREN ETA NERABEEN BETEBEHARRAK

 

45. Artikulua - Haurren eta nerabeen betebeharrak

 

       1.-   Haurrek eta nerabeek beren gain hartu behar dituzte, eta bete, ezagutzen zaizkien eskubideen erabilerari eta titularitateari berez dagozkien edo horietatik sortzen diren betebehar, obligazio eta erantzukizunak, gainerako pertsonek ere eskubide horiek bete-betean erabili ahal izango dituztela eta haietaz gozatu ahal izango direla bermatzearren.

 

       2.-   Gizarteko elkarbizitzaren eskakizunekin bat datorren jokabide gizalegezkoa izan beharko dute, tolerantzian eta pertsona guztien eskubideen errespetuan oinarritutakoa.

 

III. TITULUA

HAURREN ETA NERABEEN BABESA

 

I. KAPITULUA

FAMILIA BABESTEKO EKINTZA

 

46. Artikulua - Haurrak eta nerabeak hazteko eta hezteko erantzukizuna

 

       1.-   Haurrak eta nerabeak hazi eta hezteko erantzukizun oinarrizkoa aitari eta amari, tutoreari edo haien zaintza esleitu zaien pertsonei dagokie, indarrean dagoen legediak ezarritako eran. Erantzukizun hori gauzatzeko orduan, bermatu egin behar dituzte, ahal duten neurrian, haurren eta nerabeen garapen integrala lortzeko beharrezko bizi-baldintzak.

 

       2.-   Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, zaindu egin behar dute gurasoek, edo guraso izango direnek, tutoreek eta zaintzaileek beren erantzukizunak era egokian bete ditzaten, eta, horretarako, haur eta nerabeei eragiten dieten arlo guztietan diren zerbitzu guztiak jarriko dituzte haien eskura, baita diru-prestazioak ere, baldin eta horietarako eskubidea badute, bereziki oinarrizko errenta edo kasu bakoitzean aplikatzekoa den biziraupen-prestazioa.

 

       3.-   Herri-administrazioak, beren eskumenen esparruan, ordezko izango dira haur eta nerabeak hazi eta hezteko eginkizunean.

 

47. Artikulua - Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanerako eskubidea eta elkarbizitza

 

       1.-   Haurrek eta nerabeek eskubidea dute beren gurasoekin bizitzeko, indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera bereiztea beharrezkoa denean izan ezik. Era berean, eskubidea dute beste senitarteko eta hurbileko batzuekin bizi eta harremanak izateko, Kode Zibilaren 160. artikuluan ezarritako moduan, batez ere aitona-amonekin.

 

       2.-   Aitarekin edo amarekin edo bietako batekin ere ez badira bizi, haur eta nerabeek eskubidea dute haiekin harremanak izateko, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduak ezarritako eran eta hark jarritako mugen barruan.

 

       3.-   Aurrekoarekin lotuta, eta familia barruko gatazkak konpontzeko ordezko bide bat eskura jartzeagatik, Eusko Jaurlaritzak familia-bitartekaritza arautu eta sustatuko du. Era berean, guraso eta seme-alaben arteko harremana bermatzeko modua emango duten elkarguneak sortzea sustatuko du, egoera dela-eta bisita jagotea komeni denean edo elkargunea neutroa izateak harremanari on egin liezaiokeela uste denean.

 

II. KAPITULUA

ADMINISTRAZIOAREN BABESA ARRISKU ETA BABESGABEZIA EGOERETAN

 

1. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

 

48. Artikulua - Administrazio-jardunaren printzipio eta irizpide gidariak

 

       Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, haur eta nerabeei babes soziala eta juridikoa eskainiko diete, honako printzipio hauei jarraituz:

 

a)  Jarduketa guztietan, haur eta nerabeen interes gorenak eta haien eskubideen babesak eta eskubide horien garapenaren bermeak beste edozein interes bidezkoren gainetik duten lehentasuna errespetatuko da.

b)  Prebentzio-ekintzei emango zaie lehentasuna, eta, horren haritik, familia-integrazioari laguntzeko ekintza publiko eta pribatuak sustatuko dira, eta, batez ere, arrisku-egoeran dauden familietan egingo da esku-hartzea.

c)  Ahal bada, beren familian bertan emango zaie arreta haur eta nerabeei. Ikusten bada guraso, tutore edo zaintzaileek akatsak eta jokabide okerrak dituztela laguntzeko eta zaintzeko eginbeharretan, familiaren barruan esku hartzeko programak eskainiko zaizkie, orientagarri.

d)  Beharrezkoa bada, haur eta nerabeei beren familiez besteko baliabideak eskainiko zaizkie, beren garapen integrala lortzeko behar duten inguru egokia eta beren nortasunaren bilakaera taxuzkoa bermatuko dutenak, betiere anai-arreben arteko elkarbizitzari eutsiz; azken hori ezinezkoa balitz, anai-arreben artean dauden harremanek iraun dezatela erraztuko da. Hala jokatuko da baldin eta harreman horiek adingabearentzat kaltegarriak ez badira.

e)  Haurraren edo nerabearen interes gorena, haren eskubideen babesa eta eskubide horien garapena bermatzeko egokia denean, ahal bada, beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dira elkarbizitza berreskuratzeko, dela jatorrizko familiaren barruko elkarbizitza, dela familiako beste kide batzuekikoa.

f)   Ordezko baliabideen artean, lehentasuna izango du beste familia batean sartzeak, ahal bada, eta haur eta nerabe bakoitzaren beharrizanekin bat badator.

g)  Herri-erakunde batek haur edo nerabe baten zaintza edo tutoretza bere esku duenean, haren guraso, tutore edo zaintzaileei jakinarazi behar die haren egoera, baldin eta epaile baten ebazpenak ez badu eragozten.

h)  Administrazioaren esku-hartzeak ahalik eta txikienak izango dira, babesteko eginkizuna eraginkortasunez betetzeko behar-beharrezkoak direnak baizik ez; bestalde, prozedurek utzi bezain laster jardungo da.

i)   Babes-eginkizunean, objektibotasuna, alderdikeriarik eza eta segurtasun juridikoa bermatuko dira, eta ahalegina egingo da neurriak kide anitzeko organoen bitartez eta hainbat diziplinatako kideen bitartez har daitezen.

j)   Eskumena duten herri-administrazioek zaindu egingo dute arrisku edo babesgabezia egoeran dauden haur eta nerabeei gizarte-arreta ematen lan egiten duten langileak egokiak izan daitezen bete behar dituzten eginkizunak betetzeko. Horretarako, esku-hartze horien hartzaile izango diren adingabeen beharrizan berri eta askotarikoei erantzuteko balioko duten prestakuntza-programak taxutuko dira.

Era berean, funtzio publikoa arautzen duen araudiaren barruan, langile profesionalen egokitasuna bermatzeko moduko hautaketa-prozedurak ezarriko dira adingabeen interes gorena, haien eskubideen babesa eta eskubide horien garapenaren bermea zaintze aldera. Babes-jarduketen esparruaren barruan ere horrelakoxe neurriak hartuko dira adingabeei laguntzen parte hartzen duten boluntarioak hautatzeko.

k)  Esku-hartze orotan, haurraren edo nerabearen eta haren familiaren lankidetza lortzeko ahalegina egingo da; orobat, haurraren edo nerabearen eskola, gizarte edo lan bizitzari kalterik ez eragiteko ahalegina egingo da.

l)   Ahalegina egingo da gizartea ohar dadin babesik gabe dauden haurrez eta nerabeez.

m) Eskumena duten herri-administrazioek familia-harrera eta adopzioa sustatu eta erraztu egingo dituzte. Era berean, gizartearen parte-hartzea eta elkartasuna ere sustatuko dituzte.

n)  Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legean aurreikusitako printzipio orokorrak aplikatuko dira.

 

2. ATALA

ARRISKU ETA BABESGABEZIA EGOERETAN JARDUTEA

 

49. Artikulua - Babesteko jarduketak

 

       1.-   Lege honen ondorioetarako, haurrak eta nerabeak babesteko honako neurri eta jarduketa hauek burutuko dira: batetik, haurrek eta nerabeek jasan litzaketen arrisku eta babesgabezia egoerak prebenitzea eta egoera horietan esku hartzea eta, bestetik, haur eta nerabe horien garapen integrala bermatzea eta familia-bizitza arrunta sustatzea, betiere adingabearen interesari lehentasuna emanez.

 

       2.-   Oinarrizko gizarte-zerbitzuek eta lurralde-zerbitzu espezializatuek, arrisku eta babesgabezia egoerak zehazte aldera, horretarakoxe ontzat emandako tresna teknikoak aplikatuko dituzte, azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eran.

 

50. Artikulua - Agintarien eta herritarren betebeharrak

 

       1.-   Bai agintariek eta zerbitzu publikoek bai herritarrek, batez ere lanbidea edo betetzen duten eginkizuna tarteko haur edo nerabe bat arrisku edo babesgabezia egoera batean egon daitekeela ikusten dutenek, haur edo nerabeari laguntza berehala eskaintzeko betebeharra dute, eta, beren eskumenean badago, jarduteko, edo bestela, eskumena duten agintariei edo haien agente gertukoenei jakinarazteko; orobat, adingabearen legezko ordezkariei jakinarazi behar dizkiete egitateak, edo, beharrezkoa bada, ministerio fiskalari ere bai.

 

       2.-   Eskumena duten administrazioek agintarien, zerbitzu publikoen eta pertsona fisikoen segurtasuna zainduko dute, batez ere lanbidea edo betetzen duten eginkizuna tarteko adingabearekin harremanetan direnena, bereziki gatazkatsuak diren prozedura administratiboetan.

 

       Era berean, eskumena duen fiskalari baimena eska dakioke prozeduretan norberaren nortasuna ezkutuan edukitzeko eta prozeduraren aplikazioak legezko interesei kalterik ez eragiteko moduan parte hartzeko.

 

3. ATALA

ARRISKU-EGOERETAN JARDUTEKO JARRAIBIDEAK

 

51. Artikulua - Arrisku-egoeraren kontzeptua

 

       Arrisku-egoerak dira haurraren edo nerabearen garapen pertsonal edo sozialari kalte egin diezaioketen egoerak, babesgabeziatzat jo ezin daitezkeenak eta, hortaz, legeak agindutako tutoretza ezartzea eskatzen ez dutenak.

 

       Arrisku-egoera agertuko da, gizartearen, familiaren edo adingabearen beraren gorabeheren ondorioz, adingabearen garapena eta ongizatea mugatuta edo kaltetuta gertatzen badira eta gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek ez badituzte beren gain hartzen haurraren edo nerabearen garapen egokia bermatu ahal izateko erantzukizunak, edo erantzukizun horiek osorik beren gain ez hartzea gerta badaiteke. Betiere egoera hori babesgabetasun-egoera bilakatzeko bezain larria ez bada edo haurra edo nerabea familia-gunetik bereizteko adinakoa.

 

52. Artikulua - Arrisku-egoeretako jarduketak

 

       1.-   Arrisku-egoeretan, haurrak eta nerabeak babesteko arloan eskumena duten herri-administrazioek haien eskubideak bermatu egin behar dituzte, bai eta haien beharrizanetan laguntza emango dela ziurtatu ere. Arlo honetan egiten diren jarduketa publikoek haurren, nerabeen eta horien familien moldatze pertsonala eta sozialean eragin negatiboa duten arrisku-faktoreak desagerraraztea izango dute helburu. Horretarako, honako hauek sustatuko dira: gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen laguntza, adingabeei eta haien familiei laguntzeko bitartekoen erabilera, komunitatearen esparruko esku-hartzea, bai eta orientabidea emateko eta jarraipena egiteko zerbitzuak ere.

 

       2.-   Eskumena duten herri-administrazioek jakiten badute nasciturusaren garapen egokia arriskuan dagoela, ministerio fiskalari jakinaraziko diote, jaio arte behar duen ongizatea bermatzearren bidezko deritzen neurriak har ditzan. Hala ere, horrek ez die ezertan eragingo Haurduntzaren Borondatezko Etendurari buruzko uztailaren 5eko 9/1985 Lege Organikoan aurreikusitako kasuei.

 

       3.-   Adingabeak babesteko arloan eskumena duten herri-administrazioek aurkitutako edo salatutako egoera egiaztatzeko betebeharra izango dute; orobat, kasuak agertzen dituen ezaugarriak eta beharrizanak ebaluatzeko betebeharra izango dute, eta kasua ebaluazio horren emaitzaren arabera ebaztearren beharrezkoak diren neurriak hartzeko betebeharra ere bai.

 

53. Artikulua - Oinarrizko gizarte-zerbitzuen esku-hartzea

 

       1.-   Arrisku-egoeretan, oinarrizko gizarte-zerbitzuek kasua hartu eta ikertu egin beharko dute, baloratu eta bideratu, eta, beharrezkoa baderitzote, komunitatearen esparrutik esku hartu beharko dute.

 

       Haurraren babesgabezia-egoera oso larria dela iruditzen bazaie, esku-hartze espezializatuaren beharra dagoelako edo, are gehiago, adingabea bere familia-ingurunetik bereizi behar delako, kasua haurrak eta nerabeak babesteko zerbitzu espezializatura igorri beharko dute.

 

       2.-   Baldin eta oinarrizko gizarte-zerbitzuek uste badute komunitatearen esparrutik esku hartu behar dutela, kasu bakoitzerako arreta-plan bat egin beharko dute, eta, bertan, aurkitutako beharrizanei erantzuteko taxutu dituzten esku-hartzeak zehaztuko dituzte.

 

       3.-   Oinarrizko gizarte-zerbitzuek behar diren langileak izango dituzte ezarritako helburuak betetzeko.

 

54. Artikulua - Haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuen esku-hartzea

 

       1.-   Babesgabetasun larriaren zantzuak ageri diren egoeretan, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuek hartu egin beharko dute kasua, dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuak edo beste edozein erakundek edo pertsonak jakinarazi diena, eta ikertu egin beharko dute eta balorazio osagarri bat egin, egoeraren larria zehazteko eta kasua nola bideratu erabakitzeko. Eta egoera larria dela baieztatzen bada, zerbitzu espezializatuak berak esku hartu beharko du, oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin elkarlanean; egoeraren arriskua txikia edo ertaina denean, aldiz, eta zerbitzu espezializatuaren esku-hartzea beharrezkoa ez denean, oinarrizko gizarte-zerbitzuari igorri beharko dio.

 

       2.-   Baldin eta kasua ez bazaio igortzen oinarrizko gizarte-zerbitzuari, zerbitzu espezializatuak, aldiro-aldiro, adingabearen egoeraren berri eman beharko dio oinarrizko gizarte-zerbitzuari, eta ahalegina egin beharko du haurraren edo nerabearen eta oinarrizko gizarte-zerbitzuaren arteko harremanek jarrai dezaten, haurra edo nerabea familia-egoitzara itzultzen bada ere, harremanak eta jarraipena erraztearren. Oinarrizko gizarte-zerbitzuari berri emateko betebehar hori salbuetsi egin daiteke familiaren egoitzara itzultzeko aukerarik aurreikusten ez denean. Oinarrizko gizarte-zerbitzuek, bestalde, egoki iruditzen zaien guztietan, informazioa eskatu ahal izango dute zerbitzu espezializatuetara igorri dituzten kasuen bilakaerari buruz.

 

       3.-   Haurrak eta nerabeak babesteko arloan eskumena duten herri-administrazioek presazko prozedura bat eduki beharko dute araututa, profesionalen iritziz berehala konpondu beharrekoak diruditen egoerei ahalik eta lasterren erantzuteko.

 

55. Artikulua - Familietan esku hartzeko zerbitzu eta programak

 

       1.-   Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, arrisku-egoerei erantzute aldera, familietan esku hartzeko programak sortu eta sustatu egingo dituzte.

 

       2.-   Lege honen ondorioetarako, familietan esku hartzeko programak dira familiei gizarte eta hezkuntza lagunza eskaintzen dietenak, familia horiek arlo pertsonalean zein gizartearen eta hezkuntzaren arloetan trebetasun-gabeziak badituzte eta gabezia horiek haur eta nerabeentzako arrisku-egoera sor badezakete, familiaren baitan irautea ere zailtzeraino, alegia.

 

       3.-   Familietan esku hartzeko programak era hauetakoak izan daitezke:

 

a)  oinarrizkoak: familia-egoitza aplikatzekoak, etxe barruko hezkuntza-programak esate baterako; edo komunitate-ingurunean aplikatzekoak, kale-hezkuntzako programak hain zuzen;

b)  espezializatuak, hala nola, arazoak dituzten familietan esku-hartze terapeutikoak egiteko zerbitzuak; tratu txarrak, abandonua edo esplotazioa dauden egoeretan -lan-esplotazioa barnean izanik- esku hartzeko zerbitzuak, bai eta sexu-abusuak daudenean ere esku hartzeko zerbitzuak.

 

       4.-   Familietan esku hartzeko programen xedea, arrisku-egoeretan, haur eta nerabeek familiaren gunean jarraitzea izango da. Horrez gain, babesgabezia-egoeretan, programa horiek eta familia-harrerako neurriak edo erakunde-harrerako neurriak aldi berean aplikatu ahal izango dira, etxe barruko elkarbizitza hobetzearren eta ondoren adingabea bere jatorrizko familia-gunera biltzearren, 61.3 artikuluan aurreikusitako moduan.

 

4. ATALA

BABESGABEZIA-EGOERETAN JARDUTEKO JARRAIBIDEAK

 

56. Artikulua - Babesgabezia-egoeraren kontzeptua

 

       Kode Zibilaren 172.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, babesgabezia-egoera dagoela joko da egitez hala gertatzen denean arrazoi hauetako bat tarteko: adingabeen zaintzari buruz legeek ezartzen dituzten babes-eginbeharrak ez betetzeagatik edo eginbehar horien egikaritza ezinezko nahiz desegoki izateagatik, adingabeei ez zaienean ematen nahitaezko duten laguntza moral edo materiala.

 

57. Artikulua - Babesgabezia-egoeretako jarduketak

 

       Haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duen herri-administrazioak uste baldin badu haurra edo nerabea babesgabezia-egoeran dagoela, Kode Zibilaren 172. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera jardungo du. Horretarako, bere gain hartuko du delako haur eta nerabearen tutoretza, eta babes-neurri egokiak erabakiko ditu. Hori guztia ministerio fiskalari jakinaraziko dio.

 

58. Artikulua - Prozedura arrunta

 

       1.-   Adingabeak babesteko eskumena duen herri-administrazioak jakiten duenean haur edo nerabe bat babesgabezia-egoeran egon daitekeela, espediente bat hasi beharko du, eta espediente hori honako jarraibidearenn arabera tramitatuko da:

 

a)  Adingabearen familia-egoera zein egoera soziala ezagutzeko eta baloratzeko garrantzizko datuak eman ditzaketen pertsona nahiz erakunde guztiei informazioa eskatuko diete, batez ere oinarrizko gizarte-zerbitzuei.

     Beharrezkoa iritziz gero, eskolako tutoreari eta familiako medikuari edota pediatrari eskatuko zaio informazioa, edo osasunaren zein gizartearen nahiz hezkuntzaren arloetako beste zerbitzuetako profesionalen bati; profesional horiek idatziz igorri beharko dituzte eskura dituzten informazioak eta datuak, esku-hartzearen kalitatea eta eraginkortasuna bermatzeko behar direnak, eta behar adina igorri ere.

b)  Arrisku-egoera bat edo babesgabezia-egoera bat antzemateko eta baloratzeko eginkizunean laguntzen duten erakunde eta profesionalei egoera horren bilakaeraren berri ematea, isilpekotasun-betebeharrak eskatutako mugen barruan, eta, betiere, berri ematea bidegabea ez bada.

c)  Haurrari edo nerabeari, nahikoa ezagumen duenean, esateko duena entzutea, berari zuzen-zuzenean edo bera ordezkatzeko izendatzen duen pertsonari. Ezinezkoa bada, edo adingabearen interesa dela-eta komeni ez bada, adingabearen iritzia jakiteko, lanbideagatik edo adingabearekin aparteko konfiantza izateagatik iritzi hori objetikotasunez eman dezaketen pertsonengana jo ahal izango da.

d)  Haurraren edo nerabearen gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei entzutea, ahal bada.

e)  Haurraren edo nerabearen egoeraz eta haren familiaz edo hura zaintzen dutenez informazioa eman dezaketen guztiei entzutea.

f)   Adingabeak behar duen arreta berehala eskaintzea, horretarako, hala badagokio, beharrezkoak diren zuhurtasun-neurriak edo behin-behineko neurriak hartuta.

g)  Haurrari edo nerabeari, bere adimen mailaren eta gaitasunaren arabera, berari dagokion prozedura zein egoeratan dagoen azaltzea, eta halaber gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei ere.

h)  Arreta-plan bat egitea bakoitzarentzat, antzemandako beharrizanei egokituta.

i)   Haurraren edo nerabearen gaineko informazio guztia espediente bereizi batean biltzea.

 

       2.-   Tramite horiek amaitu ondoren, eskumena duen organoak erabaki egingo du, eta, hala badagokio, administrazio-ebazpen bat emango du, eta hartan, babesgabezia-egoera badagoela adierazi, legeak aginduta tutoretza ezarri eta dagozkion babes-neurriak hartuko ditu. Ebazpen hori ministerio fiskalari jakinaraziko zaio, eta haurraren edo nerabearen guraso, tutore eta zaintzaileei ere bai, bi egun naturaleko epearen barruan. Ahal den guztietan, jakinarazpen hori, idatziz ez ezik, aurrez aurre ere jakinarazi beharko da.

 

       Ebazteko epea hiru hilabetekoa izango da, haurrari eta nerabeari babes emateko zerbitzu espezializatuak kasua jasotzen duenetik kontatzen hasita; epe hori beste hiru hilabetez luzatzeko aukera ere izango da, ezaugarri bereziak izateagatik legez ezarritako epearen barruan ebaztea ezinezkoa den kasuetan, betiere, arrazoitu egiten bada. Epe hori igarotakoan, iraungipena gertatuko da, salbu eta prozedura interesatuari egotz ezin dakiokeen kausaren batengatik gerarazten denean; orduan, ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epearen zenbaketa eten egingo baita.

 

       Babesgabezia badagoela iritzi eta legeak aginduta tutoretza ezarri beharra dagoela ezartzen duten ebazpenetan, esku-hartze horren arrazoiak adierazi behar dira, bai eta hartutako erabaki eta neurrien balizko ondorioak ere. Era berean, hau ere adierazi behar da: badagoela jurisdikzio zibilean ebazpenen aurkako errekurtsoak aurkeztea, administrazioari aldez aurretik erreklamaziorik aurkeztu beharrik gabe.

 

       Baldin eta babesgabeziarik ez dagoela jotzen bada, eta arrisku arin bat badagoela ikusten bada, dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuari igorriko zaio kasua, egokien deritzen neurriak har ditzan.

 

59. Artikulua - Presazko prozedura

 

       1.-   Haurraren edo nerabearen osotasun fisiko edo psikikoa babesgabetasun larrian dagoenean eta berehala esku hartzea beharrezkoa denean, presazko egoera batean gaudela joko da.

 

       2.-   Eskumena duen organoak, aurreko artikuluko c) idatz-zatian ezarritako tramitea bete eta berehala, administrazio-ebazpena emango du, eta hartan, babesgabezia-egoera deklaratuko du -betiere, egoera hori behar bezala egiaztatu bada-, babesgabezian dagoen haurraren edo nerabearen tutoretza hartuko du bere gain, eta hari laguntzeko behar adina neurri ezarriko ditu. Ebazpen hori ministerio fiskalari eta haurraren edo nerabearen gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei jakinaraziko zaie. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera jarraituko da, gero, espediente arruntaren tramitazioa.

 

       Tramite guztiak bete ondoren, eskumena duen organoak administrazio-ebazpena emango du, dela babesgabezia-egoera baieztatzeko eta egindako balorazioaren arabera egokienak diren neurriak hartzeko, dela hasieran ezarritako tutoretzaren amaiera adierazteko, hartu diren behin-behineko neurriak bertan behera uzteko eta espedientea artxiboratzeko. Tutoretzaren amaiera adierazten denean arrisku txikia edo ertaina badagoela ikusten bada, kasua dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuari igorriko zaio, egokien deritzen neurriak har ditzan.

 

60. Artikulua - Erakunde publikoak tutoretza bere gain hartzeak izango dituen ondorioak

 

       Adingabeak babesteko eskumena duten herri-administrazioek tutoretza beren gain hartzen dutenean iraungi egingo da horrenbestez guraso-ahala edo tutoretza arrunta. Hala ere, ondareari eragiten dioten egintzak, gurasoek edo tutoreek haurra edo nerabea ordezkatuz egindakoak, baliozkoak izango dira, baldin eta adingabearentzat onuragarri badira.

 

61. Artikulua - Tutoretza egikaritzea

 

       1.-   Eskumena duen herri-administrazioak haurraren edo nerabearen gainean duen tutoretzak indarrean jarraitzen duen artean, era hauetako zaintzaren bat emango zaie haur edo nerabe horiei, beren beharrizanei erantzute aldera:

 

a)  Familia-harrera.

b)  Egoitza-harrera.

 

       Salbuespen gisa, kasuaren ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, bestelako laguntza-mota batzuk aukeratu ahal izango dira, adingabearen beharrizanei erantzuteko egokiagoak direla jotzen bada, betiere, laguntza-mota horrek ez baldin badakar egoitza-harrerak -78. artikuluan aipagai diren arauei jarraiki- eragiten duen eskubide-murrizketa baino murrizketa handiagoa. Laguntza-mota horiek lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako zerbitzu esperimentalen barruan kokatzen dira.

 

       2.-   Tutoretza egikaritzerakoan, eskumena duen herri-administrazioak honako neurri hauek susta ditzake:

 

a)  Familiaren egoitzara itzularaztea.

b)  Tutoretza arrunta ezartzea.

c)  Adopzioa.

 

       3.-   Harrera-neurriarekin batera, jatorrizko familian esku hartzeko programa bat ezarri ahal izango da, haurra edo nerabea familiaren egoitzara itzultzen denerako etxeko elkarbizitzaren baldintzak hobeak izan daitezen; 55. artikuluan ezarritako eran ezarriko da esku hartzeko programa hori.

 

62. Artikulua - Tutoretza amaitzeko arrazoiak

 

       Tutoretza honako arrazoi hauengatik amaituko da:

 

a)  Adin-nagusitasunera iristea edo emantzipazioa eskuratzea, salbu eta aldez aurretik ez bada ezgaitua izan epai bidez.

b)  Adingabeari adin-nagusitasunaren onura esleitzea.

c)  Tutoretza ezartzea eragin zuten arrazoiek indarra galdu dutela eta, administrazio-ebazpena ematea tutoretza bertan behera uzteko.

d)  Administrazio-ebazpena tarteko, adingabea beste babes-erakunde baten esku uztea. Horrelakoetan, entzun egin behar zaio aldez aurretik adingabeari eta, ahal dela, joango den leku horretan arreta eta babes neurriak egokiak direla egiaztatuko da.

e)  Epailearen ebazpen irmoaren bidez, adopzioa edo tutoretza arrunta ezartzea, edo babesgabezia-egoera amaitu dela adieraztea.

f)   Tutoretzapean dagoen pertsona hiltzea.

 

63. Artikulua - Babesgabezia-egoeraren aurrean hartutako neurriak gauzatzeko oztopoak

 

       Behin babesgabezia-egoera dagoela adierazi denean, gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek edo senitartekoek oztopatu egiten badute erabakitako neurriak gauzatzea, edo egoeraren batek eragotzi egiten badu larriki neurri horiek gauzatzea, ministerio fiskalari eskatuko zaio har ditzala ahalik eta lasterren neurri horiek gauzatzeko neurriak. Gainera, adingabearen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan badago edo haren eskubideak urratzen ari badira, berehala esku hartu beharko da. Era berean, polizia-agenteen lankidetza eta laguntza eskatu ahal izango da erabakitako neurriak gauzatzeko, indarrean dagoen legediak aurreikusitako eran eta hedadurarekin.

 

5. ATALA

HERRI-ERAKUNDEEK ZAINTZA BEREN GAIN HARTZEKO ETA GAUZATZEKO PROZEDURA

 

64. Artikulua - Zaintza

 

       1.-   Haur edo nerabe baten zaintza duenak haren ardura hartu behar du, berekin eduki, elikatu, hezi eta arreta eta eta heziketa integrala eskaini.

 

       2.-   Babesgabezian egoteagatik tutoretzapean dauden haur eta nerabeen zaintza beren gain edukitzeaz gain, adingabeei babesa emateko eskumena duten herri-administrazioek, beste kasu batzuetan ere, beren gain har dezakete haurren eta nerabeen zaintza, aldi batez, baldin eta haien gurasoek edo tutoreek, egoera larrian egoteagatik, zaindu ezin baditzakete. Bestalde, legez bidezkoa den kasuetan epaileak hala erabakita ere hartuko du bere gain zaintza hori.

 

       3.-   Halaber, zaintza-mota erabakitzen duen administrazio-ebazpenean, haurrari edo nerabeari arreta eskaintzeko modu horrek zer baldintza funtsezko bete behar dituen ezarri beharko da.

 

       4.-   Lurralde historikoetako foru-organoek fitxategi bat egingo dute eta eguneratuta edukiko, bertan tutoretza edo zaintza neurrien pean dauden haur eta nerabe guztien nortasuna jasota. Fitxategi hori isilean eduki beharko da, eta sarbidea mugatua izango du.

 

65. Artikulua - Prozedura arrunta

 

       1.-   Baldin eta haur edo nerabe baten gainean guraso-ahala edo tutoretza dutenek egiaztatzen badute gaixotasunagatik edo beste arrazoi larri batzuengatik ezin dutela haur edo nerabe hori zaindu, eta Kode Zibilaren 172.2 artikuluan ezarritakoaren arabera haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duen herri-administrazioari eskatzen badiote har dezala aldi baterako bere gain adingabearen zaintza, orduan, herri-erakundeak espediente bat hasi beharko du, urrats hauek eginezz:

 

a)  Gurasoei, tutoreei edo legezko zaintzaileei eskatu behar die egiazta ditzatela haurra edo nerabea zaintzea eragozten dieten arrazoi larri eta aldi baterakoak.

b)  Informazio eskatu behar die adingabearen gizarte eta familia egoera ezagutzeko eta baloratzeko datu baliagarriak eman ditzaketen pertsona eta erakunde guztiei; batez ere, udaleko gizarte-zerbitzuei, eta, beharrezkoa bada, baita eskolako tutoreari, familia-medikuari edo pediatrari, edo osasun arloko zein gizarte edo hezkuntza arretako beste arlo batzuetako profesionalei.

c)  Gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak ohartarazi behar ditu haurrari edo nerabeari buruz dituzten eta eteten ez diren erantzukizunez, bai eta zaintza hori ezarri beharra eragin duten arrazoiak gainditzeko beharrezkotzat jotako programetan parte hartzeko duten betebeharraz.

d)  Zaintza hori idatziz formalizatu behar du, eta idazkian adieraziko dute jakinarazi zaizkiela gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei c) idatz-zatian adierazitako oharrak, bai eta Administrazioak zaintza nola egingo duen ere.

e)  Haurrari edo nerabeari, nahikoa ezagumen duenean, esateko duena entzun behar zaio, berari zuzen-zuzenean edo bera ordezkatzeko izendatzen duen pertsonari. Ezinezkoa bada edo adingabearen interesa dela-eta komeni ez bada, haren legezko ordezkarien bitartez jakin ahal izango da zer iritzi duen, betiere legezko ordezkari horiek alderdi interesatu ez badira eta adingabearen interesen aurkako interesik ez badute; edo, bestela, lanbideagatik edo adingabearekin aparteko konfiantza bereziarengatik haren iritzia era objektiboan eman dezaketen pertsonen bitartez.

 

       2.-   Eskumena duen erakunde publikoak ebazpen arrazoitu baten bitartez formalizatu beharko du babes-neurri hau. Ebazpen horretan, baietsi edo ezetsi egingo du eskaera, eta ezetsi egiten badu, babesgabeziaren legezko egoera deklaratu ahal izango du, horretarako arrazoirik izanez gero. Delako ebazpena ministerio fiskalari eta gurasoei edo tutoreei jakinaraziko zaie.

 

66. Artikulua - Presako prozedura

 

       Baldin eta haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duen herri-administrazioak uste badu presakoa dela zaintza bere gain hartzea haurraren edo nerabearen guraso-ahala edo tutoretza dutenek eskaera aurkeztu ondoren, orduan, familia-harrera ezartzea bidezkoa izango da. Horretarako, aldez aurretik, aurreko artikuluko e) idatz-zatian adierazitako tramitea bete beharko da, eta ondoren artikulu horretan bertan ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.

 

67. Artikulua - Zaintza gauzatzea

 

       1.-   Haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duen herri-administrazioak adingabearen aldi baterako zaintza bere gain hartzen duenean, Kode Zibilaren 172.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, neurri hauetako batzuk hartuko ditu, haurraren edo nerabearen beharrizanei erantzute aldera:

 

a)  Egoitza-harrera.

b)  Familia-harrera.

 

       2.-   Zaintza gauzatzeko eran aldaketaren bat egiteko, administrazio-ebazpen arrazoitua beharko da, eta ebazpen hori jakinarazi egin beharko zaie gurasoei edo tutoreei eta ministerio fiskalari.

 

68. Artikulua - Zaintza amaitzea

 

       Zaintza amaitu ahal izateko arrazoiak hauek izango dira:

 

a)  Gurasoek edo tutoreek hala eskatzea, idatziz.

b)  Zaintza gauzatzeko ardura esleitu zaien pertsonek hala eskatzea.

c)  Eskumena duen herri-erakundeak adingabearen interesaren alde hala erabakitzea, administrazio-ebazpen baten bitartez.

d)  Epaileak epai irmoaren bidez hala erabakitzea.

e)  Adingabeko pertsonak adin-nagusitasuna edo emantzipazioa eskuratzea.

f)   Adingabearen heriotza.

 

6. ATALA

FAMILIA-HARRERA

 

69. Artikulua - Familia-harreraren definizioa

 

       Familia-harrera da haurrak eta nerabeak babesteko neurri bat, Administrazioak edo epaileak hartutakoa, haurraren edo nerabearen zaintza pertsona edo familia bati ematen diona, hura jagon, berekin eduki, zaindu, elikatu, haren arreta hartu eta heziketa integrala emateko betebeharrarekin, ordezko familia-bizitza bat edo jatorrizkoaren familia osagarri bat ematearren.

 

       Familia-harreraren esparru horren barruan, familia hartzaileak Administrazioarekin elkarlanean jardun behar du babes-eginkizun horretan.

 

70. Artikulua - Familia-harrera formalizatzeko prozedura

 

       1.-   Kode Zibilaren 173.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, familia-harrera idatziz formalizatuko da, herri-erakundearen baimenarekin -tutoretza edo zaintza bere gain izan edo ez izan-, adingabea hartuko duten pertsonen baimenarekin eta, hamabi urte beteta baditu, adingabearen beraren baimenarekin. Baldin eta adingabearen gurasoak zeintzuk diren ezaguna bada eta guraso-ahalaz gabetuta ez badaude -edo, hala dagokionean, berdin tutorea-, beharrezkoa izango da haiek ere beren baimena ematea, familia-harrera aldi baterako denean izan ezik.

 

       2.-   Familia-harrera formalizatzeko agiri horretan, honako alderdi hauek egongo dira zehaztuta:

 

- Beharrezkoak diren baimenak.

- Familia-harreraren mota eta aurreikusitako iraupena.

- Alderdi bakoitzak izango dituen eskubideak eta betebeharrak, eta, batez ere, harrera egin zaion haurraren edo nerabearen familiak zenbatez behin egin ahal izango dion ikustaldia; haurrak edo nerabeak jasaten dituen edo beste batzuei eragiten dizkien kalteei dagokienez, herri-erakundeak edo beste arduradun batzuek kalte horiek estaltzeko sistema; adingabearen elikagaien, hezkuntzaren eta osasun-arretaren gastuak familia hartzaileak bere gain hartzea.

- Herri-erakundeak egin beharreko jarraipenaren edukia, eta familia hartzaileak jarraipen horretan laguntzeko konpromisoa.

- Familia hartzaileak hartuko duen diru-ordaina, hala badagokio; haurra edo nerabea hartzeak eragindako gastu arruntei, eta hala badagokio bereziei, aurre egiteko adinakoa izan beharko da diru-ordain hori.

- Harreraren nondik norakoak, hartzaileek profesional gisa diharduten edo harrera bizileku funtzional batean egiten den adieraziz.

- Herri-erakunde babeslearen txostena.

 

       Agiri hori ministerio fiskalari igorriko zaio.

 

       3.-   Baldin eta gurasoek, tutoreak edo hamabi urtekoa baino nagusiagoa den adingabeak ez badute baimenik ematen, edo familia-harreraren kontra agertzen badira, epaileak bakarrik erabaki ahal izango du familia-harrera ezartzea, betiere adingabearen intereserako. Herri-erakundearen proposamenak aurreko paragrafoan aipatutako alderdi horiek berak zehaztu beharko ditu.

 

       Nolanahi ere, herri-erakundeak badauka, adingabearen intereserako, behin-behineko familia-harrera bat erabakitzea, epaileak ebazpena eman arte iraungo duena.

 

       Herri-erakundeak, behin dagozkion eginbideak egindakoan eta espedientea amaitutakoan, epaileari aurkeztu beharko dio proposamena berehala, gehienez ere hamabost eguneko epearen barruan.

 

71. Artikulua - Familia-harreraren motak

 

       Familia-harrera, hain zuzen, soila, iraunkorra edo adopzioaren aurrekoa izan daiteke, Kode Zibilaren 173 bis artikuluak xedatutakoaren arabera. Era berean, familia-harrera behin-behineko izan daiteke, 173.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

 

72. Artikulua - Familia-harrera amaitzea

 

       Haurren edo nerabearen familia-harrera amaitu ahal izateko arrazoiak hauek izango dira:

 

a)  Epaileak epai irmoa ematea.

b)  Hartzaileek hala erabakitzea, aldez aurretik eskumena duen herri-administrazioari jakinarazita.

c)  Tutoreak edo guraso-ahala duten gurasoek eskatzea, haurra edo nerabea beren ondoan nahi dutela adierazita.

d)  Herri-erakundeak, tutoretza bere gain izan edo ez, administrazio-ebazpenaren bidez hala erabakitzea, haurraren edo nerabearen interesa babesteko beharrezko deritzolako, aldez aurretik hartzaileei entzunda.

e)  Adingabeak berak eskatzea, betiere hamabi urte beteta baditu.

f)   Adingabearen edo hartzailearen heriotza.

 

       Harreraren amaierari buruzko ebazpen judiziala nahitaezkoa da, epaileak berak erabaki duenean harrera hori.

 

73. Artikulua - Familia hartzaileak

 

       1.-   Eskumena duen herri-administrazioak, familia-harreraren proposamena onartzeko, hartzaile izango diren pertsonen azterketa psikosoziala aintzat hartuko du aldez aurretik, eta, azterketa horren arabera, haurraren edo nerabearen beharrizanei erantzuteko eta harenganako legezko eginbeharrak betetzeko egokitasuna egiaztatzen duten pertsonen proposamena bakarrik onartuko du.

 

       2.-   Haur bat edo nerabe bat hartzea eskatzen duten pertsonen edo familien ezaugarriak baloratzeko orduan, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

 

a)  Bizitzeko behar beste baliabide edukitzea eta baliabide horiek egonkorrak izatea.

b)  Haurra edo nerabea behar bezala zaintzeko moduko osasun fisiko edo psikikoa edukitzea.

c)  Hartzaile izatea eskatzen dutenek ezkontzazko edo egitezko elkarte bat osatzen dutela egiaztatzen baldin badute, eskaera egin aurretik gutxienez urtebete inguruan elkarrekin jarraitasunez bizi izana.

d)  Familia-bizimodu egonkorra egitea.

e)  Familia eta gizarte ingurunea haurraren edo nerabearen integraziorako egokia izatea.

f)   Hartzaile izateko eskaera egiten duten pertsonen historian ez izatea haurrarentzat edo nerabearentzat arriskutsu izan daitekeen gorabeherarik.

g)  Jarreretan malgutasuna erakustea, eta egoera berrietarako egokitzeko gaitasuna ere bai.

h)  Haurraren edo nerabearen egoeraren zaila ulertzeko gauza izatea.

i)   Haurraren edo nerabearen historiari begirunea gordetzea, hala berarenari nola familiarenari.

j)   Haurraren edo nerabearen eta beraren jatorrizko familiaren arteko harremanak onartzea, eta, hala badagokio, baita herri-erakunde eskudunak ezarritako ikustaldi-araubidea ere.

k)  Prestakuntzan eta jarraipen teknikoan elkarlanean aritzeko eta konpromisoa hartzeko jarrera baikorra erakustea.

l)   Familiako kideek familia-harreraren aldeko jarrera edukitzea.

m) Familia-harrerarako gogoa erakustea, eta, gogo horretan, haurraren edo nerabearen interes gorenari, haren eskubideen babesari eta eskubide horien garapenaren bermeari lehentasuna ematea.

 

       3.-   Lurralde historikoetako foru-erakundeek familia hartzaileen zerrenda bat egingo dute, eta eguneratuta eduki beharko dute. Zerrenda horretan adierazita egon beharko da familia horiek harrerarik egin duten inoiz edo harrera egiteko proposamenik egin zaien; eta, harrerarik egin badute, haren emaitza.

 

       4.-   Lurralde historikoetako foru-erakundeek informazio-kanpainak eta familia hartzaileak aurkitzeko kanpainak antolatuko dituzte.

 

74. Artikulua - Familia-harrerari laguntzea eta familia-harrera ikuskatzea

 

       1.-   Haurrak eta nerabeak babesteko lurraldeko zerbitzu espezializatuek laguntza eman behar diete familia hartzaileei, familiaren esparruan hartu dituzten eginkizunetan aholku emanez eta, harrera-aldia amaitu edo adin-nagusitasunera heldu ondoren ere elkarbizitzak jarraitu egiten duenean, orientazioa eta, hala badagokio, laguntza eskainiz.

 

       2.-   Haurrak eta nerabeak babesteko lurraldeko zerbitzu espezializatuek ikuskatu egin beharko dituzte, aldika-aldika, eratutako familia-harrerak, haurren edo nerabeen beharrizanen eta interes gorenaren arabera egiten ari diren zehazte aldera.

 

       3.-   Familia batean hartutako adingabeari buruz erabakiak hartzeko lurraldeko zerbitzu espezializatuek ezartzen dituzten prozeduretan, entzun egin beharko zaie interesatu guztiei, batez ere familia biologikoari, familia hartzaileari eta, nahikoa ezagumen badu, haurrari edo nerabeari berari.

 

7. ATALA

EGOITZA-HARRERA

 

75. Artikulua - Egoitza-harreraren definizioa

 

       Egoitza-harrera ordezko zaintza-neurri bat da, Administrazioak edo epaileak erabakitakoa, eta helburua du beharrizan material eta afektiboak nahiz hezkuntza arlokoak familiaren baitan -aldi baterako behintzat- bete ezin dituzten haur eta nerabeei arreta integrala ematea egoitza batean.

 

76. Artikulua - Administrazioak egoitza-harreraren arloan jarduteko printzipioak

 

       1.-   Eskumena duen herri-administrazioak haur edo nerabe batentzat egoitza-harrera erabakitzen duenean, barneratze-aldia ahalik eta laburrena izan dadin saiatuko da -salbu eta haurraren edo nerabearen intereserako besterik komeni bada-; hala saiatuko da batez ere lehenengo haurtzaroan, hala haurra edo nerabea familia biologikora itzul dadin laguntzearren, nola hari familia-harrera, tutoretza arrunta, adopzioa edo emantzipazioa ahalbidetzearren. Egoitza-harrerak irauten duen artean, zaintzaren ardura haurra edo nerabea hartu duen egoitzaren zuzendariari dagokio, edo halakorik ezean, egoitza horren arduradunari.

 

       2.-   Haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duten herri-administrazioek, egoitza-harreraren neurriak gauzatze aldera, lankidetza hitzarmen edo itunak egin ahal izan dituzte familia-integraziorako erakunde laguntzaileekin, baldin eta hitzarmen edo itun horiek adingabeek parte hartzeko sistemak kontuan hartzen badituzte, betiere, herri-administrazioen ikuskaritzapean. Neurri horiek horrela gauzatzeak ez du esan nahi titularitatea eta erantzukina erakunde laguntzailearen esku lagatzen direnik.

 

77. Artikulua - Harrera-egoitzei baimena ematea eta haiek erregistratzea, ikuskatzea eta homologatzea

 

       Euskal Autonomia Erkidegoan haurrentzako eta nerabeentzako dauden harrera-egoitzak, betiere, Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako baimen, erregistro, homologazio eta ikuskaritza erregimenen pean egongo dira.

 

       Zehatz esanda, aplikatzekoak zaizkien legeen eredura eratuko dira egoitza horiek, eta beren estatutuetan edo arauetan adingabeei babes ematea agertuko da xedetzat, eta esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta ekipo multidiziplinarrak eduki beharko dituzte beti.

 

       Herri-erakundeek egoitza horiek beren eginkizunetan zer muga izango dituzten adierazi behar dute, eta egoitza horiek beti egongo dira herri-erakundeen jarraibideen, ikuskaritzaren eta kontrolaren pean.

 

78. Artikulua - Harrera-egoitzei dagozkien arauak

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren bitartez, erregelamendu bidez zehaztuko du, azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoari jarraituz, era bateko eta besteko egoitzei eskatu ahal izango zaizkien betekizunak, direla bitarteko materialei dagozkienak, eginkizunei dagozkienak edo langileei dagozkienak. Gainera, berariaz zehaztu beharko ditu egoitza horietako erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharrak, eta egoitza bakoitzean barne-araudi bat edukitzeko betebeharra ere bai, egoitzaren ezaugarrietara eta egoitzaren hezkuntza-egitasmora ongi egokitua.

 

       2.-   Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen erregelamendu horrek egoitza-harrera egiteko egongo diren egoitza-motak zehaztuko ditu, irizpide batzuei jarraituta; hala nola, hartuko diren haurren eta nerabeen beharrizanak, eskainiko zaizkien arreta-ereduak, edo egoitzen egituren neurriak. Horrez gain, zaindu behar dituzten adingabeek jokabide bereziki nahasgarriak dituztenean -eta, ondorioz, beren buruari edo besteei kalte edo galera larriak eragiteko arriskua dagoenean- egoitzek eduki behar dituzten hezkuntza, terapia eta segurtasun baliabideen ezaugarriak arautuko ditu. Direlako egoitzen gainean eskumena duten foru-administrazioek zorrozki kontrolatuko dituzte kasu horiek, bai eta adingabeen fiskaltzek ere.

 

       3.-   Aurreko paragrafoetan aipatutako arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoan dauden haur eta nerabeentzako harrera-egoitza guztietan aplikatuko dira, diren publikoak edo pribatuak.

 

79. Artikulua - Harrera-egoitzak ikuskatzea

 

       1.-   Adingabeak babesteko eskumena duten herri-administrazioek gutxienez sei hilabetean behin ikuskatu beharko dituzte harrera-egoitzak, bai eta egoerak eskatzen duen guztietan ere.

 

       2.-   Era berean, ministerio fiskalak, Kode Zibilaren 174. artikuluak ezarritakoaren arabera, haurrak eta nerabeak hartzeko egoitza guzti-guztiak jagon beharko ditu.

 

80. Artikulua - Haur eta nerabeek harrera-egoitzetan edukiko dituzten eskubideak eta betebeharrak

 

       1.-   Goragoko 78. artikuluan aipatutako erregelamenduan, harrera-egoitzetan harrera egiten zaien haurren eta nerabeen eskubideak eta betebeharrak arautuko dira.

 

       2.-   Harrera-egoitza batean harrera eman zaien haurrek eta nerabeek eskubide hauek edukiko dituzte, beti:

 

a)  Beren eskubideei eta betebeharrei buruz informazioa jasotzea.

b)  Bereizkeriarik gabe zainduak izatea (dela jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo ezaugarri pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik bereizkeriarik eragin gabe, alegia), eta, orobat, beren jatorria errespetatuz eta berek dakarten kultura edo erlijio ondarea gordetzeko laguntasuna emanez zainduak izatea.

c)  Eguneroko bizitzako beharrizan oinarrizkoak beteta izatea, adingabearen garapen pertsonal integrala bideratu ahal izateko.

d)  Nortasuna egokiro garatzeko behar dituzten zerbitzu guztiak erabili ahal izatea, lehentasuna emanez beti zerbitzua komunitatean bertan jasotzeari, zerbitzu arrunten sarearen bitartez.

e)  Eguneroko bizitzan jarduerarako, aisialdirako eta lo egiteko tarte orekatuak edukitzea.

f)   Harrera-egoitzako langileen aldetik eta gainerako egoiliarren aldetik tratu egokia jasotzea.

g)  Bakoitzaren espedientean ageri diren datuak isilpean edukitzea eta datu horiek edonori ez jakinaraztea.

h)  Senitartekoekin eta berentzat garrantzitsuak diren pertsonekin harremanak edukitzea, betiere hori haurraren edo nerabearen interesaren aurkakoa ez bada, bai eta ikustaldiak egoitzan bertan edo kasuan-kasuan zehaztutako lekuan jasotzea.

i)   Egoitzan beren intimitatea eta gauzak errespetatuak izatea; orobat beren gutunak bortxatuak ez izatea, eta telefono-deiak pribatuan jaso eta egin ahal izatea, baldin eta horrek haien babesa arriskuan jartzen ez badu.

j)   Barne-araudian idatzitako elkarbizitza-arauak egin eta aldatzeko eginkizunean parte hartzea, bai eta egoitzako jarduera programatzeko eta garatzeko eginkizunean ere parte hartzea.

k)  Informazioa jasotzea, beren adimen mailari eta gaitasunari egokitutako hizkeran, egoitzan erreklamazioak aurkezteko dauden prozedurez. Orobat honako hauei kexak aurkezteko duten aukeraz: ministerio fiskalari, haurren edo nerabeen defendatzaileari, ikuskapen-zerbitzuei edo haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duten administrazioei.

l)   Une oro jakitea zer lege-egoeratan dauden.

m) Bakoitzarentzat egindako esku-hartze plan bat edukitzea, eta aldika-aldika plan hori lantzen eta ebaluatzen parte hartu ahal izatea.

n)  Berei eragiten dizkieten erabaki garrantzitsuetan esateko dutena entzun dakiela; hamabi urte baino gehiago dituztenean, beti, eta bete gabe dituztenean, nahikoa ezagumen badute.

ñ)  Egoitza ebaluatzeko eta ikuskatzeko prozeduretan parte hartzea.

o)  Prestakuntzaz eta esperientziaz kualifikatuta dauden langileek zainduak izatea.

p)  Haien zainketan eta haiei dagozkien erabakietan gurasoek ere parte hartzea, betiere haien interesen kontrakoa ez bada.

q)  Haien anaia, neba, arreba edo ahizpengandik ez bereiztea, eta egoitza batean elkarrekin egotea, betiere hori haien interesen kontrakoa ez bada.

 

       3.-   Harrera-egoitza batean harrera eman zaien haurrek eta nerabeek, egoiliarrak diren aldetik, betebehar hauek edukiko dituzte:

 

a)  Egoitzako funtzionamendu eta elkarbizitza arauak errespetatu eta betetzea.

b)  Egoitzan lan egiten duten edo bizi diren pertsona guztien duintasuna eta eginkizuna errespetatzea.

c)  Beren prestakuntzarako jarduerak, eskolako jarduerak, lanekoak edo zeinahi eratakoak egitea.

d)  Haien eskura jartzen diren instalazio eta baliabide materialak era egokian erabiltzea.

e)  Ezartzen zaizkien heziketa-neurri zuzengarriak betetzea, hurrengo artikuluan xedatutakoaren eredura.

f)   Gaixoaren Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren arloko Eskubide eta Betebeharrak Arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Lege Oinarrizkoak ezarritakoari jarraituz, beharrezkoak diren osasun azterketa eta -proba guztiak egitea, bai adingabeak berak bai egoitzan bizi diren edo lan egiten duten gainerako pertsonek duten osasun-eskubidea bermatzeko.

 

81. Artikulua - Heziketa-neurri zuzengarriak

 

       1.-   Aurreko artikuluan ezarritako betebeharrak bete ezean, heziketa-neurri zuzengarriak ezarriko dira. Neurri horien edukia eta eginkizuna heztea izango da, eta ezingo dute ezarri, ez zuzenean ez zeharka, ez gorputz-zigorrik, ez elikagaiak ukatzerik, ez senitartekoen ikustaldia jasotzeko eskubidea kentzerik, ez ahozko nahiz idatzizko komunikazioetan esku-hartzerik, ez nahitaezko hezkuntzarako, ez eta osasun-arretarako eskubidea kentzerik ere; ezta adingabeen duintasunaren aurkako erasorik ere. Kode Zibilak 154 eta 268. artikuluetan gurasoei edo tutoreei ezartzen dien zuzentzeko eginkizunean oinarritzen dira neurri hauek.

 

       2.-   Heziketa-neurri zuzengarriak ezartzea eragin dezaketen jokabideak, neurri horien edukia eta neurriok ezartzeko jarrabideak, horiek guztiak, zentroen erregelamendu-garapenaren esparruan arautu beharko dira -78. artikuluan aipatzen da garapen hori-. Arau horietan adingabeen eskubide hauek aurreikusi beharko dira: entzunak izateko eskubidea, frogak aurkezteko eskubidea, eta berek izendatutako pertsonen aholkua jasotzeko eskubidea. Ezarritako neurriak, bestalde, erregistro batean idatziko dira, bai neurria ezartzea eragin zuen jokaera edo gertaera bai neurriak aplikatzeko orduan izandako inguruabarrak zehaztuta.

 

       3.-   Heziketa-neurri zuzengarrien artean, garrantzi berezikotzat joko dira hauek: iraindutako pertsonari barkamena eskatzea, ondasunak itzultzea, eta eragindako kalteak konpontzea.

 

       4.-   Neurriok, nolakoak diren, heziketa-taldea osatzen duten profesionaletako edozeinek ezarri ahal izango ditu, edo, jokabide eta gertakari larriak izan badira, egoitzaren zuzendariak edo egoitzaren arduradun-eginkizunak betetzen dituenak ezarri beharko ditu. Xedapen hau gorabehera, betiere neurriak hartu ahal izango dira berehala, pertsonei edo gauzei kalterik ez eragiteko.

 

8. ATALA

ADOPZIOA

 

82. Artikulua - Adopzioaren eraketa

 

       1.-   Adopzioa epailearen ebazpenaren bidez eratuko da, eta ebazpen horretan, beti, adoptatutako haurraren edo nerabearen interesa eta adoptatzaileak edo adoptatzaileek guraso-ahala erabiltzeko duten egokitasuna hartuko dira kontuan.

 

       2.-   Adopzio-espediente bat aurrera eramateko behar diren administrazio-jarduketak, edo, hala badagokio, nazioarteko adopziorako behar direnak, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduan aurreikusitako araudiari jarraituz egingo dira beti.

 

       3.-   Adopzio-espedientea hasteko, beharrezkoa da adopzioa eskatzen dutenen auzotasunari dagokion foru-diputazioak -haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duenez gero- proposamen bat egitea adoptatzailearen edo adoptatzaileen alde, baldin eta aldez aurretik guraso-ahala egikaritzeko egokitasuna aitortu bazaie. Ez da proposamen horren beharrik izango Kode Zibilaren 176.2 artikuluan aurreikusitako egoerak gertatzen badira. Proposamenak betekizun batzuk bete behar ditu: Prozedura Zibilaren Legearen 1829. artikuluan eta hurrengoetan araututakoak, hain zuzen.

 

83. Artikulua - Familia adoptatzaileak

 

       1.-   Haurrak eta nerabeak seme-alabatzat hartzeko egokitasuna behar da, eta egokitasun horrek betekizun hauek eskatzen ditu:

 

a)  Bizitzeko behar beste baliabide edukitzea, eta baliabide horiek egonkorrak izatea.

b)  Haurraren edo nerabearen arreta bermatzeko moduko osasun-egoera fisiko eta psikikoa izatea.

c)  Adopzioa eskatzen dutenek ezkontzazko edo egitezko elkarte bat osatzen dutela egiaztatzen baldin badute, eskaera egin aurretik gutxienez bi urtetan elkarrekin jarraitasunez bizi izana.

d)  Familia-bizimodu egonkorra egitea.

e)  Familia eta gizarte ingurua haurraren edo nerabearen integraziorako egokia izatea.

f)   Adopzioa eskatzen duten pertsonen historian ez izatea haurrarentzat edo nerabearentzat arriskutsu izan daitekeen gorabeherarik.

g)  Jarreretan malgutasuna erakustea, eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna ere bai.

h)  Haurraren eta nerabearen historia pertsonala eta familiarra errespetatzea eta onartzea.

i)   Lankidetzarako eta konpromisorako jarrera baikorra agertzea.

j)   Familia-unitateko kide guztiek adopzioaren aldeko jarrera edukitzea.

k)  Adopziogaiaren garapen egokirako mugapena izan daitekeen adinik ez edukitzea adoptatzaileak edo adoptatzaileek.

l)   Adopzioa egiteko gogoa erakustea, eta, gogo horretan, haurraren edo nerabearen interes gorenari, haren eskubideen babesari eta eskubide horien garapenaren bermeari lehentasuna ematea.

 

       Egokitasun-ziurtagiriak hiru urterako balioa izango du, baina edozein unetan berrikusi ahal izango da adopzioa egiteko gogoa agertzen dutenen egoera pertsonala edo familiarra aldatu egiten bada.

 

       2.-   Erregelamendu bidez arautuko da foru-diputazioek adopzioaren arloan jarraitu behar duten prozedura.

 

84. Artikulua - Informazioa eskuratu ahal izatea

 

       1.-   Herri-erakundeetan edo erakunde laguntzaileetan zerbitzu ematen duten pertsonek isilpean gorde beharko dituzte adoptatuengandik eskuratutako informazioa eta adoptatuen seme-alabatasunari buruzko datuak.

 

       2.-   Aurreko hori gorabehera, eta haurrek eta nerabeek beren guraso biologikoak nor diren ezagutzeko duten eskubidea bermatze aldera, lege honetako 11. artikuluan, Haurren Eskubideen Konbentzioaren 7.1 artikuluan eta Haurraren Babesari buruzko eta Nazioarteko Adopzioaren arloko Lankidetzari buruzko Hagako 1993ko Itunaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, herri-administrazioek adoptatuen seme-alabatasun biologikoari buruz dauzkaten datuak adoptatutako pertsonen eskura jarriko dituzte, baldin eta haiek hala eskatzen badute. Horretarako, neurri egokiak hartu beharko dira batez ere; isilpeko bitartekaritza-prozedura bat eskaini beharko zaie datuak jakinarazi aurretik, eta, prozedura horretan, alde bakoitzaren familia- eta gizarte-egoeraren berri emango zaie hala adoptatuari nola haren guraso biologikoei, bai eta aldeetako bakoitzak beren arteko topaketari buruz agertu duen jarreraren berri ere.

 

       Informazio hau egiaz eskuratzeko, adingabeek une egokian egon behar dute beren garapenaren bilakaeran, hori da baldintza, eta nahikoa ezagumen izan behar dute, bai eta aditzeko nahikoa gaitasun ere.

 

       Pertsona bati adingabe bat ematen zaionean adopzioan, pertsona horrek badu erakundeari eskatzea haurraren edo nerabearen gainean dituen datuak eskura diezazkiola, den haren osasunaren gainekoak, hezkuntzaren gainekoak, edo hari dagozkion beste batzuk ere, hauek izan ezik: haren seme-alabatasunaren inguruko datuekin zerikusia duten informazioak.

 

       3.-   Bigarren paragrafoan aipatzen den bitartekaritza-prozedura 47.3 artikuluan zehaztuko da, artikulu horretan egiten den bitartekaritzaren arauketaren barruan.

 

85. Artikulua - Nazioarteko adopzioa

 

       1.-   Nazioarteko adopzioaren arloan arau hauei jarraituko zaie: Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituen) 25. artikuluan xedatutakoari eta Haurraren Babesari buruzko eta Nazioarteko Adopzioaren arloko Lankidetzari buruzko Hitzarmenak (Hagan 1993ko maiatzaren 29an egin zen eta Espainiak 1995eko ekainaren 30ean sinatutako agiriaren bidez berretsi zuen) ezarritakoari.

 

       2.-   Eusko Jaurlaritzak nazioarteko adopzioaren batzorde tekniko bat edukiko du, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren kontsulta-organotzat, eta eremu horretako jardunak koordinatzeko eginkizuna izango du; horrez gain, beste eginkizun hau ere izango du: nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileak izendatzeko proposamenak aztertzea (108. artikuluan aipatzen dira erakunde horiek) eta proposamen horiek dagokionari aurkeztea onar ditzan.

 

       3.-   Eusko Jaurlaritzak nazioarteko adopzioa sustatu eta erraztuko du, eta, horretarako, egoki deritzen hedapen, informazio, eta laguntza bitartekoak erabiliko ditu.

 

       4.-   Erregelamendu bidez arautuko da foru-diputazioek nazioarteko adopzioaren arloan jarraitu behar duten prozedura.

 

IV. TITULUA

ARAU HAUSLE ADINGABEEI EMAN BEHARREKO GIZARTE ETA HEZKUNTZA ARRETA

 

86. Artikulua - Arau-hausle adingabeak

 

       Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Legeak ezarritakoari-jarraituz, arau-hausle adingabeak dira Zigor Kodean edo zigor-lege berezietan legez zehaztutako delitu edo faltak egiteagatik adingabeen epailearen neurri bat ezarri zaienak.

 

87. Artikulua - Administrazio-jardunaren printzipio gidariak

 

       Arau-hausle adingabeei printzipio hauen arabera eskainiko zaie gizarte eta hezkuntza arreta:

 

a)  Adingabeek, atxilotuta dauden artean, leku egokian egon beharko dute, adin nagusikoentzat erabiltzen diren lekuetatik bereizita, eta behar dituzten laguntza eta babes sozial eta psikologikoa, mediku-arreta eta laguntza eta babes fisikoa eskainiko zaizkie, bakoitzaren adina eta sexua eta bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta; hala egin beharko da, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 17.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

b)  Kontuan eduki behar da arau-hausle adingabeei ezartzen zaizkien neurriak, formaren aldetik penalak badira ere, heziketa-neurri zehatzaileak direla edukiaren aldetik, eta neurri horien betearazpenean malgutasuna bermatu behar dela, kasu bakoitzaren ezaugarri berezien arabera zer komeni den begiratuz.

c)  Neurriak ezartzerakoan, adin penalik ez duten arau-hausleak eskubide guztiez baliatu ahal izango direla bermatu behar da, Konstituzioak eta zuzenbide-antolamenduak ezagutzen dizkieten eskubide guztiez; zuzenbide-antolamenduari dagokionez, batez ere honako hauek ezagutzen dizkieten eskubideez: Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa eta Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Haurren Eskubideen gaineko 1989ko azaroaren 20ko Konbentzioa, eta, orobat, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduan haurrak eta nerabeak zaintzeari buruz ezarritako arau guztiak.

d)  Legezkotasun-printzipioak agintzen duenez, ezin izango da inolako neurririk betearazi ez baldin bada epai irmo baten bidez eta indarrean dagoen araudiak aurreikusitako prozeduraren arabera ezarri. Neurri horiek indarrean den araudi horretan ezarritako eran baino ezingo dira ezarri, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 43. artikuluan agindutakoaren arabera.

e)  Epaia eman zuen adingabeen epailearen kontrolpean betearaziko dira neurriak, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 44. artikuluan aurreikusitako eran.

f)   Justiziaren beharrezko esku-hartze gutxienekoaren printzipioari jarraituz egingo da epailearen neurrien betearazpena. Horrek esan nahi du behar-beharrezkoa dela beste sistema sozial batzuekiko koordinazioa, batez ere hezkuntza-sistemarekikoa eta babes-sistemarekikoa; gainera, kasua sistema horien esku utzi beharra ere gerta daiteke, baldin eta sistema horien esku-hartzea beharrezkoa bada.

g)  Epailearen neurriak berehalakotasun-printzipioari jarraituz ezarri behar dira, neurri horiek hezigarri izango badira.

h)  Epaileak arau-hausle adingabeei ezarritako neurriak eraginkorrak izango badira -batez ere ingurune irekian bete beharrekoak eta bitartekaritza-prozesuetan ezarritakoak-, komunitateak parte hartu behar du, eta bere gain hartu behar du hezteko eginkizuna.

 

88. Artikulua - Bitartekoak

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak, epaileak arau-hausle adingabeei ezarritako neurriak betearazteko eskumena duen herri-administrazioa den aldetik, eskura edukiko ditu eginkizun horiek betetzeko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta giza baliabideak. Batez ere, bitarteko hauek edukiko ditu eskura:

 

a)  Lurralde historiko bakoitzean, fiskalei eta adingabeen epaileei laguntza teknikoa eta aholkua emateko talde psikosozialak edukiko ditu.

b)  Egoki eta beharrezko deritzonean, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, lankidetza hitzarmen edo akordioak egin ahal izango ditu irabaziak egiteko asmorik ez duten beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, epaileak ezarritako neurriak nerabe arau-hauslearen beraren ingurunean betearazi ahal izateko; betiere, Eusko Jaurlaritzak berak ikuskatuko du zuzenean betearazpena, eta hitzarmen edo akordio horiek egiteak ez dakar eskumenaren titularitatea eta erantzukizuna inoren esku lagatzea.

 

       2.-   Arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta eskaintzen arituko diren langile profesionalak egokiak izan daitezen zaindu beharko du eskumena duen herri-administrazioak, bete behar dituzten eginkizun horietarako egokiak izan daitezen, alegia. Horretarako, prestakuntza-programa egokiak ezarriko dira, esku-hartze honen hartzaile diren herritarren beharrizan berri eta askotarikoei erantzuteko prestakuntza emate aldera, eta lanpostuetara sartuko diren langileak egokiak direla bermatzeko prozedurak taxutuko dira, arreta jasoko duten pertsonen interes gorenari begira. Epailearen neurriak aurreko paragrafoan aipatutako lankidetza-hitzarmenen esparruan aplikatzekoak direnean ere antzeko neurriak hartuko dira.

 

       3.-   Eusko Jaurlaritzak, herrizaingoaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, adingabeek parte hartzen duten kasuetan polizia-zerbitzu egokiak izango direla bermatuko du.

 

       Horrekin batera, honako hauek guztiak bermatu behar dira: polizia-agenteen prestakuntza egokia izan dadila; adingabeei buruz egin beharreko esku-hartzeetan polizia adituak egon daitezela, eta adingabeen parte-hartzea hautematen denean aditu horien esku-hartzea eraginkorra izango dela ziurtatuko duten antolaketa eta funtzionamendu sistemak ezar daitezela.

 

89. Artikulua - Neurriak nerabe arau-hauslearen ingurunean bertan betearaztea

 

       1.-   Arau-hausle adingabearen gizarte-ingurunean aplikatu beharreko neurriak betearazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, gizarteratze-programak garatu eta sustatu beharko ditu. Programa horietan, hainbat berariazko jarduketa sartuko dira: aisialdikoak, gizarte eta hezkuntza laguntzakoak, laneratu aurreko eginkizunetakoak, gizarte-trebetasunak eta familiako elkarbizitzarako trebetasunak lantzekoak eta hezteko helburuak erdiesten lagundu dezakeen oro.

 

       2.-   Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio guztiek, beren eskumenen esparruan, batez ere osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekin elkarlanean jardun beharko dute adingabearen gizarte-ingurunean aplikatu beharreko neurriak betearazteko eginkizunean, eta adingabearen esku jarri beharko dituzte gizarte eta hezkuntza baliabide arruntak. Era berean, irabaziak egiteko asmorik gabeko erakunde pribatuekiko elkarlana sustatu beharko da aurreko artikuluan aipatutako eran.

 

90. Artikulua - Barneratze-neurriak

 

       1.-   Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 54. artikuluan ezarritakoari jarraituz, barneratze-neurriak arau-hausle adingabeentzat berariaz prestatutako barnetegietan betearaziko dira; barnetegi horiek adin-nagusitasun penala dutenentzat aurreikusitakoak ez bezalakoak izango dira, askatasunez gabetzeko zigor-kondena eta zuhurtziazko neurriak betearazteko adin nagusikoentzat espetxe-legedian aurreikusitakoak ez bezalakoak, alegia. Era berean, gizarte eta osasun zentroetan ere betearazi ahal izango dira neurri horiek, baldin eta aldez aurretik adingabeen epaileak horretarako baimena ematen badu.

 

       2.-   Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa zuhurtziazko barneratze-neurrietan ere aplikatuko da.

 

91. Artikulua - Barnetegiei dagozkien arauak

 

       1.-   Barnetegiak modulutan egongo dira banatuta, bertan dauden adingabeen adin, heldutasun, beharrizan eta gizarte-trebetasunen arabera.

 

       Barnetegiak egoera onean mantenduko dira eta erabilera-baldintzak egokiak izango dira; gainera, adingabeen beharrizanei erantzuteko instalazio eta gune aproposak izango dituzte.

 

       2.-   Autonomia Erkidegoko Administrazioak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, erregelamendu bidez zehaztuko du askatasunez gabetzeko era bateko eta besteko neurriak betearazteko zentroek zer eskakizun bete behar dituzten baliabide material eta funtzionalei eta giza baliabideei dagokienez Erregelamendu horretan, berariaz aipatu beharko dira adingabeen eta haiei zerbitzu ematen dieten langile profesionalen eskubideak eta betebeharrak; halaber, berariaz aipatu behar da barne-araudi bat edukitzeko beharra, edukiaren aldetik barnetegiaren berezitasunei eta hezkuntza-egitasmoari begira egina.

 

       3.-   Aurreko paragrafoan aipatutako araudia Euskal Autonomia Erkidegoan arau-hausle adingabeentzat diren barnetegi guztietan aplikatu beharko da.

 

92. Artikulua - Barnetegiak ikuskatzea

 

       1.-   Justiziaren arloan eskumena duen sailak gutxienez sei hilabetean behin ikuskatu beharko ditu barnetegiak, bai eta egoerak eskatzen duen guztietan ere. Ikuskatzeko prozedurak barnetegien araudian arautuko dira, aurreko artikuluan aipatutako araudi horretan, hain zuzen ere.

 

       2.-   Ministerio fiskalak barnetegi guztiak jagon beharko ditu.

 

93. Artikulua - Nerabeek barnetegietan izango dituzten eskubideak eta betebeharrak

 

       1.-   Barnetegien antolamenduaren, funtzionamenduaren eta jardueraren oinarria hau izango da: barneratze-neurrien pean dauden pertsona adingabeak gizarteko kide eskubidedun direlako printzipioa. Printzipio hori aplikatzerakoan, adingabeen eguneroko bizimodua -edozein adingaberena- izango da barnetegietako bizimoduaren eredua, betiere barneratua izateak adingabearentzat eta haren familiarentzat izan ditzakeen ondorio txarrak murriztuz, gizarte-harremanen loturen alde eginez eta gizarteratze-prozesuan erakunde publiko eta pribatuen elkarlan eta parte-hartzearen alde eginez. Xede horri begira, erregelamendu bidez ezarriko dira adingabeek hartu ahal izango dituzten baimenaldi arruntak eta bereziak.

 

       2.-   Barneratze-neurriren baten pean diren arau-hausle adingabeek eskubidea dute beren nortasuna eta ideologia-askatasun zein erlijio-askatasuna errespeta dakizkien; orobat, neurriak eragiten ez dien gainerako eskubide eta interes legezkoak ere edukiko dituzte, batez ere adingabetasun zibilari dagozkionak eta Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Legearen 56. artikuluak aipatzen dituen eskubide guztiak; eta, horien artean, honako hauek bereziki:

 

a)  Beren eskubideei eta betebeharrei buruz informazioa jasotzea.

b)  Bereizkeriarik gabe zainduak izatea (jaiotza, adin, arraza, egoera zibil, sexu, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik bereizkeriarik gabe), eta beren jatorriak errespetatuz eta berek dakarten kultur edo erlijio-ondarea gordetzeko laguntasuna emanez zainduak izatea.

c)  Barnetegiko langileen aldetik eta gainerako egoiliarren aldetik tratu egokia jasotzea.

d)  Haien espedientean dauden datuen isilpekotasuna errespetatua izatea, eta datu horiek isilean erabiltzea; gainera, edonori ez zaio jakinaraziko barneratuta daudela, inola ere ez.

e)  Gurasoekin, legezko ordezkariekin, familiarekin edo beste pertsona batzuekin harremanetan egon ahal izatea, askatasunez, baldin eta ez bada beraien interesen aurkakoa, eta, betiere, babes-prozedura baten barruan; halaber, barnetegian bertan ikustaldiak eduki ahal izatea eta ateratzeko baimenaldiez gozatu ahal izatea, erregelamenduetan ezarritako eran.

f)   Beren abokatuekin harremanak eduki ahal izatea isilean, orobat eskumena duen adingabeen epailearekin, ministerio fiskalarekin eta barnetegiak ikuskatzeko eskumena duen zerbitzuarekin.

g)  Haien intimitatea errespetatua izatea.

h)  Eguneroko bizitzako beharrizan oinarrizkoak, pertsona gisa erabat garatzeko bete behar direnak, beteta izatea.

i)   Prestakuntzarako jarduerak egitea, eskolakoak, lanekoak edo zeinahi eratakoak izan.

j)   Uneoro beren lege-egoera zein den jakitea.

k)  Barnetegian erreklamazioak aurkezteko dauden prozedurei buruzko informazioa jasotzea, beraien aditzeko maila eta gaitasunari egokitutako hizkeran; halaber, barnetegiaren zuzendaritzari, Autonomia Erkidegoko Administrazioari, epaileei, ministerio fiskalari edo Haurren eta Nerabeen defendatzaileari eskaerak eta kexak agertzeko aukeraz ere informazioa jasotzea; orobat, beren eskubide eta interesak defendatzearren legedian aurreikusitako legezko errekurtso guztiak aurkeztu ahal izatea.

l)   Dagozkien eskubide zibil, politiko, sozial, erlijiozko, ekonomiko eta kulturalak erabiltzea, neurriaren betearazpenarekin bateraezinak direnak izan ezik.

m) Barneratze-neurria bizilekutik ahalik eta gertuen dagoen barnetegian bete ahal izatea, betiere beraiei dagokien barneratze-araubidearekin bat etorriz.

n)  Bakoitzarentzat egindako esku-hartze plan bat edukitzea, eta plan hori lantzen eta aldika-aldika ebaluatzen parte hartzea.

ñ)  Gai hauei guztiei buruz informazio eguneratua jasotzea, bakoitzaren heinekoa: beraien eskubide eta betebeharrei buruz, beraien egoera pertsonal eta judizialari buruz, barnetegiaren funtzionamendu-arauei buruz, eta, orobat, eskubide horiek benetan erabiltzeko prozedura zehatzei buruz, batez ere eskabideak, kexak eta errekurtsoak aurkezteko prozedurei buruz. Barnetegian sartzen dituzten unean jaso behar dute adingabeek informazio hau guztia, eta berek ulertzeko moduko hizkuntzan eman beharko zaie, aditzeko duten gaitasunari eta beraien beharrizan bereziei egokitutako formatu, hitz eta idazkerarekin.

o)  Haien legezko ordezkariek beraien egoera eta bilakaerari buruzko informazioa eta dagozkien eskubideei buruzkoa badutela jakitea, indarrean dagoen legedian ezarritako mugen barruan.

p)  Barneratuta daudenean, hiru urtetik beherako semeak edo alabak beren ondoan izatea, erregelamenduetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.

 

       3.-   Barneratze-neurri baten pean dauden arau-hausle adingabeek Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Legearen 57. artikuluan ezarritako betebeharrak izango dituzte. Zehatz esanda, hauek dira haien betebeharrak:

 

a)  Neurria erabat bete arte egon beharko dute barnetegian, ateratzeko eta kanpoan jarduerak egiteko baimenak gorabehera.

b)  Barnetegiko funtzionamendu-arauak errespetatu eta betetzea, bai eta barnetegiko langileen gidalerro edo jarraibideak ere, haiek beren eginkizunak legezkotasunez betetzen ari direla ematen dizkietenak.

c)  Barnetegian lan egiten duten edo bizi diren pertsona guztien duintasuna eta eginkizuna errespetatzea.

d)  Barnetegiko instalazioak eta eskura jartzen zaizkien baliabide materialak behar bezala erabiltzea.

e)  Eskolako edo laneko jarduerak egitea, eta beraien prestakuntzarakoak ere bai, direnak direla.

f)   Lege honetako 95. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarritako diziplina-neurriak betetzea.

g)  Gaixoaren Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren arloko Eskubide eta Betebeharrak Arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legeak ezarritakoari jarraituz, adingabearen osasunerako eskubidea eta barnetegian bizi diren edo lan egiten duten gainerakoena bermatzearren, beharrezkoak diren osasun azterketa eta proba guztiak egitea.

 

94. Artikulua - Jagoletza eta segurtasuna

 

       1.-   Barnetegietako jagoletzan eta segurtasun-jarduketetan lokalak eta bulegoak ikuskatu behar izatea gerta liteke, bai eta pertsonak, arropak eta bakoitzaren gauzak arakatu behar izatea ere, erregelamenduz ezarritako eran eta maiztasunez. Jagoletza eta segurtasun neurriak gauzatzean, adingabeko pertsonen intimitatea eta gauza pertsonalak errespetatzeko ahalegina egingo da, moduari, iraupenari, orduari eta maiztasunari erreparatuta; irizpide murriztailea gailenduko da neurri horiek erabiltzean, eta gaueko miaketak ekidingo dira, beti.

 

       2.-   Adingabeen bortxakeriazko egintzak edo min egiteko edo beldurtzeko egintzak eragotzi eta zapaltzeko, eta ihesaldiak eta instalazioei egin dakizkiekeen kalteak eragozteko, erregelamendu bidez ezarritako beharrezko euste-neurriak baino ezingo dira erabili. Euste-neurriek beharrezko den denbora baizik ez dute iraungo.

 

95. Artikulua - Diziplina-araubidea

 

       1.-   Barneratze-neurrien pean diren adingabeei diziplina-neurriak ezarri ahal izango zaizkie ondorengo paragrafoetan aipatzen diren arau-hausteen kasuetan, betiere erregelamendu bidez ezarritako prozedurari jarraituz eta haien duintasuna uneoro errespetatuz. Inoiz ere ezingo zaizkie ukatu eskubide hauek: elikatzekoa, osasun-laguntza jasotzekoa, derrigorrezko hezkuntza jasotzekoa eta komunikazio eta ikustaldiak jasotzekoa.

 

       Diziplina-prozedura 91. artikuluan aipatzen den barnetegiei buruzko erregelamendu-garapenaren barruan arautuko da. Diziplina-prozedura horretan, nahitaez aurreikusi beharko da ezarritako zehapen-neurriak erregistro batean idazteko betebeharra, eta erregistroan, berriz, zehapena eragin duen arau-haustea eta zehapenaren aplikazioaren ingurumariak adierazi beharko dira.

 

       2.-   Honako egitate hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

 

a)  Barnetegian nornahiri eraso egitea eta mehatxu egitea, edo nornahi hertsatzea.

b)  Matxinada, borroka, eraso edo talde-iskanbiletan parte hartzea edo horiek egitera zirikatzea, baldin eta gero gertatu egiten badira.

c)  Barnetegitik ihes egiten saiatzea, edo horretarako laguntzea edo ihes egin egitea; edo baimenaldi bat edo jarduera bat amaituta bertara ez itzultzea.

d)  Barnetegiko langileek beren eginkizunak betetzen ari direla ematen dizkieten aginduak betetzeari uko egitea era aktibo eta larrian.

e)  Barnetegiak adingabeen eskura jartzen dituen leku, material eta gauzei edo beste batzuen ondasunei nahita kalte egitea, hirurehun eurotik gorako galerak eraginez.

f)   Barnetegiko gauzak, materialak edo ondasunak nahiz beste batzuen ondasunak ostea.

g)  Barnetegian alkoholdun edariak, droga toxikoak edo gai psikotropikoak edo sorgorgarriak eduki edo kontsumitzea, edo barnetegira horrelakoak sartzea, non eta medikuaren aginduz ez den.

h)  Diziplinaren aurkako egintza larri batengatik ezarritako zigorra betetzeari uko egitea.

i)   Egun batean hiru hutsegite larri egitea, edo astebetean bost.

 

       3.-   Honako egitate hauek arau-hauste larritzat joko dira:

 

a)  Norberaren nahiz taldearen higienerako, edo janzteko zein elikatzeko beharrezkoak diren ohitura eta ordutegiak ez betetzea, edo barnetegiaren funtzionamendu-arauetan ezarritako beste ohitura batzuk ez betetzea, betiere, barnetegiko bizitzari eta elkarbizitza ordenatuari nahasteak eragiten bazaizkio.

b)  Barnetegian nornahi kalumniatu edo iraintzea, eta nornahiri zor zaion errespetu eta begiramenaren aurka larri huts egitea.

c)  Barneratutako beste pertsona batzuk matxinatzera edo talde-iskanbilak egitera zirikatzea, pertsona horiek jarraitzea lortu gabe.

d)  Barnetegira bertako funtzionamendu-arauek debekatutako gaiak edo gauzak sartzea edo gai horiek bertan eduki, erabili edo kontsumitzea, edo barnetegitik atera edo ateraraztea.

e)  Barnetegiak adingabeen eskura jartzen dituen leku, material eta gauzei edo beste batzuen ondasunei nahita kalte egitea, hirurehun eurotik beherako galerak eraginez.

f)   Barnetegian lan egiten duten langileek beren eginkizunak betetzen ari direla emandako aginduak ez betetzea, barnetegiko bizimoduari eta elkarbizitza ordenatuari nahasteak eragiten zaizkionean.

g)  Zorte edo dema jokoak antolatu edo horietan parte hartzea, baldin eta barnetegiko araudian debekatuta badaude.

h)  Berri edo datu faltsuak zabaltzea, barnetegiaren funtzionamendu onari kalte egin nahirik.

i)   Barnetegian debekatuta dauden lekuetara edo sarbidea mugatua duten lekuetara sartzea beharrezko baimena gabe.

j)   Arau-hausle adingabe barneratuentzat barnetegian antolatzen diren jardueretara ez azaltzea, arrazoirik gabe, edo jardueretatik egotzia izatea edo beharrezko baimenik gabe haietatik alde egitea.

k)  Barnetegitik beharrezko baimenik gabe ateratzea, edo barnetegiko funtzionamendu-arauek uzten duten baino beranduago itzultzea bertara.

l)   Diziplinaren aurkako egintza arin batengatik ezarritako zigorra betetzeari uko egitea.

m) Egun berean hiru hutsegite arin egitea.

 

       4.-   Honako egitate hauek arau-hauste arintzat joko dira:

 

a)  Norberaren nahiz taldearen higienerako, edo janzteko zein elikatzeko beharrezkoak diren ohitura eta ordutegiak ez betetzea, edo barnetegiko funtzionamendu-arauetan ezarritako beste ohitura batzuk ez betetzea, betiere barnetegiko bizitzari eta elkarbizitza ordenatuari nahasterik eragiten ez bazaio.

b)  Barnetegian lan egiten duten langileek beren eginkizunak betetzen ari direla emandako aginduak ez betetzea, barnetegiko bizimoduari eta elkarbizitza ordenatuari nahasterik eragin gabe.

c)  Barnetegiko edozein pertsonari zor zaion errespetu eta begiramenaren aurka arinki huts egitea.

d)  Barnetegiko funtzionamendu-arauek debekatzen ez dituzten gauzak edo gaiak gehiegikeriaz edo era kaltegarrian erabiltzea.

e)  Barnetegiak arau-hausle adingabeen eskura jartzen dituen leku, material eta gauzei edo beste pertsona batzuen ondasunei kalte eragitea ardurarik edo arretarik ezaz.

f)   Barneratutako arau-hausle adingabearen betebeharrak eta eginbideak ez betetzea dakarren beste edozein egite edo ez-egite, barnetegiko bizitzari edo elkarbizitza ordenatuari nahastea eragiten badio eta larritzat edo oso larritzat jotzen ez bada.

 

       5.-   Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 60. artikuluan aurreikusitako zehapenak baino ezingo dira ezarri.

 

       6.-   Proportzionaltasuna eta malgutasuna kontuan hartu beharreko irizpide orokor izango dira zehapenak ezartzerakoan.

 

       Bestalde, ezar daitekeen zehapena mailakatzeko irizpideak hauek izango dira:

 

a)  Nerabearen adina, ezaugarriak eta huts egiteko orduan zer egoeratan dagoen.

b)  Bakoitzari dagokion hezkuntza-egitasmoa.

c)  Egintzaren larritasun objektiboa.

d)  Berrerortzea; berrerortzea dagoela joko da arau-haustearen erantzukizuna duen pertsonak urte baten barruan izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiten dituenean.

 

       7.-   Baldin eta, bitartekaritza-prozedura baten barruan, iraindutako pertsonari barkamena eskatzen bazaio, ondasunak itzultzen badira edo kalteak konpontzen badira, zehapenaren aplikazioa bertan behera utzi ahal izango da, betiere zehatzekoa den jokabide horretan berrerortzea gertatzen ez bada.

 

       8.-   Diziplina-prozedurak, betiere, bermatu egingo ditu adingabearen eskubide hauek:

 

a)  Entzuna izateko eskubidea.

b)  Frogak aurkezteko eskubidea.

c)  Berak izendatutako pertsona baten aholkua hartzeko eskubidea.

d)  Barneratze-neurria ezarri zuen adingabeen epaileari, errekurtsoa aurkezteko eskubidea, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 60.7 artikuluak aurreikusitakoaren arabera.

 

       9.-   Diziplina anitzetako heziketa-taldea osatzen duten profesionaletako edozeinen esku egongo da hutsegite arinei dagozkien zigorrak ezartzea, eta hutsegite larriei eta oso larriei dagozkien zehapenen aplikazioa barnetegiaren zuzendariaren edo arduradunaren esku egongo da. Xedapen hau gorabehera, badira zuhurtziazko neurri batzuk berehala hartu beharrekoak, pertsonei edo gauzei kalterik ez eragitearren.

 

       10.- Justiziaren arloan eskumena duen sailak adingabeen epaileari eta ministerio fiskalari jakinarazi beharko die ezarritako edozein zehapen, hutsegite larri bati edo oso larri bati dagokionean.

 

       11.- Erregelamendu bidez pizgarri-sistema egoki bat ezarri ahal izango da arau-hausleen jokabide ona eta arduratsua sustatzeko.

 

V. TITULUA

ERAKUNDE ANTOLAMENDUA

 

I. KAPITULUA

HAURREN ETA NERABEEN DEFENTSARAKO ERAKUNDEA

 

96. Artikulua - Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundearen izaera juridikoa

 

       1.-   Artikulu honen bidez, Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundea sortzen da, haurren eta nerabeen eskubideak mehatxatzen edo urratzen diren egoeren aurkako defentsa-organo gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gizartea defentsa horretaz ohartarazteko eta gizartean haren aldeko jarrera sustatzeko.

 

       2.-   Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundea, bere eginkizunak betetzeko orduan, erabat beregain izango da Administraziotik. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari egongo da atxikita, baina sail horretako zati izan gabe.

 

97. Artikulua - Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundearen eginkizunak

 

       1.-   Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundeak objektibotasunez eta alderdikeriarik gabe beteko ditu bere eginkizunak, eta berehala esku hartuko du haurren eta nerabeen eskubideak mehatxatuta dauden edo urratu diren egoeretan.

 

       2.-   Eginkizun hauek betetzea dagokio:

 

a)  Haurren eta nerabeen eskubideak mehatxatuta daudenean edo urratu direnean egiten zaizkion kexak jasotzea, eta kexa horien lehenbiziko ebaluazio bat egitea. Horretarako, defentsarako erakundeak epe bat hartuko du, aldez aurreko informazio edo egiaztapenerako, kasuaren ezaugarriak eta ingurumariak ezagutzeko eta kexa tramitatzea komeni den edo ez erabakitzeko.

b)  Haurren eta nerabeen eskubideak mehatxatuta daudenean edo urratu direnean egiten diren kexak eskumena duten erakundeei eta organoei igortzea, hala badagokio.

c)  Erakundeen arteko negoziaziorako eta elkarlanerako bideak irekitzea, eta gomendioak egitea, haurren eta nerabeen eskubideak mehatxatu edo urratzen direneko egoerak edo ohiturak zuzentzeko. Gomendio horien betetze-mailaren jarraipena egingo da.

d)  Haurren eta nerabeen eskubideez ohartaraztea eta gizartean eskubide horiek sustatzea.

e)  Haurren eta nerabeen eskubideei buruzko zabalkundea sustatzea eta eskubide horien erabilera bultzatzea.

f)   Haurrei eta nerabeei aholku eta laguntza ematea eskubideak mehatxatzen edo urratzen direneko egoera eta ohituren aurrean.

g)  Elkartegintza indartzea eta haurren eta nerabeen eskubideen alde lan egiten duten elkarteak eta erakundeak zuzenean sustatzea.

h)  Arartekoarekiko koordinaziorako tresnak proposatzea, eta haurren eta nerabeen arloan eskumena duten beste erakunde eta organo batzuekiko koordinaziorako tresnak ere bai.

i)   Haurren eta nerabeen babesari buruzko araudia erakundeen artean eta gizartean zein neurritan betetzen den eta araudi hori zenbateraino den egokia aztertu eta ebaluatzea. Horretarako, urtero txosten bat egingo du, egindako lanak azaltzeko, eta txosten hori Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko dio.

j)   Haurren eta nerabeen eskubideen defentsa bizkortzeko eta haiei ematen zaien zerbitzua hobetzeko behar diren berrikuntzak proposatzea legeetan, administrazioan eta prozeduretan.

k)  Lege honetan jasotako beste edozein eginkizun edo bere helburuak betetzeko izendatzen zaion oro.

 

       3.-   Kexaren baten gainean epai irmoa eman bada edo kexa horri buruz epaileak ebazpena eman behar badu, defentsarako erakundeak ez du kexa hori aztertuko. Era berean, bertan behera utziko du ekindako lana, baldin eta, ekin ondoren, interesa duen pertsonaren batek auzi-eskea edo errekurtsoa aurkeztu badie epaitegiei edo auzitegiei.

 

98. Artikulua - Antolaketa

 

       1.-   Haurren edo Nerabeen defendatzailea da defentsarako erakundearen titularra.

 

       2.-   Haurren edo Nerabeen defendatzailea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta izendatuko du lehendakariak, dekretu baten bitartez; lau urterako izango da izendapena, eta badago pertsona bera izendatzea iraupen bereko aldi baterako. Izendapen hori Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko du, gehiengo osoz.

 

       Haurren eta Nerabeen defendatzailearekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie herritar guztiei, eta arreta ere berek aukeratutako hizkuntza ofizialean jasotzekoa. Hori dela eta, behar diren neurriak jarriko dira eskubide horren erabilera bermatzeko.

 

       3.-   Haurren eta Nerabeen defendatzailearen kargua bateraezina da beste hauekin:

 

a)  Hautetsi-kargu ororekin.

b)  Izendapen askeko kargu politiko ororekin.

c)  Alderdi politiko, sindikatu edo enpresaburu-erakunde bateko kide izatearekin.

d)  Elkarte edo fundazio batean zuzendaritza-eginkizunak betetzearekin.

e)  Epaile edo fiskal lanbideetan aritzearekin.

f)   Lan, merkataritza edo lanbide jarduera ororekin.

 

       4.-   Haurren edo Nerabeen defendatzaileak kargua utzi behar izateko arrazoiak dira:

 

a)  Uko egitea.

b)  Izendapenari dagokion aldia amaitzea.

c)  Heriotza edo gerora gertatutako ezgaitasuna.

d)  Karguko betebeharren ez-betetze larria.

e)  Doloz egindako delituagatik epai irmoaren bidez kondenatua izatea.

f)   Gerora gertatutako bateraezintasuna.

 

       5.-   Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak Legebiltzarraren Osoko Bilkurari emango dio egoera horren berri. Gaia aztertu ondoren ikusten bada kargua uzteko arrazoiak badaudela, lehendakariaren dekretu baten bidez gauzatuko da kargu-uztea.

 

       6.-   Kargu-uztea 4b) paragrafoan ezarritako arrazoiarengatik gertatzen denean, Haurren eta Nerabeen defendatzaileak bere eginkizunak betetzen jarraituko du defendatzaile berriaren izendapena ondorioak eragiten hasi arte.

 

       7.-   Haurren eta Nerabeen defendatzaileak konfiantzazko aholkulariak izendatu ahal izango ditu bere eginkizunak betetzeko, betiere erakunde horren erregelamenduarekin bat etorriz eta aurrekontuan ezarritako mugen barruan; aholkulari horiek Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko langileen araubide bera izango dute.

 

       8.-   Gainerako langileei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen araubide juridikoa aplikatuko zaie.

 

       9.-   Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua egin eta onartuko da.

 

99. Artikulua - Aurrekontua

 

       Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan zehaztu beharko dira urtero-urtero Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundearen baliabide ekonomikoak.

 

II. KAPITULUA

HAURREN ETA NERABEEN BEHATOKIA

 

100. Artikulua - Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzea

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak Haurren eta Nerabeen Behatokia sortuko du, gizarte-gaietan eskumena duen sailari atxikita, eta haren eginkizuna izango da Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren haur eta nerabeen errealitatea eta lege hau aplikatzeko garatzen diren politiken eragina aztertzea etengabe.

 

       2.-   Behatokiaren egitura erregelamendu bidez zehaztuko da.

 

101. Artikulua - Eginkizunak

 

       Haurren eta Nerabeen Behatokiak eginkizun hauek beteko ditu:

 

a)  Haurren eta nerabeen bizi-baldintzak eta beharrizanak aztertzea eta eskumena duten administrazioei bizi-baldintza horiek hobetzeko jarduketa eta programak proposatzea.

b)  Haurrak eta nerabeak zaintzeari dagokionez Administrazioak egindako jarduketak ebaluatzea.

c)  Eskatzen duten herri-administrazioei aholku ematea arriskuan edo babesgabezian dauden adingabeak babesteko eta adin penalik ez duten arau-hausleei zerbitzu emateko jarduketen inguruan.

d)  Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren batzorde iraunkor sektoriala aldiro-aldiro informatzea, kontseiluaren barruan egindako txostenak eta azterlanak igorriz, eta batzorde horrek eskatzen duenean aholku ematea.

e)  Zuzenbide-antolamendua haur eta nerabeen beharrizanetara egokituta dagoen edo ez informatzea eskumena duten administrazioei, eta araudi berriak egitea edo lehendik daudenak aldatzeko proposamenak egitea.

f)   Behatokia atxikita dagoen sailak agintzen dizkion gainerako eginkizun guztiak.

 

III. KAPITULUA

HAURRAK ETA NERABEAK ZAINTZEKO BATZORDE IRAUNKOR SEKTORIALA

 

102. Artikulua - Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortzea

 

       1.-   Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren barruan Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortuko da, haurrak eta nerabeak zaintzeko zeregina beren gain hartuta duten herri-erakunde eta gizarte-eragileek parte hartzeko foro berezi gisa, batez ere babesgabetasunean dauden haur eta nerabeen arreta hartzeko eta arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta eskaintzeko arloan diharduten herri-erakunde eta gizarte-eragileentzat. Batzorde hau kontsulta eta aholkularitza organoa izango da Eusko Jaurlaritzak lege honek aipatzen dituen alderdien inguruan proposatu edo eman behar dituen lege-egitasmo, xedapen orokor eta erregelamenduetarako.

 

       2.-   Batzorde honen osaera eta eginkizunak erregelamendu bidez ezarriko dira.

 

VI. TITULUA

ESKUMENAK

 

103. Artikulua - Eskumen orokorrak

 

       Lege hau aplikatzeko egin beharreko jarduketa publikoak eta arau-garapenak Eusko Jaurlaritzak, foru-diputazioek eta udalek egingo dituzte, bakoitzak bere eskumenen arabera, osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan, kulturan, hirigintzan, herritarren segurtasunean, barne-merkataritzan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan, publizitatean edo beste arlo batzuetan.

 

104. Artikulua - Arriskuan edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteko eskumenak

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren bitartez, arriskuan edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteari dagokionez lege hau garatu eta aplikatzeko, eskumen hauek izango ditu, lege-ekimenaz eta erregelamenduak egiteko ahalaz gain:

 

a)  Haurrentzako eta nerabeentzako jarduketen eta gizarte-zerbitzuen plangintza orokorra.

b)  Adingabeak babesteko eginkizuna duten herri-administrazioen organoen eta arlo horretan itunpean aritzen diren ekimen pribatuko sektoreen jarduketak koordinatzea, arlo horretan politika homogeneoa izan dadila bermatzearren.

c)  Nazioarteko adopzioa sustatzea, nazioarteko adopzioaren arloan aritzen diren erakunde laguntzaileen egiaztapena egitea eta espedienteak tramitatzea eta arlo horretako jarduketak koordinatzea. Horretarako, 85. artikuluan aipatzen den Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoaren aholkua izango du.

d)  Arriskuan edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteko zereginean aritzen diren zerbitzuek eta zentroek bitarteko material eta funtzionalen nahiz giza baliabideen aldetik bete behar dituzten eskakizunak arautzea.

e)  Arriskuan eta babesgabezian dauden haurrak eta nerabeak babesteko arloko jarduketak ebaluatzea, Haurren eta Nerabeen Behatokiaren bitartez.

f)   Iritzi publikoa sentsibilizatzea zabalkunde-kanpainak antolatuz eta komunitatean haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak sustatuz.

 

       2.-   Foru-diputazioek, eskumena duten lurraldean, honako eginkizun hauek izango dituzte lege hau aplikatzeko:

 

a)  Babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteko eginkizunean III. tituluan aurreikusita dauden jarduketak gauzatzea.

b)  Babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak zaintzeko beharrezko irizten zaien zerbitzu eta zentroak zuzenean edo zeharka kudeatzea.

c)  Aurreko idatz-zatian aipatutako zentro eta zerbitzu horiek irekitzeko baimena ematea, horiek erregistratzea, homologatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea.

d)  Harrera eta adopzio eskaerak egiten dituzten pertsonei eta, hala badagokio, haien familiei prestakuntza ematea eta beraien jarraipena egitea.

e)  Iritzi publikoa sentsibilizatzea zabalkunde-kanpainak antolatuz eta haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak sustatuz.

 

       3.-   Udalek, eskumena duten lurraldean, honako eginkizun hauek izango dituzte:

 

a)  Arriskuan dauden haur eta nerabeak babesteko eginkizunean III. tituluan aurreikusita dauden jarduketak gauzatzea.

b)  Arriskuan dauden haur eta nerabeak zaintzeko beharrezko irizten zaien zerbitzu eta zentroak zuzenean edo zeharka kudeatzea.

c)  Aurreko idatz-zatian aipatutako zentro eta zerbitzu horiek irekitzeko baimena ematea, horiek erregistratzea, homologatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea.

d)  Iritzi publikoa sentsibilizatzea zabalkunde-kanpainak antolatuz eta komunitatean haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak sustatuz.

 

105. Artikulua - Arau-hausle adingabeei arreta eskaintzeko eginkizunaren arloko eskumenak

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak, justizia-gaietan eskumena duen sailaren bitartez, arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta eskaintzeari dagokionez lege hau garatu eta aplikatzeko, eskumen hauek izango ditu, lege-ekimenaz eta erregelamenduak egiteko ahalaz gain:

 

a)  Adingabeen epaileek arau-hausle adingabeei buruz hartutako neurriak betearaztea.

b)  Epaileak arau-hausle adingabeei ezarritako neurriak betearazteko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea.

c)  Adin penalik ez duten arau-hausleei gizarte eta hezkuntza arreta ematen aritzen diren zerbitzu eta zentroek baliabide materialen, baliabide funtzionalen eta giza baliabideen aldetik bete behar dituzten eskakizunak arautzea.

d)  Epaileak arau-hausle adingabeei ezarritako neurriak betearazteko zerbitzu eta zentroak sortu, zaindu eta kudeatzea, eta, orobat, ikuskatzea.

e)  Epaileak ezarritako neurriak aplikatzeko 88. artikuluan aipatzen direnak bezalako hitzarmen edo akordioak dituzten zerbitzu eta zentroak irekitzeko baimena ematea, horiek erregistratzea eta homologatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea.

f)   Epaileak arau-hausle adingabeei ezarritako neurrien betearazpenaren eta jarraipenaren berri ematea ministerio fiskalari eta adingabeen epaileari; orobat epaitegiz kanpoko neurriei dagokienez.

g)  Arlo honetan jarduteko programak planifikatu, landu eta ebaluatzea.

h)  Arau-hausle adingabeekin lan egiten duten polizia-agintariei prestakuntza emateko aholkulartiza teknikoa ematea.

i)   Adingabeen epaitegiekin eta fiskalekin eta arau-hausle adingabeei arreta eskaintzen esku hartzen duten gainerako erakundeekin egin beharreko koordinazioa.

j)   Talde psikosozial espezializatuen jarduketa koordinatzea adingabeen epaileei eta fiskalei laguntza ematen betetzen duten eginkizunean, 5/2000 Legeak ezarritako eran.

k)  Aurreko idatz-zatian aipatutako talde psikosozialen osaera eta jardunbidea arautzea.

l)   Adin penalik ez duten arau-hausleei arreta eskaintzeko esparruan esku hartzeko programak ebaluatzea.

m) Iritzi publikoa zabalkunde-kanpainak antolatuz sentsibilizatzea.

 

       2.-   Foru-diputazioek, eskumena duten lurraldean, adin penalik ez duten arau-hausleei gizarte eta hezkuntza arreta emateari dagokionez lege hau aplikatze aldera, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu beharra daukate epaileek ezarritako neurriak aplikatzeko, baldin eta babes-zerbitzuek esku hartzea komeni bada neurri horien arabera.

 

       3.-   Udalek, eskumena duten lurraldean, adin penalik ez duten arau-hausleei gizarte eta hezkuntza arreta emateari dagokionez lege hau aplikatze aldera, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu beharra daukate epaileek ezarritako neurriak aplikatzeko, baldin eta neurri horiek udalen komunitate-esparruan garatu behar badira.

 

VII. TITULUA

GIZARTE EKIMENA SUSTATZEA

 

106. Artikulua - Gizarte-ekimena sustatzea

 

       1.-   Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, gizarte-ekimena sustatuko dute haurrei eta nerabeei arreta eskaintzeko jardueretan, eta eginkizun hauek bete ahal izango dituzte, besteak beste:

 

a)  Haurren eta nerabeen eskubideen erabilera ezagutuak eta bermatuak izan daitezen laguntzen duten jardueretarako ekimenak sustatzea.

b)  Haurrei eta nerabeei arreta emateko arloan aholku ematen aritzen diren organoetan parte hartzeko bideak jartzea gizarte-ekimenari.

c)                 Haurrei eta nerabeei arreta emateko arloan jarduten diren erakunde pribatuei aholku ematea.

d)  Haurren eta nerabeen elkarteen eraketa sustatzea, haien parte-hartzea eta gizarteratzea eragitearren.

 

       2.-   Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, gizarte-ekimena sustatzearren, diru-laguntzak eman ahal izango dituzte, edo lankidetza-hitzarmenak egin haurren eta nerabeen eskubideak babesten eta sustatzen dituzten erakundeekin, arriskuan edo babesgabezian dauden haurrak eta nerabeak babesten dituztenekin edo arau-hausle adingabeei arreta ematen aritzen direnekin.

 

       3.-   Herri-administrazioek, erakunde pribatuekin lankidetzarako egin dituzten akordioen esparruan, zaindu egingo dute -beren eskumenen esparruan eta baimena emateko, ikuskatzeko eta homologatzeko eginkizunetan dihardutela- erakunde laguntzaileek egiten dituzten esku-hartzeak egokiak izan daitezen, eta haurrei eta nerabeei arreta ematen aritzen diren langileak, profesionalak zein boluntarioak, egokiak izan daitezen betetzen dituzten eginkizun horietarako. Era berean, zaindu egingo dute erakunde laguntzaileek aplikatzen dituzten hautaketa eta prestakuntza prozeduretan egokitasun hori berma dadin eta profesional horien lan-baldintzak egokiak izan daitezen.

 

107. Artikulua - Familia-integraziorako erakunde laguntzaileak

 

       1.-   Familia integraziorako erakunde laguntzaile dira arriskuan edo babesgabezian dauden haurrak eta nerabeak babesteko esparruan aritzen direnak.

 

       2.-   Familia-integraziorako erakunde laguntzaileak herri-administrazioen erakunde laguntzaile izateko gaituak izan daitezke, baldin eta baimen, erregistro, ikuskaritza eta homologazioari buruz erregelamenduak ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

 

       3.-   Familia-integrazioko erakunde laguntzaileak honako eginkizun hauetarako gaitu ahal izango dira:

 

a)  Haurren eta nerabeen zaintza beren gain hartzeko.

b)  Haurrak eta nerabeak familietan hartzeko edo adoptatzeko prozesuetan bitartekari aritzeko.

c)         Haurrak eta nerabeak babesteko prozeduretan eskumena duten herri-administrazioei aholkularitza teknikoa eskaintzeko.

d)  Guraso-eginkizunetarako gaitasunak baloratzeko eta guraso-eginkizunetarako gaitasunetan hezteko.

 

108. Artikulua - Nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileak

 

       1.-   Nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileak Eusko Jaurlaritzak gaitzen ditu, haurrak eta nerabeak nazioarteko adopzioaren bitartez familia batean sartzearren bitartekaritza-zerbitzuak egiteko.

 

       2.-   Autonomia Erkidegoko Administrazioak gaitu egin ditzake aurreko paragrafoan aipatutako erakundeak bitartekaritza-eginkizunak betetzeko. Eginkizun horien artean sartuko dira nazioarteko adopzioan interesa dutenei informazioa eta aholkua ematea; eskumena duten agintarien aurrean, hala Espainiako Estatukoen nola atzerrikoen aurrean, adopzio-espedienteak tramitatzen esku hartzea, eta adopzio-eskaera egiten dutenei Espainiako Estatuan eta atzerrian egin behar dituzten tramiteetan eta kudeaketetan aholku eman eta laguntzea, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

 

       3.-   Dagokion erregistroan izena emanda duten eta irabaziak egiteko asmorik ez duten erakundeak gaitu ahal izango dira, betiere erregelamenduz ezarritakoari jarraituz, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte: haien xedea, estatutuetan idatzia, adingabeak babestea izatea; beren gain utzitako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta diziplina anitzetako taldeak edukitzea, eta zuzendaritza- eta administrazio-karguetan beren zintzotasunagatik eta nazioarteko adopzioaren arloan duten prestakuntzarengatik kualifikatuak diren pertsonak edukitzea.

 

       4.-   Eusko Jaurlaritzak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren bitartez, nazioarteko adopzioaren arloko erakunde laguntzaileetara jotzen duten pertsonek aurkeztutako erreklamazioen erregistro bat sortuko du, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 25.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko Legea da hori, Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituena).

 

109. Artikulua - Arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta eskaintzeko erakunde laguntzaileak

 

       1.-   Autonomia Erkidegoko Administrazioak honako eginkizun hauetarako gaitzen ditu arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta eskaintzeko erakunde laguntzaileak: adingabeen epaileak ezarritako neurriak aplikatzeko eginkizunean elkarlanean aritzeko, 88. artikuluan ezarritako eran, eta kalteak konpontzeko eta biktimarekin adiskidetzeko aldez aurreko neurriak aplikatzeko eginkizunean elkarlanean aritzeko, non eta eginkizun horiek, legeak ezarritakoari jarraituz, ez dituzten nahitaez herri-administrazioetako langileek bete behar.

 

       2.-   Aurreko paragrafoan aipatzen diren erakunde laguntzaileek, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eginkizun horietarako gaitu ahal ditzan, erregelamenduak baimenari, erregistroari, ikuskaritzari eta homologazioari buruz ezarritako eskakizunak bete behar dituzte.

 

       3.-   Justizia-gaietan eskumena duen sailak erregistro bat sortu eta arautuko du arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta ematen aritzen diren erakunde laguntzaileentzat, eta erregistro horretan egon beharko dira inskribatuta administrazio horrek gaitu dituen era horretako erakunde guztiak.

 

VIII. TITULUA

ARAU HAUSTE ETA ZEHAPEN ADMINISTRATIBOAK

 

I. KAPITULUA

ARAU HAUSTEAK

 

110. Artikulua - Arau-hauste administratiboak

 

       1.-   Lege honen aurkako arau-hauste administratibotzat joko dira kapitulu honetan tipifikatzen eta zehatzen diren egite eta ez-egiteak.

 

       2.-   Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke, babestutako ondasun juridikoen garrantziaren arabera eta zehaztutako jokabideek eragiten duten kaltearen edo kalte-arriskuaren arabera.

 

111. Artikulua - Arau-hauste arinak

 

       Jokabide hauek arau-hauste arinak izango dira:

 

a)  Haurren eta nerabeen eskubideen esparruan aplikatzekoa den araudia ez betetzea, betiere haiei kalte larririk eragiten ez bazaie.

b)  Nahitaez eskolaratu beharrekoa den haur edo nerabearentzat eskola-plazarik ez kudeatzea edo hura eskolara joan dadin eragoztea, edo joan dadin ez ahalegintzea, horretarako arrazoirik ez dagoenean; betiere, haurrei edo nerabeei aintzat hartzeko moduko kalterik eragiten ez bazaie.

c)  Haurrei eta nerabeei arreta emateko zentro edo zerbitzuak sortzeko arauak edo horien funtzionamendu-arauak ez betetzea, betiere han zaintzen dituzten haurrei edo nerabeei kalte larririk eragiten ez bazaie.

d)  Haurren eta nerabeen beharrizanei dagozkien tratamendua eta arreta ez eskaintzea, betiere haiei aintzat hartzeko moduko kalterik eragiten ez bazaie.

 

112. Artikulua - Arau-hauste larriak

 

       Arau-hauste larriak izango dira jokabide hauek:

 

a)  Arau-hauste arinak behin eta berriro egitea.

b)  Haurren eta nerabeen eskubideen esparruan aplikatzekoa den araudia ez betetzea, baldin eta horrela haiei kalte larriak eragiten bazaizkie.

c)  Haurrei eta nerabeei arreta emateko zentro edo zerbitzuak sortzeko arauak edo horien funtzionamendu-arauak ez betetzea, baldin eta han zaintzen diren haurrei edo nerabeei kalte larriak eragiten bazaizkie.

d)  Zentroetan edo zerbitzuetan haurren eta nerabeen beharrizanei dagozkien tratamendua eta arreta ez eskaintzea, betiere haiei aintzat hartzeko moduko kalteak eragiten bazaizkie.

e)  Eskumena duen herri-administrazioari edo beste herri-agintaritzaren bati ez jakinaraztea haur edo nerabe bat arriskuan edo babesgabezian egon daitekeela, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz (Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzko Legea da hori, Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatu zituena).

f)   Bertan behera utzita, galduta edo etxetik ihes eginda dagoen haurra edo nerabea ez uztea eskumena duen herri-administrazioaren edo beste herri-agintari baten esku, edo, hala badagokio, haren familiaren esku, hogeita lau orduko epearen barruan.

g)  Babesa emateko eskumena duen herri-administrazioak hartutako erabakiak ez betetzea.

h)  Osasun-zentroak edo osasun arloko langileak jaio berriaren nortasuna zehazteko daukaten obligazioa ez betetzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

i)   Haurrei edo nerabeei arreta emateko zentroak edo zerbitzuak irekitzea horien titular diren erakundeek, lege honetan ezarritako administrazio-baimenak eskuratu gabe, edo zentro edo zerbitzu horiek ixtea, aldez aurretik jakinarazi gabe.

j)   Zentro edo zerbitzu mota bakoitzerako ezarrita dagoen edo ezar daitekeen berariazko araudia ez betetzea zentro edo zerbitzu horien titular diren erakundeek.

k)  Haur eta nerabeak babesten aritzen diren profesionalek ez betetzea haurren eta nerabeen datu pertsonalak isilpean eta zabaldu gabe edukitzeko betebeharra.

l)   Zentroen edo zerbitzuen xedearekin bat datozen eta haurren eta nerabeen beharrizanei dagozkien tratamendua eta arreta ez ematea, horrela aski kalte handiak eragiten bazaizkie pertsona horiei.

m) Harrera-egoitzetan eta barnetegietan, horien titularrek, bertako langileek edo laguntzaileek diziplina-neurriak eta haur eta nerabeen eskubideak murrizten dituzten neurriak egoitza eta barnetegi horien araudian ezarritakoa gaindituz ezartzea.

n)  Irabaziak egiteko asmorik gabekotzat jotako zentro edo zerbitzuetan irabaziak egiteko jokabideak gauzatzea edo babestea.

ñ)  Zerbitzuak edo zentroak ikuskatu eta ebaluatu behar direnean edo horien jarraipena egin behar denean, zentro eta zerbitzu horietako titularrek eta langileek eginkizun horiek eragoztea, oztopatzea edo zailtzea, zeinahi modutan.

o)  Zentro eta zerbitzuetarako laguntza eta diru-laguntza publikoak esleitu ziren helburuez bestetarako erabiltzea.

p)  Zentroen titularrek edo zentro horietako langileek diru-kopuruak eskatzea emandako zerbitzuen prezio edo ordain gisa, Administrazioak horretarako baimenik eman ez duenean.

q)  Haur edo nerabe bat familian hartzea ondoren adoptatzeko asmoz, babesteko eginkizunaren arloan eskumena duen erakundeak esku hartu gabe.

 

113. Artikulua - Arau-hauste oso larriak

 

       Arau-hauste oso larriak izango dira jokabide hauek:

 

a)  Arau-hauste larriak behin eta berriro egitea.

b)  Aurreko artikuluan zehaztutakoak, baldin eta jokabide horiekin kalte konponezina edo konpontzeko zaila eragiten bazaie haurren eta nerabeen eskubideei.

 

114. Artikulua - Berrerortzea

 

       Zehatzeko araubide honen ondorioetarako, berrerortzea izango da arau-hausteen erantzule diren pertsonek urte baten barruan izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea eta ebazpen irmo batek hala gertatu dela adieraztea.

 

115. Artikulua - Erantzukizuna

 

       1.-   Arau-hausteen administrazio-erantzukizuna arau-haustea egiten duen pertsona fisiko edo juridikoari egotziko zaio, eta, solidarioki, jagoteko betebeharra hautsi duelako erantzule den erakunde, zentro edo zerbitzuaren titularrari halako hausterik izan bada.

 

       2.-   Administrazio-erantzukizuna dakarten egintzak Zigor Kodearen arabera delitu eta faltatzat tipifikatu ahal badira, administrazio-zehapenaren espedientearen tramitazioa bertan behera utzi beharko da harik eta epaileak dagokion ebazpena eman arte.

 

       3.-   Baldin eta administrazio-zehapenaren prozeduratik ateratzen bada gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek ere badutela administrazio-erantzukizuna, agintaritza zehatzaileak ministerio fiskalari jakinarazi beharko dio, haiei erantzukizun zibilak balegozkie ere.

 

II. KAPITULUA

ZEHAPENAK

 

116. Artikulua - Zehapen-motak

 

       Aurreko artikuluetako arau-hauste horiengatik honako zehapen hauetako bat edo batzuk ezarriko dira:

 

a)  Ohartarazpena.

b)  Isuna.

c)  Diru-laguntzak kentzea edo lankidetza-hitzarmena deuseztatzea.

d)  Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zeinahi motatako laguntza jasotzeko debekua urtebete eta bost urte arteko epearen barruan.

e)  Zentro edo zerbitzu osoa edo haren zati bat aldi baterako ixtea (bi urterako gehienez).

f)   Zentro edo zerbitzu osoa edo haren zati bat behin betiko ixtea.

g)  Arau-haustea egin duen pertsona fisikoa edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea (gehienez ere bost urterako); haurrei eta nerabeei arreta ematen aritzen diren zentro edo zerbitzuen titular izateko eta/edo haurrei eta nerabeei arreta eskaintzeko lanbideetan aritzeko ezgaitzea, hain zuzen.

h)  Arau-haustea egin duen pertsona fisikoa edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea (sei eta hogei urte arteko eperako); haurrei eta nerabeei arreta ematen aritzen diren zentro edo zerbitzuen titular izateko eta/edo haurrei eta nerabeei arreta eskaintzeko lanbideetan aritzeko ezgaitzea, hain zuzen.

 

117. Artikulua - Zehapenak mailakatzea

 

       Isunen zenbatekoa eta gainerako zehapenen aplikazioa nolakoa izango den zehazteko, eskumena duen erakundeak honako mailakatze-irizpide hauei jarraituko die:

 

a)  Eragindako kalte fisikoak, moralak eta materialak.

b)  Eragindako arriskua.

c)  Erruduntasun-maila eta asmoaren zenbaterainokoa.

d)  Arau-hauslea berrerori izana.

e)  Zerbitzu-mota.

 

118. Artikulua - Zehapenak aplikatzea

 

       1.-   Zehapenak honela aplikatuko dira:

 

a)  Arau-hauste arinak ohartarazpenarekin eta/edo 3.000 eurorainoko isunarekin zehatuko dira

b)  Arau-hauste larriak 3.001 eta 30.000 euro bitarteko isunekin zehatuko dira.

c)                 Arau-hauste oso larriak 30.001 eta 600.000 euro bitarteko isunekin zehatuko dira.

 

       2.-   Aurreko paragrafoaren arabera ezar daitezkeen isunak gorabehera, hutsegite larriak edo oso larriak egiten direnean, arau-haustearen ingurumariak zeintzuk diren kontuan hartuta, eskumena duen agintaritza zehatzaileak honako erabaki hauek hartu ahal izango ditu, isun horiek ezartzeaz gain:

 

a)  Diru-laguntzak kentzea edo lankidetza-hitzarmena deuseztatzea.

b)  Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zeinahi eratako diru-laguntza publikoak eskuratzeko debekua; arau-haustea larria bada, gehienez bi urteko eperako, eta oso larria bada, bi eta bost urte arteko eperako.

c)                 Zentro edo zerbitzu osoa edo haren zati bat gehienez urtebeterako ixtea, arau-haustea larria bada, eta bi urterainoko eperako ixtea edo behin betiko ixtea -zentro edo zerbitzu osoa edo haren zati bat- arau-haustea oso larria bada.

d)  Arau-haustea larria bada, arau-haustea egin duen pertsona fisikoa eta/edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea (gehienez ere bost urterako); haurrei eta nerabeei arreta ematen aritzen diren zentro edo zerbitzuen titular izateko eta/edo haurrei eta nerabeei arreta eskaintzeko lanbideetan aritzeko ezgaitzea, hain zuzen.

e)  Arau-haustea oso larria bada, arau-haustea egin duen pertsona fisikoa eta/edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea (sei eta hogei urte arteko eperako); haurrei eta nerabeei arreta ematen aritzen diren zentro edo zerbitzuen titular izateko eta/edo haurrei eta nerabeei arreta eskaintzeko lanbideetan aritzeko ezgaitzea, hain zuzen.

 

119. Artikulua - Organo zehatzaileak

 

       1.-   Udalek eta foru-diputazioek zehapenak ezartzeko ahala izango dute lege honek esleitutako eskumenen gaietan. Zehapena zein organok ezarri behar duen erakunde horien berorien araudiaren arabera zehaztuko da.

 

       2.-   Eusko Jaurlaritzak zehapenak ezartzeko ahala izango du lege honek esleitutako eskumenen gaietan; osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan, kulturan, hirigintzan, herritarren segurtasunean, barne-merkataritzan, kontsumitzaileen defentsan eta beste arlo batzuetan eskumena duten sailek horretarako izendatzen dituzten organoei egokituko zaie ahal hori erabiltzea, arau-haustea haien eskumenaren jardute-eremuan gertatzen denean, betiere eskumena duten sail horien egitura organikoaren dekretuetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa

 

       Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua landu eta onartuko da.

 

Bigarrena

 

       Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, Haurren eta Nerabeen Behatokiaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua landu eta onartuko da.

 

Hirugarrena

 

       Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta eskaintzeko erakunde laguntzaileen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua egin eta onartuko da.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Proba gisako zerbitzuak

 

       Haurren eta nerabeen interesaren alde, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek konponbide berritzaileak ekar ditzaketen proba gisako ekimenetarako laguntza eman ahal izango dute diru eta teknika baliabideen bitartez, betiere konponbide horiek lege honetan ezarritako helburuekin bat badatoz eta lege honetan aurreikusitako kasu bakoitzerako ezarritako eskubide-murrizketak gainditzen ez badituzte.

 

       Proba gisako zerbitzu horientzat baimenak eman ahal izango ditu eskumena duen administrazioak, betiere salbuespen gisa, eta gehienez ere bi urterako. Epe horren buruan, ebaluazio kualitatibo bat egin ondoren uste bada horrela garatutako laguntza-mota aukera egokia eta bideragarria dela, laguntza-mota horri dagozkion eskakizun materialak eta funtzionalak arautu beharko dira. Ez bada hori uste, zerbitzu horrek galdu egingo du baimena.

 

Bigarrena - Isunen zenbatekoak eguneratzea

 

       Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege honetako 117. artikuluan ezarritako isun-zenbatekoak egunera ditzan.

 

Hirugarrena - Baliabideak

 

       Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 780. artikuluan ezarritakoaren arabera, adingabeak babesteko arloan emandako administrazio-ebazpenen aurka auzibide zibilean jotzeko ez da beharrezkoa izango administrazio-bidean aldez aurreko erreklamaziorik aurkeztea.

 

Laugarrena - Haurren eta Nerabeen defendatzailea izendatzea

 

       Lege hau indarrean sartu eta ondorengo hamabi hilabeteetan, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Haurren eta Nerabeen defendatzailearen izendapena berretsiko du. Izendapena lehendakariak egingo du, dekretu bidez.

 

Bosgarrena - Haurren eta nerabeen defentsarako figuren arteko kolisioa

 

       Arartekoa Erakundea Sortu eta Arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legea eraberritzearen ondorioz Haurren eta Nerabeen defendatzailearen eginkizun eta eskumenen antzekoak dituen ondoko kargu bat sortzen bada erakunde horretan, dagozkion aldaketak egin beharko dira lege honen V. tituluko I. kapituluan.

 

Seigarrena - Zuzeneko ekintza zehaztea

 

       Zuzeneko ekintzatzat joko dira honako hauek guztiak: lege honetako 42. artikuluan aurreikusitako informazio eta orientazio zerbitzuari buruzko betearazpen-eskumenak; azken xedapenetako lehenbizikoan (49. artikuluarekin lotuta) aurreikusten diren balorazio-tresnak eta aplikazio-protokoloak egitea eta onartzea, arriskua eta babesgabezia egon daitezkeen egoeretarako tresna eta protokoloak alegia, eta nazioarteko adopzioa sustatzeko ekintzak (nazioarteko adopzioan eta espedienteak tramitatzen aritzen diren erakunde laguntzaileen egiaztapena eta arlo horretako jarduketen koordinazioa, lege honetako 104c) artikuluan aurreikusitako jarduketena, hain zuzen).

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Indargabetuta geratzen da lege honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko xedapen oro.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Arriskua edo babesgabezia egon daitezkeen egoeretarako balorazio-tresnak eta aplikazio-protokoloak egin eta onartzea

 

       Eusko Jaurlaritzak, foru-diputazioek eta udalek, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, oinarrizko tresna bat egin eta onartuko dute, babesgabetasun-egoeren larritasuna zehazteko eta egoera horiek arrisku arin, ertain edo larriko egoera diren edo babesgabeziako egoera diren zehazteko. Hori ez da eragozpen izango foru-diputazio bakoitzak, haurrak eta nerabeak babesteko arloan eskumena duten erakundeak diren aldetik, tresna hori bere lurraldearen egoerari ondoen egokitzen zaion eran landu dezan. Era berean, administrazio-jarduketen koordinazioa arintzeko balorazio eta komunikazio protokolo egokiak taxutuko dira.

 

       Horren osagarri, eskumena duten administrazioek ebazpen-tresna egokiak landuko dituzte esparru horretan, babesgabetasun-egoera jakin batzuen larritasun-maila zehaztearren, baldin eta larritasun hori ezin izan bada zehaztu aurreko lerroaldean aipatzen diren tresna teknikoak erabilita.

 

Bigarrena - Harrera-egoitzen eta barnetegien arauketa

 

       Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, lege honetako 78 eta 91. artikuluetan hurrenez hurren aipatzen diren harrera-egoitzen eta barnetegien araudiak egin eta onartuko ditu.

 

       Harik eta haur eta nerabeei gizarte-laguntza ematen aritzen diren zerbitzu eta zentroak -lege honetan aurreikusitakoei- baimentzeko eta homologatzeko eskakizunak arautzen diren bitartean, herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, hau erabaki dezakete: erakunde publikoekin edo pribatuekin sinatuta dauzkaten lankidetza-hitzarmenek edo itunek indarra izaten jarrai dezatela.

 

Hirugarrena - Arau-hausle adingabeei gizarte eta hezkuntza arreta emateko erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunen arauketa

 

       Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, adin penalik ez duten arau-hausleei gizarte eta hezkuntza arreta ematen aritzen diren erakunde laguntzaileak -lege honetako 109. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen direnak- baimendu, erregistratu, ikuskatu eta homologatzeko araudia egingo du.

 

Laugarrena - Ordezko araubidea

 

       Lege honetan aurreikusten ez diren egoeretan arau hauek aplikatuko dira:

 

a)  Administrazio-prozedurari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

b)  Zehatzeko araubidearen arloan, lege hauetan aurreikusitako arau substantibo eta prozedurazkoak: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, eta otsailaren 20ko 2/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa.

 

Bosgarrena - Garapen-araua

 

       Martxoaren 10eko 40/1998 Dekretua aldatzen ez den bitartean -Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuak baimendu, erregistratu, homologatu eta ikuskatzeko arauak ezartzen dira hor-, dekretu hori aplikatuko da Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legea garatzeko arau gisa.

 

Seigarrena - Erregelamendu bidezko garapena

 

       Ahalmena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Kontseiluari lege hau garatzeko behar diren erregelamendu-xedapenak eman ditzan.

 

Zazpigarrena - Indarrean sartzea

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta handik hogeita hamar egunera sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra