3/2003 Legea, maiatzaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Legea aldatzekoa.
2003-05-07Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2003/5/10, 90. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.
§ 253. 3/2003 LEGEA, MAIATZAREN 7KOA, EUSKAL AUTONOMIA
ERKIDEGOKO AURREZKI KUTXEN LEGEA ALDATZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Euskal Autonomia Estatutuak, bere
10.26 artikuluan, erabateko aginpidea ematen dio Autonomia Erkidegoari
aurrezki-kutxen gainean, Estatuak kreditu eta banka antolaketari buruz
ezarritako oinarrien eta moneta-politika orokorraren esparruan.
Aipatutako eskumenen babespean
ematen da lege hau, Autonomia Erkidegoko arauak Finantza Sistema Eraberritzeko
Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legeak sartutako aldaketetara
egokitzeko, bereziki, aurrezki-kutxei dagozkien gaietan.
Lege honek hogeita bat artikulu
ditu, lau xedapen iragankor eta azken xedapen bat.
Legeak zehaztu egiten ditu
aurrezki-kutxen eremuan jarduera publikoa bideratzeko printzipioak, aldatu egin
du gobernu-organoen osaera, ehuneko berrogeita hamarrean finkatuz arlo
publikoak organo horietan izan dezakeen gehieneko partaidetza, eta
hauteskunde-araubide berri bat onartu du kutxen benetako jarduteko moduari
erantzun ahal izateko.
Era berean, kontseilari nagusien
eta Administrazio Kontseiluko kideen izendapenak ezeztaezinak direla sartu du,
eta, halaber, kontseilari eta kide horien agintaldien gehieneko iraupena eta
berriz hautatzeko baldintzak zehaztu dira.
Bestalde, bezeroak babesteko
neurriak ere ezarri ditu, erakunde bakoitzean bezeroei jaramon egiteko zerbitzu
bat eduki beharra nahitaezkoa eginez, eta bezeroaren defendatzailearen figura
arautu du, kutxetako bezeroen erreklamazioei jaramon egiteko.
Horiez gain, legeak
zehapen-araubidea eguneratu du, arau-hausteen zerrenda eta arau-hausteei
aplikatu beharreko zehapenen kopuruak aldatuta.
1. Artikulua
Euskal Autonomia Erkidegoko
Aurrezki Kutxei buruzko azaroaren 8ko 3/1991 Legeko 3. artikulua honela
idatzita utzi da:
"Euskal Autonomia
Erkidegoak, aplikatzekoak diren arauen eremuan, aurrezki-kutxen babes eta
kontrol publikoari dagozkion eginkizunak beteko ditu printzipio hauekin bat
etorriz:
a) Erraztasunak ematea ekonomia eta
gizarte arloan garapena sustatzen lagundu dezakeen edozein jarduera egiteko.
b) Aurrezki-kutxek ekonomian eta
gizartean dituzten eginkizunak betetzen diren begiratzea, politika egokia
erabil dezaten aurrezkiaren administrazioa eta inbertsioa egiten eta
gaindikinak banatzen.
c) Kutxen inbertsio-kudeaketa
ikuskatzea, ongintza eta gizarte ekintzetan premiarik eta lehentasunik
behinenak bideratzeko.
d) Kutxen eta erakunde publikoen arteko
harremanak sustatzea, ongintza, gizarte eta kultura ekintzak sortu eta
mantentzeko.
e) Gobernu-organoen hautaketan,
osaeran eta jarduteko moduan demokrazia, profesionaltasuna, independentzia eta
gardentasuna bete egingo diren printzipioak direla bermatzea.
f) Aurrezki-kutxetako bezeroen
eskubideak eta interesak babestea.
g) Kreditu-erakundeei aplikatzekoak
zaizkien antolaketa eta diziplinako arauak aurrezki-kutxek betetzen dituzten
begiratzea".
2. Artikulua
3/1991 Legeari 18 bis artikulu
berria gehitu zaio, honela idatzita:
"18 bis artikulua.
1.- Aurrezki-kutxak behartuta
daude beren bezeroen saldo, egoera, transakzio eta gainerako eragiketei buruzko
informazioa ezkutuan gordetzera; informazio hori ezin izango diete jakinarazi
beste hirugarren batzuei, ez eta haren zabalkunderik egin ere.
2.- Agindu horren salbuespen dira,
bezeroak berak zein legeek baimenduta, beste hirugarren batzuei jakinarazi zein
zabaldu diezazkieketen informazioak, baita ikuskapeneko agintariek eskatu
dizkietelako bidali behar dizkietenak ere. Kasu horretan, informazioa ematen
denean bezeroak berak zein legeek xedatutakoa bete beharko da.
3.- Isilpekotasun-betebeharretik
salbuetsita daude, halaber, talde finkagarri berekoak diren kreditu-etxeen
arteko informazio-trukaketak".
3. Artikulua
3/1991 Legeko 21. artikuluko a)
letra honela idatzita gelditu da:
"a) Baimena beharrezkoa denean,
Administrazioaren baimenik gabe edo baimen horretan finkatutako oinarrizko
baldintzak bete gabe, edo aitorpen faltsuen edo beste modu irregularren baten
bidez lortutako baimenarekin, baterakuntza, irenspena zein zatiketa gauzatzeko
eragiketak egitea, beste kreditu-erakunde batzuk eskuratzea,
erreserba-banaketak egitea eta atzerrian bulego operatiboak zabaltzea".
4. Artikulua
3/1991 Legeko 21. artikuluari
l), m), n) eta ñ) letrak gehitu zaizkio, eta honela idatzita gelditu dira:
"l) Kreditu-erakundeetan parte
garrantzitsuak eskuratzea edo gehitzea, indarrean dagoen legediak ezarritakoa
hautsiz egiten bada.
m) Kreditu-erakunderen baten kudeaketa
zintzo eta zuhurra arriskuan jartzea, parte garrantzitsu bat duen titularraren
eraginez bada.
n) Kutxak zein bere talde
finkagarriak akatsak izatea administrazioko eta kontabilitateko antolaketan,
barne-kontroleko prozeduretan, arriskuen kudeaketari buruzkoak ere barne
direla, baldin eta akats horiekin erakundearen kaudimena zein bideragarritasuna
arriskuan jartzen badira.
ñ) Gobernu-organoak hautatu eta
izendatzeko hauteskunde-prozesuak arautzen dituzten arauak haustea,
hauteskunde-prozesuen emaitzetan eragina dutenean".
5. Artikulua
3/1991 Legeko 22. artikuluko a)
eta d) letrak honela idatzita gelditu dira:
"a) Baimena beharrezkoa denean,
Administrazioaren baimenik gabe edo baimen horretan finkatutako oinarrizko
baldintzak bete gabe, edo aitorpen faltsuen edo beste modu irregularren baten
bidez lortutako baimenarekin, zenbait ekintza edo eragiketa egitea, arau-hauste
oso larria denean salbu".
"d) Arriskuen mugei buruz
indarrean dauden arauak ez betetzea, zein zenbait eragiketa aktibo edo
pasiboren bolumenari kantitatezko mugapen absolutu zein erlatiboak ezartzen
dizkion beste edozein arau ez betetzea".
6. Artikulua
3/1991 Legeko 22. artikuluari
n), ñ), o), p), q), r) eta s) letrak gehitu zaizkio, eta honela idatzita
gelditu dira:
"n) Eragiketen gardentasunari
eta bezeroen babesari buruzko arauak bete gabe uztea dakarten ekintzak eta
eragiketak egitea.
ñ) Iruzurrezko ekintzak egitea edo
tartean pertsona fisikoak edo juridikoak erabiltzea antolaketa eta
zentzapidezko arauen kontrako emaitzak lortzeko, arau-hauste oso larritzat
jotzen ez badira.
o) Kutxak edo bere talde
finkagarriak akatsak izatea administrazioko eta kontabilitateko antolaketan,
edo barne-kontroleko prozeduretan, arriskuen kudeaketari buruzkoak ere barne
direla, horrekin arau-hauste oso larririk egiten ez bada.
p) Parte garrantzitsuren bat
eskualdatzea zein gutxitzea, indarrean dagoen legedian ezarritakoa hausten
bada.
q) Kutxaren administrazioa zein
zuzendaritza benetan gauzatzea, zuzenbidez kutxetan izaera horretako kargurik
ez duten pertsonen kasuan.
r) Lege honetako 18 bis artikuluan
xedatutakoa ez betetzea.
s) Gobernu-organoak hautatu eta
izendatzeko hauteskunde-prozesuetako arauak haustea".
7. Artikulua
3/1991 Legeko 24. artikulua honela
idatzita gelditu da:
"Aurreko
artikuluetan aipatutako kasuetan, honako zehapen hauetako bat edo gehiago
ezarri ahal izango zaizkio kutxari:
1.- Arau-hauste oso larriak
egiteagatik:
a) Bere dituen eskuarteen 100eko 1erainoko
isuna, edo 300.000 eurorainokoa esandako ehuneko hori kopuru hau baino
txikiagoa bada.
b) Erakundearen baimena
indargabetzea, Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistrotik kenduta.
c) Ohartarazpen publikoa, Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.
2.- Arau-hauste larriak
egiteagatik:
a) Bere dituen eskuarteen 100eko
0,5erainoko isuna, edo 150.000 eurorainokoa esandako ehuneko hori kopuru hau
baino txikiagoa bada.
b) Ohartarazpen publikoa, Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.
3.- Arau-hauste arinak
egiteagatik:
a) Ohartarazpen pribatua.
b) 60.000 eurorainoko isuna".
8. Artikulua
3/1991 Legeko 25. artikulua
honela idatzita gelditu da:
"1.- Aurreko artikuluan
ohartemandako zehapenez gain, jarraian aipatutako zehapenetako bat ezarriko
zaie egitez zein zuzenbidez administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzen
dihardutenei, arau-hauste baten erantzule baldin badira beren aritze-modu
maltzur edo axolagabeagatik.
1.1.- Arau-hauste oso larriak
egiteagatik:
a) 150.000 eurorainoko isuna.
b) Kargurik gabe utziko da, hiru
urte baino gehiagokoa ez den aldirako.
c) Kargutik kanpo utziko da, kutxa
berean administrazio edo zuzendaritzako karguetarako gaitasungabetuta, bost
urteko aldirako gehienez ere.
d) Kargutik kanpo utziko da, edozein
kutxatan administrazio edo zuzendaritzako karguetarako gaitasungabetuta, hamar
urteko aldirako gehienez ere.
1.2.- Arau-hauste larriak egiteagatik:
a) 90.000 eurorainoko isuna.
b) Kargutik kanpo utziko da, edozein
kutxatan administrazio edo zuzendaritzako karguetarako gaitasungabetuta,
urtebeteko aldirako gehienez ere.
c) Ohartarazpen publikoa, Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.
d) Ohartarazpen pribatua.
2.- Goiko 1.1 paragrafoko b), c)
eta d) letretan eta 1.2 paragrafoko b) letran ohartemandako zehapenak bi
paragrafootako a) letran ohartemandako zehapenekin batera ezarri ahal izango
dira.
3.- Ez dira hartuko kutxek edo
kutxetako administrazio edo zuzendaritzako organoek egindako arau-hauste oso
larrien zein larrien erantzuletzat, kasu hauetan:
a) Arau-hausteak sorrarazi dituzten
erabaki edo akordioei buruz aurkako botoa eman bazuten edo beren botoa askatu
bazuten, edo kasuan kasuko bileretara bidezko arrazoiengatik joan gabe gelditu
baziren.
b) Arau-hauste horiek kutxan
eginkizun betearazleak dituzten pertsonei bakarrik egoztekoak direnean".
9. Artikulua
3/1991 Legeko 28. artikulua
honela idatzita gelditu da:
"1.- Ogasun eta Herri
Administrazio Sailak 150.000 eurorainoko isuna jarriko die, beharrezko baimenik
gabe eta Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan edo Herri Aurrezkiko Kutxa
Orokorren Erregistroan aurrezki-kutxa bezala erroldatuak izan gabe, Autonomia
Erkidegoko lurraldean mota horretako erakundeei dagozkien eragiketak egiten
dituzten pertsona edo erakundeei, edo baimendun aurrezki-kutxen jardunarekin
nahasgarri izan daitezkeen izenak edo zabalkunde nahiz iragarpenetarako beste
ezaugarri batzuk erabiltzen dituztenei.
2.- Aurreko zenbakian adierazitako
pertsona edo erakundeei izen horiek erabiltzeari edo ekintzak egiteari uzteko
errekerimendua egin arren, pertsona edo erakunde horiek halakoak erabiltzen edo
egiten jarraitzen badute, 300.000 eurorainoko isunaz zehatuko dira, eta berriro
jarri ahal izango zaie isuna ondoren beste errekerimendurik egiten bazaie".
10. Artikulua
3/1991 Legeko 34. artikuluko 1.
paragrafoko a), b), c) eta d) letrak honela idatzita gelditu dira:
"a) Erakunde sortzaileak, 100eko
20ko ordezkaritzarekin.
b) Aurrezki-kutxako diru-ezarleak,
100eko 43ko ordezkaritzarekin.
c) Aurrezki-kutxako langileak,
100eko 7ko ordezkaritzarekin.
d) Erakundeak bulegoren bat duen
herrietako udal-korporazioak, 100eko 30eko ordezkaritzarekin".
11. Artikulua
3/1991 Legeko 36. artikulua
honela idatzita gelditu da:
"1.- Aurrezki-kutxako diru-ezarleen
ordezkari izateko kontseilari nagusiak, eta horien ordezkoak -kopuru berdinean
horiek ere-, konpromisarioek hautatuko dituzte beren artetik.
2.- Kontseilariren batek kargua
uzten badu, ordezko batek beteko du hark utzitakoa.
3.- Autonomia-erkidego batean
baino gehiagotan bulego operatiboak irekita dituzten kutxek kontseilari
nagusien kopuru bat egotzi behar diote ezarleen izenean autonomia-erkidego
bakoitzari; kopuru hori proportzionala izango da, erkidego guztietako bulegoen
kopuru haztatuen aldean erkidego bakoitzean dauzkaten bulegoen kopuru
haztatuaren proportzionala. Autonomia-erkidego bakoitzeko haztaketa lortzeko,
lurralde horretako bulegoetako gordailuak errolda ofizialen araberako bertako
biztanleen artean zatitu ondoren ateratzen den emaitza kutxaren bulego
operatiboen kopuruarekin biderkatu behar da.
4.- Konpromisarioak aukeratzeko,
zerrenda bakarrean agertuko dira ezarleak, edo probintziaka, lurralde
historikoka, eskualdeka, hiriburu-barrutika edo kutxek erabakitako barrutien
arabera antolatutako zerrenda bakarretan, baina behin baino ezin izango dira
agertu, bakoitzak duen kontu-kopurua edozein izanda ere, eta ezarleen eta
konpromisarioen kopuruen arteko proportzionaltasuna errespetatu egin beharko
da. Aukeraketa notarioaren aurrean egingo da, jendaurrean egindako zozketaren
bidez".
12. Artikulua
3/1991 Legeko 38. artikulua
honela idatzita gelditu da:
"1.- Udal-korporazioen
ordezkari izateko kontseilari nagusiak korporazio horiek izendatuko dituzte
zuzenean, udalbatza osoaren erabakiz.
2.- Kontseilari nagusi izateko ez
da ezinbestekoa berak ordezkatzen duen udalerriko egoiliarra izatea.
3.- Autonomia-erkidego batean
baino gehiagotan bulego operatiboak irekita dituzten kutxek kontseilari
nagusien kopuru bat egotzi behar diote udal-korporazioen izenean
autonomia-erkidego bakoitzari; kopuru hori proportzionala izango da, erkidego
guztietako bulegoen kopuru haztatuen aldean erkidego bakoitzean dauzkaten
bulegoen kopuru haztatuaren proportzionala. Autonomia-erkidego bakoitzeko haztaketa
lortzeko, lurralde horretako bulegoetako gordailuak errolda ofizialen araberako
bertako biztanleen artean zatitu ondoren ateratzen den emaitza kutxaren bulego
operatiboen kopuruarekin biderkatu behar da.
4.- Autonomia-erkidego bakoitzean,
kontseilari nagusiak izendatzeko eskubidea duten udal-korporazioak izendatzea
honela egingo da hauteskunde bakoitzean, aurreko 3. paragrafoan
ezarritakoarekin bat etorriz dagokien kopurua errespetatuta:
a) Udalerri bakoitzean irekitako
bulegoen kopuruaren proportzioan banatuko da kontseilari nagusien 100eko 50a.
Ondorio horietarako, batera metatu daitezke zenbait udalerritako bulegoak.
Banaketa hori prozedura honen arabera egingo da:
Kalkulu hau egingo da:
Ai
Xi= --------- x R, hau honela izanda:
A
Xi, i udalerriari egotzi beharreko ordezkari-kopurua.
Ai, aurrezki-kutxak i udalerrian irekitako bulegoen kopurua.
A, banaketan parte har dezaketen udalerrietan aurrezki-kutxak irekitako
bulegoen kopuru osoa.
R, banaketa horren arabera egotzi beharreko ordezkarien kopurua.
Hasieran udal-korporazio bakoitzari egotziko zaion ordezkari-kopurua Xi-ko
parte osoari dagokion berbera izango da.
Oraingo 100eko 50 honetako gainerako ordezkariak, banatu beharreko kopurua
osatu arte, Xi-ko parte hamartarraren arabera egotziko dira, handitik txikira
behera eginez. Baldin eta udalerri biri edo gehiagori parte hamartar berbera
badagokie, lehen aipatutako handitik txikirako hurrenkeran kokatzeko,
aurrezki-kutxa bakoitzeko ezarle-kopuruaren arabera egingo da, handitik txikirako
hurrenkeran.
b) Kontseilari nagusien gainerako
100eko 50a txandaka beteko da hauteskunde bakoitzean, udalerri bakoitzean
irekitako bulego-kopuruaren arabera handitik txikira antolatutako udalerrien
zerrenda errespetatuz. Bulegoen kopuruari dagokionez berdintasunik bada,
diru-ezarleen kopuruaren arabera egingo da hurrenkera. Udal-korporazio
bakoitzak ordezkari bakar bat izendatuko du.
Hauteskundeak joan hauteskundeak etorri, aurreko lerroaldean ezarritakoaren
arabera ordezkaria izendatzeko eskubidea duten udalerri guztiek ordezkaria
izendatu ondoren, berriz hasiko da prozesua irizpide berberak aplikatuz.
Lege honetan ezarritakoaren arabera Batzar Orokorreko ordezkariak
izendatzeko eskubidea duten udalerrien kopurua udal-korporazioen taldeak
hautatu beharreko ordezkarien kopurua baino txikiagoa bada, bien arteko alde
hori erakunde sortzaileari dagozkion ordezkarien kopuruari gehituko zaio".
13. Artikulua
3/1991 Legeko 41. artikuluko 2.
paragrafoko d) letra honela idatzita gelditu da:
"Hautatua izateko jarritako
edozein eskakizun galtzen bada".
14. Artikulua
3/1991 Legeko 41. artikuluari 3
eta 4. paragrafoak gehitu zaizkio, honela idatzita:
"3.- Ezeztaezina izango da
kontseilarien izendapena; salbuespen izango dira, ordea, kasu hauek:
bateraezintasuna sortzea, izendapena egiteko eskatutako edozein eskakizun
galtzea, eta Batzar Orokorrak, arrazoi zuzenen bat ikusita, kargutik kentzeko
erabakia hartzea.
Arrazoi zuzena dagoela uste izango da kontseilari nagusiak bere karguari
darizkion betebeharrak betetzen ez dituenean, zein bere jarduera publiko nahiz
pribatuarekin kutxaren ospeari, izen onari zein jardunari kalte egiten dionean.
Kontseilari nagusiren batek, bere agintaldia amaitu gabe, kargua uzten badu
edo lege honetan aurreikusitako kasuetan kargutik kentzen badute, berari
dagokion ordezkoak beteko du gelditzen den aldia, eta kanpoan gelditutako
kontseilaria izendatu zuten instituzio, organismo edo erakunde berberek
izendatuko dute ordezkoa ere. Ondorio horietarako, diru-ezarleen ordezkari
diren kontseilari nagusietako bakoitzaren lekua aurretik kontseilari
bakoitzarentzat hautatutako ordezkoak beteko du.
4.- Agintaldiaren iraupenik
luzeenak ezin izango ditu hamabi urte gainditu, kontseilariak duen ordezkaritza
edozein izanda ere. Hamabi urteko agintaldia -jarraian nahiz aldika- bete eta
gero, eta egun horretatik zortzi urte igaro ondoren, berriz hautatu ahal izango
da, lege honetan ezarritako baldintzetan".
15. Artikulua
3/1991 Legeko 42. artikuluko 2.
paragrafoko a) letra honela idatzita gelditu da:
"a) Administrazio Kontseiluko
kideak eta Kontrol Batzordeko kideak izendatzea, 51. artikuluko 2. paragrafoko
bigarren lerroaldearekin bat etorriz Ogasun eta Herri Administrazio Sailak
izendatutako ordezkaria izan ezik; baita kide horien agintaldia amaitu aurretik
kargutik kentzeko erabakiak hartzea ere, lege honetan ezarritakoarekin bat
etorriz".
16. Artikulua
3/1991 Legeko 44. artikuluko 2.
paragrafoko bigarren lerroaldea honela idatzita gelditu da:
"Kontseilu-kideren
batek kargua uzten badu edo kargutik kentzen badute, berari dagokion ordezkoak
beteko du geratzen den aldia. Ordezkaritza-talde bakoitzean, kontseilu-kideak
adina ordezko izendatuko dira horretarako, ez beste ezertarako, eta haientzako
ere prozedura bera erabiliko da".
17. Artikulua
3/1991 Legeko 46. artikuluari
bigarren lerroaldea gehitu zaio, honela idatzita:
"Betearazteko
eginkizunak dituzten Administrazio Kontseiluko kideek behar adina ezagutza eta
esperientzia ere izan beharko dute beren eginkizunak betetzeko".
18. Artikulua
3/1991 Legeko 48. artikuluko 4.
paragrafoa honela idatzita gelditu da:
"4.- Administrazio Kontseiluko
kideen izendapena ezeztaezina izango da, eta lege honetako 41. artikuluko 2 eta
3. paragrafoetan kontseilari nagusientzat aurreikusitako salbuespen berberak
aplikatuko zaizkie".
19. Artikulua
3/1991 Legeko 48. artikuluari 5.
paragrafoa gehitu zaio, honela idatzita:
"5.- Agintaldiaren iraupenik
luzeenak ezin izango ditu hamabi urte gainditu, kontseilu-kideak duen
ordezkaritza edozein izanda ere. Hamabi urteko agintaldia -jarraian nahiz
aldika- bete eta gero, eta egun horretatik zortzi urte igaro ondoren, berriz
hautatu ahal izango da, lege honetan ezarritako baldintzetan".
20. Artikulua
3/1991 Legeko 51. artikuluko 2.
paragrafoko lehenengo lerroaldea honela idatzita gelditu da:
"2.- Kontrol Batzordeak ezin
izango du berak ikuskatu eta kontrolatutako organoetako kiderik bere baitan eduki.
Kontrol Batzordea zortzi kidek osatuko dute: bi, erakunde sortzaileen
ordezkari; bi, udal-korporazioen ordezkari; hiru, diru-ezarleen ordezkari; eta
bat, langileen ordezkari. Administrazio Kontseiluko kideentzat xedatutakoaz
arautuko dira Kontrol Batzordeko kideen kargu-aldiaren iraupena, ordezkariak
berriztatzea eta hautagaiak aurkeztea".
21. Artikulua
3/1991 Legeko III. tituluari IV.
kapitulua gehitu zaio, izen eta artikulu hauekin:
"IV. KAPITULUA.- BEZEROA BABESTEA
57. artikulua
Euskadin baltzu-egoitza duten aurrezki-kutxek bezeroentzako arreta-zerbitzu
edo departamentu bat izan behar dute, finantza-zerbitzuen erabiltzaileek aurkez
ditzaketen kexa eta erreklamazioei jaramon egin eta horiek erabakitzeko, legez
onartutako beren interes eta eskubideekin zerikusia duten heinean.
58. artikulua
1.- Euskadin baltzu-egoitza duten
aurrezki-kutxek bezeroaren defendatzailea izendatu dezakete; bezeroen interesak
eta eskubideak defendatzeaz arduratuko da aipatutako kutxetako edozeinekin izan
ditzaten harremanei dagozkien gaietan.
2.- Ospe ona duen erakunde edo
aditu independentea izan behar du bezeroaren defendatzaileak, eta berari
dagokio bere erabakipean jarritako erreklamazioei jaramon egin eta erabakitzea,
eta gardentasuna, bezeroaren babesa eta finantzetako ohitura eta praktika onak
gidatzeko arauak bete daitezela sustatzea.
3.- Bezeroaren defendatzaileak
erreklamazioaren gainean aldeko iritzia ematen badu, iritzi horrek lotu egingo
du erakundea. Lotura hori ez da eragozpen izango, ordea, ez judizio-babes osoa
izateko, ez gatazkak konpontzeko beste mekanismo batzuetara jo ahal izateko, ez
administrazio-babesa jasotzeko".
Xedapen Iragankorrak
Lehenengoa
Aurrezki-kutxek lege honetako
xedapenetara egokitu beharko dituzte beren estatutuak eta araudiak, eta Ogasun
eta Herri Administrazio Sailari bidali behar dizkiote hiru hilabeteko epean,
hark onar ditzan.
Ogasun eta Herri Administrazio
Sailak aurrezki-kutxen estatutuak eta araudiak onartzen dituenetik sei hilabeteko
epean, aurrezki-kutxa horiek Batzar Orokor berria eratu beharko dute, lege
honetan ezarritakoarekin bat etorriz hautatuta; batzar horretan izendatuko dira
Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko kideak.
Aurrezki-kutxen egungo gobernu-organoetako
kideek beren karguak utziko dituzte lege honetan ezarritako arauen arabera
eratutako organo berriak sortzen diren unean bertan.
Lege hau indarrean jartzean karguan
dauden kontseilari nagusiek, Administrazio Kontseiluko kideek eta Kontrol
Batzordeko kideek, nahiz eta 41. artikuluko 4. paragrafoan, 48. artikuluko 5.
paragrafoan eta 51. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako gehieneko epea beteta
izan, zein 2003ko abenduaren 31n indarrean dagoen hauteskunde-aldian bete,
karguan jarraitu ahal izango dute agintaldi horretan eta beste bat gehiagoan,
egun daukaten ordezkaritzarako aukeratzen badituzte.
Salbuespenez, lege honetan
ezarritakoarekin bat etorriz lehenengo hauteskundeak egiten direnean, urte
bikoa izango da izendatutako kontseilari nagusien, Administrazio Kontseiluko
kideen eta Kontrol Batzordeko kideen erdien agintaldia.
Aurreko lerroaldean
xedatutakoaren ondorioetarako, diru-ezarleen ordezkari diren kontseilari
nagusiak hautatuko dira, eta bi halako lagun ordezkotan. Arlo horretako
ordezkariak izendatu ondoren bi urte igaro eta gero, kide horien erdien lekuak,
notarioaren aurrean egindako zozketaz zehaztuta, ordezkoek hartuko dituzte, eta
horien agintaldia lau urtekoa izango da.
Era berean, eta aipatutako
ondorioetarako, izendatutako udal-korporazioek dagozkien kontseilari nagusiak
aukeratuko dituzte. Udal-korporazioen ordezkari diren kontseilari nagusiak
izendatu eta urte bi igaro ondoren, horien erdiek kargua utziko dute,
notarioaren aurrean egindako zozketaz zehaztuta; kargu-uztaileok izendatzeko
parte hartu zuten instituzio berberek izendatutako ordezkoak jarriko dira haien
ordez, eta ordezkoon agintaldia lau urtekoa izango da.
Gainerako arloetako ordezkariak
izendatu eta urte bi igaro ondoren, horien erdiek kargua utziko dute;
kargu-uztaileok izendatzeko parte hartu zuten berberek izendatutako ordezkoak
jarriko dira haien ordez, eta ordezkoon agintaldia lau urtekoa izango da.
Lege hau Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.