3/2002 Legea, martxoaren 27koa, ikastolak legez normalizatu aurretik ikastetxe horietan irakasten aritutakoak aintzat hartzeari eta ordaina emateari buruzkoa.
2002-03-27Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2002/4/10, 67. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.
§ 245. 3/2002 LEGEA, MARTXOAREN 27KOA, IKASTOLAK
LEGEZ NORMALIZATU AURRETIK IKASTETXE HORIETAN IRAKASTEN ARITUTAKOAK AINTZAT
HARTZEARI ETA ORDAINA EMATEARI BURUZ
ZIOEN ADIERAZPENA
Gaur egun, euskara irakaskuntzan
(unibertsitatea barne), hedabideetan eta kulturaren nahiz gizartearen gainerako
eremuetan bizirik dagoenez, goretsi beharrekoak dira frankismoaren garaian, oso
baliabide gutxirekin eta gorabehera asko kontra zituztela, euskal eskola abian
jartzea lortu zuten aurreneko irakasleen idealismoa, kemena eta lana.
Lege-esparruak euskara eskoletan sartzeko
modurik ematen ez zuela ikusita, esperientzia arriskutsu bat sortu zen, urte
askoan erabateko klandestinitatean egin zena eta pertsona haiek beren bizitzan
eta beren lan-eremuan egindako sakrifizioari esker gauzatu zena.
Orduko irakasle haiek baliabide urriak
izaten zituzten, ikasleen familiek emanak gehienbat, eskolak emateko erabiltzen
zen lokalaren alokairua ordaintzeko, materiala erosteko eta soldata txiki bat
jasotzeko. Oporretan ez zuten inolako soldatarik izaten. Gainera, Gizarte
Segurantzari ezin zioten ezertxo ere ordaindu, eta orduan kotizatu ez izana
gaur egun kaltegarria zaie beren eskubide pasiboetarako.
Klandestinitate latz hura hirurogeiko
hamarkadako azken urteetaraino luzatu zen, orduan hasi baitzen euskarazko
irakaskuntzaren egoera hobetzen: garai horretan ikastolek legeztatu gabe
jarraitzen zuten, baina nolabait ere toleratzen zituzten.
Aldi berri horretan sortu ziren
guraso-elkarteak, eta ikastegien gai ekonomikoak kudeatzeari ekin zioten.
Horren ondorioz, irakasleen lan-baldintza eskasak hobetu egin ziren, baina,
baliabide ekonomiko urriak zituztenez, hainbat urtetan ezin izan zuten Gizarte
Segurantzaren kotizazioa ordaindu. Ikastola bakoitzak ahal izan zuenean eman
zien alta bere irakasleei.
Lege honen bidez, aintzat hartu nahi dira
irakasle haiek, nahiko merezimendu badute eta; izan ere, lan handia egin zuten
euskara berreskuratzen eta iraunarazten, jakintza eta kultura zabaltzeko tresna
den aldetik. Horrekin batera, lege honen berariazko xedea da, batetik, Gizarte
Segurantzaren kotizazioa ordaindu ez izanak kaltea eragin dien irakasleei
halako ordain bat ematea eta, bestetik, beren lan-bizitza ohiko
erretiro-adinetik aurrera luzatu beharrik ez izatea.
Hori dela eta, ordainaren zenbatekoa
txikiagoa izango da lan-baldintzak eta gizarte-aurreikuspeneko baldintzak
hobeak izan ziren neurrian, aldi berean beste jarduera batean aritu zirelako
edo ikastolan egindako lanari beste itxura bat eman ziotelako. Izan ere, kasu
horietan klandestinitateak ez die kalterik eragiten eskubide pasiboei.
Legeak irakasle haiei edo haien alargunei
bakarrik aitortzen die eskubide hori, batez ere haiek hartu zutelako lan haren
nekea, edo haiengandik hurbil egon zirelako, eta haien eskubide pasiboei
bakarrik eragiten zaielako.
Gainerakoan, legeak ordainaren funtsezko
ezaugarriak adierazten ditu, ordain horren zenbatekoa araudi bidez zehazteko
utzita. Era berean, legeak erraztasuna ematen du ikastaroak, alderdi askotatik
era informalean bada ere, benetan eman zirela egiaztatzeko; hala, ikastaro
horiek emandakotzat joko dira, baldin eta ikerketa zientifiko edo kulturaletan
jasota badago eman zirela. Ekimen hau instituzioek aintzat hartu beharreko gai
batean gizarteak duen interesaren beste erakusgarri bat da.
LEGE
PROPOSAMENA
1.
Artikulua - Helburua
Ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea
aitortzen zaie ikastoletan 1967-1968 ikasturtera arte irakasle aritu zirela
egiaztatzen dutenei, lege honetan eta lege hau garatzen duten xedapenetan
aurreikusitako moduan eta baldintzetan.
2.
Artikulua - Onuradunak
Honako hauek izango dira lege honetan
aurreikusitako ordainaren onuradunak: eskolaurreko, lehen mailako edo bigarren
mailako hezkuntzan euskaraz irakasten aritu zirela egiaztatzen dutenak, baldin
eta irakaskuntza ofizialean ezarritako irakastaldien iraupen berdintsuko
aldietan aritu baziren, edo haien ezkontideak, lege hau indarrean sartzean
alargun badira.
3.
Artikulua - Ordainaren edukia
1.- Ordainaren
zenbatekoa dekretu bidez zehaztuko da, 1967-1968 ikasturtera arte emandako
ikastaroen kopuruaren arabera.
2.- Zenbatekoa
txikiagoa izango da, baldin eta irakasle aritu zena inoiz edozein
gizarte-asegurutan, Gizarte Segurantzaren erregimenen batean edo haren
ordezkoren batean alta emanda edo altaren pareko egoeran egon bazen, edo
edozein arrazoirengatik Gizarte Segurantzaren erregimen batean sartu badute.
3.- Aurreko
artikuluan aipatzen diren irakasleek prestakuntzan emandako dedikazio osoko
aldiak irakaskuntzan emandakotzat hartuko dira.
4.
Artikulua - Eskariak
Eskariak sei hileko epean aurkeztu beharko
dira, lege hau garatzen duen dekretua indarrean sartzen den egunetik kontatzen
hasita.
5.
Artikulua - Frogabideak
1.- Ikastaroak
eman izana frogatzeko, zuzenbidean onartutako edozein bide erabil daiteke.
2.- Garapen-dekretuan
zehatz daitezke onargarritzat jotzen diren zenbait frogabide.
3.- Ikastaroak
emandakotzat joko dira baldin eta ikerketa zientifiko edo kulturaletan jasota
daudela egiaztatzen bada eta ikerketa horiek lege hau indarrean sartu baino
lehen argitaratu edo erregistratuta badaude.
6.
Artikulua - Ebazteko eta jakinarazteko epea
Prozeduretan, ebazpena emateko eta
jakinarazteko epea bederatzi hilekoa izango da, eskaria ebatzi behar duen
organoan sartzen den egunetik kontatzen hasita.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
- Garapen-dekretua
Lege hau garatzeko dekretua sei hileko
epean emango du Jaurlaritzak, legea indarrean sartzen den egunetik kontatzen
hasita.
Bigarrena
- Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.