Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2000 Legea, ekainaren 29koa, Informatikako Ingeniarien Euskadiko Elkargo Ofiziala Sortzekoa.

2000-06-29

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2000/8/2, 147. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.

§ 233. 3/2000 LEGEA, EKAINAREN 29KOA, INFORMATIKAKO INGENIARIEN EUSKADIKO ELKARGO OFIZIALA SORTZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

Konstituzioko 36. eta 139. artikuluetan xedaturikoa baztertu gabe, Autonomia Estatutuko 10.22 artikuluaren arabera, profesionalen elkargoen eta lanbide tituludunen inguruko eskumen guztiak Euskal Autonomia Erkidegoarenak dira. Estatutuko artikulu horri jarraiki onartu zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa. Eta, lege horrek 29. artikuluan dioenez, profesionalen elkargo berririk sortzeko, Eusko Legebiltzarraren lege bat beharko da. Lege hori profesionalek berek eskatu beharko dute eta eskariak haiek ordezkatzeko nahikoa indar eduki beharko du eta behar bezala egiaztaturik egon beharko du.

1998ko urtarrilaren 16an, Informatikako Doktore, Lizentziatu eta Ingeniarien Euskadiko Elkarteak hartarako propio eratutako batzar batek, batzar sustatzaileak, Informatikako Ingeniarien Elkargoa sortzeko eskatu zuen. Segidan, eskaria arrazoizkoa ote zen eta legezko baldintzak betetzen ote ziren egiaztatzeko izapide-lanei ekin zitzaien, eta bete beharreko baldintza nagusietako bat honako hau zen: interes publikoko nahikoa arrazoirik ba ote zegoen lanbide horretako elkargo bat sortzeko.

Informatikako ikasketak otsailaren 26ko 327/1976 Dekretu bidez bihurtu ziren, ofizialki, unibertsitateko ikasketa. Dekretu horrek Informatikako fakultateak sortu zituen eta bi titulu ezarri zituen han ikasi nahi zutenentzat: Informatikako doktore eta lizentziatuarenak. Gerora, urriaren 26ko 1.459/1990 Errege Dekretuak Informatikako ingeniarien unibertsitate-titulu ofiziala sortu zuen eta titulu hori lortzeko ikasketa-planen norabide orokorrak ere onartu zituen. Beste alde batetik, irailaren 30eko 1.954/1994 Errege Dekretuak titulu hori Informatikako lizentziatuenekin parekatu zuen. Hortaz, nahikoa egiaztaturik dago tituluaren beharra, alegia azaroaren 21eko 18/1997 Legean, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoan, 23. artikuluan, ezarrita zegoen baldintza.

Gaur egungo gizartean informatikak geroz eta garrantzi handiagoa dauka, eta informatika hori kontrolatzeko eta erabiltzeko ardura duten profesionalek ere bai. Horregatik, elkargo ofizial bat sortzeko premia dago, gizartearen interes orokorrak eta profesional horien interes bereziak zuzen babesteko. Hainbat arrazoi edo helburu dago -eta helburuak lortzeko, tresna egokiren bat behar-, denon interesaren ikuspuntutik, korporazio profesional hori sortzeko; honako hauek, besteak beste: lanbidea denon onerako antolatzea eta deontologia ere horrelaxe arautzea; informatika bidez egiten diren gehiegikerien aurka borrokatzea, eta datu pertsonalak erabili behar direnean begirunez egin beharra bultzatzea.

1. Artikulua - Sorrera

1.- Sortu egin da Informatikako Ingeniarien Euskadiko Elkargo Ofiziala. Zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa dauka, eta bere helburuak eta eginkizunak betetzeko gaitasun osoa ere bai, legearen barruan betiere.

2.- Lege honetan ezarritakoari eutsiz gobernu-organoak osatzen direnetik aurrera izango ditu elkargoak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa.

2. Artikulua - Norako den

Informatikako Ingeniarien Euskadiko Elkargo Ofiziala Euskal Autonomia Erkidegorako da.

3. Artikulua - Norentzako den

Informatikako ingeniari edo Informatikako lizentziatuen titulua dutenak sar daitezke Informatikako Ingeniarien Euskadiko Elkargo Ofizialean, baldin eta titulu horiek urriaren 26ko 1.459/1990 Errege Dekretuan eta irailaren 30eko 1.954/1994 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera lortuak badira. Orobat, eskumena daukan aginteak homologaturiko beste edozein titulu dutenak ere sar daitezke elkargo horretan.

4. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekiko harremanak

Azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 56.1 artikulua baztertu gabe (lanbideari buruzko gai orokorretan, erakunde arteko gaietan eta elkargoei buruzko gaietan harremanik izateko eskumena duen administrazio-organoari dagokio artikulu hori), Informatikako Ingeniarien Euskadiko Elkargoak Euskadiko Administrazio orokorrera jo behar badu bere lanbidearekin zerikusia duen zerbaitekin, harreman horiek Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren bitartez izan beharko ditu, edo, momentu horretan informatikako eskumenak beste sailen baten esku badaude, harexekin.

Azken Xedapenak

Lehena - Estatutuak

Euskadiko Informatikako Doktore, Lizentziatu eta Ingeniarien Elkarteak sei hilabeteko epea izango du, lege hau indarrean jartzen denetik, elkargoko estatutuak egiteko. Estatutu horiek onartu ondoren, Euskadiko Administrazio orokorrari helarazi behar zaizkio justizi gaietan eskumena duen sailaren bitartez, hark legea betetzen ote duten azter dezan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agin dezan.

Bigarrena - Elkargoan izena emateko epea

Behin estatutuak argitaratu ondoren, elkargoan izena emateko epe bat zabalduko da, baldintzak betetzen dituzten guztiek elkargoko kideak izateko aukera izan dezaten. Epe horren hasiera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko egunkari zabalduenetako bitan argitaratu beharko da.

Hirugarrena - Gobernu-organoak osatzea

Elkargoan izena emateko epea amaitu ondoren, elkargoak osoko bilkura baterako deia egin beharko du, gobernu-organoak nork osatuko dituzten kideak aukeratzeko. Gobernu-organoak osatze hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Laugarrena - Noiztik aurrera indarrean

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra