3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra.
1998-02-27Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/3/27, 59. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.
§ 209. 3/1998 LEGEA, OTSAILAREN 27KOA, EUSKAL
HERRIKO INGURUGIROA BABESTEKO LEGE OROKORRA
ZIOEN ADIERAZPENA
Ingurugiro-politika autonomikoaren adierazpen juridiko positibo
gisa eta Autonomi Estatutuan Euskal Autonomia Erkidegoari onartutako eskumenen
garapen moduan, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra ingurugiroa
ulertzeko guztien borondatea zehazteko premiatik sortu da,
ingurugiro-politikaren helburu komunak hierarkizatu, eskumenak antolatu eta
horretarako prozedura eta baliabide egokiak diseinatuko direlarik. Azken
finean, ingurugiro-baliabideen babes-erregimena finkatzea, ingurugiroan eragina
duten jarduerentzat Administrazioaren parte-hartzea arautzea (zigor-erregimena
barne) eta epe labur, ertain eta luzera bizi garen gizartean
ingurugiro-babesarentzat eredu bideragarri berriak sustatzea nahi da.
Euskal gizartean ingurugiroaz sortzen ari den sentiberatasunak,
presazkoa du arau-esparru egonkor, argi eta bideragarria edukitzea. Derrigorrez
konplexua izango den arren, agente publiko eta pribatu guztiak erabat
errespetatuz, era eraginkorrean etorkizuna izango duen etorkizuna eraikitzeko
aukera eman behar dio.
Horregatik lege honek gizarte eta gizabanakoen portaeraren
norabide eta gidari izan dadin ingurugiroa ulertzeko modu berriaren
arau-oinarriak ezartzeaz gain, euskal gizartea eta ingurugiroa zehazki
larritzen duten arazoak gaur egun tratatzeko ere balio izatea nahi da.
Horiek horrela, legeak bere lege-babesa ingurugiro eta
ekologiari buruz Estatuko lege-garapenerako eta oinarrizko legeria exekutatzeko
Autonomi Estatutuak 11.1.a) atalean ezartzen duen eskumenean du. Lege honek
esparru egonkorra ezartzen du, eta horren barruan, bai agente pribatu
desberdinen jarduerak eta bai bere indarraldiko leku eta denboraren esparruan
parte hartzen duten botere exekutibo desberdinen politikak beren lekua dute eta
legean markatutako helburuak lortzen lagun dezakete eta lagundu egin behar
dute.
Legea ordenamendu juridiko bateratzaileen sisteman txertatzen
da, eta Europako zuzenbidea, nazioarteko hitzarmenak eta beren transposizioak
azaltzeaz gain, Estatuko oinarrizko legeria errespetatu behar du, eta, aldi
berean, ingurugiro aldetik garrantzitsuak diren beste gai batzuei buruzko
arauei lotu behar zaie zeharka.
Horrela, legea, lehenengo eta behin, Europako araudietara lotu
behar da, ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioa, kutsaduraren kontrol
integratua, hondakin-kudeaketa, airearen kalitatearen babesa,
ekoikuskapen-sistemak eta ingurugiro-kudeaketa, eta ingurugiroari buruzko
informazioa izateko eskubidea, arautzen dituzten araudietara hain zuzen.
Eta, bigarren, Estatuan indarrean dauden araudietara lotu behar
da legea, ingurugioaren gaineko eraginari, hondakin toxiko eta arriskutsuen
kudeaketari, sailkatutako jarduerei, biodibertsitateari eta itsasbazterraren
eta lehorreko uren babesari dagokienez.
Legearen oinarriak administrazio publikoen arteko lankidetza
eta elkarlanerako printzipio orokorrak dira, batetik, eta herritarrek, pertsona
fisiko zein juridiko gisa, herritar gisa eta agente sozioekonomiko gisa parte
hartzeko printzipioak, bestetik, ingurugiroari buruzko informazioa zein
komunikazioa eta benetako erantzule izatea bilatuko delarik. Izan ere, legeak
ingurugiroa eskubideak eta betebeharrak sortzen dituen gizarte-ondasun gisa
hartzen du. Era jasangarrian erabili behar da, Europako Batasunak ingurugiro
eta garapen jasangarriaz duen Bosgarren Ekintza Programako eta Batasunerako
Tratatuan xedatutako helburuak definitzeko eta euskal ingurugiro-politikan
integratzeko ahaleginetan.
Beraz, legea era berean berariazko zuhurtasun- eta
prebentzio-ekintzetako printzipioetan oinarritzen da. Ingurugiroko kalteak
saihestu nahi dira, eta horiek sortzen direnean, kalteak konpontzeko (sorburuan
konpontzea lehenesten da) printzipioa eta poluitzen duenak ordaindu egingo
duela zein kalte egiten duenak erantzun egingo duela dioen printzipioa
erabiltzen dira. Formulazio jakin honen helburua, onartutako poluzio-maila duen
edozein jardueraren ingurugiro-kostuak barneratzeko obligazioa eta
ingurugiroari eragindako kalteei sortu dituenak erantzuteko duen obligazioa bereiztea
da. Hori guztia kasu bakoitzean aplika daitekeen zigor-erregimenaren kalterik
gabe. Atariko idazpuruak orain arte hemen adierazi diren eta gero hurrengo
ataletan garatzen diren alderdiak jasotzen ditu.
Lehen idazpuruak, xedapen orokorrekoei buruzkoak, ingurugiroa
herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko, ingurugiroari buruzko informazioa
izateko eta parte hartzeko eskubide gisa hartzen du. Administrazio publikoek
ingurugiro osasuntsua izateko eskubidea erabili ahal izateko
ingurugiro-politikak sustatzeko duten betebeharra eratzen du. Betebehar hori
gauzatzeko akzio publikorako eskubidea aitortzen du eta era berean gai honetan
portaerak administrazioaren esku-hartzearen menpe (baita zigortzekoaren menpe
ere) uzten ditu.
Halaber, ingurugiro-politikarako oinarriak ezartzen ditu,
Euskal Autonomia Erkidegoko, lurralde historikoetako foru-organoetako eta
udaletako erakunde komunen eskumenen edukia kokatu eta definitu egiten delarik.
Administrazioen arteko koordinaziorako eta elkarlanerako tresnak aurreikusten
ditu eta legegintzaldirako baino epe luzeagorako asmotan ingurugiroarentzako
esparru-programa lantzea aztertzen du. Euskal Herriko Ingurugiro Batzordea
eratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurugiro arloan diharduten
administrazio desberdinen harreman, parte-hartze eta koordinaziorako organo
gisa. Ingurugirorako Aholku Kontseilua sortzen da, gizarteko eta ekonomiako
agenteen parte hartzeko eta aholkuak jasotzeko organo gisa. Ingurugiroari
buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea arautu eta gai honi buruz dagoen
legeria osatzen du.
Azkenik, Administrazioaren eta parte hartutako agenteen arteko
ingurugiro-akordioen bidez prozedura hitzartuta nola amaitu arautzen da,
Europako arteztarauak betetzeko ingurugiro-hitzarmenerako bide zehatzei leku
egiten zaielarik.
Bigarren idazpuruak ingurugiro-baliabideen babesaz dihardu eta
besteak beste oinarritzat Rio de Janeiroko Biodibertsitateari buruzko
Hitzarmena eta klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa
hartzen ditu. Era berean, Europako Batasunaren arauetan xedatutakoa aplikatzen
da eta horretarako administrazio publikoek biodibertsitatea eta urak babesteko
jardueraren oinarriak ezartzen dira. Babes horretan, itsasbazterra, lurzorua
eta atmosfera sartzen dira, zaraten eta dardaren kontrako borroka ere barne
hartzen delarik.
Hirugarren idazpuruan, ingurugiroan eragina duten jardueren
antolamendua arautzen da. 96/61/CE Arteztaraua betetzeko, poluzioaren kontrol
integratuaren printzipioa sartzen du eta geroko arauen oinarriak ezartzen dira.
Arau horietan arteztarauak eragindako jarduerentzat baimena emateko baldintzei
buruzko ikusmolde integratu eta eraginkorra bermatuko da.
Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioari eskainitako
atalburuan, legearen I. eranskinean zerrendatzen diren proiektu eta planak
burututa ingurugiroan izan ditzaketen eraginak balioesteko sistema diseinatzen
da. Horretarako planen ingurugiroaren gaineko eraginak elkarrekin ebaluatzeko
prozedura ezartzen da. Horren bidez egon daitezkeen alternatibak egoki
ebaluatuko dira eta bertako proiektuek batera eta metatuta ingurugiroan izan
dezaketen eragina balioetsiko da. Proiektuek banaka izan dezaketen
ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura ere ezartzen da eta
ebaluazio sinplifikatuko prozedura ere bai, ingurunean munta eta eragin
txikiagoa dutelako hain prozedura konplexua behar ez denerako.
II. eranskinean azaltzen den sailkatutako jardueren
erregimenari dagokionez, lizentziak emateko prozedura eguneratu egiten da.
Berrikusteko garaia heldu da, baina gogoan izan behar da kontrol integratuaz
aterako diren arauek emango diotela gaina baimen-sistemari behin betiko.
Industriak eta jarduerak ezartzeko aurretiazko betebeharra izango da, Europako
arteztarauaren helburu eta oinarriak gauzatzeko. Sailkatutako jardueren erregimenean
aipamen berezia merezi dute araututako jarduerak ahalik eta ongien
fiskalizatzeko sartu diren mekanismoek.
Hondakinei buruzko politikaren oinarriak gai honi buruzko
atalburuan biltzen dira. Lehentasuna ematen zaie hondakinen prebentzioari eta
produkzioko minimizazioari, berriz erabiltzeari eta balioztatzeari, eta,
azkenean, balioztatzea ezinezkoa denean hondakinak behar bezala deuseztatzea
tratatzen da.
Oinarri horiek aplikatuta, administrazio publikoek hondakin
arriskutsu, hirietako hondakin solido eta gainerako hondakin-motei buruz
dituzten erantzukizunak eta jarduerak definitzen dira.
Poluitutako lurzoruetan parte hartzeari dagokionez, eragindako
lurzoruentzat kaltegarriak diren aldaketak ezagutzeko ekintzak aipatzen dira.
Bertako poluziomailaren arabera erabilpenak mugatu egiten dira, oinarri gisa
lurzoruaren poluzioa lurzoruaren zati dela eta lurzoruaren jabearena dela
hartzen delarik. Era berean, poluitutako lurzoruentzat prebentzio, defentsa eta
berreskurapenerako neurriak ere aipatzen dira.
Laugarren idazpuruan, ingurugiro-politikarako baliabideak
arautzen dira. Baliabide publikoak eta borondatezko baliabideak bereizten dira,
lehen aipatu diren erantzukizuneko eta parte hartzeko printzipioen arabera.
Plangintzarako eta antolamendurako baliabide klasikoenen ondoan
bide berriak markatzen dira, prebentzio, babes eta berreskuratzeko aukera
modernoenen ildotik erantzukizun-sistemak razionalizatzeko.
Bestetik, ingurugiro-politikaren kudeaketa ekonomikoa legean
baliabide ekonomiko-finantzarioen eta zerga-baliabideen bitartez gauzatzen da.
Berariazko fondoak sortzeko aukera emanda, sustapen fiskala eta prezio publiko
eta tasen politika egokia proposatzen du, merkatu-sisteman "poluitzen
duenak ordaintzen du" printzipioa behar bezala bideratzeko. Aipamen
berezia egitea merezi du arrisku eta erantzukizunei dagozkien segurtatzeko
mekanismoen inplementazioak. Segurtatzeko produktu egokiak sortzeko aukera
egiazkoagoak ematen dira eta administratiboki erantzukizun zibilaren kopuru
maximoak ezartzen dira, arrisku-sortzaileek prebentziorako neurriak hartzearen
arabera.
Era berean, ingurugiroa zaindu eta kudeatzeko borondatezko
baliabideak adierazten dira. Legeak sustatu eta aintzakotzat hartu nahi ditu,
eragin jakin batzuk onartuta. Ingurugiro-ikuskapenak eta ekoetiketa, berriz,
prozedura administratiboetan sartzeko ingurugirokudeaketarako benetako
baliabide gisa hartzen dira eta, aldi berean, ingurugiroari buruzko informazioa
jasotzeko eta ingurugiroaz gozatzeko eskubideen tresna eraginkor ere badira.
Gaur egun hori informazioa bereizten duten eta erabiltzaileek erraz eskura
ditzaketen sistemen bidez baino ez da posible, nahiz eta produktore eta
administrazioentzat lantzea eta kontrolatzea konplexua izan.
Ingurugiro-hezkuntzak diseinatu diren baliabideen osagarri izan
behar du, garapen jasangarri onena lortzeko gizarteko sektore guztiek
ingurugiroaz duten ezagutza eta kultura handiagoak izan daitezen.
Ingurugiro-hezkuntza, ikerketa eta sentiberatasunari buruzko ekintza-plana
martxan jartzeko obligazioa ezartzen da. Hezkuntza-mailako informazioa eta
parte-hartzea eta asoziazionismoa bultzatzea ere giltzarri dira
ingurugirohezkuntza ezartzeko.
Bosgarren idazpuruak, ingurugiro-diziplinari buruzkoak,
ingurugiro-erantzukizuna eta zigor-erregimena konbinatuta eta elkarren
menpetasunean arautzen ditu.
Besteak beste, erantzukizun pertsonal edo solidarioaren,
aldatutako ingurunea berreskuratzearen eta exekuzio subsidiarioaren
printzipioak biltzen dira, eta, aldi berean, kaltea murrizteko kautelazko
neurriak hartzeko aukera ematen da (ustezko arau-hausleen eskubideen erabateko
errespetuaren kalterik gabe), zuzenbide penala gidatzen duten printzipioak
aplikatuz, zeina zigorerregimenerako ordezko gisa aplikatzeko baita.
Administrazioei ematen zaizkien ikuskapen eta kontrolerako
mekanismoak sendotu egiten dira, legeak ikuskariak agintaritzaren agente gisa
(kasuari dagozkion eskubideak dituztelarik) onartu egiten dituelako.
Arau-hausteetarako erregimenak oso arau-hauste larrietatik
arinetarainoko ekintzak sailkatzen ditu, eta zigorrak ere ezartzen dira,
arau-hausteen motei dagozkien maila desberdinen berri emanez.
Oro har arautzen da zigortzeko prozedura, instrukzio-fasea eta
zigortze-fasea bereizten direlarik.
ATARIKO IDAZPURUA
LEGEAREN XEDEA
1. Atala - Legearen xedea
1.- Lege honen xedea
ingurugiroa babesteko arau-markoa ezartzea da, pertsona fisikoen eta juridikoen
eskubide eta betebeharrak zehazten direlarik.
2.- Aireak, urak,
lurzoruak, paisajeak, florak eta faunak, beren parametro eta elkarrekintza
egokiekin, giza bizia garatzen deneko ingurugiroa osatzen dute. Era
jasangarrian erabiliko da.
3.- Ingurugiroa
gizarte-ondarea da, gizabanakoengan zein taldeengan eskubideak eta betebeharrak
sortzen dituena.
2. Atala - Helburuak
Lege honen
helburuak honako hauek dira:
a) Etorkizuneko
belaunaldiek beren premiak asetzeko ahalmena arriskuan jarri gabe, oraingo
premiak betetzeko garapen jasangarria bermatzea.
b) Biodibertsitatea
mantentzea, bere osagaiak ingurugiro-baliabideak erabilita sortzen diren
irabaziak era zuzen eta bidezkoan banatzeko era jasangarrian erabiltzen direla
zainduz.
c) Edozein
ingurunetan bizi direla ere, euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea.
d) Ingurugiroa
babestea, kalteak prebenitzea eta kaltetu den lekuan leheneratzea.
e) Ingurugiroko
eraginak minimizatzea, jardueren ondorioak aurrez ebaluatuz eta zuzentzeko
neurriak ezarriz.
f) Ingurugiro-ezagutzako arlo guztietan
ikerketa sustatzea.
g) Hezkuntzako maila guztietan
ingurugiro-hezkuntza bultzatzea eta ingurugiroa babesteko herritarrak
kontzientziatzea.
h) Ingurugiro-kontsiderazioak era eraginkorrean
hiri-plangintzan eta ondare historikoaren babeste-lanean sartuta,
hiri-ingurugiroaren jasangarritasuna bermatzea.
i) Landa-ingurugiroaren jasangarritasuna
bermatzea nekazaritzaren eta ingurugiroaren arteko oreka zainduz eta bultzatuz
I IDAZPURUA
XEDAPEN
OROKORRAK
I ATALBURUA
PERTSONEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
3. Atala - Eskubideak
1.- Pertsona orok du ingurugiro
osasuntsua erabili eta horretaz gozatzeko eskubidea. Eskubide honen erabiltzea
bermatzeko administrazio publikoei dagokie ingurugiro-politika egokiak
sustatzea.
2.- Pertsona orok du
ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera ingurugiroaz informazioa
eskuratzeko eskubidea.
3.- Pertsona orok du,
zuzenean edo ingurugiroaren aldeko taldeen bidez, arauek ezartzen dutenaren
arabera ingurugiroa babesteko erabakietan parte hartzeko eskubidea.
4.- Legean
aurreikusitakoa betetzea exigitzeko akzioa publikoa izango da, bai bide
administratiboan eta bai jurisdikziokoan.
4. Atala - Betebeharrak
1.- Pertsona fisiko
zein juridiko orok ingurugiroa zaintzeko betebeharra du.
2.- Administrazio
publikoek betebehar zehatzak ezarri ahal izango dituzte aurreko azpiatalean
azaldutakoa egoki betetzearren.
3.- Ingurugiro-legeria
hausten dutenak legeak ezartzen duen eran zigortu egingo dira eta egindako
kaltea konpontzera derrigortuko dira.
II ATALBURUA
EAE-KO INGURUGIRO POLITIKA
5. Atala - Ingurugiro
politika
1.- Administrazio
publikoen erantzukizun den ingurugiro-politika, ingurugiroa babesteko eta
leheneratzeko legezko, arauzko, exekuziozko eta kudeaketazko neurriez osaturik
egongo da, bertako definizio eta garapenean erantzukizundun eta partaide diren
ekonomiako eta gizarteko agenteen premiazko parte-hartzearen kalterik gabe,
ingurugiroak duen gizarte-funtzioa kontuan harturik.
2.- EAEko
ingurugiro-politika baliabideen aprobetxamendu jasangarrian, kautelazko eta
prebentziozko ekintzetan, kalteak konpontzean (sorburuan konpontzea lehenetsiko
da) eta poluitzen duenak ordaindu behar duela eta kaltetzen duenak erantzun
behar duela dioen printzipioan oinarritua izango da, ingurugiro-babesa
sektoreko politika guztiak definitu eta exekutatzean integratuko delarik.
3.- Ingurugiro-politikak
antolamendu egonkor eta iraunkorra sortzea bultzatuko du, ekintza publikoari
eta ekimen pribatuari bermea, segurtasuna eta eraginkortasuna eman diezaien.
6. Atala - Ingurugiroari
buruzko Esparru Programa eta txostena
1.- Euskal Herriko
ingurugiro-politika ingurugiroari buruzko esparru-programa batean azalduko da.
Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak egingo du Euskal
Herriko Ingurugiro Batzordean ordezkotza duten administrazio publikoekin
lankidetzan.
Ingurugiroari buruzko esparru-programa horren iraupena lau
urtekoa izango da, esandako Batzordeak txostena egin ondoren Jaurlaritzak
onetsiko du eta ondoren Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio. Esparru-programa
hori berariazko plan eta programen bidez garatu ahal izango da.
2.- Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrak hiru urtez behin txostena argitaratuko du
Euskal Herriko ingurugiroaren egoeraren berri emanez.
7. Atala - Ingurugiro
arloko eskumenak erabiltzea
1.- Erakunde komunei
dagokie, lege honetan ezarritako esparruaren barnean ingurugiro-arauak prestatu
eta onartzea eta ingurugiroaz zein ekologiaz Estatuko oinarrizko legeria
garatzea eta exekutatzea, Euskal Herriko Autonomi Estatutuan aurreikusitakoaren
arabera.
Era berean, erakunde komunen eskumena da Europako Batasuneko
araudiak zuzenean aplikatzeko behar diren neurriak hartzea eta arteztarauetan
zein Europako gainerako arauetan ezarritako obligazioak betearaztea.
2.- Lurralde
historikoetako foru-organoei dagokie, bestalde, Autonomia-Elkarte Osorako
Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen
Arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean aitortutako eskumenak,
eta lege honek eta ingurugiroari buruzko gainerako arau autonomikoek
adierazitakoak erabiltzea.
3.- Udalei dagokie
lege honek, toki-jaurbiderako legeriak eta ingurugiroko sektoreko legeriak
aitortutako eskumenak erabiltzea.
8. Atala -
Ingurugiro-politikaren koordinazioa
1.- Administrazio
publikoek eraginkortasun- eta koordinazio-printzipioen arabera jardun behar
dute ingurugiro arloko eskumenak erabiltzean.
2.- Ingurugiro-politikaren
koherentzia bermatzeko, Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoaren egitekoa
izango da Euskal Herriko interes orokorrek eskatzen duten koordinazio-ahalmenen
erabiltzea. Adibide gisa, honako baliabide eta mekanismoak izango ditu:
a) Arauak egitea.
b) Ingurugiroari buruzko esparru-programa
egitea.
c) Prozedura administratiboak erraztea.
d) Metodo eta irizpide teknikoak bateratzea.
e) Agintaritza desberdinen ekintza bateratua
beren eskumenen esparruan .
f) Elkarri informazioa emateko sistemak
ezartzea.
9. Atala - Euskal Herriko
Ingurugiro Batzordea
Euskal Herriko Ingurugiro Batzordea, ingurugiroaren arloan
ardura duen sailari atxikitako aholku-organoa denez, ingurugiroaren arloan
Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten administrazio desberdinen harreman,
parte-hartze eta koordinazioaz arduratzeko da.
10. Atala - Zereginak
Euskal Herriko Ingurugiro Batzordearen egitekoak dira:
a) Koordinazioa sustatzea eta ingurugiroaren
arloan Batzordean ordezkatuta dauden erakundeek garatzen dituzten ekintza
guztiei dagozkien segimendu-lanak egitea.
b) Ingurugiro-eskumenak exekutatzeko
erantzukizuna duten organo guztiei ekintza-proposamenak aurkeztea.
c) Lege hau garatzeko arauen aurreproiektuez
txostenak egitea.
d) Ingurugiroari buruzko Esparru Programaz
txostena egitea.
e) Batzordean ordezkatuta dauden erakundeek prestaturiko
ingurugiro-arauen aurreproiektuen berri izan eta iritzia ematea.
f) Ingurugiroari buruzko Esparru Programa
garatzeko prestaturiko plan eta programez txostenak egitea.
g) Ingurugiroaren gainean eragin nabarmenak dituzten
arauen aurreproiektuak, planak eta programak ezagutzea.
h) Ingurugiro-baliabideen katalogoez txostenak
egitea.
i) Batzordeko barne-funtzionamendurako arauak
onartzea eta, dagokionean, tratatu beharreko gaiek hori eskatzen dutenean,
sailak sortzea.
11. Atala - Osaera
Euskal Herriko Ingurugiro Batzordearen buru ingurugiro arloan
eskumena duen saileko sailburua izango da, eta honako kide hauek izango ditu:
a) Ingurugiro-arloaren ardura duen saileko
ordezkariak.
b) Beren jarduerek ingurugiroarekin zerikusia
duten Jaurlaritzako sailetako ordezkariak.
c) Lurralde historikoetako foru-organoetako
ordezkariak.
d) Euskal Udalerrien Elkarteko (EUDELeko)
ordezkariak.
III
ATALBURUA
INGURUGIRORAKO AHOLKU KONTSEILUA
12. Atala -
Ingurugirorako Aholku Kontseilua
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoko Ingurugirorako Aholku Kontseilua sortzen da. Aholku ematekoa da
izaeraz, eta ingurugiro-politika prestatu, kontsultatu eta segimendua egiten
gizarteko eta ekonomiako interesak ordezkatzen dituzten sektoreen eta
unibertsitatearen parte-hartzeari laguntzeko da.
2.- Eragin
administratiboei dagokienez, Kontseilua ingurugiroaren arloan eskumena duen
sailera atxikitzen da.
13. Atala - Zereginak
Kontseiluak honako zeregin hauek izango ditu:
a) Ingurugiroarekin zerikusia duten eta iritzia
eskatuz aurkezten dizkioten ingurugiro-politikako plan eta programei buruz
aholku ematea.
b) Bere ekimenez edo ingurugiro arloko
administrazio publikoen eskariz, txostenak eta proposamenak egitea.
c) Ingurugiro-politikak enplegua sortzearekin,
garapen jasangarriarekin, ekimen ekonomiko publikoa eta pribatua
koordinatzearekin eta ingurugiro arloan herritarrek parte hartzearekin eta
hauek sentiberatzearekin lotzen dituzten neurriak proposatzea.
d) Unibertsitateak eta ikerketa-zentroek
ingurugiro-politikan parte hartzea sustatzea.
14. Atala - Osaera
Ingurugiroaren Aholku Kontseilua, ingurugiro arloan eskumena
duen saileko sailburua buru duela, ondorengo zerrendan ematen diren kideek
osatuko dute.
Aholku Kontseiluko kideak ez dira 30 baino gehiago izango, eta
beren ordezkari izateko honako hauek proposatuko dituzte:
a) Eusko Legebiltzarrak.
b) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak.
c) Foru-administrazioek.
d) Udal-administrazioek, EUDEL edo Euskal
Udalerrien Elkarteak proposaturik.
e) Ekologista arloan garrantzitsu diren
herritar-elkarte edo -mugimenduek.
f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen
erakundeek.
g) Enpresario-erakunde eta -taldeek.
h) Sindikatuek.
i) Teknologi
zentroek.
j) Ingurugiroarekin
zerikusia duten ikerketa-zentroek.
k) EHU/UPVk.
l) Ingurugiro arloan ospe handia duten pertsona
adituek.
15. Atala -
Funtzionamendua
1.- Aholku Kontseilua
urtean gutxienez hiru aldiz bilduko da, bertako lehendakariak deituta, eta bere
zereginak betetzeko behar den guztietan ere bai. Bileretako bat Autonomia
Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak prestatu behar direnean egin beharko da.
2.- Antolaketa eta
barne-funtzionamendurako erregimena Kontseiluak berak ezarriko ditu indarrean
dauden arau eta xedapen administratiboen arabera.
IV ATALBURUA
INGURUGIROARI BURUZKO INFORMAZIOA
ESKURATZEKO ESKUBIDEA
16. Atala - Ingurugiroari
buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea
Edozein pertsona fisiko edo juridikok, aurrez eskatuta,
administrazio publikoek ingurugiroaz duten informazioa eskuratu ahal izango du,
eskatzen duenaren nortasuna isilpean geratuko dela bermatuko zaiolarik eta
eskatzen duenak interes jakinen bat duela frogatu beharrik izango ez duelarik.
17. Atala - Esparrua
1.- Administrazio publikoetan
edo/eta ingurugiroarekin zerikusia duten zerbitzu publikoen emakidadunek,
edozein adierazpide eta edozein motatako euskarri materialetan, eskueran duten
informazioa abenduaren 12ko 38/1995 Legeak ingurugiroari buruzko informazioa
eskuratzeko eskubideari buruz ezartzen duen prozeduraz emango da, eta gaia
honakoa izango da:
a) Uren, airearen, lurzoruaren eta lurraren,
faunaren, floraren eta espazio naturalen egoera, horien arteko elkarrekintzak
eta elementu horien egoerari eragin dioten edo eragin diezaioketen jarduerak
eta neurriak barne.
b) Ingurugiroa kudeatzeko planak edo programak
eta ingurugiroa babesteko ekintzak edo neurriak.
2.- Informazioa
eskuratzeko eskubidea erabiltzeko, dagokionean, informazioa eskatu zaion
Administrazioak ezarritako prezio publikoa ordaindu beharko da, eta bere
zenbatekoa ez da bidezko kostua baino handiagoa izango. Bidezko kostutzat
informazioaren euskarri fisikoarena hartuko da.
18. Atala - Informazioa
ukatzea
1.- Ingurugiroari
buruzko informazioa ukatu ahal izango da informazio horrek ondoko
alderdietakoren bati eragiten dionean:
a) Gobernu Kontseiluko deliberazioen sekretuari.
b) Segurtasun publikoari.
c) Sub judice dauden gaiei edo ikertzen
ari direnei, diziplinazko edo aurretiazko ikerketak barne.
d) Merkataritzako eta industriako sekretuei,
jabego intelektuala barne.
e) Datu edota espediente pertsonalen sekretuari.
f) Hirugarren batek eskainitako datuei, hori
juridikoki ematera behartuta ez dagoelarik.
g) Zabalduz gero ingurugiroari kalte egiteko
aukera eskaintzen duten datuei.
2.- Agintari publikoen
eskuetan dagoen informazioaren zati bat emango da, bertan aurreko azpiatalean
aipatutako interesetatik dagozkien puntuak bereizteko modua dagoenean.
3.- Informazio-eskeari
uko egiterik izango da, amaitu gabeko dokumentu edo datuak edo barneko
jakinarazpenak eskatzen direnean, edo eskea argi eta garbi gehiegizkoa denean
edo era orokorregian egindakoa denean.
4.- Ingurugiroari
buruzko informazio-eskeak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatzi beharko
dituzte administrazio publikoek. Epe hori informazio-eskeak
administrazio-organo eskudunaren edozein erregistrotan sartzen diren egunetik
hasiko da neurtzen.
5.- Eskatutako
informazioa erabat edo zati batean ukatzen duten administrazio-ebazpenak
arrazoituak izango dira, eta, horretarako, gertakarien eta zuzenbidezko
oinarrien aipamen laburra egingo da.
6.- Ebazpen horiei
errekurtsoa jarri ahal izango zaie Herri Administrazioen Araubide Juridikoari
eta Administrazio Jardunbide Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean
aurreikusita dagoen eran.
V ATALBURUA
PROZEDURA HITZARMENEZ AMAITZEA
19. Atala - Hitzarmenez
amaitzea
1.- Lege hau
aplikatzetik ondorioztatzen diren prozedura administratiboak, nolanahi ere transakziopekoak
ez diren gaiei buruzkoak salbu, eskatzailearen eta eskudun Administrazioaren
arteko hitzarmenez amaitu ahal izango dira. Horretarako, zuzeneko negoziaziora
edo biek onartuta izendatzen diren bitartekari edo bakegileengana jo ahal
izango da.
2.- Negoziazioak hasi
eta handik hiru hilabetera akordiorik ez badago, Administrazioak behin betiko
erabakia emango du.
3.- Adiskidetze-akta
edo antzeko dokumentua sinatzen bada, edukia behin betiko ebazpen gisa
formalizatuko da.
20. Atala - Bide administratiboaren
amaiera
1.- Bide
administratiboari amaierarik ematen ez dioten ebazpenei bi aukera hauetako
baten bidez errekurtsoa jar dakieke:
a) errekurtsorako prozedura orokorren bidez.
b) bitartekaritza, adiskidetze eta arbitrajearen
bidetik ebazteko eskatuz.
2.- Azken kasu
horretan bitartekari, adiskidetzaile eta arbitroak ados jarrita izendatuko dira
eta horien parte-hartzea errekurtsoa ebazteko oro har ezarrita dagoen epea
amaitu baino lehen gauzatuko da.
21. Atala .- Mugak
Administrazioak prozedurak edo errekurtsoak hitzarmenez
amaitzen dituenean, honakoak errespetatuko ditu:
a) Ordenamendu juridikoaren funtsezko xedapenak,
b) ingurugiro-babeserako interes orokorra,
c) hitzarmenak eragin diezaiekeen hirugarrenen
eskubideak.
II
IDAZPURUA
INGURUGIRO BALIABIDEEN BABESA
I.
ATALBURUA
BIODIBERTSITATEA
22. Atala -
Biodibertsitateaz
1.- Biodibertsitatea
edo dibertsitate biologikoa esaten zaio edozein iturritako, lehorreko
ekosistemetako, itsasoko ekosistemetako eta beste ekosistema urtarretako organismo
bizien desberdintasunari, haiek parte hartzen duteneko konplexu ekologikoak
barne direlarik. Espezie bakoitzaren barneko, espezieen arteko eta eskosistemen
arteko dibertsitatea hartzen ditu barnean.
2.- Biodibertsitatea
kontserbatzea eta horren osagaien erabilera jasangarria eta baliabide
genetikoen erabileratik eratorritako onuren bidezko eta berdintasunezko
partaidetza izango da ingurugiroari buruzko politikaren eta gainontzeko
alor-politiken zehaztapenerako funtsezko ardatza.
23. Atala - Xedeak
Beren eskumenen esparruetan, administrazio publikoei dagokie:
a) Biodibertsitatearen kontserbazioa eta
erabilpen jasangarria zaintzea eta bere funtsezko prozesu ekologikoak
mantentzea.
b) Kontserbatzeko eta erabilpen jasangarrirako
garrantzitsuak diren dibertsitate biologikoaren osagaiak identifikatzea,
adierazleak eta balorazio-irizpideak zein mantenimendurako arriskuak definituz.
c) Biodibertsitatea kontserbatzeko eta baliabide
natural berriztagarriak era jasangarrian erabiltzeko estrategiak, planak eta
programak prestatzea, baliabide berriztaezinak agortzea saihestuko delarik.
d) Kontserbaziorako neurriak proposatzea,
biodibertsitatea mantentzeko datu-bankuak, biodibertsitate-korridoreak eta
espezio aloktonoak eta genetikoki aldatutako organismoak sartzeko kontrolak
ezarriz.
e) Kaltetutako habitatak berreskuratu eta
leheneratzeko eta arriskuan diren espezieak kontserbatzeko neurriak
proposatzea.
f) Dibertsitate biologikoaren kontserbazio eta
erabilpen jasangarrira aplikatutako ikerketa bultzatzea eta sustatzea. Halaber
biodibertsitatea ezagutzeko eta kudeatzeko arlo interesgarrietan adituak
prestatzea.
g) Parte hartzen duten alderdi guztien elkarlan
aktiboaren bidez estrategiaren azken helburua lortzeko, erakunde publikoen eta
gizarteko agenteen arteko konpromisoa lortzea.
h) Biodibertsitatea kontserbatzeko eta erabilpen
jasangarria sustatzeko gizartearen konpromisoa sendotzearren, herritarren
ezagutza- eta kontzientzi maila sustatzea.
i) Elkarlanerako programetan parte hartu eta
laguntzea.
j) Paisajea kontserbatzeaz arduratzea.
II ATALBURUA
UREN
ETA ITSASERTZAREN BABESA
24. Atala - Xedeak
Administrazio publikoek urak eta itsasbazterra babesteko duten
politikaren helburua kudeaketa jasangarria lortzea eta ur-baliabideak aurreztu
eta berriz erabil daitezen bultzatzea da, ekosistema urtar eta
itsasbazterrekoen biodibertsitatea, funtzionaltasuna eta prozesu ekologikoak
kontserbatzea eta berritzea oinarritzat hartuz.
25. Atala - Oinarriak
Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruetan, ura eta
itsasbazterra babesteko ekintzak burutuko dituzte, eta bereziki honako hauek:
a) Kalitate eta emari ekologikoetarako
estandarrak finkatzea.
b) Uren eta itsasbazterraren kalitate-maila
egokia lortu eta mantentzea.
c) Lur azpiko uren kalitatea eta erabilera
jasangarria bermatzea, errekargako zonak eta akuiferoen poluzio-zaurgarritasuna
mugatzea.
d) Ur, ibilgu eta urbazterretan
ingurugiro-kalteak prebenitzea.
e) Ur-baliabidearen kalitatea eta kantitatea
areagotzeko bide emango duen erabilpena bermatzea, baliabide hori aurreztea
bultzatuz, kontsumoko erabilera guztietan eraginkortasuna handituz eta ura alferrik
galtzea saihestuz.
f) Ur-baliabidearekin elkartutako ekosistemak
poliki-poliki berreskuratzea.
g) Ahal den neurrian ibilgu eta urbazterren
korridore-izaera bermatzea.
h) Itsasbazterreko zonen erabilpen jasangarria
segurtatuko duten planak prestatzea.
i) Dagokionean babesteko eta berreskuratzeko
behar diren neurriak hartuz, itsasbazterraren osotasuna eta kontserbazio egokia
segurtatzea.
j) Itsaso/lehorreko jabari publikoa osatzen
duten ondasunak beren izaera eta helburuen arabera razionalki erabiltzen direla
zaintzea eta paisajea, ingurugiroa eta ondare historikoa errespetatzea.
k) Zona hezeak kontserbatzea, babesteko eta
berreskuratzeko helburuak eta neurriak finkatuz, bere ezagutza bultzatuz eta
betiere deuseztatzea eta kaltetzea saihestuz.
26. Atala - Emakidak eta
baimenak
1.- Administrazio
publikoek baimen eta emakidetan ur-baliabideak eta itsasbazterra kontserbatzea
bermatuko duten ingurugiro-irizpideak sartuko dituzte, aurreko atalean
ezarritako oinarrien arabera.
2.- Itsaso/lehorreko
jabari publikoaren babes-zortasuneko zonan, erabilpen eta jarduerek, eta
Estatuaren eskumeneko uretan egindako isurpen industrial eta poluitzaileek,
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoaren baimen administratiboa behar
dute, arlo honetako legeriaren arabera eta araudi bidez xedatzen denaren
arabera.
III ATALBURUA
LURZORUAREN BABESA
27. Atala - Lurzorua
1.- Lurzorua Lurraren
kanpo-geruzako alderdi solidoa da, harri amatik gainerainokoa. Barne hartzen
ditu fase likidoa, gaseosoa eta bertan bizi diren organismoak. Zeregin
naturalak edo erabilpenezkoak ditu.
2.- Zeregin naturalak
hauek dira:
a) Gizakien, floraren eta faunaren habitat eta
euskarri izatea, lurreko organismoak barne direlarik.
b) Ziklo naturaleko parte izatea, bere elikagai eta
uraren zikloena bereziki.
c) Deskonposiziorako, konpentsaziorako eta
agente kimikoak eratzeko ingurune izatea, iragazki, metagailu eta substantzi
transformatzaile gisa jokatzen duelako.
3.- Erabilpen-zereginak
hauek dira:
a) Lehengai berriztaezinen hobi eta erreserba
izatea.
b) Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako
ustiapenen kokaleku eta lehengai berriztagarriak lantzeko kokaleku izatea.
c) Etxebizitzen eta aisia-lekuen kokaleku
izatea.
d) Beste zenbait erabilpen ekonomiko eta
azpiegituren kokaleku izatea.
28. Atala - Oinarriak
1.- Administrazio
publikoek, lurzorua babestearren, ondoko oinarri hauen arabera jokatuko dute:
a) Lurzoruaren erabilpenak hirigintza- eta
lurralde-plangintzako tresnen bidez, haren zereginak bermatzeko esleitzea,
lehentasuna emanez nekazaritza-ekoizpenean erabiltzeko gordetzeari eta,
nolanahi ere, lurzoruak berriz erabiltzeari.
b) Lurzoruaren erabilpenean ahalik eta zeregin
natural gehienak mantentzea.
2.- Horretarako,
araudi bidez erabilpen desberdinei lotutako lurzoru-kalitateen estandarrak
ezarriko dira, zeregin naturalen eta erabilpenezkoen bateratzea
optimizatzearren. Era berean, erreferentzia gisa erabiliko dira erabilpenak
esleitzeko eta lurzorua babesteko politikak bere dituen prebentzio, defentsa
eta berreskuratzeko neurriak ezartzeko.
29. Atala - Lurzoruaren
babesa
Lurzorua babestea oinarrizko betebeharra dute lurra daukatenek
eta jabeek. Horrek berekin du lurzoruaren kalitatea nolakoa den jakin eta
kontrolatu beharra eta prebentzio-, defentsa- zein berreskurapen-neurriak
hartzea.
IV ATALBURUA
AIREAREN BABESA, ZARATAK ETA DARDARAK
30. Atala - Helburuak
1.- Airean
pertsonentzat edo edozein motatako ondasunentzat arriskua, kaltea edo
eragozpena sor dezaketen materia edo energi erak (akustikoa eta dardarazkoa
barne) egon ez daitezen prebenitu, zaindu eta zuzentzekoa izango da atmosfera
babesteko politika. Horretarako kalitate-helburuak, mugako balioak eta
alertarako atalaseak definitu eta ezarriko dira.
2.- Atalburu honetan
xedatzen dena betetzeko, poluitzaile bakoitzarentzat (zaratak eta dardarak
barne direlarik) mugako balioa finkatutako maila bat izango da. Maila hori
ezagutza zientifikoetan oinarrituz finkatzen da, giza osasunarentzat eta
ingurugiroarentzat oro har izan daitezkeen eragin kaltegarriak saihestu,
prebenitu edo murrizteko. Maila hori epe jakin batean lortu behar da eta lortu
ondoren ez da gainditu behar.
Era berean, poluitzaile bakoitzarentzat (zaratak eta dardarak
barne) alerta-atalasea maila bat izango da. Maila horretatik gora denboraldi
laburrean egonda, giza osasunarentzat arriskuak daude, eta neurriak berehala
hartu behar izaten dira.
31. Atala - Airea
babesteko ekintzak
Aurreko ataleko helburuak betetzearren, airea babesteko ondoko
ekintzak garatuko dira:
a) Ingurugiroko airearen kalitate-helburuak
definitu eta ezartzea, giza osasunarentzat, jendearen lasaitasunarentzat eta
oro har ingurugiroarentzat kaltegarri diren eraginak saihestu, prebenitu edo
murrizteko.
b) Ingurugiroko
airearen kalitatea ebaluatzea.
c) Ingurugiroko airearen kalitateaz informazio
egokia lortzea eta jendeari oro har berri ematea.
d) Ingurugiroko airearen kalitate ona mantentzea
eta, dagokionean, hobetzea.
e) Euri azidoak, klimaren aldaketak,
ozono-geruza agortzeak, mugetan zeharreko fluxu poluitzaileek eta poluzio
erradioaktiboak sortutako ingurugiro-arazoak arindu eta konpontzeko behar diren
neurriak hartzea.
32. Atala - Zarata eta
dardaren arloko ekintzak
Atmosferako ingurugiroa zarata eta dardaren arloan babesteko
helburuak betetzearren, ondoko ekintzak garatuko dira:
a) Ingurugiroko airearen kalitate-helburuak
definitu eta ezartzea, zarata eta dardarengatik giza osasunarentzat, jendearen
lasaitasunarentzat eta oro har ingurugiroarentzat kaltegarri diren eraginak
saihestu, prebenitu edo murrizteko.
b) Zarata- edo dardara-maila maximo onargarriak
finkatzea garraiobide, industria, jarduera, instalazio, makina, aparatu eta
elementuetarako eta, oro har, eragozpen-bide izan edo pertsonentzat,
ondasunentzat edo ingurugiroarentzat edozein motatako arrisku-bide gerta
daitezkeen zaratak edo dardarak eragiten dituen edozein egoeratarako.
c) Hirigintzako planetan zarata edo dardarak
dauden zonetan mugak edo zehaztapenak finkatzea.
d) Zarata eta dardarekiko sentikor diren
erabilpenak dituzten eraikinek bete beharreko isolamendu-baldintzak eta beste
baldintza akustikoak definitzea.
e) Zarata eta dardaren mailak ebaluatzea.
33. Atala -
Ingurugiro-organoaren eskumenak
1.- Autonomia
Erkidegoko ingurugiro-organoari dagokio, lege honen 38. atalean xedatutakoaren
kalterik gabe eta atalburu honetan araututako gaietan, hondoko zereginak
garatzea:
a) Atmosferako ingurugiroaren kalitatea
ebaluatzea.
b) Atmosfera polui dezaketen jardueren katalogoa
osatzea.
c) Poluitzaileak murrizteko planak ezartea.
d) Poluitutako atmosferaren zonak deklara ditzan
Jaurlaritzari proposatzea.
e) Isurpen-fokuak kontrolatzeko programak
ezartzea, isurpen-mugak errespetatzen direla zaindu eta bermatzeko.
f) Isurpen-fokuen eragina ebaluatu eta eragin
horiek zuzentzeko neurriak hartzea.
g) Mugako balioak edo alerta-atalasea
gainditzeko arriskua dagoenean, aireko noizbehinkako edo larrialdietako
poluzioegoerak konpontzeko jarduera-programak ezartzea.
h) Akustikoki poluitutako zonak deklara ditzan
Jaurlaritzari proposatzea.
2.- Atal honetako 1.g)
azpiatalak aipatzen dituen jarduera-programek barne izango dute mugako balioak
edo alerta-atalaseak gainditzeko arriskua duten zonetan epe motzean hartu
beharreko neurrien multzoa. Neurri horietakoa izan daiteke, premia dagoenean,
jarduerak aldi baterako bertan behera uztea, ibilgailuen zirkulazioa barne.
34. Atala - Udalen
eskumenak
Atmosferako ingurugiroa babesteko politikaren helburuak
betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek ordenantzak argitaratuko dituzte
edo daudenak moldatuko dituzte. Era berean, beren lurraldeplangintzetako
baliabideetan kalitate-helburuak, mugako balioak eta alerta-atalaseak sartuko
dituzte. Poluzio-maila handiak detektatu diren lurzoruen erabilpenean
murrizketak ezar ditzakete eta beste poluzio-iturri batzuk ezartzea ere muga
dezakete.
35. Atala - Neurriak
hartu beharra
Airea poluitzeko (zarata eta dardarazko poluzioa barne) edozein
fokuren titularrek obligazioa dute maila onargarriak mantentzeko behar diren
neurriak hartzeko, horretarako banakako errekerimendu edo loturako ekintza
beharko ez delarik.
36. Atala - Ibilgailuak
Autonomia Erkidegoko lurretan dabiltzan ibilgailu guztiek gas
poluitzaile eta partikulen isurpen-mailak bete behar dituzte. Halaber,
zarata-mailari eta kalitate akustikoari aplikatzekoak diren gainerako
baldintzak beteko dituzte, baita bertan instalaturik dituzten alarma-sistema
edo sirenei aplikatzekoak ere.
37. Atala - Eraikin eta
lokaletako obrak
1.- Zarata edo dardara
sortu edo jaso dezakeen obra edo jarduerarako edozein proiektuk eragin horien
azterketa eduki beharko du.
2.- Obra guztiek
geroko erabilpenean aplika daitezkeen poluzio akustikoaren mailak
errespetatzeko behar diren zuzenketa-neurriak eduki behar dituzte.
3.- Udal-ordenantzek
edozein jarduera ezartzen den lokaletan poluzio akustikoaren eragina murrizteko
neurriak zorrotz ezarri behar dituzte.
III IDAZPURUA
INGURUGIROAN ERAGINA DUTEN JARDUEREN
ANTOLAMENDUA
I
ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
38. Atala - Ingurugiroa
eta osasun publikoa
1.- Ingurugiroan
eragina duten jardueren antolamendua ingurugiro-osasuna babesteko premiari
erantzunez eta jardueragatik giza osasunarentzat dauden arriskuak baloratuta
egingo da.
2.- Aurreko azpiatalean
adierazitakoaren arabera, idazpuru honetan aipatutakoa burutzeko
ingurugiro-organoari emandako ahalmenak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak
garatzen dituenen kalterik gabe erabiliko dira.
39. Atala - Poluzioaren
kontrol integratua
1.- Ingurugiroan
eragina duten jarduerak egoki antolatzeko eta poluzioaren kontrol integratuaren
oinarria eraginkorra izan dadin, eta eskudun organo batek baino gehiagok parte
hartzen duenean, ingurugiroaren arloko arauetan aipatutako lizentzia eta
baimenak lortzeko diren prozedura administratiboak eta bertan ezarritako
baldintzak koordinatzeko behar diren neurri guztiak hartzea bultzatuko da.
2.- Era berean,
Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoaren eskumen diren gaietan, aipatutako
organoak ingurugiroaren arloko legerian aipatzen diren baimen eta prozedurak
bateratzea bultzatuko du.
II ATALBURUA
INGURUGIROAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOA
40. Atala - Kontzeptua
Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioa honako hau da:
lege honetako I. eranskinean dauden plan eta proiektuak gauzatzean ingurugiroan
sor daitezkeen eraginak balioetsi eta zuzentzeko aukera ematen duten azterketa
eta sistema teknikoen multzoa.
41. Atala -
Aplikazio-esparrua
1.- Lege honen I.
eranskinean egonda Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu nahi diren planen eta
proiektuez (publiko zein pribatuez), nahitaez egin beharko da ingurugiroaren
gaineko eraginaren ebaluazioa.
2.- Ohiz kanpoko kasu
batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak, arrazoitutako erabakiaren
bidez, lege honetan aipatutako ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeko
prozedurak aplikatzetik erabat edo neurri batean salbuetsita utz dezake I.
eranskinean jasotako plan eta proiekturen bat. Esandako erabaki hori Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
42. Atala - Helburuak
Ingurugiro-eraginaren ebaluazioek ondoko helburuak egoki beteko
direla bermatuko dute:
a) Plangintzako lehen faseetan, eta alternatiba
egokienak aukeratzeko, ingurugiroan izango diren eraginen analisia sartzea,
jarduera desberdinen eragin metagarri eta sinergikoak kontuan hartuko
direlarik.
b) Jardueraren sustatzaileari ahal den
informazio guztia ematea, horrek ingurugiroaren gaineko eraginaren azterketa
egin ahal dezan.
c) Ingurugiroan planen eta proiektuen eraginak
baloratzeko behar diren ingurugiro-kalitateko irizpideen berri sustatzaileari
ematea.
d) Arlo publikoak eta pribatuak parte hartzea
erraztea.
43. Atala -
Ingurugiro-eragina ebaluatzeko prozedurak
Lege honetan, ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeko hiru
prozedura ezartzen dira:
a) Ingurugiro-eraginaren ebaluazio bateratua,
plan bat aplikatuta ingurugiroan sortaraziko diren eraginak araudi bidez
garatuko den prozeduraren arabera baloratzeko.
b) Ingurugiro-eraginaren banakako ebaluazioa.
Helburua proiektu bat burututakoan ingurugiroarekiko eraginak ekainaren 28ko
1.302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta hori garatzen duen araudian
jasotako prozeduraren arabera baloratzea da.
c) Ingurugiro-eraginaren ebaluazio sinplifikatua.
Helburua ingurunean eragin txikia duen proiektua burututakoan edo
ingurugiroaren gaineko eraginak detektatzea edo zuzentzea erraza denean
ingurugiroaren gaineko eraginak baloratzea da.
44. Atala - Eskumenak
1.- 46 eta 47.
ataletan aurreikusitakoari dagokionez, eta ingurugiroaren gaineko eraginaren
txostena eta deklarazioa egiteko eskudun organoa Autonomia Erkidegoko
ingurugiro-organoa izango da.
2.- Eskumen hori eduki
arren, plana onartzeko edo proiektuari baimena emateko funtsezko eskumena
lurralde historikoetako foru-organoek dutenean, aurreko paragrafoan onartutako
eskumen hori azken horiei esleitzen zaie, gauzatu nahi den planak edo
proiektuak lurralde historiko bat baino gehiagoko lur-esparrua gainditzen
duenean izan ezik. Azken kasu horretan prozeduran foru-organoen parte-hartzea
bermatuko da.
45. Atala -
Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterketa
43. atalaren b) azpiatalean adierazitako prozeduraren pean jartzeko,
I.B) eranskinean aipatzen diren plan eta proiektuek ingurugiroaren gaineko
eraginaren azterketa eduki beharko dute, azterketak gutxienez honako puntu
hauek izango dituelarik:
a) Proiektuaren eta horretatik ondorioztatzen
diren ekintzen deskribapena.
b) Alternatiben laburpena eta onartutako
soluzioaren justifikazioa.
c) Ingurugiro-inbentarioa eta ekologiako zein
ingurugiroko elkarrekintza nagusien deskribapena.
d) Eraginen identifikazioa eta balorazioa, bai
proposaturiko soluzioan eta bai alternatibetan.
e) Zuzentzeko neurriak ezartzea.
f) Ingurugiroa zaintzeko programa.
g) Sintesi-dokumentua.
46. Atala -
Ingurugiro-eraginaren ebaluazio bateratua
1.- I. eranskineko A)
zatian aipatutako planei dagokienez, eta horiek onartu baino lehen,
formulatzeko ardura duen organoak ebaluazio bateratua egingo du. Eskudun
organoari dagokio 44. atalean xedatutakoaren arabera ingurugiroaren gaineko
eraginaren txostena egitea. Bertan, ingurugiroaren arloari bakarrik dagokiolarik,
eraginei buruz eta ingurugiroaren gaineko ebaluazioari buruz duen iritzia
emango du, eta, era berean, planak burutzen direnean prebenitzeko, zuzentzeko
edo konpentsatzeko bere iritziz hartu beharreko neurrien berri ere emango du.
2.- Aurreko azpiatalak
aipatzen duen ingurugiroaren gaineko eraginari buruzko txostena emateko epea
gehienez lau hilabetekoa da. Txosten hori kontuan hartu beharko dute planak
egiteko eta onartzeko ardura duten organoek, erabakiak hartzerakoan.
3.- Plana onartzen deneko
ebazpen administratiboak, eta dagokionean onespena ematen duen legezko arauak,
erabakia hartzeko izandako arrazoiak azaldu beharko ditu erabaki hori
ingurugiroaren gaineko eragineko txostenaren edukiarekin bat ez datorrenean.
4.- Planen
ingurugiroaren gaineko eraginei buruzko txostenek bertako proiektuek duten
ingurugiroaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jarraibide orokorrak
adieraziko dituzte.
47. Atala -
Ingurugiro-eraginaren banakako ebaluazioa
1.- Lege honetako I.
eranskineko B) zatian aipatutako proiektuak egiteko (edo dagokionean baimena
emateko) ebazpen administratiboa onartu baino lehen, proiektuek banakako
ebaluazioaren prozedura bete beharko dute. Prozedura 44. atalean xedatutakoaren
arabera eskudun organoak ingurugiroaren gaineko eraginaz egiten duen
deklarazioaz amaituko da, eta, ingurugiro arloan baino eragina izan ez dezan,
ekintza hori komeni den edo ez adieraziko du. Erabakia baiezkoa denean, zein
baldintzarekin egin behar den finkatuko du.
2.- Ingurugiroaren
gaineko eraginaren deklarazioaren edukia loteslea izango da I. eranskinean B)
zatian aipatzen diren proiektuak burutzeko neurri eta baldintzei dagokienez.
Baita deklarazioa kontrakoa denean ondorio gisa proiektua burutzeko modurik ez
izateko ere.
3.- Lege
honetako II. eranskinean aipatzen diren jarduerak direnean eta ingurugiroaren
gaineko eraginaren banakako ebaluazioa dutenean, ebaluazio horrek ordeztuko du
eragin guztietarako lege honen 59. atalak adierazitako neurri zuzentzaileak
ezartzeko tramitea.
4.- Ingurugiroaren
eraginaren gaineko deklarazioa emateko epea gehienez lau hilabetekoa izango da,
44. atalean xedatutakoarekin bat etorriz eskumenak dituen organoari ingurugiroaren
gaineko eraginari buruzko azterlana bidaltzen zaionetik kontatuta. Epe hori
amaituta berariazko erabakirik ez badago, prozedurari jarraipena eman ahal
izango zaio.
5.- Aurreko
azpiatalean aipatutako epea hilabetekoa izango da, baldin eta ekainaren 28ko
1.302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan aipatutako jendaurreko
jakinarazpen-izapideak proiektua baimentzeari edo egiteari buruzko ebazpena
ematen duen organoak egin baditu.
6.- Eskumena duen organoak,
44. atalean xedatutakoaren arabera, eta arrazoitutako ebazpenaren bidez, luzatu
ahal izango ditu ingurugiro-eraginaren deklarazioa emateko epeak, atal honetako
4 eta 5. azpiataletan aipatzen direnak.
7.- Eragin
guztietarako, eta batez ere ingurugiroaren gaineko eraginaren deklarazioa
betetzen dela zaindu eta segimendua egiteko, deklarazioaren edukia proiektuak
egiteko (edo dagokionean baimena emateko) ebazpen administratiboaren gainerako
edukiaren balio eta eragin berekoa izango da.
8.- Ingurugiroaren
gaineko eraginaren deklarazioak epe bat emango du proiektuak burutzen hasteko,
eta epe hori sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik proiektua
burutzen hasi gabe igaro bada, deklarazioak indar guztia galduko du. Dena den,
behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, burutzen hasteko epea luzatu
ahal izango du organo eskudunak, 44. atalean xedatutakoaren arabera.
9.- Proiektuaren
sustatzaileari eta ingurugiroaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioaren
prozedurako jendaurreko jakinarazpen-fasean alegazioak aurkeztu dituzten
interesatu guztiei jakinaraztearen kalterik gabe, ingurugiroaren gaineko
eraginaren deklarazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edota dagokion
lurralde historikokoan argitaratuko da.
10.- Ingurugiroaren
gaineko eraginaren deklarazioan jasotako baldintza orokorrak edo berariazkoak
moldatu egin beharko dira aurrerapen zientifiko edo teknikoak ekarri dituen eta
ebaluatutako jardueran eragina duten berrikuntzetara, betiere ekonomikoki
bideragarriak baldin badira, kostuak eta onurak kontuan izanik eta proiektuaren
sustatzaileak berrikuntza horietara arrazoizko moduan iristerik badu.
11.- Erabat deusezak
izango dira ingurugiroaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioaren prozedura
bete gabe eman diren baimen, lizentzia eta gainerako ebazpenak, prozedura hori
exigi daitekeenean.
48. Atala -
Desadostasunak ebaztea
Aurreko ataleko lehen azpiatalean aipatutako organoen artean
egon daitezkeen desadostasunak Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak ebatziko ditu
edo, dagokionean, eskudun foru-aldundiak.
49. Atala -
Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatua
Eranskineko C) zatian aipatzen diren eta bertako B) zatian ez
dauden proiektuak egiteko (edo, dagokionean, baimena emateko) ebazpen
administratiboa onartu baino lehen, ebazpena onartzeko eskudun organoak
proiektuaren ebaluazio sinplifikatua eginaraziko du. Ebaluazioa ingurugiroaren
gaineko eraginari buruzko txostenarekin amaituko da. Bertan ingurugiroaren
gaineko eragin garrantzitsuenak eta hauek minimizatzeko neurri zuzentzaileak
adieraziko dira. Txostenaren edukia aipatutako ebazpen administratiboan joango
da.
50. Atala - Plan eta
proiektuen aldaketak edo hedapenak
1.- Lege honen I.
eranskinean aipatutako eta baimena emandako, burututako edo burutzen ari den
plan edo proiektuaren edozein aldaketa edo hedapenetarako, bertan aipatzen
diren ingurugiroaren gaineko eragineko ebaluazio-prozeduretakoren bat ezarriko
da, ingurugiroan eragin negatibo esanguratsuak eduki baditzake aldaketa edo
hedapen horrek.
2.- Araudi bidez
ezarriko da eskudun organoak onartzen den ebazpen administratiboa emateko
prozedura. Ebazpen horren gaia, aurreko paragrafoan aipatutako plan edo
proiektuak egiteko (edo, dagokionean, baimena emateko) proposatutako aldaketa
edo hedapenengatik egon daitezkeen ingurugiroaren gaineko eragin negatiboak
garrantzitsuak diren edo ez finkatzea izango da.
3.- Aurreko
paragrafoak aipatzen duen prozedurak kasu bakoitzerako azterketa ezar dezake
edo aurrez atalase edo irizpideak finkatzea ere bai, horretarako 97/11/CE
Arteztarauaren III. eranskinean ezarritako hautespen-irizpideak kontuan hartu
beharko direlarik.
51. Atala -
Ingurugiro-zona sentikorrak
1.- Ingurugiro-zona
sentikortzat hartuko dira dauzkaten ingurugiro-balio eta beren hauskortasuneko
ezaugarri bereziengatik ingurugiroa gehiago kaltetzeko modua dagoenekoak.
2.- Atalburu honetan
xedatzen dena aplikatzeko, eta nolanahi ere lege hau promulgatzen den unean
hiri-lurzorutzat sailkatutako lurrak salbuetsiz, zona sentikortzat gutxienez
ondoko hauek hartuko dira:
a) Itsaso/lehorreko jabari publikoa eta horren
babes-zortasunak.
b) Uretako jabari publikoa, korronte
iraunkorreko ibilgu naturalak, laku eta aintziretako hondoak eta ibilgu
publikoetako gaineko urtegien hondoak. Garbitasun-zona eta ertzetako
zortasun-zonari dagozkion areak, betiere katalogatuta badaude.
c) Akuiferoak kargatzeko zonak eta horiek
poluitzeko arrisku handia duten zonak, betiere katalogatuta baldin badaude.
d) Natura aldetik interes handikoak diren zona
edo enklabeak, betiere katalogatuta baldin badaude.
e) Ondare historiko artistikoaren zati direlako
katalogatuta eta inbentariatuta dauden area edo enklabeak, ingurunea barne.
3.- Autonomia
Erkidegoko Jaurlaritzari dagokio, eskudun organoak proposatuta eta Euskal
Herriko Ingurugiro Batzordeak aurretiazko txostena eginda, ingurugiro-zona
sentikorren katalogoa onartzea.
4.- Araudiz finkatuko
da katalogoak berrikusi eta aldatzeko prozedura, beti eguneratuta egon
daitezen.
52. Atala -
Erkidegoarteko eta mugaz haraindiko harremanak
1.- Beste autonomia-erkidego
batean ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeko jarduerak izan eta Euskal
Autonomia Erkidegoan eragina izango balute, azken honek erkidego hari jarduera
horri buruzko informazioa eskatuko lioke.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako jarduera
batek ondoko beste Autonomi Elkarte batean eragina badu, hark jarduera horri
buruzko informazioa eskainiko du.
2.- Lege honen I.
eranskinean aipatutako ekintzak burutzeak mugaz haraindi beste estatu bateko
ingurugiroan eragina izango balu, Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak kasu
horretarako egiten den ingurugiroaren gaineko eraginaren azterketa eskainiko
lieke erasandako lurraldeko eskudun agintariei.
53. Atala - Ikuskapena
eta kontrola
1.- Planak edo
proiektuak burutzeko (edo, dagokionean, baimena emateko) onartzen den ebazpen
administratiboa luzatzeko eskudun organoak bere gain hartuko du ingurugiroaren
gaineko eraginaren txostenean edo deklarazioan ezarritako baldintzak betetzen
direla zaintzea eta kontrolatzea.
2.- 44. atalean
xedatutakoaren araberako eskudun organoak agindu dezake I. eranskineko B)
zatiko eta baimena emandako proiektuak geraraztea, derrigorrezkoa den
ebaluaziorik egon ez denean, ebaluazio-prozeduran datuak faltsutu, manipulatu
edo ezkutatu egin direla ikusten denean edo deklarazioan aipatzen diren
ingurugiro-baldintzak hautsi edo betetzen ez direnean.
3.- Aurreko azpiatalak
aipatzen dituen proiektuak burutzeagatik errealitate fisikoa edo biologikoa
aldatuko balitz, aldaketaren arduradunak lehengo egoerara itzularazi beharko
luke, 44. atalean xedatutakoaren araberako eskudun organoak adierazten duen
moduan eta epeetan.
54. Atala - Finantzaketa
publikoa
Finantzaketa publikorik ezingo da egin ingurugiroaren gaineko
eraginaren ebaluazioko prozedurapean dauden eta prozedura hori gabe edo
prozedurako erabakien kontra egindako proiektuei.
III ATALBURUA
SAILKATUTAKO JARDUERAK
55. Atala -
Aplikazio-esparrua
1.- Legearen
II. eranskinean aipatzen diren jarduera eta instalazio publikoak zein
pribatuak, eragozpenak sor baditzakete edo pertsonei edo beren ondasunei
arriskuak sortu, edo ingurugiroari kalteak eragiten badizkiote, hurrengo
ataletan aipatzen den lizentzia administratiboaren erregimenaren menpe geratuko
dira funtzionatzen hasi baino lehen eta derrigorrez. Jarduera eta instalazio
horien izen generikoa sailkatutakoak izango da.
2.- Ingurugiroan
eta pertsonen osasunean eragin txikia dutelako atalburu honetan ezarritako
erregimenetik aske geratzen diren jardueren zerrenda araudian finkatuko da.
Baita lizentzia lortzeko prozedura sinplifikatua izan dezaketenena ere, eta
hori guztia horretarako berariaz adieraziko diren baldintzak bete ondoren.
56. Atala - Jarduera-lizentzia
Sailkatutako jarduera bat ezartzeko (eta
hedatzeko nahiz aldatzeko) ahalmena ematen duen udal-lizentziari jarduera-lizentzia
deituko zaio eta formalizatzeko ondorengo azpiataletan zein garatzeko emango
diren arauetan zehaztutakoa bete beharko da.
57. Atala -
Jarduera-lizentziaren eskaera
1.- Jarduera-lizentzia
eskatu baino lehen, jarduera publiko zein pribatuaren sustatzaileak udalean
kontsulta egin ahal izango du, lizentziaren baldintza juridiko eta teknikoei
buruz, aurreikus daitezkeen neurri zuzentzaileei buruz eta jardueraren
bideragarritasun formalaz informazioa eskuratzeko.
2.- Lizentzi
eskearekin batera, eskudun teknikariak sinatuta, proiektu teknikoa eta
deskribapen-txostena aurkeztu beharko dira. Bertan jardueraren ezaugarriak,
kokatuko den ingurunearen deskribapena, ingurugiroan izan ditzakeen eraginak
eta erabiltzeko proposatzen diren neurri zuzentzaileak (beren
eraginkortasun-maila eta segurtasun-bermea adieraziz) zehaztuko dira.
3.- Ingurugiro-eraginaren
ebaluazioa behar duten proiektuetan, aurreko azpiatalean aipatutako
dokumentazioak ingurugiroaren gaineko eraginaren azterketa edukiko du, idazpuru
honetako II. atalburuan xedatutakoa aplikatzearren.
58. Atala - Jendaurrean
jarri eta txostenak egitea
1.- Hirigintzako
planetan edo udal-ordenantzetan oinarrituta udal-eskumenengatik
jarduera-lizentzia espreski ukatzea ez dagokionean, alkateak 15 eguneko epearen
barruan jarduera ezartzeko eskearen espedientea jendaurrean jarriko du,
Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta pertsonalki
jakinaraziko die ezarriko den lekuko inguruko auzotarrei.
2.- Jendaurrean
jartzeko epea 15 egunekoa izango da, erasanda senti daitezkeenek beren
alegazioak aurkez ditzaten. Halaber, espedienteari derrigorrezkoa eta loteslea
izango den osasun-txostena erantsiko zaio, era berean jardueraren izaeragatik
beharrezkoak diren txosten teknikoak ere sartuko direlarik.
3.- Osasun-txostena
eta gainerako txosten teknikoak gehienez ere 15 eguneko epearen barruan egingo
dira, jendaurrean jartzeko denboraldia amaitu ondoren. Lehen aipatutako
tramiteak egin ondoren, udalak arrazoiak emanez txostena egingo du gehienez 10
eguneko epearen barruan, aipatutako jarduera ezartzeari buruz.
59. Atala - Neurri
zuzentzaileak ezartzea
1.- Aurkeztutako
dokumentazioa eta aipatutako udal-ekintzak ikusita eta alkateak jardueralizentzia
eman baino lehen, Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak edo eskudun
foru-organoak txostena egingo du, dagokionean eskatutako jardueraren
instalazio- edo hedapen-proiektuari gehienez hamabost eguneko epean neurri
zuzentzaileak ezarriko dizkiolarik.
2.- Aurreko azpiatalak
aipatzen duen txostena loteslea izango da bai udal-agintaritzarentzat
jardueralizentzia ematearen kontrakoa denean eta bai neurri zuzentzaileak
ezartzeko premia dagoela erabakitzen duenean.
60. Atala - Isiltasun
administratiboa
Lizentzi eskea formalki udalean aurkeztu, geroztik sei hilabete
igaro eta erabakitzeko organoak espreski ebazpenik jakinarazi ez duenean eta
eskatzaileari prozedura geraraztea egozterik ez dagoenean, lizentzia emantzat
hartuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio
Jardunbide Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. atalaren
arabera, Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak edo eskudun foru-organoak
kontrako txostena jakinarazi eta delako udalak gauzatu gabe dagoen kasuan izan
ezik.
61. Atala - Obrak egiteko eta irekitzeko lizentziekiko harremana
1.- Udalek
ezingo dute sailkatutako jardueretarako obrak egiteko lizentziarik eman
jarduera-lizentzia ematen ez den bitartean.
2.- Eskatzaileak
jarduera-lizentzian ezarritako neurriak bete direla jakinarazten duen hurrengo
egunetik hasita 15 egun naturaleko epean, udalteknikariek ikuskapen-bisita
egingo dute. Aldeko egiaztapen-akta egingo dute, instalazioa onartutako proiektuarekin
eta Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak edo eskudun foru-organoak
ezarritako neurri zuzentzaileekin ados dagoela egiaztatu ondoren. Bestela,
interesatuari ikusitako hutsuneen berri jakinaraziko diote eta epe bat emango
diote dauden hutsuneak betetzeko.
3.- Aldeko
egiaztapen-akta eman ondoren eta sailkatutako jardueran hasi baino lehen,
dagokion udalak irekitzeko lizentzia emango dio.
4.- Irekitzeko
lizentzia energia elektrikoaren horniketa behin betiko erantsi edo handiagotu,
erregai likido edo gaseosoak erabili eta edateko ura hornitu baino lehen lortu
behar da.
5.- Lizentziak
indarrik gabe geratuko dira emateko baldintzak betetzen ez badira. Eta
lizentzia edo baimena ukatzeko balio zezaketen arrazoiak agertzen badira, eta
horiek emateko balio duten arrazoiak interpretatzeko irizpide berriak onartzen
badira, ezeztatu egingo dira lizentzia horiek, hori guztiori Herri
Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Komunari
buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako administrazio-egintzak
berraztertzeko prozeduren arabera.
62. Atala - Eskumenak
delegatzea
Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako
foru-organoek, beren eskumenen esparruan, zerbitzu egokiak dituzten udaletan
delegatu ahal izango dute, udalok aurrez espresuki eskatuta, finkatzen diren
jardueretarako neurri zuzentzaileak ezartzeko txostenak egitea. Nolanahi ere,
onartu egingo da eskumen horiek erkidetutako, partzuergoz elkartutako edo beste
era bateko udal-elkarteetan bildutako organoen bidez benetan erabiltzea.
63. Atala - Interes
orokorreko jarduerak
Jaurlaritzak erabakitzeko ahalmena izango du Autonomia
Erkidegoko interes orokorrei zuzenean erasaten dieten ingurugiro-kudeaketako azpiegituren
gaietan, aurrez udalaren txostena edukiz eta kasuaren apartekotasunaren
arrazoien deklarazioa egin ondoren.
64. Atala - Ikuskapena
eta kontrola
1.- Udalaren
eskumenekoak izango dira lizentziaren edukian xedatutakoa benetan betetzeko eta
behar diren ikuskapenak egiteko garatu behar diren eginkizunak. Dagokien
alkateak ahalmena du legez kanpoko jarduerak bertan behera utzi edo ixteko,
lizentziak deuseztatzeko eta legez finkatuta dauden zigorrak ezartzeko.
2.- Jardueraren
funtzionamenduan akatsak daudela ikusten denean, alkateak jardueraren
titularrari haiek epe jakin baten barruan konpontzera errekerituko du, eta
epea, behar bezala justifikatutako kasu berezietan izan ezik, sei hilabetekoa
baino luzeagoa ez da izango.
3.- Alkateak,
Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak edo eskumena duen foru-organoak,
prebentzio gisa, eraikuntza- edo ustiapen-fasean dagoen edozein jarduera erabat
edo neurri batean geraraz dezake, ondoko arrazoiren bat dagoenean:
a) Lizentzia eskatzen den
proiektuan datuak ezkutatu, faltsutu edo maltzurkeriaz manipulatu direnean.
b) Proiektua gauzatzeko
ezarri diren ingurugiro-baldintzak bete ez direnean edo aginduak hautsi
direnean.
c) Ingurugiroari kalte
larriak edo konponezinak egingo zaizkiola edo pertsona zein ondasunentzat
berehalako arriskua dagoela susmatzeko arrazoi sendoak daudenean, egoera hori
dagoen bitartean, arriskuak baloratzeko edo murrizteko behar diren neurriak har
ditzaketelarik.
4.- Bai
funtzionamenduan eta bai denboraldi baterako gerarazita zein behin betiko
itxita dagoen jardueraren titularrak ezarri zaion neurri zuzentzailea
gauzatzeari uko egiten dionean, ekintza agindu duen agintariak, aurrez
ohartarazita, ordezko izaeraz neurria gauzatu ahal izango du eta titularraren
kontu izango dira hortik sortutako gastuak, zeinak premiamendu-bidez exigitu
ahal izango baitira.
65. Atala - Lizentziarik gabeko jarduerak
Dagozkien zigorren kalterik gabe, alkateak
jarduera batek beharrezko lizentziarik gabe funtzionatzen duela jakiten
duenean, honako iharduketa hauek burutuko ditu:
a) Jarduera legeztatzeko modukoa baldin bada,
bere titularra errekerituko du egoera arauen barruan jar dezan. Horretarako
epea emango zaio, eta epea, behar bezala justifikatutako ohiz kanpoko kasuetan
izan ezik, sei hilabetekoa baino luzeagoa ez da izango. Gainera, jarduera itxi
egin ahal izango da egoerak hori egokia dela erakusten badu, interesatuari
entzun ondoren.
b) Indarrean dauden sektoreko arauak edo
dagozkion udal-ordenantzak betetzen ez direlako jarduerarako legeztatzerik ez
badago, itxi egin behar da, interesatuari entzun ondoren.
66. Atala - Sailkatutako
jardueren erregistroa
1.- Udalek Autonomia
Erkidegoko ingurugiro-organoari edo eskudun foru-organoari berri eman beharko
diote emandako lizentziez eta toki-erakundeek sailkatutako jarduerez hartutako
gainerako erabakiez.
2.- Udalek
sailkatutako jardueren erregistroa edukiko dute. Bertan gai honi buruzko
edozein parte hartze publiko jaso beharko da.
IV
ATALBURUA
HONDAKINAK
I SAILA
XEDAPEN
OROKORRAK
67. Atala - Definizioak
Lege honi
dagokionerako, hondakintzat bere edukitzaileak utzitako edo uzteko asmoa edo
obligazioa duen edozein substantzia edo objektu hartuko da. Nolanahi ere,
hondakintzat hartuko dira Batzordearen 1993ko abenduaren 20ko (94/3/CE)
erabakiz Europako Hondakin Katalogoan dauden eta aurreko lege-definizioarekin
bat datozenak.
68. Atala - Kanpo geratzen direnak
Atalburu
honetan xedatzen denari dagokionez, berariazko legerian arautu gabe geratzen
diren alderdietan ordezko zuzenbide gisa izan dezakeen aplikazio
ordezkatzailearen kalterik gabe, kanpo geratzen dira:
a) Hondakin erradioaktiboak.
b) Baliabide mineraletatik eta harrobietatik
eratorritako hondakinak.
c) Sailkatu gabeko lehergaiak.
d) Hondakin arriskutsu ez diren hondakin-urak.
e) Atmosferara isuritako gasak.
69. Atala - Oinarriak
Hondakinen gaiari buruz Autonomia Erkidegoak duen politikak ondoko
oinarriak ditu, hierarkiaren araberako ordenan zerrendatzen direlarik:
a) Jatorrian prebenitu eta minimizatzea,
produkzioa eta kaltegarritasuna murriztuz.
b) Berriz erabiltzea, birziklapena eta
balioztatzeko zein zikloak ixteko beste edozein forma sustatzea.
c) Baliozta ezin daitezkeen hondakinak egoki
deuseztatzea eta egoki kudeatzeko behar diren bitartekoak ezartzea.
70. Atala -
Hondakin-planak
1.- Aurreko atalean
adierazitako oinarriak benetan eraginkorrak izan daitezen, administrazio
publikoek hondakin-planak egingo dituzte, eta bertan, besteak beste, lortu
beharreko helburuen, garatu beharreko estrategien, azpiegiturak sortzearen eta
finantzaketa-sistemen zehaztasunak azalduko dira.
2.- Planek espreski
adieraziko dituzte lotespenari eta mailari buruzko zehaztasunak. Baita beren
iraupen eta indarraldia ere, zeina plangintzaren egonkortasun eta
eraginkortasun egokia bermatzearren ziklo eta jarduera ekonomiko
industrialetara moldatuko baita.
3.- Hondakin-planak
egiteko, Ingurugirorako Aholku Kontseiluan ordezkatuta dauden agente eta
erakundeen parte-hartzea eta elkarlana bermatuko da.
71. Atala - Baimena
emateko berariazko erregimenak
Araudi bidez, baimena emateko berariazko erregimenak ezarri
ahal izango dira hondakinak sortzeko edota kudeatzeko jarduera desberdinentzat.
Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak baimena emateko
baldintza hauek ezar ditzake:
a) Kalteengatik erantzukizun zibileko asegurua
egitea.
b) Bere jardueran ari denean egon daitezkeen
erantzukizunengatik baimena ematen duen Administrazioari erantzuteko fidantza
ematea.
c) Produktoreei, eta dagokionean kudeatzaileei,
minimizazio-planak aplikatzea.
d) Lege honetan ezarritako irizpide eta
lehentasunen arabera alternatiba tekniko eta ekonomikoak ezartzea.
II
SAILA
HIRIKO HONDAKIN SOLIDOAK
72. Atala - Hiriko
hondakin solidoak. Ekintzak
Hiriko hondakin solidoei dagokienez, eskudun administrazio
publikoek honako helburu hauek lortzeko ekintzak egingo dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkideagoaren esparru osoan
hiriko hondakin solidoak gaika biltzeko sistemak sustatzea, birziklatzeko edo
balioztatzeko beste era batzuetarako aukera egon dadin.
b) Gaika biltzeko sistema ezartzen aktiboki
parte hartzeko herritarrak hezi eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea eta
jendea produktuen ontziak (batez ere berriz erabiltzen edo birziklatzen zailak
direnak) gutxiago erabil ditzan bultzatzea.
c) Ekiteko mekanismoak ezarri eta ontziak zein
ontzi-hondakinak egoki kudeatzeko behar diren azpiegiturak sustatzea.
d) Hiriko hondakin solidoak bildu eta tratatzeko
udal-zerbitzuak partzuergoan edo mankomunitatean kudeatzea sustatu eta
koordinatzea.
e) Berriz erabiltzeko, hondakinak minimizatzeko
edo eragina murrizteko bidea ematen duten kontsumo-produktuen eta
zerbitzugintza-moduen garapen teknikoari eta komertzializazioari laguntzea.
f) Materialak berreskuratzeko eta balioztatzeko
azpiegiturak ezartzea bultzatzea.
g) Materialak eta ontziak berriz erabiltzea
sustatzea, ahal dela material edo ontzi horien jatorrizkoen produkzio-ziklo
beren barruan.
h) Material birziklatuak dituzten produktuak
lortzea lehenetsiko duen erosketa publikoen politika ezartzea.
73. Atala -
Ingurugiro-organoaren eskumenak
1.- Hiriko hondakin
solidoen esparruan eta udal-erakundeenak izan daitezkeen eskumenen kalterik
gabe, indarrean dagoen legeriaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko
ingurugiro-organoari dagokio hiriko hondakin solidoak kudeatzeko
esparru-plangintza prestatzea.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoaren
ahalmena izango da Ontzi eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997
Legean definitutako kudeaketa-sistema integratuen arloan baimenak ematea,
ikuskatzea eta zigortzea.
2.- Halaber Euskal
Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoari dagozkio:
a) Ingurugiro-babeseko estandar handiak
bermatuko dituzten hondakin-kudeaketako azpiegiturak kokatzeko, ezartzeko eta
ustiatzeko baldintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruko
irizpide-batasuna definitzea.
b) Hondakin-kudeaketan sortzen ari diren
sistemak ingurugiroaren ikuspegitik ontzat ematea.
74. Atala - Lurralde
historikoetako foru-organoen eskumenak
Hiriko hondakin solidoen arloan, lurralde historikoetako
foru-organoei dagozkie ondoko eskumenak:
a) Lurralde historiko bakoitzean hiriko hondakin
solidoen esparru-plangintza beren foru-planen bidez garatzekoa.
b) Lurralde historiko bakoitzeko esparruan
udaljarduerak koordinatzekoa, arlo honetan zerbitzuak era osatuan betetzearren.
c) Hondakinak kudeatzeko udalaz gaindiko
azpiegiturak bultzatzekoa.
III
SAILA
HONDAKIN ARRISKUTSUAK ETA BESTE ZENBAIT
MOTATAKO HONDAKINAK
75. Atala - Hondakin
arriskutsuak eta beste zenbait motatako hondakinak. Ekintzak
69. atalean hondakin arriskutsuei eta beste zenbait motatako
hondakinei buruz izendatutako oinarriak betetzearren, eskudun administrazio
publikoek ondoko helburu hauek lortzeko ekintzak egingo dituzte:
a) Baliabide naturalak era eraginkorragoan
erabiltzeko teknologia garbiak sartzea bultzatzea, sortutako hondakinen kopurua
eta arrisku-maila minimizatzearren.
b) Beren fabrikazio, erabilpen eta
deuseztapeneko ezaugarriengatik sortutako hondakinen kantitatea eta
arrisku-maila zein poluitzeko arriskua murriztuko dituzten produktuen
komertzializazioan eta garapen teknikoan laguntzea.
c) Elementu arriskutsuak edo hondakin arriskutsu
ugari sortzen dituzten lehengaiak eta produktu lagungarriak mailaka eragin
txikiagoko beste batzuez ordezka daitezen sustatzea.
d) Produzitzaileak prebentziorako eta
birziklatzeko/ berreskuratzeko neurriak aplikatuz beren ahaleginak
minimizazio-politikara bidera ditzaten bultzatzeko, hondakinak deuseztatzeak
eta botatzeak gero eta kostu handiagoak izango dituen eta teknologiaren aldetik
aurreratua izango den hondakin-kudeaketa sustatzea.
e) Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren
hondakin arriskutsuak kudeatzeko behar adina azpiegitura edukitzea sustatzea,
eta, hurbiltasun-printzipioaren arabera, behar adina azpiegitura dagoenean zona
geografiko batetik bestera poluzioa eramatea saihestea.
f) Aurreko azpiatalean ezarritako
buruaskitasunaren eta hurbiltasunaren printzipioen esparru orokorraren barruan,
hondakin arriskutsuen korronte desberdinentzat irtenbide malguak eta era
askotakoak sustatzea.
g) Balioztatzeko azpiegiturak daudenean hondakin
arriskutsuak botatzea saihestea.
76. Atala -
Ingurugiro-organoaren eskumenak
1.- Hondakin
arriskutsu eta gainerako hondakin-motetan, Euskal Autonomia Erkidegoko
ingurugiro-organoari dagokio hondakinen produkzio eta kudeaketako jardueren
baimena ematea, ikuskatzea eta zigorrak ezartzea, indarrean dagoen legeriaren
arabera toki-erakundeei dagozkien eskumenen kalterik gabe.
2.- Era berean, Euskal
Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoari dagozkio:
a) Ingurugiro-babeseko estandar handiak
bermatuko dituzten hondakin-kudeaketako azpiegiturak kokatzeko, ezartzeko eta
ustiatzeko baldintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruko
irizpide-batasuna definitzea.
b) Hondakin-kudeaketan sortzen ari diren
sistemak ingurugiroaren ikuspegitik ontzat ematea.
77. Atala - Planak
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoari dagokio
hondakin arriskutsuentzat eta beste zenbait hondakin-motarentzat plan
arteztaileak egitea, eta plan horietako jarraibideak bete beharko dituzte
Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan garatzen diren produkzio eta kudeaketa
publiko zein pribatuko jarduerak.
78. Atala -
Kudeaketa-zerbitzuak
1.- Hondakin
arriskutsuen eta beste zenbait hondakin-motaren kudeaketaren arloan
Administrazioaren ekintzak kudeaketa pribatuarekiko ordezkotasun-printzipiora
moldatuko dira. Hondakin desberdinak dagokion zerbitzu publikoa sortuta kudeatu
ahal izango dira.
2.- Ingurugiroa
babesteko objektiboki funtsezkoa denean, kudeaketa-zerbitzu publikoa
monopolioerregimenean eratu ahal izango da, horretarako dagokion tasa eratuko
delarik.
79. Atala -
Ingurugiro-zergak
1.- Hondakin
arriskutsuak minimizatu eta balioztatzeko, ingurugiro-zergen berariazko erregimena
ezarri ahal izango da, lege honen 87. atalean ezarritakoaren arabera.
2.- Aurreko
azpiatalean aurreikusitako ingurugiro-zergek honako hauei eragin diezaiekete:
hondakin arriskutsuen produktoreei eta kudeatzaileei, hondakinen bizi-zikloan
parte hartzen duen edo bitartekari den beste edozein agenteri eta erabiltzean
hondakin arriskutsuak sor ditzaketen produktuen fabrikatzaileei, eskuratzaileei
eta inportatzaileei.
V ATALBURUA
POLUITUTAKO LURZORUAK
80. Atala - Poluitutako
lurzoruak
1.- Poluitutako
lurzoruak honako hauek dira: ezugarri kimikoetan bere eginkizunarekin
bateraezina den aldaketaren bat izan (osasun publikoarentzat edo
ingurugiroarentzat arriskutsuak direlarik) eta Euskal Autonomia Erkidegoko
ingurugiro-organoak horrela deklaratu dituenak.
2.- Lurzorua
poluitutzat jotzea bazterrean jasoko da, Euskal Autonomia Erkidegoko
ingurugiro-organoaren ekimenez, ohar gisa Jabetza Erregistroan, eta ohar hori
ezabatu egingo da ingurugiro-organoak lurzorua dagoeneko poluitutzat jotzen ez
dela aditzera ematen duenean.
81. Atala - Betebeharrak
1.- Lurzorua
poluitutzat jotzeak berreskuratzeko neurriak ingurugiro-organoak erabaki dezan
eran hartu beharra ekarriko du berekin. Betebehar hori poluitzaileei egokituko
zaie, eta elkartasunez erantzungo dute bat baino gehiago direnean, eta
subsidiarioki, poluitutako lurraren jabeei dagokienez.
2.- Nolanahi ere,
poluitutako lurzoruak berreskuratzeko neurriak finantzaketa publikoaren bidez
hartuko balira, laguntzak jasotzeko modu bakarra hau izango da: aldez aurretik
hitzematea lurzoruek beretzen dituzten gainbalioak aipatu laguntzak finantzatu
dituen Administrazio publikoari itzuliko zaizkiola jasotako laguntzen araberako
zenbatekoz.
82. Atala - Egiune bidez
ordaintzea
Poluitutzat jotako lurzoruak berreskuratzeko jarduerei ekiteko,
jarduera horiek egitera behartutakoen eta administrazio publiko eskudunen
artean sinatutako borondatezko akordioez baliatzeko aukera izango da.
83. Atala - Poluitutako
lurzoru-politikaren oinarriak
Poluitutako lurzoruentzat Autonomia Erkidegoko politikak
oinarri hauek ditu:
a) Lurzoruaren
zeregin naturalak kontserbatzea.
b) Ahalik eta
zeregin gehienak mantentzea.
c) Lurzorua gero izango duen erabilpenaren
arabera berreskuratzea.
d) Poluitutako lurzoruei lurzorua egoki
berreskuratzeko ekintzaren kostuak bereganatuko dituzten erabilpenen esleipena.
e) Poluitutako lurzoruari erabilpen bat
esleitzen zaionean, hirigintza-kudeaketaren esparruan dagoen lurzoru
osoarentzat ingurugiro-soluzioa exigitzea.
f) Lurzoruaren babes juridikoa, ondasuna
definitzeko elementu diren eta jabego-eskubideko eduki arruntaren parte diren
ezaugarri kimiko, biologiko edo fisikoak kontuan hartuta egituratuko baita.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruen
kalitatearen kalterako aldaketa ezagutu eta kontrolatzeari lehentasuna ematea.
84. Atala - Eskumenak
1.- Lehen aipatutako
oinarriak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoari dagozkio:
a) Lurzoruaren poluitzaile izan daitezkeen jardueren
eta instalazioen zerrenda egitea.
b) Poluitutako lurzoruen prebentzio, defentsa
eta berreskurapeneko neurriak definitzea eta inposatzea eta saneatzeko eta
berreskuratzeko planak onartzea, haiek bereziki korapilatsuak edo larriak
gertatzen direnean.
c) Bere erabilpen desberdinen arabera,
lurzoruaren osagai desberdinen balio maximo onargarriak ezartzea.
d) Lurzoruko aldaketak ebaluatu eta
kontrolatzeko mailakako sistema, bai eta ebaluaziobalioen sistema ere,
ezartzea.
e) Administrazioak parte hartzea presazkoa edo
premiazkoa dela frogatzen duen espedientea aurrez eginda, kontrolerako
mekanismoak eta babesteko edo berreskuratzeko neurriak ezarri behar direnean
onura publikoaren deklaraziorako proposamena egitea.
f) Gai honetan jarduera administratiboari
dagokionez, segurtasun juridikoa, informazio-eskubidea eta fede publikoa
bermatuko dituzten inbentarioak eta erregistro administratiboak sortzea.
2.- Udalei dagokie:
a) Hirigintzako planetan 81. atalean
adierazitako oinarriak jasotzea.
b) Oinarri
horiek hirigintzako kudeaketan sartzea.
c) Hirigintzaren
arloan oinarri horiek aplikatzea.
IV IDAZPURUA
INGURUGIRO POLITIKARAKO BALIABIDEAK
I
ATALBURUA
BALIABIDE PUBLIKOAK
I
SAILA
ANTOLAMENDURAKO BALIABIDE PUBLIKOAK
85. Atala - Planak eta
programak
Ingurugiro-politika gauzatzeko baliabide gisa, EAEko
administrazio publikoek helburuak, epeak eta jarduera publiko zein pribatuak
finkatzeko planak edota programak prestatuko dituzte, arduradun diren organoak
eta aurreikuspen ekonomiko-finantzarioak adieraziko direlarik.
86. Atala -
Lurralde-antolamendurako baliabideak
Lurralde-antolamendurako eta arloantolamendurako planek eta
gainerako baliabideek ondoko ingurugiro-eskakizunak errespetatu behar dituzte:
a) Ingurugiro-baliabideen kontserbazioa
bermatzea.
b) Lurralde-antolamenduan kalifikazio egokiak
eta babes-arauak sartzea.
c) Kaltetuta dauden area eta prozesu ekologikoak
hobetu, berreskuratu eta birgaitzea.
87. Atala - Ingurugiroari
buruzko udal-ordenantzak
Toki-erakundeek, ingurugiroaren arloan dituzten eskumenak
erabiliz, ingurugirorako udal-ordenantzak onartu egin beharko dituzte.
II SAILA
HITZARMEN-BALIABIDEAK
88. Atala -
Ingurugiro-hitzarmenak
1.- Ingurugiro-baliabideak
kudeatzea edo zaintzea bere gain duten administrazio publikoek erantzukizun-mugen
zenbatekoak hitzartu ahal izango dituzte baliabide horiek erabiltzeko eskubidea
duten titularrekin edo baliabide horientzat arriskutsu izan daitezkeen
jarduerak dituztenekin.
2.- Era berean,
osagarri gisa babes, prebentzio eta berreskuratzeko jarduerak hitzartu ahal
izango dira. Horiek arduradun diren subjektuek finantzatuko dituzte eta
erantzukizun-muga objektibagarrietan murrizketa garrantzitsua eragin dezakeenak
izango dira. Jarduera horiek, ahal den neurrian, hezkuntza, informazio eta
ikerketarako ekintzak izango dituzte.
III SAILA
BALIABIDE EKONOMIKO-FINANTZARIOAK ETA
ZERGABALIABIDEAK
89. Atala - Berariazko
fondoak eta ingurugiro-zergak
1.- Administrazio
publikoek berariazko fondoak sortu ahal izango dituzte ingurugiroa babesteko
jarduerak finantzatzeko, indarrean dagoen aurrekontu-legeriara moldatu
beharraren kalterik gabe.
2.- Era berean, lege
honen esparruan finkatutako printzipio eta ekintzak benetan ezartzeko,
ingurugiro-zergen berariazko erregimenak ezarri ahal izango dira, eta zerga
horien bidez bildutako dirua aurreko azpiatalean aurreikusitako fondoak
finantzatzeko erabili ahal izango da.
90. Atala - Ingurugiroari
buruzko betebeharren bermeak
Administrazio publikoek, ingurugiro-betebeharrak bete egiten
direla bermatzeko eta bere berariazko eskumenen esparruan, horretarako behar
adinako kopurua duten fidantza eta beste zenbait berme exigitu ahal izango
dituzte.
91. Atala - Pizgarri
fiskalak
Administrazio publikoek aldika ebaluatuko dute arlo ekonomiko
edo arlo fiskalean indarrean dauden ingurugiro-baliabideen eraginkortasuna,
ingurugiroa hobetzeko dauden politika fiskal sustagarriak bultzatuko dituzte
eta, dagokionean, beste pizgarri batzuk aplikatzea edo daudenak aldatzea
proposatuko dute.
92. Atala - Tasak eta
prezio publikoak
1.- Administrazio
publikoek ingurugiro-zerbitzu publikoak, tasak eta prezio publikoak aplikatuta,
zerbitzuen onuradun edo erabiltzaileei ordainarazterik izango dute, tasa eta
prezio horiek aplika daitekeen zerga-erregimenaren arabera ezarriko direlarik.
2.- Administrazio
publikoek ingurugiroari kaltea eragiten dion erabilpen pribatiboagatik edo
jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatik tasak ezarri ahal izango
dituzte. Baita ere, ingurugiroari dagozkion zerbitzuak edo jarduerak
egiteagatik edo jarduerak burutzeagatik, hauek administratuek derrigor eskatu
edo hartzekoak ez direnean eta arlo pribatuarekin lehian eskaintzen direnean.
3.- Era berean,
administrazio publikoek ingurugiro-jarduerak burutzeagatik edo zerbitzuak
egiteagatik prezio publikoak ezarri ahal izango dituzte, zerbitzu edo jarduera
horiek administratuek derrigor eskatu edo hartzekoak ez direnean eta arlo
pribatuarekin lehian eskaintzen direnean.
93. Atala - Arriskuak
aseguratzea
1.- Beren
jardueragatik ingurugiroarentzat arriskuak sortzen dituzten pertsona fisiko edo
juridikoek, beren oraingo eta geroko betebeharrei egoki erantzun ahal izateko,
hainbat aseguru egin ahal izango dituzte.
2.- Aurreko
azpiatalean adierazitakoaren arabera, pertsona fisiko eta juridikoek honako
baliabide hauek eduki ahal izango dituzte:
a) Behar bezala bermatuko diren
autoaseguru-sistemak.
b) Aseguruen merkatuan kontrataturiko berariazko
aseguruak, bai erantzukizun zibilari dagokionez eta bai bere ondasun eta
instalazioei dagokienez.
IV
SAILA
INBENTARIOAK ETA DATU-BASEAK
94. Atala - Inbentarioak
1.- Administrazio
publikoek ingurugiro-baliabideen inbentario publikoak prestatuko dituzte.
Inbentario irekiak izango dira.
2.- Araudi bidez
finkatuko da inbentarioak, beti eguneratuta edukitzearren, berrikusteko eta
aldatzeko prozedura.
95. Atala - Ingurugiroari
buruzko datu-baseak
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoko ingurugiro-organoak koordinatuko du ingurugiroari buruzko datu-basea
sortzea eta kudeatzea. Datu-baseak, Autonomia Erkidegoko ingurugiro-baliabideez
informazioa emango duten dokumentu eta kartografiaz osatu ahal izango da.
2.- Estatuan eta
nazioartean horretarako dauden datu-baseekin elkarlana eta informazio-trukea
bideratuko da.
II ATALBURUA
INGURUGIROA ZAINDU ETA KUDEATZEKO
BALIABIDEAK
I
SAILA
INGURUGIRO-AUDITORETZAK
96. Atala -
Ingurugiro-auditoretza
1.- Administrazio
publikoek jarduera ekonomikoak dituzten enpresen ingurugiro-kudeaketaren
ebaluazio-sistema gisa ingurugiro-ikuskapenak edo ekoikuskapenak egitea
bultzatuko dute eta horien berri jendeari ematea ere bai.
2.- Lege honen
arabera, hauxe da ingurugiro-ikuskapena: jarduera ekonomikoen eta
ingurugiro-eskakizunak betetzearen ingurugiro-kudeaketarako sistema borondatez,
sistematikoki, objektiboki eta aldizka egiten den ebaluazio-prozesua.
3.- Ingurugiro-ikuskapenak,
poluitzaile-igorpenari, hondakin-produkzioari, lehengai, energia eta uraren
kontsumoari eta indarrean dagoen ingurugiro-legeriaren betetze-mailari dagokien
jarduera ekonomikoaren diagnostikoa lortzeko izango dira. Ikuskatutako
jarduerak eskatzen den ingurugiro-kudeaketa segurtatzeko duen ahalmena ere
ebaluatuko da.
4.- Ikuskapeneko
emaitzak jendearen esku utziko dira ingurugiro-deklarazioaren bidez. Honek
labur eta ulertzeko eran enpresaren kudeaketako ingurugiro-egoera adierazi
beharko du, aplikatzekoak diren Europako Batasuneko arauek xedatutakoaren
arabera.
II SAILA
EKOETIKETA
97. Atala - Ekoetiketa
1.- Ekoetiketa
ingurugiro-ezaugarria da, eta honakoa adierazten du: Europako Batasunaren
1992ko martxoaren 23ko 880/92 Araudiaren arabera, hori daraman produktuak
ingurugiroa errespetatu egiten duela eta produktuaren bizi-ziklo osorako
ingurugiro-kostuak behar bezala bere gain hartuak dituela.
2.- Euskal Autonomia
Erkidegoko Jaurlaritzak izendatu ahal izango du etiketa emateko eskudun
erakundea, Europako Batasuneko arauak garatuz.
3.- Euskal Autonomia
Erkidegoko ingurugiro-organoak ekoetiketa-sistemen helburu eta ezaugarrien
informazioa kontsumitzaileengana eta enpresetara zabaltzea bultzatuko du.
4.- Behar diren
neurriak hartuko dira genetikaz manipulatutako edo manipulazio genetikoz
lortutako produktu guztiek beren etiketa edo identifikazioan zehaztasun hori
agertaraz dezaten.
III SAILA
INGURUGIROARI BURUZKO HEZKUNTZA ETA PRESTAKUNTZA
98. Atala -
Ingurugiro-hezkuntza
Administrazio publikoek gizarteko arlo guztietan
ingurugiro-hezkuntza sustatuko dute. Horretarako, herritarrengana eta
erakundeetara oro har ingurugiro-arazoak prebenitzeko eta benetan konpontzeko
ezagutza, informazio, jarrera, balore, portaera eta trebetasun praktikoak
zabaldu eta helaraziko ditu.
99. Atala -
Ingurugiro-dibulgazioa
Ingurugiro-kudeaketako programek betiere heziketa eta
dibulgaziorako osagai bat edukiko dute, herritarrek horiek ezagutzea eta gizarteko
talde desberdinen parte-hartzea bultzatuko delarik. Era berean, ingurugiroa
babesteko arloan asoziazionismoa sendotzea bultzatuko da.
100. Atala -
Ingurugiro-hezkuntzarako planak
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoko ingurugiro-organoak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Sailak ingurugiro-hezkuntza, -ikerketa eta -sentikortasunerako
jarduera-plana elkarlanean martxan jarriko dute.
2.- Planaren helburuak
hauek izango dira:
a) Ingurugiro-kontzientzia zabaltzea.
b) Unibertsitatekoak ez diren
irakaskuntza-mailetan ingurugiro-heziketa egokia izatea.
c) Unibertsitatearen esparruan
ingurugiro-ezagutzako arlo desberdinetan trebakuntza espezializatua eskaintzea.
d) Ingurugiro-ikerketa teknologian,
osasun-zientzietan, zientzia esperimentaletan, gizarte-zientzietan eta
humanitateetan sustatzea.
V
IDAZPURUA
INGURUGIRO DIZIPLINA
I
ATALBURUA
PRINTZIPIO OROKORRAK
101. Atala -
Erantzukizuna
1.- Lege honen
aginduak betetzen ez dituzten ekintza edo ez-egiteek izaera administratiboko
erantzukizuna sortuko dute, bide penaletik edo zibiletik eska daitekeenaren
kalterik gabe.
2.- Arau-hauste
administratiboaren heineko ekintzengatik, ekintza horien erantzukizuna duten
pertsona fisiko zein juridikoak soilik zigortu ahal izango dira. Arau-haustea
pertsona bati baino gehiagori batera ezarritako betebeharrak ez betetzetik
heldu denean, haiek guztiek era solidarioan erantzungo dute.
102. Atala - Aldatutako
ingurunea leheneratzea
1.- Ezartzen diren
zigorren kalterik gabe, araua hausten dutenak behartuta daude eragindako
kalteak ordaintzera, aldatutako ondasunak konpondu eta lehengo egoerara
ekartzearren.
2.- Araua hausten
duenak aurreko azpiatalean ezarritako betebeharra betetzen ez duenean edo
erabat betetzen ez duenean, behartzeko isunak ipini ahal izango dira.
3.- Aurreko
azpiatalean aipatutako isunak ezarri baino lehen, araua hausten duena
errekeritu egingo da agindutakoa borondatez bete dezan; horretarako epea egoera
aztertuta finkatuko da, baina borondatez betetzeko behar adinakoa izango da.
4.- Behartzeko isunak
egin den arau-hausteagatik zigor gisa ipini zaizkion edo ipin dakizkiokeen
isunekiko independenteak eta bateragarriak izango dira.
5.- Kaltea elementu
berean edo leku geografiko berean konpondu ezin denean, eskudun organoak baliokidea
den konponketa agindu dezake.
6.- Administrazioak
ezarritako zigorretatik lortzen diren fondo ekonomikoak erabat ingurugiroa
hobetzeko erabili behar dira.
103. Atala -
Premiamendu-bidea
Premiamendu-bidez eskatu ahal izango dira ezarritako diru-zigorren
zenbatekoa, behartzeko isunena eta lege honetan adierazitako arau-hausteengatik
kaltetu diren ondasunak berritzeko egiten diren jarduera ordezkatzaileek
eragindako gastuena.
104. Atala - Ordezko
burutzapena
1.- Horretarako
zigortzeko organoak errekerituta arau-hausleak ingurugiroa konpontzeko
betebeharrak beteko ez balitu, organo horrek ordezkatze-izaeraz exekutatzea
aginduko du.
2.- Aurrez errekeritu
beharrik ez da izango eta exekuzioa berehala burutu daiteke, egoerak iraunez
gero giza osasunerako eta ingurugirorako berehalako arriskua baldin badago.
3.- Ordezko
burutzapena erantzukizuna dutenen kontura egingo da, egon daitezkeen diru-zigor
eta gainerako kalte-ordainen kalterik gabe.
105. Atala - Ezohiko
kasuetan kautelazko neurriak hartzea
Salbuespenez, eta zigor-espedientea irekitzeari hasiera eman
aurretik, administrazio publikoek zigor-izaerarik ez duten ondoko kautelazko
neurriak hartu ahal izango dituzte edo lege honetan arau-hauste gisa
tipifikatutako edozein ekintzaren ustezko arduradunari neurri horiek harrarazi
ahal izango dizkiote:
a) lanak edo jarduerak bertan behera uztea.
b) aparatuak, ekipoak edi ibilgailuak
prezintatzea.
c) ingurugiroko kaltea zabal ez dadin zuzentze,
segurtasun edo kontrolerako beste edozein neurri.
II
ATALBURUA
IKUSKAPENA ETA KONTROLA
106. Atala - Ikuskapena
eta kontrola
1.- Beren eskumenen
esparruan administrazio publikoei dagozkie zaintzeko, ikuskatzeko eta
kontrolatzeko ahalmenak Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan gauzatutako
jardueren arloan.
2.- Ikuskapena egiten
dutenak beren lanean ari direnean agintaritzaren agente izango dira, eta
ahalmena dute, identifikatu ondoren, eta dagokionean, aurrez abisatu gabe, lege
honetako gai diren jarduerak egiten diren instalazioetara sartzeko.
3.- Administrazio
publikoek, zaintza eta kontrolerako, behar bezala kreditaturiko erakunde
publiko edo pribatuei ahalmen jakin batzuk eman ahal izango dizkiete. Araudian
ezarriko dira burutu beharreko eginkizunak eta horretarako bete beharreko
baldintzak.
107. Atala -
Ikuskapen-akta
Ikuskapen-bisita bakoitzean irregulartasuna izan dezaketen
gertaeren deskribapen-akta jasoko da. Bertan gertaeren arduradunak egindako alegazioak
azalduko dira. Akta horiek ziurtasun-presuntzioa eta froga-balioa izango dute,
administratuek beren interesen defentsan ekar ditzaketen gainerako frogen
kalterik gabe.
III ATALBURUA
ARAU HAUSTEAK
108. Atala -
Arau-hausteak
Lege honen arabera arau-hausteak hurrengo ataletan
aurreikusitakoak izango dira, eta oso larri, larri eta arin gisa sailkatuko
dira.
109. Atala - Oso
arau-hauste larriak
Ondoko ekintzak arau-hauste oso larriak dira, pertsonei, beren
ondasunei edo ingurugiroari arrisku edo kalte handiak sortzen dizkietenean eta
ordenamendu juridikoaren kontra burutzen direnean:
a) Lizentziarik gabe,
ingurugiroaren gaineko eraginaren baimen edo ebaluaziorik gabe edo
ingurugiro-baimen edo -lizentzietan edo ingurugiroaren gaineko eragineko
deklarazioetan ezarritako baldintzak bete gabe obrak, proiektuak eta jarduerak
hasi edo burutzea.
b) Ingurugirora (uretara, atmosferara edo
lurrera), ingurugiro-egoera kaltetu edo oro har oreka ekologikoari eragiten
dioten produktu edo substantziak (solido, likido edo gasak edo energi formak,
soinu-energia barne) botatzea.
c) Ingurugiro-eragina
ebaluatzeko edo era guztietako ingurugiro-baimen eta -lizentziak emateko behar
diren datuak ezkutatu edo faltsutzea.
d) Gelditzeko edo ixteko aginduak ez betetzea
edo neurri zuzentzaileak behin eta berriz ez betetzea.
e) Ingurugiroa zaintzeko programak ez betetzea.
f) Ingurugiro-kontrolerako lanak erakunde
laguntzailearen bidez araudian aurreikusitakoaren aurka egitea.
g) Aldatutako ingurugiroa berritzeko eta
berreskuratzeko agindu administratiboak ez betetzea.
h) Eskumena duen organoak hartutako kautelazko
neurriak ez betetzea.
i) Hondakinak
aire zabalean erretzea.
j) Poluitutako
lurzoruei buruzko xedapenen kontra obrak egitea, erabiltzea eta jarduerak
burutzea.
k) Poluitutako
lurzoruei buruzkoan, berreskuratzeko, aurre hartzeko edo aldezteko neurririk ez
hartzea.
110. Atala - Arau-hauste larriak
1.- Arau-hauste larriak dira aurreko atalean
aipatutakoak, pertsonei, beren ondasunei edo ingurugiroari arrisku edo kalte
larriak sortzen dizkietenean eta ordenamendu juridikoaren kontra burutzen
direnean.
2.- Halaber, arau-hauste larritzat hartuko
dira:
a) Jardueren
titularrei eskatutako datuak ezkutatzea eta emateari uko egitea eta
Administrazioaren ikuskapen-lanari aktiboki zein pasiboki eragozpenak jartzea.
b) Lege honetan
aseguru eta fidantzei buruz adierazitako betebeharrak ez betetzea.
111. Atala - Arau-hauste arinak
Arau-hauste
arinak izango dira aurreko ataletan oso larri edo larritzat hartu eta
pertsonengan, horien ondasunetan edo ingurugiroan eragin txikia dutelako maila
horietan sailkatzekoak ez direnean.
112. Atala - Preskripzioa
Lege honek
aipatzen dituen arau-hausteek preskribitu egingo dute honako epe hauetan
(arau-haustea egin zen egunetik edo, kaltea berehalakoa izan ez bada,
ingurugiro-kaltea detektatu zenetik kontatzen hasita):
a) Urtebetera,
arau-hauste arinak direnean.
b) Hiru urtera,
arau-hausteak larriak direnean.
c) Bost urtera,
arau-hausteak oso larriak direnean.
IV ATALBURUA
ZIGORRAK
113. Atala - Mailakatzea
1.- Lege honetan aipatutako arau-hausteengatiko
zigorrak eragin den arriskua edo kaltea, lortutako etekina, izandako asmoa eta
inguruabar aringarriak edo astungarriak kontuan edukita mailakatuko dira.
2.- Zigor-prozeduran inguruabar astungarritzat
hartuko dira indarrean dagoen Kode Penaleko 326. atalean adierazitakoak.
3.- Halaber,
inguruabar astungarri izango da arau-haustetzat hartzen diren ekintzak zona
sentikorretan burutzea.
4.- Erantzukizun
administratiboko inguruabar aringarritzat hartuko da zigor-espedienteari
hasiera eman baino lehen jarduera jakin batetik ingurugiroan sortzen diren
eragin kaltegarriak minimizatu edo deuseztatzeko neurri zuzentzaileak hartzea.
114. Atala - Zigorrak
1.- Legean
aurreikusitako arau-hauste administratiboak egiteagatik ondoko zigorrak ezarri
ahal izango dira:
a) Arau-hauste arinengatik:
- 50.000 pezetatik 4.000.000 pezetarainoko
isuna.
- Instalazioen zati bat denboraldi baterako,
gehienez urtebeterako, ixtea.
- Jarduerak gehienez urtebeterako geraraztea.
- Ohartarazpena.
- Erakunde laguntzaile izatea gehienez hiru
urterako galtzea.
b) Arau-hauste larriengatik:
- 4.000.001 pezetatik 40.000.000 pezetarainoko
isuna.
- Instalazio osoa edo instalazioen zati bat
gehienez hiru urterako ixtea.
- Jarduerak gehienez hiru urterako geraraztea.
- Erakunde laguntzaile izatea hiru urtetik
gorako eta gehienez 10 urteko eperako galtzea.
c) Arau-hauste oso larriengatik:
- 40.000.001 pezetatik 200.000.000 pezetarainoko
isuna.
- Instalazio osoa edo instalazioen zati bat
behin betiko ixtea.
- Behin betiko geraraztea.
- Gehienez sei urterako geraraztea.
- Jarduerak gehienez sei urterako ixtea.
- Erakunde laguntzaile izatea behin betiko
galtzea.
2.- Isunak
bateragarriak izango dira ondoko zigorrekin: ohartarazpenarekin eta instalazio
osoa edo instalazioen zati bat aldi baterako gerarazte eta ixtearekin.
115. Atala - Eskumenak
1.- Erakunde komunen
eskumeneko gaietan, arau-hauste larri eta arinengatik zigorra ezartzea eskumena
duen Sailburuari dagokio, eta arau-hauste oso larriengatikoa Gobernu
Kontseiluari.
2.- Udal- eta/edo
foru-eskumeneko gaietan, arau-hausteengatik zigorra ezartzea eskumena duten
organoei dagokie beren antolaketa- eta funtzionamendu-arauek gai honi buruz
diotenaren arabera.
116. Atala - Preskripzioa
Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zigorrek hiru urtetan
preskribituko dute, arau-hauste larriengatikoek bi urtetan, eta arau-hauste
arinengatikoek urtebetean. Preskribitzeko epea ezarritako zigorra irmo den
hurrengo egunean hasiko da.
117. Atala -
Kontratatzeko debekua
Ingurugiro-legeria ez betetzeagatik arau-hauste larri edo oso
larriengatik zigortu diren enpresek administrazio publikoekin kontraturik
ezingo dute egin, ez eta administrazio publikoen dirulaguntzarik jaso ere,
dagozkien neurri zuzentzaileak gauzatu arte eta zigorrak ordaindu arte.
V ATALBURUA
ZIGORTZEKO PROZEDURA
118. Atala - Zigortzeko
prozedura
1.- Zigortzeko
prozedurak egoki bereizi behar ditu instrukzio-fasea eta zigortzeko fasea,
horiek organo desberdinen esku egongo direlarik.
2.- Prozedurari
amaiera emango dion ebazpenak, arrazoiak emanez, espedientean planteatutako gai
guztiak ebatziko ditu eta bide administratiboari amaiera ematen dionean
exekuziozkoa izango da.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa
Euskal Autonomia Erkidegoan natura babesteko eta
kontserbatzeko, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean
xedatutakoa beteko da.
Bigarrena
Jaurlaritzari dagokio diru-zigorren zenbatekoa eguneratzea.
Aldibaterako Xedapenak
Lehenengoa
1.- Lege honen 73.
atalean aurreikusten den esparru-plangintza onartzen ez den bitartean, Araba,
Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetan erabat aplikatzekoak izango dira
beren foru-organoek hiriko hondakin solidoak kudeatzeko onartuta eduki
ditzaketen plan integralak.
2.- Esparru-plangintza
onartzen denean, horren jarraibideetara moldatu beharko dute aipatutako
foru-planek.
Bigarrena
Euskal Autonomi Elkarteko Hondakin Berezien Plan Berezia (Eusko
Legebiltzarrak 1994ko ekainaren 24an onartua) oso-osorik aplikatu behar da,
harik eta lege honetako 77. atalean aurreikusitako hondakin arriskutsuen eta
beste hondakin-mota batzuen plan arteztaileak onartu bitartean.
Hirugarrena
Lege honen 51.2.c) eta d) eta 51.3 ataletan aipatzen diren
ingurugiro-zona sentikorren katalogoa onartu arte, ingurugiro-zona sentikortzat
hartuko dira Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Artezpideetan natura
aldetik interes-area gisa daudenak eta betiere jarraibide horietan
aurreikusitako erabilpen-erregimenaren menpe daudenak.
Laugarrena
1.- Lege honen
indarraldia baino lehen hasitako espedienteen tramitazioa hasi ziren unean
indarrean zeuden xedapenen arabera egingo da.
2.- Lizentzia eta
baimenen titular direnek titulu administratiboen edukiaren eta legeak berak
ezartzen duenaren arabera beren eskubideez gozatzen segituko dute, dagozkien
prozeduren bidez ateratzen diren ebazpenek adierazita bezala legera moldatu
beharraren kalterik gabe.
Bosgarrena
1.- Lege honen 43.1.a)
atalean aurreikusitako ingurugiro-eraginaren ebaluazio bateraturako prozedura
honako plan hauei aplikatuko zaie: I.A eranskinean jasota egon eta aipatu
prozedura hori arautzen duen araudia indarrean jarri eta gero tramitatzen
hasten diren planei.
2.- Lege honetako
43.1.a) atalean aurreikusitako ingurugiro-eraginaren ebaluazio bateratua ez
zaie aplikatuko honako plan hauei: I.A eranskinean jasota egon eta hasierako
onarpena aipatu prozedura arautzen duen araudia indarrean jarri aurretik egina
duten planei, guztia ere 50. atalean xedatutakoaren kalterik gabe.
Indargabetze Xedapena
Lege honetan ezartzen denari kontra egiten dion edozein xedapen
indargabeturik geratzen da.
Azken Xedapenak
Lehenengoa
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik
hiru hilabetera hartuko du indarra lege honek.
Bigarrena
Jaurlaritzaren Kontseiluari baimena ematen
zaio lege hau betetzeko behar diren aplikazio- eta garapen-xedapenak emateko,
eta, zehazki, III. idazpuruko II eta III. atalburuetako edukiari buruzkoan 39.
atalean xedatutakoa burutzeko.
I
ERANSKINA
A) Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazio
bateratua egiteko planen zerrenda
1.- Lurralde Antolamendurako Artezpideak.
2.- Lurraldearen zatiko planak.
3.- Lurraldean eragina duten arloko planak eta
beste edozein plan eta programa.
4.- Hiri-antolamendurako plan orokorrak eta
urbanizatu ezin diren lurzoruei eragiten dizkieten aldaketak.
5.- Plangintzarako arau subsidiarioak eta urbanizatu
ezin diren lurzoruei eragiten dizkieten aldaketak.
6.- Plan bereziak eta urbanizatu ezin diren
lurzoruei eragiten dizkieten aldaketak.
B) Ingurugiroaren gaineko eraginaren banakako
ebaluazioa egin behar duten lan eta jardueren zerrenda.
1.- Garraio-azpiegiturako proiektuak.
1.1.- Autobide, autobia, bide azkar eta ohiko
errepideak eraikitzea. 2 km baino luzera handiagoko saihesbide eta
ibilbide-aldaketak, baldin eta lurzoruen kalifikaziorik ez badago
ingurugiro-eraginaren ebaluazio bateratua pasa duten lurralde-antolamendurako
planetan.
1.2.- Trenbideak, garraio-eraz aldatzeko instalazioak
eta garraio-era desberdinetarako terminalak eraikitzea. Tranbiak, airetiko eta
lurpeko metroak, zintzilikako lineak edo antzeko lineak, batik bat edo nagusiki
bidaiariak garraiatzeko balio dutenak.
Trenbideen
ibilbide-aldaketak, saihesbideak eta bikoizketak, urbanizatu ezineko lurrean 2
km baino gehiagoko luzeran baldin badaude, ingurugiro-eraginaren ebaluazio
bateratuko jardunbidearen menpe jarritako lurralde-antolamendurako planetan
lurzoru-kalifikaziorik ez dutenean.
1.3.- Merkataritzarako eta arrantzarako portuak,
nabigazio-bideak eta kirol-portuak. Itsaso/lehorreko jabari publikoan oraingo
azaleraren %50eko okupazioa edo handiagoa izango duten edo 5 ha-ko okupazioa
baino handiagoa izango duten portuetako hedapen edo sarbideak.
1.4.- Aireportuak, horietarako sarbideak barne, eta
horien hedapenak, oraingo azaleraren %50eko okupazioa edo handiagoa dagoenean
edo 5 ha-ko okupazioa edo handiagoa dagoenean.
2.- Azpiegitura hidrauliko, uraren kudeaketa eta
tratamenduko eta ur-jabari publikoko jardueretako proiektuak.
2.1.- Goiko gaineraino 10 m-ko altura baino handiagoa
duten edo 100.000 m3 baino gehiago bil ditzaketen presak.
2.2.- Presak handiagotzea, ur-laminaren azalera
handiena %25 edo gehiago hazten denean edo 5 ha baino handiagoa denean.
2.3.- Ibaiak bideratzeko lanak eta ibilguaren
aldaketak, egoera naturaleko ibilguan gutxienez 250 metrotan eragiten denean.
2.4.- Zentral hidroelektrikoak eta horiei erantsitako
instalazioak.
2.5.- Ur-baliabideak ibai-arro batetik bestera
eramateko obrak, eramandako uraren bolumena urteko 10 milioi metro kubikokoa
baino handiagoa denean, tutueriaz eramaten den edateko ura salbu.
2.6.- Hondakin-urak tratatzeko plantak, 91/271/CEE
Arteztarauaren 2. ataleko 6. puntuak definitutakoaren arabera ahalmena 100.000
biztanle-baliokide baino handiagoa denean.
2.7.- Lur azpiko uren aprobetxamendua edo akuiferoen
karga artifiziala, deskarga naturala gutxienez bere eragineko ibai-ibilguen
agorraldiko emarien %50ekoa denean edo zona heze garrantzitsuetan ur-lamina
zein zona kriptohezeetako gainazal azpiko maila piezometrikoa mantentzearekin
zuzeneko zerikusia dutenean, beti ere atalase hauetakoren bat gainditzen
denean:
a) urtean ateratzen den bolumena akuiferoaren
urteko kargaren %25 baino handiagoa denean.
b) jadanik ateratako uraren bolumenak
akuiferoaren urteko karga-bolumenaren %50 gainditzen duenean eta aprobetxamendu
berriak urtean gutxienez karga horren bolumenaren %10 gainditzen duenean.
c) karga artifizialak, akuiferoaren urteko karga
naturalaren %50 gainditzen duenean.
3.- Energia sortu, garraiatu eta banatzeko
azpiegitura-proiektuak.
3.1.- Zentral termikoak eta 50 MW-eko edo gehiagoko
potentzia termikoa duten beste erreketa-instalazioak. Halaber zentral
nuklearrak eta beste erreaktore nuklearrak, zentral edo erreaktore horiek
eraistea edo behin betiko zerbitzutik kanpo uztea barne. (Hemendik kanpo
geratzen dira fisio-materialak eta material emankorrak produzitu eta aldatzeko
ikerketa-instalazioak, etengabeko iraupen termikoan potentzia maximoa 1 kW
baino handiagoa ez bada).
3.2. a) Irradiatutako
erregai nuklearrak berriz prozesatzeko instalazioak.
b) Honako lan hauetarako diseinatutako
instalazioak:
- erregai nuklearra produzitu edo aberastekoak.
- irradiatutako erregai nuklearra edo
erradioaktibitate handiko hondakinak prozesatzekoak.
- irradiatutako erregai nuklearrak edo hondakin
erradioaktiboak produkzio-lekutik kanpo aldi baterako pilatzekoak bakarrik.
3.3.- Parke eolikoak eta energi fotoboltaikoko
instalazioak, sarean konektaturik eta 100 kW-eko edo gehiagoko potentziarekin.
3.4.- Lehen kategoriako (100 kV edo handiagoko)
garraio-linea elektrikoak edo erregai fosil jariakorrak, lurrina eta ur beroa
garraiatzeko lineak eraikitzeko proiektuak.
Energia
elektrikoaren banaketa-lineak eta energia elektrikoa transformatzeko
azpiestazioak eraikitzeko proiektuak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona
sentikorretan eraikitzen denean.
3.5.- Lur azpian bilduta gas naturalaren horniketa
erregulatzeko instalazioak.
3.6.- Zundaketa geotermikoak.
3.7.- Huila- eta lignito-aglomeratuen fabrikazio
industrialerako instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
4.- Ingurugiroa kudeatzeko azpiegitura-proiektuak.
4.1.- Hondakin erradioaktiboak etengabe bilduta
edukitzeko baino ez diren instalazioak.
4.2.- Hondakinak tratatu, bildu edo deuseztatzeko instalazioak,
birziklatzekoak barne; esaterako, errausteko instalazioak,
segurtasun-deposituak, hiri-hondakinen zabortegiak (geldoak, industrialak eta
geldoarazitakoak).
5.- Azpiegitura, industria eta nekazaritza,
abelazkuntza, basogintza edo nekazaritza-elikagaietarako instalazio edo
jardueren proiektuak.
5.1.- Lehen baso-berritzeak, eraldaketa ekologiko
negatiborako arrisku handia dagoenean.
5.2.- Zohikatz-erauzketa, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan egiten denean.
5.3.- 1.000 t/urte baino ahalmen handiagoko
hiltegiak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
5.4.- Irina eta pentsu konposatuak fabrikatzeko
instalazioak eta arrain-olioa atera eta tratatzekoak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
5.5.- Arrain eta haragi gazituak eta animali zein
landare-produktuak kontserbatzeko instalazioak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
5.6.- Esneki-fabrikak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
5.7.- Alkohola eta alkohol-edariak fabrikatzeko
industri instalazioak eta azukre-plantak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona
sentikorretan dagoenean.
5.8.- Animalien zein landareen koipe eta olioak
egiteko instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean..
5.9.- Animaliak intentsiboki hazteko instalazioak:
hegaztiak eta txerriak haztekoak, honako leku hauek baino gehiago dituztenean:
a) oilategiko hegaztientzako 40.000 plaza.
b) umetarako txerrientzako 300 plaza.
5.10.- Genetikaz aldatutako organismoak ingurugiroan
nahita askatzeko proiektuak, 90/220/CE Arteztarauari jarraituz.
5.11.- Arrainen hazkuntza intentsiboa
6.- Meagintzako proiektuak.
6.1.- Huila, lignitoa eta beste mineralak
erauztekoak.
6.2.- Amiantoa erauzteko instalazioak, amiantoa bera
eta amiantoa duten produktuak tratatu eta eraldatzekoak. Amianto-zementuko
produktuentzat, amaitutako produktuetan 20.000 tona baino gehiagoko
produkzioarentzat; marruskadura-materialentzat, amaitutako produktuetan 50 tona
baino gehiago, eta amiantoaren beste erabilpenentzat, urteko 200 tona baino
gehiagoko erabilpena.
6.3.- Mineral metalikoen erauzketa eta
tratamendutik sortutako bitarteko produktu edo produktu antzuak.
6.4.- Haitz eta mineralak erauzteko industriaren
gainazaleko instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
6.5.- Gas naturala eta petrolioa erauzteko
instalazioak.
7.- Materia mineraletan oinarrituta produktuak
fabrikatzeko diren industrien proiektuak.
7.1.- Petrolio gordinarentzako errefinategiak
(petrolio gordinetik labaingarriak baino produzitzen ez dituzten enpresak
salbu), eta eskisto bituminosoen ikatzetik egunean gutxienez 500 tona
gasifikatzeko eta likidotzeko instalazioak.
7.2.- Koke-fabrikak.
7.3.- Zementugintzarako instalazioak, eta
karobiak.
7.4.- Zuntz mineral artifizialak fabrikatzeko
instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
7.5.- Asfalto-plantak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
7.6.- Beiragintzarako instalazioak, beira-zuntza
egitekoak barne, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
7.7.- Labekatze bidezko zeramika-produktugintza,
batik bat teilak, adreilu erregogorrak, axuleiuak, gresa edo portzelana, guztia
edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
8.- Industria kimikorako instalazio-proiektuak.
8.1.- Instalazio kimiko integratuak, hau da,
transformazio kimikoaz funtzionalki elkarri lotutako unitate batzuk elkarren
ondoan dituzten substantziak industri mailan fabrikatzeko instalazioak, helburu
hauekin erabiltzen direnean:
1) oinarrizko
produktu kimiko organikoak produzitzeko,
2) oinarrizko
produktu kimiko inorganikoak produzitzeko,
3) fosforoa,
nitrogenoa edo potasioa dituzten ongarriak (ongarri sinple edo konposatuak)
produzitzeko,
4) oinarrizko produktu fitosanitarioak eta
biozidak produzitzeko,
5) farmaziarako oinarrizko produktuak prozesu
kimiko edo biologikoaz produzitzeko,
6) lehengaiak produzitzeko.
8.2.- Petrolio-produktuak eta produktu petrokimiko
edo kimikoak biltzeko instalazioak, gutxienez 200.000 tonako edukiera dutenean.
8.3.- Elastomeroen bidez produktuak fabrikatu eta
tratatzeko instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
8.4.- Bitarteko produktuen eta produktu kimikoen
tratamendua.
8.5.- Pestizida-produkziorako eta farmaziarako
produktugintzarako instalazioak, 8.1 puntuan jasotako proiektuak salbu.
8.6.- Pinturak eta bernizak, elastomeroak eta
peroxidoak fabrikatzeko instalazioak.
9.- Itsaso/lehorreko jabari publikoko jarduerak.
9.1.- Itsaso/lehorreko jabari publikoan
kontserbatzeko, konpontzeko, berreskuratzeko, hobetzeko, defendatzeko edo
okupatzeko obrak.
9.2.- Hustubideak,
oliobideak edo itsaspeko gasbideak.
10.- Turismoa eta aisiarako
jarduerak
10.1.- Kanpinak,
guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
10.2.- Automobil- eta moto-lasterketarako pista eta
zirkuitu iraunkorrak.
10.3.- Tiro-eremuak.
10.4.- Golf-eremuak.
10.5.- Hektarea batetik gorako azalera duten parke
tematikoak.
11.- Industria metalikorako instalazioen proiektuak.
11.1.- Burdingintza-planta integralak.
11.2.- Burdingintza-establezimenduak, galdategiak,
forjak, profilaketak eta ijezketak barne, guztia edo zati bat ingurugiro-zona
sentikorretan dagoenean.
11.3.- Prozesu metalurgiko, kimiko edo elektrolitikoen
bidez mineraletatik, kontzentratuetatik edo lehengai sekundarioetatik burdintsu
ez diren landu gabeko metalak erauzteko instalazioak.
11.4.- Metalen eta plastikozko materialen gaina
prozesu elektrolitiko edo kimikoz tratatzeko instalazioak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
11.5.- Mineral metalikoak errausteko eta
sinterizatzeko instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
11.6.- Motoredun ibilgailuen fabrikazioa eta
muntaketa eta ibilgailuentzako motoreen fabrikazioa, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
11.7.- Untziolak.
11.8.- Hegazkinak egin eta konpontzeko instalazioak,
guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
11.9.- Trenentzako materialaren fabrikazioa, guztia
edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
12.- Ehun-zuntzak garbitu, deskoipeztatu, zuritu
eta tindatzeko fabrikak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
13.- Zuntz, partikula eta kontraxaflatuzko taulen
fabrikak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
14.- Paper- eta kartoi-oreko eta zelulosa
tratatzeko fabrikak.
15.- Larrua ontzeko plantak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
16.- Gasolindegiak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
17.- Urbanizatu ezin den lurzoruko aparkalekuak,
3.000 m2-ko azalera baino handiagoa dutenean eta guztia edo zati
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
18.- Telekomunikaziorako antenen instalazioak eta
horietarako sarbideak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
19.- Lurzoruaren erabilpeneko aldaketak, zuhaixka
edo zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta interes orokorreko
azpiegiturentzat arriskutsua izan daitekeenean. Nolanahi ere, aldaketa horiek
50 ha baino azalera handiagoari eragiten dioten bakoitzean.
20.- Zona industrialetarako proiektuak, guztia edo
zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
21.- Azaleraz 2.000 m2 baino gehiagokoak
diren urbanizazio-proiektuak, merkataritza-zentroen eta beren aparkalekuen
eraikuntza, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
22.- Azaleraz 3.000 m2 baino gehiagokoak
diren txatar-biltegiak, eta ibilgailuak desegiteko tokiak, guztia edo zati bat
ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
23.- Motore, turbina eta erreaktoreen proba-lekuak,
guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan dagoenean.
24.- Substantzia lehergarriak berreskuratzeko edo
ezabatzeko instalazioak, guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan
dagoenean.
25.- Aurreko puntuetako proiektuak, bakar-bakarrik
edo batik bat metodo edo produktu berriak garatzeko edo entseiuak egiteko izan
eta bi urtez baino gehiago erabiliko ez direnak.
C) Ingurugiro-eraginaren ebaluazio sinplifikatua
egin behar duten obra edo jardueren zerrenda.
1.- Garraio-azpiegiturako proiektuak.
1.1.- Galtzada bikoiztea eta errepideetako plataforma
zabaltzea. Saihesbideak eta ibilbide-aldaketak 2 km baino luzera gutxiagokoak, eta
2 km baino gehiagokoak lurralde antolamendu-planetan lur- oa hedatzen denean.
2.- Azpiegitura hidraulikoetarako eta ur-jabari
publikoko jardueretako proiektuak.
2.1.- Naza, deribazio eta bilketak, lehendik dauden
horniketa-instalazio, zentral hidroelektriko eta presetan hedapen edo aldaketa
gisa egiten direnean.
2.2.- Ibilgu eta urtegietako dragatze eta garbiketak.
2.3.- Presak handiagotzea, ur-laminaren azalera
handiena %25 baino gutxiago hazten denean.
2.4.- Ubide-instalazioa.
2.5.- Ur-baliabideak ibai-arro batetik bestera
eramateko obrak.
2.6.- Zundaketak, zulaketak edo laginketak dituzten
ikerketa hidrogeologikoetako obrak, lur azpiko urak aprobetxatzeko eta
akuiferoak artifizialki kargatzeko obrak.
2.7.- Sare nagusiko hondakin-uren garraiorako instalazioak.
3.- Azpiegituren, industrien, instalazioen edo
nekazaritza, ur edo basogintzako jardueren proiektuak
3.1.- Zohikatz-erauzketa.
3.2.- Mendiak antolatzeko proiektuak eta plan
teknikoak, baso-berritze eta -ustiapenak, mendi-bideak eta baso-bideak eraikitzea.
3.3.- Animalia basatizko birpopulaketa.
3.4.- Lursail-kontzentrazioko proiektuak.
3.5.- Ur-baliabideak nekazaritzarako kudeatzeko
proiektuak, ureztapena eta drenajea dutelarik.
4.- Meagintzako proiektuak.
4.1.- Zulaketak, zundaketak eta laginketak egin
beharreko meagintza-ikerketa.
5.- Itsaso/lehorreko jabari publikoko jarduerak.
5.1.- Itsaso/lehorreko jabari publikoari eragiten
dioten obra eta azpiegituretarako sarbideak.
6.- Urbanizatu ezin den lurzoruko aparkalekuak,
3.000 m2-ko azalera baino handiagoa dutenean.
7.- Aurreko puntuetan aipatu ez arren lurzoruaren
aprobetxamendu-motan aldaketa eragiten duten jarduerak, zuhaixka edo
zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta 5 ha eta 50 ha bitarteko azaleran
egiten direnean.
II
ERANSKINA
Sailkatutako jardueren zerrenda
a) Erauzketa-jarduerak.
b) Instalazio nuklear eta
erradioaktiboak.
c) Energia produzitzeko
instalazioak.
d) Industriak oro har.
e) Hiltegiak eta abelazkuntza-ustiaketak.
f) Arrain-haztegiak.
g) Erregaiak, objektuak edo
materialak pilatzen direlako su- edo leherketa-arriskua duten jarduera eta
instalazioak.
h) Ibilgailuentzako garajeak
eta hornitegiak.
i) Merkataritzako eta oro
har zerbitzuetako jarduerak.
j) Ostalaritza-jarduerak.
k) Ikuskizun publikoak eta
aisiarako jarduerak.
l) Hondakinak biltzeko,
tratatzeko, balioztatzeko eta deuseztatzeko instalazioak.
m) Hondakin-urak
arazteko instalazioak.
n) Hilerriak.
ñ) Osasunarentzat
eta ingurugiroarentzat antzeko eragina duten beste zenbait jarduera.