20/1998 Legea, ekainaren 29koa, Lurzoru Ondare Publikoena.
1998-06-29Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/7/15, 132. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.
Indargabetua: 2006-09-20
§ 226. 20/1998 LEGEA, EKAINAREN 29KOA, LURZORU ONDARE PUBLIKOENA
ZIOEN ADIERAZPENA
Herritarrek
etxebizitza duina lortzeko daukaten eskubidea eta lurzoruaren erabilgarritasuna
eskatzen duten gizartearen onerako erabilerak bermatu nahi baditugu,
beharrezkoa da baliabide bereziak jartzea administrazio publikoek lurzoruaren
merkatuan parte hartzeko eta merkatu hori kontrolatzeko. Baliabide horietako
bat udalen lurzoru-ondareak dira. Ondare-mota horrek hirigintza-antolamenduan
tradizio handia duen arren, lege-hutsuneek, maiz asko, bere eginkizuna betetzea
ezinezkotu dute. Horixe da, alegia, lege honen bitartez
zuzendu nahi den egoera.
Gainera, Udalen
Aurrekontuetan Lurraren Udal Ondarerako diren Zenbatekoen Gordailua Arautzen
duen otsailaren 20ko 1/1997 Legearen azken xedapenetako aurrenekoan jasotako
agindua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalez gaindiko administrazioek
lurzoru-ondareak eratzea aurreikusi du lege honek.
Legeak partaidetzarako
beste bide batzuk ere jaso ditu, udalek, Autonomia Erkidegoko Administrazioak
eta lurralde historikoetako foru-organoek aukera izan dezaten lurzoruak
eskuratzeko. Horrela bide ematen da erakunde horiek helburu orokorrak lortzera
zuzendutako eginkizun publikoak bete ditzaten.
Ekimen publiko horiek,
antzinatik, babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzorua lortzearekin lotu ohi
dira, eta batez ere udalen lurzoru-ondareen eraketa eta kudeaketan oinarritu
dira. Oraingoan, lege honek beste gizarte-erabilera batzuk hartu ditu bere
baitan, eta lurraldea antolatzeko tresnetan jasotako asmo eta helburuak
betetzearekin lotu ditu neurriak, lortu nahi diren helburuak bermatzen dituzten
neurri eraginkor eta prozedurak taxutu nahian.
Legearen I. tituluan,
udalen lurzoru-ondareak arautu dira orokorrean, udalen esku utzitako eginkizuna
dudarik gabe bermatu nahian. Titulu horretan zehaztutakoaren arabera, horrelako
ondareak sortzeko beharra legetik dator zuzenean. Izan ere, legean xehetasunez
zehaztu dira ondareak osatzen dituzten ondasunak eta baliabideak. Halaber,
bereizitako ondare gisa zuten izaerari eusten zaio, eta babes ofizialeko
etxebizitzetarako eta gizartearen onerako beste erabileretarako lurzoruak
lortzearekin lotuta jarraitzen dute. Legeak erabilera horiek zehaztu ditu
ondare-mota horren zertarako berezituen antolaketak ekartzen zituen arazoak
gaindituz.
Beste helburu berezi
batzuk zehaztuta eta ondareak osatzen dituzten ondasun eta eskubideen zerrenda
zehatza eginda, udalen lurzoru-ondareek eginkizun nabarmena bete beharko dute
hirien antolamenduaren zerbitzura.
Legeak dioenez,
oraingoan, 7.000 biztanletik gorako udalerriek, derrigorrez, diru-izendapenak
egin behar dituzte beren aurrekontuetan udal lurzoru-ondareetarako ezarritako
helburuak lortzeari begira, 17/1994 Legean babes ofizialeko etxebizitzetarako
lurzoruaren estandarrak ezartzeko irizpide berari jarraiki. Euskadin
etxebizitza lortzeko dauden arazo larriak kontuan hartzen baditugu, badirudi
arrazoizkoa dela udalerriei horrelako tresna eraginkorra ematea. Horrela, aldi
berean, problema hori konpontzen laguntzeko aukera ematen zaie.
Era berean, geroan
erabiltzeko erreserba-lurzoruen mugaketa eta horren ondorioak zehazten ditu
legeak. Izan ere, gerta daiteke, batetik, udal-ondareak nahikoak ez izatea,
eta, bestetik, erreserba-lurzoruen mugaketa lagungarria izatea lurzoruaren
prezioa igo ez dadin eta transakzioetan gardentasun-elementuak sar daitezen
tanteo-eskubidearen eta berreskuratzeko eskubidearen menpe jartzen diren
neurrian.
Legearen II. tituluan,
Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien ekimenek lurzoruaren merkatuan nolako
partaidetza duten jasotzen da.
Lehenik, legean
aurreikusten denez, administrazio horiek lurzoru-ondare publikoak eratzeko
aukera izango dute, etxebizitza, ekonomi jarduera, azpiegitura, ekipamendu eta
abarren arloan dituzten eskumenak betetzeko behar diren lurzoruak lortzeko
asmoz.
Lurzorua erreserbatzeko
sistema, legean jasotako beste tresnetako bat da. Sistema horren ezaugarriak,
mugaketa eta kudeaketari dagokienez, udalerrien kasuan ezarritakoen antzerakoak
dira. Horren helburu nagusia lurraldea antolatzeko tresnen helburu eta
lehentasunak betetzea besterik ez da; bereziki, honako hauek betetzea: babes
ofizialeko etxebizitzetarako lurzoruak eskuratzea eta antolatzea, industriarako
lurzoruak antolatzea, azpiegitura eta ekipamenduak kokatzea.
Mugaketen funtsezko
ondorioa nahitaezko desjabetza gaitzea da, betiere lurzoru horiek salerosketa
edo permuta bidez eskuratzeko ahalmenari kalterik egin gabe.
Lurzoru-ondare publikoen
eraketa eta erreserba-sistema ez litzateke osoa izango, baldin eta salbuespenez
eta behar bezala justifikaturiko interes publikoko arrazoiengatik honako aukera
hau emango ez balitz: udalak bat ez badatoz Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak edo lurralde historikoetako foru-organoek egindako proposamenekin,
lurzoru horiek klasifikatzeko, kalifikatzeko eta burutzeko aukera egon behar
du. Horrela lurzoru horien antolamendua eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzak eta
foru-aldundiek burutu ditzakete, norbere eskumenen barruan, udal-planeamenduan
aurreikusitako tresnak tramitatuz eta behin betiko onartuz.
ATARIKO TITULUA
LEGEAREN GAIA
1. Artikulua - Gaia eta helburuak
Lege honen gaia da
Euskadiko administrazioetako lurzoru-ondare publikoak eta lurzoru-erreserbak
ezartzea eta arautzea, honako helburu hauek lortzeari begira:
a) Euskadiko
hiri eta lurraldeen garapena bultzatzea.
b) Lurzoruak
eskueran izatea, ekimen publikoak burutzeko eta, bereziki, babes ofizialeko
etxebizitzak eraikitzeko edo gizartearen onerako beste erabilera batzuk
gauzatzeko.
c) Lurzoruaren merkatua arautzea.
I TITULUA
LURZORUAREN MERKATUAN PARTE HARTZEKO
UDAL-TRESNAK
I KAPITULUA
UDALEN LURZORU-ONDAREAK
I SEKZIOA
ERAKETA ETA ONDAREA OSATZEN DUTEN ONDASUNAK
2. Artikulua - Eraketa
Planeamendu orokorra
daukaten udalek bakoitzak bere udalaren lurzoru-ondarea eratuko dute.
3. Artikulua - Bereizitako ondarea
1.- Udalaren lurzoru-ondarea udalaren
titularitatepeko gainerako ondasunetatik bereizitako ondarea da.
2.- Udalen lurzoru-ondareak osatzen dituzten
ondasunak, bai eta horiek besterentzerik eta, orokorrean, kudeatzetik lortutako
eskuarteak ere lotuta daude bakarrean lehenengo artikuluan ezarritako helburuak
betetzearekin.
4. Artikulua - Ondarea osatzen duten ondasunak
1.- Udalen lurzoru-ondareak honako ondasun
hauek osatuko dituzte:
a) Planeamendu
orokorrak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarritzat edo urbanizatzeko
modukotzat jotzen dituen udalen ondare-ondasunak, eskuratze-tituluagatik
udalaren lurzoru-ondarearen helburuetan jasota ez dagoen helburu berezi bati
lotuta daudenak izan ezik.
b) Hirigintza-planeamendua
egiterakoan hirigintza-baliabide eta dotazio eta ekipamenduetarako lortutako
eta lagatako lurzoruak.
c) Udalaren
lurzoru-ondarea eratzeko edo handitzeko asmoz eskuratutako lurzoruak, lurzoru horien
hirigintza-klasifikazioa zein den alde batera utzirik.
d) Desjabetza
bidez eskuratutako lurzoruak, erabilera edo zerbitzu publikoari eratxikita ez
daudenak.
e) Udalaren
lurzoru-ondarearen beste ondasunen truke lortutako lurzoruak.
f) Tanteo-eskubidea
eta berreskuratzeko eskubidea erabiliz lortutako ondasunak.
2.- Jarraian adierazitako baliabide ekonomikoak
udalaren lurzoru-ondareen eraketa, mantenimendu eta handitzearekin lotutako
fondoak izango dira:
a) Norbere
ondarea besterentzetik edo kudeatzetik lortutako diru-sarrerak.
b) Hirigintza-aprobetxamendua
lagatzetik etorritako diru-zenbatekoak, horrelakorik egonez gero.
c) Udalaren
lurzoru-ondarearen barruan dauden ondasunak berme hipotekario gisa dauzkaten
kredituak.
d) Udalaren
lurzoru-ondarea osatzen duten ondasunen gaineko azalerako eskubideen
kostubidezko eraketari dagozkion zenbatekoak.
3.- Halaber, udalen lurzoru-ondareak honako
hauek osatuko dituzte:
a) Hirigintza-aprobetxamendua,
Lurraren Araubide eta Hiri Antolaketaren arloko Presako Neurriak Zehazteari
buruzko 5/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren II. epigrafean
aipatutakoa, betiere epigrafe horren 2. idatz-zatian adierazitako
konpentsazioak egin eta gero.
b) Egikaritza-unitateetan
sartuta ez dauden partzeletan aurreikusitako eta unitate horien titularrei
dagokien aprobetxamendutik gorakoa den hirigintza-aprobetxamendua.
5. Artikulua - Aurrekontu diru-izendapenak
1.- 7.000 biztanletik gorako udalek, lehen
artikuluan zehaztutako helburuetarako diru-sarrerei buruzko I. eta II. kapituluan
izendatutako guztizkoaren 100eko 10aren zenbateko berdina izendatuko dute beren
aurrekontuetan.
2.- Aurrekontu-ekitaldi baterako gora edo
behera egindako aurreikuspenak ondorengo ekitaldietan konpentsa daitezke gora
edo beherako aurreikuspenak eginez, betiere lau urteko aldirako adierazitako
batez bestekoa betetzea bermatzen bada.
6. Artikulua - Kudeatzeko bideak
1.- Udalaren lurzoru-ondarearen kudeaketa
Administrazioak edo bere erakunde instrumentalek burutu ahal izango dute,
bakoitzean modalitate egokiena erabiliz.
2.- Udalaren lurzoru-ondarea kudeatzen duten
erakunde instrumentalak lege honetan ezarritako helburuak betetzeko
beharrezkoak diren desjabetzen hartzekodunak izan daitezke.
II SEKZIOA
ONDASUNEN ZERTARAKOA. LAGAPENAK ETA BESTERENTZEAK
7. Artikulua - Zertarakoa
Udalaren lurzoru-ondarea
babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko izango da batik bat, eta, gainera,
gizartearen onerako ondorengo erabileretarako:
a) Ekonomi
jardueretarako lurzoruaren eskuraketa eta sustapen publikoa.
b) Urbanizazio-obrak
eta sistema orokorrak egitea.
c) Udal-esparruko
ekipamendu kolektiboak edo guztion erabilerako beste instalazioen eraikuntza,
betiere administrazio publikoek edo beren baltzu instrumentalek sustatu
badituzte.
d) Administrazioen
ekimenez etxebizitzak birgaitzeko edo hiria eraberritzeko burututako eragiketa
osatuak eta bakanak.
e) Historia
eta kultur arloko ondarea birgaitzea.
f) Babes
bereziaren beharra aitortu zaien guneetan natur ingurunea zaintzea, babestea
edo bere onera ekartzea.
8. Artikulua - Besterentzeak. Erregimen orokorra
1.- Udalaren lurzoru-ondarea osatzen duten
lurzoruak eta ondasun higiezinak besterentzeko modukoak dira aurreko artikuluan
zehaztutako helburuak eta zertarakoa betetzeari begira.
2.- Orokorrean, udalaren lurzoru-ondarearen
ondasunen lagapenak kostubidezkoak izango dira eta lehiaketa edo enkante
publikoen bidez burutuko dira.
9. Artikulua - Lehiaketa bidezko besterentzea
1.- Udalaren lurzoru-ondarearen ondasunak
besterentzeko sistema lehiaketa izango da. Horretarako, toki-jaurbideari
buruzko legerian ezarritako baldintzak bete beharko dira, hirigintza-helburuen
arabera beharrezkoak diren berezitasunak kontuan izanda.
2.- Nolanahi ere, lehiaketaren oinarrietan
honako hauek zehaztuko dira:
a) Lizitazioaren
gutxienezko prezioa.
b) Etxebizitzen
salmenta edo errentamenduaren gehienezko prezioak.
c) Eraikuntza-obrak
egiteko gehienezko epeak eta, hala badagokio, urbanizatzeko gehienezko epeak,
lurzoruak orubetzat jo ez badira.
10. Artikulua - Zuzeneko besterentzeak
1.- Badago ondasunak zuzenean besterentzea,
toki-jaurbideari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betez, honako kasu
hauetan:
a) Eskatzaileak
laguntza edo gizarte arloko irabazte-xederik gabeko erakundeak badira,
esaterako fundazioak, mutualitateak, kooperatibak eta babes ofizialeko
etxebizitzen eraikuntza sustatzen duten beste batzuk.
b) Udal-titularitate
zuzeneko etxebizitza-eraikin publikoen kasuan edo erakunde eta menpeko
merkataritza-enpresenean, eskatzaileak etxebizitza horien legezko maizterrak
badira.
c) Lehiaketa
urtebeteko epean bete gabe geratu bada. Kasu horretan, besterentzea
baldintza-orri beraren arabera burutuko da. Esleipen-prezioa ezin izango da
inoiz ere lehiaketa bidezko lizitazioetan ezarritakoa baino baxuagoa izan.
2.- Era berean, badago ondasunak zuzenean
besterentzea, toki-jaurbideari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak
betez, honako erabilera hauetarako:
a) Erakunde
publikoek edo beren erakunde instrumentalek sustatutako babes ofizialeko
etxebizitzak eraikitzeko, baldin eta jarduera hori erakunde horien berariazko
helburuen artean badago.
b) Erakunde
ofizialen eraikin publikoak eraikitzeko, eraikin horiek kokaleku jakin bat
behar badute.
c) Zerbitzu
publiko edo gizarte-intereseko, jabetza publiko edo irabazte-xederik gabeko
erakundeen eraikinak eraikitzeko, esate baterako laguntza-zentroak, kultur
etxeak, osasun-zentroak, elizak edo kiroldegiak eraikitzeko, baldin eta eraikin
horiek kokaleku jakin bat behar badute.
d) Sistema
orokorrak eta urbanizazio-obrak egitea.
3.- Zuzeneko besterentzea hitzarmen bidez
bideratuko da, erregelamendu bidez zehaztutako gutxienezko baldintza eta
eskakizunekin bat etorriz. Zertarakoa babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea
bada, hitzarmenaren edukiak, edonola ere, 9.2 artikuluan ezarritakoaren menpe
egongo dira.
11. Artikulua - Doako edo baliotik beherako lagapenak
Udalaren
lurzoru-ondarearen ondasunak honako kasu hauetan bestetan ezin dira doan edo
bere hirigintza-balioari dagokion baliotik behera laga:
a) Lagapena
egiten duena administrazio publiko bat edo bere erakunde instrumentaletako bat
bada eta zertarakoa 7. artikuluan jasotakoen artean badago.
b) Eskatzailea
interes publikoko irabazte-xederik gabeko baltzu pribatua bada eta lurzoruaren
zertarakoa babes ofizialeko etxebizitzak, ekipamendu kolektiboak edo erabilera
publiko edo gizarte-intereseko beste instalazio batzuk egitea bada.
12. Artikulua - Planeamenduan babes ofizialeko etxebizitzetarako edo
gizarte-intereseko beste erabileretarako kalifikatu ez diren udalaren
lurzoru-ondarearen ondasunak besterentzea
Hirigintza-planeamenduan
babes ofizialeko etxebizitzetarako edo 7. artikuluan jasotako beste
erabileretarako bereziki kalifikatu ez diren udalaren lurzoru-ondarearen
ondasunak askatasun osoz besterendu daitezke, betiere lortutako diru-sarrerak
edo ondasunak udalaren lurzoru-ondarearen helburuetarako erabiltzen badira.
II KAPITULUA
UDALAREN LURZORU-ERRESERBAK
13. Artikulua - Eraketa eta helburuak
1.- Babes bereziaren menpe ez dagoen lurzoru
ez-urbanizagarriaren gainean eta, hala badagokio, programatu edo sektorizatu
gabeko lurzoruaren gainean udalaren lurzoru-erreserbak ezarri ahal izango
dituzte planeamendu orokorraren tresnek, udalaren lurzoru-ondarea eratzeari edo
handitzeari begira. Eskuratzeko epea planeamendu-tresnetan zehaztuko da, eta ez
da inoiz ere zortzi urtetik gorakoa izango.
2.- Aurreko idatz-zatian ezarritakoari kalterik
egin gabe, udalerriek lurzoru-erreserba berriak ezar ditzakete edo daudenak
handiagotu, honako kasu hauetan:
a) Bi
urte igaro badira, gutxienez, dagokion planeamendu-tresna orokorra indarrean
sartu zenetik.
b) Jabetza
kentzeko dagokion prozeduran zertarako berarekin aurretik deklaratutako
lurzoru-erreserbak okupatu badira.
Eskuratzeko gehienezko
epea akordioan azalduko da, eta ez da inoiz ere zortzi urtetik gorakoa izango.
14. Artikulua - Mugaketa eta prozedura
1.- Erreserba-lurzoruen mugaketa azalera-plano
baten bidez formalizatu beharko da, partzelak zeinkatuz Landa Ondasunen
Katastroaren bitartez. Afektatutako jabeen zerrenda eta lurzoruaren zertarakoa
edo egungo erabilerak jasoko ditu.
Mugaketak, besteak beste,
arrazoitu eta ebaluatu beharko du zergatik egin duen aukera hori beste
kokapen-aukeren aldean.
2.- 13.2 artikuluan jasotako kasuetan honako
prozedura hau erabiliko da:
a) Mugaketa-erabakia,
hasiera batean, alkateak hartuko du, eta hilabetez jendaurrean jarriko,
dagokion lurralde historikoko Aldizkari Ofizialean eta lurralde horretan gehien
saltzen diren egunkarietako batean, gutxienez, iragarkia argitaratuz.
Afektatutako jabeei zuzenean emango zaie horren berri.
b) Arrazoibideak
ikusita, udalbatzarrak behin betiko onartuko du mugaketa, dagozkion aldaketak
sartuz.
15. Artikulua - Desjabetza
1.- Udalaren lurzoru-erreserbaren mugaketak,
lurzoruak udalaren lurzoru-ondarearen berezko xedeetarako erabili ahal izateko
egindakoak, bere baitan dakar onura publikoko deklarazioa eta okupazio-beharra
desjabetza-ondorioetarako.
2.- Eskuratzeko gehienezko epea amaituta,
udalak ez baditu lurzoruak eskuratu, aldi berean desjabetza-espedientea tramitatuz
bestela ezingo da lurzoru-erreserba berriz ere egin.
16. Artikulua - Udalaren lurzoru-ondarearen zertarakoarekin bat ez
datorren hirigintza-antolamendua
Planeamendu-tresna
egokiak erreserba-lurzoruetarako aurreikusitako hirigintza-antolamendua bat ez
badator udalaren lurzoru-ondarearen zertarakoarekin, erreserba-indarrik gabe
geratuko da udalak horri buruz hartzen duen erabakiaren bidez.
17. Artikulua - Erreserba-mugaketaren ondorioak
Erreserbarako mugatutako
guneetan, lurzoru edo ondasun higiezinen kostubidezko eskualdatzeak
tanteo-eskubidearen eta berreskuratzeko eskubidearen menpe gelditzen dira
erreserba adierazi duen udalaren alde.
18. Artikulua - Tanteo-eskubidea eta berreskuratzeko eskubidea
erabiltzeko prozedura
1.- Erreserba-guneetan dauden lurzoruen eta
ondasunen jabeek udalari jakinarazi beharko diote besterentzeko erabakia,
asmotan dituzten prezioa eta ordainketa-modua eta eskualdatzearen beste
funtsezko baldintzak adieraziz, hartara tanteo-eskubidea erabiltzeko aukera
egon dadin jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik aurrera kontatuko den
bi hilabeteko epearen barruan. Epe hori bukatu eta udalak bere
esleipen-erabakiaren berri eman ez badu, besterentzea askatasun osoz egin
ahalko da.
2.- Aurreko idatz-zatian aurreikusitako jakinarazpena
egin ez denean, udalak berreskuratzeko eskubidea erabili ahalko du
besterentzearen berri izan duenetik aurrera kontatuko den bi hilabeteko epean.
Berreskuratzeko eskubidea aldi berean erabili ahalko da, halaber, baldin eta
aurreko idatz-zatian aurreikusitako jakinarazpenean adierazi ez bada eskatzen
diren betekizunetako edozein, edo eskualdatzearen benetako prezioa txikiagoa
bada, edo eskualdatzearen beste baldintzak arinagoak badira.
19. Artikulua - Erregistroan ez inskribatzea
Jabetza Erregistroan
ezingo da inskribatu esandako erreserba-guneetan dauden higiezinen gain
egindako eskualdatzerik, aurreko artikuluan adierazitako jakinarazpena egin
dela ziurtaturik ez badago.
II TITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA LURRALDE
HISTORIKOETAKO FORU-ORGANOEN PARTAIDETZA LURZORUAREN MERKATUAN
20. Artikulua - Xedapen orokorra
Lege honen 1. artikuluan
zehaztutakoak helburutzat harturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek euren lurzoru-ondare
publikoak eratu ahal izango dituzte, edo udalekin eta lurralde edo
jardute-mailako izaera ez duten beste erakunde publiko batzuekin elkarlanean
aritu ahalko dira lurzoruak eta beste ondasun higiezinak erosten edo eskuratzen
laguntzeko.
Udalez gaindiko lurzoruen
ondare publiko hauek lurzoruen udal ondareekin eskumen-alorreko bikoiztasunak
edo gainjartzeak ekidingo dituzte udal-erakundeekin koordinatutako jarduera
izanez eta foru organoen eta Erkidego osorako erakundeen politiken artean beharrezkoa
den koordinazioaren bidez.
21. Artikulua - Lurzoruak eta beste ondasun higiezinak eskuratzea.
Desjabetzeko legitimazioa
1.- Euskadiko Administrazio Orokorrak edo
lurralde historikoetako foru-organoek legean zehazten diren bideen bitartez
eskuratu ahal izango dituzte lurzoruak eta bestelako ondasun higiezinak.
2.- Ondasun horiek udalen lurzoru-ondareetan
sartzekoak badira, edo babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, industri edo
ekonomi jardueretarako lurzoruaren sustapen publikoa egiteko edo azpiegiturak
eta ekipamenduak egiteko erabiltzekoak badira, Euskadiko Administrazio
Orokorrak eta foru-organoek desjabetza bidez jokatu ahalko dute, desjabetzaren
onuradun gisa interesa duten udalak edo gainerako erakunde publikoak azaldu
daitezkeela, egonez gero.
22. Artikulua - Hirigintza-antolamendua
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorraren edo lurralde historikoetako foru-organoen lurzoruak garatu ahal
izateko, klasifikazio, kalifikazio eta antolamendu egokiak eta urbanizazio eta
kudeaketarako tresna egokiak izan beharko dituzte, indarrean dagoen
hirigintza-legeriarekin guztiz bat etorriz.
2.- Euskadiko Administrazio Orokorrari eta
lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien sailek antolamendu, urbanizazio
eta kudeaketarako beharrezkoak diren hirigintza-tresnak formulatu eta tramitatu
ahal izango dituzte, betiere afektatutako udalerrietako udalek horrela eskatzen
badiete, udal horiek beren eskumenen barruan hartu beharko dituzten erabakien
kalterik gabe
3.- Salbuespenez, eta behar bezala
justifikaturiko interes publikoko arrazoiek horrela eskatzen badute, Eusko
Jaurlaritzak baimena eman ahal izango die Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen sailei ere
antolamendu, urbanizazio eta kudeaketarako beharrezkoak diren
hirigintza-tresnak formulatu eta tramitatzeko, betiere hirigintza- eta
lurralde-antolamendurako legeriak ezarritako prozedurari jarraiki.
Eusko Jaurlaritzak
aurreko paragrafoan aipatutako organoei formulazio eta tramitazioa egiteko
baimena eman aurretik, honako tramite hauek bete beharko dira:
a) Sail
sustatzaileek komunikazio formala egin beharko diete afektatutako udalei, eta
hauek, hiru hilabeteko epean, gehienez, proposamenarekin bat datozen edo ez
agetu beharko dute, betiere euren iritziaren arrazoiak emanez.
b) Epe
horretan desadostasuna agertzen badute edo erantzunik ematen ez badute, bi
hilabeteko epea izango da negoziatzeko eta kontsultak egiteko, ea akordio bat
lortzen den. Akordiorik lortzen ez bada, Jaurlaritzari eskatuko zaio baimena
lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.
Nolanahi ere,
antolamendu, urbanizazio eta kudeaketarako hirigintza-tresnak behin betiko
onartzea jarduten duen administrazio eskumendunei dagokie.
23. Artikulua - Burutzea
Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek
sustatutako jarduketak, aurreko artikuluan zehaztutakoak, garatzeko, jarduten
duen Administrazioak proiektuaren berri eman beharko dio dagokion udalari.
Honek bat datorren ala ez adierazi ahal izango du, arrazoiak emanez, hiru
hilabeteko epean. Epe hori amaituta edo udala bat ez badator, Jaurlaritzak,
proiektua hirigintza-planifikazioarekin bat datorrela egiaztatuta eta udalari
entzun eta gero, berehala burutzeko baimena eman ahal izango du. Baimen horrek
ez du jarduten duen administrazioa dagozkion udal-zergak behar denean ordaindu
behar izatetik jare uzten.
24. Artikulua - Besterentzea eta lagapena
1.- Besterentzea, azalerako eskubideen eraketa,
errentamendua edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta
lurralde historikoetako foru-organoen lurzoru-ondare publikoen lurzoru eta
gainerako ondasun higiezinak lagatzeko beste bide batzuk euren ondare-ondasunak
arautzen dituzten arauekin bat etorriz burutuko dira.
2.- Aipatutako lurzoruak eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta foru-organoen lurzoru-ondare publikoen
lurzoru eta gainerako ondasun higiezinak besterentzetik, lagatzetik edo
kudeatzetik lortutako diru-sarrerak ez dira ezinbestean erabili behar horiek
mantentzeko edo handitzeko.
25. Artikulua - Lurzoru-erreserbak
Titulu honetako aurreko
artikuluetan zehaztutakoari kalterik egin gabe, Euskadiko Administrazio
Orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek lurzoru-erreserbak egin
ahal izango dituzte lurzoru ez-urbanizagarrian eta, hala badagokio, programatu
edo sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarrian, euren lurzoru-ondare publikoak
eratzeko edo handitzeko.
Euskadiko Administrazio
Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen erreserbetarako
ezarritako baldintzak eta ondorioak I. tituluaren II. kapituluan lurzoruaren
udal-erreserbetarako zehaztutako berberak izango dira, honako hauek salbu:
a) Mugaketa-erabakia,
hasiera batean, lurralde-antolamendu edota hirigintza arloan eskumena duen
sailburu edo foru-diputatuak hartuko du afektatutako udalari edo udalei
hilabeteko epean entzunaldia eman eta gero. Behin betiko onarpena
Gobernu-Kontseiluak edo Diputatuen Kontseiluak egingo du, zein administrazio
den kontutan hartuta.
b) Euskadiko
Administrazio Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen erreserbak
ez daude 13. artikuluan zehaztutako baldintzen menpe.
Alabaina, erreserba bat
mugatuta daukan administrazioak ez du beste bat ezartzerik izango xede
berarekin eta udalerri berean, baldin eta lehenago, dagokion desjabetzeko
prozeduran, aurrez adierazitako erreserba okupatu ez badu. Halaber, eskuratzeko
epea ezingo da mugaketa-erabakia hartu zenetik hasi eta zortzi urtetik gorakoa
izan.
Xedapen Gehigarria
Lege honen II. tituluan
eta, bereziki, 21. eta 22. artikuluetan zehaztutakoak ez dio kalterik egingo
lege berezietan edo hirigintza-legerian zehaztutakoa ezartzeko ahalmenari,
Administrazioak edo zuzenbide publikoko erakundeek sustatu eta
udal-planeamenduarekin bat ez datozen proiektu jakinak berehala burutzeari
dagokionez.
Indargabetze Xedapena
Udal-aurrekontuetan
udalaren lurzoru-ondarean erabiltzeko diru-kopuruen izendapena arautzen duen
otsailaren 20ko 1/1997 Legea indargabeturik geratzen da.
Azken Xedapenak
Lehena - Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da
indarrean.
Bigarrena - Erregelamendu bidezko garapena
Gaitasuna ematen zaio
Jaurlaritzari lege hau garatzeko eta betearazteko behar beste arau emateko.