Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/2013 Legea, urriaren 10ekoa, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeari buruzkoa

2013-10-10

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2013/10/17, 199. zk.; EAO, 2013/11/12, 271. zk.

 

§ 351. 2/2013 LEGEA, URRIAREN 10EKOA, EUSKAL HERRIKO NATURA BABESTEKO EKAINAREN 30EKO 16/1994 LEGEA ALDATZEARI BURUZKOa

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Natura babesteak, Euskal Autonomia Erkidegoko legeetan egin ohi izan den eran, naturaren balioak zaintzea izan du helburu, zaintze hori betiere harmonian uztartuz zaindu nahi diren balioekin bateratzeko moduko zenbait jarduera ekonomiko mantentzearekin. Aukeratutako eremuen zaintze-egoera bera historian jasan dituen zenbait jarduera ekonomikoren ondorioa da, batez ere lehen sektorea sorburu dutenen ondorioa, alegia. Aldi berean, babestu beharreko eremu bat ez da izan behar erreserba bat zeinean gizakiaren jarduera bazterrera uzten baita halako museo estatikoa bailitzan, bera zaintzea beste helbururik ez duela, ekosistemen eta beraietan bertan bizi diren espezie guztien artean –gizakia barne– gertatzen diren elkarreraginen eboluzio logikotik kanpo.

 

       Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen aldaketak jardute-printzipio horiei erantzuten die, hain zuzen: egindakoa errespetatzea, eremuaren eboluzio orekatua arriskuan jar dezakeena zuzentzea, eta kautelak jartzea gerta litezkeen garapen ekonomiko berriek arriskuan jar ez ditzaten babestu beharreko balioak, baina sekula ez modu erradikalean ateak ixtea natur gune babestuek izan litzaketen garapen ekonomikoei.

 

       Natur baliabidetzat jo daitezkeen natur ingurunearen elementu osatzaileen artean badira zenbait materia beren forma guztietan: solidoak, likidoak edo gaseosoak. Baliabide horiek industria-jarduera batek jaso egin litzake, eta orduantxe sortzen da aurkaritzazko jarrera bat jarduera horien eta babestu behar diren ingurumeneko balioen artean, aurkaritzazko jarrera horren aurrean oreka bat bilatu behar delarik eta jardute-irizpideak finkatu naturaren defentsaren eta materia horien erauzte-jarduerak burutzearen artean.

 

       Natura Babesteko Legea aldatzeko Arabako Biltzar Nagusiek aurkeztutako lege-proposamenak, laudatzekoa bada ere gasa ateratzeko teknika zehatz bat erabiltzea debekatzeko duen asmoa, ez du asmatzen zuzen heltzeko moduan natur gune babestuek gainean bide duten arazo zehatz bati.

 

       Kontua ez da erabat debekatzea ez jarduera zehatz bat modu orokorrean, ez eta materialak ateratzeko metodo berariazko baten erabilera ere, natur gune babestuetan. Kontua da babestutako eremuaren kontrako zenbait jarduera, erabilera eta teknika egitea eragoztea Euskal Autonomia Erkidegoan egun indarrean diren legeetan aurreikusitako mekanismoak erabiliz, lege horietan baliabide naturalak antolatzeko planak baitira berariazko tresna zeinean zehazten baitira babesaren balioak, eta, halaber, babestutako esparruetako erabilera eta jardueren muga orokorrak eta berariazkoak ere, halako moldez non planean aurreikusitako jarduerak soilik egin ahal izan daitezen, zenbait teknika barne, eremu horien babesak xedatzen dituen balioekin bateragarriak direlako. Natur gune babestuak antolatzeko eta kudeatzeko berariazko arauak jartzeaz gain, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziora ere joko da, halako moldez non tresna horiek guztiek gauza izan beharra daukaten eremuak beren zaintze-mailarik onenetan mantentzeko, baina hala ere eremu horiek berezkoak dauzkaten garapen ekonomikorako jarduerak desegin gabe.

 

       Beste alde batetik, zaintze-egoera begiratzeko erantzukizuna eremu bakoitzaren berezko arauetan jartzea eremu bakoitzaren Gobernuari, foru-aldundiei eta udalei pasatzea da eremu hori begiratzeko erantzukizuna, ustez-eta eremu babestu batean bizi diren pertsonak eremu hori zaintzeari lotzea dela bermerik handiena zaintze hori gainerako gizarteak ulertzeko moduko arrazoizkotasunaren bidean aurrera joan dadin.

 

       Era berean, eta bestelako gaietara pasatuz, legearen aldaketak mekanismo zehatz bat dakar Red Natura 2000-rekiko Europako Erkidegoaren arauen babesean sortutako babes-figura berriei heltzeko, lehendik bazen lege bati gerora suertatutako babes figurak berak, eta horrek behartu egiten du lehenagoko lege hori egokitzera, haren artikulazio juridikoa modu koherentean gauzatzeko Natura Babesteko Legeak dioenarekin.

 

       Azkenik, ahalmena ematen zaio Jaurlaritzari legegintzako dekretu bat egiteko, zeinaren bitartez testu normatibo bakarrean bat egingo baitira Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen edukia, aurreko legea aldatzeko martxoaren 11ko 1/2010 Legea eta oraingo lege hau harmonizatuz.

 

Artikulu bakarra

 

Lehenengoa. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 8. artikuluaren azkenengo paragrafoa aldatu eta testu hau proposatzen da:

 

"Gobernu Kontseilurako proposamena amankomunean egingo dute Euskal Herriko Administrazio Orokorrean gai horretan eskumena duten sailek".

 

Bigarrena. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen III. Idazpuruko III. Atalburuari honako hau dioen 16 ter artikulua gehitzen zaio:

 

"16.   Gune babestuetarako figura desberdinak leku berean gainezarriko balira, berauen arauak zein plangintza mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko dira, eremuaren kudeaketa planaren baitan, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen erregimenek osotasun koherente bat osatzearen helburuarekin".

 

Hirugarrena. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 17. artikuluaren 4. idatz-zatia aldatu eta testu hau proposatzen da:

 

"4.   Natura gune babestuen mugetan eta horien eragin eremuetan ezin izango dira zaindu nahi diren ingurune-balioekin bateraezinak diren meatzaritzako erauzte-jarduerak egin.

       Babestutako natura gune bakoitzaren plangintza edota kudeaketa instrumentuak izango dira bateraezintasuna xedatuko dutenak, behar den bezala arrazoituz jarduera horrek eremu horien eta dagozkien eragin-eremuen ingurumen-balioekin eta babesteko irizpideekin duen bateraezintasuna.

       Edonola ere, jarduera horiek bateragarriak direnean babesten diren ingurumen-balioekin, natur eremu babestuetako erauzte-jarduerak egiteko proiektuek, beren osotasunean, hau da, bai erauzte-lanak bai instalazioek, beharrezkoa den banakako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete beharko dute. Ebaluazio horrek aurreko egoerara leheneratzeko lan guztiak eta lehendik zeuden ingurumen-balioak berreskuratzea jaso beharko ditu".

 

Laugarrena. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeari honako hau dioen 19 bis artikulua gehitzen zaio:

 

"1.   Eusko Jaurlaritza izango da komunitatearen intereseko guneak proposatuko dituena, eragina duten administrazio publikoen eta interesa duten sektore sozial eta publikoen egiazko parte hartzea ziurtatuz prozedimenduan. Aukeraketa hori 92/43/CE Zuzentarauaren III. gehigarrian datozen kriterioetan eta dagokion informazio zientifikoan oinarrituta egingo du.

2.    Natura 2000 Sareko guneen izendatzerako prozedimenduek eragindako administrazio publikoen zein interesa duen publikoaren parte hartze egiazkoa eta eraginkorra bermatuko dute.

3.    Txostenak, bere tramitazioaren hasierako faseetatik hasita, memoria ekonomiko bat izango du bere baitan, zeinak espreski jasoko dituen 92/43/CE Zuzentarauaren 8. artikuluan jasotako kofinantzazio komunitarioaren arabera beharrezkotzat hartzen diren aurreikuspenak.

4.    Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztien babeserako eremu bereziak (HBEB) izendatzeko dekretuek lekuaren eta bere mugatzearen kartografia izan beharko dituzte halabeharrez, interes komunitarioaren habitat motak eta izendapena arrazoitzen duten animalia eta landare espezieak, horien kontserbazio egoerari buruzko balorazio batekin batera, lekuaren kontserbazio-helburuekin eta jarraipen-programa batekin batera.

5.    Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztien babeserako eremu bereziak (HBEB) izendatzeko dekretuek kontuan hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eremu horiek babesteko sortutako arauak. Eusko Jaurlaritzak eremu horiek kudeatzeko artezpideak eraskin gisa argitaratzeko agindua emango du.

       Lurralde historikoetako foru organuek kudeaketa planak egingo dituzte, kontserbazio-helburuak oinarri hartuta, bere baitan honako hauek jasoko dituztenak: eremuak zaintze-egoera egokian mantentzeko neurri egokiak, habitat naturalen eta espezieen habitaten hondatzea ekiditeko neurri egokiak, hala nola gune hauen izendapena bultzatu duten espezieei eragiten dizkieten aldaketak ekiditeko neurriak. Plan hauek bereziki aintzat hartu beharko dituzte osoki zein bere lurzoruaren zati handi bat eremu hauetan dauzkaten udalerrien beharrak. Baldintza horien arabera egingo diren artezpideak Eusko Jaurlaritzan eskumena duen sailari bidali beharko zaizkio, argitara ditzan dagokion izendatze-dekretuaren eraskin gisa.

6.    Kontserbazio bereziko eremuek (KBE) eta hegaztien babeserako eremu bereziek (HBEB) parke naturalekin bat egingo balute, horiek izendatzeko dekretuek 17.4 artikuluak aurreikusitakoa kontuan izan beharko dute".

 

Bosgarrena. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 30. artikuluaren 4. idatz-zatiko b), c) eta g) paragrafoak aldatu eta testu hau proposatzen da:

 

"b)   Euskal Herriko Administrazio Orokorrean Baliabide naturalen antolamenduan eta naturaren babestean eskumena duen saileko ordezkari bat.

c)     Euskal Herriko Administrazio Orokorrean nekazaritza gaian eskumena duen saileko ordezkari bat.

g)    Euskal Herriko Administrazio Orokorrean baliabide naturalen antolamenduan eta naturaren babestean eskumena duen sailak izendatutako eta izen handiko hiru aditu".

 

Seigarrena. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duen 1/2010 Legearen xedapen iragankor bakarra aldatu eta lehenengo xedapen iragankor hau proposatzen da:

 

"Lehenengo xedapen iragankorra

 

       Lege hau onartzeko datan babestutako naturguneen mugen eta eragin-eremuen barruan lanean dauden meatze-jarduera baimenduek ezingo dute beren ustiapena zabaldu naturgune horien baitan, ez proiektu berrien bidez, ez gauzatzean ari diren proiektuak aldatzearen bidez, dagokion natur baliabideen antolamendurak planaren aldaketa onartu baino lehen.

 

       Edonola ere, planaren aldaketan ezarriko dira ekosistemen morfologia egokia eta paisaia berreskuratzeko neurriak, ustiapenaren titularrak baimena lortu ahal izateko baldintza berezi gisa leheneratze-planean aurkeztu beharko dituenak".

 

Zazpigarrena. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duen 1/2010 Legeari honako hau dioen bigarren xedapen iragankorra gehitzen zaio:

 

"Bigarren xedapen iragankorra

 

       Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) kontserbatzeko egun indarrean dauden neurriak lege honi egokituko zaizkio.

 

       Egokitzapenak, lege honetan ezarritako prozeduraren araberakoa izan beharko du, eta kontserbazio-neurriak aldatu edo berraztertzeko lehenengo espedientean egin beharko da.

 

       Lege hau indarrean sartzen denean prestatze-fasean dauden kontserbazio bereziko eremuen (KBE) kontserbazio-neurriak burutzeko, aurretik aplikatzen ari zen araudiaren arabera jarraitu beharko da.

 

       Horretarako, kontserbazio-neurriak prestatze-fasekotzat joko dira jende aurreko informazioko tramitetik igaro badira lege hau indarrean sartzen denean".

 

Azken xedapenetako lehenengoa

 

       Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko gehienezko epean testu bakar bat birsortzeko, honako hauek batzeko: Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea, lege hori aldatzen duen martxoaren 11ko 1/2010 Legea, eta lege hau; testu bategina onestea Naturzaintza-Euskal Herriko Natura Zaintzeko Aholku Batzordearen ardura izango da. Testu bategina aipatu legeak testu bakarrean bateratzera eta beharrezko artikuluak, kapituluak eta xedapenak berrizendatzera mugatuko da, hala nola numerazio berrira egokitzera legeen barne-bidalketak.

 

Azken xedapenetako bigarrena

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra