2/2007 Legegintza Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena.
2007-11-06Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/1/22, 15. zk.
§
XI. 2/2007 Legegintzako Dekretua,
AZAROAREN 6KOA, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko
Euskadiko
Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea aldatzeko ekainaren 22ko 6/2007
Legearen lehenengo azken xedapenak baimena ematen dio Jaurlaritzari lege hori
indarrean jarri eta gehienez lau hilabetera testu bakar batean biltzeko
Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea eta aipaturiko
aldaketako 6/2007 Lege hori.
Aipaturiko
lehenengo azken xedapen horren arabera, testu bategina honetara mugatuko da: bi
legeak testu bakarrean biltzera eta artikuluak, kapituluak eta xedapenak behar
den neurrian berriro zenbakitzera, bai eta testu bakarrean bildu beharreko
legeen barne-bidalketak zenbakera berriari egokitzera ere.
Horren
indarrez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Aholku
Batzorde Juridikoari entzun eta gero, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko
azaroaren 6n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra - Euskadiko Ondareari buruzko Legearen
testu bategina onartzea
Euskadiko
Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea aldatzeko ekainaren 22ko 6/2007
Legearen lehenengo azken xedapenean ezarririkoarekin bat etorriz, Euskadiko
Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen da, eta honen ondoren
eransten da.
Xedapen Indargabetzailea
Legegintzako
dekretu honen indarrez onartzen den testu bategina indarrean jartzean,
indargabeturik geratuko dira honako xedapen hauek:
- 5/2006 Legea, azaroaren 17koa, Euskadiko Ondareari buruzkoa.
- 6/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren
17ko 5/2006 Legea aldatzekoa.
Azken Xedapena
Indarrean jartzea
Legegintzako dekretu hau eta onartzen duen testu
bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean
jarriko dira indarrean.
Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen
Inbentario Orokorrari buruzko xedapenak indarrean sartzea atzeratu egingo da,
harik eta testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrean aipaturiko agindua
indarrean izan arte.
EUSKADIKO ONDAREARI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Xedea eta aplikazio-eremua
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko ondarea edo Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen
araubide juridikoa ezartzea da lege honen xedea. Hona hemen legearen aplikazio-eremu subjektiboa:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, organismo autonomoak eta zuzenbide
pribatuko erakunde publikoak.
b) Eusko
Legebiltzarra.
c) Herri
Kontuen Euskal Epaitegia.
d) Arartekoa.
e) Euskal
Herriko Unibertsitatea, bosgarren xedapen gehigarrian xedaturik dagoenaren
arabera.
f) Lan
Harremanen Kontseilua.
g) Ekonomia
eta Gizarte Kontseilua.
h) Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua.
i) Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
j) Sortzeko legean hala xedaturik daukaten
gainerako erakunde publikoak.
2. Edozein titulu
bitartez, aurreko paragrafoko erakunde horien jabetzapekoak diren, edo erakunde
horienak direla jotzen diren, ondasun eta eskubide guztiek osatzen dute
Autonomia Erkidegoko ondarea edo Euskadiko ondarea.
3. Ez dirua, ez
baloreak, ez kredituak ez eta Euskadiko Ogasuneko gainerako
finantza-baliabideak ere ez dira Euskadiko ondarearen barruan daudela ulertuko,
eta, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen kasuan, ezta haien altxorra osatzen
duten baliabideak ere.
2. Artikulua - Araubide juridikoa
Lege
honen eta lege hau garatzen edo osatzen duten xedapenen arabera arautu behar da
Euskadiko ondarea.
3. Artikulua - Ondasunen eta eskubideen
sailkapena
Euskadiko
ondareko ondasunak eta eskubideak, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren
3ko 33/2003 Legeko 4. artikuluan xedaturik dagoen moduan, herri-jabarikoak eta
jabari pribatukoak edo ondare-ondasunak dira.
4. Artikulua - Herri-jabariko ondasunak eta
eskubideak
1. Hauek dira
Euskadiko ondareko herri-jabariko ondasunak eta eskubideak: 1. artikuluko
erakundeen titulartasunpekoak izanik erabilera orokorrerako edo zerbitzu
publikorako loturik daudenak bai eta legeren batean berariaz herri-jabariko
modura jasota daudenak.
2. Erakunde horiek
zerbitzu, bulego eta egoitzatarako dauzkaten titulartasunpeko higiezinak
herri-jabarikoak izango dira beti, bai eta lanagatik edo karguagatik erabiltzen
diren higiezinak ere.
5. Artikulua - Jabari pribatuko ondasunak eta eskubideak
edo ondarekoak
1. 1. artikuluko
erakundeen titulartasunpekoak diren baina herri-jabarikoak ez diren ondasunak
eta eskubideak dira jabari pribatukoak.
2. Honako hauek jabari
pribatukotzat joko dira, beti:
a) Errentamendu-eskubideak.
b) Merkataritza-sozietateetako akzioen, merkataritza-sozietateetako
kapitaleko partaidetzen edo halako sozietateek jaulkitako obligazioen ordezko
baloreak eta tituluak, bai eta gerokoen eta aukeren kontratuak ere baldin eta
azpitik duten aktiboa sozietateetako akzioek edo partaidetzek osatzen badute.
c) Jabetza
gorpuzgabeen eskubideak.
d) Edergarri
eta apaingarritarako ondasun higigarriak.
e) Ondare-ondasunen
eta ondare-eskubideen titulartasunetik datorren eskubide oro.
6. Artikulua - Titulartasuna
1. Euskadiko ondare barruan baldin badaude, ondasun
higiezinen jabetza, higiezinen eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen
titulartasuna eta gorputzik gabeko jabetza-eskubideen titulartasuna Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokio, horien erabiltzaile,
sortzaile edo eskuratzaile edozein erakunde dela ere. Bi salbuespen salbu: Euskal
Irrati-Telebista erakunde publikoa dela-eta laugarren xedapen gehigarriak
dakarrena eta Euskal Herriko Unibertsitatea dela-eta bosgarren xedapen
gehigarriak dakarrena.
2. Gainerako ondasun eta eskubideen jabetza eta
titulartasuna, berriz, eskuratu dituen pertsona juridikoarena izango da.
7. Artikulua - Administrazio orokorraz besteko erakundeen
ondasunen titulartasuna, beharrezkoak ez dituztenean edo erakundea azkendu eta
gero
1. Dena delako
organismoaren edo erakundearen helburuak betetzeko behar ez badira,
Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpeko ondasunak eta
eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren
titulartasunpekoak bihurtuko dira, kasu hauetan izan ezik (salbuespen horietan,
organismo edo erakunde titular horrek alferreko ondasun edo eskubide horren
jabetza besterentzeko ahalmena izango du):
a) Dena
delako organismoa edo erakundea sortzeko arauan bestelakorik baldin badator
aginduta edo besterentzeko ahalmenik baldin badu aitorturik.
b) Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ondarearen inguruko eskumenak
dituen sailak uste badu ez dela egokia ondasun edo eskubide hori berera
ekartzea.
2. Administrazio
orokorraz bestekoa den erakundea azkendu egiten bada, berriz, haren ondasun eta
eskubide guztien titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorrari egokituko zaio, non eta azkentze hori baimentzen duen xedapen edo
egintzan ez den bestelakorik agintzen.
3. Aurreko paragrafoetako
ondasun edo eskubide horren eskualdatzea gauzatzeko, emate-akta edo edukitza
hartzeko akta erabiliko da. Emate-akta hori ondarearen inguruko eskumenak
dituen saileko ordezkariak eta organismo autonomo edo erakunde emailearen
ordezkariak izenpetu beharko dute, eta edukitza hartzeko akta, berriz, sail
eskumendunaren ordezkariak egingo du, bere kasa.
8. Artikulua - Jabari-ahalmenak, ordezkaritza, eta
eskumenen deskontzentrazioa eta birbanatzea
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak diren eta Euskadiko
ondare barrukoak diren ondasun eta eskubideen gaineko jabari-ahalmenak
erabiltzea, ondasun eta eskubide horiek kudeatzea, administratzea eta
ustiatzea, ordezkatzea eta auzitegietatik kanpora defendatzea, lege honetan
arauturiko gaiei buruz Gobernu Kontseiluak hartzen dituen erabakiak
betearaztea, eta auzitegietan ondasunen eta eskubideen aldeko akzioak
baliatzea, horiek guztiak ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren ardurak
dira, non eta ez zaizkion, berariaz, beste organo edo erakunderen bati agindu,
eta atxikitze-egintzak berak berarekin dakartzan ahalmenei ezer kendu gabe.
2. Baina ondasun eta
eskubideen titulartasuna ez baldin bada Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrarena, beste erakunde batena baizik, ondare-arloan eskudun
den sailaren eskuetan aurreko paragrafoan utzitako ahalmenak eta eskumenak
erabiltzea ondasun eta eskubide horien titulartasuna duen erakundeari egokituko
zaio, paragrafo horretan bertan zehazturiko salbuespenak salbu, sorrerako edo
antolakuntzako arauen edo estatutuen arabera, eta eskumenak berariaz eman ez
badira, erakundearen legezko ordezkaritza duen organoari egokituko zaio.
3. Epaiketetako
ordezkaritza dela-eta, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoa epaiketetan defendatzeko
legedian xedaturik dagoena bete beharko da.
4. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpeko ondasun edo eskubideak
darabiltzaten eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden
erakunde guztietan beharko du ordezkaturik egon ondareari buruzko eskumenak
dituen sailak. Halakoetarako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko
Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoan zehazturik dagoena
izango da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa -testu bategin hori
azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen.
5. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraren eta Administrazio instituzionalaren
titulartasunpeko ondasunak eta eskubideak eskuratu, erabili, kudeatu,
administratu, ustiatu eta besterentzeko egintzei buruz, eta ondasun nahiz
eskubide horiek xedatzeko bestelako egintza batzuei buruz, lege honetan
emandako eskumenak deskontzentratu egin ahal izango dira, edo bestelako organo
edo erakunde baten esku utzi, baldin eta, ondare-arloan eskumenak dituen
sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez horrela ezartzen
badu.
9. Artikulua - Perituaren tasazioa eta
kontabilitate-ondorioetarako balioespena
1. Perituaren tasazioa dela-eta, ondarearen
kudeaketarako, tasazioari dagokion espedientea ebatzi behar duen organoa da
tasazio hori egiteko eskuduna, eta zein parametrotan oinarritu diren ere
zehaztu beharko du. Baina
tasazio hori espedientea eskatu duenak ekar dezala ere eska dezake, edo
halakoak egiteko ahalmena duen beste administrazio-organo edo
administrazio-teknikariren bati agindu diezaioke. Legez gaituriko
tasazio-sozietateei edo enpresei eskatzeko aukera ere badago.
2. Kontabilitaterako
baldin bada, balioespena egiteko, dena delako erakundean aplikatu beharreko
kontabilitate-arauak bete beharko dira, eta ekonomia-kontrola eta
kontabilitatea arautzeko legediaren arabera ikusi beharko da zein organori
dagokion balioespena egitea.
II. TITULUA
ONDAREA
BABESTEA ETA DEFENDATZEA
I.
KAPITULUA
ONDAREA
BABESTU ETA DEFENDATU BEHARRA
10. Artikulua - Nondik norakoa
Lege
honen 1. artikuluan zehazturik datozen erakundeek Euskadiko ondarea babesteko
eta defendatzeko betebeharra daukate, eta horretarako, ondare hori osatzen
duten ondasunak eta eskubideak ondo identifikatu, erregistroetan inskribaturik
egon daitezen saiatu, eta horretarako beharrezkoak diren administrazio-ahalak
eta akzio judizialak erabili eta sustatu behar dituzte.
11. Artikulua - Zaindu beharra
1. Euskadiko ondareko
ondasunik edo eskubiderik ardurapean baldin badute, organoetako pertsona
titularrek ondasun-eskubide horiek zaintzeko, defendatzeko, kontserbatzeko eta
osorik mantentzeko betebeharra izango dute.
2. Herri-jabariko edo jabari
pribatuko ondasunen gaineko emakidarik edo beste eskubiderik titulartasunpean
dutenek ere betebehar berbera izango dute.
12. Artikulua - Laguntzeko betebeharra
1. 1. artikuluan
zehazturik datozen erakundeetako langileek Euskadiko ondareko ondasunak eta
eskubideak babesten, defendatzen eta administratzen laguntzeko betebeharra
daukate. Horretarako, ondasun-eskubide horiek direla-eta eskatzen dizkieten
datu, txosten eta agiri guztiak eman beharko dizkiete ondarearen inguruko
eskumenak dituzten organoei, eskumenak behar bezala baliatzeko behar duten
laguntza eta lankidetza guztia eskaini beharko diete, eta, ondasunei fisikoki
kalte egiteko moduko ezeren berri baldin badute edo erakunde horiek ondasun eta
eskubide horien gainean dituzten eskubideak urratzeko moduko ezeren berri
baldin badute, jakinarazi egin beharko diete.
2. Pertsona fisikoek
eta juridikoek ere lankidetza eskaini behar berbera daukate, publikoak nahiz
pribatuak izan. Hau da, hala eskatzen badiete, eta Euskadiko ondareko ondasunak
eta eskubideak kudeatzeko eta defendatzeko garrantzirik baldin badute, aurreko
paragrafoan zehazturik dauden organoei esku artean duten datu, agiri eta
txosten oro eman beharko diete, baita ondasun eta eskubide horiei buruzko
ikuskapenak eta beste ikerlan batzuk egiten lagundu ere, betiere datu
pertsonalak babesteko aplikatu beharreko arauak errespetatuta.
3. Segurtasuneko Indar
eta Kidegoen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasota dagoenarekin bat, V.
kapituluko ahalak baliatzeko eskumena duten organoei beren egintzak nahitaez
betearazteko behar duten laguntza emango die Ertzaintzak.
II. KAPITULUA
ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK XEDATZEKO MUGAK
13. Artikulua - Ondasun eta eskubideei buruz xedapenak
egiteko araubidea
1. Herri-jabariko
ondasunak eta eskubideak besterenduezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak
dira.
2. Ondare-ondasunak
eta ondare-eskubideak prozedurari jarraituz besterendu daitezke, legez
agindurik dauden baldintzak bete eta gero. Era berean, hirugarrenek badute
ondasun eta eskubide horiekiko eskuratze-preskripzioa, Kode Zibilean eta lege
berezietan xedaturikoaren arabera.
3. Auzitegi eta
administrazio-agintaritza batek ere ezin du ondare-ondasunak eta ondare-eskubideak
enbargatzeko probidentziarik eman, ez horien aurkako betearazpen-manamendurik
eman, kasu hauetan: zerbitzu publiko batera edo eginkizun publiko batera
loturik daudenean, etekinak edo besterentzearen emaitza legez helburu jakin
batera loturik daudenean, edo politika publikoak gauzatzen dituzten edo
ekonomia-interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten sozietate publikoen
kapitala ordezkatzen duten baloreak edo tituluak direnean.
14. Artikulua - Transakzioa eta arbitrajeak
Euskadiko
ondarea osatzen duten ondasunen eta eskubideen transakzioa egiteko, dela
judiziala dela judizialaz bestelakoa, eta ondasun eta eskubide horiek
direla-eta sortzen diren liskarrak arbitraje-konponbidean jartzeko, dekretu
bidez baimendu beharko da, ondareari buruzko eskumena duen sailburuak
proposaturik.
III. KAPITULUA
EUSKADIKO ONDAREKO ONDASUNEN ETA ESKUBIDEEN INBENTARIO
OROKORRA
15. Artikulua - Kontzeptua
1. Euskadiko Ondareko
Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra ondarea kudeatzen laguntzeko tresna
bat da. Bertan daude zehazturik Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak,
gorabehera hauek denak azaltzeko behar bezain aipamen zehatz eta guzti:
identifikazioa, eskualdatzeko mugak arrazoia edozein delarik ere, eta lege
aldetik zein egoeratan dauden eta zein jomuga edo helburutarako darabiltzaten
zehazteko behar direnak.
2. Inbentario orokor
horretan Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun higiezin guztiak eta ondasun
horiekiko eskubide errealak egongo dira bildurik, bai eta dekretuz zehazten diren
gainerakoak ere ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak proposaturik
beharko du izan.
3. Honako hauek,
ordea, artikulu honetan aipaturik dagoen inbentario orokor horretatik kanpora
daude: organismo edo erakunde publiko batek eskuratzen dituenak, baldin eta
dena delako erakundearen helburu berezien arabera atzera ondare-trafiko
juridikora eramateko eskuratu baditu, edo nahitaez bete behar dituzten
zuzkidurak edo beste erreserba batzuk betetzeko direnak, bai eta ondasun
kontsumigarriak ere.
4. Edonola ere,
kontrolak ezarriko zaizkie ondasun eta eskubide guztiei, beren izaerari eta
erabilera edo xedeari egokituta.
5. Sozietateetako
kapitala ordezkatzen duten akzioak eta tituluak ondare-kontabilitatean agertuko
dira, eta beste inbentario osagarri batean jasoko dira. Beste inbentario
horrek ondare-kontabilitaterako sistemarekin koordinaturik egon beharko du.
6. Euskadiko Ondareko
Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra ezin da erregistro publikotzat jo,
eta bertan jasota dauden datuak, bai eta datu horiek eranstearen edo
estatistikarako erabiltzearen ondorioak ere, barruko kudeaketarako informazio
lagungarria dira. Datu horiek ez dute hirugarrenentzako inolako eraginik izango
eta ezingo dira administrazioaren aitzinean eskubideak aldarrikatzeko erabili.
Hirugarrenek inbentario orokorreko daturik kontsultatu nahi baldin badute,
datuok espediente bateko parte izan beharko dute eta halakoetara iristeko arau
orokorren arabera beharko du izan, bestela ezingo dituzte kontsultatu.
16. Artikulua - Egitura eta eraketa
1. Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen
Inbentario Orokorra honela dago osaturik:
a) Aurreko
artikuluaren arabera inbentario orokorra osatzen duten ondasun eta eskubideei dagozkielarik
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sail bakoitzak dituen
inbentarioak. Sail hartzailearen ardura izango da inbentario horiek eratzea eta
eguneratzea, eta, desjabetze bidez eskuratu baldin badituzte, desjabetzea
bultzatu duen sailarena izango da ardura hori. Sail baten menpeko organismo
autonomoen eta erakunde publikoen ondasunen eta eskubideen inbentarioak dena
delako sail horren inbentarioaren eranskin gisa agertuko dira.
b) Lege
honetako 1. artikuluan ageri diren gainerako erakundeen inbentario hauek: artikulu horren arabera Inbentario
Orokorraren barruan dauden eta erakunde horiek berek eskuratu behar dituzten
ondasun eta eskubideen inbentarioak. Dena delako erakundean ondarea kudeatzeko
ardura duen organoak eratu eta eguneratu beharko ditu inbentario horiek.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorrean ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak zehaztuko ditu, agindu
bidez, Euskadiko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorraren
eraketaren, eguneratzearen eta oinarriaren gutxieneko zehaztasunak, egitura eta
edukiak. Inbentarioa eraman
behar duten organoek darabiltzaten sistema informatiko ezberdinen arteko
bateragarritasuna bermatu beharko dute zehaztasun horiek.
3. Ondareari buruzko
eskumenak dituen sailaren ardura izango da Euskadiko Ondareko Ondasunen eta
Eskubideen Inbentario Orokorra osatzen duten inbentarioak behar bezala eratzen
eta eguneratzen dituztela zaintzea, eta, nahi badu, inbentario horiek eta
beharrezkotzat jotzen dituen datu edo agiri guztiak bidaltzeko eska dezake,
nahi duenean.
17. Artikulua - Euskadiko Ondareko Ondasunen eta
Eskubideen Inbentario Orokorreko inskripzioa kontrolatzea eta eragiketak
kontabilitatean jasotzea
1. Euskadiko Ondareko
Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean behar bezala inskribaturik ez
badaude, Euskadiko ondareko ondasun higiezinetan ezin da ondare-eragiketarik
egin.
2. Euskadiko Ondareko
Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorraren barruan egon behar duten ondasun
eta eskubideak direla-eta egiten diren ondare-eragiketak kontabilitate
publikoan agertu behar dira, dela banan-banan dela bat eginda, kontabilitateko
arauetan xedaturik dagoenaren arabera.
IV. KAPITULUA
ERREGISTROETAKO
SISTEMA ETA TITULUAK ZAINTZEA
18. Artikulua - Erregistroetan inskribatzea
eta tituluak zaintzea
1. Inskribatu
beharrekoak baldin badira, Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak dagokien
erregistroan inskribatu beharko dira, herri-jabarikoak izan nahiz ondarekoak
izan, baita, erregistro horietara iritsi badaitezke, ondasun eta eskubide
horiei buruzko egintza eta kontratu guztiak ere. Alabaina, hipoteka-legediaren
arabera inskribatu daitezkeen errentamenduak baldin badira tarteko,
eskubidearen titulartasuna duen erakundeak aukerakoa izango du inskripzio hori.
Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003
Legeko 37.etik 40.era bitarteko artikuluetara eta 83. artikulura eta aplikatu
beharreko gainerako arauetara egokitu beharko da erregistroen sistema.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak baldin badira,
ondasunak eta eskubideak ondareari buruzko eskumenak dituen sailak inskribatuko
ditu, administrazio horren izenean.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpekoak baldin
badira, dena delako erakunde horrek inskribatu beharko ditu, bere izenean,
ondasunak eta eskubideak. Ondareari buruzko eskumenak dituen sailari ohar soil
bat edo inskripzio-egiaztagiria bidaliko zaio.
4. Egintzen
inskripzioa eta, inskribatu beharrekoak baldin badira, egintza horien inguruko
kontratuen inskripzioa, egintza eman duen edo erregistroan jaso beharreko
kontratuan esku hartu duen organoak eskatuko du, edo, bestela, administrazio-
eta kudeaketa-ardura duenak Ondareari buruzko eskumenak dituen sailari ohar
soil bat edo inskripzio-egiaztagiria bidaliko zaio.
5. Euskadiko ondareko
ondasunak eta eskubideak egiaztatzen, ordezkatzen edo gauzatzen dituzten
agiriak, eskritura publikoak edo tituluak zaintzeko ardura erakunde titularrari
dagokio, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra bada,
ondareari buruzko eskumenak dituen sailari.
6. Gobernu
Kontseiluaren dekretu bidez, ondasun, egintza edo kontratu jakin batzuetarako,
artikulu honetan jasota datozen eskumenak beste organo batzuen eskuetan utz
daitezke.
V.
KAPITULUA
AHALAK
1. ATALA
ARAU
OROKORRAK
19. Artikulua - Ahalak eta ahalen erabilera
1. Euskadiko ondarea
dela-eta, lege honetako 1. artikuluan zehazturiko erakunde publikoek ahal hauek
erabil ditzakete:
a) Ondasunak
eta eskubideak ikertzeko ahala.
b) Mugatze-ahala.
c) Edukitza
ofizioz berreskuratzeko ahala.
d) Botatze
administratiborako ahala.
2. 6. atalean tipifikaturiko arau-hausteengatik
zehapen-ahala ere erabil daiteke.
3. Ahal horiek
erabiltzeko orduan, kapitulu honetan zehazturiko eskumen-arauak eta
prozedura-arauak bete beharko dira.
4. Zuzenbide pribatuko
erakunde publikoek herri-jabariko ondasunak defendatzeko baino ezingo dituzte
erabili artikulu honetako 1. paragrafoan jasota dauden ahalak.
5. Erakunde juridiko-pribatuek inola ere ezingo
dituzte kapitulu honetan jasota dauden ahalak erabili. Dena delako ondasuna edo
eskubidea halako erakunde batera atxikita baldin badago eta ondasuna edo
eskubidea atxikita duenari baldin badagokio eskumena, erakunde juridiko-pribatu
horrek gainetik duen edo loturik dagoen sailak edo erakunde publikoak erabiliko
ditu ahal horiek.
20. Artikulua - Kautela-neurriak hartzea
1. Aurreko artikuluan
zehazturik dauden ahalak erabiltzeko prozedura hasi eta gero, prozedura ebazteko
eskumena duen organoak beharrezkoak iruditzen zaizkion behin-behineko neurri
guztiak hartu ahal izango ditu, hartara, gerora egintzarik badator ere,
eraginkorra izango dela bermatzeko. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren
eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 72.
artikuluan jasota dagoen moduan egin beharko du.
2. Dena delako ondasun
hori galdu edo hondatu egingo ez ote den berehalako arriskurik baldin badago,
behin-behineko neurri horiek prozedura hasi baino lehenago ere har daitezke,
72. artikuluko 2. paragrafoan zehazturiko baldintzetan.
21. Artikulua - Kontrol judizialerako
araubidea eta egitate zigorgarrien jakinarazpenerako sistema
Kapitulu
honetan zehazturik datozen ahalak erabiliz egiten diren jardunetan, kontrol
judizialerako eta egitate zigorgarrien jakinarazpenerako sistema Herri
Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 43. eta 44.
artikuluetan jasota dagoena izango da, baina Estatuko Abokatutzaren txostena
jartzen duen lekuan organo jardulearen aholkularitza juridikoaren txostena
jarri behar duela ulertuko da.
2. ATALA
ONDASUNEN
ETA ESKUBIDEEN IKERKETA
22. Artikulua - Ikerketa-ahala
Lege
honetako 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek ustez beren ondarea osatzen
duten ondasunak eta eskubideak zertan diren ikertzeko ahala daukate,
titulartasuna zehaztearren, titularra nor den garbi ez baldin badute.
23. Artikulua - Eskumena eta prozedura
1. Ondareari buruzko
eskumenak dituen sailari dagokio ustez Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorreko titulartasunpekoak diren ondasunak eta eskubideak
ikertzeko ahalmena.
2. Ustez Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakundeen
titulartasunpekoak diren eskubideak eta ondasunak direla-eta, ustez ondasunen
eta eskubideen jabea den erakundeari dagokio eskumena, eta, erakunde horren
barruan, arauetan zehazturik dagoen organoari, eta halakorik ez badago,
erakundearen legezko ordezkariari.
3. Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturik dagoen moduan eraman behar da aurrera
prozedura. Arau hauek ere bete beharko dira:
a) Ikerketa-prozedurari hasiera emateko erabakia Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian dohainik argitaratuko da, baina osagarri modura
beste zabalkunde-bide batzuk erabiltzeko aukera ere hortxe dago. Erabakiaren kopia bat ondasuna dagoen
udalera bidali behar da, jendearen aurrean jar dezaten iragarki-oholean.
b) Dena
delako ondasunaren edo eskubidearen titularra 1. artikuluko erakundeetakoren
bat dela behar bezala egiaztaturik dagoela uste bada, prozedurari amaiera
ematen dion ebazpenean hala zehazturik utzi beharko da, eta gero tasazioa egin,
Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrera bildu eta,
hala egin behar denetan, Jabetzaren Erregistroan inskribatu. Era berean,
edukitza lortzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko dira.
c) a)
letran zehazturik dagoen argitaratze hori egin eta hurrengo egunetik aurrera bi
urteko epean oraindik ez baldin bada ikerketa-espedientea ebatzi, jardunak
artxibatzeko erabakia hartu beharko da, beste izapiderik gabe.
d) Ondasun
edo eskubideen gaineko ikerketa-espedienteetan nahitaezkoa izango da
aholkularitza juridikoa ematea dagokion organoak txosten bat egitea, kasuan
kasuko ebazpena eman baino lehen. Administrazio orokorraren kasuan, ogasun eta
ondare arloan eskumena duen saileko dagokion organoak egingo du txosten
juridiko hori.
3. ATALA
MUGATZEA
24. Artikulua - Mugatze-ahala
Lege
honen 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek beren ondareko ondasun
higiezinak hirugarrenen jabetzapeko beste batzuetatik mugatzeko aukera dute,
haien arteko mugak behar bezain zehatzak ez badira edo usurpazio-zantzurik
baldin badago. Behin mugatze-lanetarako administrazio-prozedurari hasiera eman
eta gero, izapideek dirauten bitartean ezingo da helburu berbererako prozedura
judizialik eskatu.
25. Artikulua - Eskumena eta prozedura
1. Ondareari buruzko
eskumenak dituen sailaren ardura da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorreko titulartasunpeko ondasunen mugatzea.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpekoak diren
eskubideak eta ondasunak direla-eta, erakunde titularrari dagokio eskumena, eta
erakunde horren barruan, arauetan zehazturik duten organoari, eta halakorik ez
badago, erakundearen legezko ordezkariari.
3. Prozeduran bete
beharreko izapideak erregelamendu bidez zehaztu beharko dira, arau hauei
jarraituz:
a) Prozedura
ofizioz, norberaren ekimenez edo mugakideek eskaturik hasiko da. Azken kasu
horretan, sortzen diren gastuak ordaintzea ere badagokie, eta espedientean
gastu horiekin ados daudela jaso beharko da, berariaz. Gastu horiek kobratzeko,
premiamendu-bidea erabil daiteke.
b) Prozedurari
hasiera emateko erabakiaren berri dagokion jabetza-erregistroari jakinarazi
behar zaio, hasiera emate horren berri jasota uzteko, inskripzioaren alboko
ohar baten bidez.
c) Beste
publizitate-bide batzuk ere erabil daitezkeen arren, prozedurari hasiera
ematearen berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da,
dohainik, baita mugatu beharreko ondasuna dagoen herriko udaleko
iragarki-oholean ere. Era berean, finka mugakideetan eskubideak dituzten eta
mugaketaren eraginik nozitu dezaketen pertsonei ere jakinaraziko zaie
prozedurari hasiera emateko erabakia.
d) Espedientea
ebazteko eskumena duen organoko aholkularitza juridikoak txostena egin ondoren
emango da mugaketa onartzeko ebazpena. Administrazio orokorraren kasuan, ogasun
eta ondare arloan eskumena duen saileko dagokion organoak egingo du txosten
juridiko hori. Ebazpena mugaketa-prozeduraren eraginpean gertatu direnei
jakinaraziko zaie, eta aurreko paragrafoan zehazturik dagoen moduan argitaratu.
Mugaketa ebazteko erabakia irmoa denean, beharrezkoa bada, mugarriak jartzeari
ekin beharko zaio. Hala eskatzen duten
interesdun guztiek esku hartuko dute, eta dagokion jabetza-erregistroan
inskribatuko da.
e) Gehienez ere hemezortzi hilabeteko epea egongo da mugatze-prozedura
ebazteko, hasiera emateko erabakiaren egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Epe
hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe amaitzen bada, iraungi egingo da
prozedura eta jarduketak artxibatzea erabakiko da.
26. Artikulua - Inskripzioa
Mugatzearen
inskripzioa dela-eta, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko
33/2003 Legeko 53. artikuluan xedaturikoa bete beharko da.
4. ATALA
EDUKITZA
OFIZIOZ BERRESKURATZEA
27. Artikulua - Edukitza berreskuratzeko ahala
1. Behar ez bezala
galdu bazuten, lege honetako 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek beren
ondareko ondasunen eta eskubideen edukitza beren kasa atzera berriro
eskuratzeko aukera izango dute.
2. Edukitzaz
berreskuratu beharreko ondasun eta eskubide horiek herri-jabarikoak baldin
badira, edozein momentutan erabil daiteke ahal hau.
3. Ondare-ondasunak
eta ondare-eskubideak baldin badira, haien edukitza administrazio-bidea
erabiliz berreskuratzeko, kasuan kasuko ondasuna edo eskubidea ustez daukanari
jakinarazi beharko zaio prozeduraren hasiera, hain zuzen ere usurpazioaren
hurrengo egunetik zenbatzen hasita urtebete pasatu baino lehen. Epe hori
amaiturik, ondasun horien edukitza berreskuratu nahi izatera, jurisdikzio
zibileko organoetara jo, eta, han, dagozkion akzioak baliatu beharko dira.
28. Artikulua - Eskumena
1. Dena delako
ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio
espedienteari hasiera ematea, instrukzioa egitea eta ebaztea, lege honetako 19.
artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan zehazturik dauden salbuespenak salbu.
2. Ondasuna edo
eskubidea ez baldin badago inora atxikita, ondasuna jabetzapean duen edo
eskubidea titulartasunpean duen erakundearena izango da eskumena, gorago aipaturiko
artikuluko 4. paragrafoko salbuespena salbu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorra bada erakunde hori, ondareari buruzko eskumenak dituen
sailari egokituko zaio.
29. Artikulua - Prozedura
1. Prozedurari hasiera
eman ondoren, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio
Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aginduta dagoen moduan
izapidetu ondoren, organo eskudunak, lehenik, edukitza-usurpazioa bera eta hasi
zen eguna konprobatu, eta ebatzi beharko du okupatzaileari errekerimendua
egitea, zortzi egun balioduneko epean lekua husteko, eta, ez baldin badu
borondatez hala egiten, datozen paragrafoetan zehazturik dagoen moduan jokatuko
dutela ohartaraztea.
2. Irteteko
errekerimenduari borondatez jaramonik egiten ez bazaio, ondasunaren edo
eskubidearen edukitza berreskuratzeko hartu beharreko neurriak hartu beharko
dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura
Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VI. tituluko V. kapituluan xedaturik
dagoenarekin bat etorrita.
3. Segurtasun Indar
eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Euskal
Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasota
dagoenaren arabera, Ertzaintzaren laguntza ere eska daiteke irtenarazteko, edo
hertsatzeko isunak erabili, ondasun okupatuen balioaren ehuneko bosterainokoak,
bata bestearen atzetik zortzi egun baliodunez behin, lekutik irten arte.
Halakoetan, berreskuratze-prozedurak sortzen dituen gastuak usurpatzaileak
ordaindu beharko ditu; diru hori premiamendu-bidea erabiliz ordainarazteko
aukera ere badago, eta, ondasun usurpatuetan inolako kalterik eragin badute,
baita kalte horien ordaina ere.
5. ATALA
BOTATZE ADMINISTRATIBOA
30. Artikulua - Kasuak eta ondorioak
Hirugarrenek
okupatzeko bidea ematen zuten titulua, baldintzak edo gorabeherak bertan behera
geratzen badira edo desagertu egiten badira, lege honetako 1. artikuluan
zehazturik dauden erakundeek administrazio-bidea erabiliz berreskuratu dezakete
herri-jabariko beren ondasunen edukitza.
31. Artikulua - Eskumena
Okupaturiko
ondasuna atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio botatze administratiboa
erabakitzeko eskumena, lege honetako 19. artikuluko 5. paragrafoan jasotakoa
salbuespen dela.
32. Artikulua - Prozedura
1. Botatzeko ahala
erabili ahal izateko, aurretiaz, herri-jabariko ondasunak erabiltzeko eskubidea
ematen zuen titulua azkendu edo iraungi egin dela deklaratu beharra dago.
2. Titulua azkenduta edo
iraungita dagoela deklaratzen duen organoak hori egin baino lehenago
interesdunari entzun egin behar dio, egintza horretan bertan edo beste batean,
irteteko epea ere jarriko du, eta edukitza duenari ohartaraziko dio, eta haren
bidez baita tartean diren gainerako guztiei ere, epe horretan ez baldin bada
borondatez irteten, organo eskudunak botatzeko erabakia hartuko duela, epe hori
amaitzen denean, aurreko artikuluan xedaturikoaren arabera.
3. Kalte-ordainik eman
beharra baldin badago, botatzeko agindua eman baino lehenago ordaindu beharko
da, edo hari dagokion zenbatekoa zainpean utzi administrazio jarduleak
gordailuak kudeatzeko duen establezimenduan.
4. Irteteko epea
amaitzen denean, erabakia hartzeko eskumena duen organoak botatzeko aginduko du
eta edukitza duenari ohartaraziko dio, eta haren bidez tartean diren
gainerakoei, bota egingo dituztela edo hertsatzeko isuna jarriko zaiela
gutxienez zortzi egun balioduneko epea eta gero. Epe hori amaitzen denean,
irtenarazteko edo hertsatze-isuna jartzeko agindu ahal izango du.
5. Segurtasun Indar
eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Euskal
Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasota
dagoenaren arabera, Ertzaintzaren laguntza ere eska daiteke botatze-lana
egiteko. Horretarako, nahikoa izango organo jarduleak agindua idatziz ematea
eta, beharrezkoa bada, dagokion baimen judiziala. Aginduaren kopia bat
interesdunari eman beharko zaio.
6. Hertsatzeko isunak
jarriz gero, isun horiek, gehienez ere, okupaturiko ondasunen balioaren ehuneko
bostekoak izan daitezke, eta zortzi egun baliodunez behin jarri ahal dira,
behin eta berriz, harik eta lekutik irten arte.
7. Irtenarazteak eta
botatzeak sortzen dituen gastuak edukitzaileak ordaindu beharko ditu. Kopuru hori premiamendu-bidea erabiliz
ordainarazteko aukera badago, baita eragindako kalteen ordaina ere, halakorik
baldin badago.
6. ATALA
ZEHATZEKO
AHALA ETA KALTE-GALEREN ERANTZUKIZUNA
33. Artikulua - Araubide juridikoa eta erantzukizunak
1. Zehapen-ahala eta
kalte-galeren erantzukizun-araubidea, lehen-lehenik, halakoetan aplikatu
beharreko lege berezien arabera arautu behar da, eta, halakorik ez badago, lege
honen, Herri Administrazioen Lege Araubidearen eta Administrazio Prozedura
Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko
Herri Administrazioen Zehatzeko Ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeko
xedapenen arabera beharko da arautu.
2. Hurrengo artikuluan
zehazturik dauden arau-hausteetakoren bat egiten duenak, arau-haustearen balioa
zehaztu eta gero, eragindako kalte-galeren ordaina jarri beharko du, eta
ondasunak itzuli eta lehen zeuden bezala utzi, edo ordezko berriak ekarri,
ordezkatu beharreko ondasunaren edo eskubidearen erakunde titularrak ados
dagoela idatziz adierazi ondoren.
3. Aurreko paragrafoan
zehaztutako betebeharrak izateak ez du esan nahi jarri beharreko zehapena jarri
ezin denik, edo, hala egin behar bada, ondasunekiko zituen harreman juridikoak
azkendu ezin direnik.
34. Artikulua - Arau-hausteak
1. Hona
hemen arau-hauste administratiboak:
a) Euskadiko ondareko ondasunak suntsitzea edo
hondatzea.
b) Euskadiko ondareko ondasunak usurpatzea.
c) Okupazio-eskubidearen titularrek ondareko
ondasunak ondo zaintzeko duten betebeharra ez betetzea, edo eskubide horrek
berarekin dakarren beste edozein betebehar ez betetzea.
d) Baimenik
gabeko obra, lan edo beste edozein jardun dela medio, ondasunetan aldaketak
eragitea.
e) Okupazioa
legezkoa egiten duen titulua azkendu ondoren ondasunak utzi nahi ez izatea.
f) Ondasunak
dagokion titulurik gabe erabiltzea, tituluaren edukiari ihes eginez erabiltzea,
titulua emateko xedeez beste batzuetarako erabiltzea, edo lortzeko baldintzei
iruzur eginez erabiltzea.
g) Herri-jabariko
ondasunen erabilera orokorra arautzen duten xedapenak ez betetzea.
h) Zerbitzu
batera loturik dauden ondasunetan zerbitzua eragozteko edo oztopatzeko moduko
jardunak egitea.
i) Dohainik
eskualdaturiko ondasunak edo eskubideak berez erabili behar diren horretarako
ez erabiltzea.
j) Lege
honen 11. eta 12. artikuluetan zehazturik dauden zaintza- eta
lankidetza-betebeharrak ez betetzea.
k) Ondasunak
eta eskubideak Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean ez inskribatzea.
l) 16.3
artikuluan aurreikusitako inbentarioak ez bidaltzea.
2. Lege honetan zehazturik dauden arau-hauste
administratiboak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.
a) a),
b), c), d), g), j), k) eta l) idatz-zatietan zehazturikoak dira arau-hauste arinak,
baldin eta kalte ekonomikoak 1.500 euro baino gehiagokoak direla baloratzeko
biderik ez badago behintzat.
b) Arau-hauste
larriak, berriz, a), b), c), d), g), j), k) eta l) idatz-zatietan zehazturikoak
izango dira, baina eragindako kalteak 1.500 euro baino gehiagokoak eta gehienez
ere 10.000 eurorainokoak baldin badira; eta e), f), h), eta i) idatz-zatietan
tipifikaturikoak, non eta ez den posible baloratzea kalte ekonomikoak 10.000
euro baino gehiagokoak direla.
c) Oso
arau-hauste larriak, azkenik, artikulu honetako 1. paragrafoan zehazturikoak
izango dira, baina kalteak 10.000 euro baino gehiagokoak direnean.
35. Artikulua -
Zehapenak
1. Zehapen
hauek jarri beharko dira:
a) Arau-hauste arina: 1.950 euro arteko isuna
arau-haustea jabari pribatuko ondasunei dagokienean, eta 3.000 euro arteko
isuna herri-jabariko ondasunei dagokienean.
b) Arau-hauste
larria: 1.950 euro eta 15.600
euro bitarteko isuna arau-haustea jabari pribatuko ondasunei dagokienean, eta
3.000 euro eta 24.000 euro bitarteko isuna arau-haustea herri-jabariko
ondasunei dagokienean.
c) Oso
arau-hauste larria: 15.600
euro eta 39.000 euro bitarteko isuna arau-haustea jabari pribatuko ondasunei
dagokienean, eta 24.000 euro eta 60.000 euro bitarteko isuna arau-haustea
herri-jabariko ondasunei dagokienean.
2. Zein isun jarri
erabakitzeko, gauza hauek izango dira kontuan: kalteen ordaina, tartean diren
ondasunen edo eskubideen balioa, arduradunak lehenengo aldia duen edo ez, eta
zein mailataraino den erruduna.
Arau-hausleak damututa dagoela erakusten badu, aringarri
gertatuko zaio. Horretarako, gertaerak aitortu egin beharko ditu, eta kalteak
onbideratzeko beharrezko neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu, zintzo,
errekerimenduan ematen zaion epean. Zehapen larririk edo oso larririk jarri
behar den kasuan, isuna aurreikusitako kopuru txikienaren erdiraino jaisteko
aukera emango du inguruabar aringarri horrek.
Arau-haustea larriagoa izango da, ordea, hasierako kaltea
areagotzeko gogo edo jarrera igartzen bazaio arau-hausleari, edo, kalteak
konpontzen edo arintzen lagundu nahi ez eta azkenean hasierakoa baino kalte
handiagoa sortzen badu. Era
berean, arau-haustea larriagoa izango da ondasunak herri-jabarikoak badira,
salbu eta inguruabar hori arau-hauste motaren ezaugarria denean.
3. Hiru urteko epean
arau-hauste larririk edo oso larririk berriro egiten badu, arau-hauslea
titulartasunpean baimenik edo emakidarik eskuratzeko gaitasunik gabe deklara
daiteke urtebete edo hiru urte bitarterako.
36. Artikulua - Erantzukizuna eskatzeko eta zehapenak
jartzeko eskumena eta prozedura. Preskripzioa
1. Prozedurak honako
arau hauek izango ditu jarraibide: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren
eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Euskal
Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehatzeko Ahalari buruzko otsailaren
20ko 2/1998 Legea eta lege horren garapen-arauak. Alabaina, kontuan hartuko
dira ondoren jasotako zehaztasunak.
2. Ondasunak atxikita
dituen saileko edo erakundeko zerbitzu juridikoari dagokio espedientearen
instrukzioa egitea, non eta sail edo erakunde horretako arau organikoetan ez
duen jartzen instrukzioa beste organo batek egin behar duela. Ondasuna atxikita duen erakundea pribatua
baldin bada, 19.5 artikuluan xedaturik dagoena bete beharko da. Eta ondasuna
inora atxikita ez badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ondare
eta Kontratazio Zuzendaritzaren ardura izango da espedientearen instrukzioa
egitea.
Instrukzioa
egin behar duen unitate organikoko titularrak izendatu beharko du instrukzio-arduraduna. Nahitaezkoa da Zuzenbideko lizentziatura
edukitzea.
3. Zehapenak jartzeko eskumena, berriz,
erakunde titularrarena izango da, eta, Administrazio orokorra bada, isun arin
eta larrien kasuan ogasun eta ondare arloan eskumena duen saileko buruarena,
eta isun oso larrien kasuan, Gobernu Kontseiluarena.
4. Arau-hausteen
preskripzio-epeak honako hauek izango dira, arau-haustea egin zenetik edo
kaltea berehala gertatu ez bada hauteman zenetik kontatzen hasita:
a) Urtebete, arau-hauste arinetan.
b) Hiru urte, arau-hauste larrietan.
c) Bost urte, arau-hauste oso larrietan.
5. Zehapenen
preskripzio-epeak honako hauek izango dira:
a) Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenentzat, urtebete.
b) Arau-hauste larriengatik ezarritako zehapenentzat, hiru urte.
c) Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenentzat, bost urte.
Zehazpenen preskripzio-epea, betiere, zehapena eragin duen
administrazio-ebazpenak irmotasuna hartzen duen egunaren biharamunetik
kontatzen hasita kalkulatuko da.
37. Artikulua - Zehapenak betearaztea
1. Zehapenen
zenbatekoa eskatzeko eta harturiko erantzukizunetatik datozen betebeharrak
betetzeko eskatzeko, Herri Administrazioen Lege Araubidearen eta Administrazio
Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean nahitaezko
betearazpenetarako jasota dauden prozedurak erabil daitezke.
2. Nahitaez betearazte
horretarako jartzen diren hertsatzeko isunak ezin dira jarritako zehapenaren
ehuneko hogei edo erantzukizunen harira eratorritako betebeharren ehuneko hogei
baino handiagoak izan, eta zortzi egun balioduneko baino epe txikiagoetan ezin
dira atzera berriro jarri.
III. TITULUA
ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK ESKURATZEA
I. KAPITULUA
DOAKO ESKURATZEEI BURUZKO XEDAPENAK
38. Artikulua - Doako eskuratzeetarako
eskumena eta prozedura
1. Lege honen arabera
titulartasuna zein pertsona juridikori dagokion, hark erabakiko du jarauntsiak,
legatuak eta dohaintzak onartzea. Aurretiaz Gobernu Kontseiluaren baimena
beharko da, hala ere, kasu hauetan: zamak edo kargak, guztira, ondasunaren edo
eskubidearen tasazio-prezioaren ehuneko hogeita bost baino handiagoak badira,
eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berarekin
eta baldintza edo erabilera horrek gastuaren bat badakar, edo ondasunak
enpresa-ondarearen barnekoak baldin badira.
2. Titulartasuna
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari baldin badagokio,
ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio onartze hori, lege honetan
zehazturik dauden organismo edo erakundeetako onuraduna edozein dela ere.
Nolanahi ere, ondasun edo eskubidearen atxikipena edo, hala dagokionean, haren
etekin ekonomikoaren kalkulua egiterakoan, kontuan hartu ahal izango da beti
eskualdatzailearen borondatea. Hona hemen eskumen horretarako salbuespenak:
a) Ondasunak euskal kultura-ondarearen barnekoak baldin badira.
Halakoetan, paragrafo honetan zehazturik dagoen eskumena kulturako eskumenak
dituen sailari dagokio.
b) Zuzenean ikastetxeetan erabiltzeko diren ondasun higigarri
gorpuzdunak inter vivos eskualdatzea baldin bada kontua, eta ez baldin badute
hiru mila euro baino gehiago balio. Gehiago balio dutenean, hezkuntzako eskumenak dituen saila izango da
arduraduna.
c) Doako
erabilera-baimenak eta behin-behineko eta doako erabilera-lagapenak lortzea,
berriz, haien beharra duen sail edo erakundearen ardura da.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakunde bati baldin badagokio
titulartasuna, haren arauetan jarriko du zein organok daukan doako xedapenak
onartzeko eskumena, eta halakorik zehazten ez bada, haren legezko ordezkaritza
duenak izango du eskumena.
4. Onarpena egiteko
eskumena duen organoak uste badu halako ondasun batek, euskal
kultura-ondarearen barnekoa ez izanagatik ere, balitekeela artearen edo
kulturaren aldetik balio nabarmena izatea, onartu edo ez erabaki baino lehen,
kulturako eskumenak dituen sailari galdetuko dio interes hori zenbaterainokoa
den. Erantzuna ez da loteslea izango.
5. Ondasun edo
eskubideen titulartasuna, lege honetako 6. artikulua aplikatuta, batetik,
Administrazio orokorrak, eta, bestetik, 1. artikuluan zehazturiko erakundeetako
batek edo batzuek, beren artean banatu behar badute, eta ondasun edo eskubide
horiek erakundeen artean batera onartu behar badira, ondare-arloan eskudun den
sailak eman behar du baterako onarpena, betiere titulartasuna hartzekoak diren
erakundeen izenean. Ondasun jakin horien titulartasuna edukiko duen
Administrazio orokorraz besteko erakundeak, berriz, onarpenarekin ados dagoela
adierazi beharko du berariaz, aurretiaz, egokituko zaizkion ondasun jakin
horien dagokienez.
6. Erakunde publikoen
arteko eskualdaketa bidez gertatzen diren eskuraketetan, berriz, halakoetan
aplikatu beharreko arauak bete beharko dira.
7. Usukapio bidezko
eta kostu gabeko beste bide batzuetatik egiten diren eskuratzeetan, Kode Zibila
edo kasuan kasu aplikatu beharreko legeak bete beharko dira, eta kapitulu
honetan zehazturik datozen arauak ere aplikatzekoak izango dira, izatez eta
araubidez egokiak baldin badira.
8. Jarauntsiei,
legatuei edo dohaintzei uko egitea haiek onartzea dagozkien organoen eskumena
izango da. Halakoei uko egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Gobernu
Kontseiluak aurretiaz baimena ematea -salbu eta aurreko 2. paragrafoko b) idatz-zatian
jasotako balizkoan, edo hiru mila euro baino gutxiago balio duten ondasun
higigarri gorpuzdunen eskualdaketa orotan- eta uko egitearen arrazoiak
espedientean justifikatzea.
39. Artikulua - Doako titulupeko eskuratzeetarako
baldintzak
1. Berekin gasturik
baldin badakarte edo kostu bidezko baldintza edo jardun-moduren bat baldin
badakarte loturik, halako ondasunak edo eskubideak onartzeko, kargaren balioak
ezingo du eskuratzen den horren balioa baino handiagoa izan. Kargak ondasunaren
balioa baino handiagoak baldin badira, interes publikoko arrazoiek bultzatuta
baino ezingo dira halako ondasunak onartu, eta doako xedapen hori onartzeko
eskumena duen organoak iritzi beharko dio hala den edo ez.
2. Behin betiko
helburu jakin baterako loturik egoteko baldintzapean edo modalitatepean
eskuratzen baldin badira ondasunak edo eskubideak, helburu horretarako hogeita
hamar urtez erabili eta gero baldintza edo modalitate hori beteta eta iraungita
dagoela ulertu beharko da, baita gero, interes publikoko arrazoi sortu berriek
aginduta, horrela loturik egoteari uzten badio ere.
3. Jarauntsiak inbentario-onuraren arabera
onartzen direla ulertu beharko da beti.
II. KAPITULUA
KOSTU
BIDEZKO ESKURAKETEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
40. Artikulua - Eskuraketa-moduak eta kostu bidezko
eskuraketen araubide juridikoa
1. Eskumenei eta
prozedurei buruz erabakita dauden arauak betez, lege honetako 1. artikuluan
zehazturiko erakundeek antolamendu juridikoan jasota dauden moduetako edozein
erabiliz eskura ditzakete eskubideak eta ondasunak.
2. Lege honetan eta
lege hau garatzeko arauetan aurreikusi gabeko kasuetan, Euskal Autonomia
Erkidegoak sorturiko arauak bete beharko dira kostu bidezko eskuraketetan, eta,
halako araurik ez badago, Estatuko ondarean halakoetarako agintzen duten
xedapenak.
41. Artikulua - Kostu bidezko eskuraketetarako eskumena
1. Lege honetako 6.
artikuluaren arabera titulartasuna zein pertsona juridikori dagokion, hark
erabakiko du ondasunak eta eskubideak kostu bidez eskuratzea edo errentan
jartzea.
2. Titulartasuna
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrena denean, ondareari buruzko
eskumenak dituen sailari dagokio erabakia hartzea eta espedientea izapidetzea.
Nolanahi ere, bete beharrekoa izango da desjabetze bidezko eskuraketarako
xedaturikoa.
Kasu batzuk ez daude aurreko zehaztapen horretan bildurik,
eta, legez edo erregelamenduz bestelakorik agintzen ez bada, beharra duen
sailarenak edo erakundearenak izango dira ardurak. Hauek dira kasuok:
a) Standak edo lokalak errentan jartzea, sustapen-ekintzak burutzeko,
informazioa zabaltzeko edo noizbehinkako beste jarduera batzuk egiteko, baldin
eta errentamendua ez bada urtebete baino gehiagorako eta prezioa ez bada hogeita
hamar mila euro baino gehiagokoa. Gehienezko denbora-tarte eta prezio horretan, luzapenak ere kontuan
harturik daude.
b) Ibilgailuak
gordailuan uzteko errentamenduak.
c) Legez
hornigaitzat jotzen diren ondasun higigarriak eskuratzea.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakunde bati baldin badagokio
titulartasuna, haren arauetan jarriko du zein organok daukan eskumena, eta
halakorik zehazten ez bada, haren legezko ordezkaritza duenak izango du
eskumena.
42. Artikulua - Kostu bidez eskuratzeko espedientea
1. Ondasun edo
eskubideak eskuratu edo errentan hartu baino lehenago, espedientea izapidetu
beharko da, eta espediente horri hauek guztiak erantsi behar zaizkio:
a) Txosten bat, ondasuna edo eskubidea eskuratzea edo errentan hartzea
beharrezkoa edo komenigarria dela azaltzeko, ondasun edo eskubide hori
zertarako erabiltzeko asmoa dagoen azaltzeko eta zein esleipen-modu proposatzen
den azaltzeko.
b) Kreditua
badagoela egiaztatzeko agiria, edo legezko ordezko agiria.
c) Erabili
eta jarri asmo diren prozedurari eta baldintzei buruzko txosten juridikoa.
d) Oinarrien
agiriaren edo agiri baliokide baten onarpena (kontratazio-organoak eginda) eta
gastuaren onarpena (organo eskudunak eginda).
e) Ondasunaren
edo eskubidearen tasazioa, behar bezala onartuta eta dagokion merkatu-azterketa
ere jasota.
2. Kontratu txikietan, espedientea
izapidetzeko, nahikoa izango da gastua onartzea eta dena delako kontratua edo
titulua eranstea. Luzapenak eta guzti hogeita hamar mila euro baino gehiagokoa
ez bada izapidetu daiteke hitzarmena kontratu txiki modura.
43. Artikulua - Prozedura-arauak eta gaitasuna
kostu bidezko eskuraketetan
1. Eskuraketa edo errentamendua egin baino
lehenago, lehia-prozeduraren bat jarri behar da martxan, herri-administrazioen
kontratuetarako arauetan jasota dauden esleipen-prozedura edo -moduetakoren
bat, egin beharreko eragiketaren izaera eta ezaugarriei egokitua, erabiliz. Salbuespena egingo da kontratu
txikietakoren bat denean edo zuzenean esleitzea erabakitzen denean. Zuzenean esleitzeko erabakia hartzeko,
berriz, gorabehera hauetako bat egongo da tartean -espedientean egiaztatu
beharko da-:
a) Eskuraketa
urgentea izatea, ustekabeko bat gertatzearen ondorioz.
b) Bete
beharreko premiaren berezitasuna.
c) Merkatu-baldintzak.
d) Ondasuna
bereziki egokia izatea.
e) Saltzailea
edo errentatzailea beste herri-administrazio bat izatea, edo, oro har, sektore
publikoko eta zuzenbide publikoko edo pribatuko edozein pertsona juridiko
izatea. Hara zer izango den, halakoetarako, sektore publikoko zuzenbide
pribatuko pertsona juridikoa: merkataritza-sozietateak,
baldin eta kapitalean, zatirik handienean, herri-administrazio baten edo
batzuen edo zuzenbide publikoko pertsona juridikoen zuzeneko edo zeharkako
partaidetzak badituzte, eta sektore publikoko fundazioak.
f) Arinago
deklaratuta egotea esleitu gabe utzi dela eskuraketarako edo errentamendurako
aurretiaz sustaturiko lehia-prozedura.
g) Jabekidetza-kasuetan,
jabekide bati ondasun bateko kuota bat eskuratzea.
h) Lehentasunez
eskuratzeko eskubidea erabiliz egindako eskuraketa edo errentamendua.
2. Jabetza zuzenean a)
eta f) bitarteko idatz-zatietan jasota dauden gorabehera horietakoren batean
oinarriturik eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da,
ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta interesa duen saileko buruak
edo erakundeko legezko ordezkariak, biek batera, proposatuta.
3. Zuzeneko eskuraketa
edo errentamenduetan, ahal bada, gutxienez hiru eskaintza eskatu behar dira,
esleipenduna aukeratu baino lehenago.
4. Lehia-prozeduretan,
deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
beharko da. Herri-administrazioen kontrataziorako arauetan prozedura
irekietarako zehazturik dagoen epe orokorra utzi beharko da, gutxienez,
deialdia argitaratu eta esleipena egiten den bitartean, non eta epeak
laburtzeko legez aurreikusitako gorabehera ez dagoen tartean.
5. Artikulu honetan zehazturik
dauden kontratuetan, kontratatzeko gaitasuna duten pertsona guztiek esku har
dezakete eta izan daitezke kontratistak. Kode Zibilean kontratu-mota orotarako
gaitasun orokorraz eta, zehazki, kasuan kasuko den delako kontratu-motaz
arauturik dagoena izan behar da kontuan gaitasun hori nork duen jakiteko.
6. Lehiaketan,
lehiatzaile bakoitzak ezingo du proposamen bat baino gehiago aurkeztu.
Gutunazal itxian egin beharko du, eta oinarrien agirian jasotako ereduan
zehazturik dagoen bezala; proposamenak beste gutunazal batean egon behar du, ez
lehiatzailearen gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna egiaztatzeko eta,
beharrezkoa bada, haren ordezkaritza egiaztatzeko agiriekin batera, ez eta
kontratuaren xedea dela-eta oinarrien agirian zehazturik dauden gainerako
agiriekin ere.
7. Kontratazio-organoak
baliteke kontratazio-mahai bat izatea, lagungarri. Zuzeneko kontratazioan,
aukerakoa izango da, eta lehia-prozeduretan, berriz, nahitaezkoa.
44. Artikulua -
Ordainketaren zati bat gerorako uztea
Eskuraketen prezioaren ordainketa, aldeak
ados jartzen baldin badira, zatitu ahal izango da aurrekontu-ekitaldi batean
baino gehiagotan ordaintzeko, Euskadiko Diru Egitamuen Jaurbideei buruzko
Legeak konpromiso-kredituentzat jasotzen dituen aurreikuspenei jarraituz.
45. Artikulua -
Zamapean edo baldintzapean eginiko kostu bidezko eskuraketak
1. Baldintzaz edo
modalitatez, helburu jakin baterako betiko loturik dauden eskuraketetan, lege
honetako 39. artikuluko 2. paragrafoan xedaturik dagoena bete beharko da.
2. Ondasunik edo
eskubiderik kostu bidez eskuratu behar bada, eskuratzeko helburuarekin
bateragarria ez den zama edo karga orotatik aske eskuratuko da.
46. Artikulua - Negozio juridiko konplexuak
eta aukerak
1. Ondasunen eta
eskubideen eskuraketarako edo errentamendurako negozio juridikoetan, alderdiek,
ondasun eta eskubide horiek direla-eta, edo erakunde kontratatzailearen ondare
barruko beste batzuk direla-eta, beste prestazio erantsi batzuk egiteko aukera
ere izango dute, baldin eta behar bezala bermaturik badago betebehar horiek
bete egingo direla. Negozio konplexu horiek espediente bakar batean izapidetu
behar dira, eta zati nagusia duten ondare-negozio juridikoari dagozkion arauen
arabera gauzatu behar dira.
Prestazio erantsi horiek herri-administrazioen kontratuei
buruzko arauen peko kontratu baten xede baldin badira, kontratua gauzatzeko,
lege horietan jasotako gaitasun-, publizitate- eta lehia-betekizunak ere
errespetatu beharko dira.
2. Ondasunak edo
eskubideak eskuratzeko eskubide bat administrazioaren alde osatzeko negozio
juridikorik ere hitzartu daiteke. Direnak direlako ondasunak edo eskubideak
eskuratzeko bete behar diren gaitasun- eta prozedura-arauak bete beharko dira
halako kontratuetan, baina gastu-espedientea primari dagokion kopururako baino
ez da izapidetuko, baldin eta halakorik zehaztu bada, aukera ematearren.
III. KAPITULUA
ARAU BEREZIPEKO ETA KOSTU BIDEZKO ESKURAKETAK
47. Artikulua - Herri-administrazioen kontratuei buruzko
arauen peko eskuraketak
1. Legez hornigai-kontratutzat
hartzen diren ondasunak kostu bidez eskuratzeko, herri-administrazioen
kontratuei buruzko arauetan halako kontratuetarako zehazturik dagoena bete
beharko da.
2. Jabetza
gorpuzgabeen eskubideak herri-administrazioen kontratuei buruzko arauen peko
kontratu bidez eskuratzekoak baldin badira, lege horietan xedaturik dagoena
aplikatu beharko da. Eskubide horiek lankidetza-hitzarmenen bidez eskuratzeko,
hitzarmen horietarako arau bereziak eta hitzarmenean bertan jasotakoa bete
beharko da. Nolanahi ere, juridikoki hitzarmenaren bidea aukeratzen bada,
horren arrazoiak emango dira, eta zehatz adieraziko dira Administrazioak eman
beharko dituen prestazioak.
48. Artikulua - Desjabetzeak erabiliz egindako
eskuraketak
1. Ondasunak nahitaez
desjabetu behar direnean, desjabetze-prozesuaren barruan erabakiko da ondasun
horien gaineko zamek edo kargek beren horretan dirauten edo ez.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoak desjabetzeko duen ahala erabiltzea, eskumen hori lege-mailako arau
bidez edo dekretu bidez eskuratua duten sailei dagokie, eta, halakorik ez
badago, lurra kudeatzeko eskumena duenari.
Kostu bidez eskuratzekoa den ondasun-motaren arabera eskumena
duen sailak eskatu beharko du espedientea; non eta jabetza-kentzea ez den
azpiegitura hidraulikoak egiteko obretarako, garraiobideetarako, portuetarako,
telekomunikabideetarako edo baliabide naturalak babesteko. Halakoetarako,
desjabetzearen helburuaren arabera eskumena duen sailak eskatuko du
desjabetze-prozedura.
3. Desjabetze-espedientea
amaiturik, hala gertatu dela jasota gera dadin, eta beharrezkoa bada
inskripzioa egiteko, espedientea osatzeko erabili diren agiriak eta jabetza
zehazten duten agiriak ondareari buruzko eskumenak dituen sailera bidali behar
dira.
4. Jabetza Nahitaez
Kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeko 54. artikuluko 2. paragrafoan
eta Lurraren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legeko
40. artikuluko 2. paragrafoan zehazturiko bidea eta baldintzak betez egiten
bada, desjabetze bidez eskuraturiko ondasun edo eskubide bat jaregiteak edo
haren xedea aldatzeak ez dakar itzultzeko eskatzeko eskubiderik.
5. Itzultzeko
eskubideak eskaintzea eta deklaratzea halakorik egin baino lehenago ondasun horiek
depuratu egin beharko dira, bai fisikoki bai juridikoki, hala egitea egokia
denean, desjabetze-xedearen arabera eskumena dagokion sailaren ardura izango
da, baita gerora ondasun hori beste sail batera atxiki izan arren ere.
Halakoetan, gerora ondasuna atxiki zaion sail edo erakunde horrek itzulketa
deklaratzeko eskumena duenari itzultze-eskubidea sortzen duen gorabehera
gertatu dela jakinarazi behar dio. Itzulketa-eskubidea aitortzeak dena delako ondasunaren edo eskubidea
jaregitea dakar berarekin.
49. Artikulua - Prozedura judizialetan edo
administrazio-prozeduretan gertatzen diren esleipenak
1. Baliteke prozedura
judizialek edo administrazio-prozedurek lege honetako 1. artikuluko erakundeen
alde ondasunik edo eskubiderik esleitzea ekartzea. Halakoetan,
administrazioaren ordezkariak esleipenduna izatekoa zen erakundeari
jakinarazpen bat bidaliko dio, eta, bertan, esleitu beharreko ondasuna edo
eskubidea deskribatuko du, behar bezain zehatz, eta berarekin dakartzan zamak
eta edukitza norena den ere azaldu beharko dio. Esleipendun hori Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra baldin bada, ondareari buruzko
eskumenak dituen sailari bidali behar zaio jakinarazpen hori, eta haren ardura
izango da beharrezkoa bada esleipen-eskaria egitea edo adostasun-adierazpena
egitea.
2. Administrazio-bidean
esleituriko ondasunen edukitza hartu ahal izango da, eta horretarako,
beharrezkoa bada, lege honetako II. tituluko V. kapituluko 5. atalean arauturik
dagoen botatze-ahala erabili ahal izango da.
50. Artikulua - Zorrak ordaintzeko, administrazio-bidean
ondasunak edo eskubideak ematea, eta arau berezien peko beste eskuraketa batzuk
1. Zorrak ordaintze
aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari administrazio-bidean
ondasunik edo eskubiderik eman behar zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoaren
Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legeko hirugarren xedapen gehigarrian zehazturik
dagoena bete beharko da.
2. Arau berezien peko eskuraketetan, arau
horietan zehazturik dagoena bete beharko da.
IV. TITULUA
LOTZEA,
ATXIKITZEA ETA HERRI JABARIKO ALDAKETAK
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
51. Artikulua - Eskumena eta prozedura
1. Titulu honetan
xedaturik dagoenaren arabera, Euskadiko ondareko ondasunen lotzeak, jaregiteak,
atxikitzeak edo desatxikitzeak eta herri-jabariko aldaketak, esanbidez,
isilbidez edo inplizituki gertatzen dira.
2. Lege honetako 6.
artikuluaren arabera ondasunaren edo eskubidearen titularra den erakundeari
dagokio, bere kasa edo sail edo erakunde interesdunaren eskariz, egin beharreko
esanbidezko egintzak egiteko erabakia hartzea, eta Euskadiko Ondareko Ondasunen
eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jasotzeko agintzea edo, hala egin behar
bada, eskatzea, esanbidez edo isilbidez nahiz inplizituki egin diren begiratu
gabe. Ondasun edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen
sailak erabiliko du eskumen hori.
3. Lotze-, atxikitze
edo aldaketa-eskarian, aurreikusitako helburua ere azaldu beharko da. Sail
baten menpeko edo sail bati loturiko erakunderen batek egiten badu eskaria, eta
eskaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarentzat baldin bada,
izapidetu baino lehenago, gainetik duten edo loturik dauden sail horren
adostasuna beharko da.
4. Ondasunak edo
eskubideak dagoeneko ez badira hasierako helbururako beharrezkoak, jaregitea
edo desatxikitzea eskatu beharko da.
5. Titulu honetan
aipaturik dauden jardunek, esanbidez eginikoak badira, sail edo erakunde
eskuratzaileak ondasunak edo eskubideak formalki eskuratzen dituenetik aurrera
sortuko dituzte ondorioak. Ondasunak edo eskubideak formalki eskuratzeko, egin
daiteke bai emate-akta bidez, bai edukitza eskuratzeko akta bidez. Lehenengo
akta, ondasunak edo eskubideak jaso edo eman behar dituzten sailek edo
erakundeek izendaturiko ordezkariek izenpetu beharko dute, eta bigarrena,
berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak egin beharko du, bere kasa,
nahitaezkoa baldin bada dena delako jardunean sail horrek ere esku hartzea.
II. KAPITULUA
LOTZEA
ETA JAREGITEA
52. Artikulua - Lotzea: kontzeptua eta ondorioak
1. Ondasuna edo
eskubidea lotzeak esan nahi du herri-jabariaren barnera bildu beharra dakarren
erabilera orokor edo zerbitzu jakin baterako izango dela ondasun edo eskubide
hori.
2. Ondasuna edo
eskubidea lotzeak ondasun edo eskubide hori herri-jabarira biltzea dakar.
3. Ondasun lotuak lotu diren horretarako
erabili behar dira.
53. Artikulua - Esanbidezko lotze-egintzaren edukia, eta
esanbidez lotu ez direnak inbentarioan jasotzea
1. Ondasuna esanbidez
lotzeko egintzan adierazita geratu beharko da, gutxienez, zein ondasun edo
eskubide lotzen den, zertarako den, eta herri-jabarira bilduta geratu dela.
2. Isilbidez edo inplizituki
eginiko lotze-egintzak Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario
Orokorrean jasotzerakoan, gutxienez, zein ondasun edo eskubide lotzen den
adierazi beharko da, zertarako den, eta isilbidez edo inplizituki egindako
lotze hori zein gertakarik edo jardunek eragin duen.
54. Artikulua - Isilbidezko lotzeak edo lotze inplizituak
Hona hemen noiz gertatzen den isilbidezko
lotzea edo lotze inplizitua:
a) Euskadiko
ondareko ondasunak eta eskubideak, benetan, denen aurrean eta nabarmen, herri-jabarira
biltzea dakarren erabilera edo zerbitzuren baterako erabiltzea,
gutxien-gutxienez urtebete jarraian.
b) Ondasunak
edo eskubideak nahitaezko desjabetze bidez eskuratzea, herri-jabarira biltzea
dakarren erabilera edo zerbitzu baterako.
c) Ondasunak
edo eskubideak antolamendu juridikoan jasota dagoen beste edozein bide erabiliz
eskuratzea, herri-jabarira biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu baterako
dela adierazten badu bide horrek.
d) Ondasunak
edo eskubideak usukapio bidez eskuratzea, baldin eta eskuratze-preskripzioa
ekarri duten edukitza-egintzek dena delako ondasuna edo eskubidea
herri-jabarira biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu batera loturik utzi
badute, zuzenbide pribatuaren argitara hirugarrenek ondasun edo eskubide
horiekiko lortuak dituzten eskubideei ezer kendu gabe, halakorik egotekotan.
e) Gobernu
Kontseiluak jardun orokorreko programak edo planak onartzea, edo obra edo
zerbitzuetarako egitasmoak onartzea, eta, ondorioz, herri-jabarira biltzea
dakarten erabilera edo zerbitzuetara loturik geratzea ondasun edo eskubide
jakin batzuk.
55. Artikulua - Bigarren
mailako edo aldi bereko lotzeak
1. Helburuak
bateraezinak ez badira, herri-jabariko ondasunek bigarren mailako edo aldi
bereko lotze bat, edo bat baino gehiago ere, izan dezakete.
2. Bigarren mailako
edo aldi bereko lotze hori erabakitzen duen ebazpenean, erabilera edo zerbitzu
bakoitzaren ardura duen organoari zein ahalmen eta betebehar dagokion ere
zehaztu beharko da.
3. Bigarren mailako
lotzerik baldin bada, ondasun edo eskubide berberak aldi berean lotze bat baino
gehiago izateak ez du lotze nagusiak eskatzen duen atxikipen organikoa
aldatzen.
56. Artikulua - Jaregitea: kontzeptua eta ondorioak
1. Jareginik geratzen badira,
herri-jabariko ondasunak eta eskubideak hala izateari utzi eta ondarekoak
bilakatuko dira, aurrerantzean ez direlako herri-jabarira bildu beharra
dakarren erabilera edo zerbitzu baterako izango.
Alabaina, behar bezala egiaztatutako aparteko arrazoiengatik
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ondare-interesetarako hala komeni
bada, ondasunak jaregitea eta, gero, besterentzea erabakitzeko aukera ere
badago, aldi batean ondasun horien erabilera galdu gabe.
2. Bigarren mailako
edo aldi bereko lotzeetarako ez bada behinik behin, ondasuna jaregiteak esan
nahi du ondasun hori administrazioaren jabari pribatura bilduko dela. Betiere, ordea, itzultze-eskubidea
baliatu ahal izango da, hala badagokio, legean jasota dagoen moduan.
3. Jaregindako ondasunak
eta eskubide jabari pribatura biltzeko, eta biltze horrek indarra izateko,
esanbidezko deslotze-adierazpena beharko da, edo, bestela, kalifikazio-aldaketa
hori Ondasunen eta Eskubideen Inbentarioan jaso beharko da.
57. Artikulua - Esanbidezko jaregitea
Dena
delako ondasuna edo eskubidea herri-jabarira bildu beharra dakarren erabilera
baterako edo zerbitzu baterako beharrezkoa ez denean, orduan izango da egokia
hura esanbidez jaregitea erabakitzea, baita aurreko artikuluko 1. paragrafoko
bigarren lerroaldean zehazturiko kasuan ere.
58. Artikulua - Jaregite inplizitua
Hona
hemen noiz gertatzen den jaregite inplizitua:
a) Herri-jabariko
ondasunak mugatzeko espedienteetan sobera geratu diren zati edo jabetzetan,
mugaketa onartzeko erabakian halakoak direla zehazturik baldin badago.
b) Nahitaez
desjabetzeko espedienteetan soberan daudela deklaratu diren zati edo
jabetzetan.
c) Ondasun
higigarriak besterentzeko erabakietan.
d) Desjabetutako
ondasunak edo eskubideak itzultzeko
erabakietan.
III. KAPITULUA
HERRI
JABARIKO ALDAKETA ETA ONDORENGOTZA
59. Artikulua - Herri-jabariko aldaketak eta erakunde
publikoen arteko ondorengotza
1. Ondasun edo
eskubide bat jareginez eta, aldi berean, 1. artikuluko erakundeen
titulartasunpeko beste erabilera publiko edo zerbitzu publiko batera lotuz
egiten bada, herri-jabariko aldaketak ez dakar ondasunaren edo eskubidearen
kalifikazio juridikoa aldatzea; berariaz formalizatu beharko da, eta
lotura-aldaketa eta, hala gertatu bada, atxikitzea ere adierazi beharko du.
2. Lege honetako 1.
artikuluan aipaturik dagoen sailik edo erakunderik sortu, suntsitu edo aldatu
behar denean, agindutako eginkizunak aldatzeak ez du esan nahi lotura zehazten
duen arrazoia berritu egin behar dela; ondasunek lehengo helburuetara loturik
jarraituko dute, horretarako esanbidezko adierazpen beharrik gabe Ondasunaren
edo eskubidearen atxikipen-aldaketa, berariaz formalizatzen ez bada, dena
delako xedapen organikoan edo funtzionalean inplizituki gertatua ulertu beharko
da, eta Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean ere adierazi beharko da,
baldin eta inbentario horretako ondasun edo eskubiderik ukitzen badu.
3. Arau baten bidez
herri-jabariko ondasun edo eskubide batzuen titulartasuna administrazioaren
aldekotzat edo orain artekoa ez den beste erakunde publiko baten aldekotzat
deklaratzen bada, titulartasuna deklaratzen edo ematen duten arauetan jasota
dagoen moduan formalizatu beharko da ondasun edo eskubide horien
titulartasun-eskualdaketa, kalifikazio juridikoa edo lotura-mota aldatu gabe,
eta, halakorik ez badago, dekretu bidez.
4. Lege honetako 1.
artikuluan zehaztu diren erakundeen herri-jabariko ondasun eta eskubideei
dagokienez, Estatuko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen, Tokiko
Administrazioaren edo haren mendeko erakunde publikoen eta, oro har, edozein
erakunde publikoren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publiko batzuetara lotu
ahal izango dira, elkarrekikotasun baldintzetan eta erregulamenduz ezarriko den
moduan. Hori dela eta, elkarrekikotasuna dagoela ulertuko da erakundeari
aplikatzekoa zaion arautegiak aukera ematen dionean bere titulartasunekoak
diren herri-jabariko ondasunak lege honen 1. artikuluan aipatutako erakundeei
lotzea, haiek beren eskumenekoa duten erabilera edo zerbitzu baterako
baliatzeko. Halako
aldaketak, ordea, ez du eraginik izango ondasunen eta eskubideen
titulartasunean, ez eta horien herri-jabari izaeran ere.
IV. KAPITULUA
ATXIKIPENA
ETA DESATXIKIPENA
60. Artikulua - Atxikipena: kontzeptua eta ondorioak
1. Atxikipenak,
atxikipena jasotzen duen erakundeari, atxikitako ondasunen edo eskubideen
erabilera, administrazioa, mantentzea eta zainketa ematen dio, esanbidez beste
erakunde bati emandako ahalmenak izan ezik. Betiere, ordea, errespetatu egin
beharko dira lege hau garatze aldera ezartzen diren baimen, eskakizun eta
baldintzak.
2. Atxikipenak ez
dakar inoiz ondasunen edo eskubideen titulartasuna edo kalifikazio juridikoa
aldatzea.
3. Ondasunaren edo
eskubidearen izaeraren arabera, atxikipena egiteko arrazoien arabera eta aplikatu
beharreko arau teknikoen arabera erabiliko dira atxikipenak dakartzan
ahalmenak.
61. Artikulua - Atxikipena: xedea eta esparrua
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorreko titulartasunpeko ondasunen eta eskubideen
atxikitzearen xedea jabari publikoko edo pribatuko ondasun eta eskubideak
atxikitzea izan daitezke, eta 1. artikuluan zehazturiko erakundeen alde, Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra osatzen duten sailen alde eta
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen alde egin
daiteke.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko
ondasunak eta eskubideak ere atxiki daitezke bai lege honetako 1. artikuluan
zehazturiko erakundeetara, bai erakunde titularrak antolakuntza-egituran dituen
sailetara, baita, aurreko paragrafoan zehazturik dauden eskakizun eta
baldintzen parekoak betetzen baldin badituzte, erakunde horrek sorturiko
sozietate eta fundazioetara ere.
2. Ondasunak eta
eskubideak izate juridiko-pribatuko pertsona juridikoei atxikita baldin
badaude, babes-ahal administratiboak erabiltzeko, eta herri-jabariaren gaineko
baimenei eta emakidei buruzkoak erabiltzeko, 19.5 artikuluan eta 70. artikuluko
3. paragrafoan xedaturik dagoena bete beharko da, hurrenez hurren.
3. Ondasuna edo
eskubidea atxikita duen sailak edo erakundeak ondasunaren edo eskubidearen
jabetzari edo titulartasunari eragiten dion gorabehera oro erakunde titularrari
jakinarazi behar dio. Ondasun edo eskubidearen jabetza edo titulartasuna Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko
eskumenak dituen sailari jakinarazi beharko zaio.
62. Artikulua - Esanbidezko atxikipena
Esanbidezko
atxikipenean, datu hauek denak adierazi behar dira: zein erakundetara
atxikitzen den, zein ondasun edo eskubide atxikitzen diren, eta ondasun edo
eskubide hori justu zertarako erabili behar den. Ahal denean, esanbidezko atxikipena lotze-egintzaren
edukiaren barnean izango da.
63. Artikulua - Isilbidezko atxikipenak edo
atxikipen inplizituak
Hona
hemen noiz gertatzen den isilbidezko atxikipena edo atxikipen inplizitua:
a) Isilbidezko lotzea edo lotze inplizitua gertatzen denean.
Halakoetan, ondasunak beren helburuen inguruko eskumenak dituen sail edo
erakundera atxikita daudela ulertuko da.
b) 1. artikuluan aipatutako sail edo erakundeek beren erabilerarako
eskuratzen dituztenean. Halakoetan, eskuratzaileari atxikita daudela ulertuko
da.
c) 59.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-aldaketan.
64. Artikulua - Esanbidezko desatxikipena
1. Atxikitzeko zeuden
helburuak betetzeko aurrerantzean haien beharrik ez dagoenean erabakiko da
ondasunen edo eskubideen desatxikipena.
2. Ondasunak edo
eskubideak, hala badagokio zehazturiko epean, ez baldin badira aurreikusitako
helbururako erabiltzen hasten, edo gerora horretarako erabiltzeari uzten
badiote, edo zehazturiko beste edozein erabilera-baldintza urratzen bada,
erakunde eskumendunak desatxikipena egiteko aukera izango du, errekerimendua
egin eta gero.
3. Erabilerako xedea
edo baldintzak ez betetzeagatik egiten bada desatxikipena, ondasunaren edo
eskubidearen titularrak kalte eta hondaketen ordaina eskatzeko aukera izango
du, desatxikipena egiten den momentuan eguneraturik, edo, bestela, konponketak
balio duena.
65. Artikulua - Desatxikipen inplizitua
Hona
hemen noiz gertatzen den desatxikipen inplizitua:
a) Desatxiki beharreko ondasunen edo eskubideen besterentzea edo
itzulketa gertatzen denean.
b) 59.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-aldaketan.
V. TITULUA
HERRI JABARIKO ONDASUNAK ERABILTZEKO ETA APROBETXATZEKO
BESTE MODU BATZUK
I.
KAPITULUA
TITULU
GAITZAILEA, ETA HERRI JABARIKO ONDASUNAK ERABILTZEKO SISTEMA
66. Artikulua - Titulu gaitzailearen beharra
eta baimenen eta emakiden sistema
1. Aginte eskumendunak
emandako titulu baimentzailerik gabe, inork ere ezingo du herri-jabariko
ondasunik okupatu edo agian denei dagokien erabilera-eskubidea gainditzeko
moduan erabili.
2. Herri-jabariko
ondasunei buruzko baimenetarako eta emakidetarako, lehenik, baimen-emakida
horiek arautzeko lege bereziak bete beharko dira, eta arau bereizirik ez badago
edo nahikoa ez badira, lege honetako xedapenak beharko dira bete.
67. Artikulua - Erabilera-sistema
Herri-jabariko
ondasunak erabilera-sistema honen pean daude:
a) Erabilera
publikoko ondasunak erabiltzeko, titulu honetako xedapenak bete behar dira.
b) Ondasunetan
zerbitzurik, bulegorik edo egoitzarik baldin badago, edo ondasunak zerbitzu
publiko bat eskaintzeko erabiltzen baldin badira, halako ondasunak erabiltzeko,
zerbitzuaren erabilera- eta funtzionamendu-xedapen bereziak bete beharko dira,
eta, halakorik ez badago, ordezko modura titulu hau bete beharko da.
68. Artikulua - Erabilera publikoko ondasunen
erabilera-motak
Erabilera
publikoko ondasunak honela erabil daitezke:
a) Erabilera
erkidea: herritar guztiei
dagokie, denei berdin eta bereizketarik gabe, eta, ondorioz, batzuek
erabiltzeak ez du gainerako interesdunek erabiltzea eragozten. Bi eratakoa izango da:
- Orokorra: tartean gorabehera berezirik ez badago.
- Berezia: erabilerak herri-jabariaren aprobetxamendu berezi bat
dakar. Ez du erabilera erkidea eragozten, baina tartean diren gorabehera
batzuen ondorioz -erabileraren arriskua edo intentsitatea, eskasia dagoenean
erabilerak lehentasuna izatea, erabilerak aparteko errentagarritasuna lortzea,
edo antzeko beste batzuk- guztiei dagokien erabileraren gainetik gehiegizko
erabilera edo harentzako traba izatea gertatzen da.
b) Erabilera pribatiboa: herri-jabariaren zati bat okupatzea dakar,
eta, ondorioz, beste interesdunei hura erabiltzeko aukera mugatzen edo erabat
kentzen zaie.
69. Artikulua - Titulu gaitzaileak
1. Erabilera erkide
orokorrak ez du inongo baimen beharrik, eragozpenik gabe egin daiteke, eta muga
bakarrak hauek ditu: beste pertsona batzuek erabiltzeak dakartzanak, ondasunen
izaera errespetatu beharra eta haiek ondo zaindu beharra, eta bai
polizia-arauak bai zentzuz erabiltzeko emandako argibideak nahitaez bete
beharra.
2. Erabilera erkide
bereziak bai behar du baimena, non eta hasierako iraupena bost urte baino
gehiagokoa den edo iraupen osoa, luzapenak barne, zortzi urte baino gehiagokoa
den, halakoetan administrazio-emakida beharko baita.
3. Erabilera
pribatiboak, berriz, halakoetarako moduko titulu bat aurretiaz eman beharra du,
arau hauei jarraiki:
a) Okupazioa
soilik instalazio desmuntagarriz edo ondasun higigarriz egiten bada, eta
hasiera batean ez baldin bada bost urte baino gehiagorako, halakoetan baimena
beharko da.
b) Okupazioa
obra edo instalazio finkoak erabiliz egiten bada, edo hasierako epea bost urte
baino gehiagokoa bada, administrazio-emakida beharko da.
4. Sailek edo
erakundeek berei atxikita dituzten ondasun eta eskubideak erabiltzeko baldin
bada, ez da artikulu honetan zehazturiko titulurik eman beharrik izango.
Egintzak edo kontratuak ondasuna okupatzeko bidea ematen
baldin badio, kontratistak edo hirugarren batek erabiltzeko edo okupatzeko ere
ez da titulu horien beharrik, baldin eta
arauetan eskatzen den prozeduraren arabera agindu zaion eginkizuna
betetzeko edo jarduera gauzatzeko beharrezko tresna modura badagokio erabilera
edo okupazio hori. Halakoetan, dena delako ondasuna kontratista edo hirugarren
horrek erabiltzeko edo okupatzeko, bi aldeek ondasuna kontratistaren esku
uzteko akta izenpetu beharko dute. Ondasuna oinarri modura behar duen
eginkizuna edo jarduera betetzeko enkargua dakarren egintza edo kontratuaren
ondoren formalizatuko da akta hori.
5. Administrazio orokorraren
titulartasuneko ondasunak direnean Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak
aurretiaz txostena eginda, baimen bereziak eman ahal izango dira, pertsona
fisiko edo juridiko publiko edo pribatuen fabore, 67. artikuluko b)
idatz-zatiko ondasunak zati batean erabiltzeko, helburu edo eginkizun publikoak
edo gizarte-intereseko edo interes orokorreko jarduerak aldi batean bete
ditzaten. Baimen berezi
horien bidez, obra edo instalazio finkoak egin ahal izango dira; lanok
baimenaren onuradunaren kontura izango dira eta Administrazioaren eskuetara
itzuliko dira haren indarraldi-epea bukatzen denean. Epe hori, gehienez ere,
hamar urtekoa izango da, luzapenak barne. Baimena emateko ebazpenean,
Administrazioak eta onuradunak elkarri ematera behartutako kontraprestazio
ekonomikoak eta beste edozein eratakoak zehaztuko dira; kontraprestazio horiek,
bestalde, bi aldeek sinatutako hitzarmenean jaso beharko dira.
6. Hirugarrenek EAEko
ondarearen administrazio-eraikinetako espazioak okupatzea onartu ahal izango
da, salbuespenez betiere, beharrezkoa denean langileei eta bisitariei zerbitzu
batzuk emateko, hala nola kafetegiak, banku-bulegoak, kutxazain automatikoak,
posta-bulegoak edo antzeko beste batzuk, edo ustiapen marjinala egiten denean
administrazio-zerbitzuentzat beharrezkoak ez diren espazioei dagokienez.
Okupazioan ezingo da trabatu edo kaltetu higiezin horretan
kokatuta dauden organo edo unitateek hura erabiltzea. Okupaziorako, gainera,
kasuan kasuko baimena edo emakida beharko da, edo okupazioa egiteko kontratu
bat, kontratu publikoari buruzko arauetan aurreikusitakoari lotuz eratua.
II. KAPITULUA
BAIMENEI ETA EMAKIDEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
70. Artikulua - Baimenak eta emakidak emateko
erakunde eskuduna
1. Ondasunaren titulartasuna daukan erakundeari
dagokio administrazio-baimen eta -emakidei buruzko espedienteak izapidetzea eta
ebaztea.
2. Erakunde titularra
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa baldin bada, ondasuna atxikita duen
sailari dagokio eskumen hori, eta, halakorik ez badago, ondasunak kudeatzeko
ahalmena duen sailari.
3. Ondasuna atxikita
duen erakundea izaera juridiko pribatukoa baldin bada, izaera juridiko
publikoko sail edo erakunderen batera loturik egongo da eta sail edo erakunde
horren ardura izango da herri-jabariko baimenak edo emakidak ematea.
4. 69. artikuluko 5.
paragrafoan aipaturik dauden baimen bereziei dagokien eskumena, berriz,
onuraduna zuzenbide pribatuko pertsona juridiko bat edo nazioarteko erakunde
bat baldin bada, Gobernu Kontseiluarena izango da.
71. Artikulua - Baimenetan eta emakidetan,
baldintza orokorrak eta baldintza zehatzen agiria
1. Gobernu Kontseiluak
bere esku du emakida- eta baimen-kategoria berezi batzuk emateko baldintza
orokorrak onartzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko
dira, baita orokorrean aplikatzeko baldintza zehatzen ereduak ere.
Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak
dituen sailak egin beharko du proposamena, non eta ez duen bereziki sail,
organismo edo erakunde jakin bat ukitzen, bereziki ukitutako sail horrekin
batera egingo baita halakoetan.
2. Organo eskudunak
emakida edo baimena emateko onartzen duen baldintza zehatzen agiria bete
beharko dute emakidek eta baimenek, betiere, halakorik baldin badago, baldintza
orokorrei eta baldintza zehatzen ereduei lotuta.
Emakidak edo baimenak Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorraren titulartasunpeko ondasunak biltzen baldin baditu,
baldintza zehatzen agiria onartu baino lehenago, ondareari buruzko eskumenak
dituen sailaren aldeko txostena beharko da, non eta agiri horretan ez den,
soil-soilik, Gobernu Kontseiluak onarturiko eredua aplikatu besterik
egiten. Orokorrean onarturiko
baldintzetarako edo Gobernu Kontseiluak onarturiko baldintza berezien orrien
ereduetarako salbuespenak zehaztea baldin bada kontua, orduan ere beharko da,
nahitaez, sail horren txostena, eta loteslea izango da gainera.
Hogeita hamar egun baino gehiagorako ez badira, erabilera-baimenetarako
ez da aurretiaz baldintza berezien agiria onartu beharrik izango, ezta oso
noizean behin egitekoak diren hitzaldi, mintegi, zerbitzu edo halako beste
ekintza batzuk antolatzeko ere.
72. Artikulua - Baimenetarako eta
emakidetarako erabakien nondik norakoa eta edukia
1. Aurkako xedapenik
ez badago, Administrazioaren esku dago herri-jabariaren gaineko baimenak eta
emakidak nori eman erabakitzea, baina, betiere, titulu honetan jasotako
prozeduren eta edukien arabera hartu beharko du erabaki hori. Helburu jakin
baterako eman beharko ditu, xedea, iraupena eta mugak zehaztuz, inoiz ez
muga-eperik gabe, eta administrazioak ondasunak ikuskatzeko eta zaintzeko
ahalmena izango du, eta, halakorik baldin badago, baita instalazioak eta
eraikinak ere.
2. Interes orokorrak
hala eskatzen duela uste bada, betebehar erantsi batzuk ezarri ahal izango
zaizkio titularrari, hala nola, baloreak eskuratu beharra, sozietate-eskakizun
jakin batzuk onartu eta mantendu beharra, edo antzeko beste batzuk.
3. Baldintza
orokorretan edo zehatzetan ezar daitezkeen bestelako zehaztapenez gainera,
baimenerako edo emakidarako erabakian, gutxienez, hauek guztiak adierazi
beharko dira, esanbidez nahiz baldintza-agirira igorriz:
a) Ondasuna
edo eskubidea erabiltzeko araubidea.
b) Baimena
edo emakida zein ekonomia-araubidetara loturik dagoen.
c) Jarri beharreko bermea, hala badagokio.
d) Ondasuna edo eskubidea zaintzeko eta
mantentzeko gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak onartu beharra, eta ondasuna
den horretarako erabiltzeko eta jasotako moduan entregatzeko konpromisoa.
e) Dena delako ondasuna erabiltzeko edo ondasun
horren gainean egin beharreko jarduera egiteko beharrezkoak diren lizentzia eta
baimen guztiak bere kontura lortzeko konpromisoa.
f) Okupazioak dakarren erantzukizuna onartzea,
eta, beharrezkoa bada, horretarako asegurua hitzartu beharra ere aipatzea.
g) Lagatzaileak beretzat gordetzea baimenduriko
ondasuna ikuskatzeko ahalmena, baimendutako moduan erabiltzen dutela
bermatzearren.
h) Luzapenerako
eta subrogaziorako epea, halakorik egotekotan. Edonola ere, aurretiaz baimena beharko da.
i) Azkentzeko
arrazoiak.
69. artikuluko
5. paragrafoan zehazturiko erabilera-baimen berezietan eta 71. artikuluko 2.
paragrafoko azkeneko lerroaldean zehazturikoetan ere bete beharko da agindu
honetan xedaturikoa, baimenon ezaugarrien, xedearen eta helburuaren arabera
hala egitea egokia den neurrian.
73. Artikulua - Baimen eta emakiden
ekonomia-araubidea eta bermeak
1. Emakidak doakoak
izan daitezke, kontraprestazio truke edo baldintzapean eman daitezke, edo
herri-jabariko ondasunak erabiltzeko tasapean egon daitezke.
Erabilerak emakidadunari ez badakarkio onura ekonomikorik,
edo, halako onura egonda ere, erabilerak onuradunari beste baldintza edo
kontraprestazio batzuk eskatzen badizkio eta haien bidez onura hori ezereztu
egiten bada, ez da tasarik ordaindu beharko. Hala baldin bada, emakidako baldintza-agirian edo
klausula-agirian hala dela zehaztu beharko da.
Baimenetarako
ere, ekonomia-araubide berbera aplikatuko da.
2. Ekonomia-araubide aplikagarria edozein
dutelarik ere, baimen eta emakiden titularrei bermeak eska dakizkieke, iriztea
zaion modurik egokienean, bai ondasunaren erabilerarako bai atzera bere
horretan uzteko edo konpontzeko, edo, aldaturik uzten badu, kalteen ordaina
eska dakieke. Jarritako bermea baino
gastu handiagoak sortzen baditu, premiamendu-bidea erabiliz kobra daitezke.
74. Artikulua - Lehia bidez emateko prozedura
1. Baimenak eta emakidak lehia-araubidea
erabiliz emateko prozedura ofizioz hasiko da, norberaren ekimenez edo
interesdunaren ekimenez.
2. Administrazio emailearen beraren ekimenez
bada, lehia-araubidepeko prozedurari hasiera emateko, deialdia egin beharko da,
eta deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko
da. Interesa dutenek hogeita hamar eguneko
epea izango dute eskaria aurkezteko.
3. Interesdunak eskatu ondoren ofizioz hastekoa
bada, eskari-egileak txosten bat aurkeztu beharko du, eta, han, proposaturiko
okupazioa zein komenigarria den, zein egokia den eta horrelako gainerako
gorabeherak azaldu beharko ditu. Dena delako organo eskumendunak eskari hori aztertu, eta
izapidetzeko onarpena eman edo baztertu egin beharko du. Tartean diren ondasunen titulartasuna
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, aurretiaz,
ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena beharko da. Organo horrek berak erabakiko du,
diskrezionaltasunez, eskaera izapidetzeko onarpena eman edo bazterrean utzi.
Izapidetzeko onarpena
emanez gero, prozedurari hasiera ematea erabaki beharko da, eta, jendaurreko
iragarki bidez, beste interesdun batzuei prozedurara biltzeko gonbita egiteko
aukera ere egongo da. Gonbita egiten ez bada, aurkezturiko eskariei
publizitatea emango zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratuz. Kasu batean zein bestean, hogeita hamar eguneko epea zabalduko da,
eta, epe horretan, ondasun berbera okupatzeko beste eskari batzuk aurkez ditzakete,
dela helburu berbererako dela beste zerbaitetarako, baldintza-agirian jartzen
duenaren arabera.
4. Emakida edo baimena
eman edo ez erabakitzeko, eskatutako erabilera edo aprobetxamenduen artean
interesgarriena eta interes publiko handienekoena zein den begiratu behar da.
Balorazio hori egiteko orduan, baldintza-agirian zehazturiko irizpideak izango
dira kontuan.
75. Artikulua - Administrazio-isiltasuna
Baimenak
eta emakidak emateko prozedura ebazteko, gehienez ere sei hilabeteko epea
egongo da, eta epe horretan ez baldin bada ebazpena jakinarazten, eskariari
ezezkoa erantzun zaiola ulertu beharko da.
76. Artikulua - Herri-jabariaren gaineko baimenak eta
emakidak amaitzeko arrazoiak
1. Hona hemen
herri-jabariaren gaineko emakidak eta baimenak azkentzeko arrazoiak:
a) Banakako erabiltzailearen edo emakidadunaren heriotza edo
ezgaitasuna gertatu delako, edo nortasun juridikoa azkendu delako. Organo
emaileak jaraunsleei edo oinordekoei, hauek eskatuta, baimenaren edo emakidaren
jarraipena ematea erabakitzen badu, gero heriotza edo ezgaitasuna gertatzeak ez
du ezeren azkentzea ekarriko. Ez
jarraitzeko erabakia hartzen badu, ordea, ez da falta den denboragatik
kalte-ordainik izango.
b) Erabiltzailearen
edo emakidadunaren nortasun juridikoa aurretiazko baimenik gabe eskualdatu
izateagatik edo aldatu izateagatik, dela bat-egite bidez, dela xurgapen bidez
edo dela zatiketa bidez.
c) Epea
amaiturik, iraungi delako.
d) Kalte-ordaina
ordaindu eta emakida berreskuratzea gertatu delako, edo aldeetako batek bere
kasa baimena ezeztatu duelako.
e) Ados
jarri, eta suntsiarazpena erabaki dutelako.
f) Suntsitu
egin delako, kanona ez ordaintzeagatik, edo emakida edo baimenaren titularrak
ezarritako betebeharretako beste edozeinetan ez betetze larria egiteagatik. Ez betetze horiek emakida edo baimena
eman zuen organoak deklaratuko ditu.
g) Ondasuna
desagertu edo aprobetxamendua agortu delako.
h) Ondasuna jaregin delako. Halakoetan, ondasunaren kitapena egin
beharko da, 78. artikuluan zehazturik dagoen moduan.
i) Bete beharreko baldintza orokorretan edo zehatzetan aurreikusitako
beste edozein arrazoi.
2. Artikulu honetako
1. paragrafoko f) letran zehazturik dauden klausula-urraketa edo
baldintza-urraketa horietakoren bat gertatzen bada eta emakida azkentzeko
espedientea zabaltzea erabakitzen bada, hartzekodun hipotekarioei ere
jakinarazi beharko zaie, beren eskubideak defenditzera agertzeko modua izan
dezaten, eta, hala nahi badute, emakidako klausulak urratu dituen emakidadunaren
ordez beste hirugarren bat proposa dezaten.
77. Artikulua - Azkentzeak dakartzan ondorioak
1. Baimena edo emakida
azkentzen denean, herri-jabariko ondasun okupatuan obrarik, eraikinik edo
instalaziorik baldin badago, baimenaren edo emakidaren titularrak kendu edo
bota egin beharko ditu, edo, betearazte subsidiarioa erabilita, Administrazioak
hartuko du ardura hori, titularrak ordaindurik, non eta tituluan ez dagoen
berariaz jasota beren horretan utzi behar direla edo titulu hori emateko eskumena
duen organoak ez duen hala erabakitzen.
2. Titulua azkendu
ondoren beren horretan uzten diren obrak, eraikinak eta instalazioak
ondasunaren titulartasuna duen administrazioak eskuratuko ditu, dohainik eta
zama eta kargarik gabe.
3. Emakida, aurreko artikuluko
1. paragrafoko d) letran zehazturik dagoen moduan, garaiz aurretik
erreskatatzen bada, azkentze aurreratu horiek sorturiko zuzeneko kalte
materialaren kalte-ordaina eman behar zaio titularrari; eta erreskate hori
gertatzen den egunean bermea jabetza-erregistroan inskribaturik daukaten
hartzekodun hipotekarioen eskubideak ere kontuan izan beharko dira,
kalte-ordainaren zenbatekoa eta hartzailea zehazteko.
4. Baimenak eta
emakidak azkentzen diren guztietan, organo emaileak espediente bat osatuko du,
eta bertan onuradunak betebeharrak zenbateraino bete dituen, zehaztuko du
loturik zeuden herri-jabariko ondasunen egoera eta erabilera-balioa, eta ea
bidezkoa den espedientea irekitzea lege honetako II. tituluko V. kapituluko 6.
atalean xedaturik dagoen moduan eska daitezkeen erantzukizunak eskatzeko.
Baimen eta emakiden azkentzea eta paragrafo honetan aipaturik dagoen espediente
horren emaitza Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario
Orokorrean jakinarazi beharko da.
78. Artikulua - Emakidaren edo baimenaren xede
den ondasunaren jaregitea
1. Emakidaren edo
baimenaren xede den herri-jabariko ondasuna jareginda geratzen bada, emakidak
eta baimenak azkendu egingo dira, arau hauei jarraituz:
a) Erabiltzeko epea beteta baldin badaukate, edo administrazioak,
eperik gabe, dena delako baimena edo emakida bere kasa erreskatatzeko ahalmena
beretzat hartua baldin bazuen, iraungita daudela deklaratuko da.
b) Gainerakoetan, kontratuetan zehazturiko epeak bete ahala ebatziko
da iraungita daudela.
2. Azkentzen ez diren
bitartean, baimen eta emakida horietatik datozen erlazio juridikoei, edukiz,
berdin-berdin eutsiko zaie. Alabaina, aurrerantzean, erlazio juridiko horietan
zuzenbide pribatuak aginduko du, eta erlazio horiek direla-eta inolako auzirik
sortzen bada, jurisdikzio zibilean aztertu beharko da.
Edonola ere, indarrean dirauten eskubideen desjabetzea
erabakitzeko aukera ere badu administrazioak, baldin eta uste badu haiei
indarraldiak dirauen bitartean beren horretan eustea kaltegarria dela ondasunek
gerora duten jomugarako, edo balioa nabarmen galaraztea dakarrela, besterendu
behar badira ere.
III. KAPITULUA
BERARIAZKO
XEDAPENAK HERRI JABARIAREN GAINEKO BAIMENEI BURUZ
79. Artikulua - Baimenak emateko prozedura
Baimenak,
zuzenean, eskaturiko baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei emango zaizkie,
non eta, arrazoia edozein delarik ere, eskatzaileen kopurua ez dagoen
mugaturik. Halakoetan, lehia-sistema erabiliz banatuko dira baimen horiek, eta,
eskatzaileen ezaugarri berezirik baloratu ezin dela-eta, ez bada egokia
halakorik egitea, zozketa erabiliko da, non eta baldintza arautzaileetan ez den
beste zerbait zehazten.
80. Artikulua - Baimena emateko eta
ezeztatzeko epea eta beste baldintza berariazko batzuk
1. Baimena emateko
orduan baimendunaren ezaugarri berezirik ere izan behar baldin bada kontuan,
edo baimen-kopurua mugatuta baldin badago, halako baimenak ezin dira
eskualdatu, non eta baldintza arautzaileetan ez dagoen zehazturik bai egin
daitekeela.
2. Baimenak ezin dira
bost urte baino gehiagoan indarrean izan, baina bai luza daitezke. Luzapenak
ezin dira hasierako baimena baino luzeagoak izan, eta, guztira, luzapenak
barne, baimenak ezin du zortzi urte baino gehiago iraun.
3. Interes publikoko
arrazoiak direla medio, Administrazioak, bere kasa, edozein momentutan ezeztatu
ditzake baimenak, kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe, dela gerora
onartu diren baldintza orokorrekin bateraezinak direlako, dela herri-jabarian
kalteak sortzen dituztelako, dela herri-jabari hori interes publiko handiagoko
beste jarduera batzuetan erabiltzeko oztopo direlako, edo dela ondasunaren
erabilera orokorra edo loturik duen xedea kaltetzen dutelako.
Baimena emateko erabakian, alde bakarreko ezeztatzearen
onarpena ere jasoko da. Ez da kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango,
arrazoiak interes publikoak izango dira, eta kasuak aurreko paragrafoan daude
zehazturik.
IV. KAPITULUA
BERARIAZKO
XEDAPENAK HERRI JABARIAREN GAINEKO BAIMENEI BURUZ
81. Artikulua - Emakidak esleitzeko prozedura
Lehia-sistema
erabiliko da herri-jabariko ondasunen gaineko emakidak emateko. Dena den,
zuzenean eman ahal izango dira, Herri Administrazioen Ondareari buruzko
azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren kasuetan.
82. Artikulua - Emakidarako epeak eta
berariazko beste baldintza batzuk
1. Emakidak epe jakin baterako egin beharko
dira. Luzapenak barne, emakidak ezin dira hirurogeita hamabost urte baino
gehiagorako izan, non eta aplikatu beharreko arau berezietan ez den beste epe
laburrago bat zehazten.
2. Emakidetan,
jabetza-eskubidea ezin da inoiz urratu eta hirugarrenei ezin zaie kalte egin.
3. Emakidak berarekin
darama epea amaitu baino lehen erreskatatzeko ahalmena. Interes publikoko
arrazoirik bat-batean agertzen baldin bada egin daiteke, eta kalte-ordaina eman
beharko da.
4. Emakidadunak
ondasunak edo instalazioak behar bezala erabiliko dituela bermatzeko, nahikoa
berme zehaztu behar da.
5. Herri-administrazioen
kontratuei buruzko arauetan jasota dauden kontratatze-debekuetakoren baten pean
diren pertsonek, inoiz ere ezingo dute herri-jabariko ondasun eta eskubideen
gaineko emakidarik titulartasunpean hartu. Emakida esleituta dagoela, titularrak debeku
horietakoren bat hausten badu, emakida azkendu egingo da.
83. Artikulua - Herri-jabariko ondasunen
gaineko eskubide errealak
Emakidadunak
emakidaren tituluan baimendurik dagoen jarduera gauzatze aldera egin dituen
obra, eraikin edo instalazio finkoekiko dituen eskubide errealak direla-eta, Herri
Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 97.etik 99.1era
bitarteko artikuluetan xedaturikoa bete beharko da.
84. Artikulua - Formalizazioa
1. Esleipen-bidea edozein izan delarik ere,
emakida eman eta gero, emakida hori administrazio-agiri batean formalizatu
beharko da. Agiri hori emakida Jabetza Erregistroan inskribatzeko behar besteko
titulu izango da.
2. Ondasun edo eskubidearen titulartasuna
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari
buruzko eskumenak dituen sailaren ardura izango da administrazio-agiria
formalizatzea.
3. Emakidak Euskadiko Ondareko Ondasunen eta
Eskubideen Inbentario Orokorrean jakinarazi beharko dira. Hala ere, arlokako
arauetan beste jakinarazpenik agintzen bada, hori ere egin beharko da.
85. Artikulua - Emakidadunaren eskubideak eta
betebeharrak
1. Emakida hartzen
duenak emakida hori bertako klausulen arabera eta titulu honetan xedaturikoaren
arabera erabiltzeko eta harekin hala gozatzeko eskubidea du.
2. Emakidaren behin
betiko esleipena emakidadunari jakinarazi behar zaio, eta, hark, jakinarazpen
horren hurrengo hamabost egunetan, behin betiko bermea jarri beharko du.
Emakidako jabari-ondasunaren balioaren eta, halakorik baldin badago, egin
beharreko obren aurrekontuaren ehuneko hirukoa izango da berme hori.
Obrei dagokien fidantza, obra horiek itzulgarriak baldin
badira, atzera emakidadunari itzuli behar zaio, amaiturik dituela egiaztatzen
duenean.
3. Emakida esleitu
ondoren, emakidadunak nahitaezkoa du hura gauzatzea. Norberaren ezaugarriei
begira eman denetan izan ezik eta berariazko arauetan ezinezkoa dela jartzen
duen kasuetan izan ezik, emakida eskualdatu egin daiteke, baina, horretarako,
aurretiaz erakunde emailearen baimena beharko da.
4. Jaregin edo kostu
bidez besterendu beharreko ondasunen gainean, emakidadunak, ondasunak
herri-jabarikoak zirenean egindako emakidetatik etorrita, eskubiderik baldin
badu indarrean, eskubide horien titularrak ondasunok lehentasunez eskuratzeko
eskubidea izango du. Eskubide hori Herri Administrazioen Ondareari buruzko
azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 103. artikuluan dago jasota eta hor zehazturik
dagoen moduan erabili beharko da.
86. Artikulua -
Administrazio emailearen betebeharrak
Administrazio emaileak betebehar hauek
ditu:
a) Emakidako klausulak errespetatzea.
b) Emaniko ondasunak emakidadunaren esku uztea,
dituen pribilegioak horretarako erabiliz, eta haien gozamena bermatzea.
c) Erreskatatu
egiten baditu, emakidadunari kalte-ordaina ematea, hala badagokio.
d) Arauetan
eta baldintza-agirian zehazturiko beste edozein.
V.
KAPITULUA
JABARI
ERRESERBAK
87. Artikulua - Herri-jabariko erreserbak
1. Berez erabilera
orokorrerako izanagatik ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak
bere titulartasunpeko ondasunak bere erabilera esklusiborako gorde ditzake,
bere eskumenpeko helburuak betetzearren, baldin eta tartean onura publikoko edo
interes orokorreko arrazoirik badago.
2. Erreserba hori
helburu batzuetarako erabakiko zen, eta helburu horiek betetzeko beharrezko
denbora iraungo du.
3. Gobernu Kontseiluak
deklaratuko du erreserba, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
beharko da eta Jabetza Erregistroan inskribatu.
4. Ondasunen beste
edozein erabileraren aurretik geratuko da erreserba, eta lehenagotik zeuden
eskubideetakoren bat ez bada erreserba horrekin bateragarria, erreserbak
eskubide hori onura publikokoa dela eta okupatu egin behar dela aitortzea dakar
berarekin, desjabetzeari ekin ahal izateko.
VI. TITULUA
BESTERENTZEA,
ETA JABARI PRIBATUKO ONDASUNAK XEDATZEKO BESTE MODU BATZUK
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK JABARI PRIBATUKO ONDASUNAK XEDATZEKO EGINTZEI BURUZ
88. Artikulua - Xedapen-egintzak: motak eta xedea
1. Titulu honen
ondorioetarako, xedapen-egintzaren xedeak honako hauek izan daitezke:
ondasunaren jabetza edo eskubidearen titulartasuna eskualdatzea, haren
erabilera edo ustiaketa aldi baterako lagatzea, kasu jakin-jakin batzuetarako
erabilera-baimena ematea, kargak edo jabetza mugatzeko eskubideak osatzea, eta,
oro har, antolamendu juridiko pribatuak baimentzen duen edozein
xedapen-egintza.
2. Arau berezietan
bestelakorik ez baldin badio behintzat, jabari pribatuko edo ondareko ondasunak
eta eskubideak besterentzeko edo haiekin beste xedapen-egintza juridiko-pribatu
batzuk egiteko, jabari pribatukoak edo ondarekoak izan behar dute eta ezingo
dute erakunde titularraren eskumenak eta eginkizunak baliatzeko beharrezkoak
izan.
Hala ere,
beste aukera bat da besterentzea erabakitzea, baina, interes publikoko arrazoi
egiaztatuak tarteko, aldi baterako erabilera-erreserba gordetzea. Aldi baterako
erabilera hori taxutzeko, errentamendu-kontratuak egin daitezke edo
besterendutako ondasunak erabiltzeko bidea ematen duen beste edozein tresna
erabil daiteke. Besterentze-negozioaren aldi berekoak izan beharko dute, eta, lehiaren eta
prozeduraren aldetik, haren arau berberak bete beharko dituzte.
89. Artikulua - Aurretiazko eskakizunak
1. Besterentze-egintza,
karga ezartzeko egintza edo beste edozein xedapen-egintza baino lehenago,
espedientea izapidetu beharko da, eta espediente horretan agiri hauek jaso:
a) Txosten bat, egintza hori zein beharrezkoa edo komenigarria den
adierazteko, eta esleipena egiteko zein prozedura proposatzen den azaltzeko.
b) Txosten
juridiko bat, erabili asmo den prozedurari eta jarri asmo diren baldintzei
buruz.
2. Eskubide errealak,
kargak eta gainerako xedapen-egintzak besterentzeko eta osatzeko, aurretiaz,
ondasunaren arazketa fisikoa eta juridikoa egin beharko da, eta, horretarako,
beharrezkoa bada, ondasuna mugatu, edo, hala egin behar denetan, Jabetza
Erregistroan inskribatu beharko da, lehenagotik inskribaturik ez bazegoen.
Besterentzen dituen horren titulartasunpeko beste batzuetatik
banandu beharreko ondasunak direnean, edo inskribatzeko edo mugatzeko
izapide-bidean daudenean, edo zama edo karga pean daudenean, baldin eta
eskuratzaileari gorabehera horiek jakinarazi eta hark onartu egin baditu, ez da
aurreko paragrafoan jasota dagoena eskatuko.
3. Higiezina besterendu baino lehen,
besterengarritasun-adierazpena beharko da, ondareari buruz eskumenak dituen
sailburuak emanda. Alabaina, adierazpen
hori ezingo da eman honako ondasun eta eskubide hauek tartean direnean:
a) Ez
baldin badituzte aurreko paragrafoan zehazturiko baldintzak betetzen.
b) Auzi-bidean
baldin badira, non eta ez diren 95. artikuluko baldintzak betetzen.
c) Titulazioan
dituzten datuak identifikaziorako nahikoak ez badira.
d) Xede
edo eginkizun publikoak betetzeko beharrezkoak badira, edo interes
publikoetarako komenigarria baldin bada haiek ustiatzea.
4. Arau bidez
agindutako xedapen-egintzetan ez da artikulu honetan xedaturikoa bete beharrik
izango.
90. Artikulua - Itunak eta prestazio erantsiak
egiteko askatasuna
1. Ondare-ondasunei
eta -eskubideei buruzko xedapen-egintzarik baldin badaukate, kontratuak,
hitzarmenak eta gainerako negozio juridikoak itun-askatasunaren mendean egongo
dira, eta administrazioak komenigarriak iruditzen zaizkion klausula eta
baldintzak jar ditzake, baldin eta ez badira interes orokorraren aurkakoak,
antolamendu juridikoaren aurkakoak edo administrazio onaren printzipioen
aurkakoak.
2. Bereziki, ondare-ondasunak
eta -eskubideak ustiatzeko, besterentzeko, lagatzeko edo trukatzeko negozio
juridikoetan, ondasun eta eskubide horiek direla-eta, edo erakunde
kontratatzailearen titulartasunpeko beste batzuk direla-eta, alderdiek beste
prestazio erantsi batzuk egiteko aukera ere izango da, baldin eta behar bezala
bermaturik badago betebehar horiek bete egingo direla. Negozio konplexu horiek espediente bakar
batean izapidetu behar dira, eta ondare-negozio juridikoari dagozkion arauen
arabera gauzatu behar dira.
Prestazio
erantsi horiek herri-administrazioen kontratuei buruzko arauen peko kontratu
baten xede baldin badira, kontratua gauzatzeko, lege horietan jasotako
gaitasun-, publizitate- eta lehia-betekizunak ere errespetatu beharko dira.
91. Artikulua - Administrazio-isiltasuna
Titulu
honetan aurreikusitakoa betearazte aldera interesdunak eskaturik hasten diren
prozedurak, ez badituzte berariaz ebazten eta sei hilabeteko epean
jakinarazten, ebatzita daudela eta eskariari ezetz erantzun zaiola ulertu beharko
da.
92. Artikulua - Ondasun higigarri galkorrak
edo zerbitzurako egokiak ez direnak
1. Galkorrak diren edo
zerbitzurako egokiak ez diren ondasun higigarriak lege honetako VI. tituluko
II. kapituluan jartzen duen moduan saldu ahal izango dira, edo beste eskuraketa
bateko prezioaren zati modura eman.
2. Saltzea ezinezkoa
gertatu bada edo, modu arrazoituan, uste bada salmenta ez dela aukerarik
egokiena, dohainik besterentzeko aukera izango da, lege honetako VI. tituluko
III. kapituluan jasota dagoen moduan.
3. Aurreko
paragrafoetan xedaturik dagoena aplikaezina bada, besterentzea egiteko eskumena
duen organoak dagoeneko hondakintzat jotzen diren ondasun higigarri galkor edo
zerbitzurako balio ez duten horiek behar bezala kudeatzeko ardura izango du,
eta, horretarako, kudeatzaile baimendun baten esku utzi beharko ditu.
Halakoetan, ahal dela, birziklatu egingo dira edo beste zerbaitetan erabiltzeko
modua egingo da, eta, ezinezkoa bada, ezabatu egin beharko dira, betiere
pertsonen osasuna zainduz eta ingurumena babestuz.
4. Halakoak zuzenean
besterentzeko, dohainik besterentzeko eta birziklatzeko edo ezabatzeko,
aurretiaz, erabaki horiek hartzeko eskumena duen organoak deklaratu beharko du
ez dutela zerbitzurako balio. Zaharregiak izatea, hondaturik egotea, edo
aprobetxaezinak izatea edo aprobetxamendu garestiegia edukitzea izan beharko da
deklarazio horren oinarria.
Artikulu honen ondorioetarako, ondasunak zaharregiak direla
edo erabilerak hondaturik daudela pentsatuko da baldin eta tasatzen diren momentuan
eskuratu zirenean zuten balioaren ehuneko hogeita bost baino balio txikiagoa
badute.
II. KAPITULUA
KOSTU BIDEZKO XEDAPEN EGINTZAK
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK KOSTU BIDEZKO XEDAPEN-EGINTZEI BURUZ
93. Artikulua - Kostu bidezko xedapen-egintzak zein
motatakoak diren eta zein araubide juridiko duten
1. Bai besterentzea
bai kostu bidezko beste xedapen-egintza batzuk edozein negozio juridikoren
itzalpean egin daitezke, berdin negozioa tipikoa edo atipikoa den.
2. Aprobetxamendu
errentagarria izan badezakete, eta ez badira besterentzekoak, ondare pribatuko
ondasunak eta eskubideak zuzenean, erakunde instituzional baten bitartez edo
partikularrek ustia ditzakete. Partikularrek egin behar badute, ustiapen-oinarrien
arabera eta dagokion kontratuaren arabera egin beharko dute. Kontratu horrek
edozein negozio juridiko, tipikoa nahiz atipikoa, izan dezake bere barnean,
eta, luzapenak barne, ezingo du hogei urte baino gehiago iraun, behar bezala
egiaztaturiko aparteko kasuetan izan ezik.
3. Ondasunak eta
eskubideak beste inoren ondasun edo eskubideekin trukatzeko, lehenengo,
tasazioa egin beharko da, eta ikusi beharko da beren arteko balio-aldeak ez
duela gehien balio duenak daukan balioaren ehuneko berrogeita hamar gainditzen.
Trukatu beharreko ondasunen edo eskubideen artean ehuneko
hamarrekoa baino alde handiagoa baldin badago, ordaindu egin beharko da, dela
dirutan dela beste ondasun edo eskubide batzuk emanda.
Bihar-etziko obraren bat trukatzeko aukera ere badago.
4. Lege honetan eta
lege hau garatzeko arauetan aurreikusi gabeko kasuetan, Euskal Autonomia
Erkidegoak sorturiko arauak bete beharko dira kostu bidezko xedapen-egintzetan,
eta, halako araurik ez badago, Estatuko ondarean halakoetarako agintzen duten
xedapenak.
94. Artikulua - Prezioa ordaintzea
1. Xedapen-egintza
erabakitzeko eskumena duen organoak onartu ahal izango du prezioa beranduago
ordaintzea, baina ez hamar urte baino beranduago, eta gerorako utzitako
kopuruak benetan ordainduko direla behar bezala bermaturik egotekotan,
suntsiarazpen-baldintza esanbidez jasota, edo hipoteka, banku-abal,
kauzio-aseguru edo merkatuan ohikoa den behar adinako beste berme baten bidez.
Gerorako utzitako kopuru horietarako interesak ezingo du diruaren legezko
interesa baino txikiagoa izan.
2. Prezioaren zati bat gauzatan ordaintzea ere
onar daiteke. Enkante bidezko esleipen-prozeduretan, prezioaren zati bat gauzatan
ordaintzea onartzeko, beharrezkoa da oinarri-agirian aukera hori agertzea eta
zein ondasun-mota onar daitekeen zehaztea. Prezioaren zati modura eskainitako
ondasun horri lehiatzaileak eskaintzan emandakoa baino diru-balorazio txikiagoa
ematen badio administrazioak, lehiatzaileak bi aukera izango ditu: aldea
dirutan ordaindu edo eskaintza bertan behera utzi.
95. Artikulua - Auzipeko ondasunak edo eskubideak
1. Euskadiko ondareko
auzipeko ondasunak eta eskubideak besterentzeko aukera ere badago, baita
haiekin kostu bidezko beste xedapen-egintza batzuk egiteko ere, baldin eta
baldintza hauek betetzen badira:
a) Oinarri-agirian, ondasuna edo eskubidea ukitzen duen auziaren
xedea, zatiak eta erreferentzia aipatu beharko dira, berariaz eta zehazki, eta
zehaztu beharko da esleipendunak auzi-bidearen arriskuak eta ondorioak
oso-osorik hartu behar dituela bere gain.
b) Legez aurreikusitako zuzeneko esleipen-kasuetan, espedientean agiri
bidez jasota geratu behar du eskuratzaileak badakiela auzi-bidearen xedea eta
norainokoa, eta ezagutzen dituela auzi-bide horren ondorioak eta arriskuak eta
bere gain hartzen dituela.
Xedapen-egintza formalizatzen den agirian nahitaezkoa da
jasota geratzea eskuratzaileak edo onuradunak bere gain hartzen dituela
auzi-bideak dakartzan ondorioak eta arriskuak.
2. Esleipen-prozedura
hasi eta gero planteatzen baldin bada auzia, eta prozedura hori zein fasetan
dagoen kontuan izanik ezinezkoa bada aurreko paragrafoan zehazturik dagoena
betetzea, jardunetan atzera egin beharko da, harik eta paragrafo horretan
agindurik dagoena betetzeko aukera izan arte.
3. Ondasuna
auzi-bidean dagoela iritziko zaio, hain zuzen, besterentzeko eskumena duen
organoak dagokion jurisdikzioan dena delako akzioa baliatu dela eta akzio
horren edukia formalki jakiten dituen momentutik aurrera.
2. ATALA
KOSTU BIDEZKO XEDAPEN-EGINTZETARAKO ESKUMENA
96. Artikulua - Kostu bidez xedatzeko egintzak
erabakitzeko eskumena duen organoa
1. Ondasun higiezinak,
eskubide errealak, gorputzik gabeko jabetzak eta berariaz jaso gabeko beste
ondasun edo eskubide batzuk baldin badira tartean, dena delako ondasunaren edo
eskubidearen erakunde titularrari dagokio kostu bidez xedatzeko egintzaren
erabakia hartzea.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorra baldin bada erakunde titularra, ondareari buruzko
eskumenak dituen sailari dagokio eskumen hori, kasu hauetan izan ezik:
a) Atxikitako ondasun eta eskubideak baldin badira tarteko, nahitaezko
eskualdaketa eta lagapenetan, eta zortasunak ezartzeko eta nahitaezko beste
karga batzuk ezartzeko egintzetan, ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari
dagokio bertara agertzeko eta ados dauden edo ez adierazteko eskumena.
b) Atxikitako ondasun eta eskubideak baldin badira tarteko, hogeita
hamar egunera arteko erabilera baimentzeko eta lagatzeko eskumena, edo
hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak edo noizbehinkako beste gertakari batzuk
antolatzeko eskumena, dena delako ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari
dagokio.
3. Ondasun higigarriei
dagokienez, halako ondasunak eskuratzeko eskumena duen sailari edo erakundeari
dagokio kostu bidez xedatzeko erabakia hartzea.
97. Artikulua - Kostu bidez xedatzeko egintzen
aurretiazko baimena
1. Kasu hauetan, kostu
bidezko xedapenerako erabakiak, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar
du: ondasunak edo eskubideak milioi bat eta berrehun mila euro baino gehiago
balio badu; edo legez edo erregelamenduz hala aurreikusita baldin badago.
2. Ondasunak hiru
milioi euro baino gehiago balio badu, aurretiaz Legebiltzarrak baimena eman
beharko du, Gobernu Kontseiluak eskatuta. Gobernu Kontseiluak Legebiltzarraren
baimena eskatzeko hartzen duen erabakiak aurreko paragrafoan zehaztutako
baimena ere badaramala iritziko zaio.
3. Kasu hauetan, ez da
artikulu honetan eskatzen den baimenik behar izango: aurreko artikuluko 2.
paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan jasota dauden xedapen-egintzetarako;
sozietate publikoetan harpideturiko kapital-ordainketa modura egiten diren
ekarpenetarako, baina dirutan egiten direnak alde batera utzita; eta zuzenean
etxebizitza sustatzeko diren xedapen-egintzak.
3. ATALA
KOSTU BIDEZKO XEDAPEN-EGINTZETARAKO PROZEDURA
98. Artikulua - Kostu bidezko xedapen-egintzetarako
prozedurak eta esleipen-moduak
1. Besterentzeko edo
kostu bidezko beste xedapen-egintza batzuetarako esleipenetan,
herri-administrazioen kontratuei buruzko arauetan jasota dauden prozedurak eta
esleipen-moduak erabil daitezke.
2. Prozedura negoziatuan edo zuzeneko esleipenean,
Administrazioak modu arrazoituan aukeratzen duen interesatuaren aldekoa izango
da esleipena. Hurrengo artikuluko 4. paragrafoko d), e), f), j), ñ) eta o)
idatz-zatietan jasota datozen kasuetan, ahal den guztietan, prozeduran esku
hartzeko hiru gonbidapen egin beharko dira gutxienez.
3. Esleipen-prozedura
iragarri ondoren ere, arrazoi egiaztaturen batengatik ez baldin bada interes
publikorako komenigarria, organo esleitzaileak prozedura horretan atzera
egiteko aukera izango du, eta ez espedientea izapidetu izanak, ez enkantea egin
izanak, ez proposamenak baloratu izanak ez diete espedientean esku hartu
zutenei inolako eskubiderik ekarriko.
4. Proposamen
onargarririk aurkezten ez bada, esleipena egin gabe utzi dela deklaratuko da,
eta, esleipendunak betebeharrak bete ez dituela-eta xedapen-egintza ezin bada
formalizatu, esleipenak huts egin duela deklaratuko da. Huts egin duela
deklaratzen bada, eskaintzen hurrenkerari begira onartuen artean hurrengo
dagoen lizitatzaileari edo lizitatzaileei esleitzeko aukera dago, esleipendun
berri hori ados egotekotan, edo, bestela, beste esleipen-prozedura bat has
daiteke.
99. Artikulua - Kostu bidezko xedapen-egintze-tarako
prozedurak eta esleipen-moduak erabiltzea
1. Oro har, prezioa izango da eskaintzak
baloratzeko irizpide bakarra.
2. Kasu hauetan, eskaintzak baloratzeko,
hainbeste irizpide erabil daiteke:
a) Dena
delako xedapena edo lagapena etxebizitzak sustatzeko baldin bada, eta indarrean
diren politika publikoetatik datozen arauak kontuan hartzekoak diren gainerako
kasuetan.
b) Organo
esleitzailearen ustez, esleipenerako, prezioa alde batera utzita, beste
gorabehera edo prestazio batzuk ere kontuan izan behar diren kasuetan.
3. Herri
Administrazioaren Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 107.
artikuluko 1. paragrafoan jasotako kasuetan, ondare-ondasunen eta
ondare-eskubideen ustiaketa esleitzeko, lehiaketa erabili beharko da.
4. Xedapena egiteko
erabakia hartzeko eskumena duen organoak zuzeneko esleipena egitea erabaki
dezake, kasu hauetan:
a) Esleipenduna izaera juridiko-publikoko pertsona juridikoa baldin
bada edo sektore publikoaren barrukoa baldin bada, edo sozietate publiko nahiz
pribatuekin harpideturiko kapital-ordainketa modura eginiko ekarpenak baldin
badira tartean, baina ez diru-ekarpenak.
b) Esleipenduna onura publikokotzat deklaraturiko fundazio edo elkarte
bat baldin bada.
c) Paragrafo honetako a) eta b) letretan zehazturik datozen pertsonez
besteko batek zerbitzu publikoko eginkizun bat edo interes orokorreko helburu
bat betetzeko beharrezkoa bada xedapen-egintza.
d) Aurretiaz lehia-prozeduraren bat esleitu gabe utzi denean, baldin
eta jatorrizko baldintzak aldatu ez badira eta prozedura hori egin zenetik
urtebete baino gehiago pasa ez bada.
e) Xedatu beharreko orubeetan, itxuragatik edo tamaina txikiagatik,
ezinezkoa baldin bada eraikinik egitea, eta halako xedapen-egintzaren onuraduna
mugakideren bat baldin bada.
f) Xedatu beharreko nekazaritza-finkek ez badute ekonomikoki ustiatzeko
adinako azalerarik edo ez badute diren horretarako erabiltzeko balio, eta
halako xedapen-egintzaren onuraduna mugakideren bat bada.
g) Ondasunaren
edo eskubidearen titulartasuna bi jaberena edo gehiagorena bada, eta salmenta
jabekide baten edo gehiagoren alde egitekoa bada. Jabekide bat baino gehiago
dagoenean interesaturik, eskaintza aurkezteko eta prozeduran esku hartzeko
gonbidapena egingo zaie denei.
h) Salmenta
lehentasunezko eskuratze-eskubidea duenaren alde egiten bada, eta eskubide hori
legezko xedapenez badago onarturik.
i) Aparteko
arrazoiak direla-eta, salmenta higiezina okupatzen duenaren alde egitea komeni
dela uste bada.
j) Industria
sustatzeko, bultzatzeko eta berregituratzeko planen esparruan sorturiko zorrak
ordaintzeko esleitu edo eman badira ondasunak, eta esleipendunak ondasunok plan
horien barruko jardueretarako badarabiltza.
k) Nahitaezko
eskualdaketa edo lagapenetan, eta nahitaezko zortasun eta beste
kargatze-egintza batzuetan.
l) Xedapen-egintza
gehienez ere hogeita hamar egunera arteko erabilera-baimena edo
erabilera-lagapena bada, edo hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak eta
noizbehinkako beste gertakari batzuetarako bada, eta, oro har, erabilera-baimen
hutsak badira, aldi baterakoak eta ez esklusiboak, ondare-eskubideak eskualdatu
beharrik ez dakartenak.
m) Truke
bidezko besterentzeetan.
n) Konpentsazio-batzordeetarako
ekarpenak edo besterentzeak badira.
ñ) Ondasun
higigarri galkorrak badira edo zerbitzurako balio ez dutenak, eta hala direla
deklaraturik baldin badago, 92. artikuluko 4. paragrafoaren arabera.
o) 93.
artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako ustiakuntza ekonomikoan, Herri
Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 107. artikuluko
1. paragrafoan jasotako kasuetakoren bat gertatzen bada.
5. a), b), c), d), i), j), m) eta o)
idatz-zatietan jasotako gorabeheretakoren batean oinarriturik baldin badago,
zuzeneko esleipenerako, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da,
eta proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta
interesa duen saileko buruak edo erakundeko legezko ordezkariak, biek batera,
proposatuta.
6. Zuzeneko esleipen-kasu berberean interesdun
bat baino gehiago baldin badago, kasu jakin horretan indarrean den interes
orokorrari begira hartuko da ebazpena.
100. Artikulua - Kontratuak egiteko
prozedura-arauak eta eskakizunak
1. Lehia-prozedurak,
bai irekiak bai mugatuak, dohainik iragarriko dira Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian eta ondasuna dagoen probintziako aldizkarian,
herri-administrazioen kontratuetarako arauetan zehazturik dagoen denbora-tarte
orokorra gutxienez utzita. Hala ere, presakotasun-adierazpenik edo arauetan
zehazturiko beste kasurik baldin badago tartean eta epe hori laburtu egin behar
bada, laburtu egingo da. Iragarkia kasuan kasuko udal-mugarteko udalari ere
bidaliko zaio, iragarki-oholean jar dezan; horrez gainera, beste
publizitate-bitarteko batzuk ere erabili ahal izango dira, ondasunaren izaerak
eta ezaugarriek hala eskatzen badute.
Ondare arloan eskumena duen sailak beste mekanismo osagarri
batzuk ere ezarri ahal izango ditu, salgai dauden edo kostu bidez xedatzeko
bestelako egintza duten ondasun higirigarriei buruz informazioa zabaltzeko.
Mekanismo horien artean egon daiteke fitxategiak sortzea ondasun horien buruz
informazioa jaso nahi dutela beren kabuz eta berariaz eskatzen duten pertsonen
datuekin, betiere Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege
Organikoaren aurreikuspenei lotuz.
2. Kontratu-mota orotarako,
eta bereziki kasuan kasuko kontratuetarako, gaitasun orokorrari buruz Kode
Zibilean jasota dauden arauen arabera kontratuak egiteko gaitasuna duen
pertsona orok esku hartu dezake esleipen-prozeduretan, eta izan daiteke
esleipenduna eta kontratista kapitulu honetan zehazturik dauden jardunetan eta
kontratuetan. 93. artikuluko 2. paragrafoan zehazturik dauden kontratuetan,
beste baldintza bat ere bete beharko da: herri-administrazioen kontratuei
buruzko arauetan ageri diren debekuetako batean ere tarteko ez izatea.
3. Prezio-tipoa edo
oinarrizko prezioa xedapen-egintza erabaki behar duen organo eskudunak ezarriko
du, onartutako tasazioari lotuta. Lizitazioan prezioaz bestelako
esleipen-irizpiderik kontuan hartu behar denean, aplikatzekoak diren politika
publikoetatik atera daitezkeen jarraibideak kontuan izanik finkatuko ditu
klausula-agiriak. Nolanahi
ere, baldintza-agiriak finkaren egoera fisiko, juridiko eta erregistrala jasoko
ditu.
Lehia-prozeduretan
esku hartzeko, oinarrien agirian edo agiri baliokidean tipo modura hartzen den
kopuruaren gehienez ere ehuneko hogei kontratazio-mahaian jartzeko eska
daiteke, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian edo erakunde
jarduleak gordailuak kudeatzeko duen establezimenduan kopuru hori bera, dela
dirutan, dela abal modura edo dela txeke bidez jarri dela egiaztatzeko eska
daiteke.
4. Goranzko enkanteak gehienez ere hiru izan
daitezke, baldin eta, lehenengoa esleitu gabe geratuta, edo, hala badagokio,
bigarrena ere bai, ondare eta kontratazio arloko zuzendariak beste enkante
baterako deia egiteko erabakia hartzen badu. Lehenengoaren jarraian datozen
enkanteetan, salmenta-oinarriaren beherapen metatuak ezingo du lehenengo
enkanteko tipoaren ehuneko hogeita bost gainditu. Esleipenak huts egiten badu, hurrengo enkanteak huts
egin duen horren maila izango du, eta eredu berbera erabiliz egingo da
deialdia.
Lehenengo
enkantea egin zenetik urtebete baino gehiago joan eta ondasunak oraindik ez
badira esleitu, deitzen den hurrengoa atzera lehenengotzat jo beharko da, eta,
hortaz, ondasunak berriro tasatu beharko dira.
III. KAPITULUA
DOAKO
XEDAPEN EGINTZAK
101. Artikulua - Doako xedapen-egintzen araubidea
1. Jabari pribatuko
ondasun eta eskubideen gaineko doako xedapen-egintzetarako, lege honetan eta
lege hau garatzeko arauetan xedaturik dagoena bete beharko da.
2. Lege honen 102.
artikuluko d) eta e) idatz-zatietan jasotako kasuetan eta a) idatz-zatian
jasotakoetan, ondasun higigarrien gainekoak badira eta deialdi publiko bidez
izapidetzen badira, lege honetan eta lege honen garapen-arauetan jasota ez
dagoenerako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu
bateginean -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen- eta
laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko garapen-arauetan xedaturik dagoena
bete beharko da.
Lege horietan jasotako arau-hausteen eta zehapenen sistema
aplikatzeari dagokionez, isunaren zenbatekoa zehazteko orduan, ondasunaren edo
eskubidearen balioa hartuko da erreferentzia-baliotzat.
102. Artikulua - Doan xedatzeko egintzak noiz diren
zilegiak
Lotzea
edo ustiatzea aurreikusteko modukoa dutela jotzen ez bada, kasu hauetan erabaki
daitezke ondasunen eta eskubideen gainean doan xedatzeko egintzak:
a) Helburua onura publikokoa edo interes publikokoa edo
gizarte-interesekoa izanik, eta herri-administrazioen, izate juridiko-publikoko
beste erakunde batzuen, sektore publikoa osatzen duten beste erakunde batzuen
eta onura publikokotzat deklaraturiko fundazioen edo elkarteen aldekoa denean.
b) Fundazio
pribatuen aldeko fundazio-zuzkidura modura xedatzen direnean.
c) Ondasun
higigarri galkorrak edo zerbitzurako balio ez dutenak direnean, 92. artikuluko
2. eta 4. paragrafoetan jasota dagoen moduan.
d) Industria
sustatzeko, indarberritzeko eta berregituratzeko planen esparruan sortutako
zorrak ordaintze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari
esleitutako edo emandako ondasunak eta eskubideak direnean, baldin eta
xedapen-egintzaren helburua ekonomia-jarduera sustatzea bada, administrazio
honen diru-laguntza egintzen esparruan.
e) Denak
batera harturik mila eta bostehun euro baino gehiago balio ez duten ondasunak
edo eskubideak direnean, baldin eta urteko kopuru metatua ez bada Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren legean halakoetarako zehazturik
dagoen muga baino handiagoa, sustapen-jardueren esparruan egiten badira eta
laguntza eta diru-laguntza publikoetarako arauak betetzen badituzte.
f) Eskualdaketak,
jabetza-mugaketak eta beste kargatze-egintza batzuk, nahitaezkoak eta doakoak
direnean.
g) Gehienez
ere hogeita hamar egun arteko erabilera-baimena edo erabilera-lagapenak
direnean, edo hitzaldiak, aurkezpenak, mintegiak eta noizbehinkako beste
gertakari batzuk antolatzeko denean, eta, oro har, erabilera-baimen hutsak
direnean, aldi baterakoak eta ez esklusiboak, ondare-eskubideak eskualdatu
beharrik ez dakartenak, baldin eta, kasu horietako batean ere onuradunaren
aldeko erabilera ekonomikorik ez badago, edo erabilera ekonomiko hori hutsala
bada.
h) Legebiltzarrak
salbuespen modura baimendutako kasuak direnean.
i) Lege-indarreko
arau bidez aurreikusitako beste kasu batzuk direnean.
103. Artikulua - Doako xedapen-egintzek
xedearekin duten lotura
1. Dohainik xedatzen diren
ondasunak eta eskubideak, betiere, xedatzen diren horretarako erabili behar
dira, eta dena delako erabakian modua eta baldintzak zehazturik utzi baziren,
horiek ere bete beharko dira. Aurreko artikuluko c) idatz-zatian zehazturik
dagoen kasuan, aukerakoa izango da xede zehatz hori jartzea edo ez.
2. Ondasunak
higigarriak baldin badira, eta dagokion xedapen-egintzan besterik zehazten ez
bada, modua beteta dagoela ulertuko da, eta eskualdaketa, berriz, bost urtean
zehar ondasunak zehazturik zegoen xederako erabili izan badira, garbia eta
sinplea izango da.
3. Beste
kontrol-sistema batzuk ere ezarri ahal diren arren, ondasun higiezinen edo
horien gaineko eskubideen lagapen-hartzaileek ondasunen xedea egiaztatzen duten
agiriak bidali beharko dizkiote hiru urtetik behin xedapen-egintzaren
zehaztapenak betetzea zaintzeko eskumena duen organoari. Ondare-alorrean
eskumena duen sailak, kasu bakoitzaren gorabeherak kontuan izanik, eginbehar
horretatik salbuetsi ahal izango ditu ondasunen lagapen-hartzaile batzuk, edo
epe luzeagoak ezarri agiriak bidaltzeko.
104. Artikulua - Doan xedatzeko egintzak erabakitzeko
eskumena
1. Doako
xedapen-egintzetan, eskumenak banatzeko arau hauek bete beharko dira:
a) 101. artikuluko 2. paragrafoan zehazturiko kasuetan, eskumenerako,
laguntza eta diru-laguntza publikoetarako arauetan xedaturikoa bete beharko da.
Baina ondasun higiezinak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorraren titulartasunpeko jabetza gorpuzgabeen eskubideak baldin badira
tarteko, deialdi publikoa egin baino lehen edo zuzeneko emakida-erabakia hartu
baino lehen, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena
beharko da.
b) 102. artikuluko a) idatz-zatiko kasuen artetik aurreko paragrafoan
ageri ez diren kasuetan eta 102. artikulu horretako b), h) eta i)
idatz-zatietan jasotako kasuetan, doako xedapen-egintzak hartzeko eskumena
Gobernu Kontseiluarena izango da, non eta i) idatz-zatian jasotako kasurako
arauak ez duen besterik agintzen.
c) 102. artikulu horretako f) eta g) idatz-zatietan jasotako kasuetan,
erakunde titularrari dagokio xedapen-egintzak erabakitzeko eskumena, eta
erakunde titular hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra baldin
bada, ondasuna atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio; eta ez baldin
badago atxikita, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio.
d) 102.
artikulu horretako c) idatz-zatiko kasuetan, eskuraketa egiteko eskumena duen
organoarena izango da eskumena.
2. Sail edo erakunde
jakin baten eginkizunekin loturiko xederen bat betetzera bideraturik baldin
badago xedapen-egintza, ardura hauek sail edo erakunde horren eskumenpekoak
izango dira:
a) Xedapen-egintzaren nondik norakoak betetzen
ote diren zaintzea.
b) Laguntza eta diru-laguntza publikoetarako
arauetan jasota dagoen zehapen-prozedura izapidetzea eta ebaztea, hala egin
beharra egokitzen denean.
c) Ondasunak
eta eskubideak itzultzeko espedientea izapidetzea.
Bestelako
kasuetan, eskumen horiek ondareari buruzko eskumenak dituen sailarenak izango
dira.
105. Artikulua - Doako xedapen-egintzetarako
prozedura
1. Kostu bidezko xedapen-egintzetarako behar
diren kasu berberetan behar dira Gobernu Kontseiluaren eta Legebiltzarraren
aurretiazko baimenak. Xedapen-egintzak Gobernu Kontseiluarenak baldin
badira, egintza horiek ez dute haren baimen beharrik.
2. 101. artikuluko 2.
paragrafoan jasotako kasuetan, laguntza eta diru-laguntza publikoetarako
arauetan zehazturik dagoena izango da xedapen-egintzaren esleipenduna edo onuraduna
aukeratzeko prozedura.
3. Gainerako kasuetan,
zuzeneko esleipena erabiliko da prozedura modura, 102. artikuluko h) eta i)
idatz-zatietan jasotako kasuetan izan ezik, hau da, Legebiltzarraren baimen
bidez edo dena delako arauaren bidez kasu horietarako bestelakorik zehaztu bada
izan ezik.
4. 102. artikuluko c) idatz-zatian jasota
datorren kasuan, ofizioz prozedura publiko bati emango zaio hasiera, norberaren
ekimenez edo interesdunaren eskariz. Hasteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian iragarri beharko da, interesdunek nahi dituzten eskariak egin ahal
izan ditzaten.
Iragarki
horretan, esleipenduna aukeratzeko zein prozedura erabiliko den zehaztu beharko
da, eta, beharrezkoa bada, baita jarrita dauden eskakizunak eta baldintzak ere
edo oinarrien agiriko zein paragrafotan dauden jasota.
Esleipendunak
aukeratzeko sistema zozketa edo banaketa izan daiteke, edo agirian zehazturiko
irizpide neurtu jakin batzuk erabiliz egin daiteke.
Prozedura
publikoa amaitu eta, baldintzak betetzen dituen interesdunik ez dagoela-eta, ez
baldin bada esleipenik egin edo esleipena osorik egin ez bada, ondasunak edo
ondasunetatik soberan dagoen zatia zuzenean esleitu daiteke, prozedura publikoa
amaitu eta urtebete baino lehen.
106. Artikulua - Legebiltzarrari doako
xedapen-egintzen berri ematea
Lege
honen 102. artikuluko f), g), h) eta i) idatz-zatietan jasotako kasuetan izan
ezik, doako xedapen-egintzak eta egintza horien luzapenak Eusko Legebiltzarrari
jakinaraziko zaizkio.
107. Artikulua - Doako xedapen-egintzaren epea
eta edukia
1. Xedapen-egintzan,
ondasunaren edo eskubidearen identifikazio zehatza jaso beharko da, eta, 103.
artikuluaren arabera hala egin behar denetan, ondasun edo eskubide hori zein
helburu zehatzetarako erabiliko den ere bai. Inguruabar hauek guztiak ere jaso
beharko dira: esanbidez edo beste norabait igorriz, beharrezko baldintzak,
mugak eta bermeak, eta, hala egin behar bada, itzulketarako arrazoiak eta
kasuak, baita ondasunaren edo eskubidearen balioa ere, edo balio hori
kalkulatzeko prozedura, hartara, zehapen-sistema aplikatu ahal izateko eta,
itzulketa-beharra betetzen ez bada, edo itzulketa hori hurrengo artikuluan
zehazturikoak baino kontserbazio-baldintza okerragoetan egiten bada,
kalte-ordainak kalkulatu ahal izateko.
2. Ondasunaren jabetza
edo eskubidearen titulartasuna eskualdatzen ez duten xedatze-egintzak baldin
badira, iraupen-epeak ezingo du hamar urte baino gehiagokoa izan, eta luzapenik
bai egin daiteke, baina luzapen bakoitzak ezin du hasierako iraupena baino
luzeagoa izan, eta dena batera harturik, luzapenak barne, iraupenak ezin du
hogeita hamar urte baino gehiagokoa izan.
108. Artikulua - Ondasuna edo eskubidea itzultzea
1. Xedapen-erabakietan
hala zehazturik dagoen kasuetan, kapitulu honetan jasota dauden ondasunak eta
eskubideak Administraziora itzuliko dira. Hala egin behar denean, diru-laguntza
eta laguntza publikoak itzultzeko kasuak eta itzulketa-kasuak ere zehaztu
beharko dira erabaki horietan. Diru-laguntzak eta laguntzak itzultzeko kasu
horiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu
bateginean datoz jasota azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu
zen testu hori, eta itzulketa-kasuak, berriz, jarritako epean helburu
zehazturako erabili ez izateagatik, helburu horretan erabiltzeari gerora utzi
izateagatik, edo xedapen-erabakian zehazturiko epea amaitzeagatik gertatuko
dira.
2. Itzultze-aukera
jasota badute, xedapen-erabaki horietan, onuradunaren betebehar hau ere jaso
beharko da: gutxienez, jaso zituen bezain ondo itzuli beharko dituzte
ondasunak, ondasunaren erabilera normalak berez dakarren hondatzea salbu.
3. Sorrera-arrazoi
duen xedapen-egintza agintzeko eskumena duen organoak izango du, hain zuzen,
itzultze-espedientea ebazteko eskumena.
VII. TITULUA
ENPRESA
ONDAREA
I.
KAPITULUA
ENPRESA
ONDAREARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
109. Artikulua - Enpresa-ondarearen kontzeptua,
titulartasuna eta araubidea
1. Titulu honen
ondorioetarako, hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak
ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzioak bihur daitezkeen
obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek;
finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu
antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1.
artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.
2. Enpresa-ondarea
osatzen duten ondasunen eta eskubideen titulartasuna pertsona eskuratzailearena
da. Nolanahi ere, bete beharrekoa izango da 114. artikuluan xedaturik dagoena.
Ondareari buruzko eskumenak dituen sailak, bestalde, akzioen
titulartasunak berez dakartzan eskubideak behar bezala baliatzeko beharrezkoak
iruditzen zaizkion jarraibideak eman diezazkieke Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrak eta sektore publikoak enpresetako sozietate-organoetan
dituzten ordezkariei.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren
titulartasunpekoak badira, enpresa-ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen
gordailuen tituluak edo ordezkagiriak ondareari buruzko eskumenak dituen
sailean gorde beharko dira.
3. Titulu honetan
xedaturik dagoenaren arabera arautu behar dira enpresa-ondarea osatzen duten
ondasunak eta eskubideak eta, titulu honetan jasota ez dagoenerako, lege
honetan eta lege hau garatzeko arauetan jasota dauden xedapenak bete beharko
dira.
110. Artikulua - Enpresa-ondarea eskuratzeko
aurretiazko baimena, eskumena eta prozedura
1. Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta
eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da,
dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko
eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten
bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin
beharko dute, biek batera. Dekretu
hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola
ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala
ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako
eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen
xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan izango
duen partaidetzaren ehunekoa ere, zuzenean nahiz zeharka.
2. Erosketa edo truke
bidezko eskuratzea ondareari buruzko eskumena duen sailaren ardura da, non eta
eskuratze hori egiten duen erakundeak ez duen Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrarena ez den beste nortasun juridiko bat, halakoetan
erakunde horren arauetan jarriko baitu zein organori dagokion, eta jartzen ez
badu, haren legezko ordezkaritza duen organoaren ardura izango da.
Erosketa bidezko eskuraketetan, erosketaren zenbatekoa ere
zehaztu beharko da, normalean onartzen diren balorazio-metodoak erabilita.
Baloreek bigarren mailako merkatu antolaturen batean kotizatzen baldin badute,
eragiketa gertatzen den momentuan eta egunean merkatuak zehazten duen balioari
dagokiona izango da eskuratze-prezioa.
Alabaina, erakunde eskuratzaileko zerbitzu teknikoek uste
baldin badute baloreen ohiko negoziazio-bolumenak ez duela bermatzen
merkatu-prezio egoki bat osatuko denik, bai eskuraketa bai prezio-zehaztea
beste eskuratze- edo baloratze-metodo bat erabiliz egiteko proposa dezakete,
hartarako arrazoiak emanda. Metodo horrek legez onartzeko modukoa izan beharko
du.
3. Bazkide-eskubideak
darabiltzan organoaren ardura izango da kapitala ordezkatzen duten baloreak
harpidetzaz eskuratzea.
4. Enpresa-ondarea osatzen
duten ondasunak eta eskubideak lege honetako III. tituluan jasota datozen
prozedurak erabiliz eskura daitezke, edo bigarren mailako merkatu antolatuen
bitartez. Edonola ere, halakorik eskuratu baino lehenago, III. titulu horretan
eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategineko
III. tituluko IV. kapituluan zehazturik datozen baimenak beharko dira, hala
badagokio testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu
zen.
111. Artikulua - Sozietateetako administrazioan,
bazkide-eskubideak eta ordezkaritza-eskubideak erabiltzea
1. Merkataritza-enpresetako
zuzeneko partaide modura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak
dituen bazkide-eskubideak erabiltzea, sozietatearen titular bakarra Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorra baldin bada, Gobernu Kontseiluaren ardura
izango da, eta sozietatea partaidetzakoa baldin bada, sozietate publikoa izan
zein ez, ondareari buruzko eskumena duen sailaren ardura izango da, ondare eta
kontratazio arloko zuzendaritzaren bitartez. Ondareari buruzko eskumenak dituen
saileko buruak hala agintzen badu, partaidetza-sozietateetan bazkide-eskubideak
erabiltzeko ardura sail bereko edo beste sail bateko beste organo batzuei
emateko aukera ere badago.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ez den
beste pertsona juridiko baten bazkide-eskubideak erabiltzea zein organori
dagokion jakiteko, haren arauetan begiratuko da, eta, han ezer ez badago, haren
legezko ordezkariari dagokio.
2. Zuzenean nahiz zeharka
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren
titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo
aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute,
ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen
sailburuak biek batera proposaturik.
Akordio batzuetan baliteke, era berean, akordio-gai diren
eskubideak beste akzionista batzuekin adosturik erabili beharra izatea, esate
baterako, sindikatze-itunetan, eta lehentasunezko harpidetza-eskubideei uko
egin beharra edo akzio berriak izendatzeko eskubideei uko egin beharra:
halakoetarako ere, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da.
Partaidetza-ehunekoa aurretik zegoena baino txikiagoa zehazten badute, akzioak
eskuratzeko baimentze-dekretuetan, harpidetza-eskubideei uko egiteko baimena
dekretuak berak berarekin dakarrela ulertuko da.
Paragrafo honetan aurreikusitako ondorioetarako, zeharkako
titulartasuneko akzio izango dira Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorraren edo instituzionalaren erabateko partaidetzako sozietateenak,
partaidetza hori modu bateratuan eduki edo erakunde bakarrak eduki.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko sektore publikoak partaidetza duen sozietateen administrazioan arlo
horrek izan behar duen partaidetzaren ordezkaritza dela-eta, lege honetako 116.
artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan jasota dauden arauak bete beharko dira.
112. Artikulua - Enpresa-ondarea kostu bidez
besterentzeko eskumena eta aurretiazko baimenak
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak baldin badira,
enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak kostu bidez
besterentzeko, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak hartu beharko du
erabakia.
2. Berezko nortasun
juridikoa propioa baina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari
dagokionaz bestekoa duten erakundeen titulartasunpekoak badira, ondasunak eta
eskubideak kostu bidez besterentzeko, erakunde horien arauetan zehazturik
dauden organoek hartuko dute erabakia, eta, halakorik ez badago, haien
lege-ordezkaritza duen organoak.
3. Edonola ere,
besterentze horiek baimendu baino lehenago, lege honetako VI. tituluan eta
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko III.
tituluko IV. kapituluan zehazturik datozen baimenak bete beharko dira testu
hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen.
113. Artikulua - Enpresa-ondarea besterentzeko prozedura
1. Enpresa-ondarea
osatzen duten ondasunak eta eskubideak besterentzea -edonola delarik ere, lege
honetan eta beste batzuetan eskatzen diren baimenak beti eduki beharko dira
horretarako-, bigarren mailako merkatu antolatuetan edo merkatu horietatik
kanpora egin ahal izango da, indarrean dagoen legediaren arabera eta edozein
egintza edo negozio juridiko bitartez.
2. Besterentze hori
egin ahal izateko, titularra den autonomia-erkidegoko administrazio orokor edo
instituzionalak zuzenean saldu ahal izango ditu enpresa-ondarea osatzen duten
ondasunak eta eskubideak; edo autonomia-erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde
publiko baten edo sozietate publiko baten alde ekarri edo eskualdatu ahal
izango dira ondasunak eta eskubide horiek, baldin eta sozietatearen xedean
jasota baldin badaude merkataritzako erakundeetako akzioak eta partaidetzak
edukitzeko, administratzeko, eskuratzeko eta besterentzeko aukerak. Beste aukera bat kudeaketa-hitzarmen bat
egitea da, eta han zehaztu sozietate edo erakunde horrek nola egin behar duen
salmenta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor edo instituzionalaren
kontura. Tituluak hirugarrenen alde saltzeko tresna juridikoa zehazteko,
trafiko pribatuaren jardunbide arrunta hartuko da aintzakotzat, eta eskura
egingo da, edo prezioa geroago ezarriz, baldin eta gerorako uzteko nahikoa
berme badago.
Administrazio
orokor edo instituzionalak, paragrafo honetan zehazturiko ondorioetarako,
sozietate publiko baten alde ekartzen dituen ondasunak edo eskubideak,
eskualdatzailearen kontuetan ageri den kontularitzako balio garbian erregistratuko
dira erakunde edo sozietate horren kontularitzan.
3. Besterentzearen zenbatekoa zehazteko,
normalean onartzen diren balorazio-metodoak erabiliko dira. Besterendu beharreko baloreek bigarren
mailako merkatu antolaturen batean kotizatzen baldin badute, eragiketa
gertatzen den momentuan eta egunean merkatuak zehazten duen balioari dagokiona
izango da besterentze-prezioa.
Alabaina, erakunde besterentzaileko zerbitzu teknikoek uste
baldin badute baloreen ohiko negoziazio-bolumenak ez duela bermatzen merkatu-prezio
egoki bat osatuko denik, bai besterentzea bai prezio-zehaztea beste
besterentze- edo baloratze-metodo bat erabiliz egiteko proposa dezakete,
hartarako arrazoiak emanda. Metodo horrek legez onartzeko modukoa izan beharko
du.
4. Bigarren mailako
merkatu antolatuetan kotizatzen duten baloreen kasuan, besterendu nahi den
zenbatekoa ezin bada benetako ondare-inbertsiotzat jo, eta sozietate
anonimoaren kapitalean ez baldin badu nabarmentzeko moduko partaidetzarik
osatzen, besterentzea egiteko eskumena duen organoak bere esku izango du
besterentze hori legez baimenduriko finantza bitartekari bati enkargua eginez
egitea. Halakoetan, eragiketaren komisioak edo zerbitzu-sariak eragiketa horren
emaitza gordinetik ken daitezke, eta besterentzearen etekin garbia ingresatu
altxorrean.
5. Ondasunek eta
eskubideek ez baldin badute bigarren mailako merkatu antolatuetan kotizatzen,
edo artikulu honetako 3. paragrafoko bigarren lerroaldean jasota datorren
kasuan, besterentzea egiteko eskumena duen organoak erabakiko du salmentarako
zein prozedura erabili, lege honetako VI. tituluan jasota daudenen artetik.
Zuzeneko besterentzea egiteko erabakia kasu hauetakoren bat gertatzen denen har
daiteke:
a) Akzioak askatasunez eskualdatzeko mugak egotea estatutuetan, edo lehentasunez
eskuratzeko eskubideak egotea.
b) Eskuratzailea zuzenbide publiko nahiz pribatuko edozein pertsona
juridiko baldin bada, eta sektore publikokoa bada.
c) Enkante
bat esleitu gabe utzi bada. Halakoetan, enkantea egin eta urtebeteko epea
egongo da zuzeneko salmenta egiteko, eta salmentaren baldintzek ezingo dute
enkanterako argitaratu ziren haietatik urrundu.
d) Akzio-salmenta
sozietatearen beraren aldekoa bada, Sozietate Anonimoen Legeko testu bategineko
75. artikuluan eta hurrengoetan zehazturik dauden kasuetan eta baldintzetan eta
eskakizunetan (abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretu bidez
onartu zen testu bategin hori); edo sozietateko beste partaide baten edo
batzuen alde egiten bada. Azken kasu horretan, akzioak sozietateari eskaini
beharko zaizkio, eta hark, berriz, halakoak eskuratzeko interesa duten
partaideen artean banatu beharko ditu, sozietateko kapitalean duten
partaidetzaren arabera dagokien heinean.
114. Artikulua - Enpresa-ondarearen
berregituraketa
1. Ondareari buruzko
eskumenak dituen sailburuak proposaturik harturiko erabaki bidez, Gobernu
Kontseiluak bere esku du bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpeko akzio partaidetzak, bai
zuzenean edo zeharka kapital guztia erakunde horien titulartasunpekoa duten
sozietate publikoen titulartasunpeko akzio-partaidetzak Autonomia Erkidegoko
beste erakunde publiko batzuetara edo haien beste sozietate batzuetara biltzea
erabakitzea, baldin eta erakunde eta sozietate horien xedea
akzio-partizipazioak kudeatzea bada. Era berean, Administrazio
instituzionalaren edo arestian aipaturiko sozietate-publikoen titulartasunpeko
akzio-partaidetzak Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrera biltzeko
erabakia ere har dezake Gobernu Kontseiluak, ondareari buruzko eskumenak dituen
sailburuak eta atxikita dituen edo zaindu behar dituen sailburuak, biek batera
proposaturik.
Halako
guztietan, Gobernu Kontseiluaren erabakia baino lehenago, Ekonomia Gaietarako
Ordezko Batzordearen txostena beharko da.
Erabakietan
zehaztu daiteke, era berean, akzioak jasotzen dituen erakundea nola eta zein
baldintzatan subrogatuko den erakunde eskualdatzaileak eraginpeko sozietateekin
mantentzen dituen harreman juridikoetan, eskubideetan eta betebeharretan.
2. Artikulu honetan
xedaturik dagoenaren ondorioetarako, dagokion erabakia hartzen denetik aurrera
eskuratuko dute erakunde hartzaileek akzio eskuratu berrien jabari osoa.
Erabaki horren kopiak titulartasun berria egiaztatzeko agiri modura balioko du,
bai kontuko idazpenak aldatzeko eta akzio izendunak aldatzeko, bai eta egin
beharreko beste edozein administrazio-jardun, sozietate-jardun edo
kontularitzako jardun egiteko ere. Erabakia hartzen den unean aurreko
titulartasunaren pean zuten kontabilitateko balio garbi berberarekin
erregistratuko dira jasotako akzio-partaidetzak titular berriaren
kontabilitatean, baina behar diren balorazio-zuzenketak egingo dira urtealdia
amaitzean.
3. Artikulu hau
betetze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan
titulartasun-aldaketako eragiketarik eta barruko berrantolaketa-eragiketarik
egiten bada, eragiketa horiek ez dira balore-merkatuaren legeen menpe egongo,
ez eta eskuraketetarako eskaintza publikoen sistemaren pean ere. Era berean ez
dute emango ez lehentasunez erosteko eskubiderik, ez atzera eskuratzeko
eskubiderik, ez eta eskualdatu diren partaidetzen sozietateetako beste akziodun
batzuek, edo, hala badagokio, hirugarren batzuek, estatutuz nahiz hitzarmen
bidez, partaidetza horiek lehentasunez eskuratzeko beste inolako eskubiderik
ere. Gainera, arau hau aplikatu beharrez sozietate-partaidetzen eskualdaketarik
eta berrantolaketarik egiten bada, hori, huts-hutsean, ezingo da sozietate
horiek elkarren artean dauzkaten harreman juridikoak aldatzeko edo suntsiarazteko
arrazoi modura hartu.
4. Artikulu hau bete
beharrez sortzen diren egintzetan esku hartzen duten notarioen eta
jabetza-erregistratzaileen eta merkataritza-erregistratzaileen tarifak jaitsi
egin beharko dira, Estatuko Administrazioaren enpresa-ondarerako erabakitako
hein berean.
II. KAPITULUA
XEDAPEN BEREZIAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE
PUBLIKOAREN BARRUAN DAUDEN SOZIETATE PUBLIKOETARAKO
115. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko sektore
publikoaren barruan dauden sozietate publikoen sorrera eta amaiera
Euskal
Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden sozietate publikoen
sorrerari eta amaierari dagokionean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko
Legearen testu bategineko III. tituluko IV. kapituluan xedaturikoa eta titulu
honetako xedapenak bete beharko dira testu hori azaroaren 11ko 1/1997
Legegintza Dekretu bidez onartu zen.
116. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko
sektore publikoko sozietate publikoen administratzaileak
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrari eta sektore publikoari dagozkien administratzaileen
bostetik biren izendapena ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak
proposatuko du, batzar orokorrean bazkide-eskubideak baliatzen dituen
organoaren bitartez, Gobernu Kontseiluak bestelakorik agintzen ez badu behinik
behin.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko sektore publikoan aritzen diren goi-karguak eta langileak, arlo
horren ordezko modura sozietateetako administratzaile izendatzen baldin
badituzte, ez dira Sozietate Anonimoen Legearen testu bategineko 124.2
artikuluan jasotako debekuaren pean egongo testu hori abenduaren 22ko 1564/1989
Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen, aplikatu beharreko arlokako
legeetan bi jardueretan batera aritzeko bidea zabalik uzten den kasuetan.
117. Artikulua - Diruzkoak ez diren ekarpenak, zuzenean
nahiz zeharka oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren
edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren sozietate publikoetarako
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo instituzionalak zuzenean nahiz
zeharka oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo
instituzionalaren titulartasunpekoak diren sozietate publikoetarako egiten
dituen ekarpenak diruzkoak ez direnean, ez da Sozietate Anonimoen Legearen
testu bategineko 38. artikuluan aurreikusitako aditu independenteen txostenaren
beharrik izango testu hori abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege
Dekretu bidez onartu zen, eta, haren ordez, lege honetako 9. artikuluan
zehazturik dagoen tasazioa erabiliko da.
VIII. TITULUA
SEKTORE PUBLIKOKO ERAKUNDEEKIN IZENPETUTAKO HITZARMENAK
118. Artikulua - Xedea
Lege
honen 1. artikuluan jasotako erakundeek hitzarmenak egin ditzakete beste
herri-administrazio batzuekin edo zuzenbide publikoko nahiz zuzenbide pribatuko
pertsona juridikoekin ondareari eta hirigintzari dagokienez arlo jakin batean elkarrekin
dituzten harremanak antolatzeko, edo, bakoitzaren ondareak dituen ondasunak eta
eskubideak direla-eta, lege honetan adierazitako jardunak burutzeko.
119. Artikulua - Izaera, edukia eta prozedura
1. Hitzarmenean
partaide diren aldeen arteko ondare- eta hirigintza-harremanak antolatzeko
egoki edo beharrezko iritzitako nahi beste zehaztapen adostu ahal izango dira
hitzarmenetan, baldin eta interes publikoa, antolamendu juridikoa edo
administrazio onaren printzipioak hausten ez badituzte.
2. Etorkizunari begira
alderdiek hartu dituzten jardun-konpromisoak jasotzeko izan daitezke
hitzarmenak, besterik gabe, lanerako esparru-akordio edo protokolo orokorrak
jartzearren, edo, bestela, eragiketa zehatzak eta jakinak egiteko izan
daitezke, eta, horrelakoetan, hitzarmenak berehala betearaztekoak eta
nahitaezkoak izan daitezke dira alderdientzat.
3. Hitzarmenak
berehala betearaztekoak eta nahitaezkoak direnean, bertan jasotako eragiketa
guzti-guztiak negozio konplexu bakar batean sartuta daudelako ustean jokatuko
da. Hitzarmena bukatu ahal izateko, beharrezkoa izango da lege honetan nahiz
beste batzuetan ondare-eragiketetarako ezarritako prozedura-izapideak eta
eskakizunak beteta izatea.
120. Artikulua - Eskumena
1. Lotutako ondasunen
eta eskubideen titulartasuna duen erakundeari dagokio hitzarmenak egitea.
2. Titulartasuna
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokionean,
ondare-alorrean eskumena duen sailburuak izenpetuko du hitzarmena, betiere,
hala dagokionean, beharrezko diren baimen guztiak jasota aurretiaz.
Ondasunak edo eskubideak atxikita dituen sailak edo erakundeak
ondasun edo eskubide horiek besterentzeko ahalmena duenean, bere arauetan
ezarrita dagoen organoari dagokio hitzarmena sinatzea, eta, horrelakorik ezean,
haren ordezkaritza duenari, betiere, hala dagokionean, beharrezko diren
baimenak aurretiaz lortuta, eta, egoera edozein dela ere, ondare-alorrean
eskumena duen sailak emandako txostena eskuratuta.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakunde bati dagokionean
titulartasuna, bere arauetan zehazturik dagoen organoari dagokio sinatzeko
eskumena, eta, horrelakorik ezean, erakundearen legezko ordezkariari, betiere,
hala dagokionean, beharrezko diren baimenak eskuratuta.
Xedapen Gehigarriak
Lehena - Zenbatekoak aldatzea eta eguneratzea
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Aurrekontu Orokorren legeen bidez aldatu ahal izango dira lege
honetan ezarritako zenbatekoak.
2. Gobernu Kontseiluak
eguneratu egingo du lege honetan aurreikusten diren zehapenen zenbatekoa,
kontsumo-prezioen indize orokorraren arabera.
Bigarrena - Etxebizitzen sustapena
Etxebizitza-politikaren
alorrean, etxebizitzak sustatzeko diren ondasun eta eskubideek berariaz dituzten
arauak izango dituzte jarraibide, eta, osagarri modura, lege hau; lege hau
aplikatzerakoan, ordea, etxebizitza-arloan eskudun den sailak baliatuko ditu
ondare-arloan eskudun den sailari esleitutako eskumenak.
Hirugarrena
- Izaera publikoko partzuergo eta erakunde batzuen ondare-araubidea
1. Partzuergoen eta
lege honetako 1.1 artikuluan jasotzen ez diren izaera publikoko beste erakunde
batzuei dagokienez, baldin eta erakunde horiek gehiengoan Autonomia Erkidegoko
Aurrekontu Orokorrek finantzatuta badaude, ondare-araubidea, hain zuzen, beren
sorrera-legean edo beren estatutuetan ezarritakoa izango dute, eta, modu
osagarrian, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusitakoa.
2. Lege hau
partzuergoei edo erakundeei modu osagarrian aplikatu behar zaienean, baldin eta
bestelakorik berariaz aurreikusi ez bada, ondasun eta eskubideen
titulartasunaren araubidea ez da izango lege honen 6. artikuluan zehaztutakoa,
baizik eta partzuergoak edo erakundeak eskuratutako ondasun eta eskubideen
jabetza eta titulartasuna haiena beraiena izango da, eta lege honetan
Administrazio orokorrean ondare arloko eskumenak dituen sailari izendatutako
aginpideak, berriz, kasuan kasuko partzuergo edo erakundeari esleitutzat joko
dira, betiere bete beharko diren arren lege honetan ezarritakoaren arabera
Gobernu Kontseiluari eta Legebiltzarrari dagozkien erabakiak eta baimenak.
Laugarrena
- Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoa eta bere sozietateak
1. Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren
ondareak berariaz dagokion legeak izango ditu jarraibide, eta, osagarri modura,
lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoa.
2. Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren
kudeaketa-sozietateen ondareak berariaz dagozkion legeak izango ditu
jarraibide, eta, osagarri modura, merkataritza-zuzenbidea eta zuzenbide zibila.
Bosgarrena
- Euskal Herriko Unibertsitatea
1. Euskal Herriko
Unibertsitatearen ondarea, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege
Organikoaren XI. tituluan ezarritakoak, eta, horren aurka ez badago behintzat,
Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean, lege
honetan eta lege horiek osatzen eta garatzen dituzten arauetan ezarritakoak
arautuko dute. Alabaina, Gobernu Kontseiluari eta Euskal Autonomia Erkidegoaren
Administrazioko organoei esleitutako eskumenak, unibertsitate-estatutuek
finkatzen dituzten organoen esku daudela ulertuko da.
2. Euskadiko ondaretik
herri-jabariko ondasunen titulartasuna unibertsitateari eskualdatzea dekretu
bidez egingo da, eta ondasunek jatorrizko kalifikazio juridikoa izango dute.
Seigarrena
- Legebiltzarra eta haren mendeko erakundeak
Legebiltzarraren
eta haren mendeko erakundeen ondasun higiezinen titulartasuna, higiezinen
eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen titulartasuna, baita jabetza
gorpuzgabearen eskubidearena ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorrari dagokio.
Nolanahi
den ere, aipatutako erakunde horiei dagozkie lege honen bitartez Gobernu
Kontseiluari, ondare-arloan eskudun den sailari eta Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioari eman zaizkion eskumenak; eta betiere, beren arauetan
ezarritako organoen bidez baliatuko dituzte eskumen horiek.
Ondasun
horiek direla-eta egiten diren negozio juridikoak notario aurrean formalizatu
eta erregistroan inskribatu behar direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioaren izenean egingo da.
Zazpigarrena
- Euskal Trenbide Sarea
Lege
hau Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoan aplikatu behar denean, Euskal
Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoari kalterik
egin gabe aplikatuko da.
Ondasun
edo eskubideak direla-eta erakunde horren organoek burututako jardunetatik
sortzen diren negozio juridikoak, baldin eta, lege honen 6. artikuluan
ezarritakoaren arabera, titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoaren
Administrazio orokorrarena bada edo berea izan behar badu, Euskal Autonomia
Erkidegoaren Administrazio orokorraren izenean formalizatuko dira notario
aurrean eta inskribatuko dira erregistroan.
Zortzigarrena - Merkataritza-sozietateei, fundazioei eta
zuzenbide publiko eta pribatuko erakundeei dagokienez Legebiltzarrari
jakinarazpena egitea
Eusko
Jaurlaritzak jakinarazpena igorriko dio Eusko Legebiltzarrari
merkataritza-sozietateak, fundazioak, elkarteak eta zuzenbide publiko eta
pribatuko bestelako erakundeak sortzeari buruz, bai eta haietako partaidetzak
eskuratu, galdu edo aldatzeari buruz ere, orobat aldaketa horiek sozietate
publikoen bitartez edo Autonomia Erkidegoko sektore publikoan txertatutako
bestelako erakundeen bitartez egiten direnean ere.
Jakinarazpen
hori erakundea sortzen edo partaidetza aldatzen denetik hiru hilabeteko epean
bidaliko da.
Bederatzigarrena - Aseguru Entitateen Batzorde
Likidatzaileak egindako likidazio-prozeduretan akordioak izenpetzea, eta
eskubideak besterentzea
1. Aseguru Entitateen
Batzorde Likidatzaileak egindako likidazio-prozeduretan, Euskadiko Ogasun
Nagusiak, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen
testu bategineko 42. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoa izango du jarraibide
-azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen-, bai eta lege hori
garatzeko arauak ere.
2. Aseguru Entitateen Batzorde
Likidatzaileak likidatu dituen erakundeei lotutako ondasun publiko zein
pribatuak, besterendu egin ahal izango dizkiote batzorde horri lege honen VI.
tituluko II. kapituluan adierazitako organoek, betiere kapitulu horretan bertan
jasotako baimenak lortuta aurretiaz.
Xedapen Iragankorrak
Lehena - Azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean jarri
aurretik hasitako ondare-espedienteei buruzko araubide iragankorra
Lehendik
hasita dauden espedienteak, azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean sartu
aurretik bukatuta ez badaude, aurreko araudian izango dute jarraibide.
Bigarrena - Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen
Inbentario Orokorrari buruzko araubide iragankorra
Euskadiko
Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean sartzen denetik hasita,
bi urteko epean 16. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako agindua eman beharko
da.
Hirugarrena
- Bazkide-eskubideak baliatzeko araubide iragankorra
Bazkide-eskubideak
baliatzeko esleipenek, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea
indarrean sartu aurretik egindakoak badira, indarrean jarraituko dute 111.
artikuluan adierazitako aginduak bestelako esleipenik egiten ez duen bitartean.
Azken
Xedapenak
Lehena
- Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea Sortzen duen maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen
aldaketa
Paragrafo
berria erantsiko zaio Euskal Irrati-Telebista Herri Erakundea Sortzen duen
maiatzaren 2ko 5/1982 Legearen 46. artikuluari, 2.a. Aurrerantzean, beraz, artikulu horretako oraingo
paragrafoa lehena izango da, eta bigarrena, berriz, honela geratuko da
idatzita:
"2. Euskal
Irrati-Telebista erakunde publikoaren ondareak, Euskadiko ondarean txertatuta
egonik, lege honetan ezarritakoak eta Euskadiko ondarea arautzeko legeetan
xedatutakoak izango ditu jarraibide, honako zehaztasun hauek ere aintzakotzat
hartuta:
a) Nolanahi
den ere, Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoari dagozkio erakundeak berak
sortutako edo erositako ondasun higigarriak, jabetza gorpuzgabeak eta enpresa-ondarea
erosteko, kudeatzeko, administratzeko, ustiatzeko eta besterentzeko
titulartasuna eta eskumenak.
b) Erakundeak
zuzenbide pribatuaren arabera ustiatu, laga edo errentan jarri ahal izango ditu
programak ekoizteko instalazioak, haiei lotutako ondasun higigarriak eta
haietatik sortutako programak eta bestelako ekoizpenak.
c) Gobernu
Kontseiluak dekretu bidez ezarri ahal izango ditu prozedurak zehazteko eta
eskumenak erakundeko organoei esleitzeko arauak, zuzenbide pribatuari lotutako
prozedura-jardunak gauzatzeko, era horretara publizitatea, gardentasuna, lehia,
objektibotasuna eta kudeaketaren errentagarritasuna bermatuta gera
daitezen".
Bigarrena - Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen
Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen aldaketa
Aldatu
egingo da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen araubide juridikoari
buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 3. artikulua. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"Herri
Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Gasteizen du bere egoitza".
Hirugarrena
- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen aldaketa
1. Aldatu egingo da
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 25. artikuluko
2. paragrafoa. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"2. Bi hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzan
kultura-arloan eskudun den saileko dagokion organoak lehentasunez erosteko
eskubidea baliatu ahal izango du, bai beretzat, bai instituzio publiko
batzuentzat, bai irabazi asmorik gabeko instituzio kultural batzuentzat,
adostutako prezioa ordaindu beharra onartuta.
Lehentasunez erosteko eskubidea baliatzeko, erosi behar duen
instituzioak, kasuan-kasuan eskudun den organoaren bitartez, kostu bidezko
eskuraketaren ebazpena eman beharko du aurretiaz, egin beharreko
aurrekontu-erreserba eginda, edo, instituzio publikoa ez denean,
ordainketa-bermea emanda, era horretara, adostutako erosketa gauzatu ahal izan
dadin".
2. Paragrafo berriak erantsiko zaizkio Euskal Kultura
Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 40. artikuluari, 3.a eta 4.a,
era honetara idatzita:
"3. Kalifikatuta eta inbentarioan jasota dauden
titulartasun publikoko ondasunak preskribaezinak eta enbargaezinak dira.
4. Herri-administrazioek ezin izango dituzte kalifikatutako
ondasunak besterendu. Salbuespena beren artean egindako eskualdatzeak izango
dira".
Laugarrena - Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren
19ko 1/1993 Legearen aldaketa
1. Aldatu egingo da
Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 61. artikulua.
Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"Ikastetxeko
ordezkaritza-organo gorenak ondasun higigarri gorpuzdunak onartu ahal izango
ditu jasotzeko doako eskualdatzeak ikastetxearen alde, betiere Euskadiko
Ondareari buruzko Legeak eskumen hori hezkuntza-arloan eskumena duen sailari
esleitzeaz dioenari jarraituz".
2. Paragrafo berria erantsi zaio Euskal Eskola
Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 63. artikuluari, 3.a, era
honetara idatzita:
"3. Ikastetxe bakoitzari dagokion esparruan,
zuzendariak izango dira organo eskudunak, hezkuntza arloko sail eskudunari
dagozkion jardunak burutzeko Euskadiko Ondareari buruzko Legean ezarritakoaren arabera,
lege horren 96. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan eta 3.
paragrafoan ezarritakoa nahiz 104. artikuluko 1. paragrafoko c) idatz-zatian
ezarritakoa aplikatuta".
Bosgarrena - Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari
eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen aldaketa
Aldatu eta erantsi egingo dira Euskal
Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren
30eko 14/1994 Legearen ondorengo manuak:
1. Aldatu egingo da Legearen 1. artikuluko 4.
paragrafoa. Aurrerantzean honela
egongo da idatzita:
"Lege hau modu berean aplikatuko
zaie bai bigarren xedapen gehigarrian jasotako erakundeei, bai Euskal Autonomia
Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren parte diren aurrekontuak dituzten erakundeei,
baita, ezarritakoaren arabera, funts edo diru-laguntza publikoak erabiltzen edo
jasotzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuei
ere".
2. Aldatu egingo da legearen 6. artikuluko 1.
paragrafoa. Aurrerantzean honela
egongo da idatzita:
"1. Titulu honen ondorioetarako, hauek dira
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen dutenak: Eusko
Legebiltzarra, Administrazio orokorra, Administrazio instituzionala, Euskadiko
Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko
4. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeak testu hori
azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen, eta Euskal
Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren parte diren aurrekontuak dituzten
gainerako erakunde guztiak".
3. Aldatu egingo da
legearen 22. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatz-zatiko 2. zenbakia.
Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
"2. Aurrekontu-aldaketak, ondare-eragiketak
kontratu txikitzat jota dauden eragiketak salbu, eta Euskal Herriko
Diruzaintza Orokorraren kargura bermeak emateko diren eragiketak".
4. Lehen xedapen gehigarri berria erantsiko da,
era honetara idatzita:
"LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei
buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoko a), b) eta c)
idatz-zatietan adierazitako erakundeei dagokienez testu hori azaroaren 11ko
1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen, lege honetan ekonomia eta
kontabilitatea kontrolatzeko jasotako araubidea aplikatuko zaie, eta
horretarako, erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
instituzionalaren barruan dauden zuzenbide pribatuko erakunde publikoekin
berdinduko dira, betiere, ordea, beren izaera juridikoak dakartzan
berezitasunak aintzakotzat hartuta".
5. Aldatu egingo dira
xedapen gehigarri bakarraren izenburua eta edukia. Aurrerantzean testu hau
jarriko da aurrekoaren ordez:
"BIGARREN
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lan Harremanen
Kontseilua, Kooperatiben Goren Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua eta
Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontabilitate publikoaren egiteko araubidearen
mendean egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari eta
bere organismo autonomoei dagokienez lege honen 6.2 artikuluan jasotako modu
berean".
6. Hirugarren xedapen gehigarri berria
erantsiko da, era honetara idatzita:
"HIRUGARREN
XEDAPEN GEHIGARRIA
Zuzenbide pribatuko
erakunde publikoek bai eta sozietate publikoek, Gobernu Kontseiluak hala egitea
erabakitzen duen kasuetan, Ikuskaritza eta Kontrol Batzordea eratu beharko
dute. Batzorde horretan administrazio-kontseiluak izendatutako kontseilari
ez-exekutiboak izango dira gehien, eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio publikoko organoaren barruan barne-ekonomia eta kontabilitatea
kontrolatzeko eginkizuna esleituta duen organoaren ordezkari bat ere egongo da
gutxienez".
Seigarrena - Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei
buruzko Legearen testu bateginaren aldaketa (testu hori azaroaren 11ko 1/1997
Legegintza Dekretu bidez onartu zen)
Aldatu
eta erantsi egingo dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko
Legearen testu bategineko ondorengo manuak testu hori azaroaren 11ko 1/1997
Legegintza Dekretu bidez onartu zen:
1. Aldatu egingo da legearen 7. artikuluko 3.
paragrafoaren b) idatz-zatia. Aurrerantzean
honela egongo da idatzita:
"b) Zuzenbide
pribatuko erakunde publikoak".
2. Aldatu egingo da legearen 7. artikuluko 4.
paragrafoa. Aurrerantzean honela
egongo da idatzita:
"4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore
publikoan, 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako erakundeak daude, eta ondorengo
hauek ere bai:
a) Sozietate publikoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioak.
c) Berezko nortasun juridikoa duten partzuergoak, hain zuzen ere Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluko 5. paragrafoan, eta Toki
Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 87.
artikuluan adierazitakoak, baldin eta, partzuergoen egintzak zuzenean zein
zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko organo baten erabakitzeko ahalmenari lotuta
daudela, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan txertatutako erakunde
batek edo batzuek, gehiengo izanik, dirua, ondasunak edo industria eman badiete
partzuergo horiei, edo, eratzeko unean, partzuergoa gehiengoz finantzatzeko
konpromisoa hartu badute.
Erakunde horietako
bakoitzak berezko nortasun juridikoa izango du, gainerako erakundeek dutenaz
bestelakoa".
3. Aldatu egiten da 19. artikulua, eta honela
idatzita geratuko da:
"19. artikulua.
Kontzeptua
Euskal Autonomia
Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek, zuzenbide publikoaren
nahiz pribatuaren arabera dihardutela, merkataritza-sozietate baten kapitalean
gehiengoz parte hartzen badute, orduan, sozietate publikoak izango dira.
Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, aipatutako erakunde
guztien partaidetzak hartuko dira".
4. Kapitulu berria
erantsiko zaio III. tituluari, izenburu eta eduki honekin:
"V. KAPITULUA. EUSKAL AUTONOMIA
ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO FUNDAZIOAK
23. bis artikulua.
Kontzeptua
Euskal Autonomia
Erkidegoko sektore publikoko fundazio izango dira beren patronatuko kide
gehienak sektore publiko horretako erakundeek izendatuak dituztenak eta, horrez
gainera, honako ezaugarrietako bat daukatenak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo Euskal Autonomia
Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeek, zuzenean nahiz zeharka,
gehiengoz egin duten ekarpen bati esker eratuta badaude.
b) Beren fundazio-ondarea, ehuneko berrogeita hamarretik gorako
portzentaje batean, aurreko idatz-zatian adierazitako erakundeek emandako edo
utzitako ondasunez edo eskubidez eratuta badago modu iraunkorrean.
23. ter artikulua. Fundazioak sortu, aldatu
eta azkentzea
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore
publikoko fundazioak eratu, estatutuak aldatu, bat egin edo azkentzeko, eta
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio izate hori eskuratzea
edo galtzea dakarten egintzak edo negozioak burutu ahal izateko, Gobernu
Kontseiluak horretarako baimena eman beharko du kasuan kasuko erabakia hartu
baino lehen, betiere justizia-arloan eskumena duen sailak eta ondare-arloan
eskumena duen sailak aurretiaz txosten bana eginda.
23. quater artikulua.
Erregulazioa
Euskadiko Ogasun
Nagusiari dagozkion gaietan, fundazio hauek gai horietan berariaz aplikatzekoak
zaizkien xedapenak izango dituzte jarraibide, eta xedapen horiekin
kontraesanean ez dagoen guztian, berriz, zuzenbide pribatua. Bestalde,
aplikatzekoa izango da fundazioei buruzko legeria, eta fundazioak Euskal
Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren menpe egongo dira".
5. Aldatu egingo da legearen 28. artikuluko f)
idatz-zatia. Aurrerantzean honela
egongo da idatzita:
"Atxikita dituzten erakundeen
aurrekontu-aurreproiektuak aurretiaz onartzea, erakunde horiek Euskadiko
Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak baldin badira".
6. Aldatuko egingo
dira legearen 29. artikuluko 2. paragrafoa eta artikuluaren izenburua.
Aurrerantzean honela egongo dira idatzita:
"29. artikulua.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde instituzionalen
eta bestelako erakunde batzuen dituzten eskumenak
2. Zuzenbide pribatuko erakundeek eta lege honen 7.4 artikuluko a), b)
eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeek beren aurrekontuen aurreproiektua
prestatzeko eskumena izango dute, baita, Euskadiko Ogasun Nagusiari dagokionez,
antolamendu juridikoak ematen dizkien gainerako eskumen guztiak ere".
7. Aldatu egingo da legearen 48. artikuluko 5.
paragrafoa. Aurrerantzean honela
egongo da idatzita:
"Euskal Autonomia Erkidegoaren
Aurrekontu Orokorren bitartez finantzatutako erakundeek, beren izaera edo forma
juridikoa edozein dela ere, titulu honetan jasotako publizitate-, lehia- eta
objektibotasun-printzipioetara egokituko dute beren diru-laguntza jarduna.
Zehazki, zuzenbide
pribatuko erakunde publikoek eta lege honen 7.4 artikuluko a), b) eta c)
idatz-zatietan adierazitako erakundeek, beren izaera juridikoarekin
bateragarria den heinean, 49. artikuluko 3, 10, 11 eta 12. paragrafoetan, 50.
artikuluko 1, 2 eta 3. paragrafoetan, 51. artikuluko 1. paragrafoan, eta 53.
artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan xedatutakoa aplikatu beharko dute. Oinarri
arautzaileak eta diru-laguntzak estatutu sozialen edo erakundea sortzeko
arauaren arabera eskudunak diren organoek onetsiko dituzte, eta oinarri horien
zabalkundea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez egitea bermatuko
da".
Zazpigarrena
- Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen aldaketa
Aldatu
egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen
honako xedapen hauek:
1. Aldatu egingo da 10. artikuluaren izenburua
eta testua, eta honela idatzita geldituko da:
"10. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko
sektore publikoa osatzen duten erakundeen finantziazioa
1. Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa
osatzen duten erakundeei urtebetera arteko kredituak eta aurrerakinak ematea
onartu ahal izango du, diru-zaintzaren arloan eskumena duen sailak proposatuta.
2. Erregelamenduz ezarriko dira kreditu eta aurrerakin horiek emateko
prozedura eta baldintza orokorrak, eta diru-zaintzaren arloan eskumena duen
sailaren ardura izango da kasuan kasuko baldintza bereziak erabakitzea eta
kreditu eta aurrerakinak formalizatzea".
2. Aldatu egingo da 21. artikuluaren izenburua
eta testua, eta honela idatzita geldituko da:
"21. artikulua.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen aldeko
transferentziak eta diru-laguntzak
Autonomia Erkidegoko Administrazioaren
aurrekontuetan administrazio horren sektore publikoko erakundeen alde agertzen
diren zuzkidurak honela emango dira:
Gastu arruntetarako aurreikusitakoak,
hain zuzen, aldez aurretik zehaztutako aldietarako eta aldi horiei eta
zuzkidura osoari proportzionalki dagozkien zenbatekoz emango dira,
erregelamenduz ezarritakoaren arabera, momentu horretara arte onartutako
aurrekontu-aldaketak barne.
Kapital-eragiketetarako aurreikusitakoak,
ordea, kasuan kasuko erakundean mota horretako ordainketei aurre egin beharra sortzen
denean emango dira, erregelamenduak eskatzen dituen baldintzak bete
ondoren".
3. Aldatu egingo da II. tituluko II. kapitulua.
Honela idatzita geldituko da:
"II. KAPITULUA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ERAKUNDEEN ZORPETZEA
35. artikulua.
Lege-araubidea
1. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek
zorpetze-eragiketak egin ahal izateko, zorpetzearen ezaugarriak, epea eta
formalizazio-sistema edozein direlarik, ezinbestekoa da eragiketa horiek
dagozkien aurrekontuetan edo indarreko legediaren arabera onartutako
aldaketetan jasota egotea.
2. Eragiketa horiek, betiere, erakundeak ekitaldian ordaindu beharreko
kapital-aurrekontuko eragiketei aurre egiteko dituen finantza-beharretara
mugatuko dira. Nolanahi ere, eragiketok ezin izango dira hitzartu harik eta
erakundeak kapital-transferentziak jaso eta aurreikusitako kapital-handitzeak
burutu arte.
3. Artikulu honetan aipatutako zorpetze-eragiketa guztiek, formalizatu
baino lehen, zorpetze-arloan eskumena duen sailaren baimena beharko.
4. Aurreko ekitaldian irekitako eta guztiz erabili gabeko
kreditu-lerroek ere zorpetze-arloan eskumena duen sailaren baimena beharko
dute, eta aurreikusita zituzten eragiketak finantzatzeko bakarrik erabili ahal
izango dira.
5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta
partzuergoek zorpetze-eragiketak egin ahal izango dituzte ekitaldian ordaindu
beharreko gastuei aurre egiteko finantza-beharrizanak estaltzeko. Horretarako, aplikagarri izango da
aurreko 2. paragrafoko bigarren tartekian eta 3. eta 4. paragrafoetan
xedatutakoa".
4. Aldatu egingo da III. tituluko II.
kapitulua. Honela idatzita geldituko da:
"II. KAPITULUA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ERAKUNDEEK BERMEAK
EMATEA
51. artikulua.
Lege-araubidea
Autonomia Erkidegoko
Administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatuko erakunde
publikoek, sozietate publikoek eta partzuergo eta fundazioek bermeak emateko,
beharrezkoa izango da arlo horretan eskumena duen sailak aldez aurretik baimena
ematea".
Zortzigarrena - Erregelamendu bidez garatzeko gaitzea
1. Gobernu Kontseiluak
lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren arau guztiak eman ahal
izango ditu.
2. Ondare-gaietan
eskumena duen sailburuak beharrezkoak diren prozedurak eta sistemak ezarri eta
arautzeko ahalmena izango du, bitarteko elektroniko, informatiko eta
telematikoak aplikatu ahal izateko ondarearen kudeaketan eta Euskadiko ondarea
zaintzeko eta babesteko eginkizunean.