2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.
2004-02-25Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2004/3/4, 44. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.
§ 260. 2/2004
LEGEA, OTSAILAREN 25EKOA, Datu
Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal
Bulegoa Sortzeari buruzkoA
Teknikaren
aurrerabidea bizkortu egin da azken aldi honetan. Gaur egun, informatika
erabiliz, pertsona fisikoei buruzko hainbat eta hainbat datu trata dezakegu, eta
baliteke intimitatea urratzen duen hainbat gauza ezagutzea pertsona horiei
buruz. Baliteke teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak maltzurkeriaz
erabiltzea baten batek, bakoitzaren intimitaterako gorde beharreko esparruen
kaltetan, eta ordenamendu juridikoek ezin dute ezikusia egin.
Teknologiaren,
batez ere informatikaren, eta pertsonen intimitatearen arteko tentsio horrek
legearen esku-hartzea eskatzen du, bi ondasun horien artean oreka asegarria
lortzeko, biak baitira legez babestea merezi dutenak. Alde batetik, garapen
teknologikoari galga emateak ez dio gizarteari onik egiten, teknologiak aukera
mugagabeak eskaintzen baititu, gizartearen ongizatea hobetu behar dutenak;
baina, beste alde batetik, herritarrek beren intimitate pertsonala babesturik ikusteko
eskubidea dute, eta gaur egungo teknologia informatikoak eskaintzen dituen
aukerek ez dute intimitate hori nahi baino gehiago murriztu behar. Horretarako,
informatika erabiltzeari mugak jarri behar, eta, horrela, herritarrei ohorea
eta intimitatea, pertsonala eta etxekoa, eta eskubideen bete-beteko erabilera
bermatu. Konstituzioak hala egiteko agintzen dio legegileari, 18.4 artikuluan,
eta hark agindu hori jaso egin du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko
15/1999 Lege Organikoan.
Herritarren
intimitate pertsonala eta etxeko intimitatea babesteko kezka horrek
-informatika halakoetan noiz-nola erabili mugatu behar horretarako- ez da
Estatuko legegilearen kontua soilik. Europar Batasuneko erakundeek ere badakite
zer den hori, eta halaxe adierazi izan dute.
Europako
Erkidegoa eratzeko itunak gaur egun daukan 286. artikulua Amsterdamgo Itunak
ekarria da (1997ko ekainaren 17koa da Amsterdamgo itun hori), eta, hor
agindurik dagoenez, datu pertsonalen tratamendua edo zirkulazio askea dela-eta
pertsonak babestearren ezer erabakitzen badu Batasunak, Batasuneko erakundeek
eta organismoek ere bete behar dituzte erabaki horiek.
Lehenagotik
ere, Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak emana zuten 1995eko urriaren 24ko
95/46/EE Zuzentaraua, datu pertsonalen tratamendua eta zirkulazio askea
dela-eta pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. Eta, printzipio modura,
zuzentarau horretan jasota dago datuak tratatzeko sistemak gizon-emakumeon
zerbitzura daudela, eta derrigor zaindu behar dituztela pertsona fisikoen
oinarrizko askatasunak eta eskubideak, intimitatea batez ere, eta ekonomia eta
gizartea garatzen, elkartrukeak garatzen eta norbanakoon ongizatea areagotzen
lagundu behar dutela.
Zuzentarau
horren arabera, estatuek datu pertsonalen tratamenduari buruz dituzten legeek
eskubide eta askatasun horien errespetua bermatzea dute helburu, bizitza
pribatua errespetatzeko eskubidea bereziki, hala aitorturik baitago Giza
Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmeneko 8.
artikuluan eta Batasuneko zuzenbideko printzipio orokorretan, eta, legedi
horiek bata bestera hurbiltzekotan, kontu horiei babes handia emateko izan
behar du.
Zuzentarau
horren arabera -eta datu pertsonalak babesteaz ari gara orain-, kontroleko
aginte bat sortzea da pertsonek behar duten babesaren funtsezko osagai bat.
Batasuneko estatu bakoitzean aritu beharko du aginte horrek, inongo loturarik
gabe, eta bere lana egiteko behar dituen baliabide guztiak izan beharko ditu,
berdin dio zer edo zer ikertzeko izan edo inon esku hartzeko izan.
Zuzentarau
horretan jasota dagoenez, Batasuneko estatuek hiru urteko epea dute zuzentaraua
betetzeko beharrezko xedapenak emateko, dela legez, dela erregelamenduz edo
dela administrazio-mailan.
Datuak
babestearren Batasuneko erakundeak ez dira, besterik gabe, erkidegoko
estatuetarako zuzentarau-sail bat sortzera mugatu. Datu pertsonalen
tratamenduari dagokionez, Batasuneko erakundeetan ere, pertsona fisikoak
babesteko hainbat neurri hartu dute. Horretarako onartu zuten Europako
Legebiltzarrak eta Kontseiluak, 2000.eko abenduaren 18an, 45/2001 (EE)
Erregelamendua, eta kontroleko aginte aske bat ere sortu zuen erregelamendu
horrek (Datuak Babesteko Ikuskatzaile Europarra).
Itxura
denez, datu pertsonalak eta intimitatea ondo babestu beharra bide-argi moduko
bat da Batasunaren arauetarako, eta justu datu pertsonalen babesa arautzeko ez
diren beste zuzentarau-proposamen batzuk ere hartzen ditu itzalpean behar
horrek, hala nola komunikazio elektronikoetarako sare eta zerbitzuak arautzeko
esparru erkide bati buruz Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak egin zuten
zuzentarau-proposamena (Aldizkari Ofiziala, C 365 E, 2000/12/19koa).
Barruko
zuzenbidean, berriz -lehenago ere esan dugu-, datu pertsonalak babesteko lege
organikoan dago arauturik datu pertsonalen babesa (15/1999 Lege Organikoan,
abenduaren 13koan). Lege horretan daude arauturik Datuak Babesteko Bulegoaren
araubide juridikoaren oinarrizko alderdiak, Konstituzioko 18.4 artikuluan
aipaturiko oinarrizko eskubidearekin zerikusia duten beste gai batzuekin
batera. Bulego horrek beteko du 95/46/EE Zuzentarauan aipaturiko kontrol-aginte
askearen lana.
Lege
organiko horretan agindurik dagoenez, autonomia-erkidegoek edo erkidego
horietako tokiko administrazioek datu pertsonaletarako sorturiko edo
kudeaturiko fitxategiekin baldin badute zerikusia bulego horretako zereginek,
erkidego bakoitzeko organoek beteko dituzte eginkizun horietako gehienak.
Halakoetan, organo horiek izango dira kontroleko aginteak, eta lanerako
erabateko objektibitatea eta independentzia bermatu behar zaie. Legezko
irizpide hori 95/46/EE Zuzentarauko 28. artikuluarekin bat dator; artikulu
horretan jartzen duenez, Batasuneko estatuek, zuzentarau horren itzalpean
hartzen dituzten xedapenak betetzen ote diren zaintzearren beren lurraldean,
aginte publiko bat edo gehiago izango dute hartara jarria; eta beste gauza bat
ere gehitzen du: aginte horiek inongo loturarik gabe beteko dituztela agintzen
dizkieten eginkizunak.
Eta
nola antolaturik dagoen bada kontua, legeak hiru titulu ditu:
I.
tituluan xedapen orokorrak jaso ditugu. Hor daude zehazturik legearen xedea eta
aplikazio-eremua, eta hor dago zedarriturik zein fitxategi geratu den legearen
araupean, sortu dituen edo kudeatzen dituen herri-administrazio, erakunde edo
korporazioaren arabera. Zedarritze hori osatze aldera, legea zein fitxategitan
ez den aplikatuko eta, araubide bereziren bat dutela-eta, zeinetan aplikatuko
den ere zehazten da. Definizio-zerrenda bat ere badakar, erabilgarria oso,
arautu dugun gai honetako terminologia berezia zehaztu eta bateratzeko; beste
hainbat konturen inguruko hainbeste alderdi ere badakar arauturik, esate
baterako fitxategiak sortzea, aldatzea edo ezabatzea, datu pertsonalak biltzeko
mugak, interesdunentzako informazioa, datu-fitxategien segurtasuna, bai eta
Datuak Babesteko Euskal Bulegoan erreklamazioak nola jarri ere. Titulu
beharrezkoa, inondik ere, legeari koherentzia sistematikoa eta osotasuna
emateko, gero garatu egin beharko dena.
II.
tituluan, berriz, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortu, eta hango araubide
juridikoaren funtsezko alderdiak arautu ditugu. Bertako langileen erregimena
dela, baliabide ekonomikoak direla, aurrekontu-sistema dela, gobernu-organoak
direla, eginkizunak direla edo aginpideak direla, horri denari buruzko hainbat
agindu dakar. Datuak Babesteko Erregistroaren sorrera dakarrela ere aipatu
behar, bulegoak bai baitu haren beharra.
Zehatzeko
araubiderako utzi dugu III. titulua. Erantzuleak nor diren, arau-hausteen
tipifikazioa eta dagozkien zigorrak datoz jasota. 45/2001 (EE) Erregelamenduan
jartzen duenez -lehen ere aipatu dugu-, datu pertsonalak babesteko sistemak
ezinbestekoa du eskubide-betebeharrak zehaztea, baina baita arau-hausleentzako
modu-moduko zigorrak ere. Gure honetan, berriz, fitxategien titularrak nor
diren ikusita, titular bereziak baitira, administrazio, erakunde eta
korporazioetako langileen arau-hausteak hartu ditugu, batez ere, kontuan,
halakoen fitxategietan aplikatu behar denez legea.
Lege honek hiru xedapen gehigarri ditu. Fitxategien
berri Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eman beharraz da bat; Autonomia
Administrazioak eta foru-administrazioek, beren aginpideak betetze aldera,
udal-errolda nola erabili behar duten dakar bigarrenak; eta Arartekoaren eta
Datuak Babesteko Estatuko Bulegoaren aginpideak babestu beharraz da
hirugarrena.
Amaitzeko,
azken xedapenean, legea garatzeko eta aplikatzeko baimena ematen zaio Eusko
Jaurlaritzari.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Xedea
Hauxe da lege honen xedea:
1.- Euskal Autonomia Erkidegoak,
lurralde historikoetako foru-erakundeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko
toki-erakundeek datu pertsonaletarako sorturiko edo kudeaturiko fitxategiak
arautzea.
2.- Datuak Babesteko Euskal
Bulegoa sortzea eta arautzea.
2. Artikulua - Aplikazio-eremua
1.- Datu pertsonaletarako fitxategietan aplika daiteke lege hau.
Zuzenbide publikoko ahalak gauzatzeko sortu edo kudeatuak behar dute izan
fitxategi horiek; honako hauek sortuak edo kudeatuak:
a) Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrak, lurralde historikoetako foru-organoek, Euskal
Autonomia Erkidego barruko toki-administrazioek eta, zuzenbide publikoko ahalak
gauzatzeko sortu bazituzten, herri-administrazioen menpeko edo haietara
loturiko edonolako erakunde publikoek.
b) Eusko Legebiltzarrak.
c) Herri Kontuen Euskal
Epaitegiak.
d) Arartekoak.
e) Lan Harremanen Kontseiluak.
f) Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordeak.
g) Kooperatiben Goren Kontseiluak.
h) Datuak Babesteko Euskal
Bulegoak.
i) Ebazpen Batzordeak.
j) Interes ekonomiko eta
profesionalak ordezkatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide
publikoko korporazioek.
k) Eusko Legebiltzarrak lege bidez
sorturiko beste edozein organismo edo erakundek -berdin dio nortasun jurdikoa
duen edo ez-, lege horrek bestelakorik xedatzen ez badu.
2.- Aurreko zenbaki horretan jarrita dagoena
jarrita dagoela ere, honako fitxategi hauetan ez da aplikatuko lege hau:
a) Sekretutzat jotako gaietarako
babes-arauen pean dauden fitxategietan.
b) Terrorismoa eta
delinkuentzia-modu antolatu larriak ikertzeko dauden fitxategietan.
c) Hauteskunde-araubideko legeek
arauturikoetan.
d) Euskadiko poliziek
bideokamera bidez lorturiko irudi eta hotsetatik sorturiko fitxategietan, gai
horri buruzko legeen arabera.
3.- Estatistiketarako besterik ez badira eta funtzio estatistiko
publikoari buruzko legeen babesean badaude, datu pertsonalak tratatzeko,
hartarako berariazko xedapenak eta -halako ezer xedatzen badu- lege honetan
bereziki xedaturikoa bete beharko dira.
4.- Osasuneko erakunde eta zentro publikoek eta hor lan egiten duten
profesionalek osasun-arloko legeetan xedaturik dagoenaren arabera tratatu ahal
izango dituzte etortzen zaizkien gaixoen edo bertan tratatu behar dituzten
gaixoen osasunari buruzko datu pertsonalak. Hala ere, lege horiekin bateraezina
ez den guztirako, lege honetan xedaturikoa ere bete beharko da.
5.- Euskadiko poliziek datu pertsonaletarako sortu edo kudeatzen
dituzten fitxategietan ere -artikulu honetako 2. zenbakian agertzen direnen
artean ez badaude- lege honetan xedaturikoa aplikatu beharko da, araubide
juridikoan dituzten berezitasunak zainduta. Hemen daude berezitasun horiek:
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Euskal
Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean.
3. Artikulua - Definizioak
Lege
honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:
a) Datu pertsonalak: identifikatutako edo identifika daitezkeen
pertsona fisikoen gaineko edozein informazio. Zuzenean edo zeharka nor den
jakiteko moduko edonor da identifikagarria, eta, bereziki, nortasun-zenbaki
baten bidez edo ezaugarri baten edo batzuen bidez identifika daitekeen edonor,
berdin dio ezaugarri horiek fisikoak, fisiologikoak, psikikoak, ekonomikoak,
kulturakoak edo sozialak izan.
b) Fitxategia: datu pertsonalen multzo antolatu oro, datu-multzoa
sortu, jaso, antolatu eta eskuratzeko modua edozein dela ere.
c) Datuen tratamendua: eragiketa eta prozedura teknikoak dira
-batzuetan automatizatuak beste batzuetan ez-, eta datuak bildu, grabatu,
gorde, landu, aldatu, blokeatu eta indarrik gabe uzteko aukera ematen dute.
Komunikazio, kontsulta, elkarkonexio eta transferentzien eraginez datuak uztea
ere datuak tratatzea da.
d) Fitxategiaren edo tratamenduaren erantzulea: pertsona, erakunde,
entitate, korporazio edo administrazio-organoren bat izango da, hari atxikita
egongo da fitxategia, eta hark erabakiko du tratamendua zertarako den, zein eduki
duen eta nola egin behar den. Fitxategia sortzen duen xedapenean zehaztuko da
nor den erantzulea. Segurtasuneko agirian zehazturikoak izango dira
erantzulearen eginkizunak.
e) Tartekoa edo interesduna: tratatu beharreko datuen titularra den
pertsona fisikoa. Artikulu honetako c) letran dago zehazturik tratatze hori.
f) Tratamenduaren arduraduna: pertsona fisikoa edo juridikoa, aginte
publikoa, zerbitzua edo beste edozein erakunde izan daiteke, eta hark tratatzen
ditu, arduradunaren aginduz, berak bakarrik edo beste batzuekin batera, datu
pertsonalak.
g) Interesdunaren adostasuna: interesdunak baiezkoa ematea bere datu
pertsonalak tratatzeari; inork inola estutu gabe, zalantzarako biderik eman
gabe, berariaz eta zer egiten duen jakinda egin beharko du.
h) Datuak uztea edo jakinaraztea: interesduna ez den beste pertsona
bati datuak erakustea.
4. Artikulua - Fitxategiak sortzea,
aldatzea eta ezabatzea
1.- Autonomia Erkidegoko
Administrazioko fitxategiak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko, dena delako fitxategia
atxikita dagoen saileko titularraren agindu bidez egin beharko da. Indarrean
dauden legeek eskatutako aipamen guztiak jaso beharko ditu agindu horrek, eta
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Agindu hori
egiteko prozedura xedapen orokorrak egiteko erabakita dagoen berbera izango da.
2.- Datu pertsonalen
fitxategiak beste administrazio, erakunde edo korporazio batzuetakoak badira,
berriz, hura sortu, aldatu edo ezabatzeko erabakiak edo xedapenak derrigorrezko
aipamen guztiak jaso beharko ditu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
edo lurralde historikoko aldizkarian argitaratuko da, fitxategia duenaren
eginkizun edo aginpideak zein lurralde-eremutara iristen diren kontuan hartuta.
5. Artikulua - Datu pertsonalak biltzea
Lege honetako
2.1 artikuluan aipaturik dauden herri-administrazioek eta gainerako erakunde,
korporazio eta entitateek beren aginpideak gauzatzeko egokiak, beharrezkoak eta
neurrikoak dituztenean baino ezin ditzakete bildu, tratatzeko asmoz, datu
pertsonalak. Legez bestelakorik agintzen ez bada behinik behin, datu horiek
biltzeko ez da tartean direnen adostasuna eskatu behar, baina biltzerakoan datu
horiek zituzten helburu jakin, zehatz eta zilegietarako bakarrik erabili behar
dituzte, nahiz eta gero helburu historiko, estatistiko edo zientifikoetarako
erabil daitezkeen, aplikatu beharreko legeen arabera.
6. Artikulua - Interesdunei eman beharreko informazioa
Interesdunei
datu pertsonalik eskatzera, jakin beharrekoak azaldu behar zaizkie aurretiaz,
halako datuak babesteko legeen arabera. Baina datu horiek ez badituzte
interesdunarengandik berarengandik jaso, eta ezinezkoa bada hari informazioa
ematea edo informazioa emate horrek neurrigabeko ahaleginak egin beharra
eskatzen badu interesdunak asko direlako, datuak zaharrak direlako edo ordaina
eman beharra legokeelako, halakoetan Datuak Babesteko Euskal Bulegoko
zuzendariak, aipatutako legeekin bat eginik, fitxategiaren erantzulea
interesdunei informazioa eman behar horretatik libre utz daiteke.
7. Artikulua - Segurtasuneko
agiriaren gutxieneko edukia onartzea
Lege
honetako 2.1 artikuluan aipaturik dauden herri-administrazioetako,
erakundeetako eta korporazioetako gobernu-organoek, beren buruak antolatzeko
ahalmenaz baliatuz, segurtasuneko agiriaren gutxieneko edukia onar dezakete,
datuen segurtasunari buruzko aginduak betetzearren eta dena delako
administrazio, erakunde edo korporazio hori titular duten fitxategi guztietan
edo fitxategi horietako batzuetan aplikatzeko asmoz. Edonola ere, segurtasuneko
agiri hori fitxategiko arduradunek egin eta ezarri behar dute, fitxategi
horietako datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko.
8. Artikulua - Interesduenen
eskubideak erabiltzeko prozedura
1.- Datuen aurka egiteko,
datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko, indarrik gabe uzteko eta legeak
onarturiko beste edozertarako eskubidea izango dute interesdunek. Legean
zehazturikoa izango da eskubide horien edukia.
2.- Aurreko zenbakian
zehazturiko eskubideak erabiltzeko prozedura administrazio, erakunde edo
korporazio bakoitzak arautuko du, erregelamendu bidez, lege hau bete behar
duten beren fitxategietarako. Horregatik ez dute inolako ordainik eskatuko.
9. Artikulua - Datuak Babesteko
Euskal Bulegoan erreklamazioak aurkeztea
1.- Lege honetan
xedaturikoaren aurka ezer egiten badu inork, interesdunek Datuak Babesteko
Euskal Bulegoan erreklama dezakete. Erregelamendu bidez zehaztuko da nola.
2.- Interesdunen bati ez
badiote uzten datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, datuak zuzentzeko,
indarrik gabe uzteko edo legeetan -datu pertsonalak babesteko legeetan-
aitorturiko beste edozertarako eskubidea erabiltzen, Datuak Babesteko Euskal
Bulegoari jakinarazteko aukera izango du, eta hark, orduan, ezezko hori
bidezkoa den edo ez ikusi beharko du.
3.- Gehienez ere sei
hilabeteko epea dago eskubideak ziurtatzeko berariazko ebazpena emateko eta
jakinarazteko, eta administrazio-isiltasunak, halakoetan, eskatutako ziurtatze
horri ezezkoa eman diotela esan nahiko du.
4.- Administrazioarekiko
auzi-errekurtsoa jar daiteke Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren ebazpenen
aurka. Nahi izanez gero, aurretiaz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke.
II. TITULUA
DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
10. Artikulua - Sorrera eta araubide
juridikoa
1.- Datuak Babesteko
Euskal Bulegoa sortzen da. Zuzenbide publikoko entea izango da, nortasun
juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa izango ditu, eta
herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak. Lege
honetan eta bere estatutuan xedatutakoaren arabera jardungo du; estatutu hori
Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko da, Lehendakariordetzak
proposaturik.
2.- Administrazioaren
ahalak gauzatu behar dituenean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak azaroaren 26ko
30/1992 Legea bete beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta
Administrazio Prozedura Erkidearen Legea. Gainerako jardunean, Datu Pertsonalak
Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, lege hau eta lege horiek
garatzeko xedapenak bete beharko ditu.
3.- Ondarerik eskuratzeko
edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak
Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia
Erkidegoaren ondarekoak izango dira.
4.- Auzibidean jardun
beharra badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zerbitzu juridikoen
ardura izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoa ordezkatzea eta defendatzea,
arauetan xedaturik daukatenaren arabera.
11. Artikulua - Langileak
1.- Lege honetako 2.1
artikuluan aipaturik datozen herri-administrazioetako eta erakundeetako
funtzionarioek eta propio kontrataturiko langileek beteko dituzte Datuak
Babesteko Euskal Bulegoko lanpostuak, lanpostu bakoitzak dituen eginkizunen
arabera. Beren lanean ezagutzen dituzten datu pertsonalak isilpean gorde
beharko dituzte langile horiek, derrigor.
2.- Datuak Babesteko
Euskal Bulegoko langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko
funtzio publikoko arauen pean egongo dira. Arau horiekin bat, Datuak Babesteko
Euskal Bulegoari dagokio lanpostuak eskuratzeko sistema erabakitzea, baldintzak
eta hautaproben ezaugarriak zehaztea, bai eta lanpostuak betetzeko eta laneko
sustapeneko prozeduretako deialdiak egitea eta prozedura horiek kudeatzea eta
ebaztea ere.
3.- Ahal publikoak
erabili beharra daukaten lanpostuak funtzionarioentzat gordeta egongo dira.
12. Artikulua - Baliabideak
Datuak
Babesteko Euskal Bulegoak honako ondasun eta baliabide hauek izango ditu bere
eginkizuna betetzeko:
a) Autonomia Erkidegoko Aurrenkontu Orokorretan urtero izendatuko
zaion diru-kopurua.
b) Ematen dizkioten diru-laguntzak eta egiten dizkioten ekarpenak.
c) Bere jardunak ematen dizkion diru-sarrerak, ohikoak nahiz ohiz
kanpokoak.
d) Ondarekoak dituen ondasunak eta baloreak, eta haiek ematen
dituzten produktu eta errentak.
e) Legez ematen dioten beste edozein ondasun edo baliabide.
13. Artikulua - Aurrekontua
Datuak
Babesteko Euskal Bulegoak urtero-urtero aurrekontu-aurregitasmoa egin eta
onartu beharko du. Gero, Eusko Jaurlaritzara bidali beharko du, han, behar
bezain ondo bereizita, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sar dezaten,
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-sistema arautzen duten legeen arabera.
Lege horiek bete beharko ditu bere aurrekontua aldatzeko, gauzatzeko eta
kitatzeko araubideari dagokionez. Horretarako, kontuan hartu beharko du
erakundearen izaera, kontabilitate publikoaren araubidea eta Autonomia
Erkidegoko Administrazioko Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ekonomia,
finantza eta kudeaketa arloko kontrola; horrek denak ez du esan nahi ekonomia
eta finantzetako eta kontularitzako jarduerak Herri Kontuen Euskal Epaitegiak
kontrolatuko ez dizkionik.
14. Artikulua - Gobernu-organoak
Zuzendaria,
Kontseilu Aholku-emailea eta bere estatutuan zehazturik dituenak dira Datuak
Babesteko Euskal Bulegoaren gobernu-organoak.
15. Artikulua - Zuzendaria
1.- Zuzendariak zuzentzen
eta ordezkatzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoa. Eusko Jaurlaritzaren
dekretu baten bidez izendatuko dute, lau urterako.
2.- Inolako loturarik
gabe eta objektibotasunez beteko ditu bere zereginak, eta ez du inolako
jarraibiderik bete beharrik izango. Baina Kontseilu Aholkuemaileak, bere
zereginak betetzean, ezer proposatzen badio, zuzendariak entzun egin beharko
dio.
3.- Datuak Babesteko
Euskal Bulegoko zuzendariak kargua epea amaitu baino lehenago uztekotan, honako
arrazoi hauetakoren batengatik utziko du:
a) Berak eskaturik.
b) Gobernu Kontseiluak kargutik
kentzea erabakita, arrazoi hauetakoren bat dela eta: betebehar larriak bete ez
dituelako, bere lana egin ezina etorri zaiolako, bateraezintasunen bat dela-eta
edo dolozko delituren batengatik epaia jaso duelako. Halakoetan, espedientea egin
beharko da aurretiaz, eta Kontseilu Aholku-emaileari entzun beharko zaio,
derrigor, espediente horretan.
4.- Datuak Babesteko
Euskal Bulegoko zuzendaria goi-kargua izango da, aurretik eginkizun publikoren
bat betetzen bazuen zerbitzu berezietan geratuko da, eta Autonomia Erkidegoko
administrazioko goi-karguen bateraezintasun-sistemaren pean egongo da.
16. Artikulua - Kontseilu
Aholku-emailea
1.- Datuak Babesteko
Euskal Bulegoak Kontseilu Aholku-emaile bat izango du, aholkuak emateko. Honako
kide hauek izango ditu:
a) Eusko Legebiltzarreko ordezkari bat, Legebiltzarrak berak
izendaturik.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ordezkari bat, Gobernu
Kontseiluak izendaturik.
c) Lurralde historikoen ordezkari bat, lurralde horiek batera
izendaturik.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko toki-erakundeetako ordezkari
bat, lurralde horretan erakunde horien ordezkaritza handiena duen elkarteak
izendaturik.
e) Bi aditu, bata informatikakoa eta bestea oinarrizko eskubideetakoa,
Euskal Herriko Unibertsitateak izendaturik Euskal Autonomia Erkidegoko
zuzenbide publikoko korporazioei galdetu ondoren.
2.- Kontseilu
Aholku-emaileak berak onartuko ditu bere antolaketako eta funtzionamenduko
arauak. Lehendakari-kargua eta idazkari-kargua egongo dira arau horietan
aurreikusita, eta nola aukeratu edo izendatu behar diren ere bai.
17. Artikulua - Zereginak
1.- Lege honetako 2.1
artikuluan aipaturik datozen fitxategiak direla-eta, eta Euskal Autonomia
Erkidegoaren aginpideen eremuan, hona hemen Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren
eginkizunak:
a) Datuak babesteko legeak bete daitezen zaintzea eta nola aplikatzen
diren kontrolatzea, batez ere informaziorako eskubideari eta datuetara
iristeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe
uzteko eskubideari dagokienez.
b) Lege eta erregelamenduetan zehazturik dauden baimenak ematea.
c) Beharrezkoa bada, datuen tratamendua datuak babesteko indarrean
dagoen legediko printzipioetara egokitzeko beharrezko jarraibideak ematea,
beste erakunde batzuen aginpideei ezer kendu gabe.
d) Tartean direnen eskariei eta erreklamazioei kasu egitea.
e) Datu pertsonalak tratatzea dela-eta dituzten eskubideei buruzko
informazioa ematea pertsonei.
f) Tratamenduen erantzule eta arduradunei, esateko dutena entzun eta
gero, datu-tratamendua indarrean dauden legeetara egokitzeko beharrezko
neurriak hartzeko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, ez badituzte lege horiek
betetzen, tratamendua gelditzeko eta fitxategiak indarrik gabe uzteko agintzea,
salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan.
g) Zehatzeko ahalmena erabiltzea, eta, beharrezkoa izanez gero, bere
iritziz lege honetako 22. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteen erantzuleak
direnen aurka diziplinazko prozedura hasteko proposatzea, eta hartu beharreko
zuhurtziako neurriak hartzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei
buruzkoan. Hori guztia lege honetan zehazturik dagoen moduan.
h) Lege hau garatzeko xedapen orokorretako egitasmoei buruzko txostenak
egitea, derrigor.
i) Bere lana egiteko beharrezkoa duen laguntza eta informazio guztia
eskatzea fitxategien erantzuleei.
j) Datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin
zaintzea. Horretarako, urtero-urtero, fitxategi horien zerrenda bat
argitaratuko du, beste hainbat informazio osagarrirekin. Datuak Babesteko
Euskal Bulegoko zuzendariak erabakiko du zein informazio osagarri eman.
k) Urteko txostena idatzi, eta Eusko Jaurlaritzako
Lehendakariordetzara bidali.
l) Funtzio estatistiko publikoari buruzko legeek estatistikako
datuen bilketari buruz eta estatistikako isilpekotasunari buruz dakartzaten
xedapenak bete daitezen zaintzea, beharrezko jarraibideak ematea,
estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko
irizpenak ematea eta 24. artikuluan aipaturiko ahalmena erabiltzea.
m) Datu pertsonalen fitxategien segurtasuna eta herritarrek fitxategi
horiei buruz dituzten eskubideak hobeto babeste aldera, Datuak Babesteko Estatuko
Bulegoarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeekin
lankidetzan aritzea hartarako beharrezkoak diren jarduera guztietan.
n) Lege honetako 2.1 artikuluko herri-administrazioek, erakundeek eta
korporazioek datu pertsonalen babesari buruz egiten dizkioten galderei
erantzutea, eta lege honen aplikazioaren pean dauden datu pertsonalen
tratamenduari buruz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek egiten dizkioten
galderei erantzutea.
ñ) Lege eta erregelamenduetan emandako beste eginkizun oro.
2.- Aurreko zenbakian
zehaztu diren eginkizunak direla-eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
kontroleko agintetzat hartuko da, eta lan horretan erabateko independentzia eta
objektibotasuna izango du, legeak bermaturik.
18. Artikulua - Datuak Babesteko
Erregistroa
1.- Datuak Babesteko
Erregistroa sortzen da. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren barruan egongo da
organo hori, bulegoaren estatutuetan zehazturiko moduan.
2.- Datuak Babesteko
Erregistroan honako gauza hauek inskribatu beharko dira:
a) Lege honetako 2.1 artikuluan
zehazturiko fitxategiak.
b) Datu pertsonalak babesteko
abenduaren 13ko 15/1999 lege organikoan zehazturiko baimenak.
c) Inskribaturiko fitxategiei
dagozkien ereduzko kodeak.
d) Inskribaturiko fitxategiei
buruzko datu hauek: informazio-eskubidea, datuetara iristeko eskubidea, datuak
zuzentzeko eskubidea, datuak indarrik gabe uzteko eskubidea eta aurka egiteko
eskubidea erabiltzeko behar direnak.
3.- Baten batek inskribatzeko eskatu, baina Datuak Babesteko
Erregistroak uste badu eskabide hori ez dela zuzenbidearen araberakoa, ezezkoa
erantzun dezake erregistroak. Halakoetan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko
zuzendariak eskari-egileari beharrezko zuzenketak egiteko eskatu beharko dio.
4.- Lege honetako 2.1 artikuluan aipatutako fitxategiak Datuak
Babesteko Erregistroan nola inskribatu behar diren, inskripzioen edukia, nola
aldatu, indarrik gabe nola utzi, ebazpenen aurkako erreklamazioak eta
errekurtsoak nola aurkeztu eta halako gainerako gorabeherak erregelamendu bidez
arautuko dira.
5.- Edonork kontsulta dezake, dohainik, Datuak Babesteko Erregistroa.
Behar duen informazioa erregistro horretan eskatuz, edonork jakin dezake datu
pertsonalik tratatzen ari ote diren, zertarako ari diren hori egiten eta nor
den arduraduna.
19. Artikulua - Ikuskapen-ahalmena
1.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, kontroleko agintea denez, bere
esku izango du lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik dauden fitxategiak
ikuskatzea. Bere
lana egiteko behar duen informazio guztia bilduko du halakoetan. Horretarako,
nahi badu, agiriak erakusteko edo bidaltzeko eska dezake, eta dauden tokian
aztertu, eta datuak tratatzeko erabilitako tresna fisikoak eta logikoak ere
azter ditzake, instalaturik dauden lokaletara joanda.
2.- Aurreko zenbakian
aipatzen den ikuskatze-lana egiten duten funtzionarioak aginte publikotzat joko
dira lan horretan ari direla; eta beren zereginak betetzen dihardutenean
jakiten dutena isilpean gorde beharko dute derrigor, baita lan hori utzi eta
gero ere.
20. Artikulua - Fitxategien
titularrei errekerimendua egitea
Datuak
Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak ikusten badu lege honen aplikaziopean
dagoen halako fitxategi bat mantendu eta erabiltzeko modua lege honen beraren aginduren
baten edo legea garatzen duen xedapenen baten aurkakoa dela, fitxategiaren
titularra den herri-administrazio, erakunde edo korporaziora jo ahal izango du,
errekerimendu bidez, eta zer zuzendu adierazi ahal izango dio, eta halako
epetan zuzentzeko adierazi, gainera, berariaz. Errekerimendua jaso duen
administrazioak ez baldin badu eskaturikoa betetzen, Datuak Babesteko Euskal
Bulegoko zuzendariak administrazio horren ebazpen edo ezezko jarreraren aurkako
errekurtsoa jarri ahal izango du, eta, halakoetan, interesduna izango da.
Horrek ez du esan nahi lege honetako 17.f) artikuluaren arabera beste neurririk
hartu ezin duenik.
III. TITULUA
ZEHATZEKO ARAUBIDEA
21. Artikulua - Erantzuleak
Lege
honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen fitxategien erantzuleak eta fitxategi
horietako tratamenduen arduradunak lege honetan arau-hauste eta zehapenetarako
zehazturik dauden arauen pean egongo dira.
22. Artikulua - Arau-hauste motak
1.- Arau-hausteak arinak,
larriak edo oso larriak izango dira.
2.- Hauek dira
arau-hauste arinak:
a) Interesdunak eskatzen badu tratatzen ari diren datu pertsonalak
zuzentzeko edo indarrik gabe uzteko, eta legez hala egin behar bada, eskari
horri kasurik ez egitea forma-arrazoiengatik.
b) Datuen babesarekin zerikusi funtsezkoa ez duten gauzetan, Datuak
Babesteko Euskal Bulegoak halako informazio bat eskatzen duenean legez
dagozkion aginpideak bete beharrez, informazio hori ez ematea.
c) Datu pertsonalen fitxategia Datuak Babesteko Erregistroan
inskribatzeko eskaria ez egitea, non eta ez den arau-hauste larria.
d) Tartean direnengandik, legez eman beharreko informazioa eman gabe
jasotzea zuzenean datu pertsonalak.
e) Isilpekotasuna, legezko betebeharra baita, apurtzea, non eta ez
den arau-hauste larria.
3.- Hauek dira
arau-hauste larriak:
a) Fitxategiak sortzen edo fitxategi
horietarako datu pertsonalak biltzen hastea, xedapen orokor bidezko baimenik
gabe. Xedapen horrek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dena delako
lurralde historikoan argitaraturik agertu beharko du.
b) Datu pertsonalak biltzen hastea,
tartean direnen oniritzi berariazkoa eskatu gabe, oniritzi hori beharrezkoa
denetan.
c) Legezko printzipio eta bermeak
urraturik edo garapeneko erregelamenduetan datozen babes-aginduak bete gabe
tratatzea, edo erabiltzea gero, datu pertsonalak, non eta ez den oso
arau-hauste larria.
d) Datuetara iristeko eta datuen
aurka egiteko eskubideari bidea ixtea edo oztopoak jartzea eta eskatutako
informazioa emateari uko egitea.
e) Datu pertsonalak babesteko legeen
babespean diren pertsonen eskubideei erasaten bazaie, erabat zuzenak ez diren
datu pertsonalak mantentzea edo datu horiek direla-eta legez egin beharreko
zuzenketak edo indargabetzeak ez egitea.
f) Fitxategietan jasotako datu
pertsonalak isilpean gorde beharra ez betetzea administrazio- edo zigor-arloko
arau-hausteei buruzko datuak badira, edo herri-ogasunari buruzkoak badira, bai
eta inoren izaerari antzemateko behar beste datu pertsonal duen beste edozein
fitxategitako datuak badira ere.
g) Datu pertsonalak dauzkaten
fitxategiak, lokalak, programak edo ekipoak beharrezko segurtasun-neurririk
gabe edukitzea.
h) Lege eta erregelamenduetan
zehazturiko komunikazioak Datuak Babesteko Euskal Bulegora ez bidaltzea, eta
jaso behar dituen edo eskatzen dituen agiri eta informazioak ez ematea.
i) Ikuskatze-lanei oztopoak
jartzea.
j) Datu pertsonalen fitxategia
ez inskribatzea Datuak Babesteko Erregistroan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko
zuzendariak hala eskatu badu.
k) Datuak beste batengandik jaso
badira, tartean dagoena ez den beste batengandik, legez eman beharreko
informazioa ez ematea.
4.- Hauek dira oso arau-hauste larriak:
a) Datuak engainu edo iruzur
bidez biltzea.
b) Datu pertsonalak inori
jakinaraztea edo uztea, hartarako baimenik ez dagoenean.
c) Tartean denak hartarako
oniritzirik eman ez badu berariaz, ideologiaren, sindikatu-bazkidetzaren,
erlijioaren edo sineskeren berri ematen duten datu pertsonalak biltzea eta
tratatzea.
d) Legez hala egin behar ez bada
edo tartean denak hartarako oniritzirik eman ez badu berariaz, arrazari,
osasunari edo bizimodu sexualari buruzko datuak biltzea eta tratatzea.
e) Ideologia,
sindikatu-bazkidetza, erlijioa, sineskerak, arraza, etnia edo bizimodu sexuala
adierazten duten datu pertsonalak jasotzeko bakarrik sortzea fitxategiak.
f) Datuak Babesteko Euskal
Bulegoko zuzendariak edo datuetara iristeko eskubidearen titularrak eskatu arren
ez jarraitzeko horrela, datu pertsonalei legez kanpoko tratamendua ematen
jarraitzea.
g) Oinarrizko eskubideak
erabiltzea galarazten edo oztopatzen bada horrela, datu pertsonalak lege onez
ez tratatzea edo aplikatu behar zaizkien printzipio eta bermeei muzin eginda
tratatzea.
h) Paragrafo honetako bertako e)
letran zehazturiko datu pertsonalak edo tartean denak oniritzia eman gabe
polizia-lanerako bildu direnak isilpean gorde beharra urratzea.
i) Datuetara iristeko, datuak
zuzentzeko, indarrik gabe uzteko eta datuen aurka egiteko eskubideak behin eta
berriz aintzakotzat ez hartzea edo oztopatzea.
j) Inoren datu pertsonalak
fitxategi batean sartzerakoan, legearen arabera egin beharreko jakinarazpena
sistemaz ez egitea.
5.- Artikulu honetan egin den arau-hausteen tipifikazioa gorabehera,
Euskal Autonomia Erkidegoak aginpiderik ez duen gaietan datuen babesari buruzko
Estatuko legeetako tipifikazioek bere hartan irauten dute.
23. Artikulua - Zigor-motak
1.- 601,01 eta 60.101,21
euro bitarteko isuna arau-hauste arinengatik.
2.- 60.101,21 eta
300.506,05 euro bitarteko isuna arau-hauste larriengatik.
3.- 300.506,05 eta
601.012,1 euro bitarteko isuna oso arau-hauste larriengatik.
4.- Zigorren zenbatekoa
zehazteko, honako gauza hauek hartuko dira kontuan: erasandako eskubide
pertsonalak nolakoak diren, tratamenduen zenbatekoa, lortutako irabaziak,
arau-hausteak zenbateraino diren nahita egindakoak, behin baino gehiagotan egin
ote diren, interesdunei eta beste batzuei (hirugarrenei) eragindako kalte-galerak
eta dena delako arau-haustea zenbateraino den legez kanpokoa zehazteko eta
zenbaterainoko erruduntasuna dagoen zehazteko garrantzitsua den beste edozein
gorabehera.
5.- Tartean diren
gorabeherak gogoan harturik, ikusten bada inputatuaren errua uste baino dezente
txikiagoa dela edo arau-hausteak dezente gutxiago urratzen dituela legeak,
berez legokiokeen arau-hauste motako eskala baino justu arau-hauste arinagoen
motako eskala aplikatuz zehaztuko du zigorraren zenbatekoa erakunde
zigortzaileak.
6.- Ezin da, inola ere
ez, zigortu nahi den arau-hauste motari legez dagokion zigorra baino
larriagorik jarri.
7.- Eusko Jaurlaritzak,
aldika-aldika, zigorren zenbatekoa eguneratu egingo du, prezioen indizeen
aldaketen arabera.
24. Artikulua - Herri-administrazioek, erakundeek eta Zuzenbide publikoko korporazioek egindako arau-hausteak
1.- Dagokion
prozedura-instrukzioa egin, eta aurreko artikuluko arau-hausteetakoren bat edo
batzuk gertatu direla ikusiz gero ondorio modura -lege honetako 2.1 artikuluko
fitxategiei dagokienez-, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, ebazpen
bidez, arau-haustearen ondorioak gerarazteko edo zuzentzeko beharrezko neurriak
aginduko ditu. Ebazpen hori fitxategiaren erantzuleari, hierarkiaz gainetik
duen erakundeari eta -halakorik baldin badago- tartean direnei jakinarazi behar
zaie, eta ebazpen horrek amaitzen du administrazio-bidea.
2.- Datuak Babesteko
Euskal Bulegoko zuzendariak, diziplinazko bidetik jotzeko ere proposa dezake,
hala badagokio. Herri-administrazioetan eta lege honetako 2.1 artikuluan
aipatutako erakunde eta korporazioetan lan egiten duten funtzionarioen eta
langileen diziplina-araubidea zehazten duten legeetan ezarritakoak izango dira
erabili beharreko prozedura eta jarri beharreko zigorrak. Ondorio horietarako,
lege honetan tipifikaturiko arau-hausteak aplikatu beharreko
diziplina-araubidearen osagarri izango dira.
3.- Zigor-prozedurarik
behar izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko
Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean jartzen duena bete beharko da.
4.- Aurreko puntuetan
aipatzen diren neurri eta jarduerak direla-eta ematen diren ebazpenak Datuak
Babesteko Euskal Bulegoari jakianarazi beharko zaizkio.
5.- Datuak Babesteko Euskal
Bulegoko zuzendariak Arartekoari jakinarazi beharko dizkio aurreko puntu
horietaz baliatuz egiten dituen jarduerak eta ematen dituen ebazpenak.
25. Artikulua - Fitxategiak
geldiaraztea
Inork
beste inoren datu pertsonalak legez kanpo erabiltzen edo uzten baditu, oso
arau-hauste larria egiteko moduan, eta, horrenbestez, jokaera horrek traba eta
eragozpen larriak badakartza herritarren eskubideen erabilerarako eta nortasuna
askatasunez garatzeko -bai Konstituzioan bai legeetan bermaturik daude erabilera
eta garapen horiek-, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak datu
pertsonalen fitxategien erantzuleei eska diezaieke aurrerantzean daturik ez
erabiltzeko edo uzteko legez kanpo. Ez baldin badiote errekerimenduari kasu
egiten, fitxategi horiek geldirazi egin ditzake ebazpen arrazoitu bidez,
tartean direnen eskubideak atzera ezartzeko, eta horretarako bakarrik.
Lege
honetako 2.1) artikuluan aipaturik dauden herri-administrazioek, erakundeek eta
korporazioek, agindu horretan aipaturiko fitxategien titular badira, Datuak
Babesteko Euskal Bulegoari eman beharko diote haren berri, lege hau indarrean
jarri eta hiru hilabeteko epean. Hori baino lehenago, kasuan kasuko fitxategia
arautzeko xedapena onarturik eta argitaraturik izan behar dute.
1.- Datu Pertsonalak
Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko bigarren xedapen gehigarrian
eta Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko
17.3 artikuluan zehazturik dagoen moduan,Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorrak eta foru-administrazioek, biztanleen fitxategiak edo
erregistroak sortze aldera, Euskal Estatistika Erakundeari aginpideak dauzkaten
lurraldeetako biztanleen udal-erroldetan dauden fitxategien kopia eguneratu bat
eska diezaiokete, interesdunaren oniritziaren beharrik gabe, honako datu hauek
eskuratzeko: izena, abizenak, helbidea, sexua eta jaiotze-eguna.
Komunikaziorako balioko dute biztanleen fitxategi edo erregistro horiek, hau
da, herri-administrazio bakoitzeko organoen eta dagokien lurraldean bizi diren
interesdunen arteko komunikaziorako, herri-administrazio bakoitzaren
aginpideetatik datozen harreman juridiko-administratiboei dagokionez.
2.- Aurreko paragrafoan
xedaturikoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari
buruzko apirilaren 28ko 4/1986 Legeko 29. artikulua aldatu, eta honela gelditzen
da: agindu horren gaur egungo idazkera aginduaren 1. zenbakia izango da
aurrerantzean, eta honako 2. zenbaki hau gehitzen zaio:
"2. Euskal Estatistika Erakundeak Euskal Autonomia
Erkidegoko udalerri guztietako udal-errolden kopien gordetzaile-lana ere egingo
du, eta, horretarako, udalerriek administrazio-erregistro horien kopiak bidali
beharko dizkiote erregelamendu bidez zehaztutako moduan".
Lege
honetan xedaturikoa gorabehera Arartekoaren eta Datuak Babesteko Estatuko
Bulegoaren aginpideek bere hartan diraute.
1.- Lege honetan
xedaturikoa garatzeko eta aplikatzeko baimena du Eusko Jaurlaritzak.
2.- Beharrezko aurrekontu-atala
sortzeko eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubidea antolatzen duten
legeekin bat, aurrekontua lege honetan xedaturikoa aplikatzeko behar beste
aldatzeko baimena du Ogasun eta Herri Administrazio Sailak.