Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/2001 Legea, azaroaren 30ekoa, 2002. urteko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundiek egin beharreko ekarpenen aurreikuspenak zehazten dituena.

2001-11-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2001/12/18, 243. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.

 

§ 242. 2/2001 LEGEA, AZAROAREN 30EKOA, 2002. URTEKO EKITALDIAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTUAK FINANTZATZEKO FORU ALDUNDIEK EGIN BEHARREKO EKARPENEN AURREIKUSPENAK ZEHAZTEN DITUENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

      Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak 29. artikuluko 1. paragrafoan zehazten duenaren arabera, urtero eta urriaren hamabostera arteko epean, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko hurrengo urteko Aurrekontuko gastuei aurre egiteko zenbateko ekarpena egin behar duten zehaztu beharko du, eta onartutako akordioa Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, kontseiluaren txostenarekin batera. Hori guztia artikulu bakarreko lege-proiektu batean jasoko da.

      Aipatutako artikulu horretako 4. paragrafoan esaten denaren arabera eta baliabideak nola banatu eta ekarpenak nola zehaztu jakiteko metodologia jasotzen duen legerik ez dagoenez, goian zehazten den prozedura hori egokia da 2002. urteko ekarpenak zenbatekoak izango diren erabakitzeko.

      Foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen finantziazioan laguntzeko baliabideak nola banatu eta ekarpenak zenbatekoak izango diren esaten duen metodologiaren arabera, erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen artean banatu behar dira Ekonomia Ituna kudeatzetik datozen diru-sarrerak, Estatuari ordaindu beharreko kupoa kendu ostean. Beraz, Estatuarekin berriz Ekonomia Ituna berritu ostean jakingo da zeintzuk diren EAEko erakundeen artean banatu beharreko baliabideak.

      Estatuarekin hurrengo Ekonomia Ituna berritzerakoan aldaketak izan daitezkeenez, baina euskal administrazio publikoen arteko finantza-neutraltasunaren printzipioa mantendu nahi denez, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluari egokia iruditu zaio, aho batez erabakita, baliabideak banatzeari buruzko eta egin beharreko ekarpenei buruzko metodologia berriaren gaineko akordioa atzeratzea, hain zuzen ere Estatuarekiko akordioa lortu arte.

      Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien 2002. urteko aurrekontuak egin beharrekoak direnez, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan akordio bat onartu eta lege-proiektu gisa izapidetu beharra dago, lehen ere esan denez, datorren ekitaldiko ekarpenak zeintzuk izango diren jakiteko.

      Egoera berezi honetan, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, aho batez, egoki iritzi dio foru-aldundiek 2002. urterako erakunde komunei egin beharreko ekarpenak hasiera batean behintzat zenbatekoak izango diren zehazteari, eta horretarako gaur egun indarrean dagoen metodologia erabiltzeari.

      Onartutako akordioak bost atal ditu. Lehenengo hirurak, hau da, A), B) eta C) hizkiak, kopuruei buruzkoak dira, eta egin beharreko ekarpenen aurreikuspenak, koefiziente horizontalen aurreikuspenak eta 2002. urterako Solidaritate Funtsari buruzko aurreikuspenak jasotzen dituzte. D) hizkian urriaren 31ko 6/1996 Legeko hamaikagarren xedapen gehigarriko lehenengo puntuan aurreikusita dagoen egokitzea ezartzea erabakitzen da; lege hori indarrean zegoen artean, puntu hori denboran luzatzea Finantza Publikoen Euskal Kontseiluari zegokion. Bukatzeko, eta amaierako klausula moduan, E) hizki bat erantsi da, datorren ekitaldiko ekarpenen aplikazioa errazagoa izan dadin.

      Foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko 2002. urtean egin beharreko ekarpenari buruz Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak onartutako akordioa, hain zuzen ere azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 29. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa betez, lege honekin batera eranskin gisa ageri da.

Artikulu Bakarra

      Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren akordioa onartu eta lege honekin batera eranskin gisa gehitu da. Akordio horretan foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko 2002. urtean egin beharreko ekarpenen aurreikuspena zein den zehazten da.

ERANSKINA

      Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren akordioa

      Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, 2001eko urriaren 15ean izandako bileran, ondorengo akordioa onartu du, kide guztiak bat datozela:

AKORDIOA

      A)      Foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko 2002. urtean egin beharreko ekarpenen aurreikuspena onartzea; honela geratuko da:

      (mila euro)

Ekarpen orokorra               3.194.584,79

Ekarpen bereziak:               2.083.420,95

-     Ertzaintza                         373.937,11

-     Insalud eta Inserso       1.709.442,31

-     Eskumen berriak                        41,53

-     LHLko 22.3 art.ko politikak          0,00

EKARPENAK, GUZTIRA      5.278.005,74

      B)      2002. urteko ekitaldiko koefiziente horizontalen aurreikuspenak onartzea; honela geratuko dira:

Lurraldea                   Koefizientea

Araba                         16,59

Bizkaia                        50,20

Gipuzkoa                    33,21

      C)     Solidaritate Funtsaren aurreikuspena onartzea eta horretarako 28.221,63 mila euro izatea 2002. urteko ekitaldian.

      Funts hori finantzatzerakoan, Eusko Jaurlaritzak %66,25 jarriko du, eta gainontzeko %33,75 hiru foru-aldundiek, 2002rako duten koefiziente horizontalaren arabera.

Erakunde bakoitzak ondorengo kopuruok jarri beharko ditu:

      (mila euro)

Erakundea                                     %               Zenbatekoa

Eusko Jaurlaritza                       66,25            18.696,83

Foru-aldundiak:                         33,75               9.524,80

Araba                                          5,5991          1.580,16

Bizkaia                                       16,9425          4.781,45

Gipuzkoa                                   11,2084          3.163,19

FINANTZIAZIOA, GUZTIRA     100,0000        28.221,63

      D)      Foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpena zehazten duen metodologiaren hamaikagarren xedapen gehigarriko lehenengo puntuan aipatzen den egokitzea egitea onartzea 2002. urtean ere, 1997, 1998, 1999, 2000 eta 2001. urteko ekitaldietan egindako moduan.

      E)      Eusko Legebiltzarrak ekarpenak zehazteko metodologiari buruzko beste lege bat onartzen ez duen artean, 2002. urterako ere indarrean jarraituko dute urriaren 31ko 6/1996 Legean jasotako xedapen metodologiko, operatibo eta formalek.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra