2/2000 Legea, ekainaren 29koa, Bidaiariak Herri Barruan eta Herriz Kanpo kotxez garraiatzeko Zerbitzu Publikoa Arautzen duena.
2000-06-29Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2000/8/1, 146. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.
§ 232. 2/2000 LEGEA, EKAINAREN
29KOA, BIDAIARIAK HERRI BARRUAN ETA HERRIZ KANPO KOTXEZ GARRAIATZEKO ZERBITZU
PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren
bidez automobil arinetan herri barruan nahiz herriz kanpo garraiatzeko
zerbitzuen gaineko araudi nazionala onartu zen; araudi horrek zerbitzu-mota
horien araubide juridikoa jasotzen zuen. Otsailaren 9ko 236/1983 eta irailaren
1eko 1.080/1989 errege-dekretuek, ordea, aldatu egin zituzten errege-dekretu
horren zenbait zati.
Lurreko Garraioak Antolatzen dituen
uztailaren 30eko 16/1987 Legeak, eta Lurreko Garraioak Antolatzeko Legearen
Araudia onartzen duen irailaren 28ko 1.211/1990 Errege Dekretuak, berriz,
zerbitzu horien zenbait alderdi arautu dituzte, eta aurreko errege-dekretu
haiek indarrean jarraitzen dutela adierazten dute arauak indarrik gabe edo
indarrean uzteari buruzko xedapenetan.
Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioak garraio-zerbitzu horiek Erkidego barruan ematearekin lotutako
zenbait alderdi jakin araugintza aldetik garatzeari ekin dio.
Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 27ko
118/1996 epaiak Konstituzioaren kontrakotzat, eta, hortaz, baliogabetzat jo
ditu uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 2. artikuluko lehenengo paragrafoko
bigarren idatz-zatia eta bigarren paragrafoa -aplikazio-eremuari buruzkoak-,
113. artikulutik 118ra bitartekoak eta hamargarren xedapen iragankorra -azken
horiek herri barruko garraioa arautzekoak-.
Epai horretan ezarritakoa betetzeko, eta
Euskal Autonomia Erkidegoan taxi-arloak arau-multzo propioa izatea komeni zela
kontuan izanik, orain arte aplikatzen ziren arau sakabanatuak lege bakar batean
bildu eta Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako taxi-lanaren eskakizunak eta
beharrak batzeko, lege hau egitea erabaki da, Euskal Herriko Autonomia
Estatutuaren 10.32 artikuluak ematen duen eskumen esklusiboa erabiliz.
Legearen I. eta II. kapituluek aplikazio-eremua
eta eskumen-araubidea finkatzen dute, eta bidaiariak herri barruan eta herriz
kanpo, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik atera gabe, kotxez
garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzea dute helburu nagusi.
Eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko
erakunde erkideen, lurralde historikoetako foru-aldundien eta udalen artean
banatzeari dagokionean, Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako
Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei buruzko
azaroaren 25eko 27/1983 Legea eta gai honekin zerikusia duten eginkizun eta
zerbitzuak eskuz aldatzearen inguruko araudiak errespetatu dira.
Horrela, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko
erakunde erkideek beretzat gorde dute lege honen gai den arloan legeak egin,
lege horiek garatu, goi-mailako ikuskaritza burutu, plangintza atondu eta
koordinazio-lana egiteko eskumena; bidaiariak kotxez herriz kanpo garraiatzeko
baimenak eman eta garraio hori ikuskatu eta zigortzeko ahalmenak, berriz,
lurralde historikoetako foru-aldundiei dagozkie.
Era berean, udalen eskumenei dagokienean,
berariaz aipatu behar dira, bai Toki-Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen
apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 2. artikuluko 1. paragrafoa, toki-erakundeek
beren interesak ukitzen dituzten gaietan parte hartzeko duten eskubideari
Estatuak eta autonomia-erkidegoek zor dieten errespetuari buruzkoa, eta bai
lege beraren 25.2.11) artikulua, zeinak "nolanahi ere" eskumenak
ematen baitizkie erakunde horiei "bidaiarien garraio publikoaren
arloan". Gogoratu beharra dago, gainera, 86.3 artikuluak
toki-erakundeentzat funtsezkotzat jotzen duela bidaiariak garraiatzeko zerbitzu
publikoa.
Horiek horrela, herri barruan jarduera
burutzeko behar diren lizentziak emateko eskumena ematen zaie udalei, baita
zerbitzua emateko modua orokorki arautzeko eskumena eta zerbitzuak ikuskatu eta
zigortzeko eskumena ere.
Nabarmena zen jarduera burutzeko araubide
juridiko baten beharra, bai lege honen gai diren garraio-zerbitzuak erabiltzen
dituzten pertsonentzat, bai garraiarientzat berentzat ere, eta jarduera
burutzeko titulu gaitzaileak, hots, baimen eta lizentziak ere, arautzea.
Garraiarientzat jarduera burutu ahal izateko ezartzen diren eskakizunei eta
titulu gaitzaileak emateko administrazioaren parte-hartzeari dagokienean,
jarduera burutzeko, lanbide-gaitasuna exijitu ahal izateko aukera eman nahi
izan da, hartara, jarduera-mota horri exijitu beharreko eskakizunak
kontrolatzeko administrazio-lana errazteko. Bereizi egin dira garraiari eta
gidari figurak, eta biak arautu dira.
Gainera, komeni zen zerbitzua emateko
derrigorrezko baldintza guztiak lege bakar batean biltzea, batez ere zerbitzuak
kontratatzeari eta zerbitzuak emateko erei eta zerbitzu-motei buruzko
baldintzak. Eta hori, zerbitzuaren erabiltzaileek ez ezik, bidaiariak kotxez
garraiatzen dituzten profesionalek ere eskatzen dute.
V. kapituluan tarifak finkatzeko sistema
erraz bat eratu da. Sistema hori aurrerago araudi bidez garatu beharra izango
da, batez ere tarifen osagaiei eta tarifa horiek onartzeko eta berrikusteko
prozedurari -prozeduran garraiarien eta erabiltzaileen iritziak ere izan
beharko dira kontuan- dagokien aldetik. Baina, nolanahi ere, kontsumitzaileen
eta erabiltzaileen eskubideak ahal den gehien errespetatzeko ahalegina egin da:
aplikatu behar zaizkien tarifak nahi dutenean jakiteko eskubidea aitortu zaie,
eta berariaz debekatu da baimenik ez duten gehigarriak kobratzea.
VI. kapituluak, zerbitzua emateko
lurralde-eremuaz diharduela, udalerri bateko zerbitzuen eta beste batekoen
artean halako interakzio edo elkarrekiko eragin bat dagoenean, zerbitzu-eremu
bateratuak eta araubide bereziko eremuak sortzeko aukera jasotzen du.
VII. kapituluan taxi-batzordeak sortzea
aurreikusten da. Batzorde horiek lege honen gai den arloan eskumena duten
administrazioentzat kontsulta eta aholkularitza organo gisa jardungo dute.
Legearen azken kapituluak
administrazioaren kontrol eta ikuskaritza araubidea lantzen du lehen eta
bigarren atalean, eta bi eginkizun horiek zerbitzu publikotzat jotzen ditu,
erabiltzaile eta kontsumitzaileak behar bezala babestuta daudela eta indarrean
dagoen legeria errespetatzen dela bermatzea helburu nagusi duten zerbitzu
publikotzat.
Zigortzeko araubideari dagokionean, zeinak
proposatzen den arauak lege-maila izan beharko duela ezartzen baitu,
Konstituzioaren 25.1 artikuluarekin bat etorriz eta legezkotasun-printzipioa
errespetatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko
Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen beharrezko aipamenak egin
dira. Arau-hausteen erantzukizunaren eta zigor-prozeduraren arloan berariaz
adierazi da beste lege horretara jo beharra. Aipamen horiek, legearen zioen
azalpeneko bosgarren paragrafoan jasotakoari jarraikiz, gai honi buruzko
arauetan halako uniformitate bat -mailarik altuenean ezarria- lortzeko egin
dira, hori ezinbestekotzat jotzen baita, helburu gisa zehaztu bezala, testu
bateratua erdiesteko eta, ondorioz, segurtasun juridikoa bermatu ahal izateko.
Atal horretan, eta kasu gehiegi jasotzeko
arriskua gorabehera (izan ere, kasuak araudietan zehaztu ohi dira batik bat),
zigor litekeen erabiltzaileen nahiz garraiarien ahalik eta jokabide zehatz
gehien jasotzeko ahalegina egin da, arlo honetan ezinbestean nagusi behar duten
Konstituzioko legezkotasun eta tipizitate printzipioak bermatu ahal izateko. Ildo
horretatik, hiru arau-hauste mota bereizi dira -oso larriak, larriak eta
arinak-, eta arau-hauste bakoitzeko mota arruntenak jaso ditugu, gerora
etorriko diren araudiak bideratzeko.
Nolanahi ere, eta legezkotasun-printzipioa
oso kontuan izanik, legean deskribatutako arau-hauste motak behar bezain zabal
uzteko ahalegina egin da, horrela lege honetan arautzen den gaian parte hartzen
dutenen ekintzak, zigor litezkeenetakoak badira, zigortzeko modua izateko.
Azkenik, adierazi beharra dago xedapen
iragankorretan berariaz azaltzen dela legea araudiz garatzen ez den bitartean,
garraioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatu beharko dela.
I KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. Artikulua - Legearen xedea
Lege honen
xedea da bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo, Euskal Autonomia
Erkidegoaren lurraldetik atera gabe, kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa
arautzea.
2. Artikulua - Definizioak
1.- Lege honetan ezarritako ondorioetarako,
udalerri bakar baten barruan egindako garraio-zerbitzua hartuko da herri
barruko garraiotzat, eta gainontzekoak herriz kanpoko garraio-zerbitzutzat joko
dira.
2.- Garraio publikotzat inoren kontura
diru-truke egindako garraio-zerbitzuak hartuko dira.
3.- Kotxetzat, lege honetan ezarritako
ondorioetarako, honako ibilgailuok hartuko dira: pertsonak garraiatzeko sortu
eta egin diren ibilgailu automobilak, motozikletak izan ezik, baldin eta
gidariaren lekua barne dela bederatzi jarleku edo gutxiago badituzte.
II
KAPITULUA
ESKUMENEN
ARAUBIDEA
3.
Artikulua - Eskumenen araubidea
1.- Legea
arau bidez garatzea eta goi-mailako ikuskaritza burutzea Eusko Jaurlaritzari
dagokio, eta hori koordinazio-lana eginez eta legearen gai diren zerbitzuak
ikuskatzeko planak atonduz burutuko du.
Plangintza orokorra ere Eusko Jaurlaritzak
egingo du. Plangintza horretan sartuko dira, hala behar izanez gero,
kontingenteak zehaztea, herriz kanpoko garraiorako gehienezko baimen-kopurua
finkatzea, bai eta herriz kanpoko garraio-zerbitzuetarako tarifak ezartzea ere.
Egiteko horretan betiere iritzia eskatu beharko die aurretiaz foru-aldundiei,
udalei -Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen udal-elkartearen bidez-,
taxistei -arloan ordezkaritza handiena duten elkarteen bidez-, eta
erabiltzaileei.
2.- Kasuan
kasuko lurralde historikoko herriz kanpoko garraio-baimenak eman eta baliorik
gabe uztea -kontingenterik izanez gero, horien arabera-, bai eta herriz kanpoko
zerbitzuak ikuskatu eta zigortzea ere, lurralde historikoetako foru-aldundiei
dagokie.
Horiei dagozkie, gainera, zerbitzu-eremu
bateratuak eta araubide bereziko eremuak zehaztea, taxi-batzordeak sortzea eta
lege honek eta aplikatu beharreko gainontzeko arauek agintzen dizkieten
gainontzeko ahalmenak.
3.- Udalei,
berriz, herri barruko garraioaren eremuan, garraio-lizentziak eman eta baliorik
gabe uztea dagokie; zerbitzuen plangintza egin, ikuskatu eta zigortzea; tarifak
ezartzea -prezioen kontrolari buruz legeriak ezarritakoaren arabera-, eta,
behar izanez gero, gidarien gaitasunari buruzko egiaztagiriak ematea.
Udalei dagokie, gainera, taxi-zerbitzua
emateko udal-ordenantza arautzailea egin eta onartzea, betiere lege honetan eta
lege hau garatzeko arauetan ezarritakoari jarraikiz.
III
KAPITULUA
JARDUERAREN
ARAUBIDE JURIDIKOA
LEHENENGO
ATALA
ERABILTZAILEAK
4.
Artikulua - Erabiltzaileak
1.- 3.
artikuluan aipatutako herri-administrazioek erabiltzaileak jakinaren gainean
izan beharko dituzte lege honen gai diren garraio-zerbitzuak emateko ezarriko
diren arauei buruz.
2.- Erabiltzaileek
zerbitzua erabiltzeko ezarriko diren arauak bete behar dituzte, baina, edonola
ere, betebehar hauek izango dituzte:
a) Ibilgailua
mugitzen ari den bitartean, ibilgailuan ez sartzea, ez irtetea, ez eta,
horretarako bidezko arrazoirik ez badago, gidariaren arreta etengo duen edo
haren lana oztopatuko duen ezer ez egitea. Ibilgailuaren gidariaren edo beste
edozeinen segurtasunerako arriskua ekarriko duen ezer ez egitea.
b) Ibilgailua
hondatu edo zikinduko duen ezer ez egitea, eta lizentzia edo baimena duen
titularrarentzako edo, kasuaren arabera, gidariarentzako gogaikarri edo iraingarri
gerta litekeen jarrerarik ez izatea.
II
ATALA
GARRAIARIAK
5.
Artikulua - Garraiariak
Lege honetan ezarritako ondorioetarako, 2.
artikuluan zehaztutako garraio-lanak egiten dituztenak hartuko dira
garraiaritzat, baldin eta horretarako behar den lizentzia, eta -kasuaren
araera- baimena, badute.
6.
Artikulua - Eskakizunak
1.- Lege
honetan adierazitako baimen eta lizentzien titular izan nahi duten pertsona
fisikoek honako eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute
a) Lege honek
eta aplikatu beharreko gainontzeko arauek zerga, lan, gizarte-segurantza eta
administrazio alorrean ezartzen dituzten betebeharrak.
b) Indarrean
dauden arauek garraio-mota hori egiteko erabili beharreko ibilgailuentzat
ezartzen dituzten eskakizun teknikoak.
c) Garraio-zerbitzuaren
ondorioz erabiltzaileei sor lekizkiekeen kalteen eta galeren ordainetarako
erantzukizun zibileko asegurua izatea, araudiz ezarritako eran. Nahitaezkoa
izango da halaber aseguru-poliza bat ituntzea, legeria bereziaren arabera estali
behar diren gainontzeko arrisku guztiak estaltzeko.
2.- Eskakizun
horiek betetzeari utziz gero, titulu gaitzaileak ezeztatu egingo dira, araudiz
ezarritako eran.
III
ATALA
ADMINISTRAZIO-BALDINTZAK
7.
Artikulua - Titulu gaitzaileak
1.- Lege
honen gai den jarduera burutzeko, arlo horretan eskumena duten Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioek lizentzia eta baimena ematea beharko da.
2.- Lizentziak
herri barruko garraiorako balioko du; baimenak, berriz, lege honetan ezarritako
eremuan, herriz kanpoko garraioa egiteko.
3.- Baimen
eta lizentzia kopurua mugatu egin ahal izango da jendeari eskaini beharreko
zerbitzuaren beharren arabera, eta kopuru hori finkatzeko, zerbitzua jaso behar
duen biztanleria eta/edo eskualdeko egoera sozioekonomikoa hartuko da kontuan.
4.- Arau
orokor gisa, zenbait eremutako zerbitzuak koordinatu ahal izateko, nahitaez
lehenbizi eremu txikiagoko lizentzia edo baimena eskuratu beharko da, gero
eremu zabalagokoa eskuratu ahal izateko. Zerbitzuak oso garrantzitsuak ez
direlako edo zerbitzu-eskariarekin loturiko beste zerbaitengatik gerta liteke
baldintza hori beharrezkoa ez izatea, eta kasu horiek araudiz arautuko dira.
8. Artikulua - Lizentziak eta baimenak
1.- Lizentzia eta baimenek, bidaiariak kotxez
garraiatzeko zerbitzu publikoa emateko, titular bakarra, gidari bakarra eta
kotxe jakin bakarra baimenduko dute, eta, lizentzia edo baimena emango bada,
hiru horiek araudiz ezarritako eran zehaztu beharko dira.
Pertsona
bera ezingo da, inola ere, lizentzia bat baino gehiagoren titular izan.
2.- Lizentziak
eta baimenak ezin izango dira eskualdatu, ondorengo kasuetan izan ezik:
a) Titularra
hilez gero, alargunaren edo legezko oinordekoen alde.
b) Erretiroa
hartzean.
c) a) idazatian
aipatutako alargunak edo oinordekoek ezin badute lizentzia jarduera bakar eta
esklusiboz erabili.
d) Titularrak
gaisotasun, istripu edo ezinbestekotzat jo daitezkeen beste arrazoiengatik
laneko ezintasuna jaso badu.
e) Lizentziaren
titularraren antzinatasuna hamar urtekoa baino handiagoa bada, kasu horretan
titularrak toki-erakundearen baimena lortu ondoren, lizentzia eskualdatu ahal
izango du, baina hamar urteko epean ez du lizentzia berririk eskuratzerik
izango.
Eskualdatzaileak zein erosleak bete
beharreko eskakizunak araudiz ezarriko dira. Nolanahi ere, eskualdeketek
ibilgailu bakarrari dagozkion titulu guztiei eragingo diete.
3.- Titulu
gaitzaileak aldian-aldian zein kasutan bisatu beharko diren, araudiz ezarriko
da. Derrigorrezko den kasuetan eta ezarritako epeetan bisatzen ez bada, titulu
gaitzailea ezeztatu egingo da.
IV
ATALA
IBILGAILUA
9.
Artikulua - Ibilgailuak
1.- Indarrean
dagoen legerian ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten kotxeak joko dira
bidaiariak garraiatzeko egokitzat.
2.- Egoki
deritzen baldintzak ezarri ahal izango dituzte udalek beren udal-arauetan,
erabiltzaileei zerbitzu egokia emango zaiela bermatzeko.
V
ATALA
GIDARIAK
10.
Artikulua - Gidariak
1.- Edozein
zirkunstantzia edo arrazoi dela bide auto-taxi baten lizentziaren titular
bilakatzen den pertsona orok berak eman beharko du nahitaez zerbitzua.
Salbuespen gisa bakarrik eta araudiz ezartzen den eran (alargunak, titularraren
baliaezintasun-egoera, lanerako ezintasun iragankorreko egoera eta zerbitzua
norberak ematea eragozten duten ustekabeko egoerak) soldatapeko gidari bat
(inoren konturako langilea) kontratatuta ustiatu ahal izango da lizentzia,
baina lizentzia bakoitzak ezin izango du gidari bat baino gehiago atxikita
eduki.
2.- Indarrean
dagoen legerian ezarritako kasuan kasuko gidabaimena eduki beharko dute eta
araudiz ezartzen diren lanbide-gaitasuneko eskakizunak bete beharko dituzte
gidariek. Horretarako, lege honen gai diren zerbitzuei aplikatu beharreko
arauak, ibilbideak eta kaleak ezagutzen dituztela egiaztatu beharko dute, eta,
oro har, zerbitzua behar bezala emateko behar direnak ezagutzen dituztela.
3.- Nolanahi
ere, lizentziaren eta baimenaren titularrak gidariari dagozkion lan eta
gizarte-segurantza arloko legezko aginduak eta lege honen ondorio diren
aginduak betetzen dituela egiaztatu beharko dio lizentzia edo baimena ematen
duen organoari.
IV
KAPITULUA
ZERBITZUA
EMATEKO BALDINTZAK
11.
Artikulua - Jarduera eta horretarako baldintzak
1.- Lizentziak
edo baimenak lege honek xede duen zerbitzua lege honen eta indarrean dauden
gainontzeko arauen arabera emateko gaitzen du titularra.
2.- Orokorrean,
lizentzia edo baimenaren titularra den pertsona orok lizentzia edo baimen hori
emandako egunetik hasita 60 egun naturaleko epean ekin beharko dio, gehienez ere,
zerbitzua emateari, salbu eta idatziz bidezko arrazoiak egiaztatzen badira lege
honen 3. artikuluan adierazitako organo eskudunen aurrean.
3.- Zerbitzua
dedikazio esklusiboz emango da, araudiz ezartzen diren kasuetan izan ezik. Kasu
horiek finkatzeko erabakigarriak izango dira zerbitzua ematen den inguru
horretako baldintza sozioekonomikoak edo biztanle-urritasuna.
4.- Arau
bidez ezartzen diren ordutegi, txanda, opor eta etenaldien araubidearen arabera
emango dira zerbitzuak.
12.
Artikulua - Zerbitzua kontratatzea
1.- Herri
barruan eta herriz kanpo kotxez egiteko garraio-zerbitzuak pertsonak eta horien
ekipajeak garraiatzeko izango dira, eskuarki.
2.- Jarleku
bakoitzari dagokiona ordainduz zerbitzua jarlekuka kontratatzea zein kasu
berezitan baimendu ahal izango den, araudiz ezarriko da.
13.
Artikulua - Zerbitzuaren xedea
1.- Herri
barruan eta herriz kanpo kotxez egiteko garraio-zerbitzuak pertsonak eta horien
ekipajeak garraiatzeko izango dira, eskuarki.
2.- Enkarguak
egiteko garraio-zerbitzua ere arautu ahal izango da araudiz, batez ere zerbitzu
horiek eskaini nahi diren eskualdeetako baldintza sozioekonomikoak eta
biztanleria kontuan izanik. Enkarguak egiteko garraio-zerbitzua ematea
aukerakoa izango da taxilariarentzat.
14.
Artikulua - Zerbitzua ematea
1.- Garraiaria
derrigortua dago eskatzen zaion zerbitzua ematera, betiere 4. artikuluan
erabiltzaileentzat aurreikusitako betebeharretara egokitzen bada eskatzen
zaiona.
2.- Garraiariak
ezin izango du ibilgailuarentzat baimenduriko jarleku-kopurua baino bidaiari
gehiago garraiatu.
3.- Garraiariak
zerbitzua emateari uko egin ahal izango dio, baldin eta zerbitzua legez kanpoko
zerbaitetarako bada edo arriskua badu bidaiarien, gidariaren edo beste batzuen
segurtasun edo osasunerako edo ibilgailuak kalteak izateko.
4.- Garraiariak
zerbitzua emateari uko egiten badio, zerbitzua ez emateko arrazoia azaldu
beharko dio idatziz erabiltzaileari, hark hala eskatuz gero.
5.- Garraiariak
ahalik eta arreta handiena jarri beharko du zerbitzuak emateko araubidea ondo
betetzeko, eta gidariak gizalegez jokatu beharko du erabiltzaileekin.
6.- Eskola-garraioko
edo adin txikikoen garraioko zerbitzuak ematen direnean, garraio horien
segurtasuna erregulatzeko arauek agindutako baldintza guztiak bete beharko
dira.
15.
Artikulua - Agiriak
Zerbitzua ematen duenak ibilgailuan eraman
beharko ditu -agerian, hala behar izanez gero- eta erabiltzaileen eta
ikuskaritzakoen eskura izan beharko ditu derrigorrezko lizentzia eta baimenak,
indarrean dauden tarifak eta araudiz edo titulu gaitzaileen arabera
derrigorrezko diren bestelako agiri guztiak.
16.
Artikulua - Zerbitzu-motak: orokorrak eta berezituak
1.- Bidaiariak
kotxez garraiatzeko zerbitzuen barruan bi mota bereiz daitezke:
a) Zerbitzu
orokorrak.
b) Zerbitzu
berezituak: hartakotzat hartuko dira eskakizun arruntez gainera bestelako
eskakizunak dituzten ibilgailu eta/edo gidariak behar dituzten zerbitzuak.
2.- Zerbitzu
berezi horiek eman ahal izateko titulu gaitzaileak eta zerbitzua emateko
araubide juridikoa araudiz ezarriko dira.
V
KAPITULUA
TARIFEN
ARAUBIDEA
17.
Artikulua - Tarifak
1.- Erabilera
esklusiboko zerbitzuen tarifak.
Auto-taxi zerbitzua ematea tarifa bati
lotuta egongo da, eta eskumena duen organoak aldiro errebisatu eta onartu
beharko du tarifa hori. Aipatutako tarifa loteslea eta derrigorrezkoa izango da
herri barruko bidaietan auto-taxien gidarientzat eta bidaiariarentzat. Herriz
kanpoko bidaientzat tarifa-erregimen desberdina zehaztuko da eta era berean
loteslea eta derrigorrezkoa izango da.
Hala eta guztiz ere, posible izango da
tarifa azpitik itundutako prezioekin herriz kanpoko erabilera esklusiboko
garraioak egitea; kasu horretan ez da derrigorrez erabiliko taximetroa, baina
itundutako prezioa idatziz agertzen duen agiria zerbitzuak dirauen artean
kotxean eraman beharra izango da.
2.- Jarlekuka
egindako garraio-zerbitzuen tarifak.
Zerbitzu hau burutzeko baimena ematen dion
kontratuan azaltzen den tarifapean egingo da garraioa, betiere tarifari buruz
eskumena duen organoak onartuta.
3.- Zerbitzu
berezien tarifak.
Auto-taxiaren babespean burututako garraio
bereziaren tarifa garraio berezientzat aurreikusitakoa izango da.
4.- Tarifek
ekoizpen eta antolaketa egoera normal bateko benetako kostu guztiak hartu
beharko dituzte, eta amortizazio egoki bat egiteko eta enpresarentzako
arrazoizko mozkinak emateko modukoak beharko dute, bai eta zerbitzua edo
jarduera egoki burutzeko modukoak ere.
5.- Tarifak
3. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duen organoak finkatuko ditu,
garraiariei eta erabiltzaileei entzun ondoren, eta aldian-aldian berrikusi
egingo dira, kostuen egituraren osagaietan izandako gorabeherak kontuan izanik,
baldin eta horiek zerbitzuaren edo jardueraren oreka ekonomikoan eragin
nabarmenik badute.
6.- Politika
ekonomikoa dela-eta garraioaren prezioa ere prezioen arau orokorretan jasotako
esku-hartze modalitateren batean sartuta dagoenean, tarifen gaineko eskumena
duen organoak tarifak ezarri edo aldatuko baditu, prezioak kontrolatzeko
eskumena duten organoen onespena beharko du lehenengo.
7.- Debekatua
dago indarrean dauden arauetan eta administrazioaren derrigorrezko baimenean
jasota ez dauden gehigarriak kobratzea.
8.- Araudiz
zehaztuko da behin zerbitzu bat kontratatu ondoren taximetroa zein momentutan
jarri beharko den abian.
VI
KAPITULUA
ZERBITZUEN
INTERAKZIOA
18.
Artikulua - Zerbitzuaren lurralde-eremua
1.- Jarduera
burutzeko baimena zein udalerritakoa den, udalerri horretan bertan hasi beharko
da lege honetan araututako zerbitzua.
2.- Salbuespen
izango dira honako zerbitzuok: zerbitzu-eremu bateratuetan eta araubide
bereziko eremuetan egitekoak; aurretiazko kontratazio bidez egitekoak;
lizentzia edo baimenik ez den inguruetan egin beharrekoak, eta araudiz
ezarritakoaren araberako zerbitzu berezituak.
19.
Artikulua - Zerbitzu-eremu bateratuak
1.- Zerbitzu-eremu
bateratuak kasuan kasuko foru-aldundiek mugatuko dituzte, bai beren kabuz, bai
eremu horretako udalek hala eskatuta. Foru-aldundiek beren kabuz jarduten
badute, ukitutako udalen %50en onespena beharko dute gutxienez, eta, gainera,
udal horiek eremuko biztanleen %75 hartu beharko dute.
2.- Zerbitzu-eremu
bateratuak hainbat udalerritako zerbitzuen artean interakzioa edo elkarrekiko
eragina dagoenean ezarriko dira, zerbitzuen antolaketa egokiak udalerri
bakoitzaren interesak gainditzen dituenean.
3.- Eremu
horietako zerbitzuak ere lege honetan ezarritako araubidearen menpe egongo
dira.
4.- Zerbitzu-eremu
bateratuak lurralde historiko bat baino gehiago ukitzen dituenean, artikulu
honen arabera foru-aldundiei agindutako eginkizunak Eusko Jaurlaritzak hartuko
ditu, eta horrek zuzenean burutuko ditu edo kasuan kasuko foru-aldundien esku
utziko ditu.
20.
Artikulua - Araubide bereziko eremuak
1.- Araubide
bereziko eremuak honako kasu hauetan ezarriko dira: portu, aireportu, trenbide
edo autobus geltoki, ospitale, azoka edo antzekoen ondorioz edo bi udalerri edo
gehiagoren arteko trafiko-interakzioa dela eta, trafiko handia sortzen bada
udalerri batzuetatik besteetara eta zentro horiek dauden udalerrietako baimen
eta lizentzien titularrak nahikoa ez badira eremu horietako eskariari behar
bezala erantzuteko.
2.- Araubide
bereziko eremuak kasuan kasuko foru-aldundiek mugatuko dituzte, ukitutako
udalen txostena jaso ondoren, eta eremu horietan, lizentzia garraioa hasi behar
den udalerrikoa ez izan arren, ibilgailuek berdin eman dezakete zerbitzua.
VII
KAPITULUA
ERAKUNDEEN
ARTEKO HARREMANAK. LURRALDE HISTORIKOETAKO TAXI BATZORDEAK
21. Artikulua - Erakundeen arteko harremanak
Lege
honetan arautzen diren zerbitzuen gainean eskumenak dituzten administrazioen
arteko koherentzia, lankidetza eta koordinazioa bermatu ahal izateko, arautu
beharreko gaiei buruzko konferentziak antolatuko dira. Eusko Jaurlaritzan
garraio arloan eskumena duten organoek egingo dute biltzar horietarako deia.
22. Artikulua - Taxi-batzordeak
1.- Lurralde
historiko bakoitzean taxi-batzorde bat sortuko du foru-aldundiak.
2.- Taxi-batzordeak izango dira, lurralde
historiko bakoitzean, administrazioen kontsulta eta aholkularitzarako organo,
lege honek araututakoaren barruan.
3.- Legez edo araudiz eman lekizkiokeen
eskumenak gorabehera, taxi-batzordeak kasuan kasuko administrazio-organoari,
nahitaez, aholkua eman beharko dio txosten bidez, ondoren zehaztuko diren kasu
hauetan:
a) Udalerri edo zerbitzuen lurralde-eremu
bateratu bakoitzean gehienez ere zenbat lizentzia edo baimen izan behar diren
zehazteko.
b) Zerbitzu berezituak antolatzeko.
c) Zerbitzu-eremu bateratuak eta araubide
bereziko eremuak sortzeko.
4.- Gainera, zerbitzua emateko era
desberdinei, lizentzien eskualdaketari edo gaitasun-ziurtagiriei buruz
interesgarritzat jotzen dituen alderdien gaineko aholkuak emango dizkie
eskumena duten administrazioei, garraiariei, langileei eta erabiltzaileei.
5.- Lege honen gaiaren inguruan edo zerbitzuak
garatzeko interesgarri jotzen duen beste edozein alderdiri buruzko txostenak
ere egin ahal izango ditu.
6.- Taxi-batzordea Eusko Jaurlaritzaren, kasuan
kasuko foru-aldundiaren, udalen -gutxienez horietako bat lurralde historikoko
hiriburuaren ordezkaria izango da- eta erabiltzaileen eta taxi-arloaren
ordezkariek osatuko dute.
7.- Batzordearen jarduera-araubidea azaroaren
26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari lotuko zaio.
VIII
KAPITULUA
KONTROL,
IKUSKARITZA ETA ZIGOR ARAUBIDEA
LEHENENGO
ATALA
KONTROL-ARAUBIDEA
23.
Artikulua - Administrazioak jarduera kontrolatzea
1.- Lege
honetan araututako jarduerak administrazioak kontrolatuko ditu araudiz ezarriko
den eran.
2.- Kontrol
horrek erabiltzaileen eskubideak indarrean dagoen legeriaren arabera babesten
direla bermatuko du, eta erabiltzaileen eskubideei kalterik ez egiteko baliabide
egokiak jarriko ditu.
II
ATALA
IKUSKARITZA
24.
Artikulua - Administrazioaren ikuskaritza-lana
1.- Lege
honetan araututako zerbitzuak 3. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena
duten administrazioko organoek ikuskatuko dituzte. Ikuskatzaileak agintari
publikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta independentzia osoa izango dute
beren lanean.
2.- Garraiariek,
gidariek eta, oro har, lege honetan araututako zerbitzuak ematen parte hartzen
duen edonork ikuskatzaile-lana agindu zaionari derrigor utzi beharko dio
ibilgailua eta lege honen eta lege hau garatzeko xedapenen arabera
derrigorrezko diren agiriak ikusten, bai eta baimena edo lizentzia behar duten
gainetiko instalazioak ikusten ere.
3.- Ikuskatzaileek
garraioa zaintzeko ardura duten administrazioko organoen laguntza izango dute,
eta ikuskaritza eta zainketa lana koordinatuta egingo dira.
III
ATALA
ZIGOR-ARAUBIDEA
25.
Artikulua - Administrazio-erantzukizuna
Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan
ezarritakoa hausteagatiko administrazio-erantzukizuna Euskal Autonomia
Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko
2/1998 Legean xedatutakoak arautuko du.
26.
Artikulua - Garraio arloko arau-hausteak. Motak
Kotxe bidezko garraio-zerbitzuen gaineko
arauen aurkako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
1.- Honako
hauek arau-hauste oso larriak dira:
a) Beharrezko
lizentzia edo baimena izan gabe edo horiek iraungi ondoren zerbitzua ematea.
b) Beste
pertsona batzuen izenean emandako lizentzia edo baimena erabiltzea, edo,
zerbitzua emateko, titularra edo izendaturiko gidaria ez den beste norbaitek
gidatzea ibilgailua.
c) Ikuskaritza,
zaintza eta kontrol zerbitzuen lana zaildu edo horri ezetza ematea, eta,
hortaz, araudiz dagozkien egitekoak betetzea eragoztea.
d) Lege
honetan ezarritako zerbitzuak ematekoan lege-hauste penalak egitea, otsailaren
20ko 2/1998 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera.
e) Kotxearen
derrigorrezko asegururik ez izatea.
f) Arau-hauste
larri bat egitea, baldin eta horren erantzulea artikulu honen 2. paragrafoko
letra berean tipifikaturiko arau-hauste larria egiteagatik aurreko urtebetean
zigortua izan bada administrazioaren eta/edo epaileen erabaki irmo bidez.
g) Ibilgailua
mozkortuta edo sorgorgarrien eraginpean gidatzea.
2.- Honako
hauek arau-hauste larriak dira:
a) Lizentzietan
eta baimenetan jasotako ibilgailuekin ez besteren batekin egitea garraio-lana,
eta titulu gaitzaile horietan ezarritako lurralde-eremua ez errespetatzea.
b) Lege
honetan araututako jardueretan dedikazio esklusibo eta osoz ez jardutea, eta
lizentzia eta baimen horietan jaso gabeko zerbitzuak egitea, lege honetan eta
lege hau garatzeko araudian xedatutakoa ez betez.
c) Baimena
jaso ondoren zerbitzua ematen ez hastea eta/edo hirurogei egun naturaleko epean
geldituta egotea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.
d) Zerbitzuari
buruzko kexa eta erreklamazioak aurkezteko behar dituzten agiriak ez uztea edo
eskuratzeko oztopoak jartzea erabiltzaileei. Kexa edo erreklamazio horiek
administrazioari ezkutatzea edo, arrazoirik gabe, araudiz xedatuko denaren
arabera horien berri ematea luzatzea.
e) Derrigorrezko
zerbitzuak ez ematea, eta, administrazioak halakorik ezarriz gero, ordutegiak
eta atsedenak koordinatzeko araubidea ez betetzea.
f) Erabiltzaileen
zerbitzu-eskaerei jaramonik ez egitea, eta bidaiariak, eskatu duten zerbitzua
bukatu gabe, baztertuta uztea, 4. eta 14. artikuluetan aurreikusitako egoeraren
bat gertatu ezik.
g) Tarifen
araubidea ez betetzea.
h) Zerbitzuak
egiteko ibilbide ezegokiak, erabiltzaileen interes ekonomikoarentzako
kaltegarriak edo erabiltzaileek esandakoaren kontrakoak aukeratzea, horretarako
bidezko arrazoirik izan gabe.
i) Zerbitzua
kontratatu duen bidaiariak berekin ekarri ez duen beste norbait hartzea
ibilgailuan.
j) Ibilgailuak
dituen jarlekuak banaka kontratatzea, bete beharreko arauetan jasotako kasuak
ez badira.
k) Hitz edo
keinu zakarrak erabiltzea, eta erabiltzaileei, oinezkoei edo beste
ibilgailuetako gidariei mehatxu egitea.
l) Ibilgailuan
utzitako gauzak gordetzea, eskumena duen organoari hirurogeita hamabi orduko
epean jakinarazi gabe.
m) Taximetro
eta/edo modulurik ez izatea, ez erabiltzea edo behar bezala ez ibiltzea; ibilgailuan
derrigor eraman beharreko beste edozein kontrol-bide edo tresna ez izatea edo
manipulatuta izatea, eta tresna horientzat edo ibilgailuentzat agindutako
azterketak ez egitea.
n) Bidaiariak
lizentzia eman den herritik kanpo hartzea, bete beharreko arauetan baimenduriko
kasua ez bada.
ñ) Lege
honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusitako derrigorrezko aseguruak
ez egitea.
o) Baimenduriko
bidaiariak baino gehiago garraiatzea.
p) Aurreko
urtebetean artikulu honen 3. paragrafoko letra batean tipifikaturiko
arau-hauste arina egiteagatik administrazioaren eta/edo epaileen behin betiko
erabaki bidez zigortu duten titular horrek berriro ere arau-hauste bera egitea.
3.- Honako hauek arau-hauste arinak dira:
a) Araudiz exijitutako
agiriak zerbitzua ematen den bitartean ez eramatea ibilgailuan.
b) Agiriak agerian ez
eramatea, derrigorrezkoa den kasuetan.
c) Administrazioari
nahitaez jakinarazi beharreko datuak ez ematea.
d) Erabiltzaileekin edo hirugarrenekin
begirunerik gabe portatzea, baldin eta larritzat tipifikatzeko arinegia bada.
e) Titulu gaitzaileak ez
bisatzea horretarako ezarritako epean.
f) Gidaria bera txukun ez
joatea, eta ibilgailua barrutik nahiz kanpotik garbi ez izatea.
g) Araudiz ezarriko den
kopururainoko trukerik (txanpon edo billetetan) ez ematea erabiltzaileari.
h) Aurreko zenbakian
aurreikusitako arau-hausteak, baldin eta arau-hausteen izaeragatik edo
inguruabarrengatik arintzat jo balitezke, otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 14.
artikuluan xedatutakoa aplikatu behar den kasuetan.
27. Artikulua - Erabiltzaileen arau-hausteak
1.- Erabiltzaileek lege honen 4. artikuluan
xedatutakoaren arabera dituzten eginbeharrak ez betetzea arau-hauste arintzat
joko da.
2.- Arau-hauste horiek garraiariak
erabiltzaileari edo ibilgailua hartu duenari eska liezaiokeen erantzukizun
zibilaren kaltetan gabe zigortuko dira.
28. Artikulua - Zigorrak
1.- Arau-hauste arinen zigorra: ohartarazpena
eta/edo 46.000 pezetarainoko isuna eta/edo titulu gaitzailea gehienez ere
hamabost egunerako kentzea. Larrien zigorra: 46.001 pezetatik 230.000
pezetarainoko isuna eta/edo titulu gaitzailea gehienez ere sei hilabeterako
kentzea. Oso larriena: 230.001 pezetatik 460.000 pezetarainoko isuna eta/edo
titulu gaitzailea gehienez ere urtebeterako kentzea.
Aurreko
paragrafoan ezarritako mugen barruan, zenbateko isuna jarri erabakitzeko,
otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoa izango da kontuan.
2.- Lege honen arabera egoki diren zigorrak
gorabehera, arau-hauste oso larriak behin eta berriro egiteak, edo jarritako
zigorra ez betetzeak, titulu gaitzailea ezeztatzea ekar lezake.
29. Artikulua - Preskripzioa
1.- Arau-hauste oso larriek hiru urtera
preskribituko dute, larriek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.
2.- Arau-hauste oso larriengatik jarritako
zigorrek hiru urtera preskribituko dute, larriengatik jarritakoek bi urtera,
eta arinek urtebetera.
3.- Bai arau-hausteen, bai ezarritako zigorren
preskripzio-epea noiz hasi, noiz eten eta berriro noiz abiatzen den erabakitzeko,
otsailaren 20ko 2/1998 Legean agindutakoari jarraituko zaio.
30.
Artikulua - Eskumena eta prozedura
1.- Lege
honetan aurreikusitako zigorrak 3. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena
duten administrazioko organoek jarriko dituzte.
Baimena eta lizentzia ezeztatzeko zigorra
jartzea, nolanahi ere, haiek eman zituen administrazio berari dagokio.
2.- Lege
honetan aurreikusitako zigorrak jartzeko eta betearazteko prozedura otsailaren
20ko 2/1998 Legean xedatutakoari lotuko zaio.
Zigortzeko prozeduran har daitezkeen
kautelazko neurriei buruz lege horretan xedatutakoa gorabehera, zerbitzu bat
ematekoan lege honetako 26.1.a) eta 26.2.e) artikuluetan deskribaturiko kasuak
atzemanez gero, ibilgailua berehala geldiarazteko agindu ahal izango da, harik eta
ustezko arau-hauste horren arrazoiak desagertu arte, eta administrazioak
zerbitzua hobeto emateko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu.
3.- Administrazio-bideko
erabaki finkoz ezarritako diruzko zigorrak ordaintzea ezinbesteko baldintza
izango da bisatua egiteko, baita lizentziak eta baimenak eskualdatzeko ere.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
Baimena ematen zaio Eusko
Jaurlaritzari zigorren diru-kopurua momentuan momentuko ekonomi egoeraren
arabera egoki dezan.
Bigarrena
Lege hau indarrean sartu
eta gehienez ere ondorengo bi urteko epean, udalerri bakoitzari eta, kasua hori
bada, ezar litezkeen zerbitzu-eremu bateratuei dagokien baimen eta lizentzien
gehienezko kopurua ezarriko da.
Hirugarrena
Eusko Jaurlaritzak lege
hau garatu eta betetzeko behar diren araudizko xedapenak emango ditu legea
indarrean sartu eta ondorengo sei hilabeteko epean.
Xedapen
Iragankorrak
Lehenengoa
Lege honetan aurreikusi bezala
legea garatzeko araudia egiten ez den bitartean, legean ezarritakoaren kontra
ez badaude behintzat, arlo honetan indarrean dauden arauak aplikatuko dira.
Bigarrena
Lege hau indarrean
sartzean gidaria eta titularra bien artean zerbitzuak eskaintzen ari badira
gaitasuna ematen duen titulu jakin bat dela bide, zerbitzuak horrela eskaintzen
jarraitu ahal izango dute, pertsona horien arteko lan-lotura mantentzen den
bitartean eta zerbitzua titulu horren babespean eskaintzen den bitartean.
Tercera
Lege hau indarrean
sartzen denean lizentzia bat baino gehiago duten pertsonek titular izaten
jarraitu ahal izango dute lizentziak eskualdatzen ez dituzten bitartean. Ezin
izango zaio lizentziarik eskualdatu titular bati.
Xedapen
Indargabetzailea
Indarrik gabe geratuko dira lege honetan
ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko lege-xedapenak.
Azken
Xedapena
Lege honek Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean hartuko du indarra.