2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzkoa.
1993-02-19Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1993/2/25, 38. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.
§ 145. 2/1993 LEGEA, OTSAILAREN 19KOA, EUSKAL
HERRIKO AUTONOMI ELKARTEKO UNIBERTSITATEKOEZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IRAKASLEEN
KIDEGOEI BURUZKOA
Kalitatezko
irakaskuntza funtsean irakasleengan oinarritu behar da, gazte-jendea
prestatzeak berarekin dakarren erronka irabazteko gauza izan dadin
irakaslegoan, alegia.
Ildo horretatik, hezkuntza-sistema
publikoak dituen oinarrizko euskarrietako bat irakaslegoa dela esan daiteke.
Langile horiek bi alderdi dituzte; batetik, funtzionariak dira, hitzaren zentzu
zabalean ulerturik, herri-administrazioaren zerbitzura dauden pertsonak diren aldetik;
baina, bestetik, irakasleak dira, eta beraz, beren eguneroko egitekoak
markatzen du izen horren esanahia, bai beren lana eta bai lan horren hartzaile
zuzenak bereziak direlako.
Soziologiak egiazta
dezakeen berezitasun horrek araubidezko adierazpena izan du irakasleen legezko
jaurbidea arautzerakoan. Nabarmentzekoak ditugu, azken urteotako legeei
dagokienean, Funtzio Publikoaren Berrikuntzarako Neurriei buruzko apirilaren
2ko 30/84 Legeak bere ezarpen-eremuan zein erabaki gehigarrietako hamabosgarrenean
zenbait berezitasun jasotzen zuela irakaslegoarentzat eta Hezkuntza Sistema
Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege organikoak, sail baterako lege izanik,
irakaskuntzako herri-langileentzat araudi-jaurbidearen oinarriak jasotzen
dituela.
Euskal Herriko Autonomi
Elkarteak aginpide zabalak ditu hezkuntza-gaietan, Autonomi Estatutuak 16.
atalean ezartzen duenez, eta, 10.4 atalaren arabera, bere funtzio publikoa
antolatzeko aginpide bakarra du, aginpide hori Espainiako Konstituzioak
149.1.18 puntuan esandakoarekin baldintzatzen badu ere.
Aginpide horretaz
baliatuz, Eusko Legebiltzarrak uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio
Publikoari buruzkoa, onartu zuen. Horren bidez funtzio publikoko jaurbide
homogeneoa eratu zen, baina, bai 2.3 atalean, bai erabaki gehigarrietako
hamahirugarrenean, irakaskuntzako funtzio publikoaren berezitasuna nabarmendu
zen berriz ere. Erabaki gehigarri horrek, unibertsitatekoez kanpoko
irakaskuntzako funtzio publikora sartzeko modua, lanbide-heziketa eta
barne-igoera, eta haren kidego eta mailen berrantolaketa gauzatzea Eusko
Legebiltzarrak lege bidez egin behar zuela ezartzen zuen.
E.H.A.E.ko
Unibertsitatekoez kanpoko Irakasleen Kidegoei buruzko Legea Euskal Funtzio
Publikoaren legeak aipatzen zuen lege-hutsune hori betetzera dator, alde
batetik, eta, bestetik, autonomi elkarte honek bere irakasleen kidegoak sortuz
irakaskuntzako funtzio publikoa modu egonkor batez antolatzeko duen bidezko
asmo-nahiari erantzuten dio.
Ezin da alde batera
utzi lege honen lege-esparrua estua dela, baina ez litzateke zuzena izango
irakasleen egoera pertsonalean eta, ondorioz, irakaskuntzaren kalitatean eragin
gaiztoa izaten zuten mugiezin-egoera horiek sortu zituen
zehazkabetasun-egoerari amaiera ematen diola ez onartzea.
Legeak
irakaskuntzako funtzionariei buruzko malgutasun-hatsapena ezartzen du; hatsapen
horrek hiru puntutan hartzen du oinarri:
1.- Kidegoen egiturak Estatuko
oinarrizko legedian ezarritako kidego-antolakuntzari jarraituko dio.
2.- Ikastetxeetan dauden lanpostu hutsak
betetzeko Estatu mailako lehiaketak egingo dira, eta horrek ez du galarazten
autonomi elkarteak bere lehiaketa itxiak egiterik ez beharrezko diren betebehar
bereziak izendatzerik.
3.- E.H.A.E.ko irakasleek eta Euskal
Herriko ikastetxeetan lanpostu hutsak bete ditzaten beste administrazioren
bateko irakasleek eskubide eta betebehar berberak izango dituztela bermatzen
da.
Autonomi elkarteko
administrazioaren zerbitzura dagoen Langilegoaren Erroldan Unibertsitatekoez
kanpoko Irakasleen Errolda atala eratzen da. Atal horrek, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita egonik, tresna azkar eta hurbilekoa
izan nahi du langilego-kudeaketa arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Lanpostuak
betetzeari doakionez, legeak irakasleen lanpostuetarako araupetze orokorra
egiten du eta berariazko lanpostuen betetzea azpiataletan arautzen du, erdi
ilun edo zehaztasunik gabe erabili diren hainbat gairi argitasuna emanez.
Horrela, hezkuntza-administrazioko eta Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzako
lanpostuak direla eta, osoan Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legera jotzea
aukeratzen du, eta, Ikertzeko eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetako
lanpostuak direla eta, ikuskatze-zereginean oinarritzen den lanpostuak
betetzeko sistema berri bat ezartzen du, zenbait zuzenketarekin: lehen aldi
batean jatorrizko lanpostua gorde eta aldi baterako atxikidura izango da,
eskema onargarri bat zeharo hautsi gabe postu horien ezaugarri bereziek
eskatzen duten arreta izan dezaten.
V. idazpuruan,
"Hizkuntza-normalkuntza"ri buruzkoan, hautatzen den eskema homogeneoa
da Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen eskemarekin eta, beraz, lanpostu
bakoitzari hizkuntza-eskakizun bat izendatuko zaio. Hala ere, geroztik sartuko
den langilegoari dagokionez, dagokion hizkuntza-eskakizuna hasieratik egiaztatu
beharrezkotzat jotzen da erabaki gehigarrietako hamabosgarrenean jasotzen den
moduan.
Hezkuntza-administrazioak
bere zerbitzura dagoen langilegoaren hizkuntza-trebakuntza egokia bultzatzeko
eta irakasleak euskalduntzeko zenbait urtetako plana burutzeko konpromezua
hartzen du.
Aldi baterako
erabakien artetik bi nabarmentzen dira ukitzen dituzten arazoen
oihartzunagatik:
1.- Aldi baterako erabakietako lehenengoa:
bitarteko irakasleak funtzionari bihurtzeko jaurbidea zein den ezartzen du. Hautespen-sistema
baten bidez egingo da. Sistema horrek berdintasun-, merezimendu- eta
gaitasun-hatsapenei zor zaien begirunea eta bitarteko langileek edozein
hezkuntza-administraziotan egindako zerbitzuen ondorioz egiazta daitezkeen
merezimenduen onarpena bateratzen ditu, eta indarrean jartzen denetik hurrengo
lehenengo hiru lanpostu-eskaintzetatik datozen deialdietan ezarri ahal izango
da.
2.- Aldi baterako erabakietako bigarrena:
ikastolen zerbitzura dauden irakasleak funtzio publikora sartzeko modua arautzen
du.
Aukera hori, bai
Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak, bai Hezkuntza Sistema Antolatzeko
lege organikoak, jasotzen dute. Hartzen den neurri hau irakasle horiek egindako
lanaren aitorpena da eta horrela, gainera, ikastolak eskola publikora sartzeko
bidea errazten dela ulertzen da.
Ildo horretatik,
ikastoletatik euskal administrazio publikora sartzen diren irakasleak euskal
herri-administrazioaren zerbitzuko langile gisa geldituko dira, eta aukera
izango dute edo funtzionari bihurtzeko, hautaketa-froga mugatu bat eginik, edo
orain duten legezko lan-jaurbideari eusteko.
3.- Aldi baterako erabakietako hirugarrena:
ikastolen zerbitzura dauden irakaskuntzakoaz besteko langileak herri
Administrazioan sartzea araupetzen du. Euskal Herriko Autonomi Elkarteko toki
mailako administrazioarentzat eta administrazio orokorrarentzat legez
ezarritako betebeharren indarrez, langilego hau, egiten ari den lanen arabera,
batean edo bestean txertatzen da.
I IDAZPURUA
EUSKAL HERRI ADMINISTRAZIOAN DIHARDUTEN UNIBERTSITATEKOEZ
KANPOKO IRAKASLEAK
I ATALBURUA
ERABAKI OROKORRAK
Lehenengo Atala
Lege honen helburua
unibertsitatekoaz kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa, bere kidegoek
osatzen dutena, eta bere langilegoaren lege-jaurbidea antolatu eta arautzea da.
2. Atala
1.- Honako lege hau Euskal Herriko Autonomi
Elkarteko administrazio orokorraren zerbitzuan lan egiten duten irakasleei
ezarriko zaie, eta zehazkiago esanda, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailaren peko ikastetxeetan, Hezkuntza Ikuskaritza Teknikoko zerbitzuetan eta
Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan lan egiten dutenei, lege
honen 32. eta 38. ataletan ezarritakoaren kaltetan joan gabe.
2.- Lege honen itzalean dauden irakasleek honako
hauek izango dituzte arau:
a) Irakasle funtzionarien
estatutu-jaurbidearen oinarriak arautzen dituzten arauak.
b) Lege honetako
erabakiak eta berauek garatuko dituzten arauak.
c) Euskal Funtzio
Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 2.3 atala betetzeko emango
diren arauak.
d) Aurreko atalen haritik
emandako arau berezirik ez balego, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989
Legearen erabakiak eta berauek gara ditzaten arauak.
3.- Lan-legepeko irakasleak lan-zuzenbideko
arauen eta aurreko atalkian jasotako arauetan irakaslego hori espreski aipatzen
duten aginduen menpe egongo dira.
3. Atala
Lege honen bidez
sortuko diren kidego eta mailetako karrerako funtzionariak, bitarteko
funtzionariak eta lan-legepeko hitzarmendunak izango dira unibertsitatez
kanpoko Euskal Herriko funtzio publikoko irakasle.
II ATALBURUA
ORGANOAK ETA BEREN AGINPIDEAK
4. Atala
1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak,
irakaskuntzako funtzio publikoari dagokionez, honako aginpideok izango ditu:
a) Lehendakaritza, Lege
Araubide eta Autonomi Garapeneko Sailarekin batera, irakaskuntzako funtzio
publikoari buruzko lege aurregitasmo eta dekretu egitasmoak egitea.
b) Karrerako irakasle
funtzionaria edo lan-legepeko behin-betiko irakaslea izan ahal izateko
hautaproben oinarri-arauak, egitarauak eta edukiak finkatu, deialdiak egin,
proben epaimahaikideak izendatu eta probak gainditu dituztenak izendatu eta
lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea.
c) Irakasle
funtzionarientzat gordetako lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketetarako oinarri-arauak
finkatu, deialdia egin eta, ondoren, erabakitzea.
d) Funtzionarien
administrazio-egoerak aldarrikatzea eta horiei berriz lanean sartzeko baimena
ematea.
e) Arrazoi
objetiboengatik edo zigorbidezko iraizpena dela eta, lan-legepeko behin-betiko
irakasleen hitzarmenei amaiera ematea eta, hala behar duenetan, indar gabe
uztea erabakitzea.
f) Lanpostuei aldi
baterako atxikitzea eta zerbitzu-eginkizunetan iharduteko izendatzea, baita
beste herri-administrazioetan ere. Atxikipen edo zerbitzu-eginkizunak sailez
aldatzea baldin badakar, Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapeneko
Sailaren txostena jaso ondoren egingo da.
g) Ohiz kanpoko
zerbitzuengatiko lansariak ematea, Jaurlaritzak onartutako
banaketa-irizpideekin bat.
h) Bitarteko irakasleak
izendatu eta horiei lanpostua kentzea eta lan-legepeko aldi baterako langileak
kontratatzea.
i) Lanpostuen
bateragarritasunari buruzko espedienteez erabakitzea.
j) Hauta-izendapeneko
lanpostuak betetzea, aldez aurretik jendaurreko deialdia eginda.
k) Nahitaezko erretiroak
eta ezinduen erretiroak aldarrikatzea.
l) Lanpostu-zerrendak
proposatzea.
m) Irakasle funtzionarien
eta lan-legepeko langileen ordezkariekin izan beharreko negoziazioetarako
sailaren ordezkaritza izendatzea.
n) Zigortzeko ahalmenaz
baliatzea, indarrean dagoen legedian oinarrituta, funtzionariak zerbitzutik
bereizi eta lan-legepeko langileak kaleratzea izan ezik.
ñ) Hirurtekoen ondorioak
jasotzeko, administrazioan betetako zerbitzuak aitortzea.
o) Baimenak ematea.
p) Orokorrean, langilegoaren
buruzagitza eta ohizko administrazio- eta kudeaketa-egintzak, eta indarrean
dagoen legediak bere esku uzten dituen gainontzeko egitekoak aurrera eramatea.
Aurreko atalkietan
aipatutako aginpideak Saileko organoek gauzatuko dituzte, zehaztuko den banaketaren
arabera eta araudi bidez ezarriko diren ihardunbide-arauei loturik.
Lehendakaritza,
Lege Araubide eta Autonomi Garapeneko Sailak b) eta c) letretan aipaturiko
deialdien oinarri-arauei buruzko txostena emango du derrigorrez, baita txostena
eman ere lan-legepeko aldi baterako langileak hitzartzeko zein bitarteko
funtzionariak hautatzeko erabiltzen diren irizpide eta ihardunbideei buruz.
2.- Herri-ikastetxeek langilegoaren kudeaketan
honako ahalmen hauek izango dituzte:
a) Euskal eskola
publikoari buruzko Legearen 66 eta 67. ataletan eta lege hori garatzen duten
arauetan aitortzen zaizkienak.
b) Euskal eskola
publikoari buruzko Legean ikastetxeei aitortzen zaien burujabetasuna
indartzeko, atal honetako 1 zenbakian jasotakoen artetik lege honen garapenerako
arauetan aitortzen zaizkienak.
c) Atal honetako 1
zenbakian jasotakoen artetik, helburu bererako, Hezkuntza, Unibertsitate eta
Ikerketa Saileko dagokien ihardutze-sailek ikastetxeen esku utzi ditzaketenak.
II IDAZPURUA
IRAKASKUNTZAKO FUNTZIO PUBLIKOAREN EGITURA ETA ANTOLAKETA
I ATALBURUA
LANPOSTUEN ZERRENDAK
5. Atala
1.- Irakasle-lanpostuen zerrendak, lanpostu
bakoitzari buruzko honako zehaztasunok jaso beharko ditu:
a) Lanpostuaren izena.
b) Lanpostua atxikita
duen ikastetxea, ikuskaritza teknikoko zerbitzua edo ikerketa eta
irakaskuntzari laguntzeko zerbitzua eta, hala balegokio,
hezkuntza-administrazioaren lurralde-esparrua.
c) Lanpostua betetzeko
beharrezko diren baldintzak, eta horien artean, nahitaez, izendatutako
hizkuntza-eskakizuna, eta, hala badagokio, derrigortasun-eguna.
d) Lanpostu bakoitzari
zein talde, kidego edo maila edo lan-arloko kategoria dagokion.
2.- Funtzionarientzat gordetako lanpostuak izanez
gero, aipaturikoez gain honako hauek ere adieraziko dira:
a) Lanpostuari dagokion
berariazko osagarria.
b) Lanpostua betetzeko
bidea.
6. Atala
1.- Irakasle funtzionariek beteko dituzte orohar
irakasle-lanpostuak.
2.- Aurreko atalkian erabakitakoa hala bada ere,
lan-legepeko langilegoak honako lanpostuok bete ahal izango ditu:
a) Lanpostuen ezaugarriak
direla eta, gaur egun dauden ikas-titulazioei egokitzen ez zaizkienak.
b) Aldi baterako hezkuntza-egitarauak
gauzatzeko sortutakoak.
II ATALBURUA
LANGILE ERROLDA
7. Atala
1.- Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
administrazioaren zerbitzuan diharduen langilegoaren erroldan, Unibertsitatez
kanpoko Irakasleen sail bat egongo da, eta bertan administrazioaren
zerbitzupeko irakasle guztiek agertu beharko dute.
2.- Aurreko atalkian aipatzen den Erroldaren sail
horretan, bertan jasotako langileen administrazio-iharduerari eragiten dioten
gorabehera guztiak bilduko dira, baina ezin izango da arraza, erlijio edo
iritziei buruzko daturik jaso.
3.- Lansarian ezin izango da inolako
ordainsaririk gehitu, ordainsariok onartu dituen egintza edo erabakia aldez
aurretik langile-erroldan jasotzen ez bada.
4.- Erroldan jasotako datuak erabiltzea,
Konstituzioaren 18. ataleko 4. atalkian ezartzen diren mugen menpe egongo da.
Erroldatutako langileek nork bere espedientea ikusteko aukera osoa izango dute,
eta baita bertan ageri diren datuei buruzko egiaztagiriak eskuratzekoa ere.
5.- Unibertsitatez kanpoko irakasleen erroldako
saila Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita egongo da. Araudi
bidez eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Lehendakaritza,
Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailaren proposamenez zehaztuko da erroldak
zein antolaketa, jarduera eta eduki izango dituen.
III IDAZPURUA
UNIBERTSITATEZ KANPOKO IRAKASLE FUNTZIONARIAK
IRAKASLE FUNTZIONARI IZAERA IRISTEA ETA GALTZEA
8. Atala
Euskal herri-administrazioko
karrerako irakasle funtzionari-izaera iristea eta galtzea, Euskal Funtzio
Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. idazpuruko II.
Atalburuan erabakitakoak arautuko du.
Aipatutako legearen
erabaki gehigarrietako hamahirugarrenaren bosgarren puntuan erabakitakoaz bat,
irakasle funtzionariek 65 urte beteko dituzten ikasturtearen amaieran hartu
ahal izango dute erretiroa.
II ATALBURUA
IRAKASKUNTZAKO FUNTZIO PUBLIKOAREN ANTOLAKETA
9. atala
Irakasle
funtzionariak kidegoka banatuko dira, haietako bakoitzak diharduen
irakasgaiaren eta kidego horietara iristeko eskatzen den titulazioaren arabera.
Ondoren, kidegoaren barnean, espezialitateka banatuko dira, irakaskuntzaren
antolamenduaren baitako gaiak eta arloak aintzat harturik eta irakasle bakoitza
sar dadin espezialitateari edo hautatzebidean parte hartu ondoren iritsi
dezanari atxikita, Hezkuntza Sistema Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege
Organikoaren 16. atalean ezarritakoaren kaltetan joan gabe.
10. Atala
1.- Jaurbide orokorreko irakaskuntzan ihardungo
duten funtzionariak irakaskuntzako kidegootakoak izango dira:
a) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Maisu-maistren Kidegokoak.
b) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Bigarren mailako Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak.
c) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegokoak.
2.- Jaurbide orokorreko irakaskuntzari
dagokionez, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko maisu-maistren Kidegoak haur hezkuntzan
eta lehen hezkuntzan ihardungo du; Euskal Autonomi Elkarteko Bigarren mailako
Hezkuntzako Erakasleen Kidegoak, derrigorrezko bigarren mailako hezkuntzan,
batxilergoan eta lanbide-heziketan. Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Lanbide
Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoak, berriz, berariazko lanbide-heziketan
eta, finkatuko diren baldintzak betez, derrigorrezko bigarren mailako
hezkuntzan eta batxilergoan.
11. Atala
1.- Musika eta arte eszenikoko irakaskuntza
emango duten funtzionariak kidegootakoak izango dira:
a) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegokoak.
b) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Musika eta Arte Eszenikoko Katedradunen Kidegokoak.
2.- Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen
Kidegoak, eta irakasle bakoitzak bere espezialitatearen arabera, musika eta
dantzako oinarrizko eta erdiko mailei dagokien irakaskuntza emango du, baita
arte dramatikoari dagokiona ere, eta kasu berezietan, musika eta dantzako
goi-mailako irakasgaiak baina hauek zehaztu egin behar dira.
3.- Musika eta Arte Eszenikoko Katedradunen
Kidegoak, eta irakasle bakoitzak bere espezialitatearen arabera, musika eta
dantzako goi-mailako irakasgaiak emango ditu, eta baita arte dramatikoko
goi-mailari dagozkionak ere.
4.- Atal honetan aipatzen diren funtzionariak
jaurbide orokorreko irakasgaietako irakasle izan ahal izango dira, erabakiko
den baldintza eta denbora tartean.
12. Atala
1.- Arte plastiko eta diseinuko irakaskuntza
emango duten funtzionariak kidego hauetakoak izango dira:
a) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinuko Irakasleen Kidegokoak.
b) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinu Tailerreko Maisuen Kidegokoak.
2.- Atal honetan aipatzen diren funtzionariak
jaurbide orokorreko irakasgaietako irakasle izan ahal izango dira, erabakiko
den baldintza eta denbora tartean.
13. Atala
Eskola ofizialetan
hizkuntza-irakasle diren funtzionariak Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Hizkuntza
Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegokoak izango dira.
14. Atala
Irakaskuntzako
euskal funtzio publikoa osatzen duten kidegoak talde hauetan sailkatuko dira:
a) "A"
taldea. Talde honetakoak izango dira honakook: Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
Musika eta Arte Eszenikoko Katedradunen Kidegoa, Euskal Herriko Autonomi
Elkarteko Bigarren mailako Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa, Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegoa, Euskal
Herriko Autonomi Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa eta
Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen
Kidegoa.
b) "B"
taldea. Talde honetakoak izango dira honakook: Euskal Herriko Autonomi
Elkarteko Maisu-maistren Kidegoa, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Lanbide
Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
Arte Plastiko eta Diseinuko Tailerreko Maisuen Kidegoa.
III ATALBURUA
LANGILEEN HAUTABIDEA
15. Atala
Unibertsitatekoaz
kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoan sartzeko ihardunbideek
zabalkunde-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-hatsapenak bete beharko
dituzte.
16. Atala
1.- Karrerako funtzionari irakasleak hautatzeko
sistema deialdi irekiko azterketa eta lehiaketa-norgehiagoka bidezkoa izango
da. Lehiaketa-aldian, beste merezimendu batzuen artean, ikasketa-maila eta
irakaskuntzan lehenago izandako esperientzia balioetsiko dira.
Azterketa-aldian, irakasle iharduteko nahitaezko diren ezagupen bereziak
izatea, gaitasun pedagogikoa eta irakaskuntzan iharduteko beharrezko teknikak
menperatzea hartuko dira kontutan. Probetarako deialdia, beti ere, bakoitzaren
curriculuma osatzen duten arlo eta gaiak kontutan izanik egingo da. Hautagaiak
aukeratzeko, lehiaketa-norgehiagokaren bi aldietako balioespenak izango dira
kontutan, baina dagozkien saioak gainditu beharko dira. Bestalde,
praktika-aldia ere izan daiteke, eta bertan prestakuntza berezirako ikastaroak
sar daitezke. Ikastarook hautabideko parte bat izango dira.
2.- Irakaskuntzako lan-legepeko langile finkoak
hautatzeko bideak norgehiagoka, lehiaketa-norgehiagoka edo lehiaketa izango
dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 27. atalean
ohartemandakoarekin bat etorriz.
17. Atala
Lege honetan sortutako
kidegoetan sartzeko, honako baldintzok bete beharko dira:
1.- JAURBIDE OROKORREKO IRAKASKUNTZA:
a) Euskal
Herriko Autonomi Elkarteko Maisu-maistren Kidegoan sartzeko, ezinbestekoa
izango da magisteritzako titulua izatea eta hautabidea gainditzea.
b) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Bigarren mailako Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartzeko,
espezializazio didaktikorako profesionalen tituluaz gainera, doktore,
injeniari, arkitekto, lizentziatu edo irakaskuntzako beste titulu baliokide bat
izan eta hautabidea gainditu behar da.
Aurreko lerroaldian
erabakitakoa hala bada ere, oinarrizko edo berariazko lanbide -heziketerako
aparteko garrantzia duten zenbait ikasgai edo arlo irakasteko, injeniari
tekniko, arkitekto tekniko edo unibertsitateko diplomatu tituluak baliokidetzat
hartuko dira.
c) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan sartzeko,
espezialtze didaktikorako profesionalen tituluaz gainera, diplomadun, arkitekto
tekniko, injeniari tekniko edo irakaskuntzako beste titulu baliokide bat izan
eta hautabidea gainditu behar da.
Zenbait irakasgai edo
arlo praktikotan iharduteko, irakasgaien ezagupen egokia bermatzen duten beste
titulazio batzuk irakaskuntzarako baliokide direla onartzen bada ere, irakatsi
nahi den irakasgai edo arlo horrekin zerikusia duen lanpostu batean
lanbide-esperientzia izatea ere eskatu ahal izango da.
2.- MUSIKA ETA ARTE ESZENIKOEN IRAKASKUNTZA:
a) Euskal
Herriko Autonomi Elkarteko Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegoan
sartzeko, ezar daitezen hautaprobak gainditzeaz batera ezinbestekoa izango da
doktore, injeniari, arkitekto, lizentziatu edo irakaskuntzako titulu baliokidea
izatea eta ezarriko diren ikasketa pedagogikoak eginda izatea.
b) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Musika eta Arte Eszenikoko Katedradunen Kidegoan sartzeko,
beharrezkoa izango da doktore, injeniari, arkitekto, lizentziatu edo
irakaskuntzako titulu baliokidea izatea, ezarriko diren ikasketa pedagogikoak
eginda izatea eta dei egiten diren hautaprobak gainditzea. Probok egitean,
irakaskuntzan izandako esperientzia eta bere garaian gainditutako probak ere
kontutan hartuko dira, eta baita Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegoan
karrerako funtzionari gisa lehian dagoen ikasgaiaren titularra izatea, gutxienez
8 urtez. Bestalde, kidego honetan sartu ahal izango dira, kasuan kasuko
hautabidearen bidez, lehenago aipaturiko titulazioaren jabe izanik, Musika eta
Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegokoak ez direnak. Hori lortu asmoz, sarrerarako
deialdietatik lanpostu-kopuru bat gorde egin ahal izango da.
3.- ARTE PLASTIKO ETA DISEINUAREN IRAKASKUNTZA:
a) Euskal
Herriko Autonomi Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinuko Tailerreko Maisuen
Kidegoan sartzeko, ezar daitezen hautaprobak gainditzeaz batera, diplomadun,
arkitekto tekniko, injeniari tekniko edo irakaskuntzako titulu baliokidea izan
beharko da.
Zenbait irakasgai edo
arlo praktikotan iharduteko, ikasgaiaren ezagupen egokia bermatzen duten beste
titulazio batzuk irakaskuntzarako baliokide direla onartzen bada ere, irakatsi
nahi den irakasgai edo arlo horrekin zerikusia duen lanpostu batean
lanbide-esperientzia izatea ere eskatu ahal izango da.
b) Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinuko Irakasleen Kidegoan sartzeko,
doktore, lizentziatu, arkitekto, injeniari edo irakaskuntzako titulu baliokidea
behar izango da, eta ezar daitezen hautaprobak ere gainditu egin beharko dira.
Aurreko lerroaldian
erabakitakoa hala bada ere, arte, plastika eta diseinuaren prestakuntza
berezirako aparteko garrantzia duten gaiak injeniari tekniko, arkitekto tekniko
edo unibertsitateko diplomadunek ere irakatsi ahal izango dituzte, horretarako
baliokideak direla onartzen bada.
4.- HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA:
Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoan sartzeko,
doktore, lizentziatu, arkitekto, injeniari edo irakaskuntzako titulu baliokidea
behar izango da eta ezar daitezen hautaprobak ere gainditu egin beharko dira.
18. Atala
1.- Euskal herri-administrazioan irakasle funtzionari
edo lan-legepeko behin-betiko irakasle sartzeko egingo diren hautaprobetarako
deialdietan, honakook agertu beharko dute, derrigorrez:
a) Hutsik dauden
lanpostuen kopurua, eta zein talde, kidego eta, balego, zein espezialitate edo
zein lan-mailatakoak diren.
b) Hautagaiek
bete beharreko baldintzak.
c) Probak, egitarauak
eta, hala badagokio, merezimenduen zerrenda eta balioesteko arauak.
d) Epaimahaia edo
hautaketarako organo teknikoa nortzuk osatuko duten.
e) Egingo balira,
praktika-aldia edo prestakuntza-ikastaroa nolakoak izango diren, eta horien
iraun-aldia.
2.- Barne-mailetan gora egiteko eta maila beretik
higitzeko gorderik eta hutsik dauden lanpostuak, txanda irekitik eskainitakoei
gehituko zaizkie.
19. Atala
1.- Epaimahaia edo hautaketarako organo teknikoa
osatzen dutenek iharduteko autonomia osoa izango dute, ihardunbidearen
objetibitatearen arduradunak izango dira eta deialdiaren oinarriak betetzen
direla bermatuko dute.
2.- Epaimahaiak osatzerakoan, epaimahakideak arlo
horretan adituak direla ziurtatuko da. Epaimahaia osatzen dutenen erdiak
gutxienez, lanpostuan sartzeko eskatzen den ezagupen arloari dagokion
titulazioa izan beharko du, eta epaimahaia osatzen duten guztiek maila bereko
edo handiagoko ikasketak. Kideetariko bat sindikatuen ordezkaritzak izendatuko
du.
3.- Epaimahaikoek, beren lanean, aholkulariez
baliatzea erabaki ahal izango dute, hautabidean dagoen probaren batean
laguntzeko, baina aholkulariok beren espezialitate teknikoan baino ez dute
ihardungo.
20. Atala
1.- Epaimahai edo hautaketarako organo teknikoek
ezin izango dute, hautagaien artean, eskainitako lanpostu-kopurua baino
pertsona gehiago aukeratu, eta hori gaindituko balute, erabat eta berez
baliogabe izango lirateke proposamenok.
2.- Epaimahai edo hautaketarako organo teknikoen
erabakiak behartze-indarrezkoak izango dira izendapena egitea dagokion
organoarentzat, baina organo horrek erabakia berraztertzeko aukera izango du,
Administrazioaren Jardunbideari buruzko Legean erabakitakoaz bat.
21. Atala
Irakaskuntzako
bitarteko funtzionariak eta lan-legepeko aldi baterako irakasleak hautatzeko,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Jaurlaritzak
araudi bidez ezarritako jardunbidea beteko da, eta zabalkunde-, berdintasun-,
merezimendu- nahiz gaitasun-hatsapenak kontutan izango dira, ahalik eta
azkarren egiteaz gainera. Dena den, bitarteko funtzionariek nahiz lan-legepeko
aldi baterako irakasleek, aldi batez bete behar duten lanposturako edo egin
behar dituzten egitekoetarako beharrezko diren titulazioaren baldintza
orokorren eta gainontzeko eskakizunen jabe izan beharko dute.
IV ATALBURUA
IRAKASLEEN KARRERA
22. Atala
Lehiaketa edo hauta-izendapenaren bitartez, barne-mailetan gora egin edo maila beretik higitzearen bidez lanpostuz aldatzeko aukeran eta, hala badagokio, katedradun izateko paradan oinarritzen da irakasle funtzionarien karrera.
I SAILA
LANPOSTUAK BETETZEA
23. Atala
1.- Lanpostuen zerrendetan ezarritakoaren
arabera, irakasle funtzionarientzat gordetako lanpostuak lehiaketaren eta
hauta-izendapenaren bidez beteko dira.
2.- Salbuespenez eta lanpostu horiei darien
erantzukizun berezia dela eta, lanpostuen zerrendan hala ezarrita daudenak
baino ez dira gordeko hauta-izendapenaren bidez betetzeko.
3.- Lanpostuak betetzeko ohizko bidea lehiaketa
da eta bertan balioetsiko dira, bete beharreko lanpostuari dagokionez,
deialdian ohartarazitako merezimenduak, eta horien artean, gainditutako
prestakuntza eta hobekuntza-ikastaroak, ikasketa-merezimenduak, antzinatasuna
eta, hala badagokio, katedraduna izatea eta lanpostu horretan emandako denbora.
Bete beharreko lanpostuen izaera dela eta, hautagaiak lanpostuen ezaugarri
berezietara zenbateraino egokitzen diren aztertzeko bide ematen duten proba
praktiko, txosten edo elkarrizketak eginarazi ahal izango dira dagokion
deialdian, ekintza hori jardunbidearen beste atal bat izango dela.
4.- Euskal Herriko Autonomi Elkarteko bertarako
egindako lehiaketez gain, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
hezkuntza-administrazioak, beste hezkuntza-administrazio aginpidedunekin
batera, Estatu mailako lehiaketetarako deialdiak egingo ditu aldian-aldian,
ikastetxeetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Irakasle funtzionari guztiak
aurkeztu ahal izango dira Estatu mailako lehiaketa horietara, zein
hezkuntza-administrazioren menpeko diren edo zeinen bidez izan zuten sarbidea
kontutan izan gabe; beti ere, baldintza orokorrak eta lanpostuen zerrenden
arabera euskal hezkuntza-administrazioak ezarritako baldintza bereziak betetzen
badituzte. Ondorio horietarako, irakaskuntzako funtzionariek, zein
hezkuntza-administrazioren pean dauden edo zein izan duten sarbideko
administrazioa berdin diolarik, bete ditzakete Euskal Herriko Autonomi
Elkarteko ikastetxeen irakaskuntzako lanpostuak.
5.- Hona hemen lehiaketetarako deialdietan jaso
beharrekoak:
a) Lanpostuaren izena,
tokia eta berariazko osagarria.
b) Lanpostua betetzeko
baldintzak, lanpostuen zerrendetan ezarritakoak baino jasoko ez direla.
c) Eskabidea aurkezteko
epea.
6.- Lehiaketarako deialdietan, merezimenduen
balio-taula, izango diren proba bereziak, eta hautaketa-batzordekideak
ezagutarazi beharko dira. Hautaketa-batzorde honetan sindikatuek izendatutako
langileen ordezkari batek izan beharko du.
Lehiaketarako
deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta estatu
mailako lehiaketak direnean, Estatuko Agintaritza Aldizkarian ere emango da
argitara.
24. Atala
1.- Lanean, zerbitzu berezietan edo beste
herri-administrazioren baten zerbitzuan diharduten funtzionariek parte hartu
ahal izango dute lanpostuak betetzeko deialdietan. Halaber, borondatezko
lan-utzialdian daudenek ere aurkezterik izango dute, eta, hori dela eta, lanean
berriro hasi, baldin eta lan-utzialdian gutxieneko epea bete badute.
2.- Aldi baterako lantokia edo derrigorrezko
lan-utzialdia duten irakasle funtzionariek eta egitekoez gabetuak izan direnek,
zigorra sei hilabete baino luzeagoa izan bada eta bete badute, beren kidegoko,
eta hala izanez gero titular diren espezialitateko lanpostuak betetzeko dei
egindako lehiaketetan parte hartu beharko dute, egoera horretan dauden
bitartean.
3.- Lehiaketa bidez lanpostua lortu duten
irakasle funtzionariek ez dute parte hartzerik izango ondorengo bi urteetan dei
egindako ondorengoetan. Lege honen 25. atalaren 3. puntuan eta 4. puntuko a)
letran ezarritakoaren ondorioz muga-eguna baino lehenago galtzen badu
funtzionariak lanpostuaren atxikipena, ez da kontutan hartuko gorago esandako
urte biko aldia.
4.- Lehiaketan, hezkuntza-administrazioak erabaki
ditzan hutsak beteko dira. Dena dela, eskolako plangintzan horien aribidea
ohartemanda dagoeneko lanpostuei dagozkienak sartu beharko dira.
25. Atala
1.- Araudi mailako harremana iraunkorra izango
da, baina lanpostua betetzea ez da irakasle funtzionariak irabazitako eskubide
izango.
2.- Hauta-izendapenaren bidez lanpostu bati
atxikirik dauden funtzionariak lanpostuz aldatuak izan daitezke nahi denean.
3.- Uste gabeko arrazoiak direla eta, lehiaketa
bidez lanpostua eskuratu duten funtzionariak lanpostuz aldatuak izan daitezke.
Ustegabeko arrazoi horiek, batetik, lanpostuen zerrendetan ohartarazita edo
horien bitartez deialdiaren oinarri izan zen lanpostuaren edukia aldatzea eta,
bestetik, funtzionari horrek lanpostuari darizkion egitekoak behar bezala
betetzeko nahiko gaitasunik ez duela argi eta garbi egiaztatzea izan daitezke.
Guzti horretarako izapidetutako espedientearen eta langileen
ordezkaritza-organoaren txostenaren ondoren, izendapena egin zuen organoaren
erabaki arrazoitu bidez gauzatuko da lanpostu-aldaketa.
4.- Halaber, ondoko hauek dira lanpostu batekiko
atxikidura galtzeko arrazoi:
a) Lanpostua kentzea.
b) Beste lanpostu
baterako izendatzea.
c) Lanpostuari uko egitea,
izendapena egin zuen organoak onartuz gero.
d) Lana uztea, zerbitzu
berezietara igaro direnek, beren egitekoak, gehienez ere, sei hilabetez kendu
zaizkienek edo seme-alabaren bat zaintzeagatik borondatezko lan-utzialdiko
lehenengo urtean daudenek izan ezik.
5.- Lanpostuen betetze-modua aldatu arren,
lanpostuok betetzen dituzten funtzionariek lanpostu horietan jarraituko dute
eta, lana uzteari dagokionez, beraiek izendatzeko sistemaren arauez arautuko
dira.
6.- Aurreko lerroaldietako 2, 3 eta 4 a) eta c)
atalkietan ezarritakoarekin bat etorriaz lanpostua uzten duten irakasle
funtzionariak beren kidegoko edo, hala badagokie, jabetzakoa duten
espezialitateko beste lanpostu batera atxikiko dira aldi baterako.
26. Atala
1.- Irakasleek lanpostuan behin-behingoz
diharduten artean, lanpostu horri dagozkion ordainsari osagarriak jasoko
dituzte.
2.- Aurreko atalkian ezarritakoaren kaltetan joan
gabe, behin-behingo atxikipenaren arrazoia lehengo lanpostuaren ezabapena bada
eta postu berriaren ordainsariak galdurikoarenak baino txikiagoak badira, bien
arteko aldea aldi baterako osagarri bidez jasoko du funtzionariak. Osagarri
hori funtzionariak harez geroztik parte har dezan nahiz parte hartzeko aukera
izan dezan lehenengo lehiaketa ebatzi arte ordainduko da.
27. Atala
Lehenago betetzen
zuten lanpostua iraungi eta, horren ondorioz, beste lanpostu bati aldi baterako
atxikirik dauden irakasle funtzionariek, arauz finka dadin moduan, lehentasuna
izango dute iraungitako lanpostua kokatuta zegoen herrian bertan edo
eskola-bilgunean hutsik egon daitezen lanpostuak betetzerakoan.
28. Atala
Berritan sartu
diren irakasle funtzionariei edo, lanpostua lehendik gordeta izan gabe, lanean
berriro hasten direnei, beren kidegoan hutsik dagoen lanposturen bat emango zaie
aldi baterako, lehiaketa edo hauta-izendapenaren bidez behin-betiko lantokia
lortu bitartean.
29. Atala
Berritan sartu
diren irakasle funtzionariak hutsik dauden lanpostuei aldi baterako atxikitzeko,
hautaketaren behin-betiko sailkapenaren hurrenkerari begiratuko zaio, irakasle
horiek adierazitako lehentasun-hurrenkerari jarraituz, 40.2 eta 43. ataletan
eta lege honen erabaki gehigarrietako hamalaugarrenean ezarritakoaren kaltetan
joan gabe.
I AZPISAILA
IKUSKARITZA
30. Atala
1.- Doktore, lizentziatu, arkitekto edo injeniari
titulua izan, lanean ihardun, irakasleen kidego edo mailetan egon eta irakasle
funtzionari direnetik gutxienez bost urteko antzinatasuna egiaztatzen duten
funtzionariek gauzatuko dituzte hezkuntza-ikuskaritza teknikoari dagozkion
eginkizunak.
2.- Lege honen 23.2 atalean ezarritakoaren
kaltetan joan gabe, hezkuntza-ikuskaritza teknikoko lanpostuak
hezkuntza-administrazioak dei egindako lehiaketa bidez beteko dira,
berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-hatsapenekin bat etorriaz, eta
horretarako, ikasketa-merezimenduak zein lanbidekoak, irakasleen kidegoetan
karrerako funtzionari emandako urteak eta ikuskaritzan burututako zerbitzuak
balioetsiko dira. Aukeratutako funtzionariek espezializazio-ikastaro bat
gainditu beharko dute eta ikastaro hori egin bitartean, ikasturtea hasi
aurretik irakasle funtzionariak ziren aldetik zegozkien ordainsariak jasoko
dituzte.
3.- Lanpostuan hiru urte emango dituzte eta beste
hiru urtez ere egon daitezke bertan.
Ikuskaritzan
hiru edo sei urte igaro ondoren, funtzionariek dagokien lehiaketetan parte
hartu eta beren kidego edo mailetako lanpostuetan sartuko dira, irakasle izan
ziren azkenengo herria edo eskola-bilgunea aukeratzeko lehentasuna aitortuko
zaielarik.
4.- Hezkuntza-ikuskaritzan sei urte jarraian
igaro ondoren eta araudi bidez zehaztuko diren irizpide eta jardunbideekin bat
etorriaz, egindako lanaren balioespenak bide emango du ikuskaritzari dagozkion
lanpostuetan epe-mugarik gabe jarraitzeko. Nolanahi ere, funtzionaria
irakaskuntzara itzuli daiteke bere borondatez, lanpostuak betetzeko ohizko
lehiaketen bitartez.
31. Atala
1.- Hautagaiak hezkuntza-ikuskaritzan jardun ahal
izateko gainditu beharreko espezialtze-ikastaroak Hezkuntza, Unibertsitate eta
Ikerketa Sailak antolatuko ditu.
2.- Aurrekoetan araututako zehaztasunen eta
berariazko araudietan ezarriko direnen kalterik gabe, Hezkuntza Ikuskaritza
Teknikoari dagozkion lanpostuei irakaskuntzako funtzio publikoaren arauak
ezarriko zaizkie eta, haien ezean, funtzio publikoari buruzko araubide orokorra.
32. Atala
1.- Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzari
dagozkion postuak irakasle-kidegoetako funtzionariek edo Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko administrazio orokorreko A eta B taldeen kidegoetako
funtzionariek bete ditzakete berdinean.
2.- Irakasle funtzionariek horrelako postuetan
lan egindako aldia ez da kontutan hartuko norbanakoaren maila finkatzearen
ondorioetarako, diharduten Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzaren lanpostuari
dagozkion ordainsariak jasoko badituzte ere.
3.- Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzaren postuak betetzerakoan, lege honen 38. atalaren 3, 4, 5 eta 6 atalkietan ohartemandakoa hartuko da aintzat.
4.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak,
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin lankidetzan, hautagaiek
Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzan iharduteko gainditu beharreko
espezializazio-ikastaroak antolatuko ditu.
II AZPISAILA
IKERKETA ETA IRAKASKUNTZAREN LAGUNTZARAKO ZERBITZUEN LANPOSTUAK
BETETZEA
33. Atala
1.- Ikerketa eta irakaskuntzari laguntzeko
zerbitzuei dagozkien eginkizunak, irakaskuntzako kidego eta mailetako
funtzionariek gauzatuko dituzte, baldin eta lanpostu bakoitzerako araudi bidez
ezar daitezen baldintzak betetzen badituzte.
2.- Lege honen 23.2 atalean ezarritakoaren
kaltetan joan gabe, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuen
lanpostuak, hezkuntza-administrazioak dei egindako lehiaketen bidez beteko
dira; lehiaketa horietan, bete nahi den lanpostuari dagokionez, irakaskuntza
nahiz lanbide-merezimenduak, gaikuntza- eta hobekuntza-ikastaroak eta karrerako
funtzionari gisa irakaste-lanetan emandako urteak hartuko dira kontutan
bereziki. Bete behar diren lanpostuen izaera ikusita, dagokien deialdian,
prozeduraren beste urrats baten moduan, froga praktiko, txosten edo
elkarrizketak eginaraztea sar daiteke, izangaiak lanpostuaren ezaugarrietara
egokitzen diren ala ez ikusi ahal izateko.
3.- Lanpostuan iharduteko aldia hiru urtekoa
izango da. Epealdi horretan zehar funtzionaria Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko
zerbitzuaren lanpostuari egongo da atxikita behin -behingoz, baina jakinda
plaza-gordeketa eta behin-betiko norakoa jatorrizkoan mantenduko dituela.
Aipaturiko hiru
urteak iragan ondoren, aldi baterako atxikipena beste hiru urtez luza daiteke.
Harrez geroztik, ordea, aurreko pasartean aipatzen den lanpostu-gordeketa
galduko dute funtzionariek eta beren kidego eta mailei dagozkien lanpostuak
bete ditzakete lehiaketa bidez eta irakasle gisa arituriko azken herrira eta
eskola-bilgunera joateko lehentasunezko eskubidea aitortuko zaie.
Aldi baterako
atxikipenaren lehenengo hiru urteak iraganda, haren luzapena eskatu ez, edo
eskatu arren, lortu ez duten funtzionariek ezin izango dute parterik hartu
Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuen lanpostuen banaketan,
atxikipenaren amaieratik hasita beste hiru urte igaro arte.
4.- Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko
zerbitzuetan sei urte jarraian igaro ondoren eta araudi bidez zehaztuko diren
irizpide eta ihardunbideekin bat etorriz egindako lanaren balioespenak bide
emango du horrelako zerbitzuen lanpostuetan, epe-mugarik gabe jarraitzeko.
Nolanahi ere, funtzionaria irakaskuntzara itzuli daiteke bere borondatez,
lanpostuak betetzeko ohizko lehiaketen bitartez.
5.- Aurrekoetan arauturiko zehaztasunen eta berariazko araudietan ezarriko direnen kaltetan joan gabe, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuen lanpostuei irakaskuntzako funtzio publikoaren arauak ezarriko zaizkie eta, haien ezean, funtzio publikoari buruzko araubide orokorra.
III AZPISAILA
IKASTETXEETAKO ZUZENDARITZA
34. Atala
Ikastetxeetako zuzendari, zuzendariorde,
ikasketaburu eta idazkari postuak Euskal Eskola Publikoaren Legean
ohartemandakoaren arabera beteko dira.
35. Atala
Aipaturiko postuek
beren baitan dakarten erantzukizunaren trukean ordainsari bat emango da,
berariazko osagarri bidez.
36. Atala
Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, eta araudi bidez, zehaztuko
dira administratzaile-postuen jaurbide, eraketa eta betetze-era; horrelako
postuetara hezkuntzako kidego eta mailetako funtzionariek izango dute sarbidea.
Lanpostu hauetarako deialdietan, ikastetxeen administrazio-eginkizunak
burutzeko berariazko gaitasun-ikastaroak aurrikusiko dira.
IV AZPISAILA
HEZKUNTZA ADMINISTRAZIOKO POSTUETAN LAN EGITEN DUTEN IRAKASLE
FUNTZIONARIAK
37. Atala
1.- Irakasle funtzionariek
hezkuntza-administrazioko lanpostuak bete ahal izango dituzte lanpostuen
zerrendetan ezarritako kasu eta baldintzetan, eta lanpostu horietan emandako
denbora ez da zenbatuko norbanakoaren maila finkatzearen ondorioetarako.
2.- Langile horien ordainketak
hezkuntza-administrazioan betetzen ari diren lanpostuaren neurrikoak izango
dira.
3.- Lanpostu horiek betetzea Euskal Funtzio Publikoari
buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. idazpuruaren IV. atalburuaren
hirugarren sailean eta lege hori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera
gauzatuko da. Aipatu legearen 6.1.j) eta 10.1.c) ataletan zehaztutako organoak
izango dira lanpostu-betetze horiek deitu eta erabakitzeko aginpidedun.
4.- Hezkuntza-administrazioan betetako lanpostua
jabetzan izango dute eta aurrekoan zeukaten irakasle-lanpostua hutsik geratuko
da.
5.- Dagokion lekualdatze-lehiaketan parte hartu
eta ikastetxe batean lanpostu bat bete ahal izango dute berriro.
6.- Irakasleen karreraren ondorioetarako,
hezkuntza-administrazioan lanpostu bat betetzea, karrera horren arauetan
ezarritako modu eta neurrietan balioetsiko da.
II SAILA
BARNE MAILETAN GORA EGITEA, MAILA BERETIK HIGITZEA ETA
KATEDRADUN IZAERA LORTZEA
38. Atala
Hezkuntza-administrazioak,
barne-mailetan gora egitea, irakasleen kidegoen arteko mugikortasuna eta
katedraduna izatera heltzea bultzatuko ditu. Horretarako beharrezko deialdiak
egingo dira, ondorengo ataletan ezarritako arauekin bat etorriaz.
39. Atala
1.- Bigarren mailako Hezkuntzako eta Arte
Plastiko eta Diseinuko Irakasleen Kidegoetan sartzeko deialdietan, beteko diren
lanpostuen ehuneko berrogeita hamar B taldeko irakasleen kidegoetako
funtzionarientzat gordeko dira. Irakasle horiek, kidego horietan sartzeko behar
den titulazioa edukitzeaz gain, gutxienez zortzi urteko antzinatasuna izan
beharko dute karrerako funtzionari lanetan, beren jatorrizko kidegoetan.
2.- Funtzionari hauentzako deialdietan hautagaien
merezimenduak balioetsiko dira, eta horien artean, egindako lana, gainditutako
prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak eta ikasketa-merezimenduak hartuko dira
kontutan. Halaber, lanerako lortu nahi den espezialitatearen ingurukoa den gai
bat azaldu eta horri buruz eztabaidatzea izango da beste proba bat eta proba
hori gainditzeko gaiaren gaineko ezaguerari zein hautagaien didaktika- eta
pedagogia-baliabideei begiratuko zaie.
Ihardunbide honen
bitartez sartzen direnek ez dute praktika-aldirik egin beharko eta hutsik
dauden lanpostuak aukeratzerakoan, dagokion deialdian txanda irekiaren bidez
sartzen direnen eta erabaki gehigarrietako hamalaugarrenean aipatzen den
ihardunbideari jarraiki sartzen direnen aurretik egongo dira.
40. Atala
1.- Atal honetan ezarritako modu eta neurrietan,
Bigarren mailako Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionariek Bigarren mailako
Hezkuntzako katedradun izateko aukera edukiko dute; Arte Plastiko eta Diseinuko
Irakasleen Kidegoko funtzionariek, Arte Plastiko eta Diseinuko katedradun eta
Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleek, hizkuntza-eskola ofizialetako
katedradun izateko.
2.- Katedraduna izateko, dagokien kidego eta
espezialitatean gutxienez zortzi urteko antzinatasuna eduki eta horretarako
egiten diren deialdietan aukeratua izan behar da. Deialdi horietan hautagaien
merezimenduak balioetsiko dira, eta horien artean, egindako lana, gainditutako
prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak eta ikasketa-merezimenduak hartuko dira
kontutan. Halaber, hautagaiek bere kabuz aukeratutako eta bere
espezialitatearen inguruko gai bat azaldu eta horri buruz eztabaidatzea izango
da beste proba bat.
3.- Katedradun-izaera, dagozkion ondorioetarako,
norbere-norberarena izango da. Kidego bakoitzeko funtzionarien ehuneko hogeita
hamarri aitortu ahal izango zaio izaera hori eta, ondorio guztietarako,
irakasleen berariazko merezimendutzat hartuko da.
41. Atala
Musika eta Arte
Eszenikoen Katedradunen Kidegoan sartzeko era, lege honen 17.2.b) atalean
ezarritakoaren arabera gauzatuko da.
42. Atala
Lege honetan
jasotako irakasle funtzionariak talde eta lantoki-osagarriaren maila bereko
kidego batean sartu ahal izango dira antzinatasuna kontutan hartu izango ez
dela eta, hala badagokio, katedradun-izaerarik galdu gabe; beti ere, eskatutako
tituluak izan eta dagozkion hautaprobak gainditzen badituzte. Horretarako,
beren irakasle-esperientzia eta bere garaian gainditu zituzten probak izango
dira kontutan eta ez dute praktika-aldirik egin beharko.
Funtzionari horiek, txanda irekiaren edo lege honetan ezarritako bestelako txanden bidez sartutako beste funtzionariekin batera kidego batean sartzen direnean, lehentasuna izango dute lantokia aukeratzerakoan.
IV IDAZPURUA
BITARTEKO FUNTZIONARIAK ETA LAN LEGEPEKO IRAKASLEAK
I ATALBURUA
BITARTEKO IRAKASLE FUNTZIONARIAK
43. Atala
1.- Izendapena izanda eta presazko arrazoiak direla
eta, karrerako irakasle funtzionariek bete bitartean hutsik dauden lanpostuetan
aldi baterako dihardutenak edo karrerako funtzionari horien aldi baterako
kanpoaldia dela eta, ordezko jarritakoak dira bitarteko irakasle funtzionari.
2.- Bitarteko irakasle funtzionari jardun izateak
ez du lehentasunik ekarriko irakasle funtzionari edo lan-legepeko behin-betiko
irakaslea izateko.
44. Atala
1.- Bitarteko irakasle funtzionariak bere izaera
galduko du karrerako funtzionari batek hutsik zegoen lanpostua bete edo
ordezkatua berriro lanean hasten bada eta, beti ere, bitarteko horren
izendapena ekarri zuten beharrezko edo premiazko arrazoiak bertan behera
geratzen badira.
2.- Bitarteko irakasle funtzionariek betetako
lanpostuak administrazioak onartutako hurrengo lan-eskaintzan sartu beharko
dira, irakasle horien izendapenaren arrazoia lanpostua gordeta zeukaten
funtzionariak ordezkatzea izan ezean. Aipatutako eskaintzan lanpostua sartzen
ez bada, hutsik zegoen lanpostua berez eta besterik gabe iraungiko da eta,
horren ondorioz, lanpostu hori betetzen ari zen bitarteko irakasleak lana utzi
beharko du.
45. Atala
Bitarteko
irakasleei irakasle funtzionarien legebidea zaie ezargarri, hitzarmenak
horretarako aukera ematen duen guztietan. Dena den, beteko duten lanpostuari
dagozkion lansari osagarriak eta beren titulazio-taldearen oinarrizkoak jasoko
dituzte.
II ATALBURUA
LAN LEGEPEKO IRAKASLEAK
46. Atala
1.- Lan-legepeko
irakasleak behin-betikoak eta aldi baterakoak izan daitezke.
2.- Lan-hitzarmen bidez lanpostu-zerrenden
arabera behin-betikoak diren lanpostuak betetzen dituztenak dira lan-legepeko
behin-betiko irakasle.
3.- Iraupen jakineko lanak egiteko hitzarmena
dutenak dira lan-legepeko aldi baterako irakasle; beti ere, lan-legedian
indarrean diren hitzarmen-motekin bat etorriaz.
4.- Atal honetan aipatu diren hitzarmen guztiak
idatziz egin beharko dira beti.
47.
Atala
1.- Ezin izango da epe-mugarik gabeko
lan-hitzarmenik egin lan-eskaintzan ageri ez diren lanpostuak betetzeko, eta ezin
izango dituzte halako lanpostuak bete lege honek erabakitako jardunbideen
arabera aukeratu ez diren langileek.
2.- Lan-legepeko irakasleek ezin izango dituzte
irakasle funtzionarientzako diren lanpostuak bete.
V IDAZPURUA
HIZKUNTZA NORMALKUNTZA
48.
Atala
Euskal
Eskola Publikoaren Legeko 12. atalean erabakitakoarekin bat, euskal eskola
publikoan ikasle guztiek hezkuntza-maila guztietan euskaraz nahiz gazteleraz
ikasteko duten eskubidea bermatuko da. Eskubide hori eta arlo honetan
herri-agintariek egin beharrekoa, lege horren III. idazpuruan eta Euskeraren
Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24eko 10/1982 Oinarrizko Legean gauzatzen
dira.
49.
Atala
1.- Aurreko atalean jasotakoaren ondorioetarako,
euskal hezkuntza-administrazioaren zerbitzupeko irakasle-lanpostu guztiek
hizkuntza-eskakizuna zehaztuta izango dute. Hizkuntza-eskakizunak erabakiko du
zein maila behar den izan euskaraz, lanpostua bete eta bertan aritzeko. Hizkuntza-eskakizuna
derrigorrezkoa ez bada, euskaraz jakiteari merezimendu modura zenbaterainoko
balioa eman behar zaion zehazteko balioko luke.
2.- Derrigortasun-egunetik
aurrera, nahitaez bete beharko da hizkuntza-eskakizuna lanpostua bete eta
bertan aritzeko. Halere, oso kasu bereziak eta arrazoi nabarmenak direla eta,
Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren proposamenez, araudi
bidez erabakiko du zein kasutan lanpostuaren jabeak utzi dezakeen bete gabe
horri dagokion hizkuntza-eskakizuna, eta hala dagokionean, eskakizun bereko
izan daitezen besteak. Euskera irakaskuntzarako hizkuntza gisa erabiltzeko
behar hainbateko hizkuntz gaitasuna nahitaezkoa duten edukiaren kariaz hizkuntz
eskakizuna izendatua duten lanpostuetan diharduten irakasleak ez da inoiz ere
hizkuntz eskakizuna betetzetik jare uzterik izango.
3.- Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko
bete behar den hizkuntza-eskakizuna, lege honen erabaki gehigarrietako
hamabosgarrenean ezarritakoaren arabera gauzatuko da.
50. Atala
1.- Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren
eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Eusko
Jaurlaritzak zehaztuko ditu hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horiek
lanpostuei ezartzeko irizpideak.
2.- Hizkuntza-ereduren bat sortu, aldatu edo ezabatuez
gero, hizkuntza-eskakizunak ere egokitu egin beharko dira.
51. Atala
Aurreko atalean
jasotako irizpideekin bat etorriaz eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak hizkuntza-eskakizuna eta bere
derrigortasun-eguna izendatuko dio euskal hezkuntza-administrazioko
irakasle-lanpostu bakoitzari.
52. Atala
1.- Hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio,
derrigortasun-eguna, lanpostuen zerrendetan nahitaez agertu behar duten
zehaztasunen artean izango dira.
2.- Hizkuntza-eskakizunak derrigorrez
betearazteko irizpideek lanpostu guztiak berdin eta proportzio berean hartuko
dituzte, eta eginkizunari dagokion kidego, maila edo titulu-talde batekoa edo
bestekoa izateak ez du inolako eraginik izango.
53. Atala
1.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearren, kasuan
kasu jakin behar den euskara maila balioesteko probetan zer eskatu eta nola
eskatu behar den erabakiko du hezkuntza-administrazioak. Horretarako eratuko
diren epaimahaietan Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bana
izango da.
2.- Aurreko idazatian ezarritakoa horrela izanik
ere, lege honetako 50.1 atalean aipatzen den araupidean Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak han ezarri daitezen eskakizunekin emango
dituen hizkuntz-egiaztagiriak baliokidetzeko eta parekatzeko sistema ezarriko
da.
3.- Aurreko idazatian esaten den araupidea indarrean jarri dadinetik
aurrera, hizkuntz eskakizunak eman, atal honetako 1 zenbakian ohartemandako
ihardunbidez emango dira, beste inola ere ez.
54. Atala
1.- Euskal hezkuntza-administrazioak bere
zerbitzupeko langileen hizkuntza-gaitasuna bultzatuko du eta horretarako
beharrezko neurriak hartuko ditu.
2.- Aurreko atalkiak dioenaz bat, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte anitzerako egitamua prestatuko du
irakasleak euskalduntzeko. Egitamu hori gauzatzeko, irakasleen borondatezko
onarpena lortu nahi da, irakasle horien lan-baldintzak kontutan hartuko dira,
malgua izango da eta urtero-urtero berraztertuko da. Egitamua eta haren
berrazterketari buruzko txostena egingo ditu Euskadiko Eskola Kontseiluak.
Erabaki Gehigarriak
Lehena
1.- Lege honetako atal batzuetan irakasle funtzionarien
legebidearen oinarriak arautzen dituzten aginduak jaso badira oso-osorik edo
zatiren batean, lege-jardunak hala eskatzen duelako izan da; ondorioz, aipatu
den oinarrizko araubidean aipatutako agindu horiek berritu bezain laster,
aldatutzat hartuko dira atal horiek.
2.- Euskal Autonomi Elkarteko irakaskuntzako
funtzio publikoaren kidegoen egitura, bat etorriko da bete-betean Estatuko
oinarrizko legedian ezarri dadin kidegoen egiturarekin.
Lege honen bidez
araututako langileei Hezkuntza Sistema Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege
Organikoaren erabakiak ezarriko zaizkie, irakaskuntzako funtzio publikoa
arautzeari dagokionez.
Bigarrena
Lege hau indarrean
jartzean, autonomi elkartearen esku diren irakasle funtzionariak lege honen
bidez autonomi elkartean sortutako irakasleen kidego eta mailetan sartuko dira,
berez eta besterik gabe.
Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten funtzionari
guztien berdintasuna bermatuko da, administrazio batetik edo bestetik etorri,
eta integratzeko nahiz sartzeko bide bat edo bestea erabilita ere.
Lege honen 23.4
atalak aipatzen dituen lehiaketen ondorioz, Euskadiko ikastetxeetan hutsik
dauden lanpostuak betetzen dituzten beste hezkuntza-administrazioetako
irakasleek, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko irakasleek dituzten
eskubide-betebehar berak izango dituzte, zerbitzutik behin-betiko bereiztea
izan ezik, hori jatorrizko administrazioaren eskudun organoak erabaki beharko
baitu.
Hirugarrena
Iraungitzeko diren
kidego edo mailetatik datozen funtzionari transferituak bertako egituran
sartzeko asmoz eta, aldi berean, oinarrizko antolamendua gorde nahian, Estatuan
dauden bezainbeste kidego eta maila eratzen da Euskal Herriko Autonomi
Elkartean ere, izen eta eginkizun berberak dituztela, eta besteak bezala
iraungitzekoak. Kidego horiek dagozkien taldeetan sartuko dira, kidego horietan
sartzeko eskatutako titulazioaren arabera, eta beren berariazko arauez arautuko
dira, mugikortasunaren ondoriotarako, lege honen 40. eta 43. ataletan jasotakoa
ezarriko zaielarik.
Laugarrena
Hezkuntza-administrazioak
aldian-aldian egingo ditu lehiaketa-deialdiak, Hezkuntza-Ikuskaritza Teknikoko lanpostuak
betetzeko eta haietako ehuneko hogeikoa Hezkuntza-Administrazioaren Zerbitzuan
diharduten Ikuskarien Kidegoko funtzionarientzat gordeko da, Funtzio Publikoa
Eraldatzeko Premiazko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/84 Legearen erabaki
gehigarrietako hamabosgarreneko 7. atalkian arautzen duenaren arabera, eta
betetzen ez direnak, irakasle funtzionariek betetzeko direnei gehituko zaizkie.
Funtzionari horiek ez dute lege honen 30.2 atalean aipatutako ikastaroa
gainditu beharrik izango, ez eta atal horretan aipatutako amaiera-epeak bete
beharrik ere. Nolanahi ere, ezin izango dute ikuskaritzako lanpostuak lehiaketa
bidez betetzeko egindako deialdietan parte hartu, azken lanpostuaz jabetu eta
bi urte pasa arte.
Bosgarrena
Unibertsitatea
Aldaberritzeko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoan ezarritakoaren
esparruan, hezkuntza-administrazioak irakasleak prestatzeko goi-mailako
ikastetxeak sortzearen alde egingo du, hezitze-jardueraren inguruan sortutako
lan-tituluak lortzeko eskolak eman ditzaten. Irakasleek uneoro behar bezalako
prestakuntza izan dezaten antolatutako ekintzak ere bultzatuko ditu. Ikastetxe
horiek pedagogiaren inguruan sortu litezkeen titulazio berrien ikasketak
antolatu ahal izango dituzte.
Seigarrena
Lege honen III. idazpuruaren
IV. atalburuaren lehendabiziko sailean ohartemandakoaren kaltetan joan gabe,
ikastetxeetan, hezkuntza-ikuskaritzan eta Ikerketa eta Irakaskuntzari
Laguntzeko zerbitzuetan, lanpostuen zerrenden xehetasunen arabera,
administrazio eta zerbitzuetako lana duten lanpostuak, Euskal Herriko Autonomi
Elkarteko administrazio orokorreko langileez beteko dira, Euskal Funtzio
Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. idazpuruaren IV.
atalburuaren hirugarren sailean eta lege hori garatzen duten arauetan
ezarritakoaren arabera bete ere. Aipatu legearen 6.1.j) eta 10.1.c) ataletan
zehaztutako organoak izango dira lanpostu-betetze horiek deitu eta erabakitzeko
aginpidedun.
Zazpigarrena
Irakaskuntzako
funtzionariek lan-baldintzak zehazterakoan hartuko dute parte, Ordezkaritza
Organoak, Lan Baldintzen Zehaztapenari eta Herri Administrazioen Zerbitzupeko
Langileen Partehartzeari buruzko ekainaren 12ko 9/1987 Legearen III. atalburuan
eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen VI.
idazpuruan esaten den moduan.
Zortzigarrena
Euskadiko
hezkuntza-administrazioa Unibertsitateekingo hitzarmenak sinatzearen alde
azalduko da, lege honetan aipatzen diren irakaskuntza-kidegoetako irakasleak
Unibertsitate-sailetan sar daitezen erraztasunak eskaintzeko.
Bederatzigarrena
Hezkuntza-administrazioan
eta Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzan lan egiten duten irakasleen maila ez
dela finkatuko esanez lege honen 32.2 eta 38.1 ataletan erabakitakoa,
irakaskuntzatik at dagoen administrazio-karreran azaltzen den mailak dakarren
bermearen kaltetan izan gabe ulertu behar da, lanpostu horietan diharduten
denboran administrazioan irakaskuntzakoa ez den langilegoak duen tratu berdina
izango dutela ziurtatzeko ezar dakiekeelako.
Hamargarrena
1.- Berariazko lanbide-heziketako alor nahiz gai
jakin batzuk irakasteko, beren gaitasuna eta sistemaren beharrak kontutan
izanik, beren ekintza lan-eremuan aurrera eramaten duten profesionalak irakasle
espezialdu gisa akuratu ahal izango dira. Herri-ikastetxeetan, profesional
hauekin aldi baterako akuraketak administrazio-legepeko jaurpidean egin ahal
izango dira.
2.- Aurreko lerroaldian esandako irakasleek,
ezarri daitezen baldintzetan, salbuespenez, beren profesional mailako
azturarekin zer ikusirik duten aukeran hartzeko gaiekikoan, batxilerreko
irakaskuntzak eman ahal izango dituzte.
Hamaikagarrena
1.- Aurreko erabaki gehigarriko 1 zenbakian
araututako baldintzetan, musika eta arte eszenikoen irakaskuntzarako irakasle
espezialduak akuratu ahal izango dira.
2.- Musika eta arte eszenikoen goi-mailako
irakaskuntzari buruzkoan, aldi batean nahiz etenik gabe aritzeko, aurreko
erabaki gehigarriko 1 zenbakian araututako baldintzetan, nazioz atzerriko diren
espezialduak akuratu ahal izango dira. Esandako akuraketa etenik gabe aritzeko
erakoa egiten bada, hori lan-legepeko izango da.
Hamabigarrena
Gaitasun
Pedagogikoaren Egiaztagiria, lege honen 17.1 atalean aipatzen den
espezializazio didaktikoaren lanbide-tituluaren pareko izango da. Lanbide-titulu
hori eskuratzeko dagoen beharretik salbuetsiko dira maisu-maistrak eta
Pedagogian lizentziatuak.
Hamahirugarrena
Itzal handiko
pertsonak, nor bere lanbide-esparruan, merezimendu-lehiaketa bidez Musika eta
Arte Eszenikoko Katedradunen Kidegoan sartzeko onartuko dira, arlo horri
buruzko oinarrizko araubideak orokorrean ezartzen duenarekin bat.
Hamalaugarrena
Lege honen bidez
sorturiko kidegoetara sartu edo iritsiriko irakasleak atxikitzeko diren
espezialitateak behin zehaztu ondoren, irakasle funtzionariek, nor bere
kidegoaren barnean, beste espezialitate batera aldatzeko aukera izango dute,
araudiz jarritako bideei jarraiki, eskaturiko titulazioa edukita eta hautabidea
gainditurik. Ihardunbide honetatik sartzen direnek lehentasuna izango dute
destino hutsak hautatzerakoan dagokion deialdi irekiaren bidez sartzen direnen
aurretik.
Hamabosgarrena
Araudi bidez
zehaztuko diren salbuespenak salbuespen, irakaskuntzako funtzio publikoan
lehenengo aldiz sartzen direnek aipaturiko arauan ezarritako
hizkuntza-eskakizuna betetzen dutela egiaztatu beharko dute.
Hamaseigarrena
Lege honek barne
hartzen dituen irakaskuntzako funtzionariek Hezkuntza Ikuskaritza Teknikoko
zerbitzuan eta Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzekoan legez aurrikusita
dauden zioengatik lanpostu baterako atxikipena galtzearen ondorioak arauz
finkatuko ditu Jaurlaritzak horietako bakoitzerako.
Hamazazpigarrena
Berarizko
lanbide-heziketan diharduten herri-ikastetxeetan lantokiak dituzten
funtzionariak, araudiz ezarri dadinarekin bat etorriz, arautu gabeko
lanbide-gaikuntzan aritu ahal izango dira.
Arautu gabeko
lanbide-heziketan aritzea irakaslearentzat borondatezkoa izango da eta
araututako gaikuntzaren antolakuntzari, ez eta horren garapenari ere, ez dio
kalterik egin beharko.
Irakaslea arautu
gabeko lanbide-heziketan aritzea herri-administrazioaren zerbitzuan diharduen
langilegoarentzako bateraezinei buruzko araupidetzaren menpe egongo da.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, Herri Administrazioaren Zerbitzuko
Langilegoaren Bateraezinei buruzko irailaren 26ko 53/84 Legearen 3. atalean
ezarritakoaren arauera, herri-zuduzko kariak direla eta, bigarren aribide hau
bateragarri dela adierazi ahal izango du.
Aldi Baterako Erabakiak
Lehena
1.- Bitarteko irakasleek, irakaskuntzako euskal
funtzio publikoa berriro antolatzearen ondorioz sortutako kidego eta mailei dagozkien
lanpostuetan ari badira, funtzionari maila lortu ahal izango dute,
hautaketa-sistema baten bidez; batetik, hautatutako izangaiek irakatsi beharko
dituzten ikasketa-edukiei buruzko ezagupenak eta, bestetik, baliabide didaktiko
eta pedagogikoak nola menderatzen dituzten balioetsiko dira,
ikasketa-merezimenduekin batera. Hauen kasuan lehentasunezko balioa izango dute
irakaskuntza publikoan egindako zerbitzuek, eta puntuazio hori hautaketa-aldian
lor daitekeen puntuaziorik altuenaren ehuneko berrogeita bost izan daiteke,
gehienez ere. Izangaiak hautatzeko bi idazatietako haztatutako eta erabateko
balioespena izango dira kontutan.
Lege hau indarrean
jarri ondoren izango diren lehen hiru lan-eskaintzen ondorioz egindako
deialdietan halako balioespena izango da ezargarri.
2.- Maisu-maistren Kidegoan sartzeko lege honetan
eskatzen den berariazko titulazioa ez badute ere, lege honek indarra hartzen
duenean, lanean diharduten O.H.O.ko irakasleen Kidegoaren bitarteko
funtzionariak edo, lan-legepeko hitzarmendun gisa, O.H.O.ko ikastetxeetan,
aurreko araubidean eskaturiko baldintzak betez logopeda-lanak egiten dituztenak
aurkez daitezke lehenengo hiru deialdietan maisu-maistren kidegoan sartzeko.
Era berean, eta
epealdi beraren barnean, lege honen bidez sorturiko gainerako kidegoetan
sartzeko orokorrean eskatzen den titulazioa ez duten bitarteko funtzionariek,
Jaurlaritzak zehazten dituen parekotasunak alde batera utzita, deialdietan
aurkezteko parada izango dute, baldin eta gutxienez hiru ikasturtetan bitarteko
funtzionari gisa lan egin badute eta lege honek indarra hartzen duenean lanean
badiraute sartu nahi duten kidegoen barnean dauden kidegoetan.
Bigarrena
1.- Aldi baterako erabaki honek honako hauengan
du eragina:
a) Eusko Legebiltzarraren
ekainaren 29ko 10/1988 Legean ezarritako bidetik euskal eskola publikoan
sartuko diren ikastoletako irakasleak, hezkuntza-administrazioak lan-legepeko
behin-betiko egoera aitortua badie.
Ikastola hauetan
lan-legepeko behin-betiko izaera aitortua, 1987ko abenduaren 18a baino lehen
kontrataturiko langileek eta harez gero izaera honekin eta aipatutako legea
aplikatuz hezkuntza-administrazioak onartu dituen unitate-ugaltzeengatik
kontrataturikoek izango dute.
b) Hezkuntza-administrazioa
jabe duten ikastetxeen sarean txertatutako ikastola eta gainerako ikastetxeen
zerbitzuan diharduten irakasleak, nahiz txertatze hori lege erabakiengatik
izan, nahiz beste herri-ikastetxeekin bat egin izanagatik izan, nahiz beste
administrazioetatiko eskualdatzeengatik izan.
2.- Egokitzen zaien kidegoan irakaskuntzako
karrerako funtzionari izatera iritsi daitezke langile hauek, baldin eta
horretarako beharretsi daitezkeen tituluak badituzte; hezkuntza-administrazioak
deialdia eginez jar ditzakeen hautaproba mugatuak izango dituzte, ohiz
kanpokoak eta indarrean dagoen legedian jasotako aurrikuspenen arabera
taiutuak.
3.- Deialdia ikastetxeak eskola publikoan sartu
ondoren egingo da eta izangaiak egindako zerbitzuak eta izangaiaren gaitasuna
eta egokitasuna zehazteko beste edozein eratako merituak balioztatuko dira
bertan, ezagupenak egiaztatzeko beharrezkotzat jo daitezen probak egitearen
kaltetan gabe.
4.- Hautaketa-aldian parte hartu eta gainditzen
dutenek beren lanpostuetan jarraituko dute, ikastetxeetako lanpostuen
sailkapenaren ondorioz egin daitezkeen moldaketen kalterik gabe.
5.- Hautaketa-aldian parte hartu ez, edo gainditu
ez dezatenek administrazioaren zerbitzupeko langile izaten jarraituko dute lehengo
eginkizunetan, eta beren lanpostuak iraungitzekoak izango dira, lege honetako
aldi baterako erabakietako bosgarrenean agindutakoa ezarri beharrik izango ez
dela.
6.- Aurreko atalkian aipatutako hautaketa-aldian
funtzionari izatea lortuz gero, hutsik dagoen lanpostua, berez eta besterik
gabe, aldatu egingo da eta lortutako kidegokoak diren lanpostu hutsen artean
sartuko da.
7.- Funtzionari bihurtu izanak ez die langileei
lehendik lortutako eskubideetan inolako kalterik ekarriko, lortuko duten kidego
nahiz mailan izan behar dituzten eskubideen eduki eta norainokoari dagokionez.
8.- Aldi baterako erabaki honetan aipatutako
langileei kontutan izango zaizkie lehenago beste ikastetxe batzuetan egindako
lanak, lansariak jasotzeko orduan.
9.- Aldi baterako erabaki hau ezartzea
dagokiokeen eta lanaldi osorako akuratutakoa izan ez dadin langilegoak, aldi
baterako erabaki honen 4 zenbakian ezarritakoaren kaltetan gabe, egin dezan
txertaketaren ondoriozko lege-aldetikako harremana dena dela, bere lanaldi-moduan
jarraituko du.
Hirugarrena
1.- Aldi baterako bigarren erabakian aipatutako
ikastetxeetan lehenago aritu diren irakasle funtzionariei, era berean, kontutan
izango zaizkie ikastetxe horietan egindako lan guztiak, lansariak jasotzeko
orduan.
2.- Erabaki honek honako hauengan du eragina:
a) Eusko Legebiltzarraren
ekainaren 29ko 10/1988 Legean ohartemandako bidetik euskal eskola publikoan sar
daitezen ikastoletan irakasle izan gabe hezkuntza-administrazioak lan-legepeko
behin-betiko egoera aitortua dion langilegoarengan.
Ikastola hauetan
lan-legepeko behin-betikotzat hartu, 1987.eko abenduaren 17a baino lehen era
horretan akuratutakoa edo, hala behar bada, horren ordezkotza baldintza beretan
egin duena hartuko da.
b) Hezkuntza-administrazioa
jabe duten ikastetxeen sarean txertatutako ikastola eta gainerako ikastetxeen
zerbitzuan diharduten irakasleez besteko langileengan, nahiz txertatze hori
lege-erabakiek baimendutako hitzarmenengatik izan, nahiz beste
herri-ikastetxeekin bat egin izanagatik izan, nahiz beste administrazioetatiko
eskualdatzeengatik izan.
3.- Langile horiek, aldi baterako erabaki
honetako 3 zenbakian ohartemandakoa salbu, egokitzen zaien kidegoan karrerako
funtzionari izatera iritsiko dira edo, hala badagokio, Euskal Herriko Autonomi
Elkarteko administrazio nagusiaren langile-erroldan txertatuko dira, beti ere,
horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak, uztailaren 6ko
6/1989 Legean jasotako ohartemateen arabera, kasu berezietan eta behin baino ez
egin ahal izango duen deialdiaren bidezko hautaketa- azterketa mugatuen bidez,
beharretsi daitezkeen tituluak izan beharko dituztela.
Lege honen aldi
baterako erabakietako bigarreneko 3, 5, 6, 7 eta 8 zenbakietan agindutakoa ere
aldi baterako erabaki honekikoan erabili beharrekoa izango da.
4.- Bereziki Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko
irakaskuntzan aritutako ikastetxeetan jagoletza, menpeko, tresnazaintza nahiz
garbiketa lanetan aritutako langilegoa dagokion kidegoan iritsiko da karrerako
funtzionari izatera edo, hala badagokio, toki-administrazioak bere gain legez
hartuta dauzkan egitekoak oinarri izanez, ikastetxe horiek dauden udalerriko
udal-batzarreko langile-erroldan txertatuko da.
Aldi baterako erabaki
honen 2 zenbakian ohartemandakoak kasu hauetan erabili beharrekoak izango dira.
Dagokion toki-administrazioa arduratuko da hautaketa-aldia deitu eta egiteaz.
5.- Aldi baterako erabaki hau ezartzea
dagokiokeen eta lanaldi osorako akuratutakoa izan ez dadin langilegoak, aldi
baterako erabaki honen 7 zenbakian ezarritakoaren kaltetan gabe, egin dezan
txertaketaren ondoriozko lege-aldetikako harremana eta sartzen deneko
herri-administrazioa dena dela, bere lanaldi-moduan jarraituko du.
6.- Erdi edo goi-mailako tituluen jabe izanez,
irakasle izan gabe, herri-ikastetxeetako administrariarentzako ezarritakoen
antzeko lanak egin ditzan langilegoa Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
administrazioan lan-akurapenezko langile finko gisa txertatuko da, ondorio guztietarako
administrari-maila izango du eta iraungitzeko egoeran egongo da.
7.- Aldi baterako erabaki honetan esaten diren
txertaketak egin ondoren, eta horien ondorioz sor dadin lege aldetikako
harreman-modua dena dela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak edo,
noiz nola, dagokion udal-batzarrak, lanpostu horietan aritzeari eutsiko diote,
egitarauketa eta plangintza orokorrerako beharren arabera, beharrezko
egokitzeak edo langileen birbanaketa egin ahal izango dituztela.
Laugarrena
Euskal Eskola
Publikoari buruzko Legearen erabaki gehigarrietako zortzigarrenean aipatzen
diren eta aare publikoan sar daitezen ikastetxeen zerbitzuko langilegoak,
lehendik zuen maila izanez, administrazioaren zerbitzura jarraituko du,
lanpostu horiek iraungitzekoak izango direlarik, eta lege honetako aldi
baterako erabakietako bosgarrenean agindutakoa ez da hauei ezartzekoa izango.
Bosgarrena
1.- Hezkuntza-administrazioaren zerbitzupeko
irakasle funtzionari edo lan-legepeko behin-betiko irakasleek, zerbitzu-harremanari
ez dagokion izaerarekin sailkatu diren lanpostuak badituzte, aukera bana izango
dute, behar hainbateko titulazioa izanez gero: lehenengoak langile-zerrendan
sar litezke, eta besteak dagokien kidegoko funtzionari bihurtu. Horretarako
hautaketa-azterketa mugatuak gainditu beharko dituzte. Azterketa horietarako
deialdia, kasu berezietan eta behin baino ez, hezkuntza-administrazioak egin
ahal izango du.
Deialdia lanpostuen
zerrenda onartu ondoko sei hilabeteetan egin beharko da. Kontutan izango dira
egindako lanak eta azterketa-egilea zenbateraino den gai eta egokia neurtzeko
moduko beste edozein merezimendu. Guzti hori ez da, ordea, ezaguerak
ziurtatzeko beharrezkotzat diren proben kaltetan izango.
Hautaketa-aldian
parte hartu ez, edo gainditzen ez dutenek administrazioaren zerbitzupeko
langile izaten jarraituko dute lehengo eginkizunetan, eta beren lanpostuak
iraungitzekoak izango dira.
2.- Aurreko atalkian aipatutako
hautaketa-aldiaren bidez funtzionari edo lan-legepeko irakasle bihurtuz gero, hutsik
dagoen lanpostua berez eta besterik gabe aldatuko da, eta lanpostu hori
lortutako kidegoaren lanpostuen zerrendari dagozkion lanpostuen artean, edo
bestela, lan-legearen menpekoen lanpostuen zerrendari dagozkionen artean
sartuko da.
Seigarrena
Autonomi elkarteko
administrazioak urtebeteko epean, lege honek indarra hartzen duenetik hasita
eta agintzen duenari atxikiz, irakaskuntzako lanpostuen eginkizunak aztertu eta
sailkatuko ditu, haietako zeintzu dagozkien funtzionariei eta zeintzu
lan-legepeko hitzarmenduei zehaztuz. Epealdi beraren barnean, lanpostuen
zerrendak osatu eta onartuko ditu.
Zazpigarrena
Lege honek indarra hartzen
duenean, behin-betiko destinoa Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko
zerbitzuetan duenak lanpostu horri atxikita iraun dezake, lan-ihardunean han
jarraitzen duen artean.
Aldi baterako
erabaki honek aipatzen dituen langileak, lanpostuak betetzeko bideak erabiliz,
beste lanpostu batera aldatzen badira Ikuskaritza Teknikoaren edo Ikerketa eta
Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan, lanpostuari atxikiko zaizkio
behin-behingoz, lege honen 33. atalean ezarritakoarekin bat etorriz, eta 33.3
atalak aipatzen duen lehentasunezko eskubidea aurreko behin-betiko destinoari
zegokion herria edo eskola-bilgunea hautatzekoa izango da.
Zortzigarrena
Hezkuntza Sistema
Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren aldi baterako erabakietako
laugarrenean aipatzen diren Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasleei lege
horretan ohartemandako araubidea ezarriko zaie.
Bederatzigarrena
Hezkuntzaren
antolamendu berriaren irakaskuntzak ezarri artean, lege honen bidez sortzen
diren kidegoetako irakasle funtzionariak arituko dira Hezkuntza-Sistema
Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak kidegoetan egituratzen dituen
kidegoen baitan dauden kidegoei dagozkien gaiak irakasten.
Hamargarrena
Hezkuntza-Sistema
Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren aldi baterako erabakietako
bederatzigarrenean aipatzen diren funtzionariak, hor ohartematen diren
betebehar eta baldintzetan, aurrez jubilatu ahal izango dira.
Hamaikagarrena
Lege hau indarrean
jartzean, herri-ikastetxeetan, irakasle izan gabe, herri-ikastetxeetako
administratzailearentzako ezarritakoen antzeko lanak egin ditzan langilegoa
Euskal Herriko Autonomi Elkarteko administrazioan lan-akurapenezko langile
finko gisa txertatuko da, ondorio guztietarako administratzaile-maila izango du
eta iraungitzeko egoeran egongo da.
Azken Erabakiak
Lehenengoa
Lege hau
betearazteko behar diren bezainbeste erabaki emango ditu Jaurlaritzak.
Sindikatuek parte
hartuko dute horrelako erabakiak egiterakoan, Funtzio Publikorako Euskal
Kontseiluaren bidez, Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen
8 b) atalean ohartemandako modu eta neurrietan.
Bigarrena
Lege hau Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamonean jarriko da indarrean.