Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

19/2008 Legea, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituena

2008-12-29

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/12/31, 250. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.

§ 316. 19/2008 LEGEA, ABENDUAREN 29KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2009. URTEKO AURREKONTU OROKORRAK ONARTZEN DITUENA

 

I. TITULUA

EUSKADIKO 2009. URTEKO AURREKONTU OROKORREN ONARPENA ETA EDUKIA

 

1. Artikulua - Onarpena

 

       1.    Onartu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak, betiere lege honek ezartzen duen era eta moduan.

 

       2.    Eusko Legebiltzarraren aurrekontua ere lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 25.2.a artikuluan.

 

       3.    Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren aurrekontua ere lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 24. artikuluan.

 

       4.    Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrekontua ere onartzen da eta lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 13. artikuluan.

 

       5.    Lege hau ezarriko zaie 2008ko abenduaren 31z geroztik sortzen diren erakundeei eta dagozkien aurrekontuei.

 

2. Artikulua - Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontua

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan jasotako gastuen kopurua 10.487.458.000 eurokoa da ordainketa-kredituetarako. Konpromiso-kredituei dagokienez, berriz, 2.614.370.332 eurokoa; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa I. eranskinean zehazten da.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan jasotako diru-sarreren kopurua 10.487.458.000 eurokoa da. Bereziki, diruzaintzako gerakin berekiei dagozkien 493.650.359 euro sartu dira.

 

       3.    Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 90.etik 93.era bitarteko artikuluek xedatutakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoak Euskal Herriko Unibertsitaterako bereizten duen aurrekontu-zuzkidura 329.641.260 eurokoa da, honela banatuta:

 

- Ekarpen arrunta: 263.102.260 euro gastu arruntetarako eta 12.000.000 euro kapital-eragiketetarako.

- Programa-kontratuak finantzatzeko ekarpen gehigarria: 14.539.000 euro.

- Inbertsio eta azpiegituretako urte anitzeko programa hornitzeko kredituak: 22.000.000 euro.

- Banakako ordainsari-osagarriak finantzatzeko kredituak: 18.000.000 euro.

 

3. Artikulua - Erakunde autonomiadunen aurrekontuak

 

       1.    Erakunde autonomiadunen aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan ordainketa-kredituak eta konpromisokoak onartzen dira, honela banatuta:

 

- Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea: ordainketa-kredituetarako, 45.200.000 euro jasotzen dira, eta konpromiso-kredituetarako, berriz, 22.250.000 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia: ordainketa-kredituetarako, 17.052.000 euro jasotzen dira, eta konpromiso-kredituetarako, berriz, 1.804.500 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: ordainketa-kredituetarako, 22.996.000 euro jasotzen dira, eta konpromiso-kredituetarako, berriz, 2.762.645 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

- Euskal Estatistika Erakundea: ordainketa-kredituetarako, 13.996.000 euro jasotzen dira, eta konpromiso-kredituetarako, berriz, 2.905.770 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea: ordainketa-kredituetarako, 7.479.000 euro jasotzen dira, eta konpromiso-kredituetarako, berriz, 1.194.400 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

- Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea: ordainketa-kredituetarako, 21.406.000 euro jasotzen dira, eta konpromiso-kredituetarako, berriz, 2.103.000 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

 

       Aipatutako erakunde autonomoen diru-sarrerei dagokienez, berriz, erakunde horietako bakoitzerako izendatutako ordainketa-kredituen guztizko zenbateko bera jasotzen da diru-sarreren egoera-orrietan ere. Bereziki, 935.000 euro sartu dira Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen diru-sarreren egoera-orrian; 1.070.475 euro Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren diru-sarreren egoera-orrian; 1.500.000 euro Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen diru-sarreren egoera-orrian; 200.000 euro Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen diru-sarreren egoera-orrian, eta 1.419.933 euro Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen diru-sarreren egoera-orrian, diruzaintzako gerakin berekiei dagozkienak.

 

4. Artikulua - Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren eta bere kudeaketa-baltzuen aurrekontua

 

       1.    Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren 2009. urteko ustiapen-aurrekontuan eta kapital-aurrekontuan, hurrenez hurren, 150.380.015 euroko eta 5.150.000 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta, aurreikusitakoaren arabera, diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.

 

       2.    Irrati eta telebistako zerbitzu publikoak kudeatzeko baltzu publikoen aurrekontuetan, honako zuzkidura hauek onartzen dira:

 


BALTZUAK

USTIAPEN AURREKONTUA

KAPITAL AURREKONTUA

Euskal Telebista AB

154.297.344

12.471.965

Eusko Irratia AB

19.955.649

300.000

Gasteiz Irratia AB

4.343.596

30.000

EITBNET SA

5.532.550

226.056

 

       3.    Irrati-telebistako zerbitzu publikoak kudeatzeko baltzu publiko horientzat aurreikusitako diru-baliabideek baltzu bakoitzerako onartutako zuzkiduren guztizko zenbateko bera izango dute.

 

       4.    Euskal Irrati-Telebista Erakunde Publikoa Sortzen duen maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 44. artikuluaren arabera, onartu egiten da Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren eta irrati eta telebistako zerbitzu publikoak kudeatzeko baltzu publikoen aurrekontu bateratua. Zuzkiduretan, 190.215.893 euro dagozkio ustiapen-aurrekontuari eta 13.028.021 euro, berriz, kapital-aurrekontuari, eta, aurreikusitakoaren arabera, diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.

 

5. Artikulua - Energiaren Euskal Erakundearen aurrekontua

 

       Energiaren Euskal Erakundearen ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, hurrenez hurren, 41.950.330 euroko eta 70.393.971 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta, aurreikusitakoaren arabera, diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.

 

6. Artikulua - Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoaren aurrekontua

 

       Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoaren ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, hurrenez hurren, 2.399.183.549 euroko eta 116.519.091 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Geroko konpromisoen egoerarako, berriz, 88.677.000 euro jasotzen dira; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

 

7. Artikulua - Uniqual-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aurrekontua

 

       Uniqual-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, hurrenez hurren, 1.467.444 euroko eta 62.000 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.

 

8. Artikulua - Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren aurrekontua

 

       Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, hurrenez hurren, 69.874.804 euroko eta 150.260.436 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Geroko konpromisoen egoerarako, berriz, 107.230.000 euro jasotzen dira; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

 

9. Artikulua - Uraren Euskal Agentziaren aurrekontua

 

       Uraren Euskal Agentziaren ustiapen-aurre­konturako eta kapital-aurrekonturako, hurrenez hurren, 25.535.646 euroko eta 74.283.235 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Geroko konpromisoen egoerarako, berriz, 167.019.692 euro jasotzen dira; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

 

10. Artikulua - Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontua

 

       Finantzen Euskal Institutuaren ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, hurrenez hurren, 4.955.625 euroko eta 183.945.000 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.

 

11. Artikulua - Gainerako baltzu publikoen aurrekontuak

 

       1.    Lege honen 4. artikuluan sartzen ez diren baltzu publikoen ustiapen-aurrekontuan eta kapital-aurrekontuan, onartu egiten dira baltzu bakoitzari dagozkion zuzkidurak, hurrenez hurren, 905.910.510 euroko eta 297.566.674 euroko zuzkidurak, eta geroko konpromisoen egoerari dagokionez, berriz, 210.981.899 euro; azken kreditu horiek 2009az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen l. eranskinean zehazten da.

 

       2.    Baltzu publiko horientzat aurreikusitako diru-baliabideek baltzu bakoitzerako onartutako zuzkiduren guztizko zenbateko bera izango dute.

 

       3.    Baltzu bakoitzaren ustiapen-aurrekontuan eta kapital-aurrekontuan aurreikusitako zuzkiduren eta diru-baliabideen zenbatekoak II. eranskinean zehazten dira.

 

12. Artikulua - Bermeak ematea eta birfinkatzea

 

       1.    2009ko ekonomia-urtean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak, gehienez, 50.000.000 euro erabili ahal izango ditu, edozein motatako eragiketetarako bermeak emateko.

 

       2.    2009ko ekonomia-urtean zehar, halaber, elkarren bermerako baltzuek euskal enpresei emandako abalak birfinkatu eta Luzaro KFE sozietateak euskal enpresa horiei emandako maileguak bermatu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak, abal eta maileguok laguntza-tresna baitira enpresek berezko fondoak lortzeko edo epe luzean finantzatzeko, betiere erakunde horiekin izenpeturiko hitzarmenen esparruan.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak, orobat, Europako Inbertsio Bankuak edo Europako Inbertsio Funtsak edo beste finantza-erakunde batzuek Luzaro KFEri edo erakunde laguntzaileei emandako finantzaketa bermatu ahal izango du, baldin eta azken hartzaileak euskal enpresak badira, betiere erakunde horiekin izenpeturiko hitzarmenen esparruan.

 

13. Artikulua - Zorpetze- eta finantza-eragiketak

 

       1.    Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri-motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak ezingo du gainditu ekitaldiaren hasierako dagokion saldoa, ez behintzat 300.000.000 eurotik gora.

 

       2.    Zuzenbide pribatuko erakundeen kanpo-zorpetzea ere, edozein agiri-motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak ezingo du gainditu ekitaldiaren hasierako dagokion saldoa, ez behintzat 205.000.000 eurotik gora; kopuru horretatik, 105.000.000 euro Finantzen Euskal Institutuari egokituko zaizkio, bere jarduerak finantzatzeko.

 

       3.    Diruzaintzako aldi baterako premiei aurre egiteko gauzatzen diren kreditu-eragiketei dagokienez, urtebeterako edo gutxiagorako baldin badira, eragiketa horiek ez zaizkie egotziko aurreko bi paragrafoetan aipatutako zenbatekoei.

 

II. TITULUA

GASTUEN EGOERA ORRIA

 

I. KAPITULUA

KREDITU MOTAK. BEREZITASUNAK

 

14. Artikulua - Kreditu handigarriak eta finantzabideak

 

       1.    Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 24, 25 eta 26. artikuluetan ezarritakoaren aurka jo gabe, lege honen III. eranskinean azaltzen diren kredituak handitu egin ahal izango dira 2009. urtean. Kredituok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen aurrekontuetan sarturik egon beharko dute. Bestalde, handitze-muga izango dute, hain zuzen ere, nahitaez onartu behar diren obligazioen zenbatekorainokoa.

 

       2.    Handigarritzat jotzen diren kredituen eta aipatzen diren gainerako kredituen gehikuntzek honako finantzabideak izango dituzte:

 

a)  Xede batera atxikitako eskubideen benetako bilketaren araberako gehikuntzak finantzatzeko, hasieran aurreikusitako diru-sarrerez gain jasotako diru-sarreren soberakinak erabiliko dira.

b)  Lurralde historikoek Estatuari ordaindu behar dioten kupoa neurri berean gutxitzea ekartzen duten gehikuntzak finantzatzeko, lurralde historikoek berek finantzatuko dute gutxitu den kopuru bera, betiere 2009rako ezarritako ekarpen-koefizienteen arabera.

c)  Finantza-modu zehatzik ez dutenak finantzatzeko, Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakiko du nola egin, betiere Ogasun eta Herri Administrazio Sailak proposatu ondoren.

 

       3.    Horrez gain, Jaurlaritzaren Kontseiluak diruzaintzako gerakinen kontura handitu ahal izango ditu "Zenbait sailen gastuak" sekzioko gastuen egoera-orrian azaltzen diren kreditu handigarriak, baita, hala badagokio, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako finantza-laguntza emateko plan eta programetatik sortutako finantza-premiak ere.

 

15. Artikulua - Konpromiso-kredituak

 

       2009. urtean, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, beharrezko diren aldaketak eginez, aurreko urteetan sortutako konpromiso-kredituen zenbatekoa egokitu ahal izango du, baldin eta kredituok finantza-eragiketak edo arriskuen estaldura-eragiketak gauzatzearekin zerikusia duten lankidetza-hitzarmen eta kontratuei badagozkie eta eragiketon urteko zenbatekoa korritu-tasaren edo antzeko beste adierazleen bilakaeraren araberakoa bada.

 

16. Artikulua - Aurrekontu-plantillak

 

       1.    Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko Legearen 20 eta 21. artikuluetan xedaturikoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere administrazio-erakunde autonomoen behin-behineko langileen, funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen plantillak onartzen dira, taldeka, kidegoka, eskalaka eta kategoriaka sailkatuta, eta hasiera batean aurrekontu hauen "Langileriari buruzko eranskinean" xedaturikoaren araberako aurrekontu-programa eta -sekzioei atxikita.

 

       2.    Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 22. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen aurrekontu-plantillak izaera mugatzailea izango du eta gehienezko muga erakunde horietako guztietako funtzionarioen, lan-kontratuko langile finkoen eta behin-behineko langileen kopuru osoa izango da.

 

       3.    Orokorrean, aurrekontu-plantillak langile-zuzkidura berriak sortuz aldatzen badira, behar beste zuzkidura amortizatu egin beharko dira horren ondorioz, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin.

 

       4.    Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Jaurlaritzaren Kontseiluak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren proposamenez, langile-zuzkidura berriak sortzeko baimena eman ahal izango du lanpostuen zerrendak honako arrazoi hauengatik aldatzen badira: eskumenen transferentziak benetan gauzatzen direlako, organo eta zerbitzu berriak sortzen direlako, kanporatutako eta azpikontrataturiko zerbitzuen kudeaketa zuzena egiten delako, lege-mailako arauak aldarrikatzen direlako, edo Gobernuak koiunturakoak ez diren planak, programak eta jarduera garrantzitsuak onartzen dituelako. Horretarako, finantziazio egokia eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen organoaren aldez aurreko aldeko txostena beharko da beti. Txostenean adierazi beharko da ezinezkoa dela premia berriei aurre egitea lanpostuak berratxikita, langileak berrizendatuta edo giza baliabideak arrazionalizatzeko eta antolatzeko bestelako baliabideak erabilita.

 

       5.    Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio langileen gastuen kredituetan beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, artikulu honetan xedaturikoaren arabera onartzen diren plantilla-aldaketetara egokitze aldera.

 

17. Artikulua - Eragiketa arruntetarako eta kapital-eragiketarako transferentzia eta diru-laguntzetarako kredituak

 

       1.    Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 66.3 artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, eta 2009. urterako bakarrik, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere administrazio-erakunde autonomoen aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan sartutako ordainketa-kredituek izaera mugatzaile eta loteslea edukiko dute artikuluaren mailan, sekzio eta programa bakoitzerako, ekonomiako sailkapenari dagokionez; aurrekontu horiek IV eta VII. kapituluei dagozkie, hain zuzen ere gastu arruntetarako transferentziak eta diru-laguntzak, eta kapital-eragiketetarako transferentziak eta diru-laguntzak biltzen dituzten kapituluei.

 

       2.    Aurreko paragrafoan ezarritakoa hori izanik ere:

 

a)  3211 programari –"Enplegua"– eta 3231 programari –"Prestakuntza"– dagozkien ordainketa-kredituek izaera loteslea edukiko dute kapitulu, sekzio eta programa mailan.

b)  7111 programari –"Nekazaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena"– dagokion ordainketa-kredituek izaera loteslea edukiko dute kapitulu, sekzio, zerbitzu eta programa mailan.

 

II. KAPITULUA

KREDITUEN ARAUAK. ALDAKETAK

 

18. Artikulua - Kredituen transferentzien arauak

 

       1.    Hurrengo paragrafoetan azaltzen diren berezitasunen aurka jo gabe, 2009. urtean, Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginak (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) arautuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko eta bere erakunde autonomoetako aurrekontu orokorretako kredituen transferentziak.

 

       2.    Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) zehaztutako kredituen transferentzien arauak ezarriko zaizkie bai 2009ko Aurrekontu arruntari, bai aurreko ekonomia-ekitaldietatik datozen gerakinei, betiere arau horretako 88. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren aurka ez badoa.

 

       3.    Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 69. artikuluan aipatzen diren transferentzien arauetako muga orokorrak ez zaizkie ezarriko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako finantza-laguntza emateko plan eta programei atxikitako kontu-sailetatik sortzen diren transferentziei, ez eta horretarako izendatutakoei ere. Kreditu horien barruan, era guztietako transferentziak egin ahal izango dira, bat ere mugarik gabe.

 

19. Artikulua - Bestelako aldaketak

 

       1.    Baltzu publikoen aurrekontuetan aldaketak sortzen badira, Proiektu Estrategikoen Fondoari dagozkion jardunak legezko bihurtzea onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordioren bat bete behar delako, edo Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako garrantzizko edozein plan, programa eta jardueraren ondorio direlako, Jaurlaritzaren Kontseiluak emango du aldaketa horietarako baimena, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak proposatuta.

 

       2.    2009ko ekitaldian, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak beharrezko diren aldaketak egin ahal izango ditu 01 sekzioko gastuen egoera-orrietan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Kontseiluaren Idazkaritzaren eta ordezkariaren gastuei erantzuteko beharrezko kredituak hornitze aldera, Lehendakariaren apirilaren 17ko 1/2007 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

 

III. KAPITULUA

LANSARIEN ETA HARTZEKO PASIBOEN ARAUAK

 

20. Artikulua - Lansarien gehikuntza

 

       1     Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, bere erakunde autonomoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako langileei dagokienez, 2009ko urtarrilaren 1eko ondorioekin lan-kontratukoak ez diren langileen urteko guztizko lansariek ezin izango dute, guztira, % 2tik gorako igoera izan 2008ko ekonomia-urtean ezarritakoaren aldean, bi erkaketa-aldietarako homogeneotasunerako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai eta lanaldi-motari dagokionez ere.

 

       2.    Lan-kontratukoak ez diren langileak honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, bere erakunde autonomoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako karrerako eta bitarteko funtzionarioak, bai eta Osakidetzako estatutupeko langileak ere.

 

       3.    Justizia Administrazioko langileen lansariez bezainbatean, langile horiei dagokien berariazko araudia aplikatuko da.

 

       4.    1. paragrafoan zehaztutakoa gorabehera, lanpostuaren edukian izandako aldaketengatik, programa bakoitzari atxikitako langile-kopuruan izandako aldaketengatik edo programa horiei ezarritako helburuen betetze-mailarengatik, lansari osagarrietan berariaz eta salbuespenez ezinbestean egin beharreko egokitzapenak gauzatu ahal izango dira. Era berean, paragrafo horretan zehaztutakoa gorabehera, lanpostuak antolatzeko eta sailkatzeko sistemak aplikatu ahal izango dira, eta sistema horiek ezargarriak izango zaizkie transferentzien bitartez euskal herri-administrazioetan sartzen diren edo sartuak diren langileei ere; orobat, sektoreetako berezitasun batzuk egokitu ahal izango dira, ordainsari-kontzeptuak ordainsarien egitura berriaren arabera periodifikatzeagatik, berregituratzeagatik edo egokitzeagatik.

 

       5.    Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz, lan-kontratukoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko lansariak ondoren adierazten direnak izango dira, ordainsari-kontzeptu bakoitzaren arabera:

 

a)  Langile bakoitzaren kidego edo eskala sailkatuta dagoen taldeari dagozkion soldata eta hirurtekoak, hamabi hilekori dagozkien ondorengo zenbatekoen arabera:

 

Taldea / Azpitaldea

Soldata

Hirurtekoak

A1

13.893,84

534,12

A2

11.791,68

427,44

B

10.233,72

372,48

C1

8.790,12

321,00

C2

7.187,40

214,56

E

6.561,84

161,04

 

b)  Aparteko ordainsariak, ekainean eta abenduan, soldataren eta hirurtekoen hileko baten zenbatekoarekin eta jasotzen duen destinoagatiko hileko osagarriaren zenbatekoarekin.

 

       6.    Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legea arte Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 43. artikuluan aurreikusitako titulazioko taldeei eta azpitaldeei erreferentzia egiten zieten funtzionario publikoek jaso beharreko ordainsariek, aurrerantzean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 2ko 7/2007 Legeko 76. artikuluan eta hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako lanbide-sailkapeneko taldeei egingo diete erreferentzia, eta lege honetan aurreikusten diren gehikuntzez beste ez dute inolako aldakuntzarik izango. Hona hemen sailkapeneko bi sistema horien artean dauden baliokidetzak:

 


6/1989 Legea

7/2007 Legea

A Taldea

A1 Azpitaldea

B Taldea

A2 Azpitaldea

C Taldea

C1 Azpitaldea

D Taldea

C2 Azpitaldea

E Taldea

Lanbide-taldeak

 

       7.    Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 79.1.a artikuluarekin bat etorriz, urteko destino-osagarria lanpostu bakoitzaren mailari dagokiona, honako hau izango da:

 


Maila

Urteko zenbatekoa

30

16.650,56

29

14.800,15

28

13.227,82

27

11.747,77

26

10.360,34

25

8.972,91

24

8.417,71

23

7.816,68

22

7.261,49

21

6.706,82

20

6.244,35

19

5.874,16

18

5.504,28

17

5.179,96

16

4.856,49

15

4.532,59

14

4.209,12

13

3.885,14

12

3.561,75

11

3.237,76

10

2.980,62

9

2.766,75

8

2.595,45

 

       8.    Artikulu honen lehenengo paragrafoan aurreikusitakoaren gehigarri gisa, lan-kontratukoak ez diren langileen guztizko lansariak % 1en gehikuntza izango du. Kopuru hori berariazko osagarria, edo kontzeptu egokia, igotzera bideratuko da, hurrengo ekonomia-ekitaldietan, osagarri horien egokitzapena progresiboki lortzeko. Egokitzapen horri esker, osagarri horiek urtean hamalau ordainsaritan jasoko dira, hamabi arrunt eta bi gehigarrizko, ekainean eta abenduan.

 

       Ondoriozko den kopurua urteko berariazko osagarriari erantsiko zaio, eta hamalau ordainsaritan banatuta jasoko da. Ordainsari horietatik, hamabi berdinak izango dira eta hilero jasoko dira; beste biak, berriz, ekainean eta abenduan jasoko direnak, Negoziazioko Mahai Orokorrean erabakitzen diren baldintzetan, edo, bestela, hilero jasotzen denaren hiru laurden izango dira. Baldin eta berariazko osagarria, edo kontzeptu egokia, hamalau hilekotan sortzen bada, ondoriozko den kopurua hamalau hileko horien artean banatuko da.

 

       9.    Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, bere erakunde autonomoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta baltzu publikoetako langileei dagokienez, 2009ko urtarrilaren 1eko ondorioekin lan-kontratukoak diren langileen guztizko lansariak ezin izango du, guztira, % 2tik gorako igoera izan 2008ko ekitaldian ezarritakoaren aldean. Hala ere, bestelako igoera bat gauzatu ahal izango da lanpostuaren edukiaren aldaketaren ondorioz, programa bakoitzari atxikitako langile-kopuruaren aldaketaren ondorioz, programa horiei ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz edo lana antolatzeko edo lanbide-sailkapeneko sistemen aldaketen ondorioz.

 

       Lan-kontratuko langileen guztizko lansariak esaten denean, hau adierazi nahi da, alegia, kasuan kasuko langileek 2008an zehar sortutako lansari guztiak (soldatazkoak nahiz soldataz bestekoak) eta gizarte-ekintzako gastu guztiak. Hala ere, badira zenbait salbuespen:

 

a)  Gizarte Segurantzako prestazioak eta kalte-ordainak.

b)  Enplegu-emaileak Gizarte Segurantzako sistemari ordaindu beharreko kotiza­zioak.

c)  Leku-aldatzeei edo kaleratzeei dagozkien kalte-ordainak.

d)  Langileak egindako gastuengatiko kalte-ordainak.

 

       10.  Aurreko paragrafoan jasotakoa, hortaz, 2009ko guztizko lansariei dagokien goi-muga da; hori, gero, negoziazio kolektiboaren bidez ezarri eta emango zaie banakakoei.

 

       11.  Guztizko lansarien aldaketak homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-motari, lanari eta gainerako lan-baldintzei dagokienez.

 

       12.  Aurrekoa gorabehera, 2. paragrafoko langileentzako erabakitzen den urteko kopuruaren parekoa aplikatuko zaie, bakoitzak duen mailaren arabera, lan-kontratuko langileei ere, eta, horretarako, haien guztizko lansaria horretarako behar bezainbeste igo beharko da, artikulu honetako 8. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

 

       13.  Aurreko paragrafoetan jasotako lansari-gehikuntza orokorraz gainera, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta bere erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta baltzu publikoek beren guztizko lansarien % 0,5 gehiago (gehienezko ehunekoa da hori) erabil dezakete beren esparruko langileen erretiroa jasota dakarten enpleguko pentsio-planetara ekarpenak egiteko edo taldekako aseguruak hitzartzeko.

 

       14.  Aurreko paragrafoetan aipatzen diren mugak kalkulatzeko, honako hauen gainean aplikatuko da portzentajea: lan-kontratukoak ez diren langileek ordainsari-kontzeptu jakin batzuetan (oinarrizko lansaria, destino-osagarria, berariazko osagarria, produktibitate-osagarria edo antzekoak) sortutako lansarien multzoari dagokion gastuaren gainean; eta 9. paragrafoan zehaztutako lan-kontratuko langileen guztizko lansariaren gainean, ondorio horietarako zenbatu gabe gizarte-ekintzako gastuak.

 

       15.  Lehendakariaren, lehendakariordearen, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinetsitakoen 2009ko ekitaldirako lansariek ez dute inolako gehikuntzarik izango, 2008ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, enpleguko pentsio-planak edo taldekako aseguruen kontratuak finantzatzera bideratutako kopuruak izan ezik eta antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntzari kalterik egin gabe.

 

       16.  Artikulu honetako lehenengo paragrafoan agertutako langileen aldean lansariak parekatuta ez dituzten behin-behineko langileen lansariek ere ez dute inolako gehikuntzarik izango, 2008ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, enpleguko pentsio-planak edo taldekako aseguruen kontratuak finantzatzera bideratutako kopuruak izan ezik eta antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntzari kalterik egin gabe.

 

       17.  Osagarri pertsonalek, aldi baterako osagarriek eta zerbitzuagatiko kalte-ordainek arau bereziak izango dituzte.

 

21. Artikulua - Ertzaintzako langileak

 

       1.    Kategoria bakoitzari dagokion destino-osagarriari egotziko zaio abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren bidez onartu zen Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzeko akordioaren 55. artikuluan ezarritako gehikuntza kontsolidatuaren kopuru osoa; kopuru horretan gutxitu egin beharko da aipatutako gehikuntza aldi baterako sartuta egon den berariazko osagarriaren osagai orokorra. Horrenbestez, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 74.1.a artikuluarekin bat etorriz, kategoria-maila bakoitzari dagokion destino-osagarriaren urteko zenbatekoa honako hau izango da:

 


Maila

Urteko zenbatekoa

1

6.708,29

2

7.541,52

3

7.923,19

4

10.268,46

5

11.076,38

6

12.863,77

7

13.627,63

8

15.531,19

 

       2.    Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakiko du zein den Ertzaintzako langileek guztira jasoko duten lansari osoa. Nolanahi ere, aurreko artikuluan ezarritako edukia eta irizpideak aplikatuko zaizkie.

 

22. Artikulua - Lansarien eta lanaldiaren egokitzapena

 

       1.    Lanpostu jakin baterako ordainsari-kontzeptuen multzoari dagokion guztizko kopurua da urteko lanaldiaren egiazko betetzea saritzen duen diru-hartukizuna. Lanaldia da, hain zuzen ere, enplegatu publikoak bere lanpostuan eta bere jarduera gauzatzen iraun behar duen denbora edo lanaldi moduan zenbatzen diren baimenak gozatzen dagoen aldia. Lanaldi hori ezarritako aldiaren azpitik dagoenean, lansariak ere proportzionalki murriztuko dira.

 

       2.    Lanegun ordaindutzat hartuko dira, baina ez lanalditzat, eta, beraz, errekuperatzekotzat, oporretako urteko atsedenaldiak eta norberaren gauzetarako baimena; gutxienez, 22 eta 6 egun izango dira atsedenaldiak eta baimena, hurrenez hurren, edo proportzionalki dagokion denbora, urteko zerbitzaldia txikiagoa izan bada. Aurrekoak bezalakotzat hartuko dira antzeko izaera juridikoa duten baimenak, salbu eta, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea indarrean sartu aurretik, baimen horiek errekuperatzekoak ez zirela izango itundu bazen.

 

23. Artikulua - Hitzarmen kolektiboak izenpetzeko baldintzak

 

       1.    Jaurlaritzaren Kontseilua izango da, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak txostena eman ondoren, honako hauek onartuko dituena: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lan-kontratuko langileen gain eragina duten hitzarmen kolektiboak, soldaten berrikuspenak edo lehendik izenpetuta dauden hitzarmenei oso-osoan edo zati batean atxikitzeko akordioak edo horietara zabaltzeko akordioak. Baltzu publikoetako edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako lan-kontratuko langileen gain eragina dutenean, berriz, izenpetu aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren aldeko txostena izango da beharrezko.

 

       2.    Aurreko paragrafoan zehaztutako ondorioetarako, dagokion akordio-proiektua bidaliko zaio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari, eta proiektuarekin batera, 2008. urteko guztizko lansariaren eta ordainsarien kuantifikazioa, eta 2009. urterako aurreikusitako guztizko lansariaren eta ordainsariena, bai eta proiektu horretan jasotako alderdi ekonomiko guztien balorazioa ere. Sail horrek, aipatutako dokumentazioa jaso eta gehienez hamabost eguneko epearen barruan, dagokion txostena egingo du. Txosten horretan, alderdi ekonomikoei dagokienez, gastu publikoaren arloan ondorioak dakartzaten gaiak jasoko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritako kontrol ekonomikoa gauzatzeko.

 

       3.    Erabat deusezak dira txostenaren izapidea egin gabe edo aurkako txosten baten kontra hartzen diren akordioak, bai eta hurrengo ekitaldietarako soldata-gehikuntzak dakartzaten itunak ere, baldin eta gehikuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren etorkizuneko legeek finkatzen dutenaren kontrakoak badira.

 

24. Artikulua - Baltzu publikoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako zuzendaritza-taldeetako kideak

 

       1.    Baltzu publiko eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako zuzendaritza-taldeetako kideen 2009ko ekitaldirako lansariek ere, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoaren mende dauden osasun-zerbitzuen antolakundeetako zuzendaritza-taldeetako kideenak izan ezik, ez dute inolako gehikuntzarik izango, 2008ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, enpleguko pentsio-planak edo taldekako aseguruen kontratuak finantzatzera bideratutako kopuruak izan ezik eta antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntzari kalterik egin gabe.

 

       2.    Artikulu honetan aipatzen diren langileek edozer dela-eta urtean jasoko dituzten gehienezko soldataren zenbatekoak, bermatu gabeko kopuruko pizgarriak barne direla, ezin izango dira Eusko Jaurlaritzako sailburuek urtean jasotzen dituzten lansari osoak baino handiagoak izan.

 

       3.    Goi Kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 4. artikuluko 2. paragrafoan agintzen dena betetze aldera, pizgarriak ebaluatzeko eta emateko irizpideak zehazterakoan honako hauek hartuko dira kontuan: baltzu edo erakunde publiko bakoitzaren urteko aurrekontuen eta ekonomia-urte bakoitzean aurrekontuekin batera doan urteko txostenean jasotako helburu kualitatiboen betetze-maila, bai eta erakundearen urteko kudeaketa-planaren eraginkortasuna ere, betiere zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta baltzu publikoetako zuzendaritza-taldeetako kideen estatutu pertsonala arautzeko den otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuak zehaztutakoaren arabera.

 

       4.    Baltzu publiko edo erakunde publiko bakoitzeko gobernu-organo eta administrazio-organo eskudunek erabakiko dute zein modu eta alditan ordainduko diren pizgarri horiek.

 

25. Artikulua - Hartzeko pasiboetarako kredituak

 

       1.    Indarrean dauden arau berezietan xedatutakoarekin bat etorriz bidezkoak diren kasuetan eta kopuruen arabera ordainduko dira pentsioak eta bestelako eskubide pasiboak.

 

       2.    Maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintza Dekretuaren aplikazioz hartzeko pasiboengatik sortutako pentsioei dagokienez, % 2 igoko dira eskatutako gabealdiak bete dituzten langileentzat, 2009ko urtarrilaren 1eko ondorioekin.

 

IV. KAPITULUA

ITUNPEKO IKASTETXEEN GASTUEI AURRE EGITEKO EKONOMIA MODULUA

 

26. Artikulua - Itunpeko ikastetxeen gastuei aurre egiteko ekonomia-modulua

 

       1.    Lege honen IV. eranskinean finkatzen dira hezkuntza-maila bakoitzaren moduluko osagaiak eta dagozkien zenbatekoak.

 

       2.    IV. eranskinean zehaztutako modulu ekonomikoek gehienezko muga ekonomikoak hartzen dituzte, eta muga horietan sartuta daude irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak.

 

       3.    Hala ere, ordainketa eskuordetua daukaten mailetan, irakasle bakoitzaren benetako antzinatasuna kontuan hartuta ordainduko da inoren kontura diharduten langileen eta kooperatibisten antzinatasuna.

 

       Ordainketa eskuordetuaren sisteman sartutako talde osoarentzako Gizarte Segurantzarako kotizazioa, era berean, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero zehazten diren kotizazio-tasen arabera egingo da.

 

III. TITULUA

DIRU SARREREN EGOERA ORRIA

 

I. KAPITULUA

FORU ALDUNDIEN EKARPENAK

 

27. Artikulua - Foru-aldundien ekarpenak

 

       2009. urtean zehar, foru-aldundiek Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan izendatutako kredituei eusteko egin beharreko ekarpenak 8.848.619.967 eurokoak izango dira, martxoaren 23ko 2/2007 Legean onartutako metodologiarekin bat etorriz.

 

28. Artikulua - Ekarpen-koefizienteak

 

       Aurreko artikuluan zehaztatutako zenbatekoari ondoko ehunekoak ezarriz ateratzen da lurralde historiko bakoitzak egin beharreko ekarpena:

 

ARABA:                        % 16,91

BIZKAIA:                      % 49,94

GIPUZKOA:                % 33,15

 

II. KAPITULUA

ZERGA IZAERAKO ARAUAK

 

29. Artikulua - Tasak

 

       1.    Oinarriaren ehuneko jakin bat finkatuta ez izateagatik edo oinarria moneta-unitateetan emana ez egoteagatik finkoak diren Euskadiko Ogasun Nagusiaren tasak igo egingo dira: 2008rako eskatzen ziren zenbatekoei, hain zuzen ere, 1,02 koefizientea aplikatzetik ondorioztatzen den kopururaino.

 

       2.    Arestian adierazitako koefizientea aplikatu ondoren, bi hamartar dituzten tasak behera doituko dira, hirugarren hamartarra bostetik beherakoa bada, eta gora, bostetik gorakoa bada.

 

       Sei hamartar dituzten tasei dagokienez, behera doituko dira, zazpigarren hamartarra bostetik beherakoa bada, eta gora, bostetik gorakoa bada.

 

IV. TITULUA

KONTRATATZEKO ETA GASTUA BAIMENTZEKO ARAUAK

 

30. Artikulua - Gastua baimentzeko arauak

 

       1.    Egitekoa den gastuari dagokion kredituaren izaera edozein izanik ere, 5.000.000 eurotik gorako gastuek Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko dute. Bada salbuespen bat, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoan sartutako erakundeetarako transferentziak egiten direnean edo Aurrekontuetan izen horrekin jasotako diru-laguntzak direnean; kasu bi horietan ez da baimenik behar izango.

 

       2.    Erakunde autonomiadunek, 1.000.000 eurotik gorako hasierako aurrekontua duten kontratuak egiteko, dagokien sailburuaren aldez aurreko baimena beharko dute, edo, aurreko paragrafoaren kasuan, Jaurlaritzaren Kontseiluarena.

 

31. Artikulua - Kontratatzeko arauak

 

       Kontratazioaren arloan, Jaurlaritzaren Kontseiluari egokituko zaio aurreko artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako zenbatekoaren gainetik dagoen aurrekontua duten kontratuak baimentzea. Kasu horretan, kontratua baimentzearekin batera, gastua ere baimenduko da.

 

V. TITULUA

LEGEBILTZARRARI EMAN BEHARREKO INFORMAZIOA

 

32. Artikulua - Aldizkako informazioak

 

       1.    Jaurlaritzak, Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginak (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) eskatutako informa­zioaz gainera, ondoko eragiketen berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hiru hilean behin:

 

a)  Aldi horretan emandako bermeen zerrenda, eta bermeen onuradunek bete beharrekoa bete izan ez dutelako aurre egin behar izan dien bermeei buruzko informazioa.

b)  Baltzu publikoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen egoera-balantzea, galeren eta irabazien egoera-orria, finantzaketa-taula eta, azkenik, ustiapen-aurrekontuak eta kapital-aurrekontuak.

 

       2.    Aurreko zenbakian aipatzen den informazioa hiruhileko bakoitzaren muga-egunean itxiko da eta aipatutako muga-egunaren hurrengo bigarren hilabeteko 15a baino lehen igorriko da Legebiltzarrera.

 

33. Artikulua - Bestelako informazioak

 

       Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hainbat eragiketaren berri emango dio, eragiketa horiek gertatzen diren hilaren hurrengoan. Hona hemen eragiketok:

 

a)  Egindako zorpetze-eragiketak.

b)  Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeei emandako urtebete edo gutxiagorako kreditu eta aurrerakinak.

c)  Itundutako zergetan foru-aldundi bakoitzak izandako diru-sarrerak, zergaka sailkatu eta zehaztuak.

d)  Proiektu Estrategikoen Fondoaren kontura emandako laguntzen zehaztapena.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Enpleguko eta prestakuntzako programen kontrola eta jarraipena

 

       Administrazioak, erakundeetan ordezkaritza duten enpresari-elkarteek eta indarrean dagoen legediaren arabera ordezkari gehien dituzten sindikatuek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikitako organo bat osatuko dute: hurrenez hurren enpleguari eta prestakuntzari dagozkien 3211 eta 3231 programak ezartzeko moduaren gaineko kontrola eta jarraipena egiteko.

 

Bigarrena - Etxebizitza eta lurzoru arloko finantza-neurriak

 

       1.    Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko araudian agindutakoa betetzeko, deskontuen bidez 2009. urtean zehar egingo dituen finantza-eragiketen zenbatekoak ezin izango du 210.000.000 eurotik gora egin.

 

       2.    Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio, etxebizitza- eta lurzoru-gaietako finantza-itunetatik eratorritako ordainketa-obligazioak segurtatu edo birmoldatzeko finantza-eragiketak ituntzeko eta kitatzeko, betiere Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako moduan.

 

Hirugarrena - Proiektu Estrategikoen Fondoa

 

       1.    Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) ezarritakoa gorabehera, Eusko Jaurlaritzak izaera estrategikoa duten proiektuak kalifikatuko ditu, proiektu horiek egin ahal izateko laguntzak emango ditu eta, horretarako, gastu-konpromisoak hartu ahal izango ditu, betiere gastu-konpromiso horiei finantza-babesa ematen badiete Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak erabakitako Proiektu Estrategikoen Fondoari egindako ekarpenek.

 

       2.    Laguntzen finantza-kudeaketa Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea SAren bidez edo, dagokionean, Finantzen Euskal Institutuaren bidez egingo da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren akordioan eta erakunde horiekin egindako akordioan xedaturikoaren arabera. Erakunde horiek, halaber, erakunde laguntzaile gisa jardungo dute, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 52. artikuluan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoaren ondorioetarako.

 

Laugarrena - Sustapenerako neurriak

 

       1.    Ekonomia sustatzeko egitasmoak, ikus-entzunezko produkzio-sektoreak sustatzeko egitasmoak, ikerketetarako egitasmoak, garapenerako egitasmoak eta berrikuntzarako egitasmoak ordaintzen laguntzeko bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailek hainbat berme, mailegu eta aurrerakin itzulgarri eman ahal izango dituzte.

 

       Kontuan hartu beharreko arauetan jartzen duen moduan eman beharko dira laguntza horiek. Eta Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean (irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) ezarritakoa gorabehera, hartarako eskumena duen erakundeak gastu-konpromisoak hartu ahal izango ditu halako laguntzak eman ahal izateko, baldin eta konpromiso horiek berekin dakarten finantzaketa-kostua eta aurreikusitakoaren arabera Administrazioak aurre egin beharreko arriskua dagozkien aurrekontu-kredituek babestuta badaude.

 

       2.    Laguntzen finantzaketa-kudeaketari dagokionez, aplikatu beharreko arauetan zehaztutako kaudimen- eta eraginkortasun-baldintzak betetzen dituzten pertsona juridikoen bidez edo, dagokionean, Finantzen Euskal Institutuaren bidez egingo da, eta arau horietan eta erakunde horiekiko lankidetza-akordioetan xedatzen den moduan. Erakunde horiek, halaber, erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izango dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 52. artikuluan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoaren ondorioetarako.

 

       3.    Xedapen gehigarri honen eraginez aurrekontuetako gastuen eta sarreren egoera-orrietan egin beharreko egokitzapen teknikoak egiteko baimena ematen zaio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari.

 

Bosgarrena - Euskal Autonomia Erkidegoaren jabetzako telekomunikazio-egituraren ustiapena

 

       Euskal Autonomia Erkidegoaren jabetzako telekomunikazioen egituraren ustiapenetik lortutako irabaziak zuzenbide pribatuko diru-sarreratzat jotzen dira, ez baitaude atxikita erabilpen edo zerbitzu publikoei, telekomunikazioen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera.

 

Seigarrena - Enpresen lehiakortasuna sustatzea

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokor eta instituzionalak industria-izaerako merkataritza-sozietateetan dituen partaidetzei dagokienez, baldin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak zehazten dituen baldintzen arabera irizten bazaio sozietateok bete dutela partaidetza horiek eskuratzea eragin zuten xede estrategikoa, egoki iritzitako funtsak eta finantza-tresnak sortzea bultzatzeko erabili ahal izango dira partaidetza horiek besterentzetik lortutako eta aurreikusi gabeko diru-sarrera eta finantza-baliabideak, funts edo finantza-tresna horien bidez Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren lehiakortasuna sustatzeko eta bereziki euskal enpresa-taldeak eratzea eta sendotzea babesteko.

 

       Ondorio horietako, baimena ematen zaio Jaurlaritzari, 2009ko ekitaldian eta aurrekontu- eta ondare-araubideari buruzko indarreko lege-xedapenetako baldintzetan, bidezko ondare-eragiketak egin ditzan eta eragiketa horietatik lortutako funtsak aurreko lerrokadan azaldutako jardueretara aplikatu ditzan.

 

       2.    Xedapen honetan aurreikusitakoa betetzeko garatzen diren jarduerak, nolanahi ere, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-sistema publikoaren baliabideak arrazionalizatzeko eta optimizatzeko ezarriko dituen jarraibideei atxiki beharko zaizkie, eta, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio publikoaren finantza-politikaren zerbitzura ezar daitezkeen gainerako tresnei.

 

Zazpigarrena - Etxebizitzarako subsidio osagarria

 

       1.    Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 28.5 artikuluan jasotako ondorioetarako, legez ezarritako moduan, Eusko Jaurlaritzak, gizarteratze arloan eskuduna den sailaren proposamenez, oinarrizko errentaren subsidio osagarriaren gehienezko urteko zenbatekoak finkatuko ditu, ohiko etxebizitza edo bizilekua eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko.

 

       2.    Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio xedapen gehigarri honen ondorioz egin beharreko aldaketak egiteko aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan.

 

Zortzigarrena - Mantenu-ordainketa bermatzeko funtsa

 

       1.    Jaurlaritzari baimena ematen zaio ezkontza-deuseztasuna, legezko ezkontza-banaketa, dibortzioa, izatezko bikotea hausturaz iraungitzea edo filiazio- edo mantenu-prozesuak gertatzen direnerako berme-funts bat sor dezan, funts horri dagokion aurrekontu-zuzkidurarekin, hitzarmen judizialki onartuetan edo ebazpen judizialean ezkontideari eta adingabeko seme-alabei aitortutako pentsio osagarriak eta mantenu-pentsioak ordainduko direla ziurtatzeko, konturako aurrerakinen sistema baten bidez.

 

       2.    Jaurlaritzaren Kontseiluak, hiru hilabeteko epean, aurrerakin horiek eskuratzeko baldintza eta eskakizunak arautuko ditu, bai eta aurrerakinok ordaintzeko eta itzultzeko prozedurak ere.

 

       3.    Autonomia Erkidegoko Administrazioa eskubide osoz subrogatuko da, ordaindutako aurrerakinen guztizko zenbatekoraino, onuradunak pentsio osagarriak eta mantenu-pentsioak ordaintzera behartuta dagoen pertsonaren aurrean dituen eskubideetan, eta zenbateko horrek izaera publikoko eskubidearen izatasuna izango du, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 40. artikuluaren ondorioetarako.

 

Bederatzigarrena - Bultzada euskal enpresen finantzaketari

 

       1.    Jaurlaritzari baimena ematen zaio euskal enpresek finantzaketa eskuratzeko laguntzen berariazko programa bat onar dezan, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren proposamenez, honako jarduera-lerro hauek ezarriz:

 

a)  Berme-funts berezi bat, gehienez 100.000.000 euroko zuzkidurarekin, euskal enpresen epe luzerako finantzaketa erraztera bideratua. Eragiketa horiek ez zaizkio egotziko lege honetako 12. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako mugari.

b)  Urte anitzeko finantzaketa-lerro bat irekitzea, banakako enpresaburu, autonomo eta enpresa txiki eta ertainentzat, gehienez 500.000.000 euroko zuzkidurarekin, honako hauei erantzuteko: zirkulatzailearen beharra, epe laburrerako zorra berritzea, epe laburrerako zorra epe ertain eta luzerako zorrera egokitzea, bai eta, dagokionean, inbertsio-planak bizkortzeko finantza-izaera duten jarduerak. Kreditu eta maileguen baldintzak Jaurlaritzak erabakiko ditu, edo, dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak, finantza-erakundeekin eta elkarren bermerako sozietateekin.

 

       2.    Jaurlaritzaren Kontseiluak zehaztuko ditu, era berean, kreditua iristeko baldintzak, onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna, interes-tasak, epeak eta programaren gainerako ezaugarri guztiak.

 

       3.    Neurri horiek Finantzen Euskal Institutuaren bidez gauzatu ahal izango dira, eta lege honetako 12. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren babesean izenpetzen diren hitzarmenen esparruan.

 

       4.    Era berean, aplikatzekoa izango da lege honetako laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa.

 

       5.    Baimena ematen zaio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari xedapen gehigarri honen ondorioz beharrezko diren aurrekontu-aldaketak egiteko, dela Administrazio orokorraren aurrekontuetan, dela Administrazio instituzionalarenetan.

 

Hamargarrena - Azpiegituretako proiektuak herri-onurako aitortzea

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoak irratiaren, telebistaren eta, oro har, gizarte-komunikabideen arloan dituen eskumenez baliatzeko beharrezko diren azpiegitura-proiektuak onartzeak, bai eta babes zibileko eta segurtasun publikoko zerbitzuen arloan dituenez baliatzeko beharrezko direnak onartzeak ere, inbertsioetarako kredituen kontura finantzatutako proiektuak baldin badira, berekin ekarriko du kasuan kasuko ondasunen herri-onura eta urgentziazko okupazioaren beharra aitortzea eta ondasun horiei dagozkien eskubideak eskuratzea, nahitaezko desjabetzeari, aldi baterako okupazioari edo zortasunak ezarri edo aldatzeari ekin ahal izateko.

 

       2.    Herri-onurako aitortzeak, era berean, erreferentzia egingo die proiektuaren zuinketan eta ondoren onar daitezkeen aldaketetan bilduta dauden ondasun eta eskubideei.

 

       3.    Ondorio horietarako, azpiegitura-proiektuetan eta proiektu horien aldaketetan azpiegituren definizioa jaso beharko da, eta azpiegiturak egiteko okupatu eta eskuratu beharrekotzat jotzen diren lursail, eraikuntza edo beste ondasun edo eskubideak zehaztu beharko dira.

 

Hamaikagarrena - Euskal funtzio publikoaren legeria egokitzea

 

       Lege hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasi eta sei hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko du euskal funtzio publikoari buruzko lege-proiektu bat Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legea indarrean sartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapenak egiteko.

 

Hamabigarrena - Inbertsioetarako kredituak baimendu eta erabiltzea

 

       Orokortasunez, gastuaren izaerak uzten duenean, inbertsioetarako kredituak eta inbertsio edo finantza-eragiketetarako transferentzietarako eta diru-laguntzetarako kredituak ekitaldiko lehen seihilekoan baimendu eta erabiliko dira. Baldin eta, aparteko arrazoiengatik, epe horretan baimendu eta erabili ez badira, erabili gabeko kredituak berriro izendatu ahal izango dira aurrekontu arloko eskumena duen sailak erabakitzen duen eran.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Garapena eta gauzatzea

 

       Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege honen garapenerako beharrezkoak diren xedapenak emateko. Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari dagokio xedapenok proposatzea.

 

Bigarrena - Indarrean sartzea

 

       Lege hau 2009ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

 

I. ERANSKINA

KONPROMISO KREDITUAK

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta erakunde autonomoen Aurrekontuko gastuen egoera-orriaren konpromiso-kredituak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta baltzu publikoen geroko konpromisoak, 2009. urtean sortutakoak.

 

III. ERANSKINA

KREDITU HANDIGARRIAK

 

       1.    I. kapituluko kredituetatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan diharduten langileei ordaintzeko direnak, horrela bete egingo baitira Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean ezarritako lansarien arauak.

 

       2.    Lan-kontratuko langileei ordaintzeko kredituak, baldin eta indarrean dagoen araubideari jarraiki erabakitako soldata-gehikuntzen ondorioz kredituok gehitu behar badira.

 

       3.    Benetan egindako zerbitzalditik eta Herri Administrazioan Egindako Zerbitzuak Aitortzeari buruzko abenduaren 26ko 70/1978 Legean xedatutakotik eratorritako hirurtekoak ordaintzeko kredituak.

 

       4.    Dauden lanpostu hutsak direla-eta urritu diren langile-zuzkiduren kredituak, baldin eta ezargarria den legediaren arabera betetzen badira lanpostu huts horiek.

 

       5.    Klase pasiboetako kredituak, betiere kredituok sortu ziren urtean zeuden betebehar espezifikoen aitortze-mailaren arabera eta indarrean dagoen araubideak ezarritakoari jarraiki.

 

       6.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak jaulkitako mota guztietako herri-zorraren beharkizunak betetzeko kredituak. Hona hemen beharkizunen jatorria: batetik, kapitalaren korrituak eta amortizazioa, eta, bestetik, herri-zorra jaulki, bihurtu, trukatu edo amortizatzeko eragiketek dakartzaten gastuak, langileria-gastuak izan ezik.

 

       7.    Hezkuntza arloan itundutako konpromisoak bermatzeko kredituak, bai eta konpromisoak finantzatzeko kredituak ere.

 

       8.    Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzeko kredituak.

 

       9.    Indarrean dagoen legediaren arabera, beste toki batean bizitzeagatik langileari dagozkion kalte-ordainak ordaintzeko kredituak, baldin eta kalte-ordain horiek jasotzeko eskubidea aitortu bada lanpostu horretarako.

 

       10.  Osasun Saileko aurrekontuan ospitalez kanpoko farmazia-laguntza, protesiak eta elbarrientzako ibilgailuak ordaintzeko izendatuta dauden kredituak.

 

       11.  Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legean oinarrizko errenta ordaintzeko ezarritako kredituak.

 

       12.  Indarrean dagoen legediaren arabera terrorismoaren biktimei diru-laguntzak eta laguntzak ordaintzeko kredituak.

 

       13.  Mehatxatutako pertsonak eta ondasunak zaintzeko eta horien segurtasuna bermatzeko zerbitzu osagarriak garatzeko kredituak.

 

       14.  Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko II. Plana garatzeko kredituak.

 

       15.  Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa ezartzeko kredituak.

 

       16.  Gastuen egoera-orriaren azalpen xehekatuan handigarri-izaerarekin zehazten diren kredituak.

 

       17.  Erakunde onuradunen funtzionamendu-gastuei aurre egiteko diru-laguntza nominatiboak, erakunde horiekiko finantziazio-konpromisoetako muga gainditu gabe.

 

       18.  Abokatu eta prokuradoreek atxilotuari legelari-laguntza emateko ofiziozko txandari dagozkion kredituak, eta etxeko indarkeriako txandari dagozkionak.

 

 

IV. ERANSKINA

ITUNPEKO IKASTETXEEN GASTUEI AURRE EGITEKO MODULU EKONOMIKOA

 

       1.    Lege honen 26. artikuluak aurreikusten duenaren arabera, itunpeko ikastetxeen ikasgela bakoitzeko modulu ekonomikoen osagaien urteko zenbatekoak honela geratuko dira hezkuntza-maila guztietarako, modulu betea daukaten gela itunduei dagokienez:

 

       2.    Moduluetako "Irakasle-gastuak" osagaia, hain zuzen, "Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuen hitzarmen kolektiboan" maila bakoitzerako gauzatzen den soldata-gehikuntzak osagai hori kalkulatzerakoan erabiltzen diren urteko soldata gordinean eta antzinatasunean duen eraginaren arabera aldatuko da, betiere horietako maila bakoitzean irakaskuntzako funtzionarioentzat ezartzen den soldata-gehikuntzaren muga orokorraren barruan.

 

       3.    Mudulu partzialak eguneratzeko jarraitu beharreko irizpidea izango da, hain zuzen, moduluetako bakoitzak erreferentziako bere modulu betearen gainean gelakako finantziazioan suposatzen duen ehunekoa mantentzea lege honekin onesten diren modulu bete ezberdinak ezarri ondoren.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra