19/1998 Legea, ekainaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzekoa.
1998-06-29Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/7/16, 133. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.
Indargabetua: 2004-04-01
§
225. 19/1998 LEGEA, EKAINAREN 29KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UNIBERTSITATEA
ANTOLATZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Gure unibertsitateak zeresan handia izan
du Euskal Herriko gizartearen, herri-bizitzaren, zientziaren eta teknologiaren
garapenean. Bide eman du milaka pertsonak prestakuntza izan zezaten, gure
herritarren ezaguera-maila hobetuz. Horrela hezitako profesionalek, produkzio
eta zerbitzuen sisteman sartuz, gizarte aberatsagoa, zuzenagoa eta berdintasun
handiagokoa sortarazi dute.
Nolanahi ere, unibertsitatea prozesu
konplexu batean murgilduta dago. Prozesu horrek, gure bilakaera historikoaren
emaitza besterik ez bada ere, ez dio beti bide berdinari jarraitu.
Ezarri den unibertsitate-eredua gure
herria gizarte moderno bihurtzeko alderdi nabarmen eta osagai adierazgarria
izan da, eta herritar guztiei irekita egoteagatik ere ez doa, eta ez du zertan
joan, kalitatearen eta bikaintasunaren aurka.
Aurkezten dugun lege honek ezin du ahantzi
XXI. mendearen atarira heldu arte ez diogula ekin unibertsitate-sistemaren
emaitzak ebaluatzeari. Gure inguruko gizarteetan, aldiz, sistema berraztertzen
ari diren arren, unibertsitate-tradizio luzea daukate. Euskal gizartea bere
geroari buruz ari da pentsatzen, eta pentsamendu horren barruan ezinbestekoa da
unibertsitateari buruzko gogoetak egitea eta unibertsitate-bikaintasuna
arrazoizkotzeko moduak zehaztea ezaguera-gizarteak agertzen dituen erronken
aurrean.
Botere publikoaren, unibertsitatearen eta
euskal gizartearen arteko kontratu sozialaren oinarriak jartzea da legearen
helburua. Kontratu horrek, bestetik, ateak ireki behar dizkie berrikuntzei,
kalitateari eta ezaguera-bilaketari.
Autonomia Estatutuari esker Euskal Herriak
eskumen zabalak hartu zituen irakaskuntzaren arloan -maila, gradu, modalitate
eta espezialitate guztietan- Estatuak beretzat gorde zituen eskumenei eta
legegileek unibertsitateari eman zioten autonomiari kalterik egin gabe.
Bestaldetik, euskal unibertsitate-sistemak
hiru unibertsitate hartzen ditu bere baitan: Universidad del País Vasco/Euskal
Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.
Aniztasun horrek, gure gizartearen ezaugarria denak, konplexutasuna eta
aberastasuna ematen dio euskal unibertsitate-sareari. Legegileen ahalmenak ere
ezberdinak dira kasu batzuetan eta besteetan, dagozkien eskumenak ere
ezberdinak baitira.
Autonomia Erkidegoak unibertsitatearen
onerako legeak egiteko daukan ahalmena mugatua da. Unibertsitate barruko
araudia Unibertsitatearen Erreformarako Legearen oinarrizko legediaren menpe
geratu da. Oinarrizko eta garrantzizko hainbat gai Autonomia Erkidegoaren
ahalmen arau-emailetik kanpo daude: besteak beste, irakasle-funtzioaren estatutua;
irakaslego-sistema, eta titulu ofizialak lortzea helburu duten ikasketa-planak
egin eta onartzea.
Horiek guztiak dira legearen aldetik
ditugun mugak. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoak baditu nahiko eskumen
guztion onerako esparrua taiutzeko.
Legearen helburuak honako hauek dira:
unibertsitate-sistemaren koordinazioa, unibertsitate-ikasketen eskaintzaren
programazio eta plangintza estrategikoa, euskararen erabilera sustatzea
irakaskuntzan, ikerkuntzan, administrazioan eta zerbitzuetan, ikerketa-politika,
eta eraginkortasun, nahikotasun eta segurtasun finantzarioaren printzipioetan
eta ekintzen kalitatean eta etengabeko ebaluazioan oinarritutako sistema
sortzea unibertsitatea finantzatzeko.
Atariko tituluan xedapen orokorrak jaso
dira. Xedapen horietan, Autonomiaren jabetzapeko zerbitzu publikotzat jotzen da
unibertsitatea. Horrela, Euskal Herrian prestazioak bermatzeko azken
erantzukizuna Autonomia Erkidegoari dagokio. Zerbitzu publikoa horrela
ulertuta, legeak unibertsitatearen eginkizunak eta herritar guztien eskubideak
zehazten ditu; izan ere, herritarrek hezkuntza jasotzeko eskubidea daukate,
eta, horretarako, aukera-berdintasuna bermatuko da, bai eta oinarrizko
eskubideak gauzatzeko dirulaguntzen programa ere. Bestaldetik ere, legeak gogoan
dauka legediak unibertsitate-erakundearen autonomia zedarritzen eta sustatzen
duela.
Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea
Antolatzeko Legeak Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua sortu du. Kontseilu hori,
autonomia-lurraldean kokatutako unibertsitate publiko eta pribatuen lankidetza,
aholkularitza eta partaidetzarako organoa da. Unibertsitatearen jarduera
bermatzea Autonomia Erkidegoari dagokio, eta unibertsitateari, zerbitzu
publikoa den aldetik, euskal gizartearen interes orokorrei erantzutea. Horiek
horrela, beharrezkoa da organo koordinatzaileak egotea, unibertsitateen
informazio-trukea errazteko, betiere unibertsitate bakoitzaren eskumenei
kalterik egin gabe, hartara lege honen helburu den sistema hobeto planifikatu
ahal izateko.
Legeak, Autonomia-Estatutuak eta
Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak abiarazitako bideari
jarraiki, unibertsitate publikoak hezkuntza-eskaintza elebiduna emateko
oinarriak jarri nahi ditu.
Euskalduntzeko berariazko programak
sortzea hautatzen du legeak arlo honetako unibertsitate-planei bultzatzen
laguntzeko, garrantzizko irizpide batzuen menpe jarriz. Horri dagokionez, gure
helburua hau da: guztion legezko eskubideak bermatzen dituen hezkuntza
elebiduna eskainiko duen unibertsitateari eustea, betiere unibertsitate berean
hizkuntza-ereduen araberako bi azpiunibertsitate sortu gabe.
Hizkuntza-aniztasunaren helburua irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen
prestakuntza bermatzea besterik ez da.
Lehenengo titulua unibertsitate publikoari
buruzkoa da. Unibertsitate-antolamenduaren helburua betetzeari begira, legeak
Unibertsitate-Planaren figura sortu du. Plan hori unibertsitateko irakaskuntza
publikoa antolatzeko berariazko tresna da. Plan horretan hainbat programa zehaztuko
dira lortu beharreko helburuak, indarraldia eta unibertsitateko ekintza-arlo
batzuk kontuan hartuz. Planak, antolatzeko tresna denez, irizpide objektiboak
proposatzen ditu, bai titulazio eta ikastetxeei dagokienez, bai lurralde
historikoei dagokienez ere.
Legea bere eskumen-esparruaren barruan
mugitzen da bete-betean, unibertsitatearen autonomia errespetatuz. Gobernuari
dagokio legezko testu honetan aurreikusitako programa-kontratuen bidez
finantzatu ahal izango diren jarduketak zehaztea, Gobernu-Kontseiluan
onartutako plana indarrean jartzea unibertsitatearen esku utziz.
Legeak kalitatea eskatzen du
unibertsitateko ekintza eta arlo guztietan. Hori dela eta, banan-banako
ordainsari osagarriak sortzeko asmoa dauka, irakaslana, ikerketa-lana edo garrantzizko
bestelako merezimenduak saritzeko.
Gobernuaren eta unibertsitate publikoaren
arteko elkarlanaren bila, legeak Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa
Koordinatzeko Kontseilua sortu du, Gobernuaren eta unibertsitatearen
partaidetzaz. Kontseilu horren helburua da unibertsitatearen arloko ekintza
guztien koordinazioa eta zerikusia duten guztien arteko akordioa batzuengana
eta besteengana helaraztea, bai eta erakunde horren aholkularitza eta
partaidetza bermatzea ere unibertsitate-sistema publikoaren xedeak eta
helburuak zehazteko garaian.
Legean badago kapitulu bat ikasleen
betebeharrak eta eskubideak jasotzen dituena. Eskubideak azpimarratzen dira
bereziki, batez ere hezkuntza jasotzeko eskubidea eta ikasteko askatasuna,
betiere honako hauek bermatzen direla: kontzientzia- eta adierazpen-askatasuna,
ebaluazio objektiboa izateko eta ebaluazioaren aurka jotzeko eskubidea -ikaslea
zuzena edo egokia ez delakoan badago- eta ikasgai bakoitzaren edukiak,
helburuak, metodologia, programa, bibliografia zein diren jakiteko eskubidea.
Legearen nahia da ikasteko askatasunak bere baitan jasotzea irakasleak
hautatzeko eskubidea. Unibertsitateari dagokio, bere egoera eta posibilitateen
arabera, aukera hori ebaluatzea titulazio bakoitzaren ezaugarrien eta eskueran
dituen baliabideekin bat etorriz.
Legeak arreta berezia eskaintzen dio
ikerketa-arloari. Izan ere, ikerketak gero eta garrantzi handiagoa hartu du
irakasleen lanean, departamentuetan eta institutuetan. Legeak ikerketaren alde
egiten du unibertsitateko berariazko egitekotzat hartuz. Oinarrizko ikerketak
eta ikerketa aplikatuak elkar osatzen dute zenbait ezaguera-esparru eta
espezialitate zientifiko eta akademikoren mugak argi bereizita ez dauden
neurrian.
Aldi berean, baina, legeak enpresekin eta
teknologia-zentroekin hitzartutako ikerketa bultzatu nahi du. Halaber, oztopoak
gainditzeko bideak jartzen ditu, finantza-laguntzarako programak aurreikusten
eta hitzartutako ikerketa sustatzeko aukerak zabaltzen. Helburu beraren bila,
esparru malgua zehaztu da unibertsitate publikoak aukera izan dezan
aholkularitza-, laguntza- eta zerbitzu-kontratuetan parte hartzeko, bai
erakunde pribatuentzat bai administrazio publikoentzat.
Adierazitako helburuak betetzeko,
beharrezkoa da euskal gizarteak unibertsitate publikoari agintzen dion
zerbitzua bermatzeko finantzazio-sistema publiko bat sortzea.
Legeak proposatzen duen finantzazio-eredua
hiru kontzeptutan banatzen da argi eta garbi: dirulaguntza arrunta, hau da,
dirulaguntza orokorra; programa-kontratuen bidezko finantzazioa, eta
inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programa berdintzeko
kontu-atala. Dirulaguntza arrunta aurretik finkatutako parametro batzuen
arabera kalkulatzen da. Programa-kontratuek, aitzitik, Unibertsitate-Planean
aurreikusitako programak eta ekintzak finantzatzen dituzte aurretik finkatutako
helburuen arabera. Azkenik, azpiegituretarako programak unibertsitateko
azpiegitura materialen beharrei erantzun nahi die, programa horren indarraldian
burutu beharreko ekintzak azpimarratuz.
Bigarren tituluan unibertsitate pribatuen
aitorpen-prozesua arautzen da, ikastetxeak sortzeko askatasunaren oinarrizko
eskubidetik datorren prozesua alegia, eta eskubide hori arautzeko irizpideak
eta baldintzak ezartzen ditu legean aurreikusitako baliabideak erabiliz.
Unibertsitate pribatuen aitorpenerako,
hasieran eman beharreko titulazioei dagokienez, unibertsitate publikoak
sortzeko eskatzen diren baldintza berdinak bete behar dira. Legean ezarritako
irizpidearen arabera, unibertsitate horiek gutxienezko titulazio-kopurua
mantendu beharko dute. Horrek ez du esan nahi hasierakoak beste batzuekin
ordezkatzea ez dagoenik, baina bai ezingo direla ezabatu matrikula egin dutenek
ikasketa akademikoak amaitu arte. Legeak, bestetik, honako hauek ere zehazten
ditu, entitate titularrari eusten dioten interesak gardenak izan daitezen:
nortasun juridikoa -sustatzaileenaz bestelakoa-, gutxienezko baltzu-kapitala,
eta kapital hori uztea edo eskualdatzea nahiz zerga-egintzak kontrolatzeko
bideak zehazten ditu.
Legeak gure unibertsitate-sistemaren
kalitatea egiaztatzeko eta birsortzeko bidea izan nahi du. Izan ere, kalitatea
ziurtatzeko modurik onena unibertsitateak burutzen dituen ekintza guztien
kanpoko ebaluazioan datza.
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Zerbitzu publikoa
Unibertsitateari dagokio irakaskuntza,
ikasketa eta ikerketaren bitartez unibertsitate-hezkuntzaren zerbitzu publikoa
garatzea.
2. Artikulua - Unibertsitatearen egitekoak
Gizartearen zerbitzura diharduen
unibertsitatearen egitekoak honako hauek dira:
a) Zientzia, teknika
eta kultura sortu, garatu, zabaldu eta kritikatu.
b) Prestakuntza
zientifikoa eta teknikoa eman, eta unibertsitateko ikasleek gaitasun
profesionala lor dezaten bideak jarri.
c) Oinarrizko
ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatu.
d) Profesionalak eta
espezializaziorako eta ezaguerak eguneratzeko goi-mailako prestakuntza eskatzen
duten beste gizataldeak etengabe prestatu.
e) Gizartean
ezaguera zabaldu, bereziki euskal kulturarena eta euskararena.
f) Hezkuntza-sistemaren
maila ezberdinen arteko koordinazioan parte hartu, batez ere bigarren
hezkuntzan eta goi-mailako lanbide-prestakuntzan.
g) Unibertsitate-sistema
produkzio- eta eta enpresa-munduarekin lotu.
h) Desberdintasun
sozialak eta kulturalak murrizteko eta emakumeen eta gizonezkoen arteko
berdintasuna lortzeko laguntza eman, borondatea eta gaitasuna duten pertsona
guztiei unibertsitate-prestakuntzan sartzea bermatuz.
i) Nazioarteko
trukaketa eta lankidetzarako laguntza eman.
3. Artikulua - Unibertsitate-irakaskuntzarako eta aukera-berdintasunerako
eskubidea
1.- Legez
ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek unibertsitatean
ikasteko eskubidea daukate berdintasunez, unibertsitateek -bere
eskumen-esparruaren barruan- goi-mailako irakaskuntzaren programazio
orokorragatik, prestakuntzaren eskaera sozialagatik eta unibertsitate eta
ikastetxeen instalazio- eta irakasle-baliabideengatik zehazten dituzten
irizpideen arabera.
2.- Gobernuak,
bai eta unibertsitateak ere, arrazoi ekonomikoak edo beste jatorrizko
desberdintasunak direla-eta inor bazterturik gera ez dadin, benetako
aukera-berdintasun politikak bultzatuko ditu, ikasleei bekak, laguntzak eta
kredituak eskainiz, eta campusetan behar hainbateko laguntza-politika bat
aurrera eramanez, oztopo ekonomikoak eta geografikoak murriztearren.
4. Artikulua - Unibertsitatearen autonomia eta erregimen juridikoa
1.- Botere
publikoen unibertsitate arloko esku-hartzeak eta, orokorrean, lege honetako
xedapenek eta garatuko duten gainerako arauek errespetatu egingo dute legeek
bermatutako unibertsitate-autonomia.
2.- Unibertsitatearen
autonomia askatasun akademikoaren printzipioan oinarritzen da. Printzipio hori
ikasketa-, ikerketa- eta katedra-askatasunean adierazten da.
3.- Unibertsitatearen
autonomiak irakasle, ikertzaile eta ikasleei beren erantzukizunak betetzeko
eskatzen die, gizarteak hezkuntza, kultura, zientzia eta lanbidearen arloan
dituen beharrei erantzuteari begira.
4.- Unibertsitatearen
autonomia legeen eta horiek garatzen dituzten arauen esparruaren barruan
gauzatzen da, eta unibertsitatearen estatutuen esparruan.
5.- Unibertsitateari
dagokio, bere eskumen-esparruaren barruan, legeetan eta
garapen-erregelamenduetan araututa ez dauden eta beste organo edo erakundeen
ardurapean ez dauden gaiak erregulatzea eta garapen-arauak ematea.
6.- Unibertsitatearen
estatutuak onartzea Gobernuari dagokio. Gobernuak ezin izango du aldaketarik
sartzeko eskatu edo onarpenari uko egin, behar bezala arrazoitutako
legezkotasun-irizpideengatik ez bada.
7.- Unibertsitateko
gobernu-organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak, baita ikasleen
eskubideen eta betebeharren garapena arautzen duten arauak ere, Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira eta ez dira indarrean jarriko
beren testu osoak argitaratu arte.
5. Artikulua - Hizkuntzen ofizialkidetasuna eta normalizazioa
1.- Unibertsitate
publikoak behar diren neurriak hartuko ditu unibertsitate-irakaskuntzan,
zientzia-ikerketan eta administrazio- eta zerbitzu-jardueran euskararen
erabilera berdintasun eta kalitatezko baldintzetan normalizatzeko, betiere
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean
hizkuntza-arrazoiengatik soilik zatiketarik ez sortzeko irizpidea errespetatuz.
2.- Unibertsitate
publikoak euskalduntze-programak egingo ditu Unibertsitate-Planean jasoko diren
titulazioetarako. Programa horiek programa-kontratuen kontura finantzatuko
dira.
3.- Euskalduntze-programek
honako irizpide hauekin bat etorri beharko dute:
a) Euskarazko
unibertsitate-ikasketen eskaintza ikasleen eskaerari egokitu behar zaio.
b) Gutxienezko ikasle-kopuru
bat finkatu behar da euskarazko ikasketak ematen hasteko edo aurretik daudenei
eusteko. Era berean, euskaldundu beharreko titulazio eta jakintzagaiak zehaztuko
dira, bai eta horien derrigorrezko edo aukerako ardaztasuna ere.
c) Ondo prestatutako
irakasleak egoteko bideak jarri eta alde horretatik izan daitezkeen beharrak
aurreikusi beharko dira.
4.- Unibertsitate
publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileei Euskeraren Erabilpena
Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean administrazio publikoen
zerbitzupeko langileentzat zehaztutakoa ezarriko zaie.
6. Artikulua - Euskadiko
Unibertsitate-Kontseilua
1.- Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua
unibertsitate publiko eta pribatuen lankidetza, aholkularitza eta
partaidetzarako organo gisa sortzen da, eta egiteko hauek izango ditu:
a) Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari aholku ematea
unibertsitate-sistemarentzat interes orokorrekoak diren gai guztietan, sailburu
horrek hala eskatzen dionean.
b) Unibertsitateko
ezaguera- eta prestakuntza-beharren berri izan eta horiei buruzko txostena
egitea, bai eta alderdi horiei dagokienez gizartearen eskaerari noraino
erantzuten zaion jakin eta horretaz txostena egitea ere.
c) Unibertsitate
bakoitzean ezarritako titulazio eta ikasketa-planen egoera eta bilakaeraren
jakitun izan eta horiei buruzko txostena egitea.
d) Ikasketa
eta ikerketarako beka eta dirulaguntzen arloko oinarrizko jarraibideen jakitun
izan eta horiei buruzko txostena egitea.
e) Unibertsitate eta enpresen
arteko harremanei eta Gobernuak horretarako proposatzen dituen neurriei buruzko
txostena egitea.
f) Orokorrean,
unibertsitateen arteko elkarlanari eta unibertsitate-sistemaren kalitate eta
nahikotasunari dagokienez interesgarritzat jotzen diren gaiak ezagutu,
proposatu eta horiei buruzko txostena egitea.
2.- Euskadiko
Unibertsitate-Kontseiluak Hezkuntza, Unibertsitate era Ikerketa sailburua
izango du buru. Gainontzeko kideak honako hauek izango dira:
a) Lau kide, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak izendatuta.
b) Unibertsitateen
errektoreak.
c) Unibertsitateetako
gizarte-kontseiluen presidenteak edo maila bereko kargudunak.
d) Bi
kide, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoreak
izendatuta.
3.- Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua
argibideak emateko eta eztabaidatzeko organoa da. Kontseiluak, egoki irizten
dien lan-batzordeak eratu ahal izango ditu jarduera ahalik eta onena izan
dadin.
4.- Kontseilua, gutxienez, sei hilabetean
behin elkartuko da, edo gutxienez bost kidek eskatzen dutenean.
I TITULUA
UNIBERTSITATE PUBLIKOA
I KAPITULUA
UNIBERTSITATEAREN ANTOLAMENDUA
I SEKZIOA
UNIBERTSITATE-PLANA
7. Artikulua - Antolamenduaren helburua
Unibertsitate-irakaskuntzaren
antolamenduaren helburuak honako hauek dira:
a) Unibertsitate-irakaskuntza
publikoaren zerbitzuaren kalitatea eta Euskal Herriko eta bertan bizi diren
pertsonen interes ekonomiko, sozial eta kulturalekiko egokitzapena bermatu.
b) Unibertsitate-programazioa
eta hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorra bateratu.
c) Gizarteak eskatzen
eta ikasleek adierazten duten ikasketa-eskaerari eta lan-merkatuaren beharrei
erantzun.
d) Unibertsitate-irakaskuntza
lurralde historikoetan orekaz garatu.
8. Artikulua - Unibertsitate-Plana
1.- Unibertsitate-Plana
unibertsitate-irakaskuntza publikoa antolatzeko Gobernuak onartutako berariazko
tresna da.
2.- Unibertsitate-Planaren indarraldia lau
urtekoa izango da eta unibertsitate-irakaskuntzaren egoera ebaluatuko du, bere
beharrak zehaztuko, eta indarraldirako helburuak eta lehentasunak ezarriko, bai
eta finantzazio-beharrak eta aurreikusitako dirusarrerak ere.
3.- Planaren
jarduera-programak hura indarrean den bitartean lortu beharreko helburuen
arabera zehaztuko dira. Plan honek ohiko finantzazioez gaindiko jarduera
guztiak subentzionatuko ditu.
4.- Unibertsitate-Irakaskuntza
Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, ikasturte bakoitza amaitzerakoan, txosten
bat egingo du planean aurreikusitako helburuak noraino bete diren eta aldaketak
sartzea beharrezko edo egoki den ebaluatuz.
9. Artikulua - Unibertsitate-Planaren programak
Unibertsitate-Planak, gutxienez, programa
hauek ezarriko ditu:
1.- Unibertsitateko
ziklo guztietan irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko programak.
2.- Titulazio
eta espezialitate berriak ezartzeko berariazko programak, haiek guztiz garatu
arte, bai eta, hala badagokio, aurrekoak eraldatzekoak eta ezabatzekoak ere;
orobat, fakultateak, goi-mailako eskola teknikoak eta unibertsitate-eskolak
sortzeko eta ezabatzeko berariazko programak.
3.- Ikerketa-programa
bereziak: euskal enpresei zuzendutako ikerketa-programa, errendimendu handiko
ikerketa-taldeentzako programa eta ikerketa-talde berriak garatzeko programa.
Zientifikoak eta teknikariak prestatu eta lortzeko eta
unibertsitate-ikerketarako behar den ekipamendu zientifikoa eskuratzeko
programak. Elkarlanean egindako ikerketa-proiektuei, bereziki unibertsitateaz
kanpoko ikerketa-erakundeekin egindakoei, laguntzeko jarduketak.
4.- Berariazko
euskalduntze-programak, unibertsitateak arlo horretan dituen planak
bultzatzeko.
5.- Unibertsitatearen
kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa hobetzeko programa, dirulaguntza
arruntean jaso ez diren jarduketei dagokienez.
6.- Irakasleak
eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak prestatzeko programa,
dirulaguntza arruntean jaso ez diren jarduketei dagokienez.
7.- Unibertsitatearentzat,
botere publikoentzat edo gizartearentzat garrantzizkoak diren jarduketei
buruzko programak.
10. Artikulua - Unibertsitate-antolamenduko irizpide eta helburuak
1.- Titulazioei
dagokienez, Unibertsitate-Plana honako irizpide eta helburuei egokituko zaie:
a) Ikasleek unibertsitate
aurreko hezkuntza-mailetan egindako ikasketak eta aukerabideak eta unibertsitateak
eskaintzen dituen titulazioak elkarri egokitzen saiatuko da.
b) Lanbide-jarduerarako bide
ematen duten lehen zikloko titulazioak garatuko dira lehentasunez, bai eta
bigarren zikloko ikasketei jarraipena ematen dietenak ere.
c) Titulazio berriak
ezartzerakoan eta aurreko titulazioak aldatzerakoan, gizarte-, produkzio- eta
zerbitzu-ingurunearen beharrei erantzungo zaie.
d) Titulazio berriak
ezartzerakoan, bestetik, kontuan hartuko da proposatutako titulazioei dagozkien
ezaguera-arloetarako irakasle gaituak eta ikerketa-taldeak dauden.
Titulazio berri bat ezartzea komenigarria
dela ikusten bada, baina horretarako irakasle gaiturik ez badago, titulazioa
ezarri aurretik irakasleak prestatzeko programa bat burutu beharko da.
2.- Ikastetxeei
dagokienez:
a) Bi zikloko edo bakarrik
bigarren zikloko titulu berriak ezartzen direnean, ahalik eta ikastetxe berri
gutxien sortzera joko da, baldin eta proposatutako tituluaren ezaguera-arlo
bereko tituluak lortzeko ikasketen administrazio-kudeaketaz eta antolakuntzaz
arduratzen diren ikastetxeak badaude.
Proposatutako ezarpena
proposatutako tituluen ezaguera-arlo bereko titulurik ez daukan campus batean
egiten bada, bi aukera daude: aurretik dagoen ikastetxeren bat eraldatzea edo
berri bat sortzea.
b) Orokorrean, ikastetxeen
egitura antolatzerakoan ikastetxe bakoitzak titulazio bat baino gehiago -ziklo
bateko eta bikoak- eskaintzera joko da, unibertsitate-eskaintzak ahalik eta
errentagarritasun handiena izan dezan.
3.- Titulazioen
lurralde-banaketari dagokionez:
a) lurralde historiko
bakoitzeko egoera sozioekonomikotik eta hori garatzeko planetatik datorren
titulazio-eskaera kontuan hartuko da.
b) lehen zikloko tituluak
lortzeko bide ematen duten ikasketak lurralde historiko batean baino gehiagotan
ezarri ahal izango dira, eskaeraren arabera eta lurralde historiko bakoitzean
lanbide-prestakuntza garatzeko jarraibideak kontuan hartuz.
Bigarren eta hirugarren
zikloko espezializazioa campus bakoitzean garatuko da, bertan ematen diren
titulazioen arabera.
c) Campus bakoitzean
eskainiko den toki-kopurua lurralde historikoaren biztanleria eta bilakaera
demografikoaren arabera zehaztuko da.
11. Artikulua - Unibertsitate-Plana gertatzeko prozedura
1.- Gizarte-Kontseiluak,
dagokion eskumen-esparruan eta Gobernu-Batzordearen proposamenez,
Unibertsitate-Planaren aurrerapen bat onartuko du eta Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Sailari bidaliko dio. Egitasmo horretan, lege honetan
aurreikusitako egitura eta edukiak jasoko dira.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak,
Unibertsitate-Plana egiteari begira, lege honetan aurreikusitako
programa-kontratuen bidez finantzatu litezkeen jarduketak bidaliko dizkio
unibertsitateari.
2.- Unibertsitate
Planaren aurrerapena aurkeztu eta hiru hilabeteko epean, Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Sailak unibertsitateak onartutako aurrerapen horri buruzko
txostena egingo du.
3.- Aurreko
idatz-zatian aipatutako txostena egin eta hilabeteko epean, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa
Koordinatzeko Kontseilua biltzeko deia egingo du, planari buruzko txostena egin
dezan. Erabakiak kontseiluko kideen gehiengo osoz hartuko dira, eta kontseiluko
buruaren botoak ez du ebazte-indarrik izango boto-berdintasuna izanez gero.
4.- Unibertsitate-Plana
onartzea Gobernuari dagokio, eta Eusko Legebiltzarrari bidali beharko zaio
arauzko tramitazioa komunikazio gisa egiteko.
5.- Unibertsitate-Irakaskuntza
Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, urtero, txosten bat egingo du programen
helburuak noraino bete diren eta planean aldaketak edo zuzenketak sartzea
beharrezko edo egoki den ebaluatuz. Unibertsitate-Planean egindako aldaketek
gastuaren igoera badakarte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak
Gobernu-Kontseiluari aurkeztu beharko dizkio, eta honek ezetsi edo onartu
egingo ditu.
II SEKZIOA
UNIBERTSITATEAREN
EGITURA
12. Artikulua - Ikastetxeak sortzea eta ezabatzea
Fakultateak, Goi-eskola teknikoak, unibertsitate-eskolak
eta unibertsitate-institutuak sortzea edo ezabatzea Gobernuari dagokio,
Gizarte-Kontseiluaren proposamenez eta Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa
Koordinatzeko Kontseiluak eta Unibertsitate-Kontseiluak txostena egin eta gero.
Onartzeko, beharrezkoa izango da Unibertsitate-Planak ikastetxe hori sortzeko
edo ezabatzeko aukera aurreikusi izana.
13. Artikulua - Ikastetxeak atxikitzea
1.- Gobernuak,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, goi-mailako
irakaskuntzako ikastetxeak unibertsitateari atxikitzeko baldintzak eta
prozedurak ezarriko ditu, unibertsitatearen egituraren barruan ez badaude.
2.- Titularitate
publiko edo pribatuko ikerketa-zentroak edo arte-sormenerako ikastegiak
unibertsitate-institutu gisa atxiki ditzake Unibertsitateak. Atxikitzea
hitzarmen bidez arautuko da, Unibertsitateko Gizarte-Kontseiluaren
proposamenez, eta Gobernu-Kontseiluak onartuko du, Unibertsitate-Kontseiluak
txostena egin eta gero.
Atxikitako ikastetxe eta
ikerketa-zentroetan, unibertsitateak bere dituen tituluak lortzeko bide ematen
duten irakaskuntzak eman ahal izango dira, betiere atxikipen-hitzarmenean
horrela hitzartu bada.
3.- Era
berean, Gobernuari dagokio, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren
proposamenez, oinarrizko legedian ezarritako baldintzak bete ondoren,
goi-mailako ikastetxe jakin batzuk unibertsitate bati atxikitzea onartzea,
baldin eta ikastetxe horien irakaskuntzek bide ematen badute beste estatu batzuetan
indarrean dauden hezkuntza-sistemen arabera lege honen 17. artikuluko a) letran
jasotako tituluekin homologagarriak diren tituluak lortzeko. Atxikipena, onartu
eta gero, ikastetxe eta unibertsitatearen arteko hitzarmenaz burutuko da.
Atxikipenak balioa izan dezan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak
onartu beharko du berariaz.
III SEKZIOA
KOORDINAZIOA
14. Artikulua - Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko
Kontseilua
1.- Unibertsitate-Irakaskuntza
Publikoa Koordinatzeko Kontseilua sortzen da, aholkularitza eta partaidetzako
organo gisa, unibertsitate publikoko sistemaren xedeak eta helburuak zehazteko.
Ondorengoak dira bere egitekoak:
a) Unibertsitate-Planari
buruzko txostena egitea lege honetan ezarritakoaren arabera eta Gobernuak behin
betiko onartu aurretik.
b) Titulazioak ezartzeko edo
ezabatzeko proposamenei buruzko txostenak egitea, baita ere ikasketa-planak
egiteko eta aldatzeko proposamenei eta ikastetxeak sortzeko edo ezabatzeko
proposamenei buruzkoak.
c) Unibertsitate-Plana nola
gauzatzen den aztertzea eta bete dadin zaintzea, eta, hala badagokio,
beharrezkoak diren aldaketak proposatzea.
d) Unibertsitateak bere
aurrekontuak egiterakoan, irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako
langilen zerrenda taiutzerakoan eta inbertsiorako eta azpiegituretarako urte
anitzeko programa burutzerakoan erabilitako irizpideen berri izatea.
e) Lege hau garatzeko ematen
diren Gobernuaren xedapen orokorren egitasmoei buruzko txostenak egitea.
f) Unibertsitate berriak
sortzeko eta aitortzeko prozedurei buruzko txostena egitea, dagokion
lege-egitasmoa Gobernuari bidali baino lehen.
g) Unibertsitate eta enpresen
artean harremanak sustatzea, horretarako bideak eta neurriak proposatzea eta
Gobernuak proposatzen dituen neurriei buruzko txostena egitea.
h) Ikasketa eta ikerketarako
beka eta dirulaguntzen arloko oinarrizko jarraibideei buruzko txostena egitea.
i) Lege honek eta
ordezkatutako erakunde eta organoek, bere egitekoekin bat etorriz, ematen
dizkiotenak.
2.- Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburua edo horren ordezkaria izango da
kontseiluko burua. Kontseiluko kideak honako hauek izango dira:
a) Kontseiluko
burua.
b) Bost
kide, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordez, sailaren titularrak
izendatuta.
c) Sei
kide, unibertsitatearen ordez:
- Unibertsitatearen
errektorea.
- Unibertsitateko
hiru kide, errektoreak izendatuta.
- Gizarte-Kontseiluko
presidentea.
- Gizarte-Kontseiluko kide
bat, interes sozialen ordezkarien artetik aukeratuta eta ordezkariek berek
izendatuta.
3.- Koordinazio-Kontseiluaren
jarduera-arauak kontseiluaren beraren erabakiz onartuko dira, eta
presidentearen botoak ez du ebazte-indarrik izango boto-berdintasuna gertatuz
gero.
II KAPITULUA
IKASKUNTZA ETA
IRAKASKUNTZA
I SEKZIOA
IRAKASKUNTZA
15. Artikulua - Irakaskuntzaren kalitatea
1.- Ikasleak
lanbide, zientzia, teknika, arte eta kulturaren arloan prestatzea eta ikerlanak
egitea unibertsitateak gizarteari ematen dion zerbitzuaren edukien zati
funtsezkoa dira.
2.- Unibertsitateak,
ikasketa-planak proposatu, egin, onartu eta ezartzerakoan, ezaguera-eskaerari
eta inguru sozioekonomiko eta profesionalaren beharrei erantzungo die.
Bestetik, irakaskuntza teoriko eta praktikoak irakasleen betebehar eta ikasleen
betebehar eta eskubide direnez uztartu beharko ditu.
Irakaskuntza praktikoak programatzerakoan
enpresa-elkarteen, administrazio publikoen eta elkargo profesionalen laguntza
jaso ahal izango da.
3.- Unibertsitateak,
Gizarte-Kontseiluaren laguntzarekin, irakaskuntza hobetzeko eta irakaskuntzen
kalitatea ebaluatzeko programak egin eta onartuko ditu, bere jarduera guztien
kalitatea kontrolatzeko programen barruan. Programa horietan unibertsitateaz
kanpoko aditu eta profesionalek parte hartuko dute.
4.- Ebaluazioak
kontuan hartuko dira irakaskuntza-osagarriak mantendu, kendu edo
berritzerakoan, bai eta ezar litezkeen beste ordainsari osagarrien ondorioetarako.
Ebaluazio horiek kontuan hartuko dira,
halaber, ematen diren irakaskuntzen kalitatean ikusten diren hutsuneak
zuzentzeko.
16. Artikulua - Unibertsitateko funtzioaren kalitate-osagarriak
Gizarte-Kontseiluak, Gobernu-Batzordearen
proposamenez, irakaskuntza eta ikerketaren beharrak zehaztuko ditu. Era berean,
irakaskuntzaren, ikerketaren eta erakunde-jardueraren arloan irakasleek
banakako ordainsari osagarriak jasotzeko eskubidea ematen duten garrantzizko
merezimenduak zehaztuko ditu.
17. Artikulua - Titulazioak
Unibertsitateak ematen dituen
irakaskuntzek honako titulu hauek ematea ekarriko dute:
a) Estatuak
homologatutako titulu ofizialak.
b) Unibertsitateak
bere dituen titulu eta diplomak, bere estatutuetan araututa.
c) Unibertsitateak
bere dituen tituluak, Autonomia Erkidegoaren aitorpena daukatenak eta
erregelamenduz zehaztutakoaren arabera ezarritako jarraibideekin bat etorriz
antolatu eta eman direnak.
II SEKZIOA
IKASLEEN ESKUBIDE ETA
BETEBEHARRAK
18. Artikulua - Xedapen orokorra
1.- Unibertsitateko
ikasleek sekzio honetan jasotako eskubide eta betebeharrak izango dituzte,
haiek berek edo haiek askatasun osoz aukeratutako ordezkariek bete
ditzaketenak.
2.- Ezin
izango da inor baztertu diru, arraza, sexu, sexu-joera, pentsakera, erlijio, naziotasun
edo beste edozein arrazoi pertsonal edo sozialengatik.
3.- Unibertsitatearen
estatutuek ikasleen eskubide eta betebeharrak garatuko dituzte, horiek
bermatzeko eta betetzeko xedapen, neurri eta prozedura egokienak ezarriz.
19. Artikulua - Oinarrizko eskubideak
Ikasle guztiek unibertsitateen
estatutuetan zehaztutako eskubideak dituzte. Besteak beste, honako hauek:
a) Ikasketak
aukeratzeko eta burutzeko eskubidea, indarrean dagoen legediak eta
unibertsitatearen arauek ezarritakoen arabera. Horretarako,
Autonomia-Erkidegoak eta unibertsitateak, ahal duten neurrian, laguntzeko
politikak egin eta onartuko dituzte inor diru-ezagatik baztertuta gera ez
dadin.
b) Matrikulatutako
ikasketak jasotzeko eskubidea, horretarako jarritako baliabideekin, eta prestakuntza-prozesuan
biziki parte hartzeko eskubidea.
c) Irakaskuntzak
ikasketa-planaren arabera askatasunez aukeratzeko eskubidea. Ikasketxeak, ahal
duten neurrian, irakaskuntza ikasleek irakaslea askatasunez aukeratzeko moduan
antolatzen saiatuko dira.
d) Askatasunez
ikasteko eskubidea, dagokion programan finkatutako edukien eta helburuen
arabera.
e) Unibertsitatean
laguntza jasotzeko eskubidea, irakasleek tutoretza-sistema eginkor baten
bitartez horretarako ezarrita duten ordutegian. Era berean, irakasleengandik
eta ikerketa-lanen zuzendariengandik zuzeneko laguntza jasotzeko eskubidea.
f) Kalifikazio
objektiboak jasotzeko eskubidea, kalifikazioak berraztertzeko eskatzeko eta,
unibertsitateak ezarritako prozeduraren arabera, kalifikazioa behin betikoa
izan aurretik aurkatzeko bideak erabiltzeko eskubidea.
g) Agintari
akademikoei ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko erreklamazioak eta
kexak egiteko eskubidea.
h) Aukerako
irakasgaien eta irakasgai libreen behar adinako eskaintza bermatuta izateko eskubidea.
i) Unibertsitatearen
barruan elkartzeko eta adierazpenak eta bilerak egiteko eskubidea, muga
bakarrak jarduera akademikoaren ohiko funtzionamenduarenak izango direla.
Unibertsitateak erraztasunak emango ditu ikasle-elkarteek gelak eta
diru-baliabideak izan ditzaten euren ekintzak garatzeari begira.
j) Unibertsitateko
organo guztien hautesle eta hautagai izateko eskubidea, sufragio unibertsal,
zuzen, berdin eta isilpekoaz.
k) Unibertsitatea
zuzentzeko eta kudeatzeko organoetan, ikastegietan, departamentuetan eta
institutuetan askatasunez hautatutako ordezkarien bitartez parte hartzeko
eskubidea. Era berean, ikasketa-, administrazio- edo ekonomia-kontuei buruz
edozein kide anitzeko edo kide bakarreko organori eskatutakoen berri jasotzeko
eskubidea izango dute.
l) Lege
honetan eta gainontzeko antolamendu juridikoan aitortutako edo ezarritako
eskubideak.
20. Artikulua - Betebeharrak
1.- Ikasle guztiek unibertsitateen estatutuetan
zehaztutako betebeharrak dituzte. Besteak beste, honako hauek:
a) Gainontzeko
unibertsitate-elkartearekin elkarlanean aritzea unibertsitatearen helburuak
lortzeari begira.
b) Ikastea
eta ikertzea, dagozkion ikasketa-planekin bat etorriz.
c) Besteen
legezko eskubideak errespetatzea eta besteek beren betebeharrak bete ditzaten
errespetatzea.
d) Unibertsitateko
zentro eta zerbitzuetan indarrean dauden arauak betetzea, bai eta
unibertsitatearen ondarea eta haien esku jarritako baliabideak egoki erabiltzea
ere.
e) Ordezkari
gisa dagozkien eginkizunak betetzea.
f) Diziplina
akademikorako arauak eta estatutuetan ezarritakoak betetzea.
2.- Unibertsitateek egin eta onartutako
diziplina-erregelamenduek honako hauek bermatuko dituzte: huts eta zigorren
sailkaketa-printzipioa, horien arteko heintasun-irizpideak, eta
espedientatuaren entzunaldi-eskubidea, leporatzen zaizkion auziei buruzko
arrazoibideak eman eta probak proposatzeko modua izan dezan, bidezkoa den
erabakia hartu baino lehen.
21. Artikulua - Ikasketei buruzko argibideak
jasotzeko eskubidea
Departamentuek
edo organo baliokideek eta, hala badagokio, unibertsitate-institutuek honako
hauek behar bezala jakinarazi beharko dituzte matrikulatzeko epea ireki baino
lehen:
a)
Irakasgai
edo jakintzagai bakoitzaren programa, gai bakoitzari dagokionez honakook
adieraziz: ardatzekoa, derrigorrezkoa, aukerakoa edo librea den; dagozkion
kredituak; bibliografia, metodoak eta helburuak.
b)
Irakaskuntza-eskaintza,
batez ere irakaskuntzak ematen dituzten irakasleak zeintzuk diren adieraziz
eta, irakaslea aukeratzea bermatuta ez dagoenean, irakaskuntzak zein taldetan
emango dituzten azalduz.
c)
Irakasgai
edo jakintzagai bakoitza berariaz ebaluatzeko irizpideak.
22. Artikulua - Irakaskuntzaren ebaluazioan
parte hartzeko eskubidea
1.- Ikasleek, ikasturte bakoitzaren amaieran,
irakasleek emandako irakaskuntzaren kalitatea ebaluatuko dute unibertsitateak
horretarako egindako proba-sistemaren arabera. Ikasleen ordezkariek parte
hartuko dute proben edukia egiterakoan.
Ikasleek
egindako ebaluazioak kontuan hartuko dira lege honen 15.4 artikuluan
aurreikusitako ondorioetarako.
2.- Departamentuen bitartez, ebaluazioen
emaitzen, kexen eta erreklamazioen berri emango zaie irakasleei, egoki diren
arrazoibideak emateko aukera izan dezaten.
III
KAPITULUA
IKERKETA
UNIBERTSITATEAN
23. Artikulua - Unibertsitatearen zeregina
Departamentuek,
unibertsitate-institutuek eta irakasleek burututako ikerketak bultzatu,
finantzatu eta ebaluatuko egingo ditu unibertsitateak.
24. Artikulua - Ikertzeko askatasuna
Irakasle
eta ikertzaileei, ikerketa-lanetan parte hartzen duten ikasleak barne,
ikertzeko askatasuna bermatzen zaie kontzientzia-askatasunaren indarrez, legeek
eta elkarte zientifikoaren kode edo arau deontologikoek ezarritakoez beste
mugarik gabe.
25. Artikulua - Ikerketa departamentu eta institutuetan
1.- Beren
jakintza-eremuari dagozkion ikerketa eta irakaskuntzak antolatu eta garatzeko
oinarrizko unitateak dira departamentuak.
2.- Unibertsitate-institutuak,
funtsez, ikerketa-zentroak dira. Institutu horiek sortzeko edo unibertsitatean
sartzeko honako hauek bete beharko dira:
a) Izen handiko ikertzaileen
zientzia-taldeak aldez aurretik egotea, egiaztatutako ikerketa-irizpideak
dituztenak.
b) Kalitate bikaina
egiaztatzea unibertsitateaz kanpoko ebaluazio baten bitartez.
c) Unibertsitate-institutuan
ordezkatutako zientzia-ezagueraren helburuaren interes estrategikoa.
d) Dirulaguntza arruntaz
kanpoko diru-baliabideak, erakunde publiko edo pribatuekin izenpetutako
ikerketa-kontratu edo -proiektuen bitartez lortutakoak.
e) Institutua sortuz lortu
nahi diren helburu zientifikoak unibertsitate-departamentu batean lortu
ezinaren zergatia.
3.- Unibertsitate-institutuak
sortzea eta ezabatzea Gobernu-Kontseiluari dagokio, Unibertsitateko
Gizarte-Kontseiluaren proposamenez eta Unibertsitate-Kontseiluak txostena egin
eta gero.
26. Artikulua - Irakasleak eta ikerketa
1.- Irakasle
doktoreek departamentu eta institutuetan ikerketa-lanak egiteko eskubide eta
betebeharra daukate, banaka edo beste ikertzaile edo irakasleen laguntzaz.
2.- Departamentuek,
aldi batean, irakaslanetik libre utz ditzakete irakasleak, egiten ari diren
ikerketengatik, betiere indarrean dagoen antolamendu juridikoan zehaztutakoaren
arabera.
3.- Indarrean
dagoen antolamendu juridikoan aurreikusitakoaz gain, unibertsitatearen
errektoreak, irakasleak aldi batean -urtebetez gehienez ere- beste
unibertsitate edo ikerketa-zentro publiko edo pribatuetara lekualdatzea erabaki
dezake unibertsitatearen edo departamentu eta institutuen aurrekontuen kontura,
ikerketa, garapen edo berrikuntzarako lanak egiteko, edo horrelako lanak
egiteko baliagarriak diren ezaguerak hartzeko. Proposamena egitea, nolanahi
ere, irakaslearen departamentuari dagokio, eta arrazoiak emanez egin beharko
du.
Horretan emandako denbora lanalditzat joko
da ondorio guztietarako.
4.- Unibertsitateak
ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu lan berezi eta denboraldi
jakinetarako. Ikerketa-proiektuen zuzendaritza-lanen kasuan, ikertzaile horiek
doktore-titulua izan beharko dute ezinbestean. Hautaketa, ahal dela, lehiaketa
publikoaren bitartez egingo da.
27. Artikulua - Ikerketa hitzartua
1.- Unibertsitateak
harremanak izan ditzake Euskal Herriko teknologi zentroekin, enpresen eta
baltzu zientifikoen ikerketa eta garapenerako (I+Grako) unitateekin eta
berrikuntza-jarduerak helburu dituzten bestelako erakundeekin. Elkarlan hori
hainbat modutan gauza daiteke: azpiegiturak batera erabiliz, langileak
trukatuz, ikerketa-proiektuak elkarrekin eginez, edo lortu beharreko
helburuetarako egokiak den beste edozein ekintza burutuz.
2.- Unibertsitateak,
bere barne-araudiaren arabera, ikerketarako proiektu edo hitzarmenak hitzartu
ditzake beste pertsona fisiko edo juridikoekin.
Unibertsitateak, hitzartutako ikerketa baimentzeko
irizpideak zehaztuko ditu, gazte ikertzaileak bertara sartzeari lehentasuna
ematen saiatuz, eta ekintza horiek ukatzeko ahalmena izango du departamentu edo
institutuaren irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunak behar bezala bermatzen ez
badira.
3.- Hitzartutako
ikerketa-hitzarmenak unibertsitatearen estatutuetan horretarako zehaztutako
ordezkariek izenpetu beharko dituzte. Hitzarmen horietatik etorritako
diru-kopuruak unibertsitatearen aurrekontuan sartuko dira.
28. Artikulua - Ebaluazioa
1.- Departamentuek
eta unibertsitate-institutuek, urtero, burututako ikerketa-ekintzei buruzko
txosten bat aurkeztuko diote unibertsitateari, estatutuetan araututakoaren
arabera. Txostena ikasturte bati buruzkoa izango da eta urtea amaitzerakoan
aurkeztuko da.
2.- Txosten
horiek dagokion ezaguera-esparruko zientzia-elkarteko kideek osatutako batzorde
burujabeek ebaluatuko dituzte bi urtez behin, irizpide objektiboekin.
Zientzialari horiek unibertsitatetik eta departamentu edo institutuarekin
harremanetan dauden edo egon diren zentroetatik kanpokoak izango dira.
3.- Unibertsitateak
ebaluazioen emaitzak argitara emango ditu Gizarte-Kontseiluaren bitartez, eta
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari bidaliko dizkio ebaluaturiko
biurtekoa amaitu eta hurrengo zortzi hilabeteen barruan. Ebaluazioak kontuan
hartuko dira Unibertsitate-Planean jasotako eta programa-kontratuen kontura
finantzatutako ikerketa-programetarako finantzabideei eutsi, baimena eman eta
uko egiterakoan.
IV KAPITULUA
FINANTZAZIOA
I SEKZIOA
DIRULAGUNTZA PUBLIKOA
29. Artikulua - Aurrekontu-dotazioa
1.- Gobernuak
erabakiko du, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez,
unibertsitateari entzun ondoren, aurrekontu-urte bakoitzean unibertsitateari
eman beharreko dirulaguntza, eta dotazio hori Autonomia Erkidegoko Aurrekontu
Orokorren lege-egitasmoan jasoko da eztabaidatzeko eta onartzeko.
2.- Unibertsitateari
dagokion aurrekontu-dotazioa hiru kontzeptutan banatuko da argi eta garbi:
- Dirulaguntza arrunta,
orokorra, irakaskuntza eta ikerketa arruntaren ohiko jarduera bermatzeko xedez.
- Programa-kontratuak
burutzeko kredituak, Unibertsitate-Planean jasotako helburu zehatzen arabera.
- Inbertsiorako eta
azpiegituretarako urte anitzeko programa hornitzeko kredituak.
30. Artikulua - Dirulaguntza arrunta
1.- Titulazio
bakoitzeko lehen kurtsoan sartu berriak diren ikasleen kopuruaren eta titulazio
bakoitzerako ikasleko batez besteko kostuaren arabera kalkulatuko da
dirulaguntza arrunta.
2.- Titulazio
bakoitzerako ikasleko dirulaguntza Aurrekontu Orokorrekin batera doan
unibertsitateari buruzko urteko txostenean jasoko da, eta honako parametro
hauek kontuan izanda zehaztuko da:
a) Irakaskuntza ezberdinen
esperimentaltasun-mailari dagokion esperimentaltasun-koefizientea.
b) Lehen kurtsoko
ikasle-kopurua eta kopuru horren proiekzioa ikasketak amaitzeko aurreikusitako
urteetarako. Horretarako, beharrezkoak diren zuzenketak egingo dira, titulazio
eta ziklo bakoitzerako errepikatzeko eta ikasketak bertan behera uzteko
ezarritako koefizienteen arabera.
c) Taldeko ikasle-kopurua,
matrikulatutako kreditu-kopurua ikasleko, irakasleen irakas-zama, irakasleen
banaketa kategoria ezberdinetan, eta irakasleen eta administrazioko eta
zerbitzuetako langileen arteko harremanak.
d) Irakasleen batez besteko
banakako kostua.
e) Administrazioko eta
zerbitzuetako langileen batez besteko banakako kostua.
3.- Artikulu
honetan ezarritako batez besteko kostua kalkulatzeko prozedura erregelamenduz
zehaztuko da unibertsitatearen eta Gizarte-Kontseiluaren iritzia entzun eta
Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoaren Koordinazio-Kontseiluak txostena egin
eta gero. Aurreko idatz-zatian adierazitako parametro bakoitzari ezarri
beharreko balioa zehaztuko du batez ere. Dena den, ateratzen den batez besteko
kostua zuzentzeko beste indize batzuk ezar ditzake, bereziki irakaskuntzaren
kalitatea hobetzeko.
31. Artikulua - Programa-kontratuak
1.- Programa-kontratuek
Unibertsitate-Planean jasotako programak eta ekintzak finantzatuko dituzte.
Sortzen diren ikastetxe eta titulazio berriak programa-kontratuen kontura
finantzatuko dira, guztiz ezarri arte. Gero, dirulaguntza arruntaren kontura
finantzatuko dira.
2.- Programa-kontratuak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Gobernuaren ordez, eta
unibertsitatearen errektoreak izenpetuko dituzte, 11. artikuluan
aurreikusitakoaren arabera.
3.- Programa-kontratu
ezberdinen kostuak, aurreikusitako finantzazio-iturriak eta programaren
indarraldirako aurreikusitako dirusarrera-kopurua balioztatuta, dirulaguntzak
emango dira gastu arrunten eta kapital-gastuen kontu-atalak bereiziz.
Kontratuetan honako hauek zehaztuko dira: programa bakoitzaren gaietarako
izendatutako fondoak eta, hala badagokio, lansari gisa izenda daitezkeen
diru-kopuruak programen helburua ikerketa edo hezkuntza-berrikuntza denean;
ebaluazio instituzionalaren irizpideak; indarraldia; suntsiarazteko arrazoiak,
eta ez betetzeagatiko erantzukizunak, transferitutako fondoen itzulketa barne.
4.- Programa-kontratuetatik
datozen konpromiso finantzarioak Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen onarpenaren
menpe egongo dira. Urtesari bakoitza dagokion aurrekontuan jasoko da.
5.- Programa-kontratuek
administrazio-izaera izango dute eta dirulaguntzen kontura finantzatuko dira.
Urtero berraztertuko dira lortutako helburuen arabera, eta, hala badagokio,
aurreikusitako helburuak bete ez badira, deuseztatu ahal izango dira.
32. Artikulua - Inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko
programa
1.- Inbertsiorako
eta azpiegituretarako urte anitzeko programaren helburua azpiegitura materiala
garatzea, hobetzea eta egokitzea da.
Programak honako hauek zeinkatu eta
arrazoitu beharko ditu: obren beharra, inbertsioa jasoko duen campusa,
inbertsioaren zenbatekoa eta aldiaren araberako sailkaketa eta beharrezkoak
diren gainontzeko ezaugarriak.
2.- Inbertsiorako
eta azpiegituretarako urte anitzeko programa unibertsitateak eta, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bitartez, Gobernuak hitzartuko dute.
Programa hori, unibertsitatearen aurrekontu-egitasmoari erantsirik, Gizarte-Kontseiluak
onartuko du.
3.- Unibertsitateari
dagokio programa burutzea Herri-Administrazioen Kontratuen Legean
ezarritakoaren menpe. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak programa
nola gauzatzen den ikuskatuko du, eta betetzeko egoki irizten dien neurriak
hartu ahalko ditu.
II SEKZIOA
TASA AKADEMIKOAK
33. Artikulua - Herri-prezioak
1.- Unibertsitatearen
Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 54.3 b) artikuluan
aipatutako tasa akademikoak eta gainontzeko eskubideak herri-preziotzat joko
dira eta tasa eta herri-prezioei buruzko legezko antolamenduaren menpe egongo
dira.
2.- Zenbatekoa
honela ezarri edo aldatuko da:
a)
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
sailburuaren aginduz, lege honen 17. artikuluko a) eta b) letretan adierazitako
tituluak lortzeko bide ematen duten irakaskuntzen kasuan, betiere
Unibertsitate-Kontseiluak ezarritako mugen barruan; baita ere titulu ofizialak
emateari, ikasketa-konbalidazioei, edozein egiaztapen-motari, konpultsei eta
idazkaritza-lanei dagozkien prezioen kasuan ere.
b) Gizarte-Kontseiluaren erabakiz unibertsitateak bere dituen eta 17.
artikuluko b) eta c) letretan aurreikusita dauden titulu eta diplomei
dagokienez.
34. Artikulua - Zenbatekoak zehaztea
Irakaskuntzari dagozkion tasa akademikoak zehazteko,
oinarrizko irizpide hauek erabiliko dira:
a) Irakasgai
bakoitzari esleitutako kreditu-kopurua, dagokion esperimentaltasun-mailaren
barruan eta zenbatgarren matrikula den kontuan hartuta (lehenengoa, bigarrena,
hirugarrena...).
b) Ikasturte osoko
edo irakasgaiko matrikula, edo, hala badagokio, kreditu solteak.
c) Irakasgaia
ardatzekoa, derrigorrezkoa edo aukerakoa den.
d) Irakasgaiaren
iraupena urtebetekoa, lauhilekoa edo hiruhilekoa den.
e) Zikloa.
35. Artikulua - Matrikula-salbuespenak
1.- Kide
ugariko familia ohorezko nahiz bigarren mailakoetako ikasleek ez dute tasa
akademikorik ordaindu beharko.
2.- Kide
ugariko lehen mailako familia duten ikasleek matrikularen tasa akademikoen
ehuneko 50a baino ez dute ordaindu beharko.
3.- Tasak
onartzeko aginduan edo akordioan bestelako salbuespen osoak edo partzialak ezar
daitezke, betiere arrazoirik gabeko bereizkeria ez badakarte beren baitan.
V KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-ERREGIMENA
36. Artikulua - Aurrekontu- eta kontabilitate-erregimena
1.- Gobernuak,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Ogasun eta Herri
Administrazio sailburuak proposatutako dekretuaren bidez, Unibertsitatearen
Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Legean aurreikusitako unibertsitatearen
aurrekontu- eta kontabilitate-erregimena onartuko du, Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrean ezarritako irizpide berdinak erabiliz.
2.- Transferentzien
erregimena Unibertsitatearen Erreformarako Legearen 55. artikuluan
zehaztutakoaren menpe egongo da.
37. Artikulua - Kontratazio-erregimen orokorra
1.- Unibertsitatea,
bai eta horren jardurte-mailako erakundeak ere, Herri-Administrazioen
Kontratuen Legean ezarritakoen menpe egongo dira.
2.- Unibertsitateek
negoziazio bidezko jardunbidez eskuratu ahal izango dituzte euren ikerketa-programak
garatzeko beharrezkoak diren ekipamendu-ondasunak, Gizarte-Kontseiluak
horretarako baimena eman eta gero.
38. Artikulua - Unibertsitatearen Erreformarako Legearen babespeko
kontratuak
1.- Unibertsitatearen
Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 11. artikuluaren
babespean erakunde publiko edo pribatuekin izenpetutako kontratuak
unibertsitatearen estatutuetan zehaztutakoaren arabera egingo dira.
2.- Gerta
litezkeen diru-ordainak unibertsitateko dirusarreratzat joko dira eta
dirusarreren aurrekontuan azaldu beharko dira Unibertsitatearen Erreformarako
Legearen 54.3. artikuluan eta unibertsitatearen estatutuetan ezarritakoaren
ildotik.
3.- Aurreko
idatz-zatian zehaztutakoak ez die kalterik egingo irakasleek edo ikertzaileek
oinarrizko legediaren arabera kontratu horien kontura jaso litzaketen lansari
osagarriei.
4.- Unibertsitateak
kontratuak ez betetzeaz erantzungo du, erantzuleen aurka jotzeko eta bidezko
diziplinazko ekintzak hartzeko eskubideari kalterik egin gabe.
39. Artikulua - Nahitaezko desjabetzea eta herri-onura
1.- Unibertsitatea
onuraduntzat joko da nahitaezko desjabetzeari buruzko legediaren
ondorioetarako.
2.- Unibertsitateko
zerbitzuak eta ekipamenduak jartzeko, zabaltzeko eta hobetzeko obra-proiektuak
herri-onurakotzat joko dira ondasunen nahitaezko desjabetzearen eta jartzeko
beharrezkoak diren eskubideen ondorioetarako.
3.- Obra-proiektua
Gobernuak onartu beharko du, eta onarpen horrek bere baitan ekarriko du
herri-onurakotzat jotzea eta okupazio-beharra adieraztea. Nolanahi ere,
ondasun, eskubideen eta horien jabeen zerrenda osoa jaso beharko duen
onarpen-akordio hori jendaurrean agertuko da hamabost egunetan, eta Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagokion lurralde historikoko aldizkari
ofizialean eta, gutxienez, dagokion lurralde historikoan gehien zabaltzen diren
egunkarietako batean argitaratuko da.
II
TITULUA
UNIBERTSITATE
PRIBATUAK
40. Artikulua - Unibertsitate pribatuak
1.- Edozein pertsona fisiko edo juridikok
sustatu ahal izango du unibertsitate pribatuen aitorpena.
2.- Horretarako, beharrezkoa izango da
oinarrizko legedian ezarritako tramiteak eta baldintzak betetzea.
3.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailak bideratuko du espedientea, eta aitortzeko beharrezkoak diren legezko
eskakizunak betetzen diren egiaztatuko du.
4.- Unibertsitate
pribatuek berezko nortasun juridikoa izango dute, euren sustatzaileenaz
bestelakoa. Ekintzak hasteko baimena eman baino lehen, baldintza hori bete dela
egiaztatu beharko da. Unibertsitatea sortzeko behar den berme finantzarioa ezin
izango da bostehun milioi pezetatik beherakoa izan. Sustatzailea
merkataritza-baltzua bada, berme finantzarioa ordezkatu ahal izango da, betiere
eratze-agirian baltzuaren hasierako kapitala (bostehun milioikoa gutxienez) eta
bazkide bakoitzaren partizipazioa agertzen baziren. Hasiera batean baltzuan
jarritako kapitala ezingo da guztizkoaren ehuneko 50etik beherakoa izan, eta,
nolanahi ere, hasierako ekintzak erabakitakoaren arabera burutzeko beste izan
beharko du.
41. Artikulua - Aitorpena
1.- Unibertsitate
pribatuen aitorpena legez egingo da, Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa
Koordinatzeko Kontseiluak, hala behar izanez gero, txostena egin eta gero.
2.- Aitorpenak
bere baitan darama erakundea gizarte-interesekotzat eta herri-onurakotzat
jotzea, bai eta nahitaezko desjabetzeari buruzko legediaren ondorioetarako
onuraduntzat jotzea ere.
42. Artikulua - Ekintzak hastea
Ekintzen hasiera Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa sailburuaren aginduz erabakiko da aitorpen-legea indarrean jarri
eta gehienez sei hilabeteko epean, betiere epe horretan titulu ofizialak
homologatu eta gainontzeko legezko eskakizunak bete direla egiaztatu bada.
43. Artikulua - Kontrola
1.- Unibertsitate
pribatuek bete beharreko arauak eta aitorpenerako bere gain hartutako
konpromisoak betetzen dituzten ikuskatuko du aldian-aldian Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.
Ekintzak hasi eta gero legezko
baldintzaren bat edo hartutako konpromisoren bat betetzen ez dela egiaztatzen
bada, sailak hiru hilabeteko epea emango du arauz kontrakoak zuzentzeko. Epe
horretan zuzendu ez badira, unibertsitateari, Unibertsitate-Irakaskuntza
Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta bidezkoak diren gainontzeko erakundeei
entzun eta gero, sailak ekintzak geldiarazi egingo ditu, guztiz edo zati
batean, eta horren berri emango dio Legebiltzarrari, hiru hilabeteko epean,
hala badagokio, aitorpena indargabe dezan.
2.- Honako
hauek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aurretiazko baimena behar
duten ekintzak dira:
a) Pertsona fisiko edo
juridikoek unibertsitate pribatuen gainean dituzten titularitatea guztiz edo
zati batean eskualdatzea edo uztea dakarten egintza edo negozio juridikoak,
baldin eta kostubidez edo doan, inter vivos edo mortis causa, erakunde
titularraren administrazio-batzordeko kide izateko eskubidea ematen badute.
b) Baltzu-kapitala
ordezkatzen duten jabe-agirien zerga-egintzak.
c) Obligazioen edo antzeko jabe-agirien
jaulkipena.
Idatz-zati honetan
unibertsitate pribatuentzat ezarritakoa unibertsitate publikoei atxikitako
ikastetxeei ere aplikatzekoa da.
3.- Aurreko
idatz-zatian zehaztutakoa betetzen ez bada, aitorpen edo atxikipenaren
funtsezko baldintzak aldatu egingo dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
sailburuak arau-hausteagatik bideratu beharreko espedientea bideratuko du, eta,
unibertsitateari entzun ondoren eta Euskadiko Unibertsitate-Kontseiluak
txostena egin eta gero, ekintzak geldiaraz ditzake, eta, hala badagokio, horren
berri emango dio Legebiltzarrari aitorpena indargabe dezan. Hori guztia hala
bada ere, aipaturiko ez-betetze horien ondorioz etor litezkeen erantzukizun
guztiak gauzatu ahal izango dira, diren arlokoak direla (administraziokoak,
merkataritzakoak, arlo zibil edo penalekoak).
4.- Titularitatea
guztiz edo zati batean aldatzeak ez du inoiz ere aitorpen-baldintzen eta
hartutako konpromisoen aldaketarik ekarriko.
44. Artikulua - Ikastetxe eta titulazioak aitortzea eta ezabatzea
1.- Unibertsitate
pribatuek bete egin beharko dituzte antolamendu juridikoak, egiturari
dagokionez, ikastetxe, titulazio eta mailetarako eskatzen dituen gutxienezko
baldintzak. Nolanahi ere, egitura hori aldatu ahal izango da ikastetxe berriak
aitortuz eta ezabatutako titulazioak ordezkatzen dituzten titulazio berriak
homologatuz.
Ezingo da inoiz ere titulazio jakin bat
ezabatu, harik eta titulazio horretan matrikulatutako ikasleek ikasketak amaitu
arte.
2.- Ikastetxeak
aitortzeko edo ezabatzeko, bai eta titulazioak ezabatzeko ere, beharrezkoa
izango da aurretik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimena.
Baimenak emateko ezinbestekoa da aurreko idatz-zatian ezarritakoa bermatzea
eta, hala egokituz gero, indarrean dagoen legediak ezarritako gainontzeko
baldintzak betetzea.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Unibertsitate pribatuak
1.- Unibertsitate
pribatuei zuzenean ezarriko zaie lege honen atariko tituluan jasotakoa (4.5,
4.6 eta 5. artikuluan ezarritakoa salbu) eta 15.1, 18, 19, 20 eta 21. artikuluetan
jasotakoa.
2.- Lege
hau indarrean jarri aurretik indarrean zeuden unibertsitate pribatuek lege
honen 41.2 artikuluan jasotako eskubideak, onurak eta izaera izango dituzte,
aurretik aitortuta zeuzkaten gainontzeko eskubideei kalterik egin gabe.
3.- Lege
hau Eliza Katolikoaren unibertsitateei aplikatzeko, Espainiako Estatuaren eta
Vatikanoaren arteko akordioetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Bigarrena - Izendapenen bakarreango erabilera
1.- Unibertsitate
gisa sortu edo aintzakotzat aitortutakoak baino ez dira unibertsitateak, eta,
horiek bestek ezin dute unibertsitate-izena erabili Autonomia Erkidegoan.
Beraz, unibertsitate publiko edo pribatuen barne dauden ikastetxeek edo
unibertsitate publikoei atxikitakoek bestek ezingo dute izendapen hori edo
antzekorik erabili, ez eta izendapen horretatik eratorritako hitzik ere.
2.- Aurreko
idatz-zatian zehaztutakoa eta, orokorrean, unibertsitateak eta
Unibertsitate-Ikastetxeak Sortzeko eta Aitortzeko apirilaren 12ko 557/1991
Errege-Dekretuaren 2. artikuluan zehaztutakoa ez betetzea oso arau-hauste
larritzat joko da Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Babesteko uztailaren 19ko
26/1984 Legearen 36. artikuluan ezarritakoen ondorioetarako, Bezeroaren
Araudiari buruzko azaroaren 18ko 10/1981 Legearen azken xedapenean berariaz
zehaztutakoaren arabera.
Hirugarrena - Atzerriko unibertsitateetan homologagarriak diren
irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatuak
1.- Unibertsitateetatik
eta unibertsitatei atxikitako ikastetxeetatik kanpoko ikastegi pribatuetan
tituluak lortzeko edo beste herrialdeetan edo atzerriko unibertsitateetan
indarrean dauden hezkuntza-sistemen arabera tituluak konbalidatzeko edo
homologatzeko emandako irakaskuntzek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailaren baimena beharko dute, Estatuko legedian atzerriko ikastetxeak
ezartzeko zehaztutako baldintza berdinekin.
2.- Baimena
eman aurretik honako hauek egiaztatu beharko dira:
a) Estatuko oinarrizko
legeetan ezarritako baldintzak betetzen diren;
b) ikastetxe horietan ikasten
dutenek dagokion atzerriko ikastetxe edo unibertsitatean ikasketa horiek
egiteko behar diren baldintzak betetzen dituzten;
c) tituluak eman, konbalidatu
edo homologatzen dituen ikastetxe edo unibertsitateak baliabide eta irakasleei
dagokienez eskatzen dituen baldintzak ikastetxeak betetzen dituen.
3.- Xedapen
honetan aipatutako ikastetxeek, lege hau indarrean jartzen denetik hasita,
gehienez urtebeteko epea izango dute aurreko baldintza guztiak betetzen
dituztela egiaztatzeko.
Baimena lortzen ez duten bitartean, ezingo
dute ikasleak bereganatzeko publizitatean edo kanpainetan atzerriko tituluak
edo titulu horien homologazio edo konbalidazioa aipatu.
4.- Aurreko
paragrafoan zehaztutakoa betetzen ez bada, ikastetxea itxi egingo da, baldin
eta arau-hausteaz ohartarazi ondoren, ematen dituen tituluen homologazioa edo
konbalidazioa publizitatean edo inprimakietan aipatzen jarraitzen badu.
Laugarrena - Unibertsitateko funtzio publikoa
Euskal Herriko Unibertsitatearen
zerbitzupeko langileei euskal funtzio publikoari buruzko xedapenak ezarriko
zaizkio, Unibertsitatearen Erreformarako Legean ezarritakoei kalterik egin gabe.
Bosgarrena - Estatuak unibertsitateak sortzea eta aitortzea
1.- Eusko
Jaurlaritzari dagokio Unibertsitatearen Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983
Lege Organikoaren 5.1 b) eta 58.1 b) artikuluetan aipatutako akordioak
onartzea.
2.- Unibertsitate
publikoei dagokienez, onespena emateko ezinbestekoa izango da Euskadiko
Unibertsitate-Planean Estatuak sortzea aurreikusi izana.
Seigarrena - Unibertsitate publikoei atxikitako ikastetxeetako
ikasleen tasak
Unibertsitate publikoei atxikitako
ikastetxe edo institutuetako ikasleek atxikipen-hitzarmenaren arabera dagokion
diru-kopurua ordainduko diete unibertsitateei ikasketa-espedientea eta
ebaluazio-proba direla-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak
onartzen duen tasa eta herri-prezioen aginduan zehaztutakoari jarraiki.
Zazpigarrena - Esperimentaltasun-koefizientea
Titulazio ofizialen
esperimentaltasun-koefizienteak dekretu bidez zehaztuko dira, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta eta unibertsitateak txostena
egin ondoren.
Zortzigarrena - Euskadiko zientzia- eta teknologia-planekiko
koordinazioa
Unibertsitateak indarrean dagoen 1997-2000
Zientzi eta Teknologi Planaren eta ondorengo planen esparruan jardungo du. Plan
horren eremuan ikerketa-programak eta sustapen-neurriak bultzatu eta
koordinatuko dira unibertsitate, enpresa, teknologi zentroen eta Euskadiko
Teknologi Sareko beste erakunde batzuen artean hitzartutako ikerketaren arloan.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu Bidezko Garapena
Ahalmena ematen zaio Gobernuari lege hau
garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduak egiteko.
Bigarrena - Universidad del País Vasco/Euskal Herriko
Unibertsitatearen estatutuak lege honetan ezarritakoari egokitzea
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko
Unibertsitateak, urtebeteko epean, lege honetan zehaztutakoari egokituko dizkio
bere estatutuak. Nolanahi ere, legea berehala aplikatuko da estatutuen aurka
doan guztian.
Hirugarrena - Xedapen orokorrak argitaratzea
Lege hau argitaratzen denetik hasi eta
gehienez hiru hilabeteko epean, Unibertsitateko idazkari nagusiak xedapen
horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu.
Epe hori amaitu eta gero ez dute inolako
indarrik izango, harik eta argitaratzen diren arte.
Laugarrena - Unibertsitate pribatuak aitortzeko berme finantzarioa
eguneratzea
Baimena ematen zaio Gobernuari
unibertsitate pribatuak aitortzeko 40.4 artikuluan ezarritako berme
finantzarioa eguneratzeko.
Bosgarrena - Indarrean jartzea
1.- Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunetara
jarriko da indarrean.
2.- Lehenengo
Unibertsitate-Plana lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean onartuko da.
Unibertsitate-Plana onartzen ez den bitartean eta dirulaguntza publikoa
zehazteari begira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lege honetan
ezarritako printzipio eta irizpideetan oinarritutako behin-behineko sistema bat
egin eta onartuko du, programa-kontratuak berehala negoziatu eta izenpetzeko
ahalmenari kalterik egin gabe.