18/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekonomialarien eta Merkataritza Tituludunen Elkargoak Bateratzekoa
2012-06-28Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/7/6, 132. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.
§ 349. 18/2012
LEGEA, EKAINAREN 28KOA, EUSKADIKO EKONOMIALARIEN ETA
MERKATARITZA TITULUDUNEN ELKARGOAK BATERATZEKOA
ZIOEN
AZALPENA
Ekonomialarien
Kontseilu Nagusia (ekonomialarien elkargoen eta merkataritza-tituludunen
elkargoen baterakuntza) sortzen duen Gorte Nagusien urriaren 4ko 30/2011 Legeak
xedatzen du ezen, kontseilu nagusi horren gobernu-organoak eratzen diren unean,
deuseztatu egingo direla Espainiako Ekonomialarien Elkargoen Kontseilu Nagusia
eta Espainiako Merkataritza Tituludunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Gorena.
Lege
horrek, gainera, hala xedatzen du: "Ekonomialarien elkargoen kontseilu
autonomikoak eta merkataritza-tituludunenak bateratzeko prozesuen araubidea,
bai eta ekonomialarien elkargoak eta merkataritza-tituludunen elkargo ofizialak
bateratzekoena ere, elkargo horiei aplikatzekoa den lanbide-elkargoei buruzko
Estatuko edo autonomia-erkidegoko legerian xedatutakoa izango da". Eta
eransten du: elkargo eta kontseilu autonomiko horiek "beren bateratzea
sustatuko dute dagokien autonomia-erkidegoan, aplikatzekoa den araudi
autonomikoan aurreikusitakoaren arabera" (3. artikulua).
Euskal
Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Autonomia Erkidego honi
eskumen esklusiboa esleitzen dio lanbide-elkargoen eta lanbide tituludunen
jardueraren arloan, Konstituzioaren 36 eta 139. artikuluetan xedatutakoari
kalterik eragin gabe.
Eskumen
hori baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Tituludun Lanbideei eta Profesionalen
Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea onetsi zuen.
Ekonomialarien
Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen
elkargo ofizialek bateratzea erabaki dute, haietako bakoitzaren Batzar
Orokorrak hartutako erabakiaren bitartez.
Aurretiko
jarduketetan hainbat formula hartu dira kontuan bateratze hori gauzatzeko balio
lezaketenak. Horien artean, bat-egitearen formulak egokiagoa zirudien elkargo
berri bat sortzeko helburua lortzeari begira, oraingo lau elkargoen ordez
(egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoa eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako
merkataritza-tituludunen hiru elkargo ofizialak).
Baina
bateratzetik sortutako elkargo berri horrek Ekonomialarien Euskal Elkargoa izan
behar du izena, kontseilu nagusi berriarentzat hartutako izenaren ildotik, eta,
beraz, elkargo bateratu berriaren izena ordeztu beharreko egungo elkargoetako
baten izen bera izango litzateke, oraindainokoan Ekonomialarien Euskal Elkargoa
esan izan zaiona, eta horrek nolabaiteko nahasketa sortzea dakar.
Bestalde,
bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargo berriaren eta oraindainoko
Ekonomialarien Euskal Elkargoaren arteko desberdintasunak behartu egiten zuen
oraindainokoaren ondarea eta langileria elkargo berriari pasatzera. Horrek
guztiak halako konplexutasun bat dakar, alferrikakoa baldin eta kontuan hartzen
bada izen berarekin identifikatu behar direla.
Anomaliarik
gerta ez dadin, eta izen bera luketenez gero bateratzetik sortutako elkargoak
eta oraindaino zeuden elkargoetako batek, erabaki da egungo Ekonomialarien
Euskal Elkargoa erabiltzea haren barruan merkataritza-tituludunaren lanbidea
eta merkataritza-tituludunak hartzeko, hartara elkargo bateratu berri bat
sortzea aurreikusita erdietsiko zatekeen emaitza bera lortzearren. Dena ere,
xedatzen den bateratze hori errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Xedapen
iragankorren bidez bateratze-sistema arautzen da, eta, horretarako, bi sistema
aurreikusten dira, lehentasunezkoa bat eta ordezkoa bestea.
Sistema
biek, erreferentzia gisa, hainbat gai jasotzen dituen bateratze-proiektu bera
daukate, bigarren xedapen iragankorrean azaltzen dena.
Lehentasunezko
bateratze-sisteman, bateratzen diren lau elkargoen gobernu-batzordeek, denak
ados direla, behin-behineko erregelamendu bat onesten dute bateratzetik
sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren abiarazte, antolaketa eta
funtzionamendurako, harik eta beraren estatutu berriak onetsi eta indarrean
diren arte. Hirugarren xedapen iragankorrak bateratze-sistema hori arautzen du.
Baina
gobernu-batzorde guztien onespen hori falta izanez gero, gerta daiteke sistema
hori ez aplikatzea; horregatik, beste bateratze-sistema bat aurreikusi behar
da, aurrekoaren ordez aplikatzekoa, lau elkargo inplikatuen erabateko
adostasunik ez dagoelako hura indarrean ezin jarri den kasurako. Laugarren
xedapen iragankorrak ordezko bateratze-sistema hori arautzen du, eta,
horretarako, bi organo espezifiko sortzen ditu: Batzar Kudeatzailea eta
Batzorde Kudeatzailea.
- Batzar
Kudeatzailean, bateratzen diren elkargoetako kide guztiak biltzen dira, eta
edozein elkargoren Batzar Orokorrak berezko dituen eskumenak esleitzen zaizkio,
baina bateratzeari dagokion bezainbatean; hala, Batzar Kudeatzaile horrek
batzar orokor bateratu bati legokiokeen lekua hartzen du, bateratze-prozesuak
irauten duen bitartean, eta aukera ematen du bateratzen diren lau elkargoetako
kide guztiek erabaki horietan parte hartzeko.
- Batzorde
Kudeatzailea egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako
eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialek izendatutako kideek
osatzen dute, eta 30/2011 Legeak ezarritako proportzionaltasuna gordetzen du,
hain zuzen ere ekonomialarien erakundeak eta merkataritza-tituludunenak
izendatutako kideei dagokienez lege horrek sortu zuen Batzorde
Kudeatzailearentzat ezarritako bera.
Adierazitako
guztiaren arabera, xedatzen da bateratzea Euskadiko ekonomialarien eta
merkataritza-tituludunen lanbide-elkargoak, segidan azaltzen den moduan.
Artikulu
bakarra. Elkargoak bateratzea
1. Xedatzen da bateratzea Euskal Autonomia
Erkidegoko ekonomialarien eta merkataritza-tituludunen elkargoak.
2. Horrek eragina izan dezan, egungo Ekonomialarien
Euskal Elkargoak zabaldu egiten du bere eremua, beraren barruan hartzeko
merkataritza-tituludunaren lanbidea eta merkataritza-tituludunak, halako eran
non Euskadiko elkargo bakarra izango baita ekonomialarientzat eta
merkataritza-tituludunentzat.
3. Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal
Elkargoak ekonomialariak eta merkataritza-tituludunak biltzen ditu, edozein
dela ere lanbidean sartzeko baliatu duten titulazioa, eta elkargoko kide
bakoitzak eskubide eta betebehar berdinak izango ditu haren barruan,
batzuetakoa nahiz besteetakoa izan.
4. Elkargoen bateratze honek ez du eraginik
izango ekonomialarientzat eta merkataritza-tituludunentzat onartuta dauden
lanbide-eginkizunetan.
Xedapen
Iragankorrak
Lehenengoa.
Bateratze-prozesua
1. Egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoa
bateratze-prozesutik sortutakoa izatera pasatuko da, hirugarren xedapen
iragankorraren azken paragrafoan adierazten den egunean edo laugarren xedapen
iragankorraren azken paragrafoan adierazten den egunean, aplikatzen den dataren
arabera.
Ordu
arte, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta
Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialek, eta orobat Euskadiko
Merkataritza Tituludunen Lanbide Kontseiluak, lege hau indarrean sartzen den
egunean indarrean duten arauketaren arabera funtzionatzen jarraituko dute.
2. Bateratzearen ondorioz, Ekonomialarien
Euskal Elkargoa subrogatuko da Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako
merkataritza-tituludunen elkargo ofizialen eta, beraz, Euskadiko Merkataritza
Tutuludunen Lanbide Kontseiluaren ondarearen, langileriaren, eskubideen eta
betebeharren titulartasunean. Subrogatuko da, bereziki, beste elkargo horiek
beren kideei buruz dituzten eskubide eta eginbehar guztietan.
Bigarrena.
Bateratze-proiektua
1. Bateratze-proiektuan gai hauek sartuko dira:
a) Egungo
Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetan sartu beharreko aldaketak,
bateratzetik sortutako elkargoa izan dadin.
b) Deialdia,
bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren Gobernu Batzordea
osorik berritzeko, eta horretarako hauteskunde-araubidearen zehaztapena.
c) Egungo
Ekonomialarien Euskal Elkargoaren aurrekontuan sartu beharreko aldaketak,
bateratzetik sortutako elkargoa izan dadin.
d) Egungo
Ekonomialarien Euskal Elkargoaren ondarean, langilerian, eskubideetan eta
betebeharretan sartu beharreko aldaketak, bateratzetik sortutako elkargoa izan
dadin. Horretarako, zehaztu egin beharko dira bateratzearen ondorioz
Ekonomialarien Euskal Elkargoa titulartasunean subrogatzen zaien Bizkaiko, Gipuzkoako
eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialen ondarea, langileria,
eskubideak eta betebeharrak.
2. Bateratze-proiektua onesteko, aukeratzen den
bateratze-sistemarako xedatutakoari jarraituko zaio.
Hirugarrena.
Lehentasunezko bateratze-sistema
1. Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal
Elkargoaren araubidea, haren estatutu berriak onetsi eta indarrean izan arteko
abiarazte, antolaketa eta funtzionamenduari dagokion guztian, behin-behineko
erregelamendu bat izango da, bateratzen diren aurreko elkargo guztien
gobernu-batzorde guztiek (egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoarenak eta
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen hiru elkargo
ofizialenek) onetsia.
2. Behin-behineko erregelamendu horretan,
bigarren xedapen iragankorrean azaltzen den bateratze-proiektuaren osagaiak
jasoko dira.
3. Aurreko bigarren xedapen iragankorraren a)
letran aipatzen diren estatutuetan sartu beharreko aldaketak Eusko
Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak onetsiko ditu behin
betiko, elkargoen estatutuen aldaketetarako ezarrita dagoen arauketaren
arabera.
4. Aurreko bigarren xedapen iragankorraren b)
letran aipatzen den Gobernu Batzordea osorik berritzeko hauteskunde-araubidea
behin-behineko erregelamendu horretan zehazten dena izango da, eta egungo
Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetako arauketan inspiratuta egon
beharko du. Halako zehaztapenik ez badago, Gobernu Batzordea osorik berritzeko
hauteskunde-araubidea egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetakoa
izango da.
5. Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal
Elkargoaren organoak aurreko paragrafoen arabera eratzen diren egunean,
bete-betean halako elkargo gisa funtzionatzen hasiko da hura. Une horretara
arte, aurreko elkargoek eta kontseiluak jarraituko dute bete-betean
funtzionatzen, diren elkargo eta kontseilu gisa. Une horretan bertan,
deuseztatuta geldituko dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako
merkataritza-tituludunen elkargo ofizialak eta, beraz, Euskadiko Merkataritza
Tituludunen Lanbide Kontseilua, eta Ekonomialarien Euskal Elkargoa subrogatuko
da elkargo horien eta kontseiluaren ondarean, langilerian, eskubideetan eta
betebeharretan.
Laugarrena.
Ordezko bateratze-sistema
1. Baldin eta hirugarren xedapen iragankorrean
aurreikusitako behin-behineko erregelamendua onesten ez bada lege hau indarrean
sartu eta hilabeteko epean, laugarren xedapen iragankor honetan aurreikusitako
bateratze-sistemari jarraituko zaio.
2. Horretarako, organo hauek sortzen dira:
a) Batzar
Kudeatzailea, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoko eta Bizkaiko, Gipuzkoako
eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialetako kide guztiek osatua.
b) Batzorde Kudeatzailea, bost kidek osatua.
Kideotako hiru egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren Gobernu Batzordeak
izendatuko ditu, eta bi Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako
merkataritza-tituludunen elkargo ofizialen hiru gobernu-batzordeek aho batez,
aurreko 1. paragrafoan aurreikusitako hilabetea igarotzen denetik hilabeteko
epean. Gainera, Batzorde
Kudeatzailea osatzen dutenen artean izango dira lehendakaria eta
lehendakariordea.
c) Organo
bietako lehendakari, lege hau indarrean sartzen den egunean Ekonomialarien
Euskal Elkargoko lehendakari dena izango da; eta organo bietako lehendakariorde,
egun horretan Bizkaiko Merkataritza Tituludunen Elkargo Ofizialeko lehendakari
dena, azken horren kargua Gipuzkoako elkargokoak eta Arabakoak hartzen
dutelarik, hurrenez hurren, bakante, gaixotasun, absentzia edo legezko
eragozpen baten kasuetan.
3. Eratzen denetik hiru hilabeteko epean,
Batzorde Kudeatzaileak egingo du, gehiengo soilez, bigarren xedapen
iragankorrean azaltzen den bateratze-proiektua.
Egin
eta gero, Batzorde Kudeatzaileak Batzar Kudeatzaileari bidaliko dio
bateratze-proiektua, eztabaidatu eta, hala badagokio, onets dezan.
Aurreko
bigarren xedapen iragankorraren a) letran aipatzen diren estatutuetan sartu
beharreko aldaketak, Batzar Kudeatzaileak onetsi ondoren, Eusko Jaurlaritzako
Justizia eta Herri Administrazio Sailak onetsiko ditu behin betiko, elkargoen
estatutuen aldaketetarako ezarrita dagoen arauketaren arabera.
4. Batzorde Kudeatzaileak, egungo
Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako
merkataritza-tituludunen elkargo ofizialetako bakoitzak Batzar Kudeatzaileari
proposatu ahalko diote, edozein unetan, bateratze-prozesuari buruzko zeinahi
kontu.
5. Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal
Elkargoaren organoak aurreko paragrafoen arabera eratzen diren egunean,
bete-betean halako elkargo gisa funtzionatzen hasiko da hura. Une horretara
arte, aurreko elkargoek eta kontseiluak jarraituko dute bete-betean
funtzionatzen, diren elkargo eta kontseilu gisa. Une horretan bertan,
deuseztatuta geldituko dira Batzar Kudeatzailea eta Batzorde Kudeatzailea, eta
orobat Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo
ofizialak eta, beraz, Euskadiko Merkataritza Tituludunen Lanbide Kontseilua,
eta Ekonomialarien Euskal Elkargoa subrogatuko da elkargo horien eta
kontseiluaren ondarean, langilerian, eskubideetan eta betebeharretan.
Azken
Xedapen Bakarra
Indarrean
sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean
sartuko da indarrean.