Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

18/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, drogamenpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzkoa.

1998-06-25

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1998/7/14, 131. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.

§ 224. 18/1998 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, DROGAMENPEKOTASUNEN ARLOKO AURREZAINTZA, LAGUNTZA ETA GIZARTERATZEARI BURUZKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      Drogak kontsumitzea gertakari konplexua da, eta, modu batean ez bada bestean, horrelako edo halako helburuak izanda, gizarte-modu gehienetan ageri izan da. Baina batez ere mende honetako azken hogeita bost urteetan hasi dira Mendebaldeko gizarteak drogen kontsumoa osasun publikoarentzat arazoa izan daitekeela ikusten, bai gai berriak agertu direlako, bai gizartean gero eta hedatuagoa egon delako kontsumo hori. Izan ere, gero eta gehiago ziren drogamenpekotasuna zuten pertsonak, eta hasieran ez zen jakin arazoari nola aurre egin.

      Onartu beharrekoa da drogak kontsumitzeko modu guztiak ez direla, berez, arazo-eragile edo osasunarentzat kaltegarri. Gerta daiteke pertsona batzuek bizitza osoan droga jakin bat hartzea eta horrek osasunean edo ongizatean arazo larririk ez eragitea. Baina amets hutsa baino ez da droga-kontsumoa gizarte osora zabaldu eta arazorik ez dela sortuko uste izatea. Izan ere, edozein gizataldetan, kontsumitzaileak zenbat eta gehiago izan, arazoak ere orduan eta sarriago sortuko dira, zalantzarik gabe.

      Euskal gizartean ere eragin du drogamenpekotasun-modu berriak agertzeak, eta, ondorioz, drogak hartzeak osasunarentzat dakartzan arriskuez ohartu eta arazoari esparru guztietatik heldu behar zaiola ikusi dugu. Hasteko, arau-esparrutik ekin behar zaio.

      Hori horrela izanik, Eusko Legebiltzarrak azaroaren 11ko 15/1988 Legea onartu zuen, Drogamenpekoen alorreko Aurre-hartze, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzkoa, hain zuzen Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion eskumenen baitan.

      15/1988 Legeak gizartearen oniritzia izan du, indarrean egon den artean lege horrek ezarritako erregimenaren balorazio positiboa egin baita. Baina gaur egun drogamenpekotasunen arloan jarduteko politiketan izandako aldaketak direla eta, legeria egoera berrira egokitu beharra dago, eta, aldaketak egitean, administrazio guztien eta eragiten dieten sektoreen arteko koordinazioa eta erantzunkidetasuna areagotu egin behar dira.

      Aipatutako arrazoiengatik, legearen asmoa izan da bertako artikuluetan Drogamenpekotasunen Eusko Legebiltzarreko Batzordeak 1994ko ekainaren 30ean hartutako erabakian jasotako jarraibideak jasotzea, helburu hauek lortzeko asmoz:

1.-  Drogamenpekotasunei aurrea hartzeko politiketan eraginkortasun handiagoa lortzea. Horretarako, elkarte-aurrezaintzako udal-talde teknikoak sortu eta jarri dira lanean.

2.-  Komunikabide publikoen erantzunkidetasuna lortzea.

3.-  Botiketan sendagai sorgorgarriak, psikotropoak edo horietako ezaugarriren bat dutenak ematea benetan kontrolatzea.

4.-  Euskal Autonomia Erkidegoko poliziari eskatzea drogak legez kontra salerosteari aurrea hartzeko, eta ez jarduteko errepresioaren arloan soilik.

5.-  Aurrezaintzako, laguntzako eta gizarteratzeko politika publiko guztien beharrezko koordinazioa hobetzea, eta erakunde guztiak koordinatzea bai beren artean eta bai gainerako enpresekin, sindikatuekin, ekimen pribatuekin, laguntza-sare publiko eta pribatuarekin eta sistema judizialarekin.

6.-  Erretzaileak ez direnen eskubideak zaintzea, beste ustezko eskubide batzuekin aurrez aurre daudenean.

7.-  Zigor-erregimen bat arautzea, legea eta legeak dituen helburuak betearazterakoan eraginkorragoak izateko.

      Testu berriak aldatu egin du 15/1988 Legea, bai gai berriak jaso dituelako bere baitan, bai egiturako aldaketak egin dituelako, hain zuzen ere araudia gaur egungo egoerara egokitzeko. Horrek ez du esan nahi 15/1988 Legean ageri zen joera pedagogikoa ageri ez denik, lege berriaren artikuluetan indarberrituta jasotzen baita ezaugarri hori; horrela, euskal gizarteari drogamenpekotasuna ulertzeko eta drogamenpekotasunetan eragiteko modu bat proposatzen dio, elkarte-estrategia deitutakoa. Hona estrategia horren ezaugarri nagusiak:

1.-  Globalizazioa: izan ere, alkoholdun edariak, tabakoa, psikofarmakoak eta legez kontrako drogak deitutakoak behar ez bezala erabili edo neurriz kanpo hartzeagatik sortutako arazoei hainbat arlotatik heltzen zaie: osasunarenetik, gizartearenetik, hezkuntzarenetik, delituarenetik, ekonomiarenetik e.a.

2.-  Normalizazioa: drogamenpekotasunetatik sortzen diren premiei aurre egiteko, euskal gizarteak antzeko beharrizanei erantzuteko dituen ohiko egituren bidez (osasunekoak, hezkuntzakoak, gizarte-zerbitzuak, polizia...) baliatzea proposatzen da.

3.-  Plangintza: aurrezaintzaren, laguntzaren, gizarteratzearen eta drogen eskaintza kontrolatzearen inguruko beharrezko lan guztiak aurrera eramateko, modu koordinatuan, planifikazioa eginda eta etengabe jardutera behartzen ditu administrazio publikoak.

4.-  Parte hartzea: gertakari horren inguruko gizarteko ordezkari guztiak kontuan hartzearen premia aldarrikatzen du; drogek eragindako arazoei irtenbideak aurkitzeko orduan, herritarrek parte hartzeko bideak jartzen ditu, ezinbestekoa baita.

      Legea idazterakoan, nazioarteko, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Europako Batasuneko legeria izan dira kontuan, baina batez ere Munduko Osasun Erakundeak emandako irizpideak jarraitu dira. Legeria orokorraren esparruko legea da, eta bereziki osasun arlora eta gizarte-zerbitzuenera zuzenduta dago. Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteak drogamenpekotasunekiko duen pertzepzioa aztertzea izan da legeak kontuan eduki dituen oinarrizko osagaietako bat.

      Autonomia estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari hainbat arlotan ematen dizkion eskumenen baitan dago kokatuta legea. Arlo hauetakoak dira eskumen horiek: osasuna, gizarte-laguntza, hezkuntza, polizia, toki-erregimena, gazteria, barne-merkataritza, espetxeak eta adin gabekoentzako zentroak, kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsa, justizia-administrazioa eta polizia judiziala, iragarkiak, estatistika, ikerketa eta beste hainbat. Bestalde, bost kapitulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu legeak.

      Lehenengo kapituluan legearen helburuak zeintzuk diren zehazten da, eta drogamenpekotasunetan eragiten duten hiru arlo aipatzen ditu: aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzea. Legeko artikuluetan zehar arautuko dira horiek guztiak eta bakoitzaren definizioa ere jaso da.

      II. kapitulua drogamenpekotasunei aurrea hartzeari buruzkoa da, eta drogen kontsumoari aurrea hartzeko neurri orokorrak arautzen ditu. Horrekin batera, sendagai sorgorgarri eta psikotropoak kontrolatzeko bideak zehazten ditu, eta baita ere alkoholdun edariak, tabakoa nahiz beste gai batzuk sustatzea, horiei buruzko iragarkiak egitea eta kontsumoa kontrolatzeko neurriak.

      III. kapitulua drogamenpekoei laguntza eman eta pertsona horiek gizarteratzeari buruzkoa da; laguntza emateari dagokionez, laguntza hori osasun arlokoa nahiz gizarte-zerbitzuen arlokoa da.

      IV. kapituluan antolaketa-moduak eta gizartearen parte-hartzea arautzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak nola ordenatuko eta koordinatuko diren zehazten da; era berean, Sailen arteko Batzordea eta Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea nola osatuta egongo diren eta bakoitzak zein eremutan jardungo duen ere adierazten da. Horrekin guztiarekin batera, erakunde bakoitzak zer ikertu beharko duen eta finantziazioaren arloan zenbateko konpromisoa izango duen ere zehaztuta dago, betiere zehaztu diren helburuak lortzeko.

      Bukatzeko, V. kapituluan zigor-erregimen berria zehaztu da, legean jasotzen diren arauetan esaten direnak benetan betetzen saiatzeko. Aurreko legearekin arazoak izan ziren arlo hau behar bezala aurrera eramateko, eta arazo horiei irtenbidea aurkitu nahi zaie oraingoan.

      Legegintza-sistematikak sistemak hala eskatzen duelako, lege honetan oinarrizko legeriako edo Estatuaren aginpide osoko legeriako gai batzuk ere jaso dira. Estatuaren aginpide osoko gai horiek berrikusi eta aldaketaren bat izaten bada, lege honetakoak ere automatikoki aldatutzat joko dira. Gai horri lotuta, oinarrizko legeria aldatu egiten baldin bada, indarrean jarraituko dute bateragarriak diren aginduek edo Estatuko legeriako printzipio berriak gatazkarik gabe interpretatzea ahalbidetzen dutenek, Autonomia Erkidegoko legeria berariaz egokitzen ez den artean behintzat.

      Berrikuntza nagusiak bi arlotakoak dira: hasteko, Iruzurrezko Publizitatearen Batzordeari zigortzeko ahalmena kendu egin zaio, Konstituzio Auzitegiak irailaren 19an emandako 146/1996 Epaian esaten dena betez. Epai horretan esaten denez, legearen kontrako iragarkiak bertan behera utzi eta aldatzea jurisdikzioen eginkizuna izan behar da. Bestetik, zigortzeko ahalmena, orokorrean, alkateen esku utzi da, herritarrarengandik gertuago dagoelako administrazio-organo hori, eta organo horrentzat errazagoa delako legean aurreikusitako betebeharrak betetzen diren edo ez kontrolatzea. Dena den, zenbait kasutan zigortzeko ahalmena beste organo batzuen eskuetan egongo da, ondorengo egoeretakoren bat gertatzen baldin bada: jarri beharreko diru-zigorra organo horrek jarri ahal duena baino handiagoa baldin bada, edo arrazoi materialen bat baldin badago, esate baterako legez kanpoko jarduna udalaz gaindikoa izatea, edo, bestela, lurraldeak zerikusirik ez izatea, edo organo horrek (alkateak) kontrolatu ahal izateko arazo bereziak edukitzea. Bukatzeko, oinarrizko araudiak dioena betetzeko, Gobernu Kontseiluaren eskuetan utzi da hamabost milioi pezeta baino gehiagoko zigorrak jartzeko eskumena, eta baita ere dena delako tegi, lokal edo enpresako jarduera aldi baterako ixtea, guztiz edo zati batean. Hori egiteko, zigorra nolakoa den izango da kontuan, eta ez arauhaustea nolakoa den.

I KAPITULUA

LEGEAREN HELBURUA

1. Artikulua - Legearen helburua

      1.-     Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku jartzen dituen eskumenen barruan, eta lurralde-eremu horretarako, hainbat jarduera arautu nahi ditu lege honek, hain zuzen ere drogamenpekotasunei aurrea hartu, drogamenpekoei lagundu eta pertsona horiek gizarteratzea bultzatzeko.

      2.-     Era berean, legeak droga-kontsumitzaile ez diren pertsonak ere babestu nahi ditu, beste batzuek droga-kontsumitzeak kalte eragin diezaiekeelako.

2. Artikulua - Definizioak

      1.-     Lege honek izango dituen ondorioetarako, jarraian aipatzen diren gaiak dira drogak: organismoari emanda, jokabidea aldatzea eragin dezaketen, osasunarentzat ondorio kaltegarriak izan ditzaketen edo menpekotasuna eragin dezaketen gaiak; bereziki hauek dira:

a)   Nazioarteko konbentzioek zehaztutako sorgorgarri eta psikotropoak (eskumena duen erakunde publikoak kontrolpean dituenean) eta gai horiek dituzten sendagaiak.

b)   Alkoholdun edariak.

c)   Tabakoa.

d)   Etxean edo industrian erabiltzeko zenbait produktu eta lurruntzen diren gaiak, erregelamendu bidez drogatzat jotzen badira.

      2.-     Beste definizio batzuk:

a)   Menpekotasuna: dena delako gaia behin eta berriz barneratzearen ondorioz sortzen den egoera psiko-organikoa. Ezaugarri hau du: droga hartzea beharrezkoa izatea, modu jarraituan izan ere.

b)   Aurrezaintza edo aurrea hartzea: drogak modu desegokian kontsumitzea ekar dezaketen pertsonaren baitako, gizarteko edo kulturako eragileak aldatu nahi dituzten jarduerak. Jarduera horiek helburu hauek izango dituzte:

1.-  Drogen eskaria eta kontsumoa murriztea.

2.-  Gizartean dagoen droga-eskaintza murriztu edo mugatzea.

3.-  Drogak kontsumitzeagatik sor daitezkeen ondorioak murriztea.

4.-  Drogak hartzen hasteko arrisku-egoerak sor ditzaketen arrazoi sozio-ekonomikoak edo lan arlokoak adieraztea, bai eta drogamenpekotasunen gertakariak duen eragina eta garrantzi soziala murriztea ere, ekintzarako proposamenak aurkeztuz eta gure gizarteko alderik behartsuenetan arreta berezia ipiniz.

c)   Pozoigabetzea: substantzia psikoaktibo eta exogeno batek gorputzean sortutako menpekotasun fisikoa bertan behera uzteko prozesu terapeutikoa.

d)   Ohituragabetzea: menpekotasuna bertan behera utzi edo gutxitzeko eta gorputzaren eta buruaren osasuna berreskuratzeko prozesu terapeutikoa; prozesu horretan osasun-laguntza eta gizarte-zerbitzuen laguntza sartzen da.

e)   Gizarteratzea: dena delako pertsona bere ohiko ingurunean pertsona arduratsu eta autonomo gisa egokitzeko prozesua; prozesu horretan gizarteratzeko gaitasunak berreskuratzen ditu norbanakoak, eta gizartean ere aldaketak egiten dira, drogamenpekotasunak dituzten pertsonak onartzeko.

f)    Kalteak murriztea: drogak hartzeko zenbait moduk edo horiek eragindako patologiek sor ditzaketen ondorio bereziki kaltegarriak murrizteko estrategia batzuk.

g)   Arriskuak gutxitzea: drogak erabiltzeari lotuta, osasunarentzat bereziki larriak izan daitezkeen ondorioak areagotzea eragin dezaketen jokabideak aldatzeko asmoa duten estrategiak.

h)   Tarteko helburuak: ohituragabetzeko prozesuen baitako laguntzako zenbait jarduera dira, eta asmoa gaixotzeko joera handia duen drogamenpeko kontsumitzailearen osasuna eta bizitza-kalitatea hobetzea da.

II KAPITULUA

DROGAMENPEKOTASUNAK AURREZAINTZEA

3. Artikulua - Helburu orokorrak

      Aginte publikoen eginkizuna da, bakoitzaren eskumenen barruan, ondorengo helburuak dituzten programak eta jarduerak garatzea, sustatzea, laguntzea, koordinatzea eta kontrolatzea:

a)   Herritar guztiei drogei buruzko informazio egokia ematea.

b)   Herritarrei osasunarentzat mesedegarriak diren ohiturak sortzeko heziketa eskaintzea. Hezkuntza-programa horietan bereziki kontuan hartua izango da gazteria.

c)   Drogamenpekotasunei aurrea hartzeko profesionalak prestatzea.

d)   Menpekotasuna eragin dezaketen gaiak kontsumitzea ekar dezaketen gizarteko baldintzetan parte hartzea; bereziki kontuan hartuko da emakumeek eta gizonek drogak kontsumitzea dakarten eragileak ezberdinak direla. Kontsumo horren ondorioak ere kontuan hartuko dira.

e)   Elkarte-aurrezaintzako programak abian jarri eta garatzea bultzatzea, drogamenpekotasunei aurrea hartzeko politikak eraginkorrak izateko.

f)    Drogak kontsumitzearen ondorioz osasunari eragin dakiokeen kaltea saihesteko neurriak hartzea, kontuan izanik kalte hori kontsumitzaileak eta kontsumitzaile ez denak ere jasaten duela.

g)   Gizartean drogak agertzea, sustatzea eta saltzea alde batera uztea eta, bestela, mugatzea.

h)   Administrazio publikoen eta arazo honekin zerikusia duten gizataldeen artean, droga-kontsumoa aurrezaintzea xede izango duten jarduerak koordinatu eta bultzatzea.

I ATALA

DROGAK KONTSUMITZEA AURREZAINTZEKO NEURRI OROKORRAK

4. Artikulua - Elkarte-aurrezaintza

      1.-     Udalek Drogamenpekotasunen Udal Plana idatziko dute, lege honetako 36.4 artikuluan erabakitakoaz bat eta erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

      2.-     Horretarako:

a)   Drogamenpekotasunei aurrea hartzeko elkarte-aurrezaintzarako programak garatzea bultzatuko dute.

b)   Lege honetako 37.1 artikuluan araututako Drogamenpekotasunen Planetik sortutako aurrezaintzako programak eta jarduerak bultzatu, koordinatu eta, beharrezkoa bada, betearaziko dituzte ikastetxeetan, gazte-, kultur eta kirol-elkarteetan eta profesional-taldeetan, bai eta lantokietan ere.

c)   Drogamenpekotasunaren arloan, gizarte-ekimenarekin eta bolondresekin elkarlanean jardutea bultzatuko dute, lege honetako IV. kapituluko 3. atalean erabakitakoaz bat.

      3.-     Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak udalekin elkarlan egokian jarduteko bideak jarriko ditu, hain zuzen ere drogamenpekotasunen elkarte-aurrezaintzako ekintzak aurrera eraman ahal izateko.

5. Artikulua - Informazioa

      1.-     Drogamenpekotasunen berri (arrazoien eta ondorioen berri) emateko estrategiak landuko dituzte administrazio publikoek, droga-kontsumoari buruzko jarrerak eta ohiturak aldatzeko asmoz. Horretarako, hedabideei, bereziki eta lehentasunez jabetza publikokoei, elkarlanean jarduteko eskatuko diete, gizarteak osasunaren aldeko iritzia izatea bultzatzeko.

      2.-     Drogamenpekotasunei aurrea hartzeko erakundeek bultzatutako kanpainak aurrera eraman ahal izateko, Drogamenpekotasunen Sailen arteko Batzordeak (lege honetako 40. artikuluan arautzen da batzorde hori) doako tarteak izango ditu iragarkientzat, Autonomia Erkidegoan titularitate publikokoak diren hedabideetan. Iragarkientzako denbora gehienez ere iragarkientzat utzitako denboraren %5ekoa izango da, batzordeak berak aukeratutako ordutegiaren barruan. Bestalde, denbora-tarte hori kanpainek iraungo duten artean izango dute erakundeek.

      Euskal administrazio publikoek eta horien menpe dauden erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek zein enpresa publikoek, beren aginpideen esparruan, laguntza emango dute erakundeek bultzatutako kanpaina horiek zabaltzeko, haien titularitatekoak diren barruko zein kanpoko publizitate-gune edo -tokiak utziz.

      3.-     Osasun-administrazioak, epidemien berri emateko eta epidemiak zaintzeko sistemen bidez, drogamenpekotasunen ondorioz laguntza zenbat aldiz ematen den, morbilitatea zenbatekoa den eta zenbat pertsona hiltzen diren zehaztuko du.

      4.-     Era berean, osasun-sareen barruan informazio-zerbitzuak sortu eta jartzea bultzatuko du osasun-administrazioak, eta informazio-zerbitzu horiek informazioa, aholkularitza eta orientazioa eskainiko diete osasun-zerbitzuen erabiltzaileei eta osasunaren arloko profesionalei, drogamenpekotasunei aurrea hartzeari eta tratamenduari buruz.

      5.-     Lan-administrazioak, Osalan-en bidez, lan-munduan drogak kontsumitzeak dituen ondorioei buruzko informazioko eta prestakuntzako jarduerak burutuko ditu langileentzako, sindikatuetako ordezkarientzako eta enpresarientzako. Era berean, enpresek beren aldetik informazioko ekintzaren bat aurrera eramaten baldin badute, laguntza emango die horiei lan-administrazioak.

      6.-     39. artikuluan aipatzen den laguntzako organoak drogamenpekotasunen aztergune bat izango du, ondorengo helburu orokorra duela: gizarteari drogamenpekotasunen ikuspegi zabala eskaintzea, aztergunean bertan landutako edo sortutako informazioan oinarrituta. Informazio horren hartzaileak drogamenpekotasunen inguruan diharduten pertsonak eta erakundeak izango dira, profesionalki dihardutenak direla edo borondatez dihardutenak direla. Lan hori aurrera eraman ahal izateko, drogen inguruan diharduten agente guztiei drogamenpekotasunei buruz duten informazioa eskatuko die azterguneak.

      7.-     Eusko Jaurlaritzak ondorengoak sustatuko ditu:

a)   Epidemiei, ekonomiari eta gizarteari buruzko aldian aldiko inkestak eta azterketak, drogamenpekotasunek zenbateko eragina eta indarra duten eta zer nolako arazoak sortzen dituzten ezagutzeko Inkesta horiek Eustat-en bitartez egingo dira ahal dela.

b)   Drogamenpekotasunengatik gizartean, osasun arloan eta ekonomian sortzen diren arazoekin zerikusia duten ikerketa- eta azterketa-ildoak eta prestakuntza.

c)   Aurrezaintzako, laguntzako eta gizarteratzeko programak ebaluatzea.

d)   Drogamenpekotasunen inguruan dagoen dokumentazioa hobetzea. Edozein erakunde publiko zein pribatuk, profesionalek eta interesa duten guztiek dokumentu horiek aztertzeko aukera izatea bermatu beharko du.

      Jarritako helburu horiek lortzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak beharrezko lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu, eta horretarako lehentasuna izango dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Herriko beste unibertsitateek.

6. Artikulua - Osasun arloko hezkuntza

      1.-     Hezkuntza-administrazioak eta osasun-administrazioak lankidetzan jardungo dute hezkuntzaren esparruan osasuna sustatzeko. Horretarako, eskolako kurrikulumean -maila guztietan- osasunaren inguruko gaiak ere garatuko dituzte eta eskolako giroa osasuntsua izatea bultzatuko dute, bai gorputzari dagokionez eta baita harremanei dagokienez ere. Hori guztia zentroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duten arauetan jasota egongo da.

      Era berean, bi administrazio horiek elkarlanean jardungo dute, ekainaren 30eko 7/1982 Legean, Eskola Osasunari buruzkoan, aurreikusitako prestakuntzako programak aurrera eramateko; programa horiek ikasle, guraso, irakasle eta ikastetxeetako gainerako langileei zuzenduta daude, eta drogen kontsumo desegokiari aurrea hartzeko asmoa dute.

      Hori dela eta, hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztiek eta osasun arloko profesionalek parte hartzea bultzatzeaz gainera, drogamenpekotasunen udal-planen baitan aurreikusita dauden jarduerak ere koordinatuko dituzte hezkuntza- eta osasun-administrazioak.

      2.-     Eusko Jaurlaritzak beharrezko neurriak hartuko ditu unibertsitateko ikasketetan osasunerako hezkuntza eta drogamenpekotasunen inguruko arlo guztiei buruzko prestakuntza egokia jasotzeko beharrezko edukiak sar daitezela bultzatzeko.

7. Artikulua - Profesionalen etengabeko prestakuntza

      Osasun arloko langileek, gizarte-zerbitzuetakoek, hezitzaileek, Autonomia Erkidegoko poliziak, gizarteko beste bitartekari batzuek nahiz beste edozein motatako langileek, drogamenpekotasunekin zerikusia duten jardueretan baldin badihardute, diziplinarteko prestakuntza jaso beharko dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek zehaztuko dute zein programa izango diren horiek. Horretarako, administrazioak berak dituen baliabideez gainera, prestakuntzako proiektuak burutzen dituzten gizarteko ekimenen edo elkarteen laguntza eskatu ahal izango du.

8. Artikulua - Gizarte-baldintzetan esku-hartzea

      1.-     Urriaren 18ko 5/1996 Legean, Gizarte Zerbitzuenean, 3. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, zerbitzu horiek drogamenpekotasunei aurrea hartzeko burutuko dituzten jarduerak lehentasunezkotzat joko dira eta indartu egin beharko dira dauden gizarte-zerbitzuen programetan.

      2.-     Aginte publikoek, bakoitzak bere eskumenen barruan, aurrezaintzako jarduerak bultzatuko dituzte bizitzeko baldintzak hobetzeko eta droga kontsumitzea eragiten duten norbanakoaren baitako eta familiako bazterkeriaren eragileak gainditzeko. Horretarako, ondorengoak egingo dituzte:

a)   Arriskua duten gizataldeak biltzea, taldeetan elkartzea bultzatuko dute, eta arreta berezia jarriko da adin txikikoekin eta gazteekin; ondorioz, gazteak ere taldeetan elkartzea bultzatuko da, bai eta zerbaitetan jarduteko, denbora libreko, kiroleko edo kulturako programetan parte har dezaten ere.

b)   Gizarte- eta kultur arloko zerbitzuak eskaintzerakoan, zerbitzu horien ekipamenduaren plangintzan, kontuan eduki beharko dute gizatalde guztientzako aukerak eskaini beharko direla, berdintasunean eta oreka gordeta, drogamenpekotasunak agertzea dakarten eragile guztiak alde batera uzteko.

c)   Gazteen artean lanbide-heziketako beste aukera batzuk, lehen lanpostua aurkitzeko aukerak eta autoenplegua edo enpresak sortzeko bideak bultzatuko dituzte, eskolan aurrera egiterik izan ez dutenek eta lana aurkitzeko biderik ez dutenek ez dezaten, horregatik, drogaren menpe geratzeko arrisku handiagoa izan.

d)   Hirigintzako plangintza egin eta lan horiek aurrera eramaterakoan, solidaritate, berdintasun eta arrazionaltasunezko irizpideak erabil daitezela zainduko dute, hirigintzaren garapena orekatua izan dadin eta horrek drogamenpekotasunak agertzea eragin dezaketen beste eragile batzuk gainditzeko eragile gisa jardun dezan.

9. Artikulua - Lan-esparrua

      Euskal Autonomia Erkidegoko lan-administrazioak, Osalan-en bidez, eta administrazio publikoetako kudeatzaileekin, enpresariekin eta enpresarien elkarteekin nahiz sindikatuekin batera, lan-mundurako aurrezaintzako programak sustatuko ditu, batez ere azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzkoan, aurreikusitako zerbitzuetan eta jardueretan, eta bertan zehaztutako moduan.

      Era berean, laguntzako eta gizarteratzeko programa publikoetan enpresek ere lankidetzan jardutea bultzatuko du.

10. Artikulua - Poliziaren jarduera

      1.-     Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak, legez kontrako droga-salerosketari buruzko ikerketak aurrera eramateaz gainera, dagozkion ekintza guztietan elkarlanean jardungo du droga-eskariaren eta -kontsumoaren aurrezaintzaren arloan.

      2.-     Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak, antolamendu juridikoak ezartzen duen menpekotasun organiko eta funtzionalarekiko errespetu osoz, ondorengo lehentasun-irizpideak izango ditu kontuan bere eginkizunak betetzeko orduan:

a)   Drogak legez kanpo banatzeko dauden sareen aurka jardungo du, eta produktu horiek eskaintzea galarazi edo eskaintza hori ahalik eta gehien zailtzen saiatuko da.

b)   Legez kontrako droga-salerosketarekin loturaren bat duten jarduerak ikertuko ditu, bereziki dirua "zuritzearekin" lotuta dauden jarduerak, baina, orokorrean, gertakari horrekin zerikusia duten jarduera ekonomiko guztiak.

c)   Osasun Sailak gai bakoitzaren arriskuari, toxikotasunari, ondorio psikoaktiboen intentsitateari eta menpekotasuna sortzeko azkartasunari buruzko txosten kontrastatua idatzi ondoren, gai bakoitzaren legez kontrako salerosketaren atzetik jotzea bultzatuko du lehentasunez, txostenak alerta garaiz sortu ondoren.

II ATALA

SENDAGAI SORGORGARRI ETA PSIKOTROPOAK KONTROLATZEA

11. Artikulua - Kontrolatzea eta ikuskatzea

      1.-     Osasun-administrazioak, indarrean dagoen legeriak dioenaren barruan, arreta berezia jarriko du sorgorgarriak eta psikotropoak kontrolatzeko eta ikuskatzeko, eta modu berean jardun beharko du gai horiek dituzten sendagaiekin, hain zuzen ere ekoitzi, banatu eta denda edo botiketan saltzeko orduan. Bestalde, laborategiak eta gai horiek ekoizten, lantzen eta kanpoan saltzen dituzten zentro edo tegiak ere kontrolatu eta ikuskatuko ditu, eta gauza bera egingo du botikekin eta handizkako biltegiekin.

      2.-     Sorgorgarriak eta psikotropoak dituzten sendagaiak terapeutikoak ez diren beste helburu batzuetarako erabiltzea saihesteko, sendagaiak eskuratzeko errezeta behar izango da, kasuan kasuko oinarrizko araudian esaten den moduan.

12. Artikulua - Sendagai sorgorgarri eta psikotropoak

      Sendagai sorgorgarri eta psikotropoak erabili behar izateari aurrea hartu eta behar bezala erabiltzeari dagokionez, osasun-administrazioak ondorengoak egingo ditu:

      1.-     Herritarrek era horretako sendagaiak zenbateraino erabiltzen dituzten aztertu eta horren jarrraipena egingo du, zein gai eta zenbat hartzen diren jakiteko eta osasun publikoarekin zerikusia duten beste arlo batzuen berri izateko ere.

      2.-     Arreta berezia jarriko du gizartearen hezkuntzan, sendagai horiek ez daitezen erabili helburu terapeutikoetatik kanpora, erabiltzaile izan daitezkeenei eta erabiltzaile direnei zuzendutako kanpainen bidez. Kanpaina horietan produktu horiei buruzko informazio orokorra eta zehatza emango da. Era berean, arreta jarriko du gai horiek legez kontrako salerosketara ez iristeko.

      3.-     Sendagileen eta botikarien ordezkariekin harremanetan jarriko da, sendagai horiek neurriz erabiltzeko helburua duten planak gauzatzeko eta gehiegi nork kontsumitzen duen jakiteko, horri irtenbidea aurkitzeko asmoz.

      4.-     Kontuan hartuko da gizonek eta emakumeek sendagaiak hartzeko eragile ezberdinak egoten direla, eta horren ondorioak ere aztertuko dira.

III ATALA

ALKOHOLDUN EDARIAK ETA TABAKOA SUSTATZEARI, IRAGARKIETAN JARTZEARI, SALTZEARI ETA KONTSUMITZEARI KONTROL-NEURRIAK JARTZEA

I AZPIATALA

ALKOHOLDUN EDARIEN ETA TABAKOAREN IRAGARKIEI ETA HORIEN KONTSUMOA SUSTATZEKO NEURRIEI MUGAK JARTZEA

13. Artikulua - Iragarkiek bete beharreko baldintzak

      Alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiek, beti, ondorengo mugak bete beharko dituzte:

a)   Iragarki horiek ezingo dira bereziki adin txikikoei zuzenduta egon, eta ezin izango dira gazteak alkoholdun edariak kontsumitzen edo tabakoa erretzen agertu.

b)   Debekatuta egongo da alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkietan adin txikikoen irudia eta ahotsa erabiltzea; gainera, adin txikikoak ezingo dira horrelako iragarkietan protagonista izan, ezta agertu ere.

c)   Ez dira elkarri lotuta agertu beharko alkoholdun edariak nahiz tabakoa kontsumitzea eta etekin fisikoa hobetzea, kotxeak gidatzea edo armak erabiltzea. Era berean, iragarkiek ez dute kontsumo horrek gizartean edo sexuaren arloan arrakasta dakarren itxura eman beharko, edo sendatzeko, bizkortzeko edo lasaitzeko gaitasuna duela adierazi beharko; arazoak konpontzeko bide bat denik ere ezin izango dute adierazi eta kontsumo hori ezin izango da lotu hezkuntzako, osasunaren arloko edo kiroleko jarduerekin.

d)   Ezin izango dute alkoholdun edariak eta tabakoa neurririk gabe kontsumitzea bultzatu, ezta ere ez edatea edo edan gabe egotea gauza txarra balitz bezala agertu. Bestalde, edari batzuek duten alkohol-kopuru handia ezin izango da nabarmendu ezaugarri positiboa bailitzan.

e)   Marka edo merkataritzako izenen erreprodukzio grafikoak egin ahal izateko, produktuek behar bezala erregistratuta egon beharko dute, eta kasu guztietan garbi asko erakutsi beharko da zenbat alkohol duen kasuan kasuko edariak eta zenbat nikotina eta alkaterna duen dena delako tabako-markak.

14. Artikulua – Sustatzea

      Azoketan, erakusketetan edo antzeko jardueretan 20 gradu ehundar baino gehiagoko alkoholdun edariak edo tabakoa sustatu nahi direnean, sustatze hori gainerako guneetatik bereiztutako tokietan egingo da.

15. Artikulua - Kanpoko iragarkiak

      1.-     Debekatuta egongo da kanpoko iragarkietan alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak egitea. Kanpoko iragarkitzat hartuko dira erabilera orokorrekoak diren guneetatik doazen edo gune horietan dauden nahiz leku irekietan dauden pertsonen arreta irudiaren edo soinuaren bidez erakartzeko gai diren iragarkiak.

      2.-     Ez dute debeku hori izango legez baimendutako produkzio- edo salmenta-guneetako ikur edo adierazleek; dena den, horiek ere 13. artikuluan aipatzen diren mugak izango dituzte.

16. Artikulua - Barruko iragarkiak

      1.-     Debekatuta egongo da alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak jartzea ondorengo leku publikoetan:

a)   Batez ere 18 urtez beherako pertsonentzat diren lokaletan.

b)   Kirol-zentroetan, osasun-zentroetan, ikastetxeetan eta horietako sarbideetan.

c)   Zinema eta ikuskizun-aretoetan, gaueko azkenengo saioan izan ezik.

d)   Garraio publikoen barruko aldean, geltokietan eta portu eta aireportuetan jendea egoteko egokitutako lekuetan.

      2.-     Debekatuta egongo da alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak egitea postontzietan orriak sartuta, posta bidez bidalita, telefonoz deituta eta, oro har, dena delako bizilekura bidalitako mezuen bidez, salbu eta 18 urte baino gehiagoko pertsonen izenean bidaltzen badira, edo mezu horiek denak, kalitateari eta kantitateari dagokienez, guztira bidaltzen den publizitatearen barruan ardura gutxikoak badira.

17. Artikulua - Komunikabideetako iragarkiak

      1.-     Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren egunkari, aldizkari eta gainerako argitalpenak nahiz grafikoki erregistratu eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, baita soinu bidezkoak ere, ondorengo mugen pean egongo dira:

a)   Ezin izango da horietan alkoholdun edarien edo tabakoaren iragarkirik sartu, 18 urtez beherakoei zuzendutakoak baldin badira.

b)   Gainerako kasuetan, debekatuta egongo da alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak jartzea lehenengo orrialdean, kirolei buruzko orrialdeetan, 18 urtez beherakoei zuzendutako tarteetan eta denbora pasatzekoak dituzten tarteetan.

      2.-     Debekatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako irratiek alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak egitea goizeko 8etatik gaueko 10ak bitartean.

      3.-     Debekatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako telebistek alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak egitea goizeko 8etatik gaueko 10ak bitartean.

18. Artikulua - Beste iragarki-mota batzuk

      1.-     Dena delako markak, gauzakiak edo produktuak, duen izenagatik, erabilitako hitzengatik, grafismoagatik, aurkezteko moduagatik edo beste arrazoiren batengatik, zeharka edo erdi ezkutuan alkoholdun edarien edo tabakoaren iragarkiaren eginkizuna hartzeko aukera baldin badago, horien iragarkiak egitea ere debekatuta egongo da.

      2.-     Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako telebistetan, bertan egindako programetan ezin izango dira agertu aurkezleak edo elkarrizketatuak tabakoa erretzen edo alboan alkoholdun edariak edo tabakoa dituztela, ez eta produktu horien markak, izen komertzialak, logotipoak zein bestelako zeinuak, produktu horiek identifikatzeko edo gogora ekartzeko balio dutenak, bistan direla.

      3.-     Kiroleko, hezkuntzako, kulturako edo gizarteko dena delako ekitaldia dagoela baliatuz edo horiek babesteko aitzakiaz, ezin izango da alkoholdun edarien edo tabakoaren iragarkirik egin; debeku bera egongo da lehiaketa, zozketa eta kontsumoa eragiteko antzeko beste aukerentzat ere.

      4.-     Aurreko idatz-zatietan ezarritako debekuetatik kanpora geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako emisio-zentroek dagokien kateekin bat egitearen ondorioz aurrera eramandako programetan (berariaz iragarkietarako ez direnetan) egin daitezkeen iragarkiak.

19. Artikulua - Legearen kontrako iragarkiekin hartu beharreko neurriak

      39. artikuluan aipatzen den laguntzeko organoaren eginkizuna izango da drogamenpekotasunaren arloan legearen kontrako iragarkiak eragozteko asmoz hartu behar diren neurriak bultzatzea.

II AZPIATALA

ALKOHOLDUN EDARIAK ETA TABAKOA ESKURATU ETA SALTZEARI JARRITAKO MUGAK

20. Artikulua - Alkoholdun edariak

      1.-     Ondorengo pertsonei ezin izango zaie alkoholdun edaririk saldu, ez eta eskueran jarri ere:

a)   18 urtez beherakoei.

b)   22. artikuluko 1. lerroaldean aipatzen diren profesionalei, zerbitzua eskaintzen dihardutenean.

      2.-     Makina automatikoen bidez ezin izango da alkoholdun edaririk saldu edo eskueran jarri, makina horiek establezimendu itxietan ez baldin badaude, eta pertsona jakin batek ikusteko moduan egon ere, 1. lerroaldean aipatzen diren debekuak betetzen direla ziurtatzeko.

      3.-     Ondorengo lekuetan ezin izango da alkoholdun edaririk saldu, ez eta eskueran jarri ere:

a)   Burutzen dituzten jarduerengatik eta eskaintzen dituzten zerbitzuengatik, batez ere 18 urtez beherakoentzat diren tegi eta zentroetan.

b)   18 urtera arteko ikasleentzako ikastetxeetan.

      4.-     Ondorengo lekuetan ezin izango da 20 gradu ehundar baino gehiagoko alkoholdun edaririk saldu, ez eta eskueran jarri ere:

a)   18 urte baino gehiagoko ikasleentzako irakaskuntza-zentroetan.

b)   Administrazio publikoen egoitzetan.

c)   Geltokietan eta autobide eta autopistetako zerbitzugune eta ostalaritzako guneetan.

d)   Kirol-instalazioetako eta osasun-zentroetako gune, taberna eta kafetegietan; gune horiek bereiztuta eta seinaleak jarrita egon beharko dute.

      5.-     Aurreko lerroaldeetan aipatu diren leku guztietan, duten debekuaren berri emango da, erregelamendu bidez zehaztuko den seinaleak jarrita.

21. Artikulua – Tabakoa

      1.-     Debekatuta egongo da tabakoa, tabakotik sortutako produktuak edo imitazioak 18 urtetik beherako pertsonei saltzea edo eskueran jartzea, horiek kontsumitzera bultza baditzake horrek.

      2.-     Debekatuta egongo da tabakoa saltzea:

a)   Makina automatikoen bidez, makina horiek establezimendu itxietan ez baldin badaude, eta pertsona jakin batek ikusteko moduan egon ere, 1. lerroaldean aipatzen diren debekuak betetzen direla ziurtatzeko.

b)   Osasun-zentroetako eta 18 urtera arteko ikasleentzako ikastetxeetako gune guztietan.

c)   Kirol-instalazioetan.

d)   Burutzen dituzten jarduerengatik eta eskaintzen dituzten zerbitzuengatik, batez ere 18 urtez beherakoentzat diren tegi eta zentroetan.

e)   Indarrean dagoen legerian ontziratzeko eta etiketatzeko jarritako arauak bete gabe.

III AZPIATALA

ALKOHOLDUN EDARIEN ETA TABAKOAREN KONTSUMOA KONTROLATZEA, KONTSUMO HORREK BESTE PERTSONA BATZUEI ERAGITEN BADIE

22. Artikulua - Alkoholdun edariak kontsumitzea

      1.-     Debekatuta izango dute alkoholdun edariak kontsumitzea ondoren zehazten diren zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonek, zerbitzua eskaintzen ari direla:

a)   Zerbitzu publikoko ibilgailuen gidariek.

b)   Osasun arloko langileek.

c)   18 urtetik beherako ikasleak dituzten irakasleek.

d)   Kidego armatuetako kideek eta beren eginkizunetan armak eraman beharra duten profesionalek.

e)   Beren jarduera alkoholdun edarien eraginpean aurrera eramanez gero, norberaren edo beste pertsona batzuen bizitza nahiz osotasun fisikoa arriskuan jar lezaketen guztiek, orokorrean.

      2.-     Ohiz kanpoko egoeretan, erregelamendu bidez zehaztutako salbuespenak izango ditu aurreko lerroaldean aipatzen den debekuak zenbait lanbideren kasuan, jarduerak izango duen interes publikoaren arabera.

      3.-     Zerbitzua eskaintzen ari direnean edo eskaintzeko gertu daudenean, 1. lerroaldean aipatzen diren langileek ezin izango dute odolean 1.000 cc-ko 0,3 gramo alkohol baino alkohol-tasa handiagoa izan. Laneko arriskua saihesteko planetan edo aurrezaintzako neurrietan, 1. lerroaldean aipatzen diren lan-moduetan odoleko gehienezko alkohol-tasa zorrotzagoak jarri ahal izango dituzte. Era berean, tasa horiek egiaztatzeko moduak ere zehaztuko dituzte, eraginkorrak direla ziurtatzeko. Hori guztia negoziazio kolektiboaren baitan egingo da.

23. Artikulua - Tabakoa kontsumitzea

      1.-     Guztiz debekatuta egongo da ibilgailu edo garraiobide publiko guztietan eta pribatu osagarri guztietan erretzea:

a)   Jende askorentzako ibilgailu edo garraiobide guztietan, hiri barrukoak nahiz hiriartekoak izan.

b)   Eskola-garraioko ibilgailuetan eta erabat edo zati batean 18 urtez beherakoak edo gaixoak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuetan.

      2.-     Garraiobideen jabeak diren enpresak izango dira aurreko lerroaldean esandakoa zorrotz betearazteko erantzukizuna izango dutenak. Gainera, erabiltzaileei erreklamazio-orriak -Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erreklamazio-orriak arautzen dituen 5/1997 Dekretuan, urtarrilaren 14koan, aipatzen direnak- emateko obligazioa eta erretzeko zein muga dagoen adierazteko obligazioa dute, bai eta arauhausteei dagozkien zigorren berri emateko obligazioa ere. Garraiobidearen tiketean idatzita egon beharko du debekatuta dagoela erretzea.

      3.-     Ezin izango da erre:

a)   Langilearen osasunarentzat arrisku handiena sortzen den lekuetan, tabakoak eragiten duen kaltea industriako kutsatzaileak eragiten duenarekin batera agertzen delako.

b)   Haurdun dauden emakumeek lan egiten duten edozein lan-esparrutan.

      4.-     Artikulu honen 5. lerroaldean aipatzen diren salbuespenak egongo diren arren, ezin izango da erre:

a)   Haurtzaindegietan eta 18 urtez azpikoentzako gizarte-laguntzako zentroetan.

b)   Osasun-zentro, osasun-zerbitzu eta osasun-guneetako leku guztietan.

c)   Gizarte-zerbitzuen zentroetan.

d)   Ikastetxeetan.

e)   Administrazio publikoetako gune guztietan, aire zabalean daudenetan izan ezik.

f)    Jakiak egin, eraldatu, manipulatu, prestatu edo saltzen diren lekuetan, batez ere jaki horiek jateko diren lekuetan izan ezik. Dena den, jakien maneiatzaileek debekatuta izango dute erretzea.

g)   Erabilera publiko orokorrekoak diren lekuetan, irakurtzeko lekuetan edo erakusketak egitekoetan, hala nola museoetan, liburutegietan eta hitzaldiak eta erakusketak egiteko aretoetan.

h)   Merkataritza-gune itxietan, jendea sarritan biltzen bada horietan.

i)    Antzokietan, zinema-aretoetan eta ikuskizun publikoak eta kirol-ikuskizunak izaten diren beste toki itxietan.

j)    Igogailuetan eta jasogailuetan.

      5.-     Antzokietan, ikuskizun publikoetarako edo kirol-ikuskizunetarako beste toki itxietan, talde-garraioko geltokietako itxaron-geletan, administrazio publikoen egoitzetan eta erretzerik ez dagoen beste edozein lekutan, erretzaileentzako leku berezituak egokituko dira, horretarako direla argi eta garbi adierazita. Ezin baldin bada erretzaileentzako leku bereziturik egokitu, inon ere ezin dela erre adieraziko zaie erretzaileei, seinale egokien bidez.

      6.-     Aire zabalean ez dauden merkataritza-guneetan, pertsona-kopuru handia ibiltzen baldin bada bertan, nabarmen adierazi beharko da zeintzuk diren erretzeko aukera eskaintzen duten guneak; izan ere, kontrol gutxi dagoenez leku horietan eta arriskua handia denez, ez da araua bete gabe geratzerik nahi.

      7.-     Osasun- eta gizarte-zerbitzuetako zentro eta guneetan, erretzeko aukera non dagoen erabaki eta adieraziko du zuzendaritzak. Dena den, zerbitzuen erabiltzaileek eta bisitan datozenek erretzeko leku batzuk izango dituzte eta zentroetako langileek beste batzuk.

      8.-     Ikastetxeetan zuzendaritzak bereziki horretarako aukeratutako lekuetan baino ezin izango da erre. Leku horiek, dena den, ezingo dira izan irakasleak eta ikasleak elkarrekin egoten diren lekuak, ikasleak 18 urtez beherakoak baldin badira.

      9.-     Lokal, zentro eta guneen titularrak eta administrazio publikoetako zentro eta egoitzen kasuan horietan eskumena duten organoak (artikulu honetako 3. eta 4. lerroaldeetan aipatzen direnak) izango dira aipatu ditugun arauak zorrotz betetzeko erantzukizuna izango dutenak. Era berean, erretzeko mugak eta debekuak non dauden adierazteko obligazioa izango dute, eta erreklamazio-orriak ere -Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erreklamazio-orriak arautzen dituen 5/1997 Dekretuan, urtarrilaren 14koan, aipatzen direnak- eduki beharko dituzte erabiltzaileen eskura jartzeko (erabiltzaileei orri horiek erabiltzeko aukera dutela jakinarazi beharko zaie).

IV ATALA

BESTE GAI BATZUK KONTSUMITZEA AURREZAINTZEA ETA KONTROLATZEA

24. Artikulua - Aurrezaintza

      2.1 d) artikuluan aipatzen diren gaiak behar ez bezala erabiltzeko aukerari aurrea hartzeko, Eusko Jaurlaritzak ondorengo jarduerak eramango ditu aurrera:

      1.-     Produktu horiek duten pozoigarritasunaren edo arriskuaren berri emateko etiketak erabiltzea bultzatuko du.

      2.-     Produktu horiek egiterakoan, beste gai gehigarri batzuk erabiltzea bultzatuko du; gai horiek produktua era arriskutsuan erabiltzeari trabak jartzeko modukoak izan beharko dute eta ez dute erabiltzaileentzat ondorio kaltegarririk izan beharko.

25. Artikulua- Mugak

      1.-     18 urtez beherakoei inoiz ere ezin izango zaizkie 2.1 d) artikuluan aipatzen diren gaiak saldu edo eskueran jarri.

      2.-     2.1 d) artikuluan aipatzen diren gaiak dituzten produktuak ezin izango dira 18 urtez beherakoen arreta bereziki beregana dezaketen kolore, itxura eta grafismoarekin edo bestelako ezaugarriekin eskaini.

III KAPITULUA

DROGAMENPEKOEI LAGUNTZEA ETA GIZARTERATZEA

26. Artikulua - Irizpide orokorrak

      1.-     Aginte publikoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere eskumenen esparruan diharduela, Euskal Autonomia Erkidegoan drogamenpekoei zuzenduta burutzen diren ekintzek ondorengo helburuak izango dituztela ziurtatzea:

a)   Drogamenpekoek jasotzen duten osasun eta gizarte arloko laguntza gainerako herritarrek jasotzen dutena bezalakoa izatea.

b)   Laguntza hori osasun-zerbitzuek eta gizarte-zerbitzuek elkarrekin koordinatuta eskaintzea.

      2.-     Drogamenpekoei laguntza eskaintzen zaien guztietan (osasun-zerbitzuen edo gizarte-zerbitzuen bidez), ondorengo legeek ezarritako eskubide eta obligazioak betetzen direla bermatuko da. Hona legeak: apirilaren 25eko 14/1986 Legea, Osasunaren Lege Orokorra; uztailaren 26ko 8/97 Legea, Euskadiko Osasun Antolamenduarena, eta urriaren 18ko 5/1996 Legea, Gizarte Zerbitzuena.

I ATALA

OSASUN-LAGUNTZA

27. Artikulua - Oinarrizko printzipioak

      1.-     Drogamenpekoari laguntza eskaintzerakoan, arreta berezia jarri beharko da batez ere ondorengo eskubideak errespetatzeko:

a)   Eskura ditzakeen zerbitzuei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, eta jaso behar duen tratamenduak eskatzen dituen baldintzak ezagutzeko eskubidea.

b)   Egoera isilpean gordetzeko eskubidea.

c)   Osasun-zerbitzuek aukeran eskaintzen dizkioten tratamenduen artean aukeratzeko eskubidea.

d)   Tratamendua hartzeari uko egiteko eskubidea, indarrean dagoen legeriak aipatzen dituen salbuespenetan izan ezik.

e)   Errespetuzko eta duintasunezko tratua izateko eskubidea.

      2.-     Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek beharrezko jarduerak eramango dituzte aurrera drogamenpekoak, gainerako herritar guztiek bezala, sistema publikoaren kontura osasun-zerbitzu egokiak eskuratuko dituela bermatzeko. Hori guztia Osasun Sistema Nazionalaren laguntzen katalogoan esaten denaz bat egingo da.

28. Artikulua - Jarduteko irizpideak

      Drogamenpekoei zuzendutako osasun-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzuetan guztiz integratu behar direla oinarri hartuta, eta drogamenpekotasuna jasaten duen gaixoa beste edozein gaixo bezalakoa dela kontuan izanda, osasun-zerbitzuek ondorengo irizpideen arabera jardungo dute:

      1.-     Drogamenpekoek dituzten osasun-arazoei aurre egiteko, batez ere esparru komunitarioan jardungo da, eta nagusiki ospitalez kanpoko laguntza-baliabideak, ospitaleratze laburren sistema eta etxean emandako laguntza erabiliko dira, ospitaleratzeko premia ahalik eta txikiena izateko.

      2.-     Ospitalera eraman beharra dakarren gaitzen bat baldin badu gaixoak, ospitalean gaixotasun horri dagokion unitatean egongo da.

      3.-     Sendatzeko eskaintzen den aukera integrala izango da. Sendabideak jarraitu egingo duela ziurtatzeko, dauden baliabideak -osasun-arlokoak, komunitatekoak eta gizartekoak- koordinatu egingo dira.

      4.-     Osasun arloko laguntzak batez ere helburu hauek izango ditu: drogamenpekoak pozoigabetzea, ohituragabetzea, dituzten arriskuak gutxitzea, kalteak gutxitzea eta osasun-baldintza orokorrak hobetzea.

      5.-     Osasun-laguntza emateko ohiko egituren baitan, tratamendua emateko programa integralak jarriko dira, eta tratamendu hori talde profesional egokiek eskainiko dute, eta drogamenpekotasunen antzemateari, orientabideari eta tratamenduari buruzkoan, oinarrizko laguntzaren sarea hobetzeko ahaleginak egingo dira. Zerbitzuak, lurraldeka, zuzentasunez banatuko dira.

      6.-     Osasun-laguntza ematerakoan, kontuan izango da emakumea izatea, emakumeak diren drogamenpekoek bestelako arazoak ditzaketelako.

29. Artikulua - Laguntza eta programa bereziak

      28. artikuluan jarri diren irizpideen arabera, ondorengoak egingo ditu osasun-administrazioak:

a)   Drogamenpekotasuna duten pertsonei beharrezko laguntza egokia eskainiko die, ondorengoaren arabera: gai toxiko batzuek eta besteek duten pozoigarritasunaren, menpekotasuna sortzeko gaitasunaren edo pertsonen jokabidea aldatzeko gaitasunaren arabera.

b)   Drogamenpekoak dituen arriskuak eta kalteak gutxitu eta osasun-baldintza orokorrak hobetzeko helburua duten programak aurrera eramatea bultzatuko du. Horien barruan, lehentasuna izango dute osasunean hezitzeko aurreikusita dauden jarduerek eta GIBek kutsatutako droga-hartzaileei eta HIESa duten pertsonei emandako aholkuek.

c)   Programa bereziak landuko ditu aldi luzeko drogamenpekoei eta gaixotzeko joera eta arrisku handiena duten drogamenpekoei laguntzeko. Programa horien barruan, opioaren ordezko gaiekin tratamendua jasotzeko aukera, osasun-kontrola izateko aukera eta laguntza banan-banakoa izateko aukera sartuko dira.

30. Artikulua - Hitzarmenak

      1.-     Osasun-zerbitzu egokiak eskaintzen direla eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden baliabide guztiek koordinatuta dihardutela bermatzeko, osasun-administrazioak, dagoenaren osagarri gisa eta baliabide publikoak ahalik eta ondoen erabili ondoren, hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu pozoigabetzeko, ohituragabetzeko, arriskuak eta kalteak gutxitzeko eta tarteko helburuak aurrera eramateko lanean diharduten zentro pribatuekin. Hitzarmen horiek izenpetzerakoan, bi erakundek baldintza berak eskaintzen dituztenean, lehentasuna izango dute dirua irabazteko asmorik ez duten erakundeek.

      2.-     Administrazioak, interes publikoak hala egitea bidezkoa dela erakusten badu, diru-laguntzak eman ahal izango dizkie aurreko lerroaldean aipatzen diren zentro pribatuei, indarrean dagoen legeriak dioena betez.

31. Artikulua - Baimena eta izena ematea

      1.-     Diagnostikoaren, pozoigabetzearen eta ohituragabetzearen arloko osasun-laguntza eskaintzen duten zentroek aldez aurretik baimena eskuratu eta dagokion lekuan izena emanda egon beharko dute, gai horren inguruan indarrean dagoen araudiak dioena beteta.

      2.-     Zentro horiek indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte beti, ikuskatzeari, ebaluazioari, kontrolari eta estatistika- eta osasun-gaiei nahiz gainerako kontuei dagokienez.

32. Artikulua - Espetxeetan dauden drogamenpekoak

      1.-     Espetxeetan dauden drogamenpekoentzat, laguntza integrala emateko programak jarriko dira abian (horien barruan, laguntza psikoterapeutikoa dagoela), legeria penala ezarrita ere laguntza terapeutikorik ez duten gaixoentzat. Era berean, ezaugarri berak dituzten beste programa batzuk eramango dira aurrera adin txikikoentzako babes-zentroetan edo erreforma-zentroetan dauden drogamenpekoekin.

      Programa horiek, beti, ikuskatzearen, ebaluazioaren, kontrolaren eta estatistika eta osasun arloko informazioa ematearen inguruan ezarritako arauak bete beharko dituzte.

      2.-     Legeria penala ezartzearen ondorioz laguntza terapeutikoa eskuratzea dagokien Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako drogamenpekoek tratamendua gorago aipatutako programen barruan jaso ahal izateko, beharrezko baliabide materialak jarriko dira.

II ATALA

GIZARTERATZEA

33. Artikulua - Oinarrizko printzipioak eta jarduteko irizpideak

      1.-     Drogamenpekoek dituzten gizarteko premiei erantzuteko eginkizuna eta pertsona horiei gizarteratzen laguntzeko neurriak aurrera eramateko eginkizuna gizarte-zerbitzuena izango da, eta gizarte-zerbitzuek lan hori urriaren 18ko 5/1996 Legean, Gizarte Zerbitzuenean, orokorrean jasotako printzipioekin bat eraman beharko dute aurrera.

      2.-     Gai horri lotuta, gizarte-zerbitzuek lehentasun hauek izango dituzte:

a)   Drogamenpekotasuna duten emakume eta gizonak baztertzea, pertsona horiek bereizkeria jasatea eta horien bizitza autonomoari mugak jartzea eragiten duten arrazoiei aurrea hartzea.

b)   Drogamenpekoa bere ingurunean (pertsonarenean berarenean, familiakoan eta gizartekoan) barneratzen saiatzea, gizarteratzen saiatzeaz gainera.

c)   Drogamenpekoei lan-munduan sartzen laguntzeko, pertsona horiek lanen bat aurkitzeko duten aukera areagotzeko programak aurrera eramatea. Bereziki era honetako jarduerak bultzatuko dira: enplegua lortzeko plan pertsonalak, lan egiteko norberaren ezaugarriak garatzea, lanbideei buruzko informazioa ematea enplegua lortu ahal izateko, eta lana lehiatsu bilatzeko teknikak. Era berean, drogamenpekoak trebatzeko eta lan-munduan errazago sartzeko heziketa-planak ezarriko dira.

d)   Drogamenpekoek osasun-zerbitzuetan bazterkeria jasan dezaten saihestea. Pertsona horiek zerbitzu publiko guztietan normalizatuta dauden jardueren baitan egongo dira.

e)   Gazteei dagokienez, taldeak osatzeko ekintzak bultzatzea; horren bidez, aurrezaintzako lan garrantzitsua burutzeaz gainera, bazterkeria jasaten duten gazteak gizarteratzeko tresna baliagarria edukiko da. Helburu hori lortzeko, bereziki hezkuntzako hainbat programa orokor aprobetxatuko dira, esate baterako lanbiderako gaikuntza lortzekoak, enplegukoak, etxebizitzenak eta gizarte-zerbitzuen sarekoak.

      3.-     Drogamenpekoak benetan gizarteratzea bultzatzeko asmoz, aginte publikoek, gizarte-zerbitzuen sistemaren bidez, gizarteak drogamenpekotasuna ulertzeko duen modua aldatzeko beharrezko pausoak bultzatuko dituzte, drogamenpekoen ezaugarri bereziak eta pertsona horientzako beharrezko zerbitzuak onartuak izan daitezen.

      4.-     Administrazio publikoek ebaluatu eta egokitu egingo dituzte gizarteratzera zuzendutako baliabideak, hala nola tutoretzapeko etxebizitzak, lanerako trebatzeko eta laguntza juridiko eta psiko-sozialerako tailerrak.

34. Artikulua - Atxilotutako drogamenpeko arauhausleari laguntzea

      1.-     Atxilotutako pertsonari laguntzeko eta orientabideak emateko zerbitzua izango du Eusko Jaurlaritzak, eta zerbitzu horren bidez, berehalako laguntza eta oinarrizko gizarte-zerbitzu arrunten berri emango zaio, ahal bezain azkar, atxilotutako drogamenpekoari, beste edozein pertsonari bezala. Era berean, zerbitzu horrek prozesu batean inputatuta dauden pertsona horiei buruzko erabakiak hartu behar dituzten organo judizialei informazio egokia emango die; gainera, internatzea erabakiko balitz, horren ordez beste neurri batzuk hartzea proposatuko luke.

      2.-     Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak zerbitzu horrekin elkarlanean jardungo du, eta arauhausleak drogamenpekoak diren kasuetan, pertsona horiei Euskal Autonomia Erkidegoan dauden oinarrizko baliabideen berri emango die.

35. Artikulua - Elkarri laguntzeko elkarteak

      Legez eratutako elkarri laguntzeko elkarteek eta, orokorrean, antzeko eginkizunak burutzen dituztenek gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituzten aginte publikoen laguntza jaso ahal izango dute. Laguntza hori aholkularitza teknikoaren, bestelako laguntzen edo diru-laguntzen bidez emango da. Dena den, laguntzak jasotzeko, esparru horretako gizarte-zerbitzuekin koordinatuta jardun beharko dute.

IV KAPITULUA

ERAKUNDE ANTOLAMENDUA ETA GIZARTE EKIMENAREN SUSTAPENA

I ATALA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOEN ARTEKO ANTOLAMENDU ETA KOORDINAZIOA

36. Artikulua - Eskumenak

      1.-     Lege hau aplikatzearen ondorioz burutu behar diren jarduera publikoak eta arau-garapena Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek burutuko dituzte, zeinek bere eskumenaren arabera, hezkuntzan, kulturan, herri-segurtasunean, merkataritzan, osasunean, gizarte-zerbitzuetan eta abarretan.

      2.-     Edonola ere, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da lege honetan arauturiko jardueren plangintza eta koordinazioa egitea.

      3.-     Foru-aldundien esku geratuko da drogamenpekotasunei aurrea hartzeko programak eta gizarteratzeko jarduerak prestatu eta garatzea, lege honen 37.1 artikuluan arauturiko Drogamenpekotasunen Planean jasotako xedapenei jarraiki.

      4.-     Udalei, banaka edo partzuergoan, Drogamenpekotasunen Udal Plana prestatu eta garatzea dagokie, 37.1 artikuluan arauturiko Drogamenpekotasunen Planean jasotako xedapenei jarraiki.

37. Artikulua - Plangintza

      1.-     Eusko Jaurlaritzak Drogamenpekotasunen Plana egin eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio osoko bilkuran edo batzordean eztabaidatzeko komunikazio gisa, hiru urtean behin, onar dezan. Plan horretan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek epealdi jakin batean burutu behar dituzten programak eta ekintzak jasoko dira modu koordinatu eta orokorrean. Jarduera horiek aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeko arlokoak izango dira, eta arlo horietan diharduten administrazio eta elkarteei aukera emango zaie, plana prestatu bitartean, beren iritziak azaltzeko.

      Eusko Jaurlaritzak urtero bidaliko dio txosten bat Legebiltzarrari planaren ebaluazioarekin.

      2.-     36.4 artikuluan arauturiko Drogamenpekotasunen Udal Planean programak eta ekintzak jasoko dira egoki antolatuak. Programa eta ekintza horiek drogamenpekotasunen arloari dagozkion gizarte-ekimeneko egiturek estrukturatuak eta planifikatuak egongo dira eta egitura horien aholkularitzaz eratuak, dagokien udal-esparruan eta Drogamenpekotasunen Planari buruzkoan.

38. Artikulua - Aurrekontu-konpromisoak

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, foru-aldundiek eta udalek, zeinek bere eskumenaren arabera, lege honetan jasotako jarduerak burutzeko behar diren kredituak bereizi behar dituzte beren aurrekontu orokorretan, horretarako onartzen diren programak eta aurrekontu-baliabideak aintzat harturik.

II ATALA

ERAKUNDE MAILAKO EGITURA

39. Artikulua - Laguntzako organoa

      Eusko Jaurlaritzari drogamenpekotasunen politika taxutzen aholkatzeko, eta jarduerak koordinatzen eta kontrolatzen laguntzeko, laguntzako organo bat eratuko da, erregelamendu bidez ezarriko diren egitura eta eginkizunak izango dituena.

40. Artikulua - Drogamenpekotasunen Sailen arteko Batzordea

      1.-     Lege honen 39. artikuluko laguntzako organoa atxikitzen den sail berean sortuko da Drogamenpekotasunen Sailen arteko Batzordea, eta hortik koordinatuko dira Eusko Jaurlaritzaren jarduera guztiak drogamenpekotasunen arloan.

      2.-     Drogamenpekotasunen Sailen arteko Batzordeari dagokio lege honen 37.1 artikuluan arauturiko Drogamenpekotasunen Planaren proposamena egitea. Halaber, batzorde horri dagokio Eusko Jaurlaritzako sailek eta horien menpe dauden erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek zein enpresa pribatuek lege honetan zehazten diren konpromisoei aurre egin ahal izateko beharko dituzten kredituen proposamena egitea.

      3.-      Batzordeburu lehendakaria izango da, edo horren ezean, drogamenpekotasunen arloko sailburua, edo horrek eskuordetzen duena, eta berezko kide izango da 39. artikuluan aipaturiko laguntzako organoko titularra. Horietaz gainera, hamahiru kide gehiago izango dira, sailburuorde mailakoak, arlo jakinetan eskumena duten sailburuek izendatuak. Hona arloak:

-  Osasuna.

-  Drogamenpekotasunak.

-  Gizarte-zerbitzuak.

-  Hezkuntza.

-  Herrizaingoa.

-  Justizia.

-  Enplegua.

-  Arautu gabeko prestakuntza.

-  Gazteria.

-  Kirola.

-  Industria.

-  Kontsumoa.

-  Lan-osasuna.

      4.-     Erregelamendu bidez zehaztuko dira batzordearen egitura, antolamendua eta eginkizunak.

41. Artikulua - Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea

      1.-     Lege honen 39. artikuluko laguntzako organoa atxikitzen den sail berean sortuko da Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea. Drogamenpekotasunei aurre egiten saiatzen diren gizarte-sektoreek parte hartzeko organo nagusia izango da, baita kontsulta egiteko eta aholkua emateko organoa ere drogamenpekotasunei buruzko lege, erregelamendu eta planei dagokienez.

      2.-     Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea honela osatuta egongo da:

-  Burua: 39. artikuluan aipatzen den laguntzako organoko titularra.

-  Idazkaria: goian aipatutako organoko teknikari bat, batzordeko buruak izendatua.

-  Kideak:

a)   Drogamenpekotasunen Sailen arteko Batzordean ordezkaritza duten Eusko Jaurlaritzako sailetatik bokal bana.

b)   Hiru foru-aldundietatik ordezkari bana, eta Euskal Udalen Elkarteak (Eudel-ek) izendaturiko sei ordezkari.

c)   Lau bokal, Drogamenpekotasunen Sailen arteko Batzordeak drogamenpekotasunen arloko pertsona ospetsu eta gaituen artetik izendatuak.

d)   Bost bokal, Eusko LegebiltzarrakGiza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren, Lan eta Osasunaren eta Drogamenpekotasunen batzordeetako kideen artetik izendatuak. Bokal hauek legebiltzar-talde desberdinetakoak izango dira.

e)   Bokal bat, enpresarien erakunde mailako ordezkaritza duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresari-elkarteek izendatua, aplikatu beharreko arauen arabera.

f)    Bokal bat, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatuek eta sindikatu-konfederazioek izendatuak eta langile-ordezkarien eta enpresa-batzordeetako kideen eta administrazio publikoetako organoetako kideen %10 edo gehiagoko ordezakaritza dutenek izendatuak.

g)   Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluak izendaturiko bokal bat.

h)   Euskadiko Gazteria Kontseiluak izendaturiko bokal bat.

i)    Euskadiko Eskola Kontseiluak izendaturiko bi bokal.

j)    Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak izendaturiko bokal bat.

k)   Drogaren aurkako Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal berezia.

l)    Bokal bana, Mediku, Botikari, Psikologo, Abokatu, Gizarte Langile, Gizarte Hezitzaile, Erizaintzan Diplomatu, Filosofia eta Letretako Doktore eta Lizentziatu eta Kazetarien elkargoetatik. Gizatalde horiek elkargo gisa eraturik ez daudenean, bokala hautatzea kasuan kasuko arloan hedadura gehien duen lanbide-elkartearen esku egongo da.

m)  Sei bokal, drogamenpekotasunen arloan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeen izenean, batzordeburuak izendatuak, GKEen proposamenez.

n)   Bokal bat, Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakundek) izendatua.

ñ)   Bokal bana, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetatik.

o)   Euskal Autonomia Erkidego osoan diharduten kontsumitzaileen elkarte edo federazioek izendaturiko bokal bat.

      Kide horietako bakoitzaren ordezkoa ere zehaztuko da.

      3.-     Egitura, antolamendua eta eginkizunak erregelamendu bidez arautuko dira.

      4.-     Drogamenpekotasunen Aholku Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu berezko:

a)      Egokitzat jotzen dituen txostenak, iradokizunak, azterlanak eta proposamenak prestatzea, horretarako behar dituen argibideak eskuratu ahal izango dituela. Edonola ere, egindako kudeaketari buruzko analisia jasotzen duen urteko txostena prestatuko du, eta hor urtean zehar gertatu diren aldaketak bilduko dira.

b)      Euskal administrazio publikoek azaldutako gaiei buruzko aholkularitza ematea.

c)       Lege honen 37.1 artikuluan aipatzen den Drogamenpekotasunen Hirurteko Planaren aurretik derrigorrez eman behar den txostena idaztea.

d)      Euskal administrazio publikoek drogamenpekotasunen arloan prestatzen dituzten planak eta arauak aztertu eta, hala balegokio, iritzia ematea.

e)       Antolakuntza eta funtzionamenduaren erregelamendua prestatzea.

f)        Erregelamendu bidez zehazten den beste edozein eginkizun betetzea.

42. Artikulua - Drogamenpekotasunen tokiko batzordeak

      Foru-aldundiek eta udalek, zeinek bere eskumenaren barruan, drogamenpekotasunen foru batzordeak eta udal batzordeak eratu ahal izango dituzte. Batzorde horiek Drogamenpekotasunen Aholku Batzordearen eginkizunen antzekoak izango dituzte.

III ATALA

GIZARTE­EKIMENA SUSTATU BEHARRA

43. Artikulua - Gizarte-ekimena

      1.-     Erakunde publikoek, indarrean dauden legeekin bat eginik, hitzarmenak izenpetu eta diru-laguntzak eman ahal izango dituzte, erakunde pribatuek zenbait zerbitzu eskain dezaten.

      2.-     Aurreko lerroaldean aipaturiko hitzarmenak izenpetzeko edo diru-laguntzak eskuratzeko lehentasuna izango dute gizarte-ekimeneko arlo jakinetan diharduten erakundeek. Hona arloak:

a)   Komunitateko aurrezaintza.

b)   Drogamenpekoen tratamendua eta laguntza.

c)   Osasun-hezkuntza eskolan.

d)   Drogamenpekotasunak direla-eta sortzen den gizarte-bazterketa.

e)   Drogen erabilera ezegokiarekin batera doazen arriskuak nola hautematen diren gizartean.

44. Artikulua - Bolondresak

      Drogamenpekoen aurrezaintzan, laguntzan eta gizarteratzean lagunduko duten bolondresen lana sustatuko da.

45. Artikulua - Irabazi-asmorik gabeko erakundeak

      Drogamenpekotasunen arloan administrazio publikoekin batera elkarlanean aritzen diren irabazi-asmorik gabeko erakundeei daukaten merezimendua aitortuko zaie, horretarako dauden arauekin bat eginez. Hori dela-eta:

a)   Herri-onurakotzat jo ahal izango dira, berariazko legeetan ezarritakoari jarraiki.

b)   Esandako helburuak betetzearren, lehentasuna izango dute laguntzak eta diru-laguntzak banatzen direnean, baina aurrez homologazioa beharko dute izan.

V KAPITULUA

ARAUHAUSTEAK ETA ZIGORRAK

46. Artikulua – Arauhausteak

      1.-     Lege honetan arauturiko gaien barruan honako hauek izango dira administrazio­ arauhausteak: lege honetan tipifikaturiko egite eta ez-egiteak, benetan burutu badira, eta inolaz ere baztertu gabe egite eta ez-egite horien ondorioz sor daitezkeen erantzukizun zibil, penal edo bestelakoak.

      2.-     Ondoko hauek jotzen dira arauhaustetzat:

a)   5.2 artikuluko lehenengo zatian an agindutako eginbeharra ez betetzea.

b)   Alkoholdun edarien eta tabakoaren publizitateari eta kontsumo-sustapenari ezarritako mugak, 13, 14, 15, 16, 17 eta 18.1, 2 eta 3 artikuluetan jarritakoak, ez betetzea.

c)   Alkoholdun edariak, tabakoa eta beste substantzia batzuk banatzeari eta saltzeari jarritako mugak, 20, 21 eta 25. artikuluetan jarritakoak, ez betetzea.

d)   Alkoholdun edarien eta tabakoaren kontsumoari ezarritako mugak, 22 eta 23. artikuluetan jarritakoak, ez betetzea.

e)   Diagnostikatzeko, pozoigabetzeko eta ohituragabetzeko osasun-laguntza ematen duten zentroek 31.1 artikuluaren erregimena ez betetzea, hots, aurretiazko baimenaren eta izen-ematearen erregimena.

47. Artikulua - Arauhauste-motak

      1.-     Aurreko administrazio-arauhausteak honela sailkatzen dira: arinak, larriak eta oso larriak.

      2.-     Arauhauste arinak izango dira:

a)   14, 16.2 eta 25. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, betiere horrelako jokabideek arrisku edo kalte larririk ez badakarkiote osasunari.

b)   23.2 eta 9 artikuluan ezarritakoa ez betetzea.

c)   23.5, 6 eta 7 artikuluan aipatzen den erretzaileentzako aldeak ez seinaleztatzea edo gaizki seinaleztatzea.

d)   23.1, 3 eta 4 artikuluan ezarritakoa ez betetzea.

e)   Lege honetan arauhauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez den beste edozein ez-betetze.

      3.-     Arauhauste larriak izango dira:

a)   Lege honen 5.2 artikuluko lehenengo zatian an ezarritakoa ez betetzea.

b)   14, 16.2 eta 25. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, betiere horrelako jokabideek arrisku edo kalte larria badakarkiote osasunari.

c)   13, 15, 16.1, 17, 18.1, 2 eta 3, 20, 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, betiere horrelako jokabideek arrisku edo kalte larria badakarkiote osasunari.

d)   23.5, 7 eta 8 artikuluan aipatzen den erretzaileentzako alderik ez egokitzea.

      4.-     Arauhauste oso larriak izango dira:

a)   14, 16.2 eta 25. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, betiere horrelako jokabideek arrisku edo kalte larria badakarkiote osasunari.

b)   13, 15, 16.1, 17, 18.1, 2 eta 3, 20, 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, osasunari arrisku edo kalte larria dakarkionean.

c)   31.1 artikuluan ezarritakoari aurka egitea.

48. Artikulua - Berrerortze eta errepikatzea

      1.-     Lege honen ondorioetarako, arauhauste bat egin duenak izaera bereko beste arauhauste bat egiten badu, urtebeteko epean, eta erabaki irmoz hala aldarrikatu bada, berrerortzea izango da hori.

      Izaera bereko arauhaustetzat hartuko da lege honen zigor-erregimenean jasota dagoena eta 47. artikuluko sailkapenaren arabera mota berekoa dena.

      2.-     Lege honen ondorioetarako, arauhauste bat egin duenak izaera desberdineko beste arauhauste bat egiten badu, urtebeteko epean, eta erabaki irmoz hala aldarrikatu bada, errepikatzea izango da hori.

49. Artikulua – Erantzukizuna

      1.-     Lege honetan jasota dauden arauhausteen administrazio-erantzukizuna arauhaustea egin duen pertsona fisiko nahiz juridikoari egotziko zaio. Ondorio horietarako, egiletzat hauxe hartuko da:

a)   Legean jasota dagoen jokabidea gauzatzen duen pertsona fisiko nahiz juridikoa, bai zuzenean bai beste pertsona batez baliaturik. Azken hori ere hartuko da egiletzat, berak nahita jokatzen badu.

b)   Legean jasota dagoen jokabidea gauzatu ahal izateko ezinbestez burutu behar den egintza gauzatzen lagundu duten pertsona fisiko nahiz juridikoak.

      2.-     Legeak arauhausterik ez gertatzea zaintzeko jarritako betebeharra betetzen ez duena erantzule solidarioa izango da egilearekin batera; era berean, erantzule solidario izango dira arauhaustea egiten den establezimendu, zentro, lokal edo enpresaren titularrak.

      3.-     Erantzulea pertsona juridikoa denean, zigortu nahi den egite edo ez-egite zehatzean pertsona haren borondatea eratu duten pertsona fisikoei egotziko zaie erantzukizuna.

50. Artikulua - Zigorrak

      1.-     Lege honetan jasota dauden arauhausteak egiteak honako zigor hauek ekarriko ditu bere baitan:

a)   Ohartarazpena.

b)   Isuna.

c)   Jarduera aldi baterako etetea eta/edo, hala badagokio, establezimendu, zentro, zerbitzu, lokal edo enpresa aldi baterako ixtea, erabat edo zati batean, bost urtez luzaroen.

d)   1 eta 5 urte bitartean Autonomia Erkidegoaren diru-laguntzarik eskuratzeko debekua.

      Aurreko zigorretariko bat ezartzeak arauhaustearekin zuzeneko zerikusia duten salgaien edo gauzen dekomisoa ekarriko du ondorio osagarri gisa.

      2.-     Zigortzeko jardunbidetik eratorritako administrazio-erantzukizunez gain, arauhaustearen ondorioz aldaturiko egoera leheneratzeko eska dakieke erantzuleei, eta arauhaustearen ondorio diren kalte eta galerengatiko ordainak ere eska dakizkieke. Kalteordaina arauhausteak eragindako kalteak edo galerak berdintzeko izango da.

51. Artikulua - Zigorren mailaketa

      1.-     Isunen zenbatekoa eta gainerako zigorren maila zehazteko, eskudun organoak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

a)   Osasunerako eragindako arrisku edo kaltearen larritasuna.

b)   Erruduntasun-maila edo asmoa.

c)   Gizartean sorturiko asaldura edo eragina.

d)   Lorturiko onuraren zenbatekoa.

e)   Arauhauslearen egoera ekonomikoa.

f)    Arauhausleak merkatuan duen egoera.

g)   Berrerortzea eta errepikatzea.

      2.-     Zigorra neurtu eta mailakatzeko, hurrengo hauek hartuko dira aringarri oso kualifikatutzat:

-  Ustezko arauhausleak, galarazitako jarduerak eteteko eskatzen zaionean, eskaera horri jaramon egitea. Lege honen lehenengo xedapen gehigarrian jasotako gertakarian, bertan esaten den moduan egingo da errekerimendua.

-  Arauhausleak frogatzea, zigor-espedienteari buruzko erabakia hartu baino lehen eta zuzenbidez baliozko diren bideetatik, jardunbideari ekitea ekarri zuen jokabidearen ondorioak leundu edo erabat zuzendu dituela.

52. Artikulua - Zigorrak ezartzea

      1.-     Zigorrak honela ezarriko dira:

a)   Arauhauste arinengatik ohartarazpena eta/edo 500.000 PTArainoko isuna ezarriko da.

b)   Arauhauste larriengatik, 500.001 eta 2.500.000 PTA bitarteko isuna eta/edo jarduera aldi baterako eten eta/edo establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa, erabat edo zati batean, itxi bi urterako gehienez.

      Eskudun agintariek zigor osagarria jartzea erabaki dezakete, hots, Autonomia Erkidegoko diru-laguntzak eskuratzeko debekua jartzea, gehienez ere bi urtez.

c)   Arauhauste oso larriengatik, 2.500.001 eta 100.000.000 PTA bitarteko isuna eta/edo establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa, erabat edo zati batean, itxi urte bitik bostera.

      Eskudun agintariek zigor osagarria jartzea erabaki dezakete, hots, Autonomia Erkidegoko diru-laguntzak eskuratzeko debekua jartzea, urte bi eta bost bitartean.

      2.-     13, 14, 15, 16, 17 eta 18.1, 2 eta 3 artikuluak ez betetzeagatik egindako arauhausteen kasuan, eskudun agintariak isunaren zenbatekoa igo ahal izango du legez kanpoko publizitatea ekoitzi eta zabaltzearen kostuaren %10eraino. Hortik bildutako dirua drogamenpekotasunei aurrea hartzeko estrategiak egiten erabiliko da Autonomia Erkidegoko hedabideetan.

      3.-     Edozein arauhauste egitearekin batera, espedientea erabakitzeko eskumena duen organoak arauhaustearekin zuzeneko zerikusia duten salgaiak edo gauzakiak dekomisatuko ditu, behin-behingoz, ondorio osagarri gisa.

      4.-     Behar den baimena ez duten establezimenduak, aurkitutako akatsak zuzendu arte, ixteak edo haien jarduera, jarduteko eskatzen diren baldintzak bete arte, eteteak ez du zigor-izaera izango. Ixteko edo eteteko erabakiarekin batera, ordea, zigortzeko espedientea irekitzeko aukera egongo da.

53. Artikulua - Iraungitzeen erregimena

      1.-     Lege honetan ohartemandako administrazio-zigor oso larriek bost urtera preskribituko dute, larriek bi urtera eta arinek sei hilabetera.

      2.-     Hutsegite oso larriak egiteagatik ezarritako zigorrek bost urtera preskribituko dute, hutsegite larriek bi urtera eta hutsegite arinek urtebetera.

54. Artikulua - Erabakia hartzeko eskumena duten organoak

      1.-     Zigortzeko ahalmena hurrengo organo hauei ematen zaie:

a)   Alkateei, hurrengo artikuluetan ezarritakoa ez betetzeagatik jarritako zigorra dela-eta:

-  14, 16.2 eta 25. artikuluak, ez-betetze horiek bai arauhauste arintzat jo badira eta bai larritzat jo badira. 16.2 artikuluaren kasuan, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen ez denean bakarrik dagokio alkateari zigor-ahalmena.

-  15, 16.1 eta 18.3 artikuluak. Azken kasuan, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen ez denean bakarrik dagokio alkateari zigor-ahalmena.

-  20, 21, 22 eta 23. artikuluak, bai arauhauste arintzat jo badira eta bai larritzat jo badira dagozkien artikuluetan.

-  Legean jasota dagoen eta arauhauste larritzat edo oso larritzat jota ez dagoen beste edozein ez-betetze.

b)   Drogamenpekotasunen arloan eskumena duen saileko organoari dagokio zigor-ahalmena hurrengo kasuotan:

-  5.2 artikulua, lehenengo zatia.

-  14, 16.2 eta 25. artikuluak, oso larritzat jo direnean. 16.2 artikuluaren kasuan, arintzat edo larritzat jotzen bada ere, zigor-ahalmena aipaturiko organoari dagokio arauz kontrako jarduerak udalerriko mugak gainditzen baldin baditu.

-  13, 17, 18.1, 2 eta 3 artikuluak, arauhauste larritzat eta oso larritzat jotakoak, eta 15, 16.1, 20, 21 eta 22. artikuluetako arauhauste oso larritzat jotako ez-betetzeak. 18. artikuluaren hirugarren lerroaldeari dagokionez, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen denetan esandako organoari dagokio zigor-ahalmena.

c)   Osasun Saileko dagokion organoari, hots, 31.1 artikuluan ezarritakoa ez betetzeagatik zigorra jartzea dagokion organoari.

d)   Gobernu Kontseiluari, 15.000.000 PTAtik gorako isunak ezartzea, eta establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa, erabat edo zati batean, aldi baterako ixtea.

      2.-     Espedientea izapidatzeko arduraduna edozein unetan ohartzen bada zigortzeko ahalmena ez dagokiola bere Administrazioari, ahalmen hori daukanari igorriko dio espedientea, eta prozedura eten zen puntutik abiatuko dira izapideak.

      3.-     Aurreko lerroaldeetan ezarritakoari ezer kendu gabe, udal batek arauhauste bat zigortzeko ahalmena erabiltzen ez badu, Eusko Jaurlaritzak errekerimendua bidaliko dio, eta bi hilabete igaro ondoren, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak zigor-espedientea hasi, izapidatu eta erabaki egingo du.

      4.-     Eusko Jaurlaritzako eskudun organoek eta toki-administraziokoek elkarri emango diote izapidaturiko espedienteen berri, espedienteari hasiera ematea erabaki eta hurrengo hamar eguneko epean.

55. Artikulua - Zigortzeko jardunbidea

      Zigortzeko ahalmenaz baliatzeko, Estatuko oinarrizko legerian eta Euskal Herriko administrazio publikoen zigortzeko ahalmena arautzen duen legerian agindutakoari jarraituko zaio.

56. Artikulua - Lotura juridiko bereziak

      Administrazio publikoetan lan egiten dutenei eta kontratu-bidez administrazio horiekin loturik daudenei ez zaie esandako zigor-jardunbidea aplikatuko, baizik eta kidego horietako bakoitzak berariaz daukana.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa - Legearen kontrako iragarkiak bertan behera uztea eta aldatzea

      Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren IV. tituluan administrazio-organoei ematen zaien ahalmena, iragarki-jartzaileari iragarkiak bertan behera utzi edo alda ditzala eskatzeko, drogamenpekotasunen arloan eskumena duen organoari dagokio, lege honen gaiaren barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan. Foru- eta toki-administrazioek, berriz, berek izendatuko dituzte eskumen hori izango duten organoak.

Bigarrena - Kopuruak eguneratzea

      Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honen 52.1 artikuluan finkaturiko gutxienezko eta gehienezko kopuruak eguneratzeko.

Aldibaterako Xedapenak

Lehenengoa - Xedapenen atzeraindarrik eza

      Azaroaren 11ko 15/1988 Legearen eraginpean hasitako zigor-espedienteak lege horren arabera jarraituko dira erabat amaitu arte, nahiz eta lege honetan ezarritako zigorrek atzeraindarra izango duten, arauhauslearentzat onuragarriagoak badira.

Bigarrena - Egokitzeko epea

      Lege hau indarrean jartzen denetik, hiru hilabeteko epea izango da legearen edukiak eskatzen dituen egokitze materialak egiteko.

Indargabetzeko Xedapen Bakarra

      1.-     Lege honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko arau guztiak indargabetu egiten dira.

      2.-     Hurrengo xedapen hauek berariaz indargabetzen dira:

a)   15/1988 Legea, azaroaren 11koa, Drogamenpekoen alorreko Aurre-hartze, Laguntza eta Birgizarteratzeari buruzkoa.

b)   35/1986 Dekretua, otsailaren 11koa, Drogamenpekotasunaren aurkako Ekintzetarako Lehendakariaren Bulegoa.

c)   399/1991 Dekretua, ekainaren 25ekoa, Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea sortzeko dena.

d)   482/1991 Dekretua, irailaren 10ekoa, Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea sortzen zuen Dekretua aldatzeko dena.

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Erregelamendu bidez garatzea

      Baimena ematen zaio Euskadiko Gobernu Kontseiluari lege hau erregelamendu bidez garatzeko.

Bigarrena - Indarrean jartzea

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra