18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa.
1997-11-21Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1997/12/11, 237. zk.; EAO, 2012/1/14, 12. zk.
§ 203. 18/1997 LEGEA, AZAROAREN 21EKOA, TITULUDUN
LANBIDEEI ETA PROFESIONALEN ELKARGO ETA KONTSEILUEI BURUZKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
I
Lege honen helburua Euskal Autonomia
Erkidegoko Autonomi Estatutuko 10.22 atalean xedatzen dena garatzea da. Izan
ere, atal horretan jartzen duenez, autonomia-elkarte horrenak dira
profesionalen elkargoei buruzko eta tituludun lanbideetako jarduerari buruzko
eskumen guztiak, Konstituzioko 36. eta 139. ataletan xedatutakoa ahaztu gabe.
Orain arte, gai honi buruzko arauetan
gehienbat kezka bakarra nabari zen: elkargo-motako erakundeak. Eta elkargo
horien barruko lanbideen jarduerari, hau da, kolejiatu izenaz ezagutzen diren
lanbideen jarduerari buruzko gairen bat aztertzen zenean ere, beti elkargo
horien ikuspuntutik egiten zen. Horregatik, elkargorik ez duten lanbideak
bazterrean geratu dira, funtsean besteen antzekoak izan arren.
Egoera horren aurrean legearen erantzuna
etorri da, hutsune horiek gainditu eta, aldi berean, aipatzeko moduko
berrikuntza garrantzitsuak egitera datorrena.
Horrenbestez, legeak, lehenengo eta behin,
elkargoetatik kanpoko tituludun lanbideen gaia ere jasotzen du, elkargoen
antolaketari bakarrik lotu beharrean. Azken batean, lanbideak lanbide dira
elkargoetan antolatuta egon edo ez. Erakunde horien helburuetako bat, gainera,
jarduera profesional egokia bermatzea bada, ez du zentzu handiegirik lanbide
horiek ahaztuta uzteak, horrelako antolaketarik izan ere izan gabe gainera. Lanbide-mota
biek behar dute, era batera edo bestera, araututa egon, elkargoa eduki nahiz
eduki ez. Baina, beharbada, bigarren horiek izango dute arau-premia handiagoa,
elkargoen antolaketa ere ez dutenez.
Lege-balioa dela eta, lege honek
berrikuntza bat dakar, lanbideak arautzeari lege-balio egokia ematen baitio.
Izan ere, ezin dugu ahaztu Konstituzioko 36. atalean lege-erreserba agintzen
dela, hain zuzen ere legeak arautu behar omen baititu elkargo profesionaletako
araubide juridikoaren berezko berezitasunak eta tituludun lanbideen jarduna.
Lege honek Konstituzioaren agindu hori
betetzeko asmoa duenez, arautzeko modu horiek eramandako bidetik urruntzeko
erabaki argia hartu du, elkargoen antolaketaz gain, jarduera profesionalaren
araudi-esparrua ere jasotzen du eta.
Arrazoi horiengatik, legea bitan banatuta
dago: alde batetik, jarduera profesionala arautzen du, eta, bestetik, elkargoen
jarduera, elkargoetan bilduta dauden lanbideei dagokiena.
Lehenengo zatiari dagokionean, jarduera
profesional guztietarako araudi-esparru bakarra ezartzen du, dena izanagatik
ere, berezitasun horiekin zerikusirik ez duten beste arau batzuekin erabat
bateragarria dena. Horrela, jarduera profesional guztietarako esparru hori
gutxieneko esparrua dela esan daiteke, beste arlo batzuetako arau-multzoak
baztertzen ez dituena. Honenbestez, beste osagai bat lotzea lortu da:
egiturarena. Horrela, jarduera profesionala aztertzeari benetan eman behar
zaion dimentsioa osatuko dugu, lanbiderako askatasun-eskubidearen oinarrizko
edukia zehazten duten Konstituzioko postulatuak ere kontuan hartzen direnez.
II
Bigarrenik, hau da, lanbide kolejiatuak
direla eta, legea idazterakoan oso kontuan hartu da arrakasta zerbaiten mende
baldin badago, interes orokorren eta arlokakoen arteko oreka preziatua lortzearen
mende dagoela hain zuzen ere. Publikoaren eta pribatuaren arteko sinbiosi hori
lortzeko ahaleginetan, kontuan hartu beharko da erakundeek elkargoen
antolaketari ikuspuntu jakin batetik heldu behar diotela, hau da, lanbide
batzuen jardunaren barruan kolektibitatea edo interes publikoa defendatzeko
ikuspuntuari heldu behar diotela, profesionalak defendatzera lerratu beharrean.
Elkargoen antolaketak zein toki bete behar duen zehazteko erabili behar den
formulak, alde batetik, funtsezko garrantzia eman behar dio elkargoek beren
burua administratzeari, eta, beste alde batetik, gatazkarik baldin bada,
interes orokorra gailentzeko bidea eman behar du. Eta oreka-formula hori da,
hain zuzen ere, lege honetan jaso nahi izan dena.
III
Nahitaez elkargo profesionalen bateko kide
izan beharrak pizten duen auzia arautzeko, Konstituzioaren aginduekin bat,
elkargoaren sorrera-legean eta elkargo bakoitzaren estatutuetan zer jartzen
duen begiratzea erabaki da irizpide orokor modura, betiere, kasu bakoitzean
tartean dagoen interes publikoaren arabera. Honenbestez, ez da lanbide
guztietarako arau bakar bat ezarri, egoera desberdin asko dagoelako eta
salbuespen garrantzitsu bat gertatuko litzatekeelako.
Salbuespen hori administrazio publikoan
lan egiten duten profesional batzuk dira, hain zuzen ere,
administrazio-zuzenbideari edo lan-zuzenbideari lotutako zerbitzu-harremana
dutenak. Eta gai horri heltzeko orduan Konstituzio Auzitegiaren doktrinari
jarraitu diogu, jakinaren gainean aginte publikoek oztopoak ezabatzeko eta
gizartearen eskari zabalari erantzuteko legezko neurri egokiak hartzeko
erantzukizuna dutela -azkenaldi honetan handiagotu egin baita, asko izanik arlo
publikoan lan egiten duten profesionalak-, eta, beste alde batetik, elkartzeko
eta sindikatuetan biltzeko oinarrizko eskubideekiko errespeturik
zorrotzenarekin. Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 19ko 131/1989 Epaiak ere
horixe onartu zuen, profesionalen jarduna dela-eta tarteka daitezkeen interes
publikoak zaintzeko ardura administrazioak har dezakeela adierazten baitu,
betiere, legegileak agindutako kasuetan eta baldintzetan. Halakoetan,
gehiegizkoa izango litzateke interes publikoa zaindu beharrez profesionalari
elkargoren bateko kide izatea eskatzea, profesionalak kontratatzen dituen
administrazioa zaintza-lan hori egiteko gai izanik. Baina, jakina, dedikazioa
erabatekoa ez bada, profesionala ez da salbuespen horretako bat, eta, beraz,
elkargoren bateko kide izatea eska dakioke.
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak
autonomia-erkidegoko eta tokiko funtzio publikoaren errejimenean dituen
ahalmenak kontuan hartuta (Estatutuko 10.4 atalean daude jasota ahalmen
horiek), salbuespen hori Euskal Autonomia Erkidegoko premia zehatzetara
egokitzea komeni dela pentsatu dugu, administrazio publikoak modu-moduan direlako
menpeko profesionalak antolatu, kontrolatu, begiratu eta zigortzeko ahalmena
beren gain hartzeko. Horrelakoetan, gainera, profesionalen jardunean
tartekatzen diren interes publikoak zaintzeko ardura, elkargoen izate-arrazoia
dena, administrazio publiko horiek izango dute zuzenean, elkargoak tarteko
baliabide gisa erabili beharrik gabe. Aukera hori are eta ulergarriagoa izango
da kontuan hartzen badugu elkargoek legearen aldetik ez dutela, profesionalek
administrazio publikoan dihardutenean, goian aipatutako ahalmen horietako
gehienak beren gain hartzeko aukerarik, nahiz eta bestelakoetan legegileak
berak eman elkargoei beren kideekiko ahalmen horiek.
Hala eta guztiz ere, medikuen eta
erizainen kasuan, salbuespen-errejimen horri bidea emateko, Gobernuaren
deklarazioa beharko da aurretik. Deklarazio hori dekretu bidez egin beharko du
eta, betiere, interes publikoa eta osasun-sistema nazionalaren funtzionamendu
egokia zaindu beharra kontuan hartuta.
IV
Bada beste gai bat kontuan hartu
beharrekoa elkargo profesionalak arautzerakoan, hau da, bihar-etzi elkargoak
antolatu ahal izango dituzten tituludun lanbideak zehaztea, aurreko
errejimenetik datorkigun neurrigabeko hazkundea gerarazteko. Legeak, gaur
egungo 'statu quo' errespetatuz, elkargoak antolatzeko zein titulazio eskatu
erabakitzeko ahalegin garbia egin du, eta, alde horretatik, unibertsitateko
titulu akademikoa hartu dugu elkargo-antolaketako oinarrizko elementutzat. Izan
ere, aurreko azken hamarkadetako gizarte eta politikaren bilakaerak anbiguotasunaren
ateak zabaldu zituen, eta, orain, anbiguotasun hori zehaztea dagokigu.
Azkenean, hainbat alderditatik begiratuta ere, elkargoen helburuak
jatorrizkoetatik erabat aldenduta geratu ziren, eta elkargoak, azken batean,
sindikatu-ordezkaritzaren azken gotorleku bilakatu ziren, orduko egiturak ez
ziren-eta kolektiboen arrazoizko eskakizunei erantzun egokia emateko gai. Baina
gaur egun, horrelako antolakundeak ezin dira elkargo profesionaltzat hartu,
gizartean eragina duen funtzio publikorik ez dutenez.
Beste alde batetik, profesionalen
kontseiluak sortzeko aukera ere jaso da. Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez
sortu beharko da, elkargoen beren ekimenez eta osatuko duten kide guztien
adostasunarekin. Kontseiluak sortzea aukerakoa izango da.
Aipamen berezia merezi du, era berean,
lege honen bidez sortuko den Tituludun Lanbideen Errejistroak. Helburua
herritarrei beste informazio-bide bat eskaintzea da, Euskal Autonomia
Erkidegoko elkargoen errealitatearen jakitun izan daitezen eta errejistroan
izena ematea erabakitzen duten profesionalen berri izan dezaten. Alde
horretatik, ulertzeko moduko eskakizun teknikoak direla eta, Euskal Herriko
Autonomi Elkarteko Administraritzaren Ariel eta Herri-prezioei buruzko Legea
aldatu egin behar da, errejistro-zerbitzuen tasa berria ere jasota gera dadin.
Tasa hori zazpigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
V
Beste alde batetik, argi geratu behar du
lege honek Autonomi Estatutuko 10.22 atalean berariaz aipatzen diren gainerako
konstituzio-aginduak ere betetzen dituela, eta Konstituzio Auzitegiak ulertzen
dituen moduan bete ere. Auzitegi horren iritziz, elkargoek jarduera nagusiki
pribatuaren ondoan badute halako beste dimentsio publiko bat, eta horregatik
hartzen ditu legeak pertsona juridiko-publikotzat.
Dimentsio publiko hori da, hain zuzen ere,
Konstituzio Auzitegiak hartu duen abiapuntua elkargoak lurraldeetako
administrazio publikoekin parekatzeko, dimentsio horretarako antolaketa eta
eskumenen kasuan besterik ez bada ere. Parekatze hori erabakiorra da estatuko
legeriaren esku uzteko ìinteres profesionalak ordezkatzen dituzten zuzenbide
publikoko korporazioen antolaketa eta eskumenek jarraitu behar dituzten
hatsapen eta oinarrizko arauakî zehaztea.
Horregatik, lege honetan jasotzen diren
elkargo eta kontseilu profesionalen jardunari, antolaketari eta eskumenei
buruzko irizpide orokorrak, legegintza-teknikei eta sistemaren koherentziari
jarraiki, gai horri buruzko egungo legerian zehazten direnak izango dira, hau
da, irizpide horiek zehazterakoan estatuko oinarrizko legeria hartuko da
kontuan, estatuak legeria hori Konstituzioko 149. ataleko 1.1 eta 1.18 puntuen
bidez ematen zaizkion eskumenetan oinarrituta sortu du eta.
Joera horren atzean, azken batean, bi
arrazoi nabari dira, alde batetik, ordenamendu plurala modurik zuzenenean
ardaztu behar delako, baina, beste alde batetik, autonomiaren printzipioa ere
errespetatu beharra daukagulako. Eta legegintza Euskal Autonomia Erkidegoko
eskumenekin zerikusirik ez duten lehenagoko beste erabaki batzuen mende jarriko
bagenu, autonomia hori apurtu egingo genuke.
Azkenik, lege hau egiteko prozesuan Euskal
Autonomia Erkidegoko elkargo profesionalen iritziari zer-nolako garrantzia eman
zaion azpimarratu behar dugu. Aurretiazko irizpenen tramitean egin zituzten
baliozko ekarpen asko testuan jasotzea erabaki dugu, lege honen eraginpean
geratuko diren gizarteko ahalik eta talde gehienen borondatea erakartzeko
gogoz, araugintzako edozein testutan egin behar den bezala.
I IDAZPURUA
TITULUDUN LANBIDEETAKO JARDUNA
I
ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.
Atala - Xedea
Lege honen xedea da tituludun lanbideek
Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean aurrera daramaten jarduna eta lurralde
horretan bertan diharduten elkargo eta kontseilu profesionalak arautzea.
Oinarrizko legerian eta/edo arlo horretako legerian jartzen duena ere kontuan
hartu beharko da.
2.
Atala - Kontzeptua eta sailkapena
1.- Tituludun
lanbideak dira zientzia edo jakinduria-adar bateko ezaguerak eta teknikak
erabiltzen dituztenak eta gaitasuna unibertsitateko edo legez ezarritako edo
agintari eskudunek onartutako beste nolabaiteko titulu akademiko batez
egiaztatua dutenak.
2.- Tituludun
lanbideak kolejiatuak eta kolejiatu gabeak izan daitezke.
3.- Tituludun
lanbide kolejiatuak dira legez zehaztutakoak, aldibaterako lehen xedapenean
jartzen duena ere kontuan hartu behar bada ere.
4.- Gainerako
tituludun lanbideak kolejiatu gabeak dira.
3.
Atala - Araututako esparrua
Idazpuru honetan xedatutakoa alderdi
profesionalari dagokio soilik, eta ez du zerikusirik lanbide batean jarduteko
harreman juridikoak berez dakartzan eskubide eta betebeharrekin.
II ATALBURUA
JARDUTEKO BETE BEHAR DIREN BALDINTZAK
4.
Atala - Hatsapen orokorra
Lege honen ondorioetarako besterik ez, eta
kasu bakoitzean bete behar diren legezko aginduak ahaztu gabe, atalburu honetan
ezarritako baldintzak betetzen dituztenek dagokion lanbidean jarduteko
eskubidea izango dute eta tituludun profesionalak izango dira, betiere,
idazpuru honetan xedatutakoaren arabera.
5. Atala - Zenbatzea
1.- Tituludun
lanbide batean jardun ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen
dituztenek:
a) Dagokion titulua edukitzea, lege honetako 2.1
atalean xedatutakoaren arabera.
b) Lanerako gaitasunik gabe ez izatea.
c) Legeetan zehaztutako bateraezintasun edo
debekuen pean ez izatea.
d) Beharrezkoa
denean, elkargo-arauak betetzea.
2.- Bestelako baldintzarik jarri nahi bada,
legez onartu beharko da derrigorrez.
6. Atala Bateraezintasunak
1.- Tituludun profesionalak ezin dizkio bere
zerbitzuak haren berezko interesen aurkako interesak dituen beste inori
eskaini. Lege honen ondorioetarako, honako hauek dira
tituludun profesionalaren berezko interesak:
a) Interes pertsonalak.
b) Ezkontidearen eta odolez edo ezkontzaz
bigarren mailara arteko ahaideen interesak.
c) Berarekin bizi ohi direnen interesak.
d) Pertsona juridikoen interesak, baldin eta
profesionala pertsona juridiko horien administrazio-organoetako partaide edo
titularra bada edo b) eta c) azpiataletan zehaztutako pertsona fisikoak badira
partaide edo titularrak, b) azpiataleko ezkontza bidezko ahaideak izan ezik.
e) Aldian-aldian eta etenik gabe bere zerbitzu
profesionalak jasotzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen interesak,
pertsona publikoak nahiz pribatuak izan.
Aurreko d) eta e) azpiataletan aipatutako
kasuetan, profesionalak ezingo die zerbitzurik eskaini, profesionalaren
kontrako interesdunek bateraezintasun hori berariaz eta idatziz indarrik gabe
uzten ez duten bitartean.
2.- Kontseilu
profesionalek edo, bestela, elkargoek beren kideek bete beharreko beste
bateraezintasun batzuk ezar ditzakete estatutuetan, betiere, kasuan kasuko
lanbidearen inguruan. Administrazioak ere hori bera egin dezake elkargorik
gabeko lanbideen kasuan.
3.- Elkargo
profesionalen esku dago interes-gatazkarik ez dagoela deklaratzea. Deklarazio
hori elkargoko profesionalek eskatu beharko dute nahitaez eta ondorio bakarra
izango du, hau da, 15.1 d) ataleko erantzukizunetik kanpo uztea. Horretarako,
betiere, profesionalaren jardunak deklarazioan jartzen duen guztia bete beharko
du.
4.- Elkargo
eta kontseilu profesionalek Autonomia Erkidegoko administrazioari jakinarazi
behar dizkiote ezagutzen dituzten zalantzazko jarduera guztiak, baldin eta
jarduera horiek administrazio-zuzenbideak edo lan-zuzenbideak araututako
zerbitzu-harremanen bidez euskal administrazio publikoei atxikita dauden
profesionalen eginkizun eta ordainsari mailako bateraezintasunen arloan
indarrean dauden legeen aurkakoak badira.
7.
Atala - Kontratatzeko askatasuna
1.- Tituludun
profesionalek lanbide bereko beste batek esku artean dituen gaietan aritzeko
aukera ere izango dute, lanbide bakoitzeko arau eta ohitura orokor nahiz
berezien arabera.
2.- Gaia
bera kontuan hartuta edo beste arrazoi batzuk direla medio, jarduketak pertsona
bakar batek egin behar dituela jartzen badu elkargoko arauetan, elkargoko
profesionalen artean ordezkapenak nola egin behar diren ere arau horietan
jarriko du.
III ATALBURUA
JARDUERA PROFESIONALA NOLA GAUZATU
8.
Atala - Errejimen orokorra
Idatzizko araurik ez badago, tituludun profesionalak
dagokion lanbidean indarrean diren ohitura orokorrak bete beharko ditu bere
jardunean.
9.
Atala - Prestakuntza. Autonomia
1.- Tituludun
profesionalen betebeharretako bat beren lanbidearen oinarrian dagoen zientzia
edo jakituria-adarraren berezko arau teknikoetara egokitzea da, eta
horretarako, arau tekniko horien inguruko kontraste enpirikoak eta
esperientziak ere kontuan hartu beharko dituzte. Honenbestez, laneko
prestakuntzak etengabea izan behar du.
2.- Tituludun
profesionalak erabateko askatasuna eta independentzia izan behar du bere
lanean. Gizarteari zerbitzua ematea, zerbitzua ematen zaion subjektuaren
interesa eta lanbideko betebehar deontologikoak zehatz-mehatz betetzea izango
ditu laneko jarraibideak, eta muga bakarrak, berriz, legeak agindutakoak.
3.- Aurreko
azpiataletan zehaztutako gaiaren barruan, lanbide batean jarduteko harreman
juridikoa dela-eta tituludun profesionalak, nahitaez, bere lan-irizpideez
bestelakoen arabera aritu behar badu gai jakin batean, irizpideekin bat ez datorrela
azaldu eta idatziz jasoaraztea eska dezake. Sekretu profesionala gordeta egongo
da beti, eta profesionalaren lanak ez du horregatik eraginkortasunik galdu
behar.
10.
Atala - Sekretu profesionala
Sekretu profesionala eskubidea eta
betebeharra da tituludun profesionalarentzat, betiere, Konstituzioarekin bat
eta dagokion legeria espezifikoak dioenaren arabera.
11.
Atala - Intrusismoa eta zalantzazko beste jarduera profesional batzuk
1.- Tituludun
profesionalak bere entzutera iristen diren intrusismo-kasu eta zalantzazko
jarduera profesional guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari edo
dagokion elkargoari jakinarazi behar dizkio, bere lanbideak elkargorik badu
behinik behin.
2.- Hona
hemen zalantzazko jarduera profesionalak zein diren: lanbideko arau
deontologikoak betetzen ez dituztenak; behar besteko arreta profesionalik ez
izateagatik, zerbitzu profesional horiek jasotzen dituztenen kaltetan direnak,
edo lehia garbia hausten dutenak, Lehia Zaintzeko Legearen, Lehia Desleialaren
Legearen, elkargo profesional bakoitzak lehia desleialaren gainean ematen
dituen jarraibideen beren eta Publizitatearen Lege Orokorraren arabera.
12.
Atala - Asegurua
1.- Tituludun
profesionalek asegururen bat izan behar dute erantzukizun zibila dela-eta
lanean dituzten arriskuei erantzuteko.
2.- Betebehar
hori ez da derrigorrezkoa izango hirugarrenen eskubideak bermatuta baldin
badaude kasuan kasuko jarduerak bete behar duen beste legeria baten bidez edo
orokorrean bete beharreko eta helburu horretarako egindako akordioren baten
bidez.
3.- Lanbide
kolejiatuen kasuan, elkargoek hartu beharko dituzte beren kideek
aseguru-baldintzak betetzeko beharrezko neurriak.
13.
Atala - Derrigorrezko lana
1.- Arrisku
handiren bat baldin badago, edo hondamendi nahiz gizarte-mailako zoritxarren
bat gertatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak tituludun
profesionalak lan egitera behartzeko aukera du.
2.- Betebehar
horrek kasuan kasuko lanbideko tituludun profesional guztiak hartzen ditu bere
baitan. Esparru geografikoa, berriz, Euskal Autonomia Erkidego osoa edo,
arrazoia beste esparru txikiago batera mugatzen bada, beste esparru txikiago
hori izango da.
3.- Aurreko
azpiataletan erabakitakoaren ondorioetarako, elkargo profesionalek kideen lana
koordinatzeko behar duen laguntza guztia eskaini behar diote dagokion
aginteari.
IV ATALBURUA
DIZIPLINA-ARAUAK
14.
Atala - Arau-hausteen sailkapena
1.- Tituludun
lanbideen jarduna atalburu honetan jasota dauden diziplina-arauen mende egongo
da.
2.- Tituludun
lanbideen jardunean egin daitezkeen arau-hausteak izango dira oso larriak,
larriak edo arinak.
15.
Atala - Profesionalen arau-hausteak
1.- Hona
hemen oso arau-hauste larriak:
a) Lanean jardutea 5.1 a) atalean zehaztutako
titulurik izan gabe.
b) Betebehar profesionalak ez betetzea,
profesionalaren partehartzea eskatu dutenentzat oso kaltegarria denean.
c) Sekretu profesionala haustea.
d) Lanean aritzea horretarako gaitasuna galduta
duela, bateraezina zaionean edo debekatuta duenean.
e) Laneko arrazoiengatik egindako dolozko
delituak, partehartze-maila edozein izanda ere.
f) Kontseilu eta elkargo profesionalek
onartutako estatutu-xedapenetan oso arau-hauste larritzat hartzen direnak.
Arau-hauste horiek, aurreko mota berekoak izanik ere, kasuan kasuko lanbidearen
berezko ezaugarriak izango dituzte eta kontseilu edo elkargoko kideei lotuta
egongo dira.
g) Bi urtetan bi arau-hauste larri egitea
gutxienez. Hurrengo azpiataleko j) letran aipatutako arau-haustea ez da
horretarako kontuan hartuko.
h) Lanbide kolejiatu batean jardutea dagokion
elkargoko kide izan gabe.
2.- Hona
hemen arau-hauste larriak:
a) 5.1 d) atalean xedatutakoa ez betetzea.
b) Betebehar profesionalak ez betetzea,
profesionalaren partehartzea eskatu dutenentzat kaltegarria denean.
c) 11. atalean jasota dagoen
jakinarazpen-betebeharra ez betetzea.
d) Aseguratzeko betebeharra ez betetzea.
e) 13. atalean jasota dagoen derrigorrezko lana
ez betetzea, zentzuzko arrazoirik gabe eta behar bezala eskatu izan arren.
f) Irain larriak egitea lanbide bereko beste
profesional batzuen duintasunari nahiz lanbideko gobernu-organoei edo laneko
arrazoiengatik berarekin harremanetan diren pertsona edo erakundeei, bai eta
beroriei agresio fisikoak egitea ere.
g) Lehia garbia hausten duten
ekintzak burutzea.
h) Kontseilu edo elkargo profesionalei nahiz
barruko organoei behar bezala lan egitea eragozten dieten ekintzak burutzea.
i) Kontseilu eta elkargo profesionalek
onartutako estatutu-xedapenetan arau-hauste larritzat hartzen direnak.
Arau-hauste horiek, aurreko mota berekoak izanik ere, kasuan kasuko lanbidearen
berezko ezaugarriak izango dituzte eta kontseilu edo elkargoko kideei lotuta
egongo dira.
j) Bi urtetan
bost arau-hauste arin egitea gutxienez.
3.- Lana arautzen duen beste edozein agindu
haustea arau-hauste arina izango da, larria edo oso larria ez denean eta bete
beharreko araudian edo kontseilu nahiz elkargo profesionalek onartutako
estatutu-arauetan hori jartzen badu, 1.f) eta 2.i) azpiataletan irakur
daitekeen eran.
4.- Atal honetan xedatutakoa zuzen-zuzenean
bete behar bada ere, arau-hausteen mota bakoitza osatzen duten ekintza zehatz
guztiak zehaztu beharko dira 1.f), 2.i) eta 3. azpiataletan aipatutako
arauetan.
16. Atala - Zigorrak
1.- Oso arau-hauste larriengatik honako zigor hauetako
bat jar daiteke:
a) Lanerako gaitasunik gabe uztea urtebete eta
egun batetik hogei urtera bitartean, eta, betiere, 17. atalean zehaztutakoaren
arabera.
b) 500.001 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isuna.
2.- Arau-hauste
larriengatik honako zigor hauetako bat jar daiteke:
a) Lanerako gaitasunik gabe uztea gehienez ere
urtebeterako, eta, betiere, 17. atalean zehaztutakoaren arabera.
b) 50.001 eta 500.000 pezeta bitarteko isuna.
3.- Arau-hauste
arinengatik honako zigor hauetakoren bat jar daiteke:
a) Ohartarazpena.
b) Gehienez ere 50.000 pezetako isuna.
4.- Arauak
hautsi dituenak etekin ekonomikoa atera badu arau-hauste horregatik, isuna
handiagoa izango da. Hain zuzen ere, etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu
ondoren, etekin horren eta gorago aipatutako kopuruetatik handienaren arteko
aldea gehituko zaio, gutxienez, berez ordaindu beharreko isunari, eta gehienez,
alde horren bikoitza.
5.- Zigorrak
kasuan kasuko gora-beheren arabera zehaztuko dira.
6.- Zigor
horiez gainera, beste edozein erantzukizun baldin badago, zigortuek erantzun
egin beharko dute.
7.- Elkargoek
diziplina betearazteko gaitasunagatik jasotzen dituzten isun-ordainketa guztiak
etenik gabeko lan-prestakuntzako jarduerak ordaintzeko erabiliko dira. Horretarako,
dagokion prozedura kontuan hartuta betiere, beharrezkoak diren neurriak hartu
eta beteko dira, kasu bakoitzean bete behar den araudiaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko
administrazioak diziplina betearazteko gaitasunagatik jasotzen dituen isun-ordainketa
guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuko ditu.
17.
Atala - Lanerako gaitasuna kentzea
1.- Tituludun
lanbide bateko arauak hausten dituena, zigor modura lanerako gaitasuna kentzen
badiote, zigorrak irauten duen bitartean ezin izango da lan horretan aritu.
2.- Kasuan
kasuko tituludun lanbideean aritzeko titulu guztiak izanagatik ere, lanerako
gaitasuna ken dakioke 30.1 atalean jartzen duena betetzen ez duenari. Pertsona
hori, halakoetan, elkargoko kide izateko eskatzen duenean hasiko da zigorra
betetzen. Eskaria erantzunik gabe geratuko da zigorra bete arte.
3.- Organo
erabakitzaileak, dagozkion ondorioetarako, zigorra jarri dela jakinaraziko die
administrazio eskudunei, Autonomia Erkidegoko kontseilu profesionalari, horrelakorik
badago, eta estatu-mailako kontseilu edo elkargoari.
4.- Gaitasuna
kentzeari dagokionez, elkargoaren erabakia edo administrazioaren akordioa irmoa
denean hasiko da gaitasungabetzea. Zigortua lehenagotik ere beste kausa edo
arau-hauste batzuengatik lanerako gaitasunik gabe baldin badago, aurrekoa
amaitzen denean hasiko da azkeneko gaitasungabetzea, eta horrela egingo da
den-denak bete arte.
18.
Atala - Preskripzioa
1.- Oso
arau-hauste larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera eta
arinek urtebetera.
2.- Preskripzio-epea
araua hausten den egunetik aurrera hasiko da.
3.- Zigortzeko
prozedurari hasiera ematen bazaio interesatua jakinaren gainean dagoela,
preskripzio-epea eten egingo da. Baina zigortzeko espedientea sei hilabete
baino gehiagotan geldirik baldin badago eta errua ez baldin bada ustezko
arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz ere martxan jarriko da.
4.- Oso
arau-hauste larriengatik jarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute,
arau-hauste larriengatik jarritakoek bi urtera, eta arinengatik jarritakoek
urtebetera. Hala ere, hiru urteko edo denbora gehiagoko gaitasungabetze
profesionaleko zigorretan, preskribitzeko aldia zigor-aldiaren berdina izango
da.
5.- Zigorra
jartzeko erabakia erabaki irmo bilakatzen den egunaren hurrengotik aurrera
hasiko da zigorra preskribitzeko epea.
6.- Betearazteko
jardunbideari hasiera ematen bazaio interesatua jakinaren gainean dagoela,
preskripzio-epea eten egingo da. Baina jardunbide hori sei hilabete baino
gehiagotan geldirik baldin badago eta errua ez baldin bada arau-hauslearena,
preskripzio-epea berriz ere martxan jarriko da.
19.
Atala - Prozedura
1.- Arau
honetan aurreikusitako zigor-jaurbidea ondorengo printzipioen arabera
egiteratuko da:
a) Legezkotasuna.
b) Atzera-indarrik ez.
c) Motak.
d) Heinberekotasuna.
2.- Ezin
da zigorrik jarri dagokion espedienteari hasiera eman gabe.
Administrazio-espedientean, gutxienez, honako hatsapen edo printzipio hauek
bermatu beharko dira:
a) Errugabetasun-presuntzioa.
b) Kaltetuari entzutea.
c) Azken erabakiaren arrazoiak.
d) Organo instruktorea eta erabakitzailea
bereiztea.
3.- Hona
diziplina-ahalmena dutenak:
a) Kontseilu profesionalak, kaltetua elkargoren
batean edo kontseiluan bertan gobernu-organoren bateko kide denean.
b) Elkargo profesionaletako gobernu-organoak,
elkargoko kide diren profesionalen beste kasu guztietan eta baita a)
azpiataleko gainerako kasu guztietan ere, dagokion kontseilu profesionalik ez
dagoenetan.
c) Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza
Saila, profesionalak ez badira elkargo bateko kide.
4.- Diziplina-ahalmenaz
baliatuz emandako erabakien aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezke:
a) 49.1 eta 2 atalean araututakoak, hurrenez
hurren, erabakia eman duten organoak aurreko puntuko a) eta b) azpiataletan
zehaztutakoak baldin badira.
b) Bete beharreko administrazio-legerian
araututakoak, erabakia eman duen organoa aurreko puntuko c) azpiatalean
zehaztutakoa baldin bada.
5.- Zigortzeko
prozedura araututa egongo da estatutuetan -lanbidea elkargo batean antolatuta
baldin badago- eta lege hau garatzeko ematen diren arauzko xedapenetan.
6.- Zigor-espedientea
tramitatzerakoan, beharrezkoak diren neurri kautelar guztiak hartu ahal izango
dira kaltetutako interes publikoa eta espedientearen amaiera egokia bermatzeko.
20.
Atala - Betearaztea
1.- Elkargo
eta kontseilu profesionalen esku egongo da beren zigortze-erabakiak derrigorrez
betearaztea. Beren kasa egingo dute eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko
administrazioan aplika daitezkeen arauen arabera.
2.- Elkargo
eta kontseilu profesionalen erabakiek zigor modura lanerako gaitasuna kentzen
badute, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, ordezko modura, erabaki horiek
betearaztea.
3.- Zigorrak
bete beharrekoak izango dira administrazio-bidea agortzen duen egintza edo
erabakitik aurrera.
V ATALBURUA
TITULUDUN LANBIDEEN ERREJISTROA
21.
Atala - Tituludun Lanbideen Errejistroa
1.- Tituludun
Lanbideen Errejistroa sortu da, Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta
Gizarte Segurantza Sailaren mende egongo dena, ondorio bakar baterako, hau da,
errejistroan ageri diren datuak ezagutzera emateko.
Errejistroa bi zatitan banatuta egongo da:
Lehena:
"Tituludun lanbideena". Elkargorik gabeko lanbideetan
aritzen diren eta 5. ataleko baldintzak -eskatzen zaizkienak behinik behin-
betetzen dituztenak inskribatzeko izango da, betiere, arauz erabakitzen diren
beren gora-behera guztiekin batera.
Izena
ematea borondatezkoa izango da.
Bigarrena:
"Elkargo eta Kontseilu profesionalena". Hona hemen zer inskribatuko
den:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten
elkargo profesionalak eta elkargoetako kontseiluak.
b) Elkargo eta kontseiluen estatutuak, izena,
gobernu-organoak eta osatzen dituztenen identitatea, eta alde horietatik egiten
diren aldaketa guztiak.
c) Helbidea, egoitzak eta delegazioak.
d) Osatzeak, aldaketak eta deuseztatzeak.
Era
berean, Euskal Autonomia Erkidegoa baino esparru zabalagoetan jarduten duten
elkargo profesionalek ere zati honetan sartzeko aukera izango dute, baldin eta
Euskal Autonomia Erkidegoan organo iraunkorren bat badute. Elkargo horien datu
guztiak aparte inskribatuko dira, beste azpizati batean.
2.- Justizi,
Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak legezkoak ez direnean bakarrik
erantzun diezaieke ezetz inskribatzeko edo anotatzeko eskariei, eta, betiere,
ezezkoa arrazoitu egin beharko du.
3.- Pertsona
eta entitate publiko nahiz pribatu guztiek dute errejistroa kontsultatzeko eta
errejistroan jartzen duenaren egiaztagiriak eskatzeko eskubidea.
4.- Agindu
honetako erabakiak arau bidez gara daitezke.
II IDAZPURUA
ELKARGOETAN BILDUTAKO TITULUDUN LANBIDEAK
I
ATALBURUA
ELKARGO PROFESIONALAK
I
ZATIA
XEDAPEN OROKORRAK
22.
Atala Helburua
Elkargo profesionalek nortasun juridiko
propioa eta jarduteko gaitasun osoa dute. Beren helburua izango da kasuan
kasuko tituludun lanbidea eta kideen interes profesionalak ordezkatzea eta
defendatzea, gizartearen asmo eta behar orokorrekin bat eginda.
23.
Atala - Lanbidea elkargo batean antolatzea
Lege hau indarrean jartzen denean
elkargorik ez duten lanbideek honako baldintza hauek betetzen badituzte
bakarrik sor ditzakete elkargoak: lanbide horretan jarduteko
unibertsitate-mailako titulua behar izatea eta elkargoa antolatzeko interes
publikoko behar besteko arrazoi izatea.
24.
Atala - Berezko eginkizunak
Hona hemen elkargo profesionalen berezko
eginkizunak:
a) Etika profesionala eta herritarren eskubide
eta interesekiko errespetua zaintzea.
b) Lanbidean nola jardun arautzea, dagokion
esparruan eta indarrean dagoen legeriaren barruan.
c) Profesionalen jarduna legezkoa eta egokia den
zaintzea eta kideek betebeharrak eta eginkizunak betetzen dituzten begiratzea.
d) Diziplina-ahalmena erabiltzea, 19. atalean
zehaztutako moduan.
e) Zerbitzu-sarientzako
baremo orientagarriak ezartzea.
f) Ordainak, soldatak eta zerbitzu-sariak
kobratzea, elkargoko kideek eskatuz gero eta, betiere, elkargo bakoitzeko
estatutuetan zehazten diren baldintzetan. Zerbitzu-sariak eztabaidagai dituzten
prozesu judizial eta administrazio-jardunbideetan txostenak ematea.
g) Elkargoko kideei zerbitzu orokorrak
eskaintzea eta, bereziki, etengabeko lan-prestakuntza bultzatzea eta
prestakuntza horri zor zaion eraginkortasuna zaintzea.
h) Kideen artean, edo horien eta beste pertsona
batzuen artean, sortzen diren lan-auzietan esku hartzea, bitartekaritza edo
arbitraiaren bitartez, betiere eragindako aldeek eskatzen badute.
i) Kideen lanei oniritzia
ematea, dena delako elkargoko estatutuetan aginduta badago edo dagokion
legeriak agintzen badu. Oniritziak, nolanahi ere, honako hauek egiaztatuko
ditu: lanaren egilea eta titulazioa, egilearen ahalmena eta gaitasuna, bai eta
lanaren eduki formala ere. Oniritzian ez dira sartuko zerbitzu-sariak eta
kontratuko gainerako baldintzak, aldeek askatasunez hitzartu ahalko baituzte
horiek.
j) Administrazio publikoari denon interesak
lortzen laguntzea, eta, bereziki:
- Administrazio-organoetan parte hartzea,
partaidetza hori organoen arauetan erabakita baldin badago, eta, betiere, arau
horietan zehazten den moduan.
- Dagozkion organo eta erakundeek eskatzen
dizkieten txostenak eta beren ekimenez egin nahi dituztenak egitea.
- Eskatzen dizkieten estatistikak egitea.
k) Intrusismoa eta azpilehiaren kontrako
beharrezko neurriak hartzea, ordenamendu juridikoan jasota dauden ekintzen
bitartez.
l) Aurrekontuak onartzea eta kideen ekarpenak
arautzea.
m) Gai zehatzei buruzko ezaguerak eskatzen
dituzten epaimahaietarako ordezkariak aukeratzea, eskatzen dietenean.
n) Lanbiderako mesedegarriak
diren eta elkargoaren helburuak betetzera daramaten gainerako beste eginkizun
guztiak.
ñ) Indarrean den legeriak
agindutako beste edozein.
25.
Atala - Eskuordetutako administrazio-eginkizunak
1.- Elkargo
profesionalek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren berezko
eginkizunak ere bete ditzakete, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez agintzen
duenean.
2.- Era
berean, Euskadiko foru-administrazio eta toki-administrazio publikoen berezko
eginkizunak ere bete ditzakete, kasuan kasuko administrazioko dagokion organoak
xedatzen duenean erabaki, akordio edo hitzarmen bidez. Erabaki, akordio edo
hitzarmen hori dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratu
beharko da.
3.- Eginkizun
horiek noraino iritsiko diren eta nola bete behar diren erabakitzeko,
eskuordetzeko xedapen, hitzarmen edo akordioan jartzen duena bete beharko da.
26.
Atala - Izatea
1.- Bigarren
xedapen gehigarrian jartzen duena bete egin behar bada ere, elkargo profesional
batek ere ezin du lanbide bat baino gehiago bildu, non eta Eusko Legebiltzarrak
ez duen, denon interesa eta jarduera profesionalen homogeneitatea gogoan, legez
bestelakorik erabakitzen.
2.- Lurralde-esparru
berean ezin da lanbide bakar baterako elkargo profesional bat baino gehiago
izan.
27.
Atala - Lurralde-esparrua
Elkargo profesionalaren lurralde-esparrua
elkargoa sortzen denean erabakitzen dena izango da. Hala ere, Gobernuak beste
lurralde-esparru bat baimentzeko aukera ere izango du, baita lurralde
historikoa baino txikiagoa ere, baina, betiere, 29. ataleko 3. puntuan
zehaztutako tramite berberak erabilita.
28.
Atala - Izena
1.- Elkargo
profesionalen izenak elkargo hitza jaso beharko du dagozkion lanbide eta
lurralde-esparrua zehaztearekin batera.
2.- Izenean
edozein aldaketa egin behar bada, 29. ataleko 3. puntuan jasotako izapideak
bete beharko dira.
29.
Atala - Sorrera
1.- Atal
honetako 3. puntuan jasotako kasuan izan ezik, elkargo profesional berriak
sortzea Eusko Legebiltzarrak legez onartu beharko du, profesional interesdunen
behar hainbateko ordezkaritzak, eta behar bezala egiaztatuak, eskatuta.
2.- Eusko
Legebiltzarraren legea beharko da, halaber, elkargo bat beste batetik edo
batzuetatik bereizteko, baldin eta elkargo berri horretan sartzeko behar den
titulazioa jatorrizko elkargoan sartzeko behar zena ez bada.
3.- Elkargo
baten sorrera beste bat edo batzuk deuseztatzeagatik edo esparru zabalagoko
beste batetik bereizteagatik gertatzen denean, eraginpeko elkargo guztien
aldeko irizpena beharko da. Gero, dagokion kontseilu profesionalak txostena
egin beharko du derrigor, eta, azkenik, Jaurlaritzak dekretua emango du, Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko delarik.
4.- Sortutako
elkargo profesionalak nortasun juridikoa lortuko du sorrera-legea indarrean
jartzen denean, eta jarduteko gaitasuna, berriz, elkargoko gobernu-organoak
eratzen direnean. Eratze horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratu beharko da.
30.
Atala - Elkargoko kide izatea
1.- Lanbide
kolejiatuetan jarduteko ezinbesteko baldintza da dagokion elkargoko kide
izatea, elkargoa sortzeko legeak horrela ezartzen duenean, edo legearen ondoren
emandako lege-mailako arauren batek edo, hala egokituz gero, 29.3 atalean
aurreikusitakoak ezartzen duenean, eta elkargoko estatutuek hala xedatzen
dutenean.
2.- Administrazio
publikoarekin administrazio-zuzenbidean edo lan-zuzenbidean oinarritutako
zerbitzu-harremana duten profesionalei ezin izango zaie baldintza hori eskatu.
Baina, beren kontura lan egin nahi baldin badute eta aurreko azpiatalaren
arabera baldintza hori eska badaiteke, elkargoko kide izan beharko dute.
3.- Atal
honetan xedatutakoaz gainera, aldibaterako lehenengo eta bigarren xedapenetan
ezarritakoa ere kontuan hartu behar da.
31.
Atala - Deuseztatzea
1.- Elkargo
profesionalak deuseztatzeko beharrezkoa izango da Eusko Legebiltzarraren legea,
atal honetako 3. azpiatalean aurreikusten den kasuan izan ezik.
2.- Deuseztatze-legeak
berak zehaztuko ditu halako eta halako elkargo desagertzeak sortuko dituen
ondorio juridikoak, haren ondarearen kitapenerako prozedura eta eskubideak eta
betebeharrak ezarriko ditu, eta soberakinik bada, haren xedea erabakiko du,
dagokion elkargoaren estatutuetan xedatutakoari jarraiki.
3.- Elkargo
bat deuseztatzen baldin bada lehenagotik sortutako beste batean edo batzuetan
desegin delako edo beste bat edo beste batzuk sortu direlako, 29. ataleko 2.
edo 3. puntuko izapide berberak bete beharko dira.
4.- Deuseztatzen
den elkargo profesionalak izaera juridikoa eta gaitasuna ere galdu egingo ditu
desegiteko araua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den
unetik aurrera, non eta ez den desegin beste elkargo profesional berri bat edo
batzuk sortu direlako. Halakoetan, desegiteak indarra izango du sorrerak
indarra duen une berean, eta, betiere, 29. ataleko 4. puntuan erabakitakoarekin
bat.
32.
Atala - Subrogazioa
1.- Elkargo
bat deuseztatzen bada lehenagotik sortutako beste batean edo batzuetan sartzen
delako edo beste elkargo berri bat edo batzuk sortu direlako,
deuseztatutakoaren erlazio eta egoera juridiko guztiak beste elkargo horiek subrogatuko
dituzte.
2.- Deuseztatu
den elkargo profesionalaren lurralde-esparrua beste elkargo batzuen artean
banatu behar bada, beste elkargo horiek desegin denaren erlazio eta egoera
juridiko guztiak subrogatuko dituzte. Banaketa nola egin elkarrekin erabaki
beharko dute, baina, erabaki hori hartzen ez duten bitartean, kotitularitatea
izango dute: zati ezineko kuotak beren artean banatuko dituzte, elkargoa
desegin denean leku bakoitzean geratu den kolejiatu-kopuruaren arabera.
II ZATIA
ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
33.
Atala - Estatutuak
1.- Elkargo
profesionalak autonomoak izango dira beren estatutuak egin eta onartzeko,
baina, betiere, lege hau bete beharko dute. Lege hau bete behar duen
notario-elkargoak (bakarra nahiz bat baino gehiago izan) Notarioen Araudia bete
beharko du, araudi horrek estatutu-balioa duenetan.
2.- Elkargoen
barruko egitura eta funtzionamendua demokraziaz antolatu behar dira.
3.- Hona
hemen estatutuetan zer arautu behar den derrigorrez:
a) Izena, helbidea eta lurralde-esparrua.
b) Elkargoaren berezko helburuak eta
eginkizunak.
c) Gobernu-organoen izenak, osaera eta
aukeratzeko sistema eta organo horietako partaide izateko baldintzak.
d) Batzaren eta gobernu-organoen deialdia,
osaera eta funtzionamendua.
e) Errejimen ekonomikoa.
f) Diziplina-arauak.
g) Kideen eskubide eta betebeharrak.
h) Elkargoko kide bilakatzeko eta kide izateari
uzteko baldintzak. Lege honetako 39. atalean jartzen duena bete beharko da
beti.
i) Elkargoak hartzen dituen erabakien aurrean
kideek erabil ditzaketen errekurtsoak.
j) Estatutuak aldatzeko prozedura eta,
bereziki, aldaketa eskatzeko gutxieneko kide-quoruma. Gutxieneko quorum hori,
gehienez ere, kide guztien ehuneko hogeita bosta izango da.
k) Deuseztatze-prozedura eta kitatze-errejimena.
4.- Estatutuak
egitea eta aldatzeko lehenengo pausoa ematea gobernu-organoaren zeregina izango
da, non eta aldaketa hori ez duen gutxieneko kide-quorumak eskatzen. Gutxieneko
quorum hori estatutuetan zehaztutakoa izango da.
5.- Estatutuak
eta estatutu-erreforma guztiak Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta
Gizarte Segurantza Sailari jakitera eman behar zaizkio, sail horrek behin
betiko onarpena agindu bidez eman dezan. Agindu hori eman, lege honen 53.
artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, estatutuen legezkotasuna egiaztatu
ondoren emango da. Horretarako, lehenago, dagokion kontseiluaren -halakorik
balego behinik behin- eta kasuan kasuko lanbidearen inguruko eskumenak dituen
sailaren derrigorrezko txostena behar da.
6.- Onarpen-agindua,
estatutuak eta estatutu-erreformak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratu eta Tituludun Lanbideen Errejistroan inskribatuko dira.
34.
Atala - Gutxieneko antolaketa
1.- Elkargoaren
egiturak honako organo hauek izan behar ditu:
a) Batza.
b) Gobernu-organoa.
c) Lehendakaritza-organoa.
2.- Hierarkiaz
beste hiru horien azpitik, estatutuen bitartez organo gehiago sortzeko aukera
ere badago.
35.
Atala - Batza
1.- Batza
elkargo profesionaleko organo gorena da, izena batzar, batzorde nagusi edo
estatutuetan ageri den beste edozein izan.
2.- Batza
eskubide osoko kide guztiek osatzen dute, jardunean ari direnak izan edo ez.
3.- Elkargo
profesionaleko batzari dagokio:
a) Estatutuak onartu eta aldatzea. Kideek eta
dagokion kontseilu profesionalak emendakinak aurkeztu ahal izango dituzte.
b) 36. atalean aipatutako gobernu-organoa
osatuko duten kideak aukeratzea.
c) Elkargoko aurrekontua eta kontuak onartzea.
d) Lege, araudi eta estatutuetan emandako beste
edozein ahalmen.
4.- Batzak
urtean behin bildu beharko du gutxienez, gobernu-organoak deituta, aurreko
zenbakiko c) azpiatalean aurreikusitakoa betetzeko bederen.
5.- Aurreko
azpiatalean xedatutakoaz gain, batzarako deia gobernu-organoak egin beharko du
bere kabuz edo, gutxienez, kideen ehuneko hogeiak edo jardunean ari direnen
ehuneko hamarrak idatziz eskatuta.
36.
Atala - Gobernu-organoa
1.- Gobernu-organoak,
izena gobernu-batzorde, zuzendaritza-batzorde edo estatutuetan ageri den beste
edozein izan, elkargo profesionala zuzendu eta administratu egiten du, batzak
hartutako akordioak bete, diziplina-agintea betearazi eta estatutuetan
agindutako gainerako funtzioak ere betetzen ditu.
2.- Gobernu-organoa
zenbat pertsonak osatuko duten estatutuetan zehaztuko da. Pertsona horiek
batzak aukeratuko ditu kide guztien artetik eta sufragio unibertsala, librea,
zuzena eta ezkutukoa erabilita.
3.- Organo
honi dagokio:
a) Estatutuak onartzeko edo aldatzeko
prozedurari bultzada ematea.
b) Berari dagozkion gaiak proposatzea batzari.
c) Elkargoko aurrekontua eta kontuak egitea.
d) Elkargoko kideen gaineko diziplina-agintea.
e) Batzari laguntzea.
f) Lege, araudi eta estatutuetan ematen zaion
beste edozein ahalmen.
4.- Gobernu-organoa
hiru hilean behin bilduko da gutxienez. Deialdia, nolanahi ere, organoko
bertako lehendakariak egin beharko du edo, bestela, gobernu-organo hori osatzen
dutenen ehuneko hogeiaren eskariz egin beharko da.
37.
Atala - Lehendakaritza-organoa
1.- Lehendakaritza-organoak,
izena lehendakari, dekano, sindiko edo estatutuetan ageri den beste edozein
izanda ere, elkargoaren ordezkaria izango da, gobernu-organoaren akordioak bete
beharko ditu eta lege, araudi eta estatutuetan ematen zaion beste edozein
ahalmen eta eginkizun bete beharko du.
2.- Lehendakaritza-organoaren
titularitatea nori dagokion, hari dagokio gobernu-organoko lehendakaritza,
estatutuetan beste ezer jartzen ez badu behinik behin.
III ZATIA
PROFESIONAL KOLEJIATUAREN ESTATUTUA
38.
Atala - Kolejiatu-motak
1.- Kolejiatuak
eskubide osokoak izango dira sartzen diren elkargoan. Eskubide osoko
kolejiatuak bi motatakoak izan daitezke: jardunean ari direnak eta ez direnak
jardunean ari.
2.- Oinarrizko
arauek kolejiatu batzuk habilitatzen badituzte sartu direnaz besteko elkargo baten
esparruan beren lanbidean jarduteko, kolejiatu horiek, nolanahi ere, eskubidea
izango dute beren lanbidean jarduteko eta elkargoetako zerbitzuak erabiltzeko,
elkargoak ezarritako arau orokorrak eta espezifikoak errespetatuz. Ezingo dute
habilitazioa eman dien elkargoko organoetan eskubide osoko kide gisa parte
hartu.
39.
Atala - Elkargoan sartzea
1.- Elkargo
profesionalek sarrera-eskaria egiten duten guztiak onartu behar dituzte
derrigorrez, baina eskari-egileek, lehenago, kasuan kasuko lanbidean jarduteko
legez eskatzen zaien titulua egiaztatu beharko dute eta bete behar dituzten
estatutu eta xedapenetan oro har eskatzen zaizkien beste baldintzak ere bete
beharko dituzte.
Lanbidea lurralde-elkargoka antolatzen
denean, haietako batean sartzea aski izango da, hau da, lanbide-egoitza bakar
edo nagusia dagoen lurraldekoan.
2.- Elkargo
profesionalean edo kolejiatu-mota batean baja ematea, honako kasu hauetakoren
batean bakarrik onar daiteke:
a) Interesatuak
bere kabuz eskatzen badu.
b) Kuotak
ordaindu gabe utzi baditu behin eta berriz, nahiz eta, estatutuetan xedatzen
denaren arabera, ordaintzeko eskatu izan lehenagotik.
c) Ez baditu
jarduteko baldintzak betetzen. Halakoetan, gabezia hori agertzen den unean
gertatuko da baja.
3.- Elkargo
profesional bateko kide izateak ez du zerikusirik sindikatuetan edo elkarteetan
biltzeko eskubideekin.
40.
Atala - Lanbidean jarduteko lurralde-esparrua
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoko elkargo profesional batean izena emateak dagokion
lanbidean aritzeko aukera ematen du, baina, betiere, balio orokorra duten
oinarrizko xedapenetan jartzen duenaren arabera.
2.- Europako
Elkarteko profesionalen batek, elkarte horretako edozein herrialdetan dagoenak
modu iraunkorrean, lege honen lurralde-esparruan jardun nahi baldin badu, kasuan-kasuan
indarrean dauden Europako Elkarteko arauak bete beharko ditu.
II ATALBURUA
KONTSEILU PROFESIONALAK
I.
ZATIA
XEDAPEN OROKORRAK
41.
Atala - Sorrera
1.- Lanbideren
batek elkargo-antolaketa duen guztietan izango da kontseilu profesionala -bat
baino ez- osatzeko aukera. Horretarako, dagozkion elkargo profesionalak batu
beharko dira.
2.- Kontseilu
profesionalek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dute eta beren
helburua tituludun lanbidearen ordezkari gorenak izatea eta defentsa egitea da,
betiere, gizartearen interes eta premia orokorrekin bat eta
lurralde-esparrutzat Euskal Autonomia Erkidegoa hartuta.
3.- Kontseilua
sortzeko, beharrezkoa da sorrera-ekimenak lanbide bereko elkargo guztien aldeko
iritzia jasotzea. Behin ekimena zehaztutako moduan plazaratu ondoren,
kontseilua Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez sortuko da, lege honetako 56.3
atalean xedatutakoaren arabera.
4.- Tituludun
lanbide batek Euskal Autonomia Erkidegoan elkargo profesional bakarra baldin
badu, jardute-esparrutzat Autonomia Erkidego osoa duena, elkargo horrek
kontseilu profesionalen eginkizunak hartu ahal izango ditu.
5.- Kontseiluak
nortasun juridikoa lortuko du sorrera-dekretua indarrean jartzen denean, eta
jarduteko gaitasuna, berriz, gobernu-organoak eratzen direnean. Eraketaren
berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
6.- Kontseiluen
barruko egiturak eta funtzionamenduak demokratikoak izan beharko dute.
42.
Atala - Berezko eginkizunak
1.- Hona
hemen kontseilu profesionalen berezko eginkizunak:
a) Lanbidearen arau deontologiko komunak jaso
eta sortzea.
b) Bere estatutuak onartu eta aldatzea eta, atal
honetako bigarren zenbakian xedatutakoarekin bat, lanbidearen jarduna arautzea.
c) Elkargo profesionalen arteko auziak
konpontzea arbitraiaren bidez.
d) Elkargoen ekintzen aurkako errekurtsoak
erabakitzea.
e) Diziplina-agintea erabiltzea, 19.2 atalaren
arabera.
f) Arau-egitasmoak direla-eta Gobernuak eskatzen
dizkien irizpenak egitea, 54. atalaren arabera.
g) Kontseiluko bertako aurrekontuak onartzea eta
elkargoek gastuetan izan behar duten partaidetza hein berekoa izan dadin,
partaidetza hori zuzen zehaztea.
h) Jarduera profesionala legezkoa eta egokia den
eta elkargo profesionalen funtzionamendua zuzena den begiratzea, helburua
herritarrekiko errespetua eta herritarren eskubideak zaintzea izanik. Elkargoen
funtzionamenduak eragindako kexak konpontzea.
i) Hutsuneak betetzeko asmoarekin betiere,
kasuan kasuko lanbidearekin zerikusia duten erakundeak, zerbitzuak eta
jarduerak sustatu, sortu eta antolatzea kultura sustatzeko, gizarte-laguntza
emateko, osasun-laguntza emateko eta lankidetza indartzeko. Era berean,
lanbiderako komenigarriak diren itun eta akordioak ere egingo dituzte
administrazioarekin eta dagozkion erakunde eta entitateekin.
j) Beste edozein legeriak agintzen dizkienak.
2.- Kontseilu
profesionalek lanbiderako estatutu nagusi bakar bat onar dezakete, baina,
horretarako, kide guztien bi hereneko gehiengoa behar da; lehenagotik elkargo
eta kolejiatuen aurrean jarri beharko da informazio publikorako, hilabetez
gutxienez, nahi dituzten arrazoibideak azal ditzaten epe hori bukatu aurretik.
Araudien kasuan oro har egin behar den moduan, estatutu hori indarrean jarriko
da Eusko Jaurlaritzak behin betiko onarpen-dekretua Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen duenetik aurrera, lege honetako 56.3
atalean jartzen duenaren arabera.
43.
Atala - Eskuordetutako administrazio-eginkizunak
Kontseilu profesionalek berez Euskadiko
administrazio publikoenak diren, hau da, administrazio autonomiko,
foru-administrazio edo toki-administrazioarenak diren eginkizun batzuk ere izan
ditzakete, hain zuzen ere, 25. atalean jasotako administrazio-eginkizunak elkargoek
nola betetzen dituzten zaindu edo koordinatzeko lana, betiere, 25. atal
horretan zehazten den moduan bete beharko dutena.
44.
Atala - Izena
Kontseilu profesionalen izenean
ìkontseiluî hitzak agertu behar du, dagokion lanbidearekin eta lurralde-esparruarekin
batera.
II ZATIA
ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
45.
Atala - Estatutuak
1.- Kontseilu
profesionalek beren estatutu propioak izango dituzte. Estatutu horiek gutxienez
33.3. atalean aurreikusten dena jaso beharko dute, aplikazioari dagokionean.
2.- Kontseilu
profesionaleko kide guztien gehiengo osoak onartu beharko ditu estatutuak, eta,
horrezaz gain, beharrezkoa izango da elkargo bakoitzeko ordezkaritzako kideren
baten aldeko botoa. Estatutuak onartu aurretik jendaurrean jarriko dira,
hilabeteko epez gutxienez, elkargo profesionalak eta elkargo horietako kideak
jakinaren gainean egon daitezen. Elkargo profesionalek eta elkargo horietako
kideek egoki irizten dieten arrazoibideak aurkeztu ahal izango dituzte.
3.- Estatutuak
onartzeko, argitaratzeko eta inskribatzeko, aplikaziokoa izango da 33. ataleko
5. eta 6. azpiataletan agindutakoa.
46.
Atala - Antolaketa
1.- Kontseilu
profesional guztiek batza, gobernu-organoa eta lehendakaritza-organoa izan
beharko dute, gutxienez. Horrezaz gain, bestelako organo batzuk ere eduki ahal
izango dituzte, estatutuek zehazten dituzten osaerarekin eta zereginekin.
2.- Elkargo
bakoitzeko ordezkaritzari elkargoek berek gobernu-organoen bitartez hartutako
akordioen arabera erabakitzen duten boto-kopurua dagokio. Akordiorik ezean,
elkargo bakoitzeko kide-kopuruan oinarritutako sistema ezarriko da. Erroldarik
handiena duen elkargoari gainerakoei banan-banan hartuta baino ordezkari
gehiago egokituko zaizkio, baina elkargo handienaren ordezkari-kopurua ez da
izango gainerako guztien ordezkari-kopuruaren batuketa baino handiagoa.
3.- Lehendakariak bere gain
hartzen du kontseiluaren ordezkapena.
4.- Estatutu-araurik ezean, lehendakaritza
txandaka aldatuko da elkargo profesionaletako lehendakaritza-organoetako
titularren artean, bi urtez behin, kiderik gehien dituenetik hasi eta gutxien
dituenera heldu arte. Kasuan kasuko gobernu-organoak aukeratuko ditu
kontseiluko gainerako kideak.
47. Atala - Funtzionamendua
Kontseiluak
nahitaez bildu behar du hiru hilean behin, gutxienez, eta, nolanahi ere,
lehendakariak deitzen duen aldioro edo kideen ehuneko hogeiak eskatzen duen
aldioro.
III
ATALBURUA
ELKARGOEI
ETA KONTSEILU PROFESIONALEI, BIEI, DAGOZKIEN XEDAPENAK
48. Atala - Araubide juridikoa
1.- Elkargo eta kontseilu profesionalak
administrazio-zuzenbidearen menpe daude, zuzenbide publikoko korporazioak dira
eta.
2.- Salbuetsita daude izaera zibileko edo
penaleko arazoak, horiek bakoitzari dagokion araubide juridikoaren pean
daudelarik; salbuetsita daude, halaber, langileekiko harremanak, horiek
lan-legeriaren arabera gidatuko dira eta.
3.- Zuzenbide pribatuak gidatuko ditu, halaber,
elkargo profesionalen ogasuneko gai propioei dagozkien ondarea, kontratazioa
eta beste edozein ezaugarri.
49. Atala - Errekurtsoak
1.- Elkargo eta kontseilu profesionaletatik
datozen administrazio-zuzenbideko egintzak amaiera ematen diote
administrazioarekiko auzigaien jurisdikzioaren aurreko administrazio-bideari,
indarrean dagoen legerian xedatzen denaren arabera.
2.- Hala ere, errekurtsoa aurkeztu ahal izango
zaio dagokion kontseiluari edo, kontseilurik izan ezean, Justizi, Ekonomi, Lan
eta Gizarte Segurantza sailburuari, estatutuek hala xedatzen dutenean. Justizi,
Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, kasuan kasuko lanbidearen
arabera dagokion sailak txostena egin ondoren, erabakia hartuko du. Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioan errekurtso arruntetarako aplikagarriak
diren arauek gidatuko dute errekurtsoa.
3.- Elkargoek eta kontseiluek eskuordetzan eman
zaizkien administrazio-zereginak betetzerakoan agindutako egintzen aurka
aurkeztutako errekurtsoak ezagutzeko administrazioak duen eskumena ez du
kaltetuko aurreko azpiataletan xedatutakoak.
50. Atala Baliabideak
1.- Elkargo eta kontseilu profesional bakoitzak
bere jarduera garatzeko beharrezkoak dituen baliabide materialak eta giza
baliabideak izango ditu eskueran. Elkargoek eskainiko dituzte kontseiluetarako
giza baliabideak, elkargoetako estatutuek besterik xedatzen ez badute
behintzat.
2.- Elkargo eta kontseilu bakoitzak bere
aurrekontua izango du. Aurrekontua irizpenekoa izango da eta urte bakoitzerako
aurreikusitako diru-sarrera eta gastu guztiak jasoko ditu.
3.- Elkargo eta kontseilu profesionalei
nahitaez egingo zaie kontu-ikuskaritza aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, estatutuetan
adierazten den modura. Horrek ez du kaltetuko Herri Kontuen Euskal Epaitegiari
dagokion fiskalizazio-eginbeharra, berau arautzen duen legeak xedatutakoaren
arabera.
51. Atala - Prestakuntza praktikoa
1.- Elkargo profesionalek eta, hala egokituz
gero, elkargo profesionaletako kontseiluek prestakuntza praktikoko ikastaroak
emango dituzte elkargoko kideentzat, beren lanbidean jarduteko baliagarriak
baldin badira, estatutuetan ezartzen den moduan.
2.- Elkargoek edo kontseiluek emandako
irakaskuntza praktiko horiek kontuan hartuko dute aldian-aldian indarrean
dagoen hezkuntzari buruzko legeriak xedatzen duena.
52. Atala - Lanbide bereko gainerako erakundeekiko
harremanak
Euskal
Autonomia Erkidegoaren eskumeneko elkargo eta kontseilu profesionalek EAEtik
kanpo dauden lanbide bereko beste erakundeekin dituzten harremanak akordio
bidez ezarriko dira.
IV ATALBURUA
ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREKIKO HARREMANAK
53.
Atala - Administrazio-jardueraren izaera arautua
Euskal Autonomia Erkidegoko
administrazioak lege honek emandako eskumenak betetzerakoan izango duen
jarduerak izaera arautua izango du, nolanahi ere.
54.
Atala - Nahitaezko txostenak
Kontseilu profesionalek, edo horiek izan
ezean elkargoek, nahitaez eman behar dute arauzko egitasmo guztiei buruzko
txostena, lege honetan garatutako gaiari buruzkoa izanez gero.
55.
Atala - Elkarren arteko harremana
Lege honen 21. artikuluan
aurreikusitakoaren arabera izena emandako elkargoek, kontseiluek eta Autonomia
Erkidegoa baino esparru zabalagoko beste batzuen delegazioek, batetik, eta
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak, bestetik, beharrezkoak
diren harremanak edukiko dituzte alde bien premiak, izatearen funtsa diren
interesetatik eta xedeetatik eratorritakoak, betetzeko.
56.
Atala - Administrazioko organo eskudunak
1.- Lege
honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko organo bati ematen ez
zaizkion eskumenak Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte
Segurantza Sailak gauzatuko ditu, elkargoen lanbideko ezaugarri orokorrei
dagokienez eta erakunde eta korporazio-mailako ezaugarriei dagokienez.
2.- Lanbidearen
edukiei buruzko gaietan, dagokion lanbidearekin lotuta dauden eskumenak dituen
sailarekin izango dituzte harremanak.
3.- Nolanahi
ere, Gobernuaren eskumeneko egintzak eta xedapenak Justizi, Ekonomi, Lan eta
Gizarte Segurantza Sailak eta, aurreko azpiatalarekin bat, sail eskudunak
elkarren artean proposatuko dituzte.
Xedapen
Gehigarriak
Lehena
- Lanbide Kolejiatuak
Lege hau indarrean jartzean elkargoan
antolatuta dauden lanbideak izango dira, aurrerantzean ere, tituludun lanbide
kolejiatuak.
Bigarrena
- Lanbide bat baino gehiago hartzen dituzten elkargoak
Lege honetako 26. atalaren 1. azpiatalean
xedatutakoa ez zaie aplikatuko legea indarrean jartzen denean lanbide bat baino
gehiago hartzen dituzten elkargo profesionalei, baina elkargo horiek ezin
izango dute une horretan duten lanbide-eremua zabaldu.
Hirugarrena
- Euskal Autonomia Erkidegoa baino esparru zabalagoa duten elkargo profesionalak
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoa baino esparru zabalagoa duten elkargoetako profesionalek
EAEren eremuan edo txikiagoan elkargoa eratzeko eta estatutu arautzaileak
onartzeko aukera izango dute, betiere, lege honek ezartzen duena errespetatuz
eta 26.2 atalean xedatutakoa kaltetu gabe.
2.- Nolanahi
ere, lege honetako I. idazpuruko II. eta III. atalburuetan eta dagokion
tituludun lanbidean eragina duten gainerako xedapenetan aurreikusitakoa
aplikatu ahal izango zaie profesional horiei.
3.- Euskal
Autonomia Erkidegoa baino esparru zabalagoa duten elkargo profesionaletako
organo edo delegazioek, beren lurraldearen barruan izaera iraunkorrez izendatu
edo eratutakoek, administrazioarekiko harremanetan ordezkaritza izango dute
Tituludun Lanbideen Errejistroan inskribatzen direnean lege honetako 21.1
atalean aurreikusitakoaren arabera.
Laugarrena
- Zigorren zenbatekoa egokitzea
16. atalean adierazten diren zigorren
zenbatekoa egokitu ahal izango du Gobernuak. Hala ere, ezin izango zaie
egokitzapenik egin lege honetan ezarritako zenbatekoei, indarrean jarri eta
ondorengo hiru urteetan, gutxienez.
Bosgarrena
- Gizarte-aurreikuspeneko entitateak
1.- Lege
honek ez du eraginik izango une honetan profesionalez osatuta dauden
gizarte-aurreikuspeneko entitateengan.
2.- Mutualitate
jakin batean egotea derrigorrezkoa izan daiteke edo ez, elkargo bakoitzeko
estatutuetan ezartzen denaren arabera eta indarrean dagoen legeriarekin bat.
Seigarrena
- Notarioen elkargoaren berezitasuna
Lege hau lurralde-esparrua Euskal
Autonomia Erkidegoan soilik duen edo duten notarioen elkargoari edo elkargoei
aplikatuko zaie bitarteko publikoak antolatzeari eta notarioen jarduera
publikoari dagokion legeria espezifikoak ezarritako espezialitatea ez den
orotan, hau da, berez notarioen funtzio publikoari datxezkion jarduera
profesionalak izan gabe, beste profesional batzuk lehiakide direla funtzio
horren osagarri gisa burutzen diren jarduera profesionalei buruzkoan.
Zazpigarrena
- Tasak
Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
Administraritzaren Ariel eta Herri-prezioei buruzko maiatzaren 31ko 3/1990
Legearen 47. atala aldatu egin da eta 50. atalari 3. azpiatala erantsi zaio.
Hona aldaketak:
"47.
atala.- Zergagaia.- Honako hauek izango ditu zergagai tasa honek: liburuen
gaikuntza eta, indarrean dauden xedapenen arabera, Elkarte-Errejistroan,
Fundazio-Errejistroan eta Tituludun Lanbideen Errejistroko bigarren sekzioan
gaitu edo inskribatu behar diren egintzak, gertaerak eta agiriak inskribatzea,
kontsultatzea, ziurtatzea eta konpultsatzea.
50.
atala.- Kuota.- Tarifa hauen arabera eskatuko da tasa:
3.- Tituludun Lanbideen Errejistroa.
3.1.- Eraketaren, aldaketaren edo iraungipenaren
inskripzio bakoitzeko: 5.000 pta.
3.2.- Bestelako inskripzio bakoitzeko: 2.500 pta.
3.3.- Ziurtapen edo konpultsa bakoitzeko: 1.000
pta.".
Zortzigarrena
- Europako Elkarteko araudia
Tituludun lanbideen jarduerari buruzko
Europako Elkarteko araudia bete dadila bermatuko du Gobernuak.
Bederatzigarrena
- Estatuko araudia
Elkargo profesionalen errejimenaren
oinarriak arautzen dituzten aginduak bere osoan edo zati batean jasotzen
dituzten lege honetako atalak legegintza-sistematikari jarraitzeagatik sartu
dira testu honetan. Horren ondorioz, atal horiek ere aldatutzat joko dira
agindu haiek aipatu den oinarrizko araudian birmoldatzen diren unean.
Aldibaterako
Xedapenak
Lehena
- Elkargo eta kontseilu profesionaletako estatutuen egokitzapena
Elkargo eta kontseilu profesionalek lege
honetara egokituko dituzte beren estatutuak, urtebeteko epean, legea indarrean
jartzen denetik kontatzen hasita. Egokitzapena egiten ez den bitartean,
lehendik dauden estatutuek jarraituko dute indarrean, lege honek xedatutakoari
kontrajartzen ez zaizkionean, betiere. Lege honetan eta legea garatzeko arauzko
xedapenetan aurreikusitakoek beteko dituzte sor daitezkeen hutsuneak.
Bigarrena
- Administrazio publikoarekin lotutako medikuntza eta erizaintzako
profesionalentzat borondatez elkargoko kide egiteak izango duen eraginkortasuna
Administrazio publikoaren zerbitzuko
medikuntza eta erizaintzako profesionalentzat lege honetako 30.2 atalean
xedatutakoa aplikatzea eraginkorra izan dadin, aurretik Gobernuak aitorpena
egin beharko du dekretu bidez, sail eskudunen proposamenari jarraiki.
Medikuntza eta erizaintzako profesional horien zereginetan egon beharko du
herritarrak zuzeneko hartzaile dituen lanbide-egintzak burutzeak.
Gobernuak aipatutako dekretua eman
aurretik azterlan bat egingo du. Azterlan horren xedea izango da 30.2 atalean
aurreikusitako neurriaren eraginkortasunak interes publikoarentzat eta
osasun-sistema nazionalaren funtzionamendu bateraturako izan dezakeen eragina
aztertzea.
Hirugarrena
- Errejistroan inskribatzea
Aldibaterako lehenengo xedapenean
aurreikusitako epea iraungi ondorengo sei hilabeteko epean elkargoek eta
kontseiluek arau honetan ezarrita dauden errejistro-mailako aginduak beteko
dituzte.
Laugarrena
- Administrazioak emandako sustapena
Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte
Segurantza Sailak aurreko aldibaterako xedapenetan aurreikusita dauden aginduak
betetzeko sustapen-lana egingo du.
Bosgarrena
- Tramitazioan diren errekurtsoak
Lege hau indarrean jarri aurretik
elkargoen eta kontseiluen egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoak tramitazioan
jarraituko dute, errekurtsoa aurkeztu zen unean indarrean zegoen araudiaren
arabera tramitatuko direlarik.
Seigarrena
- Eskuordetzan emandako zereginekin jarraitzea
Lege hau indarrean jartzean eskuordetzan
emandako administrazio-zereginak dituzten elkargoek eta, hala egokituz gero,
kontseiluek zeregin horiek beteko dituzte aurrerantzean ere, modu berean eta
norainoko berberekin, aurkakorik xedatzen ez den bitartean behintzat.
Zazpigarrena
- Tramitazioan diren prozedurak
Lege hau indarrean jartzean, aurreko
arauen arabera hasitako prozedurek lege honen xedapenei jarraiki beteko dute
beren tramitazioa. Aurretik egindako tramiteek beren balioa eta ondorioak
izaten jarraituko dute, baldin eta lege honetan ezarritakoaren kontra ez
badoaz.
Azken
Xedapena Bakarra - Garapena eta Burutzea
Gobernuak ahalmena du lege hau garatzeko
edota burutzeko beharrezkoak izan daitezkeen xedapen guztiak emateko.
Ahalmena du, halaber, lege honetako
lehenengo eta hirugarren aldibaterako xedapenetan aurreikusitako epeak
luzatzeko, beharrezkoa izanez gero.