17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa
2008-12-23Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/12/31, 250. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.
§ 314. 17/2008 LEGEA, abenduAREN 23KOA, NEKAZARITZA
ETA ELIKAGAIGINTZA POLITIKAKOA
ZIOEN AZALPENA
1979ko
abenduaren 18an Gernikako Autonomia Estatutua onartu zenetik, Euskal Autonomia
Erkidegoa, bere erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen
bidez, baliabide juridiko zein arauemaileez eta plangintzarako bitartekoez
hornitu da apurka, sektorekako politikak taxutu eta garatzeko.
Estatutuak
berak hainbat gai jasotzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekotzat
jotzen dituenak. Horietako batzuetan, eskumen esklusiboa esleitzen dio (10.
artikulua), beste hainbatetan Estatuaren oinarrizko legeria edo legeria
horretan ezarritako oinarriak lege bidez garatu eta bere lurraldean
betearazteko eskumena (11. artikulua), eta besteetan Estatuaren legeria
betearaztekoa (12. artikulua).
Nekazaritzari
eta elikagaigintzari dagokienez, Estatutuan jasotako eskumen esklusiboen
artean, azpimarratzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren
sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat
(10.25 artikulua); nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu
orokorrarekin bat (10.9 artikulua); barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta
arrain-hazkuntza, ehiza eta ibai eta aintziretako arrantza (10.10 artikulua),
eta mendi-basoak, oihan-erabilera eta -zerbitzuak, abelbide eta larreak,
Konstituzioaren 149.1.23 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe (10.8
artikulua). Halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako sektore-politikak
erabakitzeko lagungarri izan dira, ezinbestean, eskumen esklusiboko multzo
horren barruan jasotako beste hauek ere: zientzia- eta teknika-ikerketa,
Estatuarekin koordinaturik (10.16 artikulua); jatorriko-deiturak eta
publizitatea, Estatuarekin elkarlanean (10.27 artikulua), edo, besteak beste,
industria, Estatutuan adierazi bezala eta lege honen esparruan (10.30
artikulua).
Autonomia
Estatutua garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa politikoa eratu
beharra zegoen, eta beharrezko ikusi zen eraketa politiko-administratibo berria
eta soilik lurralde historikoenak ziren araubide juridikoak eta eskumenak
uztartzea. Horixe izan zen, hain zuzen, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen
eta haren lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzko
azaroaren 25eko 27/1983 Legearen azken helburua. Lege horren arabera,
foru-organoei dagokie eskumen esklusiboa honako gai hauetan: probintzia- nahiz
udal-jabetzako ondasunen araubidea, ondasun horiek herri-jabariko zein
ondare-ondasun izan, edo berezko ondasun zein herri-ondasun izan (7.a.7
artikulua); mendiak, oihan-ustiaketa eta -erabilera, abelbideak eta larreak,
Autonomia Estatutuaren 10.8 artikuluak ezarri bezala; basozaintza eta
laborantza- eta baso-lurrei bere onean eustea eta hobetzea (7.a.9 artikulua);
erakunde erkideek emandako arauak garatzea eta betearaztea, landare-osasunari
eta nekazaritzaren erreforma eta garapenari dagokionez; nekazaritza hedatu,
sustatu eta arlo horretako prestakuntza ematea; mahastigintza eta enologia;
landare-ekoizpena, haziak eta mintegi-landareak izan ezik (7.b.1 artikulua);
abereen ustiaketa eta osasuna (7.b.2 artikulua), eta ur gozotako arrainez eta
ehizaz baliatzeko araubidea (7.b.3 artikulua).
Beraz,
aztergai dugun gaian eskumenen banaketa eginda dagoenez Euskal Autonomia
Erkidegoan, Lege honen helburuetako bat da esku hartzen duen erakunde
bakoitzari dagozkion eskumenak nola bete argitzeko eta betetzen laguntzeko
jarraibideak ezartzea, betiere aipatutako arauak betez; sektorearen kudeaketan
esku hartzen duten Administrazio eta erakundeen sare instituzional konplexua
argitzea, herritarrek erakundeok ezagutu ditzaten eta haiekin komunika daitezen,
erakundeotan parte har dezaten eta haiekin erlaziona daitezen.
Aipatutako
eskumenak gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat agiri estrategiko
egin ditu, bere jarduera planifikatze eta antolatze aldera.
Gero
eta konplexuagoa da lehenengo sektorean gauzatzen den egintza politikoa, eta,
hain justu, horrek ekarri du plangintzarako bitartekoez hornitu beharra.
Konplexutasun hori, batetik, kudeaketan esku hartzen duten instituzio-mailen
aniztasunak eragin du, eta, bestetik, sektorea osatzen duten jarduera-esparruak
asko eta asko izateak.
Horrez
gain, multifuntzionalak dira bai landa-eremu eta bai eremu horretan gauzatutako
nekazaritza-jarduera, eta, horrenbestez, ekonomian eta elikagai-ekoizle gisa
duten eginkizunaz haratago, Euskadirentzako sektore estrategiko dira, bertako
lurralde- eta ingurumen-kudeaketaren erdigune baitira; erantzukizun inplizitua
jartzen dute Administrazioaren bizkar, gune eta jarduera horrekiko politika
iraunkortasun-irizpideen arabera egin behar da eta.
Aipatutako
plangintza-agiriak eraginkor badira ere, arau-esparru egonkorra ezartzeko
beharra nabaritu da. Batetik, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean euskal
administrazioak gauzatzen duen ekintza politikoaren printzipio bide-erakusleak
sendotu behar lituzke esparru horrek, eta, bestetik, xede, helburu eta
jarduketa-ildo nagusiak ezarri. Hori guztia, bai Administrazioaren
sustapen-lana planifikatzeko bai herritarrek lan horren berri izateko helburuz;
azken batean, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorearen eragile ekonomiko
baitira herritarrak, bai eta nekazaritza- eta elikagaigintza-jarduerek
eragindako onura zuzen zein zeharkakoen hartzaile nagusi ere.
Lege-esparru
berri horrek, gainera, beste arrazoi bat ere badu: euskal nekazaritza- eta
elikagaigintza-esparruari gaitasuna ematea gero eta testuinguru global eta
liberalizatuagoan dituen erronkei egokitzeko eta erantzuteko. Erronka horien
artean ditugu, garrantzitsuenak aipatzearren, Europako Erkidegoaren esparru
politikoetara eta esparru horietan hartutako nazioarteko erabakietara
egokitzea, baliabideen kudeaketa iraunkorra egin beharra, nekazaritza-lurretan
gero eta handiagoak diren hirigintza-presioak eta bestelako presioak,
produkzio-sektoreetan sortu diren desoreka estrukturalak, kontsumitzaileek
elikagaien segurtasunari eta kalitateari dagokionez dituzten espektatibak,
edota pixkanaka informazio-gizartean sartzea.
Ildo
horretatik, irizpide produktibista hutsen aurrean eta nekazaritza-eremuak
garatutako zeregin multifuntzionaletik at dauden irizpideen aurrean, sektorea
defendatzeko bitartekoak artikulatu nahi ditu legeak, eta, bereziki,
nekazaritza-lurra babestu. Horretarako, iraunkortasunarekin bat datozen
praktikak eta metodoak arautuko ditu, batetik, eta babes-mekanismoak, bestetik;
izan ere, nekazaritza-guneak hirigintzaren, azpiegituren eta industriaren
eragina eta esku-hartzeak jasaten ditu, eta, horren ondorioz,
nekazaritza-jardueraren ekoizpen-baliabide nagusi gisa eta euskal
landa-eremuaren elementu egituratzaile gisa duen funtzioa ahultzen ari da
pixkanaka.
Halaber,
sektorearen sustapen ekonomikorako jarraibide nagusiak ezarri nahi ditu legeak,
eta nekazaritza politika bateratuaren nazioz gaindiko esparruan inbrikatu.
Horretarako, kontuan izan du ingurune bizian gauzatzen dela jarduera, eta
merkatuak ez dituela bere funtzio guztiak saritzen. Horrez gain, euskal
gizarteak, hainbesteko onura ematen dion landa-eremu bizia izaten jarraitu nahi
badu, ohartu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorea
lehiakortasunaren bidean aurrera eginda ere beti izango dela laguntza-maila
beharrezko eta bidezko baten premian, bai egitura eta egokitzapen aldetik
dituen gabeziak konpentsatzeko, bai bere jarduerari eusteko ere.
Legeak
atariko titulua, bederatzi titulu (kapituluetan banatuta), bi xedapen
gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken
xedapen ditu.
"Nekazaritza-
eta elikagaigintza-politika" izeneko atariko tituluan legearen xedea
azaltzen da, bai eta aplikazio-eremua ere: nekazaritza- eta
elikagaigintza-sektorean ezartzekoa da, produkzio-, eraldaketa-, ontziratze-
eta merkaturatze-alderdietan, eta barne hartzen ditu laborantza-, basogintza-
eta abeltzaintza-azpisektoreak. Espresuki barne hartzen du, halaber, basogintza-arloko bigarren
eraldaketa eta merkaturatzea ere, baldin eta nekazaritza-ustiategian edo
-industrian bertan egiten bada.
Elikagaigintza-sektoreari
dagokionez, lege honen eremutik kanpo geratzen da arrantza arautzea, bai eta
jarduera zinegetiko eta mikologikoak arautzea ere; aldiz, elikagai-iturri ere
badirenez, elikagaigintza-sektorean sartzen dira nekazaritza, arrantza, itsas
haztegi eta jarduera zinegetiko eta mikologikoetan sortutako elikagaiak. Lege
honek, horrenbestez, elikagaigintza-esparru guztia hartzen du bere baitan, bai
eta nekazaritza-jarduera ere. Izan ere, jarduera horren funtsezko xedea, beste
xede batzuen artean, gizakiak eta animaliak elikagaiz hornitzea da.
Hainbat
definizio interesgarri eman ondoren, titulu honek Euskal Autonomia Erkidegoko
nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren helburuak jasotzen ditu, honakoak
azpimarragarrienak: nekazaritza-egiturak hobetzea; ustiategi eta industria
bideragarriei laguntzea; nekazaritza- eta elikagaigintza-produktu seguruak eta
kalitatezkoak dibertsifikatu, sustatu eta merkaturatzea; nekazaritza-lurra
babestea biodibertsitatea, paisaia, balantze hidrologikoa eta uren kalitatea
bermatzen duenez; sektorean teknologia berriak aplikatzea;
nekazaritza-jardueraren eta bere giza kapital ahulenaren gizarte-funtzioa
defendatzea, bai eta sektorea egituratzen lagunduko duten praktikak hobetzea
ere.
Helburu
horiek betetze aldera, legearen helburu sektorialak zehaztu dira. Horien
artean, bereziki azpimarratzekoak dira honako hauek: nekazaritza-ustiategien
jarraipena ziurtatzea, landa-ingurunearen garapen ekonomikorako oinarrizko
bitarteko baitira; laborantza-, abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpena
hobetzea, gazteei sektorean sartzeko bidea erraztea eta, halaber, emakumeen
baldintzak hobetzea, beren lana aintzatetsiz eta sektorean gora egin dezatela
sustatuz.
I.
titulutik VI.era, atariko tituluan adierazitako helburuak eta xedeak lortzeko,
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak bere
baitan bildu behar dituen esku-hartze esparruetan jarraitu beharreko
jardun-ildoak zehazten dira. Horrez gain, beste hainbat gai arautzen dira
artikulu horietan. Jarraian, garrantzitsuenak azpimarratuko ditugu.
"Nekazaritza-ustiategia"
izeneko I. tituluan, nekazaritza-jardueraren funtzio ekonomikoak sustatzeko,
nekazaritzaren izaera multifuntzionala babesteko eta ustiategiari lotutako
eskubideak gordetzeko jarraitu beharreko ildoak biltzen dira.
Lehentasunezkotzat jotako jarduerak zehazten dira, eta, horrez gain,
ustiategiaren titularrak bere gain hartu beharreko obligazioak ere bai; batik
bat, langile gaituak edukitzeko eta lan-arriskuen prebentzio-neurriak hartzeko
betebeharrak, eta dagokion jarduera betetzeko araudi sektorialek exijitutako
administrazio-baimen guztiak eduki beharra. Halaber, espresuki jasotzen da nola
jokatu behar den, ustiategia jarduera-baimenik gabe arituz gero.
Puntu
honetan, adierazi behar da aldatu egin dela Ingurumena Babesteko otsailaren
27ko 3/1998 Legearen 65. artikuluaren edukia. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko
Nekazaritza Ustiategien Erregistroaren esparru juridikoa ezartzen da.
II.
tituluan ("Nekazaritza-lurra" izenekoan) arautzen dira Euskal
Autonomia Erkidegoko nekazaritza-politikaren baliabide eta printzipio nagusiak antolatzeko
orduan kontuan izan behar diren nekazaritza-lurrari lotutako alderdiak, eta
arautze horretarako oinarria Nekazaritza eta Basogintza antolatzeko
Lurraldearen Arloko Plana edo horren ordezko baliokidea izango dela ezartzen
da. Horrela, titulu horretako artikuluetan, nekazaritza-lurraren erabilera
sustatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak ezartzen dira, lur hori
nekazaritza-jarduerarako erabil dadin, modu jarraitu eta egokian, eta
gizartearen eskaerei erantzuteko moduan.
Ildo
horretatik, nekazaritza-lurraren erabilera sustatzeko neurriak biltzen dira.
Horien artean azpimarratzekoa da nekazaritza-lurren funtsak sortu direla. Funts
horien inplementaziorako oinarriak zehaztu dira, bai eta funtsetakoak diren
ondasun eta eskubideen erabilera ere, eta hori guztia kudeatzeko
nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak sortu dira.
Jasotzen
diren beste sustapen neurrien artean honakoak daude: balio agrologiko handiko
lurrari babes berezia ematea, landa-finken trukeak sustatzea, lurrak funtsetara
borondatez lagatzea, lurzatiak bateratzea, edo titulartasun publikoko lurzoruak
kudeatzea.
Halaber,
gutxiegi erabilitako nekazaritza-lurra zer den definitzen da, bai eta izendapen
hori emateak lursail horren jabearentzat zer ondorio dituen ere.
III.
tituluak, "Nekazaritza-ekoizpena" izenekoak, laborantza-,
abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpenaren printzipio orokorrak ezartzen ditu,
nekazaritza-lurraren eta bere inguruaren iraunkortasuna gordetzeko,
elikagaitarako ekoizpenen osasun-segurtasuna zaintzeko, animalien ongizatea
bermatzeko eta ekoizpena kontsumo-eskakizunetara egokitzeko, ezinbestekoa baita
elkarri egokituta egotea. Artisau-ekoizpena ere jasotzen du: euskal
administrazioak ekoizpen mota horren garapenaz arduratuko dira, eta
erregelamendu bidez arautuko dute. Sustatu beharreko ekoizpen-metodoak
definitzen ditu (batez ere, kalitatezko elikagaiak, produktu ekologikoak,
ekoizpen integratuaren bidez eskuratutako produktuak eta basogintzako produktu
ziurtatuak lortzera bideratutakoak), eta bertako espezie eta arrazak
mantentzeari buruz ere badihardu. Halaber, higiene- eta nekazaritza-arloko
jardunbide egokiak jasotzen ditu.
Arreta
berezia merezi dute energia berriztagarriei eta informazio-gizarteari egindako
aipamenek. Lehenengoek ingurumena eta lurralde-oreka errespetatzen dute;
bigarrenaren helburua, berriz, euskal gizartea aro digital berrira egokitzea
da, eta, horretarako, kultur aldaketa bultzatu eta teknologia berriak guztion
eskura jartzea, bizi-kalitatea eta gizarte-oreka hobetu eta gure ekonomian
balioa eta aberastasuna sortze aldera.
Laborantza-ekoizpenari
dagokionez, hainbat neurri jasotzen dira: kalitatea, ekoizpen integratua eta
ekoizpen ekologikoa sustatzeko programak bultzatzea; administrazioaren jarduna
ongarri, hazi eta produktu fitosanitarioei dagokienez; landare-osasunaren bi
alderdiak antolatzea, alegia, prebentzioa organismo kaltegarriak heda ez
daitezen, eta hazi zein laboreei eragiten dieten mota guztietako izurri eta
gaixotasunen aurka egitea; Zainketa Fitosanitarioko Sarea sortzea, eta
landare-estaldura duten azaleren osasun-egoera zaindu eta jakinaraztea.
Abeltzaintza-ekoizpenari
dagokionez, berriz, honako neurriak jasotzen ditu legeak: lehenik, kalitatea,
higiene-arloko jardunbide egokiak, abeltzaintza estentsibo eta ekologikoa eta
hobekuntza genetikoa sustatzeko programak bultzatzea; bigarrenik,
Administrazioaren jarduna, hain zuzen, animaliak identifikatzeari eta
mugitzeari dagokionez, eta, hirugarrenik, animalien ongizaterako betekizunak
ezartzea. Hori guztia, abeltzaintza-kontzeptuaren barruan ulertuta; hau da,
ekoizpen-animaliak sartuta, eta konpainiako animaliak alde batera utzita.
Ondoren,
animalien elikadurara bideratutako produktuak, animalien higiene eta
segurtasunerako neurriak, eta animaliak bazkatzeko establezimenduen erregistroa
eta baimena zehazten dira, bai eta albaitaritza-zerbitzu ofizialek produktuen,
lehengaien eta animalien elikadurara bideratutako beste osagai batzuek
immobilizatzea eta neurri hori bertan behera uztea ere, espresuki jasota dauden
kasu eta baldintzetan.
Bestalde,
animalien osasunaren kontzeptuaren barruan, gaixotasunaren berri emateari,
gaixotasunaren aitorpen ofizialari eta animalia-jatorriko hondakinei lotutako
alderdiak arautzen dira. Horrez gain, animalien arrazen oinarrizko alderdiak
ere arautzen dira, euskal arraza autoktonoetan arreta berezia jarrita.
Basogintzari
dagokionez, azpimarratzekoa da herri-administrazioek lursail publiko zein
pribatuei eragingo dieten baliabideen plangintza egin behar dutela, ekoizpenak
hobetzeko eta baso-sistemen multifuntzionaltasuna sustatzeko jarduerak eginez.
Horretarako, lehentasuna emango diote kalitate kontrolatuko haziak eta
landareak erabiltzeari; ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza
bultzatzeko proiektuak egiteari, eta ingurumena eta baso-sistema berriak
errespetatzen dituzten baso-teknika berriak erabiltzeari. Halaber, Baso
Osasuneko Mahaia eratuko da, izurri, gaixotasun eta bestelako arazo
fitosanitarioak prebenitzeko eta halako kontuetan koordinatuta jarduteko.
Azkenik,
suteen prebentzioa bermatzen da, eta baso-pisten erabilera eta kudeaketa ere
arautzen dira.
IV.
tituluak berresten du Euskak Autonomia Erkodegoko administrazioek bultzada eta
lehentasuna emango dietela, batetik, ekoizleek nekazaritzako eta
elikagaigintzako eraldaketan eta merkaturatzean duten parte-hartzeari, eta,
bestetik, nekazaritza- eta elikagaigintza-industriak jarri eta garatzeari,
baldin eta lehengaia euskal nekazaritza-sektorearen ekoizpen-esparruan sortzen
bada osorik edo hein batean.
"Nekazaritzako
eta elikagaigintzako eraldaketa eta merkaturatzea" izeneko tituluan
ezartzen denez, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuek beren ezaugarriei
buruzko informazio egiazkoa, objektiboa, osoa eta ulergarria eman behar dute
fase guztietan, eta produktu horiek gutxienez zein informazio eskaini behar
duten ere ezartzen da. Produktuek kalterik ez dutela eragingo eta osasungarriak
direla bermatzeko, prozesuen eta produktuen autokontrolerako sistemak ezarri
behar direla jasotzen du legeak, eta sistema horien gutxieneko elementuak ere
zehazten ditu.
Halaber,
nekazaritza-produktuen identifikazioa, elikagai-segurtasuna eta trazabilitatea
jasotzen dira, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresa guztietan bete beharreko
baldintza direla zehazten eta ezartzen da.
Ondoren,
arriskuaren analisia egiteko prozedura zehazten da: arriskuaren ebaluazioa,
kudeaketa eta jakinarazpena hartzen ditu barne (nekazaritza- eta
elikagai-segurtasunerako politikaren oinarri diren aldetik), bai eta
elikagai-krisien kudeaketa eta osasun-baimena ere.
Titulu
horretan bertan, lehenik eta behin, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen
kalitatea jorratzen da, bai eta kalitatearen kudeaketa eta hobekuntza ere, eta
jatorri- eta kalitate-ikurrak azpimarratzen dira bereziki.
Horren
ondoren arautzen ditu eraldaketa (nekazaritza- eta elikagaigintza-industriaren
eskubideak eta betebeharrak ezarriz), Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien
Erregistroa, Ardo eta Edari Alkoholdunen Botilaratze eta Ontziratze Industrien
Erregistroa, nekazaritza- eta elikagaigintza-industria garatzeko laguntzak eta
sektore horietako elkarteekiko elkarlana.
Azkenik,
produktuen sustapenari eta merkaturatzeari lotutako alderdiak jasotzen ditu
legeak. Euskal Autonomia Erkidegoko jatorri- eta kalitate-ikurrak eta ikur
horien barruan egindako produktuak jotzen ditu lehentasunezkotzat, beste
proiektu batzuk baztertzen ez baditu ere, eta herrietako merkatu eta azoka
tradizionaletan merkaturatzea aurreikusten du.
Azken
batean, nekazaritza- eta elikagaigintza-industriaren garapena eta prestigioa
bultzatu nahi du, eta, horretarako sektorearen jarduera ekonomikoa eta garapena
sustatuko duten politikak ezartzen ditu, nekazaritza- eta
elikagaigintza-produktuen eraldaketa eta merkaturatzearen oinarrizko printzipio
gidariei jarraituz. Legean bertan jasota daude printzipio horiek.
V.
tituluak, "Nekazaritza eta elikagaigintzaren inguruko ikerketa, garapen
teknologikoa, berrikuntza eta prestakuntza" izenekoak, printzipio orokorrak
biltzen ditu, eta nagusiki horien arabera jardungo da nekazaritza- eta
elikagaigintza-arloko ikerketa, garapen teknologikoa, berrikuntza eta
prestakuntza antolatzeko proiektu eta programetan. Horrez gain, Nekazaritza eta
Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa nola antolatu ere ezartzen du, Ikerketa,
Garapen Teknologiko eta Berrikuntza Plan Sektorialak egiteko, bai eta Euskal
Autonomia Erkidegoko Erakunde Zientifiko Teknologikoak mantendu eta hobetzeko
beharrezko den bultzada nola gauzatu ere.
Nekazaritza-
eta elikagaigintza-arloko prestakuntzari dagokionez, jarraibide orokorrak
ezartzen dira, eta horien arabera garatuko dira Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrean nekazaritza-arloko eskumena (zeharkakoa ala zuzenekoa)
duen sailak antolatutako unibertsitatez kanpoko prestakuntza-programak. Horrez
gain, arlo horretako prestakuntza jorratzeko ildo nagusiak ere zehazten dira.
"Zeregin
soziala eta prebentzioa" izenburupean, nekazari gazteei eta emakume
nekazariei laguntza oso eta erabatekoa emango diela berresten du VI. tituluak;
izan ere, lehentasuna eman nahi dio talde horiek lagundu eta sustatzeari,
nekazaritzan sartzeko eta horretan jarduteko aparteko zailtasunak izaten
dituzte eta. Horrela, bi kasuetan, eta jarduteko oinarrizko printzipioak zerrendatu
ondoren, Nekazari Gazteen Estatutua eta Emakume Nekazarien Estatutua egingo
dela adierazten da, talde horiekiko sustatu behar diren ekintza positiboak
jasotzeko. Testuinguru horretan, azpimarratzekoa da ustiategiaren
titularkidetasuna aitortzen duela legeak, ezkontide biek edo izatezko bikoteko
bi kideek elkarrekin jarduten badute, kasu hori oso hedatua dago eta.
Bestalde,
soldatapeko lana jasotzen da legean, eta aipamen berezia egiten zaie sasoikako
langileei arreta emateko plan integral espezifikoaren oinarri izan behar duten
printzipioei, bai eta aldi baterako ordezkapen-zerbitzuen sustapenari ere.
Lan-arriskuen
prebentzioari dagokionez, segurtasun-, higiene- eta lan-osasunaren arloetan
lankidetza-hitzarmenak egitekoak badira, hitzarmenok nola egin arautzen da.
Nekazaritzako
aseguruen arloan lortu beharreko helburu orokorrak arautzerakoan, jardunbide
bat baino gehiago izango dira kasuan kasu aplikatzeko, berme eta konpentsazioko
funtsei dagokienez.
Azkenik,
hondamendi-gunearen deklarazioa bera eta deklarazio horren ondorioak,
hondamendietarako funtsen eraketa, eta onuradun izateko gutxieneko baldintzak
arautzen dira.
VII.
tituluaren ("Ordezkaritza eta elkarte-antolaketa" izenekoa) hasieran
adierazten da, administrazioak lege honen atariko tituluan jasotako helburuak
dituzten elkarte sektorialak eratzea eta mantentzea sustatuko duela
sektorearekin harremanak izango dituen eta zerbitzuak eskainiko dizkion
administrazio gisa sendotu nahi duenez, eta elkarte horiekin elkarlanean
arituko dela; testuinguru horretan sortuko da, hain justu, Nekazaritza eta
Elikagaigintza Elkarteen Errolda.
Halaber,
nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarteen onarpen ofiziala arautzen du,
dagokien erregistroan izena eman dezaten, ordezkatzen dutenaren arabera. Ondoren,
eta nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarteez ari dela, aurrerantzean
nekazarien elkarte profesionalak eta Euskadiko ekoizleen elkarteak nola
definituko diren finkatzen du, eta, horrez gain, nekazarien elkarte
profesionalek nola lor dezaketen elkarte adierazgarrienen izaera, ezarritako
baldintzak betez gero. Halaber, Euskadiko nekazaritza- eta
elikagaigintza-industrien elkarteak definitzen dira. Azkenik,
nekazaritza-ustiategiei aholkularitza emateko jasotzen ditu titulu honek; hau da, ustiategiei
kudeaketa tekniko-ekonomikoko zerbitzuak, titularren ordezkapen-zerbitzuak edo
aholkularitza integrala ematen dizkieten elkarteak.
Sektoreko
elkarteak eta ordezkaritza erregulatzeko araudia erreferentzia izango da
sektoreko eragileentzat, Administrazioarekin dituzten harremanetan.
VIII.
tituluak, "Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-administrazioaren
antolamendua" izenekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailari
atxikitako kide anitzeko organoak arautuko ditu, esate baterako, Euskadiko
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta Nekazaritza eta Elikadura
Politikako Batzordea.
Azkenik,
IX. tituluak, "Administrazioaren esku-hartzea nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean"
izenekoak, herri-administrazioaren esku-hartzea bideratuko duten printzipio
gidariak arautzen ditu, bai eta bultzatu beharreko sustapen-neurri eta politika
aktibo nagusiak ere, betiere legean bertan ezarritako helburu orokorrekin edo
azpisektoreko programa batean jasotakoekin bat etorrita. Halaber, laguntzak
kudeatzeko eskumena jasotzen du, eta baimenak eta lizentziak nola eman ere bai.
Horrez gain, jarduera kontu-hartzaile edo sustatzaile orok ezinbestean bete
behar dituen ikuskaritza-, kontrol- eta zehapen-funtzioak ere ezartzen ditu,
jarduera horien helburua beteko dela bermatzeko.
ATARIKO
TITULUA
NEKAZARITZA
ETA ELIKAGAIGINTZA POLITIKA
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
Artikulua - Legearen xedea
Europar
Batasunaren nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren esparruan, une
bakoitzean indarrean dagoen araudian ezarritako printzipioak eta helburuak
kontuan hartuta, lege honen xedea da, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko
nekazaritza- eta elikagaigintza-politika definitzeko balioko duten printzipio
bide-erakusleak ezartzea, eta, bestetik, erreferentziazko erakunde-esparrua
argitzea eragile sektorialentzat eta herritarrentzat oro har (Euskal Autonomia
Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean gauzatutako jardueraren
azken erabiltzaile diren aldetik). Hori guztia Autonomia Estatutuan eta
Lurralde Historikoen Legean ezarritako eskumen-banaketa errespetatuz egingo da.
2.
Artikulua - Eremu objektiboa
Lege
hau aplikatzeko eremu objektiboa nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreen
antolaketa orokorra da (produkzio-, eraldaketa-, ontziratze- eta
merkaturatze-faseak barne hartuta), bai eta, oro har, nekazaritza-ingurunearen
multifuntzionaltasunari lotutako jardueren antolaketa ere. Halaber, eremu
horrek barne hartzen du basogintza-arloko bigarren eraldaketa eta merkaturatzea
ere, baldin eta nekazaritza-ustiategian edo -industrian bertan egiten bada.
3.
Artikulua - Lurralde-eremua
Lege
hau Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa da, eta kontuan hartuko ditu arautu
beharreko gaiaren arabera animaliak egoteko lekua, ustiategien edo
ekoizpen-unitateen kokapena eta, oro har, lege honen eremu objektiboari
dagozkion nekazaritza- eta industria-jarduerak egiteko lekua.
4.
Artikulua - Definizioak
Lege
honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan, ondoren adierazten
den bezala:
1. Nekazaritza: laborantza, abeltzaintza eta
basogintza biltzen ditu.
2. Nekazaritza-jarduera: laborantzako,
abeltzaintzako edota basogintzako produktuak lortzeko egin beharreko lanak.
Eraldaketa, ontziratzea eta merkaturatzea ere nekazaritza-jardueratzat joko
dira, baldin eta ustiategian bertan egiten badira; bai eta ustiategiaren
mantentze-lanak ere.
3. Nekazaritza-jarduera osagarri: ustiategiko
titularrak elkarteen, kooperatiben edo profesional-elkarteen
ordezkaritza-organoetan parte hartzea, betiere elkarte horiek lotuta badaude
nekazaritza-sektoreari, ingurumen-arloko eta nekazaritza-garapeneko ondasunak
eta zerbitzuak lortzeari, jarduera turistikoei, zinegetikoei, artisau-jarduerari,
eta bere ustiategian egindako bestelako dibertsifikazio-jarduerei (adibidez,
energia berriztagarria ekoiztea).
4. Nekazaritza-ustiategi: titularrak (pertsona
fisikoa zein juridikoa) nekazaritza-jardueraren baitan enpresa moduan antolatutako
ondasun eta eskubideak, baldin eta unitate tekniko-ekonomikoa osatzen badute,
eta helburua, batik bat, merkaturatzea baldin bada. Zenbait kasutan, gerta
liteke laborantzarako azalerak gutxieneko neurri jakina (lurra lantzeko unitate
minimoa) betetzeko exijitzea.
5. Familiako nekazaritza-ustiategi: mota
honetako nekazaritza-ustiategian, ondasunak eta eskubideak familia-unitateko
kide batek edo batzuek jarritakoak dira jabetzan, errentan edo edozein
erabiltze- edo gozamen-titulutan; horrez gain, familiakideak dira
ekoizpen-erabakiak hartzen eta administratzen dituztenak eta ustiategian lan
egiten dutenak, eta soldatapeko langileak ez dira ustiategian lanean diharduten
familia-unitateko kideak baino gehiago.
6. Sozietate bidezko nekazaritza-ustiategi:
horrelakoa da ustiategia, baldin eta titularra zenbait bazkide biltzen dituen
pertsona juridikoa baldin bada. Titulartasuna estatutuek edo sozietate-mota
erregulatzen duen araudiak arautuko dute.
7. Lehentasunezko ustiategi: gaur egun
bideragarria den nekazaritza-ustiategia, edo bideragarritasuna lor edo finka
dezakeena, arauz ezarri diren edo ezar daitezkeen baldintzak betez, betiere.
8. Ekoizpen-unitate: nekazaritza-jarduera
gauzatzen den ustiategiko elementu bakoitza, edota elementu multzo bakoitza,
leku berean badaude.
9. Lursaila: ekoizpen-unitate bati dagokion
nekazaritzako lur mugatua.
10. Landa-finka: ustiategi bereko lursail multzoa,
mugatze-ondorioetarako osotasun bat osatzen duena.
11. Ustiategiaren titular: nekazaritza-jardueran eta
zenbait kasutan beste jarduera osagarri batean ere aritzen den pertsona fisikoa
edo juridikoa, ustiategiaren ondasun eta eskubideak enpresa-irizpideetan
oinarrituta antolatzen dituena, eta ustiategia kudeatzeak eragindako arriskuak
eta erantzukizunak bere gain hartzen dituena. Lege honen ondorioetarako,
ustiategiaren titulartasuna pertsona batek baino gehiagok badu, horietako
bakoitza ustiategiaren titularkidetzat joko da.
12. Nekazari: nekazaritzan diharduen pertsona
fisikoa.
13. Nekazari profesional: nekazaritza-ustiategi
baten titularra izanik, urteko errentaren % 50, gutxienez,
nekazaritza-jardueretatik edo nekazaritza-jarduera osagarrietatik lortzen duen
pertsona fisiko edo juridikoa; betiere, bere ustiategian egindako
nekazaritza-jardueratik zuzenean lortutako errenta ez bada guztizko errentaren
% 25 baino txikiagoa, eta nekazaritza-jardueretan edo nekazaritza-jarduera
osagarrietan lanean emandako denbora, lanean guztira emandako denboraren erdia
baino gehiago bada. Pertsona fisikoa bada, bere nekazaritza-jardueraren arabera
dagokion Gizarte Segurantzako Erregimenean izena emanda egon beharko du.
14. Nagusiki nekazari: nekazari profesionala,
pertsona fisikoa izanik, errenta totalaren % 50, gutxienez, bere ustiategian
egindako nekazaritza-jardueratik ateratzen duena, eta urtean lanean emandako
denboraren erdia edo gehiago zuzenean nekazaritzarekin lotutako jardueretan
ematen duena.
Pertsona
juridiko batek nagusiki nekazaritzan jarduten duela ulertuko da, baldin eta
bazkideen % 50, bakoitza bere aldetik, nagusiki nekazaritzat jo badaitezke
lehen adierazitako baldintzak betetzen dituztelako. Sozietateak badira forma
juridikoa sozietate zibila bada salbu, adierazitakoaz gainera, bazkideen
partaidetzek edo akzioek izendunak izan beharko dute. Edonola ere, estatutuetan
edo bazkideen batzar orokorraren erabakian, ezarrita egon beharko du lehen
adierazitako baldintzak betetzea bermatuko dela, bazkideen artean tituluak
eskualdatuz gero ere.
15. Lanaldi partzialeko nekazari: bere ustiategian
egindako nekazaritza-jardueratik urteko errentaren % 50 baino gutxiago lortzen
duen pertsona fisikoa.
16. Nekazari gazte: nekazaritza-jarduera egiten
duen edo egitear dagoen pertsona fisikoa, eta 40 urtetik behera dituena.
17. Nekazaritza edota basogintzako lurra: balio
agronomikoa duen eta nekazaritza-jardueretara bideratzen den edo bidera
daitekeen lurra, nekazaritza-bideak eta baso-pistak.
18. Ekoizpen-animalia: ekoizpenetarako mantentzen,
gizentzen edo hazten diren (edo horretarako modukoak izan daitezkeen)
espezieetako abereak; bereziki, animalia zein gizakientzako elikagaiak
ekoizteko direnak.
19. Nekazaritzako edo ekoizpeneko azpisektoreak:
nekazaritza-sektorearen barruan biltzen den ekoizpen talde bakoitza. Hauexek
dira ekoizpeneko azpisektoreak: esnetarako behiak, haragitarako behiak,
baratzezaintza, esnetarako ardiak, ardotarako mahastiak, zereal-soroak, eta
abar.
20. Elikagaigintza: kontzeptu honen barnean
sartzen da nekazaritza, arrantza, arrain-haztegi, ehiza eta
perretxiko-bilketatik lortutako produktuak edo beste jatorri natural batekoak
ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzea.
21. Nekazaritza- eta elikagai-enpresak:
nekazaritzan edo elikagaigintzan jarduten duten nekazaritza-ustiategiek eta
enpresek osatutako multzoa.
22. Nekazaritza- eta elikagai-industria:
nekazaritza-produktuak edo elikagaigintza manipulatuz produktu berriak sortzeko
ekipamendu-ondasunen instalazioak behar dituzten instalazio osagarriak barne,
enpresa autonomo moduan funtzionatzeko gai direnak.
23. Artisau-ekoizpen: nekazaritza-produktuak
manipulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek bakarka edo elkartuta
beren ustiategietatik lortutako lehengaiekin egina.
24. Zuzeneko salmenta: ekoizlearen edo
eraldatzailearen eta kontsumitzailearen artean bitartekaririk ez duen
merkataritza-jarduera.
Artikulu
honetan jasotzen diren definizioak Euskal Autonomia Erkidegoko lege-xedapen
guztietara zabalduko dira.
II.
KAPITULUA
XEDEAK
ETA HELBURUAK
5.
Artikulua - Xedeak
Euskal
Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politika hainbat xede
lortzera bideratuko da. Hona hemen xede horiek:
a) Nekazaritza-egiturak
hobetzea, nekazariek diru-sarrera duinak eskura ditzaten eta kontsumitzaileek
bidezko prezioak izan ditzaten.
b) Nekazaritza-jardueraren
eta bere izaera multifuntzionalaren aitorpen soziala lortzea; ez baita
elikagai-ekoizle bakarrik, eta gizartearentzako beste onura batzuk ere bai
baitakartza: esaterako, ingurumena babestu eta birsortzea, paisaia eta
biodibertsitatea babestea, lurraldea modu orekatuan kudeatzea, eta Euskal
Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ingurunea eta kultur ondarea gordetzea.
c) Nekazaritzako
eta elikagaigintzako ustiategi edo enpresa bideragarriak eta iraunkorrak
eratzea eta sustatzea, hain justu, proiektuak eta produktuak teknikoki
gauzagarri, ekonomikoki errentagarri, ingurumenaren aldetik onargarri eta
sozialki onesgarriak diren postulatuen arabera egiteko.
d) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-produktu seguru eta kalitatezkoak dibertsifikatu, sustatu
eta merkaturatzea.
e) Nekazaritza-lurra
babestea, ez balio agronomikoagatik bakarrik, baita biodibertsitatearen eta
paisaiaren euskarri eta berme delako eta desertifikazio- eta higadura-arriskua
murrizten edo eragozten duelako ere.
f) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-sektorean informazioaren teknologia berriak, ikerketa,
garapena, berrikuntza eta nekazaritzako eta elikagaigintzako prestakuntza
teknologikoa bultzatzea eta ezartzea.
g) Nekazaritza-jardueraren
gizarte- eta prebentzio-funtzioa defendatzea (enplegu-sortzaile den aldetik),
eta, batez ere, bere giza kapital ahulena: emakumeak, nekazari gazteak,
soldatapeko langileak eta sasoikako langileak.
h) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-arloko prestakuntza, asoziazionismoa eta profesionaltasuna
hobetzea, eta, oro har, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreak egituratzen
laguntzen duten praktikak hobetzea; hartara, areagotu egingo da elkarteek
solaskide izateko, negoziatzeko eta parte hartzeko duten gaitasuna, bai eta
beren interesak ordezkatzeko gaitasuna ere.
6. Artikulua - Helburuak
Lege honek ondorengo helburuak ditu:
a) Nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea,
landa-ingurunearen garapen ekonomikorako oinarrizko bitarteko baitira, bai eta
familia-nekazaritzatik ahalik eta jende gehien bizitzeko bitarteko ere.
b) Gazteei nekazaritza- eta
elikagaigintza-sektorean eta elkarte zein taldeetan sar daitezen bultzatzea.
c) Emakumeek nekazaritzan eta elikagaigintzan
egiten dute lana aintzatestearen alde egitea, sektorean jarrai dezaten
laguntzea, eta beren bidea baldintza berdinetan gara dezaten laguntzea;
halaber, elkarte eta taldeetan sar daitezen bidea erraztea.
d) Nekazariek errenta duina jaso dezaten
bultzatzea, ekoizpen- eta lantze-gastuak berdintzeko modukoa, subsidioen edo
kanpoko laguntzen mende egon gabe.
e) Ustiategien
dimentsionamendu estrukturala sustatzea eta, kasuaren arabera, babestea,
bideragarritasun ekonomikoari laguntzeko.
f) Nekazaritza-lurrak
babestea, batez ere gunerik kaltetuenetan dauden eta hirigintza-presioaren
mende dauden lurrak.
g) Laborantza-,
abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpena hobetzea, produkzio-bideak kontrolatuz
eta optimizatuz, eta lortutako ekoizpenen balio erantsia sustatuz.
h) Merkatuak
saritzen ez dituen arren, nekazaritzaren izaera multifuntzionalaren barruan
dauden jarduerak babestea; hain zuzen, lurraldea eta paisaia kudeatzea,
ingurumena babestea, animalia-arraza autoktonoak gordetzea eta
nekazaritza-gizarte eta -kulturari eustea.
i) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-industria garatzea eta prestigiatzea, ekoizpen-sektorea
balio-katean txertatzeko oinarrizko urratsa delako, eta
nekazaritza-ingurunearen garapen ekonomikoaren oinarrizko bitarteko delako.
j) Merkatuetan
kalitate-erreferentzia izango diren eta kontsumitzaileen osasun eta
ongizaterako berme osoa emango duten produktuak ekoizten direla bermatzea, eta
euskal elikagaiei balio erantsia dakarten merkatuetan sartzeko bide ematea.
k) Nekazaritzan
eta elikagaigintzan ikerketa eta berrikuntza teknologikoa areagotzea, eta
aurrerapen zientifikoak azkar eta modu eraginkorrean zabal daitezen laguntzea,
bai eta teknologia berrien erabilera sustatzea eta nekazaritza-sektorea
informazio-gizartean txerta dadin bultzatzea ere.
l) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-politika egin eta ezarri aurretik eragile sozial eta
ekonomikoei kontsultatuko zaiela bermatzea, eta solaskide izateko eta
adostasunera heltzeko bitartekoak indartzea, jardun-proposamenak nekazaritza-
eta elikagaigintza-sektorearen beharretara egokitzen lagunduko dute eta.
m) Ezagutzera
ematea nekazaritzaren izaera multifuntzionala, eta nekazaritza- eta
elikagaigintza-politikaren garapenean izandako jarduera nagusiak eta lortutako
helburu nagusiak.
I.
TITULUA
NEKAZARITZA
USTIATEGIA
7.
Artikulua - Jarraibideak
1. Nekazaritza-jardueraren funtzio ekonomikoak
indartzeko (batez ere, errentagarritasuna hobetzeko eta enplegua sortzeko),
nekazaritza-arloko euskal administrazioek nekazaritza-ustiategiak eta
kudeaketa-eredu egokiak garatu, finkatu eta mantentzea sustatuko dute,
ustiategiak bideragarriak eta iraunkorrak direla bermatzeko, 5. artikuluan
jasotako helburuen arabera. Horretarako, eskumena duen herri-administrazioak
lurra lantzeko unitate minimoak ezarri ahal izango ditu, erregelamendu bidez.
2. Nekazaritzaren izaera multifuntzionala
babestu nahian, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategiek
nekazaritza-jarduerak betetzen dituen ingurumen- eta lurralde-funtzioekin bat
datozen ekoizpen-ereduak garatuko dituztela bermatuko dute nekazaritza-arloko
euskal administrazioek. Ingurumen-funtzioak ingurumena, baliabide naturalak,
ekosistemak eta nekazaritza-paisaia babesteari lotutakoak dira;
lurralde-funtzioak, berriz, lurralde-oreka gordetzeko eta nekazaritza-guneetako
sare soziekonomikoari eustekoak.
3. Ustiategiari lotutako eskubideak gordetzeko
xedez, baldin eta eskubide horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren
kudeaketa-esparruari dagokion administrazio-esleipen baten ondorio badira,
nekazaritza-arloko euskal erakundeek eskubide horiek erakundeok emandako
jarraibideen arabera kudea daitezen ziurtatuko dute, aurretik Euskadiko
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan ordezkaritza duten sektoreko
elkarteei kontsultatuta.
8.
Artikulua - Lehentasunezko jardunak
Nekazaritza-arloko
euskal administrazioek, sustapen-lana egiteko, egungo eta bihar-etziko arauetan
eta programetan aurreikusitako bitartekoak baliatuko dituzte, eta lehentasuna
emango diete hurrengo jardun-lerroetan ezarritakoa lortzera bideratutako
ekintzei:
a) Ustiategietako
titularrak profesionalak eta nagusiki nekazaritzan dihardutenak izatea;
bereziki, emakumeak eta gazteak titular izan daitezen bultzatuz.
b) Familiako
nekazaritza-ustiategiaren eredua gordetzea eta ustiategietako titularren
bizi-kalitatea hobetzea.
c) Merkatuaren
eskaerei erantzuten dieten nekazaritza-ustiategietan joera produktiboak eta
kudeaketa-metodoak garatzea.
d) Alternatiba
ekonomikoak eta dibertsifikazioa sustatzea ustiategiko nekazaritza-jardueran;
batez ere, produktu propioen eraldaketan eta zuzeneko salmentan.
e) Neurri
egokiko nekazaritza-ustiategiek iraungo dutela bermatzeko formulak garatzea,
eta lehentasunezko ustiategiak sustatzea. Zehazki, ustiategiko lursailen eta
kudeaketaren zatiketa mugatzeko lanak sustatuko dira, eta mugatu egingo da
ustiategiak sektoreko profesional ez direnen esku uztea ere; halaber, lurzatiak
bateratzea, profesionalen artean lurrak eskualdatzea, nekazaritza-lurren
bitartekaritza egitea, eta ustiategiaren egitura sendotzen lagunduko duten
azpiegiturak garatzea bultzatuko da.
f) Prestakuntza
eta trebakuntza profesional egokia ematea nekazaritza-ustiategietako titularrei
eta langileei.
g) Nekazaritza-ustiategiek
teknologia berriak baliatzea, bereziki informazio- eta komunikazio-teknologiak.
h) Nekazaritza-ustiategiek
kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak
erabiltzea.
i) Ustiategiak
biltzea eta elkartzea, nortasun juridikoa duten elkarteen bidez.
j) Euskal
nekazaritza-ustiategiei lotutako eskubideak optimizatzea, Euskal Autonomia
Erkidego osoan.
k) Ingurumena
eta paisaia babesten eta lurralde-antolamendua errespetatzen duten ekoizpen-
eta kudeaketa-metodoak garatzea nekazaritza-ustiategietan, erkidegoko araudiak
eta nekazaritza-arloko euskal administrazioek emandako jarraibideen arabera.
l) Ustiategietako
titularrek kontratu bidezko dokumentuak izenpetzea nekazaritza-arloko euskal
administrazioekin. Kontratu horietan betebehar eta eskubideak ezarriko zaizkie
bi aldeei, betiere titularrak ustiategian betetzen duen nekazaritza-jardueraren
eta baliatzen dituen kudeaketa-metodoen arabera.
9.
Artikulua - Ustiategiko titularraren betebeharrak
1. Nekazaritza-ustiategietako titularrek honako
betebeharrak hartu beharko dituzte beren gain:
a) Dagokien
jarduera betetzeko araudi sektorialek exijitutako administrazio-baimena guztiak
edukitzea.
b) Araudiak
ezarritako higiene- eta osasun-baldintza guztiak betetzea, izurririk eta
gaixotasunik sortu eta zabaldu ez dadin.
c) Langile
gaituz hornitzea ustiategia, beharrezko prestakuntza ematea eta araudian
lan-arriskuen prebentziorako aurreikusitako neurriak eskaintzea.
d) Esku
hartzen duten administrazioei ustiategiari buruzko datuak bidaltzea (arauz
agindutako datuak), horretarako ezarritako epean; batez ere, Euskal Autonomia
Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroari, Erroldari eta nahitaez bete
beharreko beste eragiketa estatistiko batzuei buruzko datuak.
e) Arauaren
arabera edo nekazaritza-arloko euskal administrazioekin hitzartutako kontratu
bidezko harremanaren arabera egokiak diren kudeaketa-praktika eta -metodoei
jarraiki jardutea.
f) Nekazaritza-lurra
gutxiegi erabilita ez edukitzea, non eta ez dagoen, eskumena daukan agintariak
hala erabakita, lurra landu gabe edukitzeko arrazoiren bat, laborantza aldetik,
edo lurra horrela edukitzea justifikatzen duen aparteko arrazoiren bat.
g) Inbertsio
publikoari esker eskura dauden baliabide eta/edo azpiegiturak behar bezala
aprobetxatzea lur horietan.
h) Suteak
pizteko eta hedatzeko arriskua eragin dezaketen laborantza- eta
basogintza-praktikak eragoztea.
i) Bere
ustiategiari lotutako eskubideei dagokienez araudiak ezarritako xedapenak
betetzea, kudeaketa-, lagapen- eta transmisio-gaietan.
2. Arauz ezarriko da aurreko paragrafoko
obligazioak ez direla bete deklaratzeko prozedura.
10.
Artikulua - Jarduera-baimena
1. Nekazaritza-ustiategiko titularrak
nekazaritza-jarduera gauza dezan, ezinbestekoa da dagokion jarduera-baimena
izatea, indarrean dagoen legediak hala eskatzen badu.
2. Baldin eta jarduera-baimena derrigorrezkoa
bada eta nekazaritza-ekoizpeneko ustiategi edo unitate batean jarduera-baimenik
gabe badihardute, eskumena duen organoak, gaiaren arabera eta dagokion
administrazio-espedientea bideratu ondoren, honako erabaki hauetako bat hartuko
du:
a) Aurretik
ere baziren nekazaritzako lursailak eta unitateak ez galtzeko, eta jarduera ez
badator indarrean dagoen araudi guztiarekin bat, nekazaritza-ustiategiak aldi
batez iraun dezan baimenduko da, betiere ezohiko neurri hau hartzea
justifikatzen duten baldintza bereziak baldin badaude, eta instalazio horiei
ezarritako ingurumen-, higiene- eta osasun-baldintzak betetzen baditu. Jarduera
bertan behera uzteko agindu behar bada, berriz, titularrak kalte-ordaina
jasotzeko eskubidea izan lezake.
b) Jarduera
eta indarrean dagoen antolamendua bateragarri badira, ustiategiaren titularrari
baimena eskatzeko galdegingo zaio bi hilabeteko epean. Baimena eskatuko ez balu
edo ukatuko balitzaio, jarduera berehalakoan bertan behera uzteko aginduko zaio
hilabeteko epean, interesdunaren kontura. Epea amaitu, eta artean ez bada
borondatez bete jarduera bertan behera uzteko agindua, orduan nahitaez
betearaziko da, obligaziodunaren kontura eta teknikari ofizialen kontrolpean.
3. Arau bidez erregulatuko dira aurreko
paragrafoan esandakoari buruzko guztiak.
11.
Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroa
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza
Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea ezinbesteko baldintza
izango da, euskal administrazioek nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren
esparruan ematen dituzten sustapen-laguntzak eta -neurriak eskuratu ahal
izateko.
2. Nekazaritza Ustiategien Erregistro
Orokorrean, Lurralde historiko bakoitzeko nekazaritza-ustiategien erregistroak
bilduko dira, datu-base berean integratuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan
nekazaritzako gaietan eskumena duen sailak kudeatuko du.
3. Foru-aldundiek kudeatu eta eguneratuko dute
bakoitzari dagokion lurralde historikoko nekazaritza-ustiategien erregistroa,
gutxienez honako datu hauek bilduta: titularren, titularkideen eta ustiategiko
arduradunen identifikazio-datuak, eta ustiategiaren datu orokorrak.
4. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza
Ustiategien Erregistro Orokorrak bereizi egingo ditu lehentasunezko
nekazaritza-ustiategiak eta gainerakoak, indarrean dagoen legediaren arabera.
5. Arauz garatuko da Erregistro honen edukia.
Ustiategi bat Erroldan erregistratzeko eta Erroldaren informazioa kudeatzeko
aginduzko irizpideak jasoko dira arau horretan.
II.
TITULUA
NEKAZARITZA
LURRA
12.
Artikulua - Xedapen orokorra
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan,
nekazaritza-lurra antolatzeko jardun publikoa koordinatuko dute,
nekazaritza-lurra modu jarraitu eta egokian, eta gizartearen eskaerekin bat
etortzeko moduan, erabil dadin sustatzeko, eta, helburu horrekin, beharrezko
diren esku-hartze publikoko bitarteko eta neurriak baliatuko dituzte. Hori guztia,
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-eremua antolatzeko unean-unean
indarrean dagoen erreferentzia-esparruaren arabera.
13.
Artikulua - Nekazaritza-lurren erabilera sustatzea
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruen barruan,
honako jarduketa hauek egin ahal izango dituzte nekazaritza-lurraren erabilera
sustatzeko, 12. artikuluan azaldutako xedapen orokorretik ondorioztatzen diren
aginduekin bat etorriz:
a) Lurralde
historiko bakoitzean nekazaritza-lurren funts bat sortzea.
b) Nekazaritza-lurrak
funtsetara borondatez lagatzea sustatzea.
c) Balio agrologiko handiko lurrei babes berezia ematea, betiere,
dagokion lurralde antolamendurako plan sektorialean ezarritakoari jarraituz.
d) Nekazaritza-lurren trukeak sustatzea.
e) Titulartasun publikoko nekazaritza-lurretan
nekazaritza-kudeaketa hobetu dadin sustatzea.
f) Lurzatien bateratzea bultzatzea.
g) Nekazaritza-lurren erabilera egokia sustatzeko
herri-administrazio eskudunek aurrerantzean zehaztu dezaketen beste edozein
jarduera.
14. Artikulua - Nekazaritza-lurren funtsak
1. Nekazaritza-lurren
funtsak sortu dira, batetik, titularrak emandako nekazaritza-ustiategiko lurrez
osatuta 73.b artikuluak agindutakoaren araberako aurre-erretiroko laguntzak
jasotzean eman beharko ditu lurrok) eta bestetik, beste negozio juridiko batzuk
gauzatzetik datozen nekazaritza-lurrei lotutako ondasun eta eskubideez osatuta,
edo, kasuan kasu, titulu honetan jasotako esku-hartze eta sustapen neurriak aplikatuta
sortu diren lurrez osatuta. Funtsak foru-esparrukoak izango dira, eta lurralde
historiko bakoitzetik hartutako nekazaritza-lurrei buruzkoak eta/edo
nekazaritza-lurrei lotutako ondasun edo eskubideei buruzkoak hirurak ere.
2. Euskal
herri-administrazioek sustatu egingo dute nekazaritza-lurrak, bai eta lur
horiei lotutako ondasunak eta eskubideak ere, nekazaritza-lurren funtsei
borondatez lagatzea. Helburu horrekin, nekazaritza-lurrak eta lur horiei
lotutako ondasunak eta eskubideak nekazaritza-lur funts bati borondatez
lagatzen dioten jabeek lege honen 96. artikuluan aurreikusitako
sustapen-neurrien onurak jaso ahal izango dituzte.
3. Nekazaritza-lurren
funtsen aktiboak hainbat helburutara bideratuko dira lehentasunez; ondorengo
hauek dira helburuok:
a) Nekazari gazteak finkatzea.
b) Nekazaritza-ustiategi berriak sortzea,
landa-guneetako exodoa eragozteko.
c) Egun martxan diren
nekazaritza-ustiategiak handitzea.
d) Nekazari-herrixkak edo lursail-eremuak sortzea,
bertan nekazaritza-jarduerak gauzatu ahal izateko.
4. Arauz
ezarriko dira nekazaritza-lurrak eta lur horiei lotutako ondasunak eta
eskubideak biltzeko prozedurari atxikitako suposamenduak, baldintzak,
eskakizunak eta onurak; funtsen aktiboak erabilera-erregimenean esleitzetik
eratorritakoak, eta funts batean dauden bitartean nekazaritza-lurrak eta haiei
lotutako ondasunak eta eskubideak erabili eta gozatzearenak.
15. Artikulua - Nekazaritza-lurren
bitartekaritza-bulegoak
Nekazaritza-lurren funtsen ondasunak eta
eskubideak kudeatzeko eta administratzeko, nekazaritza-lurren
bitartekaritza-bulegoak sortuko dira, nekazaritza-gaietan eskumena daukan
foru-aldundiko sailari atxikiak, eta aplikatzekoa den arauaz ezarritako forma
juridikoa dutela.
16.
Artikulua - Balio agrologiko handiko lurrari babes berezia ematea
1. Balio agrologiko handiko lurrak hau da, bat
datozenak euskal landa-eremua antolatzeko unean-unean indarrean dagoen
erreferentzia-esparruan ezarritako definizioarekin estrategikoak dira Euskal
Autonomia Erkidegoan, eta interes sozialekotzat joko dira horrenbestez.
2. Balio agrologiko handiko lurren inguruan
Euskal Autonomia Erkidegoan aurreikusitako proiektu edo egintza orori behin
betiko onarpena eman baino lehen, nahitaezkoa da nekazaritza-gaietan eskumena
duen foru-organoak txostena egitea. Txosten horretan proiektu edo egintzak
zenbaterainoko eragina izango duen neurtu beharko da. Txostena Lurralde
Antolamendurako Batzordeari helaraziko zaio, azter dezan. Ondoren, batzordeak
berak bere txostena prestatuko du, azken txostena, loteslea izango dena
hirigintza-planeamenduko figurei dagokienez.
17.
Artikulua - Nekazaritza-lurren trukea sustatzea
1. Foru-organoek eta nekazaritza-lurraren
bitartekaritza-bulegoek (15. artikuluan jasoak) jabeen artean landa-finkak
borondatez trukatzeko erraztasunak emango dituzte, trukearen helburua ondorengo
hauetako bat baldin bada.
a) Lurra
lantzeko unitate minimoa osatzeko behar den azalera lortzea.
b) Finka
horietako baten labore-eremua handitzea, finka mutante bat erantsita.
c) Ustiategiaren
garapen teknologikorako beharrezko diren instalazioak ezartzea, edo
ustiategiari eta bere ekoizpenei lotutako industria-instalazioak jartzea.
2. Helburu horrekin, borondatezko truke prozesuetan
parte hartzen duten nekazaritza-lurren jabeek lege honen 96. artikuluan
aurreikusitako sustapen-neurrien onurak jaso ahal izango dituzte.
3. Nahitaezko trukearen xedea da elkarri
aldatzea administrazioen landa-finken edo nekazaritza-ustiategi pribatiboen
jabetza-titulartasuna, eta nahitaezko trukearen xede diren finken jabeei edo
eskubideen titularrei dagozkien jabetza-titulartasunak.
4. Eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek obra publikoak egiteko xedea daukaten herri-onurako
arrazoietan oinarrituta bakarrik erabaki dezakete nahitaezko trukea
eginaraztea.
5. Arauz zehaztuko dira bai aurrekontu
materialak, bai nahitaezko trukearen egintza deklaratzeko baldintzak eta
prozedura, bai eta borondatezko trukearen onurak eta jardunak ere.
18.
Artikulua - Titulartasun publikoko lurzoruak kudeatzea
1. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek zainduko dute titulartasun publikoko nekazaritza-lurrei
ematen zaien erabilera lege honetako 12. artikuluan zehaztutako xedapen
orokorretik eratortzen diren aginduekin bat datorrela.
2. Aurreko paragrafoan sartzen ez diren eta
bere helburuak betetzeko interesgarri diren titulartasun publikoko lurrak
nekazaritza-lurren funtsetan (lege honen 14. artikuluan arautuak) sartzea bultzatuko
da.
19.
Artikulua - Lurzatiak bateratzea
1. Lurzatiak bateratzearen helburua da egitura
eta neurri egokiak dituzten ustiategiak eratzea eta mantentzea, jabaria,
jabetza edo gozamena edozein dela ere; hartara ustiaketa hobea eta errentagarritasun
handiagoa lortuko dira laborantzan, abeltzaintzan edo basogintzan.
2. Lurzatiak bateratzeko prozedura ofizioz edo
partikularren eskariz hasi ahal izango da, arauz ezarriko diren baldintzak eta
prozedura betez. Bateratzea erabakitzeko eskumena foru-organo eskudunari
dagokio, gunea zein lurraldetan dagoen kontuan hartuta. Eskualde edo gune batek
lurralde historiko bat baino gehiagoko lurrak hartzen baditu, berriz, Eusko
Jaurlaritzaren Kontseiluari egokituko zaio eskumena, dagokien foru-aldundietako
diputatuen kontseiluek batera proposamena eginda. Interes sozial eta publikoa
badu, dagokion dekretua egingo da, lurzatien bateratze hori onura publikokoa
dela deklaratzeko eta premiaz gauzatzeko.
20.
Artikulua - Nekazaritza-lurrak gutxiegi erabiltzea
1. Lege honen ondorioetarako,
nekarzaritza-lursail bat gutxiegi erabilitakotzat joko da, honako kasu
hauetakoren bat edo gehiago gertatzen badira:
a) Lurrak
degradazio-prozesuan baldin badaude eta neurri zuzentzailerik ezarri ez bazaie.
b) Lur
horietan egiten diren jardunbide edo erabilera desegokiek arriskuan jartzen
badituzte uztak, alboko lursailen ustiapena edo ingurune naturala.
c) Nekazaritza-jarduerarik
gabeko nekazaritza-lurra, non eta ez den hala laborantza aldetik interesgarria
delako edo lurrak hala edukitzea justifikatzen duen aparteko arrazoiren bat
dagoelako.
2. Agintari eskudunek gutxiegi erabilitako
nekazaritza-lursail bat atzematen dutenean, ikuskapen-akta bat egingo dute,
halakotzat deklaratuko dute eta lursail horren jabeari jakinaraziko diote
egoera horri eusteak zer ondorio izan ditzakeen, lege honetan xedatutakoaren
arabera.
3. Foru-administrazioek jarraipena egingo diote
gutxiegi erabilitakotzat jotako nekazaritza-lur horren erabilerari. Lursail
batean hiru urtez jarraian mantentzen bada gutxiegi erabilitako
nekarazitza-lurraren izendapena, lege honen 104. artikuluan xedatutakoaren
arabera zehatuko da lursail horren titularra, eta lursaila helburu horrekin
sortutako gutxiegi erabilitako nekazaritza-lurren inbentarioan sartuko da.
4. Arauz ezarriko da nekazaritza-lurrak
gutxiegi erabilitakotzat jotzeko prozedura, bai eta gutxiegi erabilitako
nekazaritza-lurren inbentarioa sortzeko eta kudeatzeko prozedura ere. Urtero
eguneratuko da inbentario hori.
21.
Artikulua - Lurraren erabilera nekazaritza-lurren funtsei lagatzea
1. Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-arloan eskumena duen sailak
proposatuko du, dekretu bidez, gutxiegi erabiltzen dela-eta landa-lursail edo
landa-finka batek lurraren erabileraren funtzio soziala ez duela betetzen
deklaratzea.
2. Landa-lursail edo -finka batek ez du
betetzen lurraren erabileraren funtzio soziala, baldin eta lursail edo finka
hori bi urtez segidan egon baldin bada gutxiegi erabilitako lurren inbentarioan
(20. artikuluan, nekazaritza-lurrari buruzkoan, ezarritakoa).
3. Deklaratzen bada landa-lursail edo -finka
batek ez duela betetzen lurraren erabilearen funtzio soziala, lursail edo finka
hori kokatuta dagoen ustiategiko titularrak nahitaez laga beharko dizkio
lursailok, hamar urterako gutxienez eta hogeita hamar urterako gehienez,
nekazaritza-lurren funtsei, baldin eta lur horien jabea bada.
Aldiz,
lursailaren erabilera eta jabetza beste figura juridiko batzuen arabera
arauturik badaude, jabeari itzuliko zaizkio; nolanahi ere, ez da desegingo bien
arteko akordioa, inola ere, eta, beraz, zehapena jaso duenak bere gain hartu
zituen kontratu-betebeharrak betetzen jarraitu beharko du.
4. Arauz garatuko da lurraren erabileraren
funtzio soziala ez dela betetzen deklaratzeko prozedura, bai eta deklarazio
horren ondorengoa ere.
III.
TITULUA
NEKAZARITZA
EKOIZPENA
I.
KAPITULUA
PRINTZIPIO
OROKORRAK
22.
Artikulua - Azpisektore produktiboak
1. Foru-aldundiek, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrarekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta
dauden edo egon litezkeen nekazaritza-azpisektoreak bultzatu eta sustatuko
dituzte; betiere, foru-aldundiek zehaztutako helburu zehatzen eta
jardute-ildoen arabera, eta nekazaritza-ekoizpenaren arloan legeak ezarritako
helburu nagusiekin bat etorriz.
2. Azpisektore jakin baterako bultzatu eta
sustatu beharreko helburu, jardute-ildo eta neurri zehatzak azpisektoreetako
programa espezifikoen barruan txertatuko dira. Programa horietan berariaz
ezarriko da indarraldia eta laguntzen finantza-esparrua.
3. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
azpisektoreen egituraketa sustatuko dute, beren interesak defendatzeko
oinarrizko estrategia da eta.
23.
Artikulua - Ekoizpen-metodoak
1. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
nekazaritza-jarduera ekonomia aldetik modu bideragarrian eta iraunkorrean gauzatzen
dela ziurtatuko dute; bai eta erabilitako ekoizpen-metodoek
nekazaritza-lurraren eta bere inguruaren iraunkortasuna, elikagaitarako
ekoizpenen osasun-segurtasuna eta animalien ongizatea bermatzen dutela, eta
nekazaritza-jarduera merkatuaren eskaeretara egokitzen dela.
2. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
transgenikorik gabeko produktuen alde eta transgenikorik erabiltzen ez duten
ekoizpen-metodoen alde egingo dute, gizakiaren elikakatera bideratutako
produktuetan.
3. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
artisau-ekoizpenaren garapenaren alde lan egingo dute. Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrak erregelamendu bidez arautuko du ekoizpen
hori. Besteak beste, babestutako ekoizpen motak, higiene eta osasun aldetik
bete beharreko baldintzak, identifikatuko duen kalitate-ikurra, kudeaketa- eta
kontrol-sistema, eta Artisau Ekoizleen Erregistroa abian jartzea jasoko dira
araudi horretan. Artisau-ekoizpenak Lege honen IV. tituluan jasotako
printzipioak errespetatu beharko ditu beti; alegia, identifikazioaren,
elikagai-segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak.
4. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
honako helburuak dituzten ekoizpen-metodoak sustatuko dituzte lehentasunez:
a) Kalitatezko
elikagaiak lortzea.
b) Nekazaritza-produktuak
lortzea ekoizpen integratuaren bidez.
c) Nekazaritza-produktuak
lortzea ekoizpen ekologikoaren bidez.
d) Basogintza-ekoizpen
iraunkor ziurtatua iristea.
e) Bertako
espezie eta arrazak mantentzea.
f) Basoko
espezie-aniztasuna sustatzea.
5. Hainbat produkzio-metodo daudenez, horiek
arautzeko eta kontrolatzeko araudia egin eta aplikatuko da, eta metodo edo
laborantza horiek bateragarri diren erabakitzeko zehaztapen teknikoak ezarriko
dira.
6. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
Euskal Autonomia Erkidegoko material genetikoa babestu, sustatu eta bultzatuko
dute, elikagaiak ekoitzi eta egiteko eta laborantzako zein basogintzako
jarduera edo erabileratan erabiltzeko baliagarri den heinean. Horretarako,
besteak beste, landareen material genetikoaren biltegiak jarriko dituzte,
landare-espezieak, laborantzakoak eta basogintzakoak gordetzeko, autoktonoak
batez ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden abeltzaintzako arrazen liburu
genealogikoak kudeatuko dituzte.
24.
Artikulua - Higiene- eta nekazaritza-arloko jardunbide egokiak
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiekin elkarlanean,
higiene- eta nekazaritza-arloko jardunbide egokiak ezarriko ditu, eta Autonomia
Erkidegorako gutxieneko betekizunak zehaztuko ditu, lurralde historiko
bakoitzean aplikatzeko. Horien berri izan beharko dute nekazariek, edozein
nekazaritza-jarduera martxan jarri aurretik. Gidak egingo dira, eta, behar
izanez gero, aldian-aldian eguneratuko dira.
25.
Artikulua - Identifikazioa, elikagai-segurtasuna eta trazabilitatea
Euskal
Autonomia Erkidegoko ekoizleek merkaturatuko duten produkzio orok lege honen
IV. tituluan araututako printzipioak bete behar ditu; alegia,
identifikazioaren, elikagai-segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak.
26.
Artikulua - Energia berriztagarriak
Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioek energia berriztagarrien potentziala
garatzeko ekintzak eta neurriak sustatzeko beharrezkoak diren baldintza
juridiko, sozioekonomiko eta administratiboak ezarriko dituzte, honako jarduera
hauen bidez:
a) Ingurumenarekiko
iraunkorrak diren laboreen ustiaketa energetikoa, eta hondakinen erabilera
energetikoa jardunbide iraunkor gisa.
b) Energia
berriztagarriak erabiltzea eta ustiatzea; bereziki, energia horiek garatzeko
behar diren azpiegiturak eskuratzeko bide emango duten proiektu pilotuetan.
c) Kontratu
sinatzea, energia berriztagarrien ekoizpenari lotutako ustiategi eta industrien
titularren artean.
27.
Artikulua - Informazioaren gizartea
Nekazaritza-
eta elikagai-produkzioaren eragileak informazio-gizartera egokitzeko beharrezko
diren gaitasunak ezarriko dituzte euskal administrazioek; horretarako, eragile
horien eskura jarriko dituzte teknologia berriak, bizi-kalitate eta
gizarte-oreka hobea lortze aldera.
II.
KAPITULUA
LABORANTZA
EKOIZPENA
28.
Artikulua - Laborantza-ekoizpena
Nekazaritza-arloko
euskal administrazioek kalitatea, ekoizpen integratua eta ekoizpen ekologikoa
sustatzeko programak ezarriko dituzte.
29.
Artikulua - Ongarri, hazi, eta produktu fitosanitarioak
1. Foru-aldundiek (Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrarekin elkarlanean) ongarriei dagokienez egingo duten
esku-hartzeak xede hau izango du: konposizio, definizio, deitura, identifikazio
eta ontziratzeari buruzko baldintza tekniko zehatzak aplikatu ahal izateko
beharrezko baldintzak sortzea Autonomia Erkidegoan. Baldintza horiek guztiak
ezarri behar zaizkio balio-kateko eragile orori, nekazarien eta azken
kontsumitzaileen interesak, ingurumena (batez ere, arriskuan dauden guneak),
osasun publikoa, langileen segurtasuna eta merkataritza-transakzioen
leialtasuna babesteko.
2. Haztegietako haziei eta landareei
dagokienez, ofizialki kontrolatutako eta ziurtatutako kalitatea duten
ugalketa-material begetalen erabilera bultzatuko da. Kontrol hori indarrean
dagoen araudiaren arabera egingo da, eta laborantza-ekoizpena eta
landare-osasuna hobetzea izango du xede.
3. Produktu fitosanitarioei dagokienez, kontrola
eta arrazoizko erabilera bultzatu, laborantza- eta baso-ekosistemen
iraunkortasuna bermatu, produktuok behar bezala erabiltzen direla ziurtatu, eta
erabiltzen dituztenen eta kontsumitzaileen osasuna zainduko da.
30.
Artikulua - Landare-osasuna
1. Nekazaritza-produktuen landare-osasuna bi
alderditan egituratuko da: batetik, prebentzioa, organismo kaltegarriak heda ez
daitezen, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hazi zein laboreei
eragiten dieten mota guztietako izurri eta gaixotasunen kontrako borroka.
2. Zainketa Fitosanitarioaren Sarea eratuko
dute nekazaritza-gaietan eskumena duten foru-departamentuek, nork bere lurralde
historikoan. Gai fitosanitarioei buruz dagoen informazioa biltzeko eta
aztertzeko egindako jardun guztiak bere baitan integratzea du xede. Izan ere,
informazio horri esker, landare-produktuei edo bestelako agenteei eragin
diezaieketen izurri, gaixotasun eta bestelako agente kaltegarriak garaiz
antzeman ahal izango dira Autonomia-Erkidegoan, eta arriskuen ebaluazioa egin.
Horrela, arriskuei aurre hartzeko, balizko hedapena eragozteko eta ahal bada
errotik erauzteko kontrol-neurriak ezarri eta erabakiak hartu ahal izango dira,
aplikatzekoa den sektore-araudiaren arabera.
3. Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak egituratuko ditu Sareak
behar bezala funtzionatzeko beharrezko izango diren koordinazio-mekanismoak.
31.
Artikulua - Egoera fitosanitarioa zaintzea eta jakinaraztea
Nekazariek,
basogintzan aritzen diren langileek, merkatariek, inportatzaileek,
profesionalek, eta, oro har, ustiategietako edo landare-estaldura duten
bestelako azaleretako titularrek landare-osasunari buruzko araudiaren esparruan
jardun beharko dute. Zehazki, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Beren
laboreak zaintzea eta laboreen egoera fitosanitarioari buruz mota guztietako
informazioa ematea, eskumena duten organoek hala eskatzen dutenean.
b) Eskumena
duen administrazioari berri ematea, landareentzat edo landare-jatorriko
produktuentzat kaltegarriak diren organismoak neurriz gain agertzen badira.
III.
KAPITULUA
ABELTZAINTZA
EKOIZPENA
I.
ATALA
EKOIZPEN
ANIMALIAK
32.
Artikulua - Abeltzaintza-ekoizpena
1. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek kalitatea,
animalien ongizatea, higiene-arloko jardunbide egokiak, abeltzaintza
estentsiboa, abeltzaintza ekologikoa eta basoko artzaintza sustatzeko programak
bultzatuko dituzte; halaber, ingurune naturalarekiko inpaktua murrizteko xedez
sistema horiek erabiltzen dituzten ustiategiak mantentzea sustatuko dute.
2. Hobekuntza genetikoko programak sustatuko
dira; abeltzaintza-ekoizpenak, horien kalitatea eta lurraldearekiko
egokitzapena optimizatzeko.
33.
Artikulua - Animaliak identifikatzea
1. Indarrean dagoen araudiak ezarritako
baldintzak betez identifikatu beharko dira animaliak. Identifikatzeko
betebeharra animaliak dituzten ustiategietako titularrei dagokie, animalien
jabeak badira. Animaliak identifikatzeko sistemak eraginkorrak direla bermatuko
dute eskumena duten administrazioek, ganaduaren jarraipena egiteko eta kokapena
zehazteko teknika eta bitarteko elektroniko eta informatikoak instalatuta eta
erabilita.
2. Albaitaritza zerbitzu ofizialek immobilizatu
egingo dituzte identifikatu gabeko animaliak. Beharrezko kontrolak egin
ondoren, emaitzak kontuan izanda, animaliak identifikatzeko aginduko da, edo,
bestela, hiltegian edo ustiategian bertan hiltzeko, eta, hala badagokio,
gorpuak suntsitu eta deuseztatzeko, indarrean dagoen araudia betez. Animaliaren
jabea edo edukitzailea da eragindako kostuen erantzulea beti, eta, gainera,
dagokion administrazio-zehapena ezarriko zaio.
34.
Artikulua - Animaliak garraiatzea
1. Animaliak ustiategi batetik beste ustiategi
batera, ustiategi bereko beste ekoizpen-unitate batera, hiltegira edo merkatura
eramateko, unean-unean indarrean dagoen araudian ezarritako osasun-baldintzak
bete behar dira, eta araudian zehaztutako administrazio- eta osasun-agiriak
aldean eraman.
2. Animaliak indarrean dagoen araudia bete gabe
mugitzen badira, atxiki egingo dira, eta, hala badagokio, isolatu. Beharrezko
administrazio- eta osasun-kontrolak egin ondoren, jatorrizko lekura bidaliko
dira berriz, hiltegira bestela, edo sakrifikatu egingo dira, indarrean dagoen
legedia betez. Animaliaren jabea edo edukitzailea izango da eragindako kostuen
erantzulea beti, eta, gainera, dagokion administrazio-zehapena ezarriko zaio.
35.
Artikulua - Animalien ongizaterako baldintzak
1. Ustiategietako titularrek eta animalien jabe
edo edukitzaileek dute animaliei higiene- eta osasun-baldintza onak emateko
ardura, bai eta animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokitutako
instalazioak jartzeko ardura ere (espezieen eta arrazen arabera). Era berean,
animalien ongizateari buruz indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak
bete beharko dituzte. Halaber, animalien ongizatea bermatzeko behar diren
neurriak hartu beharko dira uneoro, animaliekin esperimentuak egiterakoan edo
animaliak hiltzerakoan.
2. Animaliak dituzten eraikinek kasuan kasu exijitutako
osasun-segurtasunaren gutxieneko distantziak bete beharko dituzte, bai eta
unean-unean indarrean dauden baldintza teknikoak ere; horien artean, gune
hesituak, garbiketa eta desinfekzio eraginkorra egiten laguntzen duten ekipo
eta eraikinak, simaurtegi eta txiza-putzuak (simaurra eta txiza biltzeko eta
ondoren erabiltzeko) eta animali hilak suntsitzeko sistemak izatea, eta
animalien ongizateari eragiten dioten beste baldintza batzuk betetzea.
II.
ATALA
ANIMALIEN
ELIKADURA
36.
Artikulua - Animaliak elikatzeko produktuak
Animaliak
elikatzeko produktuak dira pentsu eta bazka propioak eta erosiak,
aurre-nahasketak, gehigarriak, lehengaiak nahiz helburu horrekin erabilitako
bestelako substantzia eta produktuak. Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak
elikatzeko erabiltzen eta banatzen diren produktu guztiek osasungarriak eta
merkaturatzeko kalitatezkoak izan beharko dute.
37.
Artikulua - Produktuen higienea eta segurtasuna
1. Produktuen segurtasun-arloko politika
ikuspegi oso eta integratuan oinarritu behar da, eta produktuen trazabilitatea
bermatzeko behar diren baldintzak eta mekanismoak ezarri behar ditu, lege honen
52. artikuluan adierazten den moduan.
2. Prozesuaren etapa guztietan (alegia,
ekoizpenetik merkaturatzera), gehigarriak, aurre-nahasketak, lehengaiak eta
animaliak elikatzeko erabilitako beste substantzia eta produktuak ekoizten
dituztenak, pentsu-enpresak ustiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak,
eta abeltzainak (beren ustiategian) dira elikagaien segurtasuna zaintzearen arduradun
nagusiak; halaber, indarrean dagoen araudiak ezarritako jardunbide egokiak eta
baldintza orokorrak edo zehatzak betetzeaz ere arduratuko dira.
3. Lege honen ezarpen-eremutik kanpo daude
albaitaritzako sendagaiak egin, banatu eta ematea, bai eta animalien
ekoizpenean eta osasunean erabilitako pentsu sendagarriak prestatu, merkaturatu eta erabiltzea ere. Gai
horietarako, berariazko araudia ezarriko da. Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioan nekazaritza- eta osasun-arloetako eskumena duten sailak eta
lurralde historikoetako foru-aldundiak behar bezala koordinatuko dira,
aipatutako berariazko araudia egoki aplika dadin Euskal Autonomia Erkidegoan.
38.
Artikulua - Erregistroa eta baimena
1. Gehigarriak, aurre-nahasketak edo pentsu
konposatuak egiten edo merkaturatzen dituzten animalien elikagaigintzako
establezimenduek, beren jarduera gauzatu ahal izateko eta jarduera horri ekin
aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan dagokien erregistroan izena emanda egon
behar dute, edo dagokien baimena eduki.
2. Arauz ezarriko dira baimenak eta
erregistroak eteteko, berritzeko edo aldatzeko baldintzak edo betekizunak, bai
eta baimenak eguneratzeko baldintzak ere. Administrazio eskudunak
establezimendu baimenduen zerrenda egingo du. Establezimenduen identifikazioa
bermatzeko, inskripzio-zenbaki bat emango dio bakoitzari.
39.
Artikulua - Baldintzak ez betetzea
1. Albaitaritza zerbitzu ofizialek immobilizatu
egingo dituzte animaliak elikatzeko produktuak, lehengaiak eta bestelako
osagaiak, honako kasu hauetan:
a) Produktu,
lehengai eta osagai horiek egin edo merkaturatzeko establezimenduak eta gai
horiek dauzkaten abeltzaintza-ustiategiak ez badaude dagokien erregistroan
izena emanda, horretarako betebeharra izanik.
b) Baimen-araubidearen
baldintzak ez badira betetzen, eta gizakiaren edo animalien osasunerako
arriskua berehalakoa eta larria bada.
c) Ez
badute legeak eskatutako baldintzen araberako identifikaziorik eta etiketarik.
2. Immobilizazioa bertan behera geratuko da,
hurrenez hurren, ondorengo baldintza hauek betetzen direnean:
a) Establezimendua
edo instalazioa legeztatzen denean.
b) Baimena
lortzeko baldintzak betetze aldera neurriak eta jarduerak abian jartzen
direnean.
c) Produktuen
konposizioa eta merkaturatze-baldintzak egiaztatzen direnean.
3. Immobilizazioa hasi denetik hilabete igaro,
eta ez bada aurreko paragrafoan kasu bakoitzerako ezarritako neurririk hartu,
suntsitu egingo dira, edo giza elikakatean sartzeaz bestelako erabilerara
bideratuko dira.
4. Albaitaritza zerbitzu ofizialek arauz
ezarriko dituzte immobilizatzeko nahiz immobilizazioa bertan behera uzteko
betekizunak eta baldintzak.
III.
ATALA
ANIMALIEN
OSASUNA
40.
Artikulua - Gaixotasunak eta prozesu patologikoak jakinaraztea
1. Animalien jabeek edo arduradunek, salerosleek,
inportatzaileek, esportatzaileek, garraiolariek eta animalien osasunarekin
lotutako jardueretan diharduten profesionalek animalien osasunean eskumena duen
foru-organoari honako hauek jakinarazteko betebeharra dute: brote espontaneo
guztiak (ziur jakin ala susmoa izan); gaixotasun epizootikoak; edo birulentzia
handikoak, oso larriak eta azkar hedatzen diren gaixotasunak izategatik, etxeko
animalientzat edo animalia basatientzat kutsatzeko arriskua edo osasun
publikorako eta ingurumenerako benetako arriskua eragin dezaketenak. Aurreko
guztia konpainiako eta esperimentuetarako animalien kasuan ere bete beharko da.
2. Halaber, goian adierazitako ezaugarriez
bestelakoak izanda ere, nahitaezkoa da edozein prozesu patologikoren berri
ematea, derrigorrez deklaratu beharreko animalien gaixotasunen zerrendan
agertzen denetako bat izan daitekeela susmatuz gero.
3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek
alerta-protokoloak sinatuko dituzte animalien osasunaren arloan, tartean diren
eragileen koordinazio egokia eta esku-hartze azkarra bermatzeko, batetik, eta
alertek eragin ditzaketen arriskuak murrizteko neurri egokiak hartuko direla
ziurtatzeko, bestetik.
41.
Artikulua - Gaixotasuna ofizialki deklaratzea
1. Eskumena duten foru-organoei dagokie gaixotasuna
ofizialki deklaratzea. Deklarazio hori egin aurretik, albaitaritza zerbitzu
ofizialek gaixotasunaren behin betiko diagnostikoa taxutu beharko dute,
azterketa kliniko, ikerketa epidemiologiko eta laborategiko tekniketan
oinarrituta.
2. Diagnostikoaren prozesuan erabiliko diren
laborategiak teknika egokiz hornituta egongo dira, eta eskatutako
segurtasun-neurriak beteko dituzte.
3. Animaliak, ustiategiak eta
abeltzaintza-produktuak betiere, albaitari ofizialaren kontrolpean
immobilizatu, isolatu, koarentenan jarri eta hil egin daitezke, osasun
publikoarentzat edo beste animalia batzuentzat arriskurik ez dakartela iritzi
bitartean. Neurri horiek animalia eriei eta susmagarriei eragingo diete, bai
eta haiekin bizi direnei ere, kasuan kasu. Aplikatzekoa den legedia betez
foru-aldundiek onartutako protokoloen arabera egingo dira jarduera horiek
guztiak.
4. Foru-aldundiek nahitaez bete beharreko
osasun-programak eta gaixotasunak desagerrarazteko programak ezarriko dituzte,
instalazioen eta animalien osasun onari eusteko beharrezko direla iruditzen
bazaie.
42.
Artikulua - Animalia-jatorriko hondakinak
1. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek eta
hildako animalien edo beren abeltzaintza-jardueran sortutako animalia-jatorriko
edozein azpiprodukturen jabeek edo edukitzaileek, horien higieneaz arduratzeko
betebeharra dute, indarrean dagoen legediak garraiorako ezarritako baldintzak
betez.
2. Gorpuak, konfiskatutakoak, azpiproduktuak eta
animalia-jatorriko bestelako hondakinak bildu, gorde, ustiatu, eraldatu eta
deuseztatzeko zentroek, abian jarri aurretik, eskumena duen agintariak emandako
baimena izan beharko dute.
3. Albaitaritza zerbitzu ofizialek geldiarazi
egingo dute baimenik gabe diharduten zentroen jarduera, eta immobilizatu egingo
dituzte zentro horietako lehengai eraldatuak. Eskumena duen organoak
errekerimendua igorriko dio titularrari, hilabeteko epean zentroa legezta
dezan. Baimena eman bazaio, kautelazko neurriak kenduko zaizkio, eta, aldiz,
ukatu egin bazaio, immobilizatutako materialak berriz prozesatu edo suntsitu
egingo dira.
4. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
animalia-jatorriko hondakinak tratatzeko beharrezko diren azpiegiturak garatuko
dituzte.
43.
Artikulua - Simaurrak eta mindak
1. Abeltzaintza-ustiategien titularrei dagokie
ustiategi horietan sortutako simaurrak eta mindak egoki gordetzeko eta
kudeatzeko ardura; betiere, indarrean dagoen araudiaren arabera. Simaurrak eta
mindak jaso, bildu eta tratatzeaz beste establezimendu batzuk arduratzen badira
eta ez ustiategia bera, eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaio.
Jakinarazpen horretan ustiategi-hornitzaileei, erabilitako ibilgailuei,
bilketa-sareei eta hartutako biosegurtasun-neurriei buruzko informazioa eman
beharko dute.
2. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
abeltzaintza-lurren eta simaur eta mindak erabiltzen dituzten laborantza-lurren
banaketa orekatua izateko moduko sistemak garatuko dituzte, eta, halaber,
simaurrak eta mindak tratatzeko azpiegiturak garatuko dituzte.
IV.
ATALA
ANIMALIA
ARRAZAK
44.
Artikulua - Animalia-arrazak
1. Erregelamendu bidez arautuko dira euskal
animalia-arraza autoktonoen katalogoa eta arraza horien sustatzaile diren
erakundeak. Arraza bat euskal animalia-arraza autoktonoen katalogoan sartzen
bada, baliabide genetikoak berreskuratzeko eta kontserbatzeko programa bat egin
eta onartuko da, gutxienez honako eduki hauekin: babestu beharreko izakien
arraza-prototipoak, material genetikoa babesteko plana eta arraza hedatzeko
estimuluak.
2. Eskumena duen administrazioak erregelamendu
bidez arautuko ditu ganadu-arrazen liburu genealogikoak, hots, Euskal Autonomia
Erkidegoan erregistratutako ekoizpen-animaliak biltzen dituztenak.
IV.
KAPITULUA
BASOGINTZAKO
EKOIZPENA
45.
Artikulua - Basogintzako ekoizpena
1. Basogintza-ekoizpena sektorearen
lehiakortasuna lortzera bideratuko da, merkatu globalizatuaren erronkei aurre
egiteko xedez. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek baso-baliabideen inbentarioak
egingo dituzte, lursail publikoak zein pribatuak kontuan hartuta. Halaber,
baso-ustiaketatik eratorritako produktuak hobetzeko eta baso-sistemen
multifuntzionaltasuna indartzeko jarduerak sustatuko dituzte, eta, horretarako,
basoen kudeaketa iraunkorraren eta baso-ziurtagiriaren aldeko apustua egingo
dute.
2. Aurreko paragrafoan adierazitako helburuak
betetzeko, eskumena duten administrazioek lehentasuna emango diete ofizialki
kontrolatutako kalitatezko hazi eta landareei; ikerketa, garapen teknologikoa
eta berrikuntza xede duten proiektuei, bai eta ingurumena errespetatzen duten
baso-teknikei ere.
3. Ikerketa-, garapen- eta
berrikuntza-proiektuen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espezieak
hautatu, hobetu eta ugaltzea, beren errentagarritasun ekonomikoa hobetzea, eta
aurrerantzean aplikatzeko baso-teknika berriak ikertzea.
4. Euskal gizartea baso, basoen kudeaketa
iraunkor, baso-produktu eta baliabide natural berriztagarrien garrantziaz
jabetzeko, dibulgazio-programak jarriko dira abian, sektorearen ordezkari diren
elkarte eta gizarte-eragileekin elkarlanean.
5. Nekazaritza-arloko
euskal administrazioek baso-baliabideen planifikazioa egingo dute, lursail
publikoak zein pribatuak kontuan hartuta. Planifikazio horren helburuen artean
izango da interes soziala, ekonomikoa
edo ingurumenekoa duten baso-espezieen dibertsitatea berreskuratzea.
6. Produkzioa orekatze
aldera, koniferoez gain, hazkunde handiko espezie hostozabalak, ingurumena
errespetatzen duten baso-teknikak eta baso-sistema berriak sustatuko dira,
guztiak ere, basoen kudeaketa iraunkorraren aldeko apustua eginez.
46. Artikulua - Baso-osasuna
1. Basogintza
kontuetan eskumenak dituzten nekazaritza-arloko euskal administrazioek
prebentzioa eta esku-hartzea ardatz dituen politika garatuko dute basoen
osasunari dagokionez. Esku-hartzeak koordinatuak izango dira, izurriei eta
bestelako arazo fitosanitarioei ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre
egiteko. Prebentzioaren ildoan, ikerlan fitosanitarioak egingo dira, honako
helburu hauekin: basoen osasun-egoera hobetzea, barietate gogorragoak bilatuta;
prebentzio-tratamenduen metodoak hobetzea, eta sorreratik bertatik ofizialki
kontrastatutako kalitatea duten materialen erabilera bultzatzea basoak
ugaltzeko, etorkizunera begira osasun-berme handiagoa emango duten arauzko
kategoriak ezarrita.
2. Aipatutako
helburuak lortzeko, baso-osasuneko mahaia eratuko da nekazaritza-arloko euskal
administrazioak eta basogintza-sektorea bera (sektoreko ordezkaritza-organoen
bidez) partaide direla. Mahai horrek izurri eta gaixotasunen aurka egiteko
jardun-ildoak zehaztuko ditu, eta arlo fitosanitarioan garatu beharreko
lehentasunezko iker-lerroak ezarriko ditu.
47. Artikulua - Suteak
Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioek basoko suteen prebentzioaz arduratu
beharko dute, eta horretarako, honako jarduerak bultzatuko dituzte, besteak
beste:
a) Gizartea sute-arriskuei buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko
kanpainak egitea, publizitate-programak eta -bitartekoak egokienak erabilita.
b) Baso-tratamendu
egokiak aplikatzea, eta material erregaiak eta biomasa kentzea eta garbitzea
baso-sistemetan.
c) Suteak
zaintzeko sistemak.
d) Suebakiak,
komunikazio-bideak, bideak eta baso-pistak behar bezala edukitzea edo egitea,
suterik zabal ez dadin.
e) Basoko
artzaintza sustatzea.
48.
Artikulua - Baso-pistak
Foru-aldundiek
baso-pista nagusien inbentarioa egin eta eguneratuko dute, zeinek bere lurralde
historikokoan.
IV.
IZENBURUA
NEKAZARITZAKO
ETA ELIKAGAIGINTZAKO ERALDAKETA ETA MERKATURATZEA
I.
KAPITULUA
PRINTZIPIO
OROKORRAK
49.
Artikulua - Laguntza eta bultzada ematea ekoizpen-sektoreari
1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek
ekoizpen-sektoreak nekazaritzako eta elikagaigintzako eraldaketa- eta
merkataritza-prozesuetan parte har dezan neurriak garatuko dituzte; parte
hartzea funtsezkoa baita sektore horrek elikakatearen goiko mailetan sortzen
den balio erantsiari etekina aterako badio. Helburu horrekin, kooperatibismoa
bultzatuko dute.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek
lehentasuna emango diote nekazaritza- eta elikagaigintza-industriak jarri eta
garatzeari, baldin eta lehengaia euskal nekazaritza-sektorearen ekoizpen-esparruan
sortzen bada osorik edo neurri batean.
3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek
nekazaritza-produktuak produktuok ekoitzi dituzten ustiategietan bertan eralda
daitezen sustatuko dute.
50.
Artikulua - Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen identifikazioa
1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako
produktuek informazio benetako, objektibo, oso eta ulergarria eman behar diete
hartzaileei: ezaugarri nagusiak, ongi erabiltzeko edo kontsumitzeko argibideak
eta erabili edo kontsumitzeak dakartzan arrisku aurresangarriei buruzko
oharpenak. Hartara, erabiltzaileek jakinaren gainean eta arrazoiz hautatu ahal
izango dituzte produktuak, eta segurtasunez eta behar bezala erabili.
2. Produktu-motaren arabera eta indarrean
dagoen legedia betez, produktu ontziratuen etiketak, itxura orokorrak eta
publizitateak ondorengo informazio hau eman behar du, gutxienez:
a) Deitura
komertziala edo, horrelakorik izan ezean, ohiko deitura.
b) Arduradunaren
izen-abizenak eta helbidea, produktuaren jatorria, produktu mota, konposizioa
eta gehigarriak (baldin baditu).
c) Kantitatea
eta kalitate-kategoria (baldin badaukate), aplikatzekoak diren erregelamenduzko
xedapenen arabera.
d) Ongi
erabiltzeko edo kontsumitzeko gomendatutako epea, oharpenak, arrisku
aurresangarriak eta arauz ezarritako erabilera-debekuak eta, hala badagokio,
ekoizpen-data.
e) Fabrikazio-sorta,
eta produktua ongi kontserbatzeko jarraibideak.
3. Ontziratu gabe saltzen diren nekazaritzako
eta elikagaigintzako produktuek identifikazio-agiri bat izan beharko dute, eta
bertan gutxienez aurreko paragrafoko b eta c letretan adierazitako informazioa
azaldu beharko da.
4. Goian adierazitako gutxieneko eta
derrigorrezko informazioari gehitzen zaion aukerako informazioak benetakoa,
objektiboa, osoa eta ulergarria izan beharko du.
5. Euskararen erabilera sustatuko da Euskal
Autonomia Erkidegoan merkaturatutako nekazaritzako eta elikagaigintzako
produktuen identifikazioan. Jatorri- eta kalitate-ikurra duten produktuei dagokienez,
lege honen 58.5 artikuluan xedatutakoa beteko da.
51.
Artikulua - Segurtasun-printzipioa nekazaritzako eta elikagaigintzako
produktuetan
1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako nekazaritza-
eta elikagaigintza-enpresei dagokie egiten dituzten produktuen segurtasunaren
erantzukizuna, eta erabiltzen eta ekoizten dituzten produktuak kaltegarri ez
izatea zaindu behar dute. Zehazki, ekoizpen, eraldaketa, ontziratze eta
merkaturatzearen etapa guztietan, araudiak ezartzen dituen eta beren jarduerei
eragiten dieten baldintzak bete beharko dituzte, eta betetzen dituztela
egiaztatu.
2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresek
unean-unean indarrean dagoen araudiak ezarritako autokontrol-sistemak eduki
beharko dituzte, egiten dituzten produktuak ez direla kaltegarriak eta
osasungarriak direla bermatzeko.
52.
Artikulua - Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen trazabilitatea
1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktu
baten trazabilitateak bere prozesu guztiari jarraipena egiteko aukera ematen
du, ekoizpen, eraldaketa, ontziratze eta merkaturatzearen etapa guztietan, bai
eta garraioan, salmentan eta produktu horren bestelako emateetan ere
(diru-ordainetan edo doan). Jarraipena egiteko aukera hori izan behar da,
halaber, osagai, lehengai, gehigarri eta produktu horiei eransten zaizkien edo
erantsi dakizkiekeen substantziei dagokienez ere.
2. Trazabilitatea autokontrol-sistemek
integratu beharreko elementuetako bat da. Euskal Autonomia Erkidegoko
nekazaritza- eta elikagaingintza-enpresa guztiak behartuta daude elikakatearen
etapa guztietan autokontrol-sistema horiek ezartzera, prozedura egoki,
ulergarri eta egiaztagarrien bidez. Trazabilitate-prozedurek, edozein unetan,
bide eman behar dute sortutako infomazioan, produktuen eta materien
hornitzaileen identitatea eta produktuak hornitu zaizkien enpresen identitatea
jakitera emateko.
3. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko
enpresek kontrol-zerbitzu ofizialen eskura jarriko dute trazabilitate-sistemari
berari buruzko informazio guztia, bai eta sistemak sortutako informazioa ere.
53.
Artikulua - Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitatea
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta foru-administrazioek beren lurraldean
ekoitzitako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitatea hobetzeko
programak sustatuko dituzte; hartara, ezaugarri fisiko-kimiko, organoleptiko
eta nutritibo onak dituztela aitortuko zaie merkatuan, jatorri eta kalitate
bereizia duten produktu gehiago eskuratuko dira, eta areagotu egingo da Euskal
Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-ondarea.
II.
KAPITULUA
NEKAZARITZAKO
ETA ELIKAGAIGINTZAKO PRODUKTUEN SEGURTASUNA ETA KONTROLA
54.
Artikulua - Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kontrola eta
arriskuaren analisia
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak neurriak hartuko ditu nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen
segurtasuna bermatzeko, eta, halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako
enpresetan autokontrol-sistemak ezartzen direla ziurtatzeko. Enpresa horien
titularrek eskumena duten agintariekin elkarlanean aritu beharko dute, beren
produktuek ekar ditzaketen arriskuak eragozteko hartu behar diren neurriei
dagokienez.
2. Arriskuaren analisiak Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioek nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan daramaten
segurtasun-politika du oinarri, eta produktuak ez direla kaltegarriak bermatzea
du xede.
3. Arriskuaren analisia egiteko eta horretarako
hartutako neurriak ezartzeko, arriskua ebaluatu eta kudeatu, eta horren berri
emango da; horretarako, arriskuen ezaugarriak zehaztu eta bakoitzari dagozkion
prebentzio-neurriak garatuko dira, eta egindako jardunen berri emango zaie alde
interesatuei.
55.
Artikulua - Elikagai-krisien kudeaketa
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak eta foru-organo eskudunek elikagai-alertak eta -krisiak kudeatzeko
protokoloak egingo dituzte.
2. Protokolo horien xede izango da koordinazio-,
komunikazio- eta informazio-sistema eraginkorrak ezartzea agintariekin eta esku
hartzen duten beste erakunde eskudunekin batera; produktu bat ondo eta azkar
erretiratzeko elkarlana ezartzea; kontsumitzaileen edo ekoizpen-ganaduaren
osasunerako arriskutsuak diren produktuak elikakatean sartzen ez uztea, edo
herritarrei edo ganaduari elikagaiak ematea, elikagai-eskasia larria denean.
3. Nolanahi ere, lurraldean eskumena duten
foru-organoei dagokie elikagai-krisiak kudeatzea, animalien osasunarekin lotutako
gaietan (barne-mugak ikuskatzea, ustiategiak ixtea, abelburuak
immobilizatzea...).
56.
Artikulua - Osasun-baimena
1. Elikagai-ekoizle guztiek osasun-baimena
eskuratu behar dute, merkaturatzeko modua edozein dela ere.
2. Nolanahi ere, artisau-ekoizleak
erregistrotik salbuetsita gera daitezke, ekoizpena osasun-araudiak ezartzen
duen gehieneko erradioan merkaturatzen badute zuzeneko salmentaren edo
bitartekarien bidez, eta, hala bada, baldintza tekniko-sanitario espezifikoen
arabera merkaturatu ahal izango dituzte produktuak eremu geografiko horretan.
Betiere, osasun-baimena beharko dute, higiene-baldintza orokorrak betetzen
dituztela bermatzeko, eta, hala badagokie, ekoizten dituzten produktuen
irizpide mikrobiologikoak betetzen dituztela ziurtatzeko.
III.
KAPITULUA
KALITATEA
NEKAZARITZAN ETA ELIKAGAIGINTZAN
57.
Artikulua - Kalitatearen kudeaketa
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan
sailari eta kasuan kasuko foru-administrazioei dagokie kalitatea kudeatzeko eta
hobetzeko sistemak ezartzea, nekazaritzako nahiz elikagaigintzako enpresetan.
58. Artikulua - Jatorri- eta kalitate-ikurrak
1. Jatorri- eta
kalitate-ikurra erabiltzen da ezaugarri bereziak dituzten nekazaritza edo
elikagaigintzako produktuak identifikatzeko. Ikurrek beren araudia edo baldintza-agiria daukate,
bai eta kontrol-sistema ere. Lege honen ondorioetarako, honako hauek hartuko
ditugu jatorri- eta kalitate-ikurtzat:
a) Jatorri-deitura
babestuak eta adierazgarri geografiko babestuak.
b) Ekoizpen
ekologikoa.
c) Espezialitate
tradizional bermatuak.
d) Berme-markak
eta Autonomia Erkidegoan nekazaritza-arloan eskumena duen sailak baimendutako
bestelako ikurrak.
e) Artisau-ekoizpena.
2. Erakunde publiko edo pribatuek kudeatuko
dituzte jatorri- eta kalitate-ikurrak, eta ikur horien araudia betearaziko
dute. Erakunde horietan dagokien erregistroan izena emanda dauden sektoreak
egongo dira ordezkatuta.
3. Jatorri- eta
kalitate-ikurren kontrola erakunde pribatu nahiz publikoek eramango dute.
Publiko zein pribatu, erakunde horiek produktuak ziurtatzeko erakundeen
baldintza orokorren araudia bete beharko dute (bai UNE-EN-45011 araua bai arau
hori osatu edo ordeztuko duena); gainera, produktuak ziurtatzeko sortuko den
nekazaritza eta elikagaigintzako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko
erakundeen erregistroan izena emanda egon beharko dute.
4. Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan sailari egokituko zaio
jatorri- eta kalitate-ikurra daukaten nekazaritzako nahiz elikagaigintzako
produktuak behar bezala ziurtatuta egotea, ziurtagiriak emango dituzten
erakundeen funtzionamendua zuzena dela egiaztatzeko egin beharreko ikuskapenak
eginda.
5. Euskal Autonomia Erkidegoan bertan
araututako jatorri- edo kalitate-deitura daukaten euskal produktuen etiketetan
agertzen diren derrigorrezko datuak eta aukerako bestelako informazioa
abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari
buruzkoak, 41. artikuluaren 3. paragrafoan agintzen duen moduan agertuko dira.
IV.
KAPITULUA
NEKAZARITZAKO
ETA ELIKAGAIGINTZAKO PRODUKTUEN ERALDAKETA
59.
Artikulua - Eskubideak eta betebeharrak
1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan
jarduera industriala egiten duten pertsona fisikoek nahiz juridikoek eskubidea
daukate enpresa-testuinguru lehiakor eta irekian jarduteko, negozio-egitura
propioa garatu eta merkatuaren premiei erantzuteko modua izan dezaten.
2. Dagokion industria- edo merkataritza-arloan,
jardunbide egokiak bete beharko dituzte, bai eta elikagaien segurtasun, trazabilitate
eta kalitatearen inguruan indarrean dagoen legedia ere. Eskumena duen organoei
jakinarazi beharko diete, produktua kaltegarri bihurtzen duen edozelako
arazorik gertatuz gero.
3. Zuzen eta zehatz informatu beharko dute
ekoizten dituzten produktuei buruz, bai etiketan, bai dokumentu osagarrietan
eta bai publizitatean. Aukera izango dute, Administrazioarekin edo
kontsumitzaileen elkarteekin elkarlanean, produktuen bereizgarri
organoleptikoen edo nutritiboen berri emateko eta herritarren elikagaigintza-azturak
hobetzeko kanpainetan parte hartzeko.
4. Nekazaritza- eta
elikagaigintza-arloko industria orok helbide soziala edo instalazioren bat
Euskal Autonomia Erkidegoan badu, eta lege honen eranskinean jasotako
jardueraren bat egiten badu Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta
Elikagaigintza Industrien Erregistroan eman beharko du izena. Horrez gain, lege
honen eranskinaren 9.1, 9.2, 9.3, 9.4 eta 9.5 ataletan jasotako jardueraren bat
egiten duen nekazaritza- edo elikagaigintza-industria orok Euskal Autonomia
Erkidegoko Ardo edo Edari Alkoholdunen Botilaratze eta Ontziratze Industrien
Erregistroan eman beharko du izena, aurrez aipatutako erregistroan ez ezik.
60.
Artikulua Erregistroak
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza
Industrien Erregistroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ardo edo Edari
Alkoholdunen Botilaratze eta Ontziratze Industrien Erregistroa, biak ere,
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta
elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailari atxikita egongo dira, eta
Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrari loturik. Bi erregistro horien
antolakuntza nahiz funtzionamendua arauz finkatuko da.
61.
Artikulua - Nekazaritza- eta elikagaigintza-industriaren garapena
1. Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailak
nekazaritza- eta elikagaigintza-industria garatzen lagunduko du, laguntza
ekonomikoa emateko programa bereziak antolatuz, nekazaritza- eta
elikagaigintza-industria eraginkor eta modernoago izan dadin; puntu hauei
dagokienez, bereziki:
a) Nekazaritza-ekoizpenari
balioa eman, eta eraldaketa-industrien garapena eta ezarpena bultzatu, horrexek
emango baitio indarra Euskadiko nekazaritza-sektoreari.
b) Elikagaigintza-produktuetan
dibertsifikazioa eta berrikuntza teknologikoa sartu.
c) Kontsumitzaileen/eskaeratara
egokitu, eta kalitatea kudeatzeko sistemak ezarri.
d) Industria-prozesuetan
ingurumenarekiko erantzukizunez jardun.
e) Industria
landa-garapenarekin integratu.
f) Enpresa-egitura
hobetu, errentagarritasuna handitzeko.
2. Euskadiko administrazioek lehentasuna emango
diete nekazariek osatutako edo nekazariak parte diren nekazaritza- eta
elikagaigintza-industriei, bereziki, kooperatibei.
3. Nekazaritzan eta elikagaigintzan produktu
konplexuago, ezberdinduago eta bereiziagoen eskaria gero eta handiagoa denez,
enpresen arteko elkarlana ez ezik, enpresen eta nekazaritzako eta
elikagaigintzako ekoizleen arteko elkarlana zein enpresen eta zentro
teknologiko eta erakundeen elkarlana bultzatzeko proiektuak sustatuko dira,
ikerketa-, ekoizpen-, sustapen- eta merkaturatze-arloetan.
62.
Artikulua - Sektoreko elkarteak
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak elkarlanean jardungo du nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien
sektoreko elkarte aitortuekini, enpresak hobetu eta modernizatzearekin lotutako
gaietan, merkatuko ekintzetan eta ikerketa nahiz garapeneko ekintzetan,
elkarren artean erabakitakoaren arabera. Horrez gain, inongo elkarterik ez
daukaten sektoreetan elkarteak sortzen saiatuko da.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak
profesionalen arteko elkarteak nahiz bestelako elkarteak bultzako ditu,
ekoizpen-sektorearen eta eraldatze-sektorearen arteko elkarrizketa-tresna izan
daitezen.
V.
KAPITULUA
NEKAZARITZAKO
ETA ELIKAGAIGINTZAKO PRODUKTUEN SUSTAPENA ETA MERKATURATZEA
63.
Artikulua - Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen sustapena
1. Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailak
informazio- eta sustapen-ekintzak lagundu eta garatuko ditu, Euskal Autonomia
Erkidegoko nekazaritzako nahiz elikagaigintzako produktuei bultzada emateko.
2. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko
nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak merkaturatzen lagunduko du,
sustapen-ekintzen bidez. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko jatorri- eta
kalitate-ikurrei eta ikur horien barruan egindako produktuei emango zaie
lehentasuna, bai eta ekoizlearentzat balio erantsi handiena duten produktuei
ere.
64.
Artikulua - Nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen komertzializazioaren
garapena
1. Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan sailak laguntza emango die
enpresek nahiz sektoreek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta
elikagaigintzako produktuen komertzializazioa garatzeko gauzatzen dituzten
ekimen eta proiektuei.
Merkaturatze-proiektuak
bultzatzerakoan, honako helburuak dituztenak lehenetsiko dira:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko jatorri- eta kalitate-ikurren eta ikur horien barruan
egiten diren produktuen komertzializazioa bultzatzea.
b) Balio-katearen
barruan sektoreko negoziazio-ahalmena sendotzea, edota Euskal Autonomia
Erkidegoan nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorea egituratzen laguntzea.
c) Ekoizpen-eredu
propioak, barne-merkatuak eta komertzializazio-zirkuitu laburrak bultzatzea.
d) Nekazaritzako
eta elikagaigintzako produktuak indarra hartzen ari diren merkatu berrietan
komertzializatzea, bai gure Autonomia Erkidegoan bai kanpoan, eta lehendik ere
badauden merkatuak sendotzea.
e) Kanpo-
nahiz barne-merkataritzako gaietan prestakuntza eta aholkularitza emateko
programak garatzea.
2. Enpresa-elkarteak nahiz profesionalen arteko
erakundeak sortu edo finkatu daitezen sustatuko da. Elkarteak nekazaritzako eta
elikagaigintzako produktuen komertzializazioa areagotu eta hobetzeko izango
dira, komertzializazioan elkarlanean arituz, batez ere, enpresa txiki eta
ertainez osatutako enpresa-elkarteen kasuan eta kanpo-merkatuetara bideratutako
enpresen kasuan.
65.
Artikulua - Herrietako merkatu eta azoka tradizionalak
1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako
produktuak Euskal Autonomia Erkidegoko merkatu eta azoka tradizionaletan
merkaturatzen dituzten ekoizle eta egileek, baldin eta produktu horiek edo
lehengaiak Euskadikoak badira, argi eta garbi identifikatuta agertu beharko
dute merkatuotan, eta dagokien ekoizle eta egileen erroldan inskribatuta
(alegia, beren egoitza soziala non dagoen, lurralde historiko horretako
erroldan).
2. Bestelako kasuetan, parte-hartzaileek argi
eta garbi identifikatu eta bermatu beharko dute beren ekoizpenen jatorria, eta
Euskal Autonomia Erkidegoko araudian jasotako gainerako bestelako baldintza
guztiak ere bete.
3. Araudiari dagokionez, eskumena daukaten
foru-organoek arautuko dituzte artikulu honetako 1. atalean sartzen diren azoka
eta merkatuak; eta atal horrek aipatzen duen ekoizle eta egileen errolda egitea
ere foru-organoei dagokie.
V.
TITULUA
NEKAZARITZA
ETA ELIKAGAIGINTZAREN INGURUKO IKERKETA, GARAPEN TEKNOLOGIKOA, BERRIKUNTZA ETA
PRESTAKUNTZA
I.
KAPITULUA
NEKAZARITZA
ETA ELIKAGAIGINTZAREN INGURUKO IKERKETA, GARAPEN TEKNOLOGIKOA ETA BERRIKUNTZAKO
PROGRAMAK
66.
Artikulua - Oinarri orokorrak
1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean
nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailak, batez ere,
honako printzipio orokor hauek bete beharko ditu bere jardunean:
a) Sektorearen
eskariei behar bezala erantzuteko beharrezko ezagutza emango duten
ikerketa-proiektuak sustatzea.
b) Teknologia
garatzea, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorea lidergora eramateko, bai
teknologian, bai berrikuntzan.
c) Berrikuntza
bultzatzea, Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean.
d) Ikerketa,
garapen teknologiko eta berrikuntzako proiektuak sektorearen errealitatera
egokitzea, ezagutza transferituko dela bermatzeko eta ezagutza hori lortzeko
jarritako ahalegina eta baliabideak errentagarri izateko, horrek balio erantsi
handiagoa emango baitio sektoreari.
2. Programak garatzeko, baliabide propioak
erabil daitezke, edota Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste lurralde bateko
erakunde zientifiko teknologikoekin elkarlan-hitzarmenak sinatu.
3. Nekazaritza eta elikagaigintzaren inguruko
ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzako programak Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorren baliabideak erabiliz garatu badira, programa
horien emaitzak erkidegoaren esku utzi beharko dira, baliabide horiek helburu
publikoa betetzeko sortu baitira.
67.
Artikulua - Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa
Nekazaritzako
eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa eratu da, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-
eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailari atxikitako kide anitzeko
organoa, bai nekazaritzan eta bai elikagaigintzan berrikuntzaren inguruan
aholkularitza emateko eta berrikuntza bultzatzeko. Foro horretan, aipatutako
saileko ordezkariek, foru-aldundikoek, sektorekoek eta Euskal Herriko
Unibertsitateko ordezkariek hartuko dute parte, besteak beste. Arauz zehaztuko
dira foroaren osaera eta eginkizunak.
68.
Artikulua - Ikerketa, garapen eta berrikuntzako plan sektorialak
Kapitulu
honetan planteatutako printzipioak ondo gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan eskumena daukan
sailak, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroarekin batera,
ikerketa, garapen eta berrikuntzako plan sektorialak jarriko ditu martxan.
Planon helburua izango da, batetik, nekazaritza eta elikagaigintzaren inguruko
ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko ekintzak kudeatu eta
planifikatzea eta, bestetik, sektorearen eskakizunei eta lege honen eskakizunei
erantzun ahal izateko lehentasunezko ekintza-ildoak definitzea.
69.
Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde zientifiko teknologikoak
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzan eta elikagaigintzan
eskumena daukan sailak laguntza eta bultzada emango die Euskadiko erakunde
zientifiko teknologikoei, ikerketa-lanak gara ditzaten nekazaritzako zein
elikagaigintzako gaietan. Halaber, erakunde horien maila
zientifiko-teknologikoari eusten eta hobetzen saiatuko da, bai eta sektorean
sortzen diren eskakizun zientifiko-teknologikoak aseko direla bermatzen ere.
II.
KAPITULUA
NEKAZARITZA
ETA ELIKAGAIGINTZA ARLOKO PRESTAKUNTZA
70.
Artikulua - Oinarri orokorrak
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak, halaber, nekazaritzako
eta elikagaigintzako unibertsitatez besteko prestakuntza-programak bultzatu,
sustatu eta garatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean
hezkuntza-gaietan eskumena daukan sailarekin elkarlanean. Prestakuntza-arlo
horrek unibertsitatez kanpoko prestakuntza arautua eta prestakuntza iraunkorra
biltzen ditu, eta zuzen-zuzenean sail horrek garatuko du, edo bestelako
erakunderen batek, Gobernu Kontseiluak aurrez hala erabaki badu. Arlo horietako
gaiei buruzko prestakuntza-eskaintza euskal hezkuntza-sisteman jasotako
eskaintzarekin bat etortzeko moduan diseinatu beharko da.
2. Aipatu programak lege honetan finkatutako
xedeak eta helburuak lortzera bideratuko dira eta, bereziki, gaur egungo zein
etorkizuneko profesionalak prestatzera eta kualifikatzera.
3. Programa horien helburua hauxe izango da:
a) Prestakuntza
eta birziklatze iraunkorra jasotzeko aukera ematea, batez ere, sektoreko
profesional eta teknikoei.
b) Eskakizun
sozialak eta sektorialak direla-eta edo teknologia berriak eta arau-aldaketak
direla-eta sortzen diren egokitze-premiak kontuan hartzea.
c) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-arlora eragile berriak erakarriko dituzten ekintzei
lehentasuna ematea; hau da, emakumezko laborariak eta laborari gazteak
erakartzeko ekintzei.
d) Sektorearen
egitura sendotzeko antolaketa-formulak garatzea.
e) Nekazaritza
eta elikagaigintzari enpresa-ikuspegitik begiratzea; alabaina,
landa-ingurunearen garapen iraunkorra gogoan hartuta beti.
f) Ikerketa-proiektuetan
lortutako emaitzak bere egin eta sektoreko gainerako profesionalei emaitzon
berri ematea, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoak lagundutako ikerketak
badira.
g) Prestakuntza
euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea ikasleei.
h) Genero
ikuspuntua aintzat hartuta diseinatzea nekazaritzako eta elikagaigintzako
sektoreko profesionalentzat prestatutako ikasketak, eta, batez ere, saiatzea
gizon nahiz emakumeek inongo estereotipori erreparatu gabe aukera ditzatela
beren kualifikazio- eta prestakuntza-programak.
4. Nekazaritza-arloan eskumenak dituen Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak, hezkuntza-arloan
eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko
sailarekin lankidetzan, aldikako ebaluazio bat egingo du eta, hala badagokio,
nekazaritza- eta elikagaigintza-arloei loturiko prestakuntza-programak edo
unibertsitate-titulazio berriak martxan jartzea sustatuko dute.
71.
Artikulua - Nekazaritza-gaietako prestakuntzaren jardun-lerroak
Aurreko
artikuluan zehaztutako oinarri orokorrak aintzat hartuta, Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak honako
eginkizunak izango ditu, nekazaritzako prestakuntza-zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen
diren organo eta erakundeekin elkarlanean:
a) Nekazaritza-gaietako
prestakuntza- eta eguneratze-programak prestatu eta aplikatzea, betiere,
egokitze-premia ezberdinak kontuan hartuta; batez ere, honako hauek: jarduera
iraunkorra; ustiategien kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa hobetzea;
identifikazio-arauak, elikagai-segurtasuneko arauak eta trazabilitate-arauak;
nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen eraldaketa eta komertzializazioa;
teknologia berriak eta informazioa eta komunikazioa eskura izatea.
b) Nekazaritzako
eta landa-inguruneko balizko eragileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egin
eta garatzea, nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresak sortzeko,
bideragarritasuna eta ezarpena aztertzeko helburuz.
c) Administrazio
eskudunen baliabideak ahalik eta ondoen koordinatzeko aukera emango duten
antolaketa- eta kudeaketa-formulak prestatzea eta, batez ere, elkarlanerako
hitzarmenak sinatzea edonolako erakunde publiko nahiz pribaturekin,
prestakuntza-programak garatzeko.
d) Nekazaritzako
edota elikagaigintzako zenbait jarduera jakin gauzatzeko beharrezko titulazioei
buruz hausnarketa egin eta titulazioak egituratzeko, helburu horretarakoxe
eratutako lantaldeak sorrarazten lagundu eta batzordeotan parte hartzea, bai
nekazaritzako edo elikagaigintzako jarduera arautzeko txartel edo tituluak
ateratzeko, bai sektoreko eragileen dirulaguntzak jasotzeko aukera izateko.
VI.
TITULUA
ZEREGIN
SOZIALA ETA PREBENTZIOA
I.
KAPITULUA
NEKAZARI
GAZTEAK
72.
Artikulua - Oinarrizko ekintza-printzipioa
Nekazaritza-politiketan
jarduten diren euskal administrazioek bi helburu dituzte nekazari gazteak
direla-eta: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorean
gazte-jendea sartzea eta gazteok sektorean jarraitzea, eta, bestetik,
nekazaritza-ustiategietan belaunaldien txanda bultzatzea. Helburu hori
gauzatzeko, bakarka edo beste batzuekin elkartuta ustiategi baten titular diren
edo aurki titular izango diren nekazari gazteen aldeko diskriminazio positiboa
bultzatuko dute, apurka-apurka kolektibo hori nekazaritza-sektorean sartzeko.
73.
Artikulua - Nekazari Gazteen Estatutua, eta ekintza positiboa bultzatzeko
politikak
Lege
honetan adierazitako oinarrizko printzipioak hala agintzen duenez,
nekazaritza-arloko euskal administrazioek Nekazari Gazteen Estatutua sortuko
dute. Estatutu arau-emailea izango da eta gazte nekazariei laguntzeko zein
ekintza bultzatu behar diren arautuko du. Honakoak izango dira ekintzok,
besteak beste:
a) Nekazari
gazteentzat prestatutakoak.
1. Lehentasuna
eman laguntza-planetan sartzeko eta sektoreko plan propioetan sartzeko.
2. Lehentasuna
eman nekazaritza-politika bateratuaren laguntzak eskuratzeko, eta lehentasuna,
halaber, laguntza-eskubideen erreserban edo nekazaritza-politika bateratuak
eraginda sortzen diren bestelako eskubideetan, legedi erkideak halakorik
onartzen badu.
3. Lehentasuna
eman nekazaritza-lurrak zein ekoizpen-baliabideak eskuratzeko.
4. Lehentasuna
eman nekazaritza-ustiategi bateko titulartasuna eskuratzeko edo nekazaritza-ustiategi
asoziatiboen titulartasuna eskuratzeko, bereziki, kooperatiben kasuan.
5. Lehentasuna
eman prestakuntzako ikastaro eta programetan parte hartzeko.
6. Esklusibotasuna
eman aurre-erretiroko laguntzak jasotzen dituen titular batek transmititzekoa
duen ustiategiaren titulartasuna eskuratzeko.
7. Euskal
Autonomia Erkidegoko landa-ingurunean ekipamendu eta zerbitzu jakinak garatu,
gazteak nekazaritza-arloan has daitezen, eta horretan jarraitu.
8. Herri-lurren
eta mendi publikoen aprobetxamendua baliatu.
b) Gaztea
izan gabe, ustiategi bateko titularra den nekazariari dagokionez: lehentasuna
emango zaie ustiategia, osorik edo hein batean, gazteei utziko dieten
titularrei edo gazteekin batera ustiategiaren kudeaketa mistoa ezartzeko
prozesuak abiarazi dituzten titularrei, bai laguntza espezifikoak jasotzeko edo
laguntza-plan edo sektoreko plan berezietan sartzeko, bai eta
nekazaritza-politika bateratuan ezarritako laguntzak jasotzeko ere, legedi
erkideak halakorik onartzen badu.
Ustiategietako titularren
aurre-erretiroko laguntza bereziei dagokienez, titularrak ustiategia oso-osorik
nekazari gazte bati edo nekazaritza-lurren funtsei (lege honetako 14.
artikuluan sortuak) utzi beharko dizkio, laguntzok jasoko baditu. Lurrak
funtsari ematen badizkio, nekazari gazteei nekazaritzan finkatzen laguntzeko
erabiliko dira.
II.
KAPITULUA
EMAKUME
NEKAZARIA
74.
Artikulua - Oinarrizko ekintza-printzipioak
Lege
honetan jasotako edozein ekintzatan, genero-berdintasuna gogoan hartuta jokatu
behar dute nekazaritza-arloko euskal administrazioek, eta, hortaz, honako
oinarrizko printzipioak bete:
a) Tratu
berdina emango zaie nekazari gizon edo emakumeei, emakumeen aldeko ekintza
positiboaren kontra ez doan heinean.
b) Aukera-berdintasuna
emango zaie; horixe izango baita modua landa-ingurunearen garapena bideragarria
eta iraunkorra izateko.
c) Genero-ikuspegia
kontuan hartu beharko da; hots, besteak beste: arauren bat onartu aurretik,
generoaren araberako eraginaren ebaluazioa egin beharko da, eta
genero-tratamendua kontuan hartu beharko da nekazaritza, elikagaigintza edo
landa-inguruneari buruzko estatistiketan.
75.
Artikulua - Emakume Nekazarien Estatutua, eta ekintza positiboak bultzatzeko
politikak
Lege
honetan adierazitako oinarrizko printzipioak hala agintzen duenez,
nekazaritza-arloko euskal administrazioek Emakume Nekazarien Estatutua sortuko
dute. Estatutu arau-emailea izango da, eta emakume nekazariei laguntzeko zein
ekintza bultzatu behar diren arautuko du. Honakoak izango dira ekintzok,
besteak beste:
a) Prestakuntza-programa
bereziak sortzea, bereziki erreparatuz bai teknologia berriei bai
informazioaren gizartearen inguruko prestakuntzari.
b) Dirulaguntzei
lehentasuna eman eta inbertsioak finantzatzen laguntzea familiako ustiategiei,
titulartasuna emakume batek hartu behar badu.
c) Kudeaketa-organo
publiko nahiz pribatuetan ordezkaritza handiagoa izateko mekanismoak sortzea.
d) Lana
eta familia uztartzea; horretarako, kontuan hartuko dira haurdunaldia eta
amatasuna, baimenak eta lizentziak, eta familiari laguntzeko zerbitzuak.
76.
Artikulua - Titulartasun partekatua
1. Titulartasun fisikoko ustiategi erregistratu
batean zuzenean eta pertsonalki bi ezkontideek egiten badute lan, edo izatezko
bikoteko bi kideek (izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak
xedatu bezala eratutako bikoteak), ustiategi horren titulartasunak
"titulartasun partekatua" irudi juridikoa izango du.
2. "Titulartasun partekatua" irudi
juridikoak biltzen dituen kideek, ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko
Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eman behar dute izena, ustiategiaren
titularkide izateko ondorio guztietarako.
3. Titulartasun partekatua dutenek
ustiategiaren titulartasunak ematen dituen eskubide eta betebehar guztiak
izango dituzte.
4. Ustiategiaren titularrari dagozkion
laguntza, eskubide, kuota eta indarrean dagoen araudiko bestelako neurri
baliokideak, guztiak, titular-kide bakoitzarentzat izango dira, ustiategian
daukaten partaidetzaren araberako baldintza eta mugetan, edo beraiek
erabakitako baldintza eta mugetan.
5. Ustiategiaren titulartasunak dakartzan
ondorio sozial, laneko, ekonomiko, fiskal eta bestelako ondorio guztiak ere
izango ditu titulartasun partekatuak; kontu zibiletan, merkataritzan,
lan-kontuetan eta fiskalitatean indarrean dauden arauekin bat etorriz beti.
III.
KAPITULUA
SOLDATAPEKO
LANA
77.
Artikulua - Oinarrizko ekintza-printzipioa
Nekazaritza-arloko
euskal administrazioak lan-arloan eskumena duen agintaritzarekin jardungo dira
elkarlanean, nekazaritza-jardunean dabiltzan langileak eta enplegatzaileak
lege-arauetara egokitu daitezen.
78.
Artikulua - Sasoikako lana
Nekazaritza-arloko
euskal administrazioek, bestelako herri-administrazioekin eta tarteko diren
elkarte sozialekin batera, sasoikako langileei laguntzeko plan integral
berezituak prestatuko dituzte, Sasoikako Langileei Laguntzeko Erakundearteko
Mahaiak berezituak (apirilaren 29ko 97/2003 Dekretuak arautuak) ezarritako
jarraibideen arabera. Honako printzipioak izango dituzte oinarri plan horiek:
a) Lan-baldintzak
hobetzea; bereziki, langileen jatorrian bertan egiten diren kontratuetan.
b) Langileen
eta familiartekoen bizitokiaren baldintzak hobetzea.
c) Sasoikako
langileekin datozen adingabe eta edadetuei laguntzeko programa bereziak
sortzea.
d) Komunitatean
integratzeko eta gizarte-sentsibilizazioa bultzatzeko kanpainak garatzea.
79.
Artikulua - Ordezkapen-zerbitzuak
Ustiategietako
titularrak edo ustiategiko langile finkoren bat ordezteko aldi baterako
ordezkapenak egiteko zerbitzuak sortzen lagunduko dute foru-aldundiek. Izan
ere, batzuen eta besteen bizi- eta lan-baldintzak hobetzen lagunduko du horrek,
batez ere, gaixotasuna, amatasuna, oporrak edo asteko atsedenak direnerako.
IV.
KAPITULUA
LAN
ARRISKUEN PREBENTZIOA
80.
Artikulua - Lan arriskua
Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan
eskumena daukan sailak, lan-arriskuen prebentzioan eskumena duen agintariekin
koordinatuta, hitzarmenak sinatzeko aukera izango du, gai hauetan egin
beharreko lana koordinatze aldera:
a) Ikerketak
eta txostenak egin eta aholkularitza-lanean jardutea, hain zuzen, nekazaritzan
jarduten direnentzat eta familiakoentzat, soldatapeko langileentzat eta
sasoikako langileentzat, hain zuzen, osasunerako kaltegarri izan daitezkeen
faktoreak aztertuz.
b) Laneko
segurtasunari eta osasunari buruzko prestakuntza- eta informazio-jarduerak
antolatu eta egitea, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean zentratuta.
c) Nekazaritza-
eta landa-ingurunean laneko segurtasuna, higienea eta osasuna prebenitu eta
bultzatzeko helburua gauza dadin beharrezko diren bestelako ekintzak antolatu
eta gauzatzea.
V.
KAPITULUA
NEKAZARITZAKO
ASEGURUAK ETA BERME FUNTSA
81.
Artikulua - Nekazaritzako aseguruak
1. Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak ekintza eta tresna
bereziak prestatuko ditu nekazaritzako aseguruen inguruan, honako helburuak
bete ahal izateko:
a) Nekazaritza-alorrak
biltzen dituen esparru guztietarako jardun-ildo zehatzak ezarri eta garatu;
nekazaritza-ekoizpenerako instalazioen eta eraikinen aseguruak barne.
b) Nekazaritza-ustiapenen
jardun integrala bultzatu.
c) Basoko
suteen kontrako aseguru berezia sorrarazi eta basogintza-azpisektorean
erantzukizun zibileko aseguruen harpidetza babestu.
2. Aseguru-sistemen kudeaketa foru-aldundiei
dagokie.
82.
Artikulua - Berme eta konpentsazio funtsak
1. Nekazaritza-gaietan eskumena duten Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek labore-etekinen edo
ustiapen-etekinen asegurua lortzeko bideak finkatzen eta definitzen saiatuko
dira, euskal nekazarien errentak egonkortzeko.
2. Horrez gain, ustiapen-etekinen
autoaseguru-sisteman oinarritutako berme funts foralak sortzeko ahaleginak
egingo dituzte. Funtsok urtetik urterakoak izango dira, eta aseguruaren
estaldura kalkulatzeko eta emaitzak baloratzeko, eskualdeko errendimenduak eta
merkatuko batez besteko prezio adierazgarriak hartuko ditu kontuan.
Berme
funts foralean, bermatutako kontzeptuetan nekazaritza-ekoizpenetik lortutako
etekinak besterik ez dira sartuko; hau da, funtsak ustiategietan egindako lana
hartuko du barne, soil-soilik, eta ez bestelako kontzeptu batzuengatik
eskuratutako dirulaguntzak edota laguntzak.
3. Euskadiko herri-administrazioek bestalde,
aukera izango dute interesgarri jo diren abeltzaintza-jardun edo
labore-ekoizpenetan lan egiten duten ekoizleak bil daitezen bultzatzeko;
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen formularen baitan bilduko
lirateke, konpentsazio funtsa eratzeko.
VI.
KAPITULUA
HONDAMENDIEK
ERAGINDAKO KALTEAK
83.
Artikulua - Hondamendi-gune izendatzea
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak erabakiko du, nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak edo dagokion
foru-aldundiak proposatuta, guneren bat hondamendi-gune izendatzea. Gobernu
Kontseiluaren dekretu baten bidez egingo du izendapena, baldin eta gune
horretan kalte eta galera handiak izan badira basogintzako, laborantzako edo
abeltzaintzako ekoizpenean, eguraldi, epidemia, plaga edo bestelako ustekabeak
izan direla-eta.
2. Horrez gain, bere esku izango du neurri
aringarri eta zuzentzaileak ere ezartzea, kasuan kasuko egoeraren arabera, eta,
betiere, hondamendi jasandako lekuetan nekazaritza bere onera etortzeko
helburuz. Hondamendiak eragindako kalteak konpontzen eginiko gastuak laster eta
malgutasunez ordainduko direla bermatzeko prozedurak ere Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrak berak ezarriko ditu.
3. Halaber, lege honetako 84. artikuluak
xedatutako hondamendietarako funtsa jasotzeko bete beharreko betekizunak ere
finkatuko ditu. Hona hemen gutxieneko betekizunak:
a) Arrisku
hori ez egotea jasota Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza aseguruen
planetan.
b) Hondamendia
jasan duten ustiategiak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien
Erregistroan izena emanda egotea, eta kaltetutako ondasunak erregistroaren
lurralde-eremuan egotea.
c) Hondamendia
jasan duten ustiategien titularrak nekazari profesionalak izatea edo nagusiki
horretan jarduten direnak, soilik basogintzan jarduten diren ustiategien kasuan
izan ezik.
4. Artikulu honetan jasotako neurriak, bai eta
hurrengo artikulukoak (hondamendietarako funtsari buruzkoak), eskumena daukan
foru-organoetako sailek kudeatuko dituzte.
84.
Artikulua - Hondamendietarako funtsa
Aurreko
artikuluan aipatutako zuzenketak egiteko, eta indarrean dagoen araudia betez,
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek hondamendietarako funtsa
eratuko dute, elkarren artean erabakitako aurrekontua izango duena. Horrez
gainera, aparteko kredituak emateko beharrezko bideak ere ezarriko dituzte;
kasuan kasu dagokion banaketa organiko, funtzional eta ekonomikoa kontuan
hartuta. Arauz ezarriko da funtsa nola kudeatu.
VII.
TITULUA
ORDEZKARITZA
ETA ELKARTE ANTOLAKETA
I.
KAPITULUA
PRINTZIPIO
OROKORRAK
85.
Artikulua - Helburua eta egitekoak
1. Euskal administrazioek harremana eta
zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean
nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz
juridiko izan. Eginkizun hori betetzeko, nekazaritza- eta
elikagaigintza-sektorearen produkzio-, eraldaketa-, ontziratze- eta
merkaturatze-faseekin lotutako elkarteak sortu eta irautearen alde egingo dute
euskal administrazioek. Elkarteok, betiere, lege honen atariko tituluan
zehaztutako helburuetako bat izan beharko dute xede.
2. Euskal administrazioek, aurreko paragrafoan
aipatutako elkarte horiei aurrez kontsulta eginda, honako egiteko hauek izango
dituzte, gutxienez:
a) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-politikarako planak eta programak martxan jartzea.
b) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-sektoreetako eragile ekonomikoei zerbitzuak ematea.
3. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko
nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatzerakoan, nekazaritzako
elkarteak solaskide adierazgarritzat hartuko dira. Horretarako, nekazaritzako
eta elikagaigintzako azpisektoreen interesak ondoen ordezkatzen dituzten
elkarteek Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan (lege honen
VIII. tituluan eratua) parte har dezaten baldintza onenak sortzea sustatuko
dute euskal administrazioek.
4. Edonola ere, legearen hurrengo artikuluan
jasota datorren erroldan izena emanda dauden elkarteekin baino ezingo dira
jardun nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko euskal administrazioak; bai
elkarrizketarako, bai ekintzak garatzeko, bai zerbitzuak emateko.
86.
Artikulua - Nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarrien errolda
1. Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Elkarteen
Errolda sortu da, halakotzat jo diren erakundeak bertan inskribatuta gera
daitezen, ofizioz. Titulu honetako II. kapituluan zerrendatutako erakundeen
tipologiak zenbat, hainbeste atal izango ditu erroldak, arauari dagokion
garapenaren arabera.
2. Erroldan inskribatu ahal izateko, Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioek nekazaritza- edo elikagaigintza-arloko
elkarte-izendapena aitortu behar diete elkarteei aurrez, eta izendapen hori emango
da, soil-soilik, elkartea bere estatutuetan adierazitako jardun-eremuan
adierazgarri bada. Arauz zehaztuko dira eskabidea egiteko zein aitorpena
emateko prozedurak, titulu honetako II. kapituluan jasotako erakunde
bakoitzaren kasurako.
3. Arau bidez ezarriko da nekazaritza- edo
elikagaigintza-arloko elkarte bat bere jardun eremuan aitortua izateko
prozedura, bai eta bere adierazgarritasuna finkatzekoa ere, irizpide
objektiboei jarraiki, hurrengo kapituluan adierazten diren jarraibideez gain.
II.
KAPITULUA
NEKAZARITZAKO
ETA ELIKAGAIGINTZAKO ELKARTEAK
87.
Artikulua - Nekazarien elkarte profesionalak
Nekazarien
elkarte profesionalak dira, hain justu ere, beren estatutuan nekazarien interes
sozioekonomikoen ordezkari eta defentsari izateko eginkizun orokorra jasota
daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten
dutenak. Horrez gain, honako baldintzak ere bete beharko dituzte:
a) Nekazaritzako
azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.
b) Euskal
Autonomia Erkidegoan jardutea gaur egun, eta gutxienez, aitortza eskatu aurreko
bi urteetatik hona, etengabe.
c) Bulego
irekiak eta giza baliabide nahikoa edukitzea, nekazariei behar bezalako
laguntza emateko moduan, edo, kasuan kasu, erakunde kidetuei laguntza emateko
moduan.
d) Irabazi-asmorik
ez izatea.
88.
Artikulua - Nekazarien elkarte profesional adierazgarrienak
1. "Nekazarien Elkarte Profesional
adierazgarrienen artekoa" izendapena lortzeko Euskadiko Nekazaritza eta
Elikagaigintzako Kontseiluan parte hartzeko behintzat, gutxienez ere 200
bazkide badirela egiaztatu beharko du nekazarien elkarte profesional horrek.
Bazkideok Gizarte Segurantzan alta eman da egon beharko dute, egiten duten
jarduenaren araberako erregimenean.
2. Elkarte bakoitzak Euskadiko Nekazaritza eta
Elikagaigintzako Kontseiluan zenbat ordezkari izango dituen, elkarte bakoitzak
Euskal Autonomia Erkidegoan dituen bazkide-kopuruaren araberakoa izango da:
kide bat berrehun bazkideko, eta gehienez bost kide. Bazkideek aurreko
paragrafoan aipatutako baldintzak bete behar dituzte.
3. Baldin eta "nekazarien elkarte
profesional adierazgarri" batek Euskal Autonomia Erkidegoan mila bazkide
egiaztatu baino gehiago baditu, elkarte bakoitzak Kontseiluan izango dituen kideen
kopurua proportzionalki zehaztuko da: hau da, elkarte bakoitzak zenbat bazkide
egiaztatu dituen, elkarte guztiek batera dituzten bazkideen aldean. Gutxienez,
ordezkari bat izango du elkarte bakoitzak, edonola ere. Lortutako gainerako
kideen kopurua haztatu egin beharko da gero, aurreko paragrafoko prozedurak
zehaztu bezala, esandako proportzio horren arabera.
89.
Artikulua - Euskadiko ekoizleen elkarteak
1. Euskadiko ekoizleen elkarteak dira, hain
justu ere, lurralde historiko bakarra baino jardun-eremu zabalagoa hartzen duen
sektore bateko ekoizleek eratutako nekazaritza-elkarteak; alabaina, lurralde
historiko bakarrean gauzatzen diren laborantza- edo abeltzaintza-ekoizpenetako
elkarteak ere izan daitezke elkarte nazionalak. Elkarte hauek soilik produktuen
ekoizpenarekin eta komertzializazioarekin lotutako gaietan eman diezaiekete
laguntza eta aholkua beren kideei.
2. Orokorrean, Euskadiko Nekazaritza eta
Elikagaigintzako Kontseiluan parte hartzeari begira, ordezkari bat izendatuko
da Euskadiko ekoizleen elkarte bati edo batzuei lotutako ekoizpen-azpisektore
bakoitzeko. Gutxienez, honako azpisektore hauek egon behar dute ordezkatuta:
ekoizpen ekologikoa, esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardiak,
baratzezaintza, labore-sail estentsiboak eta ardotarako mahastiak.
90.
Artikulua - Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteak
Euskadiko
nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarte nazionalak dira, hain justu
ere, lurralde historiko bakarra baino jardun-eremu zabalagoa hartzen duen
sektore bateko nekazaritza- edo elikagaigintza-industriek eratutako elkarteak;
alabaina, lurralde historiko bakarrean gauzatzen diren nekazaritza- edo
abeltzaintza-jardueretako elkarteak ere izan daitezke elkarte nazionalak.
III.
KAPITULUA
NEKAZARITZA
USTIATEGIEI AHOLKU EMATEKO ERAKUNDEAK
91.
Artikulua - Kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak
1. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek
laguntza eta bultzada emango diete, lege honetako helburuak lortzen laguntzeko
asmoz, nekazaritza-ustiategiei kudeaketa tekniko eta ekonomikoko zerbitzuak,
titularren ordezte-zerbitzuak edota aholkularitza integrala ematen dizkieten
erakundeei, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta nekazaritza-kooperatibak
lehenetsita.
2. Arauz sortu eta erregulatuko da erakunde
horien errolda, bai eta erakunde horiek halakotzat aitortzeko prozedura ere.
VIII.
TITULUA
EUSKAL
AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZA ADMINISTRAZIOAREN ANTOLAMENDUA
I.
KAPITULUA
KIDE
ANITZEKO ORGANOAK
92.
Artikulua - Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua
1. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako
Kontseilua eratu da, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean
nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailari atxikia.
Koordinatzeko, kontsultatzeko eta aholkularitza teknikoa emateko helburua
izango du, euskal nekazaritza-administrazioen eta sektoreko eragile
adierazgarrienen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta
elikagaigintza-politikak diseinatzeko nahiz dagozkion beste gaiak lantzeko
helburuz.
2. Kontseilua honako kideek osatuko dute:
a) Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan
eskumena daukan titularrak. Lehendakari-lanetan arituko da, eta Kontseilurako
dei egiteaz eta landu beharreko gaiak zehazteaz arduratuko da.
b) Sail
horretako sailburuaren kabineteko zuzendaritzaren titularrak,
lehendakariorde-lanetan.
c) Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan
eskumena daukan saileko bi ordezkarik; gutxienez, zuzendari-kargua dutenak.
d) Arabako
Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.
e) Bizkaiko
Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.
f) Gipuzkoako
Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.
g) Euskadiko
Udalen Elkarteko (EUDEL) ordezkari bat.
h) Nekazarien
elkarte profesional adierazgarrienen arteko bakoitzak 88. artikuluan ezarritako
eran lortutako ordezkariak; gehienez 5, elkarte bakoitzeko.
i) Euskadiko
ekoizleen elkarteetako ordezkariak, lege honen 89.2 artikuluan xedatzen denaren
arabera.
j) Euskadiko
nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteetako hiru ordezkari, elkarteek
adostasunez izendatutakoak. Txandaka daitezke.
k) Euskadiko
Basogintza Elkarteen Konfederakundeko ordezkari bat.
l) Euskadiko
Nekazaritza Kooperatiben Federazioko ordezkari bat.
m) Nekazaritza-ustiategien
aholkulari gisa aitortuta dauden erakundeen ordezkari bat, erakundeok
adostasunez izendatutakoak. Txandaka daitezke.
3. Lehendakariak izendatuko ditu Kontseiluko
kideak, ordezkatuta dauden erakundeen proposamenak kontuan hartuta.
4. Gaiaren berezitasuna dela-eta Kontseilu
honetatik kanpoko bestelako erakundeetako edo esparruetako ordezkarien
parte-hartzea beharrezkoa bada, lehendakariak bileratara etor daitezen dei
egingo die, Kontseiluak eskatzen badio, aurrez kide gehienek hala adostu
dutelako. Kanpoko ordezkariok kideen eskubide eta betebehar berberak izango
dituzte, baina gai jakin horretan besterik ez.
93. Artikulua - Nekazaritza eta Elikadura
Politikako Batzordea
1. Nekazaritza eta Elikadura Politikako
Batzordea eratu da. Honako kideak izango ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioan nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan saileko
titularra, lehendakari-lanetan; sail bereko bi ordezkari, zuzendari-kargua
daukatenak, gutxienez, eta foru-aldundi bakoitzeko ordezkari bana, diputatu
kargua daukana gutxienez. Batzorde horrek Euskal Autonomia Erkidegoko
nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatuko ditu, nekazaritza eta
elikagaigintzako ekintza-plan eta -programak proposatuko ditu eta intereseko
gaiak ere eztabaidatuko ditu.
2. Batzordeko edozein kidek eskatuz gero, behar
adina lagun joan daitezke bileretara, batzordean eztabaidatzekoak diren gai
jakin batzuetan daukaten ezagutza espezifikoa eta eskumena kontuan hartuta.
94.
Artikulua - Zereginak eta barne-araubidea
Arauz
zehaztuko dira Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluaren eta
Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordearen zereginak eta
barne-araubidea.
IX.
TITULUA
ADMINISTRAZIOAREN
ESKU HARTZEA NEKAZARITZA ETA ELIKAGAIGINTZA SEKTOREAN
I.
KAPITULUA
PRINTZIPIO
GIDARIAK
95.
Artikulua - Administrazioaren esku-hartzearen printzipioak
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen jarduna, lege honen xede eta
helburuak betetzera bideratuta dagoenez, honako printzipio berezien men egongo
da:
a) Lehiakortasun-printzipioa
nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean, hori izango baita sektorea
modernizatzeko gakoa.
b) Iraunkortasun-printzipioa,
garapen ekonomikoa erdiesteko, baina baliabideak ahitu gabe.
c) Kudeaketa
malguaren printzipioa, sektorearen eta merkatuaren baldintza aldakorretara
egokitzeko.
d) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-sektoreko enplegua babesteko printzipioa.
e) Subsidiariotasunaren
printzipioa Europako nekazaritza-politika bateratuak araututako neurriak
kudeatu eta aplikatzerakoan.
f) Ekintza
positiboaren printzipioa, sektoreko eragileek garatu eta euskal
herri-administrazioek bultzatutako politiken alde.
II.
KAPITULUA
SUSTAPEN
NEURRIAK
96.
Artikulua - Sustapen-neurriak
Nekazaritza-
eta elikagaigintza-politikei dagokienez, Euskadiko herri-administrazioek
finkatuko dute zer sustapen-neurri, neurri fiskalak barne, izango diren
beharrezko lege honen xede eta helburuak gauzatzeko; betiere, Europar
Batasuneko araudian finkatutako xedapenen arabera. Finantza-marko berezko eta
berezia eratuko da horretarako.
97.
Artikulua - Laguntza-politikak
1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken
arloan euskal herri-administrazioek ezarriko dituzten sustapen-neurriek
lehentasunezko helburu jakin bat izango dute, hain justu, lege honetan
zehaztutako helburu orokorrekin edo programa azpisektorial bateko helburuekin
bat datozen politika aktiboak garatzen laguntzea. Honako politika aktibo hauek
bultzako dituzte nagusiki:
a) Ekoizpen-,
eraldatze- eta merkaturatze-egiturak egokitzea, baina iraunkor izateko moduan,
merkatuaren eskariari erantzuteko.
b) Nekazaritza-lana
profesionalizatzea.
c) Azpisektoreak
egituratzea, balio-kateko gainerako eragileekin negoziatzeko ahalmena
handitzeko.
d) Jatorri-
edo kalitate-ikurra daukaten gaien, produkzio integratuko gaien edota
basogintzako ekoizpen-ziurtagiria daukaten gaien ekoizpena handitzea.
e) Produkzio
berriak edo balio erantsi handiko produktuak garatzea.
f) Nekazari
gazteek eta emakume nekazariek ustiategien titulartasuna eskuratzea.
g) Lanpostuak
sortzea, baldintza soziolaboral duinetan.
h) Ekoizpen-sektoreak
nekazaritzako eta elikagaigintzako eraldatze- eta merkaturatze-prozesuan parte
hartzea, batez ere ekoizleen kooperatibak eratuta, bai eta Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako nekazaritza-produktuen eraldaketan ere.
i) Sektoreetako
eragileentzat etengabeko birziklatzea eta prestakuntza ematea.
j) Lege
honetako VII. tituluko III. kapituluan araututako erakundeek ematen dituzten
kudeaketa-, ordezkatze- eta aholkularitza-zerbitzuak erabiltzea ustiategietan.
k) Ingurumenari
ahalik eta kalte gutxien eragiten dioten ekoizpen- eta kudeaketa-metodoak
garatzea.
l) Hobekuntza
genetikoko programak edota ekoizpen estentsiboko sistemak ezartzea
abeltzaintza-ustiategietan.
m) Ofizialki
kontrolatutako eta ziurtatutako ugalketa-material begetalen nahiz hazi eta
baso-landareen erabilera bultzatzea.
n) Bertako
espezie eta arrazei eustea.
ñ) Ustiategiko
titularrek kontratu-dokumentuak sinatzea nekazaritza-arloko euskal
administrazioekin.
o) Ustiategietako
titularrek nekazaritzako aseguruak eta berme-funtsak sinatzea.
p) Nekazaritza-lurrak
erabil daitezen sustatzea, 12. artikuluan jasotako xedapen orokorretik
eratortzen diren aginduekin bat etorriz.
2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken
arloan euskal herri-administrazioek ezarriko dituzten sustapen-neurriek
bestelako helburu bat ere izan dezakete; hain justu, beren berezitasunak eta
betetzen duten zeregin multifuntzionala direla-eta nabarmenak izanagatik ere merkatuan
sostengurik ez duten nekazaritza-ustiategiei babesa eta laguntza ematea.
3. Sustapen-neurriak, bestalde,
ekoizpen-azpisektore jakin batean merkatu-egoera dela-eta gertatutako krisiei
aurre egiteko ere erabil daitezke, adibidez, aparteko faktore meteorologikoek,
osasun-arazoek edo bestelako aparteko faktoreek eragindako krisiei aurre
egiteko.
98.
Artikulua - Laguntzen kudeaketa
1. Nekazaritzarako eta elikagaigintzarako
zenbait laguntza Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko esparruetatik datoz. Laguntza
horien arauak garatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean
nekazaritzan eta elikagaigintzan eskumena daukan sailari dagokio,
finantza-esparru propioetatik kanpo finantzatzen diren laguntzen
koordinazio-lana sail horrek berak egiten baitu.
2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken
arloan Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek ematen dituzten
sustapen-laguntza eta -neurrien araudia prestatzea eta laguntzok kudeatzea,
hain justu, Autonomia Estatutuan, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta
Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko
azaroaren 25eko 27/1983 Legean eta ekainaren 30eko 13/1994 Legeak arautzen duen
Arbitraje Batzordeak emandako ebazpenen arabera.
III.
KAPITULUA
LIZENTZIAK,
BAIMENAK ETA BESTELAKO ADMINISTRAZIO EGINTZAK
99.
Artikulua - Lizentzien eta baimenen araubidea
Bakoitzari
dagokion araudi espezifikoaren arabera, lizentzia edo baimenen araubidearen men
egongo dira honako jarduera hauek:
a) Nekazaritza-politika
bateratuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak jasotakoetatik
nekazaritza-ustiategiei ekoizpen-eskubideak edo ordainketa-eskubideak
esleitzea, eta eskubide horiek ustiategien artean transmititzea.
b) Basoak
berritzea, zuhaitzak botatzea, baso-pistak egitea, eta antzekoak.
100.
Artikulua - Administrazio-prozedura
Lege
honetan jaso ez diren lizentziei, baimenei eta bestelako administrazio-egintzei
dagokienez, araubide juridikoa indarrean dagoen legedian aurreikusitakoa da,
eta, hala dagokionean, administrazio-prozedura erkidean aurreikusitakoa.
IV. KAPITULUA
IKUSKAPENA ETA ZEHAPENA
101.
Artikulua - Kontrola eta egiaztatzea
1. Ikuskapenak nahiz egiaztapenak
administrazio-egintza ez badira, pertsona edo erakunde juridiko pribatuek
egingo dituzte, eskumena duen administrazioaren baimena jaso ondoren eta
administrazio horren gidaritzapean, betiere. Ikuskapen-lan horiek egingo
dituztenen helburu, araubide eta gaitasunak, lanok egiteko modua eta baimenak
lortzeko prozedura, guztiak ere, arau bidez zehaztuko dira.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek bertan ekoitzi edo merkaturatutako nekazaritza- eta
elikagaigintza-produktuetarako kontrol-planak ezarriko dituzte, arriskuei aurre
egiteko eta ekintzen koordinazio-printzipioak betetzeko.
102.
Artikulua - Ikuskaritza
1. Lege honetan ezarritakoa betetzeko
beharrezko ikuskapen guztiak egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek, eta ezarritakoa betetzen ez bada, erantzukizunak eskatu.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioen esanetara dauden funtzionarioek izango dute ahalmena
ikuskapen-lana egiteko; eta, lan hori egiten dutenean, agintaritzaren agente
izango dira. Eskumena duen administrazioak beharrezko identifikazio-baliabideak
emango dizkie funtzionarioei, ikuskapen-lanean ari direla behar bezala
akreditatuta egon daitezen.
3. Ikuskapenaz arduratuko diren langile
funtzionarioek ahalmena izan behar dute, besteak beste, honetarako:
a) Bera
bakarrik edo interesaturen batek lagunduta, eta aurreko abisurik gabe,
jarduerari lotutako edozein establezimendu, ibilgailu, industria edo bestelako
edozein lekutara sartzeko, legeak xedatutakoa zenbateraino betetzen den
ikustera.
b) Nekazaritza-
eta elikagaigintza-enpresen eta beren ekoizpenen baldintza teknikoak eta
osasun-baldintzak ikertu eta aztertzeko.
c) Informazioa eskatzeko.
d) Laginak hartzeko.
e) Dokumentazioa aztertzeko.
4. Ikuskapena
egiten ari direla, orduantxe bertan kautela- edo prebentzio-neurriak nahiz behin
betiko neurriak jartzeko aukera izango dute ikuskatzaileek, gertakaria ez
luzatzeko edo ez errepikatzeko eta, inongo kalterik balego, kaltea bere
horretan mantendu edo murrizten hasi ahal izateko.
5. Ikuskatzaileek
hartutako kautela-neurriak dagokion organo eskudunak aztertuko ditu gero, lau
egunen barruan; berretsi, aldatu edo kendu behar diren erabakitzeko eta, hala
badagokio, zehapen-espedientea abiarazteko. Nolanahi, neurriak inongo eraginik
gabe geratuko dira, baldin eta espedientea abiarazteko erabakian ez bada
neurrioi buruz ageriko ezer adierazten.
6. Edozein
kasutan ere, artikulu honetan xedatutakoaren arabera hartuko diren neurriak
ofizioz kendu edo alda daitezke, baita alderen batek eskatuta ere,
espedientearen instruktorearen probidentziaz, prozedura izapidetzen ari dela;
eta prozedurari amaiera emango dion administrazio-ebazpenaren indarrez
iraungiko dira.
7. Zehapen-prozedura
abiarazteko egintzan, neurriak bere horretan uzteko, kentzeko edo aldatzeko
arrazoiak zein izan diren zehaztu beharko du zehapen-ahalmena daukan organo
titularrak. Halaber, lau eguneko epean dagokion espedientea ez bada oraindik
abiarazi, iraungita geratuko dira neurriak.
103. Artikulua - Ikuskapen-akta
1. Ikuskatzaileek
egindako ikuskapenaren akta egin beharko dute. Gutxienez, honako informazioa
adierazi beharko dute aktan:
a) Akta noiz egin den.
b) Nekazaritzako edo elikagaigintzako ustiategi
edo industriari buruzko datuak.
c) Noren aurrean egin den ikuskapena, inor egon
bada.
d) Akta egin aurretik egin diren ikerketak.
e) Ikuskapenarekin zerikusia daukan edozein
gertakari, batez ere, aurrerago zehapen-espedientea abiarazi eta horretan
eragina izan dezaketen gertakariak.
f) Neurririk hartu bada, zer neurri hartu diren,
zergatik eta zer helburu zehatz duten.
Akta egitean, ikuskatzaileak berak eta
bertan egon denak, inor egon bada, sinatu beharko dute akta. Sinatzeari uko egingo balio, halaxe
adierazi beharko da aktan bertan.
2. Legeak eskatutakoaren arabera taxututako
ikuskapen-aktak froga-balioa izango du, akta egitea eragin duten eta aktuarioak
pertsonalki egiaztatu dituen egintzena, non eta ez den kontrakoa egiaztatzen.
Akta eskumena daukan administrazioari helaraziko zaio gero, zehapen-prozedura
abiarazteko edo kasuan kasu hartu beharreko neurriak hartzeko.
3. Ikuskapena egingo zaien pertsona fisiko
nahiz juridikoak behartuta daude ikuskapena baimentzera eta horretan
laguntzera, batez ere:
a) Instalazioei,
produktuei eta dokumentazioari buruzko informazioa eman beharko diote ikuskatzaileari,
bai eta, oro har, ikuskatzaileek eskatzen dioten bestelako edozein datu ere.
b) Dokumentazioaren
kopiak eman beharko dizkiote ikuskatzaileari.
c) Behar beste lagin hartzen uztea
ikuskatzaileari.
104. Artikulua - Nekazaritza-lurren inguruko arau-hausteak
eta zehapenak
1. Nekazari-lurra
gutxiegi erabiltzeak edo gaizki erabiltzeak eragindako arau-hausteak (lege
honen 20.3 artikuluan zehaztutakoak) zehapena ekarriko dio nekazaritza-lur
horiek biltzen dituen ustiategiaren titularrari. Zehapenaren zenbatekoa honela
kalkulatuko da: hektarea bakoitzeko ordaindu beharrekoa bider gutxiegi
erabilita edo gaizki erabilita deklaratu zaizkion hektarea guztiak.
2. Hektarea
bakoitzeko zehapenaren zenbatekoa izango da, oro har, nekazaritza-lurra den
aldetik hektarea bakoitzak duen balioaren halako bi. Zehapena gutxienez 10.000
eurokoa eta gehienez 120.000 eurokoa izango da.
3. Zehatzeko
ahala daukan organo titularrak izango du ardura lurrak gutxiegi erabilitakotzat
jotzeko, lege honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
105. Artikulua - Nekazaritzako arau-hausteak eta
zehapenak
1. Ustiategiaren
titularrak bere betebeharrei huts egiteagatik eragindako arau-hausteak (lege
honetako 9. artikuluan zehaztutakoak) dagokion lurralde historikoko
foru-administrazio bakoitzean nekazaritza-gaietan eskumena daukan organoak
zehatuko ditu. Zehapena
1.000 eurokoa izango da gutxienez eta 6.000 eurokoa gehienez, arau-hauste
bakoitzeko. Arau-hauste bakoitzarengatik ezarritako zehapenak metatu ahal
izango dira. Zehapena zenbatekoa izango den zehazteko, honako irizpideak
hartuko dira kontuan:
a) Arau-haustea
nahita egin den, edo utzikeria hutsagatik gertatu den.
b) Behin
baino gehiagotan gertatu den; hau da, prozedura berdinean zehatutako arau-hauste
bat baino gehiago izan diren.
c) Arau-hausteak zer-nolako kalteak eragin
dituen.
d) Arau-haustea
zehapen-espedientea ebatzi aurretik zuzendu den.
2. Nekazaritzako gainerako arau-hausteak
Estatuko ondorengo lege hauen arabera zehatuko dira: azaroaren 20ko 43/2002
Legea, landare-osasunari buruzkoa; apirilaren 24ko 8/2003 Legea,
animalia-osasunari buruzkoa; uztailaren 26ko 30/2006 Legea, landaretegiko hazi
eta landareei buruzkoa; bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko honako arau hauen
arabera ere: urriaren 29ko 6/1993 Legea, animaliak babestekoa; otsailaren 27ko
3/1998 Legea, ingurumena babestekoa; apirilaren 11ko 81/2006 Legea, gune
zoologikoei buruzkoa. Horien ordez beste legerik jarriko balitz indarrean,
azken lege hori aplikatuko da.
106.
Artikulua - Elikagaigintzako arau-hausteak
Elikagaigintzako arau-hausteak hurrengo paragrafoetan
xedatutakoaren arabera eta mahastizaintza eta ardogintza antolatzen dituen
maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen arabera tipifikatuko dira.
1. Arau-hauste oso
larriak:
1.1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-industriatan ez jartzea
prozesuentzako edo produktuentzako autokontrol-sistemarik, lege honen 51.2
artikuluak xedatzen duen bezala.
1.2. Nekazaritzako edo elikagaigintzako produkturen bati
trazabilitatearen jarraipena egitea ezinezkoa izatea, ekoizpena, eraldaketa,
ontziratze eta merkaturatzearen etapa guztietan, bai eta garraioan, salmentan
eta bestelako emateetan ere (diru-ordainetan edo doan). Trazabilitate horren barruan
sartzen dira, halaber, osagaiak, lehengaiak, gehigarriak eta produktu horiek
prestatzeko substantzia deribatuak.
1.3. Bai nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen etiketa, ontzi,
bilgarri, aurkezpen, eskaintzatan, bai nekazaritzako eta elikagaigintzako gaien
produkziorako edo komertzializaziorako materia eta elementuetan, honakoak
jartzea: argibideak, izen sozialak, izen edo deitura komertzialak, esapideak,
zeinuak, markak, sinboloak, enblemak, deiturak, designazioak, kalifikazioak,
produktu motak, jatorriaren adierazpenak, edota erabilitako ekoizpen- edo
prestaketa-sistemak; baldin eta:
1. Ez
badagozkio produktuari, edo, fonetikoki, grafikoki edo ortografikoki beste
zerbaitekin antza dutelako nahasmendua eragin badezakete; nahiz eta honelako
terminoak agertu: motakoa, estilokoa, generokoa, imitazioa, ordezkoa edo
antzekoak.
2. Ez
badatoz bat operadorearen benetako izaerarekin.
3. Ez
badatoz bat benetako ekoizpen-, fabrikazio-, elaborazio-, ontziratze- edo
banaketa-lekuarekin.
4. Ezin badira egiaztatu.
2. Arau-hauste
larriak:
2.1. Nekazaritzako edo elikagaigintzako
produktuak merkaturatzea, produktu jakin hori erabiliko edo jasoko dutenei
produktuen funtsezko bereizgarriei buruz informazio benetakoa, objektiboa, osoa
eta ulergarria eman gabe, baldin eta informazio hori eman beharreko informazio
minimoari badagokio, lege honen 50.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.2. Aurreko atal horretan agindutakoa betetzen
duten arren, produktua erabili edo kontsumitzeak zer arrisku ekar dezakeen
adierazten ez duten nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak
merkaturatzea.
2.3. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktu
ontziratuen etiketan, aurkezpenean edo publizitatean ez jartzea Lege honetako
50.2 artikuluak agintzen duen informazio minimoa.
2.4. Dena delako nekazaritza- edo
elikagaigintza-industriak Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien
Erregistroan eta Ardo eta Alkoholdun Edarien Botilaratzaileen eta
Ontziratzaileen Erregistroan izena emateko eskabidea egina ez izatea, izena emanda
egotea ezinbestekoa bada.
2.5. Dena delako nekazaritza- eta
elikagaigintza-industriak bere jarduerari dagozkien segurtasun-arauak ez
betetzea, produktuak kaltegarri izateko eragina izan dezaketen faseetan, bai
produkzioan, eraldatzean edo banaketan.
2.6. Laginak hartzeko edo produktuei beste
kontrolen bat egitearen kontra jartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko organo
eskudunek edo bere agenteek eskatutako informazio eta dokumentuak ematen
gehiegi luzatzea edo ez ematea, ikuskapen-lanerako beharrezko izanik ere, eta
dokumentu edo informazio faltsua ematea.
2.7. Nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresek
ezinbestean izan behar dituzten erregistro-liburuak ez izatea.
2.8. Nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresek
ezinbestean izan behar dituzten erregistro-liburuak eguneratuta ez edukitzea,
eguneratzeko datatik hilabete pasa bada.
3. Arau-hauste arinak:
3.1. Nekazaritzako edo elikagaigintzako produktu
jakin hori erabiliko edo jasoko dutenei informazio benetakoa, objektiboa, osoa
eta ulergarria eman gabe merkaturatzea, baldin eta eman beharreko informazio
minimoari gehitutako aukerako informazioa bada.
3.2. Aurreko lerrokada horretan agindutakoa bete
arren, produktua ondo erabili edo kontsumitzeko zer egin behar den adierazten
ez duten nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatzea.
3.3. Zehaztasunari huts egitea, edo akatsak edo
ez-aipatzeak egitea nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen edo
elikagaien produkzio edo komertzializazioko elementuen etiketetan, dokumentu
osagarrietan, dokumentu komertzialetan, erregistroetan, errotulazioan,
aurkezpenean eta bilgarrietan, baldin eta zehaztasun-ezak, akatsek edo
ez-aipatzeek ez badiote eragiten derrigorrezko oharrei edo produktuaren izate,
izaera, kalitate, bereizgarri, osaera edo jatorriari buruzko informazioari.
3.4. Nekazaritza- edo elikagaigintza-industriak
nabarmen handitu edo txikitzea, industriak lekuz aldatzea, titulartasuna
aldatzea, egoitza soziala aldatzea edo industria ixtea, horiek egiteko
beharrezko erregistro-aldaketa eskatu ez bada.
3.5. Nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresek
ezinbestean eraman behar dituzten erregistro-liburuak ez edukitzea eguneratuta;
betiere, eguneratu behar ziren egunetik hilabete ez bada pasa oraindik.
3.6. Ikuskaritza eta administrazio-kontrola egiteko beharrezko den
dokumentazio edo informazio oso-osoa ez ematea.
107.
Artikulua - Elikagaigintzako zehapenak
1. Arau-hauste oso larriei 30.001 eta 300.000
euro bitarteko isuna jarriko zaie; arau-hauste larriei 2.001 eta 30.000 euro
bitarteko isuna, eta arinei, berriz, ohartarazpena eta gehienez 2.000 euroko
isuna.
2. Diruzko zehapenak ezartzean, helburua da
arau-hausleentzat ez izatea hobe araua haustea hautsi duten araua betetzea
baino; betiere, proportzionaltasun-printzipioa gogoan hartuta eta ezarri
beharreko zehapena arau-haustearen larritasunaren araberakoa izanik.
3. Egindako arau-haustea larria edo oso larria
bada, organo eskudunak, horiez gain, beste zehapen batzuk ere erants ditzakete:
a) Kaltea
ez luzatzeko zuzentze-, segurtasun- edo kontrol-neurri egokiak jarraraztea.
b) Merkantziak,
produktuak, ontziak, etiketak eta arau-haustearekin lotutako bestelako gauzak
konfiskatzea, edo, kasuan kasu, identifikatu gabeko produktuak konfiskatzea.
c) Nekazaritza-
edo elikagaigintza-enpresa aldi baterako ixtea: gehienez urtebete, arau-haustea
larria bada; eta lau urtez edo betiko, arau-haustea oso larria bada.
d) Arau-hauste
larri edo oso larrien kasuan, eta araua hautsi dutenak lege honetako 58.
artikuluan jasotako kalitate- eta jatorri-ikurren erregistroetan izena emanda
badaude, bestelako zehapen bat ere erantsiko da kasuan kasu: deitura edo marka
erabiltzeko eskubidea aldi baterako galtzea, edo erregistroan behin betirako
baja ematea. Deitura edo marka erabiltzeko eskubidea aldi baterako galtzeak
esan nahi du deituraren etiketak eta bestelako dokumentuak ezin izango direla
erabili bitarte horretan. Erregistroetan behin betiko baja emateak esan nahi du
arau-haustaileak erregistrotik kanpora geratuko direla eta, horrenbestez,
deituraren edo markaren eskubide atxiki guztiak galduko dituztela, bai eta
aurrerago onartuko diren bestelako ikurrenak ere, onartzen badira.
4. Zehatzeko ahala izango duen organo
titularra, hain zuzen, indarrean dagoen legediaren arabera egindako
arau-haustearen kontrola eramateko eta ikuskapenak egiteko eskumena duen
organoa izango da.
108.
Artikulua - Elikagaigintzako zehapenen graduazioa
Arau-hauste
bakoitzari jar dakizkiokeen zehapenen artean kasuan kasu zein egokitzen den erabakitzeko,
honako irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Arau-haustea
nahita egin den, edo utzikeria hutsagatik gertatu den.
b) Behin
baino gehiagotan gertatu den; hau da, prozedura berdinean zehatzen diren
arau-hauste edo irregulartasun bat baino gehiago gertatzea.
c) Eragindako
kalteak nolakoak diren; bereziki, arau-hausteak eragin txarrik ekarri dion
kontsumitzaileen osasunari edo interes ekonomikoei, edo nekazaritza- eta
elikagaigintza-industrien interesei.
d) Arau-hauste
larriak edo oso larriak errepikatu diren; hots, hiru urteren barruan mota
bereko arau-haustea errepikatzea, baldin eta errepikapena ebazpen irmo bidez
aitortu bada, eta errepikatutako arau-hausteak ebazpenaren ondoren gertatu edo
detektatu badira.
e) Salmentaren
edo produkzioaren bolumena, eta araua hautsi duen enpresaren garrantzia.
f) Arau-haustea
zehapen-espedientea ebatzi aurretik aitortu edo zuzendu den.
g) Dena
delako jarduera, zerbitzu edo instalazioan, beharrezko kontrolak eta arreta
falta diren.
h) Aurretik
emandako abisuak zenbateraino ez diren bete.
i) Araua
hausteak zenbateko irabazi bidegabea ekarri duen.
109.
Artikulua - Elikagaigintzako neurri osagarriak
1. Baldin eta merkantzia, produktu, ontzi,
etiketa edo zehatutako arau-haustearekin lotutako bestelakoak kautelaz atzeman
badira, kasu horretan, zehapen-prozedura ebaztea dagokion organoak berak
erabaki beharko du atzemandakoekin zer egin.
Nolanahi,
zehapena ezarri zaion arau-haustearekin lotutako merkantzia, produktu eta
gainerakoak suntsitu egin beharko dira, baldin eta erabiltzea edo kontsumitzea
arriskutsu izan badaiteke osasun publikorako. Edozein kasutan ere, produktuok
beste norabait eramateak, suntsitzeak edo konfiskatzeak eragindako gastuak
arau-hausleak berak ordaindu beharko ditu, jabeari ordaindu behar zaion
kalte-ordaina barne, ez bada jabea bera izan araua hautsi duena.
2. Baldin eta arau-hausleak ez badu bete neurri
osagarri moduan ezarri zaion betebeharren bat, edo ez badu erabat bete,
hertsapen-isuna jarriko zaio, ezarritako betebeharra edo zehapena erabat bete
dezan. Isuna hiru hiletik behin pasatuko zaio, kasuan kasuko zehapena erabat
bete arte. Nolanahi, zenbatekoa ezingo da izan 6.000 euro baino gehiagokoa
zehapen bakoitzeko.
Hertsapen-isunak
independenteak izango dira, eta egindako arau-haustea zehatzeko jarriko diren
isunekin bateragarri.
110.
Artikulua - Elikagaigintzako arau-hausteen erantzukizuna
1. Ontziratutako produktuetan egindako arau-hausteen
erantzule etiketan agertzen diren firmak edo izen sozialak izango dira, bai
izendatuta agertzen direnak, bai zehazki identifikatzeko moduko bestelako
zeinuren baten bidez agertzen direnak. Horrez gain, etiketan ez agertu arren,
erantzule solidarioa izango da egile, fabrikatzaile edo ontziratzailea ere,
baldin eta frogatzen bada arau-haustearen berri bazuela eta ados egon zela.
Etiketak faltsifikatu egin badira, faltsifikazioaren berri jakinda produktuak
komertzializatu dituztenena izango da erantzukizuna; eta zehapen-bideak
ezartzen dituen neurriak aplikatuko zaizkie.
2. Ontziratu gabeko produktuetan, etiketarik
gabe ontziratutakoetan egindako arau-hausteen kasuan edota etiketan inongo
firmarik edo izen sozialik jarri ez den kasuetan, produktuon edukitzailea
izango da erantzule, non eta aurreko edukitzailea argi eta garbi identifikatzen
ez den; nolanahi, edukitzaileak ere izango du erantzukizuna.
3. Pertsona juridikoek (kontseilu arautzaileak
eta ikuskapen eta kontroleko erakunde edo organoak barne) egindako
arau-hausteen erantzukizuna subsidiarioki egotziko zaie beste hauei ere: horien
administratzaile edo titularrei, ez badute beren esku zegoen guztia egin hautsi
diren betebehar horiek ez zitezen hautsi; beren mendekoei betebeharrok ez betetzea
onartu dietenei, edo arau-hausteak gertatzeko bidea eman duten akordioak hartu
dituztenei.
4. Lege honetan araututako arau-hausteek
eragingo duten erantzukizun administratiboa erabat apartekoa izango da
erantzukizun zibiletik eta zigor-erantzukizunetik, halakorik balego. Nolanahi,
bi zigor ere ezar daitezke, subjektua, egintza eta oinarria ageri badira.
111. Artikulua - Elikagaigintzako arau-hausteak
metatzea
Pertsona berari bi arau-hauste edo gehiago
egozten bazaizkio, eta horietako bat beste arau-hauste bat egiteko bidea
balitz, arau-hauste larrienari dagokion isuna jarriko zaie arau-hauste guztiei.
112. Artikulua - Zehapen-prozedura
Zehapen-prozedura honako arauek xedatu
dutenaren araberakoa izango da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta
Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, hau
da, zehatzeko ahala gauzatzeko erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko
1398/1993 Errege Dekretuan jasotakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioen zehatzeko ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak.
Xedapen Gehigarriak
Lehena - Zehapenen zenbatekoa eguneratzea
Gobernu Kontseiluari dagokio diruzko
zehapenak eguneratzea. Horretarako, eguneratzea egiteko egunean Euskal
Autonomia Erkidegoko KPI metatua hartuko da kontuan.
Bigarrena - Aurrekontuak aldatzea
Ogasunean eta aurrekontuetan eskumena
daukan sailak izango du ahalmena aurrekontuan beharrezko aldaketak egiteko,
diru-sarrerak eta gastuak lege honen aplikazioaren eraginez sortutako
premietara egokitze aldera.
Xedapen
Iragankorrak
Lehena
- Indarrean dauden xedapenak
Lege
honetan xedatutako arauak garatzen diren arte, gaia arautzen duten
erregelamendu-xedapenak aplikatuko dira orain arte bezala, betiere, lege
honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira.
Bigarrena
- Baimenak eta lizentziak
Lege
honetako 99. artikuluak aipatzen dituen baimen edo lizentzien titularrek orain
arteko eskubide berak izaten jarraituko dute, lege hau indarrean sartzen
denetik aurrera ere, beren administrazio-tituluen edukiaren arabera eta lege
honetan xedatutakoaren arabera; halere, lege honetara moldatu beharko dute,
lege hau garatzeko xedapenak sortzen diren heinean.
Hirugarrena
- Nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak
Lege
honek 15. artikuluan aipatzen dituen nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak
eratu artean, foru-organoetako sail eskudunek izango dute lege honen 14. artikuluan
jasotako nekazaritza-lurren funtsetako ondasunak eta eskubideak kudeatu eta
administratzeko ardura.
Laugarrena
- Herrietako merkatu eta azoka tradizionalak
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lege honetara egokitu behar dute beren
araudia, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, gehienez.
Xedapen
Indargabetzailea
Aurrerantzean,
indargabetuta geratuko dira maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak, lege
honetan xedatutakoaren kontrako diren puntu guztietan; bereziki, bi hauek:
Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 1997ko maiatzaren 7an emandako
Agindua, Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala erregulatzen duena, eta urriaren
11ko 290/2005 Dekretuaren 16. eta 18. artikuluak, Nekazaritza, Arrantza eta
Elikadura Sailaren egitura organiko eta funtzionala finkatzen dutenak.
Azken
Xedapenak
Lehena.
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege
orokorra aldatzea
Euskal
Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege
orokorraren 65. artikuluari 2. atala gehitu zaio. Hauxe:
"2. Dena
delako jarduera Nekazaritza- eta Elikagaigintza-politikari buruzko Legearen
aplikazio-eremuan badago, xedapen horren 10. artikuluan agintzen dena bete
beharko da".
Bigarrena
- Ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen aldaketa
1. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko
ekainaren 30eko 2/2006 Legeari beste artikulu bat, 97 bis gehitu zaio.
"97 bis artikulua. Balio agrologiko
handiko lurretan egiteko proiektuen tramitazioa
1. Balio
agrologiko handikotzat jo diren lurretan hau da, euskal landa-eremua
antolatzeko unean-unean indarrean dagoen erreferentzia-esparruan ezarritako
definizioarekin bat hala definitu diren lurretan egitekoa den edozein proiektu
edo ekintza administratibok nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoaren
txostena ere izan beharko du. Txosten hori aztertuta, Lurralde Antolamendurako
Batzordeak bere txostena prestatuko du, azken txostena, loteslea izango dena
hirigintza-planeamenduko figurentzat".
2. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko
ekainaren 30eko 2/2006 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 2. atalari beste
artikulu bat, d), gehitu zaio.
"d) Lege
honen 97 bis artikuluan jasotako balio agrologiko handiko lurretan egitekoa den
edozein proiektu edo ekintza administratibori buruzko txosten loteslea
prestatzea".
Hirugarrena
- Erregelamendu bidezko garapena
1. Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean,
Gobernu Kontseiluak onespena eman beharko die lege hau aplikatu eta garatzeko
lege honetan bertan jasotako xedapenei; nolanahi, lurralde historikoek ez dute
galduko berei dagozkien erregelamendu-garapeneko eskumenak.
2. Horrez gain, nekazaritzan eta
elikagaigintzan eskumena daukan sailburuari ahalmena ematen zaio beharrezko
aldaketak egiteko, lege honetako eduki soilik teknikoak Europar Batasuneko
araudira eta bestelako eremuetako araudietara egokitze aldera, eta, bereziki,
xedapen honen eranskinari dagozkion aldaketak egiteko.
Laugarrena
- Indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko
da indarrean.
ERANSKINA
Nekazaritza eta elikagaigintzako honako jarduera-sektoreek eta
nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak komertzializatzeko industriek
eman behar dute izena lege honen 60. artikuluan xedatutako Euskal Autonomia
Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan; hain zuzen
ere, hauek:
1. Haragiki-industria
1.1 Ganadua hil eta haragia kontserbatzea
1.2 Hegaztiak hil eta hegaztikiak kontserbatzea
(arrautzen manipulazioa barne)
1.3 Haragikien fabrikazioa
1.4 Hondakinen eta arriskuko material
espezifikoen (AME) tratamendua
2. Arrainkiak
eta arrainetan oinarritutako produktuak egin eta kontserbatzea
3. Fruta,
barazki, leka eta patatak prestatu, kontserbatu, ontziratu, sailkatu eta
eraldatzea
4. Landare
nahiz animalia-koipe eta -olioak egitea
5. Esneki-industriak
5.1 Esne likidoaren fabrikazioa
5.2 Esnekien fabrikazioa
5.3 Izozkiak egitea
5.4 Esnekiak ontziratu eta kontserbatzea
6. Errotaritza-industria
6.1 Errotaritza-produktu, almidoi eta produktu
amilazeoen fabrikazioa
6.2 Zerealen gordetegi eta biltegiak
7. Animaliak
elikatzeko produktuen fabrikazioa
8. Bestelako
elikagaien fabrikazioa
8.1 Ogi eta ogigintzako eta gozogintzako
produktu freskoen fabrikazioa
8.2 Gailetak eta iraupen luzeko ogigintzako eta gozogintzako
produktu freskoen fabrikazioa
8.3 Azukre-industria
8.4 Kakao, txokolate eta konfitura-industria
8.5 Jateko pasten fabrikazioa
8.6 Kafe, te eta infusioak ekoiztea
8.7 Eztia egin eta ontziratzea
8.8 Espezia, saltsa eta gozagarriak egin eta
ontziratzea.
8.9 Umeen elikagaigintzako prestakinak egin eta
ontziratzea
8.10 Bestelako elikagaiak egitea
9. Edariak
egitea
9.1 Alkoholdun edariak distilatu eta
botilaratzea
9.2 Hartziduratik ateratako alkohol etilikoaren
destilazioa
9.3 Ardoak egin eta botilaratzea
9.4 Sagardoa eta frutatatik hartzitutako
bestelako edariak egin eta botilaratzea
9.5 Hartzidurazko bestelako edari destilatu
gabeak egitea
9.6 Garagardoa egitea
9.7 Malta fabrikatzea
9.8 Ur mineralak ontziratzea
9.9 Freskagarriak egin eta botilaratzea
10. Tabako-industria
11. Egurra
zerratu eta eskuilatzea; prestatu, tratatu eta eraldaketa industriala egitea,
zuraren legean jasota dagoen moduan
12. Zereal,
hazi eta ganaduarentzako elikagaien handizkako komertzioa
13. Perretxiko
eta basoko fruituen prestaketa, kontserbazioa eta tratamendua
14. Energia
berriaren produkzioa, biomasatik eta nekazaritzako lehengaietatik
15. Hainbat
produktutarako hozkailu-biltegia