17/1998 Legea, ekaninaren 25ekoa, Boluntarioei buruzkoa.
1998-06-25Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/7/13, 130. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.
§
223. 17/1998 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, BOLUNTARIOEI BURUZKOA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Euskal Autonomia Erkidegoan, arazoei aurre
egin ahal izateko jendea elkartzeko ohitura handia izan da beti, eta aspaldi
hasi ziren boluntario antolatuen mugimenduak.
Hainbat eta hainbat erakunde aspalditik
ibili izan dira herritarrek zituzten behar frankori aurre egiteko komunitatean
musutruk lan egiten, era guztietako zerbitzuak emanez, eta beharrei aurre
egiteko moduren bat Administrazioak berak aurreikusi baino lehenagotik ibili
ere.
Hain zuzen ere, borondatezko lanaren
ondorioz sortu ziren mugimendu sindikala, profesionalen talde asko, herritarren
erakunde ugari eta hainbat auzo nahiz erlijio erakunde.
Behin onarturik aginte publikoek badutela
erantzukizunik giza duintasunarentzako oinarrizko eskubideez benetan baliatzeko
bermeari dagokionez, bai eta aukera-berdintasunari eta gizarte-berdintasuna
eragozten duten oztopoak kentzeari dagokienez ere, boluntarioen lanak ez du
izan behar aurretik aipatutako xedeekin zerikusia duten zerbitzu publikoetan
gertatzen diren hutsuneak ordezteko edo betetzeko.
Boluntarioek, euskal administrazio
publikoei dagokienez, lagundu egin behar dute, berrikuntzak sartuz eta beste
gizarte-eragileekin batera lan eginez, gizartea aldatzea helburu duten politika
publikoak diseinatzen, garatzen eta burutzen, betiere lehentasuna emanez
pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeari eta zuzentasun eta
berdintasun handiagoko gizartea eraikitzeari.
Argi utzi nahi dugu hori. Izan ere, badirudi gaur egun zalantzan jartzen
direla oraindik hasi berria dugun gure Ongizate Estatuaren zenbait lorpen, eta
arrisku bat dago: borondatezko gizarte-ekimena ekintza profesionalaren
ordezkotzat jotzeko arriskua, eta ondorioz gizartearen beharrei aurre egiteko
zerbitzu publikoak sortu gabe uzteko arriskua.
Lege hau
egitearen arrazoia honakoa da: alde batetik, erakundeei buruzko zenbait alderdi
Elkarteen Legean araututa badaude ere, ez dagoela boluntarioen lana bera
arautzeko legedi berezirik; bestetik, legearen bidez boluntarioen ekimena
babestu nahi da.
Hori dena
bermatzeak eta boluntarioen eta kide direneko erakundeen arteko harremanak
nahiz erakunde horien eta Administrazioaren arteko harremanak bermatzeak
lagundu egiten du boluntarioen zein erakundeen askatasuna areagotzen eta
gehiegikeriak saihesten.
Baina lege
honen ekarpen nagusia hauxe da: Euskal Administrazioak boluntariotza sustatzeko
hartzen duen konpromezua, aldi berean herritar guztiek gizartea eraikitzen
jarduteko duten eskubidea azpimarratuz.
Legeak zati
hauek ditu: hiru xedapen gehigarri, aldi baterako xedapen bat eta azken xedapen
bi.
I. tituluan
araututako xedapen orokorretan, legearen helburua eta aplikazio eremua zein
diren eta boluntariotza kontzeptua zer den zehazten da; horrela, boluntariotza
pertsona fisikoek aurrera eramaten duten interes orokorreko ekimen-multzoa
izango litzateke, betiere zehazten diren baldintzetan egiten direnak; baldintza
horietatik kanpo dauden ekimenak eta lege honen arabera boluntariotzaren
barrukoak ez liratekeenak ere zehazten dira. Horretaz gain, interes
orokorrekotzat joko diren ekimenak eta boluntariotzako ekimenak bideratzeko
oinarriak zehazten dira.
II. tituluan
Boluntarioaren Estatutua garatzen da bi kapitulutan banatzen den azalpenean:
lehenengo kapituluan, boluntarioei buruzkoan, boluntario kontzeptua azaltzen da
eta boluntarioaren eskubideak eta betebeharrak ezartzen dira. Bigarrenean,
erakundeei eta erakunde eta boluntarioen arteko harremanei buruzkoan,
erakundeek zein baldintza bete behar dituzten zehazten da, eta, lehenengo
kapituluarekin bat etorriz, erakunde hauen eskubideak eta betebeharrak arautzen
dira. Boluntariotzako erakundeak deiturikoak sortzea ere aurreikusten da, eta,
aurrekoak ez bezala, horiek izango duten espezifizitatea dela-eta, agian herri
onurakotzat joak izango dira.
III. tituluak,
boluntarioak dituzten erakundeen eta Administrazioaren arteko harremanak
arautzen dituenak, Eusko Jaurlaritzak bete beharreko funtzioak ezartzen ditu,
gizarte ongizate gaietarako eskumena duen sailaren bidez beteko dituenak. Sail
horren menpe egongo da, era berean, Boluntariotzako Erakundeen Errolda
Orokorra, eta bertan izena eman ahal izango dute boluntarioak dituzten
erakundeek, programak edo egitasmoak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan
egiten dituztenean. Bestalde, III. tituluan administrazio publikoen eta
erakundeen arteko harremanen oinarriak ezartzen dira, hala nola elkarlaguntza,
osagarritasuna eta parte-hartzea.
IV. tituluan,
euskal administrazio publikoek boluntarioen lana sustatzeko eta errazteko
bultzatuko dituzten ekintzak ezartzen dira, betiere euren eskumenek eta
aurrekontu-ahalmenek horretarako aukera ematen duten neurrian.
Azkenik, V.
tituluan, boluntariotzaren partaidetzari buruzkoan, Boluntariotzaren Euskal
Kontseilua sortu eta horren kideak eta eginkizunak zein izango diren arautzen
da. Boluntariotza gaiaren inguruan biltzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak
emateko organoa izango da kontseilua, eta gizarte ongizate arloan eskumena duen
Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.
Xedapen
gehigarrietan, berriz, honakoa ezartzen da: alde batetik, erakundeek eskatzen
badute, boluntarioak erakundeetan sartzea Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte
Segurantza Sailak ezarritako hitzarmen- edo konpromezu-eredu normalizatu baten
bidez formalizatu ahal izango dela. Bestalde, epe bat ezarriko da
Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrak eta Boluntariotzaren Euskal
Kontseiluak beren funtzionamendu-araudiak egin ditzaten aski izango
litzatekeena.
Azkenik, aldi
baterako xedapenean urtebeteko epea ezartzen da, lege hau Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen
hasita, legea indarrean jartzen denean boluntarioak dituzten erakundeak legean
ezarritakora egoki daitezen.
I
TITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
Artikulua - Legearen helburua eta esparrua
1.- Lege
honen helburua hau da: irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek egiten
dituzten boluntariotzako ekimenetan herritarren parte-hartzea arautzea eta
sustatzea; ekimen horietan ez dira sartzen gizartean bere kasa sortzen diren
elkartasun-erak.
2.- Erakunde
publikoek boluntarioen esku-hartzea beharrezkoa edo komenigarria dela
sumatzean, irabazi-asmorik ez duten erakunde pribatuen bidez bideratuko dute
esku-hartze hori; horrek, ordea, ez du inondik ere euskal administrazio
publikoen eginkizunen utzikeriarik ekarri behar euskal herritarrei zerbitzu
publikoak emateari dagokionez.
3.- Urtarrilaren
15eko 6/1996 Legearen 2. artikuluan (boluntariotzari buruzkoan) ezarritakoa
aldarazi gabe, lege honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira batik bat
Euskal Herrian jardungo duten erakundeak edota egoitza edo ordezkaritza Euskal
Herrian duten erakundeak. Horretarako, erakundeak osatzeko ezartzen denari
jarraituko zaio.
2.
Artikulua - Boluntariotza kontzeptua
1.- Lege
honen ondorioetarako, pertsona fisikoek aurrera eramaten dituzten interes
orokorreko ekimenen multzoa da boluntariotza, ekimen horiek honako baldintza
hauek betetzen badituzte:
a) Norberaren
probetxurako ezer lortzeko asmorik gabekoak izatea eta elkartasunak bultzatuak
izatea.
b) Borondatezkoak eta
askatasun osoz eginak izatea; arrazoia lan-, funtzionariotza- edo
merkataritza-harremana ez izatea, ez eta obligazio pertsonala edo betebehar
juridikoa ere.
c) Irabazi-asmorik ez
duten erakundeen bidez eta programa edo egitasmo zehatzei jarraiki eginak
izatea.
d) Ordainsaririk gabeak
izatea.
e) Ordaindutako zerbitzu
profesionalak inolaz ere ez ordezkatzea.
2.- Legearen
ondorioetarako ez dira boluntariotza izango erakundeetatik kanpo une jakin
batean edo noizean behin famili kontuengatik, adiskidetasunagatik, on
egiteagatik edo auzoko bizikidetasun onak bultzatuta egindako borondatezko ekintzak.
3.- Ordezko
zerbitzu sozial gisa egindakoa ere ez da borondatezko ekintzatzat joko.
3.
Artikulua - Interes orokorreko ekimenak
Aurreko artikuluan ezarritakoa argitzeko,
interes orokorrekotzat jotzen diren ekimenak honakoak dira: gizartearen edo pertsonaren
onerako lan egiteko konpromezua dutenak, esparrua edozein dela ere: gizartea,
komunitatea, hiria, kultura, garapena, ingurugiroaren babesa edo antzekoa.
4.
Artikulua - Jarduteko oinarriak
Esparru ezberdinetako boluntariotzako
ekimenek balore hauek izango dituzte oinarrian: elkartasuna, partaidetza,
doakotasuna, autonomia aginte publikoen aurrean, bereizkeriarik eza,
aniztasuna, integrazioa, prebentzioa, gizartearen sentsibilizazioa eta, oro
har, gizarte demokratiko, moderno eta parte-hartzaile, zuzen eta
berdintasunezko batean elkarbizitza errazten duten baloreak.
II
TITULUA
BOLUNTARIOAREN
ESTATUTUA
I
KAPITULUA
BOLUNTARIOAK
5.
Artikulua - Boluntario kontzeptua
1.- Boluntarioa
lege honetan aipatutako ekintzak egiteko konpromezua askatasun osoz hartzen
duen pertsona fisikoa da; boluntariotzat jotzeko, ekintzek 2. artikuluan
ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2.- Boluntariotzak
boluntarioaren eta erakundearen artean harremanak izatea eskatzen du. Harreman
horiek hainbat eskubide eta obligazio sortzen dituzte elkarrekiko, eta horiek,
edo horien alderdirik nagusienak, Lege honetako 8.4 a) artikuluan aipatutako
barne estatutuak arautuko ditu.
3.- Boluntario
izatea eta erakundeko bazkide izatea bateragarria izango da. Erakunde batean
profesional modura jarduten dutenek edo erakunde horrekin laneko,
merkataritzako edo beste edonolako harreman ordainsaridunak dituztenek ezin
izango dituzte, inolaz ere, lan horiek berberak boluntario gisa egin.
6.
Artikulua - Boluntarioaren eskubideak
Boluntarioaren eskubideak dira:
a) Sartzen den
erakundean aktiboki parte hartzea, erakundeari buruz jaso beharreko informazioa
jasoz (batez ere haren xedeei, egiturari eta funtzionamenduari buruzkoa),
erakundean parte-hartze organoak sortzea eta organo horietako kide izatea.
b) Esku hartzen dueneko
programa edo egitasmoak diseinatu, egin, burutu eta ebaluatzen laguntza ematea;
horretaz gain, erakundeko boluntario den aldetik, berari ere badagozkion
gaietan iritzia emateko eskubidea izango du boluntarioak.
c) Boluntario-lanak
eskatzen duen laguntza teknikoa nahiz heziketa- eta giza laguntza jasotzea eta
bere izaera eta ahalmenetara hobekien egokitzen den lanetara bideratzea.
d) Aseguratuta egotea,
boluntario gisa lan egitean bitartekoren bati kalterik egin baliezaioke ere;
asegurua araudian ezarritako baldintzetan eta araudiak ezarritako kapitalaren
bidez egingo da.
e) Boluntarioak bere
lana betetzeko xahututako dirua berreskuratzea, baldin eta erakundea eta
boluntarioaren artean hitzartutako baldintzetan horrela ezarrita badago, eta,
betiere, hitzarmenean jarritako mugen barruan.
f) Ekintzak
boluntarioaren bizilekutik ahalik eta hurbilen egitea, programek eta egitasmoek
horretarako aukera ematen duten neurrian.
g) Bazterkeriarik gabe
eta zuzentasunez tratatua izatea, boluntarioaren askatasuna, intimitatea eta
sinismenak errespetatuz.
h) Lana segurtasun- eta
higiene- baldintza egokietan egitea, lanaren ezaugarriek eskatzen dutenaren
arabera.
i) Gizarteari emandako
laguntzak merezi duen errespetua eta errekonozimendua lortzea.
j) Aurrez jakinarazita,
boluntario izateari askatasunez uztea.
k) Lege honetatik eta
boluntariotzari buruzko gainerako antolamendu juridikotik etorritako beste
guztiak.
7.
Artikulua - Boluntarioaren betebeharrak
Hauek dira boluntarioaren betebeharrak:
a) Sartuta dauden erakundeari laguntza ematea,
bere ahalmen eta borondatearen heinean, parte hartuz eta erakundearekin batera
lan eginez.
b) Erakundearekiko hartutako konpromezuak
betetzea, erakundearen araubidea eta helburuak errespetatuz.
c) Berari egokitutako lanak arduraz egitea eta
erakundeko arduradunek ezarritako jarraibideei segitzea.
d) Erakundeak aurreikusitako heziketa-ekintzetan
eta lana behar bezala egiteko beharrezko ekimenetan parte hartzea.
e) Boluntario gisa lan egitean jasotako edo
jakindako informazioa isilpean gordetzea.
f) Lagundu nahi dituzten pertsonen eta
pertsona-taldeen eskubideak errespetatzea.
g) Boluntario-agiria eta erakundearen bereizgarria
egoki erabiltzea.
h) Boluntarioaren esku uzten diren baliabide
materialak zaintzea.
i) Oro har, boluntario-lana lege honetako 4.
artikuluan ezarritako oinarriak betez egitea.
j)
Lege honetatik eta boluntariotzari buruzko
gainerako antolamendu juridikotik etorritako beste guztiak.
k) Onartzen
diren segurtasun eta higieneko neurriak betetzea.
II
KAPITULUA
ERAKUNDEAK
ETA HORIEN HARREMANAK BOLUNTARIOEKIN
8.
Artikulua - Erakundeak
1.- Boluntarioak
dituzten erakundeak, edozein lege-ereduri dagozkiola ere, baldintza hauek bete
beharko dituzte: legearen arabera osatuak izatea, nortasun juridiko propioa
edukitzea, irabazi-asmorik ez izatea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen
barruan fundazio eta elkarteei dagokien erregistroan behar bezala
erregistratuta egotea eta interes orokorreko ekintzen barruan programak edo
egitasmoak garatzea (lege honetako 3. artikuluan zehaztuak).
2.- Boluntariotzako
erakunde izendapena erakunde hauek hartuko dute: aurreko baldintzak betetzeaz
gain kide gehienak boluntarioak dituztelarik, egiten dituzten programa edo
egitasmo gehienak batik bat boluntarioen bidez egiten dituzten erakundeak.
3.- Boluntarioak
erakundean sartzeko bidea idatziz jasoko den hitzarmen edo konpromezua izango
da. Bertan erakundearen eta boluntarioaren arteko harremana altruista izango
dela eta batak bestearekiko dituen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren
zehaztuko da; horretaz gain, eginkizunak, ekintzak, harremanaren iraupena,
harreman hori desegiteko arrazoiak eta erakundeak eta boluntarioek finkatu nahi
dituzten beste hainbat puntu zehaztuko dira, legeak dioena betetzen dela
ziurtatzeko.
4.- Erakundeek honakoak egin
beharko dituzte:
a) Erakundearen barnean boluntarioaren estatutu bat eratu beharko
dute, eta bertan ezarri, gutxienez, erakundean onartzeko eta ez onartzeko
irizpideak zein boluntarioen eskubide eta betebeharrak.
b) Behar dena antolatu,
boluntarioak bai erakundean eta bai parte hartuko duen programa eta
egitasmoetan bere laguntza emango duela eta behar duen informazioa jasoko duela
bermatzeko.
c) Egin beharreko lanak
egiteko egokiak diren bitartekoak eta laguntza eman boluntarioei.
d) Boluntarioei lanak
ondo egiteko beharrezkoa den heziketa eman.
e) Boluntarioentzako
aseguru-poliza sinatu; horren bidez, boluntarioak bere lana egiterakoan
bitartekoren bati kalterik eginez gero aseguruak ordainduko lituzke kalteak,
betiere araudian ezartzen diren baldintzetan eta araudiak ezartzen duen
kapitalaren bidez.
f) Boluntario gisa
egiten duen berariazko lanari dagozkion segurtasun- eta higiene-baldintzak
bermatu.
g) Boluntarioari berak
egindako lanak egiaztatzen dituen agiri bat egin.
h) Boluntario berri bat
erakundean sartzean egiten den hitzarmenean ezarritakoa bete.
i) Erakundean sartzen
direnen eta erakundeko kide izateari uzten diotenen erregistroa egin.
j) Boluntario gisa lan
egitean boluntarioak xahututako diru-kopurua itzuli, baldin eta erakundea eta
boluntarioaren artean hitzartutako baldintzetan horrela ezarrita badago, eta,
betiere, hitzarmenean jarritako mugen barruan.
k) Boluntarioari
egiaztagiri bat eman bere lanerako gaitu eta identifikatuko duena.
5.- Erakundeen
eskubideak dira:
a) Egin beharreko
lanaren arabera aukeratzea boluntarioak.
b) Erakundeek egiten
duten borondatezko lanaren inguruan beharrezko informazioa eta orientabidea
eskatzea Administrazioari eta eskatutako hori jasotzea.
c) Borondatezko lana
sustatzeko ekintzetan aurreikusten diren neurrietara jo ahal izatea.
III
TITULUA
BOLUNTARIOAK
DITUZTEN ERAKUNDEEN ETA ADMINISTRAZIOAREN ARTEKO HARREMANAK
9.
Artikulua - Eusko Jaurlaritzaren eskumenak
Boluntariotzari dagokionez, Eusko
Jaurlaritzak honako eginkizun hauek beteko ditu gizarte ongizatearen arloan
eskumenak dituen sailaren bidez:
a) Boluntariotzako
Erakundeen Errolda Orokorra kudeatu eta antolatu.
b) Boluntariotzaren
baliabideei buruzko katalogo bat egin, bertan Autonomia Erkidegoan garatzen
diren programen edukia agertuko delarik.
c) Lehendik dauden
fondoak koordinatuko dituzten boluntariotzari buruzko agiri-fondoa eta
datu-basea sortu.
d) Boluntariotzako
egitasmo jakin bati ekin dioten erakundeei behar eta eskatzen dituzten aholkuak
eta laguntza eman.
10.
Artikulua - Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra
1.- Boluntariotzako
Erakundeen Errolda Orokorra sortuko du gizarte ongizatearen arloan eskuduntza
duen Eusko Jaurlaritzako sailak. Errolda horretan 8. artikuluan aipatzen diren
erakundeak sartuko dira, hain zuzen ere 1.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki
lege hau bete behar duten erakundeak.
2.- Euskal
Autonomia Erkidegoaren eskuduntzapeko fundazio- eta elkarte-erregistroen
arduradunek erroldan jakinarazi beharko dute fundazio eta elkarte horietan
jende berria sartzean, baldin eta erakundeak boluntarioak baditu. Horretarako,
hasieran izen-ematea egiterakoan, erakundeek erregistroei jakinarazi beharko
diete boluntarioak dituzten erakundeak direla.
3.- Dena
dela, eta aurreko lerrokadan aurreikusitakoa aldarazten ez dela, erakundeek
zuzenean ere eman ahal izango dute izena erroldan.
11.
Artikulua - Administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanak bultzatu
dituzten printzipioak
1.- Elkarlaguntza,
parte-hartzea eta osagarritasuna izango dira administrazio publikoen eta
erakundeen arteko harremanen oinarri. Nolanahi ere, boluntariotzako erakundeek
antolaketarako eta ekimenak bultzatzeko duten autonomia babestu beharko du
Administrazioak.
2.- Berariazko
hitzarmenen bidez bideratuko da nagusiki administrazio publikoen eta erakundeen
arteko elkarlaguntza.
3.- Administrazio
publikoen eta erakundeen arteko harremanak beharrezkoak eta komenigarriak
izanik ere, horrek ez ditu inola ere aginte publikoak beren erantzukizunetik
libre uzten ez giza duintasunarentzako oinarrizko eskubideez benetan baliatzeko
bermeari dagokionez, ez aukera-berdintasunari eta gizarte-berdintasuna
eragozten duten oztopoak kentzeari dagokienez.
IV
TITULUA
BOLUNTARIOTZA
SUSTATZEA
12.
Artikulua - Sustatzeko neurri orokorrak
Boluntarioen lana erraztu eta sustatzeko
asmotan, euskal administrazio publikoek honako ekimen hauek bultzatuko dituzte,
besteak beste, euren aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen dieten neurrian:
a) Boluntarioak dituzten
erakunde ezberdinen baliabide eta bitartekoak bateratu, batez ere heziketari
eta informazioa biltzeari dagokienez.
b) Boluntariotza
antolatua oro har sustatzeko bitartekoak jarri, laguntzako boluntariotzaren
aurrean boluntariotza eraldatzaileari lehentasuna emanez, sustatzeko
bitarteakoak jarri. Modu berezian sustatuko dira lurralde eta udal batera
mugatu gabe erakundeen arteko elkarlaguntza bultzatzen duten ekimenak, sektore
eta esparru bakarrean jarduteko ez direnak.
c) Dirulaguntza
programetarako deialdiak egin eta hitzarmenak sinatu, hartara administrazio
publikoen errolda nahiz erregistroetan sartutako erakundeak iraunarazteko eta
horien heziketa eta ekimenak bultzatzeko.
d) Boluntariotzari
buruzko ikerketak, azterketak eta argitalpenak egin.
e) Erakundeei
informazioa, dokumentazioa, aholkuak eta laguntza teknikoa eman.
f) Boluntariotzari
buruzko informazio-kanpainak antolatu eta boluntariotzaren baloreak zabaldu.
g) Borondatezko lana
publikoki eskertzeko ohorezko neurriak ezarri.
h) Komunikabideetan
boluntarioaren mezua agertuko dela bermatu, bai eta boluntarioaren lana oro har
publikoki ezagutzera emango dela ere.
i) Autonomia Erkidegoko
erakundeak Autonomia Erkidegoaz kanpoko lurralde eremua duten beste erakunde
batzuekin harremanetan jarri.
j) Lanaldia murrizteko
edo egokitzeko neurriak jarri, borondatezko lana egin ahal izateko.
k) Borondatezko lana
errazteko lege-, lan- eta zerga-esparru egokiak bultzatu.
13. Artikulua - Herri onurakotzat jotzea
Lege
honetako 8.2 artikuluak barne hartzen dituen boluntariotzako erakundeak herri
onurakotzat jo daitezke, beren forma juridikoei dagokien berariazko legedian
ezarritakoari jarraiki.
V
TITULUA
BOLUNTARIOTZAREN
PARTAIDETZA
14.
Artikulua - Boluntariotzaren Euskal Kontseilua
1.- Elkartasun-politikan
gizarteko erakundeek eta gizarte osoak parte hartzeko, Boluntariotzaren Euskal
Kontseilua sortu da, boluntariotza gaiaren inguruan biltzeko, aholkuak emateko
eta kontsultak egiteko organo gisa.
2.- Kontseilu
hori gizarte ongizate arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita
egongo da.
15.
Artikulua - Eginkizunak
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren
eginkizunak honakoak izango dira:
a) Arau orokorrak
emateko aurreproiektuak edo proiektuak egiterakoan, Boluntariotzaren Euskal
Kontseiluak ezinbestean egin beharko du horiei buruzko txostena, baldin eta
arau horiek zuzenean boluntariotzari badagozkio. Txostena, boluntarioek eskatu
eta hamabost eguneko epean bidali beharko da.
b) Boluntariotzaren
oinarrizko beharrak zeintzuk diren antzeman eta aztertu.
c) Euskal administrazio
publikoei aholkua eman eta proposamenak zein egitasmoak aurkeztu borondatezko
lana egiten den esparru ezberdinei buruz. Horrekin batera, boluntariotza
programak diruz laguntzerakoan lehentasuna izango luketen irizpideak proposatu.
d) Boluntariotza
sustatzeko neurriak aztertzeko eta zuzentzeko proposamenak egin euskal
administrazio publikoei.
e) Jakinaren gainean
egon euskal administrazio publikoek boluntariotza programen gainean egindako
jarraipenaz eta ebaluazioaz, bai eta emandako dirulaguntzez ere.
f) Euskal Autonomia
Erkidegoko boluntariotzaren egoeraren berri eman urtero, txosten baten bidez.
g) Elkartasunarekin
zerikusia duten parte-hartze organoetan gizarte eragileak egotea bultzatu.
h) Kontseiluaren
funtzionamendu-araudia proposatu Gobernuari.
i) Ekintzen urteroko txostena onartu.
16. Artikulua - Osaera
1.- Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren
kideak honakoak izango dira:
a) Lehendakaria: kontseilua Eusko Jaurlaritzako sail bati atxikita
egongo denez, sail horretako sailburua bera edo horrek eskuordetutako pertsona.
b) Lehendakariordea: boluntariotzako erakundeen artean aukeratutako
bat. Lehendakariaren hainbat eginkizun beteko ditu, araudiz ezarrita daudenak,
hain zuzen.
c) Bokalak:
- Eusko Jaurlaritzako sei ordezkari, sailburuorde mailakoak, gizarte
ongizate, ingurugiro, babes zibil, kanpo ekintza, kultura, hezkuntza, kirol eta
osasun arloan eskumenak dituzten sailek izendatuak.
- Foru aldundietako hiru ordezkari, aldundiek berek izendatuak.
- Udaletako hiru ordezkari, ordezkaritza handiena duen euskal udal
elkarteak izendatuak.
- Erakundeetako hamahiru ordezkari, Boluntariotzako Erakundeen
Errolda Orokorrean izena emandako erakundeen artetik aukeratuak, hain zuzen ere
erakunderik txikienetako ordezkariak ere bokal izan ahal izateko moduko
partaidetza-sistema batez aukeratuak. Ordezkari horiek guztiak edo horietako
batzuk izendatu gabe egonez gero, kontseiluko lehendakariak izendatuko ditu.
d) Idazkaria: lehendakariak izendatuko du kontseiluko kideen artean.
2.- Kontseilukideak hiru urterako aukeratuko
dira, duten ordezkaritzaren arabera, nahiz eta aldi hori beste horrenbeste
luzatu ahal izango den. Izendatu zituen organoak kendu ere egin ditzake
kontseilutik, dagokien aldia bete baino lehen.
3.- Boluntariotzaren Euskal Kontseilura jotzeko
eskubidea izango dute, halaber, tratatzen den gaian adituak direnek, baina
informatzeko edo aholkua jasotzeko soil-soilik.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
- Eredu normalizatua
Lege honetako 8.3 artikuluan aipatzen den
hitzarmen- edo konpromezu-eredu normalizatua bidaliko die Justizi, Ekonomi, Lan
eta Gizarte Segurantza Sailak hala eskatzen duten erakundeei.
Bigarrena
- Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra
Lege hau indarrean jarri eta sei
hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak funtzionamendu-araudi bat onartuko du
Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrerako, gizarte ongizatearen arloan
eskumena duen sailburuak proposatuta.
Hirugarrena
- Boluntariotzaren Euskal Kontseilua
Boluntariotzaren Euskal Erakundea eratu
eta sei hilabeteko epean funtzionamendu-araudi bat egingo du;
funtzionamendu-araudi hori Eusko Jaurlaritzak onartuko du, gizarte ongizatearen
arloan eskumena duen sailburuak proposatuta.
Aldi
Baterako Xedapena Bakarra - Erakundeak Egokitzea
Lege hau indarrean jartzen den unean
boluntarioak dituzten erakundeek lege honetan ezarritakora egokitu beharko dute
lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebeteko
epean.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
- Araudi bidezko garapena
Eusko Jaurlaritzari eskumena ematen zaio
lege hau garatu eta aplikatzeko eman beharreko xedapenak emateko.
Bigarrena
- Indarrean jartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.