17/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Itsu-txakurrena.
1997-11-21Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1997/12/11, 237. zk.; EAO, 2012/1/14, 12. zk.
Indargabetua: 2007-07-21
§ 202. 17/1997 LEGEA, AZAROAREN 21EKOA, ITSU
TXAKURRENA
ZIOEN ADIERAZPENA
Euskal Autonomia Estatutuaren 10.12
atalean jasota dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoak aginpide osoa du
gizarte-laguntzaren arloan. Dena den, gai horren inguruan, kontuan izan behar
da Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru
Erakundeen arteko Harremanei buruzko Legeak esaten duenaren arabera, lurralde
historikoetako foru-organoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere lurraldean
jardunda, aginpide hori betearaztea.
Bestalde, Euskal Estatutuaren 9.2 atalean esaten
denez, euskal aginte publikoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere aginpideen
barruan jardunda, norbanakoaren eta taldeen arteko askatasuna eta berdintasuna
lortzeko badintzak bultzatu eta oztopoak kentzen saiatzea, askatasun eta
berdintasun hori eraginkorra eta benetakoa izateko. Era berean, herritar
guztiek Euskadiko politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean parte hartzea
ere erraztu behar dute botere publikoek, eta hori guztia Konstituzioan esaten
denaz bat. Izan ere, Konstituzioan jasota dagoenez, gizarte-politika gidatuko
duten printzipioetako bat urritu fisiko eta sentsorialak integratzea eta
babestea da, hain zuzen ere gainontzeko herritarrek dituzten eskubide berak
izan ditzaten.
Esandako guztiagatik, euskal erakundeek,
aspaldidanik, hainbat ekintza burutu dute gizarte-integrazioko politika
eraginkorra lortu ahal izateko. Horren erakusle ditugu maiatzaren 3ko 2/1990
Legea, Gizarteratzeko Gutxieneko Dirusarrerei buruzkoa, edo urriaren 18ko
5/1996 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, biak ala biak ere lehen pausoa
gizarte-laguntzaren arloan politika orokorra aurrera eramateko. Era berean, eta
gizarte-laguntza lan-esparru zabala dela kontuan izanda, zenbait ekintza burutu
dira urritu fisiko edo sentsorialekiko bereizkeria ahal den neurrian desagertarazten
saiatzeko. Horren froga ditugu 1981eko martxoaren 23ko 59/1981 Dekretua eta
abenduaren 19ko 291/1983 Dekretua, arkitekturak eragindako oztopoak kentzeko
araudiari buruzkoa.
Urritu fisiko eta sentsorialak gizartean
benetan integratzeko eta horien aldeko bereizkeria positiboa egiteko helburua
duen araugintza horren ildo berekoa da oraingo lege hau, eta azpiegitura
sozialik ez izateagatik sortutako trabak kentzea baldin bazen asmoa orain arte,
lege honekin gizartea sentsibilizatzeko nahia ere badago, sarritan urrituei
beren eskubideak benetan aurrera eramaten galarazten dielako gizarteak; oraingo
honetan ikusteko arazoak dituztenez ari gara.
Aipatu ditugun helburuak direla eta, lege
honekin bi lortu nahi dira: batetik, arlokako araudia bateratu nahi da,
batasunik gabe egon delako orain arte. Araudi batek ikusteko arazoak zituzten
pertsonek itsu-txakurrak erabiltzeari zegokiona arautzen zuen, eta beste batek
animalia horiek bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak. Baina
garrantzitsuena zigor-sistema bat arautzea izan da, orain arte ez baitzegoen
halakorik; horren bidez, arau honetan onartutako eskubideak benetan gauzatzea
lortuko da.
Bi atalburutan dago banatuta lege hau.
Lehenengoa xedapen orokorrei buruzkoa da, eta hauek jasotzen ditu: itsu-txakur
bihurtzeko zein baldintza bete behar diren -aginpide hori aldundien esku utzi
da-, ikusteko arazoak dituzten pertsonek itsu-txakurrez lagunduta edozein leku
publikotan edo erabilera publikoko edozein lekutan sartu, ibili eta egoteko
duten eskubidea eta, azkenik, beste aldetik, pertsona horiek izango dituzten
betebeharrak. II. atalburuan legean jasotako eskubide eta betebeharrak aurrera
eramateko zigor-erregimena zehaztu da. Horretan ere zigortzeko ahalmena
aldundien eskuetan geratu da.
I ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Atala - Helburua eta ezarpen-eremua
Lege honen helburua da ikusteko arazoak
dituzten pertsonek -itsu nahiz bestelakoek- itsu-txakurrez lagunduta, ezintasun
hori ez duten pertsonen baldintza berekin, edozein leku publikotan edo
erabilera publikoko edozein lekutan sartzeko duten eskubidea bermatzea.
2. Atala - Itsu-txakurra zer den
Ikusteko arazoak dituzten pertsonei lagun
egin, pertsona horiek gidatu eta laguntza emateko trebatutako txakurrak dira
itsu-txakurrak, betiere balio ezaguneko zentro berezituetan prestatutakoak.
Dena den, itsu-txakur gisa hurrengo atalean esaten den moduan errekonozitu eta
identifikatutakoak izan beharko dute txakur horiek.
3. Atala - Errekonozitzea eta identifikatzea
1.- Itsu-txakur gisa errekonozitzeko, ondoren
aipatzen diren betekizunak bete beharko dira:
a) Txakurrak ikuste-arazoak
dituzten pertsonei lagun egin, pertsona horiek gidatu eta laguntza emateko
beharrezkoa den trebakuntza jaso duela dioen akreditazioa izatea.
b) Ondorengo atalean aipatzen
diren higiene eta osasun arloko baldintzak betetzen direla dioen akreditazioa
edukitzea.
c) Dena delako itsu-txakurra
nork erabiliko duen identifikatzea.
2.- Itsu-txakurra
dela onartu eta gero, ezaugarri hori bizitza osoan zehar gordeko du txakurrak,
lege honen 6.4 atalean esaten dena kontuan izan beharko bada ere.
3.- Itsu-txakur
bakoitza beti halakotzat identifikatzen duen ikurrarekin ibiliko da. Horrekin
batera, txakur-espezieko animalia izateagatik eraman beharreko gainerako
identifikazioak ere jarrita euki beharko ditu.
4.- Foru-aldundien
eginkizuna izango da, bakoitzak bere lurraldean diharduela, itsu-txakurrak
errekonozitu eta identifikatzea.
Atal honetako 1. zenbakian aurreikusitako
betekizunak betetzen direla dioen akreditaziorako prozedura ere foru-aldundiek
xedatuko dute.
5.- Itsu-txakurraz
baliatzen den pertsonari txakurraren egiaztagiriak aginpidea duen agintariak
edo kasuan kasuko zerbitzuko arduradunak soilik eskatu ahal izango dio.
6.- Euskal
Autonomia Erkidegoan bizi ez eta itsu-txakurrez baliatzen diren
ikusmen-arazodunak Euskal Autonomia Erkidegoan aldi bateko egoten diren
kasuetan, itsu-txakur gisa onartzeko dagokion administrazio publikoak emandako
errekonozimendua eta ikurra izango dira baliozkoak.
4. Atala - Higiene- eta osasun-baldintzak
1.- Orokorrean etxeko animalia guztiek higiene
eta osasun arloan bete beharreko baldintzez gainera, beste hauek ere bete
beharko dituzte itsu-txakurrek:
a) Ezin izango dute gizakiari
kutsatzeko moduko gaixotasunik eduki. Gaixotasun horiek une bakoitzean
indarrean dagoen antropozoonosien taulan jasotakoak izango dira.
b) Errabiaren kontrako
txertoa hartuta egon beharko dute, ekinokokosiaren aurkako tratamendua hartuta
aldian-aldian; kanpoaldeko eta barrualdeko parasitorik ere ez dute izan
beharko. Bestalde, leishmaniasia, leptospirosia eta bruzelosia duten edo ez
ikusteko egindako probetan, emaitzak negatiboa izan beharko du.
2.- Aurreko
lerroaldean aipatzen diren gaitzetako bat ere ez duela egiaztatzeko,
albaitariaren egiaztagiria behar izango da.
3.- Itsu-txakur
izaten jarraitzeko, sei hilean behin azterketa egingo zaio txakurrari, atal
honetako 1. zenbakian aipatzen diren higiene eta osasun arloko baldintzak
betetzen dituen edo ez ikusteko.
5. Atala - Leku publikoak edo erabilera publikoa dutenak zeintzuk
diren zehaztea
Lege honen 1. atalean
esaten denaren ondorioetarako, hauek izango dira leku publikoak edo erabilera
publikoa dutenak:
a) Bideei buruz ezartzekoa den
hirigintzako legerian oinezkoentzako pasabide, oinezkoentzako bide edo
oinezkoek bakarrik erabiltzeko jotako bideak.
b) Aire librean denbora
emateko lekuak.
c) Era guztietako zentro
ofizialak, titularitatea edonolakoa dela ere, orokorrean herritarrek sartzeko
debekurik ez baldin badute.
d) Maila eta arlo guztietako
ikastetxeak.
e) Osasun- eta
laguntza-zentroak.
f) Kirol-instalazioak.
g) Zaharren egoitza, zaharren
etxeak eta zaharrei laguntzeko gainerako elkarteak.
h) Erlijio-zentroak.
i) Merkataritzako denda
handi eta txikiak.
j) Profesional liberalen
bulegoak.
k) Autobus, metro, tren eta
garraio publikoko ibilgailu arinen geltokiak, aireportuak eta portuak.
l) Azaroaren 10eko 4/1995
Legearen menpe dauden lokal eta instalazioak. Lege hori ikuskizun publiko eta
jolas-ekintzei buruzkoa da.
m) Hotelak, aterpeak,
kanpamenduak, bungalow-ak, apartamentuak, opor-guneak, bainuetxeak, kanpinak
eta diru-ordainaren truke pertsonei logelaren bat edo egoitza eskaintzeko diren
establezimenduak. Baita turismoarekin zuzeneko zerikusia duten zerbitzuak
eskaintzen dituzten bestelako jendaurreko zerbitzuak ere.
n) Edozein garraio kolektibo
publiko edo erabilera publikoko edozein garraio kolektibo eta Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioen aginpidekoak diren hiriko edo hiriarteko ibilgailu
arinen bidezko zerbitzuak.
ñ) Orokorrean jardunda, beste
edozein leku, lokal edo establezimendu, erabilera publikokoa edo jendeari kasu
egitekoa baldin bada.
6. Atala - Eskubidea gauzatzea
1.- Lege
honen 1. atalean aipatzen den hainbat lekutan sartu, ibili eta egoteko
eskubideak itsu-txakurra denbora guztian jabe edo erabiltzailearen aldamenean
egotea dakar. Horren salbuespena izango da hirugarren pertsona batentzat,
txakurrak gidatzen duen pertsonarentzat edo txakurrarentzat berarentzat
berehalako arrisku larria egotea.
2.- Garraiabideetan sartu, ibili eta egoteko
eskubideak ondorio hauek izango ditu:
a) Ikusteko arazoak dituelako
txakurrak lagunduta doan pertsonak lehentasuna izango du jarlekurik zabalena
aukeratzeko, inguruan leku libre zabalena duena aukeratzeko edo pasabidearen
alboan dagoena aukeratzeko, betiere zein garraio-mota den kontuan izanda.
b) Ibilgailu arinetan
egindako hiri barruko edo hiri arteko garraio-zerbitzuetan, itsu-txakurrak
atzeko aldean joango dira eskuarki, ikusteko arazoak dituen pertsonaren oinen
alboan jarrita, eta betetako lekuak zenbatzerakoan, txakurra ere zenbatu egingo
da.
Dena den, eta ikusteko
arazoak dituen pertsonak hala nahi badu, aurreneko lerroko eskuineko jarlekua
hartu ahal izango du, txakurra oinen alboan jarrita duela, ondorengo kasuetan:
- Ibilbide luzeko bidaietan.
- Ikusteko arazoak dituzten bi
pertsona, itsu-txakur banarekin, elkarrekin doazenean.
3.- Lege honetan aitortzen zaizkien eskubideak
indarrik gabe geratuko dira, txakurrek gaixotasunenak izan daitezkeen ondorengo
zantzuak baldin badituzte:
a) Sukarraren zantzuak.
b) Ilea normalean ez bezala
galtzea.
c) Kaka arina egitea.
d) Jario anormalak izatea.
e) Azaleko parasitosien
zantzuak.
f) Zauriak izatea, betiere
neurriaren eta itxuraren arabera.
4.- Itsu-txakurrak
gidari izatearen ezaugarria galdu ahal izango du dagozkion eginkizunak
burutzeko gauza ez bada. Era berean, eraso egiteko jarreraren bat erakusten
badu, gidari izatearen ezaugarria galdu ahal izango du.
Lurralde bakoitzeko aldundiaren esku
egongo da txakurrei gidari izatearen ezaugarria kentzea, erregelamendu bidez
zehaztutako bidea jarraituta, baina kasu guztietan albaitariaren egiaztagiria
behar izango da.
7. Atala - Gastu ekonomikoak
Lege honetan onartutako eskubideez
baliatzeak ez du eragingo, inoiz ere, itsu-txakurra erabiltzen duen
pertsonarentzako gasturik.
8. Atala - Itsu-txakurra erabiltzen duen pertsonaren betebeharrak
Itsu-txakurra erabiltzen
duten pertsonek legeetan jasotakoak zaintzeko betebeharra dute, baina,
bereziki, ondorengoak beteko dituzte:
a) Txakurra itsu-txakurra
dela erakusten duen agiria aldean eraman eta erakustea, hala eskatzen zaionean.
Lehen aipatutako agiri-mota da.
b) Itsu-txakurra erakutsi
dizkioten eginkizun bereziak burutzeko baino ez erabiltzea.
c) Bide eta leku publikoetan,
edo erabilera publikokoetan, higiene- eta segurtasun-arauak bete eta
errespetatzea, erabiltzaileak duen ezintasunak uzten dion neurrian.
d) Erantzukizun zibila
babestuko duen poliza izenpetuta edukitzea, itsu-txakurrak hirugarrenei egin
diezaiekeen kaltea babestuta izateko.
II ATALBURUA
ZIGOR ERREGIMENA
9. Atala - Arauhausteak
Lege honi dagokionez, legean esaten dena ez
betetzea izango da administrazio-arauhaustea. Legean bertan zehaztuta dago
zeintzuk diren arauhausteak.
Jokabide horiek lege honetan xedatzen
denaren arabera zigortuko dira.
10. Atala - Erantzukizuna duten pertsonak
1.- Lege
honetan zehaztutako arauhausteen erantzule arauhauste horien egileak baino ez
dira izango.
2.- Legean
tipifikatutako gertakaria beren kasa, beste norbaitekin batera edo beste
norbaitez baliatuz burutzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak dira
arauhausteen egileak, zor den lan-obedientzi kasuetan salbu.
3.- Era berean, egileak izango dira:
a) Arauhaustea burutzeko
ezinbestekoa den laguntza eman duten pertsonak.
b) Jarduerak antolatu edo
establezimenduak ustiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, kasuan
kasuko lizentziaren jabe diren pertsonak edo zerbitzuaren jabe den erakunde
publiko edo pribatuaren arduradunak, baldin eta pertsona horiek ez badute
galarazten beste norbaitek lege honetan jasota dauden arauhausteak burutzea.
11. Atala - Arauhausteen sailkapena
1.- Lege
honetan jasotako arauhausteak hiru eratakoak izango dira: arinak, larriak eta
oso larriak.
2.- Hauek dira arauhauste arinak:
a) Lege honetan eta legea
garatuko duen araudian jasotako xedapenak ez betetzea, horrek kalte larria
sortzen ez badu eta hutsegite larri edo oso larritzat jotakoa ez bada. Era
berean, arauhauste arinak izango dira aipatu dugun araudian onartzen diren
eskubideak gauzatzeari oztopoak jartzeko asmoa duten jarrera guztiak.
b) Txakurra itsu-txakurra
dela erakusten duten agiriak nahierara eta arrazoirik gabe eskatzea eta lege
honetan jasotakoez gainera beste baldintza batzuk betetzeko eskatzea ikusteko
arazoak dituen pertsonari.
c) Itsu-txakurraz baliatzen
denak lege honetako 8. atalean aipatzen diren betebeharretakoren bat ez
betetzea.
3.- Hauek dira arauhauste larriak:
a) Itsu-txakurrarekin joan
eta ikusteko arazoak dituzten pertsonei Hiru
lege honetako 5. atalean aipatzen direnetako edozein leku publikotan edo
erabilera publikokotan sartu, ibili edo egoten galaraztea, leku horiek titularitate
pribatukoak izanda.
b) Itsu-txakurrak nonbait
sartzeagatik -lege honetan esandako baldintzak beteta bada ere- gastuak
kobratzea.
c) Hiru arauhauste arin
egitea urtebetean. Hutsegite horiengatik zigorra jasota egon beharko da erabaki
irmoa dela eta.
4.- Hauek dira arauhauste oso larriak:
a) Itsu-txakurrarekin joan
eta ikusteko arazoak dituzten pertsonei lege honetako 5. atalean aipatzen
direnetako edozein leku publikotan edo erabilera publikokotan sartu, ibili edo
egoten galaraztea, leku horiek titularitate publikokoak izanda.
b) Hiru arauhauste larri
egitea urtebetean. Hutsegite horiengatik zigorra jasota egon beharko da erabaki
irmoa dela eta.
12. Atala - Zigorrak
1.- Arauhauste
arinengatik 50.000 pezetarainoko zigorra jarriko da.
2.- Arauhauste
larriengatik 50.001 pezetatik 500.000 pezetarainoko zigorra jarriko da.
3.- Arauhauste
oso larriengatik 500.001 pezetatik 2.000.000 pezetarainoko zigorra jarriko da.
13. Atala - Erantzukizuna eta zigor-mailak
Zigorra zenbatekoa den zehazteko,
proportzionaltasunaren printzipioa izango da gogoan, baina, batez ere hauek
hartuko dira kontuan: erruduntasuna eta intentzioa zenbatekoak izan diren,
nolako galerak eragin diren, zenbateko arriskua sortu den eta lehenbiziko aldia
den edo ez.
14. Atala - Aginpidea duten organoak
Lege honetan jasotako arauhausteak
direla-eta zigor-espedienteei hasiera ematea eta horietaz erabakitzea
foru-aldundien eginkizuna izango da; aldundi bakoitzak bere lurralde-eremuan
izandako arauhausteez erabakiko du.
15. Atala - Arauhausteek eta zigorrek preskribitzea
1.- Arauhauste
oso larriek bi urteren buruan, larriek urtebetearen buruan eta arinek sei
hilabeteren buruan preskribituko dute.
2.- Arauhauste
oso larriei jarritako zigorrek bi urteren buruan, arauhauste larriei jarritako
zigorrek urtebetearen buruan eta arauhauste arinei jarritako zigorrek sei
hilabeteren buruan preskribituko dute.
3.- Arauhausteen
preskripzio-epea arauhaustea bera burutu zen egunetik bertatik asiko da
zenbatzen. Preskripzioaren epea zenbatzea eten egingo da zigor-jardunbideari
hasiera eman eta interesatuari horren berri ematen bazaio. Dena den, ustezko
erantzulearekin zerikusirik ez duen arrazoiren batengatik zigor-espedientea
hiru hilabetez baino gehiagoan geldirik egoten bada, preskripzio-epea berriz
ere abian jarriko da.
4.- Zigorra
jarri duen erabakia irmoa izan den egunetik ez hurrengotik hasita, zigorra
preskribitzeko epea zenbatzeari ekingo zaio. Interesatua jakinaren gainean
egonda zigorra betearazteko jardunbidea hasteak eten egingo du preskripzio-epea
zenbatzea, baina interesatuarekin zerikusirik ez duen arrazoiren batengatik
betearazteko jardunbidea hiru hilabetez baino gehiagoan geldirik egoten bada,
preskripzio-epea berriz ere abian jarriko da.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Txakurren trebatzaileak
Ikusteko arazoak izanik txakurrekin doazen pertsonei lege honetan
aitortzen zaizkien eskubide berak izango dituzte animaliak trebatzeko balio
ezaguneko zentroetako trebatzaileek, itsu-txakurrak trebatzen eta horien
jarraipena egiten ari diren artean. Era berean, pertsona horiek izango dituzten
betebehar berak ere edukiko dituzte.
Bigarrena - Txakurrak trebatzeko zentroak
Animaliak trebatzeko balio ezaguneko
zentroak Espainiako Itsuen Elkarteak -ONCEk- halakotzat jotakoak izango dira, lege
honetan jasotakoetarako.
Hirugarrena - Informatzeko eta hezteko kanpainak
Euskal administrazio publikoek herritar
guztiak informatzeko eta hezteko kanpainak bultzatuko dituzte, ikusteko arazoak
izan eta itsu-txakurren premia duten pertsonen egoeraz jabetzeko eta pertsona
horiek benetan eta modu eraginkorrean integratzeko.
Aldibaterako Xedapen Bakarra
Lege honetan itsu-txakurrak errekonozitu
eta identifikatzeko jarri diren baldintzak betetzeko, sei hilabeteko epea izango
dute txakurren arduradunek, baldintza horiek garatzeko erregelamendua
-itsu-txakur gisa errekonozitzeko baldintzei buruzkoa eta ikur ofizialaren
diseinuari buruzkoa- indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu bidezko garapena
Eusko Jaurlaritzak izango du ahalmena lege
honetako 12. atalean zehaztutako zigorren zenbatekoak eguneratzeko, eta baita
legea garatzeko beharrezko xedapenak emateko ere.
Bigarrena - Udal-ordenantzak egokitzea
Udalek, beren aginpideen eremuan, sei
hilabeteko epean egokituko dituzte lege honetako arauen alorreko
udal-ordenantzak. Epea legea indarrean jartzeaz bat hasiko da kontatzen".
Hirugarrena - Ordezko erregimena
Lege honetan ezarritako arauhausteengatik
hasitako zigor-espedienteak izapidetzeko eta horiei buruzko erabakiak hartzeko,
administrazioko zigor-jardunbidean esaten dena bete beharko da, lege honetan
zehaztu gabekoetan.
Laugarrena - Indarrean jartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.