17/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Etxebizitzaren Arloko Presako Neurriak eta Hirigintza Plangintzako zein Kudeaketako Tresnak Izapidetzeko Neurriak Zehazteari buruzkoa.
1994-06-30Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1994/8/1, 145. zk.; EAO, 2012/2/4, 30. zk.
Indargabetua: 2006-09-06
§ 169. 17/1994 LEGEA, EKAINAREN 30EKOA,
ETXEBIZITZAREN ARLOKO PRESAKO NEURRIAK ETA HIRIGINTZA PLANGINTZAKO ZEIN
KUDEAKETAKO TRESNAK IZAPIDETZEKO NEURRIAK ZEHAZTEARI BURUZKOA
ZIOEN
ADIERAZPENA
1978.eko abenduaren 27ko Espainiako
Konstituzioaren 148.1.3 atalak, Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 10.31
atalak eta Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde
Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko
27/1983 Legeak ezartzen dutenaren arabera, Euskal Autonomi Elkarteari dagokio
lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren antolakuntza-arloko
legegintza-ahalmena.
Azken
urteotan Euskal Autonomi Elkarteko etxebizitzak garestitu izana arazo larria
eta orokorra da udal guztietan. Hori dela eta, herritarren ehuneko handi batek,
gaur egun, ezin eskura dezake etxebizitzarik. Egoera horrek, ezinbestean,
herri-agintariek neurriak hartzea eskatzen du, eta, horrela, Espainiako
Konstituzioaren 47. atalak ezarritako hatsapena bete egingo da, hau da, pertsona
guztiek eskubidea dutela etxebizitza duina izateko.
Euskal
Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legeak bere seigarren erabaki
gehigarrian dioenez, udalek, baldin eta Lurralde Antolakuntzako Jarraibideek
eta Lurraldeko Zati Planek babes ofizialeko edozein erregimenenpeko
etxebizitzaren arloan ezarritako aurrikuspenak bete behar badituzte,
hiri-lurretako, hirigintza-lanetarako lur programatuko edo
hirigintza-lanetarako gai diren lurretako arloak edo sailak zedarritu eta
zehaztu beharko dituzte Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrean edo Udal
Plangintzaren Arau Ordezkatzaileetan. Horretarako, aipatutako udalek behar
izango den lurra sailkatu eta izendatuko dute. Halaber, 4/1990 Legeak aldi
baterako laugarren erabakian ezartzen duenez, lurralde-antolakuntzako tresna
horiek behin-betiko onartu bitartean, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako
Batzordeak, seigarren erabaki gehigarriaren ondorioetarako, zehaztu beharko du
zenbat etxebizitza diren babes ofizialekoak edo zenbat azken prezioaren muga dutenak.
Hirigintza
Jaurbidearen eta Lurren Balio Neurketaren Erreformari buruzko uztailaren 25eko
8/90 Legeak, batetik, eta 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu
bateratuak, bestetik, tresna berriak ekarri zituzten indarrean zegoen lege-esparrura,
hain zuzen ere, lurrarekiko lukurreria galarazteko eta herri-babeseko edozein
erregimenenpeko etxebizitzak eraikitzera bultzatzeko.
Lege
honek, honenbestez, tresna berri bat dakarkigu herri-babeseko etxebizitzen eraikuntza
sustatzeko: plangintzak derrigorrez eta berariaz izendatu beharko du lurren bat
administrazioak balio-neurketa egingo duen etxebizitzak eraikitzeko.
Plangintza
orokorrak hiri-lurtzat, hirigintza-lanetarako lurtzat eta hirigintza-lanetarako
gai diren lurtzat jotzen dituen lurrak hartzen ditu lege honen
eragin-esparruak, izan ere, indarrean dagoen legediak nahikoa tresna eskaintzen
baititu hirigintza-lanetarako ez diren lurretan lurreko udal-ondareak sortzeko.
Udaletako
biztanle-kopuruaren arabera, legeak eskuhartze motaren bat edo beste izango du.
Legea, hortaz, 7.000 biztanle baino gehiagoko udalerri guztietan ezarri beharko
da, herri hauetako etxebizitza-arazoak nabarmenagoak baitira; 7.000 biztanle
baino gutxiagokoetan, berriz, aukerakoa izango da ezarri ala ez, herri
horietako etxebizitza-gorabeherak hain nabariak ez dira eta. Horiek horrela,
derrigorra edo aukera, kasuak kasu, ezartzen da udal-plangintzak
egoitza-lurretako ehuneko jakin bat izenda dezan babes ofizialeko etxebizitzak
eraiki ahal izateko. Ehuneko hori %20ra iristen da baldin eta hiri-lurreko
burutze-unitateen bidez egiten diren barne-erreformako lan osatuak badira;
lurra hirigintza-lanetarakoa bada edo hirigintza-lanetarako gai bada ezarriko
den ehunekoa %65ekoa izango da. Ehunekook gutxienekotzat jotzen direnez, udalek
handi ditzakete egoera zehatz-mehatz aztertu ondoren.
Plangintza
berraztertzeko bidea oso luzea eta korapilatsua da. Hori dela eta, plangintza
berraztertu eta lege honi egokitzeko bidea bukatu arte legea ezarri gabe gera
ez dadin, beharkun hau sartzen da: plangintza orokorraren egoitza-antolakuntzan
funtsezko eragina duten aldaketek, baita horien garapenekoek ere, lege honen
xedapenei men egin diezaietela.
Garapen-plangintzako
tresnak eta kudeaketa-tresnak arinago izapidetzeko asmoz, indarrean dagoen
hirigintza-legediak ezartzen dituen epeak laburtzea aurrikusi du oraingo
arauak.
Azkenik,
legearen testu bateratuaren aldi baterako lehenengo erabakiaren bigarren
idazatiko d) puntuak aipatzen dituen udaletako hiri-lurretan beregana daitekeen
aprobetxamendua kalkulatzeko sortu diren zalantzak direla eta, komenigarritzat
jotzen da 8/1990 Legean azaldu eta 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak
berretsitako erizpidea baiestea. Hona hemen erizpidea: udal horietako hiri-lurretan
beregana daitekeen aprobetxamendua kasuan kasuko aprobetxamenduaren %85ekoa da.
Lehenengo Atala
Hona
hemen legearen xedea:
1.- Herri-babeseko edozein erregimenenpeko
etxebizitzak eraikitzeko lurra udal-plangintzan izendatu ahal izateko udalek
hartu behar dituzten standarrak ezartzea.
2.- Garapenaren hirigintza-plangintza eta
dagozkion kudeaketa-tresnak onartzeko epeak zehaztea.
3.- Beregana daitekeen hirigintza-aprobetxamendua
finkatzea.
I ATALBURUA
HERRI-BABESPEKO ETXEBIZITZEN ESTANDARREZ
2. atala
1.- 7.000
biztanle baino gehiagoko udaletako Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrek eta
Plangintzako Arau Ordezkatzaileek herri-babespeko etxebizitzak eraikitzeko
lur-azalera zehaztu beharko dute. Azalera hori, beraz, gauzatu beharreko aprobetxamenduaren
arabera, honako hau da:
- Hiri-lurrean: aurrikusitako egoitza-lurren %20,
baldin eta hiri-lurreko burutze-unitateen bidez egin beharko diren
barne-erreformako lan osatuak badira. Hala ere, arau honetatik kanpo geratuko
dira honako iharduketa hauek: Lurren Jaurbide eta Hiri Antolakuntzari buruzko
Legearen 143. atalak 1992.eko ekainaren 26ko testu bateratuan aipatzen dituen
sistematik kanpoko iharduketak.
- Hiri-lanetarako lur programatuan, lau-urteko
bakoitzeko, eta hirigintza-lanetarako gai den lurrean, lur-mota honetarako
aurrikusitako egoitza-lurren %65.
2.- 7.000 biztanle baino gutxiagoko udaletan,
aurreko idazatian zehaztutako standarrak ez dira derrigorrez ezarri beharko.
Nolanahi
ere, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzako Batzordeak txostena eman ondoren,
hirigintza eta etxebizitzaren arloan eginpidea duen sailburuak udal
horietakoren batean derrigorrez ezartzea erabakiko du, baldin eta
lurralde-antolakuntzak eta etxebizitza-merkatuaren egoerak horrela egitera
bultzatzen badute. Horren jarraian hilabeteko epearen barruan, ukitutako udalei
eta foru-aldundiari entzunaldia eman ondoren erabakia onartu egingo da.
3. Atala
Bigarren
atalean finkatutako standarrak ezarri beharko dituzten udaletako plangintza
orokorrak aldatzeko espedienteek, baldin eta plangintza horretan bildutako
egoitza-antolakuntza funtsean ukitzen duten zehaztapenak sortarazten badituzte,
egiaztatu beharko dute standarrok lege honetan aurrikusitako moduan betetzen
direla.
4. Atala
Hiri Antolakuntzarako
Plan Orokorrak garatzeko prestatu eta onartuko diren Hirigintza Iharduketako
Programek beren baitan izan beharko dituzte bigarren atalean ezarritako
gutxieneko standarra betetzeko zehaztapenak, hain zuzen ere,
hirigintza-lanetarako egoitza-lurrei dagozkienak.
5. Atala
1.- Plan orokorrek eta ukitutako hiri-lurrak
dauden esparruetarako arau ordezkatzaileek, burutze-unitateen bidez ihardungo
den esparruetarako Barne Erreformako Plan Bereziek eta hirigintza-lanetarako
lur programatuko zati-planek beren baitan izan beharko dituzte bigarren atalean
ezarri diren gutxieneko standarren kokagunearen zehaztapenak.
2.- Salbuespenez, udalen bateko
hirigintza-inguruabarrek hala eskatzen badute, doakion udalaren eskariz, Euskal
Herriko Lurralde Antolakuntzako Batzordeak txostena eman ondoren, hirigintza
eta etxebizitzaren arloan aginpidea duen sailburuak aurreko idazatiak aipatzen
dituen plangintza-tresnetarako baimena eman ahal izango du bigarren atalean
ezarritako ehunekoak baino txikiagoak gauza daitezen, beti ere gutxieneko
estandarrak oso-osorik betetzen direla egiaztatzen bada.
Lege
honetan orokorrerako ezarritako portzentaia horiek baino txikiagoak baimentzea
edo horiei uko egitea doakion udalak eskatuta egingo da, eta hiruregoei eguneko
epearen barruan sailburuak erantzunik ematen ez badu, aldekoa dela ulertuko da.
II ATALBURUA
HIRIGINTZAKO-PLANGINTZAREN IZAPIDETZEAZ
6. Atala
Plangintza
orokorreko zehaztapenak garatzen dituzten zati-planak eta plan bereziak
izapidetzeko honako arau hauek hartu beharko dira aintzat:
a) Plana prestatu duen administrazioak berak eman
beharko du hasierako onarpena. Jarraian, dagokion lurralde historikoko
aldizkari ofizialean eta bertan hedatuenetarikoa den egunkari batean jakinarazi
beharko da, plana jendaurrean jarriko dela gutxienez hamabost egunez.
Ekimen publiko eta pribatuko planak badira,
agiri guzti-guztiak udal-erregistroan aurkezten direnetik hiru hilabeteko epea
izango da hasierako onarpena erabakitzeko edo ukatzeko.
b) Jendaurrean jartzen den epearen buruan inork
alegaziorik aurkeztu ez badu, hasierako onarpena duela ulertuko da, eta ondoren
c) puntuan xedatutakoa bete beharko da.
Bestelakoan, jendaurrean jarritako epearen
buruan izandako alegazioak ikusirik, udalak behin-behinekoz onartuko du plana,
bidezkoak diratekeen aldaketak barne. Aldaketa horiek funtsean aldatzen badute
hasiera batez onartutakoa, behin-behineko onarpena eman baino lehenago
jendaurrean jarriko da ostera ere.
Ekimen publiko zein pribatuko planak
direnean, behin-behineko onarpena erabakitzeko epea ez da sei hilabetekoa baino
handiagoa izango hasierako onarpena ematen denetik.
c) Behin-behineko onarpena emanda, foru-aldundiak
behin-betiko onartzekoa bada plana, udalak, hamar eguneko epean, planaren
espedientea igorriko dio dagokion foru-organoari.
Udalak behin-betiko onartu behar dituen
planek ez dute foru-aldundiaren behartze-indarrik gabeko txostenaren beharrik
izango. Alegazioetarako epean egingo ditu foru-aldundiak, egoki baderitzo, bere
ekarketak.
7. Atala
1.- Aginpidea duten udalek, hiru hilabeteko
epean, hasiera batez onartuko dituzte ekimen pribatuko xehetasun-azterlanak eta
hirigintza-egitasmoak.
2.- Hasierako onarpena eman ondoren, kasuan
kasuko lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta bertan hedatuenetarikoa
den egunkari batean jakinarazi beharko da, plana jendaurrean jarriko dela
gutxienez hamabost egunez. Epe horretan aztertu ahal izango dira planok, eta,
bide batez, bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkeztu ere bai.
8. Atala
1.- Plangintza orokorra garatzen duten
zati-planak eta plan bereziak behin-betiko onartzeko epea bi hilabetekoa izango
da, agiri guzti-guztiak aginpidea duen organoko erregistroan aurkezten
direnetik. Epe hori bukatzen bada ezer adierazi gabe, isilbidez behin-betiko
onartu dela esan nahi izango du.
2.- Udala bada zati-planak eta plan bereziak
behin-betiko onartu behar dituena, epeak behin-behineko onarpena erabaki
zenetik aurrera zenbatuko dira.
3.- Hirigintza-egitasmoak eta
xehetasun-azterlanak behin-betiko onartzeko epea hiru hilekoa izango da
hasierako onarpena eman denetik. Epe hori bukatzen bada erabakiaren berri eman
gabe, administrazio-isilbidez behin-betiko onartu dela esan nahi izango du,
beti ere epe horren barruan jendaurreko izapidea bukatu bada.
9. Atala
Lur-sailak
berriz zatitzeko espedienteen ihardunbide orokorrean, lur-sailak borondatez
berriz zatitzeko ihardunbide laburretan eta ekonomiak eragindako
birzatiketakoetan, jendaurreko izapidea eta interesdunei eman behar zaien
entzunaldia egiteko epea hamabost egunekoa izango da.
10. Atala
1.- Konpentsazio-sisteman, alegazioen
izapide-aldia, Konpentsazio Egitasmoaren Batzordea eratzeko ihardunbide
orokorrerako sarrera eskatzeko epeak eta aipatutako batzordeak onartu baino
lehenagoko entzunaldirako epea hamabost egunekoak izango dira.
2.- Estatutuen, iharduketa-oinarrien eta
konpentsazioaren egitasmoak izapidetzeko ihardunbide laburrean eta, hala
badagokio, hirigintza-egitasmoan, alegazioen eta entzunaldiaren izapidea
hamabost egunekoa izango da. Bestalde, aipatutako egitasmoak behin-betiko
onartu direla jakinarazten denetik zenbatzen den epeak batzordea eratzeko ere
balio izango du.
III ATALBURUA
HIRIGINTZA-APROBETXAMENDUAZ
11. Atala
Euskal Autonomi Elkarteko udalerri
guztietako hiri-lurrean, legez ezarritako beharkizunak betez lur-sail bateko
jabeak beregana dezakeen aprobetxamendua honako hau izango da:
a) Ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege
Dekretua oso-osorik ezarri behar den udaletan, jabearen lurrean dagokion
banaketa-guneko aprobetxamendu-ereduaren %85 ezartzearen emaitza; edo, udal
horietan aprobetxamendu-eredua finkatzen ez den bitartean, aipatutako lurrean
dagokion burutze-unitateko batez besteko aprobetxamenduaren %85 ezartzearen
emaitza. Bata zein bestea kalkulatzeko, legegintzako errege-dekretu horren
bigarren erabaki gehigarriaren arabera egin beharko da.
b) Ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretua
oso-osorik ezarri behar ez den udaletan, jabearen lurrean dagokion
burutze-unitateko batez besteko aprobetxamenduaren %85 ezartzearen emaitza.
Emaitza hori kalkulatzeko, legegintzako errege-dekretu horren bigarren erabaki
gehigarriaren arabera egin beharko da.
c) Aurreko bi puntuetan sartzen diren
udalerrietan, baldin eta jabearen lurra burutze-unitateren batean sarturik ez
badago edo egon behar ez badu, jabearen lurrean indarrean dagoen plangintzak
bertan baimentzen duen aprobetxamenduaren %85 ezartzearen emaitza.
Aldi Baterako
Erabakia
Lehenengoa
1.- Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrak eta
Plangintzako Arau Ordezkatzaileak idazteko ihardunbideak, bai eta horien
berrazterketak zein aldaketak egitekoak ere, baldin eta plangintzaren
erizpideak, helburuak eta irtenbide orokorrak jendaurrean artean jarri ez
badira lege hau indarrean jartzen denean, berez iraungiko dira legea indarrean
sartzen denean, nahiz eta ekimen pribatuz irekita egon. Nolanahi ere, planon,
arauon, berrazterketon eta aldaketon idazkera eta onarpena oso-osorik egokitu
beharko zaizkio lege honi.
2.- Aurreko idazatiak hartzen ez dituen Hiri
Antolakuntzarako Plan Orokorrak eta arau ordezkatzaileak, bai eta horien
berrazterketak eta aldaketak ere, lege honetan xedatutakoari egokitu beharko
zaizkio.
Bigarrena
1.- Aldi baterako lehenengo erabakiaren 2.
idazatian aurrikusten den egokitzapena burutzen ez den bitartean,
hiri-antolakuntzarako plan orokorrak eta plangintzako arau ordezkatzaileak
garatzen dituzten tresna guztiek, behar diren zehaztapenak gauzatuz, lege
honetan ezarritako standarrak bete eta eraginkorrak direla ziurtatu beharko
dute; edo, bestela, legearen 5.2 idazatian xedatutako moduan bete direla
ziurtatu beharko dute.
2.- Lege hau indarrean jartzen denean hasierako onarpena
eskuratu duten antolakuntza-tresnak salbuespenak izango dira aurreko idazatian
xedatutakorako.
Hirugarrena
Udal-antolakuntza
orokorra garatzen duten plangintza-tresnak, baldin eta legea indarrean jartzen
denean hasierako onarpena eskuratua badute, lege honen aurretik indarrean
zegoen ihardunbide-arauekin bat burutuko dira oso-osorik.
Azken Erabakia
1.- Eusko Jaurlaritzak ahalmena du lege hau
garatu eta ezartzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
2.- Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.