16/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoa
2012-06-28Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/7/6, 132. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.
§ 347. 16/2012
LEGEA, EKAINAREN 28KOA, Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzEKOa
ZIOEN AZALPENA
I
Euskadi
ekintzaileen lurraldea izan da beti. Berrikuntzarako grina, balio erantsia
sortzea eta mundura irekitzea izan dira ekintzaile horien balio nabarmenenetako
batzuk. Beren bultzadaz, Euskadi Estatuko eta Europako lurralde aberatsenetako
bat izatea lortu zuten.
Historiografia
existitzen denetik egon dira ekintzaileak Euskadiko historian. Erdi Aroaz
geroztik euskal herritarrek espiritu ekintzailea erakutsi zuten hainbat
sektoretan; besteak beste, burdinoletan, mekanikan eta nazioarteko
merkataritzan. Bizkaian, XIX. mendeko burdingintza indartsuaren aitzindari izan
ziren burdinola eta gabiekin; Gipuzkoako industriak armak fabrikatzen zituen
XV. mendetik XIX. mendera artean, eta ondoren Europako errege-erreginentzako
luxuzko damaskinatuak ekoizteari ekin zion; edo, XIII. mendeaz geroztik,
Arabako leinuek Gaztelako artilea erosten zuten, euskal portuetan barna Europa
iparraldeko merkatuetara esportatzeko. Geroko mendeetan ere, ekintzaile-ospea
lagun izan zuten euskal herritarrek, baita etorkin gisa iritsi ziren
lurraldeetan ere. Halaber, ezin da iragan hurbila ahaztu: Euskal Herriaren
Adiskideen Elkarteak ezagutza eta talentua erakartzen lagundu zuen, euskal
ustiapen ekonomikoen teknikak modernizatze aldera; XIX. mendeko euskal
industrialari eta finantzari handiak, berriz, aita Arizmendiarrietarekin batera
eta horrek XX. mendearen bigarren zatian euskal kooperatibismoari emandako
bultzadarekin batera, gure historiaren zati dira, ezinbestekoak gure lurraldeak
gaur egun duen garapen ekonomikoaren maila ulertzeko.
Euskal
ekonomia soldatako langileen, autonomoen, enpresarien eta enpresa txiki eta
ertainen arteko ahaleginean oinarritzen da.
Ekintzaileak
funtsezkoak dira ekonomiaren hazkunderako eta berrikuntzarako. Batez ere haien
bidez transmititzen dira ezagutza eta berrikuntza, haien bidez erabiltzen,
batik bat, balio erantsi handiagoa sortzen duten produkzio-jardueretan, eta,
ondorioz, berak dira ekonomiaren eraginkortasunerako bitarteko nagusiak.
Enpresarien eta enpresa txiki eta ertainen ekintzailetza-jardueraren bidez,
I+Gn, berrikuntzan eta prestakuntzan egiten den inbertsioa merkatura daitezkeen
berrikuntzetan gauzatzen da; hala, epe luzeko hazkundearen erritmoari begira
erabakigarria da jarduera hori. Horregatik guztiagatik, ekonomia ororen
lehiakortasuna eta oparotasuna eraikitzeko oinarrietako bat
ekintzailetza-jarduera bermatzea da.
Beraz,
botere publikoen betebeharra eta erantzukizuna da esparru egoki bat bultzatzea
ekintzaileek beren gaitasunak garatu ahal izan ditzaten enpresa-jarduera
iraunkor bat garatuz, hitzaren esanahi betean, hots, alderdi soziala,
ekonomikoa eta ingurumenekoa barne direla, eta orobat ekintzaileek sortutako
aberastasunak eragina izan dezan gizarte osoan eta gizarte-ongizatearen
hobetzean eta mantentzean.
Ekintzailetza-maila
altuenak dituzten ekonomiak dira munduan aberats eta berritzaileenak. Gainera,
halako ekonomia guztietan agertzen dira bi ezaugarri: enpresariaren figuraren
aitorpen sozial zabala eta enpresariaren jarduera garatzeko esparru egokia.
Ez
da kasualitatea Ameriketako Estatu Batuek jadanik 1953an Small Business Act
aldarrikatu izana botere publikoek enpresari txikiei laguntza emateko.
Euskal
Autonomia Erkidegoko enpresak sortzeko prozesuari eta enpresa txiki eta
ertainei laguntzeko lege hau Europar Batasuneko arau-esparruari egokitzen zaio,
eta 2008ko Small Business Act for Europe-ren bidez adierazitako helburuei
jarraitzen die.
II
Espainiako
Konstituzioaren 38. artikuluak enpresa-askatasuna aitortzen du,
merkatu-ekonomiaren esparruan, eta botere publikoek askatasun hori bermatu eta
babesten dutela, ekonomia orokorraren eta, hala badagokio, plangintzaren
eskakizunen arabera.
Euskal
Herrirako Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege
Organikoaren 10. artikuluko 25. paragrafoan jasotzen denez, Autonomia Erkidego
honek eskumen esklusiboa du gai honetan: "Euskal Herriko ekonomiaren
sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin
bat". Halaber, artikulu horren 30. paragrafoan jasotzen denez, Autonomia
Erkidegoak eskumen esklusiboa du gai honetan: "Industria, salbu eta arau
berezien peko industriak ezartzea, handitzea eta lekualdatzea, dela segurtasunagatik,
armadaren eta osasunaren interesagatik edota eginkizunotarako legeria berezia
behar dutenak eta atzerriko teknologia eskuratzeko aurretiazko kontratuak behar
dituztenak. Industria-sektoreen berregituraketan, Euskal Herriari dagokio Estatuak
erabakitako planak garatu eta gauzatzea".
III
Euskadiko
ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege honen helburua Europako
arauketaren "think small first" printzipioan oinarrituta, espiritu
ekintzailea bere zentzu sakonenean sustatzea da, hau da, pertsonaren jarrerei,
lehentasunei eta gaitasunei dagokienez, eta horrek espiritu haren alde egiten
duten balioak indartzea eskatzen du, era honetara faboratuz gizarte osoaren
aurrerapen sozial eta ekonomikoa, bereziki baliabide eta aukera gutxien dauzkaten
sektoreena. Bestalde, ekintzailetzako ideiak eta trebetasunak balioa sortuko
duten jardueretara bideratzeko pizgarri-sistema egoki bat eratzea du helburu.
IV
Lege honek bost kapitulu ditu.
I. kapituluan, beren jarduera garatzeko
ekintzaileek dituzten baldintzak hobetzeko helburua jasotzen du legeak.
Jarraian pertsona ekintzaileak definitzen ditu; hala, pertsona horiek dira
legearen oinarri nagusia eta Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomiko eta
sozialerako eragile nagusiak.
II. kapituluan, irakaskuntza arautuen
curriculuma ezartzen duten dekretuetan ezaugarri jakineko eduki batzuk sartzeko
eskakizuna arautzen da, edukiok espiritu ekintzailea sustatu beharko baitute
eta enpresa gehiago sortzea ahalbidetuko duten trebetasunez hornitu. Lanbide
Heziketak eta unibertsitateak bete beharreko eginkizunaren aipamen berezia
egiten da.
III. kapituluan, sinplifikazio
administratiborako tresnak sortzea jasotzen da, erraztasun handiagoak ekarriko
baitizkiete euskal enpresa txikiei. Tresna horien artean dago
enpresa-jardueraren gaineko eragina aztertuko duen txosten bat egitea,
nahitaez, edozein arau onartu aurretik, eta, halaber, karga administratiboa
neurtzeko tresna batzuk lantzea, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako
Antolakundeko beste herrialde batzuetakoen parekoak izango direnak.
IV. kapituluan, administrazio publikoen
eraginkortasunaren aldeko neurri multzoa jasotzen da, enpresei eta beren
jarduerari dagokienez. Euskal administrazioen arteko lehia desleiala saihesteko
tresnak arautzen dira eta Eusko Jaurlaritzak ekintzaileei laguntzera bideratzen
dituen baliabide publikoen koordinazioa hobetzeko mekanismoak zehazten dira,
baita laguntzarako programen eta jarduketen aurreikuspena ere.
Kapitulu
honetan, halaber, enpresa bat sortu nahi dutenei finantziazio handiagoa lortzea
ahalbidetuko dieten hainbat jarduketa arautzen dira. Lehenik eta behin,
langabezia-prestazioaren kapitalizazio osoa bermatzen da Euskal Autonomia
Erkidegoan, enpresak sortzea sustatze aldera, eta, bigarrenik, sistema bat ezartzen
da ekintzaileek beren jarduera hasten dutenean ordaindu beharreko udal-tasak
konpentsatzeko, hirigintza-lizentziak, besteak beste, jarduera abiatzeko
kostuak arintzeko tresna gisa. Era berean, zerga alorreko neurriak eta
diru-laguntza ildoak sartzen dira, egoera horretan ekintzaile berritzaileei
laguntzeko; nabarmentzekoak dira, horien artean, Hazi Kapital Misto Publiko-Pribatuko Funtsaren
sorrera eta mikrokredituen ildoa.
V.
kapituluan, Espainian neurri aitzindari gisa, "business angels"
izaera informaleko inbertitzaile pribatuen figura arautzen da direktorio baten
bidez, zeinak ezabatzen baititu euskal ekintzaileentzat aukera ugari eskain
ditzakeen enpresak finantzatzeko modu horren ziurgabetasunak. Testuinguru
honetan, mota horretako inbertsio pribatua sustatzeko erabakigarria da laguntza
ematea inbertitzaile eta ekintzaileen arteko kapital-eskaintza eta -eskariaren
elkargune eta egokitze-puntu gisa jarduten diren "business angel"en
sareei.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua. Legearen xedea
1. Lege
honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan
ekintzailetza-jarduera bultzatzea eta sustatzea, enpresa- eta
kokatze-askatasunaren eta zerbitzu-jardueretara eta jarduera horiek gauzatzera
askatasunez iristeko esparruaren barruan, eta indarrean dauden arauek, interes
orokorreko arrazoi bazterrezinengatik, ezartzen dituzten betebeharrak betetzea
eragotzi gabe.
2. Helburu
hori bete dadin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak saihestu egingo
ditu ekintzaileei behargabeko kostu burokratikoak eragingo dizkieten arauketa
guztiak, bai eta jarduera ekonomikoaren
sustagarri izan ordez hartarako oztopo diren legeria konplexuak ere.
2.
artikulua. Ekintzailetza-jarduera
1. Lege
honen ondorioetarako, ekintzailetza-jarduera da prozesu bat zeinaren bidez
pertsona fisiko batek, enpresa berri batek edo merkatuan lehendik dagoen
enpresa batek produkzio-jarduera berri bat hasten baitu.
2. Lege
honen ondorioetarako, ekintzaileak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan
jarduera ekonomiko bat garatu ahal izateko aurretiazko tramiteak egiten ari
diren pertsona fisikoak, forma juridikoa edozein izanda ere, edo jardueraren
bat betetzen dutenak autonomo gisa, kooperatibista gisa edo mikroenpresetako
nahiz enpresa txiki eta ertainetako edo lan-sozietateetako bazkide gisa edo
bestelako merkataritza-formula baten bidez, beren helbide fiskala Euskal
Autonomia Erkidegoan dutela.
Halaber,
lege honen ondorioetarako, ekintzaileak dira euren jardunean etengabeko
konpromiso etikoa mantentzen eta garatzen duten pertsonak, besteak beste,
lurraldearekiko atxikimenduan eta jarduera mantentzeko konpromisoan islatzen
dena.
3. Mikroenpresei
dagokienez, halakotzat joko dira 2003/361/EE Gomendioan definitutakoak.
II. KAPITULUA
HEZKUNTZA SISTEMA
3.
artikulua. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa
1. Bigarren
Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren eremuan, hezkuntzako Administrazioak
lagundu egingo du espiritu berritzaile eta enpresariala sustatzen, espiritu
hori unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako curriculum-garapenean integratuz
dagokion hezkuntza-zikloaren arabera eta honako helburu hauek aintzat harturik:
a) Etika enpresarialaren kontzeptua jakintzaren
adar guztietan sustatzea eta jasotzea. Ikuspegi etiko hau curriculumaren
zehar-lerroa izango da, eta, besteak beste, lurraldearekiko atxikimenduan,
erantzunkidetasunean, lurraldeko beste agenteekin lankidetzan aritzearen
garrantzian eta gizarte-ekonomiaren eta ekonomia solidarioaren balioen
irakaskuntzan oinarrituko da. Halaber, kode deontologikoa garatzearen eta
betetzearen garrantzia azpimarratuko da.
b) Sustatzea erantzukizun sozialeko balioetan
oinarritutako heziketa, balio horiek baitira enpresariak enpleguaren sorreran
eta jarduera ekonomikoaren motor gisa betetzen duen egitekoaren ezaugarri, eta
sustatzea orobat ekintzailetza-jardueraren ezaugarri diren balioetan
(ahalegina, errealizazio pertsonala, lidergoa, giza ekipoen kudeaketa, gatazken
konponketa, ikaskuntza, kooperazioa, arriskuak hartzeko gaitasuna, eta abar)
oinarritutako heziketa.
c) Sendotzea enpresa-munduaren eta
hezkuntza-sistemaren arteko lokarriak komunitate enpresarialarekiko
kooperazioaren bidez, espiritu enpresarialaren osaera maila guztietan gara
dadin eta enpresariek ikasgeletan parte har dezaten beren balioak,
esperientziak eta ilusioa transmititzeko.
d) Bermatzea espiritu enpresarialaren garrantzia
egokiro islatuko dela ikasmaterialetan eta irakasleen prestakuntzan.
2. Lanbide
Heziketaren eremu espezifikoan, hezkuntzako Administrazioak etengabe egokituko
du prestakuntzako eskaintza enpresen eta langileen, hala soldatakoen nola
autonomoen, prestakuntza-beharrizan orokor eta espezifikoetara; sustatu eta
bultzatuko du lanbide-heziketaren papera berrikuntzaren eta
ekintzailetza-ekimenaren arloetan; eta, laneko Administrazioarekin batera,
lankidetza sustatuko du produkzio-sektoreetako enpresekin berrikuntza,
ezagutzaren transferentzia eta lanbide-heziketaren arloan espezializazioa
indartzeko.
4.
artikulua. Euskal unibertsitate-sistema
1. Euskal
Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean ezarritakoa hala
bada ere, unibertsitateko prestakuntzak, ekintzailetza-jarduerari bere ekarpena
egitea bermatzeko eta ikuspegi etikoa txertatuz, aintzat hartuko du besteak
beste honako helburu hauek lortzea:
a) Bere ikasketa-planetan sartzea abilezia eta
trebetasun batzuk berrikuntzara, sormenaren sustapenera, ekintzailetzara eta
espiritu enpresarialera zuzendutakoak.
b) Unibertsitateko ikasketak modernizatzea, bai
eta egokitzea ere ekonomian eta gizartean berritzaileak diren
produktu-ekoizpen, zerbitzu, planteamendu eta metodoetara.
c) Unibertsitateko tituludunak lan-merkatuan modu
efektiboan sar daitezen sustatzea, unibertsitatearen eta enpresaren arteko
loturak sendotuz, arreta berezia jarrita ekimen enpresarialerako eta autoenplegurako
gaitasunen sustapenean.
2. Unibertsitateek,
administrazio publikoek eta enpresek, zientzia- eta teknologia-parke
unibertsitarioen eta campus unibertsitarioen esparruan, kultura akademikoaren
eta kultura enpresarialaren interakzioa bultzatuko dute, espiritu ekintzailea
susta dadin unibertsitate-inguruneko irakasle, ikertzaile, bekadun eta ikasleen
artean eta lagun egin dadin proiektuak heltzerakoan eta merkatura
ateratzerakoan.
3. Euskal
unibertsitate-sistemak indartu egingo du ezagutza gizarteari transferitzea,
ongizatea eta lehiakortasuna hobetze aldera, proiektuak eta ekimenak garatuz
sektore produktiboarekin elkarlanean. Adibidez, oinarri teknologikoko enpresa
berritzaileak eratzea; berrikuntza-poloak sortzea, hartarako unibertsitate-zentroak
eta enpresak espazio fisiko berean bilduz; edo erakunde batzuk abian jartzea
berrikuntzen, ezagupen zientifikoen eta ikerketa-agenteek eta unibertsitateek
lortu eta garatutako emaitzen erabilera eta aprobetxamendu industrial edo
komertzialerako.
III. KAPITULUA
SINPLIFIKAZIO ADMINISTRATIBOA
5.
artikulua. Karga administratiboak murriztea
1. Sinplifikazio-
eta arrazionalizazio-prozesuaren esparruan, euskal administrazio publikoek,
zeinek bere jardute-eremuan, jarduketako lehentasunezko arloak zehaztuko
dituzte, ekintzailetza-jarduerari kostu handiagoa sorrarazten dioten karga
administratiboak modu progresiboan gutxitzeari eta ezabatzeari ekiteko.
2. Hartarako
garatuko diren jarduketek irizpide hauek izango dituzte gidari:
a) Prozedura luzatzea dakarten tramiteak
murriztea eta kentzea, betiere tramite horiek kalterik egiten ez badiete
interesdunen bermeei; adibidez, kontrol-bikoiztasuna kentzea edo txostenak
azkartzea, besterik gabe ezabatuz edo ahal denean bisatuekin ordezkatuz.
b) Agiriak aurkeztearen ordez erantzukizunpeko
adierazpena egitea, halakotzat ulertuz interesdunak sinatutako agiri bat non
deklaratzen baitu, bere erantzukizunpean, eskuratuak dituela aplikatzekoa den
araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.
c) Baimenen ordez interesdunak aurretiaz
adierazpenak edo komunikazioak egitea, zeinak ondoren egiaztatuko baitira.
d) Ezabatzea jada Administrazioaren eskuetan
dauden, Administrazioak berak sortzen dituen edo Administrazioak beste
administrazio batzuekin datuak trukatuz lor ditzakeen agiriak interesdunari
eskatzea. Agiri horiek ofizioz txertatu beharko dira bitarteko telematikoen
bidez, betiere, izaera pertsonaleko datuen kasuan, interesdunaren onespena
izanez gero.
e) Gehienezko epeak murriztea prozeduren
tramitazio, ebazpen eta jakinarazpenari dagokionez.
f) Ofiziozko jarduketak bultzatzea interesdunak
eskatutako jarduketaren ordez, herritarrari ez harrarazteko Administrazioak
berak har ditzakeen kargak.
g) Prozedura administratiboen tramitazio telematikoa
bultzatzea.
h) Agiri-produkzioa homogeneizatzea eta
normalizatzea, hartarako ezarriz prozedura administratiboen katalogo
eguneratuak, eskaerak egiteko eskuliburuak eta eredu normalizatuak, barruan
sartuta administrazio publikoek eta haien menpeko erakundeek eman behar
dituzten datuak eta ziurtagiriak lortzeko baimena ematea.
i) Antzeko izaera duten eta tratamendu bera
daukaten prozedurak bateratzea.
j) Erabiltzea hizkera administratibo bat argia,
erraza, ulergarria eta herritarrak Administrazioarekin benetan trabarik gabeko
harremanak izatera bideratua.
6.
artikulua. Enpresaren gaineko eraginari buruzko txostena
1. Euskal
Autonomia Erkidegoak sustatutako edozein arauketa edo arau berri bideratu
aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu juridikoen bidez ebaluazio-txostena
egingo du enpresak sortzearen, abian jartzearen eta haien funtzionamenduaren
gaineko eraginari buruz.
2. Txostena
nahitaezkoa izango da izaera orokorreko xedapenak lantzeko prozeduran, eta,
nolanahi ere, lege-proiektuekin batera Legebiltzarrari igorri beharko zaio.
7.
artikulua. Arauen eskuragarritasuna
1. Arauak
ahalik eta hobekien eskuratzen direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak indarrean
diren xedapenen testu bateratuak argitaratuko ditu, eta horietan sartuko dira
izandako aldaketa eta indargabetze guztiak.
2. Argitalpena
euskarri informatikoan egingo da, eta arauak gehiago eta hobekiago eskuratzea
ahalbidetuko duten sare telematikoen bidez.
8.
artikulua. Euskadiko karga eta sinplifikazio administratiboaren indizea
1. Eusko
Jaurlaritzak, Euskal Estatistika Erakundearen bidez, Euskadiko enpresen karga
eta sinplifikazio administratiboaren urteko indize bat diseinatu eta landuko
du. Indize horrek euskal ekintzaileek jasaten dituzten eta Euskadiko edozein
administrazio-maila eskudunetan sortutako karga administratibo guztiak jaso
beharko ditu.
2. Euskadiko
karga eta sinplifikazio administratiboaren indizea Ekonomia Lankidetza eta
Garapenerako Antolakundeko beste herrialde batzuek karga administratiboaren
inguruan egindako neurketen pareko baldintzetan egingo da, eta
administrazio-arauketak enpresei eta autonomoei ezartzen dizkien kostuak eta
epeak balioesteko metodoa izango da.
9.
artikulua. Ekintzaileentzako aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako
guneak
1. Eusko
Jaurlaritzak, Estatuko eta tokiko administrazioekin elkarlanean arituz, aurrera
eramango du ekintzaileentzako aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako
guneak deritzenak abian jartzeko lana.
2. Ekintzaileentzako
aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak enpresa berriak sortzen
laguntzeaz arduratuko dira, informazioa eskainiz, dokumentazioa tramitatuz,
aholkularitza eta prestakuntza emanez eta enpresa-finantziazioan lagunduz.
IV. KAPITULUA
EKINTZAILETZA JARDUERARI LAGUNTZEA
10.
artikulua. Leihatila bakarra
1. Euskal
administrazio publikoek herritarrei eta enpresei bermatu egingo diete
ekintzailetza-jarduera hasi, garatu eta amaitzeko behar diren prozedurei
buruzko informazio ororen eskuragarritasuna, leihatila bakarraren bidez eta
bitarteko elektronikoen bidez, bai eta horretarako nahitaezko tramiteak egiteko
bidea ere.
2. Leihatila
bakarrera irispidea izateko, euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatu
beharko da, bai eta, posible balitz, Europar Batasuneko beste zenbait hizkuntzarena
ere.
3. Halaber,
euskal administrazio publikoek sistema batzuen eta besteen arteko
elkarreragingarritasuna bermatzeko behar diren neurriak hartu eta beharrezko
teknologiak txertatuko dituzte, zeinek bere eremuan.
11.
artikulua. Lehiaren eta enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko
txostena
1. Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak eta sektore publikoak lehiaren eta
enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko txostena eskatuko dio Lehiaren
Euskal Agintaritzari, ondorengo kasuetan:
a) Oro har, azken hartzaileak herritarrak
dituzten eta sektore pribatuak egin ditzakeen eta herritarrek nahitaez eskatu
edo jaso behar ez dituzten zerbitzuak martxan jarri aurretik.
b) Sektore
pribatuak egin ditzakeen zerbitzuak merkatukotzat jotako baldintzetan egiten
dituenari baliabideak eman aurretik, euskal sektore publikoak zuzenean nahiz
partaidetzadun enpresen bidez.
2. Lehiaren
eta enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko txostena aurretikoa eta
nahitaezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoarentzat
eta sektore publikoarentzat, aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan.
3. Lehiaren
Euskal Agintaritzak landutako lehiaren eta enpresa-askatasunaren gaineko
eraginari buruzko txostenak ondorengo gorabeherak gertatzen diren aztertuko du:
a) Administrazio-egintza horrek merkatuko
lehia-baldintzak larriki aldatu ahal izatea.
b) Aldaketa larri horrek interes publikoari
eragitea.
4. Eusko
Jaurlaritzak, urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen, artikulu honetan aipatu
eta urte horretan egiten diren txosten guztiak igorriko dizkio Eusko
Legebiltzarrari.
12.
artikulua. Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko politikak
Ekintzaileei
eta enpresa txikiei laguntzeko politika guztiak Ekintzailetzaren Sailarteko Mahaitik
koordinatuko dira.
13.
artikulua. Ekintzailetza Jarduerari Laguntzeko Plana
1. Eusko
Jaurlaritzak ekintzailetza-jarduerari laguntzeko erakunde arteko eta lau
urterako plan bat egingo du, non modu koordinatu eta globalean jasoko baitira
Euskadiko administrazioek esparru hori indartu, bultzatu eta sustatzeko egingo
dituzten programa eta jarduketak, betiere zehazten den denbora-tartean.
2. Plan horrek ondorengo helburuak bete beharko ditu:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan
enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat bultzatzea.
b) Euskadin ekintzaileei
laguntzeko gaur egun dauden politikak koordinatzea.
c) Ekintzaileei laguntzeko
zerbitzu bakoitzaren errentagarritasuna eta kalitatea identifikatuko dituzten
adierazle komunen taula osatzea, eta emandako diruarekiko erlazioa neurtzea eta
sortutako enpleguaren, fakturazioaren, biziraupen-adierazlearen eta
internazionalizazio-mailaren datuekin alderatzea.
d) Ekintzaileen jardueren finantziazioa erraztea, ekintzaileei laguntzeko
ildo espezifikoak sortuz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren
eta sektore publikoaren partaidetza duten elkarren bermerako sozietateetan eta
finantza-erakunde kreditu-emaileetan, edo bestelako kreditu-erakundeekin
akordioak erdietsiz.
e) Giza kapitala, talentua eta sormena indartzen
laguntzea, giza baliabideen kualifikazio profesional tekniko eta enpresariala
hobetuz eta giza kapitalaren mugikortasuna eta talentuaren erakarpena erraztuz.
f) Ikerketa eta garapenaren inguruko
proiektuetara bideratutako finantziazio-ildoen sorrera bultzatzea.
g) Euskadira talentua etor dadin sustatzea,
pizgarriak erabiliz ekintzaileak erakartzeko programen bidez.
h) Enpresak sortzea eta enpresa horiek Euskadi
osoko balio erantsi handiko segmentuetan eta teknologia-oinarria duten
jardueretan haztea bultzatzeko laguntza ematea.
3. Plana
egiteko lanetan, inplikatutako agente sozial eta ekonomiko guztiek hartuko dute
parte, eta, prozesu horretan, ekintzailetza-jarduera bultzatzen eta sustatzen
jarduten diren administrazio eta erakundeei entzungo zaie. Edonola ere,
ahalegina egingo da plana Europar
Batasunean planteatzen diren helburu eta xede berdineko plan eta ekimenekin
batera gerta dadin.
4. Eusko
Jaurlaritzak komunikazio gisa bidaliko du plana Eusko Legebiltzarrera, bertan
osoko bilkuran edo batzordean eztabaida dadin, eta planaren betetze-mailari
buruzko ebaluazioa egingo du aldian behin.
14.
artikulua. Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programen eta jarduketen
helburuak
Lehiakortasunean,
produktibitatean, elkartasunean eta lurralde arteko orekan aurrera egiteko
bidea emango duen hazkunde iraunkorraren eredu ekonomiko baten garapenean
laguntze aldera, ekintzailetza-jarduera sustatu eta laguntzeko botere publikoek
egindako programa eta jarduketak funtsezko helburu hauek lortzera bideratuko
dira:
a) Ekintzailetza-jarduerari bidea erraztuko dion
eta espiritu ekintzailea sarituko duen esparru ekonomikoa bultzatzea,
ekintzailetza-jardueren sorrera, garapen eta jarraipenari bidea emanez.
b) Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko botere
publikoen politika, programa eta jarduketak koordinatzea, bai eta arlo horretan
aritzen diren Euskadiko agenteen arteko lankidetza eta kooperazioa ere.
c) Ekintzailetzaren kultura eta espiritua
zabaltzea, erantzukizun sozial korporatiboa sustatzeari utzi gabe.
d) Ekintzailetza-jarduera behar bezala
finantzatzea, tamaina txiki eta ertaineko enpresetan arreta berezia jarrita,
honako bide hauek erabiliz: finantziazio-moduei buruzko informazioa,
orientazioa, analisia edo aholkularitza eskaintzea; zorra birfinantzatu edo
berregituratzeko jarduketak sustatzea, ekintzailetza-jarduerei epe ertainean
finantza-egonkortasuna izateko aukera emango dietenak; irispidea erraztea
zenbait finantziazio-modutara (arrisku-kapitala, mikrokredituak, burtsa-merkatu
alternatiboa eta abar), edo zenbait figuraren bidez ("business
angels", "venture capital", "crowdfunding" eta abar)
inbertitzaile pribatuen finantziazioa bideratzen saiatzea.
e) Euskal enpresek berek ekintzailetza-ekimen
berriak sortu eta garatzea, ekimen berritzaileak bereziki, enpresen arteko
kooperazioa sustatuz eta barneko ekintzailetzaren kultura bultzatuz.
f) Ekintzailetza-jarduerarako informazio- eta
orientazio-sistema integratu bat garatzea, euskal administrazio publiko guztien
lankidetzarekin.
g) Enpresen lehiakortasunaren hobekuntza eta
balio erantsi handiko segmentuetan hazkundea sustatzea,
ekintzailetza-jardueraren berrikuntza eta garapen teknologikoaren bidez.
h) Ekintzailetza-jarduera nazioartera zabaltzea,
eta, horretarako, kanpoko merkatuetan sar dadin sustatzea eta nazioarteko
proiekzioa izan dezan bultzatzea, atzerrian ezarrita edo atzerriko enpresekin
lankidetzan arituta.
15.
artikulua. Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programak eta jarduketak
1. Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan,
ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programa eta jarduketa egokiak egingo
dituzte, aurreko artikuluan aipatu diren helburuak lortzeko.
2. Ekintzailetza-jarduerari
laguntzeko programak eta jarduketak lehiaren defentsari buruzko indarreko
legediaren menpe izango dira, eta laguntzen, pizgarri publikoen eta bestelako
neurrien bitartez bideratuko dira, araudi espezifiko bakoitzak xedatutako
moduan.
16.
artikulua. Langabezia-prestazioaren kapitalizazio osorako laguntza osagarria,
kapitalizazio hori enpresa-proiektu batean erabiltzeko
1. Beren
jarduera langile autonomo gisa egin asmo duten eta Estatuko Enplegu Zerbitzu
Publikoari langabezia-prestazioaren kapitalizazioa edo ordainketa bakarra
eskatu dioten eta eskuratu duten ekintzaileek, behar izanez gero, aldez
aurretik prestazioaren kopuru osoa eskuratu ahal izatea bermatuko du Eusko
Jaurlaritzak.
2. Berme
hori gauzatu dadin, ondorengo neurriak hartuko dira:
a) Langabezia-prestazioaren kopuru osoa osatzeko
behar duen kantitatea ordainketa bakar batean aurreratuko dio Eusko
Jaurlaritzak ekintzaile autonomoari.
b) Eusko Jaurlaritzak langile autonomoarekin
adostuko du aurreratutako kopurua ordaintzeko egutegia.
c) Eusko
Jaurlaritzak behar diren komunikazio-bideak ezarriko ditu Estatuko Enplegu
Zerbitzu Publikoarekin, eta egoki den erakunde guztiekin, neurri honek
ekintzaile autonomoari eragin diezaiokeen karga administratiboa murrizteko
beharrezkoak diren informazio-trukeak egite aldera.
17.
artikulua. Enpresa-jardueraren hasierari lotutako udal-tasen konpentsazioa
1. Eusko
Jaurlaritzak laguntza-ildo bat arautuko du jarduera ekonomikoak abiatzen
dituzten pertsona fisikoek eta mikroenpresek beren jarduera profesional edo
enpresarialak abiatzeari lotutako tokiko tasak ordaintzean egiten dituzten
gastuak pagatzeko, baldin eta tasa horiek adierazitako jarduerak abiatzeari
lotuta badaude.
Udal-tasen
konpentsazioa dela-eta ezarritako laguntza-ildoaren arauketak urtebeteko
iraupena izango du jarduera ekonomikoa hasten denetik.
2. Konpentsazioaren
onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera enpresarial edo
profesional bat abiatzen duten pertsona fisikoak, mikroenpresak eta enpresa
txiki eta ertainak.
3. Laguntzen
xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalek ezarritako tokiko tasak
ordaintzean egiten diren gastuak, baldin eta ordainketa hori beharrezkoa bada interesdunek beren jarduera
profesional eta enpresarialak abiatu ahal izateko. Laguntzaren zenbatekoa
onuradunek autolikidazio- zein likidazio-sistemaren bidez ordaindutako tasen
kuoten % 100era iritsiko da.
4. Bereziki, toki-erakundeek ondorengo kasuetarako
ezarritako tasen kuotak ordaintzeko eman beharko da diru-laguntza:
a) Tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa
edo aparteko aprobetxamendua egiten deneko kasuak, Toki Ogasunak Arautzen
dituen Legearen testu bateginaren 20. artikuluko 3. paragrafoko e), g), h), i),
j), l), m), n), ñ), r) eta s) idatz-zatietan arautuak.
b) Tokiko eskumenekoak diren zerbitzu-emateak edo
administrazio-jarduerak egiten direneko kasuak, Toki Ogasunak Arautzen dituen
Legearen testu bateginaren 20. artikuluko 4. paragrafoko a), b), c), f), h),
i), j), m), u) eta x) idatz-zatietan arautuak.
18.
artikulua. Ekintzaile berritzaileei laguntzeko neurriak
Eusko
Jaurlaritzak martxan jarriko ditu izaera berritzailea duten ekintzaileei
diru-laguntzak emateko laguntza-ildoak. Burtsa-merkatu alternatiboan sartzeak
berezkoak dituen gastuetarako izango dira diru-laguntzak, enpresa sortu berrien
kapitalizazioa errazte aldera, eta, halaber, mikroenpresek beren langile
ikertzaileengatik pagatzen dituzten gizarte-segurantzaren kopuruak ordaintzeko.
19. artikulua.
Hazi Kapital Misto Publiko-Pribatuko Funtsa sortzea
1. Hazi-kapital
misto publiko-pribatuko funts bat sortzen da, proiektu berritzaileak dituzten
ekintzaileei laguntzera bideratuko dena, bai kapitalean parte hartuz eta bai
enpresaren kudeaketan lagunduz. Erregelamendu bidez zehaztuko da funtsaren
egitura eta funtzionamendua, eta bertan parte hartuko dute enpresari gazteen
elkarteek, ekintzailetzarekin eta desgaitasunarekin erlazionatutako fundazioek
eta parte hartu nahi duten erakunde publiko eta pribatu guztiek.
2. Hazi-kapitaleko
funts horiekin, Jaurlaritzak lehentasuna emango dio deialdia egin aurretik
gehienez hiru urte lehenago ikasketak amaitu dituzten ekintzaileen
enpresa-proiektuak finantzatzen laguntzeari; ikasketak batxilergoa, goi-mailako
lanbide-heziketako ikasketak edo unibertsitate-ikasketak izan daitezke, eta
azken horien maila, berriz, lizentziatura, ingeniaritza, gradua, masterra
ofiziala zein titulu propioa edo doktoregoa. Arreta berezia eskainiko die
emakumeek eta 35 urtetik beherako gazteek egindako proiektuei.
Halaber,
funtsaren baliabideen zati bat desgaitasuna duten ekintzaileei edo enpresen
erantzukizun sozialari eta desgaitasunari buruz ezarritakoa betetzen duten
ekintzaileei laguntzeko hornituko da, arlo horretan dagoeneko lanean ari diren
desgaituen fundazioekin elkarlanean arituz.
3. Jaurlaritzak
Euskal Autonomia Erkidegoko urteroko Aurrekontu Orokorretan finkatuko du Hazi
Kapitaleko Funts Misto Publiko-Pribatuari egin behar dion ekarpenaren
hornidura.
20. artikulua.
Mikrokredituak
1. Eusko
Jaurlaritzak kopuru bat ezarriko du, urtero, jardunean hiru urte baino gutxiago
daramaten ekintzaile eta mikroenpresei zuzendutako mikrokredituetarako,
kredituok negozioa birfinantzatzeko ez direla betiere. Batik bat,
emakumeentzat, gazteentzat eta pertsona desgaituentzat sustatuko dira
mikrokredituak, familiaren edo norberaren egoera dela-eta bestelako
finantziaziorik ezin lortu dutenean.
2. Mikrokredituen
interes-tasak diru-laguntza izango du, eta haien iraupena bost urtera iritsiko
da gehienez ere. Mikrokredituen gainerako ezaugarriak lege hau garatuko duen
araudian zehaztuko dira.
V. KAPITULUA
IZAERA INFORMALEKO INBERTITZAILE
PRIBATUAK
21. artikulua. "Business angels" deritzen
izaera informaleko inbertitzaile pribatuak
1. Lege honen ondorioetarako, "business angels" izaera
informaleko inbertitzaile pribatuak dira enpresa sortu berrietan partaidetza
minoritarioak hartzen dituzten eta, kapitalarekin ez ezik, enpresa horien
hazkundea beren enpresa-esperientziarekin laguntzen duten pertsonak.
2. Lege honen ondorioetarako, "business angel"en sareak
dira inbertitzaile pribatuak biltzea helburu duten erakundeak, inbertitzaile
horien eta proiektu berritzaileei ekiteko baliabideak behar dituzten enpresen
finantziazio-eskaeraren arteko bitartekaritza-lana eginez. Bitartekaritza-lan
hori kapitala eskaintzen eta eskatzen duten pertsonei informazio-, zabalkunde-,
azterketa- eta aholkularitza-zerbitzuak eskainiz gauzatzen da.
22.
artikulua. Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareentzako laguntzak
1. Eusko
Jaurlaritzak izaera informaleko inbertsio pribatua sustatuko du, eta, lehiarako
araubideari jarraikiz, "business angel"en sareak lagunduko ditu
diru-laguntzak emateko deialdi baten bidez.
2. Diru-laguntzen
xedea "business angel"en sare gisa jarduten diren erakundeei
laguntzea izango da, enpresa berritzaile txiki eta ertainek enpresa horietan
aritzen diren inbertitzaile pribatuen finantziazioa errazago eskura dezaten.
3. Diru-laguntza
emateko, beharrezkoa izango da hurrengo artikuluan definitzen den direktorioan
izena ematea.
4. Eusko
Jaurlaritzak ere, funts baten bitartez, inbertitu egingo du oinarri
teknologikodun eta berritzaile diren enpresetan inbertitzen duten sareetan,
baldin eta sareok inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioko kide
badira eta arrisku-maila egokia hartuta itzulera handiko eragiketetan
inbertitzen dutenen profila badute.
Horretarako,
egiaztagiria eskatzen duten inbertitzaileek bermatu beharko dute jakite-maila
egokia dutela negozioari, merkatuari eta teknologiari buruz, eta halaber
partaidetzadun enpresei gai horietan aholku emateko konpromisoa dutela.
23.
artikulua. "Business angels" izaera informaleko inbertitzaile
pribatuen sareen euskal direktorioa
Eusko
Jaurlaritzak izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal
direktorio bat sortuko du, ondorengo ezaugarriak dituzten erakundeei zuzenduta:
a) Nortasun juridiko propioa izatea eta
inbertitzaile berriak erakartzeko ikusgarriak, irisgarriak eta nahikoa aktiboak
izatea.
b) Profesional-egitura egokia izatea eta beren
jardueraren emaitzak erregulartasunez ebaluatzea, haien berri emanez.
c) Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen
sareen euskal direktorioaren kode deontologikoari atxikitzea.
d) Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen
sareen euskal direktorioak sor daitezkeen eztabaidetan arbitro gisa duen
eginkizuna aitortzea.
24. artikulua. "Business angels" izaera
informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioaren eginkizunak
Honako hauek dira izaera informaleko
inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioaren eginkizunak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan
jarduten diren edo jardun daitezkeen izaera informaleko inbertitzaile pribatuen
sareen direktorio bat mantentzea.
b) Direktorioan jasotzen diren datuak argitara
ematea.
c) Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen
sareek ondo funtzionatzen dutela zaintzea.
d) Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen
figura hedatzeko beharrezko ekintzak egitea eta Euskadiko administrazio
publikoei neurriak proposatzea, beren eskumenen eremuan izaera informaleko
inbertitzaile pribatuen figura sustatzeko neurriak hartu ahal izateko.
e) Kode deontologikoa aplikatzearen ondorioz sor
daitezkeen eztabaidetan arbitro gisa jardutea.
f) Direktorioaren kode deontologikoa onartu eta
eguneratzea.
g) Lankidetza-akordioak koordinatu eta sinatzea
nazio mailan eta Europan badauden edo eratuko diren beste direktorio batzuekin
(e-ban sarea, es-ban, eta abar).
Azken
xedapenak
Lehenengoa. Lege hau indarrean sartu eta hurrengo
urtean zehar, Eusko Jaurlaritzak legea garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak
diren erregelamendu guztiak onartuko ditu.
Bigarrena. Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.