Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

16/2008 Legea, abenduaren 23koa, Turismoa Antolatzeko Legea aldatzekoa

2008-12-23

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/12/31, 250. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.

§ 313. 16/2008 LEGEA, abenduAREN 23KOA, TURISMOA ANTOLATZEKO LEGEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Proposaturiko aldaketaren helburua indarrean dagoen arau-esparrua eguneratzea da, Euskadin Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legea eguneratzea, alegia. Azken hamarkadan, euskal turismo-sektorean bilakaera nabarmena gertatu da; proposatutako aldaketak bilakaera horretan oinarritzen dira; bestela esateko, araudia bilakaera positibo horretara egokitzeko premian. Gaur egun, turismo-sektoreak BPGren % 5,2ko ekarpena egiten dio ekonomiari, eta enpleguari eta errentari dagokienez, hazteko ahalmen handia duen sektore ekonomiko eta estrategikoa da, Euskadiren irudia mundu osora zabaltzen eta hobetzen laguntzen duela.

 

       Aldiz, turismo-eskaria ikertzeko azterlanen arabera, eskari hori aldatu egin da eta euskal turismo-eskaintzaren profila aldatu eta egokitzea komeni da, betiere aldaketa horiek legean ere jasota.

 

       Hori horrela izanik, Turismoaren Mundu Erakundeak mundu osoko prospektiba egin du ("Tourism 2020 vision") 2020. urtean bidaiatuko duen jendeari buruz, eta azterlan horretan honako aldaketa hauek aipatzen dira: eskaria gehiago dibertsifikatzea, eta, horren ondorioz, turismo-produktuen mikrosegmentazioa eta espezializazioa; kalitatea, balio ordezkaezintzat hartuta; turismo iraunkor eta arduratsua; eta bezeroen interes berria, izan ere, helmuga turistikoaren azpiegituren egoera baino gehiago, turismo-esperientziaren balio subjektiboa bilatuko baitute.

 

       Horren osagarri, datozen urteotan hazkunde-kuota handienak izango dituzten eskari-segmentuak honako hauek izango dira: kultura-turismoa, abentura-turismoa eta ekoturismo edo natura-turismoa; eta hain justu euskal turismo-eskaintzak aukera ezin hobeak ditu segmentu horietan.

 

       Euskadira datorren bisitariaren portaera eta tipologia aztertzen duen Ibiltur inkestak datu adierazgarriak eskaini dizkigu gaur egun EAEra etortzen diren turisten profilean eta bidaiaren motibazioan izan den aldaketa nagusiari buruz; izan ere, aisialdiko bidaiak dira nagusi gaur egun, orain arte lanak eragindako bidaiak nagusi izanik.

 

       Ikuspegi horrekin bat etorriz, egungo Euskal Turismoaren Lehiakortasun Planak honako helburu hauek biltzen ditu: Euskadik hiri- eta kultura-turismoan Estatuko eta nazioarteko merkatuan lortu duen posizioa sendotzea; natura-turismoa bultzatzea produktu turistiko berriak sortuz, hala nola ekoturismoa, Santiago Bidea, mendi-ibiliak, turismo ornitologikoa eta mendiko bizikletak; halaber, sektorea lehiakorragoa izan dadin, turismo-araudia garatu eta hobetzea.

 

       Era berean, ezin ditugu alde batera utzi gure Autonomia Erkidegoaren lehiakide izan daitezkeen helmugetako lege-esparruetan egiten dituzten aurrerapenak, aurrerapen horiek lehen aipatutako joera-aldaketen adierazle baitira.

 

       Horretaz gain, egungo legearen artikuluetarako proposatu diren aldaketen eragile izan dira honako gertakari hauek ere:

 

- Legean ez dira barne hartzen ostatu hartzeko figura jakin batzuk: landetxeak; eta denboraren poderioz, EAEko landa-ostatuak profesionalizatzeko esanguratsu eta ezinbestekoak izan direla ikusi dugu.

- Hotelen osagarri diren ostatu hartzeko beste figura batzuk izatea; esaterako, oporretako etxebizitza turistikoak eta etxe partikularretan ostatu hartzea. Figura horiek ez dute betetzen kalitate-estandarrik, ireki eta martxan jartzeko eskakizun-maila oso txikia baita legean, baina Euskadin ez dute ezarpen-maila handirik lortu, EAEko garapen ekonomikoari gainbalio txikia ematen diotela. Gaur egun, EAErako proposatutako garapen turistikoaren eredu berriarekin ez datoz bat, eredu berria kalitatean, iraunkortasunean eta gure kultura eta paisaiaren balioak indartzean oinarritzen baita.

- Ohikotasunaren kontzeptu zabala; zenbait ostatu motaren bizitegi-erabilera baldintzatzen du kontzeptu horrek eta ez dator bat, inolaz ere, Turismoaren Munduko Erakundeak emandako gomendioekin turista kontzeptua eta horrek dakarren erabilera turistikoaren behin-behinekotasuna definitzeko garaian. Ohikotasunaren kontzeptu zabal horrek –batik bat, apartamentu turistikoei dagokienez– turismorako ostatuen bizitegi-erabilera errazten du, turisten trafikoari begirako ostatu-eskaintza desitxuratzen dela.

- Kanpinak garatzeko legez ezarritako mugak; kanpinei buruzko legedian ez da ematen behar adina pizgarri sektore horretako enpresa-ekimena bultzatzeko, eta ez da estandarrik bermatzen ere, erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzu osagarrien kopuruari eta kalitateari dagokienez, betiere inguruko lehiakideek eskaintzen dutenarekin alderatuta.

- Apartamentu turistikoak zer diren zehazteko garaian, legegileak emandako definizio anbiguo eta zalantzagarria; esate baterako, "eraikuntza aurrefabrikatuak" kontzeptua aipatzen du, eta kontzeptu horren bidez, apartamentu turistikoaren ohiko figurarekin inolako zerikusirik ez duen zerbait uler daiteke.

- Legearen zehapen-araubidea eguneratzeko premia; 2003. urtean onartutako Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Lege berriaren ildoari jarraiki, zenbait egokitzapen egitea.

- Turismoaren arau-esparrua berraztertu eta eguneratzeko premia, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera; izan ere, lehiakortasuna ezin da aitzakia izan pertsonen oinarrizko eskubideak urratzeko; azterketa eta gaurkotze hori egin ondoren, kasuan kasuko arauzko irizpenak eman dira.

 

Lehen Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 4. artikuluko 3. paragrafoko c) idatz-zatia eta lege bereko 5. paragrafoa berriz idazten dira, eta honela geratzen dira:

 

"c)    Lehiakortasun-diagnostikoei, plan estrategikoei eta helmuga turistikoei buruzko azterketak egiteko laguntza. Azterketa horiek beren datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu beharko dituzte, eta, hala badagokio, azterketaren xede den gaia ikertzerakoan genero-ikuspegia gaineratu beharko dute.

 

       5.    Turismoaren sektorean lanbide-heziketa biziagotzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, eskakizun sozioekonomiko orokorren arabera eta enplegu-politikan arreta berezia jarrita, eta bertan genero-ikuspegia gaineratzea".

 

Bigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 8. artikuluko 4. paragrafoa berriz idazten da, eta honela geratzen da:

 

"4.   Turismo Administrazioak emandako jarduera-baimena eta sailkapena bere horretan mantenduko dira beraiek emateko orduan kontuan hartu diren baldintzak betetzen diren bitartean. Alabaina, jarduera-baimen eta sailkapen horiek ezeztatu edo aldatu egin ahal izango dira beraiek ematea eragin zuten inguruabarrak bete­tzen ez direnean edo desagertzen direnean, edo beste inguruabar batzuk gertatzen direnean baimenak ematerakoan egon izan balira haiek ukatzea justifikatuko zuketenak. Baimenen ezeztapena edo aldaketa egin aurretik, ordea, dagokion espedientearen instrukzioa egingo da, eta hartan aukera emango zaio interesdunari bere iritzia adierazteko".

 

Hirugarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 11. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"11. artikulua. Kontzeptua

 

1.    Turismo-ostatuko enpresak dira lanbide gisa eta ohiko jardun gisa, aisialdi-helburuekin edo negozio edo bestelako arrazoiengatik, pertsonei aldi baterako ostatua ematen dietenak. Ostatua prezio baten truke emango da, zerbitzu osagarriekin edo zerbitzu osagarririk gabe, eta ostatu-emateak ezin izango du eragin bizileku-aldaketarik ostatu-hartzailearentzat.

 

2.    Lege honen ondorioetarako, aldi baterako ostatutzat hartzen da urtebetetik beherako denboran modu jarraituan eskaintzen dena".

 

Laugarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 12. artikuluko 2. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"2.   Hotelez kanpoko turismo-ostatuak dira kanpinak eta kanpatze-turismoko beste mota batzuk, landetxeak, nekazaritza-turismoak, turismo-apartamentuak eta turismo-aterpetxeak. Bestelako ostatu-mota oro ere turismo-ostatu izango da, baldin eta hura baimendu beharra interes orokorreko arrazoiekin justifikatzen bada eta erregelamendu bidez zehazten bada".

 

Bosgarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 16. artikuluko 1. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"1.   Erregelamendu bidez zehaztuko dira hotelen multzoko kategoriak, baita sailkapenerako irizpidetzat hartuko diren baldintzak ere".

 

Seigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 17. artikuluko 2. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"2.   Erregelamendu bidez zehaztuko dira apopilo-etxeen multzoko kategoriak, baita sailkapenerako irizpidetzat hartuko diren baldintzak ere".

 

Zazpigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 19. artikuluko 2. eta 4. paragrafoa berriz idazten dira, eta honela geratzen dira:

 

"2.   Hala ere, administrazioak turismo-kanpalekuetan aurrez fabrikatutako zurezko edo antzerako osagai finkoak era iraunkorrez jartzeko baimena emango du, betiere instalazio horiek erregelamendu bidez ezarritako toki-eskaintza osoaren ehunekoa gainditzen ez badute.

 

4.    Kanpinen izaera kontuan hartuta, lursailak saltzea eta hamaika hilabetetik gora alokatzea debekatzen da, lursail jakin batzuen kasuan izan ezik; horien kasuan, ezaugarriak kontuan hartuta, alokatzeko aldi laburragoa finkatu ahal izango da erregelamendu bidez".

 

Zortzigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 21. artikuluko 1. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"1.   Erregelamendu bidez zehaztuko dira turismo-kanpalekuen kategoriak, baita sailkapenerako irizpidetzat hartuko diren baldintzak ere".

 

Bederatzigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen II. tituluaren II. kapituluko 3. atalaren izena eta atal horretako 22., 23. eta 24. artikuluak aldatu egiten dira eta honela geratzen dira idatzita:

 

"3. atala. Kanpaketa-turismoko beste modalitate batzuk

 

22. artikulua. Kanpaketa-eremu naturalak

 

       Kanpaketa-eremu naturalak dira eremu batzuk kokapen, topografia eta baso-aberastasun originala edo bestelako inguruabar berezi behar bezala egiaztatu bat daukatenak eta prezio baten truke, opor- edo aisialdi-helburuekin, aldi baterako okupatzeko baliagarri direnak. Okupazio hori, kanpinekin alderatuta, naturari dagokionez hurbiltasun handiagoz eta ustiatze-moduari dagokionez modu arinagoz egingo da, eta okupazio-baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

 

       Kanpaketa-eremu naturalak natur gune babestuetan edo Natura 2000 sareko tokietan ezarri ahal izateko, kasuan kasuko antolaketa- eta kudeaketa-planetan jasotako baldintzak bete beharko dira. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak uste baldin modu nabarmenean eragin dakiekeela Natura 2000 sareko tokiei, habitat naturalen eta basa fauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/CEE direktibak 6. artikuluan dakarren ebaluazioa egingo zaio kanpaketa-eremuaren proiektuari. Horrez gainera, bete beharrekoa izango da ingurumen-eraginaren ebaluazioari dagokionez kasu bakoitzean aplitzekoa den legerian ezarritakoa ere.

 

23. artikulua. Kulturaren, jolasaren edo kirolaren arloko ekitaldietarako aldi baterako kanpaketa-eremuak

 

1.    Kulturaren, jolasaren edo kirolaren arloko ekitaldietarako kanpaketa-eremutzat hartzen dira horrelako ekitaldiren bat egiteko baimendutako eremuak, eta ekitaldiak irauten duen aldian soilik funtzionatuko dute.

 

2.    Udalari dagokio bere barrutian instalatu nahi den kanpaketa-eremua, erregelamendu bidez ezartzen diren txostenak aztertu ondoren, baimentzea. Nolanahi ere, udalak lurraren jabetza- eta erabilera-eskubidea errespetatzen direla egiaztatuko du, eta segurtasunari eta osasunari dagokienez, bai eta lurraldeko natura, historia, kultura, hirigintza, arte, paisaia, nekazaritza, basogintza eta faunaren balioak errespetatzeari dagokienez ere, beharrezkoak diren baldintzak bermatuko ditu.

 

3.    Kulturaren, jolasaren edo kirolaren arloko ekitaldietarako kanpaketa-eremuak ezingo dira instalatu kanpinak jartzea debekatuta dagoen tokietan.

 

24. artikulua. Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak

 

1.    Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak dira lursail batzuk erregelamendu bidez zehazten den motako ibilgailuek, bidean doazela atsedena hartze aldera eta ibilgailuetan pilatutako hondakinak uzte aldera, prezio baten truke, aldi baterako okupatzeko direnak. Lursail horiek jendearentzat irekita eta behar bezala mugatuta, hornituta eta egokituta egongo dira eta erregelamenduz zehaztutako ibiligailuek gutxieneko kopuru batean okupatuko dituzte.

 

2.    Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak soilik horrelako eta antzeko ibilgailuek erabiltzeko dira. Aurreko atalean sartutzat hartu ez daitezkeen kanpin-dendak edo aterpe mugikorrak ezin izango dira haietan instalatu. Era berean, eremu berezi horietan ezin izango da instalatu aterpetxe finkorik edo antzeko bestelakorik, erabiltzaileek ostatu hartzeko.

 

3.    Debekatua dago establezimendu berezi horietako lursailak saldu edo azpierrentan ematea.

 

4.    Eremu hauek erregulatzen dituen erregelamendua bat etorriko da kasu bakoitzean aplikatzekoa den ingurumen-legerian ezarritakoarekin".

 

Hamargarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 25. eta 26. artikuluak berriz idazten dira, eta honela geratzen dira:

 

"25. artikulua. Kontzeptua

 

1.    Nekazaritza-turismoko establezimenduak dira landa-inguruan kokatuta eta nekazaritza edo abeltzaintzako ustiapenetan integratuta daudenak eta dagokion landa-eremuko berezko arkitekturako eraikinetan, prezio baten bitartez, mantenuarekin edo mantenurik gabe, ostatu-zerbitzua ematen dutenak. Nekazaritza edo abeltzaintzako ustiapentzat, berriz, indarreko legerian horri buruz ezartzen dena hartzen da.

 

2.    Nekazaritza-turismoko establezimenduak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez zehazten diren kategorietan sailkatu ahal izango dira, hala nahi izanez gero.

 

26. artikulua. Baldintzak

 

       Nekazaritza-turismoko establezimenduaren titularra nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiapenaren titular edo titularkide izango da eta bere ohiko etxebizitza establezimendu hori edo horren inguruan egongo den etxebizitza bat izango da nahitaez".

 

Hamaikagarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen II. tituluaren II. kapituluko 5. atalaren izena eta atal horretako 27. artikulua aldatu egiten dira eta honela geratzen dira idatzita:

 

"5. atala. Landetxeak

 

27. artikulua. Kontzeptua

 

1.    Landetxeak dira establezimendu batzuk landa-inguruan kokatuta daudenak eta dagokion landa-eremuko berezko arkitekturako eraikinetan, prezio baten bitartez, mantenuarekin edo mantenurik gabe, ostatu-zerbitzua ematen dutenak. Landetxearen titularrak edo, bestela, kudeaketaren arduradunak establezimenduan bertan edo establezimenduaren inguruan eduki beharko du bere ohiko etxebizitza.

 

2.    Landetxeak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez zehazten diren kategorietan sailkatu ahal izango dira, hala nahi izanez gero".

 

Hamabigarren artikulua. Turismoa Antolatzeko  martxoaren 16ko 6/1994 Legearen II. tituluko II. kapituluari 6. atala gehitzen zaio, eta 28. artikulua berriz idazten da. Honela geratzen dira:

 

"6. atala. Apartamentu turistikoak

 

28. artikulua. Kontzeptua

 

1.    Apartamentu turistikoak dira establezimendu batzuk gutxienez logela, bainugela, egongela, jangela eta sukaldea dituzten ostatu-unitatez osatutakoak. Ostatu-unitate horiek multzo independente gisa eskainiko dira eta enpresa-ustiapeneko unitatearen printzipiopean kudeatuko dira, eta profesionalki eta ohikotasunez aldi baterako ostatua ematera bideratuko dira, betiere ostatu-hartzailearentzat bizileku-aldaketarik eragin gabe.

 

2.    Lege honen ondorioetarako, ustiapen-unitatetzat hartzen da turismorako apartamentuen ostatu-arloko turismo-ustiapeneko jarduera enpresa-titular bakar menpean egon beharra.

 

3.    Aurreko paragrafoan adierazitako turismo-ustiapenaren titularrak establezimenduaren turismo-ustiapenerako gaituko dituen pertsona jabeen titulu juridikoa eskuratu behar du jabeengandik, ustiapenetik ondorioztatzen diren erantzukizunak bermatzeko.

 

4.    Apartamentu turistikoak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez ezartzen diren kategorietan sailkatuko dira.

 

5.    Landa-eremuan kokatutako apartamentu turistikoei dagokienez, kasu bakoitzean aplikatzekoa den ingurune-legeriaren baldintzak bete beharko dituzte".

 

Hamahirugarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legeari 7. atala eta 28 bis artikulua gehitzen zaizkio. Honako idazkera hau izango dute:

 

"7. atala. Turismo-aterpetxeak

 

28 bis artikulua. Kontzeptua

 

1.    Turismo-aterpetxeak dira establezimendu batzuk ohe anitzeko geletan, zerbitzu osagarriekin edo zerbitzu osagarririk gabe, ostatua ematen dutenak eta horrez gainera, zuzenean edo hitzartuta, inguruarekin lotutako jarduerak ere eskaintzen dituztenak.

 

2.    Arauketa honetatik kanpo geratzen dira honako hauek:

 

a)  Eskola-, hezkuntza- edo gizarte-arrazoiengatik ostatua gela kolektiboetan eskaini ohi duten establezimenduak.

b)  Ohe askoko gelak dituzten ostatuak, gela horiek erabiltzeko talde edo erakunde jakin bateko kide izan beharra dagoenean.

c)  Gazte Aterpetxeen Sarean integratutako gazte-aterpetxeak, beren arauketa espezifikoaren arabera arituko baitira.

d)  Ohe askoko gelak dituzten ostatuak, zerbitzu hori diru-ordainik gabe ematen denean edo emandako diru-kopurua dohaintzan izaten denean.

 

3.    Erregelamendu bidez zehaztuko dira aterpetxe-taldearen kategoriak eta bete beharreko eskakizunak, bai eta establezimenduen bereizgarriak ere".

 

Hamalaugarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 36. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"36. artikulua. Kategoriak

 

1.    Jatetxeak eta kafetegiak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez ezartzen diren kategorietan sailkatuko dira.

 

2.    Horretaz gain, jatetxeak eta kafetegiak sailkatzeko sistema kualitatiboa aplikatuta zehaztutako produktuak bultzatuko ditu Administrazioak, eta dagokionean, baita onartu ere, sustapenari begira".

 

Hamabosgarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 37. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"37. artikulua. Kontzeptua eta sailkapena

 

       Turismo-enpresa osagarritzat hartzen dira ostatu-hartzeko establezimendu, jatetxe edo bidaia-agentzia ez izanik, euskal turismo-eskaintza hobetzen dutenak eta erregelamendu bidez hartakotzat sailkatzen diren guztiak".

 

Hamaseigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 41. artikulua berriz idazten da, eta honela geratzen da:

 

"41. artikulua. Lanbide-heziketa

 

       Turismo Administrazioak behar diren neurri guztiak hartuko ditu turismo sektoreko lanbideei dagozkien jarduerak gauzatze aldera eta jarduera horietan prestatze eta hobetze aldera, eta besteak beste genero-ikuspegiaren ezarketan lankidetzan arituko da administrazio eskudunarekin. Era berean, enplegu-baldintza onenak bultzatuko ditu turismo sektoreko langile eta profesionalentzat, turismo-eskaintzaren garapena antolatzeko neurrien barruan".

 

Hamazazpigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 54. artikuluaren a) idatz-zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da:

 

"a)   Euskal Autonomia Erkidegoa sustatzeko mota guztietako kanpainak diseinatzea eta gauzatzea. Publizitatean hizkera ez-sexista erabiliko da eta publizitatearen arloan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legean adierazitakoa beteko da".

 

Hemezortzigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 66. artikuluaren c), l) eta q) idatz-zatiak aldatu egiten dira, eta honela geratzen dira:

 

"c)    Administrazioak aldez aurretik baimendu gabe,  jarduera gauzatzeko oinarrizko baldintzak aldatzen dituzten eta establezimenduaren sailkapenean, kategorian edo ostatu-edukieran ondorioak dituzten egiturazko erreformak egitea.

l)      Lege honetan aipatzen diren gaietan informatu, zaindu, ikertu, ikuskatu, izapidetu eta gauzatzeko funtzioak betetzeari dagokionez, agintaritza eskudunek edo horien agenteek eskatutako informazioa emateari edo datuak emateari uko egitea edo oztopoak jartzea. Halaber, informazio okerra edo gezurrezko dokumentazioa ematea.

q)    Turismo-kanpalekuetan kanpinlari finkoak edo erresidentzialak onartzea, debekatutako kanpaketa-unitateak instalatzea, elementu finkoak ezartzea edo legez edo erregelamenduz baimendutakoa baino aldi luzeagorako edo ehuneko handiagoetan lursailen alokairu-kontratuak sinatzea".

 

Hemeretzigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 70. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"70. artikulua. Berrerortzea eta errepikatzea

 

1.    Berrerortzea gertatuko da arau-haustea egin duen pertsonak bi urteko epean gutxienez mota bereko beste arau-hauste bat egiten badu, betiere epai irmoaren bidez arau-haustetzat hartuz gero. Berrerortze-kasuan, arau-hausteari dagokion zehapena gehienezko mailan ezarriko da.

 

2.    Arau-haustea gertatu den egunean hasiko da epea zenbatzen".

 

Hogeigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 73. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"1.   Aurreko artikuluan ezarritako irizpideei jarraiki, gutxienezko mailako, maila ertaineko eta gehienezko mailako zehapenak ezarri ahal izango dira.

 

2.    Arau-hauste arinak ohartarazpenaren bidez edo 90 eurotik 900 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira. Ohartarazpen-zehapena jarriko da arintzat hartutako arau-hausteen kasuan, baldin eta arau-haustearen nondik norakoak isuna jartzea eskatzen ez badu, eta betiere arau-hauste horretan berrerortzea gertatzen ez bada.

 

Isun-zehapenaren gutxieneko maila 90 eurotik 225 eurora bitarte izango da; maila ertaina 226 eurotik 450 eurora, eta gehienezko maila 451 eurotik 900 eurora.

 

3.    Hutsegite larriak isunaren bidez zehatuko dira, gutxieneko mailan 901 eurotik 1.800 eurora bitarte; maila ertainean 1.801 eurotik 4.500 eurora, eta gehienezko mailan 4.501 eurotik 9.000 eurora.

 

4.    Hutsegite oso larriak isunaren bidez zehatuko dira, gutxieneko mailan 9.001 eurotik 13.600 eurora bitarte; maila ertainean 13.601 eurotik 18.125 eurora, eta gehienezko mailan 18.126 eurotik 45.000 eurora".

 

Hogeita batgarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 78. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

 

"1.   Lege honetan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenek honako epe hauetan preskribatuko dute:

 

a)  Arau-hauste arinak: urtebetean

b)  Arau-hauste larriak: bi urtean

c)  Arau-hauste oso larriak: hiru urtean".

 

Hogeita bigarren Artikulua - Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legeari seigarren erabaki gehigarria gehitzen zaio. Honela geratzen da:

 

"Seigarrena. Turismo-erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokienez, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera bermatuko dira".

 

Hogeita hirugarren artikulua

 

       1.    Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen xedapen iragankorraren izena aldatu egiten da, eta orain lehen xedapen iragankorra da.

 

       2.    Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legeari bigarren xedapen iragankorra gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:

 

"Bigarren xedapen iragankorra

 

Opor- eta turismo-etxebizitzek eta etxe partikularretako gela sailkatuetan ostatu ematen duten alojamenduek, bai eta turismo-trafikora dedikatuko direla jakinarazi dutenek ere, beren izaerari eutsiko diote harik eta, hala dagokionean, lege honetan xedatutakoa betez, bertan aurreikusitako modalitateren batera egokitzen diren arte".

 

Azken Xedapena

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra