15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa
2012-06-28Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/7/6, 132. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.
§ 346. 15/2012
LEGEA, EKAINAREN 28KOA, EUSKADIKO SEGURTASUN PUBLIKOAREN SISTEMA
ANTOLATZEKOa(1)
ZIOEN
AZALPENA
I
Lege
honen xedea Euskadiko segurtasun publikoaren sistema antolatzea da. Sistema
horretan, herri-administrazio guztiek hartuko dute parte, eta printzipio hauek
izan behar ditu oinarrian: osagarritasuna, lankidetza, koordinazioa, elkarlana,
elkarrekiko informazioa eta erakundeen arteko leialtasuna.
Segurtasun
publikoaz aritzerakoan, beharrezkoa da ikuspegi sistematiko eta integral bat
hartzea, zeinak artikulatzen baitu administrazio publikoek abian jartzen duten
xedapen, prozedura, bitarteko eta baliabide sorta bat, helburu duena baldintzak
sortzea eta oztopoak ezabatzea pertsonek bete-betean disfruta ditzaten beren
eskubideak eta askatasunak eta posible izan dezaten bizikidetza baketsuan,
ongizatean eta gizarte kohesionatuan bizitzea, hartarako ahal den neurrian
murriztuz arriskuak eta perilak, nahita edo nahi gabe gertatu ohi direnak,
pertsonen eskubideei eta askatasunei dagokienez, bai eta pertsonen euren,
beraien ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasunari dagokionez ere.
Halako
segurtasunaren eskean daude, gero eta gehiago, gaur egungo gizarte moderno eta
aurreratuak, eta eskari horri erantzuteko helburua dauka, hain zuzen, lege
honek, segurtasuna hori lortzeko beharrezko baldintza objektiboak taxutzeko
tresna eta erremintak emanez.
Horra
hor nola ulertzen den segurtasun publikoa, eta horregatik hain zuzen ere,
politika publikoek herritarra dute ardatz, zerbitzu publikoak erabili behar
dituen subjektu aktibo modura ulerturik. Ardatza ez da, beraz, garai batean
bezala, soil-soilik Estatuaren segurtasuna eta ordena publiko materiala zaindu
beharra.
Ikuspuntu
berri horretatik abiaturik, aginte publikoek herritarrak eta antolakundeak eta
erakundeak mehatxuetatik babesten saiatu behar dute, mehatxu horiek eskubideen
eta ondasunen aurkakoak izan, edo ongizatearen eta gizartearen onuraren
aurkakoak izan, nahita sortutakoak, edo nahi gabe gertatutakoak.
Autonomia
Estatutuaren 17. artikuluaren aginduz, Euskal Autonomia Erkidegoak badu ordena
eta segurtasun publikoaren inguruko eskumenik, eta horri jarraiki oso-osorik kudeatzen
du Euskadiko segurtasun publikoa, salbu eta Estatutuak berak zehazten dituen
erkidegoz gaindiko eta kanpoko gaiak.
Eskumen
hori eta segurtasun publikoarekin lotura zuzena duten beste eskumen espezifiko
batzuk funtsean polizia bereziaren jarduntzat hartzen baitira zentzu
publikoan baliatuta, gure autonomia-erkidegoak segurtasun publikoari buruzko
bere berariazko ordenamendua osatu zuen joan den mendeko azken hamarkadan. Eta,
hala, besteak beste, lege hauek onartu zituen: Euskal Herriko Poliziari buruzko
uztailaren 17ko 4/1992 Legea; Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996
Legea; Jendaurreko ikuskizunei eta jolas jarduerei arautzeko azaroaren 10eko
4/1995 Legea; edo Euskal Herriko Autonomia Elkartean jokoa arautzeko azaroaren
8ko 4/1991 Legea.
Eskarmentuak
erakutsi duenez, segurtasun publikoarekin zerikusia duten osagaien eta
arlo-politiken artean bada hainbat lotune eta sinergia, eta derrigorra zen begi
bistan jartzea, indartzea eta koordinatzea.
Eta
hori guztia ikusita, beharrezko gertatzen da Euskadiko segurtasun publikoaren
arau-sistema berriro antolatzea. Abiapuntua izango litzateke segurtasun
publikoa arragoa moduko baten modura ulertzea, hainbat azpisistemaren
helburuen, oinarrizko printzipioen eta elementu erkide batzuen arragoa.
Segurtasun
publikoaren sistemaren barruan daude polizia eta herritarren segurtasunarena
eta larrialdiak eta babes zibilarena. Badira, hala ere, jarduera
administratiboaren beste arlo batzuk, hala nola zirkulazioa eta
bide-segurtasuna, jokoa, ikuskizunak eta jolas-jarduerak, eta bada segurtasun
publikoari loturik dauden edo segurtasun publikoaren osagarri diren beste
jarduera batzuen araubidea ere (hala nola segurtasun pribatua), eta haietako
bakoitzak bere arautegia du.
Horrela,
bada, gure ordenamendu juridikoan itxura batean inongo loturarik gabe
arau-ildo ezberdinetan bilduta ageri ziren hainbat azpisistema sistema komun
batean egituratzen ditu lege honek, guztiek azken helburu bera eta hartarako
gaitzen duen bide bera baitituzte: segurtasun publikoa. Arau honen helburua da
segurtasun publikoaren arloko euskal antolamenduaren erpina edo arau ardatza
izatea, alegia, sektore horretako gainerako lege guztien aterpe izatea, denak
ere segurtasun publikoaren arauen azpisistema honetan bil daitezen.
II
Proiektuaren
I. tituluaren I. kapituluan arautzen dira legearen xedea, segurtasun
publikoaren sistemaren kontzeptua, bere baitan dituen zerbitzuak, administrazio
eskumendunak eta sisteman parte hartzen dutenak, eta zein printzipio diren
bide-argi segurtasun-publikoko politikak osatzeko, administrazioaren
jardunerako eta erakunde arteko harremanetarako.
Sistemaren
integrazioaren oinarriak dira: jarduteko printzipio komun batzuk izatea,
erakundeen arteko koordinaziorako eta elkarlanerako organismo formalak egotea
eta administrazioek segurtasun publikoaren arloan garatu behar dituzten
politika publikoak era mailakatu eta koherente batean planifikatzea
Nola
jardun jakiteko, segurtasun publikoaren sistema osorako printzipioak ere
finkatzen ditu legeak. Printzipio horien artean aipagarria da sistema hau
herritarren eskubide-askatasunak eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna
mehatxatzen dituzten arriskuen prebentzio proaktibora bideratzen duena, hau da,
aurretiaz eta kalteei aurrea hartzeko moduan planifikatu behar dela
Administrazioak zer egingo duen.
Nahiz
eta segurtasun publikoaren eskumena autonomia-erkidegoko erakunde komunena
izan, udalerriek eta lurralde historikoek ere parte hartzen dute
segurtasun-politikak formulatzen eta gauzatzen, bakoitzari dagozkion sektoreko
eskumenetan.
I.
tituluaren II. kapituluan, segurtasun publikoaren sistemako partizipazio- eta
koordinazio-organoak datoz zehazturik, hala nola, Euskadiko Segurtasun
Publikoaren Kontseilua; eta Segurtasunean Parte Hartzeko herri-kontseiluak (herritarrek
ere segurtasun publikoko politikan parte hartuko dutela bermatzen dutenak).
Organo
horiei esker, herri-administrazio guztiek, agintariek, polizia-kidegoek eta
segurtasunarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu publikoek parte hartuko
dute segurtasun publikoko politikak diseinatzen, aplikatzen eta ebaluatzen.
Lan
hori egingo dute, baina, arlo honetan jarduten duten beste organoei ez
eginkizunetan ez aginpidetan ezer kendu gabe, gaur egungo legediaren arabera
hainbat organo baitago segurtasun publikoan eta polizian, ausazko jokoetan,
ikuskizunetan eta jolas-jardueretan, larrialdietan eta babes zibilean,
zirkulazioan eta bide-segurtasunean eta baita segurtasun pribatuan ere.
Legeak
zehazten du partizipazioko organo horiek eta planifikazioko tresnek zer-nolako
harremana eduki behar duten segurtasun publikoarekin zerikusia duten beste
organoekin, hala nola bide-segurtasunean, babes zibilean, jokoetan, genero
indarkerian edo antzeko beste arloetan lan egiten duten organoekin.
Lege
honen arabera, herritarrak berak ere parte hartuko du bere segurtasun-arazoak
konpontzeko orduan, eta, horrela, sistemak hobeto ulertu ahal izango du
herritarren segurtasun-gabezien nondik norakoa. Lege honen arabera, herritarra
bera ere bada bere segurtasuna eraikitzeko arduretan bide-lagun. Horra hor,
helburu horretan lagungarri, tokian tokiko segurtasunean parte hartzeko
kontseiluak sortu eta segurtasun publikoaren sistema hobetzeko
herritar-ekimenen Bulegoa eraberritzea.
I.
tituluaren III. kapituluak arautzen du segurtasunaren planifikazioa, bai
erkidegorako, bai eta herrirako ere. Euskadiko Segurtasun Plan Orokorrean dator
jasota, era berean, orokorrean zer-nolako aurreikuspenak espero diren
arriskuetarako, jardueretarako eta baliabideetarako, segurtasun pribatua barne,
arlo hauetan: herritarren segurtasunean, larrialdietan, bide-segurtasunean eta
Euskadin herritarren elkarbizitzarekin eta pertsonen eta ondasunen
segurtasunarekin zerikusia duten beste batzuetan.
Arkitektura
txukuna eta egituraketa zuzena ematea ez da nahikoa segurtasun publikoaren
sistemaren eraginkortasunerako, horretaz gainera, esku artean ditugun
baliabideak zuzen eta arrazoi-legez erabili beharko ditugu, hartara,
segurtasunaren esparruan erdietsi nahi ditugun helburuak artezago lortu ahal
izateko.
Horretarako,
lege honen I. tituluaren IV. kapituluak zenbait mekanismo jartzen ditu
Segurtasun Publikoaren Administrazioaren efizientzia, ekonomikoa nahiz
antolakuntzakoa, integratu, arrazionalizatu eta bilatzeko. Hala, segurtasun
publikoaren sistemaren baitako zerbitzu guztiak komunikazioetarako eta
kudeaketa koordinaturako sistema bakar batean biltzea sustatzeko agintzen du.
Sistema bakar hori erabilita, datuak eta informazioak transmititzeko bidea eta
gertakariak eta baliabideak kudeatzeko eta konpontzeko bidea izan beharko du,
hartara, sistemaren baliabideak koordinatzeko sostengua izateko denbora
errealean. Halaber, zenbait bitarteko eta baliabide baditu sistema osorako,
esate baterako, herritarrek aukera izatea segurtasun publikoaren sistemara
jotzeko larrialdi eta emergentzietako telefono-zenbaki bakarraren bitartez
(112); segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritarren ekimenak biltzeko
bulegoa, edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, titulu berezia ere
baduena.
Halatsu,
segurtasun publikoaren arloan administrazio-kontratazioa arrazoi-legez egiteko
hainbat neurri jaso da.
III
II.
tituluan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia lantzen da, nola sortu eta
arautuko den, alegia. Eginkizunetan orain arteko Euskal Herriko Poliziaren
Ikastegia ordezkatuko du, baina zeregin berriak zehaztuko zaizkio, segurtasun
publikoaren sistema osoa harturik aintzakotzat.
Hainbat
zerbitzu dabil helburu bera erdietsi nahian, alegia, pertsonei segurtasuna
ematea eta pertsona horien ondasunak babestea, eta zerbitzu horiek elkarrekin
ibili beharko dute eta elkarri lagundu beharko diote, erakunde berri horrek
zerbitzu horiek prestakuntzaren aldetik hobeto integratzen laguntzeko. Gainera,
segurtasuneko eta larrialdietako zerbitzuen etengabeko prestakuntzak
ekonomiaren eta administrazioaren aldetik dakartzan kostuak arrazoitzen
laguntzen du, aukera ematen baitu sinergiak sortzeko eta guztiek erabiltzeko
moduko azpiegiturak sortzeko, prestakuntzarako eta ikasketetarako baliabideak
bikoizten ibili beharrik gabe.
Akademiaren
taxu berriak aldaketak ekarriko ditu Zuzendaritza Kontseiluaren osaketan,
tarteko diren erakunde guztiek beren tokia izan dezaten; gainera, akademiaren
berezko prestakuntza-eremuan sartuta dauden beste zerbitzuetako langileei ere
emango zaie aukera irakaskuntzako zereginetan aritzeko.
IV
III.
tituluan, polizia-sistema edo herritarren segurtasuneko sistema arautzen da;
segurtasun publikoaren sistemaren osagai modura arautu ere, eta, alde
horretatik, Autonomia Erkidegoko polizia-eredua osatzera dator. Bertan
aurreikusten dira Euskal Herriko polizia-zerbitzuak koordinatzeko eta
elkarlanean aritzeko tresnak, eta baita zerbitzu horien jarduera osagarriak
integratzeko tresnak ere.
Araudiarekin
euskal polizia-eredua sendotu eta modernizatu nahi da, eta horrela, gizarteak
eskatzen eta behar duena kontuan izanda, erantzuteko gaitasun egokia izateaz
gainera, lege honetan zehazten diren erakunde politikoetan eta partaidetzako
erakundeetan finkatutako politikak garatzeko aukera izan dezala lortu nahi da.
Legeak
aldarrikatzen duen polizia-ereduak aurreko araudiaren oinarrizko ildoei
jarraitzen die: Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoa egongo da, Ertzaintza,
Eusko Jaurlaritzaren menpe, eta hori izango da ereduaren muina, polizia orokor
eta integrala izango den neurrian, eta horren osagarri, udalerrietako
udaltzaingoa egongo da. Bi kidego horiek Euskal Herriko Polizia osatuko dute,
estatutuen erregimen komun eta homogeneoa duena, nahiz eta berezitasunen batzuk
ere egongo diren.
Lege
honetan egiten diren proposamenek bi arrazoi nagusi dituzte; batetik,
Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko polizia integral gisa lortutako
heldutasun eta prestigio sozialaren aitormena, eta bestetik, udaltzaingoak,
lehen udal demokratikoak lanean hasi zirenetik berrantolaturik, egindako lan
eredugarria.
Herrietako
udaltzaingoak beren borondatez hasi ziren herritarrek segurtasunaren arloan
egiten zituzten eskariei erantzuten, egungo polizia-eredua gauzatu aurretik
zeuden hutsune legal edo instituzionalei aurre egiten, eta abian ipini zituzten
gerora beste autonomia-erkidego batzuentzat eredugarri izan ziren zerbitzu
aitzindariak.
Baina
polizia-zerbitzu bakoitzak bere edo elkarbanaturik izango dituen eskumenak alde
batera utzita, legearen asmoa euskal erakundeetako polizia-kidegoen ahaleginak
batzea da, guztien artean segurtasun publikoa lortzeko.
Horretarako,
lehentasunezkoa da polizia-zerbitzuak arrazionalizatzea, zerbitzua eskaini ahal
izateko behar besteko egitura eta baliabide egokiak izanda.
Ondorioz,
udaltzaingoen arteko koordinazioari bultzada nabarmena eman beharko zaio, hain
zuzen ere egituretan, plantilletan eta baliabideetan dagoen hainbesteko aldeak
ez diezaion kalterik egin polizien arteko lankidetza eta koordinazioari.
Hori
lortzeko, legeak udaltzaingoak koordinatzeko bide formal eta materialak
sustatzen ditu, bereziki Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, eta
udaltzaingoen erregistroa eta lanbidea egiaztatzeko bideak ere arautzen ditu.
Udaltzaingoak
arautzeko orduan, kontzeptualki, ezaugarriei nahiz eskumenei dagokienez,
osotasun bakartzat hartzen dira, baina horrek ez du esan nahi kidego horren
barruan dauden errealitate ezberdinak ahazten direnik, bai plantillen artean,
bai benetan egiten diren lanen artean, beharrizanak ere askotarikoak izatearen
ondorioz.
Legeak
kontuan hartzen du konplexutasun hori, eta tokian tokiko biztanle kopuruaren
eta egitura profesionalaren arteko lotura homogeneoa egotea bultzatzen du;
horren barruan, udaltzaingoa zer den ulertzeko kontzeptu bakarra izanik ere,
talde handiagoak edo txikiagoak egongo direnez, eginkizun gehiago edo gutxiago
eskuratuko lituzkete, Ertzaintzarekin harremanetan edo lankidetzan jardunda.
Hori
hala izanik, eta udaltzaingoari buruzko kontzeptua bakarra izatea nahastu gabe,
polizia-kidego handiek, beste txikiago batzuekin alderatuta, nolako ekarpena
egin dezaketen balioesten uzten da, eta aukera ematen da Ertzaintzaren eta
udaltzaingoaren artean koordinaturik zein eginkizun burutuko diren zehazteko,
lurralde-eremu bakoitzaren ezaugarri bereziekin bat.
Azken
batean, nahiz eta orokorrean hitz eginda udaltzaingoen talde guztiek eginkizun
berak izan, taldearen tamainak, esperientziak, gaitasunak eta baliabideek
konpromiso handiagoa edo txikiagoa izatea ekar dezakete, polizien arteko
elkarlanaz ari garela, segurtasuna zaintzean.
Baina
aldi berean, saihestu nahi da polizia-kidegoak besterik gabe sortzea, baldin
eta polizia-kidego horiek ez badute zerbitzua etengabe eskaintzeko behar
besteko azpiegiturarik. Eta, ildo horretatik, bai lege honetan eta bai Euskal
Herriko Poliziaren Legea aldatzeko legean, zenbait alternatiba ere jartzen dira
aukeran, polizia-zerbitzua emateko nahiko bitarteko ez daukaten herrietarako,
hala nola figura espezifikoak sortzea, adibidez, estatutu juridiko erabatekoa
daukaten udal-zaindariak, edo udalerrien arteko elkarlana bultzatzeko
mekanismoak jartzea, edo Ertzaintzarekin batera jarduteko aukera ematea.
Azken
batean, deskribatu diren neurri horiei guztiei esker, udalek autonomia izango
dute beren baitako polizia-kidegoak egituratzeko, eta aukera izango dute, aldi
berean, polizia-zerbitzua eratzean bide bat baino gehiago baliatzeko, egoera
bakoitzeko ezaugarriak kontuan izanda, baina betiere polizia-zerbitzuaren
oinarrizko ezaugarriak bermaturik, halakotzat har dezaten.
Bukatzeko,
polizia-eredua ixteko, aipatu den ordenamenduaz gainera, polizien arteko
koordinaziorako eta elkarlanerako bideak garatu beharra ere badago, eta legean
xehetasunez heltzen zaio gai horri, lankidetzaren alde eginda, kidego
bakoitzaren barruko koordinazioa sustatuta, edo baliabideak elkarbanatzearen
alde eginda.
Ildo
horretatik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek akordioak izenpetzeko ohiko tresnak ere
arautzen dira, horrela elkarrekin lankidetzan aritzeko bideak egon daitezen,
bakoitzak dituen eskumenen barruan; edo elkarlana eta eginkizunak banatzea izan
dezaten, bi poliziek egiteko modukoak diren zereginetan, edo zerbitzua
elkarrekin ematea izan dezaten, hala behar duen kasuetan, eta baita eginkizunak
nahiz zerbitzuak eskuordetzea izan dezaten, aurreikusiko diren kasuetan eta
baldintzetan.
Gainera,
baliabideak elkarbanatzea errazten duten neurriak ere jasotzen dira, dagoeneko
badaudenak arrazionalizatzeko eta beharrezkoak ez diren bikoiztasunak
saihesteko.
Asmo
hori bera du Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroa arautzeak, III.
tituluaren III. kapituluan; datu pertsonalak babesteko indarrean den araudiak
dioena kontuan hartuta egiten da hori, eta polizien artean datu-baseak eta
komunikazioa elkarbanatzea aurreikusten da.
V
III.
tituluaren V. kapituluan, segurtasunaren osagarriak diren beste jarduera
batzuekin lankidetzan eta koordinaturik aritzeko bideak aurreikusten dira.
Gaur
egun, polizia-zerbitzuak ez ezik, badira beste eragile batzuk herritarren
segurtasuna hobetzeko lan egiten dutenak (oso orotara hartuta, segurtasun
pribatuko industriak emandako zerbitzuak ere bai).
Segurtasun
pribatuak eta publikoak bakoitzak muga batzuk ditu, eta norabideak eta
lehentasunak askotarikoak izan daitezke; hori hala izanik, segurtasun pribatuak
lehentasuna ematen dio kalteei eta galerei aurrea hartzeari, eta ez delituari
aurre egiteari. Jarrera hori, baina, ez da nahikoa ikuspegi publiko batetik
begiratuta, ez delako arazoaren iturburura jotzen. Hala ere, eta azaldutakoaren
ildotik, segurtasunaren ikuspegi zabala baldin badugu, ezin da ukatu badirela
beste eragile batzuk pertsona eta ondasunak babesten, eta horiekin sinergia
positiboak lortzea egon daiteke, segurtasuna erdiestearen ikuspegitik.
Gaur
egun segurtasun pribatuari buruz indarrean den legediak era horretako
zerbitzuen esparrua zein den zehaztu eta mugatu egiten du, Administrazioaren
kontrol zorrotza ezartzen die, eta segurtasun publikoko agintaritzekin eta
polizia-kidegoekin aktiboki lankidetzan aritzera behartzen ditu.
Baina
segurtasunaren Administrazioa ezin da mugatu segurtasunaren arloko sektore
pribatuaren jarduna zorrozki kontrolatzera; horren ordez, jardun horren
ekarpena segurtasun publikoaren sisteman jasotzen saiatu behar du, eta,
horretarako, kontrol-neurriez gainera, benetako lankidetzaren alde egingo duten
beste neurri batzuk garatu behar ditu.
Hori
da, hain zuzen ere, segurtasun pribatua koordinatzeko batzorde mistoa sortzeko
arrazoia, segurtasun pribatuaren eta Administrazioaren artean esperientziak
elkartrukatzea errazteko.
Esandakoaz
gainera, segurtasun publikoko eskumena duen sailari gaitasuna ematen zaio
zenbait kasutan babes-neurriak jarri behar ote diren edo ez ebazteko. Horren
bidez, aukera izango du mehatxaturik dauden edo jazarpenen bat jasaten duten
pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzuak nola eskaini behar diren
planifikatu eta zuzentzeko, poliziaren zerbitzu publikoaren bidez edo
segurtasunaren arloko enpresa pribatuen bidez. Era berean, eraikin eta
instalazio publikoetan segurtasun-neurriak jartzeari buruz ere erabaki ahal
izango du, betiere eraikinaren edo instalazioaren titularrarekin ados jarrita.
Berebiziko
garrantzia duten azpiegiturez ari garela, hau da, horiek desegiteak oinarrizko
zerbitzu publikoetan inpaktu larria eragitea ekarriko lukeen kasuetan, horien
kudeatzaileei segurtasun-planak egitea eskatzeko aukera aurreikusten da legean,
nahita egindako erasoei aurre hartu ahal izateko, betiere Europako eta Estatuko
araudiek gai horren inguruan diotena kontuan izanda.
Plan
horien osagarri, laguntzako beste plan operatibo batzuk egin beharko ditu
segurtasun publikoko eskumena duen sailak, eta koordinatu egin beharko dira
larrialdietarako eta babes zibileko araudiaren arabera eskatzekoak diren beste
plan batzuekin nahiz derrigorrezkoak diren gainerako segurtasun-neurriekin,
segurtasun pribatuko araudian esaten denaz bat.
Aurreikusitakoaren
arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntza eskainiko die
eraikin eta instalazio publikoetan eta azpiegitura kritikoetan babes eta
segurtasunaz arduratuko direnei, eta baita segurtasun publikoko eskumena duen
sailak planifikatu eta zuzenduta pertsonak babesteko zerbitzuetan dihardutenei
ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo arlo publikoko
beste erakunde batzuek deialdia egin eta zaintza eta segurtasuneko zerbitzuei
buruzko kontratu publikoak eskuratzen dituzten enpresek derrigor eskaini
beharko diete prestakuntza hori langileei.
VI
IV.
tituluan, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema
jasotzen da, hain zuzen ere lege honetan jasotako printzipio komunen barruan
eta Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean eta lege hori garatzen duten
erregelamenduetan jasotako araudi sektoriala ere kontuan izanda; era berean,
babes zibilari buruz Estatuko legediak dioena ere hartu beharko da kontuan. Eta
hori guztia, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren
araudien asmoa larrialdietan eman beharreko erantzuna planifikatzea delako,
dauden erakunde maila guztietan, urratsez urrats, modu bateragarri eta
integratuan.
Hori
hala izanik ere, lege honek segurtasun publikoaren eremu osoan bete beharreko
printzipioak ezartzen dizkio larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako
euskal sistemari, eta horrekin batera, babes zibilaren planifikazioa segurtasun
publikoaren arloko planifikazio orokorrean integratzea aurreikusi da.
Bestalde,
koordinaziorako berariazko irizpideak ere jarri dira, berebiziko garrantzia
duten azpiegiturak babesteari dagokionez eta ekintza kriminalen edo hainbat
biktimatako larrialdiko egoeretan esku-hartzeari dagokionez.
VII
V.
tituluan zenbait aurreikuspen jasotzen dira segurtasun publikoaren arloko politikak
beste politika sektorial batzuekin elkarlotzeko; hala nola, trafiko eta
bide-segurtasuneko politikekin edo ikuskizun publiko eta jolas-jardueren arloko
politikekin. Beste horrenbeste egiten da segurtasun publikoko politikak
lurraldearen eta hirigintzaren plangintzarekin elkarlotzeko.
I.
kapituluan zenbait neurri aurreikusten dira bide-segurtasunaren esparrurako,
eta lehen aldiz, lege mailako arau batean Euskadiko Bide Segurtasuneko
Batzordea arautzen da; batzorde horrek bide-segurtasunaren arloko plan
estrategikoak eta jarduerak aztertzen ditu, hain zuzen ere gai horretan esku
hartzen duten agente guztien ahaleginak koordinatzeko.
Euskadiko
Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategikoa eta bide-segurtasunaren arloko
beste jardute-plan batzuk arautzen dira, eta aukera egongo da herri barruko
bide-segurtasunaren arloko planak zehazteko ere, Euskadiko Bide Segurtasunaren
arloko Plan Estrategikoan jarritako jarraibideekin bat.
II.
kapituluan ikuskizun eta jolas-jardueretarako establezimendu publikoetako
segurtasun-neurriak antolatzeko aukera aurreikusten da, gune horien kontrako
delituei aurre hartzeko, hirugarrenei zuzeneko arriskua eragitea gerta
badaiteke edo bereziki kalteberak baldin badira.
Zehazki
esanda, ikuskizun eta jolas-jarduerek segurtasun-zerbitzu pribatua izan beharko
dute, horiek antolatzen diren lekuetan 700 pertsona baino gehiago sartzen
baldin badira.
Erregelamendu
bidez erabaki ahal izango da gune publikoetan edo jolas-jarduerak burutzen
diren lekuetan sarrera emateko zerbitzu berezitua jarri beharra, eta horietan
modu egokian identifikatutako eta egiaztatutako langileak egotea, gaikuntza
bereziaren bidez. Sarrera emateko zerbitzu horretan posible izango da
segurtasun pribatuko langileak egotea, baina soilik segurtasuneko zaintzaile
gisa lanean ari ez badira.
III.
kapituluan esaten da segurtasun publikoaren plangintzan aurreikusitako
helburuak derrigor hartu beharko direla kontuan lurraldeko nahiz hirigintzako
plangintza idazterakoan, nahiz azpiegitura handien proiektuak idazterakoan,
horiek guztiek herritarren segurtasunean nolako eragina duten, arrisku
orokorrak zein diren eta bide-segurtasunarekiko eragina zein den ebaluatu
beharko baita.
Bukatzeko,
IV. kapituluan aurrea hartzen zaio emakumeen aurkako indarkeriari administrazioen
arteko plangintzaren eta jardunaren bitartez.
I.
TITULUA
SEGURTASUN
PUBLIKOAREN SISTEMA
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
artikulua. Xedea
1. Lege honen xedea da Euskadiko Autonomia
Erkidegoak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak antolatzea, bereziki
poliziaren eta herritarren segurtasunaren arloetakoak, eta segurtasun-sistema
orokor propio batean, zeinetan parte hartuko baitute arlo horretako eskumenak
dituzten gainerako administrazioek ere, integratzea bai eskumen horiek eta bai
beste batzuk, hala nola larrialdien eta babes zibilaren arlokoak, trafiko eta
bide-segurtasunaren arlokoak, eta joko, ikuskizun eta jolas-jardueren arlokoak.
Horren
guztiaren helburua da herritarrak mota guztietako arriskuen aurrean babestea
eta haiek beren eskubide eta askatasun guztiak era baketsuan eta aske erabil
ditzaten bermatzea.
2. Hartara, lege honetan hauek arautzen dira:
a) Euskadiko
segurtasun publikoaren sistemaren jarduera-printzipio erkideak.
b) Sistema
integratzen laguntzen duten mekanismoak, hala nola planifikazioa, sistemaren
koordinazio-organoak eta sisteman parte hartzeko organoak.
c) Segurtasun
publikoaren sistema hobetzeko eta arrazionalizatzeko administrazio-neurriak;
bertan sartzen da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia sortzea.
d) Udaltzaingoen
koordinazioa.
e) Poliziaren
eta herritarren segurtasunaren azpi-sistemak eta larrialdietakoak eta babes
zibilekoak berezko izaten dituzten integrazio-, elkarlan- eta
koordinazio-mekanismoak.
3. Estatuko Administrazio orokorraren
koordinazioa eta lankidetza antolamendu juridikoan aurreikusitako mekanismoen
bitartez egingo da, eta, bereziki, Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar
eta Kidegoen koordinazioari dagokionez, Segurtasunerako Batzordearen bitartez,
Autonomia Estatutuaren 17.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.
artikulua. Kontzeptua
1. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemak
barne hartzen du xedapen, prozedura, bitarteko eta baliabide sorta bat, zeina euskal
administrazioek erabiltzen baitute, prebentzio- eta babes-politika publikoen
bidez, bai herritarren eta ondasunen segurtasuna eta herritarren eskubideen eta
askatasunen erabilera librea bermatzeko, bai herritarrak asaldatzen dituzten
egintzak borrokatzeko.
2. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemak
polizia eta herritarren segurtasuna, bide-segurtasuna eta larrialdi eta babes
zibilaren kudeaketa hartzen ditu, zein bere araudi espezifikoarekin, bai eta
pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eta eskubideen eta askatasunen
erabilera librea bermatzeko beste politika publiko sektorial batzuk ere.
3. Politika publiko horien xedea da baldintzak
sustatzea eta eragozpenak kentzea pertsonek bete-betean disfruta ditzaten beren
eskubideak eta askatasunak eta posible izan dezaten bizikidetza baketsuan,
ongizatean eta gizarte kohesionatuan bizitzea eta jardutea, hartarako ahal den
neurrian murriztuz pertsonen eskubideak eta askatasunak asalda ditzaketen
arrisku eta peril nahita edo nahi gabe gertatuak, bai eta pertsonen euren,
beraien ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasuna asalda ditzaketenak ere.
4. Ulertzen da Euskadiko segurtasun publikoaren
sisteman sartuta daudela euskal administrazio publikoek ondoko organo eta
zerbitzuen bidez ematen eta gauzatzen dituzten jarduerak, zerbitzuak eta
prestazioak:
a) Segurtasun
publikoaren arloan eskumena daukaten agintariak, bai eta herritarren
segurtasunean, larrialdietan eta babes zibilean eskumena daukatenak ere.
b) Euskal
Herriko polizia-kidegoak, bai eta udalerrien mendeko jagole eta udalerrien
mendeko mugikortasun-agenteak ere.
c) Larrialdietako
eta babes zibileko zerbitzuak, larrialdietako koordinazio-zentroak eta suteak
prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuak eta salbamendu-zerbitzuak, eta larrialdiei
aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema osatzen duten gainerakoak.
d) Segurtasun
publikoaren arloko koordinazio-organoak, kontsulta-organoak eta parte hartzeko
organoak.
5. Era berean, Euskadiko segurtasun publikoaren
sisteman parte hartzen dute bai segurtasun-zerbitzu pribatuek bai ondasunak eta
pertsonak babesten laguntzeko xedea duten gainerako zerbitzuek, lege honetan
ezarritako baldintzen arabera eta zerbitzu publikook edo pribatuok arautzen
dituen araudiak xedatutakoaren arabera.
6. Ordenamenduan aurreikusitako
lankidetza-betebeharrak betez parte hartzen dute herritarrek segurtasun
publikoaren sisteman; baita boluntario gisa ere, larrialdien eta babes
zibilaren gaineko araudian aurreikusitako boluntario-erakundeen bidez; eta,
orobat, politika publikoak lantzen eta zehazten eta lege honetan aurreikusitako
ekimenak aurkezten parte hartzeko ezarritako formulen bidez ere.
3.
artikulua. Denentzako printzipioak
1. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemak
printzipio gidari hauek ditu:
a) Arriskuen
eta mehatxuen prebentzioa.
b) Herritarrek
dituzten beharrizanak ezagutzea eta zerbitzu publikoa haiei egokitzea.
c) Herritarrekiko
hurbiltasuna eta arin erantzutea.
d) Ekintza
publikoaren eraginkortasuna eta segurtasun- eta larrialdi-zerbitzu publikoetako
baliabideak eta bitartekoak efizientziaz jokatzea.
e) Arazoak
identifikatzea, erantzuna planifikatzea eta emaitzak ebaluatzea.
f) Segurtasunarekin
zerikusia duten eta gizarte-bazterkeriaren kontrako borrokan eginkizunen bat
duten instituzio, zerbitzu eta erakunde publiko edo pribatuekiko eragina.
g) Gardentasuna
eta herritarrentzako informazioa.
h) Herritarrek
beren ordezkaritza erakundeen bidez, organo espezifikoen eta programen
bitartez, parte hartzea delinkuentzia eta arriskuak prebenitzeko prozesuetan
eta politiketan.
i) Jarduerak
egokitzea bitartekoen eta baliabideen osagarritasunaren eta
subsidiariotasunaren arabera, eta babes zibileko larrialdi-planak aplikatzean
integrazioa, gaitasuna eta nahikotasuna bilatuz.
2. Segurtasun publikoaren arloko
administrazio-jarduerak honako printzipio hauek arautuko dituzte:
a) Legezkotasun-printzipioa.
Eskubideak eta askatasunak murriztea edo baldintzatzea dakarten egintzek
lege-mailako arau baten baimena beharko dute. Nolanahi ere, murriztapenik
gutxien dakarren neurria hautatuko da, eta arrazoitu egin beharko da interes
publikoa babesteko beharrezkoa dela eta gauzatu nahi den helbururako egokia
dela azalduz, bazterkeria dakarren traturik inolaz ere eragin gabe.
b) Subsidiariotasun-printzipioa:
segurtasun publikoaren arloan eskumena duten agintarien esku-hartzeak ez ditu
eragotziko beste botere publikoei dagozkien ahalmenak eta betebeharrak;
esku-hartze hori subsidiarioa izango da polizia bereziko administrazio-ahalen
peko gaiei dagokienez.
c) Egokitasun-printzipioa
edo diskrezionalitate-tartea erabakitzeko zein esku-hartze izango den,
esku-hartzearen hartzaile nortzuk izango diren eta egoerak eskaintzen dituen
legezko aukeren artean erabili beharreko bitartekorik egokienak zein diren
erabakitzeko.
d) Esku-hartze
publikoaren proportzionalitate-printzipioa eta bitartekoak iritsi nahi diren
helburuen arabera egokitzeko printzipioa.
3. Segurtasun publikoaren arloan jarduten diren
euskal herri-administrazioek eta haien ardurapeko zerbitzuek lankidetzaren, koordinazioaren
eta elkarlanaren printzipioen arabera izango dituzte elkarrekiko harremanak.
4.
artikulua. Segurtasunaren arloko agintari publikoak
1. Segurtasunaren arloko agintari publikoak
dira:
a) Eusko
Jaurlaritza, segurtasunaren arloan organo gorena den aldetik, bere eginkizuna
lehendakariaren zuzendaritzapean betetzen duena.
b) Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailburua.
c) Segurtasun
publikoko eskumena duen saileko organoetan, segurtasun publikoaren arloan
eskumenak dituzten titularrak.
2. Lege honek mugatzen duen esparruaren barruan
eta bakoitza bere eskumenen alorrean agintari den neurrian, honakoek hartzen
dute parte segurtasun publikoaren sisteman:
a) Alkateek
eta udal-organoetako beste titular batzuek, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
b) Lurralde
historikoetako diputatu nagusiek, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
3. Aurreko
paragrafoetan xedatutakoaren kontra ez doan heinean, dagokien agintariek
jarraituko dute tokiko araubidearen arloko legediaren arabera dagokien polizia
bereziaren ahalmena erabiltzen, baita trafiko, ikuskizun publiko,
jolas-jarduera eta babes zibila bezalako arloen gaineko legedia eta gainerako
antolamendu juridikoa ere
5.
artikulua. Segurtasun publikoarem eskumena duen saila
Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailari dagozkio segurtasun publikoaren arloko honako
eginkizun hauek:
a) Eskubide
eta askatasunen alde jardutea, beste erakunde batzuek arlo horretan dauzkaten
zereginaz aparte.
b) Eusko
Jaurlaritzaren segurtasun publikoko politika zuzentzea.
c) Herritarren
segurtasuna prebenitu, mantendu eta berrezartzea.
d) Interes
bereziko pertsonen, eraikinen, instalazioen, jardueren eta objektuen
segurtasuna planifikatu eta koordinatzea, eta horretarako neurriak onar
daitezen proposatu edo xedatzea, edo beharrezkoak diren arauak onartzea.
e) Ertzaintzaren
agintaritza gorena betetzea.
f) Udaltzaingoak
koordinatze aldera, lege honek jasotzen dituen ahalmenak betetzea, udalerrien
autonomia errespetatuz.
g) Ertzaintzaren
eta herrietako polizien arteko lankidetzako mekanismoei bultzada ematea.
h) Larrialdietan
eta babes zibilaren esparruko egoeretan, prebentzioari, planifikazioari eta
erantzunari legez dagozkion eskudantziak baliatzea.
i) Legez
dagozkion eskudantziak baliatzea trafiko eta bide-segurtasunean, ikuskizun
publiko eta jolas-jardueretan, ausazko jokoetan eta segurtasun pribatuan.
j) Esku-hartze
subsidiarioa polizia bereziaren administrazio-ahalmenen barruan, ahalmenok
berariaz esleitu ez direnean, herritarren arteko elkarbizitza ziurtatzeko,
bortizkeria ezabatzeko, espazio publikoak bakez erabiltzeko eta delituei eta
faltei aurrea hartzeko.
k) Legeak
beteko direla ziurtatzeko, beharra duten beste agintari publiko batzuei behar
duten laguntza exekutiboa ematea.
l) Lege
hau garatzeko eta aplikatzeko erregelamendu-arau orokorrak egin eta Gobernuari
aurkeztea, onar ditzan.
m) Euskadiko
segurtasun publikoaren plan orokorra prestatu eta Gobernuari aurkeztea, onar
dezan.
n) Lege
honen xedeak erdiesteko beharrezkoak diren ekintzak bultzatu eta koordinatzea.
ñ) Eusko
Legebiltzarrari urteko memoria igortzea Euskal Herriko Poliziaren jarduerari
buruz, zeinean aipatuko baitira lurralde eta udalerri bakoitzean egin diren
delituak, delitu mota, zenbat epaitu eta kondenatzen diren eta zenbat gelditzen
diren epaitzeko.
6.
artikulua. Udalerriak
Udalerriek
segurtasun publikoari eusteko lanetan parte hartzen dute honako lege hauetan
ezarritakoaren arabera: lege hau, toki- araubideari buruzko legedia, Herritarren
Segurtasuna Babesteari buruzko Lege Organikoa, Euskal Herriko Poliziari buruzko
Legea eta larrialdien eta babes zibilaren, trafikoaren eta bide-segurtasunaren,
ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren arloetan indarrean dagoen araudia.
7.
artikulua. Lurralde historikoak
Lurralde
historikoetako foru-aldundiek segurtasun publikoari eusten parte hartzen dute
lege honetan, Lurralde Historikoei buruzko Legean, Euskal Herriko Poliziari
buruzko Legean eta larrialdien eta babes zibilaren arloetan indarrean dagoen
araudian ezarritakoaren arabera.
II.
KAPITULUA
SEGURTASUN
PUBLIKOAREN SISTEMAN PARTE HARTZEKO ETA SISTEMA KOORDINATZEKO ORGANOAK
8.
artikulua. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua
1. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua
sortzen da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta-organo eta parte hartzeko
organo goren gisa, segurtasun publikoari buruzko politikarekin zerikusia duten
eta haren eragina jasaten duten era bateko eta besteko entitate eta erakundeen
jardueren koherentziaren aldeko ideiak eta esperientziak trukatzearren.
2. Kontseiluaren eginkizunak dira:
a) Euskadiko
segurtasun publikoaren egoera orokorra analizatu, aztertu eta ebaluatzea,
segurtasunaren inguruan nabarmenenak diren erreferenteetatik abiatuta, EAEko segurtasun
publikoaren sisteman sartuta dauden zerbitzuei egoera zehatz eta baloragarrien
gainean eragiteko aukera emango dieten jokabideen azterlanak eta egoeren
analisiak sustatuz.
b) Herritarren
arteko elkarbizitza baketsua asaldaraz dezaketen faktoreen jarraipena egitea,
hala nola terrorismoa, kaleko bortizkeria eta talde-bortizkeria eta antzeko
talde edo fenomenoak, genero-bortizkeria, xenofobia edo arrazismoa, herritarrak
edo gizarteko baliorik funtsezkoenak arriskuan jar ditzaketen gatazkak eta arriskuak
prebenitze aldera.
c) Segurtasun-egoera
hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta segurtasun publikoarekin zerikusia
duten herri-administrazio batzuek eta besteek ematen dituzten zerbitzuak
hobetzeko ekimenak bultzatzea.
d) Euskadiko
segurtasun publikoko plan orokorrari buruzko txostena egitea.
3. Kontseilu horren kide izango dira,
gutxienez, honako ordezkari hauek:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazioa; segurtasun publikoaren eskumena duen saila
ere nahitaez sartzen da haren ordezkaritzan.
b) Estatuko
Administrazio orokorra.
c) Toki-administrazioa.
d) Foru-administrazioa.
e) Euskal
Herriko Justizia Administrazioa.
Era
berean, tratatu beharreko gaien arabera, larrialdien eta babes zibilaren,
zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren, jokoaren, ikuskizun eta jolas-jardueren
arloko arduradunek ere parte hartu behar izango dute; baita beste pertsona
fisiko edo juridiko batzuek ere, publiko nahiz pribatuek, baldin eta Euskadiko
Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren helburuetarako interesgarriak badira.
4. Erregelamenduz ezarriko dira Euskadiko
Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren antolaketan eta funtzionamenduan jarraitu
beharreko arauak.
9.
artikulua. Herritarren segurtasunean parte hartzeko toki-kontseiluak
1. Udalerriek aukeran daukate herritarren
segurtasunen parte hartzeko tokiko kontseiluak sortzea, betiere, beren
eskumenen esparrua gainditu gabe, udalerriko segurtasuna hobetzeko neurriak
aztertu eta arlo horretan eskumena daukaten organoei neurri horiek proposatzeko.
2. Parte hartzeko moduak, bitartekoak eta
prozedurak tokiko araugintza-ahalmenak erabiliz burutuko dira. Kontseilu
horietan, ezinbestean egon behar dute udalerrian aritzen diren Euskal Herriko
Poliziako kidegoek.
III.
KAPITULUA
SEGURTASUNA
PLANIFIKATZEA
10.
artikulua. Segurtasuna planifikatzea
Segurtasunaren
arloan eskumena duten agintariek planifikatu egingo dituzte beren helburuak,
estrategiak eta jarduera-lerroak, lege honetako 3. artikuluan azaldutako
printzipioei, organo gorenek eta koordinaziokoek onartutako
segurtasun-politikaren helburuei eta Eusko Jaurlaritzak onartutako
segurtasun-plan orokorraren jarraibide teknikoei jarraituz, horien koherentzia,
homogeneotasuna eta integrazioa bideratze aldera.
11.
artikulua. Euskadiko Segurtasun Plan Orokorra
1. Euskadiko
segurtasun-plan orokorrak arriskuen, jardueren eta bitartekoen azterketa eta
aurreikuspen orokorrak hartzen ditu ondoko arlo hauetan: herritarren
segurtasuna, larrialdiak, bide-segurtasuna eta Euskadiko herritarren elkarbizitzari
eta pertsonen eta ondasunen segurtasunari eragiten dieten beste batzuk
2. Plan hori Eusko Jaurlaritzak egin eta
onartzen du bost urtean behin, segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak
proposatuta eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak aldez aurretik
txostena eginda. Onartzen den plana Eusko Legebiltzarrera igorriko da, zein
urtero informatuko baitu segurtasun publikoaren eskumena duen sailak.
12.
artikulua. Segurtasun-planak
1. Segurtasun-planek
aztertu beharko dute plangintzan sartzen den eremuaren segurtasun-egoera;
definitu beharko dituzte helburu orokorrak eta lehentasunak, bai eta helburuok
lortzeko balia daitezkeen bitarteko eta errekurtso eskuragarriak ere, eta
zehaztu beharko ditu abiatu beharreko ekintzak, aplikazio-egutegia, jarraipen-
eta ebaluazio-metodo egokiak eta indarraldia.
2. Segurtasun
publikoaren eskumena duen saileko titularrak kontuan eduki beharko ditu
segurtasun-planetan ezarritako jarraibideak.
3. Toki-agintariek aukera daukate bakoitzak bere
herrirako segurtasuneko udal-plan orokorrak, sektorialak, urtarokoak edo
espezifikoak onartzeko; betiere, beren eskumenen barruan eta eskuragarri
dituzten baliabideen arabera, eta Euskadiko segurtasun-plan orokorrean
ezarritako printzipio eta jarraibideen arabera. Segurtasun publikoaren eskumena
duen sailari jakinarazi behar zaizkio plan horiek.
13.
artikulua. Beste plangintza-tresna batzuekiko integrazioa
Segurtasun-planek
kontuan hartu behar dituzte, zeinek bere eremuan, ondoko arloen gaineko planetan
sartzen diren aurreikuspenak: babes zibila, trafiko eta bide-segurtasuna, joko
eta ikuskizunetako segurtasuna eta planei eragin diezaieketen bestelakoak.
IV.
KAPITULUA
SISTEMA
ARRAZIONALIZATZEKO NEURRIAK
14.
artikulua. Segurtasun publikoaren sistemako zerbitzuen koordinaziorako sistema
integrala
1. Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailak, baliabideen koordinazioa unean-unean egin
ahal izateko, euskal administrazioetako segurtasun publikoko zerbitzu guztiek
erabili beharreko estandarrak ezarriko ditu informatika eta telekomunikazioen
arloan, datuak transmititu eta gertakari nahiz baliabideak kudeatu zein
bideratu ahal izateko.
2. Datuen transmisioa egiterakoan, bete
beharrekoak izango dira Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren
13ko 15/1998 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuen Titulartasun
Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzko
otsailaren 25eko 2/2004 Legean jasotako aurreikuspenak.
15.
artikulua. Larrialdietako 1-1-2 telefonoa
1. Urgentzia eta larrialdi kasuan, segurtasun
publikoaren sistemara sarbidea izateko eskubidea bermatzen zaie herritarrei
1-1-2 telefonoaren bitartez; segurtasun publikoaren eskumena duen sailean
larrialdien eta babes zibilaren arloko erantzukizuna duten organoek kudeatzen
dute telefono hori.
2. 1-1-2 telefonoa izango da Euskadiko
segurtasun publikoaren sistemako zerbitzu guztiek erabili eta publizitatu
beharko duten urgentziazko telefono bakarra. Zerbitzuok ezingo dute ezarri ez
publizitatu 1-1-2az besteko telefonorik horretarako. Nolanahi ere, ezar
ditzakete beste telefono batzuk bestelako zeregin batzuetarako.
3. 1-1-2 telefono-zenbakiaren bidez ematen den
larrialdietarako zerbitzuaren eta SOS Deiak larrialdiak koordinatzeko zentroen
kudeaketa Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean eta lege hori
garatzeko araudian xedatutakoaren arabera egin behar da; horrela bermatuko da
laguntza eskatzeko deiei erantzuteko zerbitzua aurretik badauden taktika
operatiboetan eta mobilizazio-prozeduren barruan baitaratuta geratuko dela.
16.
artikulua. Segurtasun publikoko sistema hobetzeko herritar-ekimenen bulegoa
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak,
zerbitzu horien kalitatea hobetze aldera, herritar-ekimenen bulegoa sortuko du segurtasun
publikoaren sistema hobetzeko, herritarrek segurtasun publikoaren sistemari eta
sistema horrek eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko kexak, iruzkinak eta
hobekuntzarako iradokizunak eta abar egiteko aukera izan dezaten.
2. Bulegoak
kexak edo ekimenak dagozkion administraziora bideratuko ditu, baldin eta kexok
edo ekimenok zerikusirik ez badute segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
zuzenean ematen dituen zerbitzuekin.
Euskal herri-administrazioek bulegoari
jakinaraziko dizkiote segurtasun publikoaren sistemari buruz herritarrengandik
jasotako edo aztertutako ekimenak eta iradokizunak, zerbitzuak hobetzeko
helburuz.
3. Bulego
honetatik kanpo geratzen dira arauketa espezifikoa duten bai
administrazio-ekintzei bai zigor-arloko ekintzei eta bai beste arlo batetik
eratorritako ekintzei ere dagozkien eskaerak.
4. Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailak segurtasun publikoaren sistema hobetzeko
herritar-ekimen eta -kexen bulegoaren jarduerei buruzko memoria egingo du
urtero eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio.
17.
artikulua. Informatizazio- plan eta -programak eta komunikazio-sistemak
Autonomia Erkidegoko arlo publikoan
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
ezarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren segurtasun
publikorako ekintzetan erabiliko diren informatizazio-plan eta -programak eta
komunikazio-sistemak, zeinetan sartuko baitira behar diren ekintzen
aurreikuspenak ere.
2. Jaurlaritzaren berariazko dekretu baten
bidez arautuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak segurtasun
publikoan erabiltzen dituen informatika- eta komunikazio-ondasunak eta
-zerbitzuak erosi, alokatu, mantendu, besterendu edo bestela eskuratzeko
egintzak eta kontratuak.
18.
artikulua. Segurtasun publikoaren arloko administrazio-kontratazioa
arrazionalizatzea Autonomia Erkidegoko arlo publikoan
1. Halaber, segurtasun publikorako ondasunen
eta zerbitzuen kontratazioa teknikoki arrazionalizatzeko mekanismoak ezarriko
dira, hala nola esparru-akordioak egitea, sistema dinamikoen artikulazioa edo
obrak, zerbitzuak eta hornidurak segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren
zerbitzu espezializatu batean zentralizatzea.
2. Segurtasun
publikoan aritzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde-erakunde
batzuek, eta bakoitzaren sektore publikoaren erakundeek, bat egin ahal izango
dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kontratazio-organoek
segurtasun publikoaren arloan sustatutako kontratuekin, betiere arauek xedatzen
duten moduan.
19.
artikulua. Segurtasun publikoko teknikak berritzea eta garatzea Autonomia
Erkidegoko arlo publikoan
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen saileko
kontratazio-organoek eta bere organismo autonomoek ikerketa- eta
garapen-kontratuak egin ahal izango dituzte, bai eta segurtasun publikoko
bitarteko, material eta baliabide operatiboen prototipoak fabrikatu eta
probatzeko kontratuak ere, zerbitzu publikoaren beharretarako merkatuan direnak
baino konponbide tekniko eta teknologiko berritzaile eta abantailatsuagoak
eskuratzearren.
2. Sektore publikoko kontratuen legedian kasu
horietarako xedatutakoak arautuko ditu kontratu horiek.
3. Kontratu horiek gauzatzeko, indarrean dagoen
legediaren arabera, segurtasun-neurri bereziak behar direnean, edo Estatuaren
segurtasunerako funtsezko interesak babestu behar direlako segurtasun-neurri
horiek ezarri behar direnean, kontratu horiek ezkutukoak edo erreserbatuak
izendatu ahal izango dira.
II.
TITULUA
POLIZIA
ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
20.
artikulua. Sortzea, xedea eta helburua
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
sortuko da Administrazio-izaerako organismo autonomoa izango da, eta bere
helburuak betetzeko berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa
izango ditu.
2. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren helburua da herritarren segurtasuna lortzeko zerbitzu publikoak
ematen jarduten diren edo parte hartzen duten pertsonek beharrezkoa den
lanbide-heziketa eskuratzeko baldintzak eta bitartekoak sortzea, eta gaikuntza
hori beste pertsona batzuei ere eskaintzea, baldin eta, segurtasun publikoko
zerbitzuetakoak izan ez arren, interes profesionala badute edo beren jarduerak
zerbitzu horien garapenean eragiten badu.
3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren
xedea da Gobernuak segurtasun publikoaren arlorako duen prestakuntza-,
hautaketa-, ikerketa- eta berrikuntza-politika gauzatzea, hala Euskal Herriko
Poliziari dagozkion arloetan nola babes zibilari eta larrialdi-zerbitzuei
dagozkienetan. Horretarako, Euskadiko erakunde erkideei dagozkien eskumenen
eremuaren barruan eta lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun
publikoko politika gauzatzen jarduten edo esku hartzen duten giza baliabideen
prestakuntza eta, hala dagokionean, hautaketa planifikatu eta kudeatu beharko
ditu.
4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak
prestakuntzarako duen eskaintzak honako kolektibo hauek izango ditu kontuan:
a) Euskal
Herriko polizia-kidegoetako langileak, bai eta udaleko jagole edo udalerrien
mendeko mugikortasun-agenteak.
b) Suteak
prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako langileak.
c) Larrialdietako
eta babes zibileko zerbitzuetako langileak, bai eta larrialdiak koordinatzeko
zentroetakoak ere.
d) Segurtasun
publikoaren eta larrialdien eta babes zibilaren kudeaketaren ardura duten
agintariak eta beste hautetsi publiko batzuk.
e) Osasun-zerbitzuetako
langileak, basogintza-zerbitzuetakoak edo larrialdiko eta babes zibileko
egoeretan ondasunak eta pertsonak babestearekin zerikusia duten eginkizunak
dituzten beste zerbitzu publiko batzuetako langileak.
f) Segurtasun
pribatuko langileak, batez ere lege honetako 52, 53 eta 54. artikuluetan
aipatzen diren jagoletza- eta babes-eginkizunetan dabiltzanak.
g) Segurtasun
publikoaren edo pribatuaren arloetan, larrialdien kudeaketan edo babes zibilean
eragiten duten jardueretan dabiltzan profesionalak.
h) Babes zibileko zerbitzuei eta larrialdien
kudeaketako zerbitzuei laguntzen dieten boluntarioak eta beste agente batzuk,
bai eta, hala balegokio, herritarrak eurak ere.
21.
artikulua. Atxikipena eta aplika daitekeen araudia
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dago
atxikia, sail horren egitura organikoa ezartzen duen dekretuak ezarritako eran.
2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak,
bere helburuak betetzeko orduan, Eusko Jaurlaritzaren eta segurtasun
publikoaren arloan eskumena duen eta Akademiako goi-zuzendaritza eta
ikuskaritza gauzatzen duen sailaren plangintzako eta politika orokorreko
jarraibideei jarraitu beharko die.
3. Bere jarduera-eremuari dagokion araudi
espezifikoak arautuko du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren
jarduera, bereziki Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992
Legeak, Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legeak, lege honek beronek
eta horretarako onartuko den antolakuntza- eta jarduera-araudiari buruzko
erregelamenduak. Administrazio-ahalak baliatzerakoan, Herri Administrazioen
Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko
30/1992 Legeak arautuko du haren jarduera.
22.
artikulua. Egoitza
Polizia
eta Larrialdietako Euskal Akademiak Arkautin izango du egoitza nagusia,
Gasteizko udalerrian. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri
batzuetan ere sor ditzake bulegoak eta beste instalazio tekniko batzuk bere
jarduerak gauzatzeko.
23.
artikulua. Eginkizunak
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren eginkizunak izango dira, Poliziari eta herritarren segurtasunari
eta arlo horretako jarduera osagarriei dagokienez:
a) Ertzaintzaren
eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuen oinarriak ezartzea, hautaketa-prozesu
horietarako deialdiak egitea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea eta, oro
har, hautaketa-prozesuak egiteari dagozkion eskudantzia guztiak.
b) Toki-administrazioaren
mendeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauak
egitea. Arauok Ertzaintzan beste horien baliokide diren eskala eta
kategorietarako ezarritakoen antzeko irizpideei egokituko zaizkie. Orobat, eta
batez ere, guztientzako berdinak eta nahitaez aplikatzekoak diren
hautaketa-prozesuetako programa, eduki eta egiturak egitea.
c) Euskal
Herriko Polizia osatzen duten kidegoetako eskaletan eta kategorietan sartzeko
aldez aurreko prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak programatu, antolatu
eta garatzea, eta Euskal Herriko Poliziako kideen etengabeko prestakuntza eta
espezializaziorako prestakuntza antolatu eta garatzea. Horretarako, akademiak,
dagozkien administrazioekin batera, kidego horien prestakuntza-beharrizanak
ebaluatuko ditu aldiro-aldiro. Akademiak
toki-erakundeen prestakuntza-zentroei eskuordetu ahal izango dizkiete, hala
eskatzen badute, beren menpeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan
sartu aurreko prestakuntza-ikastaroen eta praktikaldien antolaketa eta garapena.
Hizkuntza-trebakuntzarako
ikastaroak programatu, antolatu eta garatzea Ertzaintzako kideak euskalduntzea
lortzeko.
d) Udalerrien
mendeko karrerako funtzionarioen prestakuntza-planetarako oinarrizko irizpideak
prestatzea, haien garapena koordinatzea eta gauzatzen laguntzea.
e) Udal-jagole
edo mugikortasun-agente sartzeko oinarrizko arauak egitea, eta horien
prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta garatzea. Akademiak hala
eskatzen duten toki-erakundeen prestakuntza-zentroen gain utzi ahal izango du
langile horien prestakuntza-ikastaroen antolaketa eta garapena.
f) Dagokion
udalerriak akademiaren esku uzten duenean, toki-administrazioaren mendeko
polizia-kidegoen eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuak
gauzatzea. Era berean, udalerriekin elkarlanean aritu ahal izango da, eta
laguntza teknikoa ere eskaini ahal izango die, polizia-kidegoetako
funtzionarioen hautaketari dagozkion gaietan. Halaber, udalerriek
hautaketa-prozesuetarako deialdiak egiten dituztenean, eginkizunak egokiro
betetzeko behar dituzten lankidetza-materiala eta laguntza teknikoa eskuratu ahal
izango dizkie epaimahaiei.
g) Segurtasun
pribatuko langileak gaitzeko prestakuntza- edo zabalkunde-jarduerak garatzea,
eta herritarrak babesten jarduten diren beste erakunde publiko edo pribatu
batzuekin batera elkarlanean jardutea, beren helburuak betetzeko egokia den
prestakuntza sustatuz eta garatuz.
2. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren eginkizunak, larrialdiei erantzuteko eta babes zibileko eremuan,
honako hauek dira:
a) Larrialdiei
aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren barruan euskal
administrazioen menpeko diren eta arauz ezarrita dauden funtsezko edo
oinarrizko zerbitzuetako langile izateko aurretiko prestakuntza-ikastaroak eta
praktikaldiak programatu, antolatu eta garatzea. Akademiak toki-erakundeen prestakuntza-zentroei eskuordetu ahal izango
dizkiete, hala eskatzen badute, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako
euskal sistemako funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako eskala eta kategorietan
sartu aurreko prestakuntza-ikastaroen eta praktikaldien antolaketa eta garapena.
b) Larrialdietako
eta babes zibileko gaiei buruzko prestakuntza-ekintzak planifikatu, programatu,
antolatu eta ematea, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal
sisteman zuzenean edo zeharka esku hartzen duten profesional eta langile mota
guztientzat, diren enplegatu publikoak, erakunde pribatuetako enplegatuak edo
boluntarioak.
c) Suteak
prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetan eta salbamendu-zerbitzuetan sartzeko
eta zerbitzu horietako lanpostuetan gora egiteko hautaketa-prozesuak, edo
prozesuaren zatiren bat, planifikatu, antolatu eta gauzatzen laguntzea,
dagokion prozesuaren ardura duen administrazioak gomendio uzten dionean.
Nolanahi ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak laguntza teknikoa eta
aholkularitza eskainiko dizkie administrazio-eskudunei, hala eskatzen
diotenean.
d) Foru-
eta toki-administrazioekin elkarlanean aritzea, suteak prebenitzeko eta
itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko zerbitzuetako langileak hautatzeko
behar diren profilak, ezagupenak eta eskumenak zehazteko orduan, eta
hautaketa-prozesuetako probak eta metodoak helburu horiei egokitzea.
e) Curriculumak
lan daitezela eta programak homologa daitezela sustatzea, larrialdiei aurre
egiteko eta babes zibilerako euskal sistema eratzen duten mailetan kualifikaziorik
onena eta prestakuntza-baliokidetasuna lortze aldera.
Polizia
eta Larrialdietako Euskal Akademiak ahaleginak egingo ditu hitzarmenak eta
akordioak lotzeko Euskadiko su-itzaltze eta -aurreikuspeneko eta salbamenduko
zerbitzuen entitate titularretako organo eskudunekin, emango dituzten
ikastaroak baliozkotzeko helburuz. Izan ere, litekeena da ikastaro horiek ere
kontuan hartzea zerbitzu horietarako hautaketa-probetan edo, zenbait kasutan,
barne-promozioan.
3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren
eginkizunak dira, orobat, honako hauek:
a) Ikerketa
eta berrikuntza sustatzea eta bultzatzea segurtasun publikoaren arloan,
unibertsitateekin eta bestelako ikerketa-zentroekin lankidetzan.
b) Segurtasun
publikoaren arloko zuzendaritza-postuetako lana behar bezala egiteko
prestakuntza diseinatu eta garatzea, eta segurtasun publikoaren arloan erakunde
publiko nahiz pribatuek zuzendaritza-postuetarako ematen dituzten beste
ikastaro batzuk ere egiaztatzea eta homologatzea, edukiak eta irakastorduak
kontuan hartuta.
c) Akademiak ematen dituen ikastaroak gainditu
izana edo haietan parte hartu izana egiaztatzen duten tituluak eta diplomak
ematea, eta ikastaro horiek baliozkotu edo ez erabakitzea.
d) Prestakuntzarako
edo zabalkunderako argitalpenak lantzea Euskal Herriko Poliziako
funtzionarioentzat eta larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal
sistemako esku-hartzaileentzat, haien kualifikazio profesionala eta
espezializazioa lortze aldera.
e) Unibertsitateko, hezkuntzako eta
lanbide-heziketako erakundeekiko edo izaera berdintsuko helburua duten beste
zentro edo eskola batzuekiko lankidetza sustatzea.
f) Segurtasun
publikoaren arloko dokumentazio-zentro bat sortzea, segurtasun-zerbitzuetako eta
larrialdi-zerbitzuetako ikasle eta langileen prestakuntza eta eguneratze
iraunkorrean lagun dezan.
g) Lege
honek esleitzen dizkionak edo beste lege edo xedapen batzuek aitortzen
dizkiotenak.
4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak
ahalegina egingo du eskumena daukan administrazioak bateratasun akademikoa eman
dezan, bere mendeko zentroetan ematen diren ikasketetarako. Horretarako,
akademiak ahalegina egingo du ikastaro horien izaera eta iraupena eta ikasten
hasteko eskatu beharreko titulazioa hezkuntza-administrazioaren eskakizunetara
egokitzeko; gainera, hezkuntza-administrazioaren, unibertsitatearen, Botere
Judizialaren eta ikaskuntzarako lagungarri izan daitezkeen beste erakunde,
zentro edo ikastetxeen lankidetza ere sustatuko da.
Hezkuntza-sistema
orokorreko unibertsitate-ikasketen barruan, segurtasun publikoari eta
larrialdiei dagokion prestakuntza emateko, aukeran dago Euskal Herriko
Unibertsitateari atxikitako prestakuntzako unibertsitate-zentroa sortzea.
Horretarako sortutako kontseilu akademikoak aginduko lituzke zentro horretarako
alderdi akademikoak, eta egitura- eta funtzionamendu-alderdiak, berriz,
prestakuntzaz arduratzen den organoak. Hori guztia bat etorrita
unibertsitate-legeriarekin, unibertsitateko berezko araudiarekin eta atxikipena
arautzen duen lankidetza-hitzarmenarekin, zeinak zentroaren egitura,
irakaskuntza-jarduerak, finantziazioa eta funtzionamendua arautuko baititu.
II.
KAPITULUA
GOBERNATZEA,
ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
24.
artikulua. Zuzendaritzako goi-organoak
1. Hauek dira Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren gobernu- eta kudeaketa-organoak:
a) Zuzendaritza
Kontseilua.
b) Akademiaren
Zuzendaritza Nagusia.
c) Administrazio
eta Zerbitzu Zuzendaritza.
2. Eusko Jaurlaritzak akademiaren antolaketako eta
funtzionamenduko erregelamendua onartuko du dekretu bidez.
25.
artikulua. Zuzendaritza Kontseilua
1. Zuzendaritza Kontseilua kide hauek osatuko
dute:
a) Lehendakaria:
segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izango du kargu hori. Bere
egitekoa izango da beharrezko egokitzapenak sustatzea akademia bat etor dadin
Gobernuaren eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren
planifikazio-jarraibideekin eta politika orokorrarekin, eta akademiaren
goi-zuzendaritza eta -ikuskaritza eramatea.
b) Lehendakariordea:
segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatutako sailburuordea,
segurtasun-arloan dituen eskumenak aintzat hartuta. Lehendakariaren ordez
jardutea dagokio hura falta bada, gaixo badago edo bere zeregina betetzen uzten
ez dion beste edozer gorabehera gertatzen bada.
c) Kontseilukideak:
1) Polizia
eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia.
2) Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailak aukeratutako bost ordezkari, sailburuak
izendatuak besteak beste arlo hauetan dituzten erantzukizunak aintzat hartuta:
polizia eta herritarren segurtasuna; larrialdiak eta babes zibila; trafikoa;
udaltzaingoen koordinazioa; kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuak, eta giza
baliabideak.
3) Jaurlaritzan
aurrekontu-, ogasun- eta finantza-arloko ardura daukan saila ordezkatzen duen
pertsona bat, sail horretako sailburuak aukeratutakoa eta segurtasun
publikoaren eskumena duen sailburuak izendatutakoa.
4) Hiru
pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien ordezkari gisa. Horietako bi
Euskal Autonomia Erkidegoan hedatuen dagoen udalen elkarteak aukeratuko ditu,
eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatuko ditu.
Hirugarrena hiriburuek aukeratuko dute, ados jarrita, beren ordezkari izateko,
eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren titularrak izendatuko du.
5) Hiru
pertsona lurralde historikoen ordezkari gisa, lurralde historikoen artean
adostasunez aukeratutakoak eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak
izendatutakoak.
6) Ertzaintzan
ordezkaritza handiena duten bi erakunde sindikaletako ordezkari bana, erakunde
sindikalek beraiek aukeratutakoak.
7) Euskal
Autonomia Erkidegoko Toki Administrazioan ordezkaritzarik handiena duen
erakunde sindikalak aukeratutako ordezkari bat.
d) Idazkaria:
Administrazio eta Zerbitzuetako Zuzendaritzaren titularra, hitza eta boto eta
guzti.
2. Zuzendaritza Kontseiluari dagokio:
a) Akademiaren
aurrekontuen aurreproiektua eta urteko memoria onartzea.
b) Zuzendaritza
Nagusiak proposatuta, akademiaren jardueren urteko plana onartzea eta plan hori
betetzen dela zaintzea.
c) Akademiaren
barne-araubideari buruzko xedapen orokorren txostena egitea, onartu aurretik.
d) Zuzendari
Nagusiak proposatuta, hautaketa- eta prestakuntza-plan orokorrak onartzea.
e) Akademiak,
bere eginkizunen esparruan, erakunde publiko edo pribatuekin sina ditzakeen
hitzarmenak onartzea.
f) Akademiaren
antolaketa- eta funtzionamendu-arauak onartzea. Arau horiek, akordioen
araubideari dagokionez, administrazio-prozeduraren legedian kide anitzeko
organoetarako xedatutakoa beteko dute.
g) Kideetako
edozeinek proposatutako gaien ardura hartzea eta txostena egitea, eta egoki
iritzitako jarduerak Zuzendaritza Nagusiari eskatu eta proposatzea.
26.
artikulua. Akademiaren Zuzendaritza Nagusia
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren Zuzendaritza Nagusia da erakunde autonomoaren organo betearazlea,
erakundearen ohiko zuzendaritza eta ordezkaritza dagozkio, eta akademia osatzen
duten zerbitzuen funtzionamendu egokiaz arduratzen da.
2. Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez izendatu
eta kenduko da kargutik haren titularra, segurtasun publikoaren eskumena duen
sailburuak proposatuta, eta goi-karguduna izango da sailburuorde mailarekin.
3. Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak Polizia
eta Larrialdietako Euskal Akademiaren legezko ordezkaritza dauka, eta haren
titularrari dagozkio ikastegiko zerbitzuen eta jardueren zuzendaritza,
kudeaketa, koordinazioa eta ikuskapena, baita
erakunde autonomoari agintzen zaizkion helburuak betetzeko gainerako eginkizun
guztiak ere, baldin eta eginkizun horiek ez bazaizkie beste organo batzuei
esleitu.
27.
artikulua. Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza.
Akademiaren
Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza ekonomia, ondare eta aurrekontuaren
kudeaketa zuzenaren arduraduna izango da, eta akademiako zerbitzu orokorren eta
giza baliabideen kudeaketarena, erregelamenduz ezarritako eran. Halaber dagokio
akademiaren zuzendari orokorrak, hala dagokionean, eskuordetutako eskumenak betearaztea,
baita zuzendaria ordeztea ere, ez dagoenean, haren postua hutsik dagoenean edo
gaixorik dagoenean.
28.
artikulua. Plangintza eta programazioa
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren
jarduerak plan estrategikoan, zerbitzu-kartan, prestakuntzarako eta
ikerketarako gida-planean eta jardueren urteko planetan oinarritu behar dira.
2. Bere ikasketa-plan eta -programak idazteko,
bere baitan horretarako sortuko den batzorde akademikoak emandako aholku eta
laguntza jasoko du akademiak; dena delako ikasketa arloko profesionalak eta
adituak bilduko ditu batzorde horrek. Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko du
batzordea.
3. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren plana eta urteko programazioa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioetako eskumendun organoek, urte bakoitzeko ekainaren bata
baino lehen, akademiari jakinaraziko dizkiote polizia arloetan hurrengo
urterako dituzten lanpostuen dotazioari buruzko aurreikuspenak, postu kopurua
eta postuen izenak, baita ikastaroaren
aurreko hautaketa-prozesuaren deialdia egiteko eta prozesua amaitzeko
aurreikusten diren datak ere. Hori guzti hori, bakoitzaren plantilla organikoek
eta lan-eskaintza publikoek xedatutakoarekin bat egingo da.
Modu
berean jokatuko da akademiari larrialdi-zerbitzuetako eta babes zibileko
langileen eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendu-zerbitzuetako
langileen hautaketa-prozesuen kudeaketaren ardura emanez gero.
4. Era berean, aldizkakotasun berarekin,
akademiari jakinaraziko dizkiote espezializazio ikastaroei, etengabeko
prestakuntzari eta birziklatzeari dagokienez dituzten beharrizanak, horrela,
hala badagokio, prestakuntza-planean integratu ahal izateko.
5. Akademiak prestakuntza-planaren proiektuan
sartuko ditu egokitzat sortzen diren ikastaroak. Horrekin batera, ikastaroen
oinarrizko edukiak gai eta arloka banatuta, plaza-kopurua, iraupena eta
prestakuntza-ekintza bakoitza zein alditan egingo den adieraziko ditu proeiktuan.
Akademiak
prestakuntza-plana bidaliko die prestakuntzako eskaintza jasoko duten
administrazioei, urria baino lehen bidali ere, beren errekurtsoak planifikatzen
hasteko.
III.
KAPITULUA
ARAUBIDE
JURIDIKOA ETA EKONOMIKOA
29.
artikulua. Baliabide ekonomikoak
Akademiak,
funtzionamendurako, honako baliabide hauek ditu:
a) Urtero
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ezartzen diren
diru-izendapenak.
b) Akademiaren
jardueragatik legez ezartzen diren tasak eta diru-sarrera publikoak.
c) Akademiari
emandako diru-laguntzak, ekarpenak eta dohaintzak eta Estatuko edo Erkidegoko
funtsetatik akademiaren helburuak betetzeko datozen ekarpenak.
d) Bere
ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen errendimenduak, eta ondaretatik
sortutako produktu eta errentak.
e) Akademiak
egiten dituen hitzarmenetatik eta haren jarduerengatik jaso ditzakeen ordainak.
f) Legezko
edo erregelamenduzko xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.
30.
artikulua. Ondare- eta kontratazio-araubidea
Akademiaren
ondare- eta kontratazio-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko
legedian ezarritakoak eta herri-administrazioen kontratazio-arau orokorrek
arautuko dute.
31.
artikulua. Aurrekontu- eta ekonomia-araubidea
1. Akademiak urtero aurrekontu-aurreproiektua
egin behar du, ogasun-arloan eskumena duen sailak adierazitako egiturarekin,
eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailera bidali behar du, sailaren
aurrekontu-aurreproiektuan sar dezan.
2. Akademiaren aurrekontu-araubidea Euskadiko
Aurrekontu Erregimenari buruzko Legeak ezarritakoa da, irailaren 27ko 1/1994
Legegintza Dekretuaren arabera.
3. Araubide ekonomiko eta finantzarioa eta
kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen araubidea Euskal Autonomia
Erkidegoko erakunde autonomoentzat ezarritakoa izango da.
32.
artikulua. Langileak
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako
lanpostuak lan-kontratuko langileei gordetako lanpostu gisa sailkatzen dira.
Lanpostuen edukia eta espezialitatea kontuan izanda, zehaztu egin ahal izango da
irakaskuntzako, hautaketako edo ikerketako eginkizunak dituzten lanpostuetatik
zeintzuk bete ditzaketan polizia-kidegoetako langileek edota suteak
prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako
babes zibileko zerbitzuetako langileek.
2. Antolaketa
eta funtzionamendua arautzeko erregelamenduak zehaztuko ditu bai
dibisio-buruzagitzen kopurua bai zer funtzio izango duten, kontuan hartuta
kokapen hierarkiko berezia eta antolakuntzaren barruko erantzukizun berezia.
Dibisio-buruzagitza horiei aplikatuko zaien araubidea izango da segurtasun
publikoaren eskumena duen saileko segurtasun-administrazioko zerbitzu
lagungarrietako zein Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako
zuzendaritza-kideentzat modu orokorrean aurreikusten dena.
3. Polizia-kidegoetako funtzionarioei, suteak
prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioei,
babes zibileko zerbitzuetako funtzionarioei, baita Segurtasun Administrazioko zerbitzu
lagungarrietako langileei eta beste enplegatu publiko batzuei ere,
irakaskuntzako, hautaketako edo prestakuntzako eginkizunak esleitu ahal izango
zaizkie aldi baterako, zerbitzu-eginkizunetan, esleitzean publizitate-,
merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta.
Aurreko
paragrafoan aurreikusitako zerbitzu-eginkizunak, gehienez lau urterako eman
ahal izango dira, eta iraupen bereko beste aldi batez luzatu ahal izango dira.
Zerbitzu-eginkizunetan
atxikitako langileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza
Nagusiaren menpe egongo dira funtzionalki, eta lanpostuei edo eginkizunei
esleitutako ordainsariak jasoko dituzte. Zerbitzu-eginkizuna, eginkizun batzuk
egiteko bada, ordainsariak ezin izango dira inoiz jatorrizko lanposturako
adierazitakoak baino txikiagoak izan.
4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak
ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu Zientziaren, Teknologiaren eta
Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legean ezarritakoaren arabera.
5. Giza baliabideen arloan, Polizia eta
Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio bere lan-eskaintza finkatzea,
lanpostura iristeko sistema zehaztea, hautaproben betekizunak eta ezaugarriak
zehaztea, baita lanpostuen horniketa eta lanbide-sustapeneko prozeduren
deialdia, kudeaketa eta ebazpena ere. Akademiako langileen
mugikortasun-araubidea kasuan kasuko enplegu-harremanaren izaerari dagokiona
izango da.
33.
artikulua. Errekurtsoen araubidea
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren
administrazio-egintzek ematen diote amaiera administrazio-bideari.
Administrazio
eta Zerbitzu Zuzendaritzak emandako administrazio-egintzen aurka, gora jotzeko
errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari.
2. Berrikusteko errekurtso berezia
aurkaratutako egintza eman duen organoari aurkeztu behar zaio,
administrazio-prozeduraren legediak araututako kasuetan. Organo hori da, era
berean, ebazpena emateko eskumena duena.
3. Auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo
aurretiko erreklamazioa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren
Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar zaio, hori baita ebazteko eskumena duena.
34.
artikulua. Ikasleen diziplina-araubidea
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako
ikasleen diziplina-araubidea erregelamendu bidez ezarriko da, eta hutsegiteak,
zehapenak eta irakaskuntzako diziplina-prozedura adieraziko dira.
2. Hutsegiteen tipifikazioan kontuan izan behar
dira bertaratzeko, ikasteko eta ebaluatzeko betebehar akademikoak haustea
dakarten egintzak eta, era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako
ikasleen bizikidetza-, segurtasun-, uniformetasun- eta jarduera-arauen eta
baliabideen kontserbazioko arauen kontrako jokabideak sartu behar dira.
Amonestazioak
eta ikasle izateak berez dakartzan eskubideak kentzea izango dira
diziplina-zehapenak.
3. Ikasleari
dagokion edo ikasleak iritsi nahi duen kidegoaren edo egitura profesionalaren
diziplina-araubidea aplikatuko da zuzenean, diziplina-hutsegite akademikoak ez
diren hutsegite larrien kasuan.
4. Diziplina-araubideak
behar adina bermatuko du arau-hauste eta zehapenen tipizitate-printzipioa,
horien arteko proportzionaltasuna eta entzuera-eskubidea, halatan non
espedientatu orok alegazioak egin eta frogak proposatu ahal izan ditzan,
dagokion ebazpena eman baino lehen, egozten zaizkion jokabideen inguruan.
III.
TITULUA
EUSKAL
HERRIKO POLIZIAREN ZERBITZUEN KOORDINAZIOA ETA JARDUERA OSAGARRIEN INTEGRAZIOA
35.
artikulua. Integrazioa eta koordinazioa
1. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren
segurtasun-sistema Euskal Herriko Poliziaren kidego eta agintariek Ertzaintzak
eta udaltzaingoek osatzen dute, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei
Autonomia Estatutuaren 17. artikuluarekin bat etorriz esleitutako eskumenen
kontra ez doan heinean.
2. Lege honen ondorioetarako, Euskal Herriko
Poliziaren zerbitzuen koordinazio-mekanismoak honako hauek dira:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek udaltzaingoak koordinatzeko dituzten
ahalmenak, lege honetan definitutakoak.
b) Polizia-kolaboraziorako
eta -lankidetzarako titulu honetan aurreikusitako mekanismo formalak, eta
horiek bultzatzeko baliabideak.
3. Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar
eta Kidegoen arteko koordinazioa Autonomia Estatutuaren 17.4 artikuluan
ezarritako Segurtasun Batzordearen bidez egingo da.
4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak,
lege honetan eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian xedatutakoarekin bat etorriz,
neurri zehatzak agindu ahal izango ditu segurtasuneko
politika publikoetan parte har dezaten bai nahitaezko segurtasun-neurriak izan
behar dituzten eta segurtasunerako garrantzitsuak diren jarduerek bai
segurtasun pribatuko zerbitzuek.
I.
KAPITULUA
UDALTZAINGOEN
KOORDINAZIOA(2)
36.
artikulua. Kontzeptua
Kapitulu
honetan jasotakoen ondorioetarako, koordinazioaz ari garenean, elkarri
informazioa eman, baliabide material eta giza baliabideen dotazioa homogeneo
izan eta elkarrekin aritzeko aukera ematen duten bitarteko eta baliabideak
finkatzeko jardun-sistemen multzoaz ari gara, alegia, udalerriei nahiz Euskal
Autonomia Erkidegoari agindutako jardun-ahalmenek bat egiteko moduan.
37.
artikulua. Edukia
1. Euskadiko udaltzaingoen jardueraren
koordinazioa tokiko autonomia errespetatuz egin behar da beti, lege honetan
ezarritako beste jardueren kontra joan gabe. Jarduera horien barruan, hauexek:
a) Esparru-arauak
zehaztea, udaltzaingoen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduak esparru
horretara egokitu daitezen.
b) Udaltzaingoen
egituraren, langile-plantillaren, baliabide teknikoen, uniformetasunaren eta
egiaztatze profesionalerako dokumentazioaren homogeneizazioa bultzatzea.
c) Aplikatzekoa
den araudiaren esparruan, udaltzaingoetako kideen hautaketa, prestakuntza,
sustapen eta mugikortasunerako oinarrizko irizpideak finkatzea.
d) Tokiko
polizien prestakuntza profesionala koordinatzea.
e) Udaltzaingoetako
kideen araubide juridikoa (eskubideak, betebeharrak eta diziplina-araubidea)
finkatzea, aplikatzekoa den araudiaren esparruan.
f) Udalerrien
arteko lankidetza aurreikusi eta bilatzea, inoiz premiazko egoera bereziren
batean halakorik behar izanez gero, laguntza hartu edo eman ahal izateko.
g) Estandarrak ezartzea informatika eta
telekomunikazioen arloan, datuak eta txostenak transmititu eta gertakari nahiz
baliabideak kudeatu zein bideratu ahal izateko, datuen babesari buruzko
araudian ezartzen den eran.
h) Arau
bidez zehaztea udaltzainek zer-nolako armak erabili behar dituzten.
i) Uniformeen,
ikurren, bereizgarrien, ekipoen, ibilgailuen eta uniformatzeko moduko gainerako
udaltzain-osagarrien ezaugarri komunak zein izango diren zehaztea,
operazioetako efektibitatea bermatzeko eta udaltzainak jendartean erraz
identifikatzeko modukoak izan daitezen; halere, udalerri bakoitzak aukera
izango du bere osagarri bereziak ere jartzeko.
j) Informazioa
eta aholkua ematea kontu horiei buruz galde egiten dieten tokiko erakundeei.
k) Koordinazio-tresnei
ikuskapenak egiteko neurriak hartzea.
2. Koordinazioko zereginak udalerrietan
segurtasun-lanak egiten dituzten langileetara ere zabaltzen dira, direla
jagoleak edo mugikortasun-agenteak.
38.
artikulua. Koordinatzeko organoak
Udaltzaingoen
koordinazio-organoak hauexek dira:
a) Gobernu
Kontseilua: lege honen barruan, koordinazio-arau orokorrak agintzen ditu,
Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen txostena
aztertu ondoren.
b) Segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren
egitura-dekretuan zehazten diren organoak, eta haien eginkizuna izango da
udaltzaingoak koordinatzeko neurriak bultzatzea, haien eragingarritasuna
zaintzea eta laguntza eta aholkua ematea udalei, baldin eta koordinazio-arau
orokorrak betetze aldera halakorik eskatzen badute.
c) Euskal
Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea.
39.
artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak
Koordinatzeko Batzordea da udaltzaingoak koordinatzeko kontsultarako organoa,
eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailari dago atxikia.
2. Honako kide hauek osatzen dute batzordea:
a) Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailburuak, lehendakari gisa.
b) Segurtasun
publikoaren eskumena duen saileko hiru ordezkarik, sailaren titularrak
izendatuak.
c) Euskal
Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiriburuetako alkateek, edo beren
ordezkari izateko hautatu dituzten zinegotziek.
d) Udalerrietako lau ordezkarik: Euskal Autonomia Erkidegoko
euskal udalen elkarterik edo federaziorik zabalduenak izendatuko ditu alkateen
artean, edo alkateek ordezkari izendatzen duten zinegotzien artean.
e) Udaltzaingoetako
funtzionario batek, Euskal Herriko Tokiko Administrazioan ordezkari gehien daukan
sindikatuak izendatua.
f) Autonomia-erkidegoko
administrazioko karrerako funtzionario batek: segurtasun publikoko eskumena
duen sailburuak izendatuko du, Zuzenbideko Lizentziatura daukatenen artetik.
Idazkari jardungo du, hitza bai baina botorik ez duela.
3. Batzordearen bileretan egoteko eskubidea
izango dute bilera horretarako deia jaso duten aholkulari eta espezialistek,
hitza bai baina botorik ez dutela, hala nola udaltzaingoko agintarien elkargo
ofizialetako ordezkariek.
4. Honako zereginak ditu batzordeak:
a) Txostenak
ematea, gehienez hilabeteko epean, udaltzaingoen arloko xedapen orokorren
inguruko proiektuei buruz.
b) Poliziaren
zerbitzuak hobetzeko, poliziako langileen prestakuntza eta perfekzionamendua
hobetzeko eta beren esku dauden baliabide tekniko eta materialen homogenizazioa
lortzeko neurriak proposatu.
c) Lege
honek koordinatzen dituen kontuetan aholku ematea segurtasun publikoaren
eskumena duen sailari, sail horrek eskatzen dizkion txosten tekniko guztiak
prestatuz Udaltzaingoaren egitura, antolaketa, funtzionamendu eta bitarteko
teknikoei buruz edo horrekin lotutako beste edozein gairi buruz.
40.
artikulua. Udaltzaingoen Erregistroa(3)
1. Udaltzaingoen Erregistroa eratzen da honen bidez,
segurtasun publikoaren eskumena duen sailari atxikia, kapitulu honetan
jorratutako koordinazio-lan hori ondo betetzeko, akreditazio profesionalerako
dokumentuak emateko eta denok erabiltzeko sare eta sistema informatikoetara jo
ahal izateko.
2. Erregistro horren barruan sartzen dira
udaltzaingoetako kide guztiak, bai eta, arauak hala ezarri ahala, udal-jagoleak
eta mugikortasun-agenteak ere.
3. Erregistroan
jarriko dira izena eta abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia,
jaiteguna eta sexua, zenbaki profesionala, maila profesionala eta zerbitzuko
alta edo baja-egoera; halaber, jarriko dira ondoko eginkizunetarako
behar-beharrezko, egoki eta ez-gehiegizko diren eta araubidez zehaztuko diren
datu profesionalak ere: akreditazio profesionalerako dokumentuak emateko eta
mantentzeko; erabilera komuneko sare eta sistema informatikoetarako sarbidea
errazteko, hala behar bada, eta kapitulu honetan aurreikusten diren
koordinazio-eskumenak betetzeko. Datu guztiak jarrito dira izaera
pertsonaleko datuak babesteko legedian ezarritakoari jarraiki.
4. Udalek
erroldan jasotzen diren beren langileen datuak eguneratuta izan beharko
dituzte.
41.
artikulua. Akreditazio profesionalaren egiaztagiria
Udaltzaingoetako
kide guztiek eraman beharko dute aldean akreditazio profesionalaren agiria,
zeina segurtasun publikoaren eskumena duen sailak egingo eta dagokion
udal-organo edo -agintaritzak emango baitu. Agiriak arauz ezarritako ezaugarri
fisiko eta segurtasunezko komunak jasoko ditu, eta bertan agertuko da,
gutxienez, zein udalerritan daukan jatorria, zein kategoria profesionaletakoa
den eta erregistro indibidualaren zenbakia.
II.
KAPITULUA
POLIZIEN
ARTEKO LANKIDETZA ETA ELKARLANA
42.
artikulua. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
eta udalerriek Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko jarduera koordinatu eta
bateratua bideratuko dute, behar izanez gero, beren eskumen-eremuan sortzen
diren arazoei eraginkortasun handiagoz aurre egiteko, bakoitzak bere eskumenen
barruan eta kapitulu honetan ezarritako koordinazio-mekanismoen arabera.
2. Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarri
lagundu eta informazioa eman beharko diote, bakoitzak bere eginkizunen barruan.
3. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
erabilera komuneko komunikazio-sare bat sortu eta mantenduko du konektatzeko
bai Ertzaintza eta udaltzaingoak elkarrekin bai bi horiek segurtasun
publikoaren sistemako gainontzeko zerbitzu profesionalekin ere.
Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailak eta udalerriek Ertzaintzaren eta udaltzaingoen
komunikazio-zentralen arteko komunikazioa gauzatuko dute.
4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
behar diren neurriak hartuko ditu udaltzaingoak Euskal Herriko Poliziaren Datu
Bilketarako Zentroan sar daitezen, lege honen 46. artikuluan xedatutakoarekin
bat etorriz.
5. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
eta udalerriek polizia-instalazioen erabilera partekatua eta zerbitzu komunen
sorrera bultzatuko dute, eta, era berean, agiri, inprimaki eta formulario
komunen erabilera bultzatuko dute, udaltzaingoek eta Ertzaintzak erabiltzeko,
bakoitzak bere eskumenen barruan.
43.
artikulua. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak
1. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak
polizia-zerbitzuen esku-hartzeak koordinatzeko organoak dira, Autonomia
Estatutuaren 17. artikuluko 4. paragrafoan Ertzaintzaren eta Estatuko
Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinazioari buruz xedatutakoaren
kalterik gabe.
2. Herri-mailako poliziak koordinatzeko
batzordeak eratuko dira hiriburuetan eta Ertzaintzaren lurralde-mugape
bakoitzean, arauz ezarritako baldintzetan.
3. Herri-mailako poliziak koordinatzeko batzordeetan egongo da Ertzaintzako eta dagokion
lurralde-mugapeko udaltzaingoko arduradunik eta bai polizia-kidego propiorik ez
edukitzeagatik bat egiten duten beste udalerrietako arduradunik ere.
4. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen
polizia-zerbitzuen koordinazioa eta lankidetza dira tokiko polizia-koordinaziorako
batzordeen helburua, esleituta dituzten eginkizunak betetzen dituztenean,
betiere, kidego bakoitzaren eskumenak errespetatuz; horretarako, hauek egin
ahal izango dituzte:
a) Dagokion
lurralde-esparruan, segurtasun publikoaren egoera aztertzea.
b) Polizia-
eta delitu-jardueren hileko laburpenak, informazioa eta datu estatistikoak
trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezartzea, udalerri bakoitzean
udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuz.
c) Jarduteko
irizpide berdinak sortzea denentzat eta prebentzioko segurtasunaren arloko
erantzukizun operatiboak banatzea, eta lankidetzarako arau eta prozedurak
finkatzea.
d) Delitu-egintzak
prebenitzeko protokolo eta jarduera-planak egitea, segurtasun publikoaren plangintzatik
eratorritako irizpide eta jarraibideak kontuan hartuta.
e) Ertzaintzak
toki-erakundeei legez ezarritako kasuetan egindako laguntza-eskabideez
arduratzea, horien gaineko informazioa ematea eta bideratzea.
f) Polizia-zerbitzuen
artean elkarrekiko informaziorako eta datuak koordinatzeko sistemak aplikatzean
sor daitezkeen gorabeherak ebaztea.
g) Batzordearen
esparruan jarduten duten Euskal Herriko polizia-kidegoen arteko gorabeherez
arduratzea.
5. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen
osaera eta araubidea erregelamendu bidez arautuko dira.
44.
artikulua. Hitzarmenak
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatzeko aukera dauka horretarako interesa
duten udalekin, lankidetzarako eta elkarlanerako modu eta prozedurak zehazteko.
2. Lankidetza-hitzarmenetan, gutxienez, hauek
ezarriko dira:
a) Helburuak
eta xedeak.
b) Kidegoen
artean zerbitzuak mugatzea eta esleitzea, legez ezarritako eginkizunen arabera,
kidego bakoitzak berak bakarrik eskaintzen dituen zerbitzuak eta zerbitzu
konpartituak zeintzuk diren adieraziz.
c) Presentzia
polizialaren estandar orokorrak.
d) Lankidetzaren
irismena eta protokoloak polizia-informazioaren alorrean eta koordinazio operatiboaren
esparruan eta, hala badagokio, batera jarduteko planak egiteari edo baterako
kudeaketako zerbitzuak eskaintzeari dagokienez.
e) Emaitzak
ebaluatzeko adierazleak.
3. Dena delako lurraldeko polizia-baliabideak
optimizatzeko asmoz, hitzarmen horien bidez, udaltzaingoek polizia judizialeko
zereginetan ere lagun dezatela erabaki ahal izango da, salaketak jasotzeko
lanetan eta zehaztutako legez kontrako egintzei eta arloei buruzko ekintzen
ikertze-lanetan, betiere, udaltzaingoko kideek ardura horiek hartzeko besteko
gaitasun operatiboa, baliabide teknikoak, prestakuntza eta esperientzia
badituzte.
4. Lurralde historikoetako hiriburuetako
udaltzaingoen kasuan, lankidetza-hitzarmenetan jasota utziko da Euskal Herriko
Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 27. artikuluak
udaltzainentzat bereziki jasotzen dituen zereginez aparte, hiritarren
segurtasuna bermatzeko zerbitzu eta zereginetan ere parte hartuko dutela, baita
hurbileko poliziaren eta polizia judizialaren zereginetan ere, parte-hartze horren
eremu materialaren barruan definitu eta mamituko diren arauen arabera.
III.
KAPITULUA
EUSKAL
HERRIKO POLIZIAREN DATU BILKETARAKO ZENTROA
45.
artikulua. Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako zentroa
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren
egitura organikoaren barruan, Euskal Herriko Poliziaren Datu-bilketarako
Zentroa sortzen da, datuak fitxategi automatizatuetan biltzeko, gordetzeko,
lantzeko, sailkatzeko eta kontserbatzeko administrazio-organo izateko.
Polizia-zerbitzuek beren eginkizunak betetzeko beharrezko dituzten datuak
izango dira datu horiek, bai eta subjektu baimenduei jakinarazteko datuak ere.
2. Arauak ezarriko dira Euskal Herriko
Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren egitura eta segurtasun-baldintzak zein
izango diren finkatzeko. Polizia-zerbitzuari lotutako izaera pertsonaleko
datuak dauzkaten fitxategiak segurtasun publikoaren eskumena duen saileko
titularraren agindu baten bidez sortuko dira.
3. Zentroa segurtasuneko beste indar eta kidego
batzuekin koordinatuko da, indarrean dagoen legedian aurreikusitako
baldintzetan.
46.
artikulua. Udaltzaingoen integrazioa
1. Udaltzaingoak Euskal Herriko Poliziaren Datu
Bilketarako Zentroan integratuko dira eta beren datuak erantsiko dituzte,
segurtasun publikoko eskumena duen sailaren eta kasuan kasuko udalen arteko
protokolo egokietan zehazten den eran eta moduan.
2. Txertaketa horren helburua da
polizia-jarduna eraginkorra izango dela bermatzea, Udaltzaingoei aukera emanez
Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan jasotako informazioa
eskuratzeko, Udaltzaingoaren zereginetarako behar dutena, betiere, horretarako
ezarritako segurtasun-mailen eta mugen barruan. Horrez gain, udaltzainek
herritarrei segurtasuna ematen eta Polizia judizialari laguntzen sortzen duten
poliziarako informazioa ere Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan
txertatuko da berdin-berdin.
3. Arau-hauste penal eta administratiboen, eta
herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan udaltzaingoek egiten
dituzten jarduerekin lotutako pertsona eta ibilgailuen gaineko datuak, Euskal
Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan sartuko dituzte udaltzaingoek,
segurtasun publikoaren eskumena duen sailak ezartzen dituen prozedura eta
irizpideen arabera.
4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak,
Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan txertatzeko protokoloek
agintzen dutena betez, beharrezko erreminta eta tresna guztiak emango dizkie
udalerriei, beren datuak zentro horretara transferitzea erabat segurua izan
dadin.
47.
artikulua. Datuen babesa
1. Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako
Zentroaren funtzionamendua abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Izaera
Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoan, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean,
Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal
Bulegoa Sortzeari buruzkoan, xedatutakora egokituko da, polizia-xedeetara
lotutako datuei buruz ezarritako berezitasunekin.
2. Administraziorako besterik biltzen ez diren
polizia-zerbitzuari lotutako izaera pertsonaleko datuak dauzkaten fitxategiak,
jabetza publikoko fitxategiak direnez, aurreko paragrafoan aipatutako legeetan
ezartzen den araubide orokorrari atxikita egongo dira.
3. Euskal Herriko Polizia-kidegoek izaera
pertsonaleko datuak polizia-xedeetarako biltzea eta tratatzea, datu horien
helburuaren berarengatik eta norakoarengatik interesdunaren adostasuna eskatzea
ezinezkoa denetan, segurtasun publikorako arrisku benetakoen ez arrisku
hipotetikoen prebentzioan beharrezko direnetara mugatuko dira, edo arau-hauste
penalak erreprimitzeari lotuta egongo dira. Datu horiek, gainera, horretarako
sortuko diren berariazko fitxategietan biltegiratuko dira, eta fitxategi
horietan, haietan dauden datuen fidagarritasun-mailaren sailkapena jasoaraziko
da.
4. Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari
buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 7.2 eta 3 artikuluaren
arabera bereziki babestutako datuak direnean, berriz, datu horiek biltzea eta
tratatzea ikerketa zehatz batekin zuzenean lotuta egongo dira, eta lege
horretan datu horien tratamenduari eta ezabapenari buruz ezarritako baldintzak
aplikatuko dira.
5. Terrorismoa eta antolatutako delinkuentzia
larriak ikertzeko fitxategiei dagokienez, fitxategiko arduradunak datuak
babesteko eskumena daukan organoari jakinaraziko dio halako fitxategia
badaukatela, eta bere ezaugarri orokorrak eta helburua zein diren ere
adieraziko dio, justu fitxategi hori eratu aurretik (hala agintzen du Datu
Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 2.2.c)
artikuluak).
6. Berariazko araudiaren bidez eraentzen dira
Euskal Herriko Polizia-kidegoek bideo-kamerak erabiliz lortzen dituzten irudi
eta soinuetatik datozen datu pertsonalak biltzea eta lantzea, Segurtasun Indar
eta Kidegoek toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren
4ko 4/1997 Lege Organikoarekin bat etorriz, bai eta Eusko Jaurlaritzak lege
hori garatzeko emandako erregelamenduzko arauekin bat etorriz ere.
7. Berariazko araudiaren bidez eraentzen da,
era berean, estatistiketarako besterik ez diren eta funtzio estatistiko
publikoari buruzko legeen babesean dauden datu pertsonalen tratamendua.
IV.
KAPITULUA
UDALEN
ARTEKO LANKIDETZA
48.
artikulua. Lankidetza-hitzarmenak
1. Polizia-kidegoren bat duten udalerriek
hitzartu ahal izango dute, segurtasun publikoaren eskumena duen sailak baimena
eman ondoren, beste udalerri batzuetako udaltzaingoko funtzionarioek, banaka
zehaztuta, haien udal-mugarteetan jardun ahal izatea aldi jakin batean, funtzio
publikoari buruzko legedian jasota datozen mekanismoak aplikatuta, zerbitzuen
aldi baterako gutxiegitasuna dela-eta langile-talde baten zuzkidura indartzea
beharrezko denean.
2. Artikulu honen arabera norberaren udal-mugartetik
kanpo egiten diren zerbitzuak, betiere, jarduten den udalerriko alkatearen
burutza gorenaren pean egingo dira, eta alkateak berak izendatuko du aginte
operatiboa, zerbitzuaren izatasunaren eta berezitasunen arabera.
49.
artikulua. Polizia-zerbitzuak emateko elkartzea
1. Elkarren mugan dauden euskal udalerriek
aukera daukate bazkidetzeko, segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
baimena ematen badu, poliziaren zerbitzuak emateko, bakoitzak bere aldetik ez
baldin badauka horretarako nahikoa baliabide; nolanahi, elkartutako
udalerrietako batek ere ezin ditu eduki 20.000 biztanle baino gehiago, eta
elkartuta ere ezingo dute 50.000 biztanle baino gehiago eduki, eta biek ere
arauak ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte.
2. Elkartze-akordioek, gutxienez, alderdi hauek
zehaztu beharko dituzte:
a) Kidegoaren
burutza beteko duen kide bakarreko organoa.
b) Zerbitzu-prestazioaren
uniformetasuna elkartutako udalerri bakoitzean.
c) Burutzaren
kokapena eta zerbitzuaren bulegoak.
d) Funtzionatzeko
eta finantzatzeko araubidea, eta zein udal-organok hartuko duten laguntzeko
zerbitzuen zeregina.
e) Elkartea
desegiteko prozedura.
f) Elkartearen
antolaketarekin, funtzionamenduarekin eta garapenarekin lotutako beste alderdi
batzuk.
V.
KAPITULUA
JARDUERA
OSAGARRIAK POLIZIAREKIN ETA HERRITARREN SEGURTASUNAREKIN INTEGRATZEA
50.
artikulua. Arautzea
Eusko
Jaurlaritzak erregelamendu bidez garatuko du, segurtasun publikoari eta
pribatuari buruzko estatu-legediak eta honako lege honetan xedatutakoak zehazten
duten esparruan, pertsonek eta enpresa pribatuek Euskadin segurtasuneko eta
ikerketetako eginkizunak betetzeko galda daitezkeen eskakizun eta baldintzak,
bai eta, delitu-egintzak prebenitzeko enpresek edo establezimenduek hartu behar
dituzten segurtasuneko neurriak ere.
51.
artikulua. Lankidetzako eta koordinazioko neurriak.
Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailak segurtasun publikoaren sistemaren eta sistema
horren jarduera osagarrien arteko lankidetzako eta koordinazioko mekanismo
batzuk jarriko ditu abian, eta horretarako:
a) Industriako,
merkataritzako edo zerbitzuetako enpresek herritarren segurtasuneko eta
segurtasun pribatuko legedian delitu-egintzak prebenitzeko aurreikusita dauden
segurtasuneko neurriak hartzea agindu ahal izango dute.
b) Komunikazio-kanalak
instituzionalizatu ahal izango dituzte, eta segurtasun pribatuko enpresa eta
langileei jarraibide eta gidalerroak igortzea erraztu ahal izango dute.
c) Gertakari
kritikoetan erantzuna planifikatu ahal izango dute, eta segurtasun pribatuko
enpresa eta langileentzako laguntza bilatu beren eginkizunak betetzean,
polizia-indarrekin edo segurtasun publikoaren sistemako beste alde batzuekin.
d) Segurtasun
pribatuko enpresa eta langileen jarduerei buruzko polizia-kontrola segurtatu
ahal izango dute.
e) Polizia-kidegoen
eta segurtasun pribatuaren arteko lankidetza gainbegiratu ahal izango dute.
52.
artikulua. Babeseko eta segurtasuneko neurriak eraikin eta instalazio
publikoetan
1. Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailak ebatziko du Euskal Autonomia Erkidegoko
erakunde komunen eraikin eta instalazio publikoek behar dituzten babes- eta
segurtasun-neurriak ezartzeaz, eraikin eta instalazio horien ardura duen
administrazioarekin komunikatu eta gero.
2. Foruen eta tokiko erakundeen titularitateko
eraikin eta instalazio publikoen babesa eta segurtasuna bakoitzaren
administrazioaren eskumena da.
53.
artikulua. Mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak
babesteko neurriak
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak,
interes publikokoa bada, planifikatu eta koordinatu ahal izango du mehatxua edo
jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzua, bai
polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako
segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz.
2. Eta, horretarako, eman beharreko
jarraibideak emango ditu, Segurtasun Pribatuaren Legearen 1.4 artikuluan
ezarritakoaren arabera orokorrean eman daitezkeen jarraibideei kalte egin gabe.
54.
artikulua. Azpiegitura kritikoetako babes-neurriak
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
ebatziko du azpiegitura kritikoetan babes-neurriak ezartzearen gainean, baldin
eta azpiegitura horien jarraitutasuna oinarrizkoa bada eta haiek eteteak edo
hondatzeak eragin larria izan badezake funtsezko zerbitzu publikoetan, gai
horri buruzko Europako eta Estatuko araudiak xedatzen duenaren eta lege honen
garapenean ematen denaren esparruan.
2. Azpiegitura kritiko katalogatuen
kudeatzaileek segurtasuneko planak eduki beharko dituzte, azpiegitura kritiko
horien funtzionaltasuna, jarraitutasuna eta osotasuna segurtatzeko, azpiegitura
haien kontra nahita egindako eraso batek sortutako kaltea prebenitze, arintze
eta indargabetze aldera, eta jarduketa horiek beste subjektu arduradun
batzuetatik, nork bere eskumen-eremuaren barruan, datozen gainerako jardunekin
integratzea bermatze aldera.
3. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak
beharrezko diren laguntza operatiboko planak prestatuko ditu, horrelako
azpiegitura bakoitzeko segurtasun-arduradunarekin lankidetzan,
herri-administrazioen eta gizartearentzako funtsezko zerbitzuak ematen dituzten
azpiegituren erakunde eta organismo kudeatzaile edo jabeen arteko koordinazioa
eraginkorra izan dadin.
4. Artikulu honetan aipatzen diren
segurtasuneko planak larrialdietako eta babes zibileko araudiak galdatzen
dituen planekin integratzea eta koordinatzea bilatuko da, bai eta segurtasun
pribatuko araudiaren arabera nahitaezko diren gainerako segurtasun-neurriekin
ere.
55.
artikulua. Segurtasun pribatua
Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailari dagokio segurtasun pribatuaren arloko
Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren legedia betearaztea, eta
horretarako, eskuduntza hauetaz baliatzen da:
a) Egoitza
soziala Euskadin dutela, beren jarduerak Euskadiko lurraldea gainditzen ez
duten segurtasun pribatuko enpresei baimena ematea.
b) Euskadin
segurtasun pribatuaren arloan egiten diren jardunak ikuskatzea eta zehatzea.
c) Segurtasun
pribatuaren arloko langileak prestatzeko zentroak baimentzea.
d) Segurtasuneko
eta ikerketako zerbitzu pribatuak Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin
koordinatzea.
56.
artikulua. Prestakuntza
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak,
era berean, lege honetako 52. eta 54. artikuluetan aipatzen diren eraikin,
instalazio eta azpiegituretan babeseko eta segurtasuneko eginkizunak egiten
dituzten langileei berariaz zuzendutako prestakuntza-jarduerak prestatuko,
emango eta baliozkotuko ditu, bai eta 53. artikuluan aipatutako
babes-zerbitzuak ere.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
Orokorrak edo Administrazio horren sektore publikoa osatzen duten erakundeek
deitutako jagoletzako eta segurtasuneko kontratu publikoen baldintza-agiriek
klausula bat jaso beharko dute, eta han segurtasun pribatuko enpresen
betebeharra ezarriko da, hau da, enpresa horiek halako zerbitzuetara bideratzen
dituzten langileei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zehazten duen
hasierako edo aldizkako prestakuntza ematekoa.
57.
artikulua. Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa(4)
1. Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko
Batzorde Mistoa sortzen da, eta xede izango du ordezkatuta dauden sektore
guztien esperientziak trukatzea, segurtasuneko enpresen eta Administrazioaren
artean koordinatzeko irizpideak proposatzea, segurtasun pribatuko langileen
prestakuntzako jarduerak proposatzea eta batzordean ordezkatuta dauden
antolakundeei kontsulta egiteko bidea izatea.
2. Batzordea osatuko dute segurtasun pribatuko
enpresen sektorearen ordezkariek, segurtasun pribatuko antolakunde
profesionalen ordezkariek, sektorean ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen
ordezkariek eta segurtasun-neurriak edukitzera behartuta dauden erekundeen
ordezkariek, bai eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren ordezkariek
ere.
3. Batzorde honen osaera eta antolaketa
erregelamendu bidez arautuko da eta aurreko paragrafoan aipatu diren sektoreen
ordezkaritza bermatu beharko du.
IV.
TITULUA
LARRIALDIEI
AURRE EGITEKO ETA BABES ZIBILERAKO EUSKAL SISTEMA
58.
artikulua. Kontzeptua
1. Euskal herri-administrazioek, nork bere
eskumenen esparruan, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako sistema bat
eratzen dute, sistema integratu eta bateragarria, era guztietako larrialdien
arreta eta kudeaketa bilatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioen multzoaren plan, prozedura, mekanismo, bitarteko eta
baliabide guzti-guztiek osatzen dutena.
2. Larrialdiei aurre egiteko eta babes
zibilerako euskal sistemak honako hau hartzen du bere baitan: etorki natural,
teknologiko edo antropikoko era guztietako arriskuek edo mehatxuek pertsonei,
ondasunei eta ondare kolektiboari eragindako kalteak ekiditeko, murrizteko edo
zuzentzeko ekintza-multzoa, arrisku edo mehatxu horien ondorio potentzial edo
eraginkorren zabaltasunak edo larritasunak eraginpe kolektibo larria,
hondamendia edo herri-lazeria dakarrenean, bai eta horrelakoak eragin
ditzaketen beste urgentzia- eta larrialdi-kasu batzuetan edo hainbat zerbitzu
eta operatiboren koordinazioa eskatzen dutenetan ere.
Aurrekoan
sartzen dira hondamendiak edo herri-lazeriak eragin ditzaketen gertakari
meteorologikoak, bereziki klima-aldaketaren eraginaren ikuspegitik eragin
daitezkeenak.
59.
artikulua. Elementu kalteberak
Larrialdiei
aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemak babestu beharreko elementu
kalteberak, honako hauek dira:
a) Pertsonak
eta pertsonen osotasuna.
b) Biztanleentzako
oinarrizko edo funtsezko zerbitzuak.
c) Azpiegitura
kritikoak eta gainerako azpiegitura eta zerbitzu publikoak.
d) Ingurumena
eta biodibertsitatea.
e) Ondasunak,
oro har.
f) Giza
eta gizarte-jarduerak, eta jarduera horien garapen normala.
60.
artikulua. Oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak
1. Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona eta
ondasunak babesteko, laguntzeko eta sorosteko helburuz jarduten diren elkarte,
erakunde edo instituzio guztiek osatzen dute larrialdiei aurre egiteko eta
babes zibilerako euskal sistema.
2. Larrialdiei
aurre egiteko eta babes zibilerako sistemaren zerbitzu funtsezkotzat eta
oinarrizkotzat hartzen dira administrazio batek zuzenean edo zeharrean ematen
dituenak, baldin eta beharrezkoak badira larrialdi egoeretan, egonkorrak direlako,
hainbat diziplina biltzen dituztelako edo espezialitatekoak direla, hala nola:
a) Alerta
sarearen zerbitzuak, Metereologiako Euskal Zerbitzua barne.
b) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.
c) Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzua.
d) Suteak prebenitu eta itzaltzeko zerbitzuak eta
sallbamendu-zerbitzuak.
e) Segurtasun-indar
eta -kidegoak.
f) Larrialdietako
asistentzia sanitarioko zerbitzuak.
g) Basoko
suteen kontrako zerbitzuak.
h) Sorospen,
erreskate eta salbamenduko zerbitzuak.
3. Ostera, zerbitzu osagarriak dira, hain
justu, administrazioek, profesionalen edo boluntarioen talde edo elkarte
publiko nahiz pribatuek emandakoak izanda, larrialdietarako mobilizatzen
direnak, baina funtsezko zerbitzuen lana osatzeko. Honako hauek dira:
a) Babes
zibileko boluntarioak.
b) Segurtasun-arloko
elkarte tekniko eta profesionalak, segurtasunaren arau-eremuetako baten batean
jarduteko edozein akreditazio izanda, borondatez edo administrazio publikoaren
batek eskatu diolako beren laguntza ematen dutenak.
c) Enpresako
su-hiltzaileak.
d) Administrazio
publikoen zerbitzuetatik sistemarako funtsezko edo oinarrizkotzat jotzen ez
direnak, esate baterako, errepideak eta obra publikoak zaintzeko zerbitzuak,
aterpetxeen eta gizarte-zerbitzuen sarea.
e) Egiten
duten lana dela-eta, herritarrei laguntza emateko zerbitzurako beharrezko
jotzen diren enpresak, publikoak nahiz pribatuak. Horren barruan sartzen dira
telekomunikazio-sareak, eta ur, gas eta argindarraren sareak hornitzea,
mantentzea eta zaintzea.
f) Beste
bitarteko lagungarri batzuk.
61.
artikulua. Araubide aplikagarria
1. Euskal Herriko herri-administrazioen
jarduna, betiere, Larrialdiak Kudeatzeko buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legean
xedatutakora egokituko da, alde batera utzita babes zibilaren gaineko
estatu-legediak erkidegoaz gaindiko interesen bat dagoenerako xedatzen duena.
2. Euskal Herriko herri-administrazioek arlo
honetan duten jardunak beharrezko jarduketen koordinazio, zuzendaritza eta
kontrol eraginkor bati erantzungo dio, eta beren harremanetan lankidetzaren eta
leialtasun instituzionalaren printzipioen pean geratuko dira.
62.
artikulua. Ekintza kriminalen edo biktima anitzeko ekintzen ondorio diren
larrialdiak
1. Larrialdien kudeaketari buruzko araudian biltzen
diren aurreikuspen orokorrak, orobat, aplikaziokoak izango zaizkie asmo
kriminalez eragiten diren larrialdiei, kontuan izanda biktima anitzen edo
azpiegitura jakin batzuen babesak eskatzen duen tratamendu berezia.
2. Babes zibileko kasuan kasuko planetan
lehentasunez jasoko dira Ertzaintzak terrorismoaren arloan, legeek ezarritako
baldintzetan, betetzen dituen polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko
eginkizunak, eta eginkizun horiek aurreikusten diren gainerako neurriekin
koordinatuko dira.
3. Biktima anitzeko kasuetan, auzitegietako
medikuen eta polizia zientifikoaren jardunak elkarlanean eta batera jarduteko
garatuko diren antolaketa arloko protokolo eta prozedurak ere horrelako
kasuetarako aurreikusten diren babes zibileko planetan sartuko dira.
V. TITULUA
BESTE SEKTORE POLITIKA BATZUK
I. KAPITULUA
BIDE
SEGURTASUNAREN ARLOKO NEURRIAK
63.
artikulua. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea
1. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea
segurtasun publikoaren eskumena duen sailari atxikitako aholku-organo bat da,
honako hauetaz arduratzen dena: alde batetik, bide-segurtasunean eragiten duten
eskumenez baliatzen diren herri-administrazioen koordinazioa errazteaz, eta,
beste alde batetik, koordinazio horren hobetzea bultzatzeaz, trafikoarekin eta
bide-segurtasunarekin lotutako erakunde publiko eta pribatuen elkartzearen eta
parte-hartzearen bidez.
2. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeak
prestatzen diren bide-segurtasunaren arloko plan estrategikoak aztertuko ditu,
plan horiek Eusko Jaurlaritzak onartu baino lehenago, eta jardute-plan
bateratuak proposatu ahal izango ditu, aldez aurretik haietan finkatutako
gidalerroak betetzeko edo batzordearen onarpenetik pasarazteko.
3. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea
osatuko dute polizia, larrialdi eta babes zibil, zirkulazio eta
bide-segurtasun, hezkuntza, osasun, garraio eta errepideen eskumenak dituzten
euskal administrazio publikoen ordezkariek eta Eudel Euskadiko Udalen
Elkartearen ordezkariek.
Erregelamenduaren
bidez haunditu ahal izango da batzordearen osaera bide-segurtasunean lan egiten
duten beste sektore ekonomiko edo profesionale batzuek ere parte hartzeko, hala
nola autoeskolek, autobideen emakidadunek, unibertsitateak eta abarrek.
64.
artikulua. Bide-segurtasunaren arloko plan estrategikoa eta jardute-planak
1. Bide-segurtasunaren arloko plan
estrategikoek eta jardute-planek zehazten dituzte bide-segurtasunean
inplikatuta dauden eragile publiko zein pribatuen multzoaren lerro estrategikoak,
programak eta ekintzak, honako helburu hauekin: zirkulazioko segurtasuna
gehitzea, istripu-tasa murriztea, mugikortasun iraunkorra bilatzea, gidakeran
eta zirkulazioan aldaketa kulturala bultzatzea, biktimak dituzten istripuen
etengabeko beherapena eta trafiko-arloko arrisku handiko portaerekiko arbuioa
eragiteko.
2. Euskadiko Bide Segurtasunaren arloko Plan
Estrategikoa Jaurlaritzaren Kontseiluak onartuko du, segurtasun publikoaren
eskumena duen sailburuaren proposamenez eta Euskadiko Bide Segurtasuneko
Batzordeak aztertu ondoren.
Euskadiko
Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategikoa onartu eta Eusko Legebiltzarrari
bidaliko zaio hark ezagutu dezan.
3. Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategiko
hori trafikoaren arloan eskudun diren segurtasun publikoaren eskumena duen
saileko organoek garatuko dituzten urteko jardute-planen edo sektore-programen
bidez jarriko da abian.
4. Udalerriek ere beren hiri-eremuan
bide-segurtasuneko planak prestatzea sustatuko da, Euskadiko Bide
Segurtasunaren Arloko Plan Estrategikoan ezartzen diren gidalerroei jarraituz.
II.
KAPITULUA
IKUSKIZUN
ETA JOLAS JARDUERETAKO SEGURTASUN NEURRIAK
65.
artikulua. Ikuskizun eta jolas-jardueretako segurtasun neurriak
1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak,
herritarren segurtasuneko eta segurtasun pribatuko araudiak xedatzen duenarekin
bat etorrita, ikuskizun eta jolas-jardueretan beharrezko segurtasun neurriak
hartzea agintzeko ahalmena dauka, dena delako ekitaldi horiek martxan direla
norbaitek egin ditzakeen delituak prebenitzeko edo ekitaldiak egiteak ekartzen
dituen arriskuak edo kalte-egoerak ekiditeko.
2. Segurtasun pribatuko zerbitzua edukitzera
behartuta egongo dira, beharrezko gertatzen den proportzio, kopuru eta
baldintzetan (eta segurtasun pribatuko legeditan ezarrita dauden baldintza eta
eskakizunekin), 700 pertsonatik gorako edukiera duten lokal edo barrunbeetan
egiten diren jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak, bai eta, dagoen
arriskuari edo kalteberatasunari erantzunez, segurtasun publikoaren eskumena
duen saileko organo eskudunek erabakitzen duten beste batzuetan ere.
3. Jendaurreko ikuskizunetarako eta
jolas-jardueratarako aukeran dago sarrera emateko zerbitzu berezia jartzea;
behar bezala baimendutako eta identifikatutako langileak arituko dira lanean,
zein bezero edo erabiltzaile sartzen diren kontrolatzeko.
Segurtasun
pribatuko langileek betetzen ez dituzten sarrera emateko zerbitzuetako
langileen eginkizunak, eskakizunak, prestakuntza eta egiaztapena erregelamendu bidez
arautuko dira, lege honetan eta Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak
arautzeko Legean xedatutakoa garatzeko.
4. Sarrera emateko zerbitzuko langileek ezingo
dituzte bete, inola ere, segurtasun pribatuko langileentzat ezarritako
eginkizunak; segurtasun pribatuko langileek ere ezingo dituzte aldi berean bete
beren eginkizunak eta sarrera emateko zerbitzuko langileei dagozkienak; dena
dela, segurtasuneko zaintzaile moduan lan egiten ez dutenean, azken eginkizun
horiek bete ahal izango dituzte.
III.
KAPITULUA
LURRALDE
PLANAK, HIRIGINTZA PLANAK ETA AZPIEGITURA HANDIAK
66.
artikulua. Eragina aintzat hartzea
Euskal
Autonomia Erkidegoaren lurraldean egiten diren lurralde-planen,
hirigintza-planen eta azpiegitura edo ekipamendu handien proiektuen sustatzaileek
derrigor aintzat hartu behar dute pertsona eta ondasunen segurtasunaren,
arrisku kolektiboen, mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren eremuetan duten
eragina, eta aurreikusi egin beharko dute, behar izanez gero, lege honetan
aurreikusitako segurtasun publikoaren plangintzako tresnetan finkatzen diren
helburuen betetzea bultzatzen duten neurri zuzentzaileak hartzea.
IV.
KAPITULUA
EMAKUMEEN
KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO BORROKA
67.
artikulua. Emakumeen kontrako indarkeria guztiz desagerrarazteko neurriak
1. Euskadiko Segurtasun Plan Orokorrak, bai eta
segurtasuneko gainerako lurralde-plan sektorialek ere, kontuan izango dute
genero-ikuspegia, eta plan horien lehentasunen artean sartuko dute emakumeen
kontrako indarkeria-forma eta -adierazpen guztien aurkako borroka.
2. Euskal administrazio publikoek, bakoitzaren
eskumenen esparruan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dauden
legeetan eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokari buruzko legedi
espezifikoan aurreikusitakoarekin bat eginez, ondokoak lortzen saiatuko dira:
a) Emakumeen
kontrako indarkeriaren sorburu diren emakumeen gaineko botere-harremanak
sustatzen dituzten eta horiei eusten dieten patroi soziokulturalak kentzea.
b) Emakumeen
kontrako indarkeria marxista sortzen duten egoerak antzematea, eta horiei
aurrea hartzea eta aurre egitea.
c) Emakumeei
dagozkien eskubideak bermatzea haiekiko arreta, harrera eta babesari
dagokienean, eta orobat, beren erreparazio eta oneratze pertsonalari
dagokienean.
d) Emakumeen
kontrako indarkeria matxista pairatzen dutenei arreta emateko eta horien
oneratzean laguntzeko politika publikoen sistema integral koordinatua ezartzea.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa.
Erreferentziak
Indarrean
dagoen ordenamenduan Euskal Herriko Polizia Ikastegiari, haren zuzendaritzari
edo haren titularrari egiten zaizkion erreferentziak Polizia eta Larrialdietako
Euskal Akademiari, haren zuzendaritza nagusiari edo haren titularrari
egindakotzat ulertuko dira.
Bigarrena.
Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren ondorengo izatea eta langileak integratzea
1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren ondorengo da eskubide, ondare, baliabide,
kontratu, zor eta hari dagozkion betebehar guztietan.
2. Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren
langileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari atxikitzen zaizkio.
Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren lan-kontratuko langileei dagokienez,
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak subrogatu egiten ditu hark eta
segurtasun publikoaren eskumena duen sailak haren zerbitzuko langileei buruz
izenpetutako kontratuak.
3. Polizia eta Larrialdietako Euskal
Akademiaren aurrekontua, jarduerei ekiten dien ekitaldi ekonomikoari dagokiona,
Jaurlaritzaren Kontseiluak onartuko du, eta horren berri emango dio Eusko
Legebiltzarreko dagokion batzordeari.
Jarduerei
ekingo zaien ekitaldiari dagokion aurrekontuak, bestalde, Euskal Herriko
Polizia Ikastegiari erasantzat leudekeen aurrekontu orokorretako partida
guztiak hartuko ditu bere baitan, giza baliabide eta bitarteko materialei
buruzkoak ere barne direla, akademia horren jarduera-arlo berrietarako
aurreikusten direnez gain.
Hirugarrena.
Herritarren segurtasunaren arloko agintari eskudunak autonomia-erkidegoan
1. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 17.
artikuluak dioenaren babesean, eta beste lege batzuen arabera (martxoaren 13ko
2/1986 Lege Organikoa, Segurtasun Indar eta Kidegoena, eta otsailaren 21eko
1/1992 Lege Organikoa, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzkoa),
segurtasun-kontuen eskumena eta herritarren segurtasuna zaintzeko eta onera
ekartzeko beharrezko ekintzak agintzeko eskumena segurtasun publikoaren
eskumena duen sailburuak eta sail horretako organoetako titularrek dute, arlo
horiei dagozkien arauzko eta legezko xedapenen arabera.
2. Gobernu Kontseilua eta aurreko paragrafoan
aipatutako organoak ere eskudun dira herritarren segurtasunaren arloan legeak
zehaztuta dituen arau-hausteen ondoriozko zehapenak eta bestelako neurriak
ezartzeko, eskala honen arabera:
a) Gobernu
Kontseiluak 300.506,06 eurotik 601.012,1 eurora arteko isunak ezar ditzake, bai
eta arlo horretarako arauz ezarritako beste edozein zehapen ere.
b) Segurtasun
publikoaren eskumena duen sailburuak 60.101,22 eurotik 300.506,05 eurora arteko
isunak ezar ditzake, bai eta legeak aurreikusten duen beste edozein zehapen
ere.
c) Artikulu
honetako 1. paragrafoak aipatzen dituen gainerako organoek 60.101,21 euro
arteko isunak ezar ditzakete, bai eta legeak aurreikusten duen beste edozein zehapen
ere.
Laugarrena.
Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen aldaketa
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko
Legearen testu bateginaren IV. tituluan, IX. kapitulu berri bat sartzen da.
Honela geratuko da idatzita:
"IX. KAPITULUA. POLIZIA ETA
LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAK IKASKETA EGIAZTAGIRIAK ETA BALIOZKOTZEAK
EGITEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASA
95 sexies artikulua. Zergapeko egitatea
Tasa honen zergapeko egitatea da Polizia eta
Larrialdietako Euskal Akademiak ikasketa-egiaztagiriak eta beren kopiak,
homologazioak, baliozkotzeak eta aitorpenak, eta orobat kopia kautoak edo
kautotuak eta aipatutako dokumentuen konpultsa egiteko beharrezkoak diren
zerbitzuak ematea.
95 septies artikulua. Subjektu pasiboa
Tasa horren subjektu pasiboak dira
ikasketa-egiaztagiri horiek eta beren kopiak, homologazioak, baliozkotzeak eta
aitorpenak, eta orobat, kopia kautoak edo kautotuak eta aipatutako dokumentuen
konpultsa eskatzen dituztenak.
95 octies artikulua. Sortzapena
Dagozkion egiaztagiri edo dokumentuak egitean sortuko
da tasa. Hala ere, agiria emateko eskabidea egiten den unean ordaintzeko eskatu
ahal izango da.
Ikasketa-egiaztagiriak ofizioz egiten direnean,
agiriok emateko eskabidearekin sortuko da tasa, eta une horretan eskatuko da
bere ordainketa.
95 nonies artikulua. Kuota
Tarifa honen arabera eskatuko da tasa (euroak):
a) Homologazioak:
122,98
b) Ikasketa-egiaztagiriak
egitea: 23,83
c) Aitorpen-
eta baliozkotze-eskabideak: 50,00
d) Kopiak,
kopia kautoak, kautotutako kopiak eta agiriak konpultsatzea: 4,69 .
Konpultsatu beharreko dokumentuaren orri gehigarria: 0,47 .
Xedapen
Iragankorra
Bakarra
Lege
honetako 15. artikuluan aurreikusitako integrazioa gertatzen ez den bitartean,
funtzionatzen jarraitu ahal izango dute 1-1-2 telefonoaz bestelako beste
telefono batzuek ere, zerbitzu jakin bateko zerbitzu espezifikoetara egindako
urgentzia-deiak atenditu ahal izateko.
Xedapen
Indargabetzailea
Indargabetuta
geratzen dira lege honen aurka doazen arau guztiak, eta, bereziki:
a) Euskal
Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen I. tituluaren I.
kapituluko ("Organoak eta haien aginpideak") 2. atala ("Euskal
Herriko Polizia Ikastegia"), 6-11. artikuluak, biak barne.
b) Euskal
Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen II. kapitulua
("Polizia Zerbitzurako Datu-Bilketarako Zentroa"), IV. kapitulua
("Euskal administrazio publikoen arteko elkarlana eta lankidetza")
eta V. kapitulua ("Polizia-zerbitzuak hobetzeko ekimen-bulegoa).
c) Euskal
Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen V. tituluaren III.
kapitulua ("Udaltzaingoen koordinaketa").
d) Euskal
Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen hamaikagarren, hamalaugarren,
hamazazpigarren eta hemezortzigarren xedapen gehigarriak.
Azken
Xedapena. Indarrean jartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean
jarriko da indarrean.