15/2008 Legea, abenduaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzekoa
2008-12-19Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/12/29, 248. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.
§ 312. 15/2008 LEGEA, abenduAREN 19KOA, EUSKAL
AUTONOMIA ERKIDEGOKO UNIBERTSITATEZ KANPOKO IRAKASKUNTZAN ZENBAIT IRAKASLE
KIDEGO SORTZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Unibertsitatez
kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa antolatzeko eta arautzeko
oinarriak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako
Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legean zehaztu ziren.
Kidegoak oinarrizko legedian nola zehazturik zeuden aintzat hartuta,
irakaskuntzako kidego propioak sortzea izan zen lege haren abiapuntuko
egituraren funtsa.
Lege
hori idatzi zen garaian, katedraduna izatea irakasle-karrerako merezimendu
pertsonala zen, kidego hauetako baten baitan kontuan hartzen zena: Bigarren
Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen
Kidegoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoan; eta, hortaz,
katedra lortzen zuenak dena delako bere kidegoan jarraitzen zuen. Hala
diseinaturik zegoen sistema, Hezkuntza Sistemaren Antolakuntza Orokorrari
buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan eta Funtzio Publikoa Berritzeko
Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legean.
Beste
alde batetik, sistema haren arabera, Hezkuntzako Ikuskaritzaren eginkizunak
irakaskuntzako kidego eta eskaletako funtzionarioek bete behar zituzten.
Funtzionario horiek titulazioaren aldetik eta lanbidearen aldetik baldintza
batzuk bete behar zituzten, baina, edonola ere, nahiz eta ikuskaritza-lanpostuak
bete, jatorrizko kidegoetan jarraitzen zuten.
Eta
aipatu dugun 2/1993 legean ere hala geratu zen jasota, hau da, ordura arte
bazirenekin bat zetozenak baino ez zituen kidego propio modura sortu.
Harrez
geroztik hainbat lege etorri da, eta poliki-poliki sistema aski aldaturik utzi
dute, hainbat kidego berezi sortuz: Hezkuntzako Ikuskaritzaren
eginkizunetarakoa, Bigarren Hezkuntzako Katedradunena, Arte Plastikoetako eta
Diseinuko Katedradunena, eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunena.
Hezkuntzako
Ikuskatzaileen Kidegoa, esate baterako, azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoan
sortu zen, Ikastetxeen Parte-Hartzeari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzkoan
alegia, eta beste hirurak, berriz, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko abenduaren
23ko 10/2002 Lege Organikoaren xedapen bidez sortu ziren. Eta gaur egun,
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak irakaskuntzako
funtzio publikoaren estatutu-araubidearen oinarriak definitzen dituenean, lau
kidego horiek hortxe jarraitzen dute.
Beraz,
derrigorra da Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako kidego propioen osaera
egokitzea eta oraindik sortzeke ditugunak sortzea, horretarako berariazko lege
baten bidez.
1. Artikulua - Legearen xedea
Lege
honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan
lau irakasle-kidego sortzea, denak ere A taldekoak. Hauek hain zuzen ere:
. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen
Kidegoa.
. Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko
Katedradunen Kidegoa.
. Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako
Katedradunen Kidegoa.
. Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoa.
2. Artikulua - Eginkizunak betetzeko eremua
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko langileei dagokienez, arautegiak derrigorrezko bigarren hezkuntza,
batxilergo eta lanbide-heziketarako izendatzen dizkien eginkizunak beteko
dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren hezkuntzako Irakasleen
Kidegoko langileekin batera.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoko langileei
dagokienez, arautegiak arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzetarako,
kultura-ondasunak kontserbatu eta zaharberritzeko irakaskuntzetarako eta
zehazten diren batxilergo barruko arte-modalitateen irakaskuntzetarako
izendatzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Arte
Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko langileekin batera.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegoko langileei
dagokienez, arautegiak hizkuntzen irakaskuntzetarako izendatzen dizkien
eginkizunak beteko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola
Ofizialetako Irakasleen Kidegoko langileekin batera.
4. Euskal Autonomia
Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko langileei dagokienez, arautegiak
Hezkuntzako Ikuskaritzari hezkuntza-sistemako osagai eta alderdi guztien
gainean izendatzen dizkien eginkizunak beteko dituzte.
3. Artikulua - Sartzeko betekizunak
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegora sartzeko, beharrezkoa
izango da Euskadiko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoa izatea, kidego
horretako karrerako funtzionario modura gutxienez zortzi urteko antzinatasuna
edukitzea, eta titulu hauetakoren bat edukitzea: doktorea, lizentziatua,
arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio
duen titulazio baliokidea. Halaber, hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegora sartzeko,
beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta
Diseinuko Irakasleen Kidegokoa izatea, kidego horretako karrerako funtzionario
modura gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea, eta titulu hauetakoren
bat edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion
gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber,
hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegora sartzeko,
beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako
Irakasleen Kidegokoa izatea, kidego horretako karrerako funtzionario modura
gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea, eta titulu hauetakoren bat
edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion
gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber,
hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.
4. Euskal Autonomia
Erkidegoko Ikuskatzaileen Kidegora sartzeko, beharrezkoa izango da Euskal
Autonomia Erkidegoko Irakaskuntzako Funtzio Publikoa osatzen duten
kidegoetakoren batekoa izatea, kidego horietakoren batean karrerako
funtzionario modura gutxienez sei urteko antzinatasuna edukitzea,
irakasle-lanetan ere esperientzia horixe izatea, eta titulu hauetakoren bat
edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion
gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber,
hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.
4. Artikulua - Sartzeko sistema
1. Euskadiko Bigarren
Hezkuntzako Katedradunen Kidegora sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Arte
Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegora sartzeko, eta Euskal
Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen kidegora
sartzeko, lehiaketa egingo da, eta ez da praktikaldirik egongo.
Deialdietan, gauza hauek baloratuko dira: eguneratze zientifiko eta didaktikoarekin zerikusia
duten merezimenduak, hezkuntza-proiektuetan parte hartu izana, irakasle-lanaren
ebaluazio positiboa, eta, hala badagokio hautagaien ibilbide artistikoa.
Paragrafo honen lehenengo lerroaldean
aipatutako kidegoetan, gehienez ere, jatorrizko dena delako kidegoan dagoen
funtzionario-kopuruaren % 30 bezainbeste funtzionario egongo da.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegora sartzeko, oposizio-lehiaketa
egin beharko da. Oposizio-lehiaketa horretan praktikaldia ere sartuko da eta
hautespen-izaera edukiko du.
Deialdietan,
irizpide hauek bete beharko dira:
a) Lehiaketaren fasean, honako alderdi hauek balioetsiko dira:
hautagaien lanbide-ibilbidea, irakasle gisa egindako berariazko merituak,
zuzendaritza-karguak ebaluazio positiboarekin bete izana, katedradunen
kidegoetakoren batekoa izatea, eta, hala badagokio, ikuskaritza-lana betetzea.
b) Oposizioaren fasean, berriz, proba bat egin beharko da. Proba
horretan, jakintza pedagogikoak, administrazio-jakintzak, ikuskari-lanera
egokitutako hezkuntza-legeriari buruzko jakintzak, eta lan hori betetzeko
berariazko jakintzak eta teknikak balioetsiko dira.
c) Nahi izanez gero, gehienez ere plaza guztien herena
zuzendari-kargua bete izan duten irakasleentzat gorde daiteke. Baldintza
orokorrak bete beharko dituzte, zuzendari
modura gutxienez hiru agintaldi eduki beharko dituzte eginak balorazio
positiboarekin, eta merezimendu-lehiaketa egin beharko dute.
5. Artikulua - Postuak betetzea
1. Euskadiko Bigarren
Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko langileek, Euskal Autonomia Erkidegoko Arte
Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegokoek eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegokoek, lanpostuak
betetzeko lehiaketetan, lanpostu huts berei dagozkien mailetako
irakasle-kidegoetako langileekin hartuko dute parte. Alabaina, kontuan hartuko
dira kidego haietakoak izateagatik aplikatzekoak zaizkien berariazko
merezimenduak.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko langileek, berriz, Euskal
Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuak betetzeko
lehiaketetan hartuko dute parte.
3. Estatu mailako
lehiaketetan funtzionario irakasle guztiek parte ahal izango dute, berdin
delarik zein hezkuntza-administrazioren menpe dauden edo zein
hezkuntza-administraziotatik sartu diren, baldin eta Hezkuntzako Euskal
Administrazioak dagozkien lanpostu-zerrenden arabera ezartzen dituen eskakizun
orokor eta bereziak betetzen badituzte. Hori horrela, Euskal Autonomia
Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuak Hezkuntzako Ikuskatzaileen
Kidegoko funtzionario guztiek bete ahal izango dituzte, berdin delarik zein
hezkuntza-administrazioren menpe dauden edo zein hezkuntza-administraziotatik
sartu diren.
Xedapen Gehigarriak
Lehena. Euskal Autonomia Erkidegoko langileak kidego
hauetara biltzea
Arte
Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta
Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen kidegoetako irakasle funtzionarioei
dagokienez, bai eta Ikuskatzaileen Kidegoko irakasle funtzionarioei dagokienez
ere, lege hau indarrean sartzen denean Autonomia Erkidegoaren menpekoak
direnak, besterik gabe, legearen arabera Autonomia Erkidegoan sortutako
kidegoetatik kasuan kasukora bilduta geratuko dira.
Halakoetan,
jatorrizko kidegoan zuten antzinatasun berbera izango dute, eta lehengo
eskubide guztiak errespetatuko zaizkie, baita eskubide ekonomikoak ere,
halakorik izatekotan. Era berean, kidego berrian sartu baino lehen izan zuten
gizarte-aurreikuspeneko erregimena izaten jarraituko dute.
Biltzen
edo integratzen direnean duten lanpostura integratuko dira, eta izaera ere
berbera izango dute.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez
kanpoko irakaskuntzako gainerako irakaskuntza-kidegoen izenak
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko
otsailaren 19ko 2/1993 Legearen bidez sorturiko izen ofizialetan, gazteleraz,
pertsonen forma maskulinoa eta femeninoa erabili beharko da, biak. Hortaz,
gazteleraz, aurrerantzean izen hauek izango dituzte:
. Cuerpo de Maestros y Maestras de la Comunidad Autónoma del País
Vasco.
. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Enseñanza Secundaria de la
Comunidad Autónoma del País Vasco.
. Cuerpo de Profesores Técnicos y Profesoras Técnicas de Formación
Profesional de la Comunidad Autónoma del País Vasco.
. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Música y Artes Escénicas de la
Comunidad Autónoma del País Vasco.
. Cuerpo de Catedráticos y Catedráticas de Música y Artes Escénicas de
la Comunidad Autónoma del País Vasco.
. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Artes Plásticas y Diseño de la
Comunidad Autónoma del País Vasco.
. Cuerpo de Maestros y Maestras de Taller de Artes Plásticas y Diseño
de la Comunidad Autónoma del País Vasco.
. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Escuelas Oficiales de Idiomas
de la Comunidad Autónoma del País Vasco.
2. Euskal Autonomia
Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinuko Tailerreko Maisu Maistren Kidegoak,
Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen
Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen bidez sortutakoak, euskaraz
izango duen izen ofizialari dagokionez, bere baitan bildutako pertsonen forma
maskulinoz eta femeninoz osatuko da, berariaz.
Hirugarrena. Araubide aplikagarria
Lege
honetan aurreikusi ez den edozertan, irakaskuntzako funtzio publikoko arauak
bete beharko dira, eta, halakorik ezean, funtzio publikoari buruzko arau
orokorrak.
Xedapen Indargabetzailea
Indarrik
gabe geratzen dira honako arau hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko
Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren
19ko 2/1993 Legeari dagokionez, 30, 31 eta 40. artikuluak; III. tituluko IV.
kapituluan katedratiko-izaerari buruz egiten diren aipamenak; laugarren xedapen
gehigarria, eta hamaseigarren xedapen gehigarrian eta zazpigarren xedapen
iragankorrean Hezkuntzako Ikuskaritzaren zerbitzuei buruz egiten diren
aipamenak. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeari
dagokionez, hamahirugarren xedapen gehigarriko 3. paragrafoa. Eta orokorrean,
lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen
guztiak.
Azken Xedapena
Indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren
biharamunean sartuko da indarrean.