15/1998 Legea, ekainaren 19koa, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeari aldaketak egiten dizkiona.
1998-06-19Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/7/9, 128. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.
§
221. 15/1998 LEGEA, EKAINAREN 19KOA, EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEEI
BURUZKO EKAINAREN 15EKO
ALDAKETAK EGITEN DIZKIONA
ZIOEN
ADIERAZPENA
I
Euskal Autonomia Estatutuak 10.3. atalean
jasota duen eskumena betez, Eusko Legebiltzarrak 5/1990 Legea onartu zuen
ekainaren 15ean, hain zuzen ere Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzkoa,
aurretik zegoen legea, azaroaren 25eko 28/1983 Legea, ordezkatzeko.
Zortzi urte igaro dira Eusko
Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea indarrean sartu zenetik, eta
bitarte horretan Estatuko hainbat lege organiko sartu da indarrean: martxoaren
13ko 8/1991 Lege Organikoa (Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoa
hausteskundeetako administrazioaren eta jardunbidearen arloan aldatzen duena);
martxoaren 30eko 13/1994 Lege Organikoa (hauteskundeetako gastuak murrizteari
buruzkoa); martxoaren 23ko 3/1995 Lege Organikoa (hauteskundeetako erroldari
buruzkoa); apirilaren 8ko 19/1991 Lege Organikoa eta abenduaren 22ko 14/1995
Lege Organikoa, lurreko uhinen bidezko udal irrati eta telebistetan
hausteskundeetako iragarkiak egiteari buruzkoak. Lege horien bidez, azken
urteotan oinarrizko agindu berriak sortu dira, eta horien ondorioz,
hauteskundeei buruzko euskal legean xedatutako aginpide eta arauketa batzuk
tokiz kanpo geratu dira; hori alde batetik, eta bestetik, gai berri batzuk ere
arautu dituzte Estatuko lege horiek, hausteskundeei buruzko Autonomia
Erkidegoko legerian arautu gabe zeudenak.
Bukatzeko, kontuan izan behar da
Konstituzio Auzitegiak otsailaren 14ko 28/1991 epaia eman zuela, eta epai
horretan bateraezinak jo zituen eusko legebiltzarkidea eta Europako
legebiltzarkidea izatea; kontu hori ez zegoen aurreikusita 5/1990 Legean, lehen
aipatutakoan. Gainera, jakin beharrekoa da lege honetan bozketa elektronikoa
egiteko aukera ere arautu dela. Esandako guztiagatik, erabat beharrezkoa da
ekainaren 15eko 5/1990 Legea, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzkoa,
aldatzea.
II
Edozein gizarte demokratikok herritarrek
hauteskundeetan parte hartzeko aukera bermatu behar du, hauteskunde horietan
aukeratzen baitira haien ordezkariak boto-emate unibertsal, aske, berdin, zuzen
eta isilpekoaren bidez, hori izanik edozein gizarte demokratiko bereizten duen
ezaugarrietako bat. Botoa emateko eskubidea erabatekoa izateko, ohiko
formulekin batera bide berriak ireki behar dira, hautesleek dagokien
hauteskunde-mahaian beren kabuz eta modu errazean botoa emateko eskubidea izan dezaten,
ordezkari politikoak aukeratu ahal izateko.
XXI. mendearen atarian egonda, Europako
hauteskundeei buruzko zuzenbidean araututako bozketa-modurik aurreratuenak
aztertu eta ikertu ondoren, Autonomia Erkidegoko hauteskunde-sisteman ere
bozketa elektronikoa indarrean jartzea da erronka.
Lege honetan hauteskunde-sistemarako
bozketa elektronikoa arautzea aurrerapen teknologikoari zor zitzaion
berrikuntza da, eta sistema horren bidez, botoa emateko paperak euskarri
magnetikoa izango du. Teknologia berriei esker, herritarrek res publica
deitutakoan parte hartzeko beste modu bat dute, eta aukera horietaz baliatu
beharra dago. Aukera horretaz baliatzea teknologiaren aurrerapenari esker lortu
da. Teknologia berriek lekua izan behar dute ekintza publikoen barruan, baina
ez soilik kontrolatzeko teknologia gisa, baita askatasunari bidea erraztuko
dioten teknologia moduan ere.
Boto elektronikoaren bidez, ohiko
botoarekin gertatzen den bezalaxe, askatasun publikoak gauzatzea erraztu egin
da, eta hori gaur egun arte erabilitako bideekin alderatuta ikusten da.
Gainera, herritarren heziketari ere mesede egiten dio, teknologia modu
horietatik gertuago egongo baitira, eta kontuan izan behar da bizitzako hainbat
arlotan gero eta gehiago erabiltzen direla. Herritarren bizitza arruntean
eragiten dute teknologia berriek eta, beraz, denek teknika horien berri izatea
utziezineko baldintza da gizarteak eta ekonomiak aurrera egiteko. Teknologia
berriak gehien eta modu hedatuenean erabiltzen dituzten gizarteak izango dira
aurreratuenak; hau da, herritar gehienek eta arlo gehienetan erabiltzeko aukera
eskaintzen duten gizarteek.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan
boto elektronikoaz baliatzeko aukera izatea Euskal Autonomia Erkidegotik
teknologia berrien erronkari emandako lehen erantzuna da, teknologia horiek
prozesu demokratikoan aurrera egiteko nolako eragina izan dezaketen kontuan
izanda. Bizitza politikoa modernizatzeko bidean emandako lehenengo pausoa da;
izan ere, hauteskundeetan aurretik zeuden jardunbideak hobetu eta herritarrak
teknologia berrien nondik norakora hurbilduko ditu. Eta gogoan izan behar da
teknologia horiek demokrazian parte hartzeko moduetan aukera eta bide
garrantzitsuak zabaltzen ari direla.
Boto elektronikoaren bidez ere,
hauteskundeen argitasuna eta objektibotasuna eta botoaren benetakotasuna
areagotu egiten dira, herritarrak botoa bere kabuz eman beharko duelako, botoa
emateko beste moduetan dauden baldintzapen batzuk gaindituz, orain arte ez
baitzen beharrezkoa botoa emateko orria isilpean eta bakoitzak bere aldetik
aukeratzea. Era berean, boto elektronikoaren bidez erabat bermatzen da botoa
emateko eskubidea isilpekoa eta askea izatea, eta euskal hauteskunde-sisteman
kontu berria bada ere hori, Europa mendebaldeko demokrazia batzuetan sistema
hori erabili eta emaitzak aztertzeko aukera egon da.
Beste alde batetik, boto elektronikoa
sistema eraginkorragoa izango da isilpekotasuna, segurtasuna, erraztasuna,
azkartasuna eta modernotasuna dituelako ezaugarri. Ondorengo arrazoiek ere hori
erakusten dute: hauteskunde-mahaiak osatzen dituztenentzako lan gutxiago
eragingo du botoa ematean; botoak zenbatzerakoan ziur asko ez da arazorik
egongo; hauteskunde-mahai bakoitzean botoak zenbatzeko askoz ere denbora
gutxiago behar izango da; eta, azkenik, hauteskundeetako behin-behineko
emaitzen berri herritarrei emateko orduan, erabateko zehaztasunaz eta
azkartasun handiaz jardungo da.
III
Autonomia Erkidegoan gaur egun indarrean
dagoen hausteskundeei buruzko legeria zati batean aldatu duen erreforma honek
errespetatu egin du 5/1990 Legearen, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei
buruzkoaren, I. eta II. idazpuruan aurreikusitako hauteskunde-sistemaren muina.
Gainera, gaur egungo hauteskunde-prozesuaren oinarrizko ezaugarriak ere gorde
egin ditu.
Egitura kontuan hartuta, legeak lau zati
nagusi ditu: lehenengo, bigarren eta hirugarren atala eta indargabetze-xedapena
eta azken xedapenak. Ondoren azalduko dugu zein den horien edukia:
- Berrikuntzaren
lehenengo zatia lehen atalean arautu da, eta bertan, beharrezko aldaketa eta
zuzenketa teknikoak egin dira hauteskundeen euskal legea hobetu eta gaur egun
indarrean dagoen araudira egokitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde
Batzordeak zein ahalmen eta eginkizun izango dituen zehaztu da batez ere, eta
batzorde horren eskumenak bere jurisdikzioaren barrura mugatu dira. Legearen
erreforman hobekuntza teknikoak ere sartu dira, eta baita
hauteskunde-administrazioaren oharrak eta iradokizunak ere. Era berean,
hauteskundeen arloan Konstituzio Auzitegiaren doktrinak interpretazioan
egindako zuzenketak ere kontuan hartu dira, eta baita hauteskundeetako
kontularitza kontrolatzeko prozesuan izandako aldaketak ere, Herri Kontuen
Euskal Epaitegiak eta Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak emandako
oinarrizko gomendioak jarraituta.
- Bigarren zatian lege
honetako berrikuntza nagusia jaso da, bigarren atalean "bozketa
elektronikoaren jardunbidea" arautu delako. Zati honetan, beste batzuen
artean, ondorengoak jaso dira: boto elektronikoaren osagaiak zeintzuk diren;
Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeek
dituzten bermerako gaitasunak -hauteskundeetako software-aren inguruan
hauteskundeen garbitasuna eta gardentasuna bermatzeko-; hauteskunde-mahaiek
dituzten baliabide materialak; botoa eman aurreko eragiketak; botoa emateko
jardunbidearen eta botoak zenbatzeko modu elektronikoaren eta posta bidezko
botoak zenbatzeko moduaren izapideak. Hori guztia hautesleek argi eta erraz
ulertzeko moduan arautu da.
- Berrikuntzaren
hirugarren zatiak posta arruntaren bidez botoa emateko prozedura jasotzen du,
eta, horretarako, aplikatu beharreko arauetara bidaltzen du, hirugarren
atalean.
- Laugarren zatian, azken
xedapenetako lehenengoak ezartzen du 1998. urtean izango diren Eusko
Legebiltzarrerako hauteskundeetan 5/1990 Legean aurreikusitako paper bidezko
boto-sistema erabiliko dela. Horretaz gainera, hurrengo hauteskundeetarako,
gaitasuna ematen zaio Eusko Legebiltzarrari, Jaurlaritzak aldez aurretik
proposaturik, boto elektronikoa zein hauteskunde-barrutitan, sekziotan edo
udalerritan ezarri behar den zehazteko, baita ere boto elektroniko hori eta
paper bidezko botoa bateragarri diren ala ez erabakitzeko eta, hala badagokio,
pixkanaka bozketa elektronikoa ezartzeko.
Bukatzeko, erreforma honekin batera bozketa
elektronikoaren inguruko kontzeptuen definizioak jaso dituen eranskin bat ere
badoa, legearekin diharduenarentzat oso erabilgarria eta argigarria.
1
Atala - Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legean egindako
aldaketak
Ondoren aipatzen diren atal eta xedapenak
-Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legekoak-, ondoren esaten
den moduan geratu dira idatzita:
1.- 4.
ataleko 3. lerroaldeko f) hizkia jarraian datorren moduan idatzi da:
"f) Hausteskunde-administrazioko edozein organotako
kide izatea, eta baita udaletako idazkari izatea eta eskualdeko
hauteskunde-batzordeetako ordezkari izatea".
2.- 5.
ataleko 2. lerroaldeari c) hizkia gehitu zaio, jarraian datorren moduan
idatzita:
"c) Europako Batasuneko sektore publikoan:
- Europako Legebiltzarreko diputatua".
3.- 18.
ataleko 1. lerroaldeko c) hizkia jarraian datorren moduan idatzi da:
"c) Autonomia Erkidegoan bizi diren katedradun,
Zuzenbide, Zientzia Politiko edo Soziologiako irakasle titular -lanean
dihardutenak-, edo aitortutako itzaleko legelari direnen artetik aukeratutako
bost batzordekide, Eusko Legebiltzarrak izendatuta, Legebiltzarrean
ordezkaritza duten alderdi politikoek, federazioek, koalizioek edo
hautesle-taldeek proposatuta".
4.- 18.
ataleko 3. lerroaldea jarraian datorren moduan idatzi da:
"3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde
Batzordeko lehendakariak hauteskunde-batzordeak dituen eginkizunetan jardungo
du bakarrik, hauteskundeen deialdia egiten denetik hautatutakoak aldarrikatu
artean, eta hala, egokitzen bada, baita sortzen diren auzibideez emandako
epaiak betetzen diren arte ere; horien artean sartzen da hauteskundeen
erregimen orokorrean aurreikusitako babes-errekurtsoa, hauteskundeak direla-eta
halakorik aurkezten bada".
5.- 18.
atalaren gaur egungo 3. eta 4. lerroaldeak 4.a eta 5.a izango dira, hurrenez
hurren, aurrerantzean.
6.- 20.
ataleko 2. lerroaldeak eduki hau izango du:
"2.- Eusko Legebiltzarrak beharrezko baliabide
guztiak eskuratuko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari,
batzordeak bere egitekoak egoki burutu ditzan".
7.- 21.
ataleko 1. lerroaldeko b) hizkia honela idatzi da:
"b) Estatutuko Hauteskunde Batzordeak
izendatutako bi batzordekide, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak
proposatuta, lurralde historikoan bizi diren katedradun, Zuzenbide, Zientzia
Politiko edo Soziologiako irakasle titularren, edo aitortutako itzaleko
legelari direnen artetik aukeratuta. Batzordekide horiek hautagaiak zeintzuk
diren aldarrikatu eta gero izendatuko dituzte. Horretarako, barrutian
aurkeztutako hautagai-zerrenden lurralde-ordezkariek batzordekide izateko kargu
horiek beteko dituzten pertsonak zeintzuk izan beharko duten proposatuko dute
denek batera. Proposamen hori ez bada egiten hauteskunde-kanpaina hasi baino
lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak proposatuko du
izendapena".
8.- 21.
ataleko 3. lerroaldea honela geratu da idatzita:
"3.- Lurralde historikoetako
hauteskunde-batzordeetako lehendakariek dagokien hauteskunde -batzordeak dituen
eginkizunetan jardungo dute bakarrik, hauteskundeen deialdia egiten denetik
hautatutakoak aukeratu artean, eta, hala egokitzen bada, baita sortzen diren
auzibideez emandako epaiak betetzen diren arte ere; horien artean sartzen da
hauteskundeen erregimen orokorrean aurreikusitako babes-errekurtsoa,
hauteskundeak direla-eta halakorik aurkezten bada kasuan kasuko barrutian.
Beraz, halakorik gertatzen bada, lege honetako 23.2 atalean aurreikusitako epea
luzatu egingo da".
9.- Gaur
egun 21. ataleko 3. lerroaldea dena atal horretako 4.a izango da aurrerantzean.
10.- 22.
ataleko 1. lerroaldeko b) hizkia honela geratu da idatzita:
"b) Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak
izendatutako bi batzordekide, barruti judizialean bizi diren Zuzenbide,
Zientzia Politiko edo Soziologiako lizentziatuen artetik aukeratuta.
Batzordekide horiek hautagaiak zeintzuk diren aldarrikatu eta gero izendatuko
dituzte. Horretarako, barrutian aurkeztutako hautagai-zerrenden
lurralde-ordezkariek batzordekide izateko kargu horiek beteko dituzten
pertsonak zeintzuk izan beharko duten proposatuko dute denek batera. Proposamen
hori ez bada egiten hauteskunde-kanpaina hasi baino lehen, Euskal Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak proposatuko du izendapena".
11.- 29.
atala honela geratu da idatzita:
"Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen eginkizuna izango da:
a) Hauteskundeetan zehar
askatasun publikoak gauzatzen direla bermatzea.
b) Autonomia Erkidegoko
erakundeen eta Estatuan Autonomia Erkidegoko eremura mugatuta dauden erakundeen
baitako komunikabide publikoetan tarteak dohainik erabiltzeko eskubidea
ezartzea eta bermatzea, eta tarte horiek banatzea hausteskundeen prozesuan
zehar.
c) Lurralde
historikoetako hauteskunde-batzordeek egindako argibide-eskariez erabakitzea
(behartze-indarrekoa izanik) eta bere eskumenekoak diren arloei buruzko
jarraibideak ematea (derrigorrez betetzekoak izango dira).
d) Lurralde
historikoetako hauteskunde-batzordeek hartutako erabakiak ezeztatzea, bere
kabuz edozein unetan, edo interesatuak hala eskatuta lege honen 134. atalean
aurreikusitako epeen barruan, erabaki horiek ez badatoz bat Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak hauteskundeei buruzko legeriatik ateratako
interpretazioaz.
e) Hauteskundeei buruzko
legeria ezartzea dela eta, interpretatzean lurralde historikoetan izango diren
irizpideak bateratzea.
f) Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak proposatuta, hainbat eredu onartzea: eratze-agirienak,
zenbaketen egiaztagirienak eta bilkura-agirienak, bai mahaietakoak nahiz
lurralde historikoko hauteskunde-batzordeenak. Hautetsiak izendatzeko agiria
ere onartuko du. Eredu horiek agirien kopiak berehala egin ahal izatea
ahalbidetu beharko dute, autokopiatu egiten diren dokumentuen bidez edo antzeko
beste jardunbide batzuen bidez.
g) Hausteskundeetako
mahaikideentzako argibideen eskuliburua aztertzea.
h) Arau hauetan esaten
denaz bat edo eskumena ematen dien beste edozein xedapenetan esandakoaz bat
adierazitako kexu, erreklamazio edo errekurtsoez erabakitzea.
i) Hauteskundeetako
eragiketetan modu ofizialean parte hartzen duten pertsona guztien
zigor-jurisdikzioa izatea.
j) Sortzen diren
arau-hausteak zuzentzea, auzitegien esparrukoak ez baldin badira behintzat, eta
egoki iritzitako isunak jartzea, 400.000 pezetara arte.
k) Lege honen 12.2
atalak dioenaren arabera, hauteskundeak egin eta 100 egun igaro ondoren,
ezintasunagatik, uko egiteagatik edo heriotzagatik bakanteren bat izaten bada,
eusko legebiltzarkideei izendapen-agiriak ematea.
l) Legeak edo
hauteskundeen arloko beste edozein arauk emandako gainerako eginkizunak".
12.- 30.
atala honela geratu da idatzita:
"1.- Lurralde historikoko eta eskualdeko
hauteskunde-batzordeek, beren lurralde-eremuan, ondoren aipatzen diren
eskumenak izango dituzte:
a) Hauteskundeetan zehar askatasun publikoak
gauzatuko direla bermatzea.
b) Arau hauetan esaten denaz bat edo eskumena
ematen dien beste edozein xedapenetan esandakoaz bat adierazitako kexu,
erreklamazio edo errekurtsoez erabakitzea.
c) Hauteskundeetako eragiketetan modu ofizialean
parte hartzen duten pertsona guztien zigor-jurisdikzioa izatea.
d) Sortzen diren arau-hausteak zuzentzea,
auzitegien esparrukoak ez baldin badira behintzat, eta egoki iritzitako isunak
jartzea; isun horiek 100.000 pezetara artekoak izan ahal izango dira lurralde
historikoko hauteskunde-batzordearen kasuan, eta 50.000 pezetara artekoak
eskualdeko hauteskunde-batzordeen kasuan. Batzorde horiek, hain larria dela-eta
beren aginpidea gainditzen duten zigorrak dagozkien jokabideen berri izanez
gero, aginte-mailaz beren gaineko duten batzordeari jakinarazi ahal izango
dizkiote, lege honen 66. atalean agindutakoa gertatuz gero salbu.
Gorago aipatzen diren
isunak ez ordaintzea gertatuz gero, dagokion hauteskunde-batzordeak
zor-egiaztapena bidaliko dio Foru Aldundian eskumena duen organoari, isuna
behartze-bidetik ordainarazteko.
e) Legean berariaz aipatzen diren gainerako
eskumen guztiak.
2.- Gainera, lurralde historikoetako
hauteskunde-batzordeek, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak duen
irizpide nagusia kontuan izanda, beste aukera hauek ere izango dituzte:
a) Derrigorrez betetzeko
jarraibideak ematea eskualdeetako hauteskunde-batzordeei, hauteskundeekin
zerikusia duen edozein arlotan.
b) Eskualdeetako
hauteskunde-batzordeek eskatutako argibide guztiez erabakitzea; erabakia
behartze-indarrekoa izango da.
c) Eskualdeetako
hauteskunde-batzordeek hartutako erabakiak indarrik gabe uztea beren kabuz
edozein unetan, edo interesatuak hala eskatuta lege honen 134. atalean
aurreikusitako epeen barruan, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak
egindako interpretazioaz ez baldin badatoz bat erabaki horiek.
d) Eskualdeetako
hauteskunde-batzordeek testuak ulertzeko izango dituzten irizpideak bateratzea
hauteskundeei buruzko edozein arlotan.
3.- Eskualdeko hauteskunde-batzordeak bermatu
beharko du hauteskunde-mahai bakoitzean badaudela botoa emateko beharrezko
tresna eta osagaiak".
13.- 38.
ataleko 1. lerroaldean, argitaratzeko aipatzen den epea "zortzigarren
egunean" izan beharrean "seigarren egunean" izango da.
14.- 38.
ataleko 3. lerroaldearen hasieran, "lurralde historikoko zabalkunde
handieneko egunkarietan ere egingo da", hau esan behar du: "lurralde
historikoko zabalkunde handieneko bi egunkarietan ere egingo da euskaraz eta
gaztelaniaz".
15.- 44.
ataleko 1. lerroaldea honela geratu da idatzita:
"1.- Hautaketak, egin ondorengo hiru egunen
barruan jakinarazi beharko zaizkie doazkienei; jakinarazpenarekin batera,
mahaikideei dituzten eginkizunei buruzko argibideen eskuliburua banatuko zaie.
Mahaiburu eta mahaikide izendatutakoek zazpi egun izango dituzte kargua hartzea
eragozten dien arrazoia agiri bidez eta justifikatuta eskualdeko
hauteskunde-batzordearen aurrean azaltzeko. Batzordeak bost eguneko epearen
barruan hartuko du erabakia, eta, hala badagokio, lehenengo ordezkoari
jakinaraziko dio ordezkapena. Erabaki horren aurka ez da inora jotzerik izango.
Nolanahi ere, lege honetan erabakitakoaren arabera hautaezina izateari
arrazoizko zio iritziko zaio".
16.- 46.
ataleko 3. lerroaldea honela geratu da:
"3.- Dekretuan hauteskundeak zein egunetan izango
diren zehaztu beharko da. Egun horrek deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratzen denetik berrogeita hamalaugarrena izan beharko du.
Hauteskundeen
deialdia egiten duen dekretua argitaratzen den egun berean sartuko da
indarrean".
17.- 47.
atala honela geratu da idatzita:
"1.- Hauteskunde-mahai bakar batean edo batzuetan
baliogabetzea eragiteko moduko irregulartasunak izan eta berriz zatikako
hauteskundeak egiteko, hauteskunde-mahai edo sekzio bateko edo batzuetako
hauteskundeak baliorik gabekotzat jota egon beharko dira epai irmoaren bidez.
Dena den, hauteskunde-mahai, sekzio bakar edo sekzioren batzuetan bozketa
baliorik gabekotzat jotzeak ez du eragingo mahai horietan berriz hauteskundeak
egitea, gune horietako emaitzek ez badute eragiten kasuan kasuko barrutiko
ordezkarien banaketa aldatzea.
2.- Zatikako hauteskundeen deialdia dekretu
bidez egingo da, eta hala erabaki beharko du Jaurlaritzaren Batzarrak epai
irmoaren berri izan eta hurrengo egiten duen lehenengo bileran. Zatikako
hauteskundeak epai irmoa eman den egunetik hasi eta hiru hilabete baino lehen
burutu beharko dira, eta botoa emateko ekintza hutsera mugatu ahal izango
dira".
18.- 54.
ataleko 2. lerroaldea honela geratu da idatzita:
"2.- Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek
agiri guztien kopia bat egin eta Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordera
bidaliko dute. Agiri horien jatorrizkoa lurralde historikoko
hauteskunde-batzordeen zaintzapean geratuko da".
19.- 56.
ataleko 1. lerroaldearen amaieran, "agirisortaren jatorrizko alea"
dioen lekuan, "agirisortaren kopia bat" jarri beharko da.
20.- 68.
ataleko 3. lerroaldea honela geratu da idatzita:
"3.- Eusko Jaurlaritzak, hauteskunde-garaian,
erakunde-kanpaina bat egingo du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko
argibideak emateko eta horietan esku hartzera bultzatzeko. Argibide hauek
emango ditu: bozketak noiz eta non izango diren, hautesleak nortzuk diren,
botoa emateko modua zein den eta postaz nola eman daitekeen botoa, eta
bozketaren inguruko gainerako izapideen berri; dena den, inola ere ez du
eragingo hautesleen botoaren aukeran. Erakunde-kanpaina aurrera eramateko,
Euskal Autonomia Erkidegoaren baitako jabego publikoko komunikabideetako
tarteak erabiliko dira, dohainik, eta baita Autonomia Erkidegora mugatuta
dauden Estatuaren jabetzakoak ere".
21.- 72.
atala honela geratu da:
"1.- Hauteskunde-kanpainan zehar, egunkari eta
irrati pribatuetan iragarkiak kontratatzeko eskubidea izango dute
hautagai-zerrendek, baina iragarki horietan egindako gastuak ezin izango du
lege honen 147.2. atalean alderdi, federazio, koalizio eta haustesle-taldeentzako
gehienez ere jarritako gastu-mugaren %20 baino handiagoa izan.
2.- Hauteskundeetako iragarkien tarifak ez dira
izango merkatuko gainerako iragarkientzat indarrean daudenak baino
garestiagoak, eta hautagai-zerrenden artean ere ez da inolako bereizkeriarik
egingo iragarki horiek sartu edo ez, duen prezioa nahiz kokalekua dela eta.
Gainera, berariaz adierazi beharko da zer diren iragarki horiek.
3.- Ezin izango da hauteskundeen iragarkiak
egiteko telebista pribatuetako tarterik erosi".
22.- 73.
atalari 2. lerroalde berria gehitu zaio, oraingo testua 1. lerroalde gisa
utziz:
"2.- Debekatu egiten da ezein pintada egitea
aurreko lerroaldeko b) letran aipatzen diren toki eta guneen kanpoaldean.
Era berean, honelakorik
ere ez da jartzerik izango:
- Banderatxo, xingola eta antzeko elementurik.
- Eranskailurik, bide-seinale edo
hiri-seinaleztapenerako beste elementuetan.
- Beste inolako propaganda grafikorik, panel,
baranda, murru, lorategi eta abarretan, ez eta kartelik ere, Udalak horretarako
jarritako lekuetatik kanpo.
- Lurrean ezarritako tripode edo antzekorik.
- Ez eta ere bandera edo pankartarik.
Azkenik, debekatuta dago,
orobat, orriak jaurtitzea".
23.- 75.
atala honela geratu da idatzita:
"1.- Ordaindu gabeko irudi bidezko propaganda
egiteko gordetako lekuetatik kanpora -lege honetako 73.1.b) atalean aipatzen
dira leku horiek-, alderdi politiko, hauteskundeetarako federazio, koalizio eta
taldeek baimena eskuratu duten merkataritza-guneetan baino ezin izango dute
kartelik nahiz beste propaganda-modurik jarri.
2.- Hautagai-zerrendek era horretako
iragarkietan ezin izango dute lege honetako 147.2. atalean aurreikusitako
gastu-mugaren %25 gainditu.
3.- 73. atalean agindutakoetarako, udalek,
hauteskundeetarako deia egin eta hurrengo zazpi egunen barruan, iragarkiak
dohainik jartzeko erabilgarri dauden tokiak zeintzuk diren jakinaraziko diote
kasuan kasuko eskualdeko hauteskunde-batzordeari.
4.- Batzorde horrek zuzentasunez banatuko ditu
esandako tokiak, hautagai-zerrenda guztiek toki erabilgarri bakoitzean azalera
berdina eta antzeko baliagarritasuna izateko moduan banatu ere.
5.- Hautagaiak zeintzuk diren adierazi
ondorengo bigarren egunean, batzordeak hautagai-zerrenda bakoitzaren
lurralde-ordezkariari edo haren eskudunari bakoitzaren iragarkietarako gordetako
tokiak zeintzuk diren adierazi beharko dio".
24.- 81.
ataleko 2. lerroaldea honela geratu da:
"2.- Hauteskunde-kanpainan zehar, Euskal Autonomia
Erkidegoaren baitako jabego publikoko komunikabideetako eta Autonomia
Erkidegora mugatuta dauden Estatuaren jabetzako komunikabideetako tarteak
erabili ahal izango dituzte, dohainik, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara
aurkezten diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta taldeek".
25.- 85.
atala honela geratu da idatzita:
"Jabetza
publikoko komunikabideen antolaketak bermatu egingo du komunikabide horiek,
beren informazio-saio guztietan, neutraltasunez eta aniztasun politiko eta
sozialez jokatuko dutela, informazio-askatasunari zor zaion errespetuari
kalterik egin gabe. Nolanahi ere, komunikabide horien administrazio-organoek
hauteskunde-aldian hartutako erabakiak errekurritu ahal izango dira Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean".
26.- 87.
ataleko 8. lerroaldea honela geratu da:
"8.- Hauteskundeen deialdia egiten denetik bozketa
egin baino bost egun lehenagora arteko epean, administrazio publikoen baitako
erakunderen batek boto-asmoari buruzko inkestaren bat edo hauteskundeetarako
sondeoren bat egiten badu, azterketa horien emaitzen berri hauteskundeetan
parte hartuko duten erakunde politikoei eman beharko zaie eskabidea egiten
dutenetik berrogeita zortzi ordu igaro baino lehen. Horretarako, inkesta edo
sondeoa egin duen erakundeak dena delako azterketa egin dela jakinarazi beharko
dio Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari, azken horrek azterketen berri
eman diezaien hautagai-zerrenden ordezkari orokorrei. Horrela, ordezkari horiek
inkesta edo sondeoak eskatu ahal izango dituzte".
27.- 92.
ataleko 5. lerroaldea honela geratu da:
"5.- Artekari
bakoitzari buruzko orri-talona-rioak bost orrikoak izango dira: bata,
jatorrizkoa, ordezkariak edo honen izenekoak gorde dezan; bigarrena artekariari
emango zaio izendapen-agiri gisa erabiltzeko; hirugarrena eta laugarrena kasuan
kasuko eskualdeko hauteskunde-batzordera bidaliko dira, batzordeak horietako
bat artekariak kide diren hauteskunde-mahaira bidal dezan eta bestea botoa
emateko eskubidea duten mahaira bidal dezan, bertako hautatzaile-zerrendatik
kentzeko; bosgarrena, berriz, kasuan kasuko eskualdeko hauteskunde-batzordearen
eskuetan geratuko da".
28.- 92.
ataleko 7. lerroaldearen amaieran, "aldaki" hitzaren ondoren
"erabilgarria" hitza gehituko da.
29.- 94.
ataleko 3. lerroaldearen amaieran, "aldaki" hitzaren ondoren
"erabilgarria" hitza gehituko da.
30.- Honela
geratu dira idatzita 105. ataleko 1. eta 3. lerroaldeak:
"1.- Botoa emateko eskubidea dagoela egiaztatzeko,
erroldako egiaztatutako zerrendetan agertu edo erroldako berariazko
egiaztagiria behar izango da, eta bi kasu horietan, gainera, hautesleak nor den
erakutsi beharko du Nortasun Agiri Nazionalaren bidez, pasaportearen bidez edo
jabearen argazkia duen gidatzeko baimenaren bidez".
"3.- Atal honetako 1. lerroaldean aipatzen diren
erroldako egiaztatutako zerrendetan, botoa emateko egunean adinez nagusiak
diren hautesleak baino ez dira agertuko".
31.- 106.
atalari 4. lerroalde berria gehitu zaio, jarraian datorren moduan:
"4.- Artekari edo eskudunek erreklamazioren bat
egiten baldin badute bozketako edozein ekintza dela-eta, eta horrek hautesleek
botoa emateko duten eskubide aktiboa ez gauzatzea eragiten baldin badu, mahaiak
gehiengoaren bidez erabakiko du, eta baita bilkura-agirian jasota utzi ere
erabakitakoa eta zein izan den erreklamazioaren arrazoia".
32.- 111.
atalean, "...beren botoaz galderarik egiterik ere izango,..."
esaldiaren ondoren, honako hau gehitu da: "botoa eman aurretik".
33.- 115.
ataleko e) hizkian esaten dena kendu egin da.
34.- 116.
ataleko azken aipamen gisa ondorengoa gehitu da:
"Eta,
era berean, zuritzat baina baliozkotzat joko dira hauteskunde-barrutitik legez
erretiratutako hautagai-zerrendari emandako botoak".
35.- 120.
ataleko 1. lerroaldean bi letra berri gehitzen dira:
"1.- Ekarritako eta hauteskunde-erroldan alta
diren errolda-ziurtagiri berezien zenbatekoa.
2.- Ekarritako epai judizialen zenbatekoa".
36.- 125.
atalean 1. lerroaldea berria izango da, ondorengoa:
"1.- Lurralde historikoko hauteskunde-batzorde
bakoitza idazkariak bere eginkizunak aurrera eramaten dituen egoitzan bilduko
da, hautagai-zerrenden ordezkariekin edo haien eskudunekin. Lehendakariak
batzordea sortzeko agiria idatziko du eta berak, mahaikideek eta idazkariak
izenpetuko dute, eta baita hautagai-zerrenden ordezkariek edo behar bezala
egiaztatutako haien eskudunek".
37.- Orain
arte 125. ataleko 1, 2, 3 eta 4. lerroaldeak izan direnak aurrerantzean 2, 3, 4
eta 5.a izango dira.
38.- 126.
ataleko 7. lerroaldea honela geratu da:
"7.- Batzordeak ezin izango du agiririk ez botorik
baliorik gabe utzi. Dituen eskumenak mahai bakoitzean onartutako botoen kontaketa
egiaztatzera mugatuko dira, mahaiek hartutako erabakiak kontuan izanda eta
agirietan jasotakoaren arabera (horiek ezean, agiri horien egiaztagirietan
esaten dena hartuko da kontuan). Dena den, salbuespena izango dira hurrengo
atalean jasotako egoerak, baina akats material soilak, egitezko akatsak eta
aritmetikakoak baino ezin izango dira zuzendu".
39.- 127.
atalaren 2. lerroaldea honela geratu da idatzita:
"2.- Era berean, batzordeak ez ditu botoak
zenbatuko hautesleen erroldak mahaiari izendatutako hautesleak baino gehiago
baldin badira boto horiek, aurkeztutako erroldako egiaztagiriak edo
epaitegietako epaiak direla medio gehitu beharrekoak gehituta gero. Salbuespena
izango dira artekariek emandako botoak, eta akats materialak, egitezkoak eta aritmetikakoa
izatea, eta kasu horretan zuzendu egingo dira".
40.- 128.
atala honela geratu da idatzita:
"1.- Botoen batuketa orokorra amaitzen denean,
lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak kasuan kasuko hauteskunde-barrutiko
zenbaketa-egiaztagiria idatziko du, eta ondorengo datuak jaso beharko dira,
berariaz, egiaztagiri horretan:
a) Mahaiari zenbat hautesle dagozkion
hauteskunde-erroldako zerrendetan esaten denaren arabera.
b) Erroldako zenbat egiaztagiri berezi aurkeztu
diren, hauteskunde-erroldan alta direla erakusteko.
c) Epaitegietako zenbat epai aurkeztu diren.
d) Zenbatek
eman duten botoa.
e) Zenbat boto izan diren baliorik gabekoak.
f) Zenbat boto izan diren zuriak.
g) Hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto
eskuratu dituen.
2.- Aurreko pausoa eman ondoren, bilkura-agiria
ere idatziko da, bertan jasotzeko bozketa orokorra egitean izandako gorabehera
guztiak. Bilkura-agiria eta zenbaketa-egiaztagiria lehendakariak, mahaikideek
eta hauteskunde-batzordeko idazkariak izenpetuko dute, eta baita
hautagai-zerrenden ordezkariek edo behar bezala egiaztatutako haien eskudunek.
3.- Boto-bilketa amaitzen denean, ordezkariek
eta haien eskudunek egun bateko epea izango dute erreklamazioak eta kexuak
adierazteko. Erreklamazio eta kexu horiek hauteskunde-mahaien bilkura-agirietan
edo hauteskunde-batzordearen zenbaketa orokorraren bilkura-agirian jasotako
gorabeherei buruzkoak baino ezin izango dira izan. lurralde historikoko
hauteskunde-batzordeak bi egun izango ditu horietaz erabakitzeko.
4.- Aurreko lerroaldean aipatzen den erabakiaren
aurka hautagai-zerrenden ordezkariek edo haien eskudunek errekurtsoa aurkeztu
ahal izango dute lurralde historikoko hauteskunde-batzordearen aurrean egun
bateko epean. Errekurtsoa aurkeztu eta biharamunean, hauteskunde-batzordeak
espedientea -txosten eta guzti- Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordera
bidaliko du. Bidaltze hori agintzen duen erabakia, bidalketa egin eta gero,
barrutian parte hartu duten hautagai-zerrenden ordezkariei jakinaraziko zaie,
eta baita dei egin ere Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean
agertzeko hurrengo egunean. Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak, aldeek
diotena gehienez ere bi eguneko epearen barruan entzun ondoren, errekurtsoari
buruzko erabakia hartuko du hurrengo egunean. Gero, erabaki horren berri emango
dio kasuan kasuko lurralde historikoko hauteskunde-batzordeari, hautatutakoak
izendatzeko".
41.- 129.
atalari 1. lerroalde berria gehitu zaio:
"1.- Aurreko ataleko hirugarren eta laugarren
lerroaldeetan aurreikusitako epeak igaro eta ez bada erreklamaziorik edo
kexurik agertu boto-zenbaketa orokorragatik, edo aurkeztutakoei buruz Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak erabakia hartuta baldin badu, lurralde
historikoko hauteskunde-batzordeek hautetsiak izendatuko dituzte hauteskundeen
egunetik hogei egun igaro baino lehen. Horretarako, hautagai-zerrendei
dagozkien aulkiak banatuko dira, lege honetako 11. eta 12. ataletan
aurreikusitako banaketa-arauez bat".
42.- 129.
atalean orain arte 1, 2, 3, 4 eta 5. lerroaldeak izan direnak aurrerantzean 2,
3, 4, 5 eta 6.a izango dira, eta honela geratu dira idatzita:
"2.- Gorago aipatutako eginkizun guztiak amaitu
ondoren, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak izendapenen agiria
idatziko du, bi kopiatan, eta lehendakariak, idazkariak eta une horretan bertan
diren hautagai-zerrenden ordezkariek edo haien eskudunek izenpetuko dituzte.
3.- Agiri horren aleetako bat
hauteskunde-batzordean geratuko da artxibatuta, horretarako irekitako
espedientean, eta jatorrizkoa, berriz, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde
Batzordera bidaliko da.
4.- Izendapenen agirian datu hauek idatzi
beharko dira:
a) Hautesleak zenbat izan diren.
b) Botoa zenbat pertsonak eman duen.
c) Baliorik gabeko zenbat boto izan diren.
d) Balio duten zenbat boto izan diren.
e) Zenbat boto zuri izan diren.
f) Hautagai-zerrendek
zenbat boto eskuratu dituzten.
g) Hautagai-zerrenda
bakoitzak zenbat boto eta aulki eskuratu dituen.
h) Izendatutako
hautetsien izenen zerrenda.
5.- Izendapenen
agirian, izandako erreklamazioak nahiz kexuak eta horiei buruz hartutako
erabakiak jasoko dira, eta baita Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen
aurrean aurkeztutako errekurtsoa (halakorik egon bada) eta horretaz hartutako
erabakia.
6.- Izendapenen
agirien egiaztatutako kopiak egingo dira eta hautagai-zerrenden ordezkariei edo
eskudunei edo artekariei banatuko zaizkie, eskatzen baldin badituzte. Hautagai-zerrenda
bakoitzari ezin izango zaio agiri edo egiaztagiri bat baino gehiago eman".
43.- Orain arte 129. ataleko 6, 7 eta 8.
lerroaldeak izan direnak aurrerantzean 7, 8 eta 9.a izango dira, hurrenez
hurren.
44.- 132.
atalean, "lege honen 29.f) eta 30.2 ataletan" dioen lekuan,
aurrerantzean "lege honen 29.j) eta 30.1.d) ataletan" esan beharko
du.
45.- 136.
ataleko 2. lerroaldean "lege honen 30.2 atalean" dioen lekuan,
"lege honen 30.1.d) atalean" esan beharko du aurrerantzean.
46.- 138.
ataleko 5. lerroaldea honela geratu da:
"5.- Administratzaile orokorrak argibideak eman
beharko ditu Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordean, alderdi, federazio,
koalizio edo taldeek eta horien hautagai-zerrendek izandako diru-sarrerak eta
egindako gastu guztiak direla eta. Era berean, aurrekoen kontularitzari buruzko
erantzukizuna ere izango du; kontularitza horretan, gutxienez, lege honetako
140. ataleko 1. lerroaldean aurreikusitako zehaztasun guztiak jaso beharko
dira".
47.- 140.
ataleko 1. lerroaldean, "kontaduritza zehatza egin beharko dute"
dioen esandiaren ostean, ondorengoa gehituko da: "eta kontaduritza hori
indarrean dagoen Kontaduritzako Plan Orokorrean jasotako printzipio orokorren
araberakoa izango da kasu guztietan".
48.- 140.
ataleko 2. lerroaldeko azkenengo zatian "hauteskunde-eguna artekoan"
dioen lekuan "hautetsiak izendatu arte" jarri behar da.
49.- 143.
ataleko 3. lerroaldea honela geratu da:
"3.- Dirua alderdiek jartzen dutenean, jarritako
diru hori nondik datorren adierazi beharko da, eta, kasua bada, diru hori eman
duen kontuaren finantza-erakundeko kontu-zenbakia zein den ere adierazi beharko
da".
50.- 144.
atalari 1. lerroalde berria gehitu zaio, eta honela geratu da:
"1.- Eusko Jaurlaritzak hauteskundeetako
diru-laguntza publikoen bi aurrerakin emango ditu, bata kanpainako lehenengo
egunaren aurretik, eta bestea bozketa ondoren".
51.- Orain
arte 144. atalaren 1, 2, 3, 4 eta 5. lerroaldeak izan direnak atal horren
berorren 2, 3, 4, 5 eta 6. lerroaldeak izango dira aurrerantzean.
52.- 144.
atalari 7 eta 8. lerroaldeak gehitu zaizkio. Hau diote:
"7.- Hauteskundeak izan ondoren, eta Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordean hauteskundeetako diru-kontuak aurkezteko epea
amaitu eta hamabost egun igaro baino lehen (lege honen 149. atalean aipatzen da
hori), Ogasuneko ardura duen Sailak administratzaile orokorrei
hautagai-zerrendei dagokien diru-laguntzen 100eko 90 ordainduko die, bigarren
aurrerakin gisa, beti ere hauteskundeetan izandako emaitzak kontuan izanda.
Emaitza horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta egon
beharko dute eta laguntzei, kasua bada, atal honetako 2. lerroaldean aipatzen
den aurrerakina deskontatu egingo zaie.
8.- Bigarren aurrerakina Ogasunean ardura hori
duen Sailean eskatu beharko dute kasuan kasuko administratzaile orokorrek, eta
hauteskundeetan aurkeztu den alderdi, federazio, koalizio edo taldeari azkenean
dagokion diru-laguntzaren zenbatekotik deskontatuko da. Alderdi, koalizio eta
federazioek aurrerakin hori eskuratu nahi baldin badute, eskabideaz batera,
aurreratuta eskuratutako diru-laguntza osoaren 100eko 10eko bermea aurkeztu
beharko dute, finantza-erakundeek emanda. Izan ere, Idazpuru honetako V.
atalburuan eta lege honetako 80.3 eta 154. ataletan aurreikusitakoaz bat,
beharbada deskontu batzuk izango dituztenez laguntzetan, horiei aurre egiteko
gauza izan behar dute".
53.- 146.
ataleko lehenengo lerroaldean "hauteskunde-eguna artekoan" dioen
lekuan, horren ordez "hautetsiak izendatu arte" jarri behar da.
54.- 148.
atala honela geratu da idatzita:
"1.- Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak
eta lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeek idazpuru honetako ataletan
jasotako atalak betetzen direla zainduko dute. Gai hori dela eta, Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen eginkizuna izango da hauteskundeetako
kontularitza kontrolatzea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren laguntzarekin.
Lurralde
historikoko hauteskunde-batzordeek, kasua bada, idazpuru honetan jasotako
arauak bete diren edo ez jakinarazi ahal izango diote Autonomia Erkidegoko
Hauteskunde Batzordeari, hauteskundeak izan eta hurrengo ehun egunen barruan.
2.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiak proposatuta,
hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendek zein kontrolbide
jarraituko duten eta zer-nolako agiriak aurkeztu beharko dituzten jakiteko
jarraibideak eman ahal izango ditu Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak.
Era berean, kontularitzako zein irizpide jarraitu ere erabaki ahal izango du,
Kontularitzako Plan Orokorrean esaten denaz bat.
Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak idatziz erabaki beharko du hautagai-zerrenden
administratzaile orokorrek egindako argibide-eskari guztiez.
3.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiak,
kontrolatzea bere eginkizuna denez, hautagai-zerrenden administratzaile
orokorrei kontularitzari buruzko informazioa edo hauteskundeetako jarduerei
buruzko informazioa eskatu ahal izango die, beharrezkoa dela iruditzen bazaio.
4.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen
dituen datuak eman egin beharko dizkiote erakunde publiko eta pribatuek,
kontrol-lana aurrera eraman ahal izateko, bere eginkizuna baita.
5.- Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak
hautagai-zerrenden administratzaile orokorrek aurkeztutako datuak benetakoak
diren edo ez jakiteko ikerketak egin ahal izango ditu, eta Herri Kontuen Euskal
Epaitegiak ere gauza bera egin ahal izango du, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde
Batzordeak horretarako baimena ematen baldin badio.
6.- Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak
edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak hauteskundeetako kontularitza aztertzeko
aurrera eramandako ikerketak direla-eta hauteskundeetako delituren baten
zantzua dagoela uste bada, Ministerio Fiskala jakinaren gainean jarriko dute,
egoki iritzitako neurriak har ditzan".
55.- 149.
atala honela geratu da:
"1.- Aulkiren bat eskuratu duen edo
hauteskundeetako diru-laguntzen aurrerakinen bat eskatu duen
hautagai-zerrendako administratzaile orokorrak, hauteskundeak izan eta hurrengo
hirurogei egunak igaro baino lehen, kontularitza zehatz eta agirien bidez
frogatutakoa aurkeztu beharko du Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen
egoitzan.
Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak Herri Kontuen Euskal Epaitegira bidaliko du
informazio horren kopia bat.
2.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiak hirurogei
eguneko epea izango du aurkeztu dizkioten agiriak aztertzeko; horren inguruan,
hautagai-zerrenden administratzaile orokorrari edozein agiri eskatu ahal izango
dio, kontularitzari buruz emandako datuak agiri bidez justifikatzeko eta baita
lege honen 142.3 eta 4. atalean erabakitakoa betetzeko.
Era
berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak hautagai-zerrendekin harreman
ekonomikoak izan dituzten hirugarrenei dei egin ahal izango die, dagoen
informazioa benetan hala den baieztatzeko edo informazio hori osatzeko.
3.- Hauteskundeak izan eta hurrengo ehun eta
hogei egunak igaro baino lehen, hauteskundeetako kontularitzei buruzko eta
horietan ageri diren diru-sarrera eta gastuen egiaztapenei buruzko motibatutako
irizpena emango du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Irizpen horretan adieraziko
du hauteskundeen kontuetan diru-sarreren eta gastuen arteko harremana
justifikatuta dagoela; edo justifikatu gabeko diru-sarrerak daudela nahiz
murriztutako gastu-partidak daudela. Azken horien kasuan, hauteskundeetako
arauak hautsi egin direla erabakiko du. Hori dela eta, dena delako alderdi,
federazio, koalizio edo taldeak hauteskundeetako diru-laguntzarik ez jasotzeko
edo gutxiago jasotzeko proposatu ahal izango du, idazpuru honetako VII.
atalburuan aurreikusitakoaz bat.
4.- Aurreko lerroaldean aipatzen den irizpenaren
berri hautagai-zerrenda bakoitzeko administratzaile orokorrari jakinaraziko dio
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, eta baita hamabost eguneko epea eman ere
alegazioak aurkezteko".
56.- 150.
atala honela geratu da idatzita:
"1.- Goian aipatutako irizpena eta horri dagozkion
alegazio eta proposamenak Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordera bidaliko
ditu Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.
2.- Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak
administratzaile orokorrak aurkeztutako alegazioez erabaki eta gero, aulkiren
bat lortu duten hautagai-zerrendei hauteskundeetako diru-laguntzetatik zenbat
dagokien erabaki eta argitaratuko du, hauteskundeak izan eta ehun eta laurogei
egun igaro baino lehen, lege honetako hurrengo atalean erabakitakoaz bat.
3.- Hauteskundeetako diru-laguntzak zenbatekoak
diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, Eusko
Jaurlaritzak, Ogasunaren ardura duen Sailaren bidez, diru-laguntza horien
zenbatekoa ordainduko die, jasotzeko eskubidea duten hautagai-zerrendetako
administratzaile orokorrei, 80.3, 144.5 eta 8 eta 154. ataletan esaten dena
kontuan eduki beharko bada ere".
57.- 151.
ataleko 1. lerroaldearen ordez ondorengo testua jarri da, lehengo 2 eta 3.
lerroaldeak orain 3.a eta 4.a direlarik.
"1.- Euskal Autonomia Erkidegoak
hauteskunde-gastuetarako diru-laguntzak emango dizkie alderdi politikoei,
federazioei, koalizioei eta hauteskunde-taldeei, ondorengo arauen arabera:
a) Eusko Legebiltzarrerako lortutako eserleku
bakoitzagatik hiru milioi pezeta.
b) Hautagai-zerrenda bakoitzak ateratako boto
bakoitzeko ehun pezeta, beti ere zerrendakide batek gutxienez dagokion
barrutian eserleku bat lortu badu.
c) Bost milioi pezeta hauteskunde-barrutiko,
hauteskunde-barrutiko gutxienez eserleku bat lortu dutenei.
2.- Aurreko zenbakian aipatutako diru-laguntzak
ez ezik, hauteskunde-gastuetarako ere dirulaguntzak emango dira, hautesleei
zuzenean eta pertsonalki propaganda, kartazalak eta boto-paperak edo beste
edozein hauteskunde-iragarki bidali izateagatik, ondorengoaren arabera:
a) Hautesleko hogeita bost pezeta ordainduko
dira kasuan kasuko hautagai-zerrenda aurkeztu den eta eserleku bat lortu duen
barruti bakoitzean.
b) Diru-laguntza ez da egongo lege honetako 147.
atalean aurreikusitako mugaren pean, beti ere zenbaki honetan aipatzen den
jardunaren benetako harremana justifikatu denean".
58.- Xedapen
gehigarrietako lehenengoari beste atal bat, hirugarrena, erantsiko zaio. Honela
dio:
"3.- 20.3. eta 132 Bigarren III. ataletan
jasotakoaren arabera sortutako gastuak Eusko Legebiltzarreko
aurrekontu-atalaren gastuen egoeraren kontura finantzatuko dira".
59.- Xedapen
gehigarrietako laugarreneko testuak orain "bost egun" dio, baina
"zazpi egun" behar du.
60.- Azken
xedapenei beste bat, laugarrena, erantsiko zaie. Honela dio:
"Eusko
Jaurlaritzak ahalmena du lege hau garatzeko egoki iritzi dituen xedapenak
emateko".
II
Atala - Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen V.
idazpuruan beste atalburu bat eranstea, X. atalburua hain zuzen. Honela du
izena: "Bozketa elektronikoari dagokion jardunbidea"
Bozketa elektronikoari dagokion
jardunbidea Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990
Legearen V. idazpuruan erantsitako atalburu batean arautu da, X. atalburuan
hain zuzen, ondoren adierazten den modura. Hala ere, bigarren atal honetan
aurreikusten ez den guztirako, orain indarrean dagoen Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzko Legean ezarritakoa izango da aplikaziokoa.
"132.
Atala - Bigarrena.- Boto elektronikoari dagozkion elementuak, Biltzar Nagusien
eta Eusko Jaurlaritzaren eskurantzak eta alderdi, federazio, koalizio eta
taldeen partaidetza
I.- Honako elementu hauek sartzen dira boto
elektronikoaren sisteman:
a) Banda magnetikoa duen
bozketa-txartela.
b) Hautestontzi elektronikoa.
c) Botoa emateko pantaila.
d) Hauteskunde-kabina.
e) Softwarea edo
hauteskundeetako programa informatikoa.
II.-
1.- Hautestontzi elektronikoaren eta botoa
emateko pantailaren hauteskunde-softwarea honako hau da: programa informatikoen
multzoa hautestontzia ireki eta ixteko, mahaiak balioztatutako banda magnetikoa
duten txartelen bidez botatzeko, hautestontzian erregistratutako banda
magnetikoa duten txartel-kopurua kontrolatzeko, botoak zenbatzeko eta mahaiko
hauteskunde-emaitzak jakinarazteko; eta hori guztia lege honen arabera egiteko
aukera eman behar dute.
2.- Horrezaz gain, hauteskundeetako softwareak
ondoren adierazten diren datu hauek eduki beharko ditu hauteskunde-barruti
bakoitzeko:
a) Hauteskunde-prozesuaren eguna.
b) Aldarrikatutako hautagai-zerrenda bakoitzaren izena eta, hala
egokituz gero, sigla eta sinboloa; baita boto zuria emateko aukera eta boto
baliogabea ematekoa ere, lege honetako 132. Laugarren I.2
atalean azaltzen den modura.
c) Hautagaien izenak,
aldarrikatutako hautagai-zerrendan azaltzen diren hurrenkeran; ez dira ordezko
hautagaiak sartuko.
3.- Halaber,
hauteskunde-mahaietarako, mahai bakoitzaren identifikazioa eta kokapena edukiko
du. Honako datu hauek azalduko dira: lurralde historikoa, udala, barrutia,
sekzioa eta mahaia; bai eta hautesleen kopurua, boto emaileen kopurua, boto
baliogabeen kopurua, boto zurien kopurua eta hautagai-zerrenda bakoitzak
eskuratutako boto-kopurua ere, aldarrikatutako hurrenkeraren arabera.
Hautagai-zerrenda bakoitzaren izena eta siglak adieraziko dira.
III.-
1.- Boto
elektronikoaren hauteskunde-softwarean hauteskunde-mahai bakoitzeko bozketaren
eta boto-zenbaketaren gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatu ahal izateko,
Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak honako hauek egin beharko
ditu:
a) Lege honetako 132. Zazpigarren I. a) atalean aipatutako
hauteskunde-softwarearen funtzionamendu-baliozkotasuna onartu, aurreko 132. Bigarren
II. 1. eta 3. ataletan zehaztutakoei dagokienez.
b) Onartutako
hauteskunde-softwarea, aurreko atalean aipatutakoa, hauteskunde-mahai
bakoitzerako egokitu.
c) Aipatutako
hauteskunde-software egokitua egon egongo dela eta eskualdeko
hauteskunde-batzordeetara eta mahaietara banatuko dela ziurtatu, euskarri
magnetikoan eta behar adina kopia, lege honetako 132. Hirugarren. II. 1.
atalean aurreikusten dena bete dadin.
d) Hauteskundeen ondoren
hauteskunde-softwarearen euskarri magnetikoak jaso, eta amaieran euskarri
horiek hautsi egingo direla ziurtatu.
e) Legeak edo bestelako
xedapenek hauteskunde-softwareaz agindutako beste edozein egiteko.
2.- Lurralde
historikoko hauteskunde-batzordeek onartuko dute beren barrutiei dagokien
hauteskunde-softwarearen baliozkotasuna, lege honetako 132. Bigarren II. 2.
atalean aurreikusten diren xehetasunei dagokienean. Lurralde historikoko
hauteskunde-batzordeek onartuko dute, halaber, banda magnetikoa duen
bozketa-txartelaren eredu ofiziala, IV. azpiatalean adierazten den dekretuko
irizpideetan ezarritakoaren arabera.
3.- Hauteskunde-batzordeek
Eusko Legebiltzarreko informatika-zerbitzuaren laguntza izango dute 1. eta 2.
puntuetan azaldutako egitekoak gauzatu ahal izateko, informatika-zerbitzu hori
baita laguntzeko eta aholkuak emateko organoa.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko
Hauteskunde Batzordeko bileretan parte hartuko du Eusko Legebiltzarreko
Informatika Zerbitzuko arduradunak; arduradunak hitza izango du, baina botorik
ez. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek, halaber, eskatu ahal izango
dute aipatu berri dugun zerbitzuko arduradunak beren bileretan parte hartzea,
hitzarekin baino botorik gabe, egoki irizten dutenean. Arduraduna joatea
ezinezkoa bada ordezkoren bat bidaliko da.
4.- Aldarrikatutako
hautagai-zerrenda bakoitzeko ordezkari nagusiak edo berak izendatutako
informatikako aditu batek eskuratu ahal izango du Autonomia Erkidegoko
Hauteskunde Batzordetik, behin betiko onartu baino lehen, lege honetako 132.
Bigarren II. atalean araututako hauteskunde-softwarearen funtzionamendu onari
buruzko informazioa. Hauteskunde Batzorde horrek zehaztuko du horretarako
prozedura egokia zein den.
IV.-
1.- Eusko
Jaurlaritzak dekretu bidez zehaztuko ditu bozketa elektronikorako eredu
ofiziala, eta atal honen I. zenbakian aipatutako elementuek eta
ekipamendu-gailuek -hauteskunde-mahai bakoitzak izan beharrekoak finkatuz- izan
beharreko ezaugarri teknikoak eta homologatzeko baldintza orokorrak ezarriko
ditu, era horretan lege honek bozketarako ezarritako fidagarritasun, segurtasun
eta isilpekotasun eskakizunak bete ditzaten.
Dekretuan ezarriko dira, halaber,
hauteskunde-kabinen ezaugarriak eta lege honetan aurreikusten diren
hauteskunde-agiriak nolakoak izango diren, eta nola inprimatu, prestatu eta
banatuko diren.
2.- Eusko
Jaurlaritzaren egitekoa izango da, Herrizaingo Sailaren bitartez, hauteskunde-mahai
bakoitzerako hautestontzi elektronikoa, botoa emateko pantaila eta
hauteskunde-kabina izango direla eta bozketa hasi baino gutxienez ordubete
lehenago banatuko direla ziurtatzea.
3.- Herrizaingo
Sailak, ez beste inork, prestatu eta banatuko ditu banda magnetikoa duten
bozketa-txartelak, hauteskunde-agiriak eta beharrezkoak izan daitezkeen
gainerako elementuak, hauteskundeetako softwarea izan ezik, 1. puntuan aipatu
den dekretuan ezarritako moduan eta momentuan. Ziurtatu behar du elementu
horiek guztiak eskualdeko hauteskunde-batzordeei emango zaizkiela, gero
hauteskunde-mahaietara bidali ahal izateko.
V.- Euskal
Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan azalduko dira hauteskunde-mahai
bakoitzeko hautestontzi elektronikoko softwarean eta botoa emateko pantailetan
dauden mezuak, eta bai hauteskunde-agirietako testua ere".
"132.
Atala - Hirugarrena - Mahaietako baliabideak eta bozketa elektronikoaren
aurretik egin beharreko eragiketak
I.-
1.- Hauteslekutzat
jotzen da hauteskunde-mahai bakarra kokatzen den hautategi batean dagoen
esparrua, agindu honetan eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko
5/1990 Legearen 38.1, 132. Laugarren eta 132. Bosgarren ataletan aurreikusten
den eraginetarako.
2.- Hauteskunde-mahai
bakoitzak hautestontzi elektroniko bi izango du, bata elektronikoa eta bestea
posta bidezko botorakoa bozketa paper eta kartazalekin, hauteskunde-kabina bat,
gutxienez, edo, kabinarik izan ezean, hautesleari isolatzeko aukera emango dion
lekuren bat, botoa emateko pantaila batekin.
3.- Bozketa
elektronikoa egin ahal izateko elementu eta ekipamendu-gailu guztiez gain,
hauteskunde-mahaiak agiriak eta beharrezkoa den gainerako dokumentazioa eduki
beharko ditu, eta bai hautesle-erroldaren zerrenda ziurtatua ere.
4.- Hauteskunde-mahaia
eratzeko unean edo eratu ondoren hautalekuan elementu horietakoren bat ez
badago, mahaiburuak berehala jakinaraziko dio eskualdeko
hauteskunde-batzordeari, falta diren gauzak ekar ditzan.
5.- Hautategi
bakoitzak dagokion hauteskunde-barrutian aldarrikatutako hautagaien eta
hautagai-zerrenden izenak jasotzen dituen boletin ofizialaren ale bat edukiko
du, hautesleek ikusteko moduan. Horren xedea informazioa ematea besterik ez da.
II.-
1.- Bozketa
hasi aurretik, hauteskunde-mahai bakoitzeko mahaiburuak hauteskunde-softwarea
eta bozketa elektronikoa egiteko beharrezkoak diren elementuak eskuratuko ditu,
kartazal prezintatu batean. Kartazal horretan dagokion mahaiaren identifikazioa
idatzita egongo da eta mahaiburuari emango zaio. Mahaiburuak jaso izanaren
agiria izenpetu beharko du.
Elementuren bat ez egon arren, bozketa
hasi baldin badaiteke, mahaiburuak bozketari hasiera emango dio, baina
gora-behera horren berri eman beharko dio eskualdeko hauteskunde-batzordeari,
falta diren elementuak ekar ditzaten.
2.- Hori
eta gero, mahaiburuak hautestontzi elektronikoa irekiko du eta banda magnetikoa
duten txartelak gorde behar dituen kutxa hutsik dagoela egiaztatuko du.
Ondoren, hautestontzia prezintatu edo irekitzeko gailua blokeatu egingo du.
3.- Horren
ostean, mahaiburuak bozketa elektronikoa hasi ahal izateko eragiketak gauzatuko
ditu: hautestontzi elektronikoa eta botoa emateko pantailak aktibatuko ditu,
eta guztia prest egongo da bozketa hasteko".
"132.
Atala - Laugarrena - Bozketa elektronikoa
I.-
1.- Hautesleak
banan-banan inguratuko dira dagokien mahaira eta mahaikideetako batek banda
magnetikoa duen bozketa-txartel balioztatu bana emango die.
2.- Hori
eta gero, hauteslea kabinara sartuko da eta botoa emateko pantailan banda
magnetikoa duen bozketa-txartela sartuko du, nahi duen aukera egin dezan.
Horretarako, dagokion hauteskunde-barrutiko hautagai-zerrenden izenak, siglak
eta sinboloak azalduko dira pantailan. Lerroka ipiniko dira, ezkerretik
eskuinera, aldarrikatu diren hurrenkerari jarraituta. Boto zuria eta baliogabea
emateko aukerak ere azalduko dira, azken lerroetan.
3.- Aukera
egin ondoren, botoa emateko pantailan hautatutako hautagai-zerrenda azalduko
da, bertan aldarrikatutako hautagaiekin. Hautesleak egindako aukera baieztatu beharko du. Baieztatu nahi ez badu,
hautesleak beste aukeraren bat egin ahal izango du.
Aukera
baieztatu ondoren, hautatu den botoa banda magnetikoa duen txartelean grabatuko
da. Botoa emateko pantailak txartel hori itzuli egingo du hautesleak eskura
dezan.
4.- Ondoren,
hauteslea hautestontzi elektronikoa dagoen tokira joango da eta bere
izen-abizenak esango dizkio mahaiburuari. Mahaikideek eta artekariek erroldako
zerrendaren ale egiaztatua edo aurkeztutako errolda-egiaztagiria ikusi ahal
izango dute, boto-emailearen izen-abizenak badauden eta nortasuna zein duen
egiaztatzeko. Nortasun Agiri Nazionala edo Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 105. atalean adierazten diren agiritakoren
bat aurkeztuta justifikatzen da nortasuna.
5.- Hori
eta gero, hautesleak banda magnetikoa duen txartela mahaiburuari eskura emango
dio eta mahaiburuak guztien begibistan "botoa eman du" edo
"vota" esango du eta banda magnetikoa duen txartela hautestontzi
elektronikoan sartuko du, hantxe geratuko delarik behin hauteskunde-softwarean
daraman informazioa euskarri magnetikoan erregistratu eta gero. Erregistro
horien segida zoriaren araberako prozedura baten bidez zehazten da.
6.- Banda
magnetikoa duen txartela hautestontzian sartu ondoren, hautesleak botoa eman
duela ipiniko dute mahaikideek mahaiko hautesle-erroldaren zerrenda
egiaztatuan. Hautesle guztiek izango dute eskubidea botoa eman dutela behar
bezala ipini duten ikusteko, aipatutako zerrenda egiaztatuan.
7.- Mahaiko
erroldaren zerrenda egiaztatuaren eranskin batean idatziko dira mahaiko
erroldan inskribatuta egon ez arren bertan botoa eman duten hautesleen izena,
hala egokituz gero. Inskribatu gabe botoa eman ahal izateko errolda-egiaztagiri
berezia edo epai-agiria aurkeztu behar da.
8.- Hautesleek
ezin izango dute hauteskunde-mahaia dagoen hautategitik irten banda magnetikoa
duen bozketa-txartela hartuta, mahaiko baimenik gabe behintzat.
II.- Hautesleren
batek banda magnetikoa duen bozketa-txartelean botoa grabatzeko edo txartela
mahaiburuari emateko eragozpenik badu, bere konfiantzako pertsonaren batek
lagun diezaioke, honako kasu hauetan:
a) Irakurtzen ez badaki.
b) Muga fisikoren bat
badu eta horrek boto elektronikoaren eragiketaren bat egitea galarazten badio.
c) Hirurogeita hamar
urte baino gehiago baldin baditu.
Hala ere, hautesle bati laguntzen dion
konfiantzako pertsonak ezingo dio beste inori lagundu hauteskunde-mahai berean
edo beste mahai batean, salbu eta lerro zuzeneko lehen mailako odol-ahaidetasuna
edo bigarren mailako kolaterala dutenei.
III.-
1.- Mahaiburua
konturatzen denean banda magnetikoa duten bozketa-txartelak falta direla edo ez
dutela funtzionatzen, edo lege honetako 132. Bigarren I. atalean bozketa
elektronikorako adierazitako elementu edo tresnaren bat ondo ez dabilela, boto
elektronikorako materialaren arduradunari esango dio. Egoera aztertu eta boto
elektronikorako materialaren arduradunari entzun ondoren, mahaiburuak erabakiko
du arazoa konpontzen den bitartean bozketarekin jarraitu daitekeen edo,
aitzitik, bozketa eten egin behar den. Bozketa eteten bada, eskualdeko
hauteskunde-batzordeari jakinarazi beharko zaio, batzorde horrek falta diren
elementuak ekarri edo gaizki dabiltzanak konpondu ditzan. Ondoren, bozketarekin
jarraituko da eta etenaren iraupenaren arabera luzatuko da. Mahaiburuak
erabakiko du zenbat denboraz luzatu, gainontzeko mahaikideekin hitz egin
ondoren. Nolanahi ere, jendeari jakinarazi egingo zaio bozketa luzatu egin
dela, hautategiko sarreran.
2.- Irregulartasuna
hautestontzian euskarri magnetikoan sartutako hauteskunde-softwarea ez
dabilelako gertatzen bada, eta hautestontzia berriro martxan jartzea
beharrezkoa bada, hautestontzia hustu egingo da eta bertan dauden banda
magnetikoa duten bozketa-txartelak atera egingo dira. Gero, berriro sartu eta
erregistratuko dira hautestontzian. Azkenik, mahaiburuak bozketa berriro
hasteko agindua emango du, aurreko zenbakian adierazitakoaren arabera.
IV.- Bozketa bertan behera uzten bada, mahaiburuak
ezin egin izango du boto-zenbaketa. Ostera, banda magnetikoa duten txartel
guztiak apurtu egingo ditu, hautestontzian sartuta egon ala ez, eta euskarri
magnetikoan dagoen hauteskunde-softwarea atera egingo du hautestontzitik.
Hauteskunde-softwarea eta gainerako materiala eta agiriak dagokion lurralde
historikoko hauteskunde-batzordera bidaliko dira.
V.- Edozein arrazoi dela-eta hautesleren bati
ezinezkoa baldin bazaio banda magnetikoa duen bozketa-txartela erregistratzea
botoa emateko pantailan edo hautestontzi elektronikoan, mahaiak txartela une
horretantxe apurtuko du, eta hautesleari beste txartel balioztatu bat emango
dio botoa eman ahal izateko.
VI.-
1.- Bozketa-tramitean
mahaikideek hauteslea fede txarrez dabilela ikusten badute, hau da, behin eta
berriro banda magnetikoa duten bozketa-txartel balioztatuak eskuratu arren ez
duela botoa emateko eskubidea gauzatzen, mahaiburuak egoki irizten dituen
neurriak hartuko ditu bozketaren ohiko jarduera eragotzi edo oztopatu nahian
burutzen diren ekintzak ekiditeko. Nolanahi ere, hautesleak eskuratu arren
erabili ez dituen banda magnetikodun bozketa-txartel balioztatuak apurtu egingo
ditu mahaiak.
2.- Hautesle
batek, mahaikideengandik banda magnetikoa duen bozketa-txartela eskuratu
ondoren, bere kabuz erabakitzen badu ez duela botoa emateko eskubideaz baliatu
nahi, mahaiburuari jakinaraziko dio. Mahaiburuak aipatutako txartela itzultzeko
eskatu dio eta mahaiak une horretantxe apurtuko du.
VII.-
1.- Jendaurreko
bozketa amaitu ondoren, mahaiburuak bozketa-paperak gordetzen dituzten
kartazalak sartuko ditu posta bidezko botoentzat jarritako hautestontzian.
2.- Behin
bozketa-kartazalak sartu eta gero, mahaiburuak hautestontzitik banan-banan
aterako ditu kartazal horiek. Haiek zabaldu ondoren, ahots goraz irakurriko du
botaturiko hautagai-zerrendaren deitura, boto-papera bertan diren mahaikideei,
artekariei eta eskudunei erakusten diela.
3.- Horren
ondoren, mahaiburuak ahots goraz jakinaraziko du denetara zenbat
bozketa-kartazal atera diren hautestontzitik, mahaikideetako batek,
mahaiburuari, lehen adierazitako zenbatekoa bezainbat banda magnetikodun
bozketa-txartel balioztatu entrega diezazkion.
4.- Hurrena,
mahaiburuak, parte hartzen duten mahaikideak, artekariak eta eskudunak bertan
daudela, botoa emateko pantailan banda magnetikoa duen bozketa-txartela
grabatuko du bozketa-paper bakoitzean jasotako aukerarekin. Horren ondoren,
esaniko txartel grabatua hautestontzi elektronikoaren barruan sartuko du, eta
dagokion bozketa-papera suntsituko du segidan, hurrengo 5. zenbakiaren arabera
baliogabetzat jotzen direnak izan ezik. Eragiketa hauek bata bestearen ondoren
egingo dira txartel bakoitzarekin eta posta bidezko boto-paper bakoitzarekin.
5.- Mahaiak
baliogabetzat jotako boto-paperak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen 5/1990
Legearen 115. atalean agindutakoari jarraiki, mahaikideek sinatu beharko
dituzte eta bilkura-agirian artxibatu beharko dira mahaiak daukan gainerako
hauteskunde-dokumentazioarekin batean.
VIII.- Behin aurreko eragiketak eginik,
artekariek botoa eman ahal izango dute, bai izen-deiturak bai artekari direla
hautesle-erroldaren zerrenda egiaztatuaren eranskin batean zehaztuz, beti ere
mahaiaren erroldan hautesle gisa inskribaturik agertzen ez badira. Horren
ondoren mahaia osatzen duten kideek botoa eman ahal izango dute, eta
mahaiburuak emango du botoa azkena. Mahaiburuaren bozketa-txartel banda
magnetikoduna mahaikideetako batek sartuko du hautestontzi barruan".
"132. Atala -
Bosgarrena - Hauteskunde-mahaietako boto-zenbaketa elektronikoa eta
boto-zenbaketa orokorra
I.- Boto
baliogabea izango da:
a) Banda magnetikoa duen txartelean grabatutako
aukera boto baliogabea izan bada.
b) Banda magnetikoa duen bozketa-txartelean
inolako aukerarik grabatu ez bada, txartela ez delako botoa emateko pantailan
erabili.
II.-
1.- Boto
zuria izango da:
a) Banda magnetikoa duen
txartelean grabatutako aukera boto zuria izan bada.
b) Banda magnetikoa duen
txartelean grabatutako aukera dagokion hauteskunde-barrutian legez erretiratu
den hautagai-zerrendaren bat izan bada.
2.- Mahaiko
boto-zenbaketan legez erretiratutako hautagai-zerrenda bati emandako botoak
erretiratutako hautagai-zerrenda horri zenbatuko zaizkio, eta hala azalduko da
mahaiko zenbaketa-egiaztagirian. Ondoren, zenbaketa orokorrean, dagokion
lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak boto horiek boto zuritzat joko
ditu.
III.-
1.- Mahaikideek
botoa eman orduko, mahaiburuak bozketa amaitutzat emango du eta hautestontzi
elektronikoaren zirrikitua prezintatu egingo du. Horrela, gero boto gehiago
sartuta ere ez da operatiboa izango.
2.- Ondoren,
mahaiburuak ixteko eragiketak eta hautestontzi elektronikoan erregistratutako
boto guztien zenbaketa egingo ditu, etenik gabe, mahaiko boto-zenbaketa lortu
ahal izateko.
3.- Mahaiburuak
ozenki irakurriko ditu hautestontzi elektronikoaren pantailan azaltzen diren
bozketa-zenbaketaren emaitzak, eta honako datu hauek emango ditu:
a) Mahaiko
hautesle-erroldan dauden hautesleen zenbatekoa, Hautesleen Errolda Bulegoaren
Ordezkaritzaren arabera.
b) Hautestontzi
elektronikoan erregistratutako hautesle-kopurua.
c) Boto baliogabeen
kopurua.
d) Boto zurien kopurua.
e) Hautagai-zerrenda
bakoitzaren botoak.
4.- Horren
ostean, mahaiburuak mahaiko zenbaketa-egiaztagiriari dagokion inprimakia beteko
du. Horretarako, pantailatik
kopiatuko ditu aipatu berri ditugun datuak. Kopiatutako datuak behar
bezala transkribatu direla ziurtatuko da.
5.- Datu
horiek Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaizkio, hauteskundeen emaitzei buruzko behin-behineko
informazioa emateko, beste eraginik gabe. Sekula ere ezingo dira datuak bidali
hauteskunde-mahaitik ordenadore nagusira kontaketa bukatu baino lehen. Era
berean, datu horiek Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi, federazio,
koalizio eta hauteskunde-taldeen esku jarriko dira ahalik eta lasterren eta
gardentasunik handienaz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak terminalak jarriko
ditu aipatutakoen egoitzetan.
6.- Hori
eta gero, mahaiburuak boto-zenbaketaren aurkako kexarik edo erreklamaziorik
dagoen galdetuko du eta bilkura-agirian idatziko dira. Azkenik, mahaiburuak,
mahaikideek eta artekariek zenbaketa-egiaztagiria izenpetuko dute.
7.- Eragiketa
hori egin eta berehala, denborarik galdu gabe, zenbaketa-egiaztagiriaren kopia
ipiniko da hautategiaren sarreran. Zenbaketa-egiaztagiriaren beste kopia bat
EAEko Administrazioak izendatutako pertsonari emango zaio, hauteskundeen
emaitzei buruzko informazioa emateko, beste eraginik gabe. Hala eskatzen duten
artekariei, eskudunei eta hautagaiei ere kopia bana emango zaie.
Hautagai-zerrenda bakoitzeko kopia bat baino ez da emango.
IV.-
1.- Hautestontzi
elektronikoaren zirrikitua prezintatu eta lehenago aipatu diren zenbaketa-eragiketak
hasi ondoren, hauteskunde-mahaiko zenbaketa-egiaztagiria betetzea eragozten
duen gora-beherarik izanez gero, dagokion lurralde historikoko
hauteskunde-batzordeari eman behar zaio gora-behera horren berri eta
hautestontzi elektroniko prezintatua bertara eraman beharko dute mahaiburuak,
mahaikideek eta, nahi izanez gero, artekariek eta eskudunek, gainerako
agiriekin batera. Gora-behera hori bilkura-agirian adierazi beharko da. Kasu
horretan, mahaiburuak Ertzaintzaren laguntza eskatu ahal izango du, bidaia
egiteko erraztasunak eman ditzan, eta hautestontzia eta hauteskunde-agiriak
babestu ditzan, hauteskunde-batzordera heldu bitartean.
2.- Lurralde
historikoko hauteskunde-batzordeak hautestontzi elektronikoa eta
hauteskunde-agiriak jasoko ditu eta ahalik eta azkarren hasiko da mahaiko
boto-zenbaketa jakiteko eragiketak egiten, mahaikideen eta, hala nahi badute,
artekarien eta eskudunen aurrean. Ondoren, mahaiko zenbaketa-egiaztagiria
beteko da, lege honetako 132. Bosgarren III. 3. atalean eta hurrengoetan
ezartzen denaren arabera.
V.-
1.- Lehenago
adierazitako zenbaketa-eragiketak amaitu ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta
artekariek bilkura-agiria bete eta izenpetuko dute. Bilkura-agirian
zehatz-mehatz jarriko dira datu eta gora-behera hauek:
a) Aurkeztutako
errolda-egiaztagiri berezien zenbatekoa, erroldan alta ematekoak direnak.
b) Aurkeztutako
epai-agirien zenbatekoa.
c) Mahai horretan
erroldatuta egon ez arren, botoa eman duten artekarien zenbatekoa.
d) Izandako kexen eta
erreklamazioen azalpen laburra, kexa edo erraklamazioa egin duen pertsona ere
adieraziko delarik.
e) Egindako kexei eta
erreklamazioei buruz mahaiak hartu dituen erabakiak eta boto partikularrak,
egon baldin badaude.
f) Jakin beharrekoa
dela irizten den beste edozein gora-behera edo gertakari.
2.- Azkenik,
boto elektronikorako materiala zaintzeko arduradunak banda magnetikoa duten
bozketa-txartel guztiak bilduko ditu, hautestontzian egon ala ez. Gero, txartel
horiek ezabatu eta, ahal izanez gero, berriro erabiliko dira, Herrizaingo
Sailaren ardurapean eta Eusko Legebiltzarreko Informatika Zerbitzuaren
ikuskapenarekin.
VI.-
1.- Hauteskunde-agirien
lehenengo kartazalak honako hauek edukiko ditu:
- Mahaiaren
eratze-agiriaren jatorrizko alea.
- Zenbaketa-egiaztagiriaren
jatorrizko alea.
- Bilkura-agiriaren
jatorrizko alea.
- Hauteskunde-mahaiko
hauteskunde-softwarearen euskarri magnetikoak.
- Hautesle-erroldaren
zerrenda egiaztatua.
- Aurkeztutako
errolda-egiaztagiriak eta epai-agiriak.
- Balioa ukatu zaien
nahiz erreklamazio edo dudarik sorrarazi duten posta bidezko boto-paperak.
- Hauteskunde-mahaiko beste edozein agiri.
2.- Bigarren, hirugarren eta laugarren
kartazalek honako agiri hauek edukiko dituzte:
- Mahaiaren
eratze-agiriaren hitzez hitzeko kopia.
- Zenbaketa-egiaztagiriaren
hitzez hitzeko kopia.
Mahaiburuak, mahaikideek eta bertan dauden
artekariek izenpetuko dituzte kopia biak.
VII.- Lurralde historikoko
hauteskunde-batzordeak Eusko Legebiltzarreko Informatika Zerbitzura, EAEko
Hauteskunde Batzordearen laguntzako organora hain zuzen, bidali beharko ditu
hauteskunde-mahai bakoitzeko euskarri magnetikoak, agirien lehenengo
kartazalean daudenak, lege honetako 142. Bigarren III. 1.d) atalean
aurreikusitako eraginetarako. Gauza bera egingo dute eskualdeko
hauteskunde-batzordeek hauteskunde egunean erabili ez diren
hauteskunde-softwarearen kopiekin.
VIII.- Mahai bakoitzeko hauteskunde-agirien
lehenengo kartazala aztertu ondoren, mahairen bateko zenbaketa-egiaztagiria
falta dela ikusten bada, hautagai-zerrenden ordezkariren batek edo haren
eskudunak aurkeztutako zenbaketa-egiaztagiriarekin ordeztu ahal izango da.
Ondoren, mahaiari dagokion epaileari ofizioa bidaliko zaio eta epaileak ahalik
eta azkarren aurkeztu beharko du agirien laugarren kartazala, berak eskuratu
duena hain zuzen. Kartazal horretan dagoen zenbaketa-egiaztagiria hautagaiak
aurkeztutakoarekin bat datorren ikusiko da eta, bat ez badator, epailearen
zenbaketa-egiaztagiria hartuko da aintzat. Ordezkariek edo eskudunek
kontraesanean dauden kopiak aurkezten badituzte, ez da bat bera ere kontuan
hartuko eta zenbaketa orokorraren bilkura-agirian bakoitzaren bozketa
ezberdinak jasoko dira. Nolanahi ere, boto horien zenbaketa behin-behinekoa
izango da, agiriak legeak ezarritakora egokitzen direla adierazten duen
ziurtapen fede-emangarria ematen den arte".
"132.
Atala - Seigarrena - Hauteskundeei buruzko arau-hausteak boto elektronikoari dagokionez
Hauteskunde-batzorde eskudunak 20.000
pezetatik 200.000 pezeta bitarteko isunak jarriko ditu, agintarien edo
funtzionarioen kasuan, eta 5.000 pezetatik 100.000 pezeta bitartekoak,
partikularren kasuan, boto elektronikoaren jardunbidea dela-eta honako
arau-hauste hauetakoren bat egiten dutenei, nahiz eta ez diren
hauteskunde-delituak. Hala ere, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko
5/1990 Legean isunetarako zenbateko handiagoak ezartzen badira, legeak dioena
izango da aintzat hartuko dena.
a) Nahita aldatzea,
manipulatzea edo erabilgaitz uztea, fisikoki nahiz mekanikoki, boto sistema
elektronikoaren erabilerarako eta jardunbiderako beharrezkoak diren elementu
teknikoak eta tresna elektronikoak.
b) Banda magnetikoa
duten bozketa-txartelak zenbatzeko programa elektronikoak aldatzeko asmoz
jardutea hauteskunde-mahaian.
c) Banda magnetikoa
duten bozketa-txartelak fabrikatzea, banatzea, merkaturatzea eta desegoki
erabiltzea, lege honek beren beregi baimentzen dituen jardueretatik kanpo.
d) Banda magnetikoa
duten txartelak apurtzea bozketaren edo mahaiko boto-zenbaketaren edozein
unetan, lege honetako 132. Laugarren atalaren IV., V. eta VI. lerroaldeetan
aurreikusten den kasuetan izan ezik.
e) Mahaiburuak emandako
banda magnetikoa duen bozketa-txartel balioztatua beste txartel batekin
ordeztea.
f) Banda magnetikoa
duen bozketa-txartel dagoeneko balioztatua manipulatzea eta, horren ondorioz,
hautesleari txartel horrekin botatzea ezinezkoa gertatzea.
g) Banda magnetikoa duen
bozketa-txartel balioztatua hartuta hauteskunde-mahaia dagoen hautategitik
irtetea mahaiaren baimenik gabe, lege honetako 132. Laugarren I.8 atalean
xedatutakoaren arabera.
h) Bozketa etenez gero
hauteskunde-mahaiko boto-zenbaketa egitea, lege honetako 132. Laugarren IV.
atalean aurreikusitakoaren arabera; baita boto-zenbaketa bozketa-eguneko
arratsaldeko zortziak baino lehenago egitea ere".
"132.
Atala - Zazpigarrena - Amaierako xedapenak
I.- Herrizaingo
Sailak, hauteskunde-gaietan Euskadiko Autonomia Erkidegoko organo eskuduna baita,
laguntzako betebehar hauek izango ditu:
a) Hauteskunde-barruti
bakoitzeko boto elektronikoaren softwarea lantzea eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari ematea, hauteskunde mahai bakoitzerako
egokitu gabe. Hori hautagai-zerrendak aldarrikatu eta gero egingo da.
b) Botatzeko jardunbide
automatiko berriak herritarrei jakinaraztea eta azaltzea, hauteskundeetarako
deialdia egin baino lehen.
c) Hauteskunde-mahaietako
kideei bozketa elektronikoaren jardunbideari buruzko prestakuntza ematea. Horretarako,
kide horiek informazioa emateko antolatzen den bilerara joan beharko dute.
II.- Hautagaien
aldarrikapenaren aurkako errekurtsorik jartzen bada, I.a) atalean adierazi den
hauteskunde-softwarea beranduago banatuko da errekurtsoak izan diren hauteskunde-barrutietan,
errekurtsoak erabakitzen direnean hain zuzen, Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 67. atalean ezarritakoaren arabera".
III
Atala - Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen V.
idazpuruan beste atalburu bat eranstea, XI. atalburua hain zuzen. Honela du
izena: "Posta arrunt bidez botatzeko jardunbidea"
Zortzigarren 132. atal berria gehitzen da.
"132.
Atala - Zortzigarrena - Posta arrunt bidezko botoaren tramitazioa
Bozketa-egunean botoa emateko eskubidea
gauzatzea dagokien herrian egongo ez direla pentsatzen dutenek edo bertara
joaterik izango ez dutenek posta bidez eman dezakete botoa, Hauteskundeen
Erregimen Orokorraren Lege Organikoari jarraiki".
Indargabetze
Xedapen Bakarra
Indargabetuta daude abuztuaren 3ko
250/1993 Dekretua, "Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aplika daitezkeen
hauteskunde-arauak garatzen dituena", 1994ko maiatzaren 9ko Agindua, "Euskal
Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak onartu beharreko
hauteskunde-agirien ereduak argitaratzeari buruzkoa", eta lege honetan
ezarritakoari kontrajartzen zaizkion gainerako xedapen guztiak.
Azken
Xedapenetakoak
Lehenengoa
- Bigarren Atalaren Aplikazioa
1.- Boto
elektronikoari buruz lege honetako bigarren atalean xedatutakoa ez da
aplikatuko 1998an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
2.- Eusko
Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan hori aplikatzeko adierazpena Eusko
Legebiltzarrak egingo du, Jaurlaritzak proposaturik. Legebiltzarrak zehaztuko
du boto elektronikoa zein hauteskunde-barrutitan eta zein sekzio edo
udalerritan aplikatu beharko den, paper bidezko botoa eta boto elektronikoa
bateragarri diren ala ez, bai eta, hala badagokio, pixkanaka bozketa
elektronikoa ezartzea ere.
Bigarrena
- Indarrean jartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA,
BOTO ELEKTRONIKOARI DAGOZKION DEFINIZIOEI BURUZKOA
Lege honen eraginetarako jakin beharreko kontzeptuak:
a) Hauteskunde-kabina: Esparru itxia da eta bertan
botatzeko-pantaila ipiniko da, hautesleak bere aukera inork ikusi gabe egin
ahal izateko.
b) Hauteskunde-softwarearen kopia euskarri magnetikoan:
Segurtasun-disketea da, hauteskunde-softwarearen jatorrizkoa (glosario honetako
d) hizkian definitua) hondatzen denean edo behar bezala ez dabilenean
ordezteko.
c) Boto-zenbaketa elektronikoa: Hautestontzi elektronikoan
egin behar den eragiketa-multzoa, hauteskunde-mahai bakoitzeko hautestontzi
elektronikoan erregistratutako banda magnetikoa duten txartel balioztatuak
zenbatzeko eta txartel horien edukia ikusteko.
d) Hauteskunde-softwarearen jatorrizkoa euskarri magnetikoan:
Diskete bat da; mahaiburuak hautestontzi elektronikoa eta botoa emateko
pantailak aktibatzeko balio du, hautestontzia eta bozketa-elektronikoa ixteko,
eta bai mahaiko botoak zenbatzeko ere, bozketaren amaieran.
e) Botoa emateko pantaila: Hautesleak botoa emateko pantailan
sartuko du banda magnetikoa duen bozketa-txartela, zer botatu aukeratzeko pantailan,
lapitz elektronikoaren bitartez. Horrela, hautesleak
egindako aukera grabatu egingo da sartutako txartelean. Txartelak aurretik
balioztatu egin behar dira makinan edo mahaiburuaren hautestontzian.
f) Boto
elektronikorako materiala zaintzeko arduraduna: Boto elektronikoaren
gaietako aholkulari teknikoa da eta mahaiburuaren agindupean jarduten du.
Pertsona fisikoa da eta beraren ardura da hautategi bakoitzean boto
elektronikorako falta diren elementuen eta tresnen horniketa eta gerta
daitezkeen akatsen konponketa, mahaiburuaren eta mahaikideen aginduei
jarraituz. Halaber, hauteskunde-mahaietako boto-zenbaketa amaitzean banda
magnetikoa duten txartel guztiak jaso behar ditu, mahaiko hautestontzi
elektronikoan egon ala ez.
g) Hauteskunde-mahaiko
hautestontzi elektronikoaren eta botoa emateko pantailaren
hauteskunde-softwarea: Boto elektronikorako sistemaren egitekoak biltzen
dituen aplikazio informatikoa. Honako egiteko hauek biltzen ditu funtsean:
hautestontzi elektronikoa irekitzea eta ixtea, mahaiak balioztatutako banda
magnetikoa duten txartelen bidez botatzea, hautestontzian erregistratutako
txartel-kopurua kontrolatzea, botoak zenbatzea eta mahaiko hauteskunde-emaitzak
jakinaraztea.
h) Banda magnetikoa
duen bozketa-txartel balioztatua: Hautestontziaren balioztatze-aparatuan
aktibatutako euskarria da. Mahaikide batek emango dio hautesle bakoitzari,
botoa emateko pantailan sartu ahal izateko. Txartel hori ez da norberarena.
Hautesleak boto-aukera erregistratzeko euskarria da.
i) Banda magnetikoa
duen bozketa-txartel balioztatugabea: Hauteskunde-mahaiak hautestontzi
elektronikoan dagoen balioztatze-aparatuan aktibatu beharreko euskarria da.
j) Hautestontzi
elektronikoa: Mahaiburuaren esku dagoen makina da. Honako osagai hauek
ditu: balioztatze-aparatua, banda magnetikoa duten txartelak gordetzeko ontzia,
botoen erregistragailua eta irakurgailua duen ordenadorea, irudikatzeko
pantaila eta teklatua.
Makina horrek aukera
ematen du banda magnetikoa duten mahaiko txartelak balioztatzeko, hartzeko,
erregistratzeko eta botoa emateko pantailan grabatu den aukera kontuan
hartzeko; aukera ematen du, halaber, boto-zenbaketarako eragiketa automatikoak
egiteko, bozketa amaitu ondoren.
k) Boto elektronikoa:
Hautesleak gauzatzen duen eragiketa-multzoa botoa modu automatikoan
emateko, kartazalik eta paperezko boto-txartelik erabili gabe.