14/2016 Legea, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontuak onartzen dituen Legea aldatzen duena
2016-12-22Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa
Argitalpena: EHAA, 2016/12/23, 243. zk. eta EAO, 2017/01/18, 15. zk.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
2016ko abenduaren 23a, 243. zenbakia
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
5482
14/2016 LEGEA, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontuak onartzen dituen Legea aldatzen duena.
Eusko Legebiltzarrak 14/2016 Legea, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontuak onartzen dituen Legea aldatzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeak xedatzen du, 10. artikuluan, zenbat handitu ahal izango den, gehienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren epe luzerako zorpetze-saldoa aipaturiko ekitaldirako, bat etorriz diru-sarreren egoeraren eta onartutako gastuen koherentziarekin.
2016ko urriaren 14ko bilkuran Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako aurreikuspenen arabera, 2016an 13.025,1 milioi euro bilduko dira zerga itunduen bidez, hau da, hasiera batean aurreikusi baino 473 milioi euro gutxiago. Hori dela eta, foru-aldundien ekarpenen aurrelikidazioaren arabera 8.778.440.266 eurokoa izango da ekarpenen zenbatekoa, eta, ondorioz, 2016. urteko ekitaldiko aurrekontuetako diru-sarreretan aurreikusitakoa baino 324.433.824 euro gutxiago jasoko da (foru-aldundien ekarpenen aurrelikidazioa aurreikusita dago martxoaren 27ko 2/2007 Legean ezarritako metodologiaren 23. artikuluan).
Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak Espainiako zerga-kontsolidaziorako bidea berraztertu zuen 2016ko abuztuaren 8an, gehiegizko defizitaren prozeduraren esparruan; hala, 2018. urtera arte zabaldu zuen defizit hori, eta doitze-prozesu gradualago bat seinalatu 2016-2018 aldirako.
Bide berri hori finkatzean, berriro aztertu dira 2016. urterako aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren alorreko helburuak, Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko akordioen bidez finkatuak, Ekonomia Itunaren 48 eta 62.b artikuluen babesean.
Bi gorabehera horiek, hau da, ekarpenen bidez diru-sarrera gutxiago jasotzea eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean adostutako defizita handitzea, nahikoa oinarri dira epe luzerako zorpetze-maila arrazoizko kopuru bateraino igotzeko, modu horretan eutsi ahal izateko, ahal den neurrian, 2016. urteko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuei buruz onartutako aurrekontu-orekari.
Beraz, Lege honek aldatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legearen 10. artikulua, eta bere helburua da arau horretan 2016. urterako aurreikusitako gehieneko zorpetze-muga handitzea, Ekonomia Itunaren babesean Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean adostutako aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren alorreko helburuak berraztertzeko esparruaren barruan.
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legearen aldaketa.
Aldatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legearen 10. artikulua, eta honela idatziko da:
«1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak ezingo du gainditu ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, ez behintzat 662.902.210 eurotik gora.
2.– Zuzenbide pribatuko erakundeen kanpo-zorpetzea ere, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak ezingo du gainditu ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, ez behintzat 125.000.000 eurotik gora.
3.– Zenbateko horiei ez zaizkie egotziko diru-zaintzako aldi baterako premiei aurre egiteko kreditu-eragiketak, urtebeterako edo gutxiagorako badira.
4.– Nolanahi ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoak beti bermatuko ditu 2016. urteko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren alorreko helburuak, Ekonomia Itunaren 62.b artikuluaren babesean adostutakoak».
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Garapena eta exekuzioa.
Gobernuari baimena ematen zaio, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, lege hau garatzeko eta exekutatzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 22a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net