14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa
2012-06-28Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/7/6, 132. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.
§ 345. 14/2012
LEGEA, EKAINAREN 28KOA, Transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari
eta haien eskubideak aitortzeari buruzKOa
ZIOEN AZALPENA
I
Transexualitatea
ez da gaur egungo kontua. Aspalditik dator eta hainbat kulturatan agertzen da. Transexual hitza 1940. urtean hasi
zen erabiltzen sexuari dagokion disoziazio bat bizi duten pertsonak
izendatzeko; disoziazio hori jaiotzean duten sexua eta haiek sentitzen dutena
bat ez izatean datza.
1980.
urtetik, transexualitatea buru-nahasmendu gisa dago sailkatuta. Gaur egun ere,
buruko gaitzei buruzko nazioarteko bi eskuliburutan (DSM-IV-R eta CIE-10, hain
zuzen ere, hurrenez hurren APA American Psychiatric Association-ek eta OME
Osasunaren Mundu Erakundeak eginak) horren berri ematen da, eta, bertan,
"identitate sexualaren nahasmendutzat" nahiz
"genero-identitatearen nahasmendutzat" jotzen da. Sailkapen horren
ondorioz, diagnostiko mediko bat erantsi zaio sexu biologikoaren eta gizartean
esleitutako generoaren arteko disoziazioari: genero-disforia.
Gaixotasunen
diagnostikoari buruzko nazioarteko sailkapen nagusiek genero-disforia nahaste
edo gaixotasun mentalen barruan sartzen badute ere, gero eta gehiago dira
etiketa patologiko horiek ezabatu beharra dagoelako iritzi sendoa duten izen
handiko ikertzaile eta adituak, Eusko Legebiltzarrak 2010eko irailaren 30ean
hartutako erabakiaren ildotik, non eskatzen baitzen abiaraz zitezela hainbat
ekintza, Osasunaren Mundu Erakundean, transexualitatea gaixotasun mentalen
sailkapenetik erretiratzeko. Nahita ez bada ere, gauza jakina da etiketatze
horien ondorioz ugari direla transexualen oinarrizko eskubideen urraketak
(eraso fisiko eta psikikoak, bazterkeria, bakardadea, isolamendua
).
Egiaz,
transexualek ez dute laguntza eskatzen patologia edo nahasteren bat dutelako,
baizik eta oinarrizkoenak diren eskubideak askatasunez garatzeko orduan
oztopoak izaten dituztelako gizartean, eta zailtasun horiek haien bizitzak
minez eta larritasunez betetzen dituztelako. Ondorioz, abiarazteko premisak,
nahitaez, honako hau jaso behar du: jaiotzean ageri diren kanpoko organo
genitalek erakusten duten irudi hutsetik harago doa pertsona baten sexua.
Beraz, transexualitateak lotura du sexuaren kontzeptu ez erabat biologiko
batekin hala erabaki zuen aho batez Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2002ko
bi epai garrantzitsutan, baizik eta, batez ere, kontzeptu psikosozial batekin;
izan ere, aitortzen da pertsonon izaera egituratzen duten ezaugarri
psikologikoak gailentzen direla azkenean pertsonengan, eta horiek direla giza borondateari
nagusitasuna ematen diotenak, edozein kontu fisikoren gainetik.
Horrekin
lotuta, ezin da inondik ere alde batera utzi orientazio sexualari edo
genero-nortasunari buruzko giza eskubideen nazioarteko legeria aplikatzearen
gaineko Yogyakartako printzipioetan aipatzen dena printzipio horiek 2007ko
martxoaren 26an aurkeztu ziren, Genevan (Suitza) egin zen Nazio Batuen
Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluaren laugarren bilkuraren barruan,
Legelarien Nazioarteko Batzordeak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zerbitzuak
proposatuta: "Kontrakoa dioen edozein sailkapen dena delakoa izanik ere,
pertsona baten sexu-joera eta genero-identitatea ez dira, berez, medikuek
aztertu beharreko egoerak eta, beraz, ezin izango dira ez tratatu, ez sendatu,
ez eta ezabatu ere". Ildo horretatik, Nazio Batuen Giza Eskubideen
Batzordeak, 2011ko uztailean, pertsonek beren joera sexualagatik edo
genero-identitateagatik jasaten duten bereizkeria geldiaraztearen aldeko
ebazpena onartu zuen. Nazio Batuen ebazpenak azterlan bat egiteko eskatu zion
Navi Pillay andreari, Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen arlorako duen
goi-komisarioari, "informazioa jaso zezan sexu-joeragatik eta
genero-identitateagatik pertsonen aurkako bereizkeria eragiten zuten lege eta
praktikei nahiz indarkeria-egintzei buruz".
Egia
esanda, azken urteotan aurrerapausoak eman dira transexualitatea
despatologizatzeko eskariaren bidetik. Bi mailatan eman dira aurrerapauso
horiek. Batetik, gaixotasunen eskuliburuetan nahasmendu gisa agertu ez dadin
saiatu dira. Bestetik, tratamendu medikoren bat behar dutenean, transexualak
dena delako tratamenduan protagonista eta subjektu aktibo bihurtu dira, eta
gaitasuna eta legitimitatea aitortu zaizkie beren erabakiak hartzeko orduan,
autonomiaz eta beren gorputzekiko erantzukizunaz.
Eskakizun
horiekin batera, genero-identitateari dagokionez, azken urteotan ikuspegi
soziojuridiko berritzaile bat ere agertu da, eta horren bidez, oinarrizko giza
eskubidetzat hartu da pertsona bakoitzak bere generoa zein den askatasunez
adieraztea. Ikuspegi hori nazioarteko hainbat agiri eta txostenetan jaso da,
eta haien artean nabarmentzekoak dira Yogyakartako printzipioak, lehen ere
aipatuak, eta "Giza eskubideak eta genero-identitatea" txostena,
Thomas Hammarberg Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak idatzia, eta
2009ko uztailean argitaratua. Testu horietan adierazten da identitate
transexualak gaixotasun mental edo organikotzat hartzen jarraitzeak pertsonen
giza eskubideen urraketa dakarrela.
II
Testuingurua
hori izanik, ezin da ukatu Espainiako Estatuan ere joera garbia egon dela
transexualitatea patologien sailkapenetatik ateratzeko. Horren erakusle,
hasteko, Konstituzioaren 149.1.8) artikuluak Estatuari erregistro eta agiri
publikoak antolatzeko eskumen esklusiboak ematen dizkionez, Diputatuen
Kongresuak, 2007ko martxoaren 15ean, Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro
Zibilean Zuzentzea Arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legea onetsi zuen.
Arau horren asmoa, dena den, hein batean mugatua zen: Erregistro Zibilean sexuaz
egiten den aipamena aldatu ahal izateko baldintzak arautu nahi zituen,
erregistro horretan esaten dena ez badator bat eskaera egin duen pertsonak
sentitzen duen genero-identitatearekin. Horrekin batera, hala nahi duen
pertsonak bere izena aldatzeko aukera ere baduela jasotzen du legeak, izen hori
ez dadin izan nahasgarria eskatzen den sexu-aukerarekiko. 2007. urteko Estatuko
araudi murritz hori zabalago egiteko asmoz idatzi da, hain zuzen ere,
lege-proiektu hau, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den edozein transexuali
aplikatu ahal izateko.
Euskal
Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, bere
9.2 artikuluan, euskal botere publikoei agintzen die herritarren oinarrizko
eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaintzea eta bermatzea, bai eta
gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan
daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera zuzendutako neurri
oro hartzea ere, Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-arloetako
bizitzan herritar guztien partaidetza bideratuz.
Euskal
Autonomia Erkidegoak transexualei eragiten dien hainbat arlotan ditu eskumenak,
Autonomia Estatutuaren I. tituluan ikus daitekeenez, eta horien artean daude,
esate baterako, adingabeen babes-kuradoretzako erakunde eta etxeen antolaketa,
araubidea eta jarduera (10.14 artikulua), Erkidegoaren barruko osasun-arloa
(18.1 artikulua) eta, bereziki, gizarte-laguntza (10.12 artikulua). Ondorioz,
Zuzenbide positiboan, esplizituki aipatu behar da diskriminaziorik ezaren
printzipioa aplikagarri zaiola giza nortasunaren garapen askeari eta, zehazki,
genero-identitateari, horrela Autonomia Erkidegoko ordenamendu juridikoa
interpretatu eta aplikatzeko orduan inork ez dezan bereizkeriarik jasan
transexuala izateagatik.
Lege
honek helburu du transexualei, transexual izateagatik edo izate horrek sortzen
dien egoera pertsonal zein sozialagatik, legedian oraindik ere eragiten
zaizkien bereizketa mota guztiak gainditzera bidean laguntzea eta aurreratzea,
eta, horrekin batera, Konstituzioan aipatzen diren zenbait printzipioren
arau-garapena hobetzea, alegia, diskriminaziorik eza, nortasunaren garapen
askea eta pertsonaren, familiaren eta taldearen babes sozial, ekonomiko eta
juridikoa jasotzen dituzten printzipioen arau-garapena hobetzea, horretarako
aplikatzekoa den araudia gizarteak bizi duen garai historiakoari egokituz.
III
Lege
honen asmoa transexualitatearen izaera zehaztea da, zalantzan jarri gabe,
agerikoa denez, Estatuak eskumen esklusiboa duela, Erregistro Zibilaren arloan,
sexuari dagokion erregistroko marka eta horrekin batera doan izena aldatzeko
bete behar diren baldintzak arautzeko. Dena den, lege honek ez du zehazten zein
baldintza bete behar dituen transexual batek erregistroan izena aldatzeko; transexuala
nor den zehazten du, eta baita hori nola egiaztatzen den ere, hain zuzen ere
lege honetan jasotzen diren eskubideak benetakoak izan daitezen Euskal
Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan.
Hori
dela eta, urrats garrantzitsua da, baina ez nahikoa, Diputatuen Kongresuak
Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea Arautzen duen
martxoaren 15eko 3/2007 Legea onetsi izana, lege horrek bide eman duelako
transexualek Erregistro Zibilean dituzten sexua eta izen berezia aldatu ahal
izan ditzaten, era horretara errazagoa izan dadin pertsona horien izenean
dauden administrazio-agiri guztiak beren egiazko genero-identitatera egokitzea.
Horiek horrela izanik ere, transexualitateari modu integralean erantzuteko
orduan garrantzi handikoak diren arlo batzuk ez ditu arautu aipatu legeak.
Izan
ere, transexualen egoera oso konplexua da eta arreta integrala eskatzen du,
erregistroetako aldaketez harago doan arreta: genero-identitatea, nortasunaren
eskubideen zati den aldetik, pertsonaren duintasunerako eskubidearekin lotzen
da, Espainiako Konstituzio Auzitegiak, apirilaren 11ko 53/1985 epaiaren bidez,
duintasunaz egin zuen definizio honen arabera: "Pertsonari datxekion balio
espiritual eta morala, bereziki adierazten dena norberaren bizitzaren autodeterminazio
kontziente eta arduratsuan, eta besteen aldetiko errespetu-nahia
dakarrena", eta, halaber, nortasunaren garapen askeari buruzko
eskubideekin eta osasunerako, integritate psikofisikorako, intimitaterako eta
norberaren irudirako eskubideekin ere lotzen da. Puntu honetan, aipamen berezia
merezi dute transexual etorkinen babesgabetasun-egoera larriek eta haien
bizi-baldintza zailek, izan ere, berariaz 3/2007 Legetik kanpo geratzen
direnez, diskriminazio bikoitza pairatzen jarraituko dute, ez baitute
erregistroko sexu-aipamena aldatzeko aukerarik.
Pertsona
guztiek ez dute berdin bizi beren transexualitatea. Horregatik, transexualen
kolektiboan egiten den esku-hartzea ezin da homogeneoa izan, eta, modu berean,
era horretako esku-hartzeak ezin dira beste talde batzuetara ere eraman. Alde
horretatik, lege honek kontuan hartzen du aniztasun hori, eta aitortzen du
beharrezkoa dela irizpide mediko, sozial eta psikologiko indibidualizatuak eta
pertsona bakoitzari egokituak ezartzea, transexualaren genero-identitatea
erabat errespetatuz. Horrenbestez, legeak, lehenik eta behin, pertsona batek
legezko sexua ondorio guztietarako aldatzeko duen borondatea aitortu ez ezik,
orobat aitortu behar du transexualek badutela barru-barruko beharrizana,
askatasunez hala adierazten denean, tratu mediko egokia jasotzeko eta bere
sentitzen duten sexura fisikoki ahalik eta gehien gerturatzeko. Horrekin
lotuta, transexualen osasunari arreta integrala emateak berekin dakar
psikologia kliniko kolegiatuak, medikuntzak eta sexologiak zehazten dituzten
prozedurak aintzat hartzea, transexualek egoki ahal izan diezazkioten, kasu
bakoitzaren arabera, lehen eta bigarren mailako sexu-karaktereak beren
genero-identitateari, betiere kontuan hartuta transexualen artean askotariko
jokamolde eta erantzunak izaten direla.
Eman
beharreko arretaren muina eta oinarria ez da, besterik gabe, sexua berriro
esleitzeko kirurgia; izan ere, kasu batzuetan halako kirurgia ez da
berresleipen orokorraren zati garrantzitsuena. Horregatik, arreta beste arlo batzuetan
ere ipini behar da, esate baterako, autolaguntzako mekanismoak lantzean,
gizarte- eta familia-ingurunearen gaitzespenari eta gizarte- edota
lan-bazterketari aurre egiteko; ordezko hormona-terapietan, sexu biologikoa
norberaren genero-identitatera egokitzeko; ebakuntza plastiko-kirurgikoetan,
batzuetan beharrezkoak izan baitaitezke pertsonaren identifikazioan
nabarmentzen diren ezaugarri morfologikoak (hala nola gorputz-enborra edo
zintzur-sagarra) aldatzeko, eta, halaber, beste faktore batzuekin, esaterako,
ahotsaren tonuarekin eta modulazioarekin, edota aurpegiko ilearekin, zerikusia
duten prestazio osagarri batzuetan ere eman behar da arreta.
Botere
publikoek erreparoak izan dituzte sexua berriro esleitzeko prozesu konplexuari
arreta integrala emateko orduan, eta, dudarik gabe, horrek areagotu egin ditu
arretaren diziplinartekotasuna eta berezko zailtasunen zerrenda. Hogeita bost
urte baino ez dira igaro transexualentzako genitalen ebakuntzak Zigor Kodean
despenalizatu zirenetik. Hori dela eta, beharrezkoa da transexualitatearen
arloko ikerketa zientifikoa sustatzea eta arlo klinikoan etengabeko eguneratzea
bultzatzea, transexualitatearekin zerikusia duten tratamenduetako aurrerapen
zientifiko eta teknologikoei dagokienez. Gai honen inguruan, gogora ekarri
beharra dago Europako Legebiltzarraren 1989ko irailaren 12ko ebazpena,
transexualen diskriminazioari buruzkoa; ebazpen horretan, pertsona bakoitzak
aitorturik dauka gizaki gisa duen identitatearen zehaztasunak ezartzeko
eskubidea, baina horrekin batera, estatuei zenbait neurri hartzeko eskatzen
zaie, eskubide hori garatu ahal izateko. Neurri horien artean, hauek dira
aipagarrienak: sexua aldatzeko tratamenduak kasuan kasuko osasun-sistema
nazionalean sartzea, gizarte-laguntzak ematea sexu-egokitzapena dela-eta lana
edo etxebizitza galdu duten transexualei, kontsultategiak jartzea
transexualentzat, autolaguntzarako erakundeei laguntza finantzarioa ematea,
neurri bereziak hartzea transexualek lana izan dezaten sustatzeko, eta
jaiotza-agirian eta nortasun-agirian izena aldatzeko eta sexu-marka
inskribatzeko eskubidea onartzea.
Horrenbestez,
lege honen xedea da, alde batetik, kolektibo honen berezitasunei erantzutea,
eta, bestetik, berezitasun horiek kontuan hartuta, erantzutea transexualek
duten berdintasun-beharrari beren eskubide mediko eta sozialak ziurtatzerakoan.
Era berean, intersexualitate-maila handiago edo txikiagoa duten pertsonen
eskubideei ere erantzun nahi zaie. Eta, horrez gain, Espainiako Konstituzioaren
9.2 artikuluaren espiritua ere jasotzen du. Izan ere, artikulu horretan
xedatutakoaren arabera, "botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak
sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta
berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea,
horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien
parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta
gizarte-bizitzan ere". Hori dela eta, oraingo arau autonomiko honek izaera
integrala izan nahi du, bere xedea delako, hain zuzen, transexualek Euskal
Autonomia Erkidegoko gainerako herritarrek dituzten bizi-baldintzak berdinak
izatea. Horretarako, medikuntzaren arloko neurriez gainera, lan-arloko ekintza
positiboa ere aurreikusi behar da, jada eratuta dauden sinergiez baliatuta.
Halaber, hezkuntzaren arloan eta funtzionarioen esparruan aintzat hartu behar
da lege honetan aldarrikatzen den aniztasuna.
IV
Legeak
egitura hau du: zioen azalpena, bost kapitulu, bi xedapen gehigarri eta bi
azken xedapen. Lehenengo kapituluan, xedapen orokor batzuk jasotzen dira, eta,
horietan, legearen xedea eman, ezarpen-eremua zehaztu eta transexual izatea zer
den definitzen da.
Bigarren
kapituluan, transexualitatearen arloko politika publikoaren oinarriak jartzen
dira. Horretarako, hartu eta garatu beharreko zenbait neurri aipatzen dira,
genero-identitateagatik bereizkeria eragiten duten jarrerei aurre egiteko;
transexual, senitarteko eta gertuko lagunentzako informazio-, orientazio- eta
aholkularitza-zerbitzu bat jarri da; eta amaitzeko, sexua berriro esleitzeko
prozesuak irauten duen bitartean, administrazio-agiri egokiak izateko aukera
jasotzen da, transexualek integrazio hobea izan dezaten eta sufrimendua edo
diskriminazioa eragiten dien egoerarik gerta ez dadin.
Hirugarren
kapituluan, transexualek osasun-arloan izango dituzten eskubideen berri
jasotzen da. Erregelamenduz arautuko da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan
transexualitatearen arloko erreferentziako unitate bat izatea. Osasun-arretako,
erizaintzako eta arreta psikologiko, psikoterapeutiko eta sexologikoko
profesionalek osatuko dute unitate hori. Era berean, transexualen arretarako
gida kliniko bat sortzea aipatzen da, gaiarekin zerikusia duten arloetako
profesionalen arteko adostasun nahikoa lortzeko. Amaitzeko, berariaz aipatzen
dira adingabe transexualek dituzten eskubideak, eta Osakidetza-Euskal Osasun
Zerbitzuaren bidez estatistikak egin beharko direla esaten da, egiten diren
tratamenduen emaitzen berri jasotzeko.
Laugarren
kapituluan, irizpide orokor bat ezartzen da, eta, horren arabera, Euskadiko
herri-administrazioek, haiei atxikitako erakunde publikoek eta haien mendeko
erakundeek ziurtatuko dute ez dela bereizkeriarik egingo genero-identitatea
dela-eta, eta horren inguruan, ekintza positiboko plan eta neurri egokiak
prestatu eta aplikatuko dituzte, transexualen kontratazioa eta enplegua
sustatzeko.
Bosgarren
kapituluan, hezkuntzaren arloan transexualitatearen eta transexualen inguruan
egin beharreko hainbat ekimen jasotzen dira.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua. Xedea
Lege
honen xedea da transexualei bermatzea Euskadiko herri-administrazioetatik
arreta integrala eta beren beharrizan mediko, psikologiko, juridiko eta
bestelakoetara egokitua jasotzeko eskubidea, gainerako herritarrek jasotzen
duten moduan. Gainera, babesa ematea beren askatasuna erabil dezaten, oro har,
bizitza sozialeko eremuetan eta, bereziki, zerbitzu publikoetan.
2.
artikulua. Aplikazio-eremua
Lege
hau Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan bizi diren eta,
hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, transexualak diren guztiei
aplikatuko zaie.
3.
artikulua. Transexualak
Lege
honen ondorioetarako, transexual izango
da Erregistro Zibileko sexu-aipamena zuzendu duena edo zuzentzen ari
dena, Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea Arautzen duen
martxoaren 15eko 3/2007 Legean xedatutakoaren arabera, eta mediku edo psikologo
elkargokideen txostenaren bidez jarraian aipatzen diren alderdiak egiaztatzen
dituena ere:
a) Ez duela nortasun-nahasmendurik, adierazten
duen eta aitortzea nahi duen genero-identitatearen inguruko okerrik izatera
eragiten dionik, eta horren aurrean erakusten duen borondatea sendoa,
zalantzarik gabekoa eta iraunkorra dela.
b) Ez
datozela bat sexu biologikoa eta bere sentitzen duen genero-identitatea, eta
disonantzia horrek modu egonkorrean eta iraunkorrean bizi duela gutxienez sei
hilabetean.
II. KAPITULUA
TRANSEXUALITATEAREN INGURUKO POLITIKA
PUBLIKORAKO OINARRIAK
4.
artikulua. Euskadiko herri-administrazioen trataera
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beren jardunean eta kasu guztietan
aintzat hartuko dute pertsonei zor zaien tratua genero-identitatearen
araberakoa izango dela eta genero-identitate hori egokitzen zaiola bakoitzak
bere sentitzen duen sexuari.
5.
artikulua. Transfobiaren aurkako neurriak
Euskadiko
herri-administrazioek, transexualen elkarteekin lehentasunezko lankidetzan eta,
hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeekin:
a) Sistematikoki, politika proaktiboa
diseinatu, ezarri eta ebaluatuko dute, transexualek behar dituzten laguntzei
dagokienez. Politika horrek
bideragarria izateko beharrezko tresna eta egiturak izango ditu, eta
transbertsala izango da.
b) Trebatzeko, sentsibilizatzeko eta bestelako
programak garatu eta ezarriko dituzte, genero-identitatearen ondorioz sortzen
diren diskriminazio-jarrerei, aurreiritziei eta estereotipo nagusiei aurre
egiteko, era horretara lagunduz pertsonek elkar ezagut dezaten, elkarrekin
harremana izan dezaten eta euren burua onets dezaten eta era berean sustatuz
autoestimua eta duintasuna.
c) Sentsibilizazio-kanpainak abiaraziko dituzte
herritar guztientzat, genero-identitatearekin loturiko indarkeriaren azpian
dauden aurreiritziak desagerrarazteko eta transexualen genero-identitatea
errespeta dadin sustatzeko.
d) Trebatze- eta sentsibilizazio-programak
abiaraziko dituzte generoagatik diskriminaziorik ez izateko printzipioaren
inguruan, Euskadiko administrazio, organismo, sozietate eta erakunde
publikoetako funtzionarioei, lan-kontratudun langileei, estatutupekoei eta
pertsonal sanitarioari zuzenduak.
e) Ziurtatuko dute titulartasun publikoko nahiz
pribatuko hedabideen ekoizpena eta antolamendua pluralista eta ez baztertzailea
izango dela, genero-identitatearekin zerikusia duten gaiei dagokienez.
f) Transexualen eskubideak sustatu eta babesten
dituzten elkarte, talde eta erakundeen aitortza eta kreditatzea babestuko dute.
g) Euskadiko unibertsitateetako esparru akademiko
guztietan transexualitateari buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa
jasotzea eta sustatzea bultzatuko dute, eta lankidetza-hitzarmenak egingo
dituzte honako xede hauekin:
- Ikerketa eta sakontze teorikoa sustatzea,
transexualen genero-identitatea ukatzen duten teoriak eta ideologiak zabal daitezen
saihesteko.
- Transexualen errealitateari buruzko azterlan
soziologikoak eta hainbat arlotakoak prestatzea.
- Transexualen prestakuntzarako eta enplegurako
planak egiteko orientabidea eta laguntza ematea.
- Prestakuntza-planak egitea osasun-arloko eta
transexualitatearekin harremana duten beste ezagutza-arlo batzuetako
profesionalentzat.
h) Gizartean parte hartzea eta jolas- eta
kirol-arloan gehiago integratzea bultzatuko dute.
6.
artikulua. Aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua transexualentzat, familientzat
eta hurbilekoentzat
1. Euskal
Autonomia Erkidegoan, transexualek honako zerbitzu hauek izango dituzte:
a) informazioa, orientazioa eta aholkularitza
ematekoak, bai eta lege-zerbitzua ere, transexualei, haien familiei eta
hurbilekoei, transexual izateari lotutako berariazko babes-beharren inguruan.
b) kolektibo honen eskubideak defendatzeko eta
gizartearen, kulturaren, lanaren eta hezkuntzaren esparruan jasaten duen
diskriminazioari aurre egin dakion sustatzekoak.
2. Erantzukizun
publikoko zerbitzuen kudeaketari buruzko araudiaren esparruan, transexualen
elkarteen lehentasunezko parte-hartzea sustatuko da zerbitzu horien kudeaketan,
eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeena.
Gizon eta emakume transexualek zerbitzu horien kudeaketan parte-hartze orekatua
izatea sustatuko da.
3. Emakume
sentitzen den pertsona orok, baldin eta hori hala dela hirugarren artikuluan
xedatutakoaren arabera egiaztatzen badu, eta indarkeria matxistaren biktima
bada, laguntzako baliabideetara jo ahal izango du, baldintza berdinetan.
4. Artikulu
honetan aipatzen diren zerbitzuek pertsona intersexualei ere emango diete
arreta espezifikoa.
7.
artikulua. Administrazio-agiriak
1. Erregelamenduz
ezarriko da transexualek, sexua berriro esleitzeko prozesuak irauten duen
bitartean, administrazio-agiri egokiak eskuratu ahal izatea, prozesu horretan
integrazio hobea izan dezaten eta sufrimenduko edo diskriminazioko egoerak
saihets ditzaten.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren
etorkin transexualei dagokienez, aurreko lerrokadan aipatzen diren
administrazio-agiriak indarrekotzat joko dira jatorriko herrialdeko
erregistroan aldaketa egiteko aukera izaten duten arte.
2. Aurreko
paragrafoan aipatutako agiriak ematen direnean, eta, zehazki, transexualak bere
sentitzen duen sexua islatzen duen nortasun-agiri nazionala ematen denean,
Administrazioaren artxibo, datu-base eta gainerako fitxategietatik pertsonaren
lehengo identifikazioa edo transexuala dela adierazten duen edozein datu
desagerrarazteko beharrezko administrazio-tresnak baliatuko dituzte, era
koordinatuan, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, toki-administrazioek eta
Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein erakunde publikok; ezabatuko ez diren
erreferentzia bakarrak izango dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak arreta
ematen dion pertsona horren historial medikorako beharrezkoak direnak.
III. KAPITULUA
TRANSEXUALEN OSASUN ARLOKO ARRETA
8.
artikulua. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren bitartez emandako laguntza
1. Osakidetza-Euskal
Osasun Zerbitzuak, osasun publikoaren doako prestazioen esparruan,
diagnostikoak, hormona-tratamenduak eta interbentzio plastiko-kirurgikoak egingo ditu, bai eta, lege hau garatzeko,
gorputz-garapena pertsonak bere sentitzen duen generoaren aurka joateagatik
sortzen diren arazoak konpontzeko ezartzen diren tratamenduak ere.
2. Erregelamendu
bidez arautuko da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan transexualitatearen
arloko erreferentziako unitate bat, ezartzen
diren osasun-arretako zein erizaintzako profesionalez eta orobat psikologia, psikoterapia eta
sexologiaren arloetako profesionalez osatua. Erreferentziako unitateak
definituko du transexualak jarraitu beharreko prozesua, eta horretarako aintzat
hartuko ditu haren inguruabar pertsonalak, osasun-egoera eta, agerpen
biologikoan, bere sentitzen duen sexuaren araberako aldaketa egiteko nahiak.
9.
artikulua. Gida klinikoa
1. Erregelamendu
bidez ezarriko da transexualen arretarako gida kliniko bat, xede izango duena
profesionalen arteko adostasun nahikoa lortzea psikologiaren, medikuntzaren,
kirurgiaren eta sexologiaren arloan. Gida hori lehentasunezko lankidetzan
egingo da transexualen elkarteekin eta, hala badagokio, genero-identitatearen
arloan jarduten duten erakundeekin, eta arlo horretako nazioarteko
laguntza-irizpide objektibo eta estandarrak bildu beharko ditu; gainera,
jarduera mota bakoitzerako profesionalen beharrezko prestakuntza zehaztuko du
eta deribazio-bide egokienak ezarriko. Gidan jasoko da, halaber, pertsonak bere
tratamenduaren inguruko erabakietan parte har dezan jarraitu beharreko
prozedura.
2. Arreta
psikologikoaren eta psikoterapeutikoaren arloan, aplikatzekoa izango den gida klinikoak sustatu beharko du transexualak lor
dezan behar besteko osotasun emozionala bere egin duen generoaren rolean
bizitzeko, gorputz-tratamenduak ematen dizkion aukeren eta mugen balorazio
errealista eginda, eta, aldi berean, erraztasunak eman dakizkion gizarte- eta
familia-egokitzapenerako prozesuan, izan lezakeen gizarte-gaitzespenari edo
diskriminazioari aurre egiteko baliabideak emanez.
3. Aipatutako
gida klinikoak honako ildo hauek jaso beharko ditu gutxienez:
a) Transexualei aitortuko zaie eskubidea dutela
beren berariazko beharrizan eta helburuetarako egokienak diren tratamenduak
jasotzeko, bai eta beren garapen pertsonala erraztuko duen osasun-arloko arreta
integrala jasotzeko ere.
b) Transexualek bermatuta izango dute eragiten
dieten tratamenduen formulazioan parte hartzeko eskubidea, betiere haien
autonomia aitortzetik abiatuta, genero-identitateagatiko diskriminaziorik gabe
eta errespetu osoz.
c) Bermatuko da hormona-terapiak, interbentzio
plastiko-kirurgikoak eta gainerako prozedura osagarriak momentu egokian emango
direla, eta profesionalen eta zerbitzu horiek eskatzen dituztenen artean adostuko
direla.
4. Hormona-tratamendua
edo tratamendu plastiko-kirurgikoak aldez aurretik egin izana ezin izango da
baldintza gisa jarri bestelako tratamendu osagarriak jasotzeko.
10.
artikulua. Transexualen eskubideak
Euskadiko
Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 10. artikuluan
jasotako eskubideen titularrak dira transexualak. Bereziki, ondoko eskubide
hauek dituzte ospitale eta erietxe publiko zein pribatuetan:
a) Bere
sentitzen duten sexuari dagokion genero-identitatearen araberako tratua
jasotzea; identitate horri dagozkion geletan edo zentroetan ingresatuak izatea,
sexuaren araberako areto desberdinak badaude, eta, azken batean, beren
genero-identitateari dagokion tratua jasotzea.
b) Esperientzia nahikoa duten profesionalen arreta
jasotzea, nola tratamenduari dagokioen espezialitate zehatzean hala
transexualitatearen arloan oro har.
c) Eragiten dieten tratamenduen inguruan
informazioa jasotzea eta kontsultatuak izatea.
d) Zalantzarik badute, bigarren iritzi bat
eskatzea beste mediku bati, tratamendua edo interbentzio kirurgikoa egin
aurretik.
11.
artikulua. Adingabe transexualen arreta
Transexual
adingabeek erabateko eskubidea dute beren transexualitateari buruzko
diagnostiko eta tratamendu mediko egokia jasotzeko, bereziki hormonen bidezko
terapia. Adingabeei eman beharreko osasun-arretan aintzat hartuko da,
adingabeak diren aldetik, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko
otsailaren 18ko 3/2005 Legeak ezartzen duena, eta halaber, pazientearen
autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta
betebeharrak arautzen dituen 2002ko azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legean
ezarritakoa.
12.
artikulua. Estatistikak eta datuen tratamendua
1. Transexualen
osasun-arloko arretaren jarraipenean sartuko da, halaber, Osakidetza-Euskal
Osasun Zerbitzuak estatistikak sortzea egiten diren tratamendu, terapia eta
ebakuntzen emaitzei buruz. Estatistika horietan zehaztuko dira erabilitako
teknikak, izandako arazoak eta erreklamazioak, bai eta laguntzaren kalitatearen
balorazioa ere.
2. Artikulu
honen 1. paragrafoan aurreikusitako estatistikak egiteko, Osabide Global
fitxategia erabiliko da. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua da fitxategi horren
titularra, eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan
ezarritakoa aplikatuko du.
13.
artikulua. Profesionalen prestakuntza
Euskal
Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioak neurri egokiak ezarriko ditu,
dagozkion profesionalen elkarteekin, unibertsitateekin, transexualen
elkarteekin eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten
elkarteekin elkarlanean, profesionalei transexualitateaz eta emakume eta
gizonen arteko berdintasunaz berariazko prestakuntza jasotzeko duten eskubidea
bermatzeko, eta, orobat, transexualei arlo horretan esperientzia nahikoa eta
egiaztatua duten profesionalen arreta jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.
IV. KAPITULUA
LAN ESPARRUAN EZ DISKRIMINATZEA
14.
artikulua. Lan-esparruan ez diskriminatzeko printzipioa
Euskadiko
herri-administrazioek, haiei atxikitako erakunde publikoek eta haien mendeko
erakundeek ziurtatuko dute langileen kontratazioan eta sustapen-politiketan ez
dela diskriminaziorik egingo genero-identitatea dela-eta.
15.
artikulua. Ekintza positiboko neurriak enpleguaren arloan
Euskadiko
herri-administrazioek ekintza positiboko plan eta neurri egokiak prestatu eta
aplikatuko dituzte, jada indarrean dauden enplegu-baliabideak erabilita,
transexualen kontratazioa eta enplegua sustatzeko.
V. KAPITULUA
TRANSEXUALITATEAREN TRATAMENDUA HEZKUNTZA
SISTEMAN
16.
artikulua. Transexualitatearen tratamendua oinarrizko hezkuntzan
Euskadiko
Administrazio publikoak bermatuko du hezkuntzako metodo, curriculum eta
baliabideek genero-identitateen dibertsitatea ulertu eta errespetatzen
laguntzen dutela, ikasleen eta gurasoen eta senitartekoen behar bereziak
kontuan izanda.
17.
artikulua. Transexualitatearen arloko jarduerak
Euskadiko
Hezkuntza Administrazioak, transexualen elkarteekin lehentasunezko lankidetzan
eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeekin:
a) Trebatze- eta sentsibilizazio-programetan
sartuko ditu, giza eskubideen gaineko nazioarteko arauei eta berdintasunaren
eta diskriminaziorik ezaren printzipioei buruzkoekin batera,
genero-identitatearen gaineko programak, hezkuntza publikoko maila guztietako
ikasle eta irakasleentzat.
b) Neurri egoki eta beharrezko guztiak hartuko
ditu, hezkuntza- eta trebakuntza-programak barne direla, genero-identitatean
oinarritutako edozein diskriminazio desagerrarazteko.
18.
artikulua. Transexualei buruzko jarduerak
Euskadiko
Hezkuntza Administrazioak bermatuko du, beharrezko diren neurriak hartuta,
babes egokia emango diela ikasle, langile eta irakasle transexualei
diskriminazio, gizarte-bazterketa eta indarkeria ororen aurka, bai eta
jazarpenaren eta erasoen aurka ere, eskolaren eremuan.
Xedapen
Gehigarriak
Lehena.
Gida klinikoa
Gehienez
ere sei hilabeteko epean, adituen batzorde bat jarriko da abian, eta,
transexualen elkarteekin eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan
jarduten duten erakundeekin lankidetzan, transexualen arretarako gida klinikoa
prestatuko du, lege honen 9.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Bigarrena.
Erreferentziako unitatea
Lege
hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean jarriko da abian,
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan, transexualitatearen arloko erreferentziako
unitatea, lege honen 8.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa.
Erregelamendu bidezko garapena
Eusko
Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen
dituen erregelamendu-mailako xedapen guztiak eman ditzan.
Bigarrena.
Indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera
sartuko da indarrean.