14/1998 Legea, ekainaren 11koa, Euskadiko kirolarena.
1998-06-11Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/6/25, 118. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.
§ 220. 14/1998 LEGEA, EKAINAREN 11KOA, EUSKADIKO
KIROLARENA
ZIOEN ADIERAZPENA
I.- Euskal Autonomia Erkidegoak
erabateko eskumena du kirol-gaietan, Autonomi Estatutuaren 10.36. artikuluak
dioenaren arabera. Eskumen horren babesean Legebiltzarrak, kirolak gure egungo
gizartean, hezkuntzan, osasunean eta ekonomian duen garrantzia ikusirik,
otsailaren 19ko 5/1988 Legea, Soin Kulturarena eta Kirolarena, onartu zuen.
Kirolaren arlo ugariak antolatzeko beharraren ondorioz sortu zen legea, ordura
arteko arauketa eta egituraketa urriak ziren eta.
Hala ere, kirolaren ezaugarriak dinamismoa
eta etengabeko aldaketak izan dira betidanik. Kirol-mundua aldakorra da bere
ezaugarrietan eta ezin ditu eduki betirako printzipioak eta inoiz indarra
galtzen ez duten arauak, ordenamendu juridikoaren beste zenbait sektoretan
gertatzen den modura. Hori dela eta, argi dago 5/1988 Legea onartu zenetik
kirolean izugarrizko aldaketak gertatu direla, Estatuan nahiz nazioarteko
eremuan. Horrenbestez, legea gizarteko errealitate berrira egokitzeko beharra
ikusi da.
Eztabaidaezina da 5/1988 Legeak izan duen egiteko
garrantzitsua. Gehienek aitortu diote kalitate teknikoa eta balio politikoa
nahiz kirol arlokoa. Hala ere, lege hori indarrean egon den bitartean, antzeman
da kirolaren zenbait arlori emandako tratamendua ez dela guztiz egokia izan.
Urteetan zehar, halaber, ikusi da arazo larriak gertatu direla eta ez zegoela
araurik arazo horiei aurre egiteko. Beraz, ezinbestekoa da arazoei ahalik eta
azkarren legearen bidez erantzuna ematea.
Esandako guztiak nahikoa arrazoi dira etapa berri bati ekiteko
eta indarrean dagoen kirolari buruzko legedia berritzeko, izan diren
aldaketetara egokitzeko eta, horrezaz gain, urrutirago doan ikuspegia harturik
etortzekoak diren aldaketetarako prestatzeko. Gauza jakina da euskaldunek
jarrera ona izaten dutela edozein kirol-jardueratan parte hartzeko eta gaitasun
handia dutela kirol-ekintzak antolatzeko, eta horrek lege-esparru berria
eskatzen du eta behin betiko bultzada, une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan
dagoen egiturari eusteko.
Gorabehera horiek kontuan hartuta, arau-mailarik gorenaren
bidez antolatu da kirola, hots, lege baten bidez. Legea gainerako
autonomia-erkidegoetako arauak baino harago doa, hainbat arazo bildu ditu eta
arau-esparru bat egituratu du euskal kirolak dituen errealitate guztietarako.
II.- Orain
aldarrikatzen den legearen I. titulua aplikazio-eremuari eta printzipioei
buruzkoa da, eta hartan aurreko testua errespetatu da funtsean. Proposatu diren
aldaketak teknika juridikoari eta edukiari buruzkoak dira. Teknika juridikoaren
aldaketei dagokienez, ahalik eta gehien sinplifikatu da herri-agintarien
jardueraren printzipio gidariak biltzen dituen apartatua. Nabarmentzekoa da,
bereziki, herri-aginteek kirol-praktika bermatu beharra dutela laguntza
pribatua sustatuz. Kirolerako ekonomi baliabideak eskuratzeko, sektore
pribatutik lortu behar da finantzazioa, ekintza publikoaren osagarri izan
dadin. Printzipio gidari berriak sartu dira, halaber, kiroletik indarkeria
erauzteko, emakumea kirolean maila guztietan sartu ahal izateko baldintzak
bultzatzeko, dopatzea zigortzeko edo, adibidez, unibertsitatean kirola
sustatzeko.
III.- II. tituluak,
Estatuaren eta gainerako autonomia-erkidegoen legeen egitura jarraituz,
kirolaren lehiaketa-antolaketaz dihardu, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen
ondorioz onartutako jarraibideetatik abiatuta (lege hori Autonomia Elkarte
Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Jardute
Erakundeen Arteko Harremanei buruzkoa da). Oraingo legeak aurreko legearen ildo
beretik sakondu du eta eskumeneko arloak zehatz-mehatz mugatu ditu, 5/1988
Legearen indarraldian izan diren interpretazio-desadostasun ugariak ekiditeko.
IV.- III. titulua
euskal kirolaren elkartze-egitura antolaketa-arlo guztietan arautzeari buruzkoa
da. Hainbat gauza berri dakartza araudi berriak. Aipagarria da, lehenik eta
behin, kirol-sozietate anonimoei egiten zaien beren-beregizko aitorpena.
Bigarrenik, federazio-sarea berregituratzea pentsatu dugu, orain arte neurri
desegokikoa izan baita eta arazo bereziak izan baititu. Federazioen atomizazio
kezkagarriari konponbidea bilatu nahi izan diogu, kirol-federazio asko
baititugu Euskal Autonomia Erkidegoan ia ezarpenik gabekoak eta kirol-jarduera
urria kudeatu dutenak, altxor publikorako onartezinak diren kostuekin.
Horrenbestez, baldintza berriak ipini dira kirol-federazioak sortzeko, eta behar
bezalako ezarpenik ez duten kirol-motek ez dute aukerarik izango
kirol-federazio bihurtzeko. Horrezaz gain, lege-mailako hainbat mekanismo jaso
dira kirol-federazio batzuk sortarazteko izan ziren arrazoiak desagertzean
aitorpen ofiziala ezeztatzeko. Kirol-federazioei esleitutako egiteko
garrantzitsuak aintzat harturik, herri-administrazioaren ordezkari
laguntzaileak baitira bakoitzari dagokion kirol-mota antolatzeari dagokionez,
hainbat manu sartu dira parte hartzeko eta kontrolatzeko, bai eta babesteko eta
laguntzeko ere. Lege berriak, halaber, kirol-federazioetako xedapenak aldizkari
ofizialetan argitaratzeko nahitaezkotasuna jaso du. Bestalde, kirol-elkartearen
nozioa berritu egin da, aurreko legean izandako esperientzia txarra kontuan
hartuta.
V.- IV. titulua
kirol-lehiaketei buruzkoa da, eta lehiaketen sailkapen koherentea egin du
kirolaren lehiaketa-eremuak kontuan hartuta. Testuak, halaber, garrantzi
handiko ezaugarri bat jaso du: baimen-motek izan behar duten izaera arautu
esplizitua eta baimen horien gutxieneko edukia eta eraginak.
VI.- V. tituluak
kirol-sistema guztien euskarrietako batez dihardu: eskola-kirolaz. Kirola
garrantzitsua da eskolako ikasleen heziketa osorako, nortasunaren garapen
harmonikorako eta baldintza fisiko eta prestakuntza egokiak lortzeko, gerora
begira ere kirola egiten jarraitu ahal izan dadin. Hori da legeak kontuan hartu
duena eta ez du aldaketa handirik ekarri. Eskola-kirola arautzen duen
kapitulua legearen beste titulu batzuetan eskola-kirolaz bildu diren aurreikuspenekin
osatu da.
Arreta berezia eskaini zaio, halaber, unibertsitate-kirolari,
unibertsitatearen autonomia errespetatuta beti ere. Kirola gizarteratzeko
edozein prozesutan ezin dugu unibertsitatea alde batera utzi. Kirol eta gizarte
garapen handiko herrietako esperientziak erakusten digunez, unibertsitatea
erakunde aproposa da kirol-jarduera hedatzeko erronka bere gain hartzeko,
kirol-jardueraren jarraipena ziurtatzeko adin egokian dagoen biztanleria
baitauka bere baitan.
VII.- Kirol-teknikarien
prestakuntzaren eta titulazioen gaia da legearen kezkarik nagusienetako bat.
Jarraibide asko diseinatu dira arlo horretan: batetik, legezko babesa eman zaio
kirol-teknikari tituludunak izan beharrari, irakasteko, zuzentzeko eta
bestelako jarduerak burutzeko; bestetik, bertan behera utzita dagoen
kirol-teknikarien prestakuntzaren gaian sakondu da eta Kirolaren Euskal Eskola
sortzea jaso da.
VIII.- VII. tituluan
kirolarien asistentziaren eta babesaren arazoaz dihardu legeak. Titulu horretan
nabarmentzekoa da kirolarien segurtasunaren eta osasunaren babes orokorra,
edozein jarduera burutzen dutela ere. Horrekin batera, oinarrizko euskarriak
dira arriskuen estaldura eta erantzukizun zibilaren sistema. Goi-mailako
kirolak leku berezia dauka legean, funtsezko faktorea baita Autonomia
Erkidegoko kirolaren garapenerako; eta funtsezko faktorea da bizigarria delako
oinarriko kirolarentzat eta ordezkaritza-funtzioa betetzen duelako Estatuko
nahiz nazioarteko lehiaketetan.
Legeak kontuan hartu
du dopatzearen gaia ere. Agintari publikoek eta kirol-antolakundeek
erantzukizun osagarriak dituztela abiapuntutzat hartuta, legeak kontuan hartu
du dopatzearen arazoa diziplina-bidetik kanpo ere.
Kirol-medikuntzaren
eta osasun-laguntzaren arloan xehetasun handiagoz zehaztu dira Administrazioaren
eskumenak, bai eta diru publikoen konturako osasun-prestazioak ere. Eusko
Jaurlaritzak eskumena du, halaber, pertsonen osasunerako arriskutsuak diren
kirol-jarduerak debekatzeko. Horrekin batera, kirolarientzako
osasun-txartela eratzeko aukera jaso da, beste herrialde batzuetan egiten den
modura.
IX.- VIII. tituluan
legeak kirol-ekipamenduen eta zerbitzuen arloa jorratu. Kirol-jarduerak
ekipamendu ez arruntetara ere jo duenez, gomendagarria zen horien aipamen
bereizia egitea legean. Bestalde, kirol-instalazioen erabiltzaileei legeak
ematen dien babesa jaso da, eta gutxieneko kalitatea, garbitasuna eta
segurtasuna ziurtatzeko baldintzak finkatu dira. Lege berriak
kirol-instalazioen izaera pribatua zehaztu du, finantzazioari begira.
Kirol-ekipamenduen erroldak osatzeko eta eguneratzeko betebeharrak ezarri dira,
bide batez. Kirol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen arazo kezkagarria ere
aipatu da lehenengo aldiz, arazo hori arautu gabe zegoen-eta orain arte.
X.- Kirol-lehiaketetan
edo horien inguruan sortzen den indarkeriari aurre egiteko baliabideak ezartzea
sustatu nahi izan du legeak. Gizartea gero eta kezkatuagoa dago indarkeriaren
gorakadagatik orokorrean. Kirolarekin zerikusia duen indarkeria gizartean
dagoenaren isla baino ez dugu, baina beharrezkoa da neurri batzuk hartzea
kirol-jarduera garatzen den ingurunea kontuan hartuta. Kirolak heziketari eta
osasunari egiten dizkion mesedeak aldarrikatzen dituen lege batek kontuan hartu
behar ditu kirolaren baitako indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta
zigortzeko neurriak. Europako Kontseiluak indarkeriari buruz landutako Europako
Hitzarmenean azaltzen diren printzipioetara egokitzea izan da legearen xedea.
XI.- Legeak arreta
handia eskaini dio kirol-diziplinako araubideari, eta hori kirol-egitura
pribatuen bitartez gauzatuko da. X. tituluak diziplina-gaiez dihardu eta
zenbait berritasun jaso ditu: azkenaldi honetan azaldu diren jokabide
gaitzesgarri batzuk arau-haustetzat jotzea edo kirolaren baitatik indarkeria
edo dopatzea erauzteko zigor-neurriak sartzea. Gogoan izan behar da, halaber,
aurreko 5/1988 Legeak arau-hauste gutxi batzuentzat baino ez zuela jaso
zigor-ahalmena; horren ondorioz, kirol-federazioetako gobernu eta ordezkaritza
organoetako kideen hainbat egintza edo ez-egite inolako zigorrik gabe geratu
ohi ziren. Egoera horren aurrean, lege berriak zehaztu egin du, zabaldu egin du
kirol-diziplinaren kontzeptua. Hala, behar bezala bete da legezkotasunaren
printzipioa eta ezinbestekoak diren oinarrizko elementuak ezarri dira, eta
horietatik abiatuta zehaztuko da araudi bidez kirol-diziplinaren eduki osoa.
XII.- XI. tituluan
zigorren lege-esparru berria jaso da. Era horretara, bete egin da Konstituzioak
herri-administrazioaren zigor-ahalmena lege-mailako arau batez babesteko duen
beharkizuna. Kirola gizartean oso sartuta dagoenez, aginte publikoek gero eta
parte-hartze handiagoa izan ohi dute kirol-ekitaldiak arautzen. Arautze horren
beharra onartzen bada, ezinbestez eduki behar da zigor-araubide zehatza,
kirolean jarraitu beharreko arauak maiz hausten baitira. Horrela, bada,
arau-hausteen larritasunaren sailkapen berria egin da eta zigorren zenbatekoak
eguneratu egin dira. Otsailaren 19ko 5/1988 Legean jasota ez zeuden hainbat
jokabide ere arau-hauste gisa tipifikatu dira lege berrian.
Horrenbestez, legeak bete egin du konstituzio-jurisprudentziak
mugatzen duen legezkotasun-printzipioa, zigor-araubideari buruzko kapituluan
bezalaxe. Era berean, oinarrizko eta ezinbesteko elementuak ezarri ditu,
horietatik abiatuta zigor-araubidearen eduki osoa araudi bidez zehazteko.
XIII.- XII. titulua
kirol-justiziari buruzkoa da, eta formula estrajudizialak jaso ditu kirolaren
baitan azaltzen diren gatazkak erabakitzeko. Gatazka horiek gero eta maizago
ari dira judizialak bihurtzen eta lehiaketako kirolaren dinamismoa ez da ondo
moldatzen Justizi Administrazioaren jarduera ez oso egokiarekin. Horregatik,
kiroleko arbitratzeari lege-mailako instituzionalizazioa ematearen aldeko
apustua egin dute Estatuko 10/1990 Legeak eta erkidegoetako legeek. Euskal Autonomia
Erkidegoko kirol-legediak ez zuen aurreikuspenik orain arte eta beharrezkoa zen
legea berritzea, legean formula estrajudiziala sartzeko. Legearen testua
idazterakoan, zuzendu nahi izan da arbitratzearen eta kontziliazioaren artean
dagoen nahastea, beste erkidegoetako lege batzuetan gertatu dena, eta ezabatu
egin dira lege horietan azaltzen diren justifikaziorik gabeko murrizketak.
Berritasun gisa, kirol-federazioak derrigortuta daude arbitratze-formulak
aurreikustera eta arautzera beren kideen artean sortzen diren auzietarako.
Titulu honetan jorratu den beste arazoetako bat oraingo Kirol
Diziplinako Euskal Batzordearen eskumen-eremu murritza zabaltzea izan da; lehen
diziplina-gaiak hartzen zituen bakarrik eta ezin zituen erabaki bestelako
kirol-auziak. Lege honek kirol-mugimenduaren aspaldiko nahia bete du gure
Autonomia Erkidegoan: Kirol Justiziako Euskal Batzordea edukitzea, eskumena
izango duena hauteskunde-prozesuekin, federazio-lizentzien tramitazioarekin,
maila igoerekin eta jaitsierekin eta abarrekin zerikusia duten gaietan
erabakitzeko.
XIV.- Azkenik,
"esparru-lege" baten aurrean gaudela nabarmendu behar da. Legearen
helburua estaldura zabala ezartzea izango da, etorkizunean kirolean gerta
daitezkeen aldaketetara unean-unean araudi bidez egokitu ahal izateko. Legearen
arauketa zabala izan da, hain zuzen kirolari buruzko gai eta arazo asko
jorratzen dituelako oinarrizko mailan, baina oinarrizko arauketa horrek
ezinbestekoa izango du araudi bidez osatzea. Azken finean, arau ireki eta
malguaren aldeko apustua egin dugu, kirolak hain ezaguna duen dinamismorako
egokia izan dadin.
I
TITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
Artikulua - Helburua eta aplikazio-eremua
Euskal Autonomia Erkidegoan kirola
arautzea da lege honen helburua.
2.
Artikulua - Printzipio gidariak
1.- Kirola
interes publikoko gizarte-jarduera da, pertsonak bete-betean prestatzeko eta
garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko
lagungarria.
2.- Pertsona
guztien funtsezko eskubidea da kirola askatasunez eta norbere borondatez
egitea.
3.- Aginte publikoek,
zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, eskubide hori behar bezala gauzatzea
bermatuko dute. Horretarako, burutuko duten kirol politikak printzipio hauek
izango ditu oinarrian:
a) Hezkuntza-sisteman
kirolari eta gorputz-hezkuntzari lekua ematea.
b) Kirol-elkarteak
bideratzea eta sustatzea, bai eta kirol arloko antolakuntza-egitura pribatuak
onartzea eta babestea ere.
c) Goi-mailako
kirola bideratzea eta sustatzea kirol-federazioen parte-hartzearekin.
d) Kirol-jarduera
gizarte-maila guztietara, batez ere ahulenetara, zabaltzeko programa bereziak
onartzea eta burutzea.
e) Lehiaketa-kirola
bideratzea eta sustatzea.
f) Kirol
arloan ikerkuntza zientifikoa bultzatzea, kirolaren kalitatea hobetzeari
begira.
g) Kirol-teknikarien
prestakuntza bideratzea eta bultzatzea Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen eta
kirol-federazioen parte-hartzearekin.
h) Kirolarientzako
mediku-laguntzako sistema espezializatua bideratzea eta bultzatzea.
i) Kirol-instalazioetan
segurtasuna eta higienea aurrezaintzeko eta kontrolatzeko sistema bat
bideratzea eta bultzatzea, ezinduak modu errazean sartu-irtetea bermatuz.
j) Behar
diren neurriak hartzea kirola eta kirolariak helburu politiko, ekonomiko edo
bestelakoen gehiegizko esplotaziotik babesteko.
k) Indarkeria kirol-mundutik erauzteko
beharrezkoak diren neurriak hartzea.
l) Kirol-ekitaldietan parte hartzen dutenei
arriskuen estaldura egokia bermatzeko neurriak hartzea.
m) Lankidetza arduratua izatea kirol arloan
herri-administrazioen artean eta herri-administrazioen eta kirol-federazioen
eta/edo beste edozein kirol-erakunderen artean.
n) Ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo
mistoak dituzten herritarren artean kirol-ekintzak sustatzea, zeharo
gizarteratu daitezen laguntzeko.
ñ) Emakumea maila guztietako kirol-praktikan
sartzea erraztuko duten egokierak sustatzea.
o) Kirol-jardueretan
naturaz modu egokian baliatzea bultzatzea, ingurugiroaren babesarekin
bateragarria izan dadin.
p) Kirol-instalazioen
ahalik sarerik onena planifikatzea eta sustatzea.
q) Kirola
aisialdi-aukera eta osasun-ohitura modura sustatzea, helburu hori lortzeko
egokiak diren kirol-ekintzak aldeztuz.
r) Oinarriko
kirola, batez ere eskola-kirola, bideratzea eta sustatzea, euskal kirola maila
guztietan garatzeko eragilea den neurrian.
s) Euskal
kirolari laguntzea Estatuan nahiz atzerrian.
t) Euskal
Herriko kirol-motak babestea eta sustatzea.
u) Kirola
kultur osagaitzat eta gizarte-bateratzailetzat aitortzea.
v) Ideario
olinpikoa onartzea eta babestea, eta dopatzea eta osasunaren nahiz pertsonaren
duintasunaren aurkako beste edozein jokabide kiroletik erauzteko neurriak
hartzea.
w) Kirolaren
babesle pribatuak sustatzeko neurriak hartzea jardun publikoaren osagarri gisa.
x) Unibertsitate-kirola
bideratzea eta sustatzea.
y) Espetxeetan
kirol-programak sustatzea, presoen gizarteratzea lortzeko.
II
TITULUA
ADMINISTRAZIO
ANTOLAKUNTZA
3.
Artikulua - Xedapen orokorrak
Euskadiko kirolaren antolakuntza
instituzionala herri-administrazioen deszentralizazio, koordinazio eta eraginkortasun
printzipioetan oinarrituko da bakoitzari dagozkion eskumenak erabiltzerakoan,
kirol-federazioen, kluben eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen
lankidetzarekin eta parte-hartzearekin. Kirol-federazioek,
herri-administrazioen ordezkari laguntzaile diren aldetik, haiekin aktiboki
hartuko dute parte Euskadin kirola antolatzen eta garatzen.
4.
Artikulua - Erakunde komunak
1.- Autonomia
Erkidegoko erakunde komunek kirol arloan Euskal Autonomia Erkidegoari Autonomi
Estatutuaren indarrez dagozkion eskumen guztiak erabiliko dituzte, salbu eta
lege honetan edo gainontzeko antolamendu juridikoan lurralde historikoetako
foru-organoei, udalei edo gainontzeko toki-erakundeei ematen zaizkienak.
2.- Autonomia
Erkidegoko erakunde komunei dagozkien eskumenak hauek izango dira zehazki:
a) Euskadiko
Kirol Erakundeen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.
b) Kirol-diziplinako
arauak finkatzea.
c) Goi-mailako
kirola bideratzea eta sustatzea.
d) Kirol
Federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea
beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren
kalterik gabe.
e) Kirola
egiteko derrigorrezkoak diren gaitasun-azterketa medikoak arautzea.
f) Kirolaren
Euskal Kontseilua arautzea eta antolatzea.
g) Kirol
Justiziako Euskal Batzordea arautzea eta antolatzea.
h) Kirol-teknikariak
prestatzeko zentroak eta horietako irakaskuntzak eta tituluak arautzea,
ofizialki onartzea eta bultzatzea.
i) Kirol-federazioen,
kirol-kluben eta gainontzeko kirol-erakundeen araubidea finkatzea.
j) Kirol-klubak interes publikoko izendatzearen
arautzea.
k) Kirol-lizentzien araubidea finkatzea.
l) Kirol-instalazioen
eraikuntza, erabilera eta mantenimendua arautzea.
m) Eskola-kirolaren
oinarriak eta printzipioak, kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak
finkatzea.
n) Kirol-zentroak
arautzea.
ñ) Era
bereko irizpideak onartzea herri-administrazioek kirol-ekipamenduen erroldak
egin ditzaten.
o) Kirol-erakundeen
zuzendaritzako kideentzako estututua onartzea.
p) Autonomi
Erkidegoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.
q) Dopatzea
aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.
r) Naturan
egiten diren kirol-ekintza arriskutsuen antolakuntza arautzea.
s) Indarkeria
aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko arauak ezartzea.
t) Kirol-mota
berriak onartzeko irizpideak eta baldintzak onestea.
u) Jarduera
jakin bat kirol-motatzat kalifikatzea.
v) Kirolariaren osasun-txartela arautzea.
w) Unibertsitateen
arteko kirol-ekintzak bideratzea eta koordinatzea, eta Unibertsitate Kirolaren
Euskal Batzordea arautzea.
x) Kirol-ekitaldien
antolakuntza arautzea.
5.
Artikulua - Lurralde historikoetako foru-organoak
Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan,
eskumen hauek erabiltzea:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-kirolaren
arloko arauak garatzea eta udal-aministrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.
b) Kirola guztientzat sustatzeko kirol-politika
onartzea eta udal-administrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.
c) Kirol-erakipamenduen arlokako lurralde-planak
onartzea.
d) Lurralde historikoko kirol-ekipamenduen
errolda onartzea eta eguneratzea.
e) Kirol-ekipamenduak eraikitzeko, zabaltzeko
eta eraberritzeko finantzaketa-planak onartzea eta gauzatzea.
f) Goi-mailako kirolean etorkizun oparoa izan
dezaketen kirolariei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea.
g) Lurraldean helbidea duten klubei eta
gainontzeko kirol-elkarteei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea.
Horretarako, diru-laguntzak eskainiko dira eta elkarteek beren ekintzak
diru-laguntzen helburuetara egokitzea kontrolatuko da.
h) Lurraldeko kirol-federazioak onartzea,
laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete
ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.
i) Udalaren kirol-zerbitzuak koordinatzea eta
laguntzea eta zerbitzu horien kudeaketa bateratua bultzatzea.
j) Lege honen eta legea garatzen duten arauen
indarrez dagozkien gainerako eskumenak eta egitekoak baliatzea, baita eta
azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera
eskualdatu edo eskuordetu daitezkeenak ere.
6.
Artikulua - Udalak
Udalei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek
betetzea:
a) Lurralde
historikoetako foru-organoek onartutako eskola-kiroleko programak burutzea,
haiekin koordinatuta jokatuz.
b) Udalaren
kirol-ekipamenduak eraikitzea, zabaltzea eta hobetzea, eta orobat kudeatzea eta
mantentzea ere.
c) Kirol-ekipamenduen
hirigintza-plangintza egiteko tresnak onartzea eta gauzatzea.
d) Udalaren
kirol-ekipamenduen erabilera arautzeko ordenantzak onartzea.
e) Lurralde
historikoetako foru-organoek kirola guztientzat zabaltzeko onartutako programak
gauzatzea.
f) Udalaren
kirol-ekipamenduen errolda bat onartzea eta eguneratzea.
g) Lege
honen, gainontzeko legezko xedapenen eta lege hau garatzeko arauen indarrez
dagozkien eskumen eta egitekoak baliatzea, bai eta eskuordetzan eman
dakizkiekeenak ere.
7.
Artikulua - Kirolaren Euskal Kontseilua
1.- Kirolaren
Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten
gaietan aholkularitza emateko, kontsulta eta jarraipena egiteko eta eztabaidatzeko
herri-administrazioen arlo-organo nagusia izango da, eta Eusko Jaurlaritzan
kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.
2.- Eusko
Jaurlaritzaren, Euskadiko foru nahiz udal administrazioen eta euskal
kirol-federazioen ordezkariek osatuko dute Kirolaren Euskal Kontseilua.
Halaber, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularrak
kirol-munduan ospe handia dutenen artean izendatutako pertsona batzuk ere
kontseiluko kide izango dira.
3.- Kirolaren
Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, jarduera-arauak eta egitekoak
araudi bidez ezarriko dira. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da kontseiluak
esku hartzea kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuetan".
8.
Artikulua - Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea
1.- Sustapen
Olinpikorako Euskal Batzordea Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen sailari
atxikita dagoen organo independentea da. Bere helburua da mugimendu olinpikoa
garatzea, ideal olinpikoak zabaltzea eta euskal kirolariak Joko Olinpikoetarako
presta daitezen, haietan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten sustatzea.
2.- Honako
hauek izango dira Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideak: Eusko
Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularra, batzordeko lehendakari;
kirol-mota olinpikoak dituzten euskal kirol-federazioen ordezkariak eta
kirol-munduko pertsona garrantzitsuak.
3.- Sustapen
Olinpikorako Euskal Batzordeak euskal federazioen partaidetza izango du eta Euskal
Herriko kirolen sustapena bultzatuko du.
4.- Sustapen
Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere erakuntzari, antolakuntzari eta
jardunbideari buruzko gorabehera guztietarako, lege hau eta berau araudi bidez
garatzen duten xedapenak izango ditu araubide.
III
TITULUA
KIROL
ERAKUNDEAK
I
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
9.
Artikulua - Kirol-erakunde motak
Lege honen ondorioetarako, kirol-erakunde
motak hauek izango dira: kirol-klubak, kirol-elkarteak, kirol-sozietate
anonimoak, kirol-federazioak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna.
10.
Artikulua - Izenak
Kirol-kluba, kirol-elkartea eta
kirol-federazioa izenak lege honetan izen horiekin arautu diren erakundeek
erabiliko dituzte bakar-bakarrik. Debekatuta dago nahasbide gerta daitekeen
izen berdin edo antzeko oro erabiltzea.
II
KAPITULUA
KIROL-KLUBAK
11.
Artikulua - Kontzeptua eta araubide juridikoa
1.- Lege
honen ondorioetarako, kirol-klubak elkarte pribatuak izango dira,
irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak. Pertsona fisiko edo
juridikoek osatuko dute, kirol-mota bat edo gehiago sustatzea edo praktikatzea
helburu dutenak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe.
2.- Kirol-klubek,
eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege
honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, kluben beren estatutuak eta
araudiak, eta kluben organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte
jarraibide.
3.- Atxikita
dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie
klubei.
4.- Kirol-kluben
estatutuek araudi bidez zehaztutako gaiak arautu beharko dituzte. Era berean,
demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera finkatuko dute beren
barne-egitura eta jarduera-arauak, eta ordezkaritza eta administrazio organo
guztien hautaketa bazkide guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz egitea
zehaztuko dute.
5.- Kirol-klubek
eratze beretik izango dute nortasun juridikoa, eta erregistroan inskribitzeak,
bakar-bakarrik, lege honen ondorioetarako onarpen ofiziala adieraziko du.
III
KAPITULUA
KIROL-ELKARTEAK
12.
Artikulua - Kontzeptua eta araubide juridikoa
1.- Pertsona
juridikoak Kirol Erakundeen Erregistroan sartu ahal izango dira baldin eta beren
helburu nagusiaren osagarri gisa burutzen badituzte kirol-ekintzak, lehiaketa
ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe. Horretarako, nortasun
juridikorik gabeko kirol-elkarteak sortu ahal izango dituzte beren baitan.
2.- Kirol-elkarteek,
eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege
honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, erakunde nagusien menpeko gisa
dituzten arauak eta beren organoek legez hartutako erabakiak izango dituzte
jarraibide.
3.- Atxikita
dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie
kirol-elkarteei.
IV
KAPITULUA
KIROL-SOZIETATE
ANONIMOAK
13.
Artikulua - Araubide juridikoa
Euskal Autonomia Erkidegokoan helbidea
duten kirol-sozietate anonimoek arlo honetan Estatuan dagoen berariazko legedia
izango dute jarraibide.
14.
Artikulua - Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzea
1.- Elkarte-helbidea
Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-sozietate anonimoek, lege honetatik eta
ondorengo araudietatik eratorritako onura bereziak jaso nahi baldin badituzte,
Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute.
2.- Euskal
Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzen
diren kirol-sozietate anonimoak kirol-klubtzat joko dira kirol-federazioetan
inskribitzeari eta parte-hartzeari dagokionez.
3.- Inskribitzeko
jardunbidea eta baldintzak araudi bidez zehaztuko dira.
V
KAPITULUA
KIROL-FEDERAZIOAK
15.
Artikulua - Kontzeptua eta araubide juridikoa
1.- Lege
honen ondorioetarako, kirol-federazioak erakunde pribatuak izango dira,
irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak, beren lurralde-esparruan
kirol-mota bera sustatzen edo praktikatzen duten kirolari, teknikari, epaile,
elkarte eta taldeak bilduko dituztenak.
2.- Kirol-federazioek
lege hau, legea garatzeko xedapenak, beren estatutuak eta araudiak, eta beren
organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.
3.- Kirol-federazioek,
beren eskurantzez gain, administrazio-egiteko publikoak ere burutuko dituzte
eskuordetzan. Kasu horretan, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaile gisa
arituko dira.
16.
Artikulua - Kirol federatuaren antolakuntza
1.- Euskadiko
kirol-federazioak lurralde-federazioetan eta euskal federazioetan antolatuko
dira.
2.- Lurralde-federazioek
lurraldean beren kirol-motan ofizialak diren kirol ekintza eta lehiaketak
bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.
3.- Euskal
federazioek beren kirol-motako Erkidego-esparruko kirol ekintza eta lehiaketa
ofizialak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.
4.- Aisialdiko
kirol-jarduera ere bultzatu beharko dute lurralde-federazioek eta euskal
federazioek, zeinek bere kirol-motan.
5.- Lurralde-federazioek
izango dute beren kirol-estamentuen ordezkaritza euskal federazioetan.
6.- Euskal
federazioei baino ez dagokie euskal kirol federatua Estatuan eta atzerrian
ordezkatzea, zeini bere kirol-motan. Beren kirol-selekzioek Estatuko eta
nazioarteko kirol ekintza eta lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bideratu
beharko dute euskal federazioek.
7.- Lurralde-federazioek
beren kirol-motako euskal federazioetan sartu beharko dute.
8.- Euskal
federazioetan lurralde-federazioetako kirol-estamentu guztiak egongo dira
ordezkatuta.
17.
Artikulua - Barne-egitura eta jarduera
1.- Kirol-federazioek
demokrazia eta ordezkaritza printzipioei loturik arautuko dute beren barne-egitura
eta jarduera beren estatutuetan eta araudietan.
2.- Kirol-federazioen
estatutuek gutxienez puntu hauek arautu beharko dituzte:
a) Izena,
egitekoa eta helburuak.
b) Helbidea.
c) Kirol-mota.
d) Egitura
organikoa.
e) Federazio-organoetako
titularren hautatzeko eta kargu-uzteko sistema.
f) Jarduera-arau
orokorrak eta, bereziki, beren organo kolegiatuek erabakiak hartzeko modua.
g) Federazioa
osatzen duten estamentuak.
h) Ekonomi
eta finantza arauak.
i) Dokumentuen
araubidea.
j) Kirol-diziplinako
arauak.
k) Iraungitze
eta desegite arrazoiak.
l) Beren
estatutuak eta araudiak onartzeko eta aldatzeko jardunbidea.
3.- Batzar Nagusia eta
lehendakaria izango dira kirol federazioen ezinbesteko gobernu eta ordezkaritza
organoak; organo horiez gain, estatutuek beste batzuk ere aurreikusi ahal
izango dituzte.
a) Batzar
Nagusia izango da kirol-federazioen gobernu eta ordezkaritza organo gorena.
Batzarrean kirol-estamentu guztiek izango dute ordezkaritza. Batzarkideen
hautaketa boto aske, berdin, zuzen eta sekretuz egingo da. Kirol-mota
bakoitzaren estamentu guztietako kide federatuak izan daitezke hautatzaile eta
hautagai. Araudian ezarriko dira ordezkaritza-ehunekoak.
b) Lehendakaria
federazioko organo betearazlea izango da, federazioaren legezko ordezkaritza
edukiko du, ordezkaritza eta gobernu organoen burua izango da eta organoen
erabakiak betearaziko ditu. Boto aske, berdin eta sekretuz aukeratuko da eta
batzarkideak hautatzaile eta hautagai izan daitezke. Inola ere ezin izango da
aldi berean federazioko eta kirol-klubeko, kirol-elkarteko edo kirol-sozietate
anonimoko buru izan.
4.- Bere
organoak hautatzeko, kirol-federazio bakoitzak bere hauteskunde-araudi
propioaren arabera egingo du hauteskunde-prozesua, Eusko Jaurlaritzak
horretarako finkaturiko epearen barruan eta arauei lotuta.
18. Artikulua - Kirol-motak eta azpimotak onartzea
1.- Eusko Jaurlaritzak, Euskadin kirola
antolatu beharrak duen interes publikoa dela eta, jarduerak kirol-motatzat kalifikatu
ahal izateko irizpideak eta baldintzak eta kirol-mota berekotzat joko diren
azpimotak finkatuko ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ezeztatu egin ahal
izango die kirol-mota kalifikazioa onarpen hori egitea ekarri zuten baldintzak
betetzen ez dituzten jarduerei.
2.- Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko
eskumenak dituen sailari dagokio jarduerak kirol-motatzat kalifikatzea eta
kirol-mota horren azpimotak zehaztea, Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena
aztertu eta gero.
19. Artikulua - Lurralde-federaziorik ez dagoenean
Lurralde
historiko batean kirol-mota bateko kirol-federaziorik ez badago, dagokion
euskal federazioak bereganatuko ditu egiteko guztiak. Euskal federaziorik ez badago,
dagokion foru-aldundiak gaitasuna eman ahal izango dio kirol-erakunde bati,
gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, lurralde-federazioei dagozkien
egiteko publikoak burutzeko.
20. Artikulua - Euskal federaziorik ez dagoenean
Kirol-mota
batean euskal federaziorik ez badago, Eusko Jaurlaritzak gaitasuna eman ahal
izango dio lurralde-federazio bati edo, ez badago, edozein kirol-erakunderi,
gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, euskal federazioei dagozkien
egiteko publikoak burutzeko.
21. Artikulua - Kirol-federazio berriak eratzea
1.- Kirol-federazio bat onartua izateko
abiapuntuak hauek izan daitezke:
a) Sortu berria izatea.
b) Beste batetik banatzea.
c) Lehendik zeuden bi edo gehiago bat egitea.
2.- Kirol arloan euskal federazio eta lurralde-federazio
berriak eratzeko, beharrezkoa izango da, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzak
eta lurralde historikoetako foru-organoek onartzea. Administrazio-onarpen hori
emateko edo ukatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Jarduerak interes publikoa izatea.
b) Jarduerak nahikoa ezarpen-maila edukitzea.
c) Kirol-mota
ofizialki onartuta egotea.
d) Federazio
berria ekonomikoki bideragarria izatea.
e) Federazio
berriak antolakuntza-gaitasuna edukitzea.
22.
Artikulua - Lurralde-federazioak eratzea
Lurralde-federazio bat eratzeko, baldintza hauek bete beharko
dira:
a) Sorrera-akta
estatutuak araudi bidez ezarritakoari lotuz aurkeztea.
b) Kirolaren
Euskal Kontseiluaren txostena.
c) Foru-aldundi
eskudunak onartzea.
d) Kirol
Erakundeen Erregistroan inskribitzea.
23.
Artikulua - Euskal federazioak eratzea
Euskal federazio bat eratzeko, baldintza hauek bete beharko
dira:
a) Sorrera-akta
eta estatutuak araudi bidez ezarritakoari lotuz aurkeztea.
b) Kirolaren
Euskal Kontseiluaren txostena.
c) Eusko Jaurlaritzak
onartzea.
d) Kirol
Erakundeen Erregistroan inskribitzea.
24.
Artikulua - Onarpen ofiziala eta bakarra izatea
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoaren eremuan euskal federazio bakarra onartu ahal izango da
kirol-mota bakoitzeko. Lurralde historikoetan ere lurralde-federazio bakarra
onartu ahal izango da kirol-mota bakoitzeko.
2.- Arau orokor
horretatik kanpo geldituko dira ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo
mistoak dauzkaten kirolariak biltzen dituzten kirol anitzeko federazio hauek:
- Ezinduentzako
Kirolen Arabako Lurralde Federazioa.
- Ezinduentzako
Kirolen Bizkaiko Lurralde Federazioa.
- Ezinduentzako
Kirolen Gipuzkoako Lurralde Federazioa.
- Ezinduentzako
Kirolen Euskal Federazioa.
25.
Artikulua - Administrazio-egiteko publikoak
1.- Euskal federazioek
eta lurralde-federazioek administrazio-egiteko hauek beteko dituzte:
a) Lehiaketa
ofizialak kalifikatzea, bideratzea eta baimentzea.
b) Euskal
kiroleko ordezkaritza bideratzea Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.
c) Federazio-lizentziak
ematea eta tramitatzea.
d) Kirol-jarduerako
indarkeria aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.
e) Dopatzea
aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.
f) Kirol
arloko diziplina-ahalmena erabiltzea.
g) Kirol
Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak betetzea.
h) Beren
estatutuak eta araudiak onartzea.
i) Herri-administrazioarekin
batera parte hartzea eta elkarlanean aritzea kirol-programak garatzen, batez
ere goi-mailako kirolarientzako programetan eta eskola-kiroleko programetan.
j) Federazioetako
hauteskunde-prozesuak kontrolatzea.
k) Araudi
bidez eskuordetzan eman daitekeen beste edozein egiteko publiko.
2.- Kirol-federazioek
ezingo dute inoiz beren gain dituzten egiteko publikoak eskuordetzan eman,
administrazio eskudunak horretarako baimena ematen ez badie.
3.- Lurralde-federazioek
eta euskal federazioek, hurrenez hurren, lurralde historikoetako foru-organoen
eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin burutuko dituzte beren egitekoak.
Horretarako, lankidetza-hitzarmenak izenpetuko dituzte elkarren artean, eskuordetzan
emandako egiteko publikoekin zuzenean lotutako helburuak, kirol-programak,
aurrekontuak eta gainontzekoak zehazteko. Lankidetza-hitzarmen horiek izaera
juridiko-administratiboa edukiko dute.
4.- Lege
honetan aurreikusitakoaren arabera Kirol Justiziako Euskal Batzordeak kontrola
ditzakeen federazio-ekintzak lurralde historikoetako foru-organoen eta Eusko
Jaurlaritzaren babesetik kanpo geratuko dira.
26.
Artikulua - Federazioei atxikitzea
1.- Pertsona
fisiko eta juridikoak kirol-federazioetan sartzeko beharrezkoa izango da
dagokion federazio-lizentzia ematea.
2.- Ezinbestekoa
izango da pertsona fisiko eta juridikoak kirol-federazioetan sartuta egotea
federazio-lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko.
3.- Euskal
Autonomia Erkidegoan federazio-lizentzia bakarra izango da kirol-mota
bakoitzeko. Lizentzia horrekin, titularra dagokion kirol-motako
lurralde-federazioari eta euskal federazioari atxikita egongo da.
27.
Artikulua - Euskal federazioak eremu handiagoko federazioetan sartzea
Euskal federazioak eremu handiagoko
kirol-federazioetan sartu ahal izango dira. Nolanahi ere, eta parte-hartze hori
bermatzeko, Euskadin federatutako pertsona fisiko edo juridikoek eskubidea
izango dute, nahi izanez gero, eremu handiagoko kirol-federazioetan sartzeko,
euskal federazioek federazio horietan ez sartzea erabakitzen badute.
28.
Artikulua - Babes-neurriak
1.- Euskal federazioen
eta lurralde-federazioen esku utzitako egiteko publikoak benetan betetzen
direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, zeinek bere
eskumen-esparruaren barruan, ekintza hauek burutu ahal izango dituzte, beti ere
zigor-helbururik gabe:
a) Federazioen
liburuak eta dokumentuak ikuskatzea.
b) Organo
kolegiatuei dei egitea eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean edo
zeharka lotutako gaiak eztabaidatzeko eta erabakitzeko, aurretik deia egin ez
bazaie.
c) Badaezpada
eta arrazoiak emanez, eginkizunak kentzea organo kolegiatuetako buruari edo
gainontzeko kideei, baldin eta, eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean
edo zeharka lotutako administraziozko edo diziplinazko ustezko arau-hauste
larrien edo oso larrien ondorioz, kide horien aurka diziplina-espedientea
irekitzen bada.
d) Badaezpada
eta arrazoiak emanez, gobernu-organoetako buru edo gainontzeko kideei beren
eginkizunak kentzea, baldin eta eskuordetzan emandako egiteko publikoak bertan
behera utzi badituzte.
e) Kontabilitatea
eta kudeaketa kontu-ikuskatzeen edo bestelako ikuskatzeen menpe jar dezaten
eskatzea.
f) Lege
honetan araututako beste kirol-erakunde batzuei zenbait administrazio-egiteko
publiko burutzeko gaitasuna ematea, baldin eta egiteko publiko horien garapena
bermatzeko aparteko behar larria badago.
g) Eskuordetzan
emandako egiteko publikoak zuzen betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren
bestelako babes-neurriak hartzea.
2.- Kirol-federazioetako
organo kolegiatuen buruari eta gainontzeko kideei beren eginkizunak kentzen
bazaizkie, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek behin-behingo
kontu-hartzaileak eta administratzaileak izendatu ahal izango dituzte.
29.
Artikulua - Federazioen arauen berri ematea
1.- Euskal
federazioen estatutuak, bai eta estatutuotan izan litezken aldaketak ere,
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dagokion
administrazioak onartu eta gero.
2.- Lurralde-federazioen
estatutuak, bai eta estatutuotan izan litezken aldaketak ere, dagokion
lurralde-historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dagokion
administrazioak onartu eta gero.
3.- Lurralde-federazioen
eta euskal federazioen araudiak, bai eta horietan izan litezken aldaketak ere,
Kirol Erakundeen Erregistroan inskribituko dira dagokion administrazioak onartu
eta gero.
30.
Artikulua - Zuzendaritzako kideak
1.- Eusko
Jaurlaritzak eta foru-aldundiek federazioen zuzendaritzako kideak etengabe
prestatzea eta doako aholkularitza teknikoa ematea sustatuko dute, zuzendariek
beren egitekoak behar bezala bete ditzaten.
2.- Eusko
Jaurlaritzak, Kirolaren Euskal Kontseiluaren eta kirol-federazioen
laguntzarekin, kirol-erakundeen zuzendaritzako kideentzako estatutua onartuko
du.
3.- Kirol-federazioen
zuzendaritzako kideek lansaria jaso ahal izango dute. Lansari hori ezin izango
da diru-laguntza publikoen kontura ordaindu eta agintaldia amaitzearekin batera
bukatuko da.
4.- Kirolaren
Euskal Eskolak zuzendaritzako kideak etengabe prestatzea sustatuko du bere
zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzko kurtsoak antolatuz.
31.
Artikulua - Ekonomi eta ondare araubidea
1.- Kirol-federazioek
zeinek bere aurrekontuak eta ondarea administratzeko eta kudeatzeko arauak
izango dituzte.
2.- Kirol-federazioek
araudi bidez zehazten diren kontabilitate printzipio eta arauak aplikatuko
dituzte. Halaber, finantza eta kudeaketa ikuskaritzak onartu beharko dituzte
araudi bidez zehaztuko den eran.
3.- Euskal
federazioek eta lurralde-federazioek ezin izango dute aurrekontu defizitariorik
onartu, salbu eta Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, hurrenez hurren,
baimendutako aparteko kasuetan.
4.- Kirol-federazioek
ezin izango dute urte anitzeko gasturik konprometitu dagokion administrazioaren
baimenik gabe, baldin eta gastu horiek araudiz ezartzen den portzentaia baino
handiagoak badira eta federazioko buruaren agintaldia gainditzen badute.
5.- Euskal
kirol-federazioek eta lurraldekoek industri, merkataritza edo lanbide ekintzak
burutu ahal izango dituzte, baina lortutako irabaziak federazioen
kirol-helburuetarako erabili beharko dituzte.
32.
Artikulua - Herri-onurakotzat jotzea
1.- Euskal
federazioak eta lurralde-federazioak herri-onurako erakundeak izango dira.
2.- Herri-onurakotzat
jotzeak ondorio hauek izango ditu:
a) Erakundearen
izenaren ondoren "herri-onurakoa" kalifikazioa erabiltzeko eskubidea.
b) Kreditu
ofizialak jasotzeko lehentasuna.
c) Kirol-ekipamenduetarako
laguntzak jasotzeko eta diru-laguntza programetan sartzeko lehentasuna.
d) Lurralde
historikoetako foru-organoek herri-onurako erakundeen alde erabaki ditzaketen
zerga-hobariak.
e) Beste
xedapen batzuetan ezarritako onurak.
f) Kirolarekin
zerikusia duten xedapen orokorrak prestatzeko orduan entzunak izateko
eskubidea.
33.
Artikulua - Desegitea
Kirol-federazioak Batzar Nagusiaren
erabakiz eta epailearen ebazpenez desegingo dira.
34.
Artikulua - Ondarea zertan erabili
Kirol-federazio bat desegiten denean,
haren ondare garbia, egonez gero, antzeko ekintzetan erabili beharko da. Euskal
federazio bat desegiten bada, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du zertan erabili
zehatz-mehatz, eta lurralde-federazio bat desegiten bada, foru-aldundiak.
35.
Artikulua - Kirol-federazioen onarpena ezeztatzea
1.- Eusko
Jaurlaritzak eta foru-aldundiek ezeztatu egin ahal izango dute euskal
federazioen eta lurralde-federazioen onarpena baldin eta lege honetako 21.
artikuluan onarpen ofiziala izateko ezarritako baldintzaren bat betetzeari
uzten badiote. Euskal federazioen edo lurralde-federazioen onarpena
ezeztatzeko, beharrezkoa izango da Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.
2.- Kirol-federazioen
onarpena ezeztatzeak ondorio hauek izango ditu:
a) Kirol
Erakundeen Erregistroko inskripzioa ofizioz ezeztatzea.
b) Lege
honetan beren esku utzitako eskubide eta egiteko guztien titularitatea galtzea.
c) Desegin
beharra.
3.- Kirol-federazioa
desegiten ez bada, erantzukizun pertsonalak eskatu ahal izango dira; gainera,
dagokion administrazio-organoak desegite judiziala eskatzeko eskubidea edukiko
du.
VI
KAPITULUA
EUSKAL
KIROL FEDERAZIOEN BATASUNA
36.
Artikulua - Euskal Kirol Federazioen Batasuna
1.- Euskal
Kirol Federazioen Batasuna nortasun juridikodun kirol-erakundea izango da.
Batasunaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kirola hobetzeko eta garatzeko
oinarri komunak bilatzea, bere kirol-helburuak babestea eta hobeto betetzea eta
kirol-federazioen administrazio-egitura edo laguntza teknikoa emateko egitura
komunak ezartzea izango da. Halaber, bere eskumenen barruan,
aholkularitza-eginkizunak edukiko ditu Euskadiko kirol-administrazioan,
kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen berariazko aholkularitza-gaitasunaz
gainera.
2.- Euskal
Kirol Federazioen Batasunak euskal kirol-federazioak eta lurraldeetako
kirol-federazioak ordezkatuko ditu, kirol-federazio bakoitzak bere
kirol-esparruan duen berariazko ordezkaritzaren kalterik gabe.
37.
Artikulua - Euskal selekzioak
1.- Euskal
Kirol Federazioen Batasunak behar hainbateko laguntza eta erraztasunak emango
dizkie euskal federazioei, euskal selekzioek Estatuko eta nazioarteko
lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bultzatu ahal dezaten federazio horiek.
2.- Euskal
federazioen egitekoa izango da dagozkien kirol-motetan haietako bakoitzaren
selekzioaren ordezkari izango diren kirolariak hautatzea.
38.
Artikulua - Araubide juridikoa
1.- Eratze,
inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, Euskal Kirol
Federazioen Batasunak lege hau, legea garatzen duten xedapenak, bere estatutuak
eta araudiak, eta bere organoek balio osoz hartzen dituzten erabakiak izango
ditu jarraibide.
2.- Euskal
Kirol Federazioen Batasunaren estatutuek araudi bidez zehazten diren puntuak
arautu beharko dituzte, demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera
finkatuko dituzte bere barne-egitura eta jarduera-arauak, eta bere kideak
kirol-federazio elkartu guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz
hautatzeko modua zehaztuko dute.
3.- Euskal
Kirol Federazioen Batasunaren estatutuak Eusko Jaurlaritzaren barruan
kirol-eskumenak dituen sailak onartu beharko ditu eta Kirol Erakundeen
Erregistroan inskribituko dira.
VII
KAPITULUA
KIROL
ERAKUNDEEN ERREGISTROA
39.
Artikulua - Izaera
Kirol Erakundeen Erregistroaren Eusko
Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailari atxikitako zerbitzua izango da
eta Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten kirol-erakundeak inskribitzea
izango du helburu.
40.
Artikulua - Erregistro publikoa
Kirol Erakundeen Erregistroa publikoa
izango da eta edozein pertsonak edukiko du eskubidea kontsultatzeko.
Publikotasuna araudi bidez zehazten den moduan gauzatuko da.
41.
Artikulua - Erregistroan jaso beharreko egintzak
Kirol Erakundeen Erregistroan egintza hauek jaso beharko dira:
a) Kirol-klub,
kirol-elkarte eta kirol-federazioen eratzea.
b) Euskal
Kirol Federazioen Batasunaren eratzea.
c) Kirol-erakundeen
estatutuen eta araudien onartzea eta aldatzea.
d) Kirol-erakundeen
ordezkaritza eta administrazio organoetarako hautatutako kideen izendatzea eta
kargu-uztea.
e) Kirol-klubak herri-onurakotzat jotzea.
f) Kirol-erakundeen
desegitea eta likidazioa.
g) Kirol-federazioen
onarpenaren ezeztatzea.
h) Orokorrean,
beste xedapen batzuek inskribitzeko agintzen dituzten egintzak.
42.
Artikulua - Onurak eta lankidetza
1.- Kirol-erakunde
bat Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzeak onarpen ofiziala ekarriko dio
lege honen ondorioetarako. Erregistroan inskribituta egotea ezinbestekoa izango
da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko berariazko kirol-programen
diru-laguntzak jaso ahal izateko, kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko
eta kirol-legedian jasotako gainontzeko onurez baliatzeko.
2.- Kirol
Erakundeen Erregistroak babestu egingo ditu inskribitutako erakundeen izena eta
sinboloak, izen eta sinbolo horiek edo antzekorik beste inork erabil ez ditzan.
3.- Eusko
Jaurlaritzan kirol arloko eskumena daukan sailak eskatzen zaion aholkularitza
teknikoa eta laguntza emango die kirol-erakundeak sortzeko edozein proiektu
martxan jarri nahi dutenei.
43.
Artikulua - Araudi bidezko garapena
Araudi bidez zehaztuko dira Kirol
Erakundeen Erregistroaren egitura, egitekoak eta jarduera-arauak, bai eta beste
erregistro batzuekin informazioa trukatzeko sistema ere.
IV
TITULUA
KIROL
LEHIAKETAK
44.
Artikulua - Lehiaketen sailkapena
1.- Lege honen
ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan izango diren kirol-lehiaketak
honela sailkatuko dira:
a) Lehiaketa
ofizialak eta lehiaketa ez ofizialak.
b) Nazioarteko
lehiaketak, Estatuko lehiaketak, Erkidegoko lehiaketak eta eremu txikiagoko
lehiaketak.
c) Profesionalentzako
lehiaketak eta amateurrentzako lehiaketak.
d) Kirol
federatuko lehiaketak, eskola-kiroleko lehiaketak eta unibertsitate-kiroleko lehiaketak.
2.- Lege
honen ondorioetarako, federazioek dagokion urteko egutegian ofizialtzat jotako
lehiaketak izango dira lehiaketa ofizialak.
3.- Lege
honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzak profesionaltzat jotako lehiaketak
izango dira lehiaketa profesional ofizialak.
45.
Artikulua - Kirol-lehiaketak bideratzea, antolatzea, kalifikatzea eta
baimentzea
1.- Lehiaketa
ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea lurralde-federazioei eta
euskal federazioei dagokie. Federazioek elkarlanean aritu beharko dute
kirol-lehiaketek egitura piramidal egokia izango dutela bermatzeko.
2.- Lehiaketak,
ofizialak izan ala ez, edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo
pribatuk, antolatu ahal izango ditu.
3.- Foru-aldundiei
dagokie lurraldeko eskola-lehiaketak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea,
eta Eusko Jaurlaritzari, Erkidegoko eskola-lehiaketen kasuan.
4.- Unibertsitate-lehiaketak
bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea unibertsitateei dagokie.
Unibertsitateen arteko lehiaketetan egiteko horiek Eusko Jaurlaritzak beteko
ditu Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen laguntzarekin.
5.- Aurreko
zenbakietan aipatutako erakundeek izango dute, bakarrik, kasuan kasuko titulu
ofizialak emateko gaitasuna.
46.
Artikulua - Lizentziaren beharra
Aurreko artikuluan aipatutako lehiaketa
ofizialetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da unibertsitateko edo eskolako
federazio-lizentzia izatea, lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako
baldintzekin bat etorriz.
47.
Artikulua - Lizentziak ematea
1.- Eskolako
edo unibertsitateko federazio-lizentzia tramitatzeko, beharrezkoa izango da
osasun-azterketan gaitasun nahikoa dela erakustea araudi bidez zehazten den
kirol-motetan eta xedapen horietan ezarritako baldintzei loturik. Araudiek
osasun-azterketa mota ezberdinak ezarri beharko dituzte kirol-mota, kategoria,
adin eta antzeko beste ezaugarri batzuen arabera.
2.- Lizentziak
arau batzuen arabera emango dira, eta ezin izango da ematea ukatu eskatzaileak
beharrezkoak diren baldintzak betetzen baditu.
3.- Dagokion
lizentzia eskatu denetik araudi bidez zehaztutako epea pasatu bada, lizentzia
emanda dagoela ulertuko da.
48.
Artikulua - Lizentzien edukia
Federazio, eskola eta unibertsitate lizentziek aseguru bat
izango dute berekin, arrisku hauek estalduko dituena:
a) Erantzukizun
zibila.
b) Kalte-ordainak,
gorputz-atalak edo funtzioak galduz gero edo hilez gero.
c) Osasun-laguntza,
osasun-sistema publikoak bere gain hartzen ez dituen kasuetan eta arloetan, baldin
eta kirolariak beste aseguru baten bidez ez baditu estalduta arriskuak.
49.
Artikulua - Federazio-lizentziak
1.- Euskal
federazioei eta lurralde-federazioei dagokie, hurrenez hurren, Euskal Autonomia
Erkidegoan federazio-lizentziak egitea eta tramitatzea.
2.- Araudi
bidez zehaztuko da zeintzuk diren ekonomi eta jardunbide baldintzak lizentzia
horiek tramitatzeko eta emateko.
3.- Euskal
federazioek emandako lizentziek maila ofizialean lehiatzeko gaitasuna emango
diete lizentzia horien titularrei.
4.- Kirolari
federatuek euskal selekzioen eta lurralde-selekzioen deialdietara joan beharra
edukiko dute lehiaketa ofizialetan eta ofizialak ez direnetan parte hartzeko
edo lehiaketa horiek prestatzeko.
5.- Eskola-lizentziak
federazio-lizentzien baliokideak izango dira araudi bidez zehaztutako
ondorioetarako.
50.
Artikulua - Epaileen hutsak eta zuzenketak
1.- Kirol-lehiaketak
zuzentzeko ahalmena kirol-motetan aurrikusitako epaile-kategoriei dagokie.
2.- Kirol-lehiaketak
zuzentzeko ahalmena erabiliz epaile horiek hartutako erabakiak zuzentzat joko
dira, eta epaileen aktak lehiaketak behar bezala garatzeko beharrezko
dokumentuak izango dira.
3.- Aurrekoa
gorabehera, kirol-federazioek epaileen hutsak egiaztatzen dituzten proba-bideak
arautu beharko dituzte, baldin eta kirol-motaren ezaugarrien arabera zuzentzeko
modukoak badira.
51.
Artikulua - Lehiaketen emaitzak aldatzea
Diziplina-organoek aldatu ahal izango
dituzte kirol-lehiaketen emaitzak baldin eta zigortutako arau-hausteek
horretarako bide ematen badute, eta, bereziki, lehiaketaren emaitzak, zerbait
eginez edo ez eginez, aurretiaz erabakitzea bilatu bada.
52.
Artikulua - Klubek eta elkarteek beste lurralde historikoetako lehiaketetan
parte hartzea
1.- Badira
klub edo elkarte batzuk beren helbidekotik kanpoko lurralde historiko batean
aintzinatik lehiatu direnak. Halako kasuetan, bidezkoa izango da
lehiaketa-jarduera hori burutu duten lurraldean dagokion kirol-federazioaren
barruan jarraitzea.
2.- Lege
hau indarrean jarri eta gero klub eta elkarte batzuek beren helbidekotik
kanpoko lurralde historiko bateko kirol-federazio batean sartu nahi badute,
beren helbideari dagokion kirol-federazioaren baimena eta sartu nahi duten
federazioaren baimena beharko dute.
V
TITULUA
ESKOLA
ETA UNIBERTSITATE KIROLA
I
KAPITULUA
ESKOLA-KIROLA
53.
Artikulua - Kontzeptua
Lege honen ondorioetarako, ikasleek nahitaezko
eskolatze-aldian irakas-orduetatik kanpo egiten duten kirol-jarduera antolatua
izango da eskola-kirola.
54.
Artikulua - Eskola-kirolaren egitekoak eta ezaugarriak
Eskola-kirolean, ahal dela, kirol anitz
praktikatuko da eta lehiaketa-kirola ez da izango helburu bakarra. Horrela,
ikasle guztiek hainbat kirol-mota ezagutu eta horietan aritzea lortu nahi da,
zeinek bere borondate, gaitasun fisiko eta adinaren arabera.
55.
Artikulua - Eskola-kirolerako programak
1.- Lurralde
historikoetako foru-organoek urtero onartuko dituzte eskola-kirolari buruzko
programak. Programen helburuak hauek izango dira: ikasleei osotasuneko
eskola-heziketa osatzea, ikasleen nortasuna modu orekatuan garatzea, gorputz
eta osasun ezaugarri jakin batzuk lortzea, eta geroago kirola egiten jarraitzea
posible egingo duen prestakuntza ematea.
2.- Bideak
jarri beharko dira eskola-kirolerako programetan ezintasunak dituzten ikasleek
beren ikaskideekin batera jarduteko modua izan dezaten. Batera jardutea
ezinezkoa denean, ekintza bereziak antolatu beharko dira ezintasunak dituzten
taldeentzat.
3.- Eskola-kiroleko
urteko programetan sartuta daudenak izango dira, orokorki, hamabost urtetik
beherako ikasleentzako kirol-lehiaketak.
4.- Alabaina,
araudiz ezarriko diren baldintzak betetzen badira, foru-aldundiek baimena
emango dute 15 urtetik beherako ikasleentzat eskola-kiroleko urteko programetan
sartuta ez dauden kirol-lehiaketak antolatzeko, ikasle horiek
federazio-lehiaketetan parte hartzeko, bai eta zenbait kirol-motatan teknifikazio-unitateak
garatzeko ere.
56.
Artikulua - Egituraketa
1.- Eskola-garaian
egiten den kirola, funtsean, ikastetxeen bitartez egituratuko da kirol klub eta
elkarteetako ikasleen guraso-elkarteen lankidetza aktiboarekin.
2.- Kirol-federazioak,
funtsean, laguntza teknikoa emateaz arduratuko dira eta horrelako programak
antolatzeko eta aurrera eramateko laguntza emango dute.
3.- Udalak
elkarlanean ariko dira ikastetxeekin eta foru-aldundiekin eskola-kirolerako
programak egoki garatzeko. Horretarako, batipat, udalaren kirol-ekipamenduak
erabiltzen utziko dute.
II
KAPITULUA
UNIBERTSITATE-KIROLA
57.
Artikulua - Kontzeptua
Lege honen ondorioetarako,
unibertsitate-elkarteko kideek, berek bakarrik, unibertsitateen kirol-programen
barruan burutzen dituzten kirol-jarduera guztiak, aisialdikoak nahiz lehiakoak,
joko dira unibertsitate-kiroltzat.
58.
Artikulua - Unibertsitateen autonomia
1.- Unibertsitateei
dagokie, publikoei zein pribatuei, beren autonomi esparruaren barruan,
unibertsitatean kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea egoki deritzen
irizpideen eta antolakuntza-egituraren arabera.
2.- Autonomia
horri kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako
unibertsitateen artean burutzen diren unibertsitate-kiroleko ekintzak
bideratzeko eta koordinatzeko beharrezkoak diren xedapenak emango ditu Eusko
Jaurlaritzak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Kirolaren Euskal
Batzordea sortuko du. Batzorde hori aholkularitza-organoa izango da, eta
osaera, izendapen-modua, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez zehaztuko
dira.
59.
Artikulua - Aginte publikoen lankidetza
Aginte publikoek laguntza emango diete
unibertsitateei beren eremuan kirol-praktika zabaltzeko programetan.
60.
Artikulua - Lehiaketa ofizial federatuetan parte hartzea
Unibertsitate-eremuan eratzen diren
kirol-elkarteek, lehiaketa ofizial federatuetan parte hartu nahi badute, Eusko
Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute eta
dagokion federazioan kidetu.
VI
TITULUA
IKERKETA
ETA KIROL TEKNIKARIEN PRESTAKUNTZA
61.
Artikulua - Ikerketa
Aginte publikoek, kirolaren kalitatea
hobetzeari begira, ikerketa zientifikoaren garapena bultzatuko dute kirolarekin
zerikusirik daukaten arloetan. Halaber, lortutako emaitzen zabalkundea eta
erabilpena sustatuko dute.
62.
Artikulua - Titulazioak eskatzea
1.- Kirolarekin
zuzenean lotutako zerbitzuak, hots, irakaskuntza, zuzendaritza, kudeaketa,
entrenamendu, sustapen eta bestelakoak, eskaini ahal izateko, aginte publikoek,
beren eskumen-esparruaren barruan, dagokion titulu ofiziala eskatuko dute. Lege
hau garatzeko xedapenen bidez zehaztuko da norainokoa izango den bateko eta
besteko eremuetan titulazioen nahitaezkotasuna.
2.- Euskal
Autonomia Erkidegoko aginte publikoak, bai eta kirol-federazioak ere, aurreko
zenbakian ezarritako eskakizuna behar bezala betearazteaz arduratuko dira.
63.
Artikulua - Kirol-federazioek eskatutako titulazioak
Ofizialki aitortutako zentroek emandako
tituluak onartu beharko dituzte federazioen esparruan ekintza teknikoak
burutzeko titulazio-baldintzak jartzen dituzten kirol-federazioek.
64.
Artikulua - Kirol-teknikarien prestakuntza
1.- Eusko
Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen
parte-hartzearekin, kirol arloko teknikarien prestakuntza bultzatuko du. Era
berean, kirol irakasketei eta titulazioei buruzko arauak emango ditu.
2.- Kirol-teknikarien
prestakuntza Eusko Jaurlaritzak aitortutako zentro publiko edo pribatuetan
burutuko da.
65.
Artikulua - Kirolaren Euskal Eskola
1.- Kirolaren Euskal
Eskola Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko
eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Eskolak egiteko hauek izango ditu:
a) Kirol-teknikariak
prestatzeko programak planifikatzea eta koordinatzea.
b) Zuzendariak
eta epaileak prestatzeko programak planifikatzea eta koordinatzea,
kirol-federazioen berariazko programen arabera.
c) Kirol
arloko ikerketa teknikoen programak sustatzea eta bultzatzea.
d) Kurtso,
zentro, titulazio eta bestelako informazio interesgarrien erregistroa sortzea
eta kudeatzea.
e) Kirol
arloko azterlanak ezagutaraztea.
f) Kirol-dokumentazioko
zerbitzua antolatzea.
g) Kirol-teknifikazioko
kurtsoak, mintegiak, hitzaldiak eta gainerako programak antolatzea edo egitea.
h) Kirol-federazioei
eta beste zentro batzuei aholkularitza ematea teknikariak eta epaileak
prestatzeko programetan.
i) Araudi
bidez egotzitako bestelako egitekoak.
2.- Kirolaren
Euskal Eskolak Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearekin eta Teknika
Hobekuntzarako Zentroarekin eta euskal kirol-federazioekin batera jokatuko du
bere giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik ondoen erabiltzeko.
3.- Araudi
bidez zehaztuko da Kirolaren Euskal Eskolaren antolakuntza, eskumenak eta
jarduera.
VII
TITULUA
KIROLARIAK
LAGUNTZEA ETA BABESTEA
I
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
66.
Artikulua - Kirolariak
1.- Lege
honen ondorioetarako, kirola egiten duen edozein pertsona joko da kirolaritzat,
nahiz eta federatuta ez egon edo kirol-lehiaketetan parte ez hartu.
2.- Aginte
publikoek eta erakunde pribatuek kirolari guztiak lege honetan araututako
federazio-egituretan sartzea sustatuko dute, kirolariek laguntza eta babes
egokiena eduki dezaten.
67.
Artikulua - Atxikipen-eskubideak
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeen artean ezin izango da atxikipen,
luzapen, prestakuntza, konpentsazio edo antzeko eskubiderik eskatu hamasei
urtetik beherako kirolariengatik.
2.- Hamasei
urtetik gorako kirolarientzat, eta aurreko zenbakian aurreikusi gabeko
gainontzeko kasuetan, horrelako eskubideak ezarri ahal izango dira, Eusko
Jaurlaritzak aurretiaz araututako irizpide, baldintza, muga eta ondorioei
lotuta.
3.- Aginte
publikoek eta kirol-federazioek sustapen-neurriak hartu beharko dituzte
kirol-elkarte guztiek oinarriko kirolean lan handia egin dezaten. Halaber,
babes-neurriak hartu beharko dira elkarte horiek oinarriko kirola sustatzeko
egiten duten lana neurriz gainekoa izan ez dadin.
II
KAPITULUA
GOI-MAILAKO
KIROLA
68.
Artikulua - Interes publikoa
Goi-mailako kirola herriaren
interesekotzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoaren kirol-garapeneko funtsezko
faktorea den aldetik, eragingarria handia baita oinarriko kirola sustatzeko eta
ordezkaritza-egiteko garrantzitsua baitu Estatuko eta atzerriko kirol-lehiaketa
ofizialetan.
69.
Artikulua - Kalifikazioa
Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal
Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola bideratzea, bultzatzea eta
kontrolatzea. Horretarako, kirolari, epaile edo teknikariak goi-mailakotzat
jotzeko irizpideak eta baldintzak jarriko ditu, Kirolaren Euskal Batzordeak
aurretiaz txostena eginda eta dagokien federazioen aholkularitza izanik.
70.
Artikulua - Laguntza-programak
1.- Eusko
Jaurlaritzak goi-mailako kirola laguntzeko onartutako programek lehentasuna
emango diete profesionalak ez diren kirolariei, eta beren funtsezko helburua
goi-mailako kalifikazioa lortzen duten kirolari, epaile eta teknikariei beren
kirol-prestakuntzarako baliabide egokiak eskaintzea izango da, baita eta
zientzia, hezkuntza eta osasun laguntza egokia ematea eta beren lanbide eta
gizarte integrazioa erraztuko duten bestelako neurriak hartzea.
2.- Goi-mailako
kirola laguntzeko programetan laguntzak jasoko dira ezintasun fisiko, psikiko,
sentsorial edo mistoak izanik beren egoerari dagozkion lehiaketetako elitean
parte hartzen duten kirolarientzat ere.
3.- Etorkizun
handiko kirolarientzat foru-aldundiek onartutako laguntza-planekin osatuko dira
programa horiek. Lege honen ondorioetarako, lehiaketetan goi-maila lortu ez
arren horretarako gaitasuna erakusten duten kirolariak joko dira etorkizun
handiko kirolaritzat.
71.
Artikulua - Teknika Hobekuntzarako Zentroa
Teknika Hobekuntzarako Zentroa Eusko
Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak
dituen sailari atxikita egongo da. Zentroaren egitekoa kirolari federatuak,
batez ere goi-mailakoak, osotasunean aholkatzea, ebaluatzea eta kontrolatzea
izango da.
Araudi bidez zehaztuko eta garatuko dira
zentroaren berariazko eginkizunak.
72.
Artikulua - Goi-mailako kirol-zentroak
Goi-mailako kirolariak prestatzeko, Eusko
Jaurlaritzak, zuzenean edo edozelako erakunde publiko edo pribatuekiko
hitzarmenen bitartez, goi-mailako kirol-zentroak sortzea eta jardutea
bultzatuko du. Teknifikazio-programak eta entrenamendu-plan bereziak
kirol-zentroek egingo dituzte, kirol-federazioen laguntzarekin. Programa horiek
Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailaren baimena izan beharko
dute.
73.
Artikulua - Goi-mailako kirolarientzako onurak
Goi-mailako kirolaritzat jo izanak onura hauek jasotzeko aukera
ekarri ahal izango du:
a) Diru-laguntzak
eskuratzea.
b) Teknika
hobetzeko zentroen programetan eta goi-mailako kirol-zentroen kirol-programetan
sartzea.
c) Kalifikazio
hori merezimendu ebaluagarritzat jotzea administrazio publikoetan
kirol-jarduerarekin zerikusia daukaten lanpostuetan sartzeko.
d) Toki-kopuru
gehigarri bat gordetzea ikasketa unibertsitarioetan edo ez unibertsitarioetan
sartzeko, beti ere baldintza akademikoak betez gero.
e) Ikasketak
eta kirol-jarduera bateragarriak egitea, neurri akademiko bereziak hartuz.
f) Kirol-teknikari
tituluak lortzeko ikasketetan sartzeko probetarako araudi bidez zehaztutako
eskakizunetatik salbuetsita gelditzea.
g) Eusko
Jaurlaritzak erakunde publiko edo pribatuekin kirolari hauek lanbideratzen
laguntzeko izenpetzen dituzten hitzarmenetatik datozen guztiak.
h) Eusko
Jaurlaritzak araudi bidez ezartzen dituenak.
74.
Artikulua - Goi-mailako kirolariaren estatutua
Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta
Kirolaren Euskal Batzordearen aholkularitzaz, goi-mailako kirolarientzako
estatutua onartuko du.
75.
Artikulua - Enplegu-baldintzak
1.- Aginte
publikoek laguntza emango dute goi-mailako kirolariek beren enplegua
entrenamenduei eta lehiaketa ofizialei egokitzeko modua izan dezaten,
horretarako behar diren xedapen eta akordioak hartuz.
2.- Administrazio
publiko guztiek merezimendu ebaluagarritzat joko dute "goi-mailako
kirolaria" kalifikazioa dagokion kirol-jarduerarekin lotutako lanpostuak
betetzeko hautatze-prozesuetan eta lehiaketetan, beti ere berariazko
merezimenduak baloratzea aurreikusita baldin badago.
III
KAPITULUA
ARRISKUEN
ESTALDURA ETA ERANTZUKIZUN ZIBILA
76.
Artikulua - Aginte publikoen betebeharra
Euskadiko aginte publikoek eta
kirol-federazioek, beren eskumen-esparruaren barruan, edozein kirol-jarduera
burutzerakoan izan daitezkeen arriskuetatik behar bezala babesteko arauak eta
erabakiak hartuko dituzte.
77.
Artikulua - Erantzukizun zibileko asegurua
Kirol-zentroak ustiatzeko, kirol-jarduerak
antolatzeko eta kirol-zerbitzuak eskaintzeko, ezinbestekoa izango da
erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat egitea, erabiltzaileek,
parte-hartzaileek eta beste edozeinek instalazioen egoeraren ondorioz edo
instalazioetan burututako jardueraren ondorioz izan litzaketen kalteei erantzun
ahal izan dakien. Poliza horien gutxieneko babesak araudi bidez ezarriko dira
instalazio eta jardueren ezaugarrien arabera.
IV
KAPITULUA
OSASUN-LAGUNTZA
ETA KIROL-MEDIKUNTZA
78.
Artikulua - Osasun-laguntza
1.- Osasun-sistema
publikoak emango du euskal herritarrek Autonomia Erkidegoan egindako
kirol-jarduerari erantzuteko lehen mailako larritasuneko osasun-laguntza
orokorra, baldin eta lege honen 48. artikuluan aurreikusita ez badago jarduera
horretarako nahitaezko asegurua.
2.- Osasun-sistema
publikotik kanpo geldituko dira kirol-medikuntzako zerbitzuak, eta bereziki
hauek:
a) Osasun-azterketak
egitea eta kirola egiteko gaitasunari eta egokitasunari buruzko txostenak eta
ziurtagiriak prestatzea.
b) Maila
bateko edo besteko kirolariak prestatzeko prozesuek eskatutako osasun
plangintza, kontrola eta jarraipena.
c) Dopatzearen
aurkako kontrola planifikatzea, kudeatzea eta burutzea.
d) Kirolariak
birgaitzea, kirol-lesioen ondorioz galdutako funtzioak berreskuratzea, eta
presaka eta berehala eman beharrekoak ez diren prestazioak edo osasun-sistema
publikoaren prestazioetatik kanpo gelditzen direnak.
e) Lesioei
aurrea hartzea.
f) Kirol-ergonomia.
Horrez gainera, hitzarmenak eta itunak
izenpetu ahal izango dira zentro publikoekin eta pribatuekin.
3.- Kirol
arloko eskumena duten administrazio publikoek osorik edo zati batean
finantzatuko dituzte kirol-medikuntzako zerbitzuak.
79.
Artikulua - Kirol-ekintzak debekatzea eta osasuna babestea
Eusko Jaurlaritzak, pertsonen osasuna
babestu beharra herri-intereseko kontua denez gero, modu orokorrean debekatu
ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait kirol-ekintza antolatzea.
Era berean, arriskua dakarten eta
debekatuta ez dauden kirol-moten kasuan, nahitaezko aseguruak egitea eskatu
ahal izango du erantzukizun zibila, ezintasun eta heriotzagatiko kalteordainak
eta parte-hartzailearen osasun-laguntza estaltzeko.
80.
Artikulua - Ikerketa eta espezializazioa
Euskadiko aginte publikoek kirol-medikuntzaren arloko ikerketa
eta espezializazioa sustatuko dute, helburu hauek lortzeko:
a) Kirola egiteko gaitasun fisikoa egoki
kontrolatzea, pertsonen osasuna babesteko.
b) Kirola egiten dutenei aholkuak eta argibideak
ematea.
c) Kirolariek kirola egitean beren kausaz edo
bestelako kausaz istripuak izateari aurrea hartzea.
d) Kirolarien errendimendua hobetzea.
81.
Artikulua - Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa
Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa Eusko Jaurlaritzaren
administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari
atxikita egongo da. Zentroak egiteko hauek izango ditu:
a) Goi-mailako
kirolariei osasun-kontrolak egitea.
b) Kirol-medikuntzaren arloan ikertzea.
c) Erakunde publiko eta pribatuei aholkularitza
teknikoa ematea era bateko edo besteko kirol-programak egiteko, batez ere
goi-mailako kirolari dagokionez.
d) Kirol-medikuntzarekin zerikusia duten
irakas-lanetan laguntzea, batez ere kirol-teknikarien prestakuntzan.
e) Euskal Autonomia Erkidegoan antidopin-kontrola planifikatzea
eta kudeatzea.
f) Eusko
Jaurlaritzak araudi bidez ematen dizkion eginkizunak.
82.
Artikulua - Kirol-medikuntzan espezializatutako laguntza-unitateak
Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta
udalek kirol-medikuntzan espezializatutako laguntza-unitateak sortzea eta
jardutea bultzatuko dute. Osasun eta kirol laguntza erabat bermatzeko,
administrazio publiko horiek hitzarmenak edo itunak izenpetu ahal izango
dituzte zentro pribatuekin.
83.
Artikulua - Osasun-azterketak eta kirolariaren osasun-txartela
1.- Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena
duen sailak kirolariei nahitaezko osasun-azterketak egin beharra eta behar hori
betetzea arautuko ditu. Azterketa horiek ezinbestekoak izango dira federazio,
eskola eta unibertsitate lizentziak emateko, kirolarien gorputz-gaitasuna
kontrolatu dadin.
2.- Kirolerako gaitasuna neurtzeko lehen
osasun-azterketa egitearekin batera, osasun-txartel bat emango zaio kirolariari,
hartan osasun-azterketak, kirol edo osasun argibideak eta beste datu
interesgarri batzuk jasotzeko. Txartelaren edukia eta araubidea araudi bidez
ezarriko da.
3.- Kirol eta osasun dokumentazioan jasotako
informazioa 14/1986 Legearen, Osasunaren Lege Orokorraren, 10. artikuluan
zehaztutakoaren menpe geldituko da.
Halaber,
osasun-azterketen datuei buruz osasun eta kirol administrazioek bata besteari
pasatzen dioten informazioa isilpekoa izango da, eta datu horien erabiltzaileek
sekretu profesionala gorde beharko dute, kirolarien intimitate eta duintasun
eskubideak behar bezala bermatzeko.
4.- Osasunaren eta kirolaren arloan eskumena
daukaten administrazioek lankidetza-itunak erabaki ahal izango dituzte
kirolarien gaitasuna zehazteko osasun-azterketetan erabili beharreko irizpideak
finkatzeko.
V KAPITULUA
DOPATZEA
84. Artikulua - Sustantzien eta metodoen zerrenda
Eusko Jaurlaritzak,
osasun eta kirol arloan nazioarteko hitzarmenetan zehaztutakoa jarraituz,
kirolarien gorputz-gaitasunak artifizialki areagotzeko edo lehiaketen emaitzak
artifizialki aldatzeko sustantzia debekatuen eta metodoen zerrenda bat egin,
eguneratu eta argitaratuko du.
85. Artikulua - Dopatzea aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta
zigortzeko neurriak
1.- Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen
laguntzarekin, aurrezaintza, kontrol eta zigor neurriak sustatu eta bultzatuko
ditu aurreko artikuluan aipatutako sustantzia eta metodo debekatuen arloan.
2.- Eusko
Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak dopatzea kontrolatzeko prozesuen
normalizazioaz arduratuko da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak araudi bat
onartuko du, eta araudian, gutxienez, puntu hauek zehaztuko dira:
a) Laginak
hartzeko gelak.
b) Laginak
hartzeko eta bidaltzeko prozesuak.
c) Emaitzen
analisiak eta zabalkundea.
d) Laginak
aztertzeko laboratorioak.
e) Dopatzearen
aurkako kontrolean parte hartzen dutenen eskubideak eta betebeharrak.
86. Artikulua - Dopatzearen aurkako kontrola
egin beharra
Federazio-lizentzia
duten kirolari guztiek, lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, dopatzearen
aurkako kontrola pasatu beharko dute lehiaketetan edo lehiaketetatik kanpo,
Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailak, kirol-federazioek edo arlo
horretan eskumena duten beste erakundeen batzuek hala eskatuz gero.
87. Artikulua - Dopatzea kontrolatzeko
laboratorioak
Dopatzearen
aurkako kontroletan hartutako laginen azterketak Eusko Jaurlaritzan kirol
arloko eskumenak dituen sailak ofizialki aitortutako laboratorioetan egin
beharko dira.
VIII
TITULUA
KIROL
EKIPAMENDUAK ETA ZERBITZUAK
88.
Artikulua - Plangintza
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoko kirol-ekipamenduen plangintza dagozkion
lurralde-antolamendurako eta hiri-antolamendurako tresnen bidez egingo da.
Plangintza hori egiterakoan arreta berezia eskainiko zaie kirol arloko irizpide
teknikoei.
2.- Tresna horiek
egiterakoan, dagozkion kirol-federazioen partaidetza sustatuko da, eta
printzipio hauek hartuko dira kontuan:
a) Aisialdi
eta kirol eremuak eta kirol-gune ezohikoak sortzea eta mantentzea bermatu
beharko dute, herritar guztiek kirola egiteko modua izan dezaten.
b) Lehentasuna
eman beharko diote kirol anitzeko ekipamenduak sortzeari.
c) Azpiegitura-defizit
handiena duten esparruetan egin beharko dituzte inbertsioak, lurralde-oreka
lortzeko gune funtzionalen artean. Horretarako, udalaz gaineko
kirol-azpiegiturak egin beharko dira, herrigune hainbati zerbitzuak emateko
modukoak.
d) Kirol-instalazioen
neurria eta kokapena zehazterakoan oso kontuan hartu beharko dira ikastetxeak.
89.
Artikulua - Kirol-ekipamenduak unibertsitateaz besteko ikastetxeetan
Hezkuntza-administrazioak, zentro
pribatuen eta udalen laguntzarekin, unibertsitateaz besteko ikastetxeetako
kirol-ekipamenduak kirol anitz egiteko baliagarriak izan daitezen eta
irakas-orduetan nahiz irakas-orduetatik kanpo erabiltzea bermatzeko giza
baliabideak izan ditzaten sustatuko du.
90.
Artikulua - Kirol-ekipamenduak unibertsitateetan
1.- Unibertsitateko
kideek kirola-egiteko beharrezkoak dituzten kirol ekipamenduak eta zerbitzu
osagarriak eduki beharko dituzte unibertsitateek.
2.- Eusko
Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko du zein kirol ekipamendu eta zerbitzu eduki
beharko dituzten unibertsitateek.
91.
Artikulua - Kirol-ekipamenduen arloko kirol-politika
1.- Eusko
Jaurlaritzari dagokio kirol-ekipamenduen arloan, eta bereziki Erkidegoaren
intereseko ekipamenduetan, jarraitu beharreko kirol-politikaren esparru
orokorra zehaztea.
2.- Zatikako
lurralde-planak eta/edo arlokako lurralde-planak izango dira kirol-ekipamenduen
lurralde-ezarpena erabakiko duten lurralde-antolamendurako tresnak.
92.
Artikulua - Kirol-ekipamenduen araudia
1.- Eusko Jaurlaritzak
kirol-ekipamenduei buruzko xedapen batzuk emango ditu puntu hauek arautzeko:
a) Tipologia.
b) Kirol
arloko ezaugarri teknikoak.
c) Segurtasun
eta higiene baldintzak.
d) Eraikitze-baldintzak.
e) Kokatze-irizpideak
eta ingurune-eragina.
f) Ezintasunak
dituzten pertsonak sartzeko eta baliatzeko irizpideak.
g) Abian
jartzea, erabiltzea eta zaintzea.
h) Arautu
beharra ikusten den beste edozein puntu.
2.- Kirol-ekipamenduek
sarbide erosoak izan beharko dituzte eta ez dute edukiko ezinduak arazorik gabe
ibiltzea galaraz lezakeen hesirik edo oztoporik. Era berean, ezinduek arazorik
gabe erabiltzeko hornituta egon beharko dute kirol-guneek, beti ere gune
horietan egiteko diren kirolen ezaugarriek posible egiten badute.
3.- Herritarrek
erabiltzekoak diren ekipamenduek, publikoek nahiz pribatuek, aurreko araudia
bete beharko dute. Udalak araudi hori udalerrian kokatutako kirol-instalazio
guztietan bete dadin arduratuko dira.
4.- Udalek
ikuskatzeak egiteko eskumenak izango dituzte, eta Herrizaingo Sailak ere
ikuskizunen eta aisialdiko jardueren ikuskatzeak egiteko eskumenak izango ditu.
Horiez gainera, Osakidetza kirol-ekipamenduen higiene eta osasun baldintzak
bete daitezen arduratuko da.
93.
Artikulua - Kirol Ekipamenduen Arlokako Lurralde Plana
1.- Lurralde
historikoetako foru-organoek, lurralde historiko bakoitzaren beharren eta
berezitasunen arabera, kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planak onartzeko
eskumena izango dute Lurralde Antolamendurako Norabideak garatzeko. Planen
helburuak hauek izango dira:
a) Oinarrizko
kirol-ekipamenduen mapa bat taxutzea, dagokion lurralde historikoko udalerri
eta eskualde guztiak banan-banan aztertu eta gero.
b) Oinarrizko
kirol-ekipamendua bermatu ondoren, prozesua osatzea, kirol-ekipamenduen sare
egokia edukitzeko.
c) Eskualde
bakoitzean ekipamenduak eraikitzea sustatzea eta kirol-zerbitzuen kudeaketa
bultzatzea.
2.- Era
berean, aipatutako planak burutzeko finantzaketa-planak onartzeko eskumena
izango dute foru-organoek.
94.
Artikulua - Kirol-ekipamenduetarako udal-planak
Udalek plangintza-tresnak onartu beharko
dituzte kirol-instalazioen arloan, eta horretarako, kirol-ekipamenduen arlokako
lurralde-planetan jasotako norabideak jarraitu beharko dituzte.
95.
Artikulua - Kirol-zentroak
1.- Kirol-zentroak
jendearentzat zabalik egongo diren kirol-instalazioak izango dira, eta zentroen
titularrek prezio baten truke instalazioen erabilera eskainiko die beste
batzuei edo irakaskuntzarekin, entrenamenduarekin eta sustapenarekin lotutako
kirol-zerbitzuak eta horien antzekoak edo osagarriak diren beste zerbitzu
batzuk emango dituzte. Zentro horiek Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu araudi
bidez.
2.- Merkataritza-izaerako
kirol-zentroak argi eta garbi bereizi beharko dira kirol-klubetatik.
Kirol-klubek ezingo dute merkataritza-izaerako kirol-zentroen antzeko izena edo
helbide bera eduki.
3.- Aurreko
debekua gorabehera, kirol-zentroen baitan kirol-elkarteak sortu ahal izango
dira lege honen 12. atalean ezarritakoari lotuta, erabiltzaileek zentroen
jarduera federatuetan parte hartu ahal izan dezaten.
4.- Kirol-zentroek,
erakunde titularra edozein dela, gutxienez argibide hauek eman beharko dituzte
leku ageri eta nabarmen batean:
a) Instalazioaren
titularitatea eta, bereizita dauden kasuan, ustiaketaren titularitatea.
b) Emandako
administrazio-lizentziak.
c) Instalazioaren
ezaugarri teknikoak.
d) Onartutako
gehienezko edukiera.
e) Kirol-zerbitzuak
ematen dituzten pertsonen izenak eta titulazioak.
f) Eskainitako
kirol-zerbitzuak.
g) Zerbitzu
horien kuotak edo tarifak.
h) Erabiltzeko
eta jarduteko arauak.
i) Arriskuen
estaldura.
j) Araudi
bidez ezartzen den beste edozein jakingarri.
5.- Naturgunean
egiten diren abenturako kirol-jarduerak araudi-xedapen berezi batez arautuko
dira.
96.
Artikulua - Kirol-ekipamenduen erroldak
1.- Eusko
Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek beren lurralde-esparruko
kirol-ekipamendu publiko eta pribatuen errolda egin eta eguneratu beharko dute
urtero. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak araudi bidez onartu dituen irizpide
komunak erabiliko dira.
2.- Kirol-ekipamendu
horien titularitatea duten erakundeek, publikoek nahiz pribatuek, dagokion
errolda egiteko eta eguneratzeko eskatzen zaizkien datu guztiak eman beharko
dituzte.
97.
Artikulua - Diru-laguntzak
Kirol-ekipamenduak eraiki, eraberritu, handitu, mantendu edo
ustiatzeko diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete
beharko dira:
a) Ekipamenduek
Eusko Jaurlaritzak onartutako araudian ezarritakoa betetzea.
b) Erabilera
pribatu hutserako ez izatea. Herri-onurako aitorpena duten kirol-elkarteen
kirol-ekipamenduen erabilera ez da erabilera pribatu hustzat joko.
c) Denen
intereseko kirol-programetarako ekipamenduak doan erabiltzen uzteko hitza
ematea, araudi bidez zehaztuko diren mugekin.
d) Organo
eskudunek oinarrizko ekipamenduetarako onartutako irizpideen barruan sartuta
egotea.
e) Kirol-ekipamenduen
arlokako lurralde-planetan jasotako lehentasun-programari egokitzea.
98.
Artikulua - Gorputz Jardueraren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatuak
Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko
du zein kirol-zentrok eduki beharko dituen ezinbestean Gorputz Jardueraren eta
Kirolaren Zientzietan lizentziatua den baten zerbitzuak, bai eta lizentziatu
horren baldintzak, egitekoak eta erantzukizunak ere.
IX
TITULUA
KIROL
LEHIAKETETAN INDARKERIARI AURREA HARTZEA
99.
Artikulua - Kiroleko indarkeriaren aurkako batzordea
1.- Eusko
Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailaren egituraren barruan,
Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea eratuko da. Eusko Jaurlaritzaren,
foru-aldundien, udalen eta kirol-federazioetako ordezkarien eta kirol eta
segurtasun esparruan izen handia duten pertsonek, baita euskal unibertsitateko
zientzi arlokoek ere, osatuko dute.
2.- Hauek izango dira
batzordearen eginkizunak:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoan burutzen diren kirol-lehiaketetan gertatutako indarkeriari
buruzko datuak urtero jasotzea eta argitaratzea.
b) Kiroleko
indarkeriaren eragileei eta ondorioei buruz txostenak eta ikerketak egitea.
c) Aurre-hartze ekintzak sustatzea.
d) Klubei, elkarteei, kirol-federazioei eta
kirol-lehiaketak antolatzen dituzten gainontzeko erakundeei edo pertsonei eta
kirol-instalazioen titularrei aholkuak ematea.
e) Kirol-lehiaketei, kirol-diziplinari eta
kirol-instalazioei dagozkien xedapen-proiektuei buruz iritzia ematea.
f) Indarkeria kiroletik erauzteko lagungarri
den beste edozein egiteko.
3.- Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordeak
eta Ikuskizun Publikoen eta Aisialdiko Jardueren Euskal Kontseiluak, zeinek
bere eskumenen esparruan, behar diren lankidetza-neurriak hartuko dituzte
aginduta dauzkaten eginkizunak hobeto betetzeko.
100. Artikulua - Kirol instalazioetako aurre-hartze
neurriak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan lehiaketa
ofizial profesionalak jasotzen dituzten kirol-instalazio guztiek
sarrera-txartelak eta sarbidea bera informatikaren bidez kontrolatzeko eta
kudeatzeko sistema eduki beharko dute. Halaber, instalazio horietan
antolakuntza kontrolatzeko unitate bat egongo da, toki estrategiko batean
kokatuta eta behar diren baliabide teknikoekin hornituta.
2.- Aurreko
zenbakian aipatutako kirol-instalazioetan ikuslekuak zenbatuak izango dira eta
ikusle guztientzako eserlekuak edukiko dituzte.
101.
Artikulua - Lehiaketa ofizial profesionalen berri ematea
Aurreko artikuluan aipatutako lehiaketen
antolatzaileek, aurretiaz eta nahiko denboraz, araudi bidez zehaztuko den eran,
lehiaketen berri eman beharko diote Eusko Jaurlaritzan polizi arloko eskumenak
dituen sailari.
102.
Artikulua - Segurtasun-koordinatzailea
Araudi bidez zehaztuko da
kirol-lehiaketetako segurtasun-koordinatzailearen kargua. Kargu hori Eusko
Jaurlaritzan polizi eskumenak dituen sailaren egituran txertatuko da eta
kirol-lehiaketetan segurtasuna koordinatzea eta antolatzea izango du eginkizun.
103.
Artikulua - Debekuak
Kirol-lehiaketak jasotzen dituzten instalazioetan debekatuta
egongo da:
a) Edari
alkoholdunak sartzea eta saltzea.
b) Indarkeriara
bultzatzen duten sinboloak, esaldiak edo ikurrak sartzea eta erakustea. Debekua
hausten dutenei galarazi egingo zaie instalazioetan sartzea.
c) Arma eta
jaurtigai oro sartzea. Halako gaiak sartu nahi dituztenei galarazi egingo zaie
sarrera.
d) Bengalak
edo su artifizialak sartzea. Halako gaiak sartu nahi dituztenei galarazi egingo
zaie sarrera.
104.
Artikulua - Segurtasun-neurriak eta erantzukizunak
1.- Kirol-ekitaldien
antolatzaileek eta kirol-instalazioen jabeek beharrezko segurtasun-neurriak
bermatu beharko dituzte kirol-esparruetan, horretarako legez eta araudiz
ezarritakoari lotuz.
2.- Eusko
Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko ditu larrialdietarako plana ezinbestean
izan beharko duten kirol-instalazioak eta plan horren gutxieneko edukiak.
3.- Segurtasun
arloko aginduak ez betetzea administrazio arau-haustetzat joko da eta
administrazio-erantzukizunak eskatzea ekarriko du. Horrez gainera,
kirol-diziplinako neurriak hartu eta erantzukizun zibil eta penala eskatu ahal
izango dira.
X
TITULUA
DIZIPLINA
ARAUAK
105.
Artikulua - Aplikazio-eremua
1.- Diziplina-araubideak
joko eta lehiaketa arauen hausteak eta kirol-federazioen arauen hausteak
hartuko ditu bere baitan. Horretarako, arau-hausteok jasota egon beharko dute
lege honetan, legearen araudi-xedapenetan eta kirol-federazioek dituzten eta
Kirol Erakundeen Erregistroan behar bezala inskribituta dauden estatutuetan eta
araudietan.
2.- Klubek
bazkideekiko duten diziplina-ahalmenean beren arauak izango dituzte jarraibide;
gainera, ahalmen hori dela-eta ezin izango da errekurtsorik jarri
kirol-federazioetan eta Kirol Justiziako Euskal Batzordean.
3.- Estatu-eremuko
kirol-lehiaketak direla-eta egindako arau-hausteek Estatu-eremuko
diziplina-arauak izango dituzte jarraibide.
4.- Kirol
arloko diziplina-araubidea bada ere, erantzukizun zibila, penala edo bestelakoa
eskatu ahal izango da eta erantzukizun-motari dagozkion arauak izango ditu
jarraibide.
106.
Artikulua - Diziplina-ahalmena
1.- Kirol
arloko diziplina-ahalmenak esku ematen die zenbait organori beren
kirol-diziplinaren menpean dauden pertsonak ikertzeko, eta, hala badagokio,
zigortzeko.
2.- Antolakunde hauek
balia daitezke diziplina-ahalmenaz:
a) Kirol-federazioak;
federatutako pertsona fisiko edo juridiko guztien gainean dute eskumena.
b) Eskola
eta unibertsitate kirolaren eremuan eskumenak dituzten organoak, kirol-esparru
horietako parte-hartzaileen gainean.
c) Kirol
Justiziako Euskal Batzordea, gorago aipatutako pertsonen eta erakundeen
gainean.
3.- Proben
edo partiden zuzendaritza-ahalmenaz baliatzea ez da kirol arloko
diziplina-ahalmentzat joko, zuzendaritza-ahalmen hori jarduera-epaileei
baitagokie kasuan kasuko kirol-motaren arau teknikoak aplikatuz.
107.
Artikulua - Diziplina-xedapenak
Eusko Jaurlaritzak eskola eta unibertsitate kirolaren eremuan,
eta Euskadiko kirol-federazioek, diziplina-araudiak onartuko dituzte. Puntu
hauek jaso beharko dira araudietan:
a) Arau-hausteen sistema tipifikatua,
larritasunaren arabera mailakatuta.
b) Zigor-sistema, bai eta arau-hauslearen
erantzukizuna arintzen edo astuntzen duten inguruabarrak eta
diziplina-erantzukizuna iraungitzeko baldintzak ere.
c) Zenbait arau, puntu hauek bermatzeko: egitate
berberagatik bi zigor ez ezartzea, zigorren proportzionalitatea, erruztatuaren
alde denean arauek atzera eraginkortasuna edukitzea eta hautsi baino lehen
tipifikatu gabe zeuden arau-hausteengatik ez zigortzea.
d) Zigorrak ezartzeko diziplina-jardunbideak.
e) Hartutako erabakien aurkako
errekurtso-sistema.
108.
Artikulua - Arau-hauste motak eta tipifikazioa
1.- Arau-hausteak
oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
2.- Titulu
honetan zehaztutako arau-hausteez gainera, erakundeetako araudiek, lege honetan
eta legearen araudi-garapenean ezarritako printzipioei eta irizpide orokorrei
lotuz, arau-hauste oso larri, larri eta arintzat jo beharreko jarrerak
tipifikatuko dituzte kirol eta antolakunde bakoitzaren berezitasunen arabera.
109.
Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Edozein kasutan arau-hauste oro larriak izango dira hauek:
a) Laguntzak
eta diru-laguntzak jasotzeko oinarrietan edo erabakietan ezarritakoak ez diren
beste helburuetarako erabiltzea laguntza edo diru-laguntza horiek.
b) Laguntzak
eta diru-laguntzak jasotzeko eskatzen diren benetako datuetan eta dokumentuetan
funtsezko aldaketa egitea.
c) Eskurantzak
edo eskumenak legez kontra usurpatzea.
d) Diziplina
edo hauteskunde organoetako kideek dagozkien beharkizunak oso larrikiro ez
betetzea.
e) Kirol-instalazioetako
segurtasun eta higieneari buruzko federazio-arauak ez betetzea, baldin eta ez
betetze horiek arrisku oso larria badira instalazioetan dauden pertsonentzat.
f) Estatutuetako
eta araudietako arauak eta kirol-federazioen erabakiak behin eta berriro
nabarmenki ez betetzea.
g) Segurtasunari
eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak
antolatzea, baldin eta jarduera horiek egiteak arrisku oso larriak sortu ahal
badizkio jendeari.
h) Kirol-ekintzetan
parte hartzen duten epaile, kirolari, teknikari, kirol-agintari eta bestelakoak
erasotzea, beldurtzea eta hertsatzea.
i) Agintekeriak.
j) Partida,
proba edo lehiaketa egitea galarazten duen edo aldi baterako edo behin betiko
geldiaraztea behartzen duen protesta edo jarduna.
k) Kirol
Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak ez betetzea.
l) Kirolariek,
teknikariek, epaileek eta zuzendaritzakoen adierazpen publikoak eta bestelako ekintzak,
indarkeriarako bultzagarri direnean.
m) Bidezko
arrazoirik gabe federazio-lizentziak ez ematea edo atzeratzea, beti ere tartean
asmo txarra badago.
n) Kirol-jarduera
aurrera eramateko diren diru publikoak nahita oker erabiltzea.
ñ) Debekatutako sustantziak sustatzea, hartzera bultzatzea eta
hartzea, edo debekatutako metodoak erabiltzea eta horien gainean behar den
kontrola izatea galarazten duen edozein egintza edo ez-egite.
o) Jokoaren
edo lehiaketaren emaitza aldez aurretik erabakitzeko eragingarri diren egintzak
edo ez-egiteak.
p) Arau-hauste
larriak edo oso larriak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.
q) Arau-hauste
larrietan berriro erortzea.
110.
Artikulua - Arau-hauste larriak
Edozein kasutan arau-hauste larriak izango dira hauek:
a) Arau-hauste
arinak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.
b) Diziplina
edo hauteskunde organoetako kideek ez jardutea edo beren eginkizunak bertan
behera uztea, baldin eta beren eginbeharren ez betetze oso larria ez badakar.
c) Arrazoirik
gabe euskal kirol-federazioen eta lurraldeetako kirol-federazioen selekzioen
deialdietara ez joatea.
d) Bidezko
arrazoirik gabe federazio-lizentziak ez tramitatzea edo ez ematea edo
atzeratzea.
e) Joko, proba
edo lehiaketaren garapen normala oztopatzen duen protesta, beti ere ekitaldia
geldiarazi gabe.
f) Epaileei,
teknikariei, entrenatzaileei, kirol-agintariei, jokalariei edo bertaratutako
jendeari irainak edo laidoak egitea.
g) Epaileei
eta teknikariei dagozkien jarduerak behar den titulazio edo baimenik gabe
burutzea.
h) Arau-hauste
arinetan berriro erortzea.
i) Ofizial
izendapena daramaten kirol jarduerak, probak edo lehiaketak behar den baimenik
gabe antolatzea.
j) Burutu
behar den eginkizunarekin edo jarduerarekin bateraezintzat jo diren jarduera
publiko edo pribatuak burutzea.
k) Kirol-lehiaketa
burutzeko izan behar den duintasunaren edo lotsaren aurka nabarmenki edo
jendaurrean jardutea.
l) Kirol-instalazioetako
segurtasun eta higiene baldintzei buruz federazioek emandako arauak ez
betetzea, baldin eta ez betetze hori arrisku larria bada instalazioetan dauden
pentsonentzat.
m) Estatutuetako
eta araudietako arauak eta kirol-federazioen erabakiak ez betetzea.
n) Segurtasunari
eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak
antolatzea, baldin eta jarduera horiek ez badiote arriskurik sortzen jendeari.
ñ) Lege
honetako 67. artikuluan atxikipen, nahitaezko luzapen, prestakuntza eta antzeko
eskubideen inguruan jasotako debekua hausten parte hartzea.
111.
Artikulua - Arau-hauste arinak
Edozein kasutan arau-hauste arinak izango dira hauek:
a) Epaileei,
teknikariei, kirol-agintariei edo bertaratutako jendeari modu desegokian
oharrak egitea.
b) Epaileek
eta gainerako kirol-agintariek beren eginkizunen barruan emandako aginduak eta
jarraibideak betetzean jarrera pasiboa hartzea.
c) Diziplina
edo hauteskunde organoetako kideek ez jardutea edo beren eginkizunak bertan
behera uztea, baldin eta ez betetze arina bada.
d) Kirol-arauen
aurkakoak nabarmenki diren jarrerak, baldin eta oso larritzat edo larritzat
kalifikatuta ez badaude.
112.
Artikulua - Zigorrak
1.- Aurreko
artikuluetan azaltzen diren arau-hausteak direla-eta zigor hauek ezarri ahal
izango dira:
Arau-hauste oso larriak:
a) Lizentziarik
gabe uztea, gutxienez urtebetean eta gehienez bost urtean.
b) Lizentzia
kentzea.
c) 1.000.001
eta 10.000.000 pezeta bitarteko isuna.
d) Kirol-instalazioa
ixtea, gutxienez hiru partidarako eta gehienez denboraldi baterako.
e) Kargurik eta
eginkizunik ezin izana, gutxienez urtebetean eta gehienez bost urtean.
f) Kategoriaz
jaistea.
g) Joko,
proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.
h) Joko,
proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.
i) Probak
edo lehiaketak egiten diren bitartean kirol-instalazioetan sartzea debekatzea,
gutxienez urtebeterako eta gehienez bost urterako.
j) Joko,
proba edo lehiaketak ateak itxita egitea.
k) Jardunaldi
edo proba bati baino gehiagori dagozkien puntu, partida edo sailkapen-postuak
galtzea.
Arau-hauste larriak:
a) Lizentziarik
gabe uztea, gutxienez hilabetean eta gehienez urtebetean.
b) 100.001
eta 1.000.000 pezeta bitarteko isuna.
c) Kirol-instalazioa
ixtea, gehienez bi partidarako.
d) Kargurik
eta eginkizunik ezin izana, gehienez urtebetean.
e) Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko
kanporatzea.
f) Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako
kanporatzea.
g) probak edo lehiaketak egiten diren bitartean
kirol-instalazioetan sartzea debekatzea, gehienez urtebeterako.
h) Joko, proba edo lehiaketak ateak itxita
egitea.
i) Jardunaldi
edo proba bati dagozkion puntu, partida edo sailkapen-postuak galtzea.
j) Ohartarazpen
pribatua.
k) Ohartarazpen
publikoa.
Arau-hauste arinak:
a) Lizentziarik
gabe uztea, gehienez hilabetean.
b) 100.000 pezetarainoko
isuna.
c) Joko,
proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.
d) Joko,
proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.
e) Ohartarazpen
pribatua.
f) Ohartarazpen
publikoa.
2.- Beren
jardueragatik ordainsariak edo konpentsazioak jasotzen dituzten kirolari,
teknikari eta epaileei, eta pertsona juridikoei, ezarri ahal izango zaizkie
bakarrik diruzko isunak.
3.- Kasuan
kasuko diziplina-espedientearen bidez jarritako zigorrak berehala
betearaztekoak izango dira. Dena den, aurkeztutako errekurtsoak ebatzi behar
dituzten federazio, administrazio edo jurisdizkio organoek kautelaz bete gabe
uzteko dituzten ahalmenak erabili ahal izango dituzte.
113.
Artikulua - Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak
1.- Administrazio-erantzukizuna
aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.
2.- Inguruabar
aringarriak hauek izango dira:
a) Probokazio
nahikoa izan eta berehalaxe egitea arau-haustea.
b) Arau-hauslea
berez damutzea.
3.- Inguruabar
astungarriak hauek izango dira:
a) Berriro
egitea.
b) Prezioa.
4.- Kirol-diziplinaren
ahalmenaz baliatzean, diziplina-organoek bidezko deritzen graduan jarri ahal
izango dute zigorra, beti ere kontuan hartuta nolako egitateak diren, zein den
erantzulearen nortasuna, nolako ondorioak izan dituen arau-hausteak eta
inguruabar astungarririk eta aringarririk izan den.
114.
Artikulua - Erantzukizuna iraungitzeko arrazoiak
1.- Kirol arloko
diziplina-erantzukizuna arrazoi hauengatik iraungiko da:
a) Zigorra
betetzeagatik.
b) Arau-haustearen
indarraldia amaitzeagatik.
c) Zigorraren
indarraldia amaitzeagatik.
d) Erruztatua
edo zigortua hiltzeagatik.
e) Erruztatutako
edo zigortutako kirol-erakundea iraungitzeagatik.
f) Zigorra
barkatzeagatik.
2.- Federatu-izaera
galtzea, ezarritako zigorrak betetzerakoan eragina izan badezake ere zenbait
kasutan, ez da diziplina-erantzukizuna iraungitzeko arrazoia izango.
115.
Artikulua - Arau-hausteen eta zigorren indarraldia amaitzea
1.- Arau-hauste
oso larrien indarraldia arau-haustea egin den egunaren biharamunetik kontatzen
hasi eta hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste oso larriena urtebete
pasatzean eta arau-hauste arinena hilabete pasatzean. Jarduera jarraietatik
etor litezkeen arau-hausteetan, berriz, jarduera amaitu den eguna edo
arau-haustea burutu duen azken egintzaren eguna izango da indarraldi-epearen
hasiera.
2.- Zigor-jardunbidearen
hasiera jakinarazten denean eten egingo da indarraldia amaitzeko epea.
Aipatutako jardunbidearen menpean dagoen pertsonari edo erakundeari egotzi ezin
zaizkion arrazoiengatik jardunbidea geldirik badago hilabete bat baino gehiago,
dagokion epeak aurrera jarraituko du.
3.- Arau-hauste
oso larrien, larrien edo arinen zigorren indarraldia hiru urte, urtebete edo
hilabete pasatzean amaituko da, eta indarraldia amaitzeko epearen hasiera
zigorra ezarri zuen ebazpenak behin betikotasuna hartu eta biharamuna izango
da.
116.
Artikulua - Diziplina-jardunbideak
1.- Diziplina-erantzukizunak
eskatzeko, ohiko jardunbidea eta ohiz kanpoko jardunbidea erabiliko dira.
2.- Ohiz
kanpoko jardunbideak lehentasun eta sumariotasun printzipioak izango ditu
oinarri, eta batez ere joko edo lehiaketa arau-hausteei ezarriko zaie.
117.
Artikulua - Diziplina-erantzukizunak eta erantzukizun penalak aldi berean
gertatzea
1.- Kirol
arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz,
ministerio fiskalari jakinarazi beharko dizkiote delitu edo hutsegite penal
izan daitezkeen egitateak. Horrelakoetan, kirol arloko diziplina-organoek
jardunbidea etetea erabakiko dute harik eta epaileak bere ebazpena eman arte.
2.- Aurrekoa
gorabehera, kirol arloko diziplina-organoek behar diren babes-neurriak har
ditzakete.
118.
Artikulua - Diziplina-erantzukizunak eta administrazio-erantzukizunak aldi
berean gertatzea
1.- Baldin
eta egitate berbera dela-eta, batetik, lege honetako XI. tituluan araututako
administrazio-erantzukizunak eta, bestetik, diziplina-erantzukizunak eskatu
ahal badira, kirol arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi
interesdunaren eskariz, horren berri eman beharko diote administrazio-organo
eskudunari, eta horrez gainera diziplina-jardunbidea tramitatu ahal izango da.
2.- Baldin
eta diziplina-organoek jakiten badute badirela administrazio-erantzukizuna
baino ez dakarten egitateak, horren berri emango diete administrazio-organo
eskudunei.
XI
TITULUA
KIROL
IKUSKATZEA ETA ZIGOR ARAUAK
I KAPITULUA
KIROL-IKUSKATZEA
119. Artikulua - Eginkizunak
Eusko
Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailak beteko ditu kirol-ikaskatze
eginkizunak, eta kirol arloko lege-xedapenak eta araudi-xedapenak betetzea
kontrolatuko du, batez ere kirol-zentroei eta kirol-titulazioei buruzko
xedapenak betetzea.
120. Artikulua - Ikuskatzeko eskumena
Lizentziak
edo baimenak emateko eskumena duen administrazioak ikuskatuko ditu instalazioak
eta jarduerak. Eusko Jaurlaritzak ordeztu ahal izango du udalen
ikuskatze-ahalmena, udalekin hitzarmen bat sinatuz.
121. Artikulua - Gaituriko pertsonak
Ikuskatze-eginkizunak
betetzeko, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko espezializazio teknikoa
edukitzea eta Eusko Jaurlaritzak gaituak izatea ikusketa-lanetarako.
122. Artikulua - Ahalmenak
1.- Beren eginkizunak betetzean,
ikuskatzaileak, behar bezala kreditatuta, agintaritzaren agente izango dira, eta
indarrean dagoen araudiak agintaritzaren agenteei ematen dizkien babesaz eta
ahalmenez baliatu ahal izango dute.
2.- Eginkizunak hobeto betetzeko egokitzat
jotzen badute, ikuskatzaileek beste erakunde batzuen menpeko pertsonen eta
zerbitzuen laguntza eskatu ahal izango dute.
123. Artikulua - Kirol-ikuskatzearekiko betebeharrak
Kirol-zentroetako
titularrek eta kirol arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonek edo
erakundeek utzi egin beharko diete ikuskatzaileei lokaletan sartzen,
dokumentuak eta ondasunak kontrolatzen eta aztertzen; halaber, behar den
laguntza emango diete ikuskatze-lanetan.
124. Artikulua - Aholkularitza eta laguntza teknikoa
1.- Kirol-ikuskaritzak bere gain hartuko du
kirol-zentroak ireki eta jardunean jartzeko betebeharrei buruzko aholkularitza,
eta berari dagokio, halaber, lege honetan araututako gai guztiei buruzko
aholkularitza ere, legea zuzen beteko dela bermatzeko.
2.- Udalek, ikuskatze-zerbitzu egokirik ez
badute, behar den laguntza teknikoa eskatu ahal izango diote Eusko
Jaurlaritzako kirol-ikuskaritzari.
II
KAPITULUA
ZIGOR-ARAUAK
125.
Artikulua - Aplikazio-eremua
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan
gertatzen diren egintzei edo ez-egiteei ezarriko zaizkie kapitulu honetako
xedapenak, Estatu edo nazioarte eremuko kirol-lehiaketetan gertatzen diren
kontuan hartu gabe.
126.
Artikulua - Arau-hauste administratiboak eta erantzuleak
1.- Titulu
honetan jasotako egintzak edo ez-egiteak izango dira kirol arloko arau-hauste
administratiboak, eta arau-hausteak egiten dituzten pertsona fisikoak edo
juridikoak izango dira erantzuleak.
2.- Kirol
arloko arau-hauste administratiboak oso larriak, larriak eta arinak izan
daitezke.
127.
Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Arau-hauste oso larriak hauek izango dira:
a) Pertsonen
osasunean eta segurtasunean ondorio larriak ekar ditzaketen eran burutzea
kirol-jarduerak eta eskaintzea kirol-zerbitzuak.
b) Kirol-instalazioetan
edo instalazioen sarbideetan istilu publikoetan indarkeria erabiliz parte
hartzea, baldin eta istiluak oso arriskugarriak badira pertsonentzat eta
ondasunentzat.
c) Kirol-instalazioetako
segurtasun eta higiene baldintzak ez betetzea, baldin eta ez betetzea oso
arriskugarria bada pertsonentzat eta ondasunentzat.
d) Behin
onarpen ofiziala ezeztatutakoan kirol-federazioa desegin beharrarekin loturiko
beharkizunak ez betetzea.
e) Indarkeriarako
bultzagarri arriskutsuak diren adierazpenak eta egintzak.
f) Prezio,
beldur edo antzeko beste era batzuk erabiliz partida, proba edo lehiaketen
emaitzak aldez aurretik erabakitzeko ekintzak.
g) Kirol
bakoitzeko arau teknikoen kontra kirol materiala edo ekipamendua manipulatzen
edo aldatzen parte hartzea, aldez aurretik erabakitzeko partida, proba edo
lehiaketen emaitzak.
h) Debekatutako sustantzien kontsumoa edo debekatutako metodoen
erabilera sustatzea, bultzatzea edo laguntzea, eta sustantzia eta metodo horiek
behar bezala kontrolatzea galarazten duen edozein egintza edo ez-egite.
i) Hutsegite
larrietan berriro erortzea.
j) Arau-hauste
larriak edo oso larriak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.
128.
Artikulua - Arau-hauste larriak
Arau-hauste larriak hauek izango dira:
a) Irabazi-asmorik
gabeko kirol-erakundeen bidez enpresa eta lanbide jardueren irabazi-asmoa
ezkutatzea.
b) Kirol-instalazioetan
eta kirol altzarietan edo ekipoetan engainuz kalteak egitea.
c) Ikuskatze,
kontrol edo fiskalizazio lanetan laguntza ez ematea edo trabak jartzea.
d) Kirol-federazioek
bereak dituzten izenak erabiltzea edo jarduerak burutzea.
e) Eskola-umeen
kirol-jarduerak foru-aldundiek baimendu gabe antolatzea edo jarduera horietan
parte hartzea.
f) Hutsegite
arinetan berriro erortzea.
g) Arau-hauste
arinak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.
129.
Artikulua - Arau-hauste arinak
Arau-hauste arinak hauek izango dira:
a) Ikusle, kirolari
eta kirol-instalazioetako gainerako erabiltzaileen begirunerik eza, baldin eta
ordena publikoan eragiten ez badute.
b) Lege
honetako 98. artikuluak ezarritako informazio-beharkizuna ez betetzea.
c) Arretarik
eza edo utzikeria izatea kirol-instalazioak eta kirol altzariak edo ekipoak
mantentzen eta zaintzen.
130.
Artikulua - Ondorioak
1.- Arau-hauste
administratibo orok ondorio hauek izan ditzake:
a) Zigorrak
ezartzea, bestelako erantzukizunak ahaztu gabe.
b) Eragindako
galerak eta kalteak konpondu beharra.
c) Hautsitako
ordena juridikoa berriro ezartzeko eta arau-hausteak eragindako ondorioak
deuseztatzeko behar diren neurri guztiak hartzea.
2.- Ezar
litezkeen zigorrak gorabehera, emandako laguntzak eta diru-laguntzak itzultzea
erabaki ahal izango du administrazio-organo eskudunak.
131.
Artikulua - Zigorrak
1.- Aurreko
artikuluetan adierazitako arau-hausteak egiteak zigor hauek ekarri ahal izango
ditu:
a) Diru-isuna.
b) Jarduera
debekatzea.
c) Administrazio-baimena
ezeztatzea.
d) Kirol-instalazioak
ixtea.
e) Diru-laguntza
edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea.
f) Kirol-instalazioetara
sartzea galaraztea.
g) Kirol-jarduerak
antolatzeko gaitasuna kentzea.
2.- Arau-hauste
arinak 10.000 eta 100.000 pezeta bitarteko isunarekin zigortu ahal izango dira,
larriak 100.001 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isunarekin, eta oso larriak
1.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunarekin.
3.- Arau-hauste
oso larriak direla eta, b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako zigor osagarriak
ezarri ahal izango dira, gehienez ere lau urtera arte.
4.- Arau-hauste
larriak direla eta, b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako zigor
osagarriak ezarri ahal izango dira, gehienez ere bi urtera arte.
5.- Ezar
litezkeen zigorren eta erantzukizunen zenbatekoa behartze-bide
administratibotik eskatu ahal izango da.
132.
Artikulua - Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak
1.- Administrazio-erantzukizuna
aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.
2.- Inguruabar
aringarriak hauek dira:
a) Probokazio
nahikoa izan eta berehalaxe egitea arau-haustea.
b) Arau-hauslea
berez damutzea.
3.- Inguruabar
astungarriak hauek dira:
a) Berriro
egitea.
b) Prezioa.
4.- Gainera, zigorrak
ezartzean, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Eragindako kalteak.
b) Sortutako arriskuak.
c) Aurretiazko ohartarazpenak izatea.
d) Nahita egitea.
e) Legez
kanpo lortutako onura.
f) Erakundearen
jardueraren bolumen ekonomikoa.
133.
Artikulua - Zigorren bateragarritasuna
1.- Egitate
berberak direla medio eta babestutako interes berberengatik ezin izango da
sekula bi zigor ezarri.
2.- Nahiz
eta titulu honetan aurreikusitako arau-hausteak direla-eta zigorrak ezarri,
kasua bada kirol arloko diziplina-erantzukizunak ere ezarri ahal izango dira,
bestelako izate-arrazoia baitute.
134.
Artikulua - Arau-hausteen indarraldiaren amaiera
1.- Arau-hauste
oso larrien indarraldia arau-haustea egin den egunaren biharamunetik kontatzen hasi
eta hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste larriena urtebete pasatzean,
eta arinena sei hilabete pasatzean. Jarduera jarraietatik etor litezkeen
arau-hausteetan, berriz, jarduera amaitu den eguna edo arau-haustea burutu duen
azken egintzaren eguna izango da indarraldi-epearen hasiera.
2.- Zigor-jardunbidearen
hasiera jakinarazten denean, eten egingo da indarraldia amaitzeko epea.
Aipatutako jardunbidearen menpean dagoen pertsonari edo erakundeari egotzi ezin
zaizkion arrazoiengatik jardunbidea geldirik badago hilabete bat baino gehiago,
dagokion epeak aurrera jarraituko du.
3.- Arau-hauste
oso larriengatik ezarritako zigorren indarraldia hiru urte pasatzean amaituko
da, arau-hauste larrien kasuan urtebete pasatzean, eta arau-hauste arinen
kasuan sei hilabete pasatzean.
135.
Artikulua - Behin-behineko neurriak
1.- Zigor-espedientea
irekitzeko eskumena duten organoek behar diren behin-behineko neurriak hartu
ahal izango dituzte, arrazoiak emanda, edozein unetan, balizko ebazpenaren
eraginkortasuna ziurtatzeko eta ondasunen eta pertsonen segurtasuna bermatzeko.
2.- Neurri horiek ez
dute edukiko zigor-izaerarik, eta hauek izan daitezke:
a) Diru-bermeak
jartzea.
b) Zerbitzuak,
jarduerak edo baimenak aldi baterako etetea.
c) Kirol-instalazioak
ixtea.
136.
Artikulua - Zigortzeko ahalmena
Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta
udalei dagokie, zeini bere eskumenen esparruan, zigortzeko ahalmena erabiltzea.
XII
TITULUA
KIROL
JUSTIZIA
I
KAPITULUA
KIROL
JUSTIZIAKO EUSKAL BATZORDEA
137.
Artikulua - Izaera
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoan kirol-justiziaren arloan administrazio-organo nagusia
Kirol Justiziako Euskal Batzordea izango da.
2.- Eusko
Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikiko zaio Kirol Justiziako
Euskal Batzordea. Dena den, beregaina izango da sailarekiko, eta azken
administrazio-auzialdian erabakiak hartuko ditu bere eskumeneko gaiei buruz.
138.
Artikulua - Eskumenak
Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eskumenak hauek izango
dira:
a) Kirol-diziplinako
ahalmena duten kirol-organo titularren erabakien aurka jarritako errekurtsoak
aztertzea eta ebaztea.
b) Kirol-federazioetako
hauteskunde-batzarren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta
ebaztea.
c) Lehiaketa
ofizialak bideratu, kalifikatu eta baimentzeari eta lizentziak tramitatu eta
emateari dagozkien federazio-erabakien aurka jarritako errekurtso guztiak
aztertzea eta ebaztea.
d) Administrazio-eginkizunak
betetzean federazioen artean sor litezkeen auziak aztertzea eta ebaztea.
e) Batzordeak,
ofizioz edo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskariz, gorago
aipatutako gaien artetik aztertu beharreko ikusten dituenak aztertzea eta
ebaztea.
139.
Artikulua - Ebazpenak
1.- Kirol
Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenek administrazio-bidea agortuko dute, eta
administrazioarekiko auzitarako jurisdikzioaren aurrean errekurritu ahal izango
dira bakarrik.
2.- Kirol
Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak, hasiera batean, kirol-ekintzaren
titularra den erakundearen bidez betearaziko dira, eta titularra izango da
ebazpenak zuzen betetzearen erantzulea. Titularrik ez badago, batzordeak berak
betearaziko ditu ebazpenak.
140.
Artikulua - Osaera
1.- Sei
kide titularrek osatuko dute Kirol Justiziako Euskal Batzordea; Zuzenbidean
lizentziatuak eta kirol arloko lege-gaietan esperientzia handikoak izan beharko
dute. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailak izendatuko ditu.
Aipatutako sei kide titularrez gain, sailak bi ordezko izendatuko ditu.
2.- Kirol
Justiziako Euskal Batzordeak osoko bilkuran eta sekzioetan jardun ahal izango
du.
3.- Indarrean
dagoen legedian aurreikusitako abstentzio edo ezespen zioak aplikatu ahal
izango zaizkie batzordeko kideei.
4.- Kirol
Justiziako Euskal Batzordeko kideek lehendakaria eta lehendakariordea aukeratu
beharko dituzte beren artetik. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen
sailak izendatuko du, bere funtzionarioen artetik, batzordeko idazkaria.
5.- Batzordeko
kide karguek ez dute ordainsaririk izango, eta jarduna dela-eta dagozkien
dietak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.
141.
Artikulua - Araudi bidezko garapena
Lege hau garatzen duten araudi-xedapenek
finkatuko da Kirol Justiziako Euskal Batzordearen osaera eta jarduera.
II
KAPITULUA
ARBITRATZEA
142.
Artikulua - Estatutuen eta araudien aurreikuspenak
1.- Kirol-federazioen
estatutuetako eta araudietako arauek arbitratze-formulak aurreikusi eta zehaztu
beharko dituzte, hurrenez hurren, beren kideen artean gerta litezkeen desdostasunak
auzitegietatik kanpo ebazteko. Arbitratzeari buruzko legedi orokorraren
zehaztasunei, baldintzei eta ondorioei lotuz aplikatuko dira formula horiek.
2.- Araudietako arauek
puntu hauek zehaztu beharko dituzte:
a) Arbitratzearen
helburu izan daitezkeen gaien zerrenda.
b) Ukitutako
pertsonek arbitratze-formula horiek onartzeko moduak.
c) Arbitratze-formula
horiek aplikatzeko jardunbidea, beti ere kontraesan eta berdintasun
printzipioak errespetatuta.
d) Desadostasunetan
erabakitzeko ardura duten organoak edo pertsonak, eta horiek izendatzeko
jardunbidea.
e) Laudoak betearazteko formulak.
143. Artikulua - Borondatezko men egitea
Zuzenbidearen
araberako edo ekitatezko arbitratze-sistemei men egitea borondatezkoa izango da
beti. Debekatuta egongo dira, beraz, epaileak, teknikoak, kirolariak eta
gainerako pertsonak edo kirol-erakundeak beren arteko auziak
arbitratze-formulen bidez konpontzera behartzen dituzten arauak edo erabakiak.
144. Artikulua - Arbitratzea sustatzea
Euskal
Autonomia Erkidegoko aginte publikoek arbitratze-eginkizunak dituzten
erakundeak sortzea bultzatu beharko dute. Halaber, arbitratzearen kultura
hedatu beharko dute kirol-mugimenduko kideen artean, kirol-munduan sortzen
diren gatazkak konpontzeko formula egoki gisa.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Klubak herri-onurakotzat jotzea
1.- Lege honetan aipatutako kirol-klubak
herri-onurakotzat jo ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren erabakiz, dagokion
foru-aldundiaren txostena aztertu eta gero. Herri-onurakotzat jotzeko,
baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskadiko interes orokorrari ekarpena egitea.
b) Bazkide-kopurua mugatuta edukitzea, non ez
den kirol-instalazioen edukiera fisikoagatik edo harmenagatik.
c) Bazkideen kuotek ez gainditzea araudi bidez
zehaztutako kopuruak.
2.- Herri-onurakotzat jotzeak lege honen 32.
artikuluan ezarritako hobariak ekarriko ditu.
Bigarrena - Lankidetza-hitzarmenak eskola-kirolean
Euskal
eskola publikoaren barruan dauden ikastetxeen, kirol-elkarteen eta gainontzeko
erakunde publiko edo pribatuen artean eskola-kirolaren arloan
lankidetza-hitzarmenak zabaldu daitezen, aipatutako ikastetxeen zuzendariek
lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko baimena izango dute, Eusko Jaurlaritzan
hezkuntza arloan eskumena daukan sailak, bere kasuan, araudi bidez zehazten
dituen mugekin eta baldintzekin.
Hirugarrena - Kirol-federazioen hizkuntz normalkuntza
Kirol-federazioek
beren jardunean euskararen erabilera normaltzeko egokiak diren neurriak hartuko
dituzte. Bereziki, katalogoetan, programetan, iragarpen-hormirudietan eta beren
kirol jardueretan eta lehiaketetan erabiltzen duten gainontzeko irudizko edo
entzutezko materialean bultzatuko dute euskararen erabilera.
Laugarrena - Ikuskatze-plan orokorra
Lege
honetan aurrikusitakoak behar bezala betetzea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak
lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean ikuskatze-plan orokor bat
onartuko du. Plan horrek, gutxienez, egin beharreko ikuskatzeen helburu
orokorrak, lehentasunak eta egutegia zehaztuko ditu.
Bosgarrena
- Herri-kiroletarako, euskal pilotarako eta arraunketarako plan estrategikoa
Euskal Autonomia Erkidegoan herri-kirolen, euskal pilotaren eta
tosta finkoko arraunketaren garapena bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak plan
estrategiko bat onartuko du urtebeteko epean. Ukitutako euskal federazioek,
Kirolaren Euskal Kontseiluak eta kirol-mota horiekin zerikusia daukaten
gainontzeko agenteek parte hartuko dute planean. Planak zehaztasun hauek jasoko
ditu gutxienez:
a) Planaren
helburuak.
b) Helburu
horiek lortzeko neurriak.
c) Neurri
horiek burutzerakoan erakunde publiko eta pribatu batzuek eta besteek izango
dituzten erantzukizunak.
d) Plana
burutzeko epeak.
e) Plana
berraztertzeko jardunbidea eta epeak.
f) Kanpo-sustapena.
Seigarrena
- Kirol-federazioen hitzarmenak kirol jarduera eta lehiaketa komunak egiteko
Kirol-federazioek lankidetza edo laguntza
hitzarmenak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko edo kanpoko
kirol-erakunde publiko edo pribatuekin, kirol jarduera eta lehiaketa komunak
egiteko. Bereziki, kirol-federazioek lankidetza-formulak bultzatuko dituzte
beste euskal lurralde batzuetan eta beste erkidego batzuetan Euskal Herriko
bertako kirolen praktika eta garapena sustatzen duten kirol-erakundeekin.
Zazpigarrena
- Ordaindu beharra dutenak
Osasunaren Lege Orokorraren 83.
artikuluan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateratuko 22. xedapen
gehigarrian eta aplikatzekoak diren gainontzeko xedapenetan zehaztutakoa
jarraituz, zerbitzu-sare publikoak edo Osasun Sailak itundutakoak kirolari
federatuei ematen dien osasun-laguntza lege honen 78.1 artikuluan xedatutakoan
sartuta ez baldin badago, ekainaren 4ko 849/1993 Errege Dekretuak
zehaztutakoaren arabera fakturako eta eskatuko da, eta besterik ezean
kirol-federazioei fakturako eta eskatuko zaie, unean-unean indarrean dauden
prezio publikoen arabera edo egiten diren hitzamenei edo itunei lotuz.
Aldi
Baterako Xedapenak
Lehenengoa
- Estatutuen egokitzapenak
Klub, elkarte eta federazioen
estatutuetako eta araudietako xedapenak arautegi berriari egokitu beharko
zaizkio lege hau garatzeko xedapenetan zehaztutako epeen barruan.
Araudi-garapen hori egiten ez den bitartean, lege honen aurka ez doazen
estatutu eta araudi xedapenak aplikatzen jarraituko da, eta indarrik gabe
geldituko dira legearen aurkakoak direnak.
Bigarrena
- Kirol-zentroak
Lege honen 98. artikuluan araututako
kirol-zentro guztiak, jardunean badaude lege hau indarrean sartzen denean, lege
horretan zehaztutakoari egokitu beharko zaizkio legea garatzeko arauek ezartzen
dituzten epeak eta baldintzak betez. Garapen-arau horiek aldi baterako araubide
bereizia aurreikusi ahal izango dute, zentroen titularrek dagozkion
egokitzapenak egin eta baimenak lor ditzaten, arrisku-faktoreak, berrikuntzen
kostua eta antzeko beste gorabehera batzuk kontuan hartuz.
Hirugarrena
- Kirol Erakundeen Erregistroa
Kirol Erakundeen Erregistroa modu berrian
antolatzeko eta jarduteko beharrezkoak diren xedapenak ematen ez diren
bitartean, erregistroaren egitekoak apirilaren 3ko 94/1990 Dekretuaren arabera
burutuko dira.
Laugarrena
- Diziplina eta zigor espedienteak
Lege hau indarrean sartu baino lehen
hasitako diziplina eta zigor espedienteak edukizko aurreko arautegiaren arabera
tramitatuko dira. Dena den, lege honetan aurreikusitakoak aplikatu ahal izango
dira espedientatuaren aldekoago direnean.
Bosgarrena
- Kirol Justiziako Euskal Batzordearen jarduera
Kirol Diziplinako Euskal Batzordeak, Kirol
Justiziako Euskal Batzordea arautzeko xedapenak onartzen ez diren bitartean,
oraingo osaera eta jarduerarekin jarraituko du, baina Kirol Justiziako Euskal
Batzordea izen berriarekin.
Seigarrena
- Nortasun juridikoa duten kirol-elkarteak
1.- 5/1988
Legearen 33.1.c) artikuluaren babespean sortutakoak diren nortasun juridikodun
kirol-elkarteek kirol-klub bihurtu beharko dute.
2.- Eraldaketa
hori lege hau garatzeko arauetan ezartzen diren epeen barruan burutuko da.
3.- Kirol-elkarteak
klub bihurtzeak ez du ekarriko nortasun juridikoa aldatzerik; aurreko bera
izango da formal sozial berriarekin ere.
4.- Eraldatzen
diren kirol-elkarteek beren egungo izenarekin jarraitu ahal izango dute.
5.- Kirol-elkarteen
administrazio-organoek eraldaketa erabakitzeko eta tramitatzeko ahalmena izango
dute.
6.- Araudi
bidez ezarritako epea amaituta, Kirol Erakundeen Erregistroan ez da
dokumenturik inskribituko eraldaketa inskribitu ez den bitartean. Salbuetsita
daude epailetza edo administrazio agintaritza eskudunak agindutako idazpenak.
Zazpigarrena
- Araudi bidezko garapena
Eusko Jaurlaritzak lege honetan
aurrikusitako kasuetan araugintza-ahalmena erabiltzen ez duen bitartean, orain
arte indarrean egon diren xedapenak aplikatuko dira lege honen aurka ez doazen
guztian.
Indargabetze
Xedapenak
Lehenengoa
- Soin Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea
Indargabetuta geldituko da oso-osorik Soin
Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea.
Bigarrena
- Indargabetze-xedapen orokorra
Indargabetuta geldituko dira lege honetan
agindutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
- Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legea
aldatzea
Lerroalde berri bat gehituko zaio Euskal Autonomia Erkidegoan
Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 1. artikuluaren 2. zenbakiari:
"Halaber, lege honetatik kanpo
geldituko dira kirol joko eta lehiaketak, irabazi-asmoa dutenak eta ez dutenak.
Ez dira lege honetatik kanpo geldituko, ordea, kirol joko edo lehiaketen
gaineko apustuak".
Bigarrena
- Zigorren zenbatekoa eguneratzea
Eusko Jaurlaritzak eguneratu ahal izango
du lege honetan zehaztutako zigorren zenbatekoa.
Hirugarrena
- Legearen garapena
Eusko Jaurlaritzak ahalmena izango du lege
hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.