14/1997 Legea, urriaren 10ekoa, Foru Aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuei 1997, 1998, 1999, 2000 eta 2001 ekitaldietan eman behar dizkieten Ekarpenak Zehazteko Metodologiaren Legea egokitzen duena.
1997-10-10Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1997/10/14, 196. zk.; EAO, 2012/1/14, 12. zk.
§
199. 14/1997 LEGEA, URRIAREN 10EKOA, FORU ALDUNDIEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO
AURREKONTUEI 1997, 1998, 1999, 2000 ETA 2001 EKITALDIETAN EMAN BEHAR DIZKIETEN
EKARPENAK ZEHAZTEKO METODOLOGIAREN LEGEA EGOKITZEN DUENA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 22.
atalean, zortzigarren puntuan, ezartzen denez, Herri Dirubideen Euskal
Kontseiluak onartuko du baliabideak banatzeko metodologia, eta zehaztuko ditu
lurralde historikoek autonomia erkidegoaren aurrekontu-gastuei egin behar
dizkieten ekarpenak. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aipaturiko metodologia
onartu ondoren, Jaurlaritzak lege-egitasmo batean jaso eta Legebiltzarrari
igorriko dio, onartzeko.
Xedapen hori betez, Herri Dirubideen
Euskal Kontseiluak, 1996ko urriaren 7 eta 14ko saioan, 1997, 1998, 1999, 2000
eta 2001 urteetarako metodologia erabaki zuen. Ondoren, Eusko Legebiltzarrak
urriaren 31ko 6/1996 Legea onartu zuen, non jasotzen baita esandako
metodologia.
Onarturiko metodologiaren lehenengo
xedapen gehigarrian honela esaten da:
"Ekonomia Itunean
sartutako edo ekonomiak edo salbuespenezko beste zirkunstantziaren batek ekar
ditzakeen aldaketak direla-eta, banaketa bertikalaren ereduan eta/edo banaketa
horizontalaren koefizienteetan eta/edo Bermeen Egokitzapenerako Fondoan
funtsezko aldaketak sartu beharra gerta dadinean, Finantza Publikoetarako
Euskal Kontseiluak, metodologia eta kalkulu mailako aldaketei buruzko
proposamenak egin ahal izango ditu. Proposamenaren gai izan daitezen aldaketak
jasoko dituen lege proiektua bidaliko du Jaurlaritzak Legebiltzarrera, honen
onarpena eman diezaion".
Abuztuaren 4ko 38/1997 Legearen bidez
Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna aldatu da, Euskadik daukan
ahalmena handituz. Hartara, hainbat aldaketa egin da zerga-harmonizazioko eta
lankidetzako printzipioen erregimenean, egoitzadun ez direnek lorturiko
etekinak kargatzen dituzten zergak ordainarazteko erregimenean, Pertsona
Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen erregimenean eta baltzu-taldeen
tributazio-erregimenean; bestalde, Fabrikazio Zerga Bereziak Itunaren
erregimenean sartu dira.
Halaber, abuztuaren 4ko 37/1997 Legearen
bidez onartu da Euskadiko 1997-2001 bosturtekorako Kupoa zehazteko metodologia,
eta hor Ekonomia Itunaren aldaketak isladatu dira.
Ondorioz, eta lehenengo xedapen
gehigarrian ezarritakoa betez, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, 1997ko
irailaren 5eko bileran, metodologia eta kalkuuko egokitzapenak erabaki ditu.
Hortaz, besteak beste, tributu itundu berrien kudeaketatik datozen diru-sarrerak
banaketa-ereduan sartu dira; diru-sarrera berri horietan udalek parte hartzen
dutenez, finantzaketa horri dagozkion eskumen berriak hartzen dituzte lurralde
historikoek, eta eskumenak jasotzen dituen koefiziente bertikala aldatu da;
Kupoaren Bosturteko Legean ezarritako finantza-konpentsazioak ereduan sartu
dira; lurralde historikoetako Fabrikazio Zerga Berezien bilketari
konpentsazioak eta egokitzapen berriak egozteko irizpideak finkatu dira; eta
Fabrikazioko Zerga Berezien bilketaren lurralde-banaketari buruzko datu
fidagarririk ez dagoenez gaur egun, foru aldundiek zerga horietako bakoitzeko
egiten duten bilketaren egokitzapenak kalkulatzeko formula proposatu da 1997.
urterako. Formula hori urtero luzatu ahal izango da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren
erabakiz; formula aldatu nahi izanez gero, ordea, Legebiltzarrak onartu behar
du erabakia.
Metodologia horren egokitzapena lege honen
eraskin gisa agertzen da, urriaren 31ko 6/1996 Legean ezarritakoari jarraiki.
Atal
bakarra
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren
erabakia onartu da, eta lege honen eraskin gisa agertzen da. Horren bidez
urriaren 31ko 6/1996 Legean onartu zen metodologia egokitu da, hau da, foru
aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei 1997, 1998, 1999, 2000 eta
2001 urteetan egin behar dizkieten ekarpenak zehazteko metodologia.
ERASKINA
HERRI
DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEILUAREN AKORDIOA
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluko
bildutakoek, 1997ko irailaren 5eko bileran, aho batez onartu dute ekarpenak
zehazteko metodologiaren egokitzapena, hots, foru aldundiek Euskal Autonomia
Erkidegoko aurrekontuei egin behar dizkieten ekarpenak zehazteko metodologiaren
egokitzapena. Egokitzapen horrek 1997, 1998, 1999, 2000 eta 2001 ekitaldietan
iraungo du indarrean, eta eragina izango du Ekonomia Itunaren Legearen
aldaketan eta Kupoaren Bosturteko Lege berrian. Erabakitzen da, halaber, beste
idazketa bat ematea Kupoaren Legearen zenbait atali eta Hamaikagarren Xedapen
Gehigarria gehitzea. Hona hemen aldatutako atalak: 1; 2-1; 3; 5; 13; 17; 21-4;
Laugarren Xedapen Gehigarria-2; Zazpigarren Xedapen Gehigarria-2; eta I. eta
II. eraskinak.
Hauxe da idazketa berria hitzez hitz:
1.
Atala - Banaketa bertikalaren ereduaren finkapena
1997,
1998, 1999, 2000 eta 2001 urteetako aurrekontu ekitaldietan zehar, foru
aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen finantzaketa orokorrerako
egin behar duten ekarpena, honako eredu honen arabera kalkulatuko da ekitaldi
bakoitzean:
- Ekonomia Ituna kudeatzeak dakartzan eta
banatzeko diren diru-sarrerak (R).
- Kupoaren
metodologiak dakartzan kenketak (D).
- Kenketa berezia (P).
Banatu
beharreko diru-baliabideak: R - (D+P).
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde
komunen karga orokorrei eusteko, Foru aldundiek egin beharreko ekarpenak.
(Ekarpen Orokorra):
[R-
(D+P)]ren %66,25
2.
Atala - Banaketarako diren diru-sarrerak
Ekonomia-Ituna
kudeatzetik lorturiko hurrengo diru-sarrerak azaroaren 25eko 27/1983 Legearen
20. atalean ezartzen den banaketari atxikiko zaizkio:
a) Tributu itunduak
direla-eta, jardunean dagoen ekonomi ekitaldian bildu daitezen diruak, horiek
sortu direneko urtea ez dela kontutan hartuko. BEZak ordezkatu dituen
diru-sarrera probintzialak direla-eta, Foru Aldundiek eskuratu dezaten eta
1997ko urtarrilaren 1a baino lehen itundutakoen %6'3koa izango den konpentsazio
garbiari dagokion zenbatekoa kendu egingo zaie diru horiei.
b) Hitzarmenpeko eta
zerga-arloko diru sarrerak direla medio, ekonomi ekitaldi bakoitzean zehar foru
aldundiek eskuratu ditzaten interes likidoak.
3.
Atala - Kupoaren metodologiaren ondoriozko kenketak
1.- Honako kenketa hauek egingo zaizkie
Ekonomia Ituna kudeatzetik datozen eta banatzeko diren (R) diru-sarrerei:
a) Kupo likido gisa
Estatuari ordaindu beharreko zenbatekoei dagozkienak eta, minus zeinuaz, Kupoa
1997/2001 bosturtekoan zehazteko metodologian adierazitako
finantza-konpentsazioen emaitza.
b) Estatuari ordaindu
beharreko kupo likidoaren kalkuluan konputatuta dagoen eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Ertzaintzaren finantzaketarako den zenbatekoa.
c) Estatuari ordaindu
beharreko kupo likidoaren kalkuluan konputatuta dagoen eta Gizarte Segurantzako
erakunde kudeatzaileei atxikita dauden transferentziak finantzatzeko den
zenbatekoa.
2.- Kupoaren Bitariko Batzordeak 1997/2001
bosturterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Kupoa seinalatzeko metodologian
erabakitakoa, ekonomi ekitaldi bakoitzari behin-behingoz aplikatuko zaizkion
emaitzek osatuko dituzte zenbateko hauek.
3.- Era berean, Estatuari ordaindu beharreko
behin betiko likidaziotik eta atal honetan definitzen diren kenketei dagozkien
finantza-konpentsazioetatik datozen zenbatekoak, indarrean dagoen ekitaldian
egin behar diren kenketen kalkuluan sartuko dira.
5.
Atala - Banaketa bertikalerako koefizientea
1997-2001
bosturtekoan indarra izango duen banaketa bertikalerako koefizientea %66'25ean
finkatzen da. Hori finkatzeko erabili den metodologia I. eraskinean jasotzen
da.
Lege
honek indarrean dirauen bitartean, Estatuaren Administrazio Zentralaren eta
Euskal Autonomia Erkidegoaren artean edo Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde
komunen eta foru aldundien artean zerbitzu-transferentziak egiten badira, 10.
atalean ezartzen denaren arabera jokatuko da.
13.
Atala - Kupoaren behin betiko likidazioaren eta finantza-konpentsazioen
ondoriozko aldaketak
Estatuari
ordaindu beharreko kupoaren behin betiko likidazioa eta Kupoa 1997/2001
bosturtekoan zehazteko metodologian jasotako finantza-konpentsazioen likidazioa
egin ondoren, 3.1. atalean definitzen diren kenketen barruan sartuko dira
likidazio horren emaitzak eta 7. atalean aipatzen diren ekarpen bereziak aldatu
egingo dira bidezko izan dadin moduan.
17.
Atala - Erakundeen arteko beste finantza-fluxu batzuk
Estatuari
ordaindu behar zaion kupo likidoan eta Kupoa 1997/2001 bosturtekoan zehazteko
metodologian jasotako finantza-konpentsazioetan lurralde historiko bakoitzari
egotzi beharreko zatia, dagokion koefiziente horizontala kupo horri aplikatuz
finkatuko da.
Balio
Erantsiaren gaineko Zergak jasango duen egokitzapena eta Fabrikazioko Zerga
Bereziek jasango dutena, Ekonomia Itunaren 51. atalean ohartematen dena hain
zuzen ere, lurralde historikoka banatzea, lurralde historiko bakoitzaren
koefiziente horizontalen heinean egingo da.
Kasu
horietan erabili behar diren koefiziente horizontalak, finantza-fluxuak
burutzen direneko ekitaldiari dagozkionak izango dira.
21.
Atala - Ekarpenen likidazioa
4.- 3.1. atalak aipatzen dituen kenketak,
likidazioan kontatu behar direnak hain zuzen, ekitaldian benetan ordaindutako
behin-behingo kupotik eta ekitaldian benetan egindako behin-behingo
finantza-konpentsazioetatik ateratzen direnak dira.
Xedapen
Gehigarria
Laugarren
2.- Hurrengo idazatian zehazten diren
diru-sarreren arabera lor dezatenetik gutxienez %53a euren menpe dituzten
toki-erakundeentzat jarri dezatela eskatzen die Herri Dirubideen Euskal
Kontseiluak Lurralde Historikoetako foru organuei, eskabidearen zioa, tributu
itunduak biltzen parte hartu izana dela. Diruen destino hori, nahiz
finantzaketa orokorraren bidez, nahiz inbertsioetarako berariazko planen bidez
bete ahal izango da. Hona hemen zehaztasunak:
- Ekonomia-Ituna
kudeatzeak dakartzan eta banatzeko diren diru-sarrerak: Ri.
* Tributu itunduetatik
bildutakoa, BEZak ordezkatutako diru-sarrera probintzialengatik izandako
konpentsazioa kenduz.
* Tributu itunduak
direla-eta sorturiko interes likidoak.
- Kupoaren metodologiaren ondoriozko kenketak: Di
* Estatuarentzako kupo
likidoa eta finantza-konpentsazioak.
* Ertzaintzaren
finantzaketa.
* Kupo bidezko
finantzaketa, Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei atxikitako
transferentzien trukez.
* Bosturtekoan zehar
Eusko Jaurlaritzari edo lurralde historikoetako foru organuei egindako
transferentzia berrien finantzaketa.
- Kenketa berezia: Pi
- Euskal Autonomia
Erkidegoko erakunde komunentzako ekarpen orokorra: AGi
- Elkartasun-fondoa: (Fi)
Diru-baliabide erabilgarriak: Ri - (Di + Pi) - AGi + Fi.
"i"
subindizeak kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa lurralde historiko bakoitzari
egiatan dagokiona izango dela adierazten du.
Xedapen
Gehigarria
Zazpigarren
2.- Halaber, Hamaikagarren Xedapen Gehigarrian
aipatzen diren Fabrikazioko Zerga Bereziei dagozkien egokitzapenak egiteko eta
Lege honen III. atalburuan aipatzen diren ekarpenen likidazioa egiteko
beharrezkoak diren datuei buruzko ziurtagiria jarriko dute foru aldundiek Eusko
Jaurlaritzaren esku.
Xedapen
Gehigarria
Hamaikagarren
1.- Foru Aldundiek 1997. ekitaldian
Fabrikazioko Zerga Berezi bakoitzetik atera duten benetako bilketaren
diru-sarrerak honako kenketa hau eginez doituko dira: kenkizuna: lurralde
historikoari ekitaldi horretan dagokion koefiziente horizontala bider Euskal
Autonomia Erkidegoko benetako bilketa, aipaturiko zerga-kontzeptu bakoitzeko; kentzailea:
benetako bilketa, zerga-kontzeptu beragatik. Egokitzapenen emaitzak aipaturiko
ekitaldiko benetako diru-sarreretan kontabilizatuko dituzte foru aldundiek.
Foru
aldundietako Fabrikazioko Zerga Berezietan egin beharreko egokitzapenak
behin-behingoz kalkulatzearren kasuan-kasuko aurrekontu-ekitaldian, aurreko
pasartean aipatu den eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egin duen
diru-sarreren aurrikuspena hartuko da kontuan, foru aldundiek ekitaldiko aurrekontuak
egitearen ondorioetarako.
Foru
aldundien Fabrikazioko Zerga Berezien egokitzapenak ekitaldian zehar zehazteko,
moldatzeko eta epeak finkatzeko, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartzen
duen prozedurari begiratuko zaio.
2.- Fabrikazioko Zerga Berezien bilketa eta
zerga horien peko produktuen kontsumoa lurralde historikoka jasotzen dituzten
datu fidagarriak lortu ondoren, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egokitzat
jotako metodologia eta kalkuluko aldaketak proposatuko ditu banaketa horizontaleko
ereduan eta/edo Elkartasun Fondoan egiteko. Jaurlaritzak proposatu diren
aldaketak jasotzen dituen lege-egitasmoa igorriko dio Legebiltzarrari
onartzeko.
Xedapen
Gehigarri honen lehenengo puntuan zehazten den behin-behineko egokitzapena
urtero luzatu ahal izango du Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, urriaren
lehendabiziko hamabostaldian, egokitzat jotzen baldin badu.