Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa.

1994-06-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/8/1, 145. zk.; EAO, 2012/2/4, 30. zk.

§ 166. 14/1994 LEGEA, EKAINAREN 30EKOA, EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO EKONOMIA KONTROLARI ETA KONTABILITATEARI BURUZKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

1.- Legearen nondik norakoa

      Euskadiko Herri-Ogasuna gutxika-gutxika bere azken mamikuntzara iristeko, beharrezkoa da Euskadiko Ogasun orokorra osatzen duten gai guztiak zehazteko pausoak ematea, 1983.eko ekaineko Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauekiko Legearen egitura kontuan izanda, baina gai horren inguruan indarrean diren xedapenak biltzen dituen 1988.eko maiatzeko testu baterabilduaren arabera.

      Euskal Autonomi Elkarteko ekonomiaren barne-kontrolari buruzko lege hau, beraz, hasteko, gorago aipatutako helburu horretara iristeko urrats berri bat da, baina horrek ez du berez eta bere aldetik duen balioa murriztu behar, ogasunaren inguruko lehen mailako legea baitugu. Izan ere, legearen helburu nagusia lehen aldiz, egitura kontuan hartuz eta osotasunean, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen ekonomiaren barne-kontrola arautzea da. Kontrol horrek, ekonomiaren kanpo-kontrolarekin batera, hau da, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duenarekin batera, Autononi Elkarteko ekonomia-ihardueraren kontrola ziurtatzen du.

      Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauekiko Legearen VII. idazpuruan, hain neurtua baina era berean adierazkorra eta berria den horretan, Euskal Autonomi Elkarteak bere ekonomia-iharduerari zer nolako kontrol-bideak ezarri behar dizkion finkatu eta, halaber, kontrol hori gauzatzeko gutxieneko pausoak ere zehaztu ziren, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren ekonomia-iharduerarentzat berezia baitzen eta Euskadiko Ogasun orokorrari zegozkion gaiei ere eragiten baitzien. Gai horren inguruan, lege honek azken horiek arautzen ditu, eta horien artean bereziki kontabilitate-kontrola eta kontuhartze-kontrola.

      Arau honetan aurkezten den ekonomiaren barne-kontrolerako ereduak alde batetik oso-osokoa izan nahi du, baina hasieran behintzat tirabira gehiegi sortuko ez duena; arauen gaineko aurre hartzeko kontrolei eta ekonomia-ihardueraren gainean gerora egingo direnei emango die garrantzia. Kontrol horiek euskal herri-administrazioak eta administrazio-erakundeek ekonomiaren inguruan duten iharduteko modua aldatu ahal izango dute, beti ere egiturak eraginkorrak izan daitezen lortu nahian. Oso-osoko kontrola da, ekonomiako gertakari eta eragiketa guztiak baitira kontrolpean jartzen direnak, hau da, administrazioak ekonomiaren inguruan egindako iharduera guztiak daude kontrolpean. Horrekin batera, administrazioaren arau eta xedapenak direla eta, aurre hartzeko kontrola ere bada, arlo honetako arauetan hartzen diren erabakiak ekonomia eta finantzen arloan bidezkoak direla zaintzen baitu, ekonomia eta finantzen arlo horretan administrazioaren egitekoa zehazki hezurmamituko duten erabakiak hartu baino lehen.

      Aipatutako ezaugarri horiekin oreka lortzeko eta sailek ekonomia kontuetan egunero egiten duten lanarekiko jarrera positiboa izateko, kontrol horrek gogoeta-eragile eta gehiegizko eskuhartzerik ez duena izan nahi du; eta hor ez dago kontraesanik.

      Gogoetari eman nahi zaio lehentasuna, gerora egindako kontrolek orokorrean edo gai zehatzen inguruan osotasunezko ikuspuntua ematen baitute, eta horrek kudeatzaileek hartu beharreko erabakietan eragina izango du. Horrela, erantzukizuna izango da nagusi herri-erakundeen kudeaketan, eta ez horrenbeste kontrolean, gaur egun hala gertatzen ez bada ere. Era berean, kontrol horrek ez du gehiegizko eskuhartzerik izango, eskubideak onartu edo gastuetara behartzeko erabakiak hartzen dituztenek ez baitute, orokorrean behintzat, "intromisio" delakorik jasango, eta hori izan da aldez aurretik eta modu kritikoan egindako kontuhartzeek ekarri izan dutena orain artean. Gai horren inguruan, ez da inolako gehiegikeria izango proposatzen den ereduan arduraz egindako kudeaketak lehentasuna duela esatea, kotrolatu gabeko ustezko iharduerak beste maila batean utzita. Izan ere, azken horiek konpontzea, araugabekeriaren bat izanez gero, zaila izan baitaiteke.

      Baina lege honen bidez lortu nahi den ekonomiaren barne-kontrolaren ezaugarriak ez dira soilik oso-osokoa izatea, aldez aurretikoa, gogoetan oinarritua izatea eta eskuhartzerik gabekoa gertatzea; horiekin batera, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen barne-kontrolaren ezaugarri nagusietako bat mugikortasuna da. Atal batzuek ekonomiaren kontrolak duen mugikortasun horren berri ematen dute, kontrolak kide anitzeko organoetan parte hartzeko aukera baitauka, hitzartutako kontrolak zehaztu eta frogatu baititu eta, azken finean, kontrol -organoen esku uzten baitu urtero aldez aurretiko hautatutako kontrolak egitea, erabakiko diren aurrekontu-programen arabera.

      Bukatzeko, esan behar da lege hau ere Autonomi Elkarteko administrazio-egiturak berritzeko ahaleginaren barruan sartzen dela, eta helburu hori gogoan izanda, ihardunbideak gero eta arrazoizkoagoak izateko balio izan beharko du. Horrela, burokratizazioa gero eta txikiagoa izango da eta ekonomiaren inguruko ekintza publikoa kudeatu eta kontrolatu behar duten organoek azkartasun handiagoarekin ihardungo dute.

2.- I. idazpuruko xedapen orokorrak

      I. idazpuruko xedapenek, hau da, legearen 1. ataletik 4.era artekoek, ekonomiaren barne-kontrola zehazten dute kanpo-kontrolaz duen aldea erakusteko, horretarako zein baliabide dauden eta helburu nagusia zein den arautzen dute, kontrol horren legezko araudia ezarri eta kontrolean nagusi diren hatsapen orokorrak aditzera ematen dituzte. Bukatzeko, kontrol hori ia oso-osoan zein organok eramango duen aurrera deskribatzen da laburki. Aipatzekoa da ekonomiaren barne-kontrolaren oinarrizko hatsapenak lehen aldiz zehaztu direla Autonomi Elkartean, eta doktrinak gai horren inguruan orain arte ezarritakoarekin alderatuta aldaketa handirik ekarri ez badu ere, interesgarria da horiek aipatzea eta zehazki zer diren gogoan izatea. Arautzeko beste bide batzuen artean aukera bat egin da eta Autonomi Elkartean ekonomia-kontrolak nondik nora jo behar duen argitzeko ahalegina ere bada. Era berean, Ekonomia Kontrolerako Bulegoa euskal administrazioko ekonomiaren barne-kontrola bateratuko duen gunea izango da.

3.- Kontabilitate-kontrola eta kontabilitatea euskal administrazioan

      Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauekiko Legeak, oso azaletik izan bazen ere, euskal administrazioko kontabilitate-kontrola eta kontabilitatea bera ere deskribatu zituen -legearen testu baterabilduko 57. atala-, baina bai kontabilitate-kontrola bai kontabilitatea zehaztu gabe zeuden, Autonomi Elkartearen ikuspuntutik, legeetan edo arauetan. Egoera horrelakoa izanik, eta nahiz eta gai honetan zaila izan, zaila izateaz gainera komeni ez, ezer berritzea, interesgarria zen kontabilitateko ereduak finkatzea. Izan ere, administrazioen arteko informazio-harremana ezinbestekoa da eta erakunde pribatu nahiz publikoen artekoak, berriz, kontabilitatearen inguruko arau berdinek araututa egon behar du. Horrela, Autonomi Elkarteko urteko kontuetan, gehitutako kontuetan eta ekonomiari buruzko kontuetan jasotako kontabilitateko informazioa eta unean uneko deskripzioak bilduko lirateke kontabilitateko eredu horietan.

      Legearen II. idazpuruan, hau da, 5. ataletik 14.era artekoetan, Autonomi Elkarteko administrazioan erabili beharreko kontabilitate-kontrola eta kontabilitatea deskribatzen dira. Orokorrean kontrola erakundeek berek egitearen aldeko hatsapena bultzatzen da, eta horren arabera, kontabilitatearen arloan deszentralizazioa bultzatuko da gutxika-gutxika. Dena den, Ekonomia Kontrolerako Bulegoak zenbait erakundetan aurrera eramandako kudeaketa-modua benetan baliagarria da, emaitzak oso onak izan baitira, eta, gauzak horrela, ez dago bide hori berehala indarrik gabe uzteko asmorik.

      Kontabilitatea, oinarrian, erabakiak hartu ahal izateko informazioa da eta lege-egitasmo honek are gehiago nabarmentzen du ezaugarri hori, informazioa eta jasotako oharrak argiak direla erakutsiko duen berme bihurtzen baitu kontabilitate-kontrola. Ezaugarri hori orain arte kontuan hartu gabe zegoen Euskal Autonomi Elkartearen esparruko legeetan. Ezaugarri horiek aipatu ondoren, gogoan izateko moduko berrikuntza gutxi dago, eta kontabilitate-kontrola eta kontabilitatea, berez dituzten ezaugarriak direla eta, Estatuan eta gainontzeko autonomi elkarteetan bideratutako moduan gauzatuko dira hemen ere, kontsolidazioari nahiz aginpideak errespetatzeari dagokionean.

4.- III. Idazpurua. Kontuhartze-kontrola herri-administrazioan

      Idazpuru hau sei atalburutan zatituta dago eta 15. ataletik 30.era artekoak biltzen ditu. Bertan, kontuhartze-kontrolak zein egitura duen, zerk osatzen duen eta nola ihardungo duen erakusten duten gutxieneko egiturak finkatu eta garatzen dira. Antolarauen Legeak, gorago behin baino gehiagotan aipatu denak, azken atalean aztertu zuen gai hori eta orain ematen den definizioak ez du alde handirik ordukoarekin alderatuta.

      Gauzak horrela, kontuhartze-kontrola kontrol hori egiten duen organoaren inguruan egituratuta dagoen kontrolen sistema da. Organo horrek kontrolpean dituen zerbitzu edo erakundeekiko autonomia osoa dauka, eta, gainera, Autonomi Elkarteko ekonomia-iharduera zehatz ezagutzeko balio izan dezaketen beste informazio batzuk ere biltzen ditu. Horrekin batera, ihardueran izan daitezkeen akatsei antz eman eta kudeaketarekin orekatuta egongo den legezkotasuna bermatuko du kontuhartze-kontrolak.

      Finantzen eta kudeaketaren kontuhartze-kontrola orain proposatzen den ereduan indartuta geratu da, kontrol-modu hori baita kontrol publikoa bideratzen duten hatsapenetan aldarrikatzen den gaiaren unibertsaltasuna zintzoen betetzen duena. Kontrol horri bultzada eman zaio eta, gainera, kontabilitatea berraztertzeko nolabaiteko gaitasuna ere eskuratu du, kontrol-agiriak idatzi ahal izango baitira erantzukizunak eskatzeko. Gainontzekoan, maila guztietan egiten den kontu-ikuskatzaileen ohizko kontrola dugu hau eta euskal herri-administrazioak zenbaterainoko eraginkortasunez, emankortasunez eta ekonomiaz diharduen ezagutzeko balio izan behar du.

      Kontuhartze-kontrol fiskala bere ezarpen-eremua mugatuta duen kontrola da eta bere arloan legezkotasuna betetzen dela bermatu beharko du. Ez da ekonomia-eskubide eta -betebeharrak sor ditzaketen egintza, agiri eta espedienteen inguruko finantzen legezkotasuna oso-osoan kontrolatzen duen kontrola, zati batean kontrolatzen duena baizik. Izan ere, ez dira dauden aukera guztiak kontrolatzen, ez eta kasu zehatz bakoitzean ezar daitekeen legezkotasun osoa ere. Horrek kudeaketa azkarragoa eta malguagoa izatea ekarriko du, ekonomikoki garrantzitsua dena bakarrik egongo baita kontrolpean. Hasiera batean behintzat, bere helburua nahikoa orekatua da; zati bat egiturari dagokio, legean jasotzen dena, eta bestea, berriz, unean uneko egoerari, urtero erabakiko dena. Txosten fiskalean jasotako akatsak direla eta, indargabetzeko ondorio mugatua ez da baliorik gabe uzten.

      Administrazioarekiko ekonomia-arazoetan kontuhartzeko kontrola kontrol logikoa da diru -sarrerei dagokienez, eta gastuei dagokienean, berriz, zabala, erakundeen administrazio guztietan ere ondorioak izan baititzake. Dena den, gaur egun administrazioarekiko ekonomia-erreklamazioen araudian eta autonomi mailako araudian indarrean dagoen kontrolarekiko etenik ez du eragin.

      Ekonomia-arauen kontuhartze-kontrolak ez du, ezaugarriei dagokienez behintzat, aldaketarik izan, lege bidez araututa geratu eta, beraz, maila jaso izanarena ez bada. Gaur arte maiatzaren 2ko 119/1990 Dekretuan zegoen jasota. Dekretu hori urte horretako Aurrekontu Orokorren Legean egindako egokitzapen baten bidez onartu zen, eta kontrol-sistemetan ekarri zuen berrikuntza zela eta, kontrol-modu hori bere aldetik araututa geratu zen. Lege-egitasmo honen bidez erabat berretsi da kontrol-modu hori, kontuan izanik gainera oso emaitza onak ekarri dituela horretaz baliatzeak. Ekonomia eta antolakuntzaren kontrola kontrol honen barruan biltzen da eta lehenago aipatutako maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza Dekretuko 60. atalean horri buruz eginda zegoen araudia indarrik gabe geratuko da.

I IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. Atala - Helburua eta zehaztapena

      1.-     Lege honen helburua Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren baitako ekonomia-kontrolaren eta kontabilitatearen jaurbidea arautzea da.

      2.-     Ekonomia-kontrola Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren ekonomia-ihardueraren gaineko kontrola da, Euskadiko Ogasun orokorraren berezko aginpide diren gaietan egindako kontrola eta, horien ondorio izanik edo horiek gauzatuz, Ogasun orokor hori osatzen duten eskubide eta betebeharrekin zuzeneko edo zeharkako harremana duten banakako eragiketen gainean egindako kontrola.

      3.-     Ekonomia-kontrola barne- edo kanpo-kontrola izan daiteke. Ekonomiazko barne-kontrolak kontabilitate-kontrola, kontuhartze-kontrola eta administrazioarekiko ekonomiazko erreklamazioen bidez egindako kontrola dira. Kanpo-kontrola Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindakoa da.

      4.-     Era berean, lege hau erabaki gehigarrian aipatzen diren erakundeei, beren aurrekontuak Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren barruan sartzen diren erakundeei eta herri-diru edo diru-laguntzak jaso edo erabil ditzaten pertsona eta lege-pertsona publiko zein pribatuei ere ezarriko zaie, adierazten den moduan.

2. Atala - Arauak

      1.-     Kontabilitatea eta kontabilitate- eta kontuhartze-kontrola lege honetan jasotakoaren arabera arautu eta gauzatuko dira eta lege honen aldaketen eta legea garatzen duten arau edo araudien arabera.

      2.-     Administrazioarekiko ekonomia-arazoetan kontuhartzeko kontrolari buruz lege honetan aipatzen diren berezitasunekin, administrazioarekiko ekonomiazko erreklamazioen bidez egiten den kontrolak bere arau bereziak ditu eta arau horien arabera burutzen da.

      3.-     Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrola bere arau bereziek arautzen dute eta arau horien arabera burutzen da.

3. Atala - Ekonomiazko barne-kontrolaren hatsapenak

      Ekonomiazko barne-kontrola jarraian aipatzen diren oinarrizko hatsapenen arabera gauzatuko da:

a)   Helburuaren unibertsaltasunaren hatsapena. Hatsapen horren arabera, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren ekonomia-iharduera oro izan daiteke ekonomia-kontrolpean.

b)   Kontrolgilearen bakartasunaren eta egituraketaren hatsapena. Hatsapen horren arabera, eta administrazioarekiko ekonomia-arazoetan kontuhartzea dela eta lege honek ezarritako salbuespena alde batera utzita, ekonomiazko barne-kontrola gauzatuko duen organoa bakarra izango da Autonomi Elkarteko herri-administrazio osorako eta Ekonomi eta Ogasun Sailaren barruan kokatuko da egituraz.

c)   Iharduerarako askatasunaren hatsapena. Hatsapen horren arabera, ekonomiazko barne-kontrola gauzatuko duen organoak erabateko autonomia izango du kontrolatuko dituen organo eta erakundeekiko.

d)   Bere ihardunera mugatutako erantzukizunaren hatsapena. Hatsapen horren arabera, ekonomiazko barne-kontrola egiten duena dolua, errua edo axolagabekeria larria dela eta, bere erantzukizuna salbuetsi ez dezanetan soilik gertatuko da erantzule, Euskadiko Ogasun orokorrari kalte nahiz galera eragiten dioten ekintza edo xedapenen ezegokitasuna edo legez kontrakotasuna dela eta. Dena den, ekintza edo xedapen horiek sortu, jaulki eta berrikusteko lanetan aldez aurretik parte hartu dutenetakoa izan beharko du erantzukizunak berari eskatzeko.

e)   Organoen arteko elkarlanaren hatsapena. Hatsapen horren arabera, aitortuta dituen aginpideen barruan, ekonomiazko barne-kontrola egiten duen organoak kontrolpean dituen gainontzeko organoei lankidetza eta laguntza eginkorra emango die dagozkien egitekoak eta aginpideak eraginkortasunez bete ditzaten.

4. Atala - Ekonomia Kontrolerako Bulegoa

      1.-     Ekonomia Kontrolerako Bulegoari dagozkio, lege honetan ezarritako moduan, bertan arautzen den kontabilitatea eta ekonomiazko barne-kontrola egitea.

      Ekonomia Kontrolerako Bulegoa Ekonomi eta Ogasun Sailaren egituraren baitan egongo den organoa izango da. Organo horren ardura duena zuzendaria izango da, Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen ondorioetarako goi-karguduna izango dela.

      2.-     Ekonomia Kontrolerako Bulegoak bere baitan dituen langileen bidez egingo dituen kontuhartze-kontrolerako lanak kontuhartzaileen bidez burutuko dira. Kontuhartzaileak indarrean dauden xedapenetan ezartzen den kontabilitate-erantzukizunaren menpe egongo dira, xedapen horietan adierazi daitezen modu eta neurrietan. Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren lan hori zuzenean edo ordezkotza duten organoen bidez eraman ahal izango da aurrera, eta finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrolari buruzkoa denean, horretarako kontratatuta, administrazioaz kanpoko baliabideak ere erabili ahal izango dira.

      Ekonomia Kontrolerako Bulegoak lege honetan aipatzen den kontuhartze-kontrola gauzatzeko erabateko autonomia eta askatasuna izango du kudeaketa kontrolatzen dien gainontzeko organo eta erakundeekiko. Hori dela eta, ez du jarraipiderik jasoko inongo administrazio-organoren aldetik.

      Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren egitura eta antolaketa eta bere egitekoak betetzeko moduak araudi bidez ezarriko dira.

      3.-     Ekonomiazko barne-kontrola egin ahal izateko, beharrezko dituen espediente, datu, txosten, aholkularitza tekniko, aurrekari, agiri edo argibideak eskatu ahal izango dizkie kasuan kasuko erakunde guztiei. Eskaera horri ezin izango zaio ezezkorik erantzun ezinbesteko arrazoiren batengatik edo iharduera isilpekoa delako ez bada, indarrean dagoen legedian jasotako moduan.

      4.-     Euskal Autonomi Elkartean kontabilitate-kontrolaren, kontuhartze-kontrolaren eta kontabilitatearen inguruko araudigintza-ahalmena bultzatzeko aginpidea duen organoa Ekonomia Kontrolerako Bulegoa da. Era berean, aipatutako gai horiei buruzko edozein ekimeni buruz Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren iritzia entzun beharko da.

II IDAZPURUA

KONTABILITATEA ETA KONTABILITATE KONTROLA

I ATALBURUA

KONTABILITATEA

5. Atala - Zehaztapena eta helburua

      1.-     Kontabilitatea Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorraren aurrekontu, finantza, ondare eta diruzaintzari buruzko informazioa ematen duen tresna edo sistema da. Bere helburua menpeko erakunde bakoitzaren ondarearen, finantza-egoeraren, aurrekontuen eta emaitzen berri fidagarria ematea da, agiri, kontu, kontu-liburu eta egoera-orrien bidez.

      2.-     Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorrak gauzatutako ekintza eta eragiketa guztiak, ekonomiazko edukia badute, kasuan kasuko erakundearen kontabilitatean jaso beharko dira eta erabakitako moduan agertarazi.

6. Atala - Kontabilitate-sistemak eta menpekoak

      1.-     Idazpuru honi dagokionez, honakook osatuko dute Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorra: Legebiltzarrak, administrazio orokorrak, erakunde-administrazioak eta beren aurrekontuak Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren barruan sartuta dituzten gainontzeko erakundeek.

      2.-     Herri-kontabilitatearen sistemaren menpe Autonomi Elkarteko administrazio orokorra eta erakunde autonomiadunak egongo dira. Euskal Autonomi Elkarteko Herri Kontabilitatearen Planean, plana garatzen duten arauetan eta ezargarri diren gainontzekoetan jasotako kontabilitateko hatsapen eta arauak beteko dituzte erakunde horiek.

      3.-     Enpresa-kontabilitatearen sistemaren menpe zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta herri-baltzuak egongo dira. Merkataritzako arauetan kontabilitatearen inguruan eta bereziki Kontabilitate-Plan Orokorrean eta plana garatzen duten arauetan jasotako kontabilitateko hatsapen eta arauak beteko dituzte erakunde horiek.

      4.-     Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren baitan dauden herri-alorreko gainontzeko erakundeak herri-kontabilitatearen sistemaren menpe edo enpresa-kontabilitatearen sistemaren menpe egongo dira, batez ere zuzenbide publikoaren edo zuzenbide pribatuaren baitakoak diren ikusita, erakunde horien sorrerako arauetan sistema bereziren bat ezartzen ez bada, behintzat.

7. Atala - Kontabilitatearen helburuak eta norentzakoa

      1.-     Kontabilitateak honakook betetzea ahalbidetuko du:

a)   Politikaren, antolaketaren, ekonomiaren eta kudeaketaren alorretan erabakiak hartzea.

b)   Zerbitzuen kostua eta, hala badagokio, emankortasuna zehaztea.

c)   Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren betetze-maila eta baita ondarearen eta diruzaintzaren mugimenduak eta egoera jasotzea ere.

d)   Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren kitapena egin eta horri buruzko kontuak ematea eta baita Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorraren urteko kontuak prestatzea ere.

e)   Euskadiko ekonomia-kontuak prestatzea.

f)    Kontuhartze-kontrola gauzatzea.

g)   Herri-alorreko erakundeen ihardunak ekonomia- eta finantza-arloan dituen ondorioak aztertzeko tresna izatea.

      2.-     Araudi bidez ezarriko denaren arabera, honakook izango dira Euskal Autonomi Elkarteko kontabilitateak ematen duen informazioaren hartzaile: ordezkaritza politikoa duten organoak, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren zuzendaritza- eta kudeaketa-organoak, herri-alorraren ekonomiaren kanpo- eta barne-kontrola egiten duten organoak eta erakunde pribatu, elkarte eta, orohar, herritar guztiak.

8. Atala - Urteko kontuak eta ekonomia-kontuak

      1.-     Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorraren urteko kontuek honako informazioa emango dute gutxienez:

a)   Autonomi Elkarteko herri-alorraren ekonomiaren, finantzen eta ondarearen egoera.

b)   Ekitaldian zehar ekonomian eta ondarean izandako emaitzak.

c)   Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren betetze eta kitatzea.

      2.-     Ekonomia-kontuak Ekonomi eta Ogasun Sailak landuko ditu, nazio-kontabilitatearen beharrizanak kontuan izanda.

      Euskadiko herri-administrazio guztiek Euskadiko ekonomia-kontuak prestatzeko beharrezko lankidetza eskaini eta informazio guztia jarriko dute Ekonomi eta Ogasun Sailaren esku.

9. Atala - Ekonomi eta Ogasun sailburuaren aginpideak

      Honako hauek izango dira Ekonomi eta Ogasun sailburuaren egitekoak:

a)   Euskal Autonomi Elkarteko Herri Kontabilitatearen Plana onartzea.

b)   Autonomi Elkarteko herri-alorreko erakunde eta organoek aurkeztu beharreko urteko kontuak eta gainontzeko agiriak zeintzuk izango diren, eta baita horien egitura eta ereduak ere, erabakitzea, merkataritzako arauekin eta Kontabilitate Plan Orokorrarekin bat etorriz, enpresa-kontabilitateari dagozkionetan.

c)   Autonomi Elkarteko herri-alorraren baitan diren erakundeek zein kontabilitate-sistema erabili beharko duten erabakitzea erakunde horien arauetan gai horretaz ezer agintzen ez den kasuetan.

d)   Kontabilitatearen menpe dauden erakundeek organo, eragiketa edo baliabide jakinei buruzko kontuak eman diezazkiotela erabakitzea.

10. Atala - Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren aginpideak

      Ekonomia Kontrolerako Bulegoa Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorraren kontabilitatea zuzentzen duen gunea da eta honako aginpideok ditu:

a)   Herri Kontabilitatearen Plana garatzea eta plan horren arabera egingo diren zatikako plan edo plan bereziak onartzea; baita Autonomi Elkarteko herri-alorreko erakundeen kontabilitate-planak egitea ere, Kontabilitate Plan Orokorraren barruan enpresen kontabilitate-sistema erabili behar duten erakundeen kasuan.

b)   Kontabilitate-arauak onartzea. Arau horien bidez herri-kontabilitatearen sistemaren menpe egongo diren erakundeek bete beharreko kontabilitate-erregelak finkatuko dira.

c)   Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren kitapena eta Autonomi Elkarteko herri-alorraren urteko kontuak prestatzea. Era berean, Euskadiko ekonomia-kontuak landuko ditu nazio-kontuen beharrizanak kontuan izanda.

d)   Herri-kontabilitatearen sistemaren menpe dauden erakundeen kontabilitate analitikoaren erregela eta ihardunbideak ezartzea.

e)   Kontabilitate-informazioa jaso eta lantzeko erabiltzen diren informatikazko tresna eta baliabideak zuzendu eta kontrolatzea, dauden sailari atxikita daudela.

11. Atala - Kontabilitatean parte hartzea

      Kontabilitatearen menpe dauden organo eta erakundeek, erabakiak egoki har daitezen, ondorengo eginkizunetan parte hartuko dute:

a)   Herri Kontabilitatearen Planaren garapeneko arauak eta plan horren arabera egingo diren zatikako plan edo plan bereziak lantzen; baita Autonomi Elkarteko herri-alorreko erakundeen kontabilitate-planak egiten ere, Kontabilitate Plan Orokorraren barruan enpresen kontabilitate-sistema erabili behar duten erakundeen kasuan.

b)   Kontabilitate-arauak lantzen. Arau horien bidez herri-kontabilitatearen sistemaren menpe egongo diren erakundeek bete beharreko kontabilitate-erregelak finkatuko dira.

c)   Administrazioarentzat eta erakunde autonomiadunentzat ezarriko den kontabilitate-sistemaren kudeaketaren ezaugarriak eta sistema horretatik jasotako informazioa nolakoa izango den zehazten. Baliabideak egoki kudeatzeko beharrezko kontabilitate-informazioa eskuratu ahal izango dute.

12. Atala - Kontabilitatearen kudeaketa, behartutako erakundeak eta erantzuleak

      1.-     Kontabilitatea kudeatzea Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren egitekoa izango da, Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorrari eta bere erakunde autonomiadunei dagokienez. Administrazioko erakunde autonomiadunen kontabilitatea kudeatzea zentralizatu gabe egitea erabaki ahal izango du Jaurlaritzak.

      Administrazioko sail eta erakunde autonomiadunek beren ekonomia-eragiketei buruzko kontabilitate-informazioa Ekonomia Kontrolerako Bulegora bidaliko dute. Kontabilitatearen menpe dauden Autonomi Elkarteko herri-alorreko gainontzeko erakundeek kontabilitatea beren organoen bidez kudeatuko dute.

      2.-     Autonomi Elkarteko herri-alorreko erakundeek indarrean dauden xedapenek zehazten dituzten kontuen berri eman beharko dute Jaurlaritza Kontseiluaren, Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren eta kanpo-kontrolerako organoaren aurrean.

      3.-     Araudi bidez ezarriko denaz bat, honakook izango dira erantzule kontabilitatea dela eta:

a)   Sailburuak.

b)   Ekonomia Kontrolerako Bulegoa.

c)   Erakunde autonomiadunetako lehendakari edo zuzendariak.

d)   Zuzenbide pribatuko erakunde publikoen lehendakari edo zuzendariak.

e)   Herri-baltzuetako administrazio-kontseiluetako administratzaile edo kideak.

f)    Autonomi Elkarteko herri-alorreko gainontzeko erakundeei dagokienez, erakunde horiek arautzen dituen araubideak kasu bakoitzean zehatz ditzan kudeaketa-organoak.

II ATALBURUA

KONTABILITATE-KONTROLA

13. Atala - Kontabilitate-kontrolaren zehaztapena eta menpekoak

      1.-     Kontabilitate-kontrola Autonomi Elkarteko herri-alorraren ekonomia-ihardunaren jarraipena da, egiten diren eragiketa guztiak kontabilitatean behar bezala jasota geratzen direla ziurtatu eta bermatzeko.

      2.-     Euskal Autonomi Elkarteko herri-alorreko erakunde guztiak izango dira kontabilitate -kontrolaren menpeko.

      Erakunde horiek ekonomia-edukiko egintza eta eragiketen berri eman beharko dute lege honetan ezarritakoaz bat.

14. Atala - Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren egitekoak

      1.-     Ekonomia Kontrolerako Bulegoa kontabilitate-kontrola gauzatzeko aginpidea duen organoa da eta honakook egin ahal izango ditu:

a)   Euskadiko Autonomi Elkarteko herri-administrazioa osatzen duten erakundeen kontabilitate-bulegoen iharduera ikustatu eta, eremu honetan bertan, kanpoko kontrol-organoari edo beste organo batzuei erakutsi beharreko kontuak eta gainontzeko agiriak eskuratu eta aztertu, eta, hala dagokionean, beharrezko oharrak jakinaraziko ditu.

b)   Autonomi Elkarteko herri-alorreko erakundeek kontabilitatearekin zerikusia duen zein informazio bidali behar dioten zehaztu. Era berean, informazio hori zenbatean behin bidaliko den eta komunikazio-ihardunbidea zein izango den ere zehaztuko du, herri-alorraren ekonomia eta finantzei buruzko informazioa batera-bildu eta landu ahal izateko.

      2.-     Kontabilitate-kontrolak berezkoa du herri-alorreko erakundeen kontabilitatearen inguruko informazio oro eskuratu ahal izatea, erakunde horiei eragiten dieten ekonomia eta kontabilitateko txostenak lortu ahal izatea, eta kontabilitateko informazio hori guztia zentralizatzea, guztia baterabildu eta batzeko.

III IDAZPURUA

KONTUHARTZE KONTROLA

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

15. Atala - Zehaztapena eta osakera

      1.-     Kontuhartze-kontrola Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorraren eta erakunde-administrazioaren ekonomia-ihardunaren gain ezartzen den barne-kontrola da. Idazpuru honetan azaltzen diren kontrol-moten arabera egiten da kontuhartze-kontrola.

      2.-     Kontuhartze-kontrola osatzen duten kontrol-motak hauek dira:

a)   Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola.

b)   Ekonomia-kontrol fiskala.

c)   Ekonomia-arauen kontrola.

d)   Administrazioarekiko ekonomia-kontrola.

16. Atala - Helburuak eta xedeak

      Kontuhartze-kontrolaren xedeak honako hauek izango dira:

-  Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren ekonomia-iharduna, ezar dakizkiokeen ekonomia, finantza, aurrekontu, ogasun eta kontabilitateari buruzko legezko xedapenetara egokitu dadin bermatzea.

-  Kudeaketaren ekonomia, emankortasuna eta eraginkortasuna bultzatzea ekonomia-eragiketetan eta administrazio-antolakuntzan.

-  Dagokien organoei beharrezko informazioa ematea administrazioaren ekonomia-ihardunari dagokionez, erabaki egokiak hartu ahal izateko.

-  Herri-erakundeen ekonomia-politikak gauzatzen laguntzea.

-  Euskadiko Ogasun orokorraren eskubideen osotasuna ziurtatzeko finantza-legebidea babestea.

II ATALBURUA

FINANTZEN ETA KUDEAKETAREN EKONOMIA-KONTROLA

17. Atala - Irispidea eta xedea

      1.-     Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrolaren helburua honako hau da:

a)   Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorraren eta erakunde-administrazioaren finantza eta ekonomia-kudeaketa, berau osatzen duten erakunde, zerbitzu eta atalen finantzen nahiz ekonomiaren jokabidea arautzen duten xedapen eta jarraipideetara eta kudeaketa mamitzen duten arauzkotasun-, legezkotasun-, eraginkortasun-, emankortasun- eta ekonomia-hatsapenei egokitzen zaiela egiaztatzea.

b)   Kontrolpeko erakundeen kontabilitateak eta finantzen eta ekonomiaren informazioak haien finantza-, ondare- eta aurrekontu-egoeraren islada fidagarria agertzen dutela eta xedapen eta hatsapen ezargarriei egokitzen zaizkiela egiaztatzea.

      Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrolaren txostenek, halaber, kontrolpeko erakundeen kudeaketa hobetzeko beharrezko gomendioak jasoko dituzte.

      2.-     Modu orokorrean edo kasu bakoitzean ezar daitekeen eran, finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola edozein erakunde edo enpresa publiko edo pribaturen eta norbanakoengan egin ahal izango da, Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren kontura edo Europako Elkarteko fondoen kontura jasotako edozein diru-laguntza edo laguntza dela medio. Laguntzon erabilera eta helburu egokia izango da kontrol-gai.

18. Atala - Iharduteko modua

      1.-     Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola ekonomia-iharduera kontu-ikuskaritzaren tekniken bidez jarraitzean datza. Ikuskaritzak horiek kudeaketari buruzkoak izan daitezke, eta baita finantzazkoak, aurrekontuak eta legezkotasuna betetzeari buruzkoak eta ikuskatutako erakundeen, zerbitzuen eta herritarren ihardunbideak berrikusi eta horien barne-kontrola egitekoak ere.

      2.-     Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola kontrolaren menpekoarentzat denboraren eta/edo ekonomiaren aldetik esanguratsua den epealdia amaitu ondoren egingo da, izaeraren arabera. Hala ere, hala erabakitzen denean, finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola etengabe egin ahal izango da, baita administrazio-zerbitzu edo -ataletan ere.

      Aurreko ataleko 2. lerroaldian aipatzen den finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola diru-laguntzak eta laguntzak ematea arautzen duten xedapenek ezartzen duten unean egingo da. Xedapen arautzaileek ezer ezarriko ez balute, Ekonomia Kontrolerako Bulegoak erabakiko du kontrola noiz egin.

      3.-     Aurrikusitako finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola Ekonomia Kontrolerako Bulegoak egin eta Ekonomi eta Ogasun sailburuak onartuko du Urteko Kontu-ikuskatzailetza Planaren bidez eta kontrola ezarri beharreko urtea hasi baino lehenago. Jaurlaritza Kontseiluari plan horren berri emango zaio jakinaren gainean egon dadin. Urteko Kontu-ikuskatzailetza Planak finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrolerako ekimenak jasoko ditu, jatorria kontrol-organoan nahiz kontrolatu daitezkeen erakundeetan izan.

19. Atala - Finantzen kontrol-txostena

      1.-     Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola finantzen kontrol-txostenean gauzatuko da. Finantzen kontrol-txostenak kontrolpeakoaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa osoa edo zati bat, dagokion epekoa, hartu ahal izango du kontuan. Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola 17. ataleko 2. lerroaldiari baldin badagokio txostena azken esaldian ezarritakora mugatuko zaio.

      2.-     Ahaleginak ez bikoiztearren edo gastuak murriztearren, Ekonomia-Kontrolerako Bulegoak, finantzen kontrol-txostena egiteko, gainerako kontrol-organoek edo kanpoko kontu-ikuskatzaileek landutako txostenak erabili eta, hala egokitzen bada, bereganatu ahal izango ditu, iturria aipatuz beti ere.

      3.-     Txostenak kontrolatu diren erakunde edo organoei, sailburuei eta Jaurlaritza Kontseiluari bidaliko zaizkie, araudiz zehazten denaren arabera.

      4.-     Txostena egin aurretik espedientearen berri emango zaio kontrolatutako organoari edo erakundeari. Organo edo erakunde horrek zehaztutako epean egin eta onartzen ez diren arrazoibideak ere txostenean bilduko dira.

20. Atala - Finantzen kontrol-agiriak

      Finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola egiterakoan Euskadiko Herri-Ogasunari kalteak sortu dizkioten edo sor diezazkioketen araugabekeriak antzemango balira, araugabekeria horiek finantzen kontrol-agirietan azalduko lirateke, eta baita aurreko atalean aipatu diren txostenetan ere. Txosten eta agiri horiek organo aginpidedunei emango zaizkie kalte-ordainen erantzukizunak eskatzeko beharrezko ekintzak aurrera eraman ditzaten, hala egokituko balitz; eta, beti ere, Ekonomi eta Ogasun sailburuari, jakinaren gainean egon dadin.

III ATALBURUA

EKONOMIA-KONTROL FISKALA

21. Atala - Ezarpen-eremua eta helburua

      1.-     Ekonomia-kontrol fiskalak administrazio orokorraren eta bere administrazio-erakunde autonomiadunen ekonomia-iharduna ikuskatzen du ihardun horri ezar dakizkiokeen xedapenak betetzen dituela bermatzearren.

      2.-     Lege honen ondorioetarako ekonomia-ihardun dira Euskadiko Ogasun orokorrarentzat eskubideak eta betebeharrak sor ditzaketen eta ekonomiazko garrantzia duten administrazio-egintzak, gertaerak eta eragiketak edo fondo- edo balore-mugimenduak.

      Era berean, finantzen, ekonomiaren, aurrekontuen, ondarearen, kontabilitatearen edo Euskadiko Ogasun orokorrari buruzko gaiei dagokien izaeraren antzekoa izan eta legezkotasun-multzoa osatzen duten lege- edo araudi-mailako arau- eta erregela-multzoa dira ezar dakizkiokeen xedapenak.

22. Atala - Irispidea eta hedadura

      1.-     Ekonomia-kontrol fiskalaren barruan sartuko dira:

a)   Honako hauek aldez aurretik ikuskatzea:

1.   Zuzenean nahiz zeharka ekonomiazko edukia duten erabaki-proposamenak, horiek baimentzea eta onartzea Jaurlaritza Kontseiluaren aginpidea denean edo horien ezagutza dagokionean.

2.   Aurrekontuen aldaketak, ondareari buruzko eragiketak eta Euskadiko Diru-zaintza Nagusia zordunduaz bermeak emateak.

3.   Zehaztu gabeko kopuruko gastuak sortaraz ditzaketen ekonomia-ekintzak edo -eragiketak, segidako hiru urtealdi baino gehiagorako diru-sarrera eta gastu konpromezua dakartenak eta gastu-mota bakoitzeko zenbatekoa araudiz ezarritakoa baino gehiagokoa duten gastu-espedienteak.

Lege honetatik kanpo geratzen dira kontratu txikiak, langileen kontratuak, betetzealdi jarraiko eta aldizkako izaera dutenak, zein egintza edo epetatik datozen edo aldatu diren kontrolatu ondoren, eta bai Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorrean izendapen bidez emandako dirulaguntzak ere.

b)   Lan, hornidura, erosketa eta dagozkion zerbitzuen ikuskapen fisiko hautabidezkoa.

c)   Ordaindu beharraren aitorpenaren oinarri-agiriak egiaztatzea.

d)   Ordainketen aldez aurreko kontrola.

      2.-     Aurreratutako fondo arruntak ez daude ekonomia-kontrol fiskalaren menpe.

      3.-     Atal honen 1. lerroaldian ezarritakoaz gain, Jaurlaritza Kontseiluak urtealdi zehatz baterako aurrekontu-egitarau zehatz batzuen gastu edota diru-sarreren espedienteetako batzuei edo guztiei ezarri ahal izango die ekonomia-kontrol fiskala.

      4.-     Aurreko lerroaldietan ezarritako eremuaren osagarri gisa, dagokion organo kudeatzailearen eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren artean erabaki ahal izango da ekonomia-kontrol fiskal hitzartuak egitea. Ekonomia-kontrol fiskal hitzartua hasiera batean berari lotuak ez dauden baina nolakotasunezko garrantzia edo bestelako aukera-arrazoiak direla eta organo-kudeatzaileak dagozkien egitarauak egoki betetzeko kontrola egin behar dela eritzi dion ekonomia-egintzen, -gertaeren edo -eragiketen gain egiten den ekonomia-kontrol fiskala da.

23. Atala - Iharduteko modua

      1.-     Ikuskapena izan daiteke osoa edo laginketa bidez egindakoa. Laginketarako erabiliko diren bakarrak Ekonomia Kontrolerako Bulegoan epe jakin batean jaso eta administrazio-organo beretik datozen eta antzeko izaera duten ekonomia-egintzak, -gertaerak edo- eragiketak izango dira.

      Ekonomia-kontrol fiskala ekonomiazko edukia duten egintzak, gertaerak edo eragiketak izan aurretik egingo da, eta, ondorio horietarako, administrazio orokorrean eta administrazioko erakunde autonomiadunetan dagozkion organoek espedienteak bidali beharko dituzte Ekonomia Kontrolerako Bulegora, araudiz ezar dadin moduan.

      2.-     Ekonomia Kontrolerako Bulegoak urtero txosten bat egingo du ekonomia-kontrol fiskala jasan ez duten gainerako ekonomia-ihardunek izan duten legezko erabakien betetze-mailari buruzkoa. Ondoren egingo diren kontu-ikuskatzailetzen bidez landuko da txosten hori.

      3.-     Administrazioko kide anitzeko organoak sortzeko edo iharduteko arauek Ekonomia Kontrolerako Bulegoko arduradun batek organo horietan parte hartzea aurrikusi dezakete, organo horietan lege honen 22.1 idazatian aipatzen diren diru-sarrerei eta gastu publikoei zuzenean dagokienean ekonomia mailako konpromezuak sortaraz ditzaketen erabakiak hartu daitezkeenean. Kasu horietan organoaren esku egongo da ekonomia-kontrol fiskala, dagokion une erabakigarrian. Nork parte hartuko duen eta parte hartze horren mugak eta gainerako gorabeherak araudi bidez ezarriko dira.

24. Atala - Ikuskapen-txostenak

      1.-     Ekonomia-kontrol fiskala ikuskapen-txostenen bidez gauzatuko da. Ikuskapen-txostena derrigorrezkoa denean ihardunbideak erabakitzeko erabakigarria izango da.

      Aldeko txostenek ez dute ziorik beharko baina idatzizko jasoarazpena bai. Aurkako txostenek ondorengo kasuetan bakarrik geldiaraziko dute txostenen gai diren ekonomia mailako gertaerak edo eragiketak ekoiztu, onartu eta sortzeari dagokion espedientearen izapidegintza:

a)   Ikuskapen-txostenaren oinarria diru-izendapen edo beste legezko diru-iturri falta denean edo egokiak eritzi ez zaienean.

b)   Egintza, gertaera edo eragiketa sortzeko edo emateko aginpiderik ez duen organo batek proposatzen duenean.

c)   Ordainketa-aginduak egiaztatzeko agirietan araugabekeria larriak antzematen direnean edo hartzailearen eskubidea behar adina egiaztatzen ez denean.

d)   Aurkako txostena lanak, hornidurak, erosketak eta zerbitzuak desegokiak edo izaerarik gabekoak direla ikus-egiaztatzearen ondorio denean.

e)   Administrazio-kudeaketarekin jarraituz gero Euskadiko Diruzaintza Nagusiari edo hirugarren bati ekonomia-kalteak sortaraziko zaizkiola jotzen denean.

      2.-     Dagokion egintza ekoiztu, sortarazteko edo, aginpidea Jaurlaritza Kontseiluari dagokionean, proposatzeko organo aginpidedunak, aurkako txostena ikusi ondoren, antzemandako akatsak konpondu ahal izango ditu edo, ezadostasunak jarraitzen badu, ezadostasuna Jaurlaritza Kontseiluari aurkeztu ahal izango dio behin-betiko erabakia har dezan.

      3.-     Ikuskapen-txostena araudiz ezarritako epean egin beharko da. Epea pasa eta ikuskapen-txostenik egiten ez bada, dagokion organo kudeatzaileak erabaki ahal izango du espedientearekin jarraitu ala ez. Hala ere, ikuskapen-txostena ekonomia-kontrol fiskala jasaten duen egintza sortu baino lehenago jasotzen bada, txostenak atal honetako 1. lerroaldian adierazten diren eraginak sortaraziko ditu.

      Aurreko lerroaldian aipatzen den epea eten ahal izango da Ekonomia Kontrolerako Bulegoaren iritziz agiriak eskuratzea edo osagarrizko informazioa lortzea beharrezkoa denean. Gainera, salbuespen gisa, Ekonomia Kontrolerako Bulegoak txostena egiteko epea eten ahal izango du espedientearen konplexutasunak eta espediente horrek Euskadiko Ogasun orokorraren eskubide eta betebeharrentzat izan dezakeen garrantziak eta hala aholkatzen dutenean.

      4.-     Ikuskapen-txostena eskatu baino lehenago edo lege honetako 22. atalean azaltzen diren ihardunbideetan txostena egiteko epea pasa baino lehenago gasturako konpromezuak hartzeak, aitortutako betebeharraren ordainketa eten egingo du. Ekonomia Kontrolerako Bulegoak bere garaian egin beharreko ikuskapen-txostena egingo du eta aldekoa bada espedientearekin jarraitu ahal izango da. Bestela, Jaurlaritza Kontseiluari jakinaraziko zaio. Dena dela, Jaurlaritza Kontseiluari eman behar zaio txosten-eskabiderik ez izatearen berri.

IV ATALBURUA

EKONOMIA-ARAUEN KONTROLA

25. Atala - Ezarpen-eremua eta helburua

      1.-     Ekonomia-arauen kontrolaren helburua Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioko organo aginpidedunek eman asmo dituzten ekonomiazko edukiko lege-aurregitasmoak eta xedapen-egitasmoak ikuskatzea da.

      2.-     Kontrol horren barruan sartuko da Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren organo eta erakunde guztien sorrerak eta ezabaketak ekonomiaren eta antolakuntzaren aldetik ikuskatzea, eta baita organo eta erakundeen aldaketak eta berregituraketak ere.

      3.-     Diru-laguntzak emateko egitarauen deialdi eta garapenerako arauei ezarriko zaie, dena den, kontrol hori.

26. Atala - Xedea eta edukia

      1.-     Ekonomia-arauen kontrolaren xedea ikuskatu daitezkeen arau- edo xedapen-egitasmoen ekonomia-eragina aztertzea izango da, aurrekontuei dagokienean (diru-sarrerak eta gastu publikoak), eta baita aurrekontuei ez dagokienean ere. Alderdi hauek aztertuko ditu:

a)   Dagokion arauari edo xedapenari aurrekontu-babesa emateko proposatu den diru-izendapen edo diru-iturririk badela eta egokia dela egiaztatzea.

b)   Arauak edo xedapenak aldian-aldian indarrean dagoen Euskadiko Diruzaintza Nagusiaren jaurbidean, hau da, ondarearen, kontabilitatearen, kontratazioaren, berezko zergen, zorren edo bermeak emateko jaurbidean duen eragina; baita Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideei buruzko Legean edo Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorrari buruzko urteroko legeetan biltzen diren herri-gastu eta herri diru-sarreren aurrekontuen eta egiterapenen jaurbidean duen eragina ere.

c)   Kontrolpean dagoen arau edo xedapenak aipatzen dituen ekonomiari eta aurrekontuei buruzko egitarauetako helburuetan eta ekintzetan duen eragina eta egokitzapena, hala badagokio.

d)   Proposatutako arauaren edo xedapenaren finantza-arrazoizkotasuna, modu zenbagarrian.

e)   Euskadiko Ogasun orokorrari dagozkion gaietan eta ekonomia-ihardunean eragina eta garrantzia duten gainerako gaiak.

      2.-     Ekonomia-arauen kontrola aurreko atalaren 2. lerroaldiari lotuta azaltzen denean, zerbitzuen kostuen eta emankortasunaren egoera, bilakaera eta aldaketa adierazi beharko ditu eta eraginkortasunari buruzko iritzi arrazoitua eman beharko du, aurreko lerroaldian aipatu diren eta ezargarriak izan daitezkeen atalak adierazteaz gain.

27. Atala - Iharduteko modua

      1.-     Ekonomia-arauen kontrola dagokion derrigorrezko kontrol-txostena eginez gauzatuko da, dagokion organo aginpidedunak kontrola jasan behar duen araua edo xedapena onartu aurre-aurrean.

      Lege-aurregitasmoak direnean, ekonomia-arauen kontrola Jaurlaritza Kontseiluak lege-aurregitasmoa kontuan hartu aurre-aurrean egingo da.

      2.-     Ekonomia-arauen kontrola jasan behar duten arauei edo xedapenei aurkako txostena egiten bazaie, aurreko ataleko a) puntuaren ondorioz, edo arauak edo xedapenak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari edo bere ondareari ekonomia-kalteak sortaraziko dizkiola jotzen bada, espedientearen izapidegintza bertan behera utziko da akatsa konpondu arte.

      Dagokion arau edo xedapena emateko edo, aginpidea Jaurlaritza Kontseiluari dagokionean, proposatzeko organo aginpidedunak, aurkako txostena ikusi eta gero, antzemandako akatsak konpondu ahal izango ditu edo, ezadostasunak jarraitzen badu, ezadostasuna Jaurlaritza Kontseiluari aurkeztu ahal izango dio behin-betiko erabakia har dezan.

      3.-     Ekonomia eta antolakuntzaren motako txostenen berri emango zaio Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailari edo, aurkakoak direnean, Jaurlaritza-Kontseiluari, Ekonomi eta Ogasun sailburuaren bitartez.

      4.-     Ekonomia-arauen kontrolak dagokion gaien aginpidea duen Ekonomi eta Ogasun Saileko edozein organok, hala egokitzen bada eta indarrean dauden xedapenen ondorioz, izapidetu behar dituen txosten guztiak bereganatuko ditu, hitzez hitz, eta jatorria aipatu beharko da.

V ATALBURUA

ADMINISTRAZIOAREKIKO EKONOMIA-KONTROLA

28. Atala - Ezarpen-eremua eta helburua

      1.-     Administrazioarekiko ekonomia-kontrola administrazioarekiko ekonomiazko errekurtso eta erreklamazioak izaera honetako organoei aurkeztean datza, aurrera eramandako ekonomia-eragiketa zehatz batzuetan Euskadiko Ogasun orokorraren eskubideak eta betebeharrak berraztertzeko.

      2.-     Bidezkoa izango da ondorengo gai hauei buruz administrazioarekiko ekonomia-erreklamazioak aurkeztea, gertaera nahiz zuzenbidezko arazoak izan:

a)   Berari dagozkion zergak, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruz Indarrean dauden Legezko Manuen Bateratutako Idazkia Onartzen duen 1/1988 Legegintza Dekretuaren 35. ataleko zergei ezarritako gainordainak eta Euskal Autonomi Elkarteko zuzenbide publikoari dagozkion gainerako diru-sarrerak kudeatzea, ikuskatzea eta biltzea, aipatutako lege-testuaren 32. ataleko d) puntukoa izan ezik.

b)   Euskadiko Diruzaintza Nagusiaren betebeharrak aitortzea edo kitatzea eta hori zordunduaz egin beharreko ordainketa-eragiketekin zerikusia duten arazoak. Euskadiko erakunde-administrazioko erakundeek egindako gastuak eta ordainketak, a) puntuan aipatutako testuko 18 eta 22. atalen arabera zuzenbide publikoa ezar dakiekeen harremanei darizkienean.

c)   Euskal Autonomi Elkarteko edo bere erakunde autonomiadunen aginpidekoak diren bizi-sari eta hartzeko-eskubide guztiak aitortzea eta ordaintzea.

d)   Legez aitortutako beste edozein.

29. Atala - Iharduteko modua

      1.-     Beren aginpideko gaiei dagokienez, Ekonomi eta Ogasun Saileko sailburuak eta sailburuordeek eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoko zuzendariak izango dute dagozkion erreklamazioak aurkezteko lege-gaitasuna.

      2.-     Administrazioarekiko ekonomia-kontrola dagozkion errekurtsoak eta erreklamazioak izapidetzea eta erabakitzea dagokien administrazioarekiko ekonomia-arazoetako organoei aurkeztuz egingo da eta administrazioarekiko ekonomia-arazoetako indarrean dauden ihardunbidearekin eta Autonomi Elkarteko arauekin bat izapidetu eta erabakiko dira.

Erabaki Gehigarri Bakarra

      Lan Harremanetarako Kontseilua eta Koperatiben Kontseilu Nagusia herri-kontabilitatearen araupean egongo dira, lege honetako 6.2 idazatian azaldutako modu eta neurri beretan, Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorrari eta bere erakunde autonomiadunei dagokienez.

Indargabetzeko Erabaki Bakarra

      Indargabetuak geratzen dira Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruz lindarrean dauden Legezko Manuen Bateratutako Idazkia Onartzen duen maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza Dekretuaren VII. idazpurua, 1990.erako Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 22ko 10/1989 Legearen laugarren gehigarrizko erabakia eta baita lege honi aurka egiten dion beste edozein xedapen ere.

Azken Erabakiak

Lehenengoa

      Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruz Indarrean dauden Legezko Manuen Bateratutako Idazkia Onartzen duen maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza Dekretuaren VI. idazpuruko bigarren atalburua honela idatzita geratzen da:

"II ATALBURUA - Erantzukizunak

53. Atalak - Kalteak eta galerak ordaintzea

1.-     Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioaren zerbitzuan lanean ari diren agintariek, funtzionarioek eta gainerako langileek Euskadiko Ogasun orokorra arautzen duten arauen aurkako egite edo ez-egiteren batengatik Ogasun orokorrari kalteak edo galerak sortarazten badizkiote eta dolua, errua edo axolagabekeria larria izan badira, kalteak edo galerak ordaindu egin beharko dituzte.

2.-     Halaber, Euskal Autonomi Elkarteko dirutzetatik datozen diru-laguntzen edo laguntzen hartzaile diren edo edozein arrazoi dela medio herri-diruak zaindu, kudeatu edo administratzen dituzten pertsona nahiz lege-pertsona partikularrek kalteak ordaindu beharko dituzte, Euskadiko Ogasun orokorra arautzen duten arauen aurkako egintza edo hutsen batengatik eta dolua, errua eta axolagabekeria larria izanik, Euskadiko Ogasun orokorrari kalteak eta galerak sortarazi dizkiotenean.

3.-     Ekonomiaren barne-kontrol lanetan aritzen direnei, diruzainei eta ordainketak agintzeko arduradunei kasu honetan bakarrik eskatuko zaie kalteak ordaindu beharra: doluaren, erruaren eta axolagabekeria larriaren bidez beren iharduera salbuetsi ez dutenean Euskadiko Ogasun orokorrari kalteak eta galerak sortarazten dizkioten egintzen ezegokitasun edo legez kontrakotasunari buruzko espedientean.

4.-     Aurreko lerroaldietan aipatzen diren kalteak eta galerak ordaindu beharra eska daitezkeen gainerako erantzukizunen, hala nola diziplinazkoa edo zuzenbide penalekoa, eta ezar daitezkeen gainerako zigorren kaltetan gabe da.

5.-     Erantzule bat baino gehiago direnean erantzukizuna baterakoa izango da, dolua egon den kasuetan izan ezik, horietan guztiek eta bakoitzak erantzungo baitu.

54. Atala - Jokabide-motak

Euskadiko Ogasun orokorrari kalteak ordaindu beharko zaizkio honako egite edo ez-egiteren bat dela eta:

a)   Euskadiko Ogasun orokorreko diruak administratzerakoan zorrak sortzea edo diru horiek oker erabiltzea.

b)   Euskadiko Ogasun orokorraren ekonomia-eskubideak kudeaketa, kitapena, ikuskapena, bilketa eta Euskadiko Diruzaintza Nagusian sartzea arautzen duten xedapenak bete gabe administratzea.

c)   Diru-izendapenik gabeko edo izendapen eskasegia duten edo aurrekontu-arauei buruz indarrean dauden xedapenak hautsita gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea.

d)   Betebeharrak kitatzerakoan edo agindutako zereginen ondorioz agiriak luzatzerakoan ordainketa ezegokiak sortaraztea.

e)   Arauek eskatzen dituzten kontuak ez ematea edo, bestela, beranduegi edo akats larriekin ematea.

f)    Jasotako diruak zertan erabili diren ez zuritzea, Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legean aipatzen diren behin-behineko igorpenen ondorioz jasotakoak bereziki.

g)   Euskadiko Ogasun orokorraren administrazioa eta kontabilitatea arautzen dituzten xedapenak betetzen ez dituen beste edozein egite edo ez-egite.

55. Atala - Administrazio-espedientea

Dagokion gaiko ekonomiaren kanpo-kontrolean aginpidea duten organoaren edo organoen kaltetan gabe, 54. ataleko b) eta g) bitarteko puntuetan adierazten den erantzukizuna Ekonomia Kontrolerako Bulegoak izapidetutako administrazio-espedientean gauzatuko da. Jaurlaritza Kontseiluak hasi eta erabakiko du administrazio-espedientea, ustezko erantzulea agintaria baldin bada, eta Ekonomi eta Ogasun sailburuak gainerako kasuetan.

Interesdunei entzun egingo zaie eta izapidetutako espedienteari amaiera emango dion erabakia Euskadiko Ogasun orokorrari egindako kalteez eta galerez mintzatuko da. Ondoren, erantzuleei Euskadiko Ogasun orokorrari ordaintzeko betebeharra ezarriko zaie, zehazten den zenbateko eta epean; hori guztia araudiz ezartzen den iharduerarekin bat etorriz".

Bigarrena

      Jaurlaritzari lege hau araudi bidez garatzeko eskua ematen zaio.

      Legea garatzeko xedapenak ematen ez diren bitartean, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioan ekonomia-arauen kontrolaren egiterapena arautzen duen maiatzaren 2ko 119/1990 Dekretua egongo da indarrean, lege honi aurka egiten ez dioten gaietan.

      Lege hau indarrean jarri ondoren, dagoeneko indarrean dauden xedapenetan Kontuhartze Zuzendaritza aipatzen denean Ekonomia-Kontrolerako Bulegoa esan nahi dela ulertu behar da.

Hirugarrena

      Lege hau 1995.eko urtarrilaren batean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra